(1939: otsailak 3)

 

BERA gaindegian zegoen, erriflea zuen eskuetan, eta elkarrekin aintzirara ehizan joaten zireneko egunak zerabiltzan buruan. Baina, oraingoa, fusil ugertu bat zen, ez zuen ehizarako balio. Gaindegitik, gotzaindegiko fatxada ikusten zen. Aurrea besterik ez zuen, zoru eta sabai gabeko azala legez. Fatxada atzean, lehergailuek dena eraitsia zuten. Zenbait altzari zahar ageri zen, lurperatuta; kaletik, bata bestearen atzetik, gizon uso-sama bat eta beltzez jantzitako emakume bi. Begiak kliskatzen zituzten, eta fardel batzuk zeramatzaten eskuetan, eta harridura pausoz egiten zuten aurrera fatxada ondotik. Ikustea zen nahiko etsaiak ezagutzeko.

        — E, beste aldera!

        Egin zien oihu gaindegiko leku hartatik, eta gizonak aurpegia altxatu zuen, eta eguzkiak betaurrekoak itsutu zizkion. Besoari eraginez, kalea gurutzatzeko eta une batetik bestera behera etorriko zela zirudien fatxadaren arriskutik gordetzeko adierazi zien. Kalea gurutzatu zuten, eta artilleria faxisten kanoi tiroak entzun ziren urrutian —hots harroa zabaltzen zen mendiaren sakonuneetan burrunba egiten zutenean, hots zorrotza airean txistu egiten zutenean—. Gero harea zaku baten gainean eseri zen. Miguel zuen aldamenean. Ez zen une batez ere metrailadorearen ondotik aldentzen. Gaindegitik herriko kale inor gabeak begietsi zituzten. Zulotzar sakonak, telegrafo zutoin hautsiak eta kable katramilatuak kaleetan —kanoi tiroen oihartzun amaigabea eta zenbait fusilen danba-danba-danba, lauza lehor eta hotzak—: kale hartan gotzaindegi zaharraren aurrealdeak baino ez zirauen zutik.

        — Kartutxo-zerrenda bat besterik ez zaigu geratzen metrailadorerako —esan zion Migueli eta Miguelek: —Itxaron dezagun iluntze arte. Gero...

        Hormaren kontra jarri eta zigarro bana piztu zuten. Miguelek lepokoa jantzi zuen, bizar horia ere estaliz. Han urrunean, mendiak elurtuta zeuden; asko jaitsi zen elurra, eguzkiak dizdiz egiten zuen. Goizeko orduetan, bistaratu egiten zen mendilerroa eta beraienganantz joan behar zuela zirudien. Gero, arratsalde partean, urrundu egingo zen; mendi mazeletako bidexkak eta pinuak ez ziren ikusiko. Eguna iraungitzerako, masa urrun eta more bat besterik ez zen izango.

        Baina orduko eguerdi hartan, Miguelek eguzkiari begiratu, begiak txikitu eta zera esan zion: —Kanoi eta danbadengatik ez balitz, bake-denboran gaudela ematen du. Ederrak dira benetan neguko egun hauek. Begira noraino jaitsi den elurra.

        Berak zimur zuri eta sakonei erreparatu zien, zimurrak Miguelen betazaletatik masail bizartsuraino zihoazen. Ez zituen zimur haiek ahaztuko, haiexetan ikasi zuen-eta Berak poza, adorea, gorrotoa, sosegua ikusten. Batzuetan irabazi egin zuten, nahiz eta gero berriro atzerantz egotziko zituzten. Batzuetan galdu baizik ez zuten egin. Baina irabazi edo galdu baino lehen, Miguelen aurpegiko marretan zegoen jada idatzita, hartu behar zuten jarrera. Asko ikasi zuen Miguelen aurpegian. Negar egiten ikustea baizik ez zitzaion geratzen.

        Zigarroa behearen kontra itzali zuen, eta muturra txinpart-zaparta bailitzan barreiatu zen, eta Migueli galdetu zion ea zergatik ari ziren galtzen, eta hark mugan zeuden mendietarantz seinalatu eta erantzun zuen: —Gure metrailadoreek ez dutelako hortik aurrera egin.

        Miguelek ere zigarroa itzali zuen, eta kantatzeari lotu zitzaion:

 

                Lau jeneralak, lau jeneralak,

                lau jeneralak, ene anddere,

                egin dira asaldatu...

 

        eta Berak erantzun zuen, hura bezala harea zakuen kontra jarrita:

 

                Gabon egunerako, ene anddere,

                egingo dituzte urkatu, egingo dituzte urkatu...

 

        Kantu-kantari jardun zuten, denbora-pasa. Sarritan, orduan bezala, zelatan zihardutela, dena bake-bakean ikusi eta kantatzeari ekiten zioten. Ez zuten kantatu egin behar zutela iragartzen. Ez zuten ere inoren aurrean ozen abesteko lotsarik. Gogorik gabe barre egin eta borroketara jolastu eta Cocuya ondoko hondartzan ere, arrantzaleekin, abesten zutenean bezalaxe. Oraingoan, ostera, adorea emateko abesten zuten, abestiaren hitzek iseka baziruditen ere; izan ere, ez zituzten lau jeneral haiek urkatu, lau jeneralek hertsatu egiten zituzten herri hartan eta aurrez aurre mendiko muga hura zuten. Ez zuten nora joanik.

        Goiz hasi zen eguzkia ezkutatzen, arratsaldeko lauretan edo, eta Berak bere fusil naranjero zahar eta helduleku beilegi koloreko hura ferekatu eta txapela jantzi zuen. Lepokoa jantzi zuen, Miguelek bezala. Baziren egun batzuk, Migueli gauza bat proposatu nahian zebilela. Higatuak, baina oraindik erabiltzeko moduan zeuden bere botak. Miguelek, ordea, abarketa zahar batzuk zituen, trapuekin bilduta eta kordelekin lotuta. Botak txandaka erabiltzearena esan nahi zion: egun batean hark eta bestean nik. Baina ez zen ausartzen. Aurpegiko zimurrek ez egiteko zioten. Putz egin zuten biek eskuetan, ondotxo zekiten-eta zer zen neguko gau bat gaindegian igarotzea. Une hartan, kale barrenetik, zulotzar haietako batetik atera izan bailitzan, gutarren soldadu bat, errepublikanoa, agertu zen arineketa batean. Besoak astintzen zituen eta erori egin zen azkenean, ahoz behera. Haren atzetik, zenbait soldadu errepublikano espaloi bonbardatuak botekin jotzen. Kanoi tiro-hots hura, zeina hain urruti zegoela baitzirudien, takateko batean bertaratu zen, eta soldaduetariko batek oihu egin zuen kalean:

        — Armak, arren, armak!

        — Ez zaitezte gelditu! —egin zuen garrasi gure soldaduen buru zegoenak—. Ez zaitezte horien tiroen itu erraza izan!

        Korrika batean igaro ziren Miguelen eta bien azpitik, eta berek metrailadorea destatu zuten alderdikideen atzealdera: atzetik zekartzatela pentsatu zuten-eta.

        — Laster dira hemen —esan zion Migueli.

        — Destatu, mexikar, destatu ondo —erantzun zuen Miguelek eta azken kartutxo zerrenda hartu zuen esku-azpietan.

        Baina beste metrailadore batek hartu zien aurrea. Handik bizpahiru kalera, beste zelata-leku bat zegoen, faxistena, zeina gu noiz erretiratu zain egon zen eta orain metraila kalea zipriztintzen ari zen eta gure soldaduak hiltzen. Ez zuen ordea soldaduen buru zena jo, hark bere burua behearen gainera ahuspez egotzi eta garrasi egin zuen:

        — Sabelaren gainera bota! Ez dute sekula ikasiko!

        Berak metrailadorearen norabidea aldatu zuen zelata leku hari su egiteko, eta eguzkia mendiaz bestalde galdu zen. Eskuetako metrailadorearen suak gorputza astintzen zion, eta Miguelek murmurikatu zuen: —Giltzurrunak ez dira nahiko. Mairu horailek tresneria hobea dute.

        Izan ere, burrunba egin zuten motoreek beren buruen gainean.

        — Badatoz Caproniak.

        Elkarren ondoan ziharduten borroka egiten, baina ez zuten iluntasunean elkar ikusten. Miguelek besoa luzatu eta sorbalda ukitu zion. Egun hartan bigarren aldiz, italiar abiazioak herria bonbardatu zuen.

        — Goazen, Lorenzo. Caproniak iritsi dira.

        — Nora joango gara? Zer? Metrailadorea utzi behar al dugu?

        — Ez dugu ezertarako behar. Ez dugu balarik.

        Isildu egin zen etsaien metrailadorea ere. Azpitik, kaletik, emakume talde bat igaro zen. Gertatu zena gertatuta ere, ahots ozenez kantaka zihoazelako bereizi ahal izan zituzten:

 

                Lísterrekin nahiz Campesinorekin,

                Galánekin nahiz Modestorekin

                nahiz Carlos komandantearekin,

                ez dago miliziarrik beldurrak dagoenik...

 

        Bitxiak suertatzen ziren ahotsak, hango bonba dunbots artean, baina bonben aldean sendoak ziren, bonbek eztanda noizean behin egiten baitzuten eta ahotsek atsedenik gabe ekin eta ekin. «Eta ez ziren ez, aita, gerra ahotsak, emakume maiteminduen ahotsak baizik. Errepublikako soldaduei beren maiteminduak balira bezala egiten zieten kanta, eta han goian, metrailadorea bertan behera utzi baino lehen, Miguelek eta biok oharkabean elkarren eskuak ukitu eta bioi gauza bera etorri zitzaigun burura. Geuri, Migueli eta Lorenzori, ari zirela kantatzen, eta maite gintuztela...»

        Une hartan gotzaindegiko fatxada behera etorri zen eta zorura egotzi zuten biek beren burua, hautsez estalita, eta berari Madrilera joan zitzaion gogoa, hara iritsi zeneko egun hartara, goizaldeko ordu biak eta hirurak arte jendez mukuru zeuden kafetegi haietara, gerra hizpide bakar zuteneko sasoira eta poz eutsiezinak, irabazi egingo zuten erabateko ziurtasunak barrua hartu zieneko egun haietara, eta pentsatu zuen Madrilek artean eutsi egingo ziola, bai eta madrildar neskek bonbak erabiliz ile-kiribilak egingo zituztela ere... Arrastaka joan ziren eskaileraraino. Miguelek ez zuen armarik. Berak aldean zeraman arrastaka fusil naranjeroa. Bazekien bost soldaduko fusil bat zutena. Erabaki zuen fusila atxiki egin behar zuela.

        Eskailera kiribiletik behera joan ziren.

        «Uste dut ume bat ari zela negarrez gela batean. Ez dakit, bazitekeen ere umearen negarrak aire-alarmekin nahastu izana.»

        Baina hantxe irudikatu zuen umea, bakar-bakarrik. Haztamuka jaitsi ziren, ilunpean. Hain zen handia iluntasuna, ezen kalera irten eta egun argi zela begitandu baitzitzaien. Miguelek «Ez dira pasatuko» bota zuen eta emakumeek «Ez dira pasatuko!» erantzun. Itsutu egin zituen gauak eta nora gabe ibiltzearen traza behar zuten izan, emakumeetariko bat hurbildu eta zera esan baitzien: —Hortik ez. Etor zaitezte gurekin.

        Gaueko argitasunera egin zirenean, ahuspez zeuden denak espaloian. Erorketak etsaien metrailadoreetatik bereizi zituen: kalea moztuta zegoen; hauts soltea arnastu zuen, bai eta aldamenean etzandako nesken izerdia ere. Haien aurpegiak ikusten saiatu zen. Txapel gorri bat, artile-harizko bonet bat, besterik ez zuen ikusi baina alboan zuen neskak aurpegia goratu zuen eta orduan haren ile askea, gaztainkara, erorketaren kareak zuritua ikusi zuen, eta neskak bere burua aurkeztu zuen:

        — Dolores naiz.

        — Lorenzo. Horko hori Miguel.

        — Miguel naiz.

        — Taldea galdu dugu.

        — 4. konpainiakoak ginen.

        — Nola egingo dugu hemendik irteteko?

        — Itzulinguru bat egin eta zubia zeharkatu behar da.

        — Ezagutzen al duzue inguru hau?

        — Miguelek ezagutzen du.

        — Bai, nik ezagutzen dut.

        — Nongoa zara?

        — Mexikarra naiz.

        — Tira, ez da orduan elkar ulertzea zaila izango.

        Hegazkinak urrundu egin ziren eta denak hanken gaineko jarrerara itzuli ziren. Nurik txapela eta Mariak artile-harizko boneta buruan izenak esan zizkieten eta gizonek berenak errepikatu. Doloresek prakak eta jaka zeramatzan aldean, beste biek lan-jantziak eta bizkar zorroak. Kale hutsean barrena abiatu ziren, bata bestearen atzetik, etxe garaien pareta sendoetatik oso hurbil, udako egun bat bailitzan zabal-zabalik zeuden balkoi ilunen azpitik. Etenik gabeko danbada hura aditzen zuten, ez zekiten ordea nondik zetorren. Noiz edo noiz, kristal hautsiak zapaltzen zituzten edo Miguelek, ilaran lehena, kable batekin kontu izateko esaten zien. Kale-buru batean txakur batek adausi egin zien eta Miguelek harri bat jaurti zion. Balkoi batean agure bat zegoen lepokoa buru bueltan lotuta, kulunkaulki zahar batean eserita. Ez zien begiratu handik pasatu zirenean eta ez zuten ulertu zer egiten zuen han agureak: norbaiten zain zegoen edo eguzkiaren urratzeari begira edo zertan. Ez zien begiratu.

        Berak sakon hartu zuen arnasa. Herria atzean utzi zuten eta makal biluzidun zelai batera heldu ziren. Udagoien hartan, inork ez zituen batu orri lehorrak, eta orriek ostots egin zuten oinen azpian, zegoeneko hezetasunak belztuak. Berak Miguelen oinak biltzen zituzten trapu busti-bustiei so egin zien eta, beste behin ere, bere botak eskaini nahi izan zizkion, baina hain ibilera errimea, bi hanka hain sendo eta lerden zituen adiskide hark, ezen behar ez zuena eskaintzea alfer-alferreko kontua izango zela aitortu behar izan baitzuen. Mendi-mazela ilunak zituzten zain, han urrunean. Beharbada, orduan, bai behar izango zituen. Orain ez. Orain zubia zegoen han, bai eta ibai nahasi eta sakona ere haren azpian, eta gelditu egin ziren hura ikusteko.

        — Izoztuta egongo zelakoan nengoen —haserre keinu bat egin zuen Berak.

        — Espainiako ibaiak ez dira inoiz izozten —esan zuen Miguelek—. Beti dabiltza.

        — Zergatik? —galdetu zion Doloresek Berari.

        — Horrela ez genuke zubitik igaro behar izango.

        — Zergatik? —atera zitzaion orain Mariari eta hirurek, galderak begietan, dena jakin-min ziren neskatoak ziruditen.

        Miguelek erantzun zien: —Zubiak ia beti minatuta egoten direlako.

        Taldetxoa lekuan gelditu zen: ibai lasterrak eta zuriak txunditu egin zituen. Ez zuen inork zirkinik egin. Miguelek burua jaso, begiak mendirantz zuzendu eta zera esan zuen arte:

        — Zubia zeharkatuz gero, mendira hel gaitezke eta handik mugara. Zeharkatzen ez badugu fusilatu egingo gaituzte...

        — Orduan? —egin zuen galde Mariak zotin eutsi batez, eta une hartantxe ikusi zuten gizon biek lehenengo aldiz haren begirada beiratsua eta nekatua.

        — Ba galdu egin dugula! —egin zuen garrasi Miguelek, eta ukabil hutsak estutu zituen, eta mugitu zen, zera, hosto beltzez estaliriko lurrean fusil bat bilatuko balu bezala—. Ez dagoela atzera egiterik! Ez dugula ez abiaziorik, ez artilleriarik, ez ezer!

        Berak ez zuen zirkinik egin. Migueli begira gelditu zen, harik eta Doloresek, Doloresen esku beroak, Doloresek besapetik erretiratu berri zituen bost atzamarrek, gizon gaztearen bost atzamarrak hartu zituen arte, eta Berak ulertu egin zuen. Doloresek beraren begiak bilatu zituen eta Berak emakumearenak ikusi zituen, haiek ere lehenengoz. Begiak kliskatu eta berde ikusi zituen, itsasoa gure lur inguruan bezala. Ileak nahasirik eta margorik gabe ikusi zuen, masailak hotzak gorrituta, ezpainak beteta eta lehortuta. Beste hirurak ez ziren konturatu. Bidean aurrera egin zuten, emakumeak eta Berak, eskutik helduta, eta zubia zapaldu zuten. Zalantzan egon zen Bera une batez. Emakumea ez. Hamar atzamar elkar lotuek beroa eman zieten, hilabete luze haietan Berak sentitu zuen bero bakarra.

        «...Katalunia eta Pirinioetaranzko atzera egite geldoko hilabete hauetan guztietan sentitutako bero bakarra...»

        Entzun zuten ibaiaren gurgura beren azpian eta zubiaren ohol xaflen karraska. Miguelek eta neskek beste ertzetik zarata egin baldin bazuten, berek ez zituzten entzun. Zubia gero eta luzeagoa zen, ibai haserre hura beharrean ozeanoa zeharkatzen zuela zirudien.

        «Taupadaka nuen bihotza. Pilpira eskuan ere atzematen zen, antza, Doloresek nire eskua jaso eta bere bular aldera eraman baitzuen, eta han emakumearen bihotzaren indarra sentitu nuen...»

        Bata bestearen ondo-ondoan egin zuten orduan beldurrik gabe aurrera eta zubia laburragoa egin zitzaien.

        Ibaiaren beste aldean, lehen ikusi ez zuten zer bat azaldu zitzaien begi bistan. Hostorik gabeko zumar itzel bat, garaia, lerdena, zuria. Ez zuen elurrak estaltzen, izotz dirdaitsu batek baizik. Bitxi bat bailitzan egiten zuen dir-dir, zuriaren zuriaz, gauean. Berak fusilaren pisua igarri zuen sorbaldan, hanken pisua, berunezko oin haiek zubiaren egurrean: horrelakoxe arina, argitsua eta zuria begitandu zitzaion zain zeukaten zumar hura. Doloresen atzamarrak estutu zituen. Haize izoztuak itsutu egiten zituen. Begiak itxi zituen.

        «Begiak itxi nituen, aita, eta zabaldu pentsaturik zuhaitza jadanik ez zela han egongo...»

        Lurra sentitu zuten orduan oinek, gelditu egin ziren, ez zuten atzerantz begiratu, zumarrerantz egin zuten biek korri, Miguelen eta neska bien oihuei jaramonik egin gabe, beren adiskide haien zubiaren gaineko lasterkari entzungor, korri egin eta enbor biluzia, zuria eta izotzez estalia besarkatu zuten, kulunkatu zuten, eta izotz bitxi haiek buru gainera erori zitzaizkien, zuhaitza besarkatzen ari zirela elkarren eskuak ukitu eta aldendu egin ziren zuhaitzetik, astirik galdu gabe, elkar besarkatzeko Doloresek eta Berak, Berak bekokia laztan ziezaion eta Doloresek garondoa; emakumea urrundu egin zen Berak begi berdeak, hezeak, eta aho erdi zabaldua hobeto ikus zitzan, gero mutilaren bular aldean hondoratu zuen burua, eta bisaia jaso zuen, eta ezpainak eskaini zizkion, gero adiskideak inguratu zitzaizkien, baina ez zuten berek bezala zuhaitza besarkatu...

        «...Zein gozoa, Lola, zein gozoa zaren eta nola maite zaitudan jada.»

        Mendilerroaren mendi batean kanpatu zuten, elur-koroaren barrenean. Miguelek eta mutilak abarrak bilatu zituzten, eta sua egin zuten. Bera Lolaren alboan eseri zen eta berriz hartu zion eskua. Mariak bizkar zorrotik ontzi apurtu bat atera zuen eta elurrez bete zuen eta suaren gainean urtu zuen eta ahuntz gazta zati bat ere atera zuen. Gero, barreka, Nurik Lipton te zorrotxo zimurtu batzuk atera zituen paparretik eta denak barreka aritu ziren te zorrotxoen apaingarri zen ingeles yateko kapitain haren aurpegiaren kontura.

        Nurik kontatu zuen nola Bartzelona erori baino lehen tabako, te eta esne kondentsatu paketeak heldu ziren amerikarrek bidalita. Nuri lodikotea eta alaia zen, eta gerra hasi baino lehen oihal lantegi batean egiten zuen lan, baina Mariak hartu zuen hitza eta Madrilen ikasi eta Ikasleen Erresidentzian bizi eta Primo de Riveraren kontrako grebetan parte hartu eta Lorcaren estreinaldietan negar egiten zueneko egunak oroitu zituen.

        «Idazten ari natzaizu, papera belaunen gainean dudala, eta emakumeen jarduna entzuten dut, eta ahalegintzen naiz haiei azaltzen nola maite dudan Espainia eta horretarako ez zait Toledora egindako bisitaldi hura kontatzea baino otutzen, nik Grekok margotu zuen bezala irudikatu nuen hiria, dena oinaztargi eta hodei berdexka zen erauntsiak estalikoa, Tajo zabal baten ondoan lekutua, hiri bat, nola esango dizut nik?, bere buruarekin gerran zirudiena. Eta aurkitu nuen eguzkiak betetako hiri bat, eguzkia eta isiltasuna eta alkazar bonbardatu bat zuen hiri bat, izan ere, Grekoren margolana —azaltzen ahalegintzen naiz— Espainia osoa da eta Toledoko Tajo meharragoa bada ere, Espainiako ebakia itsasotik itsasora zabaltzen da. Hori hemen ikusi dut, aita. Horixe azaltzen ahalegintzen naiz...»

        Horixe azaldu zien, Miguelek ekingo zion gero nola Asencio koronelaren brigadan sartu zen eta zeinen zaila gertatu zitzaion borrokan egiten ikastea. Esan zien herri-armadakoak izan oso ausartak zirela, baina horrekin soilik ez zegoela irabazterik. Borrokatzen jakin behar zela. Eta egun batetik bestera soldadu sartutakoei luze jotzen ziela barneratzea segurtasunerako arauena eta borrokatu behar bazen norberaren bizia begiratzearena. Horretaz gain, behin beren burua defendatzen ikasita, nola eraso ikasi behar izaten zutela. Eta hori guztia zekitenean, denetan zailena zena, lorpen zailena, beren buruak, beren ohiturak eta erosotasunak menderatzen ikastea. Anarkistak maiseatu zituen, etsikor hutsak ziren horiek Miguelen esanetan, maiseatu zituen arma trafikatzaileak ere, Errepublikari agindu zizkiotelako jadanik Francori saldutako armak. Bere saminik handiena, hilobira berarekin eramango zuena, ez ulertzea zen, ez ulertzea zergatik ez zen munduko langileria guztia Espainia defendatzeko armatan altxatu, Espainiak galtzea denek galtzea baitzen. Hori esan eta zigarro bat erdibitu zuen eta erdi bata mexikarrari eman zion eta erre egin zuten biek, Berak Doloreseren ondoan, eta zigarroaren bere muturra eskaini zion emakumeari hark ere erre zezan. Bonbardaketa ikaragarri bat aditu zuten, urrunean. Kanpalekutik, leinuru horixka bat ikus zitekeen, hauts errezel bat gauean.

        — Figueras da —esan zuen Miguelek—. Figueras bonbardeatzen ari dira.

        Figuerasen jarri zituzten begiak. Lola ondoan zuen. Ez zien denei esan. Berari bakarrik esan zion, ahopean, hauts eta zarata urrun haiek begiesten ari zirela. Esan zuen hogeita bi urte zituela, Berak baino hiru gehiago, eta Berak urteak gehitu zituen eta esan zuen hogeita lau urte beteta zituela. Neskak esan zuen Albacetekoa zela eta senargaiarekin egoteko joan zela gerrara. Elkarrekin ikasi zuten biek —kimika ikasi zuten— eta harekin etorri zen, baina mairuek fusilatu egin zuten Oviedon. Berak kontatu zion Mexikotik etorri zela eta leku bero batean, itsasotik hurbil, frutaz betetakoan bizi zela Bera han. Emakumeak tropikoko frutei buruz hitz egiteko erregutu zion eta ordu arte inoiz entzun gabeko izen haiek barregura eman zioten, eta esan zion mameyk pozoi baten izena behar zuela izan eta guanábanak txori batena. Berak zaldiak maite zituela esan zion, eta zaldierian egon zela iritsi zenean, baina orain ez zegoela ez zaldirik ez ezer. Emakumeak esan zion zaldi gainean inoiz ez zela ibili; Bera orduan zaldiz ibiltzeak ematen zuen poza azaltzen ahalegindu zen, batez ere hondartzan, egunsentian, aireak iodo zaporea duenean, eta iparra leunduz doanean, baina artean lanbro moduko bat ari duenean, eta ferrek harrotutako aparra langarrarekin nahasten denean, eta norbera zaldi gainean bularra biluzik eta ezpainak gatzez beteta doanean. Gustatu egin zitzaion. Beharbada oraindik ere ahoan gatzaren oroipena gordeko zuelakoan edo, musu eman zion emakumeak. Lo hartu zuten besteek suaren ondoan eta sua iraungitzeko zorian zegoen. Zutitu egin zen, Lolaren zaporea artean ahoan, sua kitzikatzera. Bai, lo zeudela ohartu zen, hirurak elkarri bero emateko besarkatuta, eta Lolaren ondora itzuli zen. Emakumeak zabaldu zion jaka barrutik bildots artilez jantzitakoa eta Berak Doloresen bizkarraren eta lihozko atorraren gainean lotu zituen eskuak eta emakumeak bizkarra estali zion jakaz. Emakumeak belarrira esan zion leku bat pentsatu behar zutela, banandu beharra suertatzen bazen ere, berriz elkar ikusi ahal izateko. Berak esan zion Cibeles inguruan zegoen kafetegi batean elkartuko zirela, Madril askatu bezain laster, eta emakumeak, ostera, Mexikon ikusiko zutela elkar erantzun, eta Berak baietz, Veracruzeko portuko plazan, arkupeetan, La Parroquia kafetegian. Kafea hartuko zuten eta karramarroak jango zituzten.

        Irri egin zuen emakumeak eta Berak ere bai, eta esan zion emakumeari orrazkera desegin eta musu eman nahi ziola, eta emakumeak aurrea hartu eta txapela kendu zion eta ilea nahasi, eta gizonak lihozko atorrapera eskuak eraman eta bizkarra laztandu, bular askeak bilatzen zituen, eta ez zuen orduan Berak beste ezertan pentsatzen eta emakumeak ere ez, ziurrenik; izan ere, haren ahotsak ez zuen hitzik ahoskatzen baina atera egiten zuen buruan zebilkiona marmar etengabean katigatuz eskerrik asko maite zaitut ez nazazu ahatz etorri...

        Mendian gora doaz eta Miguel penaz doa estreinako aldiz eta ez aldapagatik, nahiz eta aldapa gogorra izan. Hotzak, guztiek aurpegian igartzen duten hotz latz horrek oinak hartu dizkio. Dolores maitearen besoan bermatu da eta kezkaturik doa gizonak begi ertzetik begiratzen dionean, ezpainetan irria aurrez aurre begiratzen dionean. Berak eskatzen duen gauza bakarra —horixe eskatzen dute denek— erauntsirik ez egitea da. Bera da fusila daukan bakarra eta fusilak ez du bala bi besterik. Miguelek esan die ez dagoela zertan beldurrik izan.

        «Ez naiz beldur. Beste aldean muga dugu eta gaurko gaua Frantzian egingo dugu, ohe batean, aterpean. Ederto afalduko dugu. Zutaz oroitzen naiz, ez zinateke lotsatuko, zeuk ere neuk egindakoa egingo zenuke. Zu ere borrokan ibili zinen, eta poztu egingo zintuzke beti dagoela borroka nork jarraitu jakiteak. Badakit poztu egingo zinatekeena. Baina hemengo borroka honek egunak kontatuta ditu. Muga zeharkatu bezain laster, kanpoko brigaden azken taldearen egitekoak amaitu dira eta beste zerbait hasiko da. Ez dut sekula hemengo bizitza ahaztuko, aita, bertan ikasi dut-eta dakidan guztia. Oso erraza da. Kontatuko dizut itzultzen naizenean. Orain ez datozkit hitzak burura.

        Alkandoraren poltsikoan zeraman gutuna ukitu zuen atzamar batekin. Ezin zuen ahorik zabaldu hotzaren hotzaz. Arnasestuka zihoan. Hortz bitarteetatik lurrin zuri bat bota zuen. Hain zihoazen astiro. Errefuxiatu ilara ikaragarri luzea zen; begiaren bistatik haragokoa. Beren aurretik zihoazen nekazariek gariz eta lukainkaz betetako gurdiak zeramatzaten Frantziara; emakumeek koltxoia eta manta, eta koadroak eta aulkiak, ur-txarroak eta ispiluak beste batzuek. Nekazariek zioten Frantzian ekingo ziotela lurrak ereiteari. Astiro-astiro egiten zuten aurrera. Umeak ere bazeuden, batzuk bularrekoak. Mendiko lurra idorra zen, latza, sasitsua, sastraka ugarikoa. Mendian gora zihoazen. Berak sentitu zuen Doloresen ukabila saihets aldean ezkutatuta, baita salbatu eta babestu egin behar zuela ere. Bart baino bizikiago maite zuen. Eta bazekien bihar gaur baino bizikiago maiteko zuena. Emakumeak ere bai Bera. Ez zegoen esan beharrik. Elkar maite zuten. Elkar maite dugu. Zegoeneko bazekiten elkarrekin barre egiten. Bazuten zer kontatu.

        Dolores berarengandik aldendu eta Mariarengana hurreratu zen. Miliziarra harkaitz baten ondoan zegoen, eskua bekokian. Ez zela ezer esan zuen. Neka-neka eginda zegoen. Baztertu egin behar izan zuten aurpegi gorrituek, esku izoztuek, gurdi astunek bidean aurrera egin zezaten. Mariak zorabio txiki bat zela. Lolak besotik heldu zion eta bideari ekin zioten, eta orduantxe izan zen, bai, orduantxe, motorraren hotsa hurbil entzun eta gelditu egin zirela. Ez zen hegazkina ikusten. Denek bilatu zuten, baina zeruak esnea zirudien. Miguel izan zen hegal beltzak, gamma-gurutzea ikusten lehena, eta lehena denei garrasi egiten: —Lurrera! Ahoz behera!

        Denak ahuspez, harkaitz artean, gurdipean. Denak, oraindik bala bi zituen fusil hura izan ezik. Eta ez du surik egiten, naranjero madarikatua, erratz zahar ugertu madarikatua, nahiz eta behin eta berriz, zutik, katua sakatu ez du surik egiten, eta zarata pasako da buruen gainetik, eta beteko ditu itzal azkar hartaz eta metrailaz, lurrera tantak isuri eta harrian burrunba egiten duen metrailaz...

        «— Lurrera, Lorenzo, lurrera, mexikar!»

        Lurrera, lurrera, lurrera, Lorenzo, eta bota berri horiek lur idorrean, Lorenzo, eta fusila lurrean, mexikar, eta marea bat urdailean, erraietan ozeano bat gorde izan bazenu bezala, eta zure aurpegia behearen gainean, zure begi berde horiekin, zabalik, eta erdi amets batekin, eguzkiaren eta gauaren artekoa, emakumea oihuka, eta badakizu Miguel bizar horail eta zimur zuri koitaduari botok ondo etorriko zaizkiola, eta minutu baten buruan Dolores gainera botako zaizu, Lorenzo, eta Miguelek alferrik dela esango dio, lehenengoz negarrez, bizitza mendiez bestalde dagoela, bizitza eta askatasuna, bai, horiexek izan baitziren idatzi zituen hitzak: gutun hau hartu zuten, alkandora zikindutik atera zuten, emakumeak eskuen artean estutu zuen, bai beroa!, elurrak jarraitzen badu ehortzi egingo du gorpua, beste behin musu eman zenionean, Dolores, beraren gorpuaren gainera botata, eta Berak itsasora eraman nahi izan zintuen, zaldiz, bere odola ukitu eta begietan zu zaituela loak hartu baino lehen... bai berdea... ez zaitez ahaztu...

 

 

NIK egia esango nioke neure buruari, ezpainak zuri sentituko ez banitu; ez balitzait, neure buruari eutsi nahi eta ezin, gorputza bitan tolestuko; tapakien pisua jasan ahal izango banu; ez banintz etzango ostera ere, bihurriturik, ahuspez, gorro hau, behazun hau botatzeko: neure buruari esango nioke ez zela nahikoa denbora eta lekua berrirotzea, iraute hutsa bera; esango nioke beste zerbaitek, inoiz adierazi ez nuen desira batek, behartu ninduela Lorenzo eramatera —ai, ez dakit, ez naiz konturatzen—, bai, neuk eten nuen hariaren muturrak aurkitzera behartu nuela, nire bizia berritzera, nire beste patuak agintzen duena egitera, agindua betetzeko gai izan ez nintzen bigarren zati hori betetzera; eta Catalinak gauza bat baino ez dit galdetzen, nire ondoan oheburuan eserita:

        — Zergatik behar zuen hala izan? Esadazu: zergatik? Beste asmo batzuk nituen nik harentzat. Zergatik eraman zenuen zeurekin?

        — Ez zuen bere bihotzeko semea heriotzara bidali? Ez zuen bere erara moldatzeko gu biongandik aldendu? Ez da egia?

        — Teresa, aitak ez dizu entzuten...

        — Egiten ari da. Begiak itxi eta egiten ari da.

        — Zaude isilik.

        — Zaude isilik.

        Nik dagoeneko ez dakit. Baina ikusi egiten ditut. Sartu egin dira. Zabaldu, itxi egin da kaobazko atea, eta oin-hotsak ez dira alfonbra lodian entzuten. Leihoak itxi dituzte. Zarratu, zurrumurru batez, gortina grisak. Sartu egin dira.

        — Ni... ni Gloria naiz.

        Billete eta bonuek nire moduko gizon batek eskuetan hartzen dituenean ateratzen duten hots freskoa eta gozoa. Aire girotua, taberna, telefonoa, gerrirako kuxinak eta oinetarako aulkitxoak dituen beren-beregi egindako luxuzko auto baten irteera leuna, e, apaiz jauna, e? baita han goian ere, e?

        — Hara itzuli nahi dut, lur...

        — Zergatik behar zuen hala izan? Esadazu: zergatik? Beste asmo batzuk nituen nik harentzat. Zergatik eraman zenuen zeurekin?

        eta ez da konturatzen badela bertan behera utzitako gorpua, hura ehortzi zuten izotza eta eguzkia, begi betiko zabalduak, hegaztiek jandakoak, baino mingarriagoa denik: utzi egiten dio Catalinak kotoiaz nire lokia igurtzitzeari, eta aldendu egiten da, eta ez dakit negarrez ari den: eskua jasotzen ahalegintzen naiz Catalina aurkitzeko; egindako ahaleginak besotik bularrera eta bularretik sabelerainoko ziztada etenak daragizkit: badela bertan behera utzitako gorpuaz, hura ehortzi zuten izotza eta eguzkiaz, begi betiko zabalduez, hegaztiek jandakoez gain, okerragoa denik: gorako eutsiezin hau, kakagale eutsiezin hau, eta ezin libratu, ezin uzkerrak ere sabel handitu honetatik atera, ezin min zehaztugabe hau gelditu, ezin eskumuturrean pultsurik aurkitu, ezin jada hankak sentitu; eta igarri odolak gainezka egiten didala, barruan isurtzen zaidala, bai, barruan, Nik hori badakit eta horiek ez, horiek ez dakite, eta Nik ezin ditut konbentzitu, ez baitute ikusten ezpainetatik, hanka artetik odola daridala: ez dute sinesten, zera diote, ez dudala tenperaturarik, a, tenperatura, zera diote, kolapsoa, kolapsoa, ez dute hantura besterik antzematen, ingurune jariakaridun hantura, hori esan eta atxiki egiten naute, haztatu, marmolak aipatzen dituzte, bai, entzun egiten ditut, marmol morexkak urdailean, bai, Nik dagoeneko sentitzen ez dudan urdail honetan, nik dagoeneko ikusten ez dudan urdail honetan: badela bertan behera utzitako gorpuaz, hura ehortzi zuten izotz eta eguzkiaz, begi betiko zalbaduez, hegaztiek jandakoez gain, okerragoa denik: hura ezin gogoratzea, hura gogoratu ahal izatea argazki horiei, logelan utzitako objektu horiei, ohardun liburu horiei esker bakarrik: baina zerk du haren izerdi usaina?, ezerk ez du haren aurpegiaren kolorea: ezin dudala oldoztu, ezin baitut ikusi eta sentitu;

        zaldiz zihoan, goiz hartan;

        hori gogoratzen dut: gutun bat hartu nuen atzerriko zigiluekin

        baina oldoztu

        a, amestu egin ditut, asmatu, atera izen horiek, gogoratu abestiak; ai eskerrik asko, baina jakin, nola jakin?; ez dakit, ez dakit nolakoa izan zen gerra hura, norekin hitz egin zuen hil aurretik, nortzuk izan ziren heriotzara lagundu zioten gizonak, emakumeak, zer esan zuen orduko egun hartan, zer pentsatu zuen, zer arropa zeraman aldean, zer jan zuen, ez dakit: asmatu egiten ditut lekuak, asmatu hiriak, asmatu izenak eta ezin ditut orain gogoratu: Miguel, José, Federico, Luis? Consuelo, Dolores, María, Esperanza, Mercedes, Nuri, Guadalupe, Esteban, Manuel, Aurora? Guadarrama, Pirinioak, Figueras, Toledo, Teruel, Ebro, Gernika, Guadalajara?: bertan behera utzitako gorpua, hura ehortzi zuten izotza eta eguzkia, begi betiko zabalduak, hegaztiek jandakoak:

        ai, eskerrak, nire bizitza zer izan zitekeen erakutsi zenidan,

        ai, eskerrak, egun hura nire ordez bizi izan zenuen,

        badela mingarriagoa denik:

        e, e? Hori bai dago, hori bai da neurea. Hori bai da, Jainkoa izatea, e? Beldurra eta gorrotoa eta dena delakoa eragitea, hori bai da Jainkoa izatea, benetan, e? Apaiz, esadazu hori guztia nola salbatu eta zure zeremonia horiek guztiak betetzen utziko dizut, bularra zigortuko dut, santutegi bateraino joango naiz belauniko, ozpina edango dut eta arantzak jarriko ditut buruan. Esadazu hori guztia nola salbatu, izan ere, espiritua...

        — ...semearen eta espiritu santuaren izenean, amen...

        Badela mingarriagoa denik:

        — Ez, kasu horretan baliteke tumore bigun bat izatea, bai, baina baita errairen bat edo beste lokatuta edo erdi irtenda izatea ere...

        — Berriz diot: bolbuloak dira. Min hori hesteetako euskarrien bihurritzeak eragindakoa izan daiteke soilik, eta hortik itxitura...

        — Kasu horretan, ebakuntza egin beharko litzaioke...

        — Baliteke dagoeneko gangrenatzen hasita egotea, eta guk ezin gelditzea...

        — Agerikoa da zianosia...

        — Fazies...

        — Hipotermia...

        — Lipotimia...

        — Isildu... Isildu!

        — Leihoak zabal itzazue.

        Ezin naiteke mugi; ez dakit norantz begiratu, norantz joan; ez dut tenperatura igartzen, igartzen dudan bakarra hotz hori da, hanketatik joan eta etorri ari den hotz hori, baina ez sekula ikusi ez dudan beste horren guztiaren, gordeta dagoen horren guztiaren hotza eta beroa...

        — Koitadua... ikaratu egin da...

        ...isil zaitezte..., sumatzen dut nire aurpegiera, ez ezazue esan... badakit beltxexkak ditudana azazkalak, urdinxka azala... isil zaitezte...

        — Apendizitisa?

        — Ebakuntza egin behar dugu.

        — Arriskutsua da.

        — Berriz diot: koliko nefritikoa. Zentigramo bi morfina eta mina arinduko zaio.

        — Arriskutsua da.

        — Ez du odoljariorik.

        Eskerrik asko. Hil nintekeen Peralesen. Hil nintekeen soldadu harekin. Hil nintekeen gela biluzi hartan, gizon lodi haren aurrean. Ni bizirik atera nintzen. Zu hil egin zinen. Eskerrik asko.

        — Geldi ezazue. Pixontzia.

        — Ikusi nola amaitu zuen? Ikusi, ikusi? Nire nebaren moduan. Horrelaxe amaitu zuen.

        — Geldi ezazue. Pixontzia.

        Geldi ezazue. Badoa. Geldi ezazue. Botaka egiten du. Botatzen du lehen usaindu besterik egin ez duen zapore hori. Dagoeneko ezin du burua alboratu. Aratinik egiten du oka. Bere kaka okatzen du. Ezpainetatik, masailezurretatik behera dario. Bere kakak. Emakumeek oihu egiten dute. Oihu egiten dute. Ez ditut entzuten, baina oihu egin behar da. Hau ez da gertatzen ari. Hau ez da jazotzen ari. Oihu egin behar da gerta ez dadin. Gelditu egiten naute, hartu egiten naute. Orain ez. Badoa. Ezer gabe doa, biluzik. Bere gauzak utzita. Geldi ezazue. Badoa.

 

 

ZUK irakurriko duzu gutun hori, data kontzentrazio esparruan jarrita, atzerrian zigilatuta, Miguel sinatuta; eta gutun horrek bilduko du bestea, bizkor idatzita, Lorenzo sinatuta: gutun hori hartuko duzu eta irakurriko duzu «Ez naiz beldur... Zutaz oroitzen naiz... Ez zinateke lotsatuko... Ez dut sekula hemengo bizitza ahaztuko, aita, bertan ikasi dut-eta dakidan guztia... Kontatuko dizut itzultzen naizenean»: Zuk irakurri eta berriz aukeratuko duzu: aukeratuko duzu beste bizitza bat:

        aukeratuko duzu mutikoa Catalinaren kargu uztea, ez duzu mutikoa lur hartara eramango, ez duzu bere hautu propioaren ertzean jarriko: ez duzu bultzatuko heriotza-patu horretara, zeurea izan zitekeen heriotza-patu horretara: ez duzu behartuko Zuk egin ez zenuena egitera, zure bizitza galdua salbatzera: ez duzu utziko bidexka harkaiztsu batean, oraingo honetan, zu hil eta emakumea salba dadin;

        aukeratuko duzu zorioneko baso horretara sartzen den soldadu zauritu hori besarkatzea, etzatea; metrailak zauritutako besoa iturri urrikoaren, eguzkiak kiskalitakoaren uraz garbitzea, bendatzea; hari lagun egitea, haren hatsa zeureaz piztea; bertan egotea, bertan egotea atzeman, atxilotu eta, herri izen ahaztu batean, beste hura bezalako herri hautseztatu batean, beste hura bezalako dena pezozko eta orrizko herri batean, fusilatu arte: soldadua eta Zu fusilatu, izen gabeko gizon bi, biluzik, fusilatuen hobi komunean lurperatuta, hilarririk gabe: hogeita lau urte zituela hilda, bide gehiagorik gabe, labirintu gehiagorik gabe, hautu gehiagorik gabe: hilda, zuk salbatutako izen gabeko soldadu batek eskutik helduta zaituela: hilda:

        esango diozu Laurari: bai

        esango diozu gizon lodi horri gela biluzi, anil koloreko horretan: ez

        hautatuko duzu Bernal eta Tobíasekin batera han gelditzea, beren zori bera jarraitzea; hautatuko duzu ez joatea patio odoldu horretara zeure burua zuritzera, Zagalen heriotzarekin lagunak mendekatu dituzulako pentsamendua egitera

        ez duzu bisitatuko Gamaliel zaharra Pueblan

        ez duzu Lilia zeure egingo gau horretan itzuliko denean, ez duzu pentsatuko ezin izango duzula, jada, sekula gehiago beste emakumerik izan

        hautsiko duzu isiltasuna gau horretan, eta Catalinari hitz egingo diozu, eskatuko diozu barkamena, hitz egingo diozu zure ordez hil zirenei buruz, eskatuko diozu horrela, erru horiekin, onar zaitzala, eskatuko diozu ez zaitzala gorrota, horrela onar zaitzala

        geldituko zara Lunerorekin etxaldean, eta ez duzu sekula paraje hori utziko

        ez zara Sebastián maisuarengandik aldenduko —nolakoa zen, nolakoa zen—, ez zara iraultzarekin bat egitera joango iparraldera,

        izango zara behargin

        izango zara errementari

        geldituko zara kanpoan, kanpoan gelditu zirenekin batera

        ez zara Artemio Cruz izango, ez duzu hirurogeita hamaika urte izango, ez dituzu hirurogeita bederatzi kilo pisatuko, ez duzu metroa laurogeita bi neurtuko, ez dituzu eramango ordeko hortz-haginak, ez dituzu erreko zigarro beltzak, ez dituzu erabiliko italiar zetazko alkandorak, ez duzu mahuka-bikien bildumarik egingo, ez dizkiozu gorbatak New Yorkeko etxe bati aginduko, ez dituzu hiru botoidun janzki urdin horiek jantziko, ez duzu irlandar kaxmirra atsegingo, ez duzu ginebra tonikarekin edango, ez duzu Volvo bat izango, edo Cadillac bat edo Rambler kamionetarik, ez duzu Renoiren margolan hori gogoratuko ez eta maitatuko ere, ez dituzu arrautzak poché erara eta ogi xigortua Blackwell's marmeladarekin gosalduko, ez duzu zeure jabetzakoa den egunkaria goizero irakurriko, ez dituzu noizean behin gauetan Life eta Paris Match gainbegiratuko, ez zara zure ondoan xirmi-xarma hori aditzen egongo, koru hori, tertzioa baino lehen bizia erauzi nahi dizun gorroto hori, deitu egiten baitu, deitu, deitu, deitu Zuk, duela gutxi, irribarreka, irudikatu duzuna baina orain ametituko ez duzuna:

        De profundis clamavi

        De profundis clamavi

        Mírame ya, óyeme, alumbra mis ojos, no me duerma en la muerte / Porque el día que de él comas ciertamente morirás / No te alegres de la muerte de uno, acuérdate de que todos morimos / La muerte y el infierno fueron arrojados al estanque de fuego y ésta fue la segunda muerte / Lo que temo, eso me llega, lo que me atemoriza, eso me posee / Cuán amarga es tu memoria para el hombre que se siente satisfecho con sus riquezas / ¿Se te han abierto las puertas de la muerte? / Por la mujer tuvo principio el pecado y por ella morimos todos / ¿Has visto las puertas de la región tenebrosa? / Bueno es tu fallo para el indigente y agotado de fuerzas / ¿Y qué frutos obtuvieron entonces? Aquellos de los que ahora se avergüenzan, porque su fin es la muerte / Porque el apetito de la carne es muerte:

        Jainkoaren hitza, bizia, heriotzaren zeregina,

 

                de profundis clamavi, domine,

                omnes eodem cogimur, omnium versatur urna

                quae quasi saxum Tantalum semper impendet

                quid quisque vitet, nunquam homini satis cautum est in horas

                mors tamen inclusum protrahet inde caput

                nascentes morimur, finisque ab origine pendet

                atque in se sua per vestigia volvitur annus

                omnia te vita perfuncta sequentur

 

        koru, hilobi; ahotsak, su-meta; Zuk irudikatuko dituzu, zure kontzientziaren zati ahaztuan, erritu horiek, zeremonia horiek, azken buruko horiek: ehorzketa, errausketa, baltsamu: dorrearen goienean jarria aireak ustel zaitzan, eta ez lurrak; zeure esklabo hilekin hobian sartua; auhendari erosiek deitoratua; zeure gauzarik estimatuenekin lurperatua, zure konpainiarekin, zure bitxi beltzekin: hil-beila, gaubeila,

 

                requiem aeternam, dona eis Domine

                de profundis clamavi, Domine

        behearen gainean eserita, Laura, zangoak tolestuta, liburutxo koadernatua eskuetan, eta haren ahotsa... haren ahotsak gauza hauei buruz hizketan... zera dio, dena gerta dakigukeela hilgarri, bizia ematen diguna bera ere... zera dio, heriotza, miseria, ezjakintasuna senda ezinak direnez, hobe genukeela, zoriontsu izate aldera, gauza horietan ez pentsatu... zera dio, ustekabeko heriotzaren beldur izan behar dela soilik; horregatik bizi ohi dira konfesoreak aberatsen etxeetan... zera dio, izan ausarta; izan zaitez heriotzaren beldur arriskutik kanpo zarenean, ez arriskuan... zera dio, heriotzaren aitzingogoa libertatearena dela... zera dio, zein pauso isilez zatozen, oi, herio hotz... zera dio, nekez barkatuko dizute zuri orduek; egunak marraskatzen dituzten orduek... zera dio, korapilo estua moztuta erakusten didala... zera, ez al da nire atea metal landuez egina?... zera dio, mila heriotza begitanduko zait, neure bizitza bera espero baitut... zera dio, gizakiak bizi nahi Jainkoak nahi duenean hil dadin... zera dio, zertarako altxorrak, morroiak, zerbitzariak...?

        Zertarako?, zertarako?, kanta dezatela, abes dezatela, deitore egin dezatela: ez dituzte ukituko zur landu apartak, marketeria-lan arranditsuak, igeltsu eta urrezko moldurak, hezur eta kareizko tiraderadun altzariak, xaflak eta aldabak, panel eta burdinazko sarraila zulodun kutxak, ayacahuitezko zizeilu usaintsuak, koru-aulkiteriak, kopete eta faldoi barrokoak, bizkarralde kakotuak, langet torneatuak, maskaroi polikromoak, brontzezko tatxetak, larru onduak, atzapar eta boladun hanka bihurkatuak, zilar-harizko meza-jantziak, damaskozko besaulkiak, belusezko sofak, jantokiko mahaiak, zilindroak eta txanbilak, taula alakatu, baldakin eta errezeldun oheak, zutoin ildaskatuak, armarriak eta orlak, merino alfonbrak, burdinazko giltzak, olio arrailduak, zetak eta kaxmirrak, artileak eta tafetak, kristalak eta kriseiluak, eskuz margoturiko baxerak, habe gozo haiek, hori guztia ez dute ukituko: hori guztia zeurea izango da:

        eskua luzatuko duzu:

        egun bat, edozein, baina berezia izango dena; duela hiru, lau urte; ez duzu gogoratuko; gogoratzeagatik gogoratuko duzu; ez, gogoratuko duzu, zerbait gogoratzen ahalegintzen zarenean, lehenengo gogoratzen duzuna izaten delako egun apartatu bat, zeremonia egun bat, zenbaki gorriek besteetatik bereizten duten egun bat; eta egun honetan —Zuk hori pentsatuko duzu orduan— hartzitu egiten dira ziklo bateko izen guztiak, pertsona guztiak, hitz guztiak, gertaera guztiak, eta kraskatu egiten dute lur zarakarra: urte berria ospatuko duzu gau honetan; burdinazko eskudelari helduko diozu, nekez, artritisak jota izango baitituzu atzamarrak; beste eskua jakaren sakela barrenean sartu eta eskaileretan behera egingo duzu, astun:

        eskua luzatuko duzu:

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia