V

 

        Behinola, aste barruko jaiegun batean, Pavelek, etxetik alde egitean, hala esan zion amari:

        — Larunbatean lagunak etorriko zaizkidan hiritik.

        — Hiritik? —errepikatu zuen amak eta, bat-batean, hipa egin zuen.

        — Baina, zer gertatzen zain, amatxo? —galdetu zuen Pavelek atsekabeturik.

        Amak, mantalaz aurpegia xukatuz, hasperenka erantzun zuen:

        — Ez zekiat, kontua duk...

        — Beldur haiz?

        — Bai, beldur nauk! —onartu zuen.

        Pavel haren aurpegirantz makurtu zen, eta haserre —aitaren antzera— jaregin zion:

        — Beldurra da gure galbidea! Agintariak gure beldurraz baliatzen dira gu areago ikaratzeko.

        Ama negarretan hasi zen, goibeldurik:

        — Ez haserretu! Nolatan ez nauk beldur izango, gero! Beldurrez bizi izan nauk beti, barne-muinetaraino sartua diat beldurra!

        Ahopean eta doinu gozoagoz, Pavelek esan zuen:

        — Barkatu, baina ezin bestela izan!

        Eta alde egin zuen.

        Hiru egunez dardara batean egon zen ama, eta pertsona arrotz beldurgarri haiek etxera etorriko zirela gogoratzen zuen bakoitzean bihotz-taupadak gelditu egiten zitzaizkion. Haiek erakutsi zioten semeari orain hartua zuen bidea...

        Larunbatean, arratsean, Pavel fabrikatik itzuli zen, garbitu, jantziak aldatu eta, berriro nonbaitera alde egiteaz batera, hala esan zuen, amari begiratu gabe:

        — Baten bat badator, esan berehala itzuliko naizela. Eta, mesedez, ez izan beldurrik...

        Ama indarrik gabe erori zen bankuan. Semeak beltzuri begiratu zion, eta proposatu:

        — Agian, hobe huke beste nonbaitera joan.

        Amak iraintzat hartu zuen hori. Buruari ezezka eraginez, esan zuen:

        — Ez. Zergatik ba?

        Azaroaren amaiera zen. Egunez elur lehor mehea eroria zen lur izoztuaren gainera eta orain kirrika egiten zuen urrunduz zihoan semearen oin azpian. Ilunpe beltza leihoko kristalei itsasten zitzaien, geldirik, zelatan dagoen etsaiaren antzera. Ama eserita zegoen, eskuak bankuari eutsita, ate aldera begira, itxaroten...

        Iruditzen zitzaion ezen ilunpetan, leku guztietatik, konkorturik eta inguruak zuhurki miatuz, janzkera bitxiko jende makurra isilgordeka hurbiltzen zela etxera. Izan ere, une hartantxe norbait zebilen etxe inguruan, hormak haztatzen.

        Txistu bat entzuten hasi zen. Kiribilka ari zen gau isilean ur-negar sotil baten antzera, tristea eta eztia zen, eta noraezean zebilen, ilunpe hutsean ameslari, zerbait bilatzen, hurbiltzen. Eta tupustean leiho azpian desagertu zen, hormako egurretan iltzatu balitz bezala.

        Norbaiten oin hotsa entzun zen atalondoan. Amak zirgit egin zuen eta, bekainak arreta biziz goraturik, hanka gainean jarri zen.

        Ireki zen atea. Aurrena, buru bat agertu zen gelan, txano handi iletsu baten azpian; hurrena, gorputz luze bat sartu zen astiro, konkorturik; arteztu egin zen, presarik gabe eskuineko eskua jaso eta, ozenki hasperen egin ondoren, bularreko ahots lodiz esan zuen:

        — Arratsalde on!

        Amak buru-makurtua egin zion isilik.

        — Pavel ez da etxean?

        Gizonak astiro erantzi zuen larru-zamarra, hanka bat goratu eta txanoaz bota luzeko elurra kendu zuen. Ondoren, gauza bera egin zuen beste botarekin, txanoa zoko batera jaurtiki, eta, hanka lumen gainean balantzaka, gelara sartu zen. Aulkira hurbildu zen, aztertu egin zuen sendoa zela egiaztatzeko-edo, eseri zen azkenik eta, ahoa eskuaz estaliz, aharrausi egin zuen. Haren burua guztiz kaskamotza zen, eta biribil-biribila, bizarrik gabeko masailak zituen, eta beheranzko muturdun bibote luzea. Begi gris handiez gela zorrozki aztertu ondoren, hanka bat bestearen gainean ipini eta, aulkian zanbuluka, galdetu zuen:

        — Khata hau zuena da ala alokatua?

        Amak, haren aurrean eserita, erantzun zuen:

        — Alokatua.

        — Kaxkar samarra da, gero! —ohartarazi zion hark.

        — Laster etorriko da Pasha, itxaron mesedez! —eskatu zion amak ahapeka.

        — Hain zuzen ere, itxaroten ari naiz! —esan zuen patxadaz gizon luzeak.

        Haren lasaitasunak, ahots gozoak eta aurpegi xumeak adore ematen zioten amari. Gizonak tolesgabe, bihotz zabalez so egiten zion, alaitasunezko txinpart bat begi gardenen sakonean jostari. Hanka luzeekiko irudi zokotsu eta konkortu hartan bazen zerbait erakargarria, zerbait maitagarria. Alkandora urdinez eta bota luzeen barruan sartutako zaragoila beltzez jantzita zegoen. Ama hainbat galdera egiteko irrikaz zegoen: nor zen, nongoa, noiztik ezagutzen zuen semea; baina bat-batean bisitariak zabu egin eta bera izan zen galdetu zuena:

        — Nork hautsi zizun bekokia, enetxoa?

        Maitekiro galdetu zuen, irribarre argitsua begietan, baina galdera horrek min eman zion emakumeari. Ezpainak tinkatu eta, isilune labur baten ondoren, gizalege hotzez itaundu zion:

        — Eta zuri zer axola dizu horrek, motel?

        Hark gorputz osoa makurtu zuen amarengana:

        — Tira ba, ez dago haserretu beharrik! Galdera hori egin dizut nire amaordeak ere horrelako zauri bat zeukalako buruan, zurea bezalakoa alegia. Ohaideak egin zion zapatari-orkoi batez. Bera ikuzle zen, eta amorantea zapatari. Ni semetzat hartu eta gero aurkitu zuen gizon hura, auskalo non, mozkor eginda. Hura bai zoritxarra! Jipoi izugarriak ematen zizkion! Niri, ikaraz, larruko ileak laztu egiten zitzaizkidan...

        Bigundu zen ama bisitariaren zintzotasunaren aurrean, eta bururatu zitzaion beharbada Pavel haserretuko zitzaiola gizon bitxi hari emandako erantzun garratzarengatik, Errudun eitean irribarre eginez, esan zuen:

        — Ez naiz haserretu, baina zuk galdera horrela... hain ustekabean bota didazu. Nire senar kuttunaren oparia da. Goian bego! Zu tatariarra zara?

        Gizonak hankak luzatu zituen eta hain irribarre zabala egin zuen ezen belarriak ere garondoraino atzeratu zitzaizkiola ematen baitzuen. Gero, serio esan zuen:

        — Oraindik ez!

        — Itxuraz, zure hizkera ez da errusiarra! —azaldu zion amak irribarreka, broma ulerturik.

        — Errusiera baino hobea da! —esan zuen bisitariak burua alaitasunez mugituz—. Jojola naiz, Kanev hirikoa.

        — Eta denbora luzea da hemen zarela?

        — Urtebete inguru eman dut hirian eta orain, duela hilabete, hona etorri naiz, fabrikara. Jende ona aurkitu dut hemen, zure semea eta beste batzuk. Berton geratuko naiz bizitzen! —esan zuen, biboteari tiraka.

        Amak atsegin zuen gizon hura, eta semeari buruz esandako hitzak nola edo hala eskertzeko gogoak eraginda, eskaini zion:

        — Terik nahi duzu?

        — Nik bakarrik edango dut ala? —esan zuen, sorbaldak goratuz—. Denok elkartzen garenean, orduan eskainiko diguzu tea... Hark gogora ekarri zion lehenagoko beldurra.

        «Hau bezalakoak izango ahal ditun guztiak!» —desiratu zuen sutsuki.

        Atzera ere oin hotsak entzun ziren atalondoan, atea brastakoan ireki eta ama zutik jarri zen berriro. Baina harriturik geratu zen, zeren sukaldera neska bat sartu zen; ez zen oso garaia, nekazari aurpegi xumea zuen, eta ile argiko txirikorda lodia. Ahapeka galdetu zuen:

        — Berandu iritsi naiz?

        — Bai zera! —erantzun zuen jojolak gela barrutik so eginez—. Oinez etorri zara?

        — Jakina! Zu zara Pavel Mikhailovitxen ama? Kaixo! Natasha dut izena.

        — Eta aita-izenez? —galdetu zuen amak.

        — Vasilievna. Eta zure deiturak?

        — Pelageia Nilovna.

        — Bada, dagoeneko elkar ezagutzen dugu.

        — Bai! —esan zuen amak leunki hasperen eginez eta irribarreka neska aztertuz.

        Jojolak berokia eranzten lagundu zion, eta galdetu:

        — Hotz da?

        — Zelaian hotz handia! Haizea...

        Haren ahotsa leuna eta argia zen, ezpain guriekiko aho txikia zuen, eta oro har neska pottolo eta sasoikoa zen. Berokia erantzi ondoren, hotzak ubeldutako esku txikiez indartsu igurtzi zituen masaila gorriak eta agudo sartu zen gelara, botatxoen zurrumez zorua ozenki zapalduz.

        «Eskalapoirik gabe ibiltzen dun!» —jaregin zuen amak bere golkorako.

        — Ba-ai —esan zuen hitza luzatuz, dardarka—. Hotzak ebakita nago... zeharo izozturik!

        — Oraintxe bertan berotuko dut samovarra zuentzat! —esan zuen amak berehalakoan, eta sukaldera joan zen—. Oraintxe...

        Neska hura aspalditik ezagutzen zuela iruditzen zitzaion, eta ama batek soilik senti dezakeen maitasun urrikalkor onberaz maite zuela. Irribarrea aurpegian, gelako elkarrizketara jarrita zuen belarria.

        — Zergatik zaude horren atsekabeturik, Nakhodka? —galdetu zuen neskak.

        — Ba, zera... —erantzun zuen jojolak ahotsa goratu gabe—. Alargun honen begiak onberak dira eta burura etorri zait agian nire amarenak ere horrelakoak zirela. Badakizu? nik sarritan pentsatzen dut nire amaz eta bizirik dagoela iruditzen zait beti.

        — Hila dela esan duzu?

        — Bai, amaordea hil zen. Baina ni benetakoaz ari naiz. Iruditzen zait hor nonbait, Kieven, eskean ibiltzen dela. Vodka edaten du. Eta mozkortuta dagoenean, poliziek masailekoak ematen dizkiote.

        «Ai ene, gizajoa!» —pentsatu zuen amak, eta hasperen egin zuen.

        Natasha zerbait esaten hasi zen, arin, sutsuki eta ahopean. Burrunba egin zuen berriro jojolaren ahots ozenak:

        — Ah, zu gaztea zara oraindik, lagunkidea, tipula gutxi jan duzu! Erditzea zaila da, baina gizakiari ontasuna irakastea are zailagoa.

        «Hara bestea!» —oihu egin zuen amak bere golkorako, eta jojolari hitz samurren bat esateko gogoa piztu zitzaion. Baina une hartan astiro ireki zen atea eta Nikolai Vesovstxikov, Danila lapur zaharraren semea sartu zen. Zaputz fama zuen auzoan, kopetilun aldentzen zen beti jendearengandik eta burla egiten zioten horren kontura. Amak harrituta galdetu zion:

        — Zer nahi duk, Nikolai?

        Hark esku ahur zabalaz masailalbo handiekiko aurpegi naparbantzua xukatu eta, agurrik egin gabe, ahots garratzez esan zuen:

        — Pavel etxean da?

        Ez.

        Begiratu bat eman zion gelari eta bertara jo zuen, hala esanez:

        — Gabon, lagunkideok!

        «Hau ere bai?» —pentsatu zuen amak etsaitasunez, eta biziki harritu zen Natashak eskua maitekiro eta pozik luzatzen ziola ikusi zuenean.

        Hurrena bi mutil iritsi ziren, artean umegorriak ia. Amak bietariko bat ezagutzen zuen, Fiodor zen, aurpegi zorrotz, bekoki zabal eta ile kizkurrekoa, Sizov abizena zuen fabrikako langile baten loba. Bestea ordea, ondo orraztua eta itxura xehekoa, ez zuen ezagutzen, baina horri ere ez zion batere beldurgarri iritzi. Azkenik, Pavel agertu zen eta berarekin batera bi gazte. Amak fabrikatik ezagutzen zituen biak. Semeak maitekiro esan zuen:

        — Samovarra prestatu dun? Eskerrik asko!

        — Nahi baduk, vodka erostera joango nauk! —proposatu zuen amak, artean ondo ulertzen ez zuen zerbaitengatik sentitzen zuen esker ona nola erakutsi jakin gabe.

        — Ez, hemen ez dinagu horren beharrik! —ihardetsi zuen Pavelek adiskidetasunez irribarre eginez. Bat-batean amari bururatu zitzaion semeak berariaz gehiegitu zuela bileraren arriskua, berari adarra jotzearren.

        — Beraz, hau da legetik kanpo dagoen jende hori? —xuxurlatu zion.

        — Hauxe! —erantzun zuen Pavelek, eta gelara sartu zen.

        — Hi bai hi! —oihu gozoa egin zuen amak eta, semearen atzetik zihoala, bihozbera pentsatu zuen: «umeak ditun oraindik!»

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia