(1955: abenduak 31)

 

BERAK burdinazko eskudelari heldu zion, nekez. Beste eskua txabusinaren sakela barrenean sartu eta eskaileretan behera egin zuen, astun, mexikar birjinei eskainiriko nitxoei begiratu gabe. Guadalupe, Zapopán, Remedios. Eguzki logaletuak, koloretako beirateetatik sartzean, urreztatu egin zituen estofa-lan beroak, zilarrezko haize-oihalen antzeko gona zabalak; gorritu habeen egur errea; argiztatu gizonaren bisaia erdia. Jantzita zituen jada smokingaren prakak, alkandora eta gorbata: txabusina gorria gainetik, inkaminari zahar eta nekatu baten traza zuen: errepikapena irudikatu zuen, gau hartan, sasoi batean xarma berezia izan zuten ekitaldien errepikapena; gogaituta ikusi eta entzungo zituen aurtengoan, ordea, Coayacángo egoitzatzarrean San Silvestre eguneko jaia urtero-urtero girotzen zuten betiko aurpegi berak, betiko esaldi berak.

        Huts aditu ziren oin-hotsak tezontlezko zoruan: txarol beltzezko oinetakoetan apur bat estututa, ordurako bere-berea zuten astuntasun kordokatuaz herrestatu ziren oinak. Tente, orpo ezbaitietan kulunkatuta, papar aldea lodi eta eskuak, urduriak, zainek —lodiak haiek ere— zeharkatutakoak, zintzilik joan zen korridore zurituetan barrena mantso-mantso, artilezko alfonbra lodiak zapalduz, bere buruari ispilu patinatuetan eta han-hemen lekututako mahai kolonialetako kristaletan begiratuz eta atzamarrez ukituz xaflak eta aldabak, panel eta burdinazko sarraila zulodun kutxak, ayacahuitezko zizeilu usaintsuak, marketeria-lan arranditsuak. Zerbitzari batek areto nagusiko atea zabaldu zion; agureak ispilu baten aurrean azkeneko aldiz gelditu eta lepoko txoria atondu zuen. Esku-ahurraz, bekoki garaia inguratzen zuten ile bakan urdin kizkurrak orraztu zituen. Ordezko hortzeria ondo finkatzeko baraila estutu eta areto zoru leundukora sartu zen, zedro distiratsuzko zelaigune eskerga, dantza egiteko alfonbrez gabetua, belar eta adreiluzko terrazadun lorategira zabalik, Coloniako margolanez apaindua: San Sebastián, Santa Lucía, San Miguel.

        Gela barrenean, argazkilariak zituen zain, denak damasko berdeko besaulkiaren inguruan, sabaitik zintzilik zegoen berrogeita hamar bonbillako argi-armiarmaren azpian bildurik. Beheko suaren gaineko erlojuak zazpiak jo zituen; egun haietan hotz egiten zuenez sua piztuta zegoen, eta larruzko aulkiak sutondoan zeuden, epeletan. Buruaz agur egin eta besaulkian eseri zen, eta alkandoraren bular alde zurruna eta pikezko eskumuturrak atondu zituen. Beste zerbitzari bat hurbildu zen, artzakur gris, mutur gorrizta, begi goibel bi haiek zekartzan, eta uhal lakarrak jarri zituen ugazabaren eskuen artean. Uhalok brontzezko tatxetak zituzten eta argi errainu anitzez egin zuten dir-dir. Burua jaso eta hortz-haginak estutu zituen beste behin. Argi-desarrek kare tonuz jantzi zuten burutzar urdindu hura. Argazkilariek beste pose batzuk eskatu ahala, ilea orraztu eta poltsa haiek, sudur hegaletatik zintzilikatzen eta lepoan galtzen ziren bi poltsa astun haiek korritzen zituen atzamarrez. Masailalbo garaiek, haiexek eusten zioten betiko trinkotasunari, nahiz eta begi egunean baino egunean hondoratuago haietatik —haragi laxoaren tolesduretan ezkutaturiko begi-nini berdexka haiek eta begirada erdi jostari erdi samin hura babesteko zereginari emanak ziruditen— ateratako zimur saretxoek zegoeneko bideak eginda izan.

        Adausi egin zuen artzakurretako batek bai eta askatzeko ahaleginak ere. Argi-desarra bat izan zen, txakurraren tiraldiak besaulkitik zakar, harri eta zur dagoenaren aurpegiera zuela, atera zuen unean. Gainerako argazkilarien begirakune zorrotza jaso zuen erretratua atera zuen hark. Erantzuleak kameraren errektangelu beltza bere lekutik atera eta, txintik esan gabe, eman egin zion, hango beste argazkilari bati.

        Argazkilariak joandakoan, esku dardartia luzatu eta filtrodun zigarro bat hartu zuen antzinako mahaiaren gainean zegoen zilarrezko kutxa hartatik. Zailtasunez, pizkailuaz sua piztu eta, patxada handiz, buruaz onetsiz, olioen hagiografia korritu zuen, zaharrak ziren olioak, bernizatuak, argi zuzenak eragindako orban moduko gune hil handiak zituzten eta margolanen erdiguneko xehetasunak lausotu egiten bazituzten ere, bazter tonu horixkei eta itzalgune gorrixkei erliebe iluna ematen zieten orbanok. Damaskoa ferekatu zuen eta arnastu irazitako ke hura. Zerbitzaria hotsik txikienik atera gabe hurreratu zitzaion eta zerbait nahi al zuen galdetu zion. Berak baietz erantzun eta Martini oso lehor bat eskatu zion. Zerbitzariak zedro landuaren bi xaflak bereizi zituen eta barruko ispiluak, koloretako txartel eta isurkari flaskoratuen arasa bistaratu zen: opalo berde esmeralda, gorria, zuri gardena: Chartreuse, Peppermint, Acquavit, Vermouth, Courvoissier, Long John, Calvados, Armagnac, Beherovka, Pernod eta kristalezko edalontzi ilarak, kristalak lodiak eta ebakiak, meheak eta tintintsuak. Eskuetan zuen jada kopa. Zerbitzariari sotora jaisteko agindu zion eta afarian aterako ziren hiru markak ekartzeko. Hankak luzatu zituen eta etxe haren, bere benetako etxea zuen haren eraikuntza eta erosotasunak zein arta handiz begiratu zituen pentsatu zuen. Egotea zuen, bai, Catalinak, han, Las Lomaseko hango etxetzar hartan, berezko nortasunik gabeko etxe hartan, aberats guztien eraikinen berdin-berdina zen etxe hartan. Berak nahiago zuen mende biko harri eta tezontlezko beste hormatzar zahar horien artean egon; izan ere, iraganeko pasadizoetara, erabat galdu nahi ez zuen lurraren irudira eramaten zuten misteriotsuki. Bazekien, bai, bazekien horretan guztian ordezkatze bat zegoena, magia-keinada bat. Haatik, hango egurrek, harriak berak, burdin hesiek, moldurek, jantokiko mahaiek, marketeriak, estrabeek eta panelek, aulkien tornu lanek, hango denek elkar hartu eta, nostalgia-lurrin ia sumaezinez, gaztaroko pasarteak, uneak, ukimen-sentsazioak berritzen zizkioten.

        Lilia kexatu egiten zen; baina Liliak ez zuen sekula ulertuko. Zer esango dio, bada, neskato horri, behinolako habedun sabai batek? Zer, leihoko burdin hesi herdoil-orbanez ilunduak? Zer, su gaineko meza-jantziak —urrezko ezkataz betea, zilar-hariz brodatua—; zer, haren ukitze gozo apartak? Zer, kutxei darien ayacahuite usainak? Zer, Pueblako axuleiuz estaliriko sukaldearen distira aratzak? Zer, jangelako artzapezpiku-aulkiteriak? Horien guztien jabetza dirua eta aberastasun handienak izatea bezain gozoa, bezain sentsuala, bezain aparta zen. A, bai, hura atsegin biribila, hura izaki bizigabeen sentsualtasuna, hura plazera, hura gozamen bakana... Urtean behin izaten zuten San Silvestre eguneko jai ospetsura gonbidatutakoek horretaz guztiaz gozatzeko parada... Gozamen ugariko eguna izaten zen hura; izan ere, gonbidatuek onartu egiten zuten etxe hori zela bere benetako etxea, eta pentsatu Catalinarengan, Catalina bakartiarengan, zeinak haiekin bilduta, Teresarekin, Gerardorekin, tertzio horretan Las Lomaseko egoitzan afaltzen zuen... Eta anartean Berak Lilia aurkezten zuen eta zabaltzen jantoki urdin baten ateak, urdina jantokia, urdina baxera, urdina lihoa, urdinak hormak... non oparo isurtzen ziren ardoak, eta atera eta atera egiten ziren erretiluak haragi bitxiez beteta, arrain gorrixka eta itsaski usaintsuez gonburu, belar ezezagunez, opil gozoez...

        Ezinbestekoa al zen bere atsedenaldia eten behar izatea? Zoruan Liliaren txinal hots nagia. Egongelako atean haren azazkal margotu gabeak. Aurpegi koipez estalia. Jakin nahi du jantzi arrosa gaur gauerako egokia den. Ez du iaz bezala besteengandik desberdinegi agertu nahi, amorru erdeinagarri hura eragiterik nahi. Ene, edaten, edaten ari da! Zergatik ez dio berari ere kopa bat eskaintzen? Gogaitzen hasia zuen konfiantza ezak, giltzez itxitako tabernak, sotoan sartzea galarazten dion zerbitzari lotsagabeak. Aspertu? Ondotxo daki Berak horren erantzuna. Atsotzea, itsustea nahiko luke, behingoz etxetik bota eta bake-bakean bizitzen utz diezaion. Ez diola inork eragozten? Eta gero dirua, luxua, etxetzarra? Dirua asko, luxua handia, baina bizipozik ez, atseginik ez, kopatxo bat edateko ere eskubiderik ez. Hori bai, sano maite du berak gizona. Makina bat aldiz esan dio. Emakumeak denera moldatzen dira; jasotzen duten maitasunaren nolakoan datza denak. Berdin-berdin ohi daitezke gazte baten maitasunera zein aita batena izan litekeen maitasunera. Horixe estimatzen duena berak gizona; esatea ere... Zortzi urte jada elkarrekin bizi direla eta gizonak ez zuen orduan zaputzaldirik hartu, ez zion errietarik egin... Zera egin zuen, behartu... baina ez litzaioke, ez, orduko moduko asaskalditxo bat txarto etorriko, ez horixe!... Edo zer? Horren tuntuna zela uste al zuen?... Bai, bai, ez du sekula txantxa bat eramaten jakin. Konforme, baina gauzak nola diren konturatzen da... Inor ez da betiko... Betertzetan zimurrak... Gorputzak... Baina azken batean Bera ere ohitu egin da berarekin egotera, ez ala? Duen adinarekin berriro hasi beharra ez litzateke erraza izango. Milioiak eta milioiak izan arren... ez da, ez, lan samurra eta denbora, denbora hartu behar da emakume bat aurkitzeko... sorginak halakoak... horrenbeste irtenbide dakizkite... horrenbeste atsegin dute uzkurrarena egitea... hasierako uneak luzatzea... ezezkoa, zalantza, itxaron beharra, tentaldia, ai, hori guztia!... eta agureak txotxolotzea... Hori bai, bera hori baino askoz erosoagoa da... Eta ez da, ez, kexu, ez horixe. Arrandiarentzat berarentzat ere ez da balaku makala Urteberri egunean erakusten dioten... Eta Bera maite du, bai, zin egiten dio, guztiz ohituta dago dagoeneko haren kontuetara... baina aspertu, nola aspertzen den!... tira, zer du txarrik lagun min batzuk izateak, noizean behin ondo pasatzera joateak, zerak... astean behin-edo kopatxo bat hartzeak...?

        Berak ez zuen zirkinik egin. Ez zion emakumeari zirikatzeko eskubide hori ematen eta hala ere... bere izaerarekin inolako zerikusirik ez zuen... ahultasun epel eta nakar hark... hantxe egonarazten zuen... Martinia esku gogortuetan zuela... emakume hura entzuten... zentzugabekeria bat bestearen atzean jaulkitzen zuen emakume... egunean baino egunean zarpailago et... et, ederra zen oraindik... jasanezina ordea... Nola menderatu behar zuen emakumea?... Bere mendean zegoen oro, orain, gaztaroko kemenaren... nolabaiteko luzapen birtualari, geldoari zor zitzaion oso-osoan... Liliak utzi egin zezakeen... bihotza estutu zitzaion... Ez zen nahikoa hori... beldur hori... uxatzeko... Beharbada ez zen beste aukera bat egongo... bakar-bakarrik gelditu... Baldar mugitu zituen atzamarrak, besaurrea, ukondoa eta hautsontzia alfonbra gainera erori zen eta bazter batean zabaldu ziren zigarro mutur busti horiak, geruza zuri, ezkata gris, errai beltzeko hautsa. Makurtu egin zen, arnasa zailtasunez hartuz.

        — Ez zaitez makurtu. Oraintxe deituko diot Serafini.

        — Bai.

        Beharbada... Asperdura. Baina higuina, nazka... Beti, zalantzaren eskutik irudikatzen... Gogoz besteko samurraldi batek aurpegia birarazi zion emakumeari begiratzeko...

        Berari begira zuen emakumea, han, ate alboan... Herratsu, samur... Ilea kolore hori-hauskaraz tindatuta eta larruazal ilun hori... Emakumeak ere ezin zuen atzera egin... ez zuen sekula hura berreskuratuko eta horrek berdindu egiten zituen... nahiz eta adinak eta izaerak elkarrengandik aldendu... Zaputzaldia? Zertarako?... Nekatuta sentitu zen. Horixe zen dena... Borondateak eta patuak erabaki zuten... Horixe zen dena... Ez zen beste ezer, beste oroitzapenik, beste izenik betikoetatik aparte... Berriz ferekatu zuen damaskoa... Usain txarra zerien zigarrokinei, behe gaineko errautsari. Eta Lilia, han, aurpegia koipeztaturik, geldi.

        Emakumea atalondoan. Bera damaskozko besaulkian.

        Emakumeak, halako batean, hasperen egin eta logelarantz zuzendu zuen txinal hotsa, eta Berak eserita itxaron zuen, ezertan pentsatu gabe, harik eta lorategira ematen zuten kristalezko ateetan bere burua argi baino argiago islatuta ikusi eta iluntasunak bere berri eman zion arte. Morroia sartu zen. Jaka, zapia eta botila kolonia zekartzan. Zutik, hark jaka jantz ziezaion utzi zuen, eta zapia zabaldu zuen gero, zerbitzariak lozio tanta batzuk isur zitzan. Zapia bihotz-ondoko sakelan jarri eta morroiaren begietara zuzendu zituen begiak. Zerbitzariak begiak jaitsi zituen. Ez. Zer ardura zioten berari gizon haren sentipenek?

        — Serafín, zigarrokin horiek, tira, azkar...

        Zutitu egin zen, esku biak eserlekuaren besoetan bermatuz. Pauso batzuk eman zituen sutondorantz, eta toledoar burdinak laztandu zituen, eta suaren arnasa igarri zuen aurpegian eta eskuetan. Aurreratu egin zen lehendabiziko hitzak —liluratuak, harrituak— etxeko korridorean aditu zituenean. Serafin azken zigarrokinak batzen ari zen.

        Sua kitzikatzeko agindu zuen eta Régulestarrak sartu ziren morroia burdinak maneatzen ari zela sugar handi batek ke-bidean gora egin zuen unean. Jangelarekin lotzen zuen atetik beste zerbitzari bat inguratu zitzaien eskuetan azpil batekin. Roberto Régulesek kopa bat hartu zuen, bikote gaztea —Betina eta senarra zuen Ceballos gaztea—, ostera, eskutik helduta egongelan barrena ibiltzeari eta margo-lan zaharrak, igeltsu eta urrezko moldurak, zur-lan apartak, kopete eta faldoi barrokoak, langet torneatuak, maskaroi polikromoak goresteari eman zitzaion. Bera ateari bizkarrez zegoen edalontzi bat, kanpai hautsiaren erritmoaz behearen kontra lehertu eta Liliaren ahotsak txantxa antzeko bat egin nahian zerbait oihukatu zuen unean. Agureak eta gonbidatuek ateko kisketari helduta ageri zen emakume margotu gabe haren bisaian iltzatu zituzten begiak: —Lero, lero! Urteberri on!... ez zaitez arduratu, aitatxo, ordu bete barru jaitsiko zait... eta jaitsi naiz besterik gabe... zera besterik ez nizun esan nahi, zera, erabaki dudala urtea lasai hartzea... lasai baino lasaiago, gero, e!...

        Bera emakumearengana abiatu zen pauso kordokatu eta baldarraz, emakumeak deiadar egin zuen: —Aspertu egin naiz egun osoan telebista saioak ikusten egoteaz... aitatxo!

        Agurearen pauso bakoitzeko, Liliaren ahotsak txirula soinuaren antz handiagoa hartzen zuen. —Dagoeneko buruz dakizkit bakeroen istorio guztiak... danba-danba... Arizonako marshalla... azal-gorrien kanpamendua... danba-danba... amets egiten dut dagoeneko ahots horiekin... aitatxo... edan ezazu Pepsi... besterik ez... aitatxo... segurtasuna eta erosotasuna; polizak...

        Artritisak jotako esku hark aurpegi marguldu hura jo zuen eta ile kiribil tindatuek Liliaren begiak estali. Arnasa gabe geratu zen. Bizkarra eman eta alde egin zuen, astiro, eskua masailean. Bera Régulestarren eta Jaime Ceballosen taldera itzuli zen. Begiak ezarri zituen, hango haienetan, guztietan, segundo batzuez, burua betiere tente. Régulesek whiskia ahora eraman zuen; begirada ezkutatu edalontziaren atzean. Betinak irribarre egin eta, zigarroa, suaren premia balu bezala, atzamar artean hartuta, anfitrioiarengana hurbildu zen.

        — Non lortu duzu kutxa hori?

        Agurea alde batera baztertu zen, eta Serafín morroiak pospoloa piztu zuen neska gaztearen aurpegi ondoan, neskak, orduan, zaharraren bular aldetik burua aldendu eta hari bizkarra emanez jarri behar izan zuen. Musikariak sartu ziren, korridore barrenetik, Liliaren atzetik, lepoko berogarrietan bildu-bilduta, hotzez dardarka. Jaime Ceballosek kriskitin egin eta orpoen gainean jiratu zuen flamenko dantzari baten antzera.

        Izurde-eiteko hankadun mahaiaren gainean, brontzeko kriseiluen azpian, eperrak urdai saltsa eta ardo minduaz gozatuak, legatza Tarragonako ziape-hostoetan bilduta, basahateak laranja azalez estalita, zamoak itsaski-arrabatxoz inguratuta, Kataluniako bullinada lodia oliba- usainarekin, coq-au-vin errea Macon-etan blai, usoak orburu-purez beteak, izotz zatien gainean jarritako esquinadoz betetako azpilak, otarrain gorrixkak burruntzietan sartuta eta azpian limoi-xerrak kiribilean jarrita, barrengorriak eta tomate xaflak, Baionako urdaiazpikoa, behiki erregosiak Armagnacez bustita, antzara-lepoak barruan txerri-patea dutela, gaztaina-purea eta sagar erreen azala intxaurrekin, tipula- eta laranja-saltsak, berakatz- eta pistatxo-saltsak, almendra- eta barraskilo-saltsak: atea zabaldu zenean, kornukopiak eta aingerutxo ipurtandiak landuta zituen eta Querétaroko komentu batean polikromatua izan zen ate hura zabaldu zenean, dizdiz egin zuen agurearen begietan gune erdietsi ezin hark: ateak parez pare zabaldu zituen eta barre lehor, erlats bat egin zuen, zerbitzari batek ehun gonbidatuetariko bati Dresde plater bat eskaintzen zion bakoitzean, mahai-tresnek baxera urdinean egiten zuten perkusioaz lagundurik; zerbitzariek botilak ekartzen zituzten eta kristalezko kopak haien aldera makurtzen ziren, eta Berak gortinak zabaltzeko agindu zuen, lorategira ematen zuen beiratea ezkutatzen baitzuten, eta lorategi hura zegoen gereziondoen, aranondo soildu eta ahulen, monasterio-harrizko estatua aratzen itzalez jantzita: Erregeorde-aldiko jauregi eta komentuetatik emigratutako lehoiak, aingeruak eta fraideak; zapart egin zuten argizko bolanderek, leher egin zuten su-gaztelu handiek neguaren ganga oskarbi eta urruti haren erdian; hori sigi-sagazko ugariren hegaldi gorriarekin nahasturiko iragarpen zuri eta txinpartatsua: iturria, gauaren orbain zabalduen, gauaren oihal beltzean urrezko medailoiak erakusten zituzten monarka dibertigarrien, gauaren argizagi doluz jantzietarantz lasterka bizian zihoazen argizko orgen iturri joria. Ezpain itxien barrutik, barre marmarti hura egin zuen Berak. Erretilu hutsak hegazti gehiagorekin, itsaski gehiagorekin, okela odoltsu gehiagorekin mahairatu zituzten. Zalu ibili ziren beso biluziak, behialako koru-aulkiteriako nitxo marketeria-lan ugarikoan, oparo landurikoan, kopete eta faldoi apartekodunean astun eserita zegoen agurearen inguruan. Usaindu egin zituen, begietsi, emakumeen lurrinak, eskoteetako biribiltasunak, galtzarbeetako sekretu bizar gabetua, bitxiz zamatutako belarri gingilak, lepo zuriak eta tafetaren, zetaren, urrezko sarearen lasaieraren abiagune ziren gerri estuak; arnastu egin zuen izpiliku eta zigarro piztuen usaina, ezpainetako eta aurpegiko margoena, emakumezkoen oinetakoena eta isuritako koñakarena, txegoste astunena eta azazkaletako lakarena. Kopa gora jaso eta inoren laguntzarik gabe zutitu zen; zerbitzariak gaueko hurrengo orduetan berarekin izango zituen txakurren uhalak jarri zizkion atzamarren artean; urte berriko harrabotsa lehertu zen: kopek lur gaina jo zuten eta laztandu, estutu egin zuten besoek, goratu egin ziren besoak denboraren jai hura, hileta hura, memoriaren su-meta hura, gertaera guztien berpizte hartzitu hura ospatzeko, eta orkestrak Enarak jotzen zuen, zikloaren gertaera, hitz eta gauzaki hil guztien berpiztea ospatzeko, ehun bizitza haien luzapena ospatzeko, gizon-emakumeak, zeinek galderak egiteari utzi eta denbora huraxe izango zutela esaten zioten, zenbaitetan begirada bustiaz, beren buruari, denbora huraxe, suziriek eta poz erakustaldi hark artifizialki hedatu zituzten istant horiexetan bizi eta luzatu zuten denbora huraxe baino ez: Liliak barkamena eskatu nahi izango balu bezala ferekatu zion lepoa: Berak bazekien, beharbada, hainbat gauzaren, hainbat gurari txikiren aurrean eutsi beharra zegoela, gero, oso-osoa izango zen une bakar batean, bete-betean, aurretiaz ezer xahutu gabe, gozatu ahal izateko, eta emakumeak eskertu egin behar zion hori: berak murmurio batez esaten zuen. Biolinek, egongelan, Parisko jende gaixoaren hatsa berrartu zutenean, emakumeak, imintzio ezagun bat eginez, besotik heldu zion baina Berak buru urdindu harekin ezetz adierazi zion, eta txakurrak aurretik zituela besaulkira abiatu zen, hantxe emango zuen Berak gau osoa eserita, bikoteen aurrean... ondo pasatuko zuen aurpegi haiek ikusiz, itxuratiak, eztiak, maltzurrak, maleziatsuak, ergelak, azkarrak, eta zorian pentsatuz, guztiek zuten zori onean pentsatuz, berek eta Berak... aurpegiak, gorputzak, dantzak izaki askeenak ziren, Bera bezalako izaki askeenak... finkatu egiten dute Bera, sendotu, zoru ezkoztatuaren gainean, lanpara argitsuaren azpian bizkor mugitzen direnean... askatu, ilunago eginez, oroitzapenak... bultzatu egiten dute, maltzurki, elkarren arteko antzekotasun horretaz bizikiago gozatzera... askatasuna eta boterea... ez zegoen bakarrik... dantzan ari ziren horiek berarekin zeuden... hori adierazi zion sabelaldeko berotasunak, erraietako pozak... zahartzaro boteretsuaren, presentzia urdinduaren, artritikoaren, astunaren segizio beltz, inauteri karakotx... begitxo berdeen mugimenduan islatutako irribarre iraunkorraren, erlatsuaren oihartzun... oraintsuko blasoiak, berea bezalakoak... zenbaitetan oraintsuagokoak... bira-biraka ari ziren, bira-biraka... ezagutzen ditu... industria gizonak... merkatariak... soldatako artekariak... etxe oneko umeak... agiolariak... ministroak... diputatuak... kazetariak... emazteak... emaztegaiak... amodio-bitartekariak... maitaleak... bira-biraka ari ziren bere aurretik dantzan igarotzen zirenen hitz ebakiak...

        — Bai... —Gero joango gara... —...baina aitatxok... —...maite zaitut... —...aske...? —Hori esan zidaten... —...nahi beste denbora dugu... —Orduan... —...horrelaxe... —...nahiko nuke... —Non? —...esadazu... —...ez naiz berriro itzuliko... —...gustuko zenuen?... —...zaila... —hura amaitu zen... —...ederra... —...gozoa... —akabatu zen... —...ondo merezia... —...hmmmm...

        Hmmm!... begietan antzematen zekien, ezpainen, sorbalden mugimenduetan... esan ziezaiekeen zer iritzi zuen isilean... esan ziezaiekeen nor ziren... birgogora ziezazkiekeen beren benetako izenak... porrot egite faltsuak... aurretiaz jakindako diru-debaluazioak... salneurrien espekulazioak... bankuen agioa... latifundio berriak... lerroa horrenbestean egindako erreportajeak... herri-lanen kontratu puztuak... propaganda politikoetako ibileretan hizlari... gurasoen ondasunen zarrastelkeria... Estatuko idazkaritzetan azpilanak... izen faltsuak: Arturo Capdevila, Juan Felipe Couto, Sebastián Ibargüen, Vicente Castañeda, Pedro Caseaux, Jenaro Arriaga, Jaime Ceballos, Pepito Ibargüen, Roberto Régules... Eta jo eta jo egiten zuten biolinek, bira eta bira gonek eta fraken luzakinek... Ez dira horretaz mintzatuko... bidaiak eta maitasun kontuak izango dituzte hizpide, etxeak eta autoak, oporrak eta jaiak, bitxiak eta morroiak, gaixotasunak eta apaizak... Baina hantxe, hantxe daude, denak bilduta... boteretsuenaren aurrean... egunkarian aipamen txiki batez suntsitu edota balakatu... Liliaren presentzia ezarri... hertsatu, ahots sekretu batez, dantza egitera, jatera, edatera... sentitu hurreratzen direnean...

        — Neurekin ekarri dut, arkanjeluaren margolan hori, horrako hori, ikus dezan, bikaina...

        — Nik beti esan dut: Artemio jaunarena bai gustu ona...

        — Nola eskertuko dizugu?

        — Arrazoi osoz egiten diezu zuk muzin besteen gonbitei.

        — Mutu, mutu gelditu naiz, hain izan da dena bikaina; mutu, Artemio jauna; bai ederrak ardoak! eta hain mokadu apartekin ateratako plater horiek!

        ...aurpegia alboratu eta inori jaramonik ez egin... nahikoa zitzaizkion berari marmarioak... ez zuen ezer finkatu nahi... zentzumenek inguruko murmurioa bera zuten gozatzeko nahiko... ukiak, usainak, zaporeak, irudiak... Esatea zioten berari, barre eta txutxu-mutxu artean, Coyoacángo momia... trufatzea zuten Liliaz isileko irritxoak ezpainetaratuz... Hantxe daude, bere begiradapean dantzan...

        Besoa jaso zuen: orkestraren zuzendariari keinu egin zion: pieza erdian eten zen musika, eta denek dantzatzeari utzi zioten: hariek jotzen hasitako pot-pourria, jende artean egindako igarobidea, besoak eta aldakak kulunkatuz, atetik egongela erdiraino joan zen emakume erdi biluzia: irrintzi alai bat: dantzaria gerria menean hartua dion danborren erritmoaren aurrean belauniko: olioz igurtzita gorputza, laranja kolorekoak ezpainak, zuriak betazalak eta urdinak bekainak: zutik, zirkuluaren inguruan dantzan, sabela gero eta astinaldi bizkorragoez mugitzen: Ibargüen zaharra aukeratu eta besotik hartuta dantza-gunearen erdiraino eraman zuen, zoruan eseri zuen, besoak Visna jainko baten jarreran jarri zizkion, dantza egin zuen haren inguruan, Ibargüen bera ere mugimendu sigi-sagazko haiek egiten saiatu zen: irri egin zuten denek: dantzaria Capdevilarengana hurbildu zen, erantzarazi zion jaka, dantzarazi Ibargüenen inguruan: kar-kar egin zuen anfitrioiak, damaskozko besaulkian hondoratuta, txakurren uhalak laztantzen zituela; dantzaria Coutoren bizkar gainera igo zen, eta horixe bera egitera animatu zituen emakume batzuk: barre egin zuten denek: zaldikoteek, algaraka, zamaldunen orrazkerak desegin eta aurpegi puztuak izerdiz zikindu zituzten: zimur-zimur egin ziren gonak, belaunak baino gorago igota baitzituzten: gazte batzuek, barre bizi artean, hankak luzatu zituzten dantzari zahar bi haien eta emakume izter zabaldu haren artean borrokatzen ari ziren apoplexiak jotako zaldiak zango-trabatzeko.

        Goratu egin zuen begirada, lastak kausaturiko urperalditik ur-azalera etorriko bailitzan: habedun zeru argia eta horma zuriak, XVII. mendeko olioak eta estofa-lan ederrak buru ile nahasi eta beso uhintsuen gainean... eta belarri ernean, arratoi letagin beltz, mutur zorrotz ikaragarri handien lasterka ezkutua, antzinako jeronimotar komentu honen zimenduetan eta teilatuetan bizi eta, noiz edo noiz, egongelako bazterretatik ere nasai ibiltzen ziren arratoiok adi zeuden, ilunpean, festa alaitasunez ospatzen ziharduten haien gainean eta azpian, milaka eta milaka arratoi, erne... beharbada... denak ustekabean harrapatzeko aukera noiz helduko... noiz erantsiko sukarra eta buruko mina... zorabioa eta ikara hotza... zango artean eta galtzarbeetan hantura gogor mingarria... azalean orban beltzak... odol okada... berriz besoa jasoko balu... zerbitzariek txanbila eta zilindroak... taula alakatuak... ohe estalki eta errezeldunak ... burdinazko giltzak... panelak eta aulkiteriak... metal landuko ateak... fraide eta lehoi estatuak dituen etxe honen irteerak... ihesbideak denak burdinazko langetez itxi ditzaten... eta konpartsak ezinbestean bertan geratu behar izango balu... nabe honetan egon... gorputzak ozpinez igurtzi... egur usaindunez sua egin... izpiliku arrosarioak lepoaren inguruan eskegi... euli berde eta burlatiak nagikeriaz uxatu... Berak dantzatzeko, bizitzeko, edateko agintzen zuen bitartean... Lilia bilatu zuen jende aldra zalapartatsu haren artean: bakarrik eta bere baitara bildurik ari zen bazter batean edaten, ezpainetan irri tolesgabea, dantza eta borroka itxuratuei bizkarra emanez... zenbait gizonezko txiza egitera irten ziren... eskua bragetan zutela... zenbait emakumezko aurpegia hautseztatzera... gaueko poltsak zabaltzen... gogor egin zuen irri... horrexek, horrexek eragiten zuen poz eta liberaltasun-erakutsi handia: isilean egin zuen kar-kar... irudikatu egin zituen... denak, haietariko bakoitza, beheko solairuko komun bi haien aurrean lerroan jarrita... denak isurkari apartez betetako maskuriak husten... denak horren artatsu, horren gustu handiz, horren hautaketa zorrotzaz bi egunez prestaturiko janariaren hondarrak libratzen... erreparatu gabe ahateen eta otarrainen, pureen eta saltsen azken norakoari... a bai, horixe gaueko plazerik handiena...

        Arin nekatzen ziren. Dantzariak bere egitekoa amaitu bezain laster ezaxolakeriak inguratuta geratu zen. Berriketan egiteari, txanpan gehiago eskatzeari, sofa sakonetan esertzeari lotu zitzaion berriz jendea; txangotik bueltan zetozen beste batzuk, bragetak lotzen, hauts-kutxak gaueko poltsetan gordetzen. Iraungitzear zegoen. Aurreikusitako orgia laburra... momentuko zarraparra programatua... ahotsak beren betiko tonu apalera zihoazen apurka-apurka itzultzen eta kantaka... Mexikoko goi lautadaren babesean... kezka horiek zetozen... iragandako unearen, lipar iheskorraren mendeku hartu nahi izango balute bezala...

        — ...ez, negelak eragiten dizkit-eta niri kortisonak...

        — ...ez dakizu zer nolako gogo-jardunak ematen ari den Martínez apaiza...

        — ...begira horri: nork esango luke; diotenez lehen...

        — ...bidali egin behar izan nuen...

        — ...hain etxeratzen da Luis abailduta, ezen ez baitu ezertarako gogorik izaten...

        — ...ez, Jaime, ez zaio gustatzen...

        — ...gangartu egin zen oso...

        — ...ez bada telebista aurrean apur batean egoteko...

        — ...ezin da, ezin da gaurko neskameekin burutu...

        — ...duela hogei bat urte-edo maitaleak izan omen ziren...

        — ...eta nondik nora emango zaio indio talde horri botoa?...

        — ...eta emaztea etxean bakar-bakarrik; sekula...

        — ...gorengo mailako politika kontuak dira horiek; zera jaso genuen ...

        — ...segi dezala PRIk atzamarrez hautatzen eta...

        — ...agindua, Presidente jaunaren agindua ganberan...

        — ...ni bai, ni ausartzen naiz ...

        — ...Laura; uste dut Laura duela izena...

        — ...gutxi batzuk ari gara hemen lanean...

        — ...income tax hitza berriro aipatzen bada...

        — ...hogeita hamar milioi alferrontzirentzat...

        — ...nik neuk Suitzara eramaten ditut neure diruok...

        — ...komunistei ulertarazterik ez dago, ez bada...

        — ...ez, Jaime, ez du inork nekarazi behar...

        — ...egundoko negozioa izango da...

        — ...kolpeka...

        — ...ehun milioiko diru-ezarpena egin...

        — ...bai Dali ederra...

        — ...eta urte biren buruan berreskuratu...

        — ...nire arte-galeriako agenteek bidali zidaten...

        — ...edo lehenago...

        — ...New Yorken...

        — ...hainbat urte egin zituen Frantzian bizitzen; desengainuak..., diotenez....

        — ...andreak, andreak bilduko gara...

        — ...Paris da berez argiaren hiria...

        — ...geure artean ondo pasatzeko...

        — ...nahi baduzu, bihar aterako gara Acapulcora...

        — ...barrez; Suitzako industriaren gurpilak...

        — ...Ameriketako enbaxadoreak berak deitu zidan gaztigatzeko...

        — ...badabiltza gure hamar mila milioi dolarrei esker da...

        — ...Laura; Laura Rivière; berriro ezkondu zen han...

        — ...abionetaz...

        — ...hantxe ditugula latinoamerikarrok dirua...

        — ...ez dagoela matxinadatik salbu dagoen herririk...

        — ...jakina, irakurri nuen, bai, Excélsioren...

        — ...zera: itzel egiten du dantzan...

        — ...Erroma izan da beti hiri eternoa...

        — ...baina ez du sosik...

        — ...hamaikatxo egin behar izan dut nik daukadan dirua egiteko...

        — ...aizu, jainkosatzat du horrek bere burua, gero, e...

        — ...zer dela eta ordaindu behar dizkiot nik lapur-gobernu bati zergak...?

        — ...momia esaten diote, Coyoacángo momia...

        — ...Darling, jostun aparta...

        — ...kredituak nekazaritzarako?...

        — ...put kolpean beti egiten du huts...

        — ...Catalina gaixoa...

        — ...eta nork kontrolatuko ditu gero lehorteak eta izozteak?...

        — ...ez dago zertan buelta gehiago eman: amerikar inbertsiorik gabe...

        — ...diotenez bere pasio handia izan zen, baina...

        — ...Madril, zoragarria; Sevilla, ikusgarria...

        — ...ez gara inoiz zulotik aterako...

        — ...baina Mexiko bezalakorik...

        — ...azkenean komenientzia gailendu zen, aditu?...

        — ...etxekoandrea; ez balitz...

        — ...peso bakoitzeko berrogei zentabo berreskuratuko ditut...

        — ...beren dirua eta beren know-howa ematen dizkigute...

        — ...dirua aurreratu baino lehen...

        — ...eta hala ere ez gara konforme...

        — ...horretaz hogeitaka urte da...

        — ...ados: kazikeak, eros daitezkeen buruzagiak eta zeuk nahi duzun guztia...

        — ...zuriz eta urrez apaindu zidan dena, itzel!

        — ...baina politiko ona ez da errealitatea aldatzen saiatzen...

        — ...ohore handia da niretzat Presidente jaunaren adiskidetasuna...

        — ...baizik eta dagoen horretaz baliatzen, dagoenarekin lan egiten ahalegintzen da...

        — ...Juan Feliperekin dituen negozioak direla eta, izan ere...

        — ...milaka karitate-egintza gauzatzen ditu, baina ez da sekula horien gainean mintzo...

        — ...nik gauza bat baino ez nion esan: ez dago zertan...

        — ...denok zor dizkiogu elkarri mesedeak, ez ala?

        — ...utzi egin behar luke!...

        — ...lotsatu egingo nintzateke, Catalina gaixoa!...

        — ...ibili zen haiekin tratuan baina hamar mila dolar baino gutxiago...

        — ...Laura; uste dut Laura esaten diotela; oso ederra izan omen zen...

        — ...zer nahi duzu baina, horrelakoxe ahula da bat...

        Urrundu egiten zituen, hurbildu: dantzaren eta elkarrizketaren mareak. Eta une horretan, gazte irribarre zabal eta ile horaila, kokoriko jarri zen zaharraren alboan, esku bataz xanpaina kopa kulunkatu zuen, besteaz besaulkiaren besoari heldu... Gazteak enbarazurik egiten zion galdetu zuen eta zaharrak esan: —Ez duzu gau osoan horixe baino besterik egin, Ceballos jauna... eta ez zion gazteari begiratu... begirada zarraparraren erdian zuen finkatuta... idatzi gabeko araua... gonbidatuek ez zuten beregana hurbildu behar, etxea eta afaria labur-labur goratzeko ez bazen... errespetatu egin behar zen bere urruntasuna... ukitu gabe... eskertu abegi ona dibertsioaz... eszena eta besaulkia... ez zen konturatzen... bai, bistan zegoen, Ceballos gaztea ez zen konturatzen... —Badakizu? Miretsi egiten zaitut... Berak jakako sakela arakatu eta zigarro pakete zimurtua atera zuen... astiro-astiro piztu zuen... gazteari begiratu gabe... gazteak esan zuen errege batek bakarrik begira zezakeela Berak begiratu zien destainaz... eta Berak itaundu zion ea lehenengoz zetorren... eta gazteak baietz... —Aitaginarrebak ez al dizu...? ...—Nola ez... —Orduan... —Arau horiek nire iritzia kontuan hartu gabe egin dira, Artemio jauna... ezin izan zion eutsi... begiak ilaun... ke kiribilak... aurpegia eman zion Jaimeri, eta gazteak tinko begiratu zion... malezia... zaharraren... gaztearen... begiradan... keinu hura ezpain eta barailezurretan... bere burua ikusi zuen, a... aztoratu egin zuen, a... —Zer, Ceballos jauna?... zer sakrifikatu duzu zuk... —Ez dizut ulertzen... ez ziola ulertzen, ez ziola ulertzen zioen... Berak barre-hasperen bat atera zuen sudur hegaletatik... —Zauria, geure burua salarazten digun zauria, adiskidea... Norekin ari zarela uste duzu? Neure burua engainatzen dudalakoan al zaude...? Jaimek hautsontzia hurbildu zion... a, zaldiz gurutzatu zuten ibaia, goiz hartan... —...zuribide baten atzean...? ...ezein begiratzetik aske behatzen zuen... —ziur asko aitaginarrebak eta zure inguruko zenbaitek... ibaia gurutzatu zuten, goiz hartan... —...gure ondasunek badutela arrazoirik, geurea duguna eskuratzeko gogor jardun dugula... —...geure saria, ezta? ...elkarrekin joango ziren galdetu zion, itsasoraino... —Badakizu zergatik nagoen ni hemengo jende honen guztiaren gainetik... eta zergatik neure mende ditudan?... Jaimek hautsontzia hurreratu zion; keinu bat egin zuen zigarro jada erre harekin... bularra biluzik atera zen ibitik... —A, hurbildu egin zatzaizkit, nik ez dizut deitu... Jaimek begiak txitxildu eta kopatik edan zuen... —Ametsak galdu dituzu?... Emakumeak zera errepikatzen zuen, «Ene Jainkoa, ez dut hau merezi», ispilua jasoz, itzuliko zen egunean hark ere ispiluko hura ikusiko ote zuen bere buruari galdetuz... —Catalina gaixoa... —Zeren ez baitut nik neure burua engainatzen, ez,... ibai ertzean lurrezko espektro bat begiztatuko dute, mamu bat, bai... —Zer deritzozu jaiari?... vacilón, qué rico vacilón, cha, cha, cha... Banana-usaina zerion. Cocuya... —Ez dit axola... ezproiak estutu zituen; aurpegia bueltatu eta irri egin zuen... —...nire margolanak, nire ardoak, nire komodak, eta horiek ere zuek bezala neure mende ditut... —Uste duzu...? ...zeure gaztaroa gogoratu zenuen hari esker, hemengo tokiei esker... —Botereak bere baitan du balioa, horixe besterik ez dakit, eta direnak eta ez direnak egin behar dira hura eskuratzeko... baina ez zenion azaldu nahi izan hark zuretzat zenbateko garrantzia zuen, bazitekeen-eta haren zureganako estimua behartzea —...horrelaxe egin dut nik, horrelaxe zure aitaginarrebak, horrelaxe hor aurrean dantzan ari diren horiek guztiek... goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain... —...horrelaxe egin behar izango duzu zeuk ere, nahi baduzu... —Zurekin lan egin, Artemio jauna, ea zure enpresaren batean ahal duzun... mutil gaztearen beso jasoak ekialdea, eguzkia ateratzen den lekua, seinalatu zuen, aintzira... —Normalean, hau beste era batera konpontzen da... zaldiek trosta patxadatsuari ekin zioten, belar ainguratuak bereiziz, zurdak astinduz, apar birrindu moduko bat harrotuz... —...deitu egin dit aitaginarrebak bai eta aditzera eman ere suhia... elkarri begiratu zioten begietara, irri egin zuten... —Baina hara, nik bestelako ideal batzuk ditut... itsaso askera, itsaso zabalera, eta Lorenzok, zalu, itsaso hartarantz egin zuen korri, eta gerri inguruan lehertu zitzaizkion olatuak... —Gauzak diren bezala onartu zenituen; errealista egin zinen... —Bai, hori da. Zu bezala Artemio jauna... ea inoiz paratu den itsasoaz haraindi zer dagoen pentsatzera galdetu zion; lurra dena da antzekoa, itsasoa da desberdina den bakarra... —Ni bezala!... Uharteak daudela esan zion —...borrokatu al zara iraultzan, arriskatu al duzu bizia, egon al zara fusilaturik hiltzeko zorian? ...garagardo mingotsaren zaporea zuen itsasoak, meloiaren, irasagarraren, marrubiaren usaina... —E?... —Ez... ni... —Itsasontzi bat aterako da hamar egun barru. Hartu dut lekua jada... —Oturuntza amaitu denean heldu zara, lagun. Batu bizkor azken hondarrak... —Ez al zenuke zeuk ere horixe egingo, aita?... —...berrogei urtez goian zer horren loriaz bataiatu gintuztelako... —Bai... —...baina zuk? Hori jarauntsi egiten delakoan al zaude? Nola luzatu behar duzue?... —Orain fronte hori dago. Uste dut horixe dela geratzen den azkena... —Bai... —... gure boterea?... —Banoa... —Zeuok erakutsi zeniguten nola... —Bo! Berandu heldu zara, badiotsut... pozez beterik nengoen bere zain, goiz hartan... —Saia daitezela besteak zu engainatzen; nik ez dut neure burua sekula engainatu; horrexegatik nago nagoen lekuan... ibaia gurutzatu zuten, zaldiz... —...bizkor, bizkor... ase zaitez... badaramate-eta... ea elkarrekin joango ziren galdetu zion, itsasoraino... —Bost axola niri... antxeten hegaldi baxuak jagondako itsasoa... —Hilko naiz eta barregura emango dit... hondartzan mingain akitua baizik erakusten ez zuen itsasoa... —...eta barregura emango dit pentsatzeak... gerri inguruan lehertu zitzaizkion olatuak ... —zuen neurrikoa ez den mundua bizirik mantentzea... agureak Ceballosen belarrira hurbildu zuen burua... garagardo mingotsaren zaporea duen itsasoa... —Aitortuko dizut gauza bat?... meloiaren eta guayabaren usaina duen itsasoa... idorki jo zuen atzamar erakusleaz gaztearen kopa... —...benetako boterea jarkitzetik sortzen da beti... —Sinetsi? Ez dakit. Hona ekarri ninduzun, hemengo denak erakutsi zenizkidan... —Eta zuk... zuek... Itsaso zabalari begira, hamar atzamarrak zabalik dituela, zeru estaliaren azpian... —...eta zuek... jada ez duzue behar den hori...

        Egongelara zuzendu zituen berriro begiak.

        — Orduan —murmurikatu zuen Jaimek—, hauetako egunen batean... joan al naiteke zu ikustera?

        — Hitz egin Padillarekin. Gabon.

        Egongelako erlojuak hiru aldiz jo zuen. Zaharrak hasperen egin eta txakur erdi lokartuen uhalak astindu zituen, txakurrok belarriak tentetu zituzten eta hanken gainean jarri ziren, eta Bera, besaulkiaren besoei helduz, nekez, zutik jarri zen, eta musika gelditu egin zen.

        Egongela zeharkatu zuen gonbidatuen esker oneko marmar artean eta buru alboratu artean. Liliak bidea ireki zuen,

        — Bakartu, mesedez...

        eta beso zurrun hura hartu zuen. Berak burua tente (Laura, Laura); Liliak begiak jaitsita eta erne, eta gonbidatuek zabalduriko bidean aurrera egin zuten biek, zur landu aparta, marketeria-lan arranditsu, igeltsu eta urrezko moldura, hezur eta kareizko tiraderadun altzari, xafla eta aldaba, panel eta burdinazko sarraila zulodun kutxa, ayacahuitezko zizeilu usaintsu, koru-aulkiteria, kopete eta faldoi barroko, bizkarralde kakotu, langet torneatu, maskaroi polikromo, brontzezko tatxet, larru ondu, atzapar eta boladun hanka bihurkatu, zilar-harizko meza-jantzi, damaskozko besaulki, belusezko sofa, zilindro eta txanbil, taula alakatu, merino alfonbra eta olio arraildu artean, habe beroen azpian, kriseiluen kristalen azpian, harik eta eskaileraren lehenengo mailara iritsi ziren arte. Orduan, Berak Liliaren eskua ferekatu zuen eta emakumeak, eskailerak igotzen laguntzeko, ukondotik heldu zion, eta makurtu egin zen gizonari hobeto eusteko. Irri egin zuen gero:

        — Nekatu egin zara?

        Berak buruaz ukatu eta berriz laztandu zuen Liliaren eskua.

 

 

NI esnatu egin naiz... berriro... baina oraingo honetan... bai... auto honetan, karroza honetan... ez... ez dakit... zaratarik atera gabe dabil... ez da hau benetako kontzientzia oraindik izango... begiak zabal-zabal egin arren, ezin ditut argi ikusi... objektuak, pertsonak... arrautza zuri eta distiratsuak bira-biraka nire begien aurrean... esne koloreko horma, zeinak bereizi egiten nauen mundutik... bereizi uki daitezkeen gauzetatik eta besteen ahotsetatik... bereizirik nago... hiltzen ari naiz... bereizten... ez, atake bat da... normala da nire adineko agure batek atake bat izatea... heriotza ez, bereizketa ez... ez dut esan nahi... galdetu egin nahi dut... baina esan egiten dut... eta ahalegin bat egingo banu... bai... jada aditzen ditut sirenaren hots gainjarriak... anbulantzia da... sirenarenak eta neure eztarriarenak... nire eztarri mehar eta itxi honenak... eztarrian behera doaz listu-tantak irristan... hondorik gabeko putzuraino... bereizi... testamentua?... ez, ez zaitezte estutu... badago paper idatzi bat, tinbratuta, notario aurrean eginda... ez dut inor ahaztu... zer dela eta behar zintuztedan Nik ahaztu, gorrotatu...? ...ez al zintuzkete poztuko, azken unean berean ere, zuetaz trufatzeko izan zaituztedala gogoan jakiteak?... ai, hau barregura, ai, hau trufa... ez... izapide hutsaren ezaxolaz gogoratzen zaituztet... ondasun bitxi hau jarauntsiko dizuet, zeina zuek jendaurrean, egotziko diozuen neure ahaleginari... neure ekinari... neure ardurarako senari... neure berezko izaerari... egizue... lasaitu zeuon burua... ahaztu ondasunok irabazi egin nituela, arriskatu, irabazi... dena hutsaren truke eman... ez al da egia?... nola deituko ote zaio dena denaren truke emateari?... deitu zeuok nahi duzuen moduan... itzuli egin zarete, ez duzue etsi... bai, hori pentsatu eta irribarre egiten dut... iseka egiten diot neure buruari, zuei... neure bizitzari... ez al da nire pribilejioa?... ez al da hau hori egiteko une bakarra?... ez nuen bizi nintzen bitartean iseka egiterik... orain bai... neure pribilejioa... testamentua utziko dizuet... izen hil horiek jarauntsiko dizkizuet... Regina... Tobías... Páez... Gonzalo... Zagal... Laura, Laura... Lorenzo... ahatz ez nazazuen... bereizirik... ahal dut hori pentsatu eta neure buruari galdetu... neuk jakin gabe... izan ere, azken ideia horiek... hori badakit... pentsatu egiten dut, disimulatu egiten dut... berez, nire borondatea aintzat hartu gabe dabiltza, a, bai... badirudi burmuinak, burmuinak... galdera... erantzuna galdera baino lehen datorkit... ziurrenik ere... biak dira gauza bera... bizitzea beste bereizketa bat da... mulato harekin, txabola eta erreka ondoan... Catalinarekin, hitz egin izan bagenu... kartzela hartan, egunsenti hartan... ez ezazu itsasoa zeharkatu, han ez dago uharterik, ez da egia, gezurra esan nizun... maisuarekin... Esteban zen?... Sebastián?... ez dut gogoratzen... gauzatan irakatsi zidan... ez dut gogoratzen... hura utzi eta iparraldera joan nintzen... a, bai... bai... bai... bai, bizitza beste era batekoa izango zen... baina horixe baino ez... beste era batekoa... ez azkenetan dagoen gizon honen bizitza... ez, ez dago azkenetan... ez, ez, ezetz diotsuet... atake bat da... agure bat, atake bat... gaixondoa, horixe... beste bizitza bat baizik... beste baten bizitza baizik... beste era batekoa... baina hura ere bereizia... hau desengainua... ez bizitza ez heriotza... hau desengainua... giza lurrean... bizitza ezkutua... heriotza ezkutua... epe saihestezina... zentzurik gabekoa... ene Jainkoa... a, baliteke horixe izatea azken negozioa... nork jartzen dizkit eskuak sorbaldetan?... Jainkoarengan sinestea... bai, inbertsio ona; nola ez, bada,... nork etzanarazten nau, Nik hemendik jaikitzeko ahaleginak egin izan banitu bezala?... nahiz eta izaten segitzen denik sinetsi ez, ba al da hori sinesteko erarik?... Jainkoa Jainkoa Jainkoa... nahikoa da hitz bat behin eta berriz esan eta esan egitea zentzu guztia galdu eta hitz segida... huts... bilaka dadin... Jainkoa Jainkoa... bai lehor nire ezpainak... Jainkoa Jainkoa... argitu hemen gelditzen direnak... pentsa dezatela nigan noizean... behin... ez dadila... nire memoria gal... pentsatu egiten dut... baina ez ditut ondo ikusten... ez ditut ikusten... gizon-emakumeak doluan... arrautza beltz hori hausten da... nire begiradatik eta ikusten dut... lehengo bizimoduari ekiten diotela... itzultzen direla betiko zereginetara... betiko denbora-pasetara... betiko gorabeheretara... ahaztu dutela... hil gizajoa... zeinak entzuten dituen... lur-palakadak... lur bustia... aurpegi gainera jaurtitzen... har horien hurreratzea... hurreratze limurkorra... limurkorra... limurkorra... bai... lizuna... eztarria... itsasoa bailitzan tantaka... ahots galdu bat jariatzen... zeinak... zeinak berpiztu... berpiztu egin nahi duen... bizitzen jarraitu... bizitza jarraitu besteak eten zuen lekutik... heriotza... ez... berriro hasieratik hasi... berpiztu... berriro jaio... berpiztu... berriro erabaki... berpiztu... berriro hautatu... ez... hau izotza lokietan... hauek azazkalak... urdinak... hau sabela... handitua... hau... kaka... botagura... ez zaitez hil arrazoirik gabe... ez... a, atsook... atso ezerezok... aberastasunaren objektu guztiak izan... eta kaskarkeriarena duzue... burua... ulertu izan bazenute... behintzat... gauzok... zertarako diren... nola erabili behar diren... horixe ere ez... Nik, ordea, dena izan dut... entzun?... den-dena... erosi ahal dena eta... erosi ezin dena... Regina izan nuen... entzun?... Regina maitatu nuen... Regina zuen izena... eta maitatu egin ninduen... dirurik gabe maitatu ninduen... nirekin etorri zen... bizia eman zidan... han behean... Regina, Regina... nola maite zaitudan... nola maite zaitudan gaur... zu nire alboan izaterik behar gabe... zer atsegin... gozoz.... betetzen didazun... barrua... nola jabetu den nitaz... zure aspaldiko lurrina... ahaztua, Regina... gogoratu egin zaitut... ikusi?... ikusi ondo... lehen gogoratu egin zaitut... gogoratu egin ahal izan zaitut... zeu zaren bezalaxe... maite nauzun bezalaxe... mundu hartan maite izan zintudan bezalaxe... inork ebatsi ezin digun mundu hura... Regina, zuri eta niri... mundu hura neurekin dakart, neurekin gordetzen dut... esku biekin babestuz... zera... su... su txikia eta bizia... bailitzan... zuk oparitu zenidan... zuk eman zenidan... zuk eman zenidan... Nik kendu egin izango nuen... baina zuri eman nizun... ai, begi beltzak; ai, haragi arre eta usaintsua, ai ezpain beltzak, ai ukitu, izendatu, errepikatu ezin dudan maitasun iluna: ai zure eskuak, Regina... zure eskuak nire lepoan eta... zure enkontruen ahazmena... ahazmena... gu biongandik at... izan zen guztiarena... ai Regina... pentsatu gabe... hitzik gabe... izter beltzaranetan izanez... denborarik gabeko oparotasunarena... ai nire harrotasun errepikaezina... zu maitatu izanaren harrotasuna... erantzun gabeko erronka... zer esan ahal digu munduak... Regina... zer erantsi ahal izan zion horri... zer arrazoi mintzatu ahal zitzaion... gure elkar maitatzearen... eromenari... zer?... uso, krabelin, convólvulo, apar, hirusta, klabe, kutxa, izar, mamu, haragi: nola deituko zaitut... maitea... nola erakarriko zaitut... berriro... nire arnasara... nola erregutuko dizut... entrega... nola laztanduko dizkizut... masailak... nola musukatuko... belarri-gingilak... nola arnastuko zaitut... hanken artean... nola esango... zure begiak... nola ukituko... zure zaporea... nola baztertuko dut... neure... bakardadea... bion... bakardadean... murgiltzeko... nola esango dut berriz.... maite zaitudala... nola ezabatuko... zure oroitzapena zure itzuleraren zain egoteko?... Regina Regina... hemen da berriz ziztada, Regina, esnatzen ari naiz... min-aringarriak eragindako amets antzeko honetatik... esnatzen ari naiz... mina... errai... muinetan, Regina, emadazu eskua, ez nazazu utzi, ez dut ondoan ez zaitudala esnatu nahi, nire maitea, Laura, nire bihotzeko dama, nire oroitzapen salbatzailea, nire perkalezko gona, Regina, min dut, nire samurtasun bakarra, nire sudurtxo harroa, min dut, Regina, min dudala ohartzen naiz: Regina, zatoz berriz bizirik atera nadin; Regina, eman ezazu zure bizia nirearen ordez; Regina, hil zaitez berriro Ni bizi nadin; Regina. Soldadu. Regina. Besarka nazazue. Lorenzo. Lilia. Laura. Catalina. Besarka nazazue. Ez. Hau izotza lokietan... Burmuin, ez zaitez hil... arrazoi... aurkitu egin nahi dut... nahi dut... nahi dut... lurra... herria... maite izan zintudan... itzuli nahi izan nuen... desarrazoiaren arrazoia... bizitako bizitza gain batetik begiztatu eta ezer ez ikusi... eta ezer ikusten ez badut... zertarako hil... zertarako hil... zergatik hil sufritzen... zergatik ez jarraitu bizitzen... bizitza hila... zergatik igaro... ezerez bizitik ezerez hilera... iraungitzen doa... arnasestua lagun iraungitzen... sirenaren adausia... txakur-taldea... gelditu egiten da anbulantzia... nekatuta... nekatuago ez... lurra... beste argi bat sartzen da nire begietan... beste ahots bat...

        — Sabines medikuak egingo du ebakuntza.

        Arrazoia? Arrazoia?

        Ohatila errailen gainean doa bizkor, anbulantziatik kanpora. Arrazoia? Nor da? Nor da?

 

 

ZU ezin izango zara nekatuago egon; nekatuago ez; bide luzea egingo baitzenuen zaldiz, oinez, tren zaharretan, eta herria ez da inoiz amaitzen, herria gogoratuko duzu? Gogoratuko duzu eta ez da bat; mila herri dira eta bat izena. Hori jakingo duzu. Ekarriko dituzu basamortu gorriak, tuna- eta maguey-estepak, mairupikuaren mundua, laba eta krater izoztuen hesia, urre koloreko kupula eta harrizko itsu-leihodun murruak, kare eta harrizko hiriak, tezontlezko hiriak, pezozko herrixkak, lezkazko herritxoak, lokatz beltzeko bidezidorrak, lehortearen bideak, itsasoaren ezpainak, itsasbazter sarriak eta ahantziak, gariaren eta artoaren haran gozoak, iparraldeko larreak, Bajíoko aintzirak, baso mehe eta garaiak, adar albitzez beteak, gailur zuriak, alkaternazko zelaiguneak, malariaren eta prostituzioaren portuak, henequénaren lur karetsua, erreka galduak, lasterrak, urre eta zilar zulaketak, indioak beren mintzaira gabe, cora mintzaira, yaqui mintzaira, huichol mintzaira, pima mintzaira, seri mintzaira, chontal mintzaira, tepehuana mintzaira, huasteca mintzaira, totonaca mintzaira, nahua mintzaira, maya mintzaira, chirimía eta danborra, dantza gurutzatua, gitarra eta bihuela, lumak, Michoacángo hezur argalak, Tlaxcalako haragi lodikotea, Sinaloako begi argiak, Chiapaseko hortz-hagin zuriak, jarochen huipileak, apain-orraziak, misteken txirikordak, tzotzilen gerrikoak, Santa Maríako oihalak, Pueblako marketeria, Jaliscoko beira, Oaxacako jadea, sugearen aurriak, buru beltzaren aurriak, sudur handiaren aurriak, sagrarioak eta erretaulak, koloreak eta erliebeak, Tonantzintla eta Tlacochaguayako fede paganoa, Teotihuacán eta Papantla izen zaharrak, Tula eta Uxmal: ekartzen dituzu eta zama handia dira, lauza ikaragarri astunak gizon bakar batentzat: ez dira inoiz lekutik mugitzen eta lepoari loturik ekartzen dituzu: zama handia dira eta sabelean sartu zaizkizu... zure baziloak dira, zure bizkarroiak, zure amebak...

        zure lurra

        pentsatuko duzu lurraren bigarren aurkikuntza bat dagoela gerra-zarraparra horretan, estreinako oin bat mendien eta sakanen gainean, eta mendi eta sakan horiek ukabil erronkari baten gisa jalgitzen dira bidearen, presaren, errailen eta telegrafo-postearen joate etsi eta geldoaren aurrean: partekatua edo azpiratua izan nahi ez duen izadi hau, zeinak bere betiko bakardade lakarrari eutsi nahi baitio eta gizakiei haranen bat edo beste, ibairen bat edo beste baino ez baitie eman opari, bertan edo beren ertzetan denbora eman dezaten; berak jarraitzen du izaten tontor lau eta iritsi ezinen ugazabandre mukerra, eta basamortu zapalarena, oihanena, eta itsasbazter abandonatuarena; eta haiek —gizonek—, aginte fier horrek liluraturik, aginte horrixe begira-begira geratuko dira: izadi zakarrak gizakiari bizkarra ematen badio, gizakiak bizkarra ematen dio itsaso zabal ahantziari, zeina joritasun beroan usteltzen den, aberastasun galduekin irakiten

        jarauntsiko duzu lurra

        ez dituzu berriz ikusiko Sonoran eta Chihuahuan ezagutu zenituen aurpegi horiek; ikusi zenituen aurpegi horiek egun batean lotan, barruari eusten, eta biharamunean haserre bizian, buru-belarri sartuta arrazoibide eta estakuru gabeko borroka horretan, beste batzuek banandutako gizakien arteko besarkada horretan, hemen nago eta banaiz esate horretan, banaiz zurekin eta zurekin eta zurekin ere bai, esku eta aurpegi debekatu guztiekin: maitasuna, maitasun komun bitxia bere baitan iraungiko dena: zeure buruari esango diozu hori, bizi egin bai baina hori bizitzean ez zenuelako ulertu: hiltzerakoan soilik onartuko duzu eta argi esango, nahiz eta ulertu ez, beldur izan zeniola zure botere-egun bakoitzean: maitasun-bategite hori berriz piztuko den beldur izango zara; orain hil egingo zara eta ez diozu jada beldurrik izango, ez baituzu ikusiko; baina gainerakoei esango diezu izan diezaiotela beldur: izan diezaiotela beldur jaraunsten diezun gezurrezko baretasunari, beldur itxurazko bakealdiari, berritsukeria magikoari, gutizia emendatuari: izan diezaiotela beldur bidegabekeria denik ere ez dakien bidegabekeria honi:

        zure testamentua onartuko dute: haientzat eskuratu zenuen dezentzia, dezentzia, bai: eskerrak emango dizkiote Artemio Cruz arloteari jende duin bihurtu dituelako; eskerrak emango dizkiote beltzen etxola hartan bizi eta hiltzearekin konformatu ez zelako; eskerrak emango dizkiote bizitza arriskatzera atera zelako: zuritu egingo zaituzte, haiek ez baitute dagoeneko zure zuribidea izango: haiek ezin izango dituzte gudaldiak eta buruzagiak aipatu, Zuk bezala, eta haietaz baliatu harrapakeria zuritzeko iraultzaren izenean eta norberaren goraldia iraultzaren goraldiaren izenean: hori pentsatu eta harritu egingo zara: zer zuribide aurkituko dute horiek? zer barrera ezarriko?: ez dute horretan pentsatuko, utziko diezunaz gozatuko dute ahal duten bitartean; zoriontsu biziko dira, atsekabetsu eta esker oneko agertuko dira —jendaurrean, ez duzu besterik eskatuko— eta Zu, gorpu, gainean metro bat lur duzula, zain egongo zara; zain, oin mordoa aurpegi hilaren gainean berriro sentitu arte, eta orduan esango duzu

        — Itzuli zarete. Ez duzue etsi

        eta irribarre egingo duzu: iseka egingo diezu haiei, iseka zeure buruari: zeure pribilejioa da: nostalgiak tentatuko zaitu: iragana edertzeko modua litzateke: ez duzu hori egingo:

        jarauntsiko dizkiezu heriotza zentzugabeak, izen hilak, zure izena bizi zedin bizia galdu zuten guztien izenak; zure izenak ondasunak izan zitzan ezer gabe utzitako gizakumeen izenak; zure izena inoiz ahatz ez zedin pertsona ahaztuen izenak:

        jarauntsiko diezu herri hau; jarauntsiko dizkiezu zure egunkaria, ukondo ukaldiak eta lausengukeria, hala-moduzko horien gezur hutsezko diskurtsoek epelduriko kontzientzia; jarauntsiko dizkiezu hipotekak, kasta galduko klase bat, handitasunik gabeko botere bat, ergelkeria sagaratu bat, handinahi nano bat, konpromiso bufoi bat, erretorika ustel bat, instituzio-koldarkeria bat, berekoikeria arrunt bat;

        jarauntsiko dizkiezu beren buruzagi lapurrak, beren sindikatu eskuperatuak, beren latifundio berriak, beren amerikar inbertsioak, beren langile kartzelatuak, beren harrapatzaileak eta beren ospe handia, beren peoiak, beren polizia eta agente sekretuak, beren diru-gordailuak atzerrian, beren agiolari dotoreak, beren diputatu zuriak, beren ministro balakariak, beren auzune dotoreak, beren urteurrenak eta gorazarreak, beren arkakusoak eta tortilla harjoak, beren indio eskolatu gabeak, beren behargin langabetuak, beren mendi arradatuak, beren gizon lodi eskafandra eta akzioz armatuak, bere gizon argal azazkalez armatuak: horra zuen Mexiko: horra zure jarauntsia:

        jarauntsiko dituzu aurpegiak; aurpegi emeak, axolagabeak, biharko egunik gabekoak, dena egiten dutelako gaur, esaten dutelako gaur, oraina direlako eta orainean direlako: «bihar» diote ez zaielako biharra axola: Zu etorkizuna izango zara etorkizuna izan gabe, Zu gaur iraungiko zara biharrean pentsatzen: haiek bihar izango dira gaurra baino ez dutelako bizi:

        zure herria

        zure heriotza: zure heriotza aurreiskusten duzun animalia, zure heriotza hil aurretik abestu egiten duzu zure heriotza, esan, dantzatu, marraztu, gogoratu:

        zure lurra:

        ez zara hilko hara itzuli gabe:

        mendi magaleko herrixka hori; hirurehun lagun bizi dira bertan, eta teila-orbanengatik ez balitz ez litzateke ikusi ere egingo, izan ere, hostotza, mendiko harria sustraitzean, errekari itsaso hurbilerako ibilbidean lagun egiten dion mazela leunean gora zutitzen da: ilargi-erdi berdea bailitzan, Tamiahuatik Coatzacoalcoseraino doan arkuak itsasoaren bisaia zuria irentsiko du, uhin atsegineko eta haragi urratuko uhartedi tropikalarekin bat egiteko ahalegin antzuan —eta arkua bera ere meseta indioaren egonarri eta muga den mendiko koroa gandutsuak irentsiko du—: Mexiko idor, aldagaitz, tristearen esku ilauna, goi lautadan gordetako harri eta hautsezko klaustroarena; Veracruzeko ilargi erdiak beste historia bat izango du; halako historia bat, non urrezko hariz lotuko duen Antillekin, Ozeanoarekin eta, harantzago oraindik, Mediterraneoarekin. Ekialdeko Sierra Madreko hormek soilik hartuko dute mendean benetan Mediterraneoa: hor, sumendiak korapilatu eta maguey-ikur isilak goratzen diren leku horretan, mundu bat hilko da, eta mundu horrek, bueltan datozen uhinen bidez, bere gandor sentsualak igorriko ditu Bosforoko partituratik eta Egeoko golkoetatik, bere mahats eta izurdeen plisti-plasta Siracusatik eta Tunisiatik, bere marraka sakona erantzun gisa Andaluziatik eta Gibraltarko ateetatik, bere beltz ileordeztu eta gortesauaren kilimusia Haititik eta Jamaikatik, eta bere dantza- eta danbor- eta zeiba- eta kortsario- eta konkistatzaile-konpartsak Kubatik: lur beltzak sagailoa hurrupatzen du: olatu urrunak burdinazko balkoietan eta kafe-portaleetan itsatsiko dira: landetako portikoen zutabe zurietan eta gorputzaren eta ahotsaren doinu limurkorretan hilko dira urrinak: hemen muga bat egongo da: aurrerago, arrano eta suharrien idulki iluna zutik ezarriko da: inork garaituko ez duen muga: ezta Extremadura eta Gaztelako gizonek ere, haiek aurreneko fundazioan indarrak akitu eta gero, oharkabean, bentzutuak izan baitziren plataforma debekatura igotzen ari zirenean, plataformak azaleko itxura besterik ez baitzien utzi suntsitzen eta deformatzen: aintziraren hurrupatze aihertsuaren hauts-estatuen gose bilduaren biktimak, azken batean, aintzirak bera bortxatu duen konkistatzaile ororen urrea, zimenduak, eta aurpegia irentsi baititu; ez eta mendi indigenaren tontorretik kar-kar garratz batez jaurtitako ezkutuez bergantinak gonburu bete zituzten itsas lapurrek ere; ez eta harri suntsikorretan irudikatuak izan arren airea bizileku zuten jainko aldagaitzei beste mozorro-jantzi batzuk emateko Malinchearen Bidea igaro zuten fraideek ere; ez eta tropikoko plantazioetara ekarri eta arraza kizkurrarekiko nagusitasunaren azken seinale moduan beren sexu ilegabeak eskaini zituzten tropa indiarrek indargeturiko beltzek ere; ez eta inperioko belaontzietan iritsi eta, akain-belarren eta fruta gozoen paisaia emeak erakarrita, farfail eta izpilikuz betetako fardeleria aldean, zuloz jositako hormatzarretatik goi lautadara igo ziren printzeek ere; ez eta goi lautadako iluntasun mutuan, azkenean, errezeloaren, iseka gordinaren, ezaxolaren garaipen sumingarriarekin topo egin zuten hiru adarreko txapela eta sorbaldan intsignia zuten kazikeek berek ere:

        Zu izango zara lurrera irten eta lurra aurkitu duen mutikoa, Zu jatorria utzi eta bere patua aurkitu duen mutikoa, heriotzak jatorria eta patua berdindu eta bien artean, hala ere, askatasunaren muga ezarri duen egun honetan:

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia