(1924: ekainak 3)

 

BERAK ez zion hori esaten entzun, emakumea logabetik iratzartu zenean. «Amore eman dut.» Gizonaren alboan zegoen etzanda. Adats gaztainkarak aurpegia estaltzen zion, eta haragiaren toles guztietan hezetasun unatu hori, udaren neke hori sentitu zuen. Eskua pasatu zuen ahotik eta eguerdiko eguzki beroa iragarri zuen, arratsalde parteko euri-zaparrada, sargoritik freskurarako gaueko iragaitea eta ez zuen gauekoa gogoratu nahi izan. Aurpegia burkoan gorde eta berriz esan zuen: —Amore eman dut.

        Egunsentiak gaueko itzalguneak ezabatu zituen eta sartu egin zen, hotz eta garden, logelako leiho erdi zabaldutik. Berriro doitu zituen iluntasunak besarkada batean bildutako zehaztasunak.

        «Gaztea naiz; eskubidea dut...»

        Kamisoia jantzi eta gizonaren ondotik itzuri zen eguzkiak mendilerroa hartu aurretik.

        «Eskubidea dut; Elizaren bedeinkapena du.»

        Orain, bere logelako leihotik, Citlaltépetl urrunaren tontor gainean ikusi zuen eguzkia. Umea besoetan urrumatu eta leiho ondoan gelditu zen.

        «O, hau ahulezia; beti iratzartzean, ahulezi hau, gorroto hau, guztiz neurea egin ezin dudan mespretxu hau...»

        Emakumearen begirada indio irribarretsu harenarekin gurutzatu zen; indioak ortuko langa zeharkatu zuen, lastozko kapela erantzi eta burua makurtu...

        «...esnatu eta nire ondoan lo dagoen gorputzari begiratzen diodanean...»

        Diz-diz egiten zioten hortz zuriek, batez ere hura hurbiltzen zenean.

        «Benetan maite nau?»

        Nagusiak alkandora praka estuetan sartu zuen eta indioak bizkarra eman zion emakumearen leihoari.

        «Dagoeneko bost urte igaro dira...»

        Emakumeak bizkarra eman zion landari.

        — Zer dela eta zatoz horren goiz, Ventura?

        — Belarriek hala esanda nator. Guajea bete dezaket?

        — Prest al dago dena herrian?

        Venturak baietz adierazi zuen; uraskarantz joan zen; guajea uretan sartu; trago bat edan; berriz bete.

        «Beharbada dagoeneko ahaztua du zergatik ezkondu ginen...»

        — Eta zer diotsue zure belarri horiek?

        — Pizarro jaunak ezin zaituela begien aurrean ikusi.

        — Hori badakit nik.

        — Eta nire belarriek diote gaurko domekako iskanbilaz baliatuko dela mendeku hartzeko...

        «...eta orain benetan maite izango nau...»

        — Jainkoak gorde ditzala zure belarri horiek, Ventura.

        — Ni sortu ninduen ama gorde dezala, harexek irakatsi baitzidan niri belarriak beti garbi-garbi eta argizaririk gabe izaten.

        — Badakizu zer egin behar den.

        «...ni maiteko nau eta nire edertasuna miretsiko...»

        Indioak hotsik atera gabe irri egin, kapela pirukatu haren ertzak laztandu eta teilazko hegal batek estaliriko terraza hartarantz begiratu zuen, non emakume eder hark hartua zuen jadanik lekua aulki kulunkarian.

        «...nire maitasun sua...»

        Venturak emakume hura gogoratzen zuen, aspalditik, beti hantxe eserita, batzuetan sabela biribil eta handi, beste batzuetan lirain eta isil, gogoa beti at bihiz bete-betetako gurdien atzera-aurrera sarrietatik, zezen ferratuen orroetatik, landetxe inguruan oraingo nagusiak landaturiko ortuko tejocoteen uda parteko erortze lehorretik.

        «...ni naizena...»

        Emakumea gizon biei begira zegoen. Otsoengandik zenbateko distantziara ote dagoen neurtzen duen untxiaren begiez behatzen zituen. Gamaliel jaunaren heriotzak, bat-batean, hasierako hilabeteetako harrotasun-babesik gabe utzi zuen: aitak ordena eta hierarkien jarraipena ordezkatu zuen, eta lehenengo haurdunaldiak berehala arrazoitu zituen urrunketa, lotsa eta oharpenak.

        «Jainko maitea, zergatik ezin dut gauez eguneko bera izan?»

        Eta Berak, indioaren begiradaren norabideari jarraitzeko burua bueltatzean, emaztearen aurpegiera sorrarekin egin zuen topo, eta pentsatu zuen hoztasun horrek hasierako urteetan ez ziola batere ardura izan; Berak ere ez zuen borondaterik izan-eta mundu horri jaramonik egiteko, sekula ere bere burua eratzeko, osatzeko, bere izena aurkitzeko, izena esan aurretik sentiarazteko gauza izango ez den bigarren mailako mundu horri.

        «...gauez eguneko bera izan?...»

        Beste batek, premia handiagoko beste batek, zuen bere beharra.

        («—Gobernu jauna ez da gutaz arduratzen, Artemio jauna, eta zuregana gatoz laguntza eskatzera.

        »—Horrelakoxeetarako nago ni, lagunok. Zeuon auzobide hori izango duzue, bai, zin egiten dizuet, baina baldintza batekin: aurrerantzean ez ezazue Cástulo Pizarroren errotara uztarik eraman. Ez al zarete konturatzen agure horrek ez duela lur txatal txikienik ere banatu nahi? Ez iezaiozue lagundu. Zuek ekarri guztia nirera eta neuk merkaturatuko dut.

        »—Arrazoia duzu, baina hori egiten badugu Pizarro jaunak akabatu egingo gaitu.

        »—Ventura: banatu mutilei errifleak bere burua defendatzen ikas dezaten.»)

        Emakumea gozo-gozo kulunkatu zen. Hitz erdirik esan gabeko egunak, inoiz hilabeteak, zerabiltzan gogoan. «Berak ez dit nire eguneko tratu hotza sekula aurpegiratu.»

        Ematen zuen emakumeak parte hartu gabe gertatzen zela dena eta gizon indartsua zaldi gainetik jaisten zen, atzamarrak babaz josita eta bekokia hautsez eta izerdiz zimurturik eta jaramon txikienik ere egin gabe igarotzen zen zigorra eskuetan zuela ohe gainean amiltzera, eguna argitu baino lehen esnatzeko eta hasiera emateko, egunero-egunero, nekearen ibilbide luzeari, lur haietan zehar; lurrok oparoak izan behar baitzuten, etekinak eman behar baitzituzten: berek izan, jakin-jakinean, idulki.

        «Badirudi nahikoa zaiola gaueko nire maitasun sua.»

        Artasoroak, aspaldiko etxaldeen —Bernal, Labastida, Pizarro— lur eremuak inguratzen zituen ur-arro laburrean; maguey- eta pulque-soroak haraxeago, tepetatea berriz hasten zen lekuan.

        («—Kexu al dira, Ventura?

        »—Ba asmatutakoak izango dira, nagusi; kontuak kontu, orain egon lehen baino hobeto daude eta. Halere konturatu dira uztaldi bakarreko lurra banatu diezula eta ur-lurra zeuretzat hartu duzula.

        »— Besterik?

        »— Ba, zera, zuk ere jarraitzen duzula, lehen Gamaliel jaunak egiten zuen bezala, uzten duzunagatik interesak kobratzen.

        »— Begira, Ventura. Zoaz eta esaiezu argi interes handiak, benetan interes handiak, Pizarro moduko latifundista eta merkatariei kobratzen dizkiedala. Baina, tira, nire maileguak kalterako badira, aurrerantzean ez diet gehiago egingo eta kito. Ni mesede egiten nielakoan nengoen baina...

        »— Ez, hori ez...

        »— Esaiezu hipotekak kobratu behar dizkiodala laster Pizarrori eta orduan bai, orduan, agureari kendutako ur-lurrak izango dituztela. Esaiezu eusteko apur batean, konfiantza izateko, ikusiko dutela laster eta.»)

        Benetako gizona zen.

        «Baina neke horrek, ardura horrek urrundu egiten zuen gizona. Nik ez nuen tarteka-martekako presazko maitasun hura eskatu.»

        Gamaliel jaunak, lagunarte, ibilaldi eta Puebla hiriko erosotasunekin maiteminduta, landetxea albo batera utzi eta suhiari eman zion hura nahi bezala gobernatzeko ardura.

        «Onartu egin nuen, hark eskatu bezala. Edozein zalantza edota arrazoinamendu baztertzeko esan zidan hark. Aitak. Erosita nengoen eta bertan egon behar nuen...»

        Baina aita biziko zen artean eta berak hamabostean behin Pueblara joan eta eguna aitarekin igaro ahal izango zuen artean, eta arasak gozoki eta gazta gozoenekin bete, eta San Francisco elizara otoitz egitera joan, eta Sebastián Aparicio santuaren momia aurrean belaunikatu, eta Pariáneko azokan barrena ibili, eta arma enparantzari buelta eman, eta aitaren egin herreriar estiloko katedralaren harrizko ponte handietan, edota, besterik gabe, aita patioko liburutegian batera eta bestera ibiltzen begietsi...

        «A bai, nola ez, aitak babestu egiten ninduen, lagundu.»

        ...bizitza hobe baten arrazoiak ez ziren guztiz ezabatuko eta betiko mundu maiteak, haurtzaroko urteek, landetxera, senarrarengana, nahigaberik gabe, itzultzeko besteko errealitatea izango zuten.

        «Ahotsik gabe eta jarrerarik gabe, erosia, haren lekuko mutua.»

        Bere burua irudikatzen zuen mundu arrotz hartara, senarrak lokatzetik eraikitako mundu hartara aldi labur baterako etorritako bisita bat legez.

        Bere benetako mundua Pueblako patio itzaleztatuan zuen, kaobazko mahaian zabalduriko liho goxoaren atseginean, eskuz margoturiko baxeren eta zilarrezko mahai-tresnen ukian, usainean.

        «...madari xerratuena, irasagarrarena, mertxika-konpotarena...»

        («—Badakit León Labastida miseria gorrian utzi duzuna. Pueblako hiru etxetzar horiek sekulako dirutza balio dute.

        »—Horrelaxe dira kontuak, Pizarro. Labastida maileguak eskatu eta eskatu aritu izan da, interesei begiratu gabe. Berak eho du bere buruarentzako soka-lasterra.

        »— Gozatu egingo duzu aspaldiko boteretsuak behera datozela ikusirik. Baina nirekin ezin izango duzu. Ni ez naiz Labastida horren moduko herri-jaunxkila.

        »— Zu zeure betebeharrak garaiz betetzeaz ardura zaitez eta gerokoak gero ikusiko dira.

        »— Ni ez nau inork apurtuko, Cruz, egon horretaz ziur.»)

        Gamaliel jaunak heriotza hurbil zebilkiola sumatu zuen eta berak prestatu zuen zehetasunez eta luxuz bere hileta. Suhiak ezin izan zizkion ukatu agureak bata bestearen gainean eskatu zizkion mila peso haiek. Katarro kronikoa gogortuz joan zen, eguzkitan jarritako beira burbuila beroa bailitzan, eta laster zarratu egin zitzaion bularra, eta birikek ezin izan zuten gorro, narritadura eta odol masa bitartetxoetatik ozta-ozta igarotzea lortzen zuen aire mehe, hotz hura baizik hartu.

        «A, bai, noizean behingo plazeraren objektu.»

        Agureak eskatu zuen zilar-xaflaz ederturiko karroza bat, belusa beltzezko palioaz estalia eta zilarrezko aho-uhalak eta kalparrean lumaje beltza erakutsiko zituzten zortzi zaldik tiratua. Gurpil aulkian eraman zuten egongelako balkoiraino eta karroza eta zaldi edertuak igaro ziren, behin eta berriro, kaletik eta haren begirada sukartsuaren aurretik.

        «Ama? Hau poztasunik gabeko, haurminik gabeko erditzea nirea.»

        Emazte gazteari esan zion kristaldun arasatik urrezko lau argimutil handiak ateratzeko eta leuntzeko: gorpuaren inguruan izan behar zituen bai gaubeilan bai eta de corpore insepulto hileta elizkizunean ere. Erregutu zion bizarra emakumeak berak egin ziezaiola, hil eta gero zenbait orduz hazten segitzen zuela-eta: kentzeko lepokoa eta masailetakoa soilik, kokotsekoa eta bibotea artaziz han-hemen apur bat txukundu baino ez. Janzteko paparreko gogorra eta fraka, eta pozoia emateko artzakurrei.

        «Sorgor eta mutu; harrotasunagatik.»

        Alabari jarauntsi zizkion ondasunak eta suhia izendatu zuen usufruktudun eta administrari. Testamentuan baino ez zuen suhia aipatu. Alaba bere ondoan koskortutako neskatotxoa legez tratatu zuen, inoiz baino gehiago, eta ez zuen behin ere semearen heriotzaz hitz egin, ezta bisita hartaz, lehenengo bisita hartaz ere. Heriotza gertakari horiek guztiak, errukiorki lekoratzeko eta, azken egintza batean, mundu galdua berreskuratzeko abagunea izan zitekeen.

        «Maitasun zintzoa bada berea, ba al dut nik eskubiderik maitasun hori hondatzeko?»

        Hil baino bi egun lehenago gurpil aulkia utzi eta ohean etzan zen. Burko multzo baten kontra jarrita, gorde egiten zuen bere betiko planta dotore eta arteza, soslai luze eta leuna. Batzuetan eskua luzatzen zuen alaba ondoan zela ziurtatzeko. Artzakurrak zinkurin egiten zuen ohepean. Ezpain meheak zabaldu egin ziren, azkenean, beldur espasmo batekin eta eskua ez zen jada gehiagotan luzatu. Bular isil haren gainean egon zen. Emakumea hantxe geratu zen, esku hari begira. Heriotza ikusten zuen lehenengo aldia zuen. Ama bera oso gaztea zenean hil zitzaion. Gonzalo urrun hil zen.

        «Orduan, hauxe da, hain hurbileko lasaitasun hau, mugitzen ez den esku hau.»

        Oso sendi gutxik lagundu zion karroza ederrari, lehenengo, San Francisco elizarantz eta ondoren, mendixkako hilerriranzko andabidean. Akaso, harekin aurkituko ziren beldur ziren. Senarrak Pueblako etxea alokatzeko agindu zuen.

        «Ordukoa bai, babes eza. Mutikoa ez zen nahikoa. Lorenzo ez zen nahikoa izan. Nire bizitza, beste haren ondoan, barroteenaren ondoan, nolakoa izango zen pentsatzeari ekin nion; beste honek eragotzi zuen bizitza.»

        («—Eta hantxe, etxaurrean eserita, eskopeta eskuetan, ematen du eguna Pizarro zaharrak. Etxaurrea baizik ez zaio gelditzen.

        »—Bai, Ventura. Orain ez zaio etxaurrea baizik gelditzen.

        »—Gizon batzuk ere baditu oraindik, balio handikoak, datorrena datorrela ere fidelak omen direnak.

        »— Bai, Ventura. Ez itzazu haien aurpegiak ahaztu.»)

        Gau batean ohartu zen senarra zelatatzen zuela nahigabe. Ohartzeke, lehenengo urteetako ezaxolakeria gordina ahazten joan zen, eta hasi zen bilatzen, iluntzeko ordu nabarretan, senarraren begirada, gizonak larruzko aulkian hankak luzatzen zitueneko edota mendiko ordu hotzetan tximinia zaharra pizteko makurtzen zeneko mugimendu lasaiak.

        «A, ahula, begirada ahula behar zuen izan, neure buruaz errukiz betetakoa, berea erregutzen; urduria, bai, ezin bainuen gainditu heriotza hark utzi zidan barruko tristura eta babes eza. Nik uste nuen urduritasun hori neurea baino ez zela...»

        Ez zen konturatu, aldi berean, gizon berri bat lasaitasuna eta konfiantza zuten begi berri batzuez begiratzen hasi zitzaiola, garai gogorrak igaroak zirela adierazi nahiko balio bezala.

        («—Orain bai, orain Pizarro jaunaren lurrak noiz banatuko dizkiezun galdetzen dute denek.

        »—Esaiezu egoteko. Ez al dira konturatzen Pizarrok ez duela oraindik guztiz etsi? Esaiezu egoteko, zaharra nire kontra egitera ausartzen bada ere, errifleekin. Gauzak bere onera etortzen direnean, banatuko dizkiet lurrak.

        »—Nik ez diot inori esan. Nik badakit Pizarro jaunaren lur joriak dagoeneko kolono batzuei, Pueblan lur zatiak ematearen ordainetan, saltzen hasia zarena.

        »— Jabe txikiek nekazariei ere lana emango diete, Ventura. Tori, hartu hau eta ez zaitez arduratu...

        »— Eskerrik asko Artemio jauna. Zuk badakizu ni...»)

        Eta orain, behin ongizatearen oinarriak ziurtatuta, beste gizon bat hasten zela, prest bere indarrak zoriontasun egintzetarako ere balio zuela erakusteko. Begirada haiek, azkenean, egin zirenean gelditu eta elkarri arreta isil hura eskaini ziotenean, emakumeari, aspaldiko partez, orrazkeraren kezka sortu zitzaion eta garondo ile gaztainkarara eraman zuen eskua.

        «...Berak, bien bitartean, irribarre egiten zidan, tximiniaren ondoan zutik, eta zer bat, zintzotasun antzeko zer bat zuen... Ba al dut neure buruari balizko zoriontasuna ukatzeko eskubiderik...?»

        («—Esaiezu errifleak itzultzeko, Ventura. Orain ez dute errifleen beharrik. Orain denek dute beren lur zatia eta arlo handienak neureak edota neure babesa dutenenak dira. Ez dute, hortaz, zertan beldurrik izan.

        »—Jakina, nagusi. Denak ados daude eta lagundu izana eskertzen dizute. Batzuek gehiagorekin egiten zuten amets baina, tira, orain berriz konforme daude eta ezer ez baino gehiago, behintzat, badela diote.

        »—Hauta itzazu hamar hamabi bat ausartenen artetik eta banatu iezazkiezu errifleak. Ez dut nik piperturik egoterik nahi ez batean ez bestean.»)

        »Gero gorrotoa sentitu nuen. Amore eman nuen... Eta gustatu egin zitzaidan. Hau lotsa.»

        Berak nahi zuen hasiera haren oroitzapena ezabatu eta, senartzat hartzera behartu zuen egintza haren memoriarik gabe, emakumearen maitasuna lortu. Emaztearen ondoan etzanda, isilean eskatzen zuen —hori jakin egin zuen— une hartako beren atzamar elkartuek uneko erantzuna baino zerbait gehiago izatea.

        «Beharbada beste harekin zerbait gehiago sentituko nuen; ez dakit; senarraren maitasuna besterik ez dut izan; a, pasio zorrotza zen berea, nik zer sentitzen nuen jakitea berarentzat hil ala bizikoa bailitzan...»

        Jokaerak bere kontrako froga argigarri zirela iritzirik, bere burua gaitzesten zuen. Pueblako kale batean ikusi zuen une berean, nor zen jakin orduko, maitatu zuela, nola sinetsarazi emakumeari?

        «Baina elkarrengandik banatzen garenean, lo gaudenean, egun berriari ekiten diogunean, gabezia hori dut, gaueko maitasuna eguneko bizimodura ekarri ahal duten zeinu, imintzioen gabezia hori dut.»

        Azal ziezaiokeen, baina azalpen batek beste bat eskatuko luke eta azalpen guztiek joko lukete egun batera eta leku batera, kartzela batera, urriko gau batera. Itzulera hori saihestu nahi zuen; jakin zuen hori lortzeko era bakarra emakumea hitzik gabe bereganatzea zela; bere barrurako esan zuen haragiak eta samurtasunak hitzen beharrik gabe hitz egingo zutela. Baina, orduan, beste zalantza batek hartzen zion gogoa. Ulertuko al zuen neskatila hark Berak besoen artean hartzean adierazi nahi izango zion guztia? Jakingo al zuen samurtasun horren asmoa estimatzen? Ez al zen demasa, itxuratuegia, ikasiegia, emakumearen sexu erantzuna? Ez al zen galtzen emakumearen oharkabeko antzezpen horretan benetako elkar ulertzerako bide oro?

        «Beharbada lotsa zen. Beharbada gogoa, ilunpetako maitasun hori, benetan ere, aparta izan zedin gogoa.»

        Baina Bera ez zen galdetzera, ezer esatera ausartzen. Egintzak gailendu egingo zirela sinesten zuen; ohitura, halabeharra, premia ere bai. Beste non ezar zitzakeen emakumeak begiak? Bere ondoan zuen hark etorkizun bakarra. Horren gauza begi-bistakoak, agian, ordukoa, hasierakoa ahaztaraziko zion. Desira horrekin —jada ametsa— loak hartzen zuen emakumearen ondoan.

        «Ni gorrotoaren arrazoiak atseginean ahazteagatik barkamena eskatzen... Jainko maitea, nola egin diezaioket aurre indar horri, begi berdeen distira horri? Zein izan daiteke nire indarra, gorputz basatiak, samurrak, bere besoetan hartzen nauenean eta, nik aurpegira niezaiokeenagatik, baimenik, barkamenik eskatzen ez didanean... A, ez du izenik; gauzak nik izena eman orduko gertatzen dira...»

        («— Hain da handia gaur gaueko isiltasuna, Catalina... Isiltasun hori urratzearen beldur al zara? Zerbait al diotsu?

        »— Ez... Ez ezazu hitz egin.

        »— Ez iezadazu inoiz ezer eskatu. Nahiko nuke batzuetan...

        »— Hitz egin zenezake. Zuk badakizu —zertzuk— zera...

        »— Bai. Ez da beharrezkoa hitz egitea. Atsegin zaitut, atsegin zaitut... Ez nuen sekula pentsatuko...»)

        Amore emango zuen. Gizonak maita zezala utziko zuen; baina iratzartzean guztia gogoratuko zuen eta gizonaren indarrari bere arrangura isilaz egingo zion aurre.

        «Ez dizut esango. Gauez gehiago egiten didazu. Egunez gehiago egiten dizut. Ez dizut esango. Ez nuela inoiz sinetsi kontatu zeniguna. Gure aitak umilazio hura bere jendetasunaren atzean gordetzen zekiela, gizon adeitsu hura, baina nik isilean eta bizitza osoan ahal dudala mendekatu.»

        Ohetik jaikitzen zen, ile askatua txirikordatzen zuen, ohe deseginerantz begiratu gabe. Argi txikia piztu eta isilean egiten zuen otoitz, isilean erakusten zuen ere, egun argiko orduetan, ez zuela gizonak garaitu, nahiz eta gauak, bigarren haurdunaldiak, sabel handiak, besterik adierazi. Eta bakardade latzenak jotzen zuenetan, iragandakoaren gorrotoa eta atseginaren lotsak buruari atseden ematen zionetan, orduantxe, esaten zion bere buruari zintzotasunez Bera, bere bizia, bere indarra,

        «... abentura bitxi hau eskaintzen didate, beldur handia eragiten didan abentura hau...»

        Abenturarako gonbita zen, etorkizun ezezagunean oso-osorik murgiltzeko gonbita, non uneko santutasunak ez zituen jardunbideak gaitzetsiko. Den-dena behetik hasita, lehenagokorik egongo ez bailitzan, asmatzen eta sortzen zuen, Adan aitarik gabe, Moises harlauzarik gabe. Ez zen horrelakoa bizitza, ez zen horrelakoa Gamaliel jaunaren mundu ordenatua.

        «Nor da? Nola sortu da bere baitatik? Ez, ez dut berarekin joateko behar besteko ausardiarik. Neure buruaren jabe izan behar dut. Ez dut negarrik egin behar nire haurtzaroko bizitza gogoratzerakoan. Hau nostalgia.»

        Haurtzaroko egun zoriontsu haiek oraingo aurpegi gogor, handinahi, behera etorritako edota ezerezetik sortutako ondasun, epez kanpoko hipoteka, baliogabeko interes, menderatutako harrotasunen arrapalada ulertezinarekin parekatzen zituen.

        («— Miseria gorrian utzi gaitu. Ezin dugu zurekin hartu-emanik izan; zu ere Berak egiten digunaren zati bat zara.»)

        Egia zen. Gizon hori.

        «Erabat atsegin dudan gizon hori, akaso benetan maite nauen gizon hori, zer esan ez dakidala naukan gizon hori, plazeretik lotsara eraman eta ekarri egiten nauen gizon hori, lotsarik etsigarrienetik plazerik eta, eta...»

        Gizon hori eurak hondatzera etorri zen: dagoeneko hondatu zituen, eta berak gorputza bai baina arima ez zuen salbatu, gizon horri saldu zion eta. Ordu luzeak igaro zituen landara ematen zuen leiho zabalduaren aurrean, pirul arbolek itzal egiten zioten bailara haren begiratzean murgilduta, umearen sehaska noizean behin kulunkatzen, bigarren erditze unea itxaroten, abenturazaleak eman ahal izango zion etorkizuna irudikatzen. Munduan sartu zen emakumearen gorputzean sartu zen bezalaxe, lotsa gaindituz, alai baino alaiago, gizatasunezko arauak hautsiz, gustura baino gusturago. Mahaira gizon haiek ekarri zituen, lurretako langile-buruak, begirada dirdaitsuko beharginak, gizalegearen berririk ez zekien jende hura. Gamaliel jaunak ordezkaturiko hierarkia oro abolitu zuen. Etxeaz gai ulertezin, aspergarri, gatz bakoez jarduten zuten astakirtenez betetako korta egin zuen. Auzo batzordeak hartzen hasi zen, lausenguak entzuten. Mexikora joan behar zuen, Kongresu berrira. Beraiek postulatuko zuten. Beste nork ahal izango zituen benetan ordezkatu? Berak eta emazteak igandean herrietatik zehar joan nahi balute, ikusiko zuten, bai, nola maite zituzten eta zeinen ziur zuen diputatu-kargua.

        Venturak berriz makurtu zuen burua kapela jantzi baino lehen. Behargin batek zalgurdia burdin hesiraino eraman zuen eta Berak indioari lepoa eman eta haurduna zegoen aulki kulunkarirantz joan zen.

        «O, nire barruko gorroto honi amaiera arte eustea al da nire betebeharra?»

        Eskua eskaini zuen eta andreak onartu egin zuen. Tejocote ustelak oinen azpian zabaldu ziren, txakurrek adausi eta korrika egin zuten zalgurdiaren inguruan eta aranondoen adarrek garoaren freskotasuna zabaldu zuten. Zalgurdira igotzen laguntzean, nahigabe emaztearen besoa estutu zuen eta irribarre egin zuen.

        — Ez dakit nik samindu egin zaitudan. Egin bazaitut, barkatzeko eskatzen dizut.

        Zain egon zen une batez. Emakumeak aztoramen seinaleren bat erakutsiko balu sikiera. Ez zuen besterik behar: keinu bat, nahiz eta maitasun-keinua ez izan, gutxieneko ahuldadea, samurtasunaren, babes-guraren seinale txikiena erakutsiko zuen keinu bat.

        «Erabaki bat hartu ahal izango banu behintzat, ahal izango banu behintzat.»

        Elkar ezagutu zuteneko lehenengo aldi hartan bezalaxe, emakumearen ahurrera eraman zuen eskua eta berriz ukitu zuen emoziorik gabeko haragia. Bridei heldu zien, emazteak bere ondoan lekua hartu eta, senarrari begiraturik egin gabe, eguzkitakoa zabaldu zuen.

        — Zaindu umea.

        «Nire bizitza gauean eta egunean erdibitu dut, arrazoi biak ase ahal izateko bezala. Zergatik ezin dut, Jainko maitea, bakar bat hautatu?»

        Berak ekialdean finkatu zuen begirada. Artoaren lurra, nekazariek, eskuz, ereintza gazteetarantz, hazia gordetzen zuten lur-tontortxoak babestuz, kanalizatzen zituzten ur-hariz ildaskatua, igaro zen bidean aurrera. Han urrunean gabiraiak hego zabalik airean: maguey-zetro berdeak bistaratu ziren; aihotzak, enborretan ebakiak egiten ziharduten: zuhaitzen izerdi hori. Gabiraiak ez beste inork bereiz zezakeen, handik goitik, nagusi berriaren lurren —lehen Bernal, Labastida eta Pizarrorenak— eremuak inguratzen zituen orban heze joria.

        «Bai: maite nau, maitatu egin behar nau.»

        Errekastoetako listu zilarreztatua laster egiten zen agortu eta salbuespenak bere lekua ematen zion arauari: magueyen zelai karetsua. Zalgurdia pasatzean, beharginek aihotzak eta aitzurrak utzi zituzten, mandazainak astoak gelditu zituen: hauts-hodeiak beste lur lehor batean harrotu ziren, lur etengabe lehor batean. Zalgurdiaren aurretik, erlauntza beltza bailitzan elizako prozesioa. Ez zuten asko behar izan haren parera heltzeko.

        «Ni maitatzeko arrazoi guztiak eman behar nizkion. Ez al zait atsegingarri bere nireganako pasioa? Ez al ditut atsegin bere maitasun hitzak, bere ausardia, bere plazeraren frogak? Honela ere. Honela, haurdun nagoela ere, ez nau uzten. Bai, bai, atsegin ditut.»

        Erromesen joate motelak geldiarazi egin zituen: umeak urre koloreko aneredun tunika zuriak aldean, zenbaitetan paper zilarreztatuz eta burdin hariz egindako argi-koroak dardaratsu buru beltzen gainean, emakume rebozodun, masail gorri eta beira-begiradadunei eskutik helduta; emakumeak aitaren egiten eta letania zaharrak xuxurlatzen: belauniko, oinutsik, eskuak arrosarioei kateatuta: gelditu egiten zuten hankak zauriz beteta ofrenda egitera zihoan gizona, jo bizkar biluzian eta gerri penca arantzatsuekin estutuan zigorradak poztasunez hartzen zituen bekataria: arantza-koroek zauriak zabaltzen zituzten bekoki beltzaranetan, indipikondo-eskapularioak bular ilegabeetan: indigenen hizkuntzan jaulkitako marmarra ez zen aditzen oin geldoek zelaitu eta laster ezkutatu egiten zituzten tantakada gorri haiek zipriztinduko lur arrasetik harago: zarakar gogorreko oinak, babatuak, azal lupeztuzko bigarren geruza hura eramatera ohituak. Zalgurdia aurrera egin ezinik.

        «Zergatik ezin dut hau guztia onartu bihotzean har bat, ardura bat sentitu gabe? Nire gorputzaren edertasunak txundituta duen froga moduan ulertu nahi dut, baina ezin dut meneratu egin dudan froga moduan, gauero maitasuna erauzi eta biharamunean, hotz eta urrun agertuz, destaina egiteko gai naizen froga moduan baizik ulertu. Zergatik ez hartu erabaki bat? Zergatik hartu behar dut erabaki bat?»

        Gaixoek tipula-txaplatak sakatzen zituzten lokiaren kontra edota emakumeen adar bedeinkatuek gorputza korri ziezaiotela uzten zuten: ehunka, ehunka: etengabeko ulu batek baino ez zuen marmarren isiltasun leuna urratzen: txakur adurtsuek, azal ezkabiatsuek berek ere, arnasestu isilaz egiten zuten korrika, arrosa koloreko igeltsuzko dorreak, axuleiuzko portada eta mosaiko horiko kupulak, han, urrunean, begien aurrean noiz agertuko zain zegoen pauso geldoko jendetza haren artean. Urontziek penitentziagileen ezpain mehetara igotzen ziren eta kokotsetan behera pulquearen bits lodia jariatzen zen. Begiak zuri, harrek jota; aurpegiak ezkabiak markatuta; ume gaixoen kaskamotzak; sudurrak baztangak zulatuta; bekainak sifiliak ezabatuta: konkistatzailearen marka konkistatuen gorputzetan, teuleen jainkoa ohoratzeko eraikitako santutegirantz belauniko, katamarka, oinez zihoazen konkistatuen gorputzetan. Ehunka, ehunka: oin, esku, seinale, izerdi, auhen, ubeldura, lokatz, ezpain, hortz: ehunka.

        «Erabaki bat hartu behar dut; ez dut bizitzan, heriotza arte, gizon horren andrea izatea baino beste aukerarik. Zergatik ez onartu? Bai, erraza da pentsatzea. Ez da horren erraza nire gorrotoaren arrazoiak ahaztea. Jainkoa. Jainko maitea, esadazu neure zoriontasuna ni neu hondatzen ari naizen, esadazu zoriontasuna arreba eta alabaren betebeharren aurretik jarri behar al dudan...»

        Zalgurdiak zailtasun handiz egiten zuen aurrera hautsezko bidean, presa zer zen ez zekiten, santutegirantz belauniko, oinez, katamarka zihoazen gorputz haien artean. Bide bazterreko magueyek ez zioten itzulingurua egiteko bidetik ateratzen uzten eta emakume zuria, eguzkitakoari atzamarren artean eutsiz babesten zen eguzkitik, eta erromesen sorbaldek leunki kulunkatzen zuten: gazelaren begiak, gingila zurigorriak, azalaren zuritasun leuna, sudurra eta ahoa babesten zizkion zapia, bular tenteak zeta urdinaren atzean, sabel handia, oin txikiak gurutzatuta eta satinezko zapatilak.

        «Seme bat dugu. Aita eta neba hilda daude. Zer dela eta hipnotizatzen nau iragandakoak? Aurrera begiratu beharko nuke. Eta ez dakit erabakirik hartzen. Gertakariek, halabeharrak, nigandik kanpo dagoen zerbaitek utzi behar al dut niregatik erabaki dezala? Baliteke. Jainkoa. Beste ume baten zain nago...»

        Eskuak emakumearenganantz luzatu ziren: lehenengo, indio zahar eta ile urdindu baten gorputzadar babatua, berehala, emakumeen besoak, rebozopean biluzik; mirespenezko eta maitasunezko marmar sotila, emakumea ukitzeko gogo eutsiezina, txirula-hitz batzuk: «Anddere, anddere.» Kalesa gelditu egin zen eta berak jausi egin zuen eta, buru ilunen gainean zigorrari eutsiz, lekua egiteko oihukatu: garaia, beltzez jantzita, xingoladun kapela bekainetaraino sartuta...

        «...Jainkoa, zergatik jarri nauzu ataka honetan?...»

        Emakumeak bridak hartu zituen, zaldia eskuinerantz zuzendu zuen, bortizki, eta erromesak lurrera bota, eta zaldiak egin zuen irrintzi, aurreko hankak altxatu, lurrezko ontziak apurtu eta kakaraka eta hegaldaka zeuden oiloen kaiolak, kolpatu lurrera eroritako indioen buruak, harik eta bira osoa eman zuen arte, izerditsu eta dirdaitsu, lepoko nerbioak tenkatuta eta begiak irtenda: emakumeak bere gain sentitu zituen izerdi eta zauri guztiak, aldarri isila, zomorroak, pulque-sundaren igoera; eta zutik, oreka sabelaren handitasunari esker mantenduz, bridak astindu zituen animaliaren bizkarrean. Errugabetasunezko eta harridurazko oihu txikiak atereaz, eskuak jasoz, magueyzko harresiaren kontra gorputzak botaz jendetzak bidea ireki zuen eta emakumeak etxerantz hartu zuen arin.

        «Zergatik eman didazu erabakiak hartu beharreko bizitza hau? Ni ez nintzen horretarako jaio...»

        Arnasestuka, hango jendetzatik urrun, dirdirapenean galdutako, gizonak landatu zituen fruta arbolen garaiera azkarrak gordetako lursailerantz.

        «Emakume ahula naiz. Bizimodu lasaia, nire ordez besteek hautatuko zuten bizimodua baino ez nuen nahi nik. Ez... ez dakit erabakirik hartzen... Ezin dut... Ezin dut...»

        Mahai luzeak santutegitik hurbil jarri ziren, eguzki bete-betean; euliek, eskoadrila itxietan, frijolez betetako lapikotzar eta periodiko-paperezko mantelean pilatutako tako gogorren gainetik egin zuten hegan; janariaren eta lapikoen iluntasuna apurtzen zuten gingatan ondutako pulque bonbilek eta artaburu lehorrek eta hiru koloreko almendra gozoek. Udaleko presidentea tenplete batera igo zen, eta Bera aurkeztu zuen, eta goraipatu, eta Berak onartu egin zuen diputatu federala izateko postulazioa, zeina konponduta baitzegoen gobernuarekin hilabeteak lehenago Pueblan eta Mexikon, gobernuak iraultzaren alde egindakoak, nekazal erreformaren postulatuei ekiteko gudarostea uztearekin erakutsitako jokabide laudagarria, eta eskualdean agintari faltara, Berak bere kontura ordena ezarriz, betetako lan bikaina onartzen baitzuen. Tenplutik sartu-irtenean, beren Jainko eta Birjinari ahots ozenean negar egiten, erostatzen, hitzaldiak entzuten eta txanbiletatik edaten ari ziren erromesen marmar isil eta atergabeek inguratzen zituzten. Hautagaiak ez zuen patxada galdu, indioek takoak mastekatzen zituzten eta Berak eskualdeko beste letratu bati eman zion hitza, eta danbor indigenak Bera agurtu zuen, eta eguzkiak mendien beste aldean lekua hartu.

        — Nik esan nizuna —xuxurlatu zuen Venturak euri puntualaren tanta biribilak kapelan entzun zirenean—. Hantxe izan dira Pizarro jaunaren soldatapeko hiltzaileak, tenpletera igo orduko zu destatzen.

        Berak, kapelarik ez eta, artaburu orrizko kapa sartu zuen burutik. —Nola gelditu dira?

        — Hotz baino hotzago —egin zuen irribarre Venturak—. Ekitaldia hasi aurretik genituen inguratuta.

        Hanka sartu zuen zaldiaren estriboan. —Bota iezazkiozu Pizarrori muturren aurrera.

        Gorrotatu egin zuen emakumea gela zurituan, biluzian, sartu zenean eta aukitu zuenean bakarrik, aulkian kulunkatzen eta besoak igurzten, gizonaren etorrerak gorputza hotz ukiezin batez bete balitzaio bezala, haren hatsak, gorputzaren izerdi lehortuak, ahotsaren hots beldurgarriak haize izoztua balekar bezala. Dar-dar egin zuen emakumearen sudur mehe eta artezak: gizonak kapela mahai gainera jaurtiki zuen eta ezproiek aurrera egin zuten adreiluzko zoruan arrastoak eginez.

        — Ikaratu... ikaratu egin naute...

        Berak ez zuen ezer esan. Kapa erantzi eta tximinia ondoan zabaldu zuen. Ura gur-gur zihoan sabaiko teilen artetik. Emakumea bere burua zuritzen ahalegintzen zen lehenengo aldia zen.

        — Emazteagatik galdetu didate. Egun garrantzitsua zen gaurkoa niretzat.

        — Bai, badakit...

        — Nola azaldu... denok... denok behar ditugu geure bizitzaren lekukoak eduki bizitza bizi ahal izateko...

        — Bai...

        — Zuk...

        — Nik ez nuen nire bizitza aukeratu! —esan zuen emakumeak ozen, eskuez aulki kulunkariaren heldulekuak estutuz—. Jendeari zeure gogoa betearazten badiozu, ez etorri gero inoren esker onarean bila ez eta...

        — Zure gogoz kontra? Zergatik atsegin nauzu orduan? Zergatik aritzen zara ohean orro batean gero egunez aurpegi iluna jarri behar baduzu? Nork ulertu zurea?

        — Zital hori!

        — Ea, hipokritatzar, erantzun ezazu, zergatik?

        — Beste edozein gizonekin ere berdin izango litzateke.

        Begiak jaso zituen gizonari buru egiteko. Esana zegoen. Nahiago zuen bere burua beheratu. —Zuk zer ote dakizu? Beste aurpegi bat, beste izen bat eman diezazuket...

        — Catalina... Nik maite izan zaitut... Nire aldetik ez dago ezer.

        — Utz nazazu. Zure eskuetan nago betiko. Baduzu nahi zenuena. Konforma zaitez eta ez ezazu ezinezkorik eskatu.

        — Zergatik uko egiten duzu? Nik badakit atsegin nauzuna...

        — Utz nazazu. Ez iezadazu uki. Ez iezadazu nire ahuldadea aurpegiratu. Zin egiten dizut ez dudala berriro amore emango... horretan...

        — Emaztea zaitut.

        — Ez niregana hurbildu. Errespetua gordeko dizut. Hori zeurea da... Zeure garaipenetako bat da.

        — Bai, eta bizitza osoan jasan behar izango duzu.

        — Orain badakit nola arindu bihotza. Jainkoa alde izanda, seme-alabak ondoan izanda, badut nik arnasbide nahikorik...

        — Zer dela eta egon behar du Jainkoak zure alde, iruzurti hori?

        — Ez didate zure irainek ardura. Nik badakit nola bihotza arindu.

        — Zein atsekabetatik?

        — Ez zaitez joan. Aita apaldu eta neba saldu zuen gizonarekin bizi naizela jakiteak sortutakotik.

        — Damutuko zaizu, Catalina Bernal. Hankak zabaltzen dituzun bakoitzean aita eta neba gogorarazteko ideia ematen ari zara.

        — Jadanik ezin nauzu mindu.

        — Ez egon horren ziur.

        — Egin ezazu zeuk nahi duzuna. Egiak min ematen dizu? Zeuk hil zenuen nire neba.

        — Zure nebak ez zuen inork saldu ahal izateko denborarik izan. Martiri izan nahi zuen. Ez zuen bere burua salbatu nahi izan.

        — Hura hil egin zen, zu, ordea, hemen zaude, bizi-bizirik eta haren jaraunspenari onura ateratzen. Horixe da nik dakidan guztia.

        — Jan itzazu orduan barruak eta egizu kontu ez dizudala inoiz uko egingo, ezta hiltzen naizenean ere, baina nik ere badakidala umiliatzen. Damutu egingo zaizu ohartu ez izanaz...

        — Maite ninduzula zenidanetan ez nintzela zure animalia aurpegiaz jabetzen uste al duzu?

        — Ez zintudan alderatuta nahi, aitzitik, nire bizitzan sartuta nahi zintudan...

        — Ez nazazu uki. Horixe da inoiz erosi ezin izango duzuna.

        — Ahatz ezazu gaurko egun hau. Pentsa ezazu bizitza osoa bizi behar dugula elkarrekin.

        — Urrun zaitez. Bai. Horrexetan ari naiz pentsatzen. Urteak eta urteak aurretik.

        — Barkadazu, beraz. Berriro eskatzen dizut.

        — Eta zuk niri barkatuko al didazu?

        — Ez dut zer barkatu.

        — Barkatuko al didazu nik bestea, benetan atsegin nuen hura ahaztuaz-ahaztuaz joan izana zuri ez barkatzea? Behintzat haren aurpegiaz ondo oroituko banintz... Horregatik ere, haren aurpegia ahaztarazi didazulako ere, gorroto zaitut... Behintzat lehenengo maitasun hura bizi izan banu, bizi izan naizela esateko moduan nengoke... Ni ulertzen saia zaitez; gorroto handiago diot hari zuri baino, izan ere, hark bere burua ikaratzen utzi eta betiko joan zen... Hauek guztiak hari ezin esan eta horregatik, beharbada, esaten dizkizut zuri... bai, esadazu horrela pentsatzea koldarkeria dela... ez dakit; ni... ni ahula naiz... eta zuk, nahi izanez gero, emakume asko maita zenezake, ni, berriz, zuri lotuta nago, betiko. Nahitaez bere egin izan banindu, egun ez nuke haren aurpegia gogoratu gabe oroitu eta gorrotatu beharko. Gogobete eza geratu zait betiko, ulertzen didazu?... entzudazu, ez zaitez joan... eta errua neure buruari leporatzeko kemenik ez dudanez eta hura ere gorrotatzeko hurbil ez dagoenez, zeuri leporatzen dizut errua, zeu gorroto zaitut, zeu, horren indartsua zaren hori, denari buru egiteko gai zaren hori.... Esadazu ea hau barkatzen didazun, zeren nik ezin izango baitizut barkatu, neure buruari eta joan zen hari... hain ahula... barkatzen ez diedan bitartean. Baina ez dut pentsatu nahi ezta berba egin nahi ere; utz iezadazu bakean bizitzen eta barkamena Jainkoari eskatzen, ez zuri...

        — Lasai zaitez. Nahiago zintudan zeure isilune malmutzekin.

        — Badakizu. Zeuk nahi besteetan min nazakezu. Ate hori ere zabalik duzu. Bat-batean zeuk ere gorrota nazazun nahi baitut eta horrela gure ilusioei behingoz amaiera eman...

        — Errazagoa litzateke orain arteko guztia ahaztu eta berriro hastea.

        — Gu ez gaude horrela eginda.

        Emakumeak sorgor bere lehenengo erabakia gogoratu zuen, Gamaliel jaunak gertatzen ari zenaz ohartu zionekoa. Irmotasunez amore eman. Biktima bilakatu gero mendeku hartu ahal izateko.

        — Ezin dit ezerk atzera eginarazi, ikusten? Emadazu atzera eginaraziko didan arrazoi bat.

        — Hau askoz errazagoa dela.

        — Ni ez ukitzeko esan dizut, ez niri laztanik egin!

        — Gorrotoa errazagoa da, neuk diotsut. Maitasuna bihurriagoa da, eta gehiago eskatzen du...

        — Hauxe da naturala. Berez ateratzen zaidana.

        — Ez da zertan landu eta maitatu. Berez ateratzen da.

        — Ez ukitzeko!

        Ez zion senarrari gehiagotan begiratu. Isiltasunak hurbiltasuna ezabatzen zuen, gizon garai eta beltzaran, bibote zerratu haren hurbiltasuna, zeinek bekainak eta garondoa harrizko min batek estutzen sentitzen zuen. Emaztearen begi eder eta lauso haietan beste zerbait ere antzeman zuen. Ahoak —aho itxi hark—, ezkutuko mespretxu keinuaz, Berak inoiz esango ez zituen hitzak aurpegiratzen zizkion.

        «Egindakoak eginda gero, uste al duzu oraindik ere maitatzeko eskubidea duzula? Uste al duzu bizitzaren arauak alda daitezkeela zuk, orain artekoez gainera, horrelako sariak jaso ditzazun? Errugabetasuna kanpoko munduan galdu zenuen. Ezin izango duzu hemen barruan, afektuen munduan, berreskuratu. Beharbada izan zenuen zeure baratzea. Neuk ere izan nuen neurea, neure paradisu txikia. Orain biok galdu dugu. Saia zaitez gogoratzen. Ezin duzu niregan aurkitu jada sakrifikatu zenuena, jada betiko eta zeure erruz galdu zenuena. Ez dakit nondik zatozen. Ez dakit zer egin duzun. Dakidan bakarra da, zure bizitzan galdu zenuena, gero, neuri galarazi zenidala: amets goxoa, xalotasuna. Jada ez gara inoiz lehengoak izango.»

        Berak emaztearen aurpegiera sorgorrean irakurri nahi izan zituen hitzak. Nahigabe, emakumeak esaten ez zuen arrazoitik hurbil sentitu zen. Hitz hura bere beldur gordera itzuli zen. Cainita: hitz anker hark ez zuen inoiz irten behar emakumearen ezpainetatik, maitasun itxaropena galtzen bazen ere, emakumea izango baitzen, hala ere, lekuko —mutu, temati— etorriko ziren urteetan. Barailak estutu zituen. Egintza batek bakarrik askatu ahal izango zuen, beharbada, banaketa eta gorroto korapilo hori. Hitz batzuk bakarrik, orain esan edo sekula ez. Emakumeak hitzok onartzen bazituen, dena ahaztu eta berriro has zitezkeen. Onartzen ez bazituen...

        «Bai, bizirik nago eta zure ondoan, hemen, beste batzuk nigatik hil zitezen utzi nuelako. Hil zirenei buruz hitz egin diezazuket nik eskuak garbitu eta sorbalda jaso nuelako. Onar nazazu honelaxe, erru hauexekin, eta begira iezadazu premia duenari legez, premia... Ez nazazu gorrota. Erruki zaitez nitaz, Catalina maitea. Maite zaitudalako; pisa itzazu batetik nire erruak eta bestetik nire maitasuna eta ikusiko duzu nire maitasuna handiagoa dela...»

        Ez zen ausartzen. Bere buruari galdetzen zion zergatik ez zen ausartzen. Zergatik ez zion emakumeak egia eskatzen —berari, zeina ez zen egia esateko gauza eta jakitun zen koldarkeria horrek gehiago urruntzen zituela elkarrengandik eta Bera ere maitasun hondatuaren erantzule egiten zuela—, errutik libre geratzeko biak, gizon honek, berrerosia izateko, konpartitu nahi zuen errutik libre?

        «Bakarrik ez; bakarrik ezin dut.»

        Minutu labur gozo eta isil hartan...

        «Jada indartsua naiz. Nire indarra halabehar hauek kontra egin gabe onartzea da.»

        ...Berak ere haraino heltzearen, itzultzearen... ezintasuna onartu zuen... Emakumea zutitu egin zen umea bakarrik zuela gelan lotan xuxurlatuz. Bera bakarrik gelditu zen, eta imajinatu zuen, imajinatu zuen emakumea belauniko, marfilezko gurutzearen aurrean, jaregingo zuen azken egintza betetzen.

        «nire patu eta nire erruaren zoritxarra onartu, zeure salbazioari atxikirik, hau, gu biona izan behar zuen hau, isilean eskaintzen nizun arren, ukatuz; jada ez zara itzuliko...».

        Besoak antxumatu eta zelaiko gauera irten zen, burua jaso zuen Artizarraren konpainia dirdaitsua, azkar baino azkarrago argiz betetzen zihoan zeru-gangako lehenengo izarra agurtzeko. Iragandako beste gau batean ere begiratu izan zuen argizagietarantz; hura gogoratuz ez zuen ezer irabazten. Dagoeneko ez zen orduko hura, ez eta argizagiak ere bere gazte-begiradak begietsi zituen haiek.

        Atertu egin zuen. Ortuari guayaba eta tejocote, aranondo eta madariondoen usain sarkorra zerion. Berak landatu zituen lorategiko arbolak. Berak altxatu zuen hesia, zeinek bereizten zituen etxea eta ortua, bere gune intimoa, ereiteko lurretatik.

        Botek lur hezea zapaldu zutenean, praketako poltsikoetan sartu zituen eskuak, eta burdin hesirantz joan zen astiro. Burdin hesia zabaldu eta ondoko baserrirantz jarraitu zuen. Emaztearen lehenengo hardunaldian, neska indio hark, noizean behin, etxean hartu izan zuen, isiltasun geldoaz eta inolako galderarik edota aurreiskupenik gabe.

        Deitu gabe, atea kolpez bultzatuz sartu zen pezo apurtuzko etxolara. Besotik hartu zuen, lotik atereaz, haragi ilunaren, loaren beroa jada ukituz. Neskatoak izututa begiratu zion bere onetik ateratako nagusiaren aurpegierari, beira berdexkazko begien gainera zetorkion ile kizkurrari, bilo nahasi eta latzak inguratutako ezpain lodiei.

        — Zatoz, ez ikaratu.

        Neskak besoak jaso zituen brusa zuria sartzeko eta eskua luzatu rebozoa hartzeko. Berak kanporantz eraman zuen. Neskak eme-eme egiten zuen marru, lakioz harrapatutako txekortxoa bailitzan. Eta Berak zerurantz jaso zuen aurpegia, gau hartan argi guztiekin jantzita zegoen zerurantz.

        — Ikusten duzu izartzar distiratsu hura? Eskumenean dagoela dirudi, ezta? Baina zeuk ere badakizu, ezin izango duzula sekula ukitu. Eskuekin ukitu ezin dugunari ezetz esan behar zaio. Zatoz; nirekin biziko zara etxe handian.

        Neska gaztea burua makur sartu zen ortura.

        Euri-zaparradak garbitutako zuhaitzek dizdiz egin zuten iluntasunean. Lur hartzitua usain trinkoz bete zen, eta Berak sakon hartu zuen arnasa.

        Eta goian, logelan, emakumeak atea erdi zabalik utzi eta etzan egin zen. Argi txikia piztu zuen. Aurpegia eman zion hormari, eskuak sorbalden gainean gurutzatu eta hankak bildu zituen. Handik laster, luzatu egin zituen hankak, eta txapinak itsumustuka bilatu zoruan. Jaiki eta gelan zehar ibili zen, burua jasoz eta makurtuz. Urrumatu egin zuen, ohartu gabe, ohe txikian lotan zegoen umea. Sabelaldea laztandu zuen. Berriz etzan zen eta horrelaxe egon zen gizonaren oin-hotsak korridorean noiz entzungo zain.

 

 

NIK egiten uzten diet, Nik ezin dut ez pentsatu ez desiratu; Ni min honetara ohitzen naiz: ezerk ezin du sekula eta beti iraun ohitura bihurtu gabe; saihetsen behealdean sumatzen dudan mina, zilbor inguruan, hesteetan, dagoeneko neure mina da, marraskatu egiten duen min bat da: oka-zaporea nire mihian neure zaporea da; sabelaren hantura neure erditzea, erditzearekin parekatzen dut, barregura ematen dit. Ukitzen ahalegintzen naiz. Zilborretik pubiseraino korritzen dut. Berria. Biribila. Oretsua. Baina izerdi hotza ibitu egiten da. Aurpegi hori, aupegi zurbil hori ikusten dut Teresaren esku-poltsaren simetria gabeko beiretan, Teresa nire ohe ondotik pasatzen baita, eta Teresak bere poltsa hori beti darama berekin, gelan lapurrak egongo balira bezala. Kolapso hori dut. Nik dagoeneko ez dakit. Medikua joan egin da. Beste mediku batzuen bila doala esan du. Ez du nire ardura bere gain hartu nahi. Nik dagoeneko ez dakit. Baina ikusi egiten ditut. Sartu egin dira. Zabaldu, itxi egiten da kaobazko atea, eta oin-hotsak ez dira alfonbra lodian entzuten. Leihoak itxi dituzte. Zarratu, zurrumurru batez, gortina grisak. Sartu egin dira. A, leiho bat dago. Mundu bat dago hor kanpoan. Haize altu hori dago, mesetakoa, eta zuhaitz beltz eta mehe batzuk astintzen ditu. Arnasa hartu beharra dago...

        — Zabal ezazue leihoa...

        — Ez, ez. Hotza harrapa dezakezu eta zailagoa egin dena.

        — Zabaldu...

        — Domine non sum dignus...

        — Madarikatu egiten dut Nik Jainkoa...

        — ...berarengan sinesten duzulako...

        Argia, bai. Benetan argia ateraldia. Lasaitu egiten nau. Jada ez dut horrelakoetan pentsatzen. Bai. Zertarako madarikatu jainkoa, jainkorik ez bada? On egiten dit honek. Onartu egingo dut hau guztia; izan ere, aurre egitea gauzok badirela ametitzea da. Horixe egingo dut. Ez dakit non izan dudan burua. Barkatu. Apaizak badaki zertaz ari naizen. Barkatu. Ez diet kontra eginez arrazoia emango. Hobe da horrela. Aspertuta dagoenaren begitartea jarri behar dut. Horixe da ondoen datorrena. Zenbateko garrantzia ematen ari zaion honi guztiari. Gainera, niretzat, honetan zerikusirik handiena duen honentzat, garrantziaren amaiera adierazi nahi duenean. Bai. Honela ondo goaz. Honelaxe. Denak garrantzia izateari utziko diola konturatzen naizenean, gainerakoak gauzarik garrantzitsuena bihurtzen saiatzen dira: norberaren mina, inoren arimaren salbazioa. Sudurzuloetatik soinu ikol hori atera eta egiten uzten diet, eta sabelaren gainean gurutzatzen ditut besoak. O, alde hemendik denok, utz iezadazue entzuten. Ez ote didate ulertuko? Ez ote dute jakingo honela, honela tolesturiko beso batek zer adierazi nahi duen?...

        «— ...argudiatu dute hemen Mexikon ere hozteko aparailu horiexen modu-modukoak egin daitezkeela. Baina guk eragotzi egingo dugu, ezta? Hogei milioi peso, milioi eta erdi dolar da...

        »— Plus our commissions...

        »— Marranta horrekin izotzak ez dizu onik egingo.

        »— Just hay fever. Well, I'll be...

        »— Ez dut amaitu. Gainera, zera ere badiote, meatze konpainiei Errepublikaren erditik mugara bitarteko garraiatzeagatik kobratzen zaizkien garraio-sariak baxuak direla oso, diru-laguntza bat jasotzea modukoa dela, garestiagoa dela egoskariak garraiatzea gure konpainietako mineralekin atzera-aurrera jardutea baino...

        »— Nasty, nasty...

        »— Bai, horixe. Badakizu, garraio-sariak igotzen badituzte, ezin izango diegu meatze lanen kostuei eutsi...

        »— Less proffits, sure, lesproffitsure lesslessless...»

        Zer gertatzen da, Padilla? Tira, Padilla. Zer kakofonia da hori? Tira, Padilla.

        — Bukatu egin da zinta. Unetxo bat. Beste aldean segitzen du.

        — Ez da entzuten ari, lizentziatu.

        Padillak bere-berea duen era horretan egingo du irri. Padillak ezagutzen nau. Ni entzuten ari naiz. O, entzuten ari naiz, ai. Hots horrek argindarrez betetzen dit burmuina. Hots hori neure ahotsa da, neure ahots alderanzgarria, bai, berriro ere txilioka, eta atzerantz korrika eginez entzun daiteke, katamixarraren txilioa egiten, neure ahotsa ordea, izena neurea den bezala, hamaika hizki baino ez izan eta mila eratara idatz daiteke Amuc Reoztrir Zurtec Marzi Itzau Erimor baina bere giltza du, bere nagusia, Artemio Cruz, a nire izena, nire izena entzuten dut txilioka, gelditu egiten da, kontrabidean korrika doa:

        «— Mesedez, Mr. Corkery. Telegrafia ezazu esandako guztia honetan parte duten Estatu Batuetako zentraletara. Xaxa dezatela hango prentsa Mexikoko burdinbideko komunisten aurka.

        »— Sure, if you say they're commies, I feel my duty to uphold by any means our...

        »— Bai, bai, bai. Pozgarria da benetan, gure idealak eta gure interesak berdinak direla jakitea, ezta? Eta beste gauza bat: hitz egin ezazu zuen enbaxadorearekin, estutu, estutu dezala mexikar gobernua, gobernatzen hasi berria da eta oraindik berde antz dago-eta.

        »— Oh, we never intervene.

        »— Barkatu nire zakarkeria. Aholka iezaiozu gaia lasai azter dezala eta eman dezala bere iritzi desinteresatua; izan ere, Mexikon dauden iparramerikar hiritarren interesek beti kezkatu izan dute. Azal diezaiela giro egokia behar dela inbertsiorako, eta asaldura hauekin...

        »— OK, OK.»

        O, hau zeinu, hitz, kitzikadura zaparrada, nire belarri nekatu hauentzat; o, hau nekea: o, hau lengoaiarik gabeko lengoaia; o, baina hori esan egin nuen, neure bizitza da, entzun egin behar dut; o, ez dute nire keinua ulertuko, ezin ditut-eta atzamarrak ia mugitu: ken dezatela behingoz, gogaitu nau dagoeneko, zer zerikusi du, bai aspergarria, bai aspergarria... Zerbait dut horiei esateko:

        — Menderatu egin zenuen eta erauzi egin zenidan.

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        — Zeuri leporatzen dizut errua. Zeuri. Zeu zara erruduna.

        Teresak egunkaria erortzen uzten du. Catalina ohantzera hurbiltzen da eta zera dio, Nik entzun ezin izango banio bezala: —Oso itxura txarra du.

        — Esan al du non dagoen? —galdetzen du Teresak baxuxeago.

        Catalinak ezetz esaten du buruaz. —Abokatuek ez daukate. Eskuz idatzita egongo da. Baina hau gai da testamentua egin gabe hiltzeko, guri bizimodua nahastearren edozer.

        Begiak itxita entzuten ditut eta disimulatu, disimulatu egiten dut.

        — Apaizak ezin izan dio ezer atera?

        Catalinak ukatu egin du, nonbait. Oheburuaren ondoan belaunikatzen dela sentitzen dut, eta ahots astiro eta hautsi batez zera dio: —Nola zaude?... Hitz egingo dugu apurtxo batean?... Artemio... Kontu larri bat dago... Artemio... Ez dakigu testamenturik egin duzun. Zera jakin nahi genuke, ea non...

        Mina moteltzen doa. Catalinak eta Teresak ez dute ikusten bekokitik behera daridan izerdi hotza, ezta nire mugiezintasun urduria ere. Ahotsak entzuten ditut, baina orain, orain hasi naiz berriro siluetak ikusten. Dena bere fokura itzuli da eta, orain, oso-osorik, beren aurpegi eta imintzioekin, ikusten ditut, eta mina sabelera itzul dadin nahi dut. Neure buruari esaten diot, esaten diot buru-argi, ez ditudala maite, ez ditudala inoiz maite izan.

        — ...jakin nahi genuke ea non...

        Irudika ezazue zeuon burua, txerri alaenok, fidantzan ematen ez duen dendari baten aurrean, etxea uzteko agindu baten aurrean, abokatu nahasle baten aurrean, mediku iruzurgile baten aurrean, irudika ezazue zeuon burua gizarteko erdi maila nazkagarrian, txerriok, ilaran jarrita esne ureztatua erosteko, ilaran zerga predialak ordaintzeko, audientzia eskatzeko, mailegua eskuratzeko, ilaran gorago heldu ahal zaretela amesteko, Artemio Cruzen alaba eta emaztea autoan joaten ikustea gutiziatzen, Lomas de Chapultepecen etxe bat gutiziatzen, mink-ezko beroki bat gutiziatzen, esmeraldadun iduneko bat, atzerrira bidaia bat, irudika ezazue zeuon burua, nire harrotasunik eta nire deliberaziorik gabeko mundu batean; irudika zeuon burua Ni bertutetsua izango nintzatekeen mundu batean, apala izango nintzatekeen mundu batean: behe-behean, sortu nintzen lekuan, edota goi-goian, orain nagoen lekuan: hantxe, neuk diotsuet, hantxe dago duintasuna, eta ez erdian, bekaizkerian, terrenterian, ilaretan: dena edo ezer ez: ba al dakizue zein den nire zoria? ulertzen al duzue?: dena edo ezer ez, dena beltzaren alde edo dena gorriaren alde, barrabilekin, gero, e?, barrabilekin, arriskatuz, eginahalak eginez, goikoek edota behekoek fusilatuta hiltzera arriskatuz; hori da gizona izatea, horrelakoxea izan naiz Ni, eta ez zuek nahiko zenuketen erdi gizona, kasketaldi arineko gizona, oihu epeleko gizona, putetxe eta taberna gizona, postaletako arra, a, ez, Nik, ez! Nik ez dizuet ahotsik jaso behar izan, Nik ez dut zuek izutzeko mozkortu behar izan, Nik ez zaituztet zuen gainetik jartzeko jo behar izan, Nik ez dut zuen maitasuna erregutzeko makurtu behar izan: Nik aberastasuna eman nizuen zuengandik inolako saririk, maitasunik, ulermenik espero gabe, eta inoiz ez dizuedanez ezer eskatu ezin izan nauzue utzi, luxuari atxiki zatzaizkiote, manila-paperean bildutako nire soldata urria agian madarikatuko ez zenuketen bezala Ni madarikatuz, baina nire kaskarkeria errespetatuko ez zenuketen bezala behartuta zaudete Ni errespetatzera, a, atso nazkagarriok, atso harroputzok, atso ezerezok, aberastasunaren objektu guztiak izan dituzue eta kaskarkeriaren burua izaten segitzen duzue: etekina atera izan bazeniote, behintzat, Nik emandakoari; ulertu izan bazenute, behintzat, luxu kontuak zertarako diren, nola erabili behar diren: Nik, ostera, dena izan dut, entzun?, erosi ahal dena eta erosi ezin dena, den-dena, Regina izan nuen, entzun?, Regina maitatu nuen, Regina zuen izena, eta berak ere maitatu egin ninduen, dirurik gabe maitatu ninduen, nirekin etorri zen, bizia eman zidan han behean, entzun?: entzun nizun, Catalina, egun batean esan zeniona:

        «— Zure aita; zure aita, Lorenzo... Zuk uste...? Zuk uste onar daitekeela...? Ez dakit nik, gizon santuen berri... benetako martirien berri...»

        — Domine non sum dignus...

 

 

ZUK usainduko duzu, zure min horren barrenetik, aienatzen ez den intsentsu hori eta jakingo duzu, zure begi itxi horien atzean, leihoak ere itxita daudela, ez duzula jada arratsaldeko haize gozoa arnasten: soilik intsentsuaren sunda, apaiz horren aurpegia, zeina absoluzioa ematera etorriko den; absoluzioa, azken buruko elizkizun bat berau, Zuk eskatuko ez duzuna, baina hala ere onartu egingo duzuna, beste horiek zure azken orduko asaldatzearekin atseginik har ez dezaten: nahiko duzu dena jazo dadila zu inorekin zorretan geratu gabe, eta nahiko duzu, halaber, zeure buruaz oroitu, inori ezer zor ez dion bizitza batean: emakume horrek ez dizu utziko, emakume horren oroitzapenak —haren izena esango duzu: Regina; haren izena esango duzu: Laura; haren izena esango duzu: Catalina; haren izena esango duzu: Lilia— zure oroitzapen guztiak bilduko ditu eta bera ezagutzera hertsatuko zaitu: baina esker on hori ere eraldatu egingo duzu —jakin egingo duzu hori, min zorrotzak eragindako garrasi bakoitzaren atzetik— eta zeure buruaren erruki bihurtuko, zeure galeraren galera: inork ez dizu gehiago emango, gehiago kentzeko gero, emakume horrek baino, bere lau izen desberdinekin maitatu zenuen emakume horrek baino: nork gehiago?:

        Zeureari eutsiko diozu: isileko boto bat egingo zenuen: zure zorrak ez onartzea: ahanztura berean bilduko zenituen Teresa eta Gerardo: zuritu egin ahal izango duzun ahanztura bat ez baituzu haien berririk izango, neskatoa haziko delako amaren ondoan, zugandik, zeure semearentzat baizik biziko ez zaren horrengandik, urrun, Teresa ezkonduko delako Zuk oroimenean finkatu ezin izango duzun aurpegieradun mutil horrekin, mutil zirriborrotsu horrekin, gizon gris horrekin, zeinek ez duen enplegatu eta bete beharko zure oroimenari xedaturiko graziazko denbora: eta Sebastián: ez duzu oroitu nahiko Sebastián maisua : ez dituzu oroitu nahiko esku zabal horiek, belarrietatik tiratuko dizuten, erregelaz joko zaituzten esku zabal horiek: ez dituzu gogoratu nahiko zure hatz kosko minduak, zure atzamar klarionez zurituak, zure orduak arbeltzarraren aurrean idazten, biderkatzen, oinarrizko gauzak, etxe eta zirkulu, marrazten ikasten, ez, ez duzu nahiko: zure zorra da:

        garrasi egingo duzu eta besoek gelditu egingo zaituzte: nahiko duzu jaiki eta oinez ibili zure min hori arintzeko:

        usainduko duzu intsentsua,

        usainduko duzu baratze zarratua,

        pentsatuko duzu ezin dela hautatu, ez dela hautatu behar, orduko egunean ez zenuela hautatu: egiten utzi zenuen, ez zinen izan erantzule, Zuk ez zenuen sortu egun hartan eskatu zizkizuten moral bietatik bat bera ere: Zu ezin zinen izan sortu ez zenituen aukeren erantzule: amestuko duzu, oihu egiten duen, bihurritu egiten den zure gorputz horretatik at, zure sabelean negar-anpuluak erauzteraino sartu den aihotz horretatik at, amestuko duzu bizitzaren ordenamendu hori; ordenamendu hori zeuk sortu zenuen, baina ezingo duzu inoiz haren berri eman, munduak ez dizulako horretarako aukerarik eskainiko, munduak bere erregela ezarriak, bere arautegi kontrajarriak baizik ez dizkizulako eskainiko, eta Zuk ez dituzu horiek amestuko, Zuk ez dituzu horiek pentsatuko, Zuk ez dituzu horiek biziko:

        intsentsua denbora duen, neur daitekeen usain bat izango da:

        Páez apaiza zure etxean biziko da, Catalinak ezkutatuko du sotoan: Zuk ez duzu errua izango, ez duzu errua izango:

        ez duzu gogoratuko zertaz jardungo duzuen, Zuk eta hark, gau hartan, sotoan: ez duzu oroituko hark dioen, Zuk diozun: zer izen du emakume itxura nahita hartu, bere burua nahita zikiratu, Jainko baten irudizko odolaz nahita mozkortzen den munstroak?: nork esango du hori?: baina maitatu egiten duena, zin egiten dizut, izan ere, Jainkoaren maitasuna handia da oso eta gorputz guztietan dago, justifikatu egiten ditu gorputzok: Jainkoaren grazia eta bedeinkazioari esker ditugu guk geure gorputzak, bizitzak ebatsi nahi dizkigun maitasun minutuak eurei eskaintzeko: ez zaitez lotsatu, ez ezazu ezer sentitu eta ahaztu egingo dituzu atsekabeak: ezin duela bekatu izan, gure maitasun labur, presazko, gaurko eta sekula ez biharko honen hitz eta egintza guztiak direlako guk biok elkarri ematen diogun kontsolazio bat, gero gure maite-damuari zentzua emango dion bizitzaren gaitz beharrezkoen onartze bat; izan ere, benetako bekatua geure baitan daramagula jakitun ez bagara, nola egongo da, bada, zinezko damurik? Nola konturatuko gara bekatuaz, belauniko barkatzeko erregutu beharreko bekatu horretaz, bekatua bera aurretik egiten ez badugu?: ahatz ezazu zure bizitza, utz iezadazu argia itzaltzen, ahatz ezazu dena, eta gero otoitz egingo dugu elkarrekin barkamena eskatzeko, eta eskari bat egingo dugu gure maitasun uneak ezabatzeko: gorputz hau kontsakratzeko, zeina Jainkoak egin baitzuen, eta Jainkoa esaten baitu desira bete gabe nahiz ase bakoitzean, Jainkoa esaten baitu isileko laztan bakoitzean, Jainkoa esaten baitu Jainkoak zure izter artean erein zuen hazia ematean:

        bizitzea zure Jainkoari traizio egitea da; bizitzako egintza bakoitzak, gizaki moduan sendotzen gaituen egintza bakoitzak, zure Jainkoaren manamenduak urratzea eskatzen du;

        gau hartan Gavilán maiorrarekin hitz egingo duzu putetxe batean, aspaldiko lagun guztiekin, eta ez duzu gogoratuko zer esan zenioten elkarri, gau hartan, ez duzu gogoratuko haiek dioten, Zuk diozun, gizakiena izango ez den ahots hotz batez: boterearen eta probetxuaren ahots hotz batez: ahalik eta onik handiena nahi dugu aberriarentzat: geure ongizatearekin bateragarri den bitartean: izan gaitezen zentzudun: urruti hel gaitezke: egin dezagun behar-beharrezkoa, ez ezinezkorik: ebatz ditzagun behingoz, behingoz baliagarri izango zaizkigun indarkeria eta ankerkeria ekintzak: berriz errepikatu behar ez izateko: mailakatu egingo ditugu lorpenak herriak ahogoza ditzan: iraultza, berez, berehalako batean egin daiteke: baina gero gehiago eta gehiago eta gehiago eskatuko ligukete: eta orduan, jada dena egina eta emana badugu, ez genuke zer eskaini izango: ez bada akaso geure sakrifizioa: zertarako hil ez baditugu geure heroitasunaren fruituak gozatu behar?: izan dezagun beti zerbait geroko gordeta: gizakiak gara ez martiriak: botereari eusten badiogu dena onartuko digute: galdu boterea eta berehala izorratuko zaituzte: ohar zaitez gure zortearen norainokoaz: gazteak gara baina iraultza armatu eta garailearen ospeaz ukiturik gaude: zertarako borrokatu?: gosez hiltzeko?: indarra beharrezkoa denean bidezkoa da: boterea ez da erdibanatzen:

        eta bihar? hilda egongo gara, Cruz diputatu; konpon daitezela ahal duten moduan atzetik datozenak:

        domine non sum dignus, domine non sum dignus: bai, Jainkoarekin samintasunez hitz egin dezakeen gizona, bekatua egin duelako bekatua barka dezakeen gizona, bere gizatasun ustelak bere burua besteena baino lehenago berrerosteko eskumena ematen diolako apaiza izateko eskubidea duen apaiza: domine non sum dignus:

        Zuk ez duzu errua onartuko; Zu ez zara izango sortu ez zenuen moral horren, eginda aurkitu zenuen moral horren errudun: Zuk nahiko zenuen

        nahi

        nahi

        nahi

        o, baziren, bai, zoriontsuak berriro gogoratu nahiko ez duzun Sebastián maisuarekin igarotako egun haiek, haren altzoan eserita, gizaki askea izateko, eta ez zure iritzia kontuan hartu gabe idatziriko manamenduen morroi izateko, jakin beharrezkoak ikasten: o, baziren, bai, zoriontsuak ikaste egun haiek, bizimodua atera zenezan irakatsi zizkizun ofizio haiek: sutegi- eta mailu-egun haiek, bai, Sebastián maisua neka-neka eginda etorri eta zeuri bakarrik hasten zen eskola ematen, bizitzan zeure kabuz molda zintezen, zeure arauak zeuk sor zenitzan: Zu hezikaitza, Zu askea, Zu berria eta bakarra: ez duzu hura oroitu nahiko: hark agindu zizun, Zu iraultzara joan zinen: oroitzapen hori ez da nigandik ateratzen, ez zaitu atzituko:

        ez duzu erantzunik izango arautegi kontrajarri eta ezarri bi horientzat;

        Zu errugabe,

        Zuk nahiko duzu errugabe izan

        Zuk ez zenuen hautatu, gau hartan.

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia