(1934: abuztuak 12)

 

BERAK pospolo bat hartu zuen, kaxaren albo lakarraren kontra karrakatu, su-lamari begiratu, eta zigarro muturrera hurbildu zuen. Begiak zarratu zituen. Kea arnastu. Hankak luzatu eta belusezko besaulkian hondoratu zen; esku askeaz belusa ukitu zuen eta urrelili batzuen lurrina usaindu zuen; loreak zeuden mahaian, han bere atzean, kristalezko lorontzi batean. Fonografoak, hura ere atzean, zabaltzen zuen musika lasaia entzun zuen.

        — Berehala nago.

        Haztamuka bilatu zuen, esku askeaz, album irekia intxaur oholezko mahaitxoan, bere eskuinean. Kartoizko azala ukitu zuen, Deutschen Grammophon Gessellschaft irakurri, eta celloaren sarrera arranditsua entzun zuen, baztertzen, bere burua agertzen, gainditzen azkenean eta biolinen errefraua koruko bigarren mailan uzten. Entzuteari utzi zion. Gorbata atondu eta laztandu egin zuen zeta harrotua, atzamarren ukituaz leunki karraska egiten zuen zeta hura, segundo batzuez.

        — Zerbait prestatuko dizut?

        Mahai baxu gurpildunera hurreratu zen, haren gainean hainbat botila eta edalontzi desberdin zegoen, eta aukeratu zuen eskoziarreko botila eta edalontzi astun bat, Bohemiako kristalezkoa, eta edalontzi barruan atzamar bi whisky neurtu zituen, eta horren ondoren izotz zati bat hartu eta ur natural pitin bat bota.

        — Zeuk hartu behar duzuna.

        Orduan Berak berriz egin zuen lehengo operazioa, eta edalontzi biak eskuetan hartu zituen, bata bestearen kontra jo zituen, esku ahurrei eraginez edalonziak biratu zituen whiskya eta ura ondo nahas zitezen, eta logelako atera hurbildu zen.

        — Minutu bat.

        — Nigan pentsatuta aukeratu al duzu?

        — Bai. Gogoan al duzu?

        — Bai.

        — Barkatu atzerapena.

        Besaulkira joan zen berriro. Berriz hartu zuen albuma, altzoan jarri. Werke von Georg Friedrich Händel. Kontzertu biak areto berotuegi hartan entzun zituzten, eta kasualitatea izan zen elkarren ondoan esertzea tokatu izana eta entzutea —emakumeak— nola Berak aipatzen zion kideari aretoko demaseko beroarena espainolez. Berak ingelesez egitaraua eskatu zion eta emakumeak, irribarre egin eta erantzun, espainolez, atsegin handiz emango ziola. Irri egin zuten biek. Concerti Grossi, opus 6.

        Hurrengo hilerako, biek hiri hartara joan beharra zuten hartarako, jarri zuten hitzordua, Rue Caumartin kaleko kafetegi hartan, Boulevard des Capucinesetik hurbil. Eta handik urteetara berriro itzuliko zen Bera kafetegi hartara, emakumea gabe, zehatz-zehatz aurkitu gabe, hura berriro ikusteko, orduko hura berriro eskatzeko irrikatzen, eta aurkitu zuen kolore gorriz eta sepiaz apaindutako kafetegi bat, erromatar kurul aulkiekin eta egur gorrixkako barra luze batekin, ez zen aire zabalean zegoen kafetegi bat, baina irekia zen, aterik gabekoa. Menda-ura hartu zuten. Horixe bera eskatu zuen. Emakumeak esan zuen iraila zela hilerik onena, irailaren amaiera eta urriaren hasiera. Indiar uda. Opor-buelta. Ordaindu egin zuen. Emakumeak besotik heldu zion, barreka, arnasa hartuz, eta zeharkatu zituzten Palais Royaleko patioak, ibili ziren galeria eta patioen barrena, aurreneko hosto hilak zapalduz, usoak lagun zituztela, eta jatetxe hartara sartu ziren, txikiak ziren mahaiak, bizkarraldeak belusezkoak, hormak ispilu margotuak, pintura zahar batez, urre-kolorea, urdina eta sepia berniz zahar batez apaindua dena.

        — Banago.

        Sorbalda gainetik begiratu eta logelatik irteten ikusi zuen, arrakadak belarrietan jartzen, esku batez ile lisoa, ezti kolorekoa atontzen. Prestatu berri zion whiskya eskaini zion eta emakumeak, sudurra zimurtuz, zurrustadatxo bat eman eta besaulki gorrian eseri zen, eskuineko hanka bestearen gainean jarri eta edalontzia begien parera goratu zuen. Berak ere keinu bera egin eta irri bat eskaini zion, eta emakumeak traje beltzaren papar-hegaleko zerbait astindu zuen. Klabezinak zeraman, biolinen laguntzaz, jaitsiera haren errefrau nagusia: Berak goitik beherako jaitsiera baten moduan irudikatu zuen, ez aurrerantz egiten zuen martxa baten moduan: jaitsiera apala, hautemanezina, lurra ukitzeaz batera kontrapuntu eztanda bihurtzen zena biolinen tonu baxu eta altuen artean. Klabezinak, hegoak bezala, lurra hartzeko baino ez zuen balio izan. Orain musikak, lurrean, dantzan egiten zuen. Elkarri begiratu zioten.

        — Laura...

        Emakumeak keinu egin zion hatz erakusleaz, eta entzuteari ekin zioten biek; emakumea eserita, edalontzia eskuetan; Bera zutik, zeru-bola bere ardatzaren inguruan biraraziz, lantzean behin geraraziz konstelazioen ustezko irudien gainean zilarrezko puntaz marraztutako irudiak ikusteko: belea, ezkutua, erbi-txakurra, arraina, aldarea, zentauroa. Orratzak isiltasunaren gainean egin zuen bira; Bera fonograforaino joan zen, orratza erretiratu zuen diskotik, jarri pausalekuan.

        — Oso ondo gelditu zaizu apartamentua.

        — Bai. Txukun dago. Baina ezin izan ditut traste guztiak sartu.

        — Oso ondo dago.

        —Soto bat alokatu behar izan dut kabitzen ez zirenak gordetzeko.

        —Nahi izanez gero, baduzu...

        —Eskerrik asko. —Barreka esan zuen—: Etxetzar bat baino nahiko ez banu, harekin jarraituko nuke.

        —Musika gehiago entzun nahi duzu, ala joan egingo gara?

        —Ez. Edalontzikoa amaitu eta joan gaitezen.

        Margolan haren aurrean gelditu ziren eta emakumeak esan zuen asko gustatzen zitzaiola eta beti etortzen zela hura ikustera; izan ere, Monetek margoturiko Saint-Lazare terminaleko tren gelditu haiek, ke urdin hura, atzeko etxetzar urdin eta okre haiek, irudi lausotu haiek, doi-doi iradokiak, sabai hura, itsusia baino itsusiagoa, burdin eta beira ilunekoa, asko gustatzen zitzaizkion, hiri hartatik gehien gustatzen zitzaiona zen, hiri hartan gauzak ez baitziren, agian, politegiak solte, zorrotz, ikusten baziren, baina zoragarriak, zoragarriak ziren osotasunean ikusita. Berak esan zion hori ideia bat zela, eta emakumeak barre egin zuen, eta eskua ferekatu, eta esan zion baietz, arrazoia zuela, gustatu egiten zitzaiola, besterik gabe, dena gustatzen zitzaiola, pozik zegoela, eta Berak, handik urteetara, berriro ikusi zuen margolan hura, Jeu-de-Paumen jarrita egon zenean, eta gida bereziak esan zion aparta zela, hogeita hamar urtean laukoiztu egin zuela bere balioa, eta hainbat mila dolar balio zituela, aparta benetan.

        Bera hurbildu egin zen, emakumearen atzean gelditu zen, eserlekuaren bizkarraldea laztandu zuen eta gero Lauraren sorbaldak ferekatu zituen. Emakumeak gizonaren eskurantz makurtu zuen burua, masailaz atzamarrak leunkiro igurtzi. Beste irri-suspirio bat egin, gizonarengandik aldendu eta zurrutadatxo bat eman zion whiskyari. Atzerantz bota zuen burua, begiak itxita, eta irentsi egin zuen tragoxka mihia eta sabaiaren artean eduki ondoren.

        — Urte hasieran itzul gintezke. Zer deritzozu?

        — Ondo. Bai. Itzul gintezke.

        — Sarri gogoratzen dut nola paseatzen ginen kaleetan.

        — Neuk ere bai. Villagera inoiz joan gabekoa zinen. Gogoratzen dut neuk eraman zintudala.

        — Bai. Itzul gintezke.

        — Hain du zer bizia hiri horrek. Gogoan al duzu? Ez zenekien bat egindako ibai eta itsasoaren usaina bereizten. Inoiz atzeman gabea zinen. Hudson ibairaino joan ginen, eta begiak zarratu genituen usaina hobeto sumatu ahal izateko.

        Berak Lauraren eskua hartu zuen, atzamarrak musukatu zizkion. Telefonoak jo zuen, eta Bera aparailua hartzera aurreratu zen, bozina jaso eta ahots bat entzun zuen behin eta berriro esaten: —Bai... bai, bai?... Laura?

        Bozina beltzean eskua jarri eta Laurari eskaini zion. Laurak edalontzia mahaitxoan utzi eta telefonoraino joan zen.

        — Bai?

        — Laura. Catalina naiz.

        Bai. Nola zaude?

        — Une txarrean deitu al zaitut?

        Irtetera nindoan.

        — Ez, ez dizut denbora askorik kenduko.

        Esan.

        — Ez dizut denbora galaraziko, ezta?

        Ez, ez ba.

        — Hanka sartu dudala uste dut. Esan egin behar nizun.

        Bai?

        — Bai, bai. Sofa hura erosi behar izan nizun. Orain, etxe berria janztea tokatu zaidanean, konturatu naiz. Gogoratzen duzu sofa hura, puntuzko brokatuak dituen hura? Ezkaratzean jartzeko beren-beregikoa da, izan ere, tapiz batzuk erosi ditut, tapiz batzuk ezkaratza edertzeko, eta uste dut bordatuak dituen zure besaulki huraxe datorkiola beste ezer baino hobeto...

        Auskalo. Agian bordatu gehiegitxo izango da.

        — Ez, ez, ez. Tapizek ilunera egiten dute eta zure besaulkia argia denez, kontraste polita egiten du.

        Badakizu, baina, sofa hori hemen, apartamentuan, jarrita dudana.

        — Tira, ez zaitez horrelakoa izan. Zenbat-nahi altzari duzu zuk. Ez zenidan esan, ba, erdiak baino gehiago sotoan sartu behar izan zenituela? Bai, esan zenidan, ezta?

        Bai. Baina egongela atondu dudan moduan...

        — Pentsa ezazu orduan. Noiz etorriko zara etxea ikustera?

        — Zeuk nahi duzunean.

        — Ez, horrela, ezer zehaztu gabe, ez. Egun bat esan eta elkarrekin tea hartu eta berriketalditxo bat egingo dugu.

        — Ostiralean?

        — Ez, ostiralean nik ezin dut, baina ostegunean bai.

        Ostegunean orduan.

        — Baina berriz diotsut, zure altzari hori gabe ezkaratza ez da ezer, ia nahiago nuke atalondorik ere ez izatea, badakizu?, itsusi geldituko litzateke. Apartamentu bat erraz atontzen da. Ikusiko duzu.

        — Ostegunean orduan.

        — Zure senarra ikusi nuen lehengo batean kalean. Oso adeitsu agurtu ninduen. Laura, bekatua da, bekatu galanta zuek dibortziatzea. Oso eder ikusi nuen. Bistan da behar zaituela. Zergatik, Laura, zergatik?

        Aspaldiko kontua da hori.

        — Ostegunean orduan. Biok bakar-bakarrik, gustura jarduteko.

        — Bai, Catalina. Osteguna arte.

        — Agur.

        Dantza egitera gonbidatu zuen emakumea eta palmerak lorontzietan zituzten Plaza hotel hartako saloiak zeharkatu eta aretorantz abiatu ziren, eta besoen artean estutu zuen emakumea, eta emakumeak gizonaren atzamar luzeak laztandu zituen, esku-ahurraren beroa ukitu zuen, burua lagunaren sorbaldaren kontra jarri zuen, kendu egin zuen, eta adi-adi, gizonak berari begiratzen zion moduan, begiratu zion: bata besteari begira, bata besteari begira, berdeak begiak, grisak emakumearenak, bata besteari begira, biak bakarrik dantza aretoan eta orkestra hori blues lasai-lasaia jotzen, bata besteari begira, atzamarrekin, gerria lotuta, astiro-astiro biratzen, gona farfaildun hori, gona hori...

        Emakumeak telefonoa eskegi eta berari begiratu zion eta zain egon zen. Bordatuen sofaraino joan zen, laztandu egin zuen, eta beste behin gizonari begiratu.

        — Argia piztuko duzu? Alboan duzun hori. Eskerrik asko.

        — Catalinak ez daki ezer.

        Laura besaulkitik aldendu eta begira gelditu zitzaion: —Ez, argi gehiegi da. Izan ere, oraindik ez dakit ondo non zer kokatu. Ez da gauza bera etxe handi bat argiztatu edo beste hau argiztatu...

        Nekatuta sentitu zen, besaulkian eseri zen, liburutxo bat, larruzko azalak zituen liburutxo bat, hartu zuen alboko mahaitik eta gainetik irakurri zuen. Adats horia, aurpegi erdia estaltzen baitzion, alboratu, lanpararen argia bilatu eta irakurtzen ari zena ahopean xuxurlatzeari ekin zion, bekainak goratuta eta etsipen ukitu bat ezpainetan. Irakurri, liburua itxi eta esan zuen:

        — Calderón de la Barca, eta buruz errepikatu zuen, gizonari begira: —No ha de haber placer un día? Dios, di, para qué crió flores, si no ha de gozar el olfato del blando olor de sus fragantes aromas...

        Gorputza luzatu zuen sofan, begiak eskuez estali, eta ahots zehatz, unatu batez, bere burua entzuterik edota beste inork entzuterik nahi ez zuen ahots batez errepikatu zuen: —...¿si el oído no ha de oírlas?... ¿si no han de verlo los ojos?... eta igarri zuen gizonaren eskua lepoan, perla biziak ukitzen, bularreko azalaren ondoan.

        — Nik ez zintudan behartu...

        — Ez, zuk ez duzu zerikusirik. Aspalditik zetorren kontua zen.

        — Zergatik izan zen?

        — O, beharbada buruiritziegia naizelako... uste baitut eskubidea dudala beste tratu klase bat hartzeko, pertsona bat izateko eta ez objektu bat...

        — Eta nirekin?

        — Ez dakit. Ez dakit. Hogeita hamabost urte ditut. Gogorra da berriz hastea, norbaitek eskua luzatzen ez badizu behintzat... Hitz egin genuen gau hartan, gogoan al duzu?

        — New Yorken.

        — Bai. Esan genuen elkar ezagutu behar genuela...

        — ..arriskutsuagoa zela ateak ixtea zabaltzea baino... Ez al nauzu dagoeneko ezagutzen?

        — Inoiz ez diozu ezer. Inoiz ez didazu ezer eskatzen.

        — Horixe egin beharko nuke, ezta? Zergatik?

        — Ez dakit...

        — Ez dakizu. Letraka esatea behar duzu zuk jakiteko...

        — Agian.

        — Nik maite zaitut. Zuk maite nauzula esan didazu. Ez, ez duzu ulertu nahi... Emadazu zigarro bat.

        Jakako sakelatik zigarro-kutxatxoa atera zuen. Pospolo bat hartu zuen, piztu, eta emakumeak zigarroa hartu zuen eta ezpainen artean sentitu papera, busti, kendu atzamar birekin ezpainetan itsatsitako zarakarra, birarazi atzamar bien artean, arintasunez bota, eta itxaron. Eta Berak begiratu egiten zion.

        — Beharbada berriro hasiko naiz ikastaroetara joaten. Hamabost urterekin margotu egin nahi nuen. Gero ahaztu egin nuen.

        — Ez al dugu irten behar?

        Emakumeak oinetakoak kendu, burua kuxin batean lekutu eta ke-kiribilak bota zituen sabairantz.

        — Ez, ez gara irtengo.

        — Nahi al duzu beste eskoziar bat?

        — Bai, ekar iezadazu beste bat.

        Berak edalontzi hutsa mahaitik jaso zuen, ertzetako ezpainetako margoari begiratu zion, kristalaren kontra eragindako izotz pusken soinua aditu zuen, mahai baxurantz joan eta berriz neurtu zuen whiskya, beste izotz zati bat hartu zilarrezko pintzez...

        — Urik gabe, mesedez.

        Emakumeak galdetu zion ea ez zuen artegatzen zabu gainean zutik, zuriz —zuriz eta itzalez— jantzita eta soinekoaren luzetara lazo urdinak zituen neska hark norantz, nori edota zeri begiratzen zion jakiteak; adierazi zion beti gelditzen zela zerbait margolanetik at, izan ere, margolanak aurkezten zuen munduak behar zuela harago luzatu, harago hedatu eta behar zuela beste kolore batzuez, beste presentzia batzuez, beste eskakizun batzuez beteta egon, zeinei esker margolana osatzen zen eta zen. Iraileko eguzkitara atera ziren. Oinez joan ziren, barreka, Rue de Rivoli arkupeetatik eta emakumeak esan zion Place des Vosges ezagutu behar zuela, huraxe izango zela-eta ziurrenik denetan ederrena. Taxi bat hartu zuten. Berak metropoliko mapa zabaldu zuen altzoan eta emakumeak lerro gorriaren, lerro berdearen bidea egin zuen atzamar batez, gizonaren besoari oratuta, gizonaren hatsa berenetik oso hurbil zuela, izen haiek zoratu egiten zutela esanez, ez zela nekatzen izenok behin eta berriro errepikatzeaz, Richard Lenoir, Ledru-Rollin, Filles du Calvaire...

        Edalontzia eman zion eta berriz birarazi zuen zeruen globoa, berriz irakurri lupus, crater, sagittarius, piscis, horologium, argo navis, libra, serpens. Birarazi egin zuen, eta utzi atzamarrak esfera korri zezala, uki zitzala izar hotz, urrunak.

        — Zertan ari zara?

        — Mundu honi begiratzen.

        — A.

        Belaunikatu eta musu eman zion ile askean, emakumeak baietz adierazi zuen buruaz, irri egin zuen.

        — Zure emazteak sofa hau nahi du.

        — Entzun dut.

        — Zer egitea aholkatzen didazu? Eskuzabal jokatu behar al dut?

        — Zeuk ikusi.

        — Ala ezaxola? Ahaztu nirekin hitz egin duela? Nahiago dut ezaxola izan. Eskuzabaltasuna batzuetan iseka itsusi eta graziarik gabekoa da, ez al duzu uste?

        — Ez dizut ulertzen.

        — Jar ezazu musika apur bat.

        — Zein nahi duzu orain?

        — Lehengoa. Jarri lehengoa, mesedez.

        Lau aldeetako zenbakiak irakurri zituen. Ordenatu egin zituen, botoia sakatu, diskoari jausten, zaplada lehor hura eman eta gamuzazko platertxora jausten utzi zion. Argizariaren eta tutu beroen eta egur landuaren nahasketaren usaina aditu zuen eta berriz entzun zituen klabikordioaren hegoak, alaitasuneranzko jaitsiera mantsoa, klabikordioaren ukoa, aireari ukoa, biolinekin batera lur finkoa, euskarria, erraldoiaren bizkarra ukitzeko.

        — Bolumena honela ondo?

        — Pixka bat ozenago. Artemio...

        — Bai?

        — Ezin dut gehiago, maitea. Aukeratu egin behar duzu.

        — Izan pazientzia, Laura.Uler ezazu...

        — Zer?

        — Ez nazazu derrigortu.

        — Zer? Nire beldur zara?

        — Ez al gaude ondo gauden moduan? Zer behar da?

        — Auskalo. Baliteke ezer behar ez izatea.

        — Ez dizut ondo entzuten.

        — Ez, ez ezazu baxuago jarri. Utzi musika eta entzudazu. Nekatzen hasita nago.

        — Ez zintudan engainatu. Ez zintudan behartu.

        — Ez zintudan aldatu, horixe da kontua. Ez zaude prest.

        — Horrelaxe maite zaitut, orain arte izan garen bezala.

        — Lehenengo egunean bezala.

        — Bai, horrelaxe.

        — Dagoeneko ez da lehenengo eguna. Orain ezagutu egiten nauzu. Esan.

        — Uler ezazu, Laura, mesedez. Min eman dute horrelakoek. Gorde egin behar da...

        — Itxura? Ala beldurra? Ezer ez bada gertatuko, egon ziur ez dela ezer gertatuko.

        — Irten egin beharko genuke.

        — Orain ez. Ez, orain ez. Jarri ozenago.

        Kristalen kontra jo zuten biolinek: poza, ukoa. Begi argi eta dirdaitsuen azpian keinu behartu horren alaitasuna. Berak kapela hartu zuen aulki batetik. Apartamentuko aterantz joan zen. Gelditu egin zen, eskua kisketean. Atzerantz begiratu zuen. Laura uzkurtuta, kuxinak besoen artean, berari bizkarra ematen. Irten egin zen. Kontuz-kontuz itxi atea.

 

 

NI esnatu egiten naiz berriro, baina oraingo honetan orro bat ahoan: sastakai luze eta hotz bat sartu dit norbaitek sabelean; norbaitek kanpotik: Nik ezin diot neure biziari horrela eraso: norbait dago, beste norbait dago eta erraietan altzairua sartu dit: besoak luzatzen ditut, jaikitzen ahalegintzen naiz eta hor dira eskuak, besoak, inorenak, niri oratzen, lasai egoteko erregutzen, geldi egon behar dudala esaten, eta atzamar batek arin markatzen ditu zenbakiak telefonoan, erratu egiten da, berriz saiatzen da, berriz erratzen, lortzen du azkenean hitz egitea, medikuari hots egiten dio, azkar, bizkor, bai, izan ere, jaiki eta oinazea mugimenduarekin mozorrotu nahi dut eta horiek ez naute uzten —nortzuk ote dira? nortzuk ote dira?—, eta uzkurdurak gorantz datoz, sugearen eraztunen antzekoak irudikatzen ditut, gorantz datoz, bularrerantz, eztarrirantz, eta mihia, ahoa betetzen didate, ore birrindu, mingots horretaz, Nik jada ahaztua dudan aspaldiko janariren batena bera, eta orain okatu egiten dut, ahuspez, ontzi bat alferrik bilatzen dudala, ontzi bat, eta ez nire urdaileko jario hatsitu eta lingirdatsuak zikinduriko alfonbra hori: ez da gelditzen, bularra urratzen dit, hain da mingotsa, eta barregura ematen dit eztarrian, itzelezko kilikak eragiten: eta jarraitu egiten du, ez da gelditzen, aspaldiko txegoste odoldu bat da, logelako alfonbra gainean okatuta, eta ez dut neure burua ikusi beharrik aurpegiaren zurbiltasuna sentitzeko, ezpainen margultasuna, bihotzaren erritmo biziegia eta pultsuaren moteltzea eskumuturrean: sastakai bat sartu didate zilborrean, behin, behin biziaz elikatu ninduen zilbor horretan, eta ezin dut sinetsi neure gorputzari itsatsita dagoen baina nirea ez den sabel hori ukitzean atzamarrek esaten didatena: handituta, puztuta, hanpatuta haizeen eraginez, eta igarri, igarri egiten dut haizeok barruan dabiltzana baina indarrak denak egin arren, ezin ditut inolaz ere kanpora bota: uzker horiek igotzen dira eztarriraino, eta berriro jaisten urdailera, hesteetara, eta Nik ezin kanpora bota: baina bai ahal dut neure arnasatsa arnastu, etzatea lortu dudan honetan, eta sentitu arrapaladan ari direla tapiza garbitzen nire aldamenean: usaintzen dut xaboidun ura, okaren sunda menderatu nahian diharduen trapu bustia: jaiki egin nahi dut; gelan hara-hona banabil joan egingo da mina, badakit Nik joan egingo dena:

        — Zabal ezazue leihoa.

        — Maite izan zuena ere hondatu egin zuen-eta, ama, badakizu zuk hori.

        — Ez ezer esan. Jainkoarren, orain ez ezer esan.

        — Ez al zuen Lorenzo hil, ez...?

        — Ixo, Teresa! Ez dizut onartzen horrelakoak esaten jarraitzea. Mindu egiten nauzu.

        E, Lorenzo? Ez du axola. Ez zait axola. Esan dezatela dena. Aspaldi dakit Nik niri esateko ausardiarik gabe horiek zer dioten. Esan dezatela orain. Aukeraz balia daitezela. Ni nagusitu egin naiz. Horiek ez dute ulertu. Estatuak balira bezala begiratzen didate, eta apaizak olioa gantzutzen dit betazaletan, belarrietan, ezpainetan, oinetan eta eskuetan, izterren artean, sexu inguruan. Entxufatu grabagailua, Padilla.

        — Ibaia gurutzatu genuen...

        Eta geldiarazi egiten nau berak, Teresak, eta oraingo honetan bai ikusten dut beldurra bere begietan, izua bere ezpainen keinu margulduan; eta Catalinaren besoetan inoiz esan ez dituen eta Nik esatea galarazten dizkiodan hitzen zama ikaragarria: lortzen dute Ni etzatea: ezin dut, ezin dut, minak gerritik bitan tolestarazten nau, ukitu egin behar ditut esku muturrez behatz muturrak, jakiteko oinok hortxe daudela, eta ez direla desagertu, izoztuta, hilda dagoeneko, aaaaa-aaai, hilda dagoeneko, eta orain, orain ohartzen naiz, beti, neure bizialdi guztian, izan dela hesteetan mugimendu sumaezin bat, uneoro, mugimendu bat, orain, orain egiten dudana ezagutu, ez dudalako bat-batean sentitzen: gelditu egin da, uhin antzeko mugimendu bat zen eta bizitza guztian neurekin izan da, eta orain ez dut hura sentitzen, ez dut hura sentitzen, baina oinak —dagoeneko sentitu ere egiten ez ditudan oin izoztu horiek—, ukitzeko besoak luzatzen ditudanean, begiratzen diet azazkalei, nire azazkal urdin berri hauei, urdinak, belzkarak, hiltzeko estreinatuak, aaaaaai, ez, joango da, ez dut azal urdin hori nahi, azal odol hilez margotu hori, ez, ez, ez dut nahi, urdina beste zerbait, urdina zerua, urdinak oroitzapenak, urdinak ibaia gurutzatzen duten zaldiak, urdinak zaldi distiratsuak eta berdea itsasoa, urdinak loreak, urdina Ni ez, ez, ez, ez, aaaaa-aaaai, atzerantz bota behar izan dut gorputza ez baitakit norantz jo, nola mugitu, ez dakit norantz zuzendu beso eta hanka hauek, ez baititut sentitzen, ez dakit norantz begiratu, jada ez dut jaiki nahi, ez baitakit norantz joan, mina da, mina da dudana, mina zilborrean, mina sabelean, mina saihets aldean, mina uzkian, eta alferrik egiten dut bultza, erdibitzeraino egiten dut bultza, hanka zabalik egiten dut bultza, eta orain ez dut ezer usaintzen baina Teresaren negarrak entzuten ditut eta Catalinaren eskua sentitzen dut bizkarrean.

        Ez dakit, ez dut ulertzen zergatik ari zaren azkenean, nire ondoan eserita, eta behingoagatik begiradan gaitzespenik ageri ez duzula, oroitzapen hori nirekin konpartitzen. A, ulertuko banu. Ulertuko bagenu. Beharbada begi zabalduen atzean beste mintz bat egongo da, eta guk orain egingo dugu urratu, ikusi. Gorputzetik, gorputzak berak besteen begiradetatik, besteen laztanetatik, jaso dezakeen bezainbat irten daiteke. Ukitu egiten nauzu. Eskua ukitzen didazu eta neure eskua sentitu gabe zeurea sentitzen dut. Ukitu egiten nau. Catalinak eskua laztantzen dit. Maitasuna izango da. Galdetzen diot Nik neure buruari. Ez dut ulertzen. Maitasuna ote da? Hain geunden ohituta. Nik maitasuna agertzen banion, Catalinak gaitzespena erakustera; Catalinak maitasuna agertzen bazidan, Nik harrotasuna erakustera: beharbada erdi bi eta sentimendu bakar bat, beharbada. Ukitu egiten nau. Nirekin hori, hori gogoratu nahi du, besterik ez; hori ulertu.

        — Zergatik?

        — Zaldiz gurutzatu genuen ibaia...

        Ni bizirik atera nintzen. Regina. Nola zinen zu? Ez. Zu, Regina. Zu, nola zinen zu, izen gabeko soldadu? Bizirik atera nintzen. Zuek hil egin zineten. Ni bizirik atera nintzen.

        — Hurbil zaitez, laztana... ezagut zaitzan... esaiozu nor zaren...

        Baina Teresaren negarrak entzuten ditut eta Catalinaren eskua sentitzen dut bizkarrean eta gizon horren pauso arina eta karrankatsua, eta gizon horrek sabela haztatzen dit, pultsua hartzen dit, betazalak zakar zabaldu eta piztu eta itzali, piztu eta itzali egiten den argi moduko batez betetzen ditu nire begiak, eta sabela haztatzen dit berriro, atzamar bat sartzen dit uzkitik, termometro bero eta alkoholikoa jartzen dit ahoan, eta eten egiten dira gainerako ahots guztiak, eta etorri berriak zerbait esaten du han urrutian, tunelaren barrenean:

        — Ez dago jakiterik. Agian hernia estutua izango da. Beharbada peritonitisa. Baliteke koliko nefritikoa izatea ere. Nik neuk koliko nefritikoa dela esango nuke. Horrela balitz, zentigramo bi morfina xiringatu beharko litzaioke. Baina arriskutsua izan liteke. Nire ustez beste mediku baten iritzia behar dugu.

        Ai bere burua garaitzen ari den mina, ai axola ez izateraino, ohiko bilakatzeraino luzatzen zaren mina: ai min, dagoeneko ezin izango nuke zure eza jasan, dagoeneko hasi naiz zure nigan egotera ohitzen, ai min, ai...

        — Esan zerbait, Artemio jauna. Hitz egin ezazu, arren. Hitz egin.

        — ...ez dut emakume hura gogoratzen, jada ez dut gogoratzen, bai, nola ahaztuko dut...

        — Begira: guztiz gelditzen zaio pultsua hitz egiten duenean.

        — Xiringa iezaiozu, mediku jauna; ez dezala gehiago sufritu...

        — Beste mediku batek ikusi behar du. Arriskutsua da.

        — ...nola ahaztuko dut...

        — Hartu atseden, mesedez. Ez ezer esan. Horrela. Noiz egin du txiza azkenekoz?

        — Gaur goizean... ez, duela ordu bi, konturatu gabe.

        — Ez al duzue gorde?

        — Ez... Ez.

        — Jar iezaiozue pixontzia. Gorde ezazue; analizatu egin behar da.

        — Ez nintzen han egon; nola gogoratuko dut?

        Berriro traste hotz hori. Berriro sexu hila aho metalikoan. Ikasi egingo dut honekin guztiarekin bizitzen. Atake bat da. Normala da nire adineko agure batek atake bat izatea. Atake bat ez da beste munduko ezer; pasatuko da; pasatu egin behar du; baina hain dago denbora gutxi, zergatik ez naute hori oroitzen uzten?; bai, gorputza gaztea izan zenean; behin gaztea izan zen; gaztea izan zen... A, gorputza oinazez hiltzen ari da baina burmuina argiz ari da betetzen: bereizten ari dira, badakit bereizten ari direna: gogoratu egiten baitut orain aurpegiera hura.

        — Damu zaitez:

        seme bat dut, neuk egin nuen: gogoratu egiten baitut orain aurpegiera hura: nondik oratuko diot, nondik, alde egin ez dezan, nondik, Jainkoarren, nondik, mesedez, nondik.

 

 

ZUK aldarri egingo duzu oroimenaren barrenetik: Zuk burua makurtuko duzu, zaldiaren belarrira hurreratu eta zaldia hitzez akuilatu nahi izango bazenu bezala. Sentituko duzu —semeak ere horixe bera sentituko du— ahalegin handiaren hats latz, ketsu hori, izerdi hori, nerbio tenkatu horiek, begirada histu hori. Ahotsak ferren burrunbapean desagertuko dira eta Lorenzok oihu egingo du: «Ezin izan duzu sekula behorrarekin, aita!», «Nork irakatsi zizun zaldiz ibiltzen?, e?», «Ezetz, ba, ezin duzula behorrarekin!» «Oraintxe ikusiko dugu!» «Dena kontatu behar didazu, Lorenzo, orain arte bezala, ...orain arte egin duzun bezalaxe... ez duzu amari kontatu arren zertan ezergatik lotsatu; ez, ez, ez zaitez nire aurrean inoiz lotsatu; neu nauzu lagunik onena, neu beharbada lagun bakarra...» Catalinak hitz horiek errepikatuko ditu goiz hartan, ohean etzanda, udaberriko goiz hartan, eta bere barrurako errepikatuko ditu semearen haurtzarotik prestatu zituen elkarrizketa guztiak, zuri mutikoa kenduz, mutikoa gau eta egun berak zainduz, inuderik ez ametituz, neskatoa, sei urte betetzeaz batera, erlijio-etxe batera bidaliz, denbora guztia Lorenzorentzat izan zedin, Lorenzo bizimodu eroso, aukerabide gabeko hartara ohi zedin. Abiadurak negar anpuluak erauziko dizkizu begietatik: besarkatuko duzu hankekin zaldi zuri pikardatuaren sabela, botako duzu gorputza zurda gainera bortizki, baina behor beltzaren hiru gorputzeko aldea ez da gutxituko. Eta tentetuko duzu gorputza, neka-neka eginda; eta mantsotuko laugaina. Ederrago irudituko zaizu behorra eta zaldizko gaztea nola aldentzen diren ikustea, nola aldentzen diren mendi mazeletatik jaitsitako guakamaioen hotsek, mendi-mazeletatik etorriko diren marrakek estaliriko burrunba batez: kliskatu egin beharko dituzu begiak Lorenzoren behorra bistarekin jarraitzeko, aldendu egingo baita orain bidexkatik, eta trostan joango da basarterantz, ibaiaren ibilbidera bueltan. Ez: hautabide zailik gabe, aukeraketarik egiteko premia gorririk gabe, esango du bere baitarako Catalinak, eta pentsatuko du Zuk, hasieran, lagundu egin zeniola erakutsitako ezaxolaz, oharkabe, zurea beste mundu bat zelako, lanaren eta indarraren mundu hori, zeina Catalinak ezagutu baitzuen Zuk Gamaliel jaunaren lurrak hartu zenituenean eta utzi zenuenean, hasieran, mutikoa murgil zedin logela argi-itzalien beste mundu hartan: berezko aldapa, baztertze eta onartze ia sumaezinen giroa, Catalinak berak eraikia, murmurio sakratu, gainzurikeria sotilen artean. Lorenzoren behorra aldenduko da bidexkatik, eta trostan joango da basarterantz, ibaiaren ibilbidera bueltan. Gaztearen esku jasoak seinalatuko du ekialderantz, eguzkia atera den lekurantz, errekako barrak itsasotik banaturiko aintzirarantz. Begiak itxiko dituzu sentitzean, ostera ere, lurrin beroaren igoera zure aurpegirantz, itzal gozoaren jaitsiera zure buruaren gainean. Utziko duzu zaldiak bere kabuz jarrai diezaion bideari eta zela bustian kulunka zaitzan. Zure betazal itxien barrualdean, barreiatuko da eguzkiaren irudia eta ilargiaren irudia uhin ikusezinetan, eta islatuko gorputz gazte eta indartsuaren espektro urdina. Esnatuko zinen goiz hartan, gainerakoetan bezala, espero zen pozaz. «Beti jarri dut beste masaila», ekingo dio Catalinak, umea hurbil duela, «beti; beti den-dena irozo dut; zuregatik ez balitz», eta maitatuko dituzu begi harritu horiek, begi galdatzaile horiek, inork gidatzen utziko diren begi horiek: «Egunen batean kontatuko dizut...» Ez zaizu damutuko Lorenzo hamabi urterekin Cocuyara ekarri izana; berriz esango duzu: ez. Lorenzorentzat eta ez beste inorentzat erosiko zenituen Zuk hango lurrak, berregingo etxaldea, eta mutikoa utziko zenuen han, ugazaba-ume, uzten arduradun, zaldi eta ehizaren, igeriketa eta arrantzaren mundura zabal-zabalik. Urrunetik ikusiko duzu etortzen Lorenzo, zaldi gainean, eta zeure buruari esango diozu zure gaztaroaren irudi bera dela, ederra eta indartsua, beltzarana, begi berdeak masailalbo altuetan hondoratuta. Urertzeko basa-ustela arnastuko duzu. «Egunen batean kontatuko dizut... Zure aita; zure aita, Lorenzo...» Aintzirako belar uhintsuen ondoan zalditik jaitsiko zarete. Askaturik, muturra beheratuko dute zaldiek, eta miazkatuko dute ura, miazkatuko dute elkar, ezpainak heze. Eta luze gabe trostan egiteari ekingo diote, patsadatsu, trapala txunditu antzekoan, belar ainguratuak bereiziz, zurdak astinduz, apar birrindu moduko bat harrotuz, eguzkiaren eta uraren islaren berotasuna gozatuz. Lorenzok sorbaldan ezarriko dizu eskua. «Zure aita; zure aita, Lorenzo... Lorenzo: maite al duzu Jainkoa, gure jauna? Sinesten duzu irakatsi dizkizudan gauzetan? Badakizu hemen lurrean eliza dela Jainkoaren gorputza eta apaizak Jainkoaren ministroak...? Sinesten duzu...?» Lorenzok sorbaldan ezarriko dizu eskua. Elkarri begietara begiratuko diozue, irribarre egingo duzue. Zuk lepotik helduko diozu Lorenzori; mutikoak zure sabelean ukaldi bat jotzearen planta egingo du; Zuk, barreka, ilea nahastuko diozu; eta biok itxurazkoa baina gogorra, gogotsua, hatsantua izango den borrokan katigatuko zarete, harik eta akituta belarrean etzango zaren arte, barreka, arnasestuka, barreka... «Ene Jainkoa, zergatik galdetzen dizut hori? Ez dut eskubiderik, egia esan, ez dut eskubiderik... Ez dakit nik, gizon santuen berri... benetako martirien berri... Onar daitekeela uste al duzu?... Ez dakit zergatik galdetzen dizudan...» Itzuli egingo dira zaldiak, nekatuta zuek bezala, eta hedeetatik heldu eta hareazko zubian aurrera joango zarete, zeinak itsasora baitarama, itsaso askera, Lorenzo, Artemio, itsaso zabalera, eta Lorenzok itsaso hartarantz egingo du korri, zalu, eta gerri inguruan lehertuko zaizkio olatuak, prakak bustiko tropikoko itsaso berdeak, zeinak antxeten hegaldi baxuak jagoten baititu, eta hondartzan mingain akitua baizik ez baitu erakusten, eta Zuk, bipilki, esku-ahurrean itsaso hori hartu eta ezpainetara eramango duzu: garagardo mingotsaren zaporea, meloiaren, guanabanaren, guayabaren, irasagarraren, marrubiaren usaina du itsasoak: arrantzaleek sare astunak arrastaka ekarriko dituzte hondarrerantz, hurreratu egingo zatzaizkiete, eta haiekin batera ostren maskorrak kraskatu eta jaibak eta otarrainskak jango dituzue, eta Catalina, han bakarrik, begiak itxi eta lo egiten ahaleginduko da, mutiko haren etorreraren zain, zeina ez baitu ikusi azken urte bietan, mutikoak hamabost urte bete zituenetik, eta Lorenzok, otarrainsken oskola hautsi eta arrantzaleek eskainitako limoi zatia eskertu ondoren, galdetuko dizu ea inoiz paratu zaren itsasoaz haraindi zer egon daitekeen pentsatzera; izan ere, sinetsita dago lurra dena dela antzekoa, itsasoa dela desberdina den bakarra. Uharteak daudela erantzungo diozu. Lorenzok esango du, itsasoa horrenbeste gauzaren gertaleku izanda, egiten zaiola itsasoan biziz gero, eginagoak, osoagoak izan behar dugula. Eta Zuk nahiko zenuke, hondar gainean etzatean eta arrantzaleen jarochar bihuela aditzean, nahiko zenioke azaldu, duela zenbait urte, berrogei urte, zerbait apurtu zela hemen, beste zerbait has zedin edo beste zerbait, oraindik berriagoa, inoiz has ez zedin. Egunsentiko eguzki lanbrotsupean, eguerdiko eguzki irmo eta urtuan, bidexka beltzen gainean eta itsaso honen, honexen —orain lodia, berdea— espektro bat zegoela zuretzat, ez erreala baina bai benetakoa, zeinek ahal izan zuen... Ez zen hori izan —galdutako aukeren egiak berak— horrenbeste artegatu zintuena, Lorenzo eskutik helduta Cocuyara itzularazi zintuena, ez, beste kontu batek baizik —hitzok esango dituzu begiak itxita, ahoan itsaskiaren zaporea duzula, belarrietan Veracruzeko soinua, arratsalde honen handitasunean galdurik—, adierazteko, bakarrean hausnartzeko zailagoa den beste kontu batek baizik; eta semeari esan nahiko diozun arren, ez zara ausartuko: berak ulertu behar du, bere kabuz: Zuk aditzen duzu ulertzen, kokoriko jartzen itsaso zabalari begira, hamar atzamarrak zabalik dituela, zeru estaliaren, bat-batean ilunduaren azpian: «Itsasontzi bat aterako da hamar egun barru. Hartu dut lekua jada»: zerua eta Lorenzoren eskua, zeina luzatu egiten baita euri tantak hartzeko, tanta eske balego bezala: «ez al zenuke zeuk ere horixe bera egingo, aita? Zu ez zinen etxean gelditu. Sinetsi? Ez dakit. Hona ekarri ninduzun, hemengo guztiak irakatsi zenizkidan. Zure bizitza berriro egin izan banu bezala da, ulertzen didazu?» «Bai.» «Orain fronte hori dago. Uste dut horixe dela geratzen den azkena. Banoa»... Oi, min hori, oi ziztada hori, ai, irrikatzen egongo zara jaikitzeko, korrika egiteko, mina oinez ibiliz, lan eginez, oihukatuz, aginduz ahazteko: eta galarazi egingo dizute, oratuko dizute besoetatik, derrigortuko zaituzte geldi egotera, derrigortu, fisikoki, oroitzen jarraitzera, eta Zuk ez duzu nahiko, nahi duzu, ai, ez duzu nahi: zeureak diren egunak baizik ez zenituen gogoratuko: ez duzu ezer jakin nahi beste edozein egunen aldean zeure-zeurea den egun baten gainean, egun hori izango baita zure ordez beste norbaitek biziko duen egun bakarra, beste norbaiten izenean gogoratu ahal izango duzun egun bakarra; egun laburra, izua, zurzuri eguna, Artemio, baita zeure eguna ere, baita zeure bizitza ere... ai...

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia