IV. KAPITULUA

 

        Karta topografikoa, zeinean etxaldea eta ingurumariak eskala handi samarrean irudikatuak ageri ziren era izugarrizko eta ulergarrian lumaz eta kolorez, eta zeina kapitainak neurketa trigonometriko batzuei esker oinarri seguruz hornitzen asmatu zuen, laster gelditu zen bukatua: izan ere, inork gutxik izango zuen gizon jardukor hark baino loaren premia gutxiagorik munduan, zeinak eguna xede berehalakoetan emanik, halere gauerako zerbait egina uzten baitzuen beti.

        — Goazemak —esan zion adiskideari— gainerakora: etxaldearen deskribapenera, zeinetarako jadanik nahikoa aurrelan egon behar duen, nondik gerora alokairu-motak eta beste gauza batzuk geratuko diren. Baina gauza bat finkatu eta ezarri dezagun: negozio den oro bizitzatik bereiztea. Negozioek seriotasuna eta ahalegina eskatzen diate, bizitzak nahi librea; negozioak iraupen garbiena, bizitzak batzuetan inkontsekuentziaren bat behar izaten dik, horrela maitagarri eta atsegin bihurtzen delarik. Zenbat eta seguruago haizen, hainbat libreago izango haiz bestean; aldiz, bi gauzak nahasten badituk libre izateak deuseztatu egiten dik seguru izatea.

        Eduardek ahakar arin bat sumatu uste izan zuen proposamen haietan. Nahiz eta naturaz ez izan ordenagabea, ez zuen inoiz lortu bere paperak gaika sailkatzerik. Ez zuen inoiz hezkuntzarik egiten besteekiko adostasunean burutu behar zuenaren eta bere baitan bakarrik zegoenaren artean; halaber, ez zituen behar adina bereizten negozioa eta okupazioa, olgeta eta denbora-pasa. Orain, aldiz, erraza zitzaion, zeren adiskide batek hartzen baitzion neke hori eta bigarren ni bat arduratzen zen bereizkuntza hori egiteaz, zeinean lehen niak ez baitzuen beti destolestea lortzen.

        Kapitainaren pabilioian apala bat ezarri zuten egungo gaietarako eta artxibo bat iraganekoetarako; atera zituzten dokumentu, paper eta ohar guztiak bilduma, koarto, armairu eta kaxetatik, eta laster batean bihurtu zen nahaste hura ordena atsegin, eta dena bere lekuan ezarria geratu zen, gaika, zegokien errotuluekin. Nahi zutena espero baino egoera hobean aurkitu zuten. Horretan, gainera amanuentse zahar batek lagundu zien, egun osoan eta gauaren parte batean idazmahaitik altxatzen ez zenak, eta zeinarekin ordura arte Eduard ez baitzen inoiz pozik izan.

        — Jadanik ez diat ezagutzen —esan zion Eduardek adiskideari— hain zeregintsu eta baliagarri ari baita gertatzen.

        — Hori duk —ihardetsi zion kapitainak— ez diogulako agintzen ezer berririk, harik eta zaharra erosotasun guztiarekin burutu duen arte, ikusten duanez, asko lan egiten dik; baina traba egiten bazaiok, ez dik ezer asmatzen.

        Era honetara ematen zituzten egunak adiskideek, Charlotterekin arratsak emateko joateaz ahaztu gabe.

        Bertan auzoetako lekuetako eta etxaldetako bisitariak aurkitzen ez zirenean, sarritan gertatzen zena izaki, gizarte zibilaren ongizatea, abantailak eta aberastasuna areagotzeko egokiak diren hizketa eta irakurketatan ematen zuten denbora.

        Charlotte, besterik gabe ere orainaldia aprobetxatzera ohitua zegoena, senarra pozik ikustean bera ere adoreturik aurkitzen zen. Zenbait etxe-instalazio, aspaldidanik nahi izandakoak baina inoiz behar bezala burutugabeak, atondurik geratu ziren kapitainaren jardunari esker. Aberastu egin zen etxeko botikategia, ordura arte sendagai banaka batzuk bakarrik izan zituena, eta Charlottek liburu ulergarrien irakurketari eta hizketari esker bere izaera jardukor eta zerbitzukoia lehen baino maizago eta eraginkorrago jardunera eramateko gaitu zuen.

        Gertakari ohiko horiek eta halere ustekabean harrapatzen gaituzten horiek kontutan harturik, itoak salbatzeko balio lezakeen guztia inguratu zuten, eta hainbat arrazoi gehiago izan zuten hori egitean, ezen alderdi haietan hainbeste urmael, ur-korronte eta makina hidrauliko izateak sarritan eragiten baitzituen gisa horretako ezbeharrak. Kapitaina arduratu zen xeheki arlo horretaz eta Eduardek jaregin zion halako kasu bat adiskidearen bizitzan modurik bitxienean sonatu bihurtu zelako oharrari. Baina isildu eta oroitzapen triste hura uxatu nahian zebilela zirudienez gero, Eduardek ere uko egin zion ezer esateari, baita Charlottek ere, nahiz eta gutxi gorabehera jakinaren gainean egon, aipamen haiei entzungor egin zielarik.

        — Aitzin-arretazko neurri guzti hauek gorestekoak dira —esan zuen arrats batez kapitainak—; baina orain beharrezkoena falta dugu, guzti hau kudeatzen dakien aditua. Horretarako nik zirujau militar ezagun bat proposa niezazueke, orain eskakizunik gabe lan egiteko bere burua eskainiko lukeena eta bere lanbidean ezin hobea dena, niri neure barne-ondoezen tratamenduan sona handiko medikua baino sarritan baliagarriago izan zaidana; eta landan larrialditako sorospenak izaten dira gehien behar izaten direnak.

        Berehala deitu zioten zirujauari eta bi ezkontideak poztu egin ziren, apetaren arabera xahutzeko sobera zeuden diru-kopuruak premiarik handieneko gauzatan inbestitzeko aukera aurkituko zutelako.

        Horrela baliatzen zen Charlotte bere gisara kapitainaren ezaguerez eta jardueraz eta adiskide haren presentziaz erabat pozik eta ondorioez lasai egoten hasi zen. Gauza asko galdetzeko asmoa hartzen zuen eskuharki eta bizitzeko gogoa zuenez gero kaltegarria, heriozkoa zen guztia aldentzen saiatzen zen. Lurrezko ontzien beruneztapenak, kobrezko pertzen gardingak hamaika buruhauste eman izan zioten ordura artekoan. Irakaspenak eskatu zituen guzti horretaz eta, jakina, fisika eta kimikaren oinarrizko kontzeptuetaraino jo behar izan zuen atzera.

        Ustekabeko aukera baina beti atsegina eskaintzen zioten hizketaldi horietarako, taldean irakurtzeko Eduardek zuen zaletasunak. Oso mintzo tinbratu eta sakona izaki eta behiala, obra poetiko eta erretorikoak errezitatzeko zeukan era bizi eta sentituarengatik, sona lortu zuen. Orain beste gai batzuek arduratzen zuten, beste idatzi batzuk irakurtzen zituen, eta hain zuzen ere arestian fisika, kimika eta teknologiari buruzko obrei ematen zien lehentasuna. Bere berezitasunik apartekoenetako bat, agian beste gizaki askorekin partekatzen zuena, bera irakurtzen ari zela norbait liburura begira egotea eramanezin bihurtzea zen. Behiala poemak, antzerkiak eta ipuinak irakurtzen zituenean, nola errezitatzaileak, hala poetak, komikoak eta narratzaileak inor txunditu, pausaldiak egin eta iguripena sortzeko duten asmo biziaren berezko ondorioa zen hura; eta noski, nahitako ondorio horren guztiz kontrakoa da hirugarren batek, irakurtzen ari dena ohartzen dela, begiradaz aurrea hartzea. Horregatik eseri ohi zen horrelakoetan bizkarraldean inor ez zuela. Orain, hiruen artean, ez zen arreta hori beharrezkoa eta kontua sentimena kitzikatzea ez zenez gero, ezta irudimena durditzea ere, ez zuen bere burua era berezian babesten ere.

        Arrats batean bakarrik, oharkabean eseri zelarik, Charlotte liburura begira zeukala konturatu zen. Itzartu zitzaion aitzinako bere eramanezina eta zakar samar aurpegiratu zion egintza hura.

        — Noiz bukatuko ote dira ohitura txar horiek, beste asko bezala, gizarte-bizitzaren izurri baitira. Norbaiti zerbait irakurtzen badiot, ez al da ahoz zerbait kontatzea bezala? Idatziak, inprimatuak, nire zentzuaren, nire bihotzaren lekua hartzen du; eta nekatuko al nintzateke hitz egiten bekokiaren edo bularraren erdian leihatila bat banu, nik neure pentsamenduetakoren bat adierazi, neure sentimenduetakoren bat helarazi nahiko niokeen guztiak, askoz aurretikago nora joan nahi dudan jakin ahal izango balu? Zeren norbaitek liburuan irakurtzen didanean bi zatitan erdibituko banindu bezalaxe baita.

        Charlotteri, zeinaren trebetasuna talde handitan zein txikitan nabarmentzen zen, adierazpen higuingarri, zakar eta bizi oro baztertuz, solasaldi luzeegi bat etenez eta elkarrizketa motelduak suspertuz, oraingoan ere ez zion bere izaera onak huts egin.

        — Segur aski barkatuko didazu errua —ihardetsi zion— une honetan gertatu zaidana kontatzen badizut. Ahaidetasunari buruzko irakurketa entzuten ari izan naiz eta neure ahaideengan pentsatu beharra sortu zait, hain zuzen ere oraintxe eskuak bete lan ematen ari zaizkidan bi lehengusutxorengan. Gero zure irakurketara itzuli dut neure aditasuna; gauza arimagabeez dela entzuten dut, eta liburura begiratzen dut berriro bidea aurkitzeko.

        — Adierazpide figuratu batek atzipetu eta nahastu zaitu —esan zuen Eduardek—. Hemen lurrez eta mineralez bakarrik hitz egiten da, baina gizakia benetako Nartziso bat da eta denean islatu nahi izaten du bere burua: mundu osoa jartzen zaio azpian mugalde baten gisara.

        — Halaxe da! —jarraitu zuen kapitainak—. Horrela tratatzen du beregandik kanpora aurkitzen den guztia, eta bai bere jakituria, bai bere zorotasuna, bere nahia zein apeta animalia, landare, elementu eta jainkoei egozten dizkie.

        — Zera nahi nuke —ihardetsi zuen Charlottek—, ez baitzaitut gehiegi desbideratu nahi unearen interesetik, benetan hemen ahaidetasunaz zer esan nahi den laburki adieraztea.

        — Atsegin handiz —ihardetsi zuen kapitainak, zeinarengana zuzendu baitzen Charlotte—; baina duela hamar bat urte ikasi nuenez bakarrik, orduan irakurritakoaren arabera. Ezin niezazuke esan oraindik ere zientzi munduak gauza bera pentsatzen ote duen horretaz eta teoria berriekin bat datorren.

        — Tamalgarria da —jaregin zuen Eduardek— orain bizitza guztirako ezer ezin ikasi ahal izatea. Gure aurrekoak gaztaroko irakaskuntzari zatxezkion; guk, ordea, bost urtez behin dena berrikasi behar izaten dugu, erabat modaz kanpo geratu nahi ezean behintzat.

        — Gu, emakumeok —esan zuen Charlottek—, ez ditugu gauzak hain estu hartzen; eta egia esan behar badut, hitzaren zentzua behar bezala atzematea bakarrik axola zait, zeren ez baitago ezer barregarriagorik gizartean hitz arrotz bat edo tekniko bat desgaraiz erabiltzea baino. Horregatik, zera besterik ez nuke jakin nahi, zer zentzutan erabiltzen den hitz hori gai hauetan. Zientifikoki duen loturari dagokionez, jakitunen eskuetan utziko dugu auzia, izan ere, ohartu ahal izan dudanez, nekez jarriko baitira inoiz ados.

        —Baina nondik ekingo diogu albait lasterren harira joateko? —galdetu zion Eduardek, pausaldi baten ondoren kapitainari, zeinak apur batean gogoeta egin eta erantzun baitzuen:

        — Abiapuntua itxuraz urrunetik hartzeko baimena ematen bazait, berandutu gabe iritsiko gara leku egokira.

        — Zaude ziur nire aditasun guztia izango duzula —esan zion Charlottek eskuartekoari albora eraginez.

        Eta honela hasi zen kapitaina:

        — Hautematen ditugun naturako izaki guztietan bakoitza bere buruarekin harremanetan dagoela konturatzen gara. Egiatan bitxia gertatzen da berez ulertzen den zerbait esatea, baina ezagutzen duguna erabat ulertu arte, ezin dugu elkarrekin aurrera-pausurik eman ezezagunera.

        — Nik uste —tarteratu zen Eduard—, bai beretzat eta bai guretzat, errazagoa gertatuko litzatekeela auzia adibideak erabiliz. Demagun, bada, ura, olioa, zilarbizia eta berehala aurkituko duzu batasun bat, beren atalen arteko elkarlotura bat. Batura hori ez dute indarrez edo beste zehaztapenen baten bidez izan ezik uzten. Berau baztertuz gero lehen bezala batzen dira atzera.

        — Zalantzarik gabe —esan zuen Charlottek onetsiz—. Laster batzen dira euri-tantak errekak sortzeko. Eta haurtzaroan bertan txunditurik jolas egiten genuen zilarbiziarekin, bolatxotan banatuz eta berriro bata bestearekin batzen utziz.

        — Orduan izango dut baimena —gaineratu zuen kapitainak— puntu nagusi bat bidenabar aipatzeko ere, hau da, guztiz garbia den harreman hori eta jariakortasunak ahalbidetzen duena erabat eta beti forma biribilak ezaugarritzen duela. Eratzen den euri-tanta biribila da. Zerorrek hitz egin duzu zilarbizizko bolatxoez; baina berun urtuak berak ere, erortzean, gogortzeko astirik badu, bola-forma hartzen du.

        — Utzidazu aurrea hartzen —esan zuen Charlottek— ea asmatzen dudan nora joan nahi duzun. Gauza orok bere buruarekiko harremana duen bezala, besteekiko ere izan behar du erlaziorik.

        — Eta hori desberdina izango da izakien desberdintasunaren arabera —esan zuen berehala Eduardek—. Batzuk adiskide eta aspaldiko ezagunak, hurbildu eta bizkor elkartzen direnak bezala aurkituko dira, batak bestearengan aldaketarik eragin gabe, ardoa uretan nahasten denez. Beste batzuk, berriz, elkarrekiko arrotz irauten setatuko dira, inolako giza modurik ez dagoelarik elkarretaratzeko, ez nahaste mekanikorik eta ez igurtzimendurik, olioa eta urarekin gertatzen denez, ezen, une batez biak batera irabiatuz gero, berehalaxe bereizten dira berriro.

        — Gutxi falta da —esan zuen Charlottek— era sotil horretan ezagutu ditugun pertsonak ikusteko; baina batez ere bizi izan gareneko sozietateak oroitarazten dizkigute. Nahiz eta izaki arimagabe horien antzik handiena munduan bata bestearen aurka borrokan dabilen jende-osteak izan, gizarte-klaseak, profesioak, nobleziak eta hirugarren estatuak, soldaduak eta zibilak.

        — Eta halere —ihardetsi zuen Eduardek—, haiek beren artean ohitura eta legeen bitartez elkargarri direnez, ere berean badira gure mundu kimikoan ere bitartekariak elkar arbuiatzen dutenak elkartzeko.

        — Horrela —eten zuen kapitainak— olioa alkali batez elkartzen dugu urarekin.

        — Baina ez zaitez bizkorregi joan zeure hitzaldian —esan zuen Charlottek— urratsei jarraitzen natzaiela erakuts dezadan. Ez al zara oraindik kidetasunera iritsi?

        — Arrazoia duzu —erantzun zuen kapitainak— eta berehalaxe ezagutu ditugu beren indar eta zehaztapen guztian. Elkarrekin topo egitean bata bestea berehalaxe atzematen duten naturei ahaideei deritzegu. Alkali eta azidoetan, elkarri kontrajarriak izaki eta agian horrela direlako bata bestea gehien bilatzen eta besarkatzen dutenetan elkarrekin gorputz berri bat osatzeko modifikatuz, kidetasun hori aski nabarmena izaten da. Pentsa dezagun karean soilik, azido guztietarako isuri handia, elkartzeko irrits erabakia ageri duen horretan. Gure kimika-kabinetera iritsi bezain laster erakutsiko dizkizugu zenbait saiakuntza, oso entretenigarriak direnak eta hitz, izen eta zientzi terminoek baino ideia izaten hobeki laguntzen dutenak.

        — Utzidazu aitorpen bat egiten —esan zuen Charlottek— izaki miragarri horiei ahaide deitu diezunean, niri ez zaizkit odol-ahaide bezala bururatzen, izpiritu— eta arima-ahaide bezala baizik. Hain zuzen ere horretara sor daitezke benetan adiskidetasun esanguratsuak; zeren gaitasun kontrajarriek batasun sakonago baterako aukera ematen baitute. Eta horrela itxarongo dut, ea zer jartzen didazuen begien aurrean ondorio misteriotsu horietaz. Ez dizut gehiago —esan zuen Eduardengana itzulirik— trabarik egingo zeure irakurketan, eta orain askoz eskolatuagoa nagoelarik, aditasunez entzungo dizut hitzaldia.

        — Erronka egin diguzunez —ihardetsi zion Eduardek—, ez zara hain erraz libratuko: zeren kasu nahasiak baitira interesgarrienak. Berorietan bakarrik ikasten da kidetasun-mailak, harremanik hurbilen eta sendoenak eta urrunenak eta ahulenak ezagutzen; kidetasunak dibortzioak eragiten dituztenean hasten dira interesgarri izaten.

        — Baina natur zientzietan ere —jaregin zuen Charlottek— ba al du erabilerarik orain munduan, tamalez, hain sarri entzuten den hitz triste horrek?

        — Bai —erantzun zuen Eduardek—. Eta kimikariek ohorezko titulutzat onartu izan dute dibortzio-artista izendapena.

        — Orain ez dituzte horrela deitzen —erantzun zuen Charlottek— eta oso ongi dago hori. Elkartzea arte handiagoa da, meritu handiagoa. Artista elkartzaile bat denen gogokoa izango litzateke eremu bakoitzean. Baina horretan ari garenez gero, erakutsizkidazu kasu horietako pare bat.

        — Bada gatozen berehala —esan zuen kapitainak— lehen esan eta aipatu dugun hartara. Horrela, esaterako, kareharri deitzen dugun hori lur karetsu gutxi-asko garbia da, azido sotil bati estuki lotua, gas erara ezagutzera eman zaiguna. Harri horren zati bat sufre-azidozko soluzio batean ezartzen badugu, honek kareari erasotzen dio eta gero hari elkarturik agertzen da kisu-erara, azido sotil gasezkoa hegazkortzen delarik. Hemen bereizkuntza eta osakuntza berriak gertatu dira, eta uste dugu badugula eskubiderik hautapen-ahaidetasun esamoldea erabiltzeko ere, zeren eta egiazki bai baitirudi harreman bat bestea baino nahiago dela, bat bestearen ordez hautatu izan dela.

        — Barkaidazu —esan zuen Charlottek—, nik naturalistari barkatu diodan bezala; baina nik ez nuke inoiz hor horrelakorik ikusiko, aitzitik, naturaren beharrizan bat eta hori ere ozta-ozta, zeren, azken finean, abagune hutsaren gauza izan baitaiteke. Abaguneak harremanak sortu ditu lapurrak sortzen dituen bezalaxe eta zure natur gorputzez ari garelarik, baderitzot hautapena kimikarien eskuetan dagoela bakarrik, berak elkartzen baititu izaki horiek.

        Baina elkartu eta gero, Jainkoa erruki dakiela! Oraingo kasu honetan gas-azido gaixo horregatik bakarrik sentitzen dut, berriro amaigabean alderrai ibili beharko dut-eta.

        — Bere baitan bakarrik dago —ihardetsi zuen kapitainak— urarekin elkartzea eta mineral-iturri gisa osasuntsu eta gaixoei suspergaia eskuratzea.

        — Kisua ongi mintzatu da —esan zuen Charlottek—. Hori prest dago, gorputz bat da eta zaindu egiten dute; aldiz, beste izaki bat deserritu horrek baliteke oraindik premia asko nozitu behar izatea hil bitartean.

        — Oso oker egon beharko nuke —esan zuen barrezka Eduardek— zure hitzen atzean halako ironiatxo bat ezkutatzen ez bada. Aitor ezazu zeure trufa! Azken finean, zure begietarako karea naiz, kapitainak sufre-azidoak bezala erasotzen diona, zure konpainia atseginetik atera eta kisu errefraktario bihurtzen duena.

        — Zeure kontzientziak —ihardetsi zion Charlottek— gogoeta horiek eragiten badizkizu, ni lasai egon naiteke. Alegia horiek zuhur eta dibertigarriak dira, Eta nork ez du gogoz jolas egiten antzekotasunekin? Baina gizaki-maila askoz gorago dago izaki horien gainetik, eta hemen eskuzabal samarra izan bada hautapen eta hautapen-kidetasun hitz eder horiekin, bere baitara berehala itzultzeko izan da, noski, eta zio horrekin esamolde horien balioa zuzen haztatzeko. Nik, zoritxarrez, nahikoa kasu ezagutzen ditut bi izakiren artean sakona, banaezina zirudien batasunak gehitzera etorri zitzaien hirugarren baten halabeharrezko esku hartzez galdu behar izan zutenekoak, eta lehen hain ederki elkarturik zeudenetako bat espazio zabalera jaurtikia izan zenekoak.

        — Hemen kimikariak askoz galaiagoak dira —esan zuen Eduardek—, zeren laugarren bat gehitzen baitute, inor hutsik joan ez dadin.

        — Hori da! —ihardetsi zuen kapitainak—: kasu horiek dira hain zuzen ere nagusienak eta ohargarrienak, zeinetan erkatzea, ahaidetasuna, uzte hori, elkartze hori gurutze erara irudika daitezkeen; zeinetan lau, ordura arte bi bitara elkarturik, gero ukipenean ezarririk, lehengo beren batasuna utzi eta era berri batez elkartzen diren. Joaten uzte eta atzemate horretan, ihes egin eta bilatze horretan goragoko erabaki bat dagoela sinets daiteke; izaki horiei nahi eta hautapen-mota bat esleitzen zaie, eta hautapen-ahaidetasun izendapen artifizial hori erabat bidezkoa da.

        — Deskribaidazu kasu horietako bat —esan zuen Charlottek.

        — Horrelako gauzen berri —erantzun zuen kapitainak— ez litzateke hitz hutsez eman behar. Dagoeneko esan dizudanez, saiakuntzak neronek erakutsi ahal izango dizkizudanean, dena nabariago eta atseginago bihurtuko zaizu. Orain hitz tekniko ikaragarriekin entretenitu beharko zintuzket, guztiarekin ere inolako ideiarik eman gabe. Itxuraz hilik dauden baina jarduerarako barrutik beti prest-prest dauden izaki horiek beren begipean obratzen ikusi beharko lirateke, begikotasunez begiratu, bata bestea nola bilatzen duten, nola erakartzen eta erasotzen duten, suntsitzen, irensten, ezabatzen eta nola gero batasun sakonenetik atzera forma berritua, berria espero gabea izatera pasatzen diren: orduan bakarrik esleitzen diegu betiereko bizitza, eta baita zentzua eta adimena ere, zeren ez baititugu geure zentzumenak gai sentitzen ongi behatzeko eta geure adimena doi-doi haiek kontzebitzeko gauza ere.

        — Ez dut ukatzen —esan zuen Eduardek— termino tekniko arraroak, intuizio zentzukoi eta kontzeptuarekin beraiekiko ezaupidea ez duenari gogaikarri eta barregarri irudituko ez zaionik. Baina erraz adieraz genezake, bitartean, letren bidez hemen aipatzen den harremana.

        — Baldin uste baduzu ez duela pedantekeri itxurarik izango —ihardetsi zuen kapitainak— ongi erabil ditzaket, laburki, neure ideiak. Pentsa ezazu A bat B bati estuki loturik dagoena, bitarteko ugariz eta indar handiaz hartatik bana ezin daitekeena; pentsa ezazu C bat D batekiko erlazio berean aurkitzen dena; ezar itzazu bi bikoteak ukipenean, A Dra, C Bra oldartuko dira, zeinek uzten duen bestea aurrena, zein batzen den bestearekin aurrena ezin esan daitekeelarik.

        — Eta zer! —eten zuen Eduardek—. Guzti hori geure begiez ikusten ez dugun bitartean, formula horiek sinbolotzat hartu beharko ditugu, zeinetatik teoria bat aterako dugun geuk berehala erabiltzeko. Zuk, Charlotte, A ordezkatzen duzu; nik, B, zeren, egia esateko, zure baitan bainago eta B Ari bezala jarraitzen natzaizu. Bistan dago C kapitaina dela, oraingoz nigandik aldentzen zaituena. Eta argi dago zehaztugabean galdu nahi ez baduzu, D bat bilatuko duzula, eta hori da zalantzarik gabe Ottilia damatxo maitagarria, zeinaren hurbiltzetik ezin baituzu gehiago zeure burua babestu.

        — Ongi da —erantzun zuen Charlottek—. Nahiz eta ez deritzodan guztiz egokia adibideari gure kasuan, halere zorionekotzat daukat behingoz zeharo bat etortzea eta natur eta hautapen-ahaidetasun horiek fidantziazko tratua gure artean bizkortzea. Horregatik bakarrik aitortuko dut gaur arratsaldeaz gero, prest nagoela Ottiliari dei egiteko, zeren orain arte giltzari eta etxezain izan dudana alde egitera baitoa ezkontzeko. Hori litzateke nire aldetik eta niri dagokidanez; eta Ottiliarenganako nire interesari dagokionez, zerorrek irakurriko diguzu. Ez dut orrira begiratuko, baina, egia esan, dagoeneko badakit edukiaren berri. Baina irakur ezazu, arren!

        Hitz hauekin gutun bat atera eta Eduardi luzatu zion:

 

 

 

© Goethe

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Goethe / Hautapen ahaidetasunak" orrialde nagusia