(1947: irailak 11)

 

BERAK gortinak alboratu eta aire garbia arnastu zuen. Goizeko haize leuna sartu zen, bere etorreraren berri emateko gortinak astinduz. Kanpora begiratu zuen: haiexek ziren egunsentiko ordurik onenak, oskarbienak, eguneroko udaberriarenak. Laster itoko zituen eguzki pilpiragarriak. Baina goizeko zazpietan, naretasun fresko eta inguramen isilaz zegoen argituta hondartza balkoi aurrean. Olatuek leun-leun egiten zuten murmurio eta bainu-hartzaile bakanen ahotsak ez ziren enbarazu eguzki atera berriaren, ozeano barearen eta mareak orraztutako harearen bategite bakartiarentzat. Gortinak alboratu eta aire garbia arnastu zuen. Hiru ume beren baldetxoekin hondartzan barrena, gaueko altxorrak batzen: izarrak, magurioak, egur leunduak. Belaontzi bat bilintzi-balantza itsasertzetik hurbil; zeru gardena lurrean proiektatzen zen berderik argieneko iragazkitik zehar. Ez zebilen autorik hotela hondartzatik bereizten zuen etorbidean barrena.

        Gortina askatu eta axuleiu moriskoko komunerantz abiatu zen. Ispiluan aurpegi hari, loak handituriko aurpegi hari, begiratu zion; loa, ostera, hain zen laburra, hain zen bestelakoa. Atea itxi zuen kontuz-kontuz. Kanilak zabaldu eta tapoia ipini zion konketari. Pijamaren alkandora komun-ontziaren tapa gainera jaurti zuen. Bizar xafla berria hartu zuen, kendu zion paper ezkodunezko bildukia eta urre koloreko aitzurrean lekutu zuen. Gero bizar labana ur beroan murgil zedila utzi zuen, eta eskuoihal bat busti zuen eta aurpegia estali eskuoihalaz. Lurrinak kristala gandutu zuen. Eskuaz kristala garbitu eta neoi-argidun zilindroa isiotu zuen ispiluaren goialdean. Lauskitu zuen tutu bat, Ipar Amerikako produktu berri bat, zuzen-zuzenean azalean emateko bizarra mozteko krema; zabaldu zuen gai zuri eta freskagarri hura masailetan, kokotsean, lepoan. Atzamarrak erre zituen labana uretatik ateratzean. Min-keinu bat egin eta masail bat ezker eskuaz tenkatu eta bizarra kentzeari ekin zion, goitik beherantz, artatsuki, ahoa okertuz. Lurrinak izerdia atera zion; izerdi tantak saihetsetan behera sentitu zituen. Lehenengo bizarra kentzen zuen poliki-poliki eta gero kokotsa laztantzen zuen erabat leun zegoela ziurtatzeko. Berirro zabaldu zituen kanilak, busti eskuoihala eta estali aurpegia. Belarriak garbitu zituen eta aurpegian lozio bizigarri bat zabaldu zuen eta plazer hasperen bat egin zuen. Bizarra mozteko xafla garbitu eta aitzurrean jarri zuen berriro, eta aitzurra larruzko kutxatilan. Tapoia kendu eta begira-begira gelditu zitzaion, une batez, xaboi- eta ile-enplastuzko putzu grisaren zurrupari. Hazpegiak begietsi zituen: betiko hura atzeman nahi izan zuen, izan ere, kristal gandutua bigarren aldiz garbitzean, zera sentitu zuen jakin gabe —loaren bizi inkontzientea inguratzen zuten zeregin hutsal baina ezinbestekoek, sabel-ondoez eta gose zehaztugabeek, usain ezatseginek hartzen zuten goizeko lehenengo ordu hartan— denbora luzea igaro zela, bere burua, egunero ispilu aurrean begiratzen zuenean, ikusi gabe. Zilarbizi eta beirazko errektangelu hura zen aurpegi begi berde eta aho kementsu, bekoki zabal eta masailalbo irtenen benetako erretratu bakarra. Ahoa zabaldu eta mihia —uhartetxo zuriz zirtaturiko mihi hura—, atera zuen; gero hortz galduen hutsarteak bilatu zituen erreflexuan. Botika kutxa zabaldu eta hartu zituen zubiak, zeinak baso ur baten hondoan lo zeutzan. Di-da batean uraz garbitu eta, ispiluari bizkarra emanez, ipini egin zituen. Hortz-eskuilan ore berdexka hura hedatu eta hortzak garbitzeari ekin zion. Gargarak egin eta pijamaren prakak erantzi zituen. Ureztailuaren kanilak zabaldu zituen. Esku azpiaz hotz-beroa neurtu eta ur-zorrotada ezberdina igarri zuen garondoan, eta xaboia eman zuen gorputz mehe, saihets irtenekoan, sabel erorian eta giharretan; giharrek ez zuten lehengo zurruntasun urduri hura guztiz galdu, baina orain barrurantz zintzilikatzeko joera zuten, berari groteskoa begitantzen zitzaion eran, ez bazion Berak zaintza zorrotz eta ez igartzeko modukoari eusten... eta bakar-bakarrik, egunotan bezalaxe, hoteleko eta hondartzako begirada lotsagabeak gainean zituenean. Ureztailuari aurpegia eman, kanilak itxi eta eskuoihalaz lehortu zuen gorputza. Bularra eta besapeak izpiliku uraz igurtzi eta ile kizkurra orraztu zuenean pozik sentitu zen berriro. Armairutik bainujantzi urdina eta polo-alkandora zuria hartu zituen. Lona eta kordelezko zapatila italiarrak jantzi eta astiro zabaldu zuen komuneko atea.

        Haize leunak gortinak astintzen segitzen zuen eta eguzkia dizdiz egin-ez egin zebilen: lastima litzateke, lastima handia ez bazuen eguna jasotzen. Irailean jakin ez. Ezkon-oherantz begiratu zuen. Lilia lotan zegoen oraindik, jarrera aske, bere-berezkoan: burua sorbaldan pausaturik eta besoa burko gainean luzaturik, bizkarra airean eta belaun bat tolesturik, izaratik kanpo. Gorputz gaztearenganantz hurbildu zen, gozo-gozo ari zen lehen argi-inarra bertan jolasten, besoetako urre koloreko biloa argituz eta betazaletako zokogune hezeak, ezpainetakoak, besape lastokarakoak. Makurtu egin zen ezpain gaineko izerdi perlei begiratzeko eta atzemateko atsedenean zegoen animaliatxoaren gorputz eguzkiak txigorturikoari, xaloki lizunari zerion epeltasun gozoa. Besoak luzatu zituen, emakumea aratinik jarri eta gorputzaren aurrealdea ikusteko gogoz. Ezpain erdi irekiak itxi egin ziren eta neskak hasperen egin zuen. Bera gosaltzera jaitsi zen.

        Kafea amaitu zuenean, ezpainak zapiaz garbitu eta ingurura begiratu zuen. Beti, ordu horretan, gosaldu bide zuten umeek, umezainak lagun. Buru liso eta heze haiek gosaldu aurretiko bainuaren tentaldiari eutsi ezin izan ziotenenak ziren, eta orain itzultzeko pronto zeuden, bere bainujantzi bustiekin, denborarik gabeko denbora ondo hartzen zuen hondartzara; han ume bakoitzaren irudimenak emango zien orduei nahi bezalako erritmoa, gazteluak eta harresiak egiten, hondarpean sartzeko ahalegin alaietan, plisti-plasta egindako ibilaldietan eta borroka-saio jostarietan, ordu-mugarik gabe eguzkitan luze etzanda, edo uraren azal ukiezinean txilioka emateko ordu luze edo labur haiei. Bitxia egiten zen haiek ikustea, hain ume, hobiratze fikziozko baten, hareazko jauregi baten gordeleku aparteko horren bila zabaldi hartan. Orain umeak bazihoazen eta hoteleko ostatari helduak zetozen.

        Zigarro bat piztu eta bere burua prestatu zuen zenbait hilabetez geroztik eguneko estreinako ke-ahokadaz batera beti etortzen zitzaion zorabio arina irozotzeko. Begirada jantokitik urrun, hondartza muxarratuaren kurbarantz zuzendu zuen, belaontzi eta aktibitate murmurio gero eta ozenagoaz zegoen zipriztindua hondartza eta ozeano zabalaren muturretik hasi eta badiaren erdi-ilargi batueneraino herrestatzen zen aparretan. Senar-emazte bikote ezagun bat albotik pasatu eta keinu batez agurtu zuen. Berak burua makurtu eta beste aho bete ke hartu zuen.

        Areagotu egin ziren jantokiko hotsak: mahai-tresnak plateretan, katilu barruetan irabiaturiko koilaratxoak, botila irekiak eta ur mineralaren burbuila hotsa, lekura ekarritako aulkiak, bikoteen, turista taldeen solasak. Eta olatuen murmurio gero eta ozenagoa, giza murmurioak gaina har ez ziezaion oldartsu. Mahaitik, Acapulcoko aurrealde moderno berriaren lautada ikusten zen, arrapalada batean altxaturiko aurrealdea, gerrak Waikiki, Portofino edo Miarritze gabe utzi zituen hainbat eta hainbat bidaiari iparramerikarren erosotasuna asetzeko, eta baita ezkutatzeko ere barruko arrantzale biluzien patio txikia, lupeztua, eta bertako txabolak ume tripatsuekin, txakur ezkilatsuekin, ur beltz, trikina eta bazilodun errekastoekin. Beti denbora biak, aurpegi biko, izan zen harekin hain zerikusi gutxiko eta izan nahi duen horrekin ere hain zerikusi gutxiko janiar komunitate horretan.

        Erretzen ari zen, eserita, apur bat sorgortuta zituen hankak, jada ez baitzuten, ezta goizeko hamaiketan ere, udako arropa hori jasaten. Disimuluan belauna igurtzi zuen. Barruan zuen hotzen bat izango zen; izan ere, goiza argi biribil bakar batean lehertzen zen eta eguzkiaren burezurrak penatxo laranja batekin egiten zuen bor-bor. Eta une hartan Lilia sartu zen, begiak betaurreko ilunen atzean gordeta. Bera zutitu egin zen, eta jarlekua hurbildu neskari. Keinu egin zion zerbitzariari. Senar-emazte ezagunen txutxu-mutxua igarri zuen. Liliak papaia eta kafea eskatu zituen.

        — Ondo lo egin duzu?

        Baietsi egin zuen neskak, ezpainak bereizi gabe irribarre egin eta ferekatu gizonaren esku iluna, mantelaren gainean ezarria.

        — Iritsi ote dira Mexikoko egunkariak? —esan zuen fruta-xerra zatitxoetan mozten zuela—. Joango zara begiratzera?

        — Bai. Bizkortu, hamabietan yatean egon behar dugu eta.

        — Non bazkalduko dugu?

        — Klubean.

        Gizona harrera-lekura joan zen. Bai, atzokoa bezalako eguna izango zen gaurkoa ere, elkarrizketa zailekoa, galdera-erantzun aspertukoa. Baina gaua, hitzik gabe, bestelakoa zen. Zer gehiago eskatu behar zuen? Kontratuak, isilekoa berau, ez zuen benetako maitasunik eskatzen, ezta gustuetan bat etortzerik ere. Berak neska bat nahi zuen oporretarako. Bazuen. Astelehenean dena amaituko zen, ez zuen berriz ikusiko. Nork eskatuko zuen, bada, gehiago? Egunkariak erosi eta flanelazko prakak janztera igo zen.

        Autoan, Lilia egunkarietan murgildu zen eta zine-berriren bat edo beste aipatu zuen. Bere hanka beltzaran haiek gurutzatu eta zapatiletako bat utzi zuen dilindan. Berak goizeko hirugarren zigarroa piztu zuen; ez zion esan egunkari hura Berak ateratzen zuenik; denbora-pasa, eraikin berrien gaineko iragarkiei begira jarri zen, eta begira halaber, hamabost solairuko hotel eta hanburgesa-jatetxetik hasi eta mendi soildu hartaraino zihoan iragaite bitxi hari; pala mekanikoak erraiak agerian uzten zizkion mendiari eta bere sabel gorrixka iraultzen zuen gero errepidean gainera.

        Liliak itsasontzi bizkarrera txairoki jauzi egin eta Berak, oreka gordetzen saiatu ondoren, azkenean oina yatean jartzea lortu zuenerako, bertan zegoen bestea, eta huraxe izan zen, eskua eman ziena, kai balantzatsutik igaro zitezen.

        — Xavier Adame.

        Ia biluzik, bainujantzi labur-labur bat zuen eta aurpegi-azala iluna, olioztaturik begi urdin eta bekain lodi eta jostari haien inguruan. Eskua luzatu zuen, otso errugabearena zirudien mugimendu batez: ausarta, xaloa, ezkutua.

        — Rodrigo jaunak esan du ea axola ez zaizuen nirekin batera ontzian joatea.

        Berak ondo zela esan eta leku bat bilatu zuen kabina itzalpetuan. Adamek Liliarekin ziharduen:

        — ...duela aste bat eskaini zidan agureak eta ahaztu egin zaio...

        Liliak irribarre egin zuen eta eskuoihala zabaldu popa eguzkituan.

        — Ez al duzu ezer nahi? —galdetu zion gizonak Liliari itsasontziko zerbitzaria edari eta zizka-mizken gurditxoaz ondoratu zitzaienean.

        Liliak, etzanda, ezetz esan zuen atzamarraz. Berak gurditxoa hurreratu eta hiruzpalau almendra jan zituen zerbitzariak gin-and-tonica prestatu bitartean. Xavier Adame kabinaren toldo gainera joan zen. Haren pauso hots sendoak aditu ziren, elkarrizketa labur bat gero kaiko norbaitekin eta jarraian toldo gainean etzan zen gorputzaren mugimendua.

        Yate txikia astiro-astiro atera zen badiatik. Berak bere txapel bisera gardenekoa hartu, eta makurtu egin zen gin-and-tonic edateko.

        Beraren parean, eguzkiak Lilia gantzutzen zuen. Neskak bularretakoaren korapiloa askatu eta bizkarra eman zion. Haren gorputz osoak poz-imintzio bat egin zuen. Beso biak jaso eta bere adats askea, kobre-koloreko adats distiratsua, lotu zuen garondoan. Izerdi xehe-xehe bat irristatzen zitzaion lepotik behera, limurtasun puntu bat emanez besoetako haragi guri biribilari, bi erdi garbitan banaturiko bere bizkar lisoari. Berak kabina barrenetik begiratzen zion. Orain loak hartuko zuen goizeko jarrera berean. Burua sorbalda gainean, belaun bat tolesturik. Besapeko ileak kendu zituela ikusi zuen. Motorra martxan jarri eta olatuak gandor azkar bitan zabaldu ziren, eta euri xehe gazi, berdintsu, ebaki moduko bat harrotu zuten, zeinak Liliaren gorputza busti zuen. Itsas urak bainu-prakatxoa busti zuen eta aldaketara itsatsi eta ipurmasailen artean sartu. Kaioak ontzi azkarrera hurbildu ziren, kirrinka batean, eta Berak astiro-astiro zurrupatu zituen edariko lastotxoak. Gorputz gazte hark, kitzikatu beharrean, eutsi behar, doitasun gaizto moduko bat eragiten zion. Jolas egiten zuen, kabina barrenean olanazko aulkian eserita, gau isil eta bakartirako, iluntasunak gorputzak irentsi eta edozein konparaketari ateak itxiko zizkionerako, desirak luzatzera, biltzera. Gauez, emakumearentzat esku adituak, patxadaren eta ezustearen maitaleak baino ez zituen izango. Begirada jaitsi eta beste adin batzuetako indar eta artegatasun hura ordezten zuten zain berdexka, lodiko esku beltzaran haiek ikusi zituen.

        Itsaso zabalean zeuden. Kosta inor gabe, txara lardaskatuz eta haitzezko gotorlekuz beteriko hark, distira bipila zabaltzen zuen bere baitan. Bira egin zuen yateak itsaso haserrean, eta olatu batek zapart egin zuen, eta busti Liliaren gorputza: alaiki oihu egin zuen eta bularra, titi gogorrak torlojuen gisara estutzen zituztela ziruditen botoi arrosek geldituriko bular hura, jaso. Berriro etzan zen. Zerbitzaria bandeja usaintsu bat okaran mailatu, mertxika eta laranja zuriturekin hurbildu zen. Berak begiak itxi eta pentsamenduak ezarririko irribarre zail bati zabaldu zion bidea: gorputz laban hark, gerri estu hark, izter bete haiek ere, artean, txiki-txikia zen zelula batean zeramaten gordeta, denboraren minbizia. Edertasun ilauna, zertan izango zen desberdin, zenbait urte barru, orain bere egiten zuen beste gorputza horretatik? Hilotza eguzkitan jariatzen olioa eta izerdia, izerditzen gaztaro arina, begi itxi-ireki batean galdutako gaztaroa, kapilaritate zimela, erditzeek eta lurreko iraute hutsak, iraute itogarriak eta betiko ohikeriek, behin eta berriz errepikatuek, orijinaltasun gabekoek, higaturiko izterrak. Begiak zabaldu zituen. Emakumeari begiratu zion.

        Xavier toldotik behera jaitsi zen. Berak zango iletsuak ikusi zituen agertzen, sexu gordearen korapiloa gero, bular sutsuak azkenik. Bai: otso baten antzo zebilen, kabina irekira sartzeko makurtu eta mertxika bi hartu zituenean izotz-azpil baten gaineko ontzitik. Irribarre bat eskaini, eta fruta eskuan irten zen. Liliaren aurrean jarri zen kokoriko, hankak neskaren aurpegiaren aurrean zabalik; sorbalda ukitu zion. Liliak irri egin eta eskainitako mertxiketariko bat hartu eta hitz batzuk esan zituen, Berak ez zituen motorrak, haizeak, olatu arinek itotako hitz haiek ulertu. Orain aho bi haiek aldi berean mastekatzen zuten, eta kokotsetatik behera zerien mertxiken zukua. Sikiera... Bai. Gizon gazteak hankak itxi zituen, eta etzan egin zen, hankok luzatuz, ababor aldera. Jaso zituen begi irribarretsu haiek, begitartea zimurtuz, eguerdiko zeru zurira. Liliak hari begiratu eta ezpainak mugitzen zituen. Xavierrek zerbait adierazi, besoa mugitu eta kostarantz seinalatu zuen. Lilia leku hartarantz begiratzen ahalegindu zen, bularrak estaliz. Xavier berriz hurbildu zitzaion eta barre egin zuten biek oihalezko bularretakoa lotu zionean, eta emakumea eseri egin zen bularra heze eta zertzelatuta, eta bekokira eraman zuen esku bat ikusteko zer zen Xavierrek han, oihan tapituaren erdian, maskor beilegi baten antzo zetzan hondartza haren lerro urrun hartan, seinalatzen zuen hura. Xavier zutitu eta agindu bat oihukatu zion lemariari. Yateak beste biraketa bat egin eta hondartzarantz hartu zuen. Emakumea ere ababorrera etzan zen eta poltsa hurreratu eta zigarro bat eskaini zion Xavierri. Berriketan ari ziren.

        Berak bi gorputzak ikusten zituen, elkarren ondoan eserita, paretsuak biak ilunean, paretsuak biak leunean, burutik hasi eta hanka luzatuetara etenik gabeko lerro bakar batez egindakoak biak. Egonean biak baina nahitaezko itxaroteagatik artega; ezohikotasunak, beren buruak probatzeko, erakusteko seta ia guztiz agerikoak elkarrengandik hurbil sentiarazten zituen. Lastotxoak zurrupatu eta betaurreko beltzak jantzi zituen, betaurrekoek eta txapel biseradunak mozorrotu egiten zioten ia aurpegia.

        Berriketan ari ziren. Mertxika hezurra ahoan ibiltzeari utzi zioten eta zera esango zuten:

        «Gozo dago»,

        edo beharbada,

        «Gustatzen zait...»,

        inork lehenago esan gabekoa, gorputzek, bizitza hasi berri zuten izateek, esana. Esango zuten...

        — Nola ez dugu lehenago elkar ikusi? Ni beti ibiltzen naiz klubean...

        — Ez, ni ez... Tira, bota ditzagun hezurrak. Bat, bi eta...

        Ikusi zituen hezurrak aldi berean botatzen, berarenganaino iritsi ez zen barre bat lagun; ikusi zuen besoen indarra.

        — Irabazi egin dizut! —esan zuen Xavierrek hezurrek ura, zaratarik gabe, yatetik urrun, jo zutenean. Emakumeak barre egin zuen. Etzan egin ziren berriro.

        — Gustukoa al duzu eskiatzea?

        — Ez dakit.

        — Tira, neuk irakatsiko dizut...

        Zer esango zuten? Eztul egin eta gurditxoa hurbildu zuen beste edari bat prestatzeko. Xavierrek jakingo zuen Liliak eta Berak zer nolako bikotea osatzen zuten. Emakumeak bere istorio labur eta gordina kontatuko zion. Gizonak sorbaldak harrotuko zituen, behartuko zuen otso-gorpua hautatzera, gau baterako behinik behin, aldatzeko. Baina maitatu... maitatu...

        — Kontua da besoak artez mantentzea, hara?, besoak ez tolestea...

        — Lehenengo zuk nola egiten duzun ikusiko dut...

        — Noski. Itxaron hondartzara heldu arte.

        A, bai! Gaztea eta aberatsa izatea.

        Ontzia hondartza ezkututik metro gutxira gelditu zen. Kulunkatu egin zen, nekatuta, eta gasolina hatsa jaulki zuen, kristal berde eta hondo zuriko itsasoa zikinduz. Xavierrek eskiak hartu eta uretara bota zituen; murgildu egin zen gero, azaleratu irribarretsu eta eskiak jantzi.

        — Bota soka!

        Neskak eskulekua bilatu eta gazteari jaurti zion. Yatea martxan jarri zen berriro, eta Xavier uretatik jaiki zen, ontziaren lorratzaren atzetik, beso bat agur egiteko jasota, eta Liliak gazteari begiratzen zion eta Berak gin-and-tonic edaten zuen: gazte biak bereizten zituen itsas tarte hark misterioski elkartzen zituen aldi berean; estaltze estu-estu batek baino hertsiago elkartzen zituen eta hurbiltasun geldi batean tinkatzen, ontzia Ozeano Barea zeharkatzen ari ez balitz bezala; Xavier betiko zizelkatu den estatua bat balitz bezala, ontziak herrestan eramana; Lilia olatu baten, edozein olaturen, gainean geldi geratu izan balitz bezala. Olatuak, itxura batean berezko sustantziarik gabeak, harrotu egiten ziren, lehertu egiten ziren, hil, berriro ere bagak osatzen —beste batzuk, lehengo berak—, beti arian, beti berdin denboratik at, eta denbora beren buruaren ispilu zen, sorreraren olatuen ispilu, milurteko galduarena eta etorkizuneko milurtekoarena. Besaulki apal eta eroso hartan hondoratu zuen gorputza. Zer aukeratu behar zuen orain? Nola itzuri zori hartatik, bere borondatearen eskumenari ihes egiten zioten premiez beteriko zori hartatik?

        Xavierrek euskarria askatu eta hondartza aurreko itsasora egin zuen jauzi. Lilia uretan murgildu zen hari begiratu gabe, Berari begiratu gabe. Baina iritsiko zen azalpena. Zein? Liliak Berari azalduko zion? Xavierrek azalpen bat eskatuko zion Liliari? Liliak emango zion azalpen bat Xavierri? Liliaren burua, eguzkiak eta itsasoak mila beta bereziz argituta, uretan gaztearen aldamenean agertu zen unean, jakin zuen, inor, Bera salbu, ez zela ausartuko azalpen txikienik ere eskatzera; han behean, badia garden horretako itsaso barean, inork ez zituela arrazoiak bilatuko edota saihestezinezko bat-egitea geraraziko, inork ez zuela okertuko zena, izan behar zuena. Zer zen eragozpen gazte bien artean? Polo-alkandora, flanelazko prakak eta txapel biseraduna jantzita besaulkian hondoraturiko gorpu hau? Ezintasunezko begirada hau? Han behean, gorputz biak isilean egiten zuten igeri eta karelak ez zion uzten gertatzen zena ikusten. Xavierrek txistu egin zuen. Yatea martxan jarri zen, eta Lilia agertu zen, une batez, itsasoaren azalean. Erori egin zen; gelditu yatea. Barre biribilak, zabalak, heldu zitzaizkion belarrietaraino. Ez zuen inoiz Lilia horrela barreka entzun. Orduantxe jaio izan balitz bezala, atzerik ez balego bezala, beti atzea, historia- eta istorio-hilarriak, lotsa zakukadak, emakumeak aurrera eramandako egintzak, Berak.

        Denek. Horixe zen hitz onartezina. Denek aurrera eramandakoak. Begitarte garratzak ezin izan zion hitz hari eutsi, hitz hark gaindu egiten zuen, apurtu egiten zituen boteraren eta erruaren bitarteko guztiak, besteak mende izatearenak, besteak, edozein, beretzat hartu zuen, Berak erosi zuen neska hura, eta sartu egintza komunen, patu berdintsuen, jabetza zigilurik gabeko esperientzien mundu zabal batean. Orduan, emakume hori ez zen betiko markatuta gelditu? Ez zen izango, betiko, Berak aldi baterako beretzat harturiko emakume bat? Ez zen hori izango haren definizio eta halabeharra: izan zena izatea une jakin batean berea izan zelako? Ahal zuen Liliak maitatu Bera bere bizitzan inoiz egon izan ez balitz bezala?

        Agondu egin zen, poparantz joan eta oihukatu:

        — Berandutzen ari da. Klubera itzuli behar dugu garaiz bazkaltzeko.

        Sentitu zuen bere aurpegia, bere gorputz osoa, zurrun eta almidoi zurixkaz estalita konturatu zenean inor ez zela bere oihuaz jabetu; izan ere, nekez entzun zezaketen ur urdinxkan, bigarren aire geruza batean hegan baleude bezala, paraleloan, elkar ukitu gabe, igerian ari ziren gorputz arin bik.

        Xavier Adamek kaian utzi zituen eta yatera itzuli zen: eskiatzen segitu nahi zuen. Brankatik egin zien agur. Brusa astindu zuen eta haren begietan ez zen ageri Berak ikusi nahiko zukeen ezer. Bazkalorduan, badia ertzean, palmazko sabaipean, Liliaren begi marroietan Berak ikusi nahiko zukeen ezer aurkitu ez zuen bezalaxe. Xavierrek ez zuen galdetu. Liliak ez zuen kontatu Berak, Vichysoisse haren zapore ezberdinak bereizi bitartean, bere barnerako aho-gozatzen zuen melodrama-istorio triste hura. Erdi mailako senar-emazte batzuk, senarra ohiko gizon zakarra, arra, zigortzailea, gizagaixoa; dibortzioa eta putetxeak. Pozik kontatuko zion —a, agian kontatu egin beharko zion— Xavierri. Zaila egiten zitzaion, alabaina, istorioaz oroitzea, itzuri egin baitzen Liliaren begietatik, arratsalde hartan, iraganak goiz hartan emakumearen bizitzatik alde egin izan balu bezala.

        Baina orainak ezin zuen alde egin, oraina bizitzen ari ziren-eta, lastozko besaulkietan eserita eta mekanikoki jaten bazkari zehatz ordenatua: Vichysoisse, otarraina, Côtes du Rhone, Baked Alaska. Hantxe zegoen eserita emakumea, Berak ordaindua. Marisko-sardexkatxoa ahorako bidean gelditu zuen: Berak ordaindua, baina bazihoakion. Ezin zuen berriro izan. Arratsalde hartan, gauean bertan, Xavier bilatuko zuen, isilean elkartuko ziren, jarrita zuten zegoeneko hitzordua. Eta Liliaren begiek, belaontzi eta ur loaren ikuspegian galduta, ez zuten ezer esaten. Baina Berak atera ziezaiokeen, zaputzaldi bat itxuratu... Faltsu, ezeroso sentitu zen eta otarraina jateari ekin zion... Baina zein bide... bere borondateari gehiago egiten zion halabeharreko enkontrua... A, astelehenean dena amaituko zen, ez zuen berriro ikusiko, ez zuen berriro bilatuko ilunetan, biluzik, ziur izaren artean epeltasun etzan hura aurkituko zuela, ez zuen berriro...

        — Ez zara logura? —xuxurlatu zuen Liliak postrea ekarri zietenean—. Ardoak ez al zaitu logaletzen?

        — Bai. Apur bat bai. Hartu.

        — Ez; ez dut izozkirik nahi... Siesta egin nahi nuke.

        Hotelera iritsi zirenean, Liliak atzamar-keinu batez egin zion agur, eta Bera hiribidearen beste aldera pasatu zen eta palmondoen abaroan aulki bat jartzeko agindu zion mutiko bati. Lana izan zuen zigarroa pizteko: haize ikusezin bat, arratsalde sargori hartan leku jakinik gabea, etorri, eta pospoloak itzaltzen zizkion setatsu. Une hartan berarengandik hurbil zenbait bikote gazte siesta egiten ari zen, besarkatuta, batzuek elkarri lotuta zituztela hankak, beste batzuek gordeta buruak eskuoihalpean. Lilia jaits zedila hasi zen desiratzen, eta burua etzan zezala belaun flanelaz jantzikoetan, meheetan, gogorretan. Sufritzen ari zen edo minduta, nahigabetuta, zalantzatsu zegoen. Sufritu egiten zuen ukitu ezin zuen maitasun haren misterioarekin. Sufritu konplizitate haren oroimenarekin, bat-bateko konplizitatea, hitzik gabekoa, beren artean berez ezer adierazten ez zuten jarrerez hitzartutakoa, baina olanazko aulkian hondoraturiko gizon haren aurrean, biseraren, betaurreko beltzen atzean hondoraturiko gizon haren aurrean... Etzanda zegoen nesketariko batek nagiak atera zituen besoen erritmo nakarra lagun, eta kidearen lepora hasi zen eskuaz, harea-euri xehe-xehea isurtzen. Garrasi egin zuen, mutilak bere onetik irtenda dagoenarena eginez kolpean zutitu eta gerritik heldu zionean. Bira-biraka joan ziren biak hareatik; neska zutitu egin zen eta korrika hasi; mutila atzetik, harik eta neska arnasestuka, urduri, berriz atzitu eta besoetan hartuta itsasora eraman zuen arte. Berak italiar zapatilak erantzi zituen eta harea beroa sentitu zuen oinpeetan. Hondartza alderik alde, amaitu arte, bakarrik, zeharkatu. Begirada bere oin-marketan itsatsirik joan, ohartzeke itsasaldiak ezabatu egiten zituela eta oin-marka oro zela bere buruaren lekuko bakarra, ilauna.

        Eguzkia begien parean zuten.

        Maitaleak itsasotik irten ziren —Berak, aztoratuta, ezin izan zuen, ia-ia hondartzaren bistara ekarririko, baina mendebaldeko itsas zilarrezkoaren izarek babesturiko koito haren iraupena neurtu— eta uretara sartzerako jolas-gogo erakustaldi hura, orain, zera besterik ez zen, buru bi isilean lotuta eta begirada jaitsi hura neska ederrarengan, beltzaranarengan, gaztearengan... Gaztearengan. Gazteak berriz etzan ziren, hain hurbil berarengandik, eta eskuoihal berarekin estali zituzten buruak. Gauetik, tropikoko gau geldotik ere babesten ziren. Aulkiak alokatzen zituen beltza eserlekuak batzen hasi zen. Bera zutitu eta hotelerantz abiatu zen.

        Igo aurretik igerilekuan bainu bat hartzea otu zitzaion. Ur-deposituaren ondoko aldagelara sartu zen, eta berriro erantzi zituen, banku batean eserita, zapatilak. Bezeroen arropa gordetzeko burdinazko armairuek tapatu egiten zuten. Oin-hots hezeak aditu ziren gomazko alfonbran, bere bizkarrean; arnasarik gabeko ahots batzuek barre egin zuten; gorputzak lehortu zituzten eskuoihalekin. Berak polo-alkandora erantzi zuen. Armairuaren beste aldetik, izerdi, tabako beltz eta kolonia-ur usain sarkorra zabaldu zen. Ke ahokada bat igo zen sabairantz.

        — Gaur ez dira ederra eta piztia agertu.

        — Ez, gaur ez.

        — Zer da ederra emakumea...

        — Lastima. Alproja horrek ezin izango dizkio nahiak egin.

        — Apoplexiak jo eta seko geldituko litzateke.

        — Ziur. Tira, azkar.

        Berriro irten ziren. Berak zapatilak jarri, eta alkandora erdi jantzian atera zen.

        Eskaileratik joan zen logelara. Atea zabaldu zuen. Ez zegoen zertan harritu. Siestako ohe nahasia han zen, baina Lilia ez. Gelaren erdian gelditu zen. Haizegailua zopilote atzitu baten antzera bira eta bira ari zen. Kanpoaldean, terrazan, kilker eta ipurtargi beste gau bat. Beste gau bat. Leihoa itxi zuen usaina irten ez zedin. Atzeman egin zuten zentzumenek perfume bota berriaren, izerdiaren, eskuoihal bustien, kosmetikoen usaina. Ez ziren horiek haien izenak. Burkoa, zapal oraindik, lorategia, fruta, lur bustia, itsasoa zen. Tiraderaraino joan zen astiro-astiro; emakumeak tiradera hartan... Eskuetan hartu zuen zetazko bularretakoa, masailera eraman. Bizar berriak lauskitu egin zuen. Prestaturik egon behar zuen. Bainatu egin behar zuen, bizarra berriz kendu gauerako. Eskuetakoa askatu eta abiatu egin zen, beste pausaje batez, pozik berriro, komunerantz.

        Argia piztu zuen. Ur beroari eman zion. Alkandora komun-ontziaren tapa gainera jaurti zuen. Botika-kutxa zabaldu zuen. Gauza haiek, bienak ziren gauza haiek, ikusi zituen. Hortzetako pasta tutuak, bizarra kentzeko krema mentolduna, kareizko orraziak, cold cream, aspirina-tutua, bihotzerrerako pilulak, tapoi higienikoak, izpiliku-ura, bizar xafla urdinak, brillantina, koloretea, espasmoetarako pilulak, gargarak egiteko likido horia, preserbatiboak, magnesia esnea, banda itsaskorrak, iodo botila, shampoo flaskoa, pintzak, azazkaletarako artaziak, ezpainetarako lapitza, begietarako tantak, eukaliptozko sudur-hodia, eztulerako xarabea, desodorantea. Labana hartu zuen. Hainbat eta hainbat ile marroi, lodi, xaflaren eta aitzurraren bitartean itsatsita. Gelditu egin zen, bizar-labana eskuetan. Ezpainetara hurreratu eta itxi egin zituen, nahigabe, begiak. Zabaldu zituenean, agure begi gorritu hark, masailalbo zuri hark, ezpain zimel hark, lehengo beste hura, lehen atzemandako erreflexu hura ez zen hark, keinu egin zion ispilutik.

 

 

NIK ikusi egiten ditut. Sartu egin dira. Zabaldu, itxi egiten da kaobazko atea, eta oin-hotsak ez dira alfonbra lodian entzuten. Leihoak itxi dituzte. Zarratu, zurrumurru batez, gortina grisak. Nik zabaltzeko, leihoak zabaltzeko eskatu nahiko nieke. Mundu bat dago hor kanpoan. Haize altu hori dago, mesetakoa, eta zuhaitz beltz eta mehe batzuk astintzen ditu. Arnasa hartu beharra dago... Sartu egin dira.

        — Hurbil zaitez, laztana, ezagut zaitzan. Esaiozu nor zaren.

        Usain ona du. Usain gozoa du. A, bai, oraindik atzeman ditzaket masaila isiotuak, begi dirdaitsuak, atzeman pauso etenez nire ohera hurbiltzen ari den gorputz gaztea, liraina oso-osorik.

        Ni... ni Gloria naiz...

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        — Ikusi nola amaitu zuen? Ikusi, ikusi? Nire nebaren moduan. Horrelaxe amaitu zuen.

        — Hobeto sentiarazten zaitu? Ekin.

        — Ego te absolvo...

        Billete eta bonu berriek nire moduko gizon batek eskuetan hartzen dituenean ateratzen duten hots freskoa eta gozoa. Aire girotua, taberna, telefonoa, gerrirako kuxinak eta oinetarako aulkitxoak dituen beren-beregi egindako luxuzko auto baten irteera leuna, e, apaiz jauna, e?, baita han goian ere, e? Eta zeru hori, gizakiak norberaren mende izatea den zeru hori, norberaren mende, aurpegi ezkutuko, izen ahaztuko hamaika eta hamaika gizaki: meategiko, lantegiko, egunkariko mila nominetako abizenak: aurpegi anonimo hori, zeinak nire urtebetetze egunean zorion abestiekin iratzartzen nauen, zeinak hondeaketa lanak ikuskatzera noanean begiak kaskopean gordetzen dituen, zeinak lursailetan barrena nabilenean begirunea erakusteko garondoa makurtzen duen, zeinak oposiziokoen aldizkarietan karikaturizatzen nauen: e, e? Hori bai dago, hori bai da nirea. Hori bai da Jainkoa izatea, e?, beldurra eta gorrotoa eta dena delakoa eragitea, hori bai da Jainkoa izatea, benetan, e? Esadazu hori guztia nola salbatu eta zure zeremonia horiek guztiak betetzen utziko dizut, bularra zigortuko dut, santutegi bateraino joango naiz belauniko, ozpina edango dut eta arantzak jarriko ditut buruan. Esadazu hori guztia nola salbatu, izan ere, espiritua...

        — ...semearen eta espiritu santuaren izenean, amen...

        Hantxe darrai, belauniko, aurpegi garbitua aldean. Bizkarra ematen saiatzen naiz. Alboko minak ez dit uzten. Aaaaaaai. Honezkero amaituko zuen. Barkatuta egongo naiz. Lo egin nahi dut. Hemen dator min ziztada. Hemen dator. Aaaa-ai. Eta emakumeak. Ez, horiek ez. Emakumeak. Maitatzen dutenak. Nola? Bai. Ez. Ez dakit. Aurpegi hura ahaztu dut. Jainkoarren, aurpegia ahaztu dut. Neurea zen, nola ahaztuko dut.

        «— Padilla... Padilla... Deitu albiste buruari eta gizarte-kronikez arduratzen den andreari.»

        Zure ahotsa, Padilla, zure ahotsa hanpaturik iristen da interfono horretatik...

        «— Bai, Artemio jauna. Artemio jauna, presazko arazo bat dago. Indio horiek bazterrak nahasten dabiltza. Zure basoak mozteagatik zor zaiena ordaintzea nahi dute.

        »— Zer? Zenbat da?

        »— Milioi erdi.

        »— Hori da dena? Esaiozu herri-lurren arduradunari ipin ditzala indiook beren lekuan, horretarako ordaintzen diot eta. Horixe behar genuen...

        »— Mena dago hemen. Zer esango diot?

        »— Esan sartzeko.»

        A Padilla, ezin ditut begiak zabaldu eta zu ikusi, baina zure pentsamenduak, Padilla, ikus ditzaket, min-mozorroaren atzean: azkenetan dagoen gizonari Artemio Cruz deritzo, Artemio Cruz besterik gabe; horixe da hilzorian dagoen bakarra, e?, ez beste inor. Beste heriotzak atzeratuko dituen zorte moduko bat da. Oraingo honetan Artemio Cruz hilko da. Eta baliteke heriotza hori beste heriotza baten ordez izatea, beharbada zurearen ordez, Padilla... A. Ez. Badut Nik oraindik zer egin. Ez zaitezte horren ziur egon, ez...

        — Esan dizut nik itxurak egiten ari zela.

        — Utziozu atseden hartzen.

        — Itxurak egiten ari dela diotsut!

        Ikusi egiten ditut, urrunetik. Atzamarrek presaka zabaltzen dute bigarren hondoa, behealdetik begirunez lerraraziz. Ez dago ezer. Baina besoa astintzen dut eta artezko horma, logelako alde bat oso-osorik hartzen duen armairu luze hori, seinalatzen diet. Emakume biak armairurantz doaz arineketa batean, zabaltzen dituzte ate guztiak, alboratzen dituzte gako guztiak; gakoetan traje urdinak daude, marradunak, botoi bikoak, irlandar bilodunak, eta ez dira konturatzen horiek ez direla nire trajeak, nire arropak etxean ditudala, eta Nik, ia mugitu ere ezin ditudan esku biez, adierazten diet agiria trajeren baten eskuineko barne sakelan egongo dela agian. Eta areagotu egiten da Teresa eta Catalinaren presa, erreparorik gabe miatzen dute jada, jaka hutsak alfonbra gainera jaurtitzen dituzte, denak arakatu eta niri begira geratzen diren arte. Ezin dut aurpegi serioagorik jarri. Kuxinen kontra nago jarrita eta arnasa neke handiz hartzen dut, baina nire begiradak ez du xehetasun txikienik ere galtzen. Zoli eta erne sentitzen dut begirada. Hurbiltzeko egiten diet eskuaz:

        — Gogoratzen naiz... zapata batean... orain ondo gogoratzen naiz...

        Emakume biak lau hankan, jaka eta praka zurruta haren gainean, aldaka zabalak niri eskaintzen, ipurmasailak arnasestu lizunaz mugitzen, nire zapata artean, eta une horretantxe, une horretantxe gozotasun garratzak nire begiak lausotzen ditu, eta bihotzera eramaten dut eskua eta betazalak ixten.

        — Regina...

        Emakume bien haserre eta ahaleginaren marmarra galduz-galduz doa iluntasunean. Ezpainak mugitzen ditut izen hura xuxurlatzeko. Jada ez da denbora handirik gelditzen, beste gizon hura, maite izan zuen beste gizon hura, gogora ekartzeko... Regina...

        «— Padilla... Padilla... Zerbait arina jan nahi dut... Ez dut sabela oso ondo. Lagun iezadazu horrekin amaitzen duzunean...»

        Nola? Egiten duzu aukeratu, eraiki, egin, gorde, jarraitu: besterik ez... Ni...

        «— Bai, laster arte. Agur.

        »— Ondo esanda, jauna. Erraza da horiek zapaltzea.

        »— Ez, Padilla, ez da erraza. Hurbil iezadazu azpil hori... hori, ogitartekotxoena... Ikusi dut Nik jende hori lanean. Aurrera egitea erabakitzen dutenean, zaila izaten da horiek gelditzea...»

        Nola zen abestia? Desterrado me fui para el Sur, desterrado por el gobierno y al año volví; ay qué noches tan intranquilas paso sin ti, sin ti; ni un amigo ni un pariente que se duela, sólo el amor, sólo el amor, de esa mujer, me hizo volver...

        «— Horrexegatik esku hartu behar da orain, orain, gureganako arrangura hasten denean, eta denak erro-errotik suntsitu. Ez dute antolakuntzarik eta dena, dena ari dira jokatzen. Hartu, hartu ogitartekotxoak, biontzat dago eta...

        »— Asaldura antzua...»

        Tengo mi par de pistolas con su cacha de marfil para agarrarme a balazos con los del ferrocarril yo soy rielera tengo mi Juan él es mi encanto yo soy un querer: si porque me ves con botas piensas que soy militar soy un pobre rielerito de ferrocarril central.

        «—Ez, arrazoi dute. Eta ez dute. Baina zuk, gaztetan marxista izan zinen horrek, hobeto jakingo duzu. Zuk, izan beldur gertatzen ari denari. Nik dagoeneko ez...

        »— Campanela hor kanpoan dago.»

        Zer esan dute? kistea? odoljarioa? etena? butxadura? zulaketa? bolbuloak? kolikoak?

        A, Padilla, botoi bat sakatu dut, nonbait, sartu egin zara-eta, Padilla, ez zaitut ikusten itxita baititut begiak, begiak itxita ditut nire betsarearen adabaki txiki horretaz, akasdunaz ez bainaiz jada fidatzen: eta begiak zabaldu eta betsareak ezer ez badu jasotzen, burmuinera ezer bidaltzen ez badu, zer?, zer?

        — Zabaldu leihoa...

        — Zeuri leporatzen dizut errua. Nire nebaren moduan.

        Bai.

 

 

ZUK ez duzu jakingo, ez duzu ulertuko zergatik Catalinak, zure ondoan eserita, oroitzapen hori, beste oroitzapen guztiei gaina hartu nahi dien oroitzapen hori, zurekin konpartitu nahi duen: Zu lur honetan, Lorenzo beste hartan?, zer da gogoratu nahi duena?, Zu Gonzalorekin presondegi honetan?, Lorenzo Zu gabe mendi hartan?: ez duzu jakingo, ez duzu ulertuko Zu hura zaren, hura Zu izango den, orduko eguna hura gabe bizi izan zenuen, harekin, hark zure ordez, Zuk haren ordez. Gogoratu egingo duzu. Bai, azken egun hartan Zu eta hura elkarrekin egon zineten —ez zuen, beraz, hark zure ordez, edota Zuk haren ordez hura bizi izan, elkarrekin egon zineten— leku hartan. Lorenzok galdetu zizun ea elkarrekin zindoazten itsasoraino; zaldiz zindoazten; galdetu zizun ea elkarrekin joango zineten, zaldiz, itsasoraino: galdetuko dizu ea non bazkalduko zenuten eta esan zizun —esango dizu— aita, egingo du irribarre, besoarekin batera eskopeta altxatuko du, eta ibitik irtengo da soina biluzik, eskopeta eta lonazko bizkar-zorroei goian eusten diela. Catalina ez da han egongo. Catalinak ez du hori gogoratuko. Horregatik ahaleginduko zara hori gogoratzen, Catalinak Zuk gogoratzea nahi duen hori ahazteko. Emakumea lau pareta haien artean biziko da eta dar-dar egingo du hura itzuliko denean, egun batzuetarako, Mexiko hirira, agur esatera. Agur esatera baino ez baletor. Emakumeak hori uste du. Hark ez du hori egingo. Baporea hartuko du Veracruzen, joan egingo da. Joan egingo zen. Emakumeak gogoratu beharko du logela hura, non, balkoi zabaldutik udaberriko haizea sartu arren, loaren humoreek bertan irauteko borrokari eusten zioten. Gogoratu beharko ditu ohe bananduak, gela bananduak, zetazko burkoak, gela banandu bietako izara nahasiak, koltxoietako sakonunea, ohe horietan lo egindakoen soslai tematsua. Catalinak ezin izango ditu gogoratu behorraren hankak, bitxi beltz biren antzekoak, erreka lokaztuak garbituak. Zuk bai. Ibaia pasatzerakoan, Zuk eta hark lur-espektro bat ikusiko duzue beste ertzean, goizaren hartzitze lanbrotsuaren gainean zutik. Eta sastraka ilunaren eta eguzki gartsuaren arteko norgehiagoka hori gauza guztien isla bikoiti bilakatuko da, umeltasunaren fantasma, argitasunari besarkaturik. Banana-usaina izango du. Cocuya izango da. Catalinak ez du inoiz jakingo Cocuya zer izan zen, zer den, zer izango den. Catalina ohantze ertzean eseriko da itxarotera, esku batean ispilua eta bestean orrazia hartuta, ezertarako gogorik gabe, ahoan behazunaren zaporea duela, eta erabakiko du horrela jarraituko duela, eserita, begirada galduta, gogogabeturik, eta bere baitan esango du horrelaxe uzten dutela beti iskanbilek: hutsik. Ez: Zuk eta hark, sentituko dituzue, eta ez beste inork, zaldiaren ferra-hotsak urertzeko lur porotsuan. Sentituko duzue, halaber, uretatik irtendakoan, oihanaren irakitearekin nahastutariko freskura, eta begiratuko duzue atzerantz: ikusiko duzue ibai geldo hori, goxo-goxo beste ertzeko likenei eragiten. Eta harago, loretan dauden tabachin-bidexkaren barrenean, berriz pintaturik, Cocuyako etxearen aurrealdea zelai gerizpetu batean. Catalinak behin eta berriz esango du: «Ene Jainkoa, nik ez dut hau merezi»; eta goratuko du ispilua, eta galdetu bere buruari ea Lorenzok irudi hori ikusiko ote duen datorrenean, inoiz etortzen bada: kokotsaren eta lepoaren deformazio gero eta ageriago hori. Konturatuko ote da laster betazalak eta masailak zeharkatuko dituzten zimur mozorrotuez? Ispiluan beste ile zuri bat ikusiko du eta atera egingo du. Eta Zu, Lorenzo zeure ondoan duzula, oihanean barrenduko zara. Zure aurrean semearen lepo biluzia ikusiko duzu, eta han ere mangladiaren itzalak eguzkiaren —hosto-sabai sarria zeharkatuko duten eguzki haren—, izpi bikortsuekin tartekatuko dira. Zuhaitzen sustrai potortuek lurrazaleko zarakarra zartatuko dute, eta azaleratuko dira indartsu eta oker, aihotzak zabalduriko bidean barrena. Bidexka bat, berriz ere lianaz endredatzeko denbora luzea beharko ez duen bidexka bat. Lorenzok tente egingo du trostan, burua mugitu gabe, euli astunak uxatzeko behorraren alboak astintzen dituela. Catalinak bere artean esango du semeak ez duela berarengan konfiantzarik izango, ez duela berarengan konfiantzarik izango lehen bezala, mutiko koskorra zeneko garaian bezala, ez badu ikusten, eta auhen egingo du, eta etzan egingo da, besoak zabalik, begirada lauso, eta zetazko zapatilak oinetatik itzuri daitezen utziko du, eta semearengan pentsatuko du, aitaren hain antzekoa, hain argala, hain iluna. Abar lehorrek ostots egingo dute zaldien ferrapean eta zelai zuri hura zabalduko da bere kanabera kulunkatsuen xerloekin. Lorenzok ezproiak sakatuko ditu. Bueltatuko du aurpegia, eta ezpainak bereiziz azaleratuko du irribarre bat, zeina zure begietara iritsiko den poz-oihu batek eta beso jasoak lagundurik: besoa indartsua, azala oliba-kolorekoa, irribarrea zuria, zeure gaztarokoak bezalakoak: zeure gaztaroa hari eta leku hauei esker gogoratuko duzu, baina ez diozu Lorenzori esan nahi izango lur horrek zuretzat zenbateko garrantzia duen, esanez gero, behabada, mutilaren afektua hertsatuko zenuke-eta: gogoratuko duzu oroimenaren barruan gogoratzeko. Catalinak, ohe gainean etzanda, gogoratuko ditu Lorenzoren haur-laztanak, Gamaliel zaharra hil ondorengo egun latzez geroztik, gogoratuko du umea bere ondoan belauniko, eta burua amaren altzoan pausaturik, eta nola berak bere bizi-poza deitzen zion, izan ere, mutikoa jaio aurretik, ez, ikaragarri sufritu zuen berak orduan, eta ezin ezer esan, betebehar sakratuak zituelako, eta mutikoak ezer ez zuela ulertzen begiratzen zion: zergatik, zergatik, zergatik. Zuk Lorenzo hona ekarriko duzu bizitzera, lur hau bere kabuz maitatzen ikas dezan, maitatzen ikas dezan Zuk zertan azaldu gabe zer arrazoik bultzaturik egin zenituen hain gogo gozoz etxearen horma kiskaliak berritu eta lautadako lurrak ereiteko prestatu. Ez zergatik, zergatik, zergatik gabe. Eguzkitara irtengo zarete, hegal zabaleko kapela hartu eta buruan jantziko duzu. Trosta biziak atmosfera geldi eta argitsuari lapurtutako haizeak ahoa beteko dizu, begiak, burua: Lorenzok aurrea hartuko dizu, hauts zuria harrotuz, soroen artean zabaltzen den bidean aurrera, eta haren atzetik zoazela, trostan, jakingo duzu biok gauza bera sentitzen duzuela: lasterketak zainak zabaltzen ditu, odola bizkortzen, bista zolitzen, eta hazten, lur zabal eta oparo honen aurrean. Gerora ezagutuko dituzun basamortuen eta lautaden aldean hain bestelakoa den lur hau; lauki gorri, berde, beltz handitan zatikatua; palmondo garaiez zipriztindua; lur ilun eta sakona, gorotz eta fruta-azal usainekoa. Eta lurrak bere zentzuak zaildurik itzultzen dizkie zure semearen eta zerorren zentzumen erne eta bipilei. Zuk eta zure semeak, trosta bizian joanez, sorgortasunaren ahanzturatik ateratzen duzue gorputzeko nerbio eta gihar txikiena ere. Zure ezproiek zaldiaren sabela urratuko dute, odola egin arte: Lorenzo lasterka-gose dela jakingo duzu. Mutikoaren begirada galdatzaileak Catalinaren esaldiak etengo ditu. Catalina gelditu egingo da, eta noraino hel daitekeen galdetuko dio bere buruari eta esango denbora kontua dela, bai, arrazoiak apurka-apurka azaltzen joatea, harik eta mutikoak ondo ulertuko dituen arte. Catalina besaulkian eserita eta mutikoa haren oinetan, belaunetan pausaturik besoak. Lurrak burrunba egingo du ferrepean; Zuk burua makurtuko duzu, burua zaldiaren belarrira hurreratu eta zaldia hitzez xaxatu nahiko bazenu bezala, baina zama hori dago, yaquiaren zama hori; yaquia zure zaldiaren hanken gainean etzango dute, ahuspez, eta beso bat luzatuko du zuri gerrikotik heltzeko: minak sorgortu egingo zaitu: besoa eta hanka zintzilik izango dituzu, sorgorturik, eta yaquiak han jarraituko du, zuri gerritik heldurik eta auhenka, aurpegia kongestionaturik: haitz tumuluak igaroko dituzue, eta bidean aurrera egingo duzue itzalen abaroan, mendi-arroilatik, eta ikusiko dituzue harrizko ibar itxiak, troka sakonak ubide ahaztuen gainean atseden hartzen, eta bideak, beren lahar eta sastrakez: nork gogoratuko du zurekin? Lorenzo Zu gabe mendi hartan? Gonzalo zurekin ziega honetan?:

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia