XI

 

        Biharamunean, Bukin, Samoilov, Somov eta beste bost lagun ere atxilotu zituztela jakin zen. Arratsean, Fedia Mazin iritsi zen korrika: berari ere etxea miatu zioten eta, gogobeterik horregatik, heroitzat zeukan bere burua.

        — Beldur izan haiz, Fedia? —galdetu zion amak.

        Zurbildu egin zen, begitartea zorroztu eta sudurzuloak dardarka hasi zitzaizkion.

        — Beldur nintzen ofizialak joko ote ninduen! Bizar-beltza eta lodia zen, hatz bilotsuak zituen, eta betaurreko beltzak sudur gainean, begigabea ematen zuen. Orro egiten zuen, ostikoka zapaltzen zuen zorua. «Kartzelara eramango zaitut» zioen. Eta ni ez aitak ez amak ez naute sekula ere jo, seme bakarra naiz eta maite ninduten.

        Begiak itxi zituen une batez, ezpainak hertsatu, keinu azkar bat eginez bi eskuez ilea harrotu eta, begi gorrixkatuak Pavelengan jarrita, esan zuen:

        — Inoiz inork jotzen banau, gizakume horretan iltzatuko naiz ni neu aiztoa banintz bezala, hortzez marraskatuko dut. Hobe luke jo ta bertan seko uztea.

        — Mehea haiz, argala! —egin zuen oihu amak—. Nolatan egingo duk borrokan?

        — Egin egingo dut! —erantzun zuen Fediak ahapeka.

        Alde egin zuenean, amak Paveli esan zion:

        — Beste inor baino lehenago suntsituko ditek hau!

        Pavelek ez zuen ezer esan.

        Handik minutu batzuetara sukaldeko atea astiro ireki eta Ribin sartu zen.

        — Gabon! —jaulki zuen irribarretsu—. Hara, hemen nauzue berriro. Atzo ekarri egin ninduten, baina gaur nire kabuz etorri naiz! —Indarrez estutu zion eskua Paveli, amari sorbaldatik heldu eta galdetu zion:

        — Tea emango didan?

        Pavelek, isilik, arretaz aztertzen zuen haren aurpegia, beltzarana, zabala, bizar beltz ile-sarrikoa eta begi ilunekikoa. Zerbait adierazgarriak distiratzen zuen haren begiratu lasaian.

        Ama sukaldera joan zen samovarra prestatzera. Eseri zen Ribin, bizarra laztandu eta, ukondoak mahai gainean bermaturik, begiratu iluna bota zion Paveli.

        — Halaxe duk! —esan zuen, etendako solasaldi baten haria berriro hartuz bezala—. Argi eta garbi hitz egin behar diat hirekin. Denbora luzea duk hi aztertzen nabilela. Elkarren alboan bizi gaituk. Hire etxera jende asko etortzen duk, baina behin ere ez diat ez mozkorrik ez iskanbilarik ikusi. Hori duk lehenbiziko gauza. Jendeak ez badu iskanbilarik sortzen nabarmen geratzen duk berehala: zer gertatzen da? Hori duk kontua. Nik ere jendearen begiratuak erakartzen ditiat bakarrik bizi naizelako.

        Haren solasa astun baina eroso isurtzen zen. Bizarra laztantzen zuen esku beltzaranaz eta finko begiratzen zion Paveli aurpegira.

        — Hitaz hitz egiten ditek. Nire etxeko nagusiek heretikoa haizela esaten ditek, elizara joaten ez haizelako. Ni ere, ez nauk joaten. Gero, orri haiek agertu zituan. Hik asmatu dituk?

        — Bai! —erantzun zuen Pavelek.

        — Hara bestea! —egin zuen oihu amak, urduri, sukaldetik begira—. Hik bakarrik ez!

        Pavelek erdi irribarre egin zuen. Baita Ribinek ere.

        — Horrela da! —esan zuen.

        Amak zarataz bota zuen airea sudurretik eta han joan zen, apur bat minduta berak esandakoa ez zutelako aintzat hartu.

        — Bete-betean asmatu duzue orri horiekin! Jendea zirikatzen ditek. Hemeretzi izan dira?

        — Bai! —erantzun zuen Pavelek.

        — Beraz, denak irakurri ditiat! Bai horixe. Badituk hor zenbait gauza ulertezin, beste batzuk soberan zeudek, baina norbaitek asko hitz egiten duenean, hitz mordoa esaten duenean, alferrikako gauzak ere esaten ditik.

        Ribinek irribarre egin zuen, haren hortzak zuriak eta sendoak ziren.

        — Gero, miaketa. Hori izan duk zuen alde jartzera gehien bultzatu nauena. Hi, jojola, Nikolai... denok agertu zarete hain...

        Isilunea egin zuen, hitz egokia aurkitu gabe, leihora begiratu eta hatzez tarrapatakoa jo zuen mahaian.

        — Zuen adorea erakutsi duzue. Zera esaten hiola ematen zian: «Jaun ohoragarria, zuk zeure lana egin, eta guk geurea egingo dugu». Jojola ere gizaseme ona duk. Batzuetan, fabrikan nola hitz egiten duen entzun eta zera pentsatzen diat: «Hau ez ditek makurraraziko, boni heriotza soilik nagusituko zaiok». Gizon zaildua duk! Hik, Pavel, sinesten didak?

        — Bai, sinesten dizut! —esan zuen Pavelek, buruaz baiezka.

        — Ondo. Begira, berrogei urte ditiat, hire adinaren halako bi, hik hogei halako ikusiak ditiat. Hiru eta piku urtez ibili nauk soldadu, birritan ezkondu nauk, emazte bat hil zuan eta bestea utzi egin nian. Kaukason izan nauk, dukhoborstvo sektakoak ezagutzen ditiat. Horiek, anaia, ez zaizkiok bizitzari nagusitu, ez horixe!

        Amak antsiaz entzuten zuen haren solasaldi trinkoa; atsegin zitzaion ikustea gizon heldu bat semearengana etorri eta berarekin hitz egiten zuela, aitortza eginez bezala. Baina iruditu zitzaion Pavelek zakarregi jokatzen zuela bisitariarekin, eta, portaera hori biguntzeko, Ribini galdetu zion:

        — Ez duk ezer jan nahi, Mikhail Ivanovitx?

        — Eskerrik asko, ama! Afalduta etorri naun. Beraz, Pavel, bizitza bide okerretik doala uste duk?

        Pavel zutitu eta gelatik ibiltzen hasi zen, eskuak bizkar atzean gorderik.

        — Bizitza bide zuzenetik doa! —esan zuen—. Izan ere, berak ekarri zaitu niregana arima zabalik. Gu, bizialdi osoa lanean ematen dugunok, berak elkartzen gaitu apurka-apurka; egunen batean, denok batuko gaitu. Bizitzaren antolamendua bidegabea eta latza da guretzat, baina bizitzak berak zabaltzen dizkigu begiak beraren muin mingotsa ikus dezagun, berak erakusten dio gizakiari beraren abiada nola azkartu.

        — Zuzen hago! —eten zuen Ribinek—. Gizakia berriztatu beharra zegok. Zarakarra harrapatu badu, bainuontzian sar ezak, garbitu, arropa garbiak jantzi, eta sendatu egingo duk! Halaxe duk! Baina nola garbitu gizakia barrutik? Hortxe zegok gakoa!

        Pavel sutsuki eta lazki hitz egiten hasi zen ugazabei buruz, fabrikari buruz, atzerriko langileek beren eskubideak defendatzeko erabiltzen zituzten bideei buruz. Ribinek, aldika, atzamarrez jotzen zuen mahaia, puntuak jarriko balitu bezala. Behin baino gehiagotan, oihu egiten zuen:

        — Halaxe duk!

        Eta behin, barrez, ahapeka esan zuen:

        — Ai, gaztea haiz! Ez duk jendea ondo ezagutzen!

        Orduan, Pavelek, haren aurrean gelditurik, serio ohartarazi zion:

        — Ez dezagun gazte eta zaharrei buruz hitz egin! Hobe, azter dezagun noren ideiak diren zuzenagoak.

        — Beraz, hire iritziz, jainkoarekin ere iruzur egin digute? Halaxe duk. Nik ere gure erlijioa faltsua dela uste diat.

        Une hartan, tartean sartu zen ama. Semeak jainkoa edo berak jainkoarenganako fedearekin lotzen zuen guztia, maitagarritzat eta sakratutzat zeukan guztia hizpidera ekartzen zuen bakoitzean, haren begiak bilatzen zituen; hitzik esan gabe eskatu nahi zion bihotza ez zauritzeko sinesmenik gabeko hitz zorrotz eta gordinez. Hala ere, fedea sumatzen zuen haren sinesgabetasunaren azpian, eta horrek lasaitasuna ematen zion.

        «Nolatan ulertuko dut nik semearen pentsaera?» —zioen bere artean.

        Iruditzen zitzaion ezen, Ribinek ere, gizon heldua baitzen, atsekabez eta mindurik entzungo zituela Pavelen hitzak. Baina Ribinek lasai asko Paveli gai hori hizpidean jarri zionean, ezin izan zen isilik geratu, eta laburki baina setaz mintzatu zen:

        — Jainkoari dagokionez, kontu handiagoz jardun beharko zenukete! Zuek, nahi duzuena pentsa ezazue! —Arnasa hartu eta are indar handiagoz jarraitu zuen—: Baina ni emakume zaharra naiz, eta jainko jauna kentzen badidazue, ez dut nire goibelaldietan aterperik izango.

        Malkoz bete zitzaizkion begiak. Ontziak garbitzen ari zen, eta dardarka zituen atzamarrak.

        — Ez gaituzu ulertu, amatxo! —esan zuen Pavelek ahapeka eta amultsuki.

        — Barka gaitzan, ama! —gaineratu zuen Ribinek astiro eta ahots mardulez eta, irribarrez, Paveli so egin zion—. Ahaztua ninan dagoeneko zaharregia haizela hiri garitxak kentzen hasteko.

        — Ni ez nintzen ari —jarraitu zuen Pavelek— zuk sinesten duzun jainko on eta bihotz-bigun horretaz, baizik eta makila bat bailitzan popeek zuri mehatxu egiteko erabiltzen duten beste horretaz, zeinen izenean jende guztia banaka batzuen gurari gaiztoetara makurrarazi nahi duten; jainko horretaz ari naiz.

        — Bai, halaxe dun! —oihu egin zuen Ribinek, atzamarrez mahaia jo ondoren—. Jainkoa bera ere ordeztu egin ziguten, gure kontra zuzentzen diten eskueran duten guztia! Ama, gogoan izan jainkoak bere irudira sortu zuela gizakia; halatan, gizakiak haren antza badu, berak gizakiaren antza din! Eta guk jainkoaren antzik ez dinagu, basapiztiena baizik. Elizetan txorimalo bat erakusten ziguten... Jainkoa aldatu beharra zegon, ama, goitik behera garbitu! Gezurrez eta irainez jantzi diten, aurpegia itxuragabetu zioten, gure arimak hiltzeko!

        Ahots apalez mintzatzen zen, baina haren solasaldiko hitz bakoitzak amaren burua jotzen zuen zartako astun eta gogorrez. Haren aurpegi handi, ilun, bizar beltzak inguratuak beldurra ematen zion. Begien dirdira iluna jasanezina zen, izu ikaragarria sortzen zion bihotzean.

        — Ez, nahiago diat alde egin! —esan zuen, buruari ezezka eraginez—. Ez zeukaat hori entzuteko indarrik.

        Eta sukaldera alde egin zuen arrapaladan, Ribinen hitzak jarraitzen zitzaizkiola:

        — Ikusi duk, Pavel! Oinarria bihotzean zegok, ez buruan. Gizakiaren arimaren barrean baduk halako leku bat bertan ezer berririk hazterik ez dagoena...

        — Arrazoiak soilik askatuko du gizakia! —esan zuen Pavelek irmoki.

        — Arrazoiak ez dik indarrik ematen! —ihardetsi zuen Ribinek, goraki eta bereari eutsiz—. Bihotzak ematen dik indarra, ez buruak! Bai horixe.

        Ama soinekoa erantzi eta ohera sartu zen, otoitz egin gabe. Hotzak zegoen, atsekabeturik. Eta Ribinek, hasieran hain serio eta buruargi iritzi bazion ere, etsaitasun sentimendua sortzen zion orain.

        «Heretikoa! Bazter-nahaslea!» —pentsatzen zuen, haren ahotsa entzunez—. Ai, zertarako etorri behar zuen!

        Gizonak segurtasunez eta patxadaz hitz egiten zuen:

        — Toki sakratu batek ez dik hutsik egon behar. Jainkoa bizi den tokia, toki mingarria duk. Jainkoa arimatik desagertzen bada, zauria agertzen duk hor, bai horixe! Pavel, fede berria asmatu beharra zegok... gizakiaren adiskidea izango den jainkoa sortu!

        — Horixe izan zen Kristo! —jaregin zuen Pavelek.

        — Kristo ez zuan bihotzez kementsua. «Urrun ezazu niregandik edari samin hau» esan zuen. Zesar onartu zian. Jainkoak ezin dik jendearen gainetik giza botererik onartu, bera duk botere osoa! Ezin dik bere arima zatitu: hau gizakiaren zatia duk, eta hau jainkoarena. Baina merkataritza onartu zian, ezkontzea onartu zian. Eta bidegabeki madarikatu zian pikondoa, zeren, berak nahita al zen agorra? Arimak ere, ez badu fruitu onik ematen, ez dik berariaz egiten. Nik erein al dut gaitza ariman? Hori duk!

        Gelan etenik gabe entzuten ziren bien ahotsak, jolas kitzikagarrian elkarrekin lotuz eta borrokatuz. Pavel hara eta hona zebilen, eta zoruak kurrixka egiten zuen oin azpian. Hitz egiten zuenean, haren ahotsak gainerako hots guztiak estaltzen zituen; Ribinen ahots lodia lasai eta astiro isurtzen zenean, aldiz, argi entzuten ziren erlojuaren zintzilikariaren tiki-taka eta atzazal zorrotzez etxeko hormetan atzaparka ari zen izotzaren karraska isila.

        — Nire ikuspuntutik hitz egingo diat, sugin baten ikuspuntutik alegia: jainkoa suaren antzekoa duk. Bai horixe. Bihotzean bizi duk. Diotenez, jainkoa hitza duk, eta hitza arima...

        — Arrazoimena! —esan zuen Pavelek temati.

        — Halaxe duk! Beraz, jainkoa bihotzean eta arrazoimenean bizi duk, eta ez elizan! Eliza jainkoaren hilobia duk.

        Ama lo zegoen eta ez zuen entzun noiz joan zen Ribin.

        Baina sarritan etortzen hasi zen, eta, Pavelen etxean lagunen bat izanez gero, bazter batean eseri eta isilik egoten zen; noizean behin soilik esaten zuen:

        — Bai horixe. Halaxe duk!

        Baina behin, bazterretik guztiei begiratu ilunez so eginez, gogoilun esan zuen:

        — Orainari buruz hitz egin behar da, etorkizunaz ezertxo ere ez dakigu eta! Bai horixe! Herria askatzen denean, berak ikusiko du zer den onena. Gauza gehiegi sartu diote buruan, berak ezertarako nahi ez dituen gauzak; nahikoa da! Bere kabuz pentsa dezala. Beharbada, dena arbuiatzeko gogoa izango du, bizitza osoa eta zientzia guztiak; beharbada, dena beraren aurka zuzenduta dagoela konturatuko da, elizako jainkoa, esaterako. Zuek liburu guztiak jarri herriaren eskuetan, besterik ez, eta berak erantzun dezala. Bai horixe!

        Baina Pavel bakarrik egonez gero, berehalakoan murgiltzen ziren eztabaida amaigabe baina beti lasaietan, eta amak urduri entzuten zuen haien elkarrizketa, arretaz aztertzen zituen, eta esaten zutena ulertzen saiatzen zen. Batzuetan, bai mujik sorbalda-zabal, bizar-beltza, bai bere seme lerden eta sendoa itsuturik zeudela iruditzen zitzaion. Mutur batetik bestera ari ziren irteeraren bila, guztiari heltzen zioten beren esku indartsu baina itsuez, dena iraultzen zuten, leku batetik bestera alde egiten zuten, gauzak lurrera erortzen utzi eta gero oin azpian zapaltzen zituzten. Guztiaren kontra jotzen zuten, gauza guztiak banan-banan haztatu eta urrunera botatzen zituzten, sinesmena eta itxaropena galdu gabe...

        Gordetzen zuten zuzentasun eta ausardiagatik ikaragarriak ziren hitzak entzutera ohitu zuten. Baina ordurako hitz haiek ez zuten aurreneko aldiko indarraz jotzen, harrezkero alde batera baztertzen ikasia zuen. Eta, batzuetan, jainkoa ukatzen zuten hitzen atzean harenganako fede sendoa antzematen zuen. Orduan, irribarre egiten zuen dena barkatzen zuen irriño leunez. Eta, gogoko ez bazuen ere, ordurako ez zuen Ribin etsaitzat jotzen.

        Astean behin, aldagarriak eta liburuak eramaten zizkion jojolari kartzelara. Halako batean, berarekin egoteko baimena eman zioten, eta, etxera itzulitakoan, samurtasunez kontatu zuen:

        — Etxean zenaren berdina duk hor barruan ere. Guztiekin xeratsua, berarekin txantxetan aritzen dituk denak. Zaila duk berarentzat, gogorra, baina ez dik hori erakutsi nahi...

        — Horrela izan behar! —ohartarazi zion Ribinek—. Nahigabea gure larruazala dun, haren barruan bilduta gauden denok. Nahigabea arnasten dinagu, nahigabez jantzita gauden. Baina ez dinagu horretaz harro agertu behar. Denek ez ditizten begiak estalita, batzuek nahita ixten ditizten. Bai horixe! Eta lerdoa dena, izorra dadila!

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia