(1903: urtarrilak 18)

 

BERA esnatu egin zen, Lunero mulatoaren marmarrak —A, mozkortitzarra, a mozkortitzarra— esnatu zuen, oilarrek (zuela mende erdi baino gehiago eskualdeko nagusi handiaren borroka-oilarrekin lehian jardunagatik, sasoi batean, etxaldearen harrotasuna izan ziren oilategiak utzita, orain, larre morrontzatik bizi ziren hegazti doluz jantzi haiek) elkar hartu eta iragarri zutenean tropikoko egunaren urratze arina; gauaren amaiera, lauza gorrixkako terrazan beste parranda bakarti batean katigatuko Pedrito jaunarentzat: palmazko sabairaino iritsi zen nagusiaren abesti horditua; han, palmapean, Lunero jaikita zegoen jada, eta lurrezko zorua bustitzen zuen eskuz joz garai batean laka distiragarriaz estaliriko ahate eta loretxodun beste paraje bateko kikara hartan hartutako ura. Denborarik galdu gabe, Lunerok sutontzia piztu zuen, bezperako charal xehatuaren apurrak berotzeko; frutontzian bilatu zituen, begiak kizkurtuz, azal ilunenak, haiexek jan behar baitziren lehenengo-lehenengo, erabateko usteltzeak, oparotasunaren ondoko zenak, bigundu eta harrez bete baino lehen. Gero, laminazko plantxaren keak umea loalditik guztiz atera zuenean, gelditu egin zen kantika mantsoa, baina, entzun zitezkeen, artean, mozkortuaren estropezuak, gero eta urrunago, eta azken ate-danbatekoa, zeina insomnio-goiz luzearen hasiera baitzen: ahuspez, kaobazko ohetzarraren lastaira biluzi eta tindatu gainean, eltxo-sarean katramilatuta, izara gabeko ohe baldakindunean, etsita, pattar erreserba amaitu zelako. Lehen —ekin zion gogoratzeari Lunerok, umearen ile nahasia laztandu zuenean, umea kamiseta laburra jantzita pubertaroko estreinako itzalak erakutsiz sutara inguratu baitzen—, lurra handia zen garaian, etxolak etxetik erretiratuta zeuden eta ez zegoen jakiterik etxean zer jazotzen zen, sukaldari lodiek eta bazterrak garbitzen eta alkandorak almidoiztatzen ziharduten neska mestizoek tabako zelaietan eguzkiak erretakoen beste mundu hartara etxe handiko gorabeheren berri ekarri ezean. Orain, hurbilago zegoen dena, eta agiolariek eta lehengo nagusi hilaren etsai politikoek urritutako etxaldean ez zen geratzen beira gabeko etxea eta Luneroren etxola baino; eta etxean morroien oroitzapenaren zizpurua baino ez, zeinak Baracoa argalari esker zirauen, Baracoak amama —barreneko gela urdinean giltzapetu zen amama hura—, zaintzen baitzuen. Etxolan Lunero eta mutikoa baino ez ziren bizi, eta berauek ziren behargin bakarrak.

        Lur berdinduan eseri eta arraina banatu zuen mulatoak, erdia lamina gainean utziz, eta beste erdia lurrezko ontzira botaz. Mutikoari mango bat eskaini, berak banana bat zuritu eta hitzik esan gabe jan zuten biek. Errauts tontortxoa iraungi zenean, irekidura bakarretik —ate, leiho, txakur usnatzaileen atalase, kare-marrak gelditutako inurri gorrien muga— convólvuloaren, Lunerok, hormetako pezo arreak estali zitzan eta lore tubularren gau-lurrina txabolan endreda zedin aspaldi landatu zuen convólvulo haren, hodei astuna sartu zen. Ez zuten hitzik egiten. Baina biek sentitzen zuten, elkarrekin egoteak eragindako esker on alai bera; ez zioten, ordea, elkarri inoiz aitortuko, elkarri inoiz, ezta irri batez ere, esker onik erakutsiko. Izan ere, berak han ez zeuden ez ezer esateko, ez irri egiteko, han elkarrekin jan eta lo egiteko zeuden, eta elkarrekin irteteko, isiltasun salbuespenik gabe, tropikoko hezetasunez betetako egunsentietan, eta egunak elkarrekin igarotzeko eta Baracoak larunbatero amama zaharraren janarirako eta Pedrito nagusiaren katalintzarretarako behar izango zituen urrezko txanponak ateratzeko zereginei ekiteko. Ederrak ziren bonbilatzar zabal urdin horiek, berotik lezkaz ehundutako saskiaz eta larruzko heldulekuaz babestuak: sabel zabala, sama labur eta estua. Pedrito nagusiak etxe aurrean pilatzen zituen eta Lunerok, hilean behin, etxaldean ur-baldeak garraiatzeko erabili ohi zuen pertika zabala berarekin, mendi magaleko herrixkara joan, eta makila, katalintzarrak lotuta eta zintzilik zituela, sorbalda gainean hartu —hil egin zitzaien-eta lehengo mandoa— eta etxerako bidea egiten zuen. Mendi magaleko herrixka huraxe zuten auzo bakarra. Hirurehun lagun bizi ziren bertan, eta teila-orbanengatik ez balitz ez zen ikusi ere egingo, izan ere, hostotza, mendiko harria sustraitzean, errekari itsaso hurbilerako ibilbidean lagun egiten zion mazela leunean gora zutitzen zen.

        Etxolatik irten eta korri egin zuen mutikoak iratze-bidexkatik, iratzeek mangondo enbor gris eta leunak inguratzen zituzten, eta aldats istiltsuak eraman zuen, lore gorriak eta fruitu horiak gordetako zerupean, erriberara, non Lunerok, aihozkadaka, argigune bat zabaldu baitzuen ibai ondoan —ibaia zabaltzen hasten zen gune horretan, artean zurrunbilotsu— eguneroko lanetarako. Mulato beso-luzea mezklilazko prakak, barrenetako irekiduretan zabalak, aspaldiko itsas modaren baten oroigarri, lotuz bertaratu zen. Gaua izarpean, une hartan mulatoa hurbildu zen biribilki burdin ugertuaren gainean, lehortzen igarotako praka labur urdinak hartu zituen mutikoak. Mangladiko zenbait enbor-azal, zabalik eta leunduta, ahoak urpean zeutzan. Lunero gelditu egin zen lipar batez, oinak lohian hondoratuta. Itsasorako joanean, arnasa zabaldu ahala ibaiak gero eta iratze eta bananadi arlo handiagoak laztantzen zituen. Zerua baino garaiagoa zirudien sastrakak, lau, distiratsu eta baxu baitzegoen hura. Biek zekiten zeri ekin. Lixa hartu eta, besaurreko zain lodietan dantzan egiten zuen indar batez, enbor-azalak leuntzeari lotu zitzaion Lunero. Mutikoak aulki herren eta ustel hura hurreratu eta egurrezko masta zentral batetik eskegita zegoen burdinazko biribilki barruan jarri zuen aulkia. Biribilkian zulatutako hamar irekiduretatik beste horrenbeste kordel-muki ageri zen dindilizka. Mutikoak zirkulua biraka jarri eta lapiko azpiko sua piztera makurtu zen gero: bor-bor egin zuen mitre urtuaren lodierak, bira zirkuluak; umea argizaria zuloetara isurtzen hasi zen.

        — Laster da Garbikunde eguna —esan zuen Lunerok hortz artean hiru iltzeri eutsiz.

        — Noiz?

        Eguzkipeko su xumeak mutikoaren begiak argitu zituen.

        — Bian, Cruz txiki, bian. Egun horretan kandela gehiago salduko da, ez ingurukoei bakarrik, eskualde guztiari baizik. Badakite-eta hemengoak direla kandelarik onenak.

        — Gogoratzen naiz iaz.

        Noizean behin, zart egiten zuen argizari beroak; umeak marka txiki biribilez zituen izterrak titakatuta.

        — Marmotak bere itzala bilatzen duen eguna da.

        — Nola dakizu?

        — Beste paraje batetik ekarritako elezahar bat da.

        Isildu eta mailua hartu zuen Lunerok. Bekoki iluna zimurtu.—Cruz txiki, ba al dakizu kanoak nola egin?

        Irribarre zuri handi bat azaleratu zen une hartan umearen bisaian. Ibaiaren isla berdeek eta iratze hezeek nabarmendu egin zuten aurpegiaren eite hitsa, hezurtsua. Ibaiak orraztuta, ilea bekoki zabalean, garondo ilunean zuen kiribilduta. Eguzkiak kobre tonuz jantzi zuen, alabaina, sustraia beltza zen. Fruta berdearen tonu oro zuen hedatuta beso meheetatik zehar bai eta, erreka hondo belartsuak eta ertz lohiak freskatutako gorputzaren irribarrean hortz-haginak diz-diz, ur-korronteari buru eginez zaildutako bular gogortutik ere. —Bai, badakit. Erreparatu diot nola egiten dituzun.

        Mulatoak jaitsi egin zituen begi berez baxuak, nareak baina zoliak. —Lunero badoa, jakingo duzu lan guztiak egiten?

        Mutikoak burdinazko gurpilari eragiteari utzi zion. —Lunero badoa?

        — Joan behar izango balu.

        Ez zuen ezer esan behar, pentsatu zuen mulatoak; ez zuen ezer esango, bereak joan ohi diren bezala joango zen bera ere, ezer esan gabe, halabeharra ezagutu eta onartzen duelako eta bere ezaguera eta onarpen horren eta beste batzuen ezaguera eta ukatzearen artean arrazoi eta oroitzapen zeharo desberdinak sentitzen dituelako; badakielako berak nostalgia eta batetik bestera ibiltzea zer den. Eta ezer ez zuela esan behar argi izan arren, bazekien mutikoak —bere betiko lagunak— jakin-minez, burutxoa alderatuta, begiratu ziola atzo Luneroren bila etorri zen gizon longain estu izerdituari.

        — Badakizu, argizaria herrian saldu eta Garbikunde egunerako gehiago egin; hilero-hilero botila hutsak eraman eta Pedrito nagusiari pattarra atean utzi... kanoak egin eta hiru hilerik behin ibaian behera eraman... eta bai, zera ere bai, Baracoari urrea eman, badakizu, zeuretzako txanpon bat gordez, eta charalak hemen bertan harrapatu...

        Erreka bazterreko soilgune txikiak ez zuen jada biribilki ugertuarekin, ez eta mulatoaren mailu hots sorrarekin ere, pilpira egiten. Berdetasunak hertsaturik, gero eta ozenagoa zen ur arinaren gurgura, zeinak ahotzak eta gaueko erauntsiek suntsitutako enborrak eta goiko landetako belar uhintsuak zekartzan. Tximeleta beltzak eta horiak hegan zihoazen, itsasorantz haiek ere. Mutikoak besoak jausten utzi zituen eta mulatoaren begirada eroriaren berri jakin nahi izan zuen.

        — Bazoaz?

        — Zuk ez dakizkizu hemengo kontu guztiak. Behinola, lur hau guztia, mendiraino, hemengoena zen. Gero galdu egin zen dena. Aitajauna hil egin zen. Atanasio nagusiari traizioz egin zioten eraso eta lurrak apurka-apurka erein gabe utziz joan ziren. Edo beste batzuek eskuratu zituzten. Neu baino ez nintzen gelditu, eta bakean utzi naute hamalau urtez. Baina niri ere, lehenago edo beranduago, heldu behar zitzaidan ordua.

        Lunero gelditu egin zen, ez zekien-eta nondik jarraitu. Uraren izur zilartsuek arreta atxiki zioten eta giharrek hasitakoarekin jarraitzeko agindu zioten. Zuela hamahiru urte, umea eman ziotenean, zurien istorioetako antzinako errege hura bezala, umea errekan behera bidaltzea otu zitzaion, tximeletek zainduta, eta haren etorreraren, boteretsu eta handi, zain egotea. Baina Atanasio nagusia hil egin zenez, bera kargutu zen umeaz, Pedrito nagusiarekin, distraitu edo eztabaidatzeko ez gauza zen hura, inolako liskarraldirik izan gabe, amamarekin ere errietan egin gabe, izan ere, atsoa farfaildun errezel eta ekaitzarekin tintin egiten zuten kriseiludun gela urdin horretan bizi zen jadanik eta ez zuen inoiz bere zorotasun zigilatutik metro gutxira koskortzen ari zen umearen berri jakingo. Ordu onean hil zen Atanasio nagusia, bai; hark umea hiltzeko aginduko zuen, Lunerok salbatu zuen. Kazike berriak azken tabako-sailak eskuratu zituen, eta hemengoei ibai eta sastraka ertz hauek eta lapiko huts eta arrakalatuaren antzeko etxe zahar hori besterik ez zitzaien gelditu. Ikusi zuen nola hemengo beharginek jaun berriaren lurretara alde egin zuten, ikusi nola jende gehiago hasi zen iristen, soro berrietan lan egitera handik goitik ekarritako jendea, eta nola atera zuten beste herri eta etxaldeetatik eskulana eta berak, Lunerok, hemengoak aurrera ateratzeko, argizari eta kanoen lanak asmatu behar izan zituen eta pentsatu, lur zati antzu honetatik, ibaia eta etxe eroriaren arteko miko honetatik, inortxok ez zuela aterako, inork ez zuela, bere mutikotxoarekin landare-hondakinen artean ezkutatuta, berarengan erreparatuko. Hamalau urte behar izan zituen kazikeak bera han zela ohartzeko; egunen batean amaitu behar zuen eskualdeko bazter arakatze setatsuak, eta lastategian azken orratz galdua aurkitu. Horrexegatik agertu zen atzo arratsaldean, longain beltzean ito beharrean eta lokietatik behera izerdia zeriola, kazikearen atzemailea, biharamunean bertan —gaur— eramango zuela estatu hegoaldeko nagusiaren etxaldera Lunerori esatera, izan ere, tabako-langile on gutxi zegoela eta Lunerok hamalau urte zeramatzala kolpe zorririk jo gabe, mozkorti eta atso ero bat zaintzen. Eta horixe zen Lunerok Cruz txikiari nola azaldu ez zekiena, umeak ez zuela ulertuko iruditzen baitzitzaion. Umeak ibai ertzeko lanaren eta bazkalaurreko uraren freskotasunaren eta kostaldera, non jaibak eta karramarro biziak oparitzen zizkioten, eta ondoko herrira, inork hitzik egiten ez zion indioen herri hartara, egindako bidaien berri baizik ez zekien-eta. Baina egia esan, mulatoak bazekien istorioaren hariari tira eginez gero, ehuna amaituz-amaituz joango zela, eta istorioaren hasierara jo beharko zuela, eta umea galdu. Eta mutikoa maite zuen —esan zuen bere baitan mulato beso luzedunak, enbor-azal leunduaren ondoan belaunikatuta—; bere arreba Isabel Cruz egurtu eta mutikoa berari eman ziotenetik, ez zion umea maitatzeari utzi; eta Lunerok Menchacatarren abereetatik gelditutako ahuntz zahar bakarraren esneaz elikatu zuen etxolan; eta umetan, Veracruzen frantsesen morroi izan zen garaian, ikasitako hizki haiek egin zizkion basan; eta irakatsi zion igeri egiten, frutak bereizten eta dastatzen, aihotza erabiltzen, kandelak egiten, abesten Luneroren aitak Santiago de Kubatik, gerra hasi eta familiak zerbitzariekin Veracruzera etorri ziren sasoian, ekarri zituen kantak. Eta horixe zen Lunerok umearen gainean jakin nahi zuen guztia. Ez zegoen, beharbada, beste ezer jakin beharrik, umeak berak ere Lunero maite zuela eta hura gabe ez zuela bizi nahi kenduta. Mundutik kanpo bizi ziren itzal horiek —Pedrito nagusia, Baracoa indioa, amama— aurrerantz aurrerantz zetozen, labana profilarekin, Bera Lunerorengandik banatzera. Haiek ziren lagunak eta biek osatzen zuten bizitza hartatik arrotza zena, apartekoa zena. Horixe zen mutikoak pentsatzen zuen guztia, ulertzen zuen guztia.

        — Egin kontu kandela nahikorik ez dela izango, eta apaiza haserretu egingo dela —bota zuen Lunerok.

        Haize berezi batek kandela-mutur eskegiak elkarren artean jotzen jarri zituen, eta guakamaio izutu batek eguerdiko ulua egin zuen.

        Lunero zutitu eta ibaian barrendu zen, sarea korrontearen erdian zegoen. Mulatoa uretan murgildu eta sarea esku batean zintzilik urgaineratu zen. Mutikoak praka laburrak erantzi eta uretara egin zuen jauzi. Inoiz ez bezala, haragiaren juntadura guztietan sentitu zuen freskura, urperatu eta begiak zabaldu zituen: lehenengo azaleko, azal arineko, uhin gardenak hondo lupetsu eta berdearen gainean zihoazen. Eta goian, atzean —orain korrontearen menera jarri zen, gezia bailitzan— etxe hori zegoen, hamahiru urtean, inoiz sartu ez zen etxe hori, urrunetik baizik ikusi ez zuen gizona eta izenez soilik ezagutzen zuen emakumea bizi ziren etxe hori. Burua atera zuen uretatik. Lunero arraina frijitzen ari zen eta papaia bat zabaltzen aihotzaz.

        Eguerdia igaro bezain laster, tropikoko hosto-sabaian barrena iragazi ziren eguzki errainuak, gogotsu, joz, sartalderanzko jaitsieraren unetik beretik. Adar geldien tertzioa, ibaiak berak ere egonean zirudien. Mutikoa palmondo bakartiaren azpian biluzik etzan zen, eta eguzki-izpien beroa sentitu zuen, soin goi-behearen eta mustukaren itzala gero eta urrutirago jaurtitzen zuten eguzki-izpien beroa. Eguzkiak eguneko azken ibiliari ekin zion; alabaina, izpi zeiharrak gora zihoazela esan zitekeen, gorputz osoa, poroz poro, argituz. Oinak lehendabizi, idulki biluzian pausatu zenean. Laster, hanka irekiak eta sexu lokartua, sabel laua eta bular uretan zailduak, sama luzea eta barailezur zorrotza; argia bi marra sakon arrailtzen ari zen, marrok arku tenkatuak balira bezala masail hezur gogorrei itsatsita zeuden eta masail hezurrek nabarmendu egiten zuten, arratsalde hartan, lo kuluxka sakon eta baketsuan hondoratutako begi haien argitasuna. Bera lo zegoen eta Lunero, handik hurbil, ahuspez etzan zen, eta lapiko beltza tarrapataka jotzen hasi zen hatz-muturrez. Erritmo bat ari zitzaion gailentzen. Gorputz etzanaren itxura bateko baretasuna, besoan jarritako arreta tenkatuari zor zitzaion; izan ere, besoak tonu trinkoak erauzten zituen trastetzarretik eta, arratsaldero legez, erritmo gero eta biziagoaren memoria berreskuratua, bizi ez zuen haurtzaro eta bizitzaren abestia murmurikatzeari ekin zion, arbasoek, zeiba ondoan, kaskabiloz apaindutako txanoak jantzi eta pattarrez eskuak igurtzi zituztenekoa, eta gizon hura buruan zapi zuria zuela aulkian eserarazi, eta denek arto eta laranja garratzezko nahastea azukre beltz hondoraino edateari ekin eta umeei gauez txistu ez egiten irakasten zietenekoa:

 

                tó...

                la hija de Yeyé...

                le gusta marió... de otra mujé...

                tó la hija de Yeyé, le gusta marió, de otra mujé...

                tóla hijaeyéye legusta.

 

        Erritmoa gailentzen ari zitzaion. Besoak luzatu zituen eta lur hezearen ertzak ukitu zituen, eta ekin zion lurra tapa-tapa atzamarrez jotzeari eta sabela lurrean igurzteari, eta irribarre handi bat aurpegiratu zitzaion, eta masailak, hezur zabalera itsatsitako masail haiek, urratu zizkion: legustamariódeotramujé... Eguzkiaren berunak bete-betean jotzen zion buru biribil eta kizkurtu hartan, eta ezin zuen zegoen jarrera utzi, eta bekoki, saihets eta izter artetik behera izerdi patsetan zegoen, eta kantika gero eta isilagoa eta sakonagoa ari zen bilakatzen. Zenbat eta gutxiago aditu kanta, orduan eta biziago sentitzen zuen, orduan eta gehiago lotzen zitzaion bera lurrari, lurrarekin larrutan egingo balu bezala. Tólahijaeyéye: lehertzear zuen irribarrea, lehertzear gizon longain beltzaren ahanztura, arratsalde hartan, zeina gaurko eguneko arratsaldea zen, etortzeko zen gizon harena. Eta Lunero bete-betean zegoen sartuta bere kantuan, eta bere dantza etzanean, eta dantza hark hilobia zekarkion gogora, hilobi frantsesa eta etxe erre horretako presondegian ahazturiko emakumeak.

        Atzean, hostaila eta etxaldearen egoitza, eguzkiak bainatutako umeak, ametsetan, amesten duen egoitza hura. Horma belztu horiek, liberalek erre zituzten horma horiek, noiz ere, liberalak handik igaro ziren Inperioaren aurkako azken kanpainan, Maximiliano hil ondoren, eta aurkitu zuten familia hura, zeinak logelak utzi zizkion indar frantsesen mariskal nagusiari eta sotoak tropa kontserbadoreari. Cocuyako etxaldean hornitu ziren Napoleón III.aren soldaduak, mandoetan kontserbak, frijola eta tabakoa hartuta, gerrilla juaristaren posizioak suntsitzera joan behar izan zutenean mendialdera, handik erasotzen baitzieten gaizkile talde horiek zelaiko frantses kanpamenduei eta Veracruzeko hirietako gotorlekuei. Eta etxaldearen inguruetan, zuaboek bihuela eta arpa taldeak aurkitu zituzten, zeinek «Balajú se fue a la guerra y no me quiso llevar» abesten zuten, eta egiten zizkieten gauak alaitu, Dubois eta Garnier behar zuten arren, Garduño eta Álvarez deiturak hartuko zituzten mestizo ilehori, mulato begi argi eta larruazal metatuez erdituko ziren emakume indio eta mulato haiekin batera. Bai, beroak abaildutako arratsalde hartan berean, Ludiviana atsoa, gela hartan, zentzugabeko kriseiludun —bi sabaizun zuritutik eskegita, bat ohe zutoin ildaskadunaren alboan zokoratuta— eta errezel farfail horitudun gela hartan, betiko giltzapeturik, Baracoa emakume indioak —zeinek bere benetako izena galdu eta etxaldeko biztanleri beltzak jarritako beste hori, haren arrano soslaiarekin eta txirikorda koipetsuekin hain txarto zetorren beste hori, hartu baitzuen— abanikatzen zuela: Ludiviana atsoa, begiak zabal-zabalik, kanta madarikatu hura ari da ahapeka abesten; jabetuko balitz ez luke, ez, gogora ekarriko; alabaina, dastatu egin nahi du, Juan Nepomuceno Almonte jeneralari iseka egiten diolako. Almonte jenerala hasieran etxeko lagun izan zen eta Ireneo Menchacaren, Ludivianaren senarra zenaren, adiskide, eta gorte santanistaren kide, baina gero, Mexikoren salbatzaile eta Menchacatarren babesle —bizitzak eta ondasunak— hark bere milagarren erbesteralditik etorri nahi izan zuenean, eta lehorreratu egin zenean, eta disenteria erasoaldi batetik bere onera etortzen ari zenean, uko egin zien sasoi bateko leialtasunei, eta frantsesek hura atxilotu eta berriro ontzira zezaten utzi zuen: San Juan de Nepomuceno, itzela. Ludivianak gogoratzen du Juan Nepomuceno Almonte jeneralaren, Morelos apaizaren baztangak jotako mila emakumeen seme zen haren, begitarte iluna, eta bihurtzen du aho maskala, hortzik gabekoa, oroitzen duenean, oroitzen duenean Santa Anna lurraren pareraino beheratu zuen juaristen abesti madarikatu haren ahapaldi gatzdun hura: ...y qué te lo preciera que llegaran los ladrones, se robaran a tu vieja y le bajaran los calzones... Ludivianak karaka egin zuen barrearen barrez eta keinu batez palmazko haizemaileari bizkorrago eragiteko agindu zion emakume indioari. Logela zimelari, kareztatuari, tropiko itxi, ordeztu, hotzez jantzitakoaren usaina zerion. Gogoko zituen atsoak hormetako hezetasun-orbanak, gogora beste klima batzuk ekartzen baitzizkion, haurtzaroko haiek, Ireneo Menchaca tenientearekin ezkondu, eta Antonio López de Santa Anna jeneralaren bizitza eta zoriarekin bat egin, eta haren graziari esker erreka ondoko lur oparoak, mendirainoko eta itsasorainoko lur beltz eta zabalak, lortu baino lehenagokoak. Allá en la Francia, güirí güirí güirá, se murió Benito Juarez, se acabó la libertad. Eta orain begitartea erresuminez kizkurtu zitzaion eta aurpegia, zain urdinezko sare-ehunari esker lotutako aurpegi hura, mila zarakar hautseztutan desegin zen. Ludivianaren erpe dardaratiak Baracoa aldendu zuen beste keinu batez eta zeta beltzezko mahukak eta farfail higatuko eskumuturrak astindu zituen. Farfaila eta kristala, baina ez hori bakarrik: makal-egur landuzko mahaiak marmolezko gainalde lodiekin, non atseden hartzen zuten kristalezko kanpaien azpian jarrita zeuden erlojuak, boladun hanka bihurkatu astunekin; adreiluzko zoruan zumezko kulunkaulkiak, berriro jantzi ez zituen polison-jantziez estalita, taula alakatuak, brontzezko tatxetak, panel eta burdinazko sarraila zulodun kutxak, kreol ezezagunen erretratu obalatuak, zurrunak, bernizatuak, belarrondoko bizar harro eta bular goratu eta kareizko apain orraziekin, latorrizko markoak santuentzat eta Atochako umearentzat, azken hori irudikaturik estofa-lan zahar, pipiak jotakoan, zeinak doi-doi eusten zion lehenengo urrezko laminari, orbel zilarreztatu eta baldakin eta zutoin ildaskadun ohea, gorputz unatuaren gordailu, usain trinko eta izara zikinen, lastairan printzatutako zirrikituetatik ageri ziren lasto mordoilo eta tumoreen habia.

        Sutea ez zen bertaraino iritsi. Ezta galdutako lurren eta segada batean hil zuten semearen eta beltzen etxolan jaiotako mutiko haren berria ere: berriak ez, baina bihozkadak bai.

        — Emakume indio, ekardazu pitxer bat ur.

        Baracoa irten arte itxaron zuen, eta orduan arau guztiak hautsi zituen, gortinak baztertu zituen eta betondoa zimurtu hango kanpoko gorabeherak hobeto barrandatu ahal izateko. Mutiko arrotz hura hazten ikusi zuen; leihotik zelatatu zuen, farfailaren barru aldetik. Begi haiexek ikusi zituen eta kakara egin zuen plazerez gorputz gazte hartan jakin zenean, bera, burmuinean mende bateko memoria eta aurpegiko erretenetan desagertutako aire eta lur eta eguzki geruzak zituen bera. Eutsi egin zion. Bizirik iraun zuen. Nekez heldu zen leihora; ia katamar eman behar izan zituen pausoak, begiak belaunetan iltzatuta eta eskuak izterren kontra estututa. Buru ile-xerlo urdina sorbalda artean zuen galduta, zenbaitetan burezurra bera ere guztiz estaltzeraino. Baina bizirik iraun zuen. Hantxe zegoen, gazte egunetako keinuei ohantze nahasitik eusten ahaleginduz. Egun haietan neska gazte eder eta zuri hark Cocuyako ateak zabaldu zizkien hamaika espainiar prelatu, frantziar merkatari, eskoziar ingeniari, britaniar bono saltzaile, agiolari eta filibusterori, Cocuyatik igaro zirenean Mexiko hiriranzko eta aberri gazte, anarkiko hark eskaintzen zituen aukera zabaleranzko joanaldian: katedral barrokoak, urre eta zilar meatzeak, tezontle eta harlanduzko jauregiak, klero negoziatzailea, politika azalutsa eta gobernu beti zorpetua, atzerritar hizketa-molde xarmangarriarentzat aduana kontzesio errazak. Egun loriatsuak izan ziren Mexikon, Menchacatarrek etxaldea, seme zaharrenaren, Atanasioren, esku utzi zuteneko haiek, behargin, lapur, indioekin hartu-emanak izanda zail zedin, eta Berorren Gorentasunaren irudizko gortean dizdiz egitera goi-lautadara igo zireneko haiek. Zer egingo zuen, bada, Santa Anna jeneralak bere aspaldiko lagun Menchaca —jada koronel—, gabe? Oilar eta jai-leku kontuetan aditua baitzen Menchaca; gau osoa eman baitzezakeen edaten eta gogoratzen Casamataren plana, Barradasen espedizioa, El Álamo, San Jacinto, Pastelen gerra, bai eta gudaroste yanki inbaditzailearen aurrean izandako porrotak, jeneralisimoak kar-kar ziniko batez aipatuko zituen porrot haiek ere, eta Santa Annak joko zuen egurrezko hankaz zorua, eta kopa jasoko, eta laztanduko lehenengo emakumearen azken hasbeherapena artean gordetzen zuen ohantze epelera eramandako Flor de Mexiko emazte-neskatoaren adats beltza; zer egingo zuen, zer, hura gabe? Eta atsekabe egunak izan ziren, liberalek Jauna Mexikotik atera eta Menchacatarrek etxaldera itzuli behar izan zuteneko haiek beren hura defendatzera: tirano oilarzale eta urgunak oparitutako hektareak eta hektareak; bertako behargin izan edo mendi magalera urrutiratu behar izan zuten nekazari indigenei ezer esan gabe kendutakoak; Caribe irletatik etorritako eskulan beltz merkeak landutakoak; eskualdeko jabe txikiei ezarritako hipotekak kobratzeari esker gehitutakoak. Tabako tontorrak zabalduta. Banana eta mango gurdikadak. Ahuntz taldeak Sierra Madreko beheko muinoetan larreratuta. Eta erdian solairu bateko etxea, dorretxo gorriarekin eta irrintziz beteriko zalditegiekin, txalupaz eta orgaz egindako ibilaldiekin. Eta Atanasio, seme begi berdea, zuriz jantzita zaldi zurian, Santa Annaren opari hura ere, zigorra ukabilean, lur oparoan barrena trostan, gertu bere nahi erabakitzailea ezartzeko, bere gose aseezina nekazari gazteekin asetzeko, kanpotik ekarritako beltzekin juaristen eraso gero eta sarriagoetatik lurrak defendatzeko. Gora Mexiko, gora gure aberria, kanpora printze atzerritarra... Eta Inperioaren azken egun haiek, Ireneo Menchaca zaharrari Santa Annak erbestealdia utzi eta Errepublika berri bat aldarrikatzera zetorrela gaztigatu zioteneko haiek: abiatu zen zaharra orga beltzean Veracruzera, txalupa batek itxaroten baitzion kaian, eta Virginia ontziaren bizkarretik, gauean, Santa Anna eta haren filibustero aleman haiek seinaleak egin zituzten San Juan de Ulúa aurrean eta inork ez zien erantzun. Kaiko garnizoia inperioarekin zegoen eta barre egin zioten boterea galdu zuen tirano hari, zeinak ontziaren bizkarrean, banderatxoen azpian, paseatzen ziharduen, ernegatuta, ezpain haragitsuetatik ergelkeriak jaulkitzen. Belak berriz puztu eta aspaldiko adiskide biek kartetan egin zuten kapitain yankiaren gelan: lehorreko lerroa, bero errezelaren atzean gordeta, ia ikusi ere egiten ez zen itsaso kiskali, bero hartan barrena egin zuten aurrera. Itsasontziaren isla banderatsutik, diktadorearen begi zuzituek Sisaleko isla zuria begietsi zuten. Eta urgun zaharra aspaldiko laguna atzetik zerraiola lehorreratu, yucatarrei aldarrikapen bat jaulki eta berriz ekin zion bere handitasun-ametsari: Maximilianori heriotza-zigorra ezarri berri zioten Querétaron eta Errepublikak eskubidea zuen onartzeko, berriro, berezko eta benetako buruzagiaren, koroarik gabeko monarka haren entrega patriotikoa. Esan zioten Ludivianari: nola Sisaleko komandanteak atxilotu zituen, nola Campechera eraman eta nola, han, kaleetan barrena ibili zituzten, eskuak kateatuta, piketearen bultzadak jasanez, lapur arruntak balira bezala. Nola presondegiko ziega batean sartu zituzten. Nola Menchaca koronela komunik gabeko uda hartan hil zen, ur ustelak hantuta, eta nola Ipar Ameriketako egunkariek zabaldu zuten Santa Anna, bai eta Triestreko printze errugabea bera ere, juaristek hil zituztelako berria. Ez: Ireneo Menchacaren gorpua baino ez zen lurperatu badia aurreko kanposantuan, zori eta zortez betetako bizitzaren amaiera, aberriarena berarena bezala, eta Santa Anna, eromen kutsakorraren keinu iraunkorraz, berriro ere erbestera joan zen.

        Atanasiok kontatu zion, gogoratu zuen Ludiviana atsoak arratsalde bero horretan, eta harrezkero ez zen gelatik irten, eta haraxe eraman zituen arropa onenak, egongelako kriseilua, kutxa xaflaztatuak, margolan bernizatuenak. Heriotza noiz helduko zain, haren buru erromantikoak gertu behar zuela uste zuen, baina hogeita hamabost urte alferrikako berandutu zitzaion; urte horiek ez ziren ezer duela laurogeita hemeretzi urte jaiotako emakume batetantzat, lehendabiziko asalduraren urtean, hain zuzen ere, Dolores parrokian makila eta harri aldarria altxatu zenean, eta amak izuak ateak trangatutako etxe batean mundura ekarri zuen emakume harentzat. Aspaldi galdu zituen egutegiak eta 1903.eko urte hori ez zen harentzat koronelaren heriotzari jarraitu beharreko nahigabe-heriotza azkarrari lapurtutako denbora bat baino. Izan ez zen bezala harentzat, 68. urtean, sute hura, zeina logela zigilatuaren ateetaraino iritsi zen eta semeek —beste bat ere bazegoen, ez zen Atanasio bakarrik, hala ere, Atanasio maite zuen— salbatzeko, salbatzeko egiten zioten oihu, eta emakumeak aulkiak eta mahaiak pilatzen zituen atearen kontra eta zirrikitu guztietatik sartzen zen ke lodi hura egiten zuen eztul. Ez zuen inor gehiago ikusi nahi izan, jatekoa ekarri eta arropa beltza pasaratuko zion emakume indio hura baino ez. Ez zuen ezer gehiago jakin nahi izan, igarotako garaiak gogoratu baizik. Eta lau horma haien artean harentzat denak utzi zion izateari, behinena zena kenduta: bere alarguntasuna, iragana eta, bat-batean, mutiko hori, mulato ezazegun baten konpainian, urrunean korri egiten zuen mutiko hori.

        — Emakume indioa, ekardazu pitxer bat ur.

        Baina Baracoa beharrean, ikuspen horixka hura agertu zen.

        Ludivianak isilean garrasi egin eta ohe barrenerantz atzeratu zen: begi hondoratuak zabaldu egin ziren ikaratuta eta aurpegiko azal denak hauts bihurtu zirela zirudien. Agertutako gizonak, ate ondoan gelditu, eta esku dardarati bat luzatu zuen.

        — Pedro naiz...

        Ludivianak ez zuen ulertu. Dardarak ez zion hitz egiten uzten; besoek, ordea, trapu beltz multzo-bihurturik, astintzeari, arao egiteari, uko egiteari ekin zioten, eta ikuspen zurbilak ahoa zabalik aurrera egiten zuen.

        — E... Pedro... e... —esan zuen kokots barban eta zikindua igurtziz—. Pedro...

        Mugimendu urduri hura betazaletan. Atso zurrunduak ez zuen ulertu gizon loguraz erreak, izerdi eta alkohol merkezko kiratsa zerionak zer esan zuen: —e... ez da ezer gelditzen, ba al dakizu?... dena... pikutara... eta orain... —esan zuen zezelka, negar lehor batez— beltza daramate; baina ama zuk ez dakizu, ama...

        — Atanasio.

        — E... Pedro —arrapaladan kulunkarira joan eta hankak zabaldu zituen mozkortiak, hasierako portura iritsi izan bailitzan—. Beltza daramate... hark ematen digu jaten... zuri eta niri...

        — Ez; mulato batek; mulato batek eta ume batek...

        Entzuten ari zen Ludiviana, ez zion, ordea, berarekin hitz egitera etorritako agerpen hari begiratzen, haitzulo debekatuan entzun zitekeen ahotsak ezin baitzuen gorputzik izan.

        — Mulato bat, beraz; eta ume bat... e?

        — Eta batzuetan lasterka egiten du han urrunean. Ikusi dut. Poztu egiten nau. Mutiko bat da.

        — Atzemailea etorri zait jakinaren gainean jartzera... Egun argi betean loa kentzera... Eraman egin behar dute beltza... Zer egingo dugu guk?

        — Beltz bat eraman behar dute? Etxaldean zenbat-nahi beltz dago. Koronelak merkeagoak eta langileagoak direla dio. Baina horrenbeste estimatzen baduzu, igo iezaizkiozu sei erreal.

        Eta hantxe, gatz-estatuak balira bezala, gero, jada beranduegi izango zenean, jada umea han izango ez zutenean, esan nahi izango zituzketenetan pentsatzen. Onartzera zapuzten zen agerpen hartara begirada hurbiltzen ahalegindu zen Ludiviana: nor izango ote zen, urrats debekatua emateko, egun hartan, beren-beregi, arroparik onenak lo-zorrotik atera zituen gizon hura? Bai: paparreko farfailduna, tropikoko itxialdiak goroldioz zikindua, praka estuak, hertsatuegiak, estuegiak gorputz akituaren sabel txikirako. Arropa zaharrok ez zuten izerdi ohituaren egia —tabakoa eta alkohola— ametitzen eta begi gardenek ez zuten zerikusirik arropek eskatzen zuten segurtasunarekin eta jasarekin: hamabost urte baino gehiago inongo hartu-emanik gabe igarotako mozkorti malezia gabekoaren begiak. A —egin zuen hasperen Ludivianak, ohantze nahasiaren gainetik, ahots hark aurpegi bat zuela behingoz onartuz—, hau ez da Atanasio, ama gizontasunean izango zenaren luzapena zen Atanasio: beste hau, ama bera da, baina bizar eta barrabilekin —egin zuen amets atsoak—, eta ez, Atanasio izan zen bezala, gizontasunean izango zen ama, horregatik maite izan zuen seme bata eta ez bestea —egin zuen hasperen—, lurrean egokitutako lekuari sustraituta bizi izan zen semea maite zuen eta ez, kausa galduta ere, han goian, jauregietan, jada ez zegokienaz gozatzen jarraitu nahi izan zuen bestea: —ziur zegoen—: dena berena izan zen bitartean, beren presentzia herrialde osoan ezartzeko eskubidea zuten: —zalantza egin zuen—: berena ezer ez zenean, beren lekua lau pareta haien artean zegoen.

        Elkarri begiratu zioten ama-semeak, berpizte baten muraila zutela bien artean.

        (—Guretzat ez dagoela jada ez lurrik ez handitasunik, gu ere lehendabizikoez, berezko ugazabez aprobetxatu ginen bezala, beste batzuek gutaz aprobetxatu direla esatera al zatoz? Neure baitan, emazte egin nintzen lehenengo gauetik beretik dakidana esatera etorri al zara?

        (—Aitzakia batek nakar. Bakarrik egon nahi ez dudalako nator.

        (—Umetan gogoratu nahi zaitut. Maite izan zintudan orduan, ama batek gaztaroan seme-alaba guztiak maite behar baititu. Zahartzaroan gehiago dakigu. Ez dago zertan inor maitatu arrazoirik gabe. Berezko odola ez da arrazoi. Arrazoi bakarra arrazoirik gabe maitatuko odola da.

        (—Indartsua nahi izan dut beti izan, anaia bezala. Gogor jokatu dut mulato eta mutiko horrekin; etxe handia zapaltzea debekatu diet. Atanasiok bezala, gogoan al duzu? Makina bat behargin zegoen orduan. Egun, mulatoa eta mutikoa besterik ez. Mulatoa badoa.

        (—Bakar-bakarrik gelditu zara. Bakarrik ez egoteko etorri zara niregana. Bakarrik nagoelakoan zaude; zure begi errukituetan igartzen dut. Inuzente, beti, eta ahula: ez nire semea, hark ez zuen inoren errukirik nahi, ama gazte nintzeneko neure irudi bera. Orain ez, orain jada ez. Orain bizitza osoa dut neure buruari lagun egin eta zahar izateari uzteko. Zu bai zaharra, zeure ile urdinekin eta zeure mozkorraldiekin eta zeure gogo ezarekin dena amaitu dela uste duzun horrek. A, ikusi egiten zaitut, ikusi, izor-kume! Gurekin batera hiriburura etorritako hura zara; gure boterea handitzeko, indartzeko eta zigor legez erabiltzeko arrazoi bat beharrean, emakumeetan eta zurrutean ibiltzeko aitzakiatzat hartu zuen orduko bera zara; guk lur berora, guztiaren hasiera izandakora, behin igo baina berriz jaitsi beharreko infernura itzuli behar izan genuen bitartean, gure boterea kosturik gabe heldu zitzaiola pentsaturik, han goian, gure laguntzarik gabe, iraungo zuela sinetsita zegoen hura... Usaindu! Badago zaldiarena eta frutarena eta bolborarena baino usain gogorragorik... Paratu al zara inoiz gizon eta emakume baten arteko koitoa usaintzera? Usain hori, maitasun izararen usain hori, du hemen lurrak eta zuk ez duzu inoiz jakin izan... Entzun, a, laztandu egin zintudan, bularra eman nizun jaio zinenean, eta ene, ene seme, esan nizun, eta aitak sortu zintueneko maitasunaren itsua, zu sortzea gabe, niri plazera ematea helburu zuen maitasun hura, besterik ez nuen orduan gogoan izan: hori gelditu da, zu desagertu egin zara... Han kanpoan, entzun...

        (—Zergatik ez duzu ezer esaten? Ondo da... ondo da... jarraitu isilik, bada-eta zerbait hor, niri horrela begira, ikustea; bada behintzat ohe biluzia eta gaubeila horiek baino gehiago...

        (—Norbaiten bila al zabiltza? Eta horko kanpoko mutikoa, ez al dago bizirik? Barrundatzen zaitut; ezer ez dakidalakoan, hemendik ezer ikusten ez dudalakoan zaude zu... hemen inguruan atzera-aurrera dabilen nire haragi zati bat, Ireneo eta Atanasioren beste jarraipen bat, beste Menchacatar bat, haiek bezalako beste gizon bat nola ez nuen, bada, sentituko... Ziur neurea dena, zuk ez duzu-eta bilatu... Odolak ez du hurbiltzerik behar elkar ulertzeko...)

        — Lunero —esan zuen mutikoak siestatik esnatu eta mulatoa lur umelagoan, akituta, zetzala ikusi zuenean—. Etxe handian sartu nahi dut.

        Gero, dena amaituko zenean, Ludivianak bere isiltasuna hautsiko zuen, eta iratze bideetatik barrena aterako zen eta, hego gabeko belea bailitzan, egingo zuen garrasi, begiak sastrakara itsatsita, mendirantz jasota gero; besoak luzatuko zituen, kandela iraunkorreko klaustroan desohitutako gauak itsututa, zain hilek zeharkatutako bisaia urratuko dion adar bakoitzaren atzean aurkitzea espero duen giza itxurarantz. Eta lurraren bategite hura usainduko zuen eta izen ahaztuak eta ikasi berriak oihukatuko zituen bere ahots isilaz, esku hitsak hozkatuko errabioaz, bularrean zerbaitek —urteek, memoriak, bere bizitza guztia zen iraganak— oroitzapen mende hartatik at bazela bizitzarako tarterik: bizitzeko eta bere odoleko beste izaki bati maitatzeko aukerarik bazela adierazten zion: Ireneo eta Atanasioren heriotzekin galdu ez zen zerbait. Baina artean, Pedrito nagusiaren aurrez aurre, hogeita hamabost urtean utzi ez zuen gela hartan, memoria eta inguruko izateak lotzen zituen gunea bera zelakoan zegoen Ludiviana. Pedrito nagusiak kokotsa —kokots ile urri hura—, laztandu eta berriz hitz egin zuen, baina oraingoan ahots gora:

        —Ama, zuk ez dakizu...

        Atsoaren begiradak izoztu egin zuen semearen ahotsa.

        (—Zer? Ezin zuela ezerk iraun? Indar hark guztiak opari hutsetan, beste zuzengabekeria batek suntsitu behar zuen zuzengabekerian zuela oinarri? Nagusiak izaten jarraitu ahal izateko etsaiak fusilatzeko agindu genuen; nagusia izaten jarraitu ahal izateko aitak mihi edota eskurik gabe utzi zituen etsaiak; etsaiak, nagusia izaten hasi ahal izateko aitak lurrik gabe utzi zituen etsaiak, garaile itzuli zirela eta etxeari su eman ziotela; itzuli eta gurea ez zena, eskubidez gurea ez zena, geure indarraz baliatuz geureganatu genuena kendu egin zigutela? Gertatutakoak gertatuta ere, anaia zenuenak gutxiagora joatea eta porrota onartu nahi ez eta Atanasio Menchaca izaten jarraitu zuela, ez han goian, eszenatokitik urrun, zu bezala, baizik eta hemen behean, beren zerbitzarien artean, arriskuari aurpegia erakutsiz, emakume mulatoak eta indioak bortxatuz, eta ez zu bezala, gogoa erakusten zuten emakumeak limurtuz? Anaiaren hamaikatxo koito basati, arduragabe, presazkoetatik hura gure lurretik igaro izanaren berri emango zuen froga batek, batek, batek gelditu behar zuela? Atanasio Menchacak gure lurretan zehar barreiatutako seme-alabetatik, batek etxondoan jaio behar zuela? Semea beltzen etxola batean —horrela behar zuen-eta hark jaio, behe-behean, aitaren indarra berriz erakusteko— mundura etorri zen egunean berean Atanasio...

        Pedrito nagusiak ez zituen Ludivianaren begietan hitzok atzeman. Atsoaren begiradak, aurpegi higatutik solte, marmolezko olatu bailitzan egin zuen igeri logelako isurkari beroan. Arropa estudun gizon hark ez zuen Ludivianaren ahotsa entzuterik behar izan.

        (—Ez iezadazu ezer aurpegiratu. Neu ere semea nauzu... Neuk ere Atanasioren odola dut... orduan, zer dela eta, gau hartan...? Niri hauxe esan zidaten: «Robaina sarjentuak, Santa Annaren aldeko lehengo tropakoak, Campecheko kanposantuan hain setatsu bilatu izan duzuena aurkitu du, Menchaca koronelaren gorpua, alegia. Soldadu batek, zuen aita hilarririk gabe non lurperatu zuten ikusi zuen soldadu batek eman zion berri sarjentuari kaira bidali zutenean. Eta sarjentuak, komandantzia burlatuz, Menchaca koronelaren hezurrak lapurtu zituen gauez, eta orain Jaliscora aldatu dute eta, bide batez, hemendik igaro eta gorpuzkinak ekarriko dizkizue. Han izango nauzue, anaia eta bion zain, hamaikak jota gero, herriaren sarreratik bi kilometrora dagoen oihaneko argigunean, oldartutako indioak urkatzeko pertika lehen zegoen lekuan.» Zuhurra, ezta? Atanasiok berak ere, neuk bezala, bete-betean sinetsi zuen, begiak malkoz bete zitzaizkion eta ez zuen berria une batez ere zalantzan jarri. Ai, baina zerk ekarri ote ninduen sasoi hartan Cocuyara? Bai, urritzen hasia zitzaidan dirua Mexikon eta Atanasiok ez zidan inoiz ezer ukatu; nahiago ninduen hemendik urrun, berak izan nahi zuen-eta eskualdeko Menchacatar bakarra, zure zaintzaile bakarra. Sasoirik beroeneko ilargi gorria zegoen hitzartutako lekura zaldiz iritsi ginenean. Han zegoen Robaina sarjentua, umetatik gogoratzen genuen, pertxeroi haren kontra jarrita. Hortz-haginek arroz garauak balira bezala dizdiz, baita bibote zuriek ere. Umetatik gogoratzen genuen. Beti Santa Annarekin ibilitakoa zen eta zaldi hezitzaile trebea omen zen; betiko barre hura zuen, bera ere berebiziko iruzur baten zati bailitzan. Eta han zekarren, pertxeroiaren bizkar gainean, guri eman beharreko poltsa zikina. Atanasiok besarkatu egin zuen eta sarjentuak inoiz ez bezala egin zuen kar-kar; txistu ere egin zuen barrearen barrez, eta orduan sastraka artetik lau gizonak azaldu ziren, distiratsu ilargipean, egon ere zuriz jantzita zeuden-eta guztiak. «Arima bedeinkatuak!» —egin zuen garrasi ahots irriberaz sarjentuak—, «arima bedeinkatuak galdu izatearekin konforme ez eta berriz eskuratu gurean dabiltzanentzat!» eta aurpegiera aldatu eta Atanasiorengana hurbildu zen gero. Inork ez zuen nigan erreparatu, zin egiten dizut; anaiari begira egin zuten aurrera, ni han ez banengo bezala; eta ez dakit nik nola moldatu nintzen zaldi gainera igotzeko eta aihotzak gerrikotik aterata eta gero eta geureganago genituen lau gizon haien zirkulutik alde egiteko, eta Atanasiok ahots erdi marrantatu erdi lasai batez oihu egin zidan: «Itzuli, anaia, gogoratu zer daramazun zeurekin» eta igarri nuen armaren eskulekua belaunburua jotzen, baina ez nuen ikusi nola lau gizon haiek Atanasioren parera heldu ziren eta hankak lotu zizkioten lehenengo eta txiki-txiki egin zuten gero, han ilargipean, dena isilean gera zedin. Zer laguntza eskatu behar nuen nik etxaldean, Atanasio hila baino hilago bainekien, eta nork eta kazike berriaren mutilek hila gainera, zeinak jauntxo berria izan behar bazuen lehenago edo beranduago akabatu behar baitzuen Atanasio? Eta aurrerantzean, nork egin behar zion hari buru? Aurrerantzean ez nuen ezer jakin nahi izan nagusiak, geure lurrean menderatu gintuen nagusi hark, biharamunean, altxatu zuen itxitura berriaz. Zertarako? Beharginak ahorik zabaldu gabe joan ziren berarekin; ez zen Atanasio baino okerragoa izango. Eta niri belarririk ere ez mugitzeko adierazi nahian edo, han egon zen, muga berrietan, zirkinik egin gabe, aste osoan pelotoi federala. Nola mugituko nintzen, bada? Banien nik zer eskertu bizia barkatu zidatelako. Eta zerbaitek, handik hilabetera, Porfirio Díaz jenerala ekarri zuen eskualdeko etxe berri handira bisitan. Iseka bera ere ez zuten barkatu. Atanasioren hilotz txikituaz batera behi hezur batzuk eman zizkidaten, adardun burezur bat: sarjentuak bizkar zorroan orduko egunean ekarri zuena. Etxe atarian eskopeta kargatu hura eskegi, horixe egin nuen nik, nork jakin?, Atanasio gaixoari gorazarre egiteko agian. Zinez gau hartan... ez zitzaidala burutik pasa ere egin hura bastan trabestuta eraman behar nuenik, kulatak belaunburua kolpatzen zidan arren, zaldiz ibiltze luze hartan, ama, zin dagizut, luzea baino luzeagoa...)

        — Hara ez da inoiz sartu behar —bota zuen Lunerok, eta zutitu egin zen izu- eta nahigabe-dantza hartatik, agur isil hartatik mutikoaren ondoan egingo zuen azken arratsaldea zen hartan; arratsaldeko bost eta erdiak-edo izango ziren eta laster izango zen han atzemailea.

        — Saia zaitez barrualderantz joaten —esan zion atzo—. Saiatu besterik ez. Untxarien aldean onak diren jendea dugu, bai, eta zorigabeko horiek, nahiago dute behargin asaldatua saldu, berak bezala bukatzetik libratu denik badagoela jakin baino.

        Ez: kostalderantz jo zuten Luneroren pentsamenduek, izuak eta nostalgiak, azkenean, preso hartuta. Zein handi ikusi zuen mutikoak mulatoa zutitu eta Mexikoko golkorantz zihoan errekaren joate arinari begira gelditu zitzaionean! Zein garaiak begitantzen zitzaizkion mutikoari haren haragi kanelaren eta esku azpi arrosen hogeita hamaika urteak! Kostaldean zeuden Luneroren begiak eta betazalek zuriz margotuta ziruditen, ez ziren adinak zuritutakoak, nahiz eta haiek ere arrazaren begirada horrelatsu argitzen zuten, nostalgiak baizik, adina hori ere, zaharragoa, atzerantz egiten zuena, ordea. Han zegoen errekaren irteera eten eta itsasoaren lehendabiziko muga orban arreaz tindatzen zuen barra. Baina harago, irlen mundua zabaltzen zen eta gero Kontinentea eta han bere moduko bat oihanean galdu eta itzuli egin zela esateko moduan zegoen. Atzean mendia, indioak, ordokia. Atzerantz ez zuen begiratu nahi izan. Arnasa sakon hartu eta askatasun eta betetasun lilurarantz bezala zuzendu zituen begiak itsasorantz. Mutikoa lotsaren lokarrietatik askatu eta mulatoarengana joan zen korrika; besarkada Luneroren saihetsetara baino ez zen iritsi.

        — Ez joan, Lunero.

        — Cruz txiki, Jainkoarren; zer egingo dugu, bada?

        Mulato aztoratuak mutikoaren ilea ferekatu zuen eta ezin izan zuen saihestu poz hura, esker on hura, beti hain mingarri uste izan zuen une hura. Umeak aurpegia jaso zuen:

        — Beraiekin hitz egin behar dut eta ezin zarela joan esan...

        — Han?

        — Bai, etxe handian.

        — Ez gaituzte han nahi, Cruz txiki. Ez zaitez inoiz sartu. Zatoz, jarrai dezagun geure lanarekin. Egun asko falta da oraindik ni joateko. Baliteke ere sekula joan behar ez izatea.

        Arratsaldeko ibai zurrumurrutsuak Luneroren gorputza hartu zuen, Lunero uretan murgildu baitzen betiko adiskide gaztearen hitzak eta ukitua saihesteko. Mutikoa kandelen zereginera itzuli zen, eta irri egin zuen berriro, Lunerok, korrontearen kontra igeri egiten ari zela, itotzear dagoenaren txipli-txapla egin baitzuen, eta gezi baten modura urazaleratu zen, eta itzulipurdia egin zuen uretan, eta berriro urgaineratu hortz artean egur bat zuela, eta gero, ibaiertzean, gorputza astindu, eta zarata barregarriak jaulki eta, azkenean, mutikoari bizkarra ematen ziola eseri, enbor azal leunduen aurrean, eta mailua eta iltzeak hartu. Berriz ekarri behar izan zuen gogora: laster behar zuen iritsi atzemaileak. Eguzkia zuhaitz adaburuen atzean galtzen hasia zen. Lunerok ez zuen pentsatu beharrekoan pentsatu nahi; moztu egiten zion samintasunaren sorbatzak zoriontasuna, galdua jada.

        — Ekar ezazu lixa gehiago etxolatik —agindu zion mutikoari, agur hitzak izango zirela ziur.

        Horrelaxe joan zitekeen, betiko alkandora eta prakak aldean. Zertarako gehiago? Eguzkia ezkutatuko zenean, bidexka hasieran egongo zen zain, horrela ez zuen longainaren gizonak etxolara zertan hurbildu izango.

        — Bai —esan zuen Ludivianak—; Baracoak jarri nau denaren jakitun. Nola mutikoaren eta mulatoaren lanetik bizi garen. Onartuko al duzu hori? Nola haiei esker jaten dugun. Eta ez dakizu zer egin?

        Ulergaitza zen atsoaren berezko ahotsa; iturri sufretsuaren isiltasunaz eta larritasunaz jariatzen zen, hain zegoen ohituta marmar bakartira.

        — ...aitak eta anaiak egingo zutena: mulatoa eta umea defendatzera irten, eramaten ez utzi... behar izanez gero, bizia ere eman zapal ez gaitzaten... zeu ala neu joango naiz, izor-kume hori?... Ekardazu mutikoa!... hitz egin nahi diot...

        Baina mutikoak ez zituen ahotsak ezagutu, ezta aurpegiak berak ere: soslaiak ikusi zituen belo farfaildunaren beste aldean, Ludivianak, artegatasun keinu batez, Pedrito jaunari kandelak pizteko agindu zionean. Umea leihotik urrundu egin zen eta, oin puntetan, etxe handiaren aurre aldea bilatu zuen, eta hango zutoin kedarrez estaliak eta terraza ahaztua, non jai bakartietako hamaka baitzegoen zintzilik. Eta baita beste zerbait ere: leihoburuaren gainean, gako ugertu bik eusten ziotela, eskopeta hura, 1889ko gau hartan Pedrito nagusiak bastan ekarri zuen eskopeta hura, zeina harrezkero beti oiloztatuta eta prest baitzuen, bere koldarkeriaren azken seinalearen gisara, batzekien-eta ez zuela sekula erabiliko.

        Kanoi bikoitzak leihoburu zuriak berak baino distira handiagoa zuen. Mutikoak zeharkatu egin zuen: etxaldeko egongela izandakoari zorua eta sabaia falta zitzaizkion; gaueko aurreneko orduen argi berdea borborka sartzen zen, eta belar eta hautserrezko behea argitzen zuen, bertan igel batzuk zeuden korroka, eta euri-ur gelditua txokoetan. Aurrerago sastrakazko patioa zabaltzen zen eta barrenean ate batek jendea zuen gela haren argi-lerroa erakusten zuen. Gero eta ozenagoak ziren handik zetozen berbotsak. Beste muturretik —lehengo sukaldetik gelditzen zen hartatik— Baracoa indioa agertu zen, begiak sinesgogor: umeak egongelaren itzalean gorde zuen aurpegia. Terrazara irten zen eta pezo apurtuez baliatuz leihobururaino eta eskopetaraino iritsi zen. Ahots zaraparra ozenagoa egin zen. Haserre mehe eta zezelka jaulkitako akiakulak aditu ziren nahas-mahas. Azkenean, itzal garai bat atera zen logelatik: longaineko hegalek urduri jo zuten elkar eta larruzko botinek korridoreko lauzetan burrunba egin zuten. Mutikoak ez zuen astirik galdu; bazekien oinek zer bide hartu behar zuten; eskopeta besoen artean hartuta, etxolara zihoan bidexkan barrena joan zen arineketan.

        Eta Lunero zain zegoen, etxe handitik eta etxolatik urrun, lur gorriko bideak batzen ziren toki hartan. Gaueko zazpiak izango ziren. Berehala behar zuen, bai, oraingoan iritsi. Bide zabalaren norabide biak behatu zituen. Atzemailearen zaldiak hauts galanta harrotuko zuen. Baina ez Lunerok bere atzean aditu zuen eta, une batez, ezin mugitu ezin pentsatu utzi zuen burrunba urrun hura, leherketa bikoitz hura.

        Izan ere, mutikoa hostaila artean ezkutatu zen, eskopeta eskuetan, pausoek atzemango zuten beldurtuta, eta botin hertsiak ikusi zituen igarotzen, praka berun kolorekoak eta longainaren barrenak: herenegungo longain bera: ez zuen zalantzarik izan, are gutxiago aurpegi gabeko gizon hura etxolan sartu eta: —Lunero! oihukatu zuenean, eta mutikoak ahots artegatu hartan bezperan mulatoaren bila ibilitako gizonarengan antzemandako asaldura eta mehatxu jarrera berberak sumatu zituenean. Nork behar zuen mulatoa, nahitaez eramateko ez bazen? Eta eskopetak pisua zeukan, mutikoaren amorru gordea areagotu egiten zuen indar bat: amorrua, bai, orain bazekielako bizitzak etsaiak zituela, bizitza ez zela erreka eta lanaren jario etengabe hura; amorrua, bai, orain bazekielako banaketaren berri. Zango prakadunak, longaina berun-kolorea etxolatik irten ziren, eta mutikoak gora zuzendu zuen kanoi bikoitza eta katua sakatu.

        — Cruz! Ene seme! —egin zuen garrasi Lunerok hurbildu zenean Pedrito nagusiaren aurpegi triskatura, papar gorriz tindatura, ustekabeko heriotzaren irribarre itxuratura—. Cruz!

        Eta mutikoak, hostaila artetik dardarka irten zenean, ez zuen odolez eta bolboraz betetako aurpegiera hura zertan ezagutu; izan ere, beti urrunetik, ia biluzik, katalintzarra goratuta eta bular ilegabe eta hits hura kamiseta zulatuaz estalita ikusi ohi zuen aurpegiera zen. Hori ez zen beste hura, ez eta Lunerok gogoan zuen Mexiko hiritik jaitsitako jaun dotore eta ondo apaindu hura ere; ez eta Ludiviana Menchacak, zuela hirurogei urte, laztandutako mutiko hura ere: fakziorik gabeko aurpegi bat, papar odoldu bat, aurpegiera ergel bat baizik ez zen. Txitxarrak bakarrik. Lunerok eta mutikoak ez zuten zirkinik egin, baina mulatoak ulertu egin zuen. Nagusiak beragatik eman zuen bizia. Eta Ludivianak begiak zabaldu, atzamar erakuslea ezpainetan busti eta oheburuko kandela itzali zuen: ia katamar, leihora inguratu zen. Zerbait gertatu zen. Kriseiluak berriz egin zuen tintin. Betiko gertatuta. Tiro bikoitzak dardarazita. Ahots urrunak aditu zituen, iraungi egin ziren gero eta intsektuek berriz ekin zioten soinuari. Txitxarrak bakarrik. Kiribildu egin zen Baracoa sukaldean; sua iraungi zedin utzi zuen, eta bolbora garaiak berriz itzuli zirela pentsatze hutsak dar-dar eginarazi zion. Ludiviana bera ere, ez zen mugitu, harik eta, haserre mehe hark, zegoeneko logelan kabitzen ez zen haserre mehe hark, menderatu zuen isiltasunean, eta estropezuka irten zen, gaueko ortziak, etxe errearen zulo guztietatik burua sartzen zuen gaueko ortziak, txikiagotuta, zizare txiki zuri eta zimurtu bat zen, eta besoak luzatzen zituen giza irudi hura ukitzeko itxaropenak hartuta; hamahiru urtean giza irudi hura beragandik hurbil jakin zuen, baina orain ukitu egin nahi zuen, eta izenetik deitu, eta ez bihozkadan hazi: Cruz, Cruz benetako izen-abizenik gabe, mulatoek bataiatua, Isabel Cruz edo Cruz Isabel izenaren silabak hartuz, amaren silabak, ama Atanasiok egurtu zuen: nagusiari umea eman zion bertako lehenengo emakumea izan zen. Ezezaguna zitzaion gaua atsoari; hankek dar-dar egin zioten, baina tematsu ekin zion oinez ibiltzeari, besoak zabalik herrestan joateari, bizitzaren azken besarkada kosta ahala kosta aurkitzeko prest. Baina ferra-hotsen burrunba eta hauts-zurrunbilo hura besterik ez zen hurbildu. Irrintzi batez gelditu zen zaldi izerditu hura besterik ez, Ludivianaren gorputz konkortuak bidea gurutzatu zuenean eta atzemaileak zela gainetik garrasi egin zuenean:

        — Nora joan dira umea eta mulatoa, atso malmutza? Esan nora, txakurrak eta tropa atzetik bidaltzea nahi ez baduzu.

        Eta Ludivianak ukabil urduri batez erantzun zion, gauean inarrosiriko ukabil batez eta bere-berea zuen biraoaz:

        — Izor-kume hori —esan zion ikusi ezin izan zuen, bastan tente zegoen aurpegi hari—. Izor-kume hori: esan zuen beste behin, zaldiaren hatsa ukabil jasotik hurbil zuela.

        Zigorrak bizkarra gurutzatu zion, eta Ludiviana lurrera erori zen, eta zaldiak bira egin zuen, atsoa hautsez estali, eta etxaldetik urrundu zen.

 

 

NIK badakit orratz hori sartzen didatena besagaineko azalean barrena; garrasi egiten dut ezein min sumatu aurretik, oinaze horren iragarpena azalak ziztada sentitu baino lehen doa nire burmuinera... a... heltzear dudan minaz Ni ohartaraztera... Ni jakinaren gainean jartzera... minaz jabe nadin... mina bete-betean senti dezadan... izan ere... jabetzeak... ahuldu egiten du... biktima egiten nau... ohartzen naizenean... gaztigatuko ez didaten... kontuan hartuko ez nauten indarrez... ja: minaren organoek... geldoagoak... erreflexuenak garaitzen dituzte... mina ez da jada... injekzioaren mina... mina bera baizik... badakit... sabela ukitzen didatena... kontuz-kontuz... sabel handitua... oretsua... urdina... ukitu egiten dute... ezin dut jasan... ukitu egiten dute... esku xaboitu horrekin... sabeleko, pubiseko ileak mozten dizkidan aitzur horrekin... ezin dut jasan... oihu egiten dut... oihu egin behar dut... oratu egiten didate... besoetatik... sorbaldetatik... uzteko egiten diet garrasi... uzteko bakean hiltzen... ez nazazue uki... ez dut onartzen inork ukitzerik... sabel handitua... sentibera... begi zoldu baten antzekoa... ez dut onartzen... ez dakit... atxiki egiten naute... lekuan ezarri... hesteak ez dira mugitzen... ez dira mugitzen, orain sentitzen dut, orain badakit... haizeek puztu egiten dute, ez dira irteten, paralizatu egiten dute... ibili beharreko likido horiek dagoeneko ez dabiltza, ez dabiltza... hanpatu egiten naute... badakit... ez dut tenperaturarik... badakit... ez dakit norantz mugitu, nori eskatu laguntza, norabidea, jaiki eta ibiltzeko... bultza... bultza egiten dut... odola ez da iristen... badakit ez dena beharko lukeen lekura iristen... ahotik irten beharko luke... uzkitik... ez da irteten... ez dakite... asmatu egiten dute... haztatu egiten naute... haztatu nire bihotz bizkortu hau... hartu pultsorik gabeko eskumuturra... tolestu egiten naiz... bitan tolesten naiz... besapeetatik heltzen didate... loak hartzen nau... etzan egiten naute... tolestu egiten naiz... loak hartzen nau... zera diotset... loak hartu baino lehen esan behar diet... zera diotset... ez dakit nortzuk diren... «Zaldiz gurutzatu genuen... ibaia»... neure arnasatsa usaintzen dut... atsitua... etzan egiten naute... zabaldu egiten da atea... zabaldu egiten dira leihoak... arineketan noa... bultzatu egiten naute... zerua ikusten dut... begien aurretik igarotzen ari diren argi lausotuak ikusten ditut... ukitu egiten dut... usaindu... ikusi... dastatu... entzun... badaramate... pasatzen naiz... zerbaiten ondotik... ondotik... korridore batetik... dekoraturik dago... badaramate... pasatzen naiz ondotik ukituz, usainduz, dastatuz, ikusiz, usainduz zur landu apartak — marketeria-lan arranditsuak — igeltsu eta urrezko moldurak — hezur eta kareizko tiraderadun altzariak — xaflak eta aldabak — panel eta burdinazko sarraila zulodun kutxak — ayacahuitezko zizeilu usaintsuak — koru-aulkiteriak — kopete eta faldoi barrokoak — bizkarralde kakotuak — langet torneatuak — maskaroi polikromoak — brontzezko tatxetak — larru onduak — atzapar eta boladun hanka bihurkatuak — damaskozko besaulkiak — zilar-harizko meza-jantziak — belusezko sofak — jantokiko mahaiak — zilindroak eta txanbilak — taula alakatuak — baldakin eta errezeldun oheak — zutoin ildaskatuak — armarriak eta orlak — merino alfonbrak — burdinazko giltzak — olio arrailduak — zetak eta kaxmirrak — artileak eta tafetak — kristalak eta kriseiluak — eskuz margoturiko baxerak — habe gozoak — hori ez dute ukituko... hori ez da berentzat izango... betazalak... betazalak zabaldu behar dira... zabal ditzatela leihoak... bira-biraka noa... eskuak handiak... oinak ikaragarriak... loak hartzen nau... argiak... nire betazal, nire betazal zabaldu hauen paretik igarotzen diren argiak... zeruko argiak... zabal itzazue izarrak... ez dakit...

 

 

ZU han egongo zara, mendiaren lehenengo tontorretan, eta mendiak altuera eta arnasa irabaziko ditu zure bizkarrean... Eta zure azpian, mendi-lepoa jaitsi egingo da, artean adar hostotsu eta gaueko kirrinketan bilduta, eta desegin azkenerako tropikoko ordokian, biribil eta inguratzaile sartuko den gauaren alfonbra urdinean... Haitzaren lehenengo erlaitzean geldituko zara, gertatu berri denaren, isilean betiereko uste zenuen bizitza baten amaieraren ulertezintasun aztoratuan galduta... Bizitza hori etxola zen, kanpai itxurako loreetan endredatuko etxola hura, bainua eta arrantza ibaian, mitre-argizariarekin lana, Lunero mulatoaren konpainia... Baina zure barne-aztoramenaren aurrean... orratz bat oroimenean, beste bat etorkizunaren intuizioan... mundu berri hau zabalduko da, gauaren eta mendiaren mundu berri hau, eta bere argi iluna lekua egiten hasiko da begietan —berriak horiek ere eta bizitza izateari utzi eta oroitzapen bihurtu den horretaz tindatuak—, umearen begietan, zeinak orain bere izatea izango duen menderaezinean, ezezagunean, indar propioetan, lurraren zabaltasunean... Leku baten eta jaiotze baten halabeharretik askaturik... beste patu batera kateaturik, patu berrira, patu ezezagunera, izarrek argituriko mendiaz bestalde begiztatzen den patu horretara... Eserita, arnasa berera ekartzen duzula, begien aurreko ikuspegi zabalera irekiko zara: ortzi izarrez betearen argitasuna iritsiko zaizu berdintsu eta etengabe... Biratuko da lurra, bere ibilbide uniformean, bere ardatzaren baitan eta eguzki gidariaren inguruan... biratuko dira lurra eta ilargia beren buruaren eta bata bestearen inguruan, eta biratuko biak beren pisuaren eremu komunaren inguruan... Mugituko da eguzkiaren segizio guztia haren gerriko zurian barna, eta bolbora urtuaren lorratza kanpoko konglomeratuen aurrean higituko da, tropikoko gauaren ganga argi honen inguruan, atzamar elkar lotuen dantza betiraunkorrean, unibertsoaren norabide eta mugarik gabeko elkarrizketan... eta argi dirdaitsuak Zu bustitzen jarraituko du, Zu, ordokia, mendia, jarraikortasunez, izarraren mugimenduarentzat eta lurraren biratzearentzat, satelitearenarentzat, astroarenarentzat, galaxiarenarentzat, nebulosarenarentzat ezezaguna den jarraikortasun batez; ezaxola horiek guztiak munduaren indarra, haitzaren indarra, eta baita gau horretan lehenengo harridura agertuko duten zure esku lotuen indarra ere, batu eta galkatu egiten duten marruskadurekiko, kohesioekiko eta mugimendu elastikoekiko... Nahiko duzu bista izar bakar batean ezarri eta bildu haren argi guztia, argi hotz hori, eguzkiaren argiaren kolore zabalenaren moduko argi ikusezin hori... baina argi horrek ez du utziko Zuk azalean senti dezazula... Begiak kizkurtuko dituzu eta gauean egunean bezala ezin izango duzu ikusi munduaren benetako kolorea, debekatua baitzaie gizakien begiei... Galduko zara, lekoratuta, argi zuri horren begiespenean, zeina begi-ninietara iritsiko baitzaizu erritmo ebakiaz, etenaz... Iturburu guztietatik, unibertsoaren argiak lasterketa arin eta kurbatuari ekingo dio, zeina areagotu egingo baita unibertsoaren beraren gorputz lozorrotuen presentzia iheskorraren aurrean... Hautemangarria den kontzentrazio mugikor horretan zehar, argi-arkuak estutu egingo dira, aldendu, eta iraunkortasun azkar horretan sortuko dute ingerada, karkasa... Sentituko duzu argien etorrera eta aldi berean... hurbil sentituko dituzu mendiaren eta ordokiaren zapore xeheak: mitrea eta papaia, huele-de-nochea eta tabachína, anana lorea eta ereinotz-tulipa, bainila eta tecotehuea, basa-bioleta, mimosa, tigre-lorea... ikusiko duzu argiek atzera egiten dutela nabari-nabari, gero eta barrenagora, irla izoztuen atzera egite zorabiagarri batean... gero eta urrunago estreinako irekiduratik eta estreinako eztandatik... Joango da argia zure begietarantz; eta joango da aldi berean espazioko muturrik urrutienerantz... Eskuak harrizko jarlekuan iltzatu eta begiak itxiko dituzu... Txitxarren txirtxir hurbila entzungo duzu berriro, deslai dabilen artalde baten balaka... Badirudi dena doala, begiak itxita dituzun tarte horretan, aldi berean, aurrerantz, atzerantz, eusten dion zorurantz... eta zopilote horrek Veracruzeko ibaiko txoko sakonenaren erakarpenari lotuta egingo du hegan, eta gero haitz baten irmotasunean pausatuko da, gertu hegan hasteko eta eteteko, uhin ilunetan, izarren seta jarrai hori... Eta Zuk ez duzu ezer sentituko... Geldi baino geldiago begitanduko zaizu dena gauean: ez du zopiloteak berak ere bake hori etengo... Unibertsoaren lasterka, bira egite hori, eta mugimendu etengabea ez da zure begi, oin, sama geldietan nabarituko... Begietsiko duzu lurra lotan... Lurra dena: harkaitzak eta mineral-betak, mendiaren masa, lur goldatuaren dentsitatea, errekaren korrontea, gizakiak eta etxeak, abereak eta hegaztiak, lur azpiko suaren geruza ahaztuak, jalgiko dira mugimendu itzulezin eta beti bat den horren kontra baina ezin izango diote gehiago egin... Zu harkoskor batekin jolastuko zara, Lunero eta mandoa noiz helduko zain: harkoskorra aldapan behera jaurtiko duzu eta minutu batez bizi propia izango du, laburra, indarrez betea: eguzki txiki alderrai, argi bikoitzeko une bateko kaleidoskopio... Ia kontraste egiten dion argia bezain azkarra; laster, mendi ertzean galduko den ale; baina izarren argitasunak sorrera beretik jarraituko du etortzen, arintasun hautemanezin eta erabatekoaz... Zure begirada harria pirritan joandako ondoko malkarrean itsatsiko da... Ukabilean pausatuko duzu kokotsa eta zure profila gaueko zeru ertzean islatuko da... Paisaiaren zati berri hori izango zara, laster, mendiaz bestalde, bere bizitzaren etorkizun ezezagunaren bila, desagertuko den zati hori... Baina jada, eta hemen, bizitza hasiko da gerokoa izaten, eta iraganekoa izateari utziko... Hilko da xalotasuna, ez du erruak hilko, maitasun-lilurak baizik... Horren goian, horren goian, ez zinen inoiz egon... Zabalguneko gurutzeak ez zenituen inoiz ikusi... Ibaiari itsatsitako munduaren hurbiltasun ohitua ez da mugagabetasun susmagaitz honen zati bat baino izango... Eta ez zara ezerez sentituko, ziurgabetasunaren astiune baketsuan, hodei multzo urrunak, lurraren plano uhindua eta zeruaren gora egite bertikala begietsi eta begietsi egingo dituzunean... Hobeto sentituko zara... ordenatu eta urrun... Ez duzu jakingo lur berri batean zaudela; lur berri hori itsasotik azaleratu da azken orduetan, apenas, eta lur horrek mendia mendiaren kontra kolpatu du, eta zimur-zimur egin da, hirugarren erako esku indartsuak estuturiko larrutxa baten gisara... Garai sentituko zara mendiaren gainean, ordokiarekiko elkarzut, zeru ertzarekiko paralelo... Eta gauean sentituko zara, eguzkiaren angelu galduan: denboran... Han urrunean, konstelazio horiek, begietara diruditen bezala, bata bestearen ondoan daude ala denbora neurtezin batek banatzen ditu elkarrengandik?... Biratuko da beste planeta bat zure buru gainean eta planetaren denbora izango da bere buruaren berbera: beharbada une horretantxe burutuko da errotazio ilun eta urrun hori, urte bakarreko egun bakarra, neurri merkuriala, betiko bereizirik zure egunak osatu dituzten zure urteetatik... Egun hura orain ez da izango zure eguna, izango ez den bezala berriro begietsiko dituzun izarren oraina; begietsiko dituzu izarrak eta asmatuko duzu iragandako argia, beste denbora batekoa, beharbada hila... Zure begiek ikusiko duten argia argiaren espektroa baino ez da izango, duela hainbat urte, zure hainbat mende, bidaia hasi zuen argiaren espektroa: bizirik iraungo du izar horrek?... Bizirik iraungo du zure begiek ikusten badute... Eta jakingo duzu izar hura hilda zegoela, Zu hari begira egon arren hilda zegoela, benetan izarraren orainean isuri zen argiak zure begietaraino iristeari —oraindik badirau— utziko dion etorkizuneko gauean, anartean, zure begiek aspaldiko argi hura ikusi eta begiradaz bataiatzen dutela uste izango dute... Sorreran hilda zure zentzumenetan bizirik egongo dena... Galduta, kiskalita, argi iturriak bidaiatzen jarraituko du, dagoeneko sorrerarik gabe, mutiko baten begietarantz beste denbora bateko gau batean... Beste denbora batekoa... Denbora hori bizitzaz beteko da, ekintzez, ideiez baina ez da inoiz izango iraganeko aurreneko gertakizunaren eta etorkizuneko azkenekoaren arteko iragaite zorrotza... Denbora hori biziko da soilik oroimen isolatuaren berreraikitzapenean, desira isolatuaren hegaldian; desira, zeina bizitzeko aukera agortzean galdu baitzen eta izaki berezi zaren horrengan haragitu: Zu, ume bat, jada agure bat, hilzorian dagoen agure bat zara, eta batu egiten dituzu, gau honetan, errito misteriotsu bati jarraiki, mendi-lepoko harkaitzetan gora egiten duten intsektu txikiak eta espazioaren zola mugagabearen inguruan isilean biratzen diren berealdiko argizagiak... Ez da ezer jasoko lurraren isilunearen minutu horretan, ortzia eta Zu... Denak izango du izatea, dena mugituko, bereiziko da; istant horretan aldaketa jario horrek dena egingo du desegin, zahartu eta higatu, eta ez da ahots txikienik ere altxatuko... Eguzkia bizirik ari da erretzen, burdina hauts bihurtzen, nora ezean dabilen energia espazioan barrena barreiatzen, masak erradiazioan higatzen, lurra hiltzeraino hozten... Eta Zu mulato baten eta animalia baten zain egongo zara mendia zeharkatu eta bizitzen hasteko. Bizitzen hasi, denbora bete, jarraitu joko makabro baten urratsak eta imintzioak, non bizitzak eta heriotzak aldi berean egingo duten aurrera; jarraitu zoramen-dantza baten urrats eta imintzioak, non denborak denbora jango duen eta inork ezin izango duen gelditu, bizirik, desagerpenaren norabide aldaezina... Umea, lurra, unibertsoa: hiruretan, egunen batean, ez da egongo ez argirik, ez berorik, ez bizirik... Egongo den bakarra izango da erabateko batasuna, ahazturik, izenik gabe eta hura izendatuko duen gizakirik gabe: espazioa eta denbora baturik, materia eta energia... Eta gauza guztiek izen berbera izango dute... Bat ere ez... Baina oraindik ez... Oraindik jaiotzen dira gizakiak... Oraindik entzungo duzu Luneroren «aoooo» luzea eta ferren hotsa harkaitzean... Oraindik pilpira egingo dizu bihotzak, bizkor, jakitun, azken batean, gaurtik aurrera abentura berri hori hasten dela, mundua zabaltzen dela eta bere denbora eskaintzen dizula... Bazara... Mendian zaude zutik... Txistu eginez erantzuten diozu Luneroren deiari... Bizi egingo zara... Unibertsoaren ordenaren elkargune eta arrazoi izango zara... Arrazoi bat du zure gorputzak... Arrazoi bat du zure bizitzak... Unibertsoa haragi eginda zara, izango zara eta izan zinen... Zuretzat piztuko dira galaxiak eta hartuko du sua eguzkiak... Maita dezazun, eta bizi zaitezen eta izan... Sekretua aurki dezazun eta inorekin partekatu gabe hil zaitezen, ez baitzara haren jabe izango begiak betiko itxiko diren arte... Zu, zutik, Cruz, hamahiru urteko mutikoa, bizitzaren ertzean... Zu, begi berdeak, beso meheak, ile eguzkiak gorritua... Zu, mulato ahaztu baten laguna... Zu izango zara munduaren izena... Zuk Luneroren «aoooo» luzea entzungo duzu... Zuk konprometitzen duzu unibertsoaren fresko infinito, hondorik gabearen existitentzia... Zuk ferren hotsa entzungo duzu harkaitzean. Zugan ukitzen dira izarra eta lurra... Zuk Luneroren oihuaren osteko fusilaren danbada entzungo duzu... Buru gainera eroriko zaizkizu, denboran sorrerarik eta amaierarik ez duen bidaia batetik etorriak balira bezala, maitasun eta bakardade promesak, gorrotoarenak eta ahaleginarenak, bortxarenak eta samurtasunarenak, adiskidetasunarenak eta etsipenarenak, denborarenak eta ahazturarenak, xalotasunarenak eta harridurarenak... Zuk gauaren isiltasuna entzungo duzu, Luneroren oihurik gabe, ferren oihartzunik gabe... Zure bihotzean, zure bihotz bizitzara zabalduan, gau honetan; zure bihotz zabalduan...

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia