HITZAURREA
Aleksis Maksimovitx Peshkov (Maxim Gorki) errusiar idazlea 1868an jaio zen Nijni Novgorod hirian, erdiko klaseko familia xume batean. Haren haurtzaroa latza baino latzagoa izan zen. 5 urte zituelarik, aita hil zitzaion eta aitona-amonen etxera joan zen amarekin batera. Hango giroa izugarria zen, senideek elkar gorrotatzen zuten, liskarrak eta kalapitak etengabeak ziren, aitonak konortea galarazteraino jipoitzen zuen. 8 urteko haurra zelarik, ama hil zitzaion. Bi urte geroago, ikasteari utzi eta, aitonaren negozioak porrot egin zuela eta, lanean hasi behar izan zuen. Etxetik alde egin eta hamaika lanbidetan jardun zuen. Gorriak eta beltzak ikusi zituen garai hartan; «ukabilkadaka esnatu ninduen bizitzak» idatziko zuen gerora. Hazitakoan bere liburuetako orrietara eramango zituen pertsonaien ezaupidea egin zuen orduan: arloteak, mozkortiak, prostitutak, pobreetan pobreenak, gizarteak bazterrera egotzitako giza kondarrak; «gizaki ohiak», haren hitzetan. Miseriaz inguraturik bizi zen, bizitzaren zokorik ilunenak eta gizakiaren ezbeharrik zirraragarrienak ezagutu zituen. Horrek guztiak oinazearen alderako sentiberatasun berebizikoa ernatu zion barnean, gizakiak jasandako bidegabekeriarik txikienak ere erdibitu egiten zion bihotza.
Liburuetan aurkitu zuen babesa, haiek zituen mundu ikaragarri hartatik ateratzeko ihesbide. Baina luze gabe ohartu zen irakurtzen zituen liburuetan ez zela agertzen berak ezagutzen zuen mundu goibel eta mingarri hori. Baina, aldi berean, hori aldatzerik bazegoelako ustea piztu zioten.
Damu zuen eskola utzi izana eta 1884an Kazan hirira jo zuen ikasteari ekiteko asmoz. Bizibidea ateratzeko lan egin beharrak ez zion horretarako aukerarik eman, baina mota guztietako intelektualak eta iraultzaileak ezagutu zituen bertan. Orduan izan zuen estreinako aldiz marxismoaren eta sozialismoaren berri. Alabaina, ideia ikasi berriak eta gizartea aldatzeko ametsak gauzatu ezinak etsipenean murgildu zuen. Errebolberra erosi eta bere burua hiltzen saiatu zen. Huts egin zuen baina.
1889tik 1892ra bitartean bidaia luzea egin zuen Errusian barrena. Herrialdeko bazterrik ahaztuenak eta txiroenak hurbiletik ezaguturik, idazgai bilduma zabala osatu zuen. Lehen idazlanak argitaratu zituen egunkari eta aldizkarietan. Ipuin erromantiko eta naturalistak ziren (Makar Txoudra, 1892; Txelkatx, 1895). Orduan erabili zuen lehenbiziko aldiz laster literaturaren historian sartuko zuen izena: Maxim Gorki, Maxim «mingotsa» alegia.
Kazetari sartu zen egunkari batean eta buru-belarri ekin zion idazteari. Luze gabe, kritikoen onespena eta irakurleen mirespena irabazi zituen. Errusiar gehienek pairatzen zuten bizimodu latza hain era gordin eta ulergarrian deskribatzen zuen idazle gazteak biziki hunkitu zituen herritar xeheak. Justizi ametsek eraginik, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata sortu berriari laguntzeko erabili zituen bere ospea eta ondasunak.
1899an lehen eleberria plazaratu zuen: Foma Gordeiev. Tsarren erregimenaren aurkako prentsa-artikuluak zirela eta, kartzelan sartu zuten 1901ean. Laster askatu zuten, birikeriak jota baitzegoen, eta Krimeara joan zen gaixotasuna sendatze aldera. Txekhov eta Tolstoi idazle handiak ezagutzeko parada izan zuen han.
Istilu gogorrak izaten zituen gobernuarekin, Ernisiako herria itotzen zuen erregimen zapaltzailea gupidarik gabe salatzen baitzuen. Bestetik, klasearteko borrokan proletarioen alde argi eta garbi azaldu izanak hainbat intelektual aurrerazaleren etsaitasuna ekarri zion.
XX. mendearen hasieran giroa pil-pilean zegoen Errusian, pentsamolde iraultzailea gero eta indar handiagoz zabaltzen zen herritarren artean. 1905eko urtarrilean, San Petersburgon, soldaduek tiroka sakabanatu zuten erreforma eske Neguko Jauregirantz zihoan langile andana; bertan hilik geratu zen hainbat lagun. Gorkik triskantza odoltsu hori salatzeko agiria idatzi eta sinadurak bildu zituen. Atxilotu eta espetxean sartu zuten berriro. Haren aldeko mugimendu zabala eratu zen eta, luze gabe, gobernuak amore eman behar izan zuen, eta aske utzi. Abenduan boltxebikeek deitutako greba orokorra izan zen Moskun. Gorkik langileei armak banatzen lagundu zuen, haren etxea kale-borrokak antolatzeko biltoki bihurtu zen. Iraultza-saioak porrot egindakoan, Errusiatik alde egin behar izan zuen idazleak. Bere baliabide guztiak boltxebikeen alde jarrita, herrialdez herrialde ibili zen Errusiako iraultzaren aldeko dirua biltzen eta hango erregimen zapaltzailea salatzeko hitzaldiak ematen. Estatu Batuetan zela, bere libururik ospetsuena idazten hasi zen: Ama. Denboraldi baten buruan, Europara itzuli eta Capri irla hartu zuen bizileku. Gorkiren etxea tsarren erregimenaren aurkako borrokalarien bilgune bilakatu zen, eta bera Errusiako iraultzaileen bozeramaile nazioartean. 1913an, tsarrak emandako amnistia baliatuz, Errusiara itzuli zen.
Maxim Gorki boltxebikeen alde azaldu zen beti, baina hainbat gauzatan ez zegoen ados haiekin eta kritika zorrotzak egiten zizkien. 1917ko iraultzaren ondoren, Leninen jokabidearen zenbait alderdi gaitzetsi zituen, baina beste irtenbiderik ez zegoela onartzen zuen. Bere gaixotasuna eta agintari berriekiko hizka-mizkak zirela medio, 1921ean Italiara alde egin zuen berriro.
1929an itzuli zen, eta guztiz bat egin zuen Sobiet Batasuneko gobernuarekin. Zituen akatsak gora-behera, herritar guztien laguntza behar zuela aldarrikatu eta jo eta ke jardun zuen haren alde. Kulturaren sustatzaile izan zen, arte ondarea jagoteko batzordeburu, hainbat aldizkariren sortzaile, SESBeko Idazleen Elkartearen eratzaile eta, ororen gainetik, langileen estatu berriaren ikur eta heroi. 1936an hil zen Moskun.
Maxim Gorki idazle autodidaktaren eredutzat hartzen da. Herri xehearentzat idazten zuen eta literaturak helburu moral eta sozialak bete behar dituela aldarrikatzen zuen. Izan ere, haren liburu gehienek zeregin didaktiko eta propagandistikoak betetzen zituzten. Errealismo sozialistaren aitzindaria izan zen eta Sobiet Batasuneko gizarte-literaturaren zutoinak finkatu zituen. Pobreak eta zokoratuak errusiar idazle askoren obretan agertuak baziren ere, Gorkik inork baino gizatasun eta gordintasun handiagoz tratatu zituen. Gorkiren idazlanak hiru sailetan sailka daitezke:
— Kapitalismoaren gainbehera agerian utzita, burgesiaren ustelkeria salatzen dutenak: Foma Gordeiev eleberria (1899); Burgeskumeak antzezlana (1902); Udatiarrak antzezlana (1905), intelektual burgesen aurkakoa; Artamonov familia eleberria (1925); Klim Sanginen bizitza (1925-1936), tsarren erregimenaren azken berrogei urteetako Errusiaren berri ematen duen tetralogia.
— Langileak protagonista, klasearteko borrokaren eta gizarte-arazoen inguruko gaiak ukitzen dituztenak: Haien arteko hiru eleberria (1901); Sakon ilunak antzezlana (1902); Ama eleberri luzea (1907); Aitorpena (1908), aldi berean marxismoa eta kristautasuna miresten dituen gazte baten gatazka morala erakusten duen nobela laburra; Okurov hiritxoa errelatoa (1909), probintzietako herrixka galdu bateko bizimoduaren gainekoa; Etsaiak (1906), klasearteko borrokari buruzko antzezlana.
— Autobiografikoak: Haurtzaroa (1914); Egunkariko oharrak (1924); Jende artean; Nire unibertsitateak (1925).
Ama eleberria Estatu Batuetan idazten hasi zen 1906an. Obraren asmoa langileak suspertzea eta iraultzaileei adore ematea zen, lur jota baitzeuden 1905eko iraultza-saioaren porrotaren ondoren. Eredutzat hartu zituen 1902ko Maiatzaren Leheneko manifestazioan Nijni Novgorodeko Sormovo langile auzoan ezagutu zituen Piotr Zalomov —bandera zeraman langile gaztea— eta Anna Kirilovna, paren ama.
Estreinako aldiz, New Yorkeko aldizkari batean argitaratu zen, ingelesera itzulita, eta handik gutxira Ingalaterran. Errusieraz, 1907an eman zen argitara, Berlinen. Eta apur bat geroago, Errusian, zentsurak basaki laburtuta. Hori izan zen liburuaren aldeko propagandarik onena. Jendeak ezkutuan irakurtzen zituen klandestinoki Errusiara metaka sartzen ziren zentsuratu gabeko aleak, nazioarteko langile-egunkariek atalka argitaratzen zuten eta berehalakoan plazaratu zen makina bat herrialdetan. Eragin handia izan zuen nazioarteko langile-mugimenduaren bilakaeran. Eskuizkribua irakurri zuelarik, Leninek hala esan zuen: «horrelako liburu bat behar genuen. Langile askok berez eta hausnartu gabe hartzen dute parte mugimendu iraultzailean. Haientzat oso onuragarria izango da liburu hau irakurtzea, oso une egokian etorri da».
Gorkik barrutik erakusten digu Errusiako mugimendu sozialistaren hazkundea. Langileen kontzientziatze prozesua eta horrek haien baitan eragiten dituen aldaketa ideologikoak, horra hor eleberri honen mamia.
Jose Morales Belda
© Jose Morales Belda