VI

 

        Samovarra borborka hasi zen eta amak gelara eraman zuen. Bisitariek biribil estua osatzen zuten mahaiaren inguruan eserita. Natasha, liburuxka bat eskuetan, zoko batean zegoen, kriseiluaren azpian.

        — Gizakia zergatik bizi den hain gaizki ulertzeko... —zioen Natashak.

        — Eta gizakia bera zergatik den gaiztoa —gehitu zuen jojolak.

        — ... nola hasi zen bizitzen aztertu beharra dago...

        — Azter ezazue, laztanak, azter ezazue —gurguratu zuen amak tea prestatzen zuen bitartean.

        Isildu egin ziren denak.

        — Zer diozu, amatxo? —galdetu zuen Pavelek, bekozkoa jarriz.

        — Nik? —ingurura begiratu zuen eta, denak berari so zeudela ikusita, nahasirik azaldu zuen—: Azter ezazue esan dut nire golkorako.

        Natasha barrez hasi zen, Pavelek erdi irribarre egin eta jojolak hala esan zuen:

        — Eskerrik asko teagatik, enetxoa!

        — Oraindik ez duzu edan eta jadanik eskerrak ematen dizkidazu! —arrapostu zuen berak eta, semeari begiratu bat eman ondoren, galdetu—: Nik ez dizuet trabarik egiten?

        Natashak erantzun zuen:

        — Nolatan liteke etxeko nagusiak gonbidatuei traba egitea?

        Eta haurren antzera zinkurin eginez, erregutu zion:

        — Nire bihotzeko laztana! Emadazu tea lehenbailehen! Dardara batean nago, guztiz izoztuta ditut oinak!

        — Oraintxe, oraintxe! —esan zuen amak tarrapataka.

        Katilu bete te edan ondoren, Natasha, ozenki hasperen egin, ile txirikorda sorbalda atzera bota, eta azal horiko liburu irudiduna irakurtzen hasi zen. Amak, tea zerbitzatzean ontziekin zaratarik ez ateratzeko ahaleginak eginez, adi-adi entzuten zuen neskaren hitz jario gozoa. Ahots zoliak bat egiten zuen samovarraren doinu ameslari, sotilarekin. Haitzuloetan bizi ziren eta piztiak harrika hiltzen zituzten gizaki basatiei buruzko kontuak sigi-saga egiten zuen gelan barrena, xingola eder baten irudiko. Ipuin baten antzekoa zen eta amak behin baino gehiagotan begiratu zion semeari, galdetzeko irrikaz: «eta zergatik daude debekatuta istorio hauek?» Baina berehala nekatu zen kontaketaren hariari jarraitzetik eta, semearen eta gainerakoen oharkabean, bildutakoak aztertzeari ekin zion.

        Pavel Natasharen alboan zegoen eserita; bera zen denetan ederrena. Natashak, liburuaren gainera guztiz makurturik, sarritan egokitzen zituen lokietara biltzen zitzaizkion ileak. Buruari gorantz eraginez eta ahots doinua apaldurik, aldika zerbait esaten zuen bere kabuz, liburuari begiratu gabe, begiak entzuleen aurpegietara maitekiro lerratuz. Jojolak mahaiaren ertzari kontra bermatuta zeukan bular zabala eta, begiak zeiharka jarrita, bibotearen mutur bihurriak ikusten saiatzen zen. Vesovstxikov tente-tente eserita zegoen aulkian, egurrezkoa balitz bezala, esku ahurrak belaunen gainean paraturik, bekainik gabeko eta ezpain meheekiko aurpegi naparbana mugitzeke, maskara bat bailitzan. Begi meharrak behin ere kliskatu gabe tinko begiratzen zion bere aurpegi samovarreko kobre distiratsuan islatuari, eta bazirudien arnasa hartu ere ez zuela egiten. Fedia txikiak hotsik atera gabe mugitzen zituen ezpainak irakurritakoa entzuteaz batera, liburuko hitzak bere kabutarako errepikatuko balitu bezala; haren laguna konkorturik zegoen, ukondoak belaunetan jarrita, eta, masailalboak ahurretan bermaturik, irribarre egiten zuen pentsakor. Pavelekin batera iritsitako mutiletako bat ilegorria zen, kizkurra, begi berde alaiak zituen; zer edo zer esateko gogoa zuen nonbait, eta urduri mugitzen zen. Bestea labur moztutako ile argikoa zen, esku-barrenaz burua laztantzen zuen lurrera begira, eta ez zitzaion aurpegia ikusten. Gelan giro ona zegoen, berezia. Amak berezitasun berri hori sumatzen zuen eta, Natasharen ahots xuxurlariaren azpitik, gogora etortzen zitzaizkion bere gaztaroko parranda zalapartatsuak, mutilen hitz zantarrak eta ahoan beti izaten zuten vodka hatsa, haien broma zinikoak. Gogoratu eta bere buruarekiko gupidazko sentimendu abailgarri batek bigunki estutzen zion bihotza.

        Burura etorri zitzaion senar zenduak ezkontzeko eskatu zioneko eguna. Gau-jai batean atari ilunean harrapatu eta, gorputz osoaz hormaren kontra tinkaturik zuela, ahots garratzez eta haserre galdetu zion:

        — Ezkonduko haiz nirekin?

        Min egiten zion eta iraindurik sentitzen zen, baina gizonak are indar handiagoz zapaltzen zion bularra, hats bero umela aurpegira bafaka botatzen zion bitartean. Bera alde batera oldartu zen, gizonaren esku artetik alde egiten saiatuz.

        — Nora hoa? —oihu egin zuen hark—. Erantzun, gero!

        Berak, lotsak eta irainak arnas gabeturik, ez zuen ezer esaten.

        Norbaitek atariko atea ireki zuen, eta orduan, presarik gabe askatu zuen gizonak, hala esan ondoren:

        — Igandean ezkontzagina bidaliko dinat.

        Eta bidali zion.

        Amak hasperen sakona egin eta begiak itxi zituen.

        — Nik ez dut jendea nola bizi zen jakin beharrik, nola bizi behar duen baizik! —burrunba egin zuen gelan Vesovstxikoven ahots atsekabetuak.

        — Hori duk eta! —lagundu zion ilegorriak, hanka gainean jarriz.

        — Ni ez nago ados! —oihu egin zuen Fediak.

        Eztabaida lehertu zen, hitzak pindarka hasi ziren, su lamak bailiran. Amak ez zuen ulertzen zergatik ari ziren oihuka. Sutan zeuden aurpegi guztiak, narritadurak gorrituta, baina inor ez zegoen sumindurik, inork ez zuen berak ezagutzen zituenen moduko hitz gordinik esaten.

        «Andereñoaren lotsa ditun» —erabaki zuen.

        Gogoko zuen Natasharen aurpegi serioa, eta zein arreta handiz begiratzen zien guztiei, mutil haiek beraren semeak balira bezala.

        — Itxaron, lagunkideok! —esan zuen bat-batean Natashak. Eta isildu ziren denak, hari begira.

        — Zuzen daude dena jakin beharra dugula diotenak. Arrazoiaren argia piztu behar dugu gure baitan, jende ilunak ikus gaitzan. Zintzo eta zuzen erantzun behar diogu guztiari. Egia osoa jakin behar dugu, gezur osoa...

        Jojolak entzun eta buruari eragiten zion, haren hitzekin bat eginez. Vesovstxikov, ilegorria eta Pavelek ekarritako langileak elkarren aldamenean zeuden talde txikia osatuz. Zergatik ez bazekien ere, amari ez zitzaion gustatzen hirukote hori.

        Natasha isildutakoan Pavel zutitu zen, eta lasaitasunez galdetu zuen:

        — Asebeterik egon besterik ez dugu nahi akaso? Ez! —berak bere buruari erantzun, bazter batean zegoen hirukoteari zorrozki so eginez—. Gure lepo gainean eserita dauden eta begiak ixten dizkiguten horiei dena ikusten dugula erakutsi behar diegu, ez garela lerdoak, ez garela basapiztiak, jatearekin soilik ez dugula aski, bizi egin nahi dugula, duintasunez bizi ere! Etsaiei erakutsi behar diegu nola, beraiek ezarri dizkiguten kateek loturik kartzelan bezala bizi garen arren, horrek ez digun eragozten ez haiek bezain argiak izatea ez, areago, haien gainetik altxatzea!

        Amak semearen hitzak entzun eta harrotasunak dardara eragiten zion bihotzean: zein ondo hitz egiten zuen!

        — Asebete ugari dago, baina zintzorik bat ere ez! —zioen jojolak—. Zubi bat eraiki behar dugu bizitza ustel honetako lupetzaren gainetik etorkizuneko bihotz-ontasunaren erresumaraino, horra hor gure eginkizuna, lagunkideok!

        — Jotzeko ordua iritsi da, eta ez dago eskuak sendatzeko astirik! —ihardetsi zuen Vesovstxikovek ahots garratzez.

        Gauerdia baino beranduago zen nor bere etxera joateko altxatu zirenean. Vesovstxikov eta ilegorria izan ziren alde egin zuten lehenak eta hori ere ez zitzaion gustatu aman. «Hori dun alde egiteko gogoa!» —pentsatu zuen, batere adiskidetasunik gabe agur eginez.

        — Lagun egingo didazu, Nakhodka? —galdetu zuen Natashak.

        — Bai noski! —erantzun zuen jojolak.

        Natasha sukaldean janzten ari zen bitartean, amak esan zion:

        — Zure galtzerdiak oso meheak dira dagoen eguraldirako! Ondo baderitzozu artilezkoak egingo dizkizut.

        — Eskerrik asko, Pelageia Nilovna! Artilezkoek hazkura ematen didate! —erantzun zuen Natashak barrezka.

        — Bada, nik egingo ditudanek ez dizute batere hazkurarik emango! —esan zuen Vlasovak.

        Natashak begiak apur bat nareturik begiratzen zion, eta begiratu arretatsu horrek urduri jarri zuen ama.

        — Barkatu nire lelokeria, baina bihotz barrenetik atera zait —gaineratu zuen ahapeka.

        — Zein onbera zaren —erantzun zuen Natashak, berak ere ahopetik, amaren eskua lipar batez estutu ondoren.

        — Gabon, enetxoa! —esan zuen jojolak, amari begietara so eginez. Gero makurtu eta atalondora irten zen Natasharen atzetik.

        Amak semeari begiratu zion: zutik zegoen gelako atearen ondoan eta irribarre egiten zuen.

        — Zergatik egiten duk barre? —galdetu zion nahasirik.

        — Hara, pozik nagoelako!

        — Jakina, ni zaharra eta leloa nauk, baina gauza onak ulertu egiten ditiat! —ohartarazi zion pixka bat minduta.

        — Ondo zegon hori! —erantzun zuen semeak—. Ohera joan beharko huke, berandu dun!

        — Berehala oheratuko nauk.

        Ama lantsu zebilen mahai inguruan, ontziak biltzen, alai, baita izerditan ere zirrara atsegin baten eraginez: pozik zegoen dena horren ondo irten eta horren era baketsuan bukatu zelako.

        — Ideia ona izan duk, Pavlusha! —zioen—. Jojola oso atsegina duk! Eta andereñoa, a, zein buruargia! Zer da?

        — Maistra! —erantzun zuen Pavelek laburki, gelatik paseatuz.

        — Bai, bai, behartsua duk! Txarto jantzita zoak, ene, zein txarto! Hotzak hartuko dik. Non dira haren gurasoak?

        — Moskun! —esan zuen Pavelek eta, amaren aurrean geldituz, serio, ahopean esan zuen:

        — Begira: haren aita aberatsa dun, burdina salerosten din eta zenbait etxeren jabe dun. Etxetik bota din, hain zuzen ere, bide hau hartu duelako. Giro epelean hazi zunan, denek mainaturik, nahi zuena egin ahal zinan, eta orain zazpi versta egingo din oinez gauean, bakarrik...

        Horrek txundituta utzi zuen ama. Zutik zegoen gelaren erdian eta, bekainak harriduraz mugituz, isilik begiratzen zion semeari. Gero, ahapeka galdetu zion:

        — Hirira doa?

        — Bai, hirira.

        — Ai ene! Eta ez da beldur?

        — Ba ez, ez dun beldur!

        — Baina, zergatik? Berton egin ahal zian gaua, nirekin lo egingo zian!

        — Ez zaigun komeni! Ikusi ahal diten bihar goizean hemen, eta ez dinagu horrelakorik behar.

        Amak, pentsakor, leiho aldera begiratu eta ahapeka galdetu zuen:

        — Ez diat ulertzen, Pasha, zer dago hemen arriskutsurik, zer debekuzkorik? Zeren... ez duzue ezer txarrik egiten, ezta?

        Ez zegoen ziur horretaz, gogoa zuen semearengandik baiezko erantzuna jasotzeko. Hark, amari begietara lasaitasunez so eginez, sendo adierazi zuen:

        — Ezer txarrik ez. Eta, hala ere, gu guztiok kartzela dinagu zain, jakinaren gainean egon behar dun...

        Amari dardarka hasi zitzaizkion eskuak. Ahotsa ahuldurik, esan zuen:

        — Agian, jainkoak nahi badu, ez duk ezbeharrik gertatuko.

        — Ez! —esan zuen semeak maitekiro—. Ezin haut engainatu, gertatuko dun...

        Irribarre egin zuen:

        — Ohera hadi, nekatuta egon behar dun. Gabon!

        Ama, bakarrik geratu zelarik, leihora hurbildu eta haren aurrean jarri zen, kalera begira. Leihoaz bestaldean hotz eta goibel zegoen. Haizeak elurra erorarazten zuen etxe txiki lokartuen teilatuetatik behera, hormen aurka jotzen zuen zerbait presaka marmaratuz, lurrera amiltzen zen eta lehortutako elur malutazko hodei zuriak eramaten zituen ziztu bizian kaleetan barrena.

        — Jesukristo, barka gaitzak! —esan zuen amak xuxurlaka.

        Bihotzean borborka hasi zitzaizkion malkoak eta, gau-tximeletaren antzera, itsu eta zinkurinati, dardara egiten zuen semeak horren lasaitasun eta ziurtasun handiz aipatzen zuen zoritxarraren esperoak. Amaren begi aurrean lautada leun, elurrez estalia ageri da. Haize-erauntsi zuria ziztu bizian ari da, zirimolaka, boladaka, hotz eta zoli txistu eginez. Neskaren irudi txikia, iluna, bakarrik doa lautadan barna, konkorturik. Haizea hanketan kiribiltzen zaio, gona harrotzen dio, elur maluta mindariak jaurtikitzen dizkio aurpegira. Nekeza zaio ibiltzea, oin txikiak elurretan trabatzen zaizkio. Hotzak eta beldurrak dago. Aurrealdera makurtzen da, lautada uherraren erdian dagoen belar izpiaren antzera, udazkeneko haizearen jolas biziaren erdian. Eskuineko aldean, zingiran, basoa dago horma ilun baten gisara eta bertan urki eta lertxun mehe, hostogabeak marmarka, tristuraz. Han nonbait, aurrean urrun, ñirñir ari dira hiriko argi motelak.

        — Jauna, barka gaitzak! —xuxurlatu zuen amak, beldurrez dardarka.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia