(1927: azaroak 23)

 

BERAK leihorantz zuzendu zituen begi berdeak eta besteak galdetu zion ea ezer ez zuen nahi eta Berak kliska egin eta leihorantz zuzendu zituen begi berdeak. Orduan besteak, zeina ordu arte oso, oso lasai egon zen, pistola atera zuen bortizki gerrikotik eta kolpe bat joz mahai gainean utzi zuen: Berak edalontzi eta botila dardara aditu zuen eta eskua luzatu zuen baina bestea jada irribarreka zen; irribarreka, keinu zakarrak, kolpeak eta kolpe horrek kristal urdinezko edalontzietan, botila zurietan izandako efektuak urdail ahoan eragindako sentsazio fisikoari Berak izen bat eman orduko. Baina besteak irribarre egin zuen, eta etxartetik auto bat igaro zen abiadura handian, txistu eta madarikazio artean, eta autoaren argiek bestearen burua —buru biribil hura—, argitu zuten. Besteak errebolberraren bala-lekua jiratu eta esan zion bi bala besterik ez zeudela, bala-lekua berriro jiratu, katua doitu eta armaren ahoa loki ondoan jarri zuen. Bera saiatu zen begirada aldaratzen, baina gelatxo hark ez zuen eskaintzen arreta bildu ahal izateko leku zehatzik: hormak biluzik, anilez pintatuta, eta zorua tezontle berdindukoa, eta mahaiak, aulki biak, gizon biak. Bestea zain egon zen, Berak begi berdeak gelatik zehar ibiltzeari utzi eta ukabilera, errebolberrera eta lokira noiz bihurtuko. Irribarreka, baina izerditan, eta Bera ere bai. Saiatu zen txalekoaren eskuineko poltsikoan zuen erlojuaren tiki-taka isilean bereizten. Beharbada bere bihotz taupadak baino astiroago joango zen; horrek ez zuen axolarik, pistolaren eztanda belarrietan zen-eta jada, lehendik, eta era berean isiltasunak gainerako zarata guztiak menderatzen zituen, baita errebolber baten balizko —artean ez— danbada ere. Bestea zain egon zen. Berak ikusi egin zuen. Besteak katua sakatu zuen eta klik lehor eta metaliko bat galdu zen isiltasunean, eta kanpoan gauak berdin-berdin segitzen zuen, ilargirik gabe. Bestea arma lokiaren kontra itsatsita zegoen, eta hasi zen irribarreka, irri-karkailaka: gorputz lodiak dar-dar egiten zuen barrutik, flan baten antzera, barrutik, kanpotik ez baitzen mugitzen. Horrelaxe egon ziren segundo batzuetan eta Bera ere ez zen mugitzen; goiz hartatik, zihoan lekura zihoala, berarekin zeraman intsentsu-usain hori arnasten zuen orain, eta irudizko ke hartatik barrena soilik ikusi ahal izan zuen bestearen aurpegia, zeinek barrutik barreka segitzen zuen, pistola berriz mahai gainean jarri, atzamar mozkote, horitu haiek luzatu eta su-arma poliki-poliki berarenganantz bultzatu aurretik. Bestearen begietako poz arre hura eutsitako malkoen iragarpena izango zen beharbada; Berak ez zuen jakin nahi izan. Arma lokira itsatsia zuen gorputz lodi haren irudiaren oroitzapenak —artean ez zen oroitzapen— min ematen zion sabelean; bestearen beldurrak, batez ere beldur eutsi hark, hesteak kizkurtzen zizkion eta ez zion hitz egiten uzten: akabua izango zen: lodia hilik zetzala Bera gela horretan aurkitzea, bere kontrako arrazoibide bat egotea. Pistola hura, Berak armairuko tiraderan beti gorde ohi zuen bere pistola hura zela jakin zuen, ez zen une hartara arte ohartu lodia berarenganantz zetorrela, atzamar, atzamar labur haiekin, heldulekua zapi horretan bilduta zegoela, eta zapia lurrera eroriko zela besteak... Baina erori ezean, begi bistakoa zen suizidioa. Norentzat? Polizia-komandante bat aurkitu da hilda gela huts batean etsaia aurrean duela. Nork hil zuen nor? Besteak gerrikoa lasaitu zuen eta trago batez edalontzikoa hustu. Izerdituta zituen besapeak eta izerdia zerion ere samatik behera. Atzamarrak, motxak laburraren laburrez, berari pistola ematen setatu ziren. Zer esango zuen? Bere aldetik frogatu beharrekoa frogatuta zegoela; Bera ez zen kikilduko?; ez, ezta? Berak galdetu zuen ea zer zen frogatuta zegoen hori eta besteak erantzun frogatuta zegoela bere aldetik arazorik ez zegoela, kontua hiltzea bazen bera ez zela kikiltzen, kontua ez zela amaierarik gabeko iji-aja hari ekitea eta gauzak horrelaxe zirela. Horrek ez bazuen konbentzitzen, ez zekien, bada, zerk konbentzi zezakeen. Froga bat zen —esan zion besteak— Berak euren taldera joan behar zuen froga; edo, bere taldekoren bat prest al zegoen akaso taldean nahi zutela erakusteko bizia arriskuan jartzeko? Lodiak zigarro bat piztu zuen eta beste bat eskaini zion berari, eta Berak berea piztu eta pospoloa hurbildu zuen lodiaren kafe aurpegira baina lodiak itzali egin zuen buhako batez eta Berak inguratuta sentitu zuen orduan bere burua. Pistola hartu zuen eta zigarroa dilindan utzi zuen edalontziaren ertzean, eta ez zen konturatu errautsa tekila barrura erori zela eta hondoan jalki. Pistola-ahoa lokiaren kontra sakatu zuen, baina ez zuen tenperaturarik sentitu, Berak hotza igarriko zuela pentsatu bazuen ere, eta gogoratu zuen hogeita hemezortzi urte zituela, baina horrek ez ziola inori ardura eta gutxiago lodiari eta are gutxiago berari.

        Eta goiz hartan bere gelako ispilu obalatu handiaren aurrean jantzi zen eta intsentsua heldu zitzaion sudurreraino eta Berak hura ez usaindua egin zuen. Baratzetik gaztaina usain antzeko bat ere iritsi zen, gaztaina usaina hileko lur lehor eta garbian. Gizon sendoa ikusi zuen, beso sendokoa, sabel lau eta gantzik gabekoa, gihar trinkokoa sexuko eta sabeleko ilea amaitzen zen zilbor ilunaren inguruan. Eskua masailalboetara eraman zuen, sudur kakodunera, eta berriro usaindu zuen intsentsua. Alkandora garbi bat hartu zuen armairutik baina ez zen konturatu errebolberra ez zela jada han, jantzi egin zen, eta gelako atea zabaldu zuen. «Ez dut astirik; benetan, ez dut astirik. Astirik ez dudala diotsut.»

        Baratzea landatuta zegoen ferra eta lis-lorea itxuratzen zuten apain-barazkiez, arrosondo eta zuhaixkez, eta zerrenda berdeak solairu bateko etxe hura inguratzen zuen, zeina florentziar estiloaren arabera eraiki zen, zutabe lerdenekin eta igeltsuzko frisoekin portikoaren sarreran. Kanpoko hormak arrosa kolorez pintatu ziren eta egongeletan, Bera goizean ibilitako egongela haietan, tenorearen argi nabarrak isolatu egiten zituen kriseiluen soslai zirriborrotsuak, marmolezko estatuak, belusezko gortinak, brokatuzko besaulki handiak, beira-arasak eta maite-besaulkien urrezko ertzak. Baina egongela barreneko albatearen ondoan gelditu zen, eskua brontzezko heldulekuan, eta ez zuen atea zabaldu eta jaitsi nahi izan.

        «Frantziara bizitzera joan ziren batzuena zen. Huskeria bat ordaindu genuen baina zaharberritzea garesti atera zitzaigun. Zera esan nion senarrari: utzi dena neuri, utzi dena neure kontu, neuk dakit-eta nola...»

        Lodiak salto egin zuen aulkitik, arin, haizez beteta, eta pistolari heltzen zion eskua alboratu zuen: tiroa ez zuen inork entzun, berandu zelako eta bakarrik zeudelako, bai, horregatik izango zen tiroa inork entzun ez izana, eta bala gelako horman —horma urdin hartan—, sartu zen, eta komandanteak barre egin eta esan zuen garaia zela jolasak, jolas arriskutsuak, uzteko: zertarako horrela ibili, dena erraz baino errazago konpondu ahal zenean? Erraz baino errazago, pentsatu zuen Berak; bada gauzak erraz konpon daitezen sasoia; ez al naiz inoiz lasai biziko?

        — Zergatik ez nauzue bakean uzten? Zergatik?

        — Hori dagoenik eta errazena da, ene adiskidea. Zeure esku dago.

        — Non gaude?

        Ez zen etorri; ekarri egin zuten; eta hirigunean bertan bazeuden ere, txoferrak zorabiatu egin zuen, ezkerrerantz hartu zuen, eskuinerantz, eta laukizuzeneko espainiar trazatu hura hurrupa hautemanezineko labirinto bihurtu zuen. Dena zen hautemanezina, bestearen esku labur eta ahul hura bezalatsu; besteak arma kendu zion, barreka beti, eta eseri egin zen, berriz ere astun, lodi, izerditsu, begiak distiratsu.

        — Ez al gara, bada, gu izorratzaile handienak? Badakizu zer? Hauta itzazu lagunak izorratzaile handienen artetik, haiek lagun dituzula ez baita izango izorratuko zaituen amaren umerik. Edan dezagun.

        Topa egin zuten eta lodiak esan zuen munduan izorratzaileak ez zirenak koldarrak zirela eta erabakia hartu beharra zegoela ja. Esan zuen, baita ere, pena handia litzatekeela diputatuak —Berak— erabakia garaiz hartzen ez jakitea; berak oso ausartak zirela, oso jende ona, eta denei ematen zietela hautatzeko okasioa, baina, denak ez zirela, ez, izaten diputatua bezain bizkorrak, gizonkerietan hasten zirela eta armak hartuta altxatzen, noiz eta hain gauza erraza baitzen lekua oharkabean bezala aldatu eta hurrengo goizean alde onean esnatu. Edo bandoz aldatzen zuen lehenengo aldia zuen? Non eman zituen, bada, azken hamabost urteak? Logura eragiten zion ahots hark; haragia bezain lodia, sugea bezain xuxurlari eta izutia: eraztun uzkurgarrizko eztarri bat, alkoholak eta habanar zigarroek leundua: —Nahi al duzu?

        Besteak adi-adi begiratu zion eta Berak segitu zuen gerrikoaren belarria ukitzen konturatu gabe, harik eta atzamarrak gerrikotik aldendu zituen arte, zilarrezko xaflak gogorarazten ziolako pistolaren hotza edo beroa, eta eskuak libre nahi zituelako izan.

        — Bihar fusilatuko dituzte apaizak. Hori ere adiskidantza-froga moduan diotsut, ziur bainago zu ez zarena buztanmengel horietakoa...

        Aulkiak baztertu zituzten. Bestea leihorantz joan eta beira jo zuen gogor hatz koskoez. Seinale bat egin zuen, eta bostekoa eman zion gero gizonari. Bestea atean geratu zen eta Bera kubo hatsitu eta ilun hartatik jaitsi zen, eta zakarrontzi bat irauli zuen, eta laranja azal ustelaren, egunkari umelaren sunda zabaldu zen. Atean zegoen gizonak atzamar bat kapela zurira eraman eta esan zion 16 de septiembre etorbidea hango aldean zegoela.

        — Zer uste duzu?

        — Bestearen aldera pasatu behar dugula.

        — Ba nik ez.

        — Eta zuk?

        — Nik entzun egiten dizuet.

        — Ez digu beste inork entzuten?

        — Saturno fidatzekoa da eta harenetik ez da zurrumurru bat ateratzen...

        — Eta ez badira ateratzen, neuk aterako ditut...

        — Buruzagia hartu genuen eta buruzagiarekin hondatuko gaituzte.

        — Harenak egin du. Berriak tranpa ezin hobea jarri dio.

        — Zer egitea diozu, orduan?

        — Orainera etorri behar dugu, niri iritziz.

        — Lehenago lepoa moztu. Bagara ala ez gara?

        — Nola?

        — Moduak daude.

        — Baina tira, ez nabarmenegiak, ezta?

        — Noski. Kentzen duenak...

        — Ez, ez, nik ez diot ezer.

        — «Bai» moduko bat eta «ez» moduko bat aldi berean...

        — Nik bai ala ez diot, gizonak bezala, honekin ala harekin...

        — Esnatu, nire jenerala, argitzen ari du.

        — Orduan?

        — Ba... horixe da dagoena. Bakoitzak jakingo du zer bide hartu.

        — Ba... nork daki.

        — Nik esan egingo nuke.

        — Benetan uste duzu gure buruzagia ez dela aurrera aterako?

        — Nik hori hartzen diot, nik hori hartzen diot...

        — Zer?

        — Ez, horixe hartzen diodala, besterik ez.

        — Eta zuk, zer azkenean?

        — Ba ni ere horixe hartzen hasia naiz...

        — Garaia heltzen denean behintzat inork ez ditzala hemen esandakoak aipatu?

        — Nor ariko da bada ezer aipatzen?

        — Nik esan egin dut, zalantzarik egon ez dadin.

        — Zalantza nazkagarriak.

        — Zu isil zaitez. Ekar iezaguzu zerbait, tira.

        — Zalantza nazkagarriak, monsiú.

        — Orduan, batera joatearena ezta pentsatu ere, ezta?

        — Batera bai, baina txori bakoitzak daki bere habiarako bidea...

        — ...eta jarrai dezatela haritz-ezkurra betiko tokian banatzen...

        — Hantxe bertan. Bai horixe.

        — Ez al duzu jan behar, Jimenez jenerala?

        — Norberak daki zer egin behar duen.

        — Baina zera, norbaitek mihia askatzen badu...

        — Baina, zer darabilzu buruan, anaia? Ez al gara, bada, hemen denok anaiak?

        — Baietz esango nuke nik, baina gero munduratu gaituen amaz gogoratzen da bat eta, benetan, zalantzak sortzen dira...

        — Zalantza nazkagarriak, Saturnok esan ohi duen bezala...

        — Nazkagarri-nazkagarriak, Gavilán koronela.

        — Eta gogoratu egiten da bat.

        — Hartu eta bere kabuz erabaki behar du batek, eta kito.

        — Baina batek bizirik irten nahi du, e?

        — Ohorearekin, diputatu jauna, beti ohorearekin.

        — Ohorearekin, jenerala, bai horixe.

        — Orduan...

        — Hemen ez da ezer gertatu.

        — Ezer ere ez, ezertxo ere ez, ezer ere ez.

        — Baina benetan eraman behar al du heriok gure nagusia?

        — Zein, lehengoa ala oraingoa?

        — Lehengoa, lehengoa...

        Chicago, Chicago, that toddlin' town: Saturnok fonografoaren orratza altxatu eta txalo egin zuen: —Neskak, neskak, zeuon lekuetara..., eta Berak lastozko kapela jantzi zuen eta gortinak alboratu, barreka, eta soslaiz baino ez zituen ikusi, sala hartako ispilu lohian islatuta, beltzaranak baina hautsez eta kremaz beteta, orin faltsuak margotuta masailetan, bularretan, ezpainen inguruan, satenezko eta txarolezko zapatilak, gona laburrak, betazal urdinxkak eta Cerbero apainduaren eskua, hura ere hautseztatuta: —Nire oparitxoa, jauna?

        Eta hango barrukoak ederto batean jarraituko zuen, Berak hori bazekien, eskuineko eskuaz sabelaldea igurtzi eta putetxe aurreko lorategitxoan gelditu zenean arnastera barbanaren garoa eta uraren freskura belusa milikagarriko iturrian: ederto, Jiménez jeneralak kenduta izango zituen betaurreko urdinak eta betazal lehorrak, bizarra zuritzen zioten konjuntibitisaren ezkata haiek igurzten jardungo zuen: aginduko zuen botak kentzeko, norbaitek botak kentzeko nekatuta zegoelako eta ohituta zegoelako botak inork kentzera eta denek barre egingo zuten jeneralak neskaren gorputzaren jarrera aprobetxatuko baitzuen eta gona igoko baitzion eta bistan utziko zeta lilaxkaz estaliriko ipurmasailtxo biribil eta ilun haiek; hala ere, besteek nahiago zuten begi beti itxien eta behingoagatik ostratzar gezak balira bezala zabalduko zirenen ikuskizun bitxi hura eta denek, lagunek, anaiek, konpaiek, besoak luzatuko zituzten eta Saturnoren pentsionista gazteek jakak erantziko zizkieten, baina neskek erleen antzera ejertzitoko tunika zeramatenen ingurura joango ziren, bakar batek ere ez baleki bezala zer zuten uniformearen, arrano eta sugedun botoien eta urrezko galburuen azpian: Berak horrelaxe ikusi zituen bira-biraka, umel, ziri-gainazal larbatutik irten berri, beso mestizoak jasota eta hauts-kutxa eta orbana eskuetan lagunen, anaien, konpaien buruak hautseztatzen, zeinak ohe gainean etzanda zeuden hankak zabalik eta alkandorak koñakez zikinduta, lokiak busti-bustirik eta eskuak lehor, eta txarleston erritmoa entzuten zen, eta emakumeek poliki-poliki biluzten zituzten eta zati biluztu bakoitza musukatzen zuten eta oihu egiten gizonek atzamarrak luzatzen zituztenean: azazkalei begiratu zien, puntu zuriak zituzten, gezurraren froga omen ziren, eta erpuruko ilargi erdiari, eta txakurrak adausi egin zuen Bera zegoen lekutik hurbil. Jakaren papar-hegalak igo eta etxeranzko bidea hartu zuen, nahiz eta nahiago izan leku hartara itzuli eta hautsez betetako gorputzek besarkaturik lo egin eta barruko behazun hori isuri, nerbioak tenkatzen baitzizkion eta begiak zabalik egonarazten, alfer-alferrik begira portzelanazko eta beirazko lorontziz bete-betetako balkoiek inguratzen zituzten etxe baxu, gris ilara haiei, etorbideko palmondo lehor eta hautseztatu ilarei, alfer-alferrik usaintzen elote piperreztatu eta olio-ozpin hondarrak.

        Eskua masailetako arantzetatik pasatu zuen. Giltza bilatu zuen multzo ezerosoaren artean. Emakumea une hartan han behean izango zen: emakumea, eskailera tapizatuetan ibiltzen zen, igo eta jaitsi, zaratarik atera gabe eta ikaratu egiten zen beti Bera etxean sartzen ikustean: —Ai! Ikaratu egin nauzu. Ez zintudan espero. Ez, ez zintudan honen goiz espero; benetan diotsut, ez zintudan honen goiz espero—, eta Berak bere buruari galdetzen zion zer arrazoirengatik hartzen zituen emakumeak konplizitatearen jarrerak berari errua aurpegiratzeko. Baina horiek izenak ziren eta enkontruek, mugitzen hasi aurretik aldaraturiko erakarpenak, noizbehinka elkar hurbiltzen zituen errefusak, artean ez zuten izenik, ez gertatu aurretik ez burutu ondoren, ekintza biak bat bera baitziren. Behin, iluntasunean, bien atzamarrek eskailerako eskudelean egin zuten topo eta emakumeak eskua estutu zion eta gizonak argia piztu zuen estropezu ez egiteko, ez baitzekien emakumea beherantz zihoala Bera gorantz zihoan bitartean, baina emakumearen aurpegiera ez zen eskuaren sentimendua eta emakumeak argia itzali zuen eta Berak horri gaiztakeria deitu nahi izan zion baina hura ere ez zen zegokion hitza, ohitura ezin baitateke gaiztoa izan, aldez aurretik pentsatua eta salbuespenezkoa izateari uzten dionean. Objektu bat ezagutzen zuen, leuna, zeta eta lihozko izara artean bildutakoa, ukimenaren objektu bat gelako argiak ez baitziren une horietan sekula pizten: eskailerako une hartan bakarrik eta orduan emakumeak ez zuen aurpegia ezkutatu, ezta itxuratu ere. Behin bakarrik izan zen, ez zuen gogora ekartzea merezi eta, halere, barrua iraultzen zion hura errepikatzeko irrika gozo-mikatz batez. Hori pentsatu zuen eta sentitu egin zuen errepikatu egin zenean, ordukoxe goizaldean errepikatu zenean eta ordukoxe esku berak berea ukitu zuenean, orduko horretan sotorako eskubandan, nahiz eta argirik ez zen piztu eta emakumeak galdera bat baino ez zion egin: —Zeren bila zabiltza hemen?, jaulkiriko hitzak zuzendu eta ahots lauaz zera esan aurretik: —Ai, hau ikara! Ez zintudan espero. Benetan diotsut, ez zintudan honen goiz espero—: laua, trufarik gabekoa, eta Berak ez zuen usain ia gorri hura baino arnasten, hitzak eta durundia zituen usain hura baino ez.

        Sotoko atea zabaldu eta hasieran ez zuen gizona ikusi, hark ere intsentsuz egina baitzirudien; emakumeak besotik heldu zion isileko ostalariari, eta hark sotanaren tolesak ezkutatu nahi izan zituen hanken artean eta lurrin sakratua aienatu beso biei eraginez, harik eta dena —emakumeak emaniko babesa, bere espantu beltzak— alferrikakoa zela konturatu zen arte; orduan burua makurtu zuen, kontsumazioa imitatzen zuen keinu batez, eta keinu horrek bihotz eman zion eta esan zion halaber ondo bete zituela pairamenari zor zaizkion jarrerak, baina horren poza beretzat bakarrik izan zen, lekukoentzat ez, haiek ez baitzeuden berari begira: haiek elkarri begira zeuden. Desiratu, eskatu zuen sartu berriak begira ziezaiola, ezagut zezala: zeharka, apaizak ikusi zuen gizon hark ezin zituela begiak emakumearenetatik aldendu, ezta emakumeak ere gizonarenetatik, nahiz eta emakumeak besarkatu, babestu Jainkoaren ministro hori, zeinak sentitzen zuen xixkuaren espasmoan, begien eta mihiaren injekzio horian izu-laborri baten promesa, berak unea heldutakoan —hurrengo unea, ez baitzen besterik egongo— ezkutatu ezin izango zuen izu-laborri baten promesa. Une horixe baino ez zitzaion geratzen, pentsatu zuen apaizak, patua onartzeko, baina une horretan ez zegoen lekukorik. Gizon begi berdeak eskatu egiten zuen: eskatzen zion emakumeari eskatzeko, ausart zedila eskatzera, tenta zezala halabeharraren baietza edo ezetza eta emakumeak ezin zuen ihardetsi; jada ezin zuen erantzun. Apaizak oldoztu zuen, beste egun batean, emakumeak erantzuteko edota eskatzeko aukera hori baztertzean, emakumeak orduz geroztik sakrifikatu zuela bizitza hori, apaizaren bizitza. Kandelek azalaren opakotasuna nabarmentzen zuten; gardentasuna eta distira gordetzen duen materia da azala; kandelek biki beltz batetik aurpegiaren, lepoaren, besoen zuritasun guztiak bikoizten zituzten. Haren eskatzeari egon zitzaion zain. Ikusi zuen musu eman nahi zuen eztarri haren uzkurdura. Apaizak hasperen egin zuen: emakumeak ez zuen eskatuko eta berari ez zitzaion geratzen, gizon begi berdedunaren aurrean, pairamena erakusteko une hori baino, biharamunean ezin izango baitzuen, zalantzarik gabe ezinezkoa izango zitzaion, biharamunean pairamenak bere izena ahaztuko zuen eta erraiena hartuko zuen eta erraiek ez dute Jainkoaren hitzen berri.

        Eguerdia arte egin zuen lo. Kaleko biraderadun organo baten musikak esnatu zuen eta ez zen arduratu zein abesti zen jakiteaz, zeren bezperako isiltasunak —edo haren oroitzapenak, gaua eta isiltasuna, hain zuzen ere— tarte hil luzeak ezartzen baitzituen, eta soinua eteten zuten, eta handik laster berriro hasten zen erritmo geldo eta malenkoniatsua eta sartu egiten zen leiho erdi zabaldutik, zaratarik gabeko memoria horrek berriro eten aurretik. Telefonoak jo zuen eta Berak hartu zuen eta bestearen barre eutsia entzun zuen eta esan zuen:

        — Bai?

        — Dagoeneko komandantzian dugu, diputatu jauna.

        — Bai?

        — Presidente jauna jakitun dago.

        — Orduan...

        — Badakizu. Keinu bat. Bisita bat. Ezer esan beharrik gabe.

        — Zer ordutan?

        — Pasatu hemendik ordu biak inguruan.

        — Gero arte.

        Emakumeak alboko gelatik entzun zuen eta negarrari eman zion, ateari itsatsita, baina gero ez zuen ezer entzun eta masailak lehortu zituen ispilu aurrean eseri aurretik.

        Egunkaria erosi zion kaleko saltzaile bati eta saiatu zen gidatzen zuen bitartean hura irakurtzen, baina begirada bat baino ezin izan zien eman titularrei, eta beste buruzagia, hautagaia, hil zutenen fusilamenduei buruz mintzo ziren. Berak garai onetan gogoratu zuen, Villaren aurkako kanpainan, presidentzian, denek leialtasuna zin egin ziotenean eta Aita Proren argazki hari begiratu zion, besoak zabalik, deskarga hartzen. Aldamenetik igarotzen ziren kapota zuriko auto berriak, pasatzen ziren emakumeen gona laburrak eta kanpai itxurako kapelak eta orduko alferrontzien praka zabalak eta zapata-garbitzaileak lurrean eserita, igelaren iturriaren inguruan, baina ez zen hiria begirada beiratsu eta tinko haren aurretik igarotzen zena, hitza baizik. Ahogozatu egin zuen hitza eta ikusi egin zuen espaloietatik bere begiradarekin gurutzatu ziren begirada arinetan, ikusi jarreretan, keinuetan, imintzio igarokorretan, sorbalda jasoetan, atzamarrek egindako keinu itsusietan. Bizi-bizi sentitu zen, bolanteari itsatsirik, kaleko aurpegierek, keinuek, atzamar-lizunek zorabiaturik, penduluaren oszilazio biren artean. Gaur egin behar zuen, gaurko irainduek, bihar, halabeharrez, Bera irainduko baitzuten. Kristalaren isla batek itsutu egin zuen eta betazaletara eraman zuen eskua: ondo aukeratu izan zuen beti, izorratzaile handiena, goraka zetorren buruzagia gainbehera zihoanaren aurrean. Zócalo izugarria zabaldu zen, postuak arkupeetan zeuden jarrita eta Katedraleko kanpaiek arratsaldeko ordu bietako brontze astuna jo zuten. Diputatu-kredentziala erakutsi zion Moneda sarreran zegoen guardiari. Mesetako negu gardenak Mexiko zaharreko soslai eklesiastikoa islatzen zuen, eta Argentina eta Guatemala kaleetatik ikasle taldeak jaisten ziren, ikasleak azterketa garaian. Autoa aparkatu zuen patioan. Igo zen kaiola-igogailuan. Arrosa koloreko eta argi-armiarma distiratsuko egongelak igaro eta gelaurrean eseri zen. Inguruan, ahots xumeenak ez ziren hiru hitz haiek jaieraz esateko baino goratzen:

        — Presidente jauna.

        — Prosodonto joono.

        — Prasadanta jaana.

        — Cruz diputatua? aurrera.

        Lodiak besoak zabalik hartu zuen eta elkarri esku zartak eman zizkioten bizkarrean eta gerrian eta aldakak igurtzi eta lodiak betiko moduan egin zuen barre, barrutik eta barrurantz, eta atzamar erakusleaz buruan tiro egitearen imintzioa egin zuen eta berriz barre egin, hotsik atera gabe, sabelaren eta masail ilunen astinaldi isil harekin. Kostata uniformearen lepoa lotu eta galdetu zion ea egunkaria irakurri zuen eta Berak erantzun zuen baietz, ulertzen zuela kontu hura nondik nora zihoan baina horrek guztiak ez zuela garrantzirik eta Bera Presidente jaunari bere atxikimendua, bere baldintzarik gabeko atxikimendua erakustera baino ez zetorrela eta lodiak galdetu zion zerbait nahi al zuen eta Berak aipatu zizkion hiritik kanpo zeuden lur alfer batzuk, egun balio handirik ez zutenak baina aurrerago zati zitezkeenak eta besteak konponduko zuela agindu zion, izan ere, jada konpaiak, anaiak zirela, eta diputatu jaunak borrokan ziharduela, uuuuiii, 13. urtetik geroztik eta bazuela, bai, eskubidea seguru eta politikaren gorabeheretatik kanpo bizitzeko: hori esan zion eta laztandu zion besoa eta berriro eman zizkion esku zartak bizkarrean eta gerrian bien arteko adiskidantza erakusteko. Helduleku urrezkodun atea zabaldu zen eta beste bulegotik irten ziren Jimenez jenerala, Gavilán koronela eta aurreko gauean Saturnorenean egondako beste zenbait lagun eta igaro ziren Bera ikusi gabe, buruak makur, eta lodiak barre egin zuen berriro eta esan zion beraren lagun asko etorri zirela batasun-une hartan Presidente jaunaren esanetara jartzera eta luzatu zuen besoa eta barrura sartzeko eskatu zion.

        Bulego barrenean, argi berdexka baten ondoan, begi haiek ikusi zituen, burezurraren hondoan josirik, zelatan dagoen tigrearen antzo, eta burua jaitsi zuen eta esan: —Zure esanetara, Presidente jauna... Zu zerbitzatzeko beti, beti prest, Presidente jauna...

 

 

NIK usaintzen dut olio zahar hori, begietan, sudurrean, ezpainetan, oin hotzetan, esku urdinetan, izterretan, sexu inguruan igurzten didate, eta leihoa zabaltzeko eskatzen dut: arnasa hartu nahi dut. Sudurzuloetatik soinu ikol hori atera eta egiten, egiten uzten diet, eta sabelaren gainean gurutzatzen ditut besoak. Izararen lihoa, bere freskura hori. Hori bada, bai, garrantzizkoa. Zer dakite horiek, Catalinak, apaizak, Teresak, Gerardok?

        — Utz nazazue...

        — Zer daki medikuak? Hark baino hobeto dakit nik honen berri. Beste iruzur bat besterik ez da.

        — Ez ezazu ezer esan.

        — Teresita ez kontra egin aitari... zera, amari... Ez al duzu ikusten...

        — Ja. Zu ere bera bezain erruduna zara. Zu ahula eta koldarragatik, eta aita... aita...

        — Nahikoa. Nahikoa.

        — Arratsalde on.

        — Hemendik.

        — Jainkoarren, nahikoa.

        — Jarraitu, jarraitu.

        Zer nerabilen buruan? Zer ari nintzen gogoratzen?

        — ...eskaleen antzera, zergatik behartzen du Gerardo lan egitera?

        Zer dakite horiek, Catalinak, apaizak, Teresak, Gerardok? Zer garrantzi izango dute horien dolu espantuek edota egunkarietan azalduko diren ohore aipamenek? Nork jokatuko du zintzo eta esan, Nik orain diodan bezala, nire maitasun bakarra gauzen jabetasuna, gauzon jabetza sentsuala izan dela? Horixe da Nik maite dudana. Ukitzen ari naizen izara. Eta gainerako guztia, orain nire begien aurretik igarotzen den hori guztia. Italiar marmolezko zoru bat, beta berde eta beltzekoa. Hango parajeetako uda gordetzen duten botilak. Margo zaharrak, berniz printzatuzkoak, zeinek eguzkiaren argia edota kriseiluena orban bakar batean batzen duten, eta bide ematen duten ikusmenaz nahiz ukimenaz poliki-poliki korritzeko, larru zuri eta urrezko xaflak dituen sofa batean eserita, esku batean baso bat koñak duzula eta bestean txokorra, aldean smoking arin bat, zetazkoa, eta txarol leuneko zapatilak merino alfonbra lodi eta isilaren gainean. Hantxe jabetzen da gizaki bat paisaiaz eta beste gizaki batzuen aurpegierez. Han, edota terrazan, ozeano Barearen aurrez aurre eserita, eguzkiaren gordetzeari so eginez eta, zentzumenez, zentzumen zolienez, a bai, atsegingarrienez, berreginez olatu zilarreztatu horien joan-etorria, harea hezearen gaineko igurtzia. Lurra. Lurra. Lurrak dirua esan nahi du. Hiriko lursail koadrikulatuak, non eraikuntzako hagatxozko basoa hasi baita altxatzen. Larretako lursail berde-horiak, beti onenak, presetatik hurbil, traktorearen burrunbak zeharkatuak. Meatze mendietako lur bertikalak, kutxa arreak. Makinak: orriak abiadura biziaz jaulkitzen dituen errotatiba horren usain gozoa...

        «—E, Artemio jauna, ondoezik al zaude?

        »—Ez, beroa da. Eguzki hau da. Zer dago, Mena? Leihoak zabalduko dituzu?

        »—Oraintxe bertan...»

        A, kaleko zaratotsak. Bat-batera. Ezinezkoa da elkarrengandik bereiztea. A, kaleko zaratotsak.

        «—Zertan lagun diezazuket, Artemio jauna?

        »—Mena, zuk badakizu zein gogotsu egin genuen guk, azken une arte, Batista presidentearen alde. Baina orain agintean ez dagoenez ez da, ez, kontu erraza, eta are gutxiago, Trujillo jenerala defendatzea, nahiz eta hark agintean segitu. Zuk biak ordezkatzen dituzu eta ulertu behar duzu... Ez da nahikoa...

        »—Ondo da, zu ez arduratu, Artemio jauna, bilatuko diot konponbidea eta. Baina ez dakit nik dagoen beste nahasterekin... Eta horretaz ari garenez, zera, hemen dakarkizut Ongilearen lana azaltzen duen zenbait orri... Besterik gabe...

        »—Nola ez. Utzi hemen orriok. Hara, Díaz, une ezin hobean zatoz. Atera ezazu hau editorialaren orrian izen faltsu batez... Egun ona izan, Mena, zure berrien zain naukazu...»

        Zure berriak. Berriak. Berrien zain naukazu. Berriak nire ezpain zuri hauetatik, aaaii, esku bat, emadazue esku bat, ai beste pultsu bat nirea pizteko, ezpain zuriak...

        —Zeuri leporatzen dizut errua.

        —Hobeto sentiarazten zaitu? Ekin. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia. Nire lurrera itzuli ginen. Nire lurra.

        — ... jakin nahiko genuke ea non...

        Azkenean, azkenean eman didate, bai, niregana, gorputzez belauniko, hori eskatzera etortzen ikustearen plazer handi hori. Aurreratu du lehen apaizak. Hurbil izan behar dut dena delakoa horiek biak ere nire ohebururaino, nire arretari ihes egiten ez dion dar-dar hori lagun, etorri direnean. Nire iseka asmatu nahian dabiltza, nire iseka, bakarrean horrenbeste dastatu dudan azken iseka hori, behin betiko umilazio hori. Ezin izango ditut umilazio horren azken ondorioak gozatu, baina hasierako espasmoek atsegin ematen didate une honetan. Hauxe izango da beharbada garaipenezko azken laztana...

        Non... xuxurlatu dut ezin gozoago, ezin itxuratiago... Non... Utzidazue pentsatzen... Teresa, uste dut gogoratzen naizela ... Ez al dago hor kaobazko kutxatila bat... txokorrak gordetzeko dudan kutxatila bat ...? Hondo bikoitza dauka.

        Ez dut amaitu beharrik. Ama-alabak zutitu eta arrapaladan doaz ferra itxurako mahaitzarrerantz, non uste baitute batzuetan, gauez, insomnio-orduak ematen ditudala gauzak irakurtzen: haiek horrela izatea nahiko lukete. Emakume biek indarrez zabaltzen dituzte tiraderak, barreiatzen dituzte paperak eta aurkitu, aurkitu egiten dute, azkenean, ebanozko kutxa. A, han zegoen orduan. Han beste bat zegoen. Edo ekarri egin dute. Atzamarrek presaka zabalduko dute bigarren hondoa, behealdetik begirunez lerraraziz. Ez dago ezer. Noiz jan dut azken aldiz? Txiza aspaldi egin dut. Baina jan. Botaka egin dut. Baina jan.

        «— Idazkariordea telefonoan, Artemio jauna...»

        Gortinak zarratu dituzue, ezta? Gaua da, ezta? Landare batzuek gaueko argitasuna behar dute loratzeko. Ilundu arte itxaroten dute. Convólvuloak ilunsentian zabaltzen ditu petaloak. Convólvuloak. Etxola hartan convólvulo bat zegoen, erreka ondoko etxolan. Ilunabarrean zabaltzen zen, bai.

        «— Eskerrik asko, andereño... Bai... bai, Artemio Cruz naiz. Ez, ez, ez, alferrikakoak dira akordioak. Gobernua uzkailtzeko saiakera argi bat da. Dagoeneko lortu dute sindikatuko guzti-guztiek partidu ofiziala uztea; gauzek bide horretatik jarraituz gero, zeri helduko diozue, idazkariorde jauna?... Bai... Ez dago beste irtenbiderik: ukatu greba, agindu tropa, txikitu makilazoka eta buruzagiak atxilotu... Ez da, bada, larria izango, idazkariorde...»

        Mimosak ere bai, mimosak ere sentimenduak dituela gogoratzen naiz; sentikorra eta lotsorra, aratza eta pilpiratsua, bizia, izan daiteke, mimosa...

        «— ...bai, ziur... eta beste zerbait, argi hitz egiteko: bigun agertzen bazarete, nik eta nire bazkideek Mexikotik kanpo ezarriko ditugu berehalakoan geure kapitalok. Bermeak behar ditugu. Aizu, zer jazoko litzateke aste biren buruan ehun milioi dolarrek herrialdetik ihes egingo balute, adibidez?... e?... Ez, bai ulertzen dut. Nola ez!..»

        Badago. Amaitu da. A. Horixe izan da guztia. Horixe izan da guztia? Nork daki. Ez naiz oroitzen. Ez ditut aspaldian grabagailu horretako ahotsak aditu. Aspaldian ari naiz itxurak egiten, egiatan, gustuko ditudan jatekoak darabiltzat buruan, bai, inportanteagoa da janarian pentsatzea, izan ere, ordu asko dira jan gabe nagoela, eta Padillak itzali egiten du aparailua, eta Nik begiak itxita jarraitzen dut, eta ez dakit zer duten buruan, zertaz diharduten Catalinak, Teresak, Gerardo horrek, neskatoak —ez, Gloria irten egin da, denboratxoa da Padillaren semearekin joan dela, hor ari dira biak, egongelan, bakarrik daudela aprobetxatuz, elkar musukatzen—; izan ere, begiak itxita jarraitzen dut eta buruan darabildan bakarra txerri-txuletak dira, solomo errea, barbakoa, indioilar beteak, zopak, hain ditut gogoko zopak, postreak bezain gogoko ia-ia, a bai, oso gozozalea izan naiz Ni beti eta hemen gozokiak gozoak dira oso, almendrazko eta ananazko gozokiak, kokozkoak eta matoizkoak, a, a, esne-torrada ere bai, zamorar txongoak, gogoan darabiltzat zamorar txongoak, fruta melatuak eta huachinangoak, lupinak, mihi-arrainak, gogoan ostrak eta jaibak.

        — Zaldiz gurutzatu genuen ibaia. Eta heldu ginen barrara eta itsasora. Veracruzen,

        lanpernak eta txibiak, olagarroak eta cevicheak, garagardoan pentsatzen dut, itsasoa bezain mingotsa, garagardoa, Yucatángo oreinean pentsatzen dut, ez naizela zaharra, ez, behin izan banintzen ere, ispilu baten aurrean, eta gazta ustelak, horiek bai ditudala atsegin, pentsatu egiten dut, nahi dut, nola lasaitzen nauen horrek, nola aspertzen nauen neure ahotsa entzuteak, doia, limurtzailea, larderiatsua, paper bera egiten, beti, hau asperraldia, jaten, jaten egon nintekeenean: jan egiten dut, lo egiten dut, larrutan egiten dut eta gainerakoa zer? zer? zer?, nork egin nahi du jan, lo eta larrutan nire diruaren kontura? zuk Padilla eta zuk Catalina eta zuk Teresa eta zuk Gerardo eta zuk Paquito Padilla, horrela al zara?, nire egongelako edo egongela honetako argi-itzalean nire bilobaren ezpainak jaten egongo zara zu, zu gaztea zara oraindik, Ni ez naiz-eta hemen bizi, zuek gazteak zarete, Nik ondo bizitzen dakit, horrexegatik ez naiz Ni hemen bizi, Ni agure bat naiz, e?, maniaz betetako agure bat, mania horiek guztiak eta gehiago izateko eskubidea duen agure bat izorratu egin zelako, ikusi?, besteak izorratzen izorratu zen, garaiz hautatu zuen, gau hartan bezala, a gogoratua dut jada, gau hura, hitz hura, emakume hura: eman diezadatela jaten: zergatik ez didazue jaten ematen: alde hemendik: ai mina: alde hemendik: izorra ezazue zeuon ama:

 

 

ZUK esan egingo duzu: zure hitza da: eta zure hitza nirea da; hitzeko hitza: giza hitza: gurpil-hitza: errota-hitza: biraoa, intentzioa, diosala, biziera, atxikimendua, oroitzapena, etsipenak hartutakoen ahotsa, behartsuen askapena, boteretsuen ordena, liskarrerako eta lanerako deia, maitasunaren epigrafea, jaiotzaren zeinua, mehatxua eta iseka, hitz lekukoa, jaiaren eta mozkorraren adiskidea, ausardiaren ezpata, indarraren tronua, jukutriaren letagina, arrazaren armarria, mugen salbazioa, historiaren laburpena. Mexikoko giltza-hitza: zure hitza:

        — Izorra ezazu zeure ama

        — Izorramenduaren kume alaena

        — Hemen bene-benetako izorratzaileak

        — Utzi izorra-kontuei

        — Oraintxe, oraintxe izorratuko dut nik hori

        — Aurrera, ezkutuko izorratzaile

        — Ez utzi inork izorra zaitzan

        — Atso hori izorratu nuen

        — Izorra ezak

        — Izorra beza

        — Izorra ezak, ez begiratu nor

        — Ekin, ekin izorratzeari

        — Mila peso izorratu nizkion

        — Izorra zaitezte gustukoa ez baduzue ere

        — Nireak bai izorra-kontuak

        — Nagusiak izorratu ninduen

        — Ez iezadazu eguna izorra

        — Denok goaz izorramendura

        — Izorramenduak eraman zuen

        — Izorratuko naiz, ez, ordea, makurtuko

        — Indioa izorratu zuten

        — Ederki izorratu gintuzten espainiarrek

        — Gringoek izorratzen naute

        — Gora Mexiko, izorramenduaren kume alaenak:

        tristura, goiznabarra, ogi errea, kedarra, guayaba, loezina: hitzaren kumeak. Izorramendutik sortuak, izorramenduan hilak, izorra-kontu hutsak biziak: sabela eta hil-jantzia izorramenduan ezkutatuak. Berak jartzen du aurpegia, berak banatzen dio nori bere zoria, berak jartzen du arriskuan patua, berak babesten errezeloa eta joko bikoitza, berak azaleratzen matraka eta ausardia, berak horditzen, deiadar egiten, amore ematen, berak ditu ohantze denak bizileku, berak ditu eskupean adiskidantzaren, gorrotoaren eta boterearen handitasunak. Bera da gure hitza. Zu eta biok, masoneria horretako kide: izorramenduaren ordena. Zarena zara izorratu egin zenuelako eta inork izorra zaitzan utzi ez zenuelako; zarena zara izorratu ez zenuelako eta izorra zaitzaten utzi zenuelako: izorramenduaren kateak estekatuta gauzka: lotuta, kate maila gora, kate maila behera, gure aurreko zein ondorengo izorrakume guzti-guztiak: goitik jarauntsiko duzu izorramendua, beherantz jarauntsiko duzu izorramendua: izorramenduaren kumeen kume zara; izorramenduaren kume gehiagoren guraso izango zara: gure hitza aurpegi, zeinu, birao bakoitzaren atzean: izorramenduaren buztana, izorramenduaren zakila, izorramenduaren ipurdia: izorramenduak zeregin guztiak egiten dizkizu, izorramenduak barruko txingarretatik askatzen zaitu, izorramendua izorratzen duzu, izorramenduak bost axola dizu, ez duzu amarik izango, baina zeure izorramendua izango duzu: izorramenduarekin ez duzu inongo amaren beharrik, bera duzu adiskide mina, bera zeure odoleko, bera zeure lagun handia, bera zeure atsoa, bera zeure ezer-ez-baino-hobea: izorramendua: izorramenduarekin astinaldi ederra ematen diozu gorputzari; izorramenduarekin asaskatu egiten zara, izorramenduarekin katu galanta harrapatzen duzu, izorramenduarekin aurpegiko larruazala zimurtzen zaizu, izorramenduarekin arrautzak aurretik jartzen dituzu: izorramenduarekin ez zara inoren aurrean makurtzen: izorramenduaren errapeari atxikitzen zatzaizkio:

        nora zoaz izorramenduarekin?

        o misterio, o engainu, o nostalgia: uste duzu berarekin jatorrira itzultzeko era izango duzula: zer jatorritara? ez Zuk: inork ez du itzuli nahi urre aro gezurtira, jatorri makurretara, orro basara, hartz haragia, koba eta sukarria eskuratzeko borrokara, sakrifiziora eta eromenera, etorkiaren adieraz ezinezko izu-laborrira, jainkoaizunak sakrifikatzera, eguzkiaren beldurrera, ekaitzaren beldurrera, itzalaldiaren beldur, suaren beldur, maskaren beldur, idoloen beldur, pubertaroaren beldur, uraren beldur, gosearen beldur, babes ezaren beldur, larderia kosmikoa: izorramendua, ukazioen piramidea, laborriaren teocallia

        o misterio, o engainu, o ameskeria: uste duzu berarekin bidean aurrerantz egingo duzula, sendoagotu egingo zarela: zer etorkizunetara? ez Zuk: inork ez dio bideari ekin nahi zure izorramendu izorratu horren madarikazioaz, mesfidantzaz, erresuminaz, gorrotoaz, bekaizkeriaz, herraz, destainaz, miseriaz, gehiegikeriaz, irainaz, zemaiaz, itxurazko harrotasunaz, matxismoaz, ustelkeriaz zamatuta:

        utz ezazu bide bazterrean, hil ezazu bereak ez diren armak erabiliz: hil dezagun: hil dezagun bere jainkoaizun eta bere gurutze pozoi bikoitz horrekin bereizi, harri bihurtu, usteldu egiten gaituen hitz hori: ez dadila bera izan gure erantzuna ez eta gure patua ere:

        egizu otoitz, apaiz horrek ezpainak, sudurra, betazalak, besoak, hankak, sexua gantzutu eta azken oliadura eman bitartean: egizu otoi: ez dadila bera izan gure erantzuna ez eta gure patua ere: izorramenduak, izorramenduaren kumeok, izorramenduak maitasuna pozoitzen du, adiskidantza eteten du, samurtasuna zanpatzen du, bereizi egiten du, suntsitu, dena hondatzen du izorramenduak: izorramendua, harrizko amaren alu sugez eta metalez josia: apaizaren korrokada hordia piramidean, jaunarena tronuan, hierarkarena katedralean: kea, Espainia eta Anáhuac, kea, izorramenduaren simaurrak, izorramenduaren gorozkiak, izorramenduaren mesetak, izorramenduaren sakrifizioak, izorramenduaren ohoreak, izorramenduaren joputzak, izorramenduaren tenpluak, izorramenduren mingainak: nor izorratuko duzu gaur, bizirik irauteko?, nor bihar? nor izorratuko duzu: nor erabiliko?: zeure erabilpenaren, zeure plazeraren, zeure jabetasunaren, zeure destainaren, zeure garaipenaren, zeure bizitzaren objektu bihurtuko dituzun objektu horiek, izaki horiek izorramenduaren kumeak dira: izorramenduaren kumea Zuk erabili egiten duzun gauzakia da: ezer ez baino hobe

        nekeak hartzen zaitu

        ez duzu garaitzen

        otoitz marmarrak datozkizu, zeure otoitza entzuten ari ez diren beste otoitzen marmarrak: ez dadila bera izan gure erantzuna ez eta gure patua ere: garbi zaitez izorramendutik:

        nekeak hartzen zaitu

        ez duzu garaitzen

        zeurekin ekarri izan duzu bizitza osoan: gauza hori:

        izorramenduaren kume zara

        beste izaki batzuk irainduz garbitutako irainarena

        gogoratzeko behar duzun ahazmenarena

        gure bidegabekeria honen amaierarik gabeko katearena

        nekeak hartzen zaitu

        nekea ematen didazu; garaitu egiten nauzu; zeurekin batera infernu horretara jaistera behartzen nauzu; beste kontu batzuk gogoratu nahi dituzu, ez hori: behartzen nauzu gauzak izan egingo direla ahaztera, sekula ez badirela, sekula ez izan direla: izorramenduarekin garaitu egiten nauzu

        nekeak hartzen zaitu

        har ezazu atseden

        egizu amets zure errugabetasunarekin

        esan ahalegindu egin zarela, saiatu egingo zarela: egunen batean bortxak txanpon berarekin ordainduko dizula, ifrentzua itzuliko dizula: zahar bezala eskertu beharreko hori gazte bazina bezala laidotu nahi izango duzun egunean: zerbaiten, zerbaiten amaieraren berri izango duzun egunean: esnatu —garaitu egiten zaitut—, zeure buruari ispiluan begiratu eta, azkenean, atzean zerbait utzi duzula ikusiko duzun egun batean: gogoratu egingo duzu: gaztaroa galdutako lehenengo eguna, aro berri baten estreinako eguna: atxiki ezazu, atxiki egingo duzu, estatua bat balitz bezala, alde guztietatik ikusi ahal izateko: gortinak baztertuko dituzu goizeko haize leuna sar dadin: a, nola beteko zaituen, a, intsentsu-usain hori, orpoz orpo jarraitzen dizun usain hori, ahaztaraziko dizu, a, nola garbituko zaituen: ez dizu ezta zalantza ere iradokitzeko abagunerik emango: ez zaitu lehenengo zalantza horren ertzera eramango:

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia