III

 

        Aita hil eta bi aste inguru geroago, igandean, Pavel Vlasov zeharo mozkortuta heldu zen etxera. Balantzaka, nekez iritsi zen gela nagusira eta, aitak egin ohi zuen moduan mahaia ukabilez jo ondoren, oihuka esan zion amari:

        — Afaria!

        Hurbildu zen ama, aldamenean eseri eta besarkatu egin zuen semea, haren burua bere bularrera bilduz. Mutila, eskua amaren bularrean jarrita, harengandik banatzen saiatu zen, eta garrasi egin zuen:

        — Azkar, amatxo!

        — Memelo hori! —esan zuen amak tristuraz eta maitekiro, haren aurkakotasuna gaindituz.

        — Eta gainera, erre egingo dut! Eman aitaren pipa... —murduskatu zuen Pavelek, mihi managaitza baldarki mugituz.

        Aurreneko mozkorra zen. Vodkak gorputza ahuldu bai baina konortea ez zion itzali, eta galdera bat joka ari zitzaion buruan:

        «Mozkortuta nago? Mozkortuta?»

        Amaren laztanek ezinegona sortzen zioten eta haren begietan nabari zen tristurak hunkitu egiten zuen. Negar egin nahi zuen, eta gurari hori zapaltzearren zegoen baino mozkortuago zegoelako itxura ematen ahalegintzen zen.

        Amak ile izerditsu, nahaspilatuak lisatu eta ahapeka esaten zion:

        — Hik ez huke horrelakorik egin beharko...

        Goragaleak sentitzen hasi zen. Okaldi bortitz baten ondoren, amak ohera eraman eta eskuoihal hezea ipini zion bekoki zurbilean. Moteldu zitzaion zertxobait mozkorra, baina azpian eta inguruan zeukan guztia jira-biraka eta kulunka ari zitzaion, betazalak astundu zitzaizkion eta ahoan zapore nazkagarri eta mingotsa sumatzen zuen. Betileen artetik amaren aurpegi handiari so egiten zion eta, nahasirik, pentsatzen zuen:

        «Dirudienez, oraindik goiz duk niretzat. Besteek ere edan egiten ditek eta ez zaiek ezer gertatzen, ni, aldiz, goragaleka hasten nauk...»

        Urrutiko nonbaitetik amaren ahots gozoa iristen zitzaion belarrietara:

        — Nolako sostengua izango haiz niretzat, edateari ekiten badiok...?

        Begiak indarrez hertsirik, esan zuen:

        — Denek edaten dute...

        Amak hasperen sakona egin zuen. Arrazoi zuen. Berak ere bazekien tabernan izan ezik jendeak ez zuela inon alaitasunik aurkitzen. Hala ere, esan zion:

        — Baina hik, ez edan! Hire ordez, aitak edan zian behar beste. Eta nahikoa sufriarazi zidaan... eta hik heure amaren erruki izan beharko huke, ez ala?

        Hitz triste eta gozo haiek entzuteaz batera Pavelek gogoratzen zuen aita bizi zenean ama oharkabea zela etxean, isila, eta estu eta larri bizi zela, beti jipoiaren zain. Berak, aitarekin topo ez egitearren, denbora gutxi ematen zuen etxean azken aldian eta galdua zuen amarekiko ohitura. Orain, apurka-apurka bere senera etortzen zelarik, bekoz beko so egiten zion.

        Garaia zen, apur bat konkortua; haren gorputza, urte askotako lanak eta senarraren jipoiek kraskatua, zaratarik atera gabe mugitzen zen, eta soslai antzera, etengabe zerbait ukitzeko beldurrez bezala. Aurpegi zabala zuen, obalatua, zimurrez betea eta handitua. Begiak ilunak ziren, urduri eta tristeak, auzoko emakume gehienenak bezalakoak. Eskuineko bekainaren gainean orbain sakona zeukan, bekaina pittin bat goratzen ziona, eta bazirudien eskuineko belarria ezkerrekoa baino gorago zegoela eta horrek imintzio berezia ematen zion aurpegiari, beti beldurrez eta arretaz entzuten balego bezala. Ile sarri ilunean ileurdin xerloak nabarmentzen zitzaizkion. Oro har, emakume gozoa zen, tristea, apala...

        Eta haren masailetatik behera malkoak irristatzen ziren, emeki.

        — Ez negarrik egin! —eskatu zion semeak ahapeka—. Emadazu edatekoa.

        — Ura ekarriko diat, izotzarekin...

        Baina itzuli zenerako semea lotan zegoen jada. Zutik geratu zen apur batean haren alboan, metalezko ur ontziak dardara egiten zion eskuan eta izotza tintinka ari zen, leunki, latorriaren kontra. Ur ontzia mahai gainean utzi eta apalki belaunikatu zen ikonoen aurrean. Bizitza mozkortiaren hotsek leihoko kristala jotzen zuten. Udazkeneko arrats ilun hezean akordeoiaren soinua aditzen zen, ozenki kantatzen ari zen baten bat, hitz zantarrez biraoka beste norbait, urduri entzuten ziren emakumeen ahots koleratsu eta nekatuak...

        Vlasovtarren etxe xumean bizitza lehen baino gozoagoa eta lasaiagoa bilakatzen hasi zen eta, auzoko gainerakoekin alderaturik, nahikoa ezberdina. Auzoko muturrean zegoen, zingirara jaisten zen aldats labur baina gogor baten alboan. Sukaldeak eta amaren logelak, holtz meheak sukaldetik bereizitako gela txiki batek, etxearen heren bat hartzen zuten. Bi leihodun gela koadratu bakarrak betetzen zituen beste bi herenak; bazter batean Pavelen ohea zegoen, aurrealdean mahaia eta bi banku. Aulki batzuk, mihiseriarako komoda bat eta gainean ispilu txiki bat, arropa gordetzeko kaxa bat, erloju bat horman eskegita eta bi ikono zoko batean. Besterik ez zegoen.

        Pavelek mutil gazte bati zegokion guztia egin zuen: akordeoia, paparreko almidoituko alkandora, gorbata deigarri bat, eskalapoiak eta makilatxo bat erosi zituen; bere adineko gaztetxo guztiak bezalakoa bilakatu zen. Gau-jaietara joaten zen, kontradantza eta polka dantzatzen ikasi zuen, jaiegunetan mozkortuta itzultzen zen etxera eta asko sufritzen zuen beti vodkaren eraginez. Biharamun goizean bihotzerreak oinazetzen zuen, buruko minez eta aurpegi-zurbil esnatzen zen, gogaiturik.

        Behinola, amak galdetu zion:

        — Eta zer, dibertitu hintzen atzo?

        Semeak uzkur eta suturik erantzun zuen:

        — Zeharo aspertu nintzen! Hobe nuke arrantzan joan. Agian, eskopeta erosiko dut.

        Arduraz egiten zuen lan, arrazoigabeko hutsik egin gabe eta isunik jaso gabe. Isda zen, eta haren begi urdin handiek, amaren berdinak, ezinegona adierazten zuten. Ez zuen eskopetarik erosi, ez zen behin ere arrantzan joan, baina nabarmenki aldentzen hasi zen gainontzekoek jorratutako bidetik: gutxiagotan agertzen zen parrandetara, eta horren ordez, jaiegunetan, nonbaitera joaten zen, baina ez zen mozkorturik itzultzen. Amak arreta biziz aztertzen zuen semea, eta haren aurpegi beltzarana gero eta zorrotzagoa bihurtuz zihoala ikusten zuen, begiek askoz serioago so egiten zuten eta ezpainak gogortasun berri batez hesten ziren. Bazirudien haren barnean, ezin jakin zergatik, haserrea zela nagusi, edo gaixotasunen batek jota zegoela. Lehen, lagunak bila etortzen zitzaizkion etxera, gerora, ordea, ez zutenez inoiz bertan aurkitzen, handik agertzeari utzi zioten. Amari atsegin zitzaion ikustea semea jadanik ez zela fabrikako gazte guztiak bezalakoa, baina konturatu zenean ardura biziz eta temati bizitzaren uholde ilunetik ertzeko leku ezezagun batera ateratzen ari zela, beldur zehaztugabe batek hartu zion gogoa.

        — Ez haiz gaixorik egongo, ezta Paviusha? —galdetzen zion noizean behin.

        — Ez, osasuntsu nago! —hark erantzun.

        — Oso argal hago, gero! —esaten zuen amak hasperen eginez.

        Liburuak ekartzen hasi zen, itzalgaizka irakurtzen saiatzen zen, eta irakurritakoan nonbait ezkutatzen zituen. Batzuetan, zer edo zer kopiatzen zuen liburuxketatik paper-orrietara eta hauek ere ezkutatu egiten zituen...

        Gutxi hitz egiten zuten eta gutxitan ikusten zuten elkar. Goizean, tea isilik edan ondoren, fabrikara joaten zen semea, eguerdian bazkaltzera azaltzen zen, bazkaldu bitartean funtsik gabeko hitz batzuk esaten zizkioten elkarri eta berriro desagertzen zen arratsera arte. Arratsean ardura handiz garbitzen zen, afaldu, eta gero denbora luzea ematen zuen bere liburuak irakurtzen. Jaiegunetan goizetik alde egiten zuen, eta gaueko beranduan itzultzen zen. Amak bazekien hirira jotzen zuena, han antzerkira joaten zena, baina hiritik ez zitzaion inor etortzen. Denboraren poderioz semeak gero eta gutxiago hitz egiten zuela iruditzen zitzaion, eta horrekin batera ohartzen zen batzuetan hitz berriak erabiltzen zituela, ulertezinak, eta berak ezagutzen zituenak, irainak eta esaera zantarrak, haren hizkeratik desagertuak zirela. Amaren arreta pizten zuten aldaketa txiki asko egon ziren semearen portaeran: dotore janzteko grina baztertu zuen, gehiago arduratzen hasi zen gorputzaren eta jantzien garbitasunaz, zaluago eta arinago mugitzen zen, haren itxura xumeagoa eta eztitsuagoa bilakatzen hasi zen; eta horrek guztiak ardura kezkatia sortzen zuen amarengan. Berarekiko jarreran ere bazen zerbait berririk: batzuetan gelako zorua eskobatzen zuen, jaiegunetan ohea egiten zuen, eta oro har amaren lana arintzen saiatzen zen. Auzoan inork ez zuen horrelakorik egiten...

        Behinola, koadro bat ekarri eta horman eskegi zuen: hiru gizon, hizketan, nonbaitera zihoazen arin eta kementsu.

        — Hau Kristo biztua da, Emauserako bidean! —azaldu zuen Pavelek.

        Gustatu zitzaion koadroa amari, baina pentsatu zuen:

        «Kristo gurtzen duk, baina ez haiz elizara joaten...»

        Gero eta liburu gehiago pilatzen ziren adiskide zurgin batek Paveli egindako apalategi txukunean. Gelak itxura atsegina hartu zuen.

        «Zuka» hitz egin ohi zion, eta «amatxo» esan, baina batzuetan, bat-batean, maitekiro mintzatzen zitzaion:

        — Aizan, ama, mesedez, ez kezkatu, gaur berandu itzuliko naun etxera...

        Gustatzen zitzaion hori, zerbait serio eta sendoa antzematen zuen haren hitzetan.

        Bestetik baina, larrituta zegoen. Denbora joatearekin estutasun haren zioa argiago ikusten ez bazuen ere, geroz eta zorrozkiago zirikatzen zion bihotza ezohiko zerbaiten aurresentipenaz. Batzuetan, atsekabetu ere egiten zen semearekin, pentsatzen zuen:

        «Gainerako guztiak gizakume arruntak ditun, baina berak fraidea ematen din. Egia esan, oso latza dun. Hori ez dun adin horretako mutil bati dagokion izaera...»

        Noizean behin, pentsatzen zuen:

        «Agian, neskatoren batekin hasi dun».

        Baina neskekin ibiltzeko dirua behar da eta semeak soldata ia osorik ematen zion.

        Horrela joaten ziren asteak eta hilabeteak, eta konturatu gabe bi urte igaro ziren ugalduz zihoazen pentsamendu eta beldur zehaztugabez jositako bizimodu bitxi eta isil hura hasi zenetik.

 

 

 

© Maxim Gorki

© itzulpenarena: Jose Morales Belda

 

 

"Maxim Gorki / Ama" orrialde nagusia