IX

 

        Auzoan sozialistei buruz hitz egiten zuten, zeinek tinta urdinez idatzitako orriak zabaltzen baitzituzten. Orri haietan fabrikako arauak gaitzesten zituzten, Petersburgoko eta Errusiako hegoaldeko langileen greben berri ematen zuten, langileek batasunera eta beren interesen alde borroka egitera deitzen zuten.

        Fabrikan soldata ona kobratzen zuten adineko langileak biraoka aritzen ziren:

        — Petralak! Muturra berotu behar zaie horrelako gauzak egiteagatik!

        Eta bulegora eramaten zituzten orriak. Gazteek grinaz irakurtzen zituzten agiriak:

        — Egia da!

        Gehienek baina, lanak zakarturik eta guztiarekiko ezaxolati, nagiki esaten zuten:

        — Ez da ezer gertatuko, litekeena al da gero?

        Baina orriek jendea kilikatzen zuten, eta astebetean agertzen ez baziren, elkarri esaten zioten:

        — Dirudienez, argitaratzeari utzi diote.

        Baina astelehenean berriro azaltzen ziren orriak, eta langileak ahopean marmarka hasten ziren berriro.

        Inork ezagutzen ez zituen pertsona berriak ikusten ziren tabernan eta fabrikan. Galdetu, arakatu, usnatu egiten zuten, eta agerian geratzen ziren berehala guztien begien aurrean, batzuk beren zuhurtasun susmagarriagatik, besteak gehiegizko mutirikeriagatik.

        Amak bazekien zalaparta hura semearen lanaren emaitza zela. Jendea haren inguruan biltzen zela ikusten zuen. Eta Pavelen patuak sortzen zion beldurra harenganako harrotasunarekin nahasten zitzaion.

        Arratsalde batean Maria Korsunovak leihoa jo zuen kaletik, eta, amak ireki zuenean, xuxurla ozenez esan zion:

        — Kontuz ibili, Pelageia, akabo ditun hire kuttunen bihurrikeriak. Gaur gauean zuen etxea, Mazinena eta Vesovstxikovena miatuko ditizten.

        Mariaren ezpain lodiek presaka jotzen zuten elkarren aurka, sudur mamitsuari bafadak zerizkion, begiak etengabe kliskatu eta zeiharka so egiten zuen aldetik aldera, ea inor agertzen zen kalean.

        — Baina nik ez haut ezagutzen, nik ez dinat ezertxo ere esan eta gaur ikusi ere ez haut egin, entzun dun?

        Desagertu egin zen.

        Amak leihoa itxi eta gorputza aulkian erortzen utzi zuen astiro. Baina semea mehatxatzen zuen arriskuaren kontzientziak hanka gainean jarrarazi zuen berehalakoan, agudo jantzi, zergatik jakin gabe burua txalean ondo bildu, eta korrika abiatu zen Fedia Mazinen etxera. Gaixorik zegoen eta ez zuen lan egiten. Haren etxera iritsi zenean, leiho alboan eserita zegoen, liburu bat irakurtzen, eta ezkerreko eskuaz eskuinekoa kulunkatzen zuen, erpurua handituta baitzeukan. Berria jakin bezain laster jauzi batez zutitu zen, aurpegia zurbildurik.

        — Arranopola...! —zezeldu zuen.

        — Zer egin behar dugu? —galdetu zuen Viasovak, esku dardaratiaz aurpegiko izerdia xukatuz.

        — Egon, ez izan beldur! —erantzun zuen Fediak, esku ona buruko ile kizkurretatik pasatuz.

        — Baina, zu zeu ere beldur zara! —egin zuen oihu amak.

        — Ni? —Masailak gorri-gorri ipini zitzaizkion, eta, nahasirik irribarre eginez, esan zuen:

        — Ba-ai, arraioa! Paveli esan behar diogu, oraintxe bidaliko diot norbait. Zu, zoaz etxera, eta lasai egon! Ez gaituzte joko!

        Etxera heldutakoan, liburu guztiak bildu zituen eta, bularraren kontra estuturik, denbora luzea eman zuen etxetik batera eta bestera. Labean begiratu zuen, baita berontziaren azpian eta ursuilan ere. Uste zuen Pavelek lana bertan behera utzi eta behingoan etorriko zela etxera, baina ez zen agertzen. Azkenik, nekaturik, sukaldeko bankuan jesarri zen, liburuak azpian zituela, eta han egon zen eserita, altxatzen ausartu gabe, harik eta Pavel eta jojola fabrikatik itzuli ziren arte.

        — Badakizue? —egin zuen oihu, altxatu gabe.

        — Bazekinagu! —esan zuen Pavelek, irribarrez—. Beldur haiz?

        — Bai, oso, oso beldur nauk...

        — Ez da beldurrik izan behar! —esan zuen jojolak—. Horrek ez du ezertarako balio.

        — Samovarra piztu ere ez du egin! —ohartarazi zuen Pavelek. Ama bankutik jaiki zen eta, liburuak erakutsiz, errudun eitean azaldu zuen:

        — Izan ere, hauekin eman dut denbora guztia...

        Pavel eta jojola barretan hasi ziren eta horrek adore eman zion amari. Pavelek liburu batzuk aukeratu eta etxartera eraman zituen, bertan ezkutatzeko. Jojola, samovarra pizten zuen bitartean, hala mintzatzen zen:

        — Enetxoa, hau ez da mola ere ikaratzekoa, baina bai da lotsagarria jendeak horrelako huskerietan jardutea. Gizaseme helduak etorriko dira, sablea aldean, ezproiak bota luzeetan, eta txoko-bazter guztiak miatuko dituzte. Ohe azpian begiratuko dute, eta berontziaren azpian, sotorik izatekotan hara sartuko dira, ganbarara igoko dira. Han, muturretatik sartuko zaizkie amaraunak eta bafadaka hasiko dira. Gogaiturik daude, lotsaturik, eta, hori ezkutatzeko, oso gaiztoak direlako itxurak egiten dituzte eta zurekin haserretzen dira. Lanbide zitala dute eta haiek badakite hori, ondo jakin ere! Behin batez, hankaz gora jarri zidaten etxea eta gero, nahasirik, han joan ziren besterik gabe. Baina hurrengo batean, eraman egin ninduten. Kartzelan sartu eta lau bat hilabetez izan nintzen han. Barrean zaudela dei egiten dizute, kaletik eramaten zaituzte soldaduz inguraturik, honetaz edo hartaz galdetzen dizute. Jendilaje tentela da, burugabekeriak esaten dizkizute, tarte batean hizketan aritzen dira eta gero berriro agintzen diete soldaduei zu kartzelara eramateko. Eta hor eramaten zaituzte batetik bestera: soldata merezi dutela frogatu behar dute! Gero askatu egiten zaituzte, eta kito!

        — Nola hitz egiten duzun beti, Andriusha! —egin zuen oihu amak.

        Jojola belauniko zegoen samovarraren alboan eta arduraz putz egiten zuen hoditxotik, baina, une hartan, aurpegi eginahalak gorritua goratu zuen, eta, bi eskuez biboteko ileei tiraka, galdetu:

        — Nola hitz egiten dut ba?

        — Ba... inoiz inork minik eman ez balizu bezala...

        Hura zutitu, buruari eragin eta, irribarre eginez, hizketan hasi zen:

        — Ba al da munduan mindu gabeko arimarik? Ni hainbatetan mindu naute, dagoeneko nekatuta bainago min hartzeaz. Zer egin jendea ezin bada bestelakoa izan? Irainek lana oztopatzen dute, haien aurrean geldirik geratzen bazara alferrik galtzen duzu denbora. Horrelakoa da bizitza! Ni lehen, noizean behin, jendearekin haserretzen nintzen, baina hausnartu ondoren konturatu nintzen ez duela merezi. Norbera albokoak joko ote duen beldurrez bizi da, eta belarrondokoa emateko orduan lehena izaten saiatzen da. Horrelakoa da bizitza, enetxo maitea!

        Jojolaren hitz jarioa lasaia zen eta aldera baztertzen zuen miaketaren zain egoteak sortzen zuen estura, begi arranpaloek argitsu egiten zuten irribarre eta, gizon kankailua bazen ere, zalua ematen zuen.

        Amak hasperen egin zuen eta gartsuki opatu zion:

        — Jainkoak zoriona ekarriko ahal dizu, Andriusha!

        Zangokada luzea eman zuen samovarrerantz, kokorikatu zen berriro haren aurrean eta ahapeka gurguratu zuen:

        — Zorionik ekartzen badidate ez diot ukorik egingo, baina eskatzen hasteko asmorik ez dut!

        Pavel etxartetik itzuli zen, eta ziurtasunez esan:

        — Ez dituzte aurkituko! —eta bere burua garbitzeari ekin zion. Gero, eskuak indartsu eta ximenki lehortzeaz batera, hizketan hasi zen:

        — Amatxo, ikaraturik zaudela erakusten badiezu haiek zera pentsatuko dute: etxe honetan bada zerbait, hau dardara batean dago eta. Zuk badakizu guk ez dugula ezer gaiztorik nahi eta egia gurekin dagoela, eta bizitza osoa egiaren aldeko borrokan emango dugula, horra hor gure erru bakarra! Zeren beldur izan?

        — Kementsua izango nauk, Pasha —hitz eman zion amak. Eta horren ondoren, gogoilun, nahigabe atera zitzaion—: Ahalik eta lasterren etorriko ahal ditun!

        Baina gau hartan ez ziren azaldu, eta biharamun goizean, bere beldurraren kontura txantxetan hasiko zitzaizkiola susmatuz, ama bera izan zen bere buruaz txantxetan hasi zena:

        — Behar baino lehenago ikaratu naiz!

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia