I
Egunero, langile auzoaren gainean, fabrikako sirenak dardara eta orro egiten zuen aire ketsu eta koipez betean, eta deiari otzanki erantzunez jende goibela, labezomorro ikaratuen gisa, korrika ateratzen zen etxe txiki grisetatik kalera, giharrak loaz indarberritzeko betarik izan gabe. Ilunpe hotzean, zolatu gabeko kaletik abiatzen ziren fabrikako harrizko kaiola garaietarantz. Lantegiak segurantza ezaxolatiz itxaroten zien, bide lokaztua dozenaka begi urintsu eta karraturekin argituz. Lupetzak palasta egiten zuen oin azpian. Ahots logaleen oihu zakarrek burrunba egiten zuten, birao zantarrek amorruz urratzen zuten airea. Baina bestelako hotsak ere iristen ziren jendearen belarrietara: hala nola, makinen zalaparta astuna eta lurrunaren marraka. Tximinia beltzak goibel eta zorrotz antzematen ziren auzoaren gainean, makila lodiak bailiran.
Arratsean, eguzkia gorde eta errainu gorriek etxeetako kristaletan indarge distiratzen zutenean, fabrikak bere harrizko erraietatik kanpora jaurtikitzen zuen jendea, ezertarako balio ez duten kondarrak bailiran, eta kaleetatik ibiltzen ziren berriro, aurpegiak keak belzturik, airean makinetako olioaren hats likitsua barreiatuz, hortz gosetiak dirdira. Orain, haien ahotsetan piztura zen nagusi, baita alaitasuna ere: egun hartaz bukatua zen lan bortxatua eta etxean afaria eta atsedena zituzten zain.
Fabrikak eguna irentsi eta makinek behar beste indar hurrupatua zieten jendearen giharrei. Eguna aztarnarik utzi gabe ezabatua zen bizitzatik eta gizakumeak beste urrats bat emana zuen hilobirako bidean. Hala ere, oso hurbil zekusan aurrean atsedenaren gozotasuna, taberna ketsuko alaitasuna, eta pozik zegoen.
Jaiegunetan hamarrak arte-edo egiten zuten lo. Gero, pertsona serio eta ezkonduak, arroparik onenak jantzi eta mezetara joaten ziren, eta bide batez agirika egiten zieten gazteei elizarekiko erakusten zuten axolagabekeriagatik. Elizatik etxera itzultzen ziren, pastelak jan eta berriro oheratzen ziren, ilunabar arte.
Urteetan zehar metatutako nekeak jateko gogoa kentzen zien, eta horretarako, jateko alegia, asko edaten zuten, urdaila vodkaren su mingarriaz gorbizituz.
Arratsaldean laxoki paseatzen ziren kaleetatik. Eskalapoiak zeuzkanak jantzi egiten zituen nahiz eta eguraldi lehorra egin, eta euritakoa edukiz gero aldean eramaten zuten eguna eguzkitsua bazen ere.
Elkarrekin topo egitean fabrikari edo makinei buruz mintzatzen ziren, arduradunak iraintzen zituzten, lanarekin zerikusia zuten gauzez hitz egiten zuten soilik. Arrazoimen dorpe eta indargearen txinpart bakanek nekez egiten zuten ñirñir egunen monotonia gogaikarrian. Etxera itzulitakoan liskar egiten zuten emazteekin eta, sarritan, jo egiten zituzten, ukabilen urrikirik gabe. Gazteak tabernetan geratzen ziren, edo parrandak antolatzen zituzten baten zein besteren etxean, akordeoia jo, kanta lizun eta zikinak abestu, dantza egin, zantarkeriak esan eta edan egiten zuten. Lanak unaturik, jendea berehalakoan mozkortzen zen eta bular guztietan amorrazio ulertezin eta gaixo bat pizten zen. Aterabidea eskatzen zuen eta, hortaz, sentipen larri hura askatzeko aukera orori gogor heldurik, edozein huskeria zela-eta elkarren aurka jotzen zuten basapiztien amorruz. Istilu odoltsuak sortzen ziren eta, horren ondorioz, batzuetan zauri larriak eta zenbaitetan hilketak ere izaten ziren.
Jendearen izaeran, ororen gainetik, zelatan dagoen gaiztakeriaren sentipena zen nagusi, giharren neke sendaezina bezain sustraiturik zegoen haien barnean. Arimaren gaixotasun horrekin jaiotzen ziren, gurasoengandik heredatzen zuten eta, itzal beltz baten antzera, hilobiraino jarraitzen zitzaien, bizitzan zehar debaldeko krudelkeriagatik gaitzesgarri zen hainbat ekintza burutzera bultzatuz.
Jaiegunetan gazteak gaueko beranduan azaltzen ziren etxera, jantziak urraturik, lohi eta hautsez beteta, aurpegiak maztaildurik, lagunei emandako zartadez zitalki harrotuta; edo minduta, koleratsu, jasandako laidoengatik negarrez, mozkortuta eta egoera penagarrian, zoritxarreko eta higuingarri. Batzuetan, aita-amek eramaten zituzten mutilak etxera. Edozein tokitan aurkitzen zituzten, kale gorrian harresi baten oinean edo tabernan, konorterik gabe mozkorraren ondorioz. Agirakaldi garratzak egiten zizkieten, ukabilez jotzen zituzten semeen gorputz ahulduak, vodkak indargetuak. Gero, kontu handiago edo gutxiagoz, ohera eramaten zituzten lo egin zezaten, goizean goiz, uholde ilun baten antzera sirenaren orro haserreak airea urratzen zuenean, lanerako esnatzeko.
Gogotik jotzen zituzten semeak, eta errieta egin, baina guztiz legezkotzat hartzen zituzten gazteen mozkorraldi eta sesioak. Aitak ere, gazte zirelarik, mozkorrak harrapatu eta sesioka aritzen ziren, eta haiek ere gurasoen jipoiak jasotzen zituzten. Bizitza beti izan zen horrelakoa, etengabe eta astiro isurtzen zen urteetan zehar, norabait, errekasto uher baten irudiko. Errotik loturik zegoen egunez egun gauza bera egin eta pentsatzeko antigoaleko usadio trinkoari. Eta inork ez zuen eraldatzen saiatzeko gogorik.
Noiz edo behin, nonbaitetik, pertsona arrotzak iristen ziren auzora. Hain zuzen ere, kanpotarrak zirelako bereganatzen zuten hasieran jendearen arreta, gero azaleko interes pittin bat sortzen zuten lanean ibilitako tokiei buruzko kontuekin, ondoren gauza berrien lilura desagertu, jendea haietara jarri, eta oharkabeko bihurtzen ziren. Haien esanetan argi eta garbi zegoen: langileen bizimodua berdina zen leku guztietan. Eta, horrela izanik, zertaz mintzatu, bada?
Baina, noizean behin, haietariko batzuek auzoan sekula entzun gabeko gauzak esaten zituzten. Inor ez zen haiekin eztabaidatzen, baina mesfidantzaz entzuten zituzten haien hitzaldi bitxiak. Hitzaldi haiek erresumin itsua pizten zuten zenbaitengan, ezinegon zehaztugabea beste hainbatengan, eta argi ageri ez zen zerbait helduko zelako itxaropen itzal lainotsua beste batzuengan. Eta jendeak gehiago edateari ekiten zion, larritasun premiagabeko, jasangaitz hura uxatzearren.
Kanpotarrei ezohiko ezaugarriren bat antzemanez gero, auzokoek ezin izaten zuten denbora luzean ahaztu, eta berezko errezeloz jokatzen zuten haien modukoa ez zen pertsonarekin. Izan ere, beldur ziren pertsona horrek ez ote zuen ohiko bizimodu arruntaren ildo triste eta latza baina lasaia irauliko lukeen zerbait ekarriko. Bizitzak indar berberaz zapaltzen zuen beti, jendea horretara egina zegoen eta, hoberako inolako aldaketarik espero ez zuenez, edozein aldakuntzak zapalketa hori areagotzeko soilik balioko zuelakoan zegoen.
Auzokoak isilean urruntzen ziren edozer berririk esaten zuten pertsonengandik. Orduan, pertsona horiek, desagertu egiten ziren, beste nonbaitera alde egiten zuten, eta fabrikan geratuz gero, zokoraturik bizi ziren baldin eta auzoko biztanleek osatzen zuten masa uniformearekin guztiz bat egiteko gauza ez baziren.
Horrela berrogeita hamar bat urte bizi ondoren, hil egiten zen jendea.
© Maxim Gorki
© itzulpenarena: Jose Morales Belda