XII

 

        Vlasovtarren etxetxo grisak gero eta indar handiagoz erakartzen zuen auzokoen arreta. Arreta hartan zuhurtasun mesfidati eta berezko etsaitasun handia zegoen; baina jakin-min sinesbera ere sortzen zen. Batzuetan, bat edo beste hurbiltzen zen hara eta, inguruak zuhurki miatuz, Paveli esaten zion:

        — Aizak, anaia, hik liburuak irakurtzen dituk, legeak ezagutzen dituk. Hara, azal iezadak...

        Eta poliziaren edo fabrikako administrazioaren bidegabekeriaren baten berri ematen zion. Arazoa korapilatsua bazen, Pavelek ohar bat idatzi eta hirian ezagutzen zuen abokatu batengana bidaltzen zuen jendea, baina ahal bazuen, berak argitzen zuen auzia.

        Arian-arian, mutil gazte eta serio horrenganako begirunea sortu zen jendearengan: argi eta beldurrik gabe hitz egiten zuen edozein gain buruz, jende guztiari arretaz entzun eta begiratzen zion, tematsu arakatzen zuen norberaren arazo berezien nahaste-borrastean, eta milaka korapiloz jendea sendo lotzen zuen hari amaigabe eta orokor bat aurkitzen zuen leku guztietan.

        Pavelek berebiziko ospea irabazi zuen «zingirako kopek»aren auziaren ondoren.

        Fabrika atzean, uztai ustel baten antzera ia alderdi guztietatik inguratuz, izei eta urkiz jositako zingira zabala hedatzen zen. Udan, hats bafada lodi horixkak jariatzen zitzaizkion eta eltxo saldoek bertatik auzora hegatu eta sukarrak zabaltzen zituzten. Fabrika zen zingiraren jabea, eta zuzendari berriak, etekina atera nahirik, urgabetu eta bide batez zohikatza ateratzea deliberatu zuen. Zuzendariak neurri horrek ingurua osasuntsu bihurtu eta guztien bizi baldintzak hobetuko zituela azaldu zien langileei, eta haien soldatatik errublo bakoitzeko kopek bat kentzea erabaki zuen zingira urgabetzeko.

        Langileak asaldatzen hasi ziren. Batez ere, iraingarritzat jo zuten enplegatuak zerga berria ordaindu behar zutenen multzoan sartu ez izana.

        Larunbatean, kopekaren bilketari buruz zuzendariak hartutako erabakiaren iragarkia jarri zutenean, Pavel gaixorik zegoen; ez zen lanera joan eta ezertxo ere ez zekien horretaz. Biharamunean, meza ostean, etxera joan zitzaizkion Sizov galdaria, agure itzaltsua, eta Makhotin sarrailaria, gizon garai eta makurra, eta zuzendariak erabakitakoaren berri eman zioten.

        — Zaharrenok bilera egin diagu —zioen Sizovek astiro—. Horretaz mintzatu gaituk, eta begira, hi gizon ikasia haizenez lagunek hiregana bidali gaitiztek aholku eske: bada legerik zuzendariari gure kopekaren kontura eltxoen kontra borrokatzeko ahalmena ematen dionik?

        — Ohar hadi! —esan zuen Makhotinek, begi meharrak dirdirka—. Orain dela lau urte lapur ziztrin horiek dirua bildu zitean bainugelak egiteko. Hiru mila eta zortziehun bildu zitean. Non dira? Bainugelarik ez zegok!

        Pavelek azaldu zien zerga bidegabea zela eta egitasmo horrek mozkin nabarmenak ekarriko zizkiola fabrikari; haiek biak bekozko ilunez joan ziren. Amak kaleraino lagundu, eta irribarrez esan zuen:

        — Hara, Pasha, zaharrak ere hiregana etortzen hasi dituk argitasun bila.

        Erantzun gabe, Pavel, kezkaturik, mahaira eseri eta zerbait idazten hasi zen. Minutu batzuk geroago, amari esan zion:

        — Mesede bat eskatu behar dinat: hoa hirira eta eman ohar hau...

        — Arriskutsua da? —galdetu zuen.

        — Bai. Gure egunkaria han inprimatzen diten. Ezinbestekoa dun kopekaren auzia hurrengo zenbakian agertzea...

        — Tira, tira! —arrapostu zuen amak—. Oraintxe...

        Semeak ematen zion aurreneko mandatua zen. Pozik zegoen egitekoa zertan zen argi eta garbi azaldu ziolako.

        — Hau ulertu egiten diat, Pasha! —ziotson amak janzten zen bitartean—. Lapurreta hutsa duk! Nola du izena gizon horrek? Egor Ivanovitx?

        Arratseko beranduan itzuli zen, nekaturik baina pozik.

        — Sashenka ikusi diat! —esan zion semeari—. Goraintziak haren partetik. Eta Egor Ivanovitx hori, zein xumea eta bromazalea den! Hizketa-modu barregarria zerabilek.

        — Pozten nain haiek gustatu izanak! —esan zuen Pavelek ahapeka.

        — Jende xumea duk, Pasha! Bai ondo jendea xumea denean! Eta hireganako begirune handia erakusten ditek denek...

        Astelehenean ere Pavel ez zen fabrikara joan, buruko mina zuen eta. Baina bazkalorduan Fedia Mazin etorri zen korrika bizian, asaldaturik, zoriontsu, eta, nekearen eraginez ito beharrean, jakinarazi zion:

        — Goazen! Fabrika osoa altxatu duk! Hire bila bidali naitek. Sizovek eta Makhotinek ziotek hik beste inork baino hobeto emango dituala azalpenak. Hangoa bai kalapita ederra!

        Pavel isilean janzten hasi zen.

        — Emakumeak etorri dituk korrika, deiadarka!

        — Ni ere banoa! —adierazi zuen amak—. Zertan ari dira han? Joango nauk!

        — Hoa! —esan zion Pavelek.

        Bizkor eta isilik zihoazen kaletik. Ama arnasestuka zebilen narritaduraren eraginez, eta garrantzizko zerbait gertatzear zela sumatzen zuen. Fabrikako sarreran emakume mordoa zegoen, aho betean irainka. Hirurek patiora sartzea lortu zutenean, tupustean, kitzikaturik orroka ari zen jendetza trinko eta beltz baten erdian aurkitu ziren. Amak ikusi zuen buru guztiak errementaldegiko horma aldera zuzenduta zeudela. Han, burdin zahar meta baten gainean, adreilu gorrizko hondoaren aurrean zutik, besoei eraginez, Sizov, Makhotin, Vialov eta beste bost langile zeuden, denak helduak eta itzal handikoak.

        — Hor dator Vlasov! —oihu egin zuen norbaitek.

        — Vlasov? Ekar ezazue hona...

        — Isildu! —oihukatu zuten zenbait lekutan batera.

        Eta hor nonbait, oso hurbil, Ribinen ahots beti-berdina durundatu zen:

        — Ez dugu kopekaren alde jo behar, justiziaren alde baizik. Bai horixe! Baliotsua ez da kopek hori; ez da gainerakoak baino biribilagoa, baina bai astunagoa; kopek horretan zuzendariaren errublo bakar batean baino odoi gehiago dago bilduta! Bai horixe! Baliotsuena ez da kopeka, odola eta justizia baizik. Bai horixe!

        Haren hitzek jendetzaren erdian erori eta deiadar gartsuak pizten zituzten:

        — Oso ondo, Ribin!

        — Zuzen hago, sugina!

        — Vlasov etorri da!

        Zirimola harrabostsuan bateratzen ziren ahotsak, makinen zalaparta astuna, lurrunaren zinkurin zoliak eta burdin harien zurrumurrua estalirik. Jendea lasterka hurbiltzen zen alderdi guztietatik, besoei eraginez, hitz gartsu eta zorrotzez elkar sutuz. Amorrua, bular nekatuetan beti erdi lo gordea, iratzarria zen eta, haserre bizi bilakaturik, aterabidea eskatu eta garaile hegaldatzen zen airera hego ilunak gero eta gehiago zabalduz, jendea gero eta indar handiagoz bilduz, bere atzetik arrastaka eramanez, elkarren kontra joaraziz. Kedar eta hauts hodeiak harrotzen ziren jendearen gainean, aurpegiak izerdi patsetan zeuden, sutan, masailetako azalak malko beltzak isurtzen zituen. Aurpegi ilunetan ñirñir ari ziren begiak, dirdirka hortzak.

        Sizov eta Makhotin zeuden tokian Pavel agertu zen, eta haren oihua entzun zen:

        — Lagunkideok!

        Semearen aurpegia zurbil zegoela eta hortzak dardarka zituela ikusi zuen amak; nahigabe egin zuen aurrera, jendartean pasabidea urratuz. Haserre esaten zioten:

        — Nora hoa hi?

        Bultzatu egiten zuten. Baina horrek ez zuen geldiarazi; besaburu eta ukondoez jendea apartatuz, arian-arian bidea ebakiz, gero eta gehiago hurbiltzen zen semearengana, haren aldamenean egoteko gogoak adoretuta.

        Pavelek, eduki sakon eta garrantzitsuz jantzi ohi zuen hitz hori bularretik jaulki zuelarik, borrokaren pozaren zimikoak eztarria estutzen ziola sentitu zuen; bere bihotz egiari buruzko ametsen suak kiskalia jendeari jaurtikitzeko desirak hartua zion barnea.

        — Lagunkideok! —errepikatu zuen, hitz horretatik garra eta indarra atereaz—. Geuk eraikitzen ditugu elizak eta fabrikak, geuk forjatzen ditugu kateak eta dirua, geu gara sehaskatik hilkutxara arte gizaki guztiak elikatu eta alaitzen dituen indar bizia.

        — Bai horixe! —jaregin zuen Ribinek.

        — Gu lehenak gara lanerako, beti eta leku guztietan, baina azken tokian gaude bizitzan. Nor arduratzen da gutaz? Nork nahi du ongia guretzat? Nork hartzen gaitu gizakitzat? Inork ere ez.

        — Inork ere ez! —arrapostu zuen ahots batek, oihartzuna bailitzan.

        Pavel, bere burua menperaturik, era ulergarriagoan eta astiroago hitz egiten hasi zen. Jendetza mugitu eta poliki-poliki hurbiltzen zitzaion, mila burudun gorputz ilun bakarra osaturik. Ehunka begi arretatsuz aurpegira so egin eta haren hitzak hurrupatzen zituen.

        — Ez dugu gure patua hobetzerik izango harik eta lagunkideak gure eskubideen alde borrokatzeko gogoak elkarturiko adiskide-familia gisa sentitzen ez ditugun arte.

        — Hator harira! —garrasi egin zuten, zakarki, amaren alboan.

        — Enbarazurik ez egin! —ahapeka esan zuten leku ezberdinetan sortutako ahots bik.

        Beltzuri zeuden aurpegi kedarreztatuak, mesfidati eta gogoilun; hamaika begi Pavelen aurpegian jarrita zeuden, begiratu serio eta pentsakorrez.

        — Sozialista da, baina ez leloa! —ohartarazi zuen norbaitek.

        — Arraioa! Beldurrik gabe hitz egiten du —esan zuen langile garai begibakar batek amari sorbaldan bultza eginez.

        — Lagunkideok, bada garaia ulertzeko guk izan ezik inork ez digula lagunduko. Norbera guztien alde, guztiak norberaren alde. Horra hor gure legea, etsaia garaitu nahi badugu.

        — Zer egin behar dugun esaten ari da, mutilok! —egin zuen oihu Makhotinek.

        Eta, besoak zabaldurik, airean astindu zituen ukabilak.

        — Zuzendariari deitu behar diogu! —jarraitu zuen Pavelek. Erauntsi batek jendetza inarrosi balu bezala izan zen. Gizaldea zabuka hasi zen, eta dozenaka ahotsek batera oihukatu zuten:

        — Hona zuzendaria!

        — Bidali ordezkariak haren bila!

        Amak aurrera jo eta behetik gora begiratu zion semeari, harrotasunez beterik: hor zegoen Pavel, langile zahar eta itzaltsuen erdian, denek entzuten zioten eta ados zeuden berarekin. Besteak ez bezala, ez zen haserretzen, ez zuen hitz zantarrik esaten, eta atsegin zitzaion hori amari.

        Burdinaren aurka jotzen duen txingor erauntsia bezala, deiadar, birao eta hitz lodiek boladaka urratzen zuten airea. Pavelek handik goitik begiratzen zion jendeari, begiak zabal-zabalik, haien artean zerbait bilatuko balu bezala.

        — Ordezkariak!

        — Sizov!

        — Vlasov!

        — Ribin! Hortz beldurgarriak ditu!

        Bat-batean, ahapekako deiadarrak entzun ziren jendartean.

        — Bere kabuz dator!

        — Zuzendaria!

        Jendetza zabaldu zen, kokospeko zorrotz eta aurpegi luzeko gizon garai bati bide eginez.

        — Mesedez! —esaten zuen, eskuen keinu laburrez baina inor ukitu gabe langileak igarobidetik baztertuz. Begiak nareturik zituen eta jauntxo saiatuaren begiratuaz zorrozki arakatzen zituen langileen aurpegiak. Parera iristean txanoak erantzi eta kilimusiak egiten zizkioten; bera aurrera zihoan, agurrei erantzun gabe, eta jendartean isiltasuna, nahasmendua, irribarre herabetiak eta oihu apalak sortarazten zituen, zeinetan bihurrikeria egin izana onartzen duten umeen damua sumatzen baitzen jadanik.

        Amaren albotik igaro zen eta, begi zorrotzak haren aurpegitik lerratu ondoren, burdin metaren aurrean gelditu zen. Goian zirenetako batek eskua eskaini zion, baina ez zuen hartu; aise, gorputzari indartsu eraginez, goraino igo zen, Pavel eta Sizoven aurrean paratu eta galdetu zuen:

        — Zer da jende parrasta hau? Zergatik utzi diozue lan egiteari?

        Pixka batean isilik egon ziren denak. Jendearen buruak batera eta bestera zabuka ari ziren galburuen antzera. Sizovek, kapela airean astindu ondoren, sorbaldei gora eragin eta burua beheratu zuen.

        — Galdera egin dizuet! —garrasi egin zuen zuzendariak.

        Pavel haren aldamenean zegoen eta ozenki esan zuen, Sizov eta Ribin seinalatuz:

        — Gu hirurok lagunkideen ordezkariak gara, kopeka kentzeari buruzko erabakia indarrik gabe utz dezazun exijitzeko...

        — Zergatik? —galdetu zuen zuzendariak, Paveli begiratu gabe.

        — Gure iritziz ez da bidezkoa guri zerga hori ezartzea! —esan zuen Pavelek ozenki.

        — Beraz, zuk zingira urgabetzeko dudan asmoan langileak hurrupatzeko gogoa soilik ikusten duzu, eta ez haien bizimodua hobetzeko ardura. Hori da?

        — Bai! —erantzun zuen Pavelek.

        — Eta zuk ere bai? —galdetu zion zuzendariak Ribini.

        — Bat gatoz denok! —erantzun zuen Ribinek.

        — Eta zuk, agure itzaltsua? —zuzendaria Sizovengana jiratu zen.

        — Bai, nik ere horixe eskatzen dizut: utzi kopek xehe hori guretzat!

        Eta, burua berriro beheraturik, Sizovek errudun eitean egin zuen irribarre.

        Zuzendariak begiak jendetzatik astiro eraman eta sorbaldak goratu zituen. Gero, Paveli begiratu zorrotza egotzi, eta ohartarazi zion:

        — Zuk nahiko buruargia ematen duzu, nolatan ez duzu ulertzen neurri horrek ekarriko duen onura?

        Pavelek goraki erantzun zion:

        — Fabrikak zingira bere kontura urgabetzen badu, denek ulertuko dute hori!

        — Fabrika ez da zeregin filantropikoetan aritzen —esan zuen zuzendariak lehor—. Berehalakoan lanari ekiteko agintzen dizuet zuei guztiei.

        Eta behera jaisten hasi zen, oinekin burdina tentuz haztatzen zuela eta inori begiratu gabe.

        Atsekabezko marmar hotsa hedatu zen jendartean.

        — Zer? —galdetu zuen zuzendariak, gelditurik.

        Isildu ziren denak, ahots bakarra entzun zen han nonbait, urrunean:

        — Lan egizu zuk...

        — Hamabost minutu barru ez bazarete lanean hasi, guztiei isuna jartzeko agindua emango dut —esan zuen zuzendariak, lehor eta ondo aditzeko moduan.

        Eta han abiatu zen berriro jendetzaren erditik. Baina oraingoan harrabots sorra sortzen zen haren atzean, eta zenbat eta gehiago urrundu haren irudia orduan eta gorago altxatzen ziren oihuak.

        — Hitz egin berarekin!

        — Horra hor gure eskubideak! Hau patu makurra...

        Pavelengana jiraturik, oihu egiten zuten:

        — Aizu, legezalea, zer egingo dugu orain?

        — Hitz eta hitz egin duzu, baina hura agertu eta dena pikutara!

        — Ea ba, Vlasov, nola jokatu?

        Oihuak setatsuagoak bilakatu zirenean, Pavelek adierazi zuen:

        — Lagunkideok, nik lana bertan behera uztea proposatzen dizuet, kopekaren auzian zuzendariak amore eman arte.

        Narritaduraz isurtzen ziren hitzak.

        — Lelotzat jo gaituzu?

        — Greba?

        — Kopek batengatik?

        — Eta zer? Egin dezagun, bada, greba!

        — Kalera botako gaituzte horregatik.

        — Eta nork egingo du lan?

        — Aurkituko dute norbait!

        — Traidoreak?

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia