(1889: apirilak 9)

 

BERA bere buruaren baitan bilduta, uzkurdura horien erdian, Bera, burua odolarekin ilunduta, zintzilik, hari finenek gelditurik: bizitzara zabalik, azkenik. Lunerok besoetatik oratu zion arreba zuen Isabel Cruz edo Cruz Isabeli; eta begiak itxi zituen arrebaren hanka zabalduen arteko hura guztia ez ikusteko. Eta galdetu zion, aurpegia gordeta: «Zenbatu al dituzu egunak?», eta emakumeak ezin izan zuen ezer erantzun, garrasi, garrasi egiten baitzuen, barrurantz garrasi, ezpainak hertsirik, hortzak estuturik, eta burua ageri zela, bazetorrela, sentitzen zuen, eta Lunerok sorbaldetatik heltzen zion, Lunerok bakarrik, eta ontzi batean ura irakiten zuen, eta labana eta trapuak prestaturik, eta Bera hankartetik irteten, irteten, sabeleko uzkurdurek, gero eta sarriagoek, bulka eginda, eta Lunerok Cruz Isabel edo Isabel Cruzen sorbaldak askatu behar izan zituen, eta zango irekien artean belauniko jarri, eta hartu burua, buru heze, beltz hura, eta gorputz hura, Cruz Isabeli, Isabel Cruzi lotutako gorputz txiki lingirdatsu hura, gorputz txikia amaren gorputzetik bereizia, eta Luneroren eskuek hartua, eta emakumeak intziri egiteari utzi zion, eta arnasa hartzen zuen, hats sendo bat uzten zuen kanporatzen, esku-azpi zuri haiekin lehortzen zuen aurpegiko izerdia, eta bilatu egiten zuen, Bera bilatu, besoak luzatu: Lunerok zilbor-hestea ebaki zuen, muturra lotu, gorpuztxoa garbitu, aurpegia, laztandu, musu eman, eta arrebaren eskuetan utzi nahi izan zuen umea baina Isabel Cruz, Cruz Isabel intzirika ari zen beste uzkurdura batek jota, eta botak gero eta hurbilago ziren etxolatik, eta emakumea lur soltean, palmazko sabai azpian, zetzan, eta botak gero eta hurbilago etxolatik, eta Lunerok gorputz txikia ahoz behera jarri zuen eta jo egin zuen, jo, esku-azpia zabalduta negar egin zezan, negar egin zezan, eta botak gero eta hurbilago: negar egin zuen: Berak negar egin zuen, eta bizitzen hasi...

 

 

NIK ez dakit... ez dakit... Ni Bera naizen... Bera Zu izan zen... Ni hirurak naizen... Zu... neure barruan zakartzat eta neurekin hilko zara... Jainkoa... Bera... barruan ekarri nuen eta neurekin hilko da... hirurak, hitz egin duten hirurak... Ni... barruan ekarriko dut eta neurekin hilko da... bakarrik...

 

 

ZUK jada ez duzu jakingo: ez duzu zure bihotz zabaldua ezagutuko, gau honetan, zure bihotz zabaldua... Esaten dute «Bisturia, bisturia»... Nik entzuten dut, Nik jakiten jarraitzen dut Zuk jada ez dakizunean, Zuk jakin baino lehen... Ni Bera izan nintzen, Zu izango naiz... Nik entzun egiten dut, kristalaren hondoan, ispiluaren atzean, Zu eta Beraren hondoan, azpian, gainean... «Bisturia»... zabaldu egiten zaituzte... kauterizatu... sabel-paretak zabaltzen dizkizute... aizto meheak, hotzak, zehatzak sabel-paretak bereizten ditu... aurkitzen dute likido hori urdailean... barrunbe iliakoa bereizten dute... aurkitzen dute heste multzo narritatua, handitua, zure mesenterio gogor eta odolduari loturik... aurkitzen dute pasmo zirkularraren plaka... kiratsa darion likido batean bustita... esaten dute, errepikatzen dute... «infartua»... «mesenterioko infartua»... begiratzen dizkizute hesteak, heste dilatatu horiek, kolore gorri bizia dute, ia beltza... esaten dute... errepikatzen dute... «pultsua»... «tenperatura»... «zulaketa puntiformea»... jan, karraskatu... zure sabel zabaldu horri likido hemorragikoa itzurtzen zaio... esaten dute, errepikatzen dute... «alferrik»... «alferrik»... hirurak... odolbatua askatu egiten da, askatuko da odol beltzetik... ibiliko da, geldituko... gelditu da... zure isiltasuna... zure begi zabaldu horiek... ikusmenik gabe... zure atzamar izoztu horiek... ukimenik gabe... zure azazkal beltz, urdin horiek... zure baraila dardaratsu horiek... Artemio Cruz... izena... «alferrik»... «bihotza»... «masajea»... «alferrik»... jada ez duzu jakingo... barruan ekarri zaitut eta zeurekin hilko naiz... hirurok... hilko gara... Zu... hiltzen ari zara... hil zara... hilko naiz.

 

La Habana, 1960ko maiatza.

Mexiko, 1961eko abendua.

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia