IV

 

        Egun batez, afalostean, Pavelek leihoko errezelak itxi zituen, bazter batean eseri eta irakurtzen hasi zen, buru gainean latorrizko kriseilu bat hormatik eskegi ondoren. Amak ontziak bildu zituen eta, sukaldetik irtendakoan, harengana hurbildu zen kontu handiz. Semeak burua jaso eta galdera-imintzioz begiratu zion aurpegira:

        — Ez, ez, Pasha, ez diat ezer nahi! —arrapataka esan eta han alde egin zuen, bekainak urduri mugituz. Baina une batez sukalde erdian geldirik, pentsakor eta kezkati egon ondoren, eskuak txukun-txukun garbitu eta berriro atera zen semea zegoen lekura.

        — Galdera bat egin nahi diat —xuxurlatu zion—, zer irakurtzen duk etengabe?

        Hark liburuxka itxi zuen.

        — Eser hadi, amatxo...

        Ama astunki jesarri zen haren alboan eta, artezturik, adi belarria, garrantzi handiko zerbaiten zain geratu zen.

        Amari begiratu gabe, ahopetik eta batek daki zergatik oso doinu latzez, hizketan hasi zen Pavel:

        — Liburu debekatuak irakurtzen ditinat. Debekatuta zegon haiek irakurtzea, langileon bizimoduari buruz egia diotelako. Ezkutuan inprimatzen ditizten, klandestinoki, eta aurkitzen badizkidate, kartzelara eramango naiten, kartzelara egia jakin nahi dudalako. Ulertu dun?

        Ama arnasestuka hasi zen bat-batean. Begiak zabal-zabalik, semeari begiratzen zion, eta arrotz zeritzon. Haren ahotsa bestelakoa zen orain: behekoagoa, sakonagoa, zoliagoa. Hatzek bibote fin eta leuna laztantzen zuten, begiak bazterreko punturen batera zeiharka jarriak zituen modu arraroan. Ama beldurtzen hasia zen semeari zer gertatuko, eta erruki zuen.

        — Zergatik egiten duk hori, Pavel? —itaundu zion.

        Hark burua altxatu zuen, begiratu, eta ahapeka, lasaitasunez erantzun zion:

        — Egia jakin nahi dinat.

        Semearen ahots doinua gozoa zen, baina irmoa, eta begiek kementsu distiratzen zuten. Amaren bihotzak berehala ulertu zuen semea zerbait sekretu eta izugarrira emana zela betiko. Berak nahitaezko zeritzon bizitzan gertatzen zen guztiari, ohituta zegoen gauza guztiak hausnartu gabe onartzera, eta orain negarretan hasi besterik ez zuen egin, ahopetik, bihotzean hitzik aurkitu ezinik, tristuraz eta penaturik.

        — Ez negarrik egin! —ziotson Pavelek maitekiro, ahots apalez, eta agurtzen ari zela iruditzen zitzaion amari—. Pentsa ezan, nolakoa da gure bizitza? Berrogei urte ditun, eta bizi izan haiz akaso? Aitak jo egiten hinduen; nik orain ulertzen dinat hire saihetsetan husten zuela bere nahigabea, bere bizitzako nahigabea, atsekabeak zapalduta bizi zunan, baina ez zinan ulertzen zein zen haren jatorria. Hogeita hamar urte eman zitinan lanean, hasi zenean fabrikak bi eraikuntza baino ez zeukanan, eta orain zazpi zeuzkan!

        Amak beldurrez eta antsiaz entzuten zion. Semearen begiak sutan zeuden, eder eta argitsu; bularra mahaiaren kontra bermaturik, areago hurbildu zen amarengana eta zuzen mintzatzen zitzaion negar malkotan blai zegoen aurpegi horri, lehenengoz hitz egiten zion ulertu berria zuen egiari buruz. Gaztetasunaren indar osoaz eta bere jakintzaz harro dagoen ikaslearen berotasunaz, ikasitakoaren zuzentasunean itsu-itsuan sinesten duen ikaslearen kemenaz hitz egiten zuen berak guztiz argi zituen gauzei buruz, amarentzat ez ezik bere burua frogatzeko ere egiten zuen hitz. Aldika, isildu egiten zen, hitzak aurkitu ezinik, eta orduan aurpegi nahigabetu bat ikusten zuen aurrean, zeinetan malkoek lausotutako bi begi onberak argi motelez dirdiratzen baitzuten. Ikaraz eta harriturik begiratzen zuten. Urriki zuen ama, hitz egiten hasi zen berriro, baina oraingoan hari buruz, haren bizitzari buruz.

        — Nolako poztasunak ezagutu ditun hik? —galdetzen zion—. Ezer onik gogoratzen dun hire bizitzan?

        Amak entzun eta tristuraz eragiten zion buruari, bere baitan zerbait berria sentituz, zerbait ezezaguna, goibela eta alaia, bihotz mindua eztiro laztantzen ziona. Lehen aldiz entzuten zituen horrelako hitzak bere buruaz, bere bizitzaz, eta barnean aspalditik loak harturik eta lainopean zituen gogoetak iratzartzen zituzten, emeki bizten zituzten bizitzearen atsekabe lainotsuari buruzko sentimendu jadanik itzaliak, gaztaro urruneko pentsamendu eta sentimenduak. Berak lagunekin hitz egin ohi zuen bizitzaz, luze hitz egin ere, gauza guztiei buruz, baina denek —baita berak ere arranguratu besterik ez zuten egiten eta inork ez zuen azaltzen zergatik zen bizitza hain latza eta zaila. Eta hara non orain semea aurrean eserita daukan, eta haren begiek, aurpegiak, hitzek dioten guztiak bihotza ukitzen dion eta harenganako harrotasun sentimendu batek gainez egiten dion barnean. Zeren semeak bete-betean ulertua baitu amaren bizitza, bere sufrikarioei buruz mintzatzen zaio, eta erruki du.

        Inork ez ditu erruki amak.

        Berak bazekien hori. Semeak emakumeen bizitzari buruz zioen guztia egia mingots eta jakina zen. Sentipen mataza bat dardarka ari zen, leunki, amaren bularrean, eta, laztan ezezagun baten antzera, geroz eta areago berotzen zuen barrutik.

        — Zer egin nahi duk, bada? —galdetu zion, haren hitz jarioa etenez.

        — Ikasi, eta gero besteei irakatsi. Guk, langileok, ikasi beharra dinagu. Jakin behar dinagu, ulertu behar dinagu zergatik den bizitza hain latza guretzat.

        Atsegin zitzaion ikustea semearen begi urdinek, beti serio eta zorrotz, maitekiro eta samurki distiratzen zutela orain. Alaitasunezko irriño gozo bat agertu zen amaren ezpainetara, masailetako zimurretan malkoak artean dar-dar ari ziren arren. Sentimendu bikoitz batek inarrosten zion barrena: batetik, harro zegoen semeaz, bizitzearen sufrikarioa hain argi baitzekusan; baina bestetik, ezin zuen ahaztu artean oso gaztea zela, ez zuela denek bezala hitz egiten, eta bakarrik egin nahi ziola aurre guztientzat —baita berarentzat ere— ohikoa zen bizimoduari. «Baina, maitea, hik zer egin dezakek?» esateko gogoa egiten zitzaion.

        Baina ez zion trabarik jarri nahi bat-batean beraren aurrean hain buruargi azaltzen zen semearenganako mirespenari... nahiz eta, nolabait, arrotz zeritzon.

        Pavelek irribarrea zekusan amaren ezpainetan, arreta aurpegian, maitasuna begietan; iruditzen zitzaion lortua zuela bere egia ulertaraztea, eta bere hitzen indarrak piztutako harrotasun gazteak bere buruarenganako konfiantza areagotzen zion. Biziki narritaturik, aldian irribarrez aldian beltzuri hitz egiten zuen, batzuetan gorrotoa antzematen zitzaion mintzoan eta amak, hitz ozen eta gordin haiek entzuten zituelarik, ikaraz, buruari eragin eta ahapeka galdetzen zion:

        — Horrela da, Pasha?

        — Horrelaxe! —erantzuten zuen hark sendo eta irmoki. Eta herriaren onuraren alde borrokatzen ziren pertsonez mintzatzen zitzaion: egiaren hazia ereiten zuten herriarengan, eta hori zela-eta biziaren etsaiek harrapatu egiten zituzten, basapiztiak bailiran, giltzapean sartzen zituzten, lan bortxatuetara eramaten zituzten...

        — Nik horrelako jendea ikusi dinat! —oihu egin zuen, sutsuki—. Munduan dagoen jenderik onena dun!

        Ama jende haren beldur zen, eta berriro galdetu nahi zion semeari: «Horrela da?»

        Baina ez zen ausartzen eta, geldi-geldirik, semeari hain era arriskutsuan hitz egiten eta pentsatzen irakatsia zion eta berarentzat ulertezina zen jende hari buruzko kontuak entzuten zituen. Azkenik, esan zion:

        — Laster argituko dik eguna, hobe huke oheratu eta lo egin!

        — Bai, oraintxe oheratuko naun! —hark baietsi. Eta, amarengana makurtuz, galdetu zion—: Ulertu naun?

        — Ulertu haut! —erantzun zuen, hasperen eginez. Berriro ere malkoak azaldu zitzaizkion begietara eta, hipaka, gaineratu zuen—: Hireak egingo dik!

        Altxatu zen semea, eta puska batean gelatik hara eta hona ibili ondoren, esan zuen:

        — Beno, dagoeneko badakin zer egiten dudan eta nora joaten naizen, dena kontatu dinat! Orain, benetan maite banaun, ez jarri trabarik, arren!

        — Nire laztana! —egin zuen oihu amak—. Agian, hobe ezertxo ere jakin ez banu!

        Pavelek amaren eskua hartu eta gogor estutu zuen bereen artean.

        Semeak indar sutsuz ahoskatutako «ama» hitzak eta eskua estutzeko modu berri eta berezi horrek biziki hunkitu zuten ama.

        — Nik ez diat ezer egingo! —esan zuen amak ahots etenaz—. Baina kontuz ibili, kontu handiz!

        Arriskua zein zen jakin gabe, gogoilun erantsi zuen:

        — Gero eta argalago hago...

        Eta, semearen gorputz sendo eta lerdena begiratu samur epelez laztanduz, hizketan hasi zen arrapaladan eta ahapeka:

        — Bejondeiala! Bizi hadi hire erara, nik ez diat trabarik jarriko! Gauza bat besterik ez diat eskatuko: ez hitz egin beldurrik gabe jendearekin! Errezeloz jokatu behar duk jendearekin, elkar gorrotatzen ditek denek! Zikoizkeriaz bizi dituk, bekaizkeriaz bizi dituk! Gaitz egitea atsegin ditek guztiek. Haien izaera agerian utzi eta epaitzen hasi bezain laster, gorroto hartuko diate, suntsitu egingo haute!

        Semea zutik zegoen ate ondoan, amaren hitzaldi tristea entzuten, eta amaitu zuenean irribarrez esan zion:

        — Bai, jendea gaiztoa dun. Baina munduan egia badela jakin nuenean, gizakiak hobeak bihurtu zitunan niretzat.

        Berriro irribarre egin, eta hizketan jarraitu zuen:

        — Neronek ere ez dinat ulertzen nola gertatu den! Txikitan guztien beldur nindunan, hazteaz batera jendea gorrotatzen hasi nindunan, batzuk beren zitalkeriagatik, besteak ez zekinat zergatik, hargatik, besterik gabe. Baina orain bestelako irizten zienat guztiei; denen urriki naiz ala? Ezin dinat ulertu, baina bihotza bigunagoa bilakatu zitzaidanan jakin nuenean denak ez direla beren zikinkeriaren errudun...

        Isildu egin zen, barneko mintzo bat-edo entzuteko bezala, gero ahopean eta ahots zoliz esan zuen:

        — Horra hor nola arnasten duen egiak!

        Amak begiratu eta ahapeka jaulki zuen:

        — Era arriskutsuan aldatu haiz. Ene jainkoa!

        Semea oheratu eta loak hartu zuenean, ama kontu handiz altxatu zen ohetik eta isilean hurbildu zitzaion. Pavel ahoz gora zetzan, eta aurpegi beltzarana, temati eta zorrotz, garbi nabarmentzen zen burko zuriaren gainean. Ama, eskuak bularrera elkarturik, ortozik eta atorra hutsean, zutik zegoen haren ohe alboan. Ezpainak hotsik atera gabe mugitzen zituen eta begietatik behera malko handi uherrak irristatzen zitzaizkion astiro, tai gabe.

        Eta berriro ere isiltasunean bizitzen hasi ziren, elkarrengandik hurbil eta urrun.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia