(1915: urriak 22)

 

BERA burusi urdinean bildu zen, ordu haietako haize izoztuak ezeztatu egiten baitzuen, uztondo astinduaren murmurioaz, egunaren sargoria. Zelai zabalean igaro zuten gau osoa, baraurik. Kilometro bi eskasera mendilerroaren basalto-koroak zutitzen ziren, sustraia basamortu gogorrean zutela erroturik. Hiru egun lehenagotik zeraman esplorazio destakamenduak bidean aurrera egiten, eskatu gabe norabiderik ez argibiderik, bide-erakusle bakar zutela kapitainaren zunda; kapitaina Francisco Villaren zutabeen —zegoeneko deseginda eta ihesari emanak— arte eta ibilbideen jakitun uste baitzen. Atzean, hirurogei kilometrora, gelditu ziren indarrak, destakamenduko mezularia, noiz, arrapaladan, helduko zain, Villaren azken hondarrak suntsitzeko eta galarazteko tropa indarberrituekin Chihuahuan elkar zitezela. Baina, non ote zeuden buruzagiaren pizar horiek? Berak bazekiela uste zuen: mendiaren malkarren batean, biderik zailena hartuta. Laugarren egunean —gaurko honetan— destakamenduak mendilerroan barna egin beharko zuen; Carranzaren indar leialak, berriz, Berak eta bere mutilek, egunsentian, utzi beharko zuten tokirantz zetozen. Atzotik, pinole-poltsa guztiak hutsik zeuden. Eta ilunkeran sarjentua, zaldiz joan zen, destakamendu osoaren kantinplorak hartuta, harkaitzetatik behera amiltzen zen eta basamortua ukituz batera agortzen zen errekasto hartarantz, baina ez zuen aurkitu. Ikusi ahal izan zuen, bai, ubide zain gorrixka, garbirik eta zimurturik, hutsik. Bai, izan ere urte bi lehenago leku horretatik beretik euri sasoian pasatu ziren, eta orain argizagi biribil bat baino ez zen kulunkatzen, egunsentian hasi eta ilunabarra arte, soldaduen buru kiskalien gainean. Surik piztu gabe kanpatu zuten; zelatariren batek menditik ikus zitzakeen. Ez zen, bestalde, beharrezkoa. Ez zen jatekorik maneatuko, eta sute apartatu batek nekez berotuko zuen inor basamortuaren zelai luze-zabalean. Sarapean bilduta, Berak aurpegi mehe hura ferekatu zuen; azken egunetako bizarrarekin bat egin arterainoko bibote kiribilaren luzea; ezpain ertzetako, bekainetako, eta sudur makoko hauts-izpiak. Hemezortzi gizon zeuden zelaian, buruzagiarengandik zenbait metrotara: Berak bakarrik egiten du lo edo zelatan, beti, tartean gizonengandik bereiziko duen lur arlo bat dagoela. Hurbil, zaldien zurdak astintzen zituen haizeak eta lurrazal horian haien soslai beltzak islatzen ziren. Gora jo nahi zuen: mendian zuen errekak iturburua eta bertako haitzen artean sortzen zen freskotasun labur eta bakartiaren jarioa. Gora jo nahi zuen: ez zen etsaia urruti izango. Artega zuen gorputza gau hartan. Barauak eta egarriak begiak, begirada lau eta hotzeko begi berde haiek, barruratu eta zabaldu zizkion.

        Hautsez tindaturiko mozorroa geldi eta erne egon zen. Egunsentiko lehen argi-printzaren zain zegoen abian jartzeko: laugarren egunean, ebatzi zuten bezala. Ia inor ez zegoen lotan, berari begira zeuden urrunetik, eta Bera belaunak tolestuta eserita, mantan bilduta, zirkinik egin gabe. Begiak biltzen ahalegindu zirenek egarriarekin, gosearekin eta nekearekin ziharduten borrokan. Kapitainari begira ez zeudenak zaldi-ilarari begira zeuden; alde batera zuten zaldiek kalparra. Hedeak mezquite sendo bati lotuta zeuden, zeina lurretik jalgitzen zen, atzamar galdu bat bailitzan. Zaldi unatuak lurrerantz begira zeuden. Laster behar zuen agertu eguzkiak mendi atzean. Ordua zen.

        Buruzagia altxatu, sarape urdina jaurti, eta bular alde kananaz betea, ofizial tunikaren belarri dirdaitsua, eta txerri larruzko polainak bistaratu zitueneko une haren zain egon ziren denak. Hitz erdirik esan gabe, destakamendua zutitu eta zamarienganantz hurbildu zen. Zuzen zebilen kapitaina: argitasun zabalak gailur txikienen atzetik atera zuen burua eta ikusezinak, urrunak, baina lur abandonatuaren isiltasun handiaren jabe ziren txoritxoek txeratsu hartu zuten argi-arku bat jaurti zuen. Berak Tobías yaquiari keinu bat egin zion eta haren hizkuntzan esan: —Zu atzean gera zaitez, guk etsaia ikusi bezain laster, arrapalada batean joan zaitezen bestei abisu ematera.

        Yaquiak baietsi egin zuen, xingolan josiriko luma gorri batek apainduriko kapela zapalarroa, gain biribila, jantziz. Kapitaina zela gainera igo eta gizon ilara trosta bizkorrean abiatu zen mendizerraren sarrera zenera: haitzarte hori-gorriko arroila.

        Hiru erlaitz ageri zituen arroilaren ebakidurak. Tropak bigarrenerantz hartu zuen: estuena, baina ilaran joanez gero zamariek igarotzeko modukoa: iturrirako bidea. Kantinplora egarrituek huts-hotsa atereaz jotzen zituzten gizonen izterrak; ferren azpian erortzen ziren harkoskorren jausiak ere, oihartzunik gabe, atabal tenkatu baten kolpe lehorra soilik lagun, arroilan zehar galtzen zen soinu huts eta sakon horixe zuen. Haitzartearen gainetik, soldadu-zutabe laburra begietaratzen zen burumakur, itsuka aurrera egiten. Bera zen, eguzkiaren aurrean begiak kizkurtuta, lurraren gora-beheren ardura zaldiari utzita, begirada goietan jarrita zuen bakarra. Destakamenduaren buru zen, ez zuen sentitzen ez beldurrik ez harrotasunik. Atzean utzia zuen beldurra, arriskua ohiko bizimodu eta lasaitasuna ustekabearen zati bihurtu zuten enkontru haietan, ez estreinakoetan, baina bai behin eta berriz gertatutakoetan. Horrexegatik, arroilako erabateko isiltasun hark atezuan egonarazten zuen, eta horrexegatik estutzen zituen Berak bridak eta, ohartzeke, beso eta eskuko giharrak prestatzen pistola azkar batean hartu ahal izateko. Ez zuen bere burua hantustetzat. Beldurrak lehenengo, ohiturak gero, galarazi egin baitzuen. Ezin zuen harrotasunik sentitu lehenengo balak belarri ondo-ondotik txistuka igaro eta jaurtigaiak hits egiten zuen bakoitzean bizitza miragarri hura gailentzen zenean: orduan ezin zuen harridura baino sentitu, bere gorputz horrek balak saihesteko, goratzeko, makurtzeko, arbola baten atzean aurpegia gordetzeko zuen jakinduria itsuak sorturiko harridura; harridura eta destaina, gorputzak, borondatea baino arinagoa berau, bere burua zein setatsu babesten zuen pentsatzen zuenean. Ezin zuen harrotasunik sentitu txistu temati, ohitu hura entzun ere egiten ez zuen unean, geroxeago. Ustekabeko lasaitasun horrek inguratzen zuen une horietan durduzadura eutsi eta lehor moduko batek hartzen zion barrua. Masailezurra aurreratu zuen, zalantzaren keinua erakutsiz.

        Soldadu baten txistu tematiak, bere atzean, arroilan barnako ibilaldiaren arriskua egiaztatu zion. Eta bat-bateko danbadak eta ondo ezaguna zen irrintzi batek txistua eten zuten: zaldizkoek zaldi villatarrak bota zituzten muturrez, bertikalki, arroilaren ertz-ertzetik jaitsiera suizida batean; anartean, hirugarren erlaitzaren babesean zeuden fusilek destakamenduko gizonak zauritzen ziharduten, eta zaldi odolduak zutitu egiten ziren eta pirritan joan, bolbora dunbotsean bilduta, hondo harkaitz punta zorrotzekoraino: Berak aurpegia biratu zuen eta Tobías ikusi zuen pikotxez ebakiriko mazelan behera, villatarrak imitatuz, erortzen, aginduak betetzeko alferrikako ahaleginetan: yaquiaren zaldiak hutsean hanka egin eta hegan egin zuen segundo batez, gero haitzarte hondoaren kontra jo eta bere gorpupean zanpatu zuen zaldizkoa. Irrintziek gora egin zuten, su sarria lagun; Bera zaldiaren ezkerreko aldetik jaitsi eta, itzulipurdi eta sostengu bidez erorketa leunduz, bira-biraka joan zen hondorantz: bere ikusmen zatituan, pilpira egiten zuten goietan zaldi zutituen bular aldeek, erlaitz estu hartan ezustean, beren burua babesteko edo zaldirik gidatzeko aukerarik gabe, harrapatutako gizonek egindako tiroekin —alferrikakoak hauek ere— batera. Jaitsi zen, mazelak atzaparkatuz, eta jaitsi ziren Villaren soldaduak bigarren erlaitzera, gorputzez gorputzeko borrokari ekitera. Berriz hasi zen elkarri loturiko gorputzen eta zaldi erotuen trumilka basatia, eta Berak esku odolduez arroilaren hondo iluna haztatu eta pistola atera zuen. Beste isiltasun bat zuen oraindik zain. Suntsitu egin zituzten indarrak. Arrastaka joan zen, eskua eta hanka minduta, harkaiztzar baterantz.

        — Irten, Cruz kapitaina, errenda zaitez...

        Eta erantzun zuen eztarri lehorrak: —Fusila nazazuen? Nagoen lekuan geldituko naiz.

        Baina eskuineko eskua, minaren minez herbaldua, ez zen ia pistolari eusteko gai. Besoa jaso zuenean, sastada sakona igarri zuen sabelean: tiro egin zuen, burua erorita, minak ez baitzion begirada jasotzen uzten: tiro egin zuen, katuak metal antzeko hots bat egin zuen arte. Pistola haitzaren beste aldera jaurti zuen, eta goiko ahots hark berriro egin zuen garrasi:

        — Irten eskuak garondoan jarrita.

        Haitzaren beste aldean, hogeita hamar zalditik gora zeutzan, hilda edota hilzorian. Batzuk ahalegintzen ziren burua altxatzen; beste batzuk hanka okertuaren gainean jartzen ziren; gehienek lore handi gorriak erakusten zituzten bekokian, lepoan, sabelean. Eta animalien gainean batzuk, azpian beste batzuk, patxada jarreretan zeuden alderdi bateko zein besteko gizonak: aratinik, erreka agortuaren txorrota bilatuko balute bezala; ahuspez, harkaitzei besarkaturik. Hilda denak, orroka, behor marroi baten gorputzpean zegoen gizon hura izan ezik.

        — Utzi hau ateratzen —esan zion gailurreko taldeari—. Baliteke zuetarikoa izatea.

        Nola baina? Zer besoz? Zer indarrez? Tobíasen gorputz trabatuari besapetatik heltzeko makurtu zenerako, altzairuzko bala batek txistu egin eta harkaiztzarra jo zuen. Begirada jaso zuen. Talde irabazlearen buruzagiak —sarakof zuri bat, gailurraren itzaletik ikusgai— besoen mugimendu batez baretu zuen tiratzailea. Izerdi itsatsia, hautseztatua, eskumuturretatik behera irristatu zen, eta beso batak mugimendu handirik ezin bazuen egin ere, besteak borondate guztia bilduta Tobíasen bularraldea ateratzea lortu zuen.

        Atzean, aditu zuen zutabea utzi eta Bera atzitzera zetozen villatarren zaldi azkarren ferra-hotsa. Gainean zituen yaquiaren hanka apurtuak animaliaren gorputzpetik irten zirenean. Villatarren eskuek bularraldeko kananak erauzi zizkioten.

        Goizeko zazpiak ziren.

        Ez zen ia gogoratuko, arratsaldeko lauretan Peraleseko kartzelara heltzean, bederatzi ordutan mendizerrako malkar denak atzean utzi eta Chihuahua herrixkara iritsi ahal izateko Zagal koronel villatarrak gizonei eta atxilotu biei ezarritako martxa bizkorraz. Oinaze astunak alderik alde zeharkatuko zion burua, eta ezin izan zuen Berak nondik norako bidea hartu zuten ondo bereizterik izan. Zailena, itxura batean. Errazena, Zagalen moduan Pancho Villa hasiera-hasierako jazarpenetatik lagundu eta hogei urtez mendizerra horietan bazterrik bazter ibili eta ezkutaleku, igarobide, arroila, laster-bide denen berri zekien batentzat. Onddo itxurako sarakofak Zagali aurpegi erdia ezkutatzen zion, baina hortz-hagin luze eta estutuek irribarre egiten zuten beti, bibote eta kokots beltzaren artean. Irribarre egin zuten Bera zaldi gainera zailtasunez igo zutenean, irribarre yaquiaren gorputz apurtua, ahuspez, animalia beraren gainean etzan zutenean. Irribarre Tobíasek eskua luzatu eta kapitainaren gerrikoari heldu zionean. Irribarre soldadu sailak bideari aho ilun batean barna ekin zionean, irekiune biko bene-benetako koba, berarentzat eta gainerako carranzarrentzat ezezaguna, eta zeinari esker zelai zabaletiko lau orduko ibilia ordu batean gelditzen zen. Baina horretaz guztiaz erdizka ohartu zen. Bazekien fakzio-gerrako alderdi biek berehala fusilatzen zituztena aurkariaren taldeko ofizialak, eta bere buruari galdetzen zion zergatik zeraman orduan Zagal koronelak, une hartan, Berak ez zekien leku batera.

        Minak erdi lo utzi zuen. Jaustean mailatu zitzaizkion hanka eta besoa zintzilik zeuzkan, sorgorturik, yaquiak han jarraitzen zuen, berari heldurik eta auhenka, aurpegia kongestionaturik. Haitz malkartsuzko tumulu ugari igaro eta aurrera egin zuten itzalen abaroan, mendien barrenetik, eta harrizko ibar itxiak ikusi zituten, troka sakonak ubide ahaztuen gainean atseden hartzen, eta bideak, beren lahar eta sastrakez etsipen-estalpe bat eskaintzen soldadu-saldoari, bertatik pasatzean. Beharbada Pancho Villaren gizonak izango dira paraje honetan ibili diren bakarrak, pentsatu zuen, eta horregatik irabazi ahal izan zuten, arestian, diktaduraren bizkarrezurra hautsi zuen garaipen gerrillari sorta luze hura. Maisu ziren, ustekabearen, setioaren, kolpe osteko ihesaldi azkarraren maisu. Bestelakoak guztiz bere arma-eskolaren aldean; izan ere Álvaro Obregónen eskolan ohiko borroka egiten zen, zelai zabalean, dispositibo zehatzak erabiliz eta maniobrak ingurua ikustatu ondoren eginez beti.

        — Taldean, nor bere lekuan. Ez hortik zehar barreiatu —egiten zuen oihu Zagal koronelak zutabearen burutik aldendu eta atzeko alderantz, hautsa irentsiz eta hortzak zorroztuz, zihoan bakoitzean—. Orain menditik irtengo gara eta batek daki zer aurkituko dugun hor kanpoan. Denok erne; makurturik; hauts-zurrunbiloetara begiak zoli; hobeto ikusiko dugu denok batera neuk bakar-bakarrik baino...

        Harkaitz-masak irekitzen-irekitzen zihoazen. Zutabea tontor zelai batean zegoen, eta soldaduen oinpean Chihuahuako basamortua irekitzen zen, uhintsu, mezquitez pikardaturik. Haizeak ebaki egiten zuen eguzkia, haize altuak: lurraren suzko ertzak sekula ukitzen ez zituen geruza freskoak.

        — Meategitik joango gara, bizkorrago jaisteko —oihukatu zuen Zagalek—. Zure lagun horrek hel dezala sendo, Cruz, gogorra da-eta jaitsi behar dugun aldapa.

        Yaquiaren eskuak Artemioren gerrikoa estutu zuen; baina bazegoen sakatze hartan ez erortzeko nahia ez zen beste zerbait: zerbait adierazteko seta. Artemiok burua makurtu zuen, zaldiaren lepoa laztandu, eta burua biratu gero Tobíasen aurpegi kongestionatu hartarantz.

        Indioak bere hizkuntzan zera murmurikatu zuen: —Aspaldian itxitako meategi baten albotik igaroko gara. Sarrera-aho baten ondotik goazen unean zalditik jauzi egin eta sartu zaitez barrura; han dena da luizi eta ez zaituzte aurkituko...

        Berak ez zion zurda laztantzeari utzi. Burua jaso zuen berriz eta saiatu zen, basamorturako jaitsieran, Tobíasek aipatutako sarrera hura begiz jotzen.

        Yaquiak zera xuxurlatu zuen: —Ahaztu nitaz. Hankak apurtuta dauzkat.

        Hamabiak? Ordu bata? Eguzkia gero eta astunagoa zen.

        Ahuntz batzuk ikusi ziren harkaitz batean, eta errifleak eskuan gizonetariko batzuek tiro egin zieten. Batak ihes egin zuen, besteak idulkia utzi eta bete-betean jo zuen behea, eta villatar soldadu bat zalditik jaitsi zen, eta bizkar gainean hartu zuen.

        — Hauxe ehizan egiten duzuen azken aldia! —bota zuen Zagalek bere ahots erlastu eta irribarretsu harekin—. Tiro horiek faltan izango dituzu egunen batean, Payán kaboa.

        Gero, estribo gainean zutituz, zutabeari zuzendu zitzaion: —Jakin gauza bat, kabroiok: gain-gainean ditugu carranclának. Ez berriro muniziorik alferrik galdu. Zer uste duzue? Sasoi baten moduan, garaipena eskuraturik hegoalderantz goazela, ala? Ba, ez horixe. Galdu dugula goaz, iparralderantz, irten ginen lekurantz.

        — Nire koronela —egin zuen kexu kaboak bere ahots itxi harekin— orain, behintzat, badugu jan apur bat.

        — Lotsa apurrik da guk ez daukaguna— egin zuen oihu Zagalek. Zutabeak barre egin zuen eta Payán kaboak ahuntz hila zaldiaren hanken gainean lotu zuen.

        — Ez ditzala inork ura eta pinolea ukitu horra behera iritsi arte —agindu zuen Zagalek.

        Baina Berak jaitsieraren malkarretan zuen gogoa bildurik. Han zegoen, bihurgune haren bueltan, meategiaren aho irekia.

        Zagalen zaldiaren ferrek talka egin zuten sarreratik metro erdi kanporatzen ziren errail estuen kontra. Une hartan Cruzek jauzi egin zuen zalditik, eta pirritan joan zen aldapa txiki baten behera, fusil harrituei prestatzeko astirik ere ia eman gabe, eta iluntasunean erori zen belauniko: estreinako tiro hotsak aditu ziren eta villatarren ahotsak larritu egin ziren. Tupusteko hotzak bizkortu egin zuen gizonaren burua; iluntasunak zorabiatu. Aurrerantz: hankek mina ahaztu eta korri egin zuten, harik eta gorputzak harkaitzaren kontra jo zuen arte: besoak ireki eta elkarrengandik aldentzen ziren haizebide birantz luzatu zituen. Batean indar handiko haizea zebilen: bestean, bero itogarria. Esku ireki haiek, hatz-mamietan, muturreko tenperaturak sentitu ziztuzten. Korri egiteari ekin zion beste behin, alde berotik, harexek behar zuen izan-eta sakonena. Atzean, korri egiten zuten ere, ezproi soinua lagun, villatarren oinek. Pospolo batek laranja koloreko distira zabaldu zuen, eta Berak hutsean zapaldu zuen, eta erori zen ezponda bertikal batetik behera, eta sentitu zuen bere gorputzaren kolpe lehorra pipiak jotako habe batzuen kontra. Goian, ezproi hotsa ez zen gelditzen eta ahots zarraparrak punpa egiten zuen meategiaren hormetan. Gizon esetsia ozta-ozta altxatu zen; saiatu zen leku haren tamaina bereizten, hura izango zen-eta ihesaldiari ekiteko irteera.

        «Hobe hementxe bertan itxaron...»

        Ozenagoak ziren orain goiko ahotsak, eztabaidan ari balira bezala. Gero, Zagal koronelaren barre-zantzoa entzun zen, argi-argi. Alde egin zuten ahotsek. Txistu egin zuen norbaitek urrunean: arreta-txistu bakar bat, latza. Heldu ziren gordelekura beste marmar batzuk, zehaztugabeak, astunak, minutu batzuk iraun zuten. Ondoren, ezer ere ez. Begiak ohitzen hasi ziren: iluntasuna.

        «Joan direla ematen du. Baliteke amarru bat izatea. Hobe hementxe bertan itxaron.»

        Bertan behera utzitako luiziaren beroan, ukitu zuen bularra, haztatu kolpeek mindutako alboa. Irteerarik gabeko lekune biribil batean zegoen: indusketa baten amaiera lekua, ziurrenik. Zenbait habe apurtu zegoen lurrean; beste zenbait buztinezko sabai ahulari eusten. Haietariko baten egonkortasuna egiaztatu eta haren kontra jarri zen, eserita, orduek aurrera noiz egingo zain. Zutabeetako bat Bera zegoen zuloraino iristen zen: ez zen zaila haren gainetik joan eta sarrerara berriz heltzea. Zenbait urratu ukitu zuen praketan, urre koloreko buruxkak erdi solte zituen tunikan. Eta nekea, gosea, logura. Gorputz gazteak hankak luzatu eta pilpira indartsua sentitu zuen izterretan. Iluntasuna eta atsedena, arnasestu xumea eta begi itxiak: ezagutu nahiko lituzkeen emakumeengan pentsatu zuen; ezagunen gorputza iheska zihoan bere irudimenetik. Azkena Fresnillon izan zen. Prostituta apaindu-apaindu bat. «Nongoa zara? Nola heldu zara honaino?» galdera eginez gero negarrari ekiten dioten horietarikoa. Betiko galdera, berriketan hasteko eta izugarri gustatzen zaielako denei kontuak asmatzearena. Hari ez; hark negar eta negar. Eta gerra amaitu gabe. Azken ekintzak izango ziren haiek baina. Bularrean besoak antxumatu eta arnasa erregularki hartzen saiatu zen. Behin Pancho Villaren gudaroste desegina menpean hartuta, bakea iritsiko zen. Bakea.

        «Zer egin behar dut nik hau amaitzen den egunean? Eta zertarako pentsatu amaitu egingo dela? Ni ez naiz horrela pentsatzen dutenetakoa.»

        Beharbada lanerako aukera onak ekarriko zituen bakeak. Bere Mexikoko lurraldetiko alderik aldeko ibilaldian suntsiketa baino ez zuen ikusi. Baina berriz erein zitezkeen landak suntsitzen ziren. Bajíoan, behin, berebiziko soro bat ikusi zuen, haren aldamenean arkuak eta lorez betetako patioak izango zituen etxe bat eraiki zezakeen eta uztei kargu egin. Hazia nola ernetzen den ikusi, zaindu, landareak haz daitezen begiratu, frutak batu. Bizimodu ona izan zitekeen, bizimodu ona...

        «Ez zaitez lokartu, egon erne...»

        Izterra atximurkatu zuen. Garondoko giharrek buruari atzerantz eginarazi zioten.

        Goitik ez zetorren inolako zaratarik. Bazterrak miatu ahal izango zituen. Gorantz zihoan habean bermatu zen, zuloko harrizko zarakarretara, oinaren laguntzaz, iristeko. Kulunkatzen joan zen, beso indartsuaz, zarakarrez zarakar, harik eta goiko plataforman azazkalak sartu zituen arte. Burua atera zuen. Haizebide beroan zegoen. Baina orain ilunagoa eta iraungiagoa zirudien. Elkarrengandik bereizten ziren kobarantz joan zen. Aztertzeari ekin zion, izan ere, txarto aireztatua zegoenaren ondoan bestea, haizetearena, zegoen. Baina harago, ez zen hasierako sarreratik argirik sartzen. Ilundu egingo zuen? Orduen kontua galdu izango zuen Berak?

        Haztamuka, eskuek sarrera bilatu zuten. Sarrera ez zuen gauak itxi, alde egin baino lehen, villatarrek altxatutako harkaitz astunezko barrikada batek baizik. Beta agortuko hobi horretan zarratu zuten.

        Sabeleko nerbioetan horixe sentitu zuen: galkatuta zegoela. Automatikoki, sudurzuloak arnasa hartzeko ahaleginak egin behar izango balitu bezala zabaldu zituen. Atzamarrak lokietara eraman eta ferekatu egin zituen. Beste haizebidea, aireztatua. Haize hura kanpotik zetorren, basamortutik igotzen zen, eguzkiak akuilatzen zuen.

        Korrika batean bigarren pasabiderantz joan zen. Sudurra haize gozoari, arruntari katigatu zitzaion, eta eskuak hormetan bermatuta iluntasunean estropezuka joan zen. Tantakada batek eskua busti zion. Ahoa hormara hurbildu zuen, zabalik, eta uraren iturburuarekin jo zuen. Perla motelak, bakanak zerizkion sabai ilunari. Beste bat hartu zuen mihiaz; hirugarrenari itxaron zion, laugarrenari. Burua zintzilikatu zuen. Haizebidea amaitu egiten zela zirudien. Airea usnatu zuen. Beheko aldetik zetorren, orkatila inguruan igartzen zuen. Belaunikatu egin zen, eskuen laguntzaz bilatu. Bitarte ikusezin hartatik, handixe zetorren: haizebide butxatuak lehen baino indar handiagoa ematen zion. Harriak loka zeuden. Tira egin zuen, bitartea handitu eta, azkenerako, eraitsi egin zen arte: beste mea-zulo bat, zilar koloreko betek argiturikoa, eraisketaren beste aldean. Gorputza barneratu zuen eta konturatu zen beste pasabide hori ezin izango zuela zutik igaro. Aukera bakarra sabel gainean joatea zen. Horrelaxe ekin zion bideari, narrasti-ibiltze horrek nora eramango zuen ez zekiela. Beta grisak, ofizial-buruxken urre-koloreko distirak: argi ezberdin horiexek ziren suge beztituaren moteltasuna argiztatzen zuten bakarrak. Begiek iluntasunaren zokorik ilunenak islatzen zituzten eta kokotsetik behera listu hari bat zerion. Ahoa tamarindoz beteta sentitu zuen: beharbada oraindik oroimenean listu-guruinak harrotzen dituen frutaren oharkabeko oroipena izango zen, agian urruneko ortu batetik irtendako usain baten mezulari zintzoa, zeina basamortuko aire geldiak ekarrita, pasabide esturaino iritsiko zen. Usaimen erneak beste zerbait atzeman zuen. Aire bafada handia. Birika bete. Gertuko lurraren zapore ezagun-ezaguna: nabari-nabaria harkaitzaren zaporean horrenbeste denbora zeraman batentzat. Mea-zulo baxua beherantz zihoan, laster bat-batean gelditu eta, bortizki, barne-espazio zabal eta harea-zelai batean erortzen zen. Bera mea-zulo garaitik askatu eta ohantze zuriaren gainera etorri zen. Landare-beso batzuk bertaraino sartu ziren. Nondik?

        «Bai, gorantz egiten du berriro. Argia da baina! Harearen erreflexua zirudien eta ez da, bada, argia!»

        Korri egin zuen, bularra puztuta, eguzkiak bustitzen zuen ebakidura hartara.

        Korri egin zuen aditu gabe ikusi gabe. Aditu gabe gitarra-soinu geldo hura eta hari laguntzen zion ahots hura, soldadu nekatuaren ahots mehe eta sentsual hura.

 

                Las muchachas durangueñas se visten de azul y verde,

                de las ocho en adelante, la que no pellizca muerde...

 

        Ikusi gabe mendian ehizaturiko ahuntzaren eskeletoa dilindan zegoen tokiko su txiki hura eta larru piltzarrak erauzten zizkioten atzapar haiek.

        Erori egin zen, aditu gabe eta entzun gabe, argia zerion lehenengo lur lerroaren gainera. Nola ikusiko zuen, bada, ezer, arratsaldeko hiruretako eguzkia zuen-eta gaine-gainean, urtuta, barreka zegoen eta eskua luzatzen zion gizon haren sarakofa karezko onddoa bailitzan argitzen.

        — Tira, kapitaina, berandu helduko gara-eta bestela. Begira, begira zein gogotsu jaten duen yaquiak. Orain bai, orain edan ahal duzue kantiploretatik.

 

                Las muchachas chihuahuenses ya no saben ni qué hacer,

                pidiendo a Dios que haya un hombre que las sepa bien querer...

 

        Presoak aurpegia jaso zuen eta Zagal koronelaren talde makurtu hari begiratu aurretik, begiak paraje hartan gal zitezen utzi zuen, paraje lehorra, harkoskor eta organo arantzantsukoa, luzea eta geldoa, isila eta berunezkoa. Ondoren, zutitu eta kanpamendu txikiraino joan zen. Yaquiak adi-adi begiratzen zion. Berak besoa luzatu zuen, idoki ahuntzaren bizkarreko zati kiskali bat, eta jatera jesarri.

        Perales.

        Pezozko herri bat zen, gainerako herrien antzekoa. Harrizkoa kale bakar bat zuen, udal-presidentziaren aurrez aurrekoa. Beste guztiak hautsezkoak, umeen oin biluziek, kale-buruan harrotzen ziren indioilarren tartsoek, batzuetan eguzkitan lo eta bestetan elkar harturik, adausi batean, noraezean korrika egiten zuten txakur-taldeen hankek zapal-zapal egindako hautsezkoak. Pare bat etxe on egongo zen, ate handitzar eta burdinazko xafla eta letoizko kanalekin: jabeak beti izan ohi ziren agiolari eta buruzagi politiko (sarritan bat izaten ziren biak), eta garai hartan Pancho Villaren begiramenik gabeko justiziatik iheska zebiltzan. Tropek egoitza biak hartu eta patioak —kalerantz gotorleku-aurrealdea erakusten zuten horma luzeen atzean ezkutaturik zeuden— bete zituzten zaldi-behor eta lastoz, munizio kutxa eta armaz: Ipar-Dibisioak, garaitua zegoeneko, abiapunturako itzuleran berreskuratzea lortzen zuenaz. Herriaren kolorea arrea zen; presidentziaren aurrealdeak baino ez zuen arrosara egiten, alboek eta patioek kolore hori berehala galdu eta lurraren grisaxka hartzen zuten. Uraska bat zegoen hurbilean; horrexegatik sortu zen han herria, bazeuden ere zenbait indioilar eta oilo, hautsezko kalexken gainean ereindako artasoro lehor batzuk, ola pare bat, aroztegi bat, denetarik saltzen zuen denda horietariko bat, eta bertako aberastasun guztia hainbat familia-industrira mugatzen zen. Denaren beharrean bizi ziren. Isilean bizi ziren. Mexikar herrixka gehientsuenetan bezala, ez zen izaten erraza bizilagunak non sartzen ziren jakitea. Goizean nahiz arratsaldean, arratsaldean nahiz gauean, entzungo zen agian mailu-hotsa, setatsu, edota entzungo ziren ume jaio berri baten orroak, baina kale gorietan nekez suertatuko zen inor. Umeak noizean behin bistaratzen ziren, txiki-txikiak, oinutsik. Tropa bera ere etxe konfiskatuen hormen atzean zegoen abaroan, edo presidentziako patioetan, eta orain zutabe nekatua azken egoitza horrexetarantz zihoan. Zalditik jaitsi zirenean, pikete bat hurreratu zitzaien eta Zagal koronelak indiar yaquia seinalatu zuen.

        — Hori ziegara. Cruz, zu nirekin etorri.

        Koronelak jada ez zuen barrerik egiten. Bulego kareztatu haren ateak zabaldu eta bekokiko izerdia lehortu zuen mahukarekin. Gerrikoa laxatu eta eseri egin zen. Presoa hari begira zegoen, zutik.

        — Har ezazu aulki bat, kapitaina, eta ekin diezaiogun kontu-kontatzeari. Zigarro bat nahi duzu?

        Presoak zigarroa hartu zuen eta pizkailuaren suak aurpegi biak elkartu zituen.

        — Begira —berriro egin zuen Zagalek irribarre—, kontua ondo erraza da. Zuk atzetik datozkigunen asmoen berri eman eta guk aske utziko zaitugu. Garbi hitz egingo dizut. Badakigu auzi honetan ez duguna dagoeneko zer eginik; baina, hala ere, geure burua defendatu nahi dugu. Zu benetako soldadua zara eta ulertuko duzu hori.

        — Jakina. Horregatik ez dut ezer esango.

        — Bai. Baina ez zenizkiguke bizpahiru gauza baino esan beharko. Zu eta arroilan geratu diren hildako guztiak esplorazio-destakamendukoak zineten, begi-bistakoa zen. Horrek esan nahi du tropek handik hurbil behar dutela izan. Guk iparralderako hartutako bidea barrundatu egin duzue. Baina zuek ez duzue mendiko pasabide hori ondo ezagutzen eta erabakiko zenuten zelaia zeharkatzea eta horretarako hainbat egun behar dira. Baina: zenbat lagun zarete, ba al dago trenez aurreratu den troparik, zenbatekoa dela uste duzu zuen munizio-hornidura, zenbat artilleria-pieza dakarzue? Zein taktika erabaki duzue? Non bilduko dira gure aztarnaren atzetik datozen brigada solteak? Begira zein erraza: zuk hori guztia esan eta aske geratuko zara. Zin egiten dizut.

        — Noiztik hona berme horiek?

        — Tira, kapitaina, hala eta guztiz ere, galdu egin behar dugu eta. Garbi hitz egingo dizut. Dibisioa deseginda dago. Taldeetan zatitu da, eta taldeak mendietan barna ibiliko dira, gero eta mehatzago, bidean aurrera egin ahala beren herrietan, beren etxaldeetan doaz-eta geldituz-geldituz. Nekatuta gaude. Urte asko daramagu borrokan, Porfirio jaunaren aurka asaldatu ginenetik. Gero Maderorekin egin genuen borrokan, gero Orozcoren gorrien kontra, gero Huertaren kaskamotzen kontra, gero zeuon, Carranzaren carranclánon, kontra. Urte asko dira. Nekatu egin gara. Gutarrak sugandilaren modukoak dira, lurraren kolorea hartzen dute, irten ziren etxoletara sartzen dira, lehengo lan-arropak janzten dituzte berriro, eta borrokari berriz ekiteko garaiaren zain geratzen dira, ehun urte barru bada ere. Haiek badakite oraingo honetan galdu egin duguna, eta zapatistek ere bai hegoaldean. Zuek irabazi duzue. Zergatik hil behar duzu, borroka irabazi baduzue? Utziguzu borroka eginez galtzen. Ez dizut horixe baino eskatzen. Utziguzu galtzen ohore apur horrekin behintzat.

        — Pancho Villa ez dago herri honetan.

        — Ez. Aurrerago doa. Eta jendea galduz-galduz goaz. Ez gara lagun asko dagoeneko.

        — Zer berme emango didazue?

        — Bizirik utziko zaitugu, hemen kartzelan geratuko zara zure lagunak bila etorri arte.

        — Hori, gutarrak irabazten badute. Bestela...

        — Garaitzen bazaituztegu, zaldi bat emango dizut alde egin dezazun.

        — Bai, eta iheska noala atzetik tiro egiteko aukera izango duzue.

        — Esan, bada.

        — Ez. Ez dut ezer esateko.

        — Zure lagun yaquia eta Bernal lizentziatua, Carranzaren mandatari bat bera, ziegan daude. Itxaron haiekin batera fusilamendu-agindua.

        Zagal zutitu egin zen.

        Bietariko batek ere ez zuen sentimendurik. Hori, nork bere alderdian, zuen galdua, eguneroko ekintzek, borroka itsuaren etengabeko ekiteak marraskaturik. Automatikoki hitz egin zuten, emozioak alde batera utziz. Zagalek eskatu zuen informazioa eta eskaini zuen askatasunaren eta heriotzaren artean hautatzeko aukera, presoak informazioa ukatu zuen: baina ez Zagal eta Cruz moduan, elkarren aurkako ziren gerra-makina biren makineria bezala baizik. Horregatik, presoak erabateko ezaxolaz hartu zuen fusilamenduaren albistea. Eta ezaxola horrek ohartarazi zion, hain zuzen ere, zein patxada nardagarriz onartzen zuen bere heriotza. Orduan Bera ere zutitu egin zen, eta burua tente jarri zuen.

        — Zagal koronela, denbora luzea daramagu aginduak betetzen, eta ez dugu astirik izan ezer egiteko, nola esan?, zera, zera esateko moduko ezer egiteko: hau Artemio Cruz moduan egingo dut; neure kontura, ez ejertzitoko ofizial moduan. Hil behar banauzu, Artemio Cruz moduan hil nazazu. Zeuk esan duzu lehen hau amaitzera doala, nekatuta gaudela. Ez dut hil nahi kausa garaile baten azken hildako gisa eta zuk ere ez duzu nahi izan behar kausa galdu baten azkeneko hildako gisa hil. Izan zaitez gizon, koronela, eta utzi neuri ere gizon izaten. Borroka gaitezen pistolaz. Egizu marra bat patioan eta abia gaitezen armaturik mutur banatatik. Nik marra zeharkatu aurretik zauritzen banauzu, hil nazazu bertan. Lortzen badut zuk tiro egin aurretik marra zeharkatzea, utz nazazu aske.

        — Payán kaboa! —egin zuen oihu Zagalek begiak dizdiz—. Eraman ezazu ziegara.

        Presoari eman zion gero aurpegia:

        — Ez zaizue esango exekuzioa noiz izango den, erne, beraz. Ordu bete barru izan daiteke, edo bihar edo etzi. Zuk hausnartu ondo lehen esan dizudana.

        Mendebal aldeko eguzkia sartzen zen barroteetatik, eta eguzkiak gizon bien soslaiak horiz muxarratzen zituen, bata zutik, bestea etzanda. Tobías diosal antzeko bat murmurikatzen saiatu zen; bestea, batera eta bestera zebilen oso urduri, eta ziegako ateak kirrinka egin eta zaintza-kaboaren giltzek sarraila karrankatu bezain laster hurbildu zitzaion.

        — Artemio Cruz kapitaina zara? Ni Gonzalo Bernal naiz, Vetustiano Carranza buruzagi nagusiaren mandataria.

        Zibilez jantzita zegoen: trajea kafe koloreko kaxmirrezkoa zen eta gerriko faltsua zuen atzean. Eta Berak begiratu zion borrokatzen zutenen gune izerditsura noizean behin hurreratzen ziren zibil guztiei bezala: iseka eta ezaxola begirada arin batez, harik eta Bernalek, bekoki zabaletik eta bibote horixkatik zapia pasatuz, esan zion arte:

        — Indioa oso txarto dago. Apurtuta du hanka.

        Kapitainak sorbaldak jaso zituen. —Bizirik iraun behar duenagatik.

        — Zer dakizu horretaz? —galdetu zuen Bernalek, eta zapia ezpainen gainean jarri zuen, eta hitzak itota atera zitzaizkion.

        — Garbitu egin behar gaituzte. Baina ez diote noiz. Ez ginen, ba, hotzeriak jota hilko.

        — Eta ez al dira gutarrak ordurako iritsiko?

        Orain kapitaina gelditu zen —biraka aritu zen, sabaia behatzen, hormak, barrotedun leihatila, hautsezko zorua: alde egiteko zulo baten bilaketa, senak aginduriko bilaketa— eta etsai berri bat ikusi zuen: ziega barruko salataria.

        Galdetu zuen: —Zer, ez dago urik?

        — Yaquiak edan du.

        Indioak auhen egin zuen. Bera hurbildu egin zen aurpegi gorrixka hartara, zeina ohe eta eserleku zen banku biluziaren harrizko goiko aldearen kontra jarrita zegoen. Bere masaila Tobíasenaren ondoan paratu zen eta lehenengoz sentitu zuen, atzera joanarazi zion indar batez, aurpegiera haren presentzia; izan ere, ordu arte bisai hura txaplata ilun bat besterik ez zen izan, tropako zati bat, haren gerlari-gorputzaren urduritasunari eta bizkortasunari lotuagoa zegoena, eta ez oraingo patxadarenari, minarenari. Tobíasek aurpegia zuen: Berak aurpegia ikusi zuen. Ehunka marra zuri —barrearen eta haserrearen marrak eta eguzkiari kliskaturiko begienak— betazal ertzak zeharkatzen eta masailalbo-hezur zabalak laukietan zatikatzen. Ezpain lodi eta irten haiek goxo-goxo egiten zuten irri eta begi nabar, mehar haietan argi-putzu baten moduko bat zegoen, argi putzu arre, lilurazko, prestu moduko bat.

        — Etorri zara —esan zion Tobíasek bere mintzairan, zeina kapitainak Sinaloako mendi-zerrako tropekin izandako eguneroko hartu-emanei esker ikasia baitzuen.

        Yaquiaren eskua —esku zaintsu hura—, estutu zuen: —Bai, Tobías. Gauza bat jakin behar duzu: fusilatu egin behar gaituzte.

        — Horrelaxe behar du izan. Zeuk ere gauza bera egingo zenuke.

        — Bai.

        Isilik egon ziren, eguzkia ezkutatu egin zen. Hiru gizonak gaua elkarrekin igarotzeko prestatu ziren. Bernal ziegatik paseatzen zen emeki-emeki: Bera zutitu egin zen eta handik laster berriz eseri, hautsaren gainean, eta marrak egin zituen lurrean. Kanpoan, galerian, petrolio-lanpara bat piztu zen eta zaintza-kaboaren masailezurren mugimendua entzun zen. Haize hotza harrotu zen basamortu zabalean.

        Berriz ere zutik, ziegako atera hurbildu zen Bera: zutoin sendoak, ocote leundu gabea, eta irekidura txiki hura begien parean. Beste aldean, kaboa pizten ari zen orri-zigarroaren kea zabaldu zen. Berak ukabilak barrote uhertuen inguruan bildu eta zaindariaren soslai zapalari so gelditu zitzaion. Ile-xerlo beltzen jarioa olanazko txapelean sortzen zen eta masailalbo-hezur zabal eta ilegabe hartan ahitu. Presoak haren begirada bilatu zuen eta kaboak keinu arin batez buru eta esku librearen «zerbeharduzu?» isila erantzun zuen. Beste eskuak karabina estutzen zuen ofizioak ematen zuen ohituraz.

        — Jaso al duzue biharko agindua?

        Kaboak bere begi luze eta hori haiekin begiratu zion. Ez zuen erantzun.

        — Ni ez naiz hemengoa. Eta zu?

        — Ni hango goikoa —esan zuen kaboak.

        — Nolakoa da?

        — Zer leku?

        — Fusilatuak izango garen lekua. Zer ikusten da handik?

        Atseden hartu zuen eta pizkailua uzteko keinua egin zion kaboari.

        — Zer ikusten da?

        Orduantxe gogoratu zuen aurrera, aurrera begiratu izan zuela Berak beti, mendia zeharkatu eta Veracruzeko gune zaharretik alde egin zueneko gauaz geroztik. Harrezkero ez zuen Berak behin ere atzera begiratu. Harrezkero bakarrik jakin nahi zuen Berak bere burua, bere indarrak baino ez zituela lagun... Eta orain... ezin zion galdera horri eutsi —nolakoa da, zer ikusten da handik—, galdera hori beharbada oroitzapen premia hura mozorratzeko era zen, aldapa hura, iratze mardul eta erreka patxadatsuen, etxola baten gaineko lore tubularren, gona almidoiztatu baten eta adats leun, irasagar usaineko baten irudiranzko aldapa hura mozorrotzeko era.

        — Horko atzeko patiora eramaten dira —erantzun zuen kaboak— eta ikusi, zer ikusiko da ba? Horma bat, altua, zuloz jositakoa bera, horrenbeste lagun fusilatu eta gero...

        — Eta mendia? Ez al da mendia ikusten?

        — Ba, egia esan, ez dut gogoan.

        — Lagun asko ikusi duzu...?

        — Uuuuuuuuuuf...

        — Baliteke tiro egiten duena fusilatua baino hobeto ohartzea une horretan zer gertatzen ari den.

        — Ez al zara sekula fusilamendu batean egon?

        («Bai, baina arretarik jarri gabe, zer sentituko den, egunen batean neu ere hantxe egon nintekeela, inoiz burutik pasatu gabe. Horrexegatik zuri galdetzeko eskubiderik ez dut, ezta? Zuk ere neuk bezala hil duzu, ezeri erreparatu gabe. Horrexegatik inork ere ez daki zer sentitzen den eta inork ezin du azaldu. Itzultzerik balego, danbada entzun eta tiroa bularrean, aurpegian igartzea zer den kontatzerik balego. Horren egia kontatzerik balego, beharbada ez ginateke inor hiltzera ausartuko, sekula santan, edo agian hiltzeak ez luke inor artegatuko... Ikaragarria izan daiteke... baina baita jaiotzea bera bezain gauza naturala ere... Zer ote dakigu guk biok?»)

        — Kapitaina, buruxkatxo horiek ez dituzu aurrerantzean ezertarako beharko. Emazkidazu.

        Kaboak eskua sartu zuen barrote artetik eta Berak bizkarra eman zion. Soldaduak oihu ito batez egin zuen barre.

        Orain yaquia bere mintzairan zerbait murmurikatzen ari zen eta Bera oheburu gogor hartaraino joan zen, oinak arrastaka, indioaren bekoki sukartsua eskuaz ukitzera eta haren hitzak entzutera. Hitzak soinu gozo batez zihoazen aletzen.

        — Zer dio?

        — Gauzak kontatzen ari da. Kontatzen du nola gobernuak beren betiko lurrak kendu zizkien eta zenbait gringori eman zizkien. Nola berena zena defendatzeko borrokari ekin zioten eta tropa federala etorri zen eta gizonei eskuak moztu zizkieten eta menditik esetsi. Nola kanoi-ontzi batean sartu eta pisu astunak jarrita yaquiar buruzagiak itsasora jaurti zituzten.

        Yaquia begiak itxita ari zen hitz egiten. —Gelditu ginenok lerro luze-luze batean jarri behar izan genuen, nahitaez, eta handik, Sinaloatik hasita, beste muturreraino, Yucataneraino oinez joanarazi gintuzten.

        — Nola Yucatanerino joan behar izan zuten eta leinuko emakumeak eta zaharrak eta umeak bidean hiltzen ziren; nola henequén lurretaraino heltzea lortu zutenak esklabo legez saldu zituzten eta senarrak emazteengandik banatu; nola emakumeak txinatarrekin oherarazi zituzten, beren mintzaira ahatz zezaten eta eskulan gehiago ekar zezaten mundura...

        — Itzuli, itzuli egin nintzen. Gerra hasi zela jakin bezain laster, nire anaiak zirenengana itzuli nintzen hondamenari aurre egiteko.

        Yaquiak barre egin zuen ahapeka, eta Bera txizalarri izan zen. Zutitu eta praka kakiaren brageta zabaldu zuen; txoko bat bilatu eta hautsaren kontrako zarra-zarra aditu zuen. Bekokia zimurtu zuen militar-praketan orban heze batez hil ohi ziren ausartien ohiko amaiera gogora etorri zitzaionean. Bernal, une hartan besoak antxumatuta, ilargi izpi bat atzeman nahian zebilela zirudien, barrote garaietatik zehar, gainean zuten gau hotz eta iluna igarotzeko. Noizbehinka, herriko mailu-hotsa setatsua heltzen zitzaien; txakurrak adausika ari ziren. Elkarrizketa galdu, zentzugabe batzuek paretak igarotzea lortzen zuten. Berak tunika astindu eta lizentziatu gaztearengana hurreratu zen.

        — Zigarrorik ba al dago?

        — Bai... baietz uste dut... Hemen nonbait zeuden.

        — Eskain iezaiozu yaquiari.

        — Eskaini diot lehen. Ez zaizkio nireak gustatzen.

        — Bereak aldean ditu?

        — Amaitu egin zaizkio, antza.

        — Agian soldaduek kartak izango dituzte.

        — Ez; ezin izango nintzateke jokoan kontzentratu. Uste dut ezin izango nintzatekeela...

        — Logura zara?

        — Ez.

        — Arrazoi duzu. Ez da lorik egin behar.

        — Egunen batean damutu egingo zaizula uste duzu?

        — Zer?

        — Ba zera... zertu baino lehenago lo egin izana.

        — Grazia du horrek.

        — A, bai. Hobeto gogoratzeari ekiten badiogu orduan. Ona omen da gogoratzea.

        — Ez dago bizitza handirik atzetik.

        — Jakina. Yaquiak abantaila hori du. Beharbada horregatik ez zaio hitz egitea gustatzen.

        — Bai. Ez, ez dizut ulertzen...

        — Zera, yaquiak baduela bai, makina bat gauza gogoratzeko.

        — Beharbada bere hizkuntzan gauzak ez dira berdin gogoratuko.

        — Ibilaldi luze hura, Sinaloatik hasita. Kontatu berri digun hori.

        — Bai...

        — ...

        — Regina...

        — Zer?

        — Ez. Izenak esaten baino ez naiz ari.

        — Zenbat urte dituzu?

        — Hogeita sei betetzeko. Eta zuk?

        — Hogeita bederatzi. Nik ere ez dut zer gogoratu handirik. Eta hori bizitza itzel aldatu zaigula, egun batetik bestera.

        — Noiz hasiko ote gara haurtzaroa gogoratzen, adibidez?

        — Benetan; ez da erreza.

        — Badakizu zer? Orain, solasean ari ginenean...

        — Bai?

        — Zera, izen batzuk esan ditut. Eta badakizu? Jada ez didate ezer esaten; ez dute jada esanahirik.

        — Laster argituko du eguna.

        — Ez begiratu.

        — Bizkarra izerditan dut.

        — Emadazu zigarroa. Zer da orain?

        — Barkatu. Tori. Beharbada ez da ezer sentituko.

        — Hori esaten dute.

        — Nork esaten du, Cruz?

        — Jakina. Hiltzen dutenek.

        — Arduratuta zaude?

        — Ba...

        — Zergatik ez duzu pentsatzen...

        — Zertan? Gu hil arren ere, dena lehengo bidetik joango dela?

        — Ez, ez aurrerantz pentsatu, atzerantz baizik. Nik iraultzan hil direnengan pentsatzen dut.

        — Bai; Bule gogoratzen dut, Aparicio, Gómez, Tiburcio Amarillas kapitaina... hainbat.

        — Ezetz jakin hogeiren izenik. Eta ez horienak bakarrik. Zer izen zuten hildako guztiek? Ez iraultza honetakoek bakarrik; iraultza guztietakoek eta gerra guztietakoek eta heriotzak ohean harrapatutako guztiek. Nor gogoratzen da horietaz?

        — Tira: emadazu pospolo bat.

        — Barkatu.

        — Orain bai, orain atera da ilargia.

        — Ikusi nahi al duzu? Nire sorbaldetan jartzen bazara, lortuko duzu...

        — Ez. Ez du merezi.

        — Eskerrak erlojua kendu didaten.

        — Bai.

        — Zera esan nahi dut, orduen kontua ez eramateko.

        — Jakina, ulertu dut.

        — Gaua askoz... askoz luzeagoa egin...

        — Hau kaka zaharra.

        — Hara yaquia. Loak hartu du. Eskerrak inork ez duen beldurrik erakutsi.

        — Orain, beste egun bat hemen barruan.

        — Nork jakin. Baliteke laster etortzea.

        — Hauek ez. Atsegin dute bere joko hori. Errotuegia dago egunsentian fusilatzearena. Gurekin jolastuko dira.

        — Ez zen, bada, bera hain oldartsua?

        — Villa bai. Zagal, ez.

        — Cruz... ez al da zentzugabekeria?

        — Zer?

        — Buruzagietariko baten eskuetan hiltzea eta batengan ere ez sinestea.

        — Zer, hirurok batera joango gara ala banan-banan aterako gaituzte?

        — Errazagoa da denok kolpe batean, ez, ala? Zeu zara hemen militarra.

        — Ez al zaizu trikimailurik bururatzen?

        — Kontatuko dizut gauza bat? Egin kontu barrez lehertzekoa dela.

        — Zer baina?

        — Ez nizuke aipatuko, hemendik ez naizela aterako ziur ez banengo. Carranzak eginkizun honetara ni bidaltzearen arrazoi bakarra etsaiek ni harrapatzea izan zen eta etsaia egitea nire heriotzaren erantzule. Hobe zela heroi hila traidore bizia baino sartu zitzaion hari buruan.

        — Zu, traidore?

        — Nondik begiratzen zaion. Batailetan soilik ibilikoa zara zu; aginduak bete dituzu eta ez dituzu sekula nagusiak zalantzan jarri.

        — Jakina. Kontua gerra irabaztea da. Zer, zu ez al zaude Obregón eta Carranzaren alde, ala?

        — Zapata edo Villaren alde egon nintekeen modu berean. Ez dut bat berarengan ere sinesten.

        — Orduan?

        — Horixe da, ba, zoritxarra. Berak baino ez daude. Ez dakit hasierakoaz oroituko zaren. Duela gutxiko kontua da, baina hain aspaldikoa dirudi... nagusiek garrantzirik ez zutenean. Ez gizon bat goratzearren, ezpada denak goratzearren genbiltzanean.

        — Gure gizonen leialtasunaz txarto esaka has nadin nahi al duzu? Horixe da, baina, iraultza, ez besterik: buruzagiei leialtasuna.

        — Bai. Yaquiak berak ere, hasieran bere lurren alde ziharduen, orain, berriz, Obregón jeneralaren alde eta Villa jeneralaren kontra baizik ez da borrokatzen. Ez, lehen desberdina zen. Lehen, alderdiak sortu baino lehen. Iraultza halako herritik igarotzen zela, bada, halako herri hartan nekazarien zorrak kitatu egiten ziren, agiolariak desjabetu, preso politikoak askatu eta betiko kazikeak txikitu. Ikusi besterik ez dago nola atzean geratu diren uste zutenak iraultza herria askatzeko zela eta ez buruzagiak goresteko.

        — Egongo da astia.

        — Ez, ez da egongo. Iraultzak borroka zelaietatik hasi behar du, baina behin okerbideratuz gero, nahiz eta militar-batailak irabazi eta irabazi, alferrikakoa da. Denok gara erantzule. Utzi dugu gutiziatsuek, handinahikoek, kaskarrek zati gaitzaten. Benetako iraultza, erabatekoa, zorrotza nahi dutenak, zoritxarrez, eskolagabekoak eta odoltsuak dira. Eta eskolatuek, berriz, erdikako iraultza nahi dute, ardura zaien bakarra kontuan hartzean duen iraultza: beldurra eragin, ondo bizi, Porfirio jaunaren elitearen lekua hartu. Horixe da Mexikoren zoritxarra. Begira ni. Bizitza osoa Kropotkin, Bakunin, Plajanov zaharra irakurtzen, gazte-gaztetatik neure liburuekin, eztabaida gora, eztabaida behera. Eta ordua heltzerakoan, zer eta Carranzarekin joan naiz, zintzo antza hartzen diodalako, beldurrik ematen ez didalako. Ikusi nolako txatxukeria? Beldur diet kaskamotzei, Villari eta Zapatari... «Inposible izaten jarraituko dut, egun posible direnak posible izaten jarraitzen duten bitartean...» A, bai. Nola ez.

        — Eta heriotzako orduan ausarten zara...

        — «Horixe da nire izaeraren funtsezko akatsa: fantastikoarekiko maitasuna, inoiz ikusi gabeko abenturekiko maitasuna, aukerak infinituak eta ustekabekoak eskaintzen dituzten ekintzarekikoa...»A, bai. Nola ez.

        — Zergatik ez duzu hori inoiz han kanpoan esan?

        — Esan nien, bai, esan 13. urtetik geroztik Iturberi, Lucio Blancori, Buelnari, buruzagitzaren atzetik inoiz ibili gabeko militar zintzo guztiei. Horregatik, horregatik ez zuten Carranza zaharrari jokoa mozten jakin, hark bizitza osoa ikaratzeari eta zatitzeari ekin baitzion; izan ere, nork ez zuen, bestela, paretik kenduko, agure zirtzila? Horregatik goratzen zituen hark kaskarrak, Pablo Gonzalezen modukoak, itzalik egingo ez ziotenak. Horrelaxe egin zuen hark iraultza zatitu, alderdi-gerra bihurtu.

        — Eta horregatik bidali zintuzten Peralesera?

        — Agindua villatarrak beren burua entregatzera konbentzitzea zen. Ondotxo ez bageneki bezala abailduta doazela ihesean eta etsipenak hartaratuta aurrean suertatzen zaien carranclán oro garbitzen dutela. Zaharrari ez zaio eskuak zikintzea gustatzen. Nahiago du horrelako lanak etsaien eskuetan uztea. Artemio, Artemio, gizonek ez dute jakin herriaren eta iraultzaren mailan egoten.

        — Zergatik ez zara Villaren alderdira joaten?

        — Beste buruzagi batengana? Zenbat irauten duen ikusi eta gero beste batengana eta beste batengana joateko, azkenean berriro beste ziega batean, berriro beste fusilamendu agindu baten zain egoteko?

        — Baina oraingo honetan libratu duzu zeure burua...

        — Ez... Sinets iezadazu, Cruz, nahiko nuke libratu, Pueblara itzuli. Emaztea ikusi, semea. Luisa eta Pacholín. Eta nire arreba maitea Catalina, hain du hark nire behar handia. Aita ikusi, nire Gamaliel jauna zaharra, hain noblea, hain itsua bera. Zer dela eta sartu nintzen honetan azaltzen saiatu. Aitak ez zuen inoiz ulertu, nahiz eta aurretiaz alferrikako lana dela jakin, badagoela nahitaez ekin beharreko zenbait eginkizun. Harentzat ordena hura betierekoa zen; etxaldeak, agio mozorrotua, hori guztia... Haiek ikustera joateko eta pare bat hitz nire partez esateko norbait bidali ahal izango banu behintzat. Baina ez da hemendik bizirik aterako denik, badakit. Ez; hau guztia paretik kentzeko jokaldi maltzur bat baino ez da. Hiltzaile eta ipotx artean gaude, izan ere, buruzagi nagusiak itzalik egingo ez dioten nanoak hartzen ditu berarekin eta buruzagi txikiak nagusia hil behar izango du gora egin nahi badu. Lastima handia, Artemio. Zein beharrezkoa den gertatzen ari dena eta zein kaltegarria zapuztea. Ez zen hau guk nahi genuena herriarekin batera iraultza egiten genuenean, 13an... Eta zu, hasi zaitez erabaki bat hartzen. Zapata eta Villa kanporatzen dituztenean, buruzagi bi besterik ez dira geratuko, zure oraingo buruzagiak. Zeinekin joango zara?

        — Nire buruzagia Obregón jenerala da.

        — Eskerrak erabakia hartua duzun. Ea biziaz ordaindu behar ez duzun; ea...

        — Fusilatu egin behar gaituztela ahaztu duzu.

        Bernalek harriduraz egin zuen barre, hegaldatzeko ahaleginak egin eta girgiluen pisu ahaztuak galarazi izan balio bezala. Beste presoaren sorbalda sakatu eta esan zuen:

        — Politika-mania txerria! Edo intuizioa izango da. Zergatik ez zoaz Villarekin?

        Ezin izan zuen Bernalen aurpegiera ondo ikusi, baina bai igarri zituen iluntasunean begitxo burlati haiek, berek batailak irabazten zituzten bitartean inoiz borrokarik egiten ez zuten, hitz eta hitz baino egiten ez zuten lizentziatutxoek zuten askojakin jas hura. Bortizki urrundu zuen gorputza Bernalenetik.

        — Zer gertatu da? —irribarretsu lizentziatuak.

        Berak purrust moduko bat egin eta zigarro itzalia piztu zuen. Ez da horrela hitz egiten —esan zuen marmarka—. Zer? Argi hitz egitea nahi duzu? Ba ondotxo, ondotxo izorratzen naute inork eskatu gabe iritzia ematen dutenek, eta are gehiago hiltzeko orduan. Egon zaitez isilik, lizentziatu, eta esan ezazu zeure barnerako nahi duzuna, baina utzidazu niri atzera egin gabe hiltzen.

        Gonzaloren ahotsa estalki metalikoaz jantzi zen:

        — Entzun, oilartxo, hiltzera goazen hiru gizon gara. Yaquiak bere bizitza kontatu digu...

        Eta amorrua bere buruarenganakoa zen, konfidentziaren eta solasaren bidetik sartu zelako, konfiantzarik izaterik merezi ez zuen gizonari zabaldu zitzaiolako.

        — Benetako bizitza izan da harena. Eskubidea zuen.

        — Eta zuk?

        — Borroka eta borroka. Besterik egon bada, ez naiz ni gogoratzen.

        — Emakumeren bat maitatu al zenuen...

        Ukabilak estutu zituen.

        — ...gurasorik izan zenuen; zer dakit nik, seme-alabaren bat ere izango duzu agian. Ez duzu? Nik bai, Cruz; nik pentsatzen dut baietz, bene-benetako bizitza izan dudala, eta nahiko nukeela libre egon harekin jarraitu ahal izateko; zuk ez?, ez zenuke zuk orain gustura laztanduko...?

        Bernalen ahotsa desegiten zihoan bere eskuek Bernal iluntasunean aurkitu eta hormaren kontra astindu zutenean, hitzik esan gabe, orro ilun batez, azazkalak sartuz, kapitainaren, presoaren, bere bereak ziren pentsamendu ezkutuak errepikatzen ari zen ideia eta samurtasunez armaturiko etsai berri haren kaxmirraren papar-hegaletan: zer gertatuko da gu hil eta gero? Eta esan eta esan egiten zuen Bernalek, ukabil itxiak eraso egiten zioten arren:

        — ...eta hogeita hamar urte bete orduko hil ez bagintuzte?... zer izango litzateke gutaz?; horrenbeste gauza egin nahi nuen nik...

        Harik eta Berak, bizkarra izerditan blai eta aurpegia Bernalen aurpegitik oso hurbil, hau murmurikatu zuen arte: —...dena lehengo-lehengo bide beretik joango dela, ala ez dakizu hori?; eguzkia aterako dela; zu eta biok ondo hilda egon arren, umeek jaiotzen jarraituko dutela, ala ez dakizu hori?

        Askatu ziren gizon biak besarkada bortitzetik. Lurrean hartu zuen leku Bernalek; Berak ziegaren aterantz jo zuen, irmo: gezurrezko plan baten berri emango zion Zagali, yaquiaren bizitza eskatuko zuen, Bernal halabeharraren esku utziko zuen.

        Guardiako kaboak, ahopeka kantaka, koronelaren aurrera eraman zuenean, Berak Reginaren atsekabe galdu hura baino ez zuen sentitzen, memoria gozo eta mingots hura, zeina Berak hain setatsu gorde izan baitzuen luzaroan eta orain egiten baitzen azaleratu, eta bizitzen jarraitzeko eskatu, emakume zendu batek gizon bizi baten oroitzapena beharko balu bezala izen gabeko herri batean, izen gabeko hobi batean gorputz bat, zizareek jandako gorputz bat baino zerbait gehiago izateko.

        — Ez diguzu ziria erraz sartuko —esan zuen Zagal koronelak bere betiko hatos irribarretsu harekin—. Oraintxe bertan aterako dira bi destakamendu zuk esandakoa egia den frogatzera, eta egia ez bada, edota erasoa beste alde batetik badator, gomenda zeure burua goikoari eta pentsa ezazu irabazi, ordu gutxi batzuk irabazi dituzula, baina ohorearen kaltetan.

        Zagalek hankak luzatu eta behatzak —behatz galtzerditu haiek—, mugitu zituen hurrenez hurren. Botak mahai gainean zeuden, nekatuta eta armazoirik gabe.

        — Eta yaquia?

        — Hori ez zegoen guk hitzartutakoan. Begira: gaua luze egiten ari zaie. Zergatik egun berri baten asmoan eduki koitaduak? Payán kaboa!.. Beste bizitza hobe batera bidaliko ditugu preso biak. Atera itzazu ziegatik eta eraman hara atzera.

        — Yaquia ezin da ibili —esan zuen kaboak

        — Eman marihuana —erantzun zuen Zagalek barreka—. Tira, atera ezazue ohatilan eta jar ezazue nola edo hala hormaren kontra.

        Zer ikusi zuten Tobíasek eta Gonzalo Bernalek? Kapitainak ikusi zuen huraxe, nahiz eta kapitaina gorago, presidentziako gaindegian, Zagalen ondoan, egon. Han behean, yaquia ohatilan atera zuten eta Bernalek burumakur egiten zuen aurrera, eta gizon biak jarri zituzten horma kontran eta petrolio-lanpara biren artean.

        Gau hartan ohi baino nekezago heldu ziren egunsentiaren erlantzak eta mendien islak berak ere ez zuen inoren aurrean ageri nahi izan, ezta fusilek espasmo gorrixkak jaurtiz danba egin eta Bernalek yaquiaren sorbalda ukitzeko eskua luzatu zuenean ere. Tobías geratu zen hormaren kontra, ohatilak eusten ziola. Lanparek haren bisaia argitu zuten txikituta, balek markatuta. Gonzalo Bernalen gorpuaren —gorpu erori haren—, orkatilak baino ez zituzten argiztatu, eta odol hari izpiak hasi ziren orkatiletatik irteten.

        — Hara hor zure hilak —esan zuen Zagalek.

        Eta beste tiroketa batek, tiroketa urrun eta sarri batek, haren hitzak iruzkindu zituen, eta segituan kanoi baten ahots erlastu bat lotu zitzaion, eta kanoiak egoitzaren bazter bat txikitu zuen. Villatarren aldarriak nahasirik iritsi ziren gainalde zuriraino, eta Zagalek galdera desegin batekin egiten zuen oihu gainaldetik:

        — Iritsi dira! Aurkitu gaituzte! Carranclának dira! Eta Berak orduan koronela lurrera bota zuen eta eskua —berpizturik, indar guztiak bildurik— eraman zuen haren pistolaren zorrora. Armaren lehortasun metalikoa sentitu zuen eskuetan. Pistola jarri zion Zagali bizkarrean eta eskuineko eskuaz koronelaren lepoa inguratu zuen, estutu egin zuen, eta han lurrean eduki zuen, barailezurrak gogor eta ezpain artetik bitsa zeriola. Erlaitzetik, exekuzio patioko nahasmena ikusi ahal izan zuen. Pelotoiko soldaduak arrapalada batean, Tobías eta Bernalen gorpuak zapalduz, petrolio-lanparak irauliz: leherketa-erauntsia Perales herri guztian zabaldu zen, eta harekin batera garrasiak eta suteak, trostak eta irrintziak. Beste villatar batzuk ere atera ziren patiora, jakak janzten, prakak lotzen. Eroritako argiek ertz bakoitzean, gerriko bakoitzean, botoi bakoitzean urre-koloreko lerro bat marrazten zuten. Luzatu egin ziren eskuak fusil eta kartutxerak hartzeko. Astirik galdu gabe ukuiluko langa zabaldu eta zaldiak patiora atera ziren irrintzika, eta zaldizkoak gainean hartu zituzten, eta ate zabaldutik irten ziren. Atzean geratutako zenbaitek zaldieriaren bide berari ekin zioten eta patioa hutsik geratu zen. Bernal eta yaquiaren gorpuak. Petrolio-lanpara bi. Durundia urrundu egin zen; etsaien erasoari aurre egitera. Presoak Zagal askatu zuen. Koronela belauniko zegoen, eztulka, sama —sama estutu hura—, laztantzen. Ozta-ozta atera zen ahotsa: —Ez zaitezte errendatu. Hemen nago.

        Eta agertu zuen, azkenean, goizak bere betazal urdina basamortuan.

        Eten egin zen inguruko burrunba. Kaleetatik setiora korrika bizian zihoazen villatarrak. Alkandora zuriak urdinez jantzi zitzaizkien. Patiotik ez zetorren murmurio txikienik ere. Zagal zutitu egin zen, eta tunika grisaxka askatu zuen, bularra eskaintzearen imintzioa eginez. Bera ere aurreratu egin zen, pistola eskuan.

        — Esandakoari eusten diot —esan zion ahotsa lehor koronelari.

        — Goazen behera —esan zuen Zagalek eta besoak askatu zituen.

        Bulegoan, Zagalek tiraderatik Colta hartu zuen.

        Abiatu ziren, armaturik biak, korridore hotzetan barrena patioraino. Kalkulatu zuten laukiaren erdia. Koronelak baztertu egin zuen, oinaz Bernalen burua. Kapitainak petrolio-lanparak jaso zituen.

        Albo banatan jarri ziren. Abiatu egin ziren.

        Zagalek egin zuen tiro lehenengo eta balak beste behin jo zuen Tobías yaquia. Koronela gelditu egin zen eta itxaropen txiki batek begi beltzak argitu zizkion: besteak tiro egin gabe egiten zuen aurrera. Ohore-erakutsia. Koronelak irmo eutsi zion —segundo bat, segundo bi, hiru segundo— besteak bere ausardia errespetatu egingo zuelako itxaropenari, biak patio erdian tirorik egin gabe topo egingo zutelako itxaropenari.

        Patio erdian gelditu ziren biak.

        Irribarreak berriz hartu zuen koronelaren aurpegia. Kapitainak irudizko lerroa igaro zuen. Zagalek, barreka, adiskidantza keinu bat egin zuen eskuaz, eta une hartan tiro jarrai bik sabela zeharkatu zioten, eta besteak ikusi zuen Zagal makurtzen eta bere oinen aurrean zerraldo erortzen. Eta orduan pistola askatu zuen koronelaren burezurraren, burezur izerdituaren gainera, eta zutik, mugitu gabe, egon zen.

        Basamortuko haizeak bekokiko ile-xerlo kizkurrak astindu zizkion, izerdiz zikinduriko tunikaren urratuak, larruzko azpantarren zerrenda apurtuak. Bost eguneko bizarra tente ageri zen masailetan eta betile hautseztatuek eta malko lehorrek begi berdeak ezkutatzen zituzten. Zutik, heroi bakarti hilen zelai hesituan. Zutik, lekukorik gabeko heroi. Zutik, abandonuak inguraturik, eta borroka herritik kanpo, atabal-pilpira horrekin.

        Begirada jaitsi zuen. Zagal koronelaren beso hila Gonzaloren buru hilerantz zegoen luzatuta. Yaquia eserita zegoen, gorputza hormaren kontra; bizkarrak sinadura zirriborrotsu bat utzi zuen ohatilaren lonan. Koronelaren ondoan belaunikatu eta begiak itxi zizkion.

        Azkar zutitu eta airea arnastu zuen, eta aire horretan nahi izan zuen aurkitu, eskertu, jarri izena bere bizitzari eta askatasunari. Baina bakarrik zegoen. Ez zuen lekukorik. Ez zuen kiderik. Garrasi sor bat atera zitzaion eztarritik, urruneko metraila sarriak itzali zuen.

        «Libre nago; libre nago.»

        Sabelean lotu zituen ukabilak eta aurpegia oinazez bihurritu zitzaion.

        Begirada jaso eta ikusi egin zuen, bai, azkenean, egunsentian fusilatua izango zen batek ikusiko zuen hori: mendi-lerro urruna, zeru jada zurixka, patioko pezozko hormak. Entzun zuen egunsentian fusilatua izango zen batek entzungo zuen hori: txori gordeen kirrinkak, ume gosetuaren garrasi zorrotza, herriko beharginen baten mailu-hots berezi hura, at atzetik zetorren kanoien eta tiroketen dunbots jarrai, monotono, galdu hartatik. Lan anonimoa, dunbotsa baino sendoagoa, jakitun borroka, heriotza, garaipena igarota berriz aterako zela eguzkia, egunero...

 

 

NIK ezin dut desiratu; Nik egiten uzten diet. Ukitzen ahalegintzen naiz. Zilborretik pubiseraino korritzen dut. Biribila. Oretsua. Nik dagoeneko ez dakit. Medikua joan egin da. Beste mediku batzuen bila doala esan du. Ez du nire ardura bere gain hartu nahi. Nik dagoeneko ez dakit. Baina ikusi egiten ditut. Sartu egin dira. Zabaldu, itxi egin da kaobazko atea, eta oin-hotsak ez dira alfonbra lodian entzuten. Leihoak itxi dituzte. Zarratu, zurrumurru batez, gortina grisak. Sartu egin dira.

        — Hurbil zaitez, laztana... ezagut zaitzan... esaiozu nor zaren...

        Usain ona du. Usain gozoa du. A, bai, oraindik atzeman ditzaket masaila isiotuak, begi dirdaitsuak, atzeman pauso etenez nire ohera hurbiltzen ari den gorputz gaztea, liraina oso-osorik.

        — Ni... ni Gloria naiz...

        Haren izena xuxurlatzen saiatzen naiz. Badakit nire hitzak ez direna entzuten. Hau behintzat eskertu behar diot Teresari: alabaren gorputz gaztea niri hurbildu izana. Aurpegia hobeto ikusiko banio behintzat. Muzina hobeto ikusiko banio behintzat. Honezkero aditu du ezkata hilen usain hau, botaka eta odol usain hau; bular zanpatu honi begiratuko dio, bizar urdindu eta nahasi honi, belarri ezkotsu hauei, sudurreko jario amaigabe honi, ezpain eta kokotseko listu gogortu honi, begi galdu hauei, beste begikera bat erakusten saiatuko diren begi galdu hauei, zer hauei...

        Urrundu egiten dute nigandik.

        — Koitadua... ikaratu egin da...

        — E?

        — Ezer ere ez, aita; hartu atseden.

        Padillaren semearen emaztegaia dela diote. Nola musukatuko duen, nolako hitzak esango dizkion, a, bai, hau lotsa. Sartu eta irten egiten dira. Sorbalda ukitzen didate, buruei eragiten diete, adore emateko esaldiak murmurikatzen dituzte, bai, ez dakite entzun egiten ditudala, hala eta guztiz ere: aditzen ditut elkarrizketa erretiratuenak, logelako txokoetako autu-mautuak, ez hurbilekoak, nire oheburuan esandako hitzak.

        — Nola ikusten duzu, Padilla jauna?

        — Txarto, txarto.

        — Inperio oso bat utzi behar du.

        — Bai.

        — Horrenbeste urte bere negozioak zaintzen!

        — Oso zaila izango da bere lekua betetzea.

        — Zera esango dizut. Artemio jaunaren hurrengo, zeu zara, inor izatekotan, aproposena...

        — Bai, badut hemengo kontuen berri...

        — Eta nork hartuko luke zure kargua, horrela izanez gero?

        — Zenbanahi jende prestatu dago.

        — Orduan, igoerak egongo al dira?

        — Noski. Ardura-banaketa berria egingo da.

        A, Padilla, hurbil zaitez. Grabagailua ekarri duzu?

        — Zeu egingo zara erantzule?

        — Artemio jauna... Hemen dakarkizut...

        «— Bai, nagusi.

        »— Egon zaitez erne. Gobernuak esku gogorrarekin jokatuko du, eta prestaturik egon behar duzu sindikatuaren zuzendaritza eskuratzeko.

        »— Bai, nagusi.

        »— Aurretiaz diotsut zenbait azeri zahar ere badabilela horretako prestatzen. Nik iradoki diet dagoeneko agintariei zuregan jarri dugula guk geure konfiantza. Ez duzu ezer nahi?

        »— Eskerrik asko, baina bazkalduta nago. Aspalditxo bazkaldu dut.

        »— Ez inori zeurea behar duena jaten utzi. Egizu, egizu osteratxo bat, baina oraintxe bertan, Idazkaritzara, CTMra, eta horietara...

        »— Nola ez, nagusi. Ez dizut hutsik egingo.

        »— Agur, Campanela. Ekin sator lanari. Argi ibili. Eta erne. Goazen, Padilla.»

        Badago. Amaitu da. A. Horixe izan da dena. Horixe izan da dena? Nork daki. Ez naiz oroitzen. Ez ditut aspaldian grabagailu horretako ahotsak aditzen. Aspaldi ari naiz itxurak egiten. Nork ukitu nau? Nor dago nigandik horren hurbil? Benetan alferrik, Catalina. Neure artean diot: alfer-alferrik, bai laztan alferrikakoa. Neure buruari galdetzen diot: zer esan behar didazu?, aurkitu al dituzu azkenean inoiz esatera ausartu ez zinen hitz horiek? A, maite izan ninduzun?, zergatik ez genion elkarri esan? Nik maite izan zintudan. Dagoeneko ez naiz gogoratzen. Zure laztan horrek zuri begirarazten dit, eta ez dakit, ez dut ulertzen, zergatik ari zaren azkenean, nire ondoan eserita, eta behingoagatik begiradan gaitzespenik ageri ez duzula, oroitzapen hori nirekin konpartitzen. Harrotasunak salbatu gintuen. Harrotasunak akabatu gintuen.

        — ...soldata ziztrin baten truke, eta berak zer eta... emakume horrekin iraintzen gaitu, luxua musuen aurretik pasatzen digu, ematen diguna eskekoak bagina bezala ematen digu...

        Ez dute ulertu. Ez dut haiengatik ezer egin. Ez ditut aintzakotzat hartu. Neuregatik egin dut. Ez zaizkit niri istorio horiek ardura. Ez dut Teresa eta Gerardoren bizitza gogoratu nahi. Ez zaizkit axola.

        — Zergatik ez zenion zeure lekua emateko eskatu, Gerardo? Zu ere bera bezain erantzulea zara...

        Ez zaizkit ardura.

        — Lasaitu, Teresita, ulertu nire egoera; ni ez naiz kexu.

        — Nortasun apur bat; ezta horixe ere...

        — Utziozue atseden hartzen.

        — Ez zaitez bere alde jarri! Beste inori baino gehiago sufriarazi dizu zuri...

        Ni bizirik atera nintzen. Regina. Nola zinen zu? Ez. Zu Regina. Zu, nola zinen zu, izengabeko soldadu? Gonzalo. Gonzalo Bernal. Yaqui bat. Yaqui gizagaixo bat. Bizirik atera nintzen. Zuek hil egin zineten.

        — Eta neuri ere bai. Nola ahaztu. Ez zen ezkontzara azaldu ere egin. Nire ezkontzara, bere alabaren ezkontzara...

        Ez dute sekula ulertu izan. Ez ditut behar izan. Bakar-bakarrik egin izan naiz. Soldadu. Yaqui. Regina. Gonzalo.

        — Maite izan zuena ere hondatu zuen-eta, ama, badakizu zuk hori.

        — Ez ezer esan. Jainkoarren, orain ez ezer esan...

        Testamentua? Ez zaitezte estutu: badago paper idatzi bat, tinbratuta, notario aurrean eginda; ez dut inor ahaztu: zer atera behar nuen Nik zuek ahaztuz, gorrotatuz?; ez al zenidaketen eskertuko, isilean?, ez al zintuzketen poztuko, azken unean berean ere, zuetaz trufatzeko izan zintuztedala gogoan jakiteak?: ez, izapide hutsaren ezaxolaz gogoratzen zaituztet, Catalina kutun, alaba prestu, biloba, suhi: aberastasun bitxia jaraunsten dizuet, zeina zuek, jendaurrean, egotziko diozuen neure ahaleginari, neure ekinari, neure ardurarako senari, neure berezko izaerari. Egizue. Lasaitu zeuon burua. Ahaztu ondasunok lortu nituela larrua arriskatuz, larrua arriskatzen nuela jakin gabe, ulertu nahi izan ez nuen borroka batean; izan ere, niri ez zitzaidan komeni borroka hura jakitea, ulertzea; bai, jakin, uler zezaketen bakarrak beren sakrifizioaren truke ezer espero ez zutenak ziren. Sakrifizioa horixe da, ezta?: dena hutsaren truke ematea. Nola deituko ote zaio, orduan, dena denaren truke emateari? Baina haiek ez zidaten niri dena eskaini. Hark, emakume hark eskaini zidan dena. Ez nuen hartu. Ez nuen hartzen jakin izan. Nola deituko ote zaio?

        «— O.K. The picture's clear enough. Say, the old boy at the Embassy wants to make a speech comparing this Cuban mess with the old-time Mexican revolution. Why don't you prepare the climate with an editorial...?

        »Bai, bai. Egingo dugu. Hogei mila peso inguru?

        »— Seems fair enough. Any ideas?

        »— Bai. Esaiozu egin dezala bereizketa argia mugimendu anarkiko, odoltsu, jabego pribatuaren eta giza eskubideen zapaltzailearen artean eta Jeffersoni jarraiki erdi mailako klaseak gidaturiko Mexikorena bezalako iraultza ordenatu, bakezale eta legezkoaren artean. Azken batean jendeak oroimen txarra du. Esaiozu goraipa gaitzala.

        »— Fine. So long, Mr. Cruz, it's always...»

        O, hau zeinu, hitz, kitzikadura zaparrada nire entzumen nekatu honentzat; o, hau nekea; ez dute nire keinua ulertuko, ezin ditut-eta atzamarrak ia mugitu: ken dezatela orain, gogaitu nau dagoeneko, zer zerikusi du, bai aspergarria, bai aspergarria...

        — Aitaren, semearen eta...

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        — Zergatik erauzi behar izan zenuen nire ondotik?

        Jarauntsiko dizkizuet alferrikako heriotzak, izen hilak, Reginarena, yaquiarena... Tobías, orain gogoratzen dut, Tobías esaten zioten... Gonzalo Bernalena, izen gabeko soldadu batena. Eta emakume hura? Beste bat.

        — Zabal ezazue leihoa.

        — Ez. Hotza harrapa dezakezu eta zailagoa egin dena.

        Laura. Zergatik? Zergatik gertatu behar izan zuen horrela? Zergatik?

 

 

ZU bizirik aterako zara: berriro ukituko dituzu izarak eta jakingo duzu bizirik atera zarela, bizirik, nahiz eta jakin denborak eta mugimenduak zure zoria uneoro laburtzen dutela: paralisia eta gehiegizko mugimenduaren artean dago bizitzaren lerroa: abentura: irudikatuko duzu segurtasunik handiena, inoiz ez mugitzea: eta zeure burua irudikatuko duzu geldi, arriskutik, halabeharretik, ziurgabetasunetik kanpo: zure geldi egoteak ez du, ordea, denbora geldituko, Zuk denbora asmatu eta neurtu arren; denborak Zu gabe egiten du aurrera, ukatu egiten du zure gelditasuna, eta zuri ere bere desagertze-arrisku propioa ezartzen dizu: abenturazale, zure abiadura denborarenarekin neurtuko duzu:

        denbora asmatuko duzu bizirik irauteko, lurrean luzaroago egotearen ilusioa itxuratzeko: zure burmuinak denbora sortuko du, loaren koadrantean argitasun-iluntasun txandaketa hori hautematearen poderioz; irudiak gordetzearen poderioz: hodei trinko eta beltzek mehatxaturiko baretasunaren irudia, trumoiaren iragarpenarena, osteko oinaztarriarena, euri zaparrada bortitzarena, ostadarraren agerraldi ziurrarena; mendian dauden animalien dei ziklikoak entzutearen poderioz; denboraren zeinuak oihukatzearen poderioz: gerraren denboraren irrintzia, doluaren denboraren irrintzia, jaiaren denboraren irrintzia; azken finean, unibertsoan ez dagoen denbora esanaren esanaz, unibertsoan ez dagoen denbora hitz eginaren hitz eginaz, unibertsoan ez dagoen denbora pentsatuaren pentsatuaz; izan ere, unibertsoak ez du denbora hori ezagutuko, inoiz ez baita hasi eta inoiz ez baita amaituko: ez zuen hasierarik izan, ez du amaierarik izango, eta ez daki Zuk infinituaren neurri bat, arrazoi-erreserba bat asmatuko duzula:

        Zuk asmatu eta neurtuko duzu ez dagoen denbora bat,

        Zuk jakingo duzu, bereiziko duzu, juzkatuko duzu, kalkulatuko duzu, irudikatuko duzu, aurreikusiko duzu, eta azkenerako pentsatuko, zure burmuinak emandako errealitatea baino izango ez duena, ikasiko duzu zeure bortizkeria menderatzen etsaiena menderatu ahal izateko: ikasiko duzu egur zati bi igurtziz sua egiten, behar izango duzulako zuzi bat jaurti zure haitzuloaren ahora eta piztiak uxatu, piztiek ez baitzaituzte bereiziko, ez baitute desberdinduko zure haragia beste piztienetik, eta mila tenplu eraiki behar izango dituzu, mila lege ezarri, mila liburu idatzi, mila jainko gurtu, mila margolan margotu, mila makina egin, mila herri menderatu, mila atomo hautsi, eta berriro ere zuzi piztua haitzulo sarrerara jaurti,

        eta hori guztia egingo duzu pentsatu egiten duzulako, burmuinean nerbio multzo bat garatuko baitzenuen, sare trinko bat, zeina gai izango baita informazioa jasotzeko, eta informazio hori bekoki aldetik atzerantz bidaltzeko: bizirik aterako zara, ez indartsuena izateagatik, unibertso gero eta hotzago baten zori ilunagatik baizik; izan ere, unibertso horretan bizirik iraungo duten organismo bakarrak izango dira ingurunearen aldaketen aurrean gorputz tenperaturari eutsiko diotenak, bekokiko nerbio-masa hori dutenak eta gai direnak arriskua aurreikusteko, gai direnak jatekoa bilatzeko, beren mugimendua antolatu eta igeraldia bideratzeko ozeano biribilean, bete-betean, sorrerez jositakoan: itsasoaren hondoan geldituko dira espezie hilak eta galduak, zure anaia-arrebak, milioka anaia-arreba, zeinak ez baitziren uretatik irten beren bost izar uzkurgarriak, beren bost atzamarrak, beste ertzean iltzaturik, lehorrean, aurorako irletan: Zu azaleratuko zara amebarekin, narrasti eta txori gurutzatuekin: hegaztiek beren burua gailur berrietatik jaurtiko dute, eta joko dute amildegi berrien kontra, eta porrotetatik ikasiko dute, eta narrastiek hegan egingo dute, eta lurra hozten joango da: bizirik aterako zara hegaztiekin, hegazti lumaz estaliekin, lumen beroaren abiadurak babestuekin, eta narrasti hotzak lotan egongo dira, hibernatzen, eta azkenean hil egingo dira, eta zuk apatxak lehorrean itsatsiko dituzu, auroraren irletan, eta zaldi batek beste izerdi botako duzu, eta igoko zara arbola berrietan gora gorputz-tenperatura finkoa duzula, eta jaitsiko zara garun-zelulak bereizirik dituzula, bizi-funtzioak automatizaturik, eta hidrogeno-, azukre-, kaltzio-, ur-, oxigeno-konstanteak: aske, berehalako zentzumen eta oinarrizko beharrizanetatik harago pentsatzeko aske

        jaitsiko zara hamar mila milioi garun-zelula dituzula, pila elektrikoa buruan, malgu, mutakor, eta nahiko duzu ikertu, jakin-mina ase, helburuak finkatu, helburuok ahalik eta ahalegin txikienaz burutu, zailtasunak saihestu, aurreikusi, ikasi, ahaztu, gogoratu, ideiak lotu, formak ezagutu, premiak libre utzitako tarteari graduak gehitu, ingurune fisikoaren erakarpen eta aldarapenei zure borondatea kendu, aukera onak bilatu, errealitatea gutxienekoaren irizpideaz neurtu, gorenekoa isilean desiratu, ez arriskatu, halere, etsipenaren monotoniara:

        ohitu, moldatu bizikidetzaren eskakizunetara:

        desiratu: irrikatu zure desira eta desiraturiko objektua bat bera izatea; amestu berehalako betetzea, desiraren eta desiraturikoaren arteko bereizketarik gabeko batzea:

        ezagutu zeure burua:

        ezagutu besteak eta besteek ezagut zaitzaten utzi: eta jakin gizabanako bakoitzari egiten diozula aurre, gizabanako bakoitza zure desira erdiesteko oztopo bat gehiago baita:

        aukeratu egingo duzu, bizirik irauteko aukeratu egingo duzu; aukeratuko duzu ispilu infinituen artean bakar bat, eta ispilu horrek behin-betiko islatuko zaitu, itzal beltz batez beteko ditu gainerako ispiluak; hilko dituzu beste ispiluak, zeure buruari aukeratzeko bide infinitu horiek, berriro, eskaini aurretik:

        erabaki egingo duzu, bideetatik bat hautatuko duzu, sakrifikatu gainerakoak: hautatzean zeure burua sakrifikatuko duzu, utziko diozu izan zintezkeen beste gizaki guztiak izateari, eta nahiko duzu beste batzuek —beste batek— bete dezala, zure ordez, aukera egitean ebaki zenuen bizitza: bai hautatzean, ez hautatzean, uztean labirintoa erakuts ziezazutela zure interesek, zure beldurrak, zure harrotasunak, eta ez zure desirak, zeina zure askatasunaren berdina baita:

        beldur izango diozu maitasunari, egun horretan:

        baina ahal izango duzu berreskuratu: begiak itxita hartuko duzu atseden, baina ez diozu ikusteari utziko, ez diozu desiratzeari utziko, zeure egingo baituzu horrela desiraturikoa:

        memoria desira asea da

        zure bizitza eta zure patua bat bera diren egun honetan.

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia