(1913: abenduak 4)

 

BERAK emakumearen belaunpea sentitu zuen, heze, gerriaren ondoan. Izerdi arina eta freskoa zen betiere harena: Reginaren gerritik eskua kendu zuenean, han ere kristal likidoen umeltasuna sentitu zuen. Eskua luzatu zuen bizkarra, astiro-astiro, laztantzeko, eta iruditu zitzaion loak hartu behar zuela: orduak eta orduak egon zitekeen horrela, Reginaren bizkarra, beste zereginik gabe, laztantzen eta laztantzen. Begiak itxi zituenean, ohartu zen bereari besarkatuta zegoen gorputz gazte haren maitasun agortezinaz: pentsatu zuen ez litzatekeela bizitza osoa nahikoa izango gorputz hura korritzeko eta ezagutzeko, bihurgune beltz, arrosadun geografia leun, uhindu hura esploratzeko. Reginaren gorputza zain zegoen eta Bera, ahotsik gabe eta ikusmenik gabe, luze-luze egin zen ohean, eta burdinazko barroteak ukitu zituen esku eta oin muturrez: ohearen mutur bietarantz luzatu zuen gorputza. Kristal beltz horren barnean bizi ziren: egunsentia urrun zen oraindik. Eltxo-sareak ez zuen enbarazurik egiten eta isolatu egiten zituen gorputz bietatik at zegoen guztitik. Begiak zabaldu zituen. Neskaren masaila berera hurbildu zen; bizar nahasiak Reginaren azala karrakatu zuen. Iluntasuna ez zen nahiko. Reginaren begi luzangek diz-diz egiten zuten, erdi zabalik, orbain beltz eta argitsu baten antzera. Sakon hartu zuen arnasa. Reginaren eskuak gizonaren garondoan lotu ziren eta betertzak elkarrengana bildu ziren berriro. Izterren beroa gar bakar batean batu zen. Arnasa hartu zuen Berak: blusa eta gona almidoiztatuen gela, intxaur oholezko mahaiaren gaineko irasagar irekiena, zutargi itzaliarena. Eta hurbilago, emakume hezatu eta beratz haren itsas usain sarkorra. Azazkalek katu atzaparkadaren hotsa atera zuten izara artean; hankak goratu egin ziren berriro, zalu, gizonaren gerria atzitzeko. Ezpainek lepoa bilatu zuten. Titiburuek alaiki egin zuten dar-dar Berak, barreka, adats luze nahasi hura baztertu eta ezpainak bertaratu zituenean. Reginak hitz egingo balu: Berak hurbil igarri zuen hatsa, eta ezpainak estali zizkion eskuaz. Mihirik gabe eta begirik gabe: soilik haragi mutua, bere plazerera abandonaturik. Neskak ulertu egin zuen. Gizonaren gorputzari estuago lotu zitzaion. Reginaren eskua gizonaren sexura jaitsi zen eta gizonarena neskato haren mendi gogor eta ia ilegaberaino: gogoratu zuen biluzik, zutik, gaztea eta trinkoa geldian, baina kulunkatsua eta leuna oinez mugitu orduko: bakarrean garbitzera, gortinak botatzera, sutontziari haizea ematera. Loak hartu zituen berriro, bata bestearen erdigunearen jabe zirela. Soilik eskuak, esku bat, mugitu zen amets irribarretsuan.

        «— Atzean joango natzaizu.

        »— Non biziko zara?

        »— Haiek herria hartu aurretik sartuko naiz ni herri bakoitzean. Eta han itxarongo zaitut.

        »— Dena utzi behar al duzu?

        »— Jantzi batzuk eramango ditut. Zuk fruta eta jatekorako emango didazu eta nik itxaron egingo zaitut. Zu herrira heltzen zarenerako ni han egongo naiz. Nahikoa dut jantzi batekin.»

        Gona hura, orain gela alokatuko aulki batean atseden hartzen zuen gona hura. Esnatzen denean, gustatzen zaio hura ukitzea, eta ukitzea gainerako gauzak ere: apain-orraziak, zapatila beltzak, mahai gainean utzitako arrakadak. Nahiko luke, une horietan, banatze eta elkartze egun horiek baino zerbait gehiago eskaintzea. Behin baino gehiagotan azken uneko aginduren batek, etsaiaren atzean joan beharrak, iparraldera itzularaziko zituen galeraren batek, asteetan banatu zituen elkarrengandik. Baina neskak, antxeta baten antzera, bazirudien igarri egiten zuela, borroka eta patuaren hamaika gorabeheraren gainetik, iraultza-marearen mugimenduaren nondik norakoa: eta erabakitako herrian ez bazen, lehentxeago edo geroxeago beste batean agertuko zen. Herriz herri ibiliko zen batailoiaz galdezka, adi etxeetan zeuden zahar eta emakumeen azalpenei:

        «— Hamabost egun inguru izango dira hemendik igaro zirela.

        »— Ez omen da bat bera ere bizirik atera.

        »— Batek daki. Beharbada itzuli egingo dira. Kanoi batzuk utzi dituzte ahaztuta.

        »— Kontuz federalekin, asalduak laguntzen dituen oro ari dira-eta fusilatzen»

        eta elkar aurkituko zuten azkenean, oraingo honetan bezala. Reginak prest izango zuen gela, fruta eta jatekoarekin, eta gona aulki batean jaurtita egongo zen. Horrelaxe itxarongo zuen, prest, alferreko kontuetan minutu bat ere galdu nahi izango ez balu bezala. Baina ezer ez zen alferrikakoa. Emakumea oinez ibiltzen ikusi, ohea atontzen ikusi, ilea askatzen ikusi. Hari aldeko azken arropak erantzi, eta gorputz osoa musukatu, emakumea zutik dagoela eta Bera belaunikatzen-belaunikatzen doala, eta hura ezpainez korritu, dastatu azala eta biloa, sexuaren hezetasuna: ahoan jaso neskatoaren, neskato tente haren dardarak, zeinak azkenerako eskuen artean hartuko duen gizonaren burua eta pausaraziko, ezpainak ezarraraziko gune bakar batean. Eta urtzen-urtzen joango da zutik, gizonaren burua sakatuz, hasperen eten batez, harik eta gizonak emakumea garbi sentitu eta besoetan hartuta ohera eramango duen arte.

        «—Artemio, berriro ikusiko zaitut?

        »—Ez ezazu inoiz hori esan. Egin kontu behin baino ez genuela elkar ezagutu.»

        Ez zuen sekula berriro galdetu. Lotsatu egin zen behin galdetu izanaz, pentsatu izanaz beren arteko maitasunak amaiera izan zezakeela edota bestelako kontuen denbora neurtzen den bezala neur zitekeela. Ez zuen zertan gogoratu non, edota zer dela eta, ezagutu zuen hogeita lau urteko mutil gazte hura. Alferrikakoa zen maitasunaz edota tropek leku bat hartu eta bertan, indarrak biltzeko, diktadurari kendutako lurraldean beren nagusitasuna ziurtatzeko, berriro hornitu eta hurrengo erasoaldia antolatzeko, gelditzen zireneko egun urrietako elkar aurkitzeez gain beste ezertaz arduratzea. Horrela ebatzi zuten, biek, inoiz aipatu gabe. Ez zuten inoiz ez gerraren arriskuan ez banaketaren iraupenean pentsatuko. Bietatik batek hurrengo hitzordura huts eginez gero, nor bere bideari lotuko zitzaion ezer esan gabe: Bera, hegoalderantz, hiribururaino; emakumea iparraldera bueltan, Sinaloako kostetara, Bera ezagutu eta Berak maita zezan utzi zuen lekura.

        «— Regina... Regina...

        »— Gogoan al duzu harrizko itsasontzia bailitzan itsasoan barrentzen zen arroka hura? Oraindik ere han egongo da.

        »— Hantxe ezagutu zintudan. Sarritan joaten al zinen hara?

        »— Arratsaldero. Arroken artean laku bat egiten da eta norbere burua ikus daiteke ur gardenean. Han begiratzen nion nik neure buruari eta egun batean zure aurpegia azaldu zen nirearen ondoan. Gauez, izarrak ispilatzen ziren itsasoan. Egunez, eguzkia su hartzen ikusten zen.

        »— Arratsalde hartan ez nekien zer egin. Borrokan aritu ginen eta bat-batean dena behera etorri zen, kaskamotzak errenditu egin ziren, eta ni bestelako bizimodu batera nengoen ohituta. Orduan gainerako kontuez hasi nintzen oroitzen eta arroka hartan aurkitu zintudan eserita. Hankak bustita zenituela.

        »— Neuk ere nahi izan nuen. Neure alboan agertu zinen, neure lekuan, itsaso berean islatuta. Ez al zinen ohartu neuk ere nahi izan nuela?»

        Egunsentiak denbora hartu zuen heltzeko, baina errezel gris batek gorputz bien loa agertu zuen, gorputzak biak eskutik helduta. Bera esnatu zen lehenengo, eta Reginaren loari begiratu zion. Mendeen amaraunaren haririk meheena zirudien: heriotzaren biki bat zirudien: loa. Hankak tolestuta, beso askea gizonaren bularrean, ahoa heze. Goiztiriko maitasuna zuten atsegin: egun berria ospatzeko jai baten gisara hartzen zuten. Argi nabarrak ozta-ozta biltzen zituen Reginaren ertzak. Ordu bete barru, herriko zaratotsak adituko ziren. Orain, gazte beltzaranaren lo baketsuaren arnasotsa baino ez, zeina berau baita atsedenean dagoen mundu horren zati bizia. Gauza batek bakarrik izango luke eskubidea emakumea esnatzeko, zorion batek bakarrik izango luke eskubidea zoriontasun hori, lotan bare-bare, ilargi doluz jantzitakoaren leuntasun batez bere baitan bilduta izaran zertzelaturik, dagoen gorputzaren zoriontasun hori eteteko eskubidea. Ba al du eskubiderik? Gizon gaztearen irudimenak maitasunaren gainetik egin zuen jauzi: begietsi zuen lotan, lotan, segundo gutxi barru esnatuko zuen maitasun berri hartatik atseden hartuko balu bezala. Noiz heltzen da zoriontasuna bere gorenera? Reginaren bularra laztandu zuen. Hurrengo bategitea izango dena irudikatu; bategitea bera; oroitzapenaren poz unatua eta, berriz ere, erabateko desira, maitasunak areagotua, beste maitasun egintza batena: zoriontasuna. Musu eman zion Reginaren belarriari eta hurbiletik ikusi zuen haren estreinako irribarrea: aurpegia hurreratu zuen lehenengo poz keinu hura ez galtzeko. Igarri zuen eskua berarekin jostatzen zela berriro. Desira loratu zen barnetik, eta tanta beteak sortu: Reginaren hankek —hanka liso haiek—, Artemioren gerria bilatu zuten berriro: esku beteak dena zekien: erekzioa itzuri egin zitzaien atzamarrei eta haiekin esnatu: izterrak bereizi egin ziren dardarka, beteta, eta haragi tenteak aurkitu zuen haragi irekia, eta sartu zen ferekatuta, pultsu artegatuak inguratuta, arrautzatxo gazteek koroatuta, azal bigun eta maitagarrizko unibertso horren artean estututa: biak munduaren bat egitera bihurtuta, arrazoiaren hazira, bi ahotsetara, egiten dutenak isilean izendatu, barruan gauza guztiak bataiatu: barruan, Berak horretan izan ezik beste edozertan pentsatzen duenean, pentsatu egiten du, kontatu egiten ditu gauzak, ez du ezertan pentsatzen, hori inoiz amai ez dadin: burua itsasoz eta harez, fruituz eta haizez, etxez eta piztiz, arrainez eta uztez saiatzen da betetzen, hori amai ez dadin: barruan, begiak itxita dituela aurpegia jasotzen duenean eta lepoa zain puztuen indar guztiaz luzatzen denean, Reginak gehiago ezin eta amore ematen duenean eta hatsa lodi, bekokia zimur eta ezpainak irribarretsu erantzuten duenean baietz, baietz, atsegin duela, baietz, ez gelditzeko, jarraitzeko, baietz, ez dadila amaitu, baietz, harik eta ohartuko den arte dena jazo dela aldi berean, batak bestea begietsi gabe, biak bat bera baitziren eta biek hitz berak esaten baitzituzten:

        «— Orain zoriontsu naiz.

        »— Orain zoriontsu naiz.

        »— Maite zaitut, Regina.

        »— Maite zaitut, ene gizona.

        »— Zoriontsu egiten al zaitut?

        »—Ez du amaierarik; nola irauten duen; nola betetzen nauen».

        eta kaleetan entzun zen ur baldekada baten plastada hautsaren kontra, eta basa-ahateak karranka batean igaro ziren ibai ondotik, eta txistu batek inork gelditu ezin izango zituenak iragarri zituen: botek ezproi-hotsa eraman zuten tatarrez, zaldi-ferrek zarata atera zuten berriro eta olio- eta koipe-usainak ateen eta etxeen artean zabaldu ziren. Berak eskua luzatu eta zigarroak bilatu zituen alkandoraren poltsikoan. Emakumea leihora hurbildu zen, eta leihoa zabaldu zuen. Hantxe egon zen, arnasa hartzen, besoak zabalik, oin puntetan. Mendi arren zirkuluak eguzkiarekin batera maitaleen begietaranzko bideari ekin zion. Igo zen herriko okindegiko usaina eta, urrutiagotik, troka usteletako sasitzan katigaturiko mirtoen zaporea. Berak ez zuen gorputz biluzi hura baino ikusi, gorputz hura besoak, orain, egunaren atzea hartu eta gizona berarekin ohera eraman nahi zuten besoak, zabalik.

        Gosaldu nahi duzu?

        — Goizegi da. Utzidazu lehenengo zigarroa amaitzen.

        Reginaren buruak gaztearen sorbaldan hartu zuen atseden. Esku luze eta zaintsuak Reginaren aldaka laztandu zuen. Irri egin zuten biek.

        — Umea nintzenean, bizitza polita zen. Une polit asko zegoen. Oporrak, atsedenak, udako egunak, jolasak. Ez dakit nik zergatik baina koskortzean gauzak amesten hasi nintzen. Umetan ez. Horrexegatik hasi nintzen hondartza hartara joaten. Hobe zela itxarotea esan nuen neure barrurako. Ez nekien zergatik uda hartan horrenbeste aldatu eta ume izateari utzi nion.

        — Oraindik ere umea zara, badakizu?

        — Zurekin? Egiten dugun guztiarekin?

        Berak barre egin eta musu eman zion, eta emakumeak belauna tolestu, hego itxiko hegaztiaren jarreran, gizonaren bularra habia zuela. Gizonaren lepotik zintzilikatu zen, barre eta maina artean:

        — Eta zu?

        — Ni ez naiz oroitzen. Aurkitu egin zintudan eta asko maite zaitut.

        — Esadazu. Zergatik jakin nuen, zu ikusiaz batera, niretzat, jada, beste ezerk ez zuela garrantzirik izango? Badakizu: pentsatu nuen erabakia une hartantxe hartu behar nuela. Besterik gabe alde egingo bazenu, bizitza osoa galduko nuela. Zuk ez?

        — Bai, neuk ere bai. Ez al zenuen pentsatu ni ere beste soldadu bat, jolas bila zebilen beste soldadu bat baino ez nintzela?

        — Ez, ez. Ez nuen zure uniformea ikusi. Zure begiak baino ez nituen ikusi uretan islaturik eta aurrerantzean ezin izan nuen ikusi nire erreflexua zurea gabe nire ondoan.

        — Laztana; maitea; zoaz eta begira ezazu ea kaferik daukagun.

        Elkarrengandik banandu zirenean, zazpi hilabete gazteko maitasunaren goiz guztiak bezalakoxea zen orduko hartan, emakumeak galdetu zion ea tropa laster alde egitekoa zen. Berak erantzun zion ez zekiela jeneralak zer asmo zuen. Beharbada artean eskualdean geratzen ziren federal talde garaitu batzuk desegitera joan behar izango zuten, baina, dena den, kuartelak herrian bertan jarraituko zuen. Ur eta ganadu ugari zegoen inguruetan. Leku aproposa zen etenalditxo bat egiteko. Nekatuta zetozen, Sonoratik, eta ondo merezia zeukaten atsedenaldi bat. Hamaiketan plazako komandantzian informatu behar izaten zuten guztiek. Jeneralak, igarotzen zen herri guztietan, lan baldintzak aztertu eta dekretuak ezartzen zituen eta horrela lanaldia zortzi ordura murriztu eta nekazarien artean lurrak banatu. Inguruan etxalderen bat bazen, mailegu-etxea erretzeko agindua ematen zuen. Mailegatzailerik bazen —eta beti ziren, federalekin batera hanka egin ez bazuten — zor guztiak baliogabetzen zituen. Txarrena zera zen, biztanle gehienak armetan zebiltzala eta geratzen ziren ia denak nekazariak zirela, eta horiek horrela, ez zegoela jeneralaren dekretuak aurrera eramateaz arduratuko zenik. Horrelakoetan egin zezaketen onena zera zen, herri bakoitzean zeuden aberatsei dirua hainbat arinen kendu eta lurren eta zortzi orduko lanaldiaren kontua legalizatzeko iraultzaren garaipena arte itxaron. Orain Mexikora joan behar zen eta Huerta mozkortia, Panchito Maderoren hiltzailea, presidentziatik kendu. Zenbat buelta! —esan zuen ahopeka alkandora kakia praka zurien barruan sartzen zuela— zenbat buelta! Veracruzetik, lurretik, Mexiko hiriraino eta handik Sonoraraino, Sebastián maisuak zaharrek egin ezin zutena egiteko eskatu zionean: Iparraldera joan, armak hartu eta herria askatu. Umegorri bat zen Bera orduan, hogeita bat urte betetzear bazituen ere. Benetan, artean emakume bakar batekin ere oheratu gabea zen. Eta nola huts egingo zion, bada, Berak Sebastián maisuari, hark irakatsi zizkion-eta Berak zekizkien hiru gauzak: irakurtzen, idazten eta apaizak gorrotatzen.

        Isildu egin zen Reginak katilu kafeak mahai gainean jarri zituenean.

        — Irakiten dago!

        Goiz zen. Gerritik helduta irten ziren kaminora. Emakumeak gona almidoiztatua zeukan; berak feltrozko kapela eta tunika zuria. Bizileku zuten baserria trokatik hurbil zegoen; txilin-loreak ezerezean zintzilikatzen ziren eta azeriaren betortzek triskilaturiko untxi bat ari zen hostotzan usteltzen. Troka barrenetik, errekatxo bat zihoan. Regina hura ikusten saiatu zen, han bere fikzioaren isla, berriro, aurkituko zuelakoan edo. Eskuak elkartu egin ziren: herrirako bidea sakonunearen ertzetik gora zihoan eta mendietatik behera birigarro durundiak zetozen. Ez: ferra arinen hotsak, hauts-laino artean galduta.

        — Cruz tenientea! Cruz tenientea!

        Jeneralaren laguntzailea zen Loretoren aurpegiera beti alaia, ezkutatu egin zen, zaldia irrintzi lehor bakar batez gelditzean, izerdiaren eta izerdi hura baltsamatu egiten zuen hauts haren atzean.

        — Etor zaitez bizkor —bota zuen arnasestuka zapiaz aurpegia garbitzen zuen bitartean—; berriak daude: irtetera goaz gero gero. Gosaldu al duzu? Kuartelean arrautzak zerbitzatzen ari dira.

        — Nik baditut neureak —ihardetsi zuen Berak irribarre batez.

        Reginaren besarkada hauts-besakarda izan zen. Loretoren zaldia urrundu zenean, lurrak atseden hartu zuenean, orduantxe azaleratu zen emakumea oso-osorik, maitale gaztearen sorbaldatik eskegita.

        — Itxaron hemen.

        — Zer izango dela uste duzu?

        — Talde sakabanatuak egongo dira inguruetan, ziurrenik. Kontu larririk ez.

        — Hemen itxarongo zaitut?

        — Bai. Ez zaitez inora joan. Gaur gauean edo asko jota bihar lehenengo orduan hemen izango naiz.

        — Artemio... Itzuliko al gara egunen batean hara?

        — Batek daki. Batek daki hau noiz arteko kontua izango den. Ez ezazu horretan pentsa. Badakizu bihotz-bihotzez maite zaitudala?

        — Baita nik ere zu. Bihotz-bihotzez. Beti nik uste.

        Kanpoaldean, kuarteleko patio nagusian, zalditegietan, tropak irteteko agindua hartu zuen, eta gauzak prestatzen ziharduen erritu baten patxadaz. Kanoiak ilaran zihoazen, mando zuri eta betazpitsuen indarrak lagundurik; atzetik, patioa eta geltokia lotzen zituzten errailen gainetik, munizioz betetako kanoi-gurdiak zerraizkien. Zaldieria tropakoek bridak lotzen ziharduten, pentsu-poltsak askatzen, zelen sendotasuna begiratzen, gerra zaldien zurda latzak laztantzen, gerra zaldiak baina gizakiekin hain ziren otzanak eta mantsoak: bolboraz lohituta, gilborrak zelaiko kaparrez josita: berrehun zaldi kuartel aurrean mantso-mantso higitzen, zuri pikardatuak, orban ilundunak, beltz hauskarak. Infanteriakoek errifleak olioztatu, eta banan-banan kartutxoak banatzen zituen nano irritsu haren aurretik igaro ziren. Iparraldeko kapelak, feltro grisezko kapelak, hegal tolestukoak. Zapiak lepoan lotuta. Kananak gerri bueltan estututa. Botak urri: kotoizko prakak eta larru horiko zapatak, huaracheak ez zirenean. Alkandora marraduna, leporik gabekoa. Han eta hemen —kaleetan, patioetan, geltokian— abarrez apainduriko yaquiar kapelak: musikariak makilak eskuetan eta tresna metalikoak sorbaldan. Ur beroaren azken tragoak. Sutontzi babarrunez beteak. Platerak etxeko arrautzekin. Oihuak zetozen geltokitik: bagoi bete indio maia iritsi zen herrira, danbor hots zorrotza eta koloretako arkuen eta gezi zarpailen inarrostea lagun.

        Berak jendartean aurrera egin zuen: barruan, mapa bat hormara hala-hola iltzaturik, eta maparen aurrean jenerala azaltzen: —Federalek kontraeraso bat hasi dute ezkutuan, iraultzak jada askaturiko eremuan. Erretagoardiatik hartu nahi gaituzte. Gaur goizaldean, Jimenez koronelak okupaturiko herrien ingurutik ke-laino trinkoa zetorrela ikusi du zelatari batek menditik. Berria ekartzera jaitsi da, eta ni oroitu naiz koronelak, herri guztietan, agindu zuela ohol eta habe metak egiteko erasotzen bazieten su eman eta horrela gu jakinaren gainean jartzeko. Horrelaxe daude gauzak. Banandu egin behar dugu. Erdiak mendiaren beste aldera itzuliko dira Jimenezi laguntzera. Gainerakoak atzo menderatu genituen taldeak gogor astintzera aterako dira, eta ikustera ea hegoaldetik ere beste eraso handi bat ez ote datorkigun. Herri honetan brigada bakar bat geldituko da. Baina zail ikusten dut haiek honaino iristea. Gavilan maiorra... Aparicio tenientea... Cruz tenientea: zu iparraldera itzuliko zara.

        Jimenezek piztutako suak itzaltzen ari ziren Berak, eguerdirantz, mendi ebakidurako zelata postua igaro zuenean. Han behean, trena jendez gonburu ikusten zen: txisturik jo gabe zihoan eta mortairuak eta kanoiak, munizio kutxak eta metrailadoreak zeramatzan. Zaldieria taldeak zailtasunez jaitsi zituen mazela malkarrak, eta kanoiak, trenbidetik, federalen eskuetan uste ziren herri haien kontra, tiro egiten hasi ziren.

        — Goazen bizkorrago —esan zuen Berak—. Tiroketak bi bat ordu iraungo du eta gero gu sartuko gara ikustatzera.

        Ez zuen inoiz ulertu zer dela eta, zaldi ferrek estreinako lur zelaia zapaltzean, burua beheratu eta lausotu zitzaion jaso zuen agindu zehatzaren nondik norakoa. Bere gizonen presentzia aienatu egin zen, bai eta helburua lortu beharreko gogo sendoa ere, eta haren lekuan samurtasun bat agertu zen, galdutako zerbaitek eragindako negar isil bat, itzultzeko eta Reginaren besoetan dena ahazteko irrika bat. Eguzkiaren birunda sukartuak zaldieriaren presentzia hurbila eta danbadaren dunbots urruna garaitu egin izan balitu bezala: mundu erreal horren lekuan, beste bat, amestua, non Berak eta bere maiteak baino ez zuten bizitzeko eskubidea eta bizia salbatzeko arrazoia.

        «— Gogoan al duzu harrizko itsasontzia bailitzan itsasoan barrentzen zen arroka hura?»

        Berriz begiratu zion Reginari, musu emateko gogoak hartuta, esnatuko ote zuen beldurrak hartuta, jakitun hari begiratu eta bere egiten zuela: gizon bakar bat da —oldoztu zuen— Reginaren irudi sekretu guztien jabe eta gizon horrek berea du emakumea eta ez dio inoiz uko egingo. Emakumea begiestean, bere burua begiesten zuen. Eskuek bridak askatu zituzten: Bera den guztia, bere maitasun guztia, emakume horren haragian hondoratuta dago, hark biak gordetzen baitu. Nahiko luke itzuli... bere maitasunaren norainokoa azaldu... bere sentimenduaren xehetasunak... Reginak jakin dezan...

        Zaldiak irrintzi egin zuen, eta zutitu egin zen; zaldizkoa lur gogorrera, tepetate eta zuhaixka arantzatsudunera, erori zen. Federalen granadak turrustaka jausi ziren zaldieriaren gainera eta Berak, zutitzean, ez zuen, ke artean, bere zaldiaren bular irazekia, erasoa gelditu zuen halakreta, baizik bereizi. Gorpu eroriaren inguruan berrogeita hamar zalditik gora kiribildu ziren zentzu gabe: gorago, ez zegoen argirik: zerua maila bat beherago jaitsi zen, eta bolborazko zerua zen, ez zen gizakiak baino askoz garaiagoa. Korri egin zuen zuhaitz baxuetako baterantz: ke boladek adar soil haiek baino hobeto ezkutatzen zuten. Hogeita hamar metrora, baso behe baina sarria hasten zen. Zentzurik gabeko aldarriak iritsi zitzaizkion belarrietara. Jauzi egin eta zaldi aske baten bridak hartu zituen, eta zango bat animaliaren hanken gainera igo zuen: gorputza zaldiaren atzean ezkutatu eta akuilatu egin zuen zaldia: zaldiak trostari ekin zion eta Berak, burua zintzilik eta begiak bere ile nahasiaz beterik, zela eta bridei oratu zien bere indar guztiekin. Iraungi zen azkenean goizaren zohardura; itzalari esker begiak zabaldu ahal izan zituen, eta animaliaren haragitik askatu, eta pirritan joan enbor bat jo arte.

        Eta han berriz sentitu zuen lehengo zer bera. Borrokaren marmar nahasi guztiek inguratzen zuten, baina hurbiltasunaren eta belarrietara zetorkion marmarraren artean, distantzia gaindiezin bat tartekatu zen: hemen, abarren astinaldi xumea, sugandilen mugimendu itzurkorrak, zehatz-zehatz aditzen ziren. Bakarrik, enborraren kontra etzanda, berriro sentitu zuen odolean barna nare-nare zebilkion bizi gozo, bare hura: pentsamenduaren saiakera asaldatzaile orori gehiago egiten zion gorputzaren ongizate hura. Bere gizonak? Berdintsu egin zuen bihotzak taupada, ikaraldirik gabe. Bila ibiliko ote zitzaizkion? Pozik, garbi, nekatuta sentitu ziren besoak, hankak. Zer egingo zuten haiek bere agindurik gabe? Begiek bilatu zuten, hosto-sabaian, txoriren baten hegazkada ezkutua. Diziplina galduko ote zuten?; arrapaladan etorriko ote ziren, haiek ere, zorioneko basotxo honetan ezkutatzera? Baina oinez ezin zuen mendia berriz zeharkatu. Bertan itxaron behar zuen. Eta preso hartzen bazuten? Ezin izan zuen gehiago pentsatu: auhen batek adarrak baztertu zituen, tenientearen aurpegitik hurbil, eta gizon bat zerraldo erori zitzaion besoen artean: besoek errefusatu egin zuten une batez gizona eta jarraian berriro hartu gorputz hura, zeinak zarpail gorri bat zuen zintzilik, indarrik gabe, haragi urratuko zurpail bat. Zaurituak kidearen sorbaldan jarri zuen burua:

        — Gogor... ari... dira... jotzen...

        Beso birrindua bizkarrean sentitu zuen, bizkarra zikintzen eta odol aztoratua isurtzen. Aldentzen ahalegindu zen aurpegiera minak bihurkatua: masailalboak garaiak, ahoa zabalik, begiak itxita, bibotea eta bizarra nahasiak, laburrak, bereak bezalakoak. Begiak berdeak balitu, bikia izango luke...

        — Irtenbiderik badago? Galtzen ari gara? Zer dakizu zaldieriakoez? Atzera egin dute?

        — Ez... ez... joan egin dira... aurrerantz.

        Zaurituak beso onarekin, bestea, metrailak suntsitutakoa, erakusteko ahaleginak egin zituen, zutik mantendu eta bizia luzatzen ziola zirudien keinu ikaragarri hari eusten ziola.

        — Aurrerantz? Nola?

        — Ura, adiskidea... oso gaizki...

        Zorabiatu egin zen zauritua, berari, indar bitxi batez, isileko eskakizunez betetako indar batez, besarkatuta. Tenienteak bere gorputzaren gainean hartu zuen berun landuzko pisu hura. Kanoiaren dardarizoak itzuli zitzaizkion belarrietara. Haize mengel batek zuhaitzen adaburuak kulunkatzen zituen. Berriro, metrailak isiltasuna eta lasaitasuna hautsi zituen. Mankatuaren beso sanoa hartu eta gainera etorririko gorputz hartatik libratu zen. Burutik heldu eta lur sustrai korapilatsuan etzan zuen. Kantinplora zabaldu eta trago luzea jo zion: zaurituaren ezpainetara hurbildu zuen: irristan egin zuen urak kokots belztuan behera. Baina bihotzak pilpira egiten zuen: zaurituaren bular ondoan jarrita, belauniko, taupadok luzaro iraungo ote zuten galdetu zion bere buruari. Zaurituaren gerrikoaren zilarrezko belarria laxatu eta bizkarra eman zion zaurituari. Zer gertatuko ote zen han kanpoan? Nor joango ote zen irabazten? Zutitu eta baso barrurantz joan zen, zaurituarengandik urrun.

        Gorputza haztatuz egin zuen bidean aurrera, adar baxuak noizean behin baztertuz, gorputza uneoro eskuztatuz. Ez zegoen zaurituta. Ez zuen laguntzarik behar. Ur begi baten aurrean gelditu eta kantinplora bete zuen. Errekasto bat, jaio orduko hila, zerion ur begiari eta basotik kanpo galtzen zen, eguzkipean. Berak tunika erantzi eta bularra busti zuen esku biekin, besapeak, sorbalda beroak, lehorrak, latzak, besoetako gihar tenkatuak, azal berdexka, laua, ezkata gogorrekoa. Borborrak eragotzi egin zion: bere buruari begiratu nahi izan zion ur begian islatuta. Gorputz hura ez zen berea: Reginak beste jabetza bat eman zion: laztan bakoitzarekin galdatu zuen gorputz hori. Ez zen berea. Gehiago zen Reginarena. Emakumearentzat salbatu. Jada ez ziren bakarrik eta isolatuta bizi; jada apurtuak zituzten bereizketaren hormak; jada bi ziren eta bat ziren, betiko. Igaroko zen iraultza; igaroko ziren herriak eta bizitzak, baina hori ez zen igaroko. Beren bizitza zen, berena biena. Aurpegia busti zuen. Berriz zelaira irten.

        Iraultzaileen zaldiak zelaitik basorantz eta mendirantz zetozen. Arrapalada batean pasatu ziren bere albotik, eta Bera, nahasirik, sutan zeuden herrietarantz jaitsi zen. Entzun zuen zigorrada-hotsa zaldien hanken gainean, fusil batzuen ostots sikua eta bakar-bakarrik gelditu zen zelaian. Ihesean zihoazen? Bira egin zuen bere gorputzaren inguruan, eskuak burura eramanda. Ez zuen ulertzen. Nahitaezkoa zen leku batetik ateratzean, egitekoa beti argi izatea, eta urrezko hari hori inoiz ez galtzea: horrelaxe bakarrik uler zitekeen gertatzen zena. Nahikoa zen minutu batez arreta galtzea gerraren xake guztia mugimendu zatar, zakar, zentzugabekoz betetako joko irrazional, ulertezin, bihur zedin. Hauts-laino hori... trostan zihoazen zaldi haserre horiek... zapi zuri bat astintzen eta oihuka ari den zaldizko hori... urrunean gelditutako tren hori... hauts-zurrunbilo gero eta hurbilago hori... minututik minutura buru durduzatutik gertuago dagoen eguzki hori... bekokia urratzen dion ezpata hori... bere albotik igaro eta lurrean etzanda utzi duen zaldi multzo hori...

        Zutitu egin zen bekokiko zauria ukituz. Basora iritsi behar zuen berriro: huraxe zen leku seguru bakarra. Aldaro egin zuen. Eguzkiak begirada urtu zuen eta zeru ertza, larre lehorra, mendi lerroa zarakar bihurtu. Arboladira iritsi zenean, enbor bati heldu zion; tunika askatu eta alkandoraren mahuka zarrastatu zuen. Alkadoraren gainera txu egin eta haren hezetasuna bekoki mindura eraman zuen. Trapu zatia buru bueltan lotu zuen: eztanda egiten zion buruak abar lehorrek ostots egiten zutenean bere aldamenean, bota arrotz batzuen pisupean. Begirada minduak hurbileko zango haietatik gora egin zuen: soldadua iraultzaileen tropakoa zen eta beste gorpu baten zama zekarren bere gain, zaku odoltsu bat, zarpaildurik, besoa gatzaturik.

        — Basoaren sarreran aurkitu dut. Hiltzen ari zen. Besoa lehertu diote, nire... nire tenientea.

        Soldadu garai eta gihartsu hark begiak txikitu zituen intsigniak bereiztea lortu zuen arte.

        — Uste dut hil egin zaidala. Hil batek beste pisatzen du.

        Gorputza gainetik kendu eta zuhaitzaren kontra lekutu zuen: horixe bera egin zuen Berak ordu erdi, hamabost minutu lehenago. Soldaduak zaurituaren ahora hurbildu zuen aurpegia; Berak berriro begietsi zuen, aho zabalik, masailalboak garaiak, begiak itxita.

        — Bai. Hil egin da. Lehentxeago heldu izan banintz, salbatu egingo nuen agian.

        Esku zabalaz begiak itxi zizkion hildakoari. Zilarrezko belarria lotu zuen eta burua makurtzean zera esan zuen hortz zurien artean:

        — Arraiopola, nire tenientea. Honen moduko jende ausartik ez balego munduan, non egongo ginateke besteok?

        Berak bizkarra eman zien soldaduari eta hildakoari, eta zelairantz egin zuen berriro korri. Horixe zen zuhurrena. Nahiz eta ezer ez entzun ez ikusi. Nahiz eta mundua itzal bihitua bailitzan bere aldamenetik iragan. Nahiz eta artean irauten zuten gerraren eta bakearen —cenzontleak, haizea, urruneko orroak— marmar guztiak zarata oro biltzen eta tristura berdin antzeko baten izatea ematen zien danbor bakar, gor hori bihurtu. Hilotz batekin egin zuen estropezu. Belaunikatu egin zen haren ondoan, zergatik egiten zuen jakin gabe, ahots hark zaratots guztien soinu ilunaren artean bidea egin baino minutu batzuk lehenago.

        — Tenientea... Cruz tenientea...

        Eskua tenientearen sorbaldan pausatu zen; Berak aurpegia jaso zuen.

        — Larriki zaurituta zaude, teniente. Etor zaitez gurekin. Federalek alde egin dute. Herria Jimenezen eskuetan geratu da. Itzul zaitez gurekin Rio Hondoko kuartelera. Zaldieria indarrek berebiziko borroka egin dute; handitu egin dira, benetan. Etorri. Itxura txarra daukazu.

        Berak ofizialaren sorbaldari heldu zion. Zera xuxurlatu zuen:

        — Kuartelera. Bai, goazen.

        Haria galduta zegoen. Haria, gerra horren labirintoa, galdu gabe, zeharkatzea ahalbideratu zion haria. Galdu gabe: desertatu gabe. Ez zuen bridak hartzeko indarrik. Baina zaldia Gavilán maiorraren zelari loturik zihoan, borroka zelaia eta emakumea zain zuen harana bereizten zituen mendian barreneko ibilaldi mantso hartan. Atzean utzi zuen haria. Han behean, Rio Hondo herriak bere betikoan dirau: teila apurtu eta lasto-buztinezko hormadun etxadia, arrosa, gorrixka, zuria, indipikondoz hesitua, ordukoxe goizean utzitako etxadi berbera. Ikusi zuela iruditu zitzaion, trokaren ezpain berdeen ondoan etxea, Regina zain izango zuen leihoa. Gavilán bere aurrean zihoan trostan. Iluntzeko itzalek mendiaren irudia jaurti zuten militar bien gorputz nekatuen gainera. Maiorraren zaldia gelditu egin zen lipar batez, tenientearenari parera heltzeko astia emateko. Gavilanek zigarro bat eskaini zion. Metxa itzali bezain laster, berriz ziren zaldiak trostan. Baina Berak ikusi zuen, zigarroa pizteran, maiorraren aurpegiak gordetzen zuen samin handia, eta burua jaitsi zuen. Ondo merezia zeukan. Jakingo zuten borrokaldiak iraun zuen bitarteko bere ihesaren egia eta intsigniak kenduko zizkioten. Baina ez zuten jakingo egia osoa: ez zuten jakingo bere burua salbatu nahi izan zuela Reginaren maitasunaren ondora itzultzeko, ez zuten azalduta ere ulertuko. Ez zuten jakingo ere soldadu zauritu hura abandonatu zuela, ahal izan zuela bizitza hura salbatu. Reginaren maitasunak ordainduko zuen bertan behera utzitako soldaduaren errua. Horrelaxe behar zuen. Burua jaitsi eta iruditu zitzaion bere bizitzan lehenengo aldiz lotsa sentitzen zuela. Lotsa: ez zen horrelakorik ageri Gavilán maiorraren begi argietan, zuzenetan. Ofizialak esku askeaz laztandu zuen bizar horaila, hautsak eta eguzkiak gogortua.

        — Bizia zor dizugu, teniente. Zuk eta zure gizonek eragotzi zenuten etsaien erasoa. Heroi baten moduan hartuko zaitu jeneralak... Artemio... Artemio dei diezazuket?

        Maiorra barre egiten saiatu zen. Esku askea tenientearen sorbaldara bota eta jarraitu zuen, barre lehor batez:

        — Aspalditik daramagu elkarrekin borroka egiten eta begira nola diren kontuak, izenetik ere ez diogu elkarri deitzen.

        Begiekin, Gavilan maiorrak erantzun bat eskatu zuen. Gaua jaitsi zen bere materiarik gabeko kristalarekin eta azken erlantza bistaratu zen mendien beste aldean, mendiok jada urrunak, iluntasunean ostenduak, bere baitan bilduak. Kuartelean, sugarrak ageri ziren, arratsaldean urrunetik ikusi ezin izan ziren sugarrak.

        — Txerri batzuk dira! —bota zuen bat-batean maiorrak ahotsa etenda—. Ezustean sartu dira herrira, ordu bata inguruan edo. Hori bai, ezin izan dute inola ere kuartelera heldu. Baina inguruko auzuneetan hartu dute mendeku; han egin dituzte egiteko guztiak. Agindu dute laguntzen gaituzten herri guztien kontra hartuko dutela mendeku. Hamar lagun bahitu dituzte eta errenditu ezean hil egingo dituztelako errekadua ekarri dute. Jeneralak mortairu suaz erantzun die.

        Kaleak soldaduz eta jendez gainezka zeuden, txakur soltez, eta umez, txakurrak bezala solte, etxe atarietan negarrez. Su batzuk ez ziren artean iraungitzen eta emakumeak kalearen erdian eserita zeuden, salbatzea lortu zuten koltxoi eta trasteen gainean.

        — Artemio Cruz tenientea —murmurikatu zuen Gavilanek, zenbait soldaduren belarrira iristeko makurtuz.

        — Cruz tenientea —murmurioa soldaduengandik emakumeengana zabaldu zen.

        Bildutakoek bidea ireki zioten zaldi biei: maiorraren gorri-beltza, marruskatu egiten zuen jende andana haren artean urduri, eta tenientearen beltza, kopeta txikikoa, aurrekoari jarraitzen. Esku batzuk luzatu ziren: tenientearen agindupeko zaldieria taldeko gizonak ziren. Hanka estutu zioten agur moduan; bekokirantz seinalatu zuten, non odolak zapi lotua zikindu baitzuen; zorion-agur isil bat xuxurlatu zuten garaipenagatik. Herria gurutzatu zuten: han barrenean troka amildu egiten zen eta zuhaitzak gaueko haize gozoan kulunkatzen ziren. Berak begirada jaso zuen: baserri zuria. Leihoa bilatu zuen, itxita zeuden denak. Kandelen ñirñirak etxe batzuen ataria argitzen zuen. Koadrila beltzak, rebozoetan bilduta, kokoriko jarrita zeuden han-hemengo atarietan.

        — Ez ditzala inork eraitsi! —egin zuen oihu Aparicio tenienteak, zaldi gainetik, eta zaldiari birak emanarazi zizkion eta zigorraz erreguka altxatzen ziren eskuak baztertu zituen—. Gorde dezatela guztiek hau buruan! Jakin dezatela ondo noren kontra borrokatzen garen! Anaiak hiltzera behartzen dute herriko jendea. Ikusi ondo. Honelaxe hil zuten yaqui tribua, haiek beren lurrak kentzerik nahi izan ez zutelako. Berdin hil zituzten Rio Blanco eta Cananeako beharginak, gosez hiltzerik nahi izan ez zutelako. Honelaxe hilko dituzte guztiak erro-errotik akabatzen ez baditugu. Ikusi.

        Aparacio teniente gaztearen atzamarrak trokatik hurbil zen zuhaitz multzoa korritu zuen: henequénezko sokek, txarto eginek, gordinek, odola idokitzen zieten, oraindik, lepoei; baina begi ireki haiek, mihi morexka haiek, menditik zetorren haizeak doi-doi kulunkaturiko gorputz zurrun haiek, hilda zeuden. Begiraden parean —begirada galduak batzuk, haserreak beste batzuk, gozoak gehienak, ulertezinak, min geldi batez beteak— huarache lupeztuak, ume baten oin biluziak, emakume baten zapatila beltzak baino ez. Bera zalditik jaitsi zen. Hurreratu egin zen. Reginaren gona almidoiztatua besarkatu zuen orro hautsi, bare batez: bere lehenengo gizon-negarraz.

        Apariciok eta Gavilanek neskaren gelara eraman zuten. Etzanarazi egin zuten, benda bat jarri zioten trapu zikinaren ordez, zauria garbitu. Irten zirenean, Berak burkoa besarkatu eta aurpegia ezkutatu zuen. Lo egin nahi zuen, horixe baino ez, eta isilean esan zuen agian loak berriz berdindu, elkartu egin ahal izango zituela. Ezinezkoa zela ohartu zen, une hartan, eltxo-sare horixkadun ohe hartan, biziago atzematen zela ile hezearen usaina, gorputz leunarena, izter epelena, presentziarena berarena baino. Han zegoen inoiz egon ez zen bezala, inoiz baino biziago gizon gaztearen buru sukartsuan: Reginago, bereago, gogoratzen zuen orain. Beharbada, beren arteko maitasun-hilabete labur haietan, ez zuen Berak inoiz ikusi haren begien edertasuna horrenbesteko zirraraz, eta ezin izan zituen ere, orain bezala, biki dirdaitsuekin parekatu: bitxi beltzak, itsaso sakon barea eguzkipean, denboran kulunkatuko harea-hondoa, zuhaitz haragi eta errai berokoaren gerezi ilunak. Ez zion sekula hori esan. Ez zen astirik egon. Ez zen astirik egon maitasunaren horrenbeste kontu esateko. Ez zen inoiz azken hitzerako astirik egon. Agian begiak itxiz gero, emakumea oso-osorik itzuliko zen, gizonaren hatz-mamietan pilpiratzen zuten laztan irritsu haietatik bizitzera. Agian nahikoa izango zen emakumea irudikatzea hura beti ondoan izateko. Nork jakin oroitzapenak ahal dituen gauzak luzatu, hankak hankekin lotu, goizaldeari leihoak zabaldu, orraztu ilea eta berpiztu usainak, zaratak, ukimena. Agondu egin zen. Itsumustuka bilatu zuen, gela ilunean, mezcal botila. Bat-batean ez zuen ahazteko balio, denek dioten bezala, oroitzapenak azkarrago kanporatzeko baizik.

        Hondartza hartako arroketara itzuliko zen, alkohol zuriak su ematen zion urdailari. Itzuliko zen. Nora? Inoiz izan ez zen hondartza mitiko hartara? Neskato gurtuaren gezurrera, Bera garbi, errugabe, maitasunaz ziur senti zedin neskak asmaturiko itsas ondoko elkar aurkitze haren asmaziora? Zorura jaurti zuen mezcal basoa. Likoreak horrexetarako balio zuen, gezurrak desegiteko. Hura gezur eder bat zen.

        «—Non ezagutu genuen elkar?

        »—Ez al duzu gogoratzen?

        »—Esadazu zeuk.

        »—Ez al duzu hondartza hura gogoratzen? Arratsaldero joaten nintzen ni hara.

        »—Bai, gogoratzen dut. Nire aurpegiaren isla ikusi zenuen zeurearen ondoan.

        »—Gogora ezazu: eta harrezkero ez nuen neure burua ikusi nahi izan zure erreflexua nirearen ondoan ez bazen.

        »—Bai, gogoratzen dut.»

        Berak gezur eder hartan sinetsi behar zuen, beti, bukaera arte. Ez zen egia: Bera ez zen, ez, Sinaloako herri hartara beste hainbatetara bezala sartu, kaletik, inozente-inozente, zihoan lehenengo emakumearen bila. Ez zen egia hemezortzi urteko neskatila hura zaldira indarrez igo eta bortxatu egin zutela isilean ofizialen logelan, itsasotik urrun, mendi arantzatsu eta lehorrerantz begira. Ez zen egia Reginaren zintzotasunak Bera isilean barkatu zuela: noiz ere, jarkierak plazeraren aurrean amore eman zuen eta beso inoiz gizonik ukitu gabeko haiek Bera lehenengoz ukitu zuten pozik, eta emakumeak ahoa heze, zabalik, behin eta berriz, bart bezala, esaten zuen baietz, baietz, gustatu egin zitzaiola, berarekin gustatu egin zitzaiola, gehiago nahi zuela, zoriontasun horren beldur izan zela. Regina, begirada ameslari eta piztuaren Regina. Nola bere egin zuen plazeraren egia eta onartu berarekin maiteminduta zegoela; nola asmatu zuen itsasoaren eta ur lokartuko islarena gero, maitatuko zuenean, gizona lotsarazi ahal zuen kontu hura ahazteko. Bizitzaren emakumea, Regina, zaporez betetako behoka, ustekabearen maitagarri aratza, aitzakiarik gabeko, desenkusa hitzik gabeko emakumea. Ez zuen inoiz asperrik ezagutu; ez zuen inoiz Bera nahigabetu kexa mingarriekin. Han izango zen beti, herri batean edo bestean. Agian oraintxe bertan ezabatuko zen sokatik zintzilikaturiko gorpu zurrunaren fantasia eta hura... hura jada beste herri batean izango zen. Aurrea hartuko zuen, besterik gabe. Bai: beti bezala. Inor endredatu gabe irten zen, eta hegoalderantz abiatu zen. Federalen lerroak zeharkatu zituen eta gelatxo bat hartu zuen hurrengo herrian. Bai; izan ere, hark ezin izango luke Bera gabe bizi, ezta Berak ere hura gabe. Bai. Kontua zen, zera, irtetea, zaldira igotzea, pistola eskuetan hartzea, borrokan segitzea eta hurrengo atsedenean emakumea aurkitzea.

        Tunika bilatu zuen iluntasunean. Kartutxerak gurutzatu bularrean. Kanpoan, zaldi beltza, lasaia, poste bati lotuta zegoen. Jendea ez zen urkatuengandik aldentzen, baina Berak ez zuen jada alde hartarantz begiratu. Zaldira igo eta kuartelerantz joan zen.

        — Norantz hartu dute putakume horiek? —egin zion garrasi zaintza-soldaduetariko bati kuartelean.

        — Trokaren beste alderantz, jauna. Zubi inguruan lubakitu omen dira, errefortzuak noiz iritsiko zain. Berriro nahi omen dute hemengo herri hau hartu. Sar zaitez barrura, jan ezazu zertxobait.

        Zalditik jaitsi zen. Presarik gabe patioko suteetarainoko bidea egin zuen, han, lurrezko lapikoak kulunkatzen ziren adar gurutzatuen gainean eta irin orea jotzen ziharduten emakume-eskuen murmurioa zabaltzen zen. Burruntzalia sartu zuen barrukien salda borbortsuan, atximurtu tipula, txile-piperrautsa, oreganoa; mastekatu iparraldeko taloak, gogorrak, freskoak; txerri hankak. Bizirik zegoen.

        Birunda burdin ugertutik kuartel ataria argiztatzen zuen zuzia idoki zuen. Ezproiak barruratu zaldi beltzaren sabelean: baztertu egin ziren artean kalean zebiltzanak; zaldia harriturik zutitzen ahalegindu zen, baina Berak estutu egin zituen bridak, hondoratu beste behin ezproiak, eta igarri azkenean zaldiak ulertu egin zuela. Jadanik ez zen arratsalde hartan mendia zeharkatu zuen gizon zauritu, gizon ezbaiti haren zaldia. Beste zaldi bat zen: ulertu egin zuen. Zurda astindu zuen Bera ohar zedin: gerra-zamari bat zeukan, zaldizkoa bera bezain haserrea eta arina. Eta zaldizkoak zuzia goratzen zuen eta argiztatzen, jada, zelaia, herria inguratu eta troka gaineko zubira ematen zuen zelai hura.

        Su batek ere zubiaren sarbidea argiztatzen zuen. Kaskamotzen kepiek gorritasun hitsarekin dirdiratzen zuten. Baina zaldi beltzaren apoek lurraren indar guztia herrestan zeramaten: belarra eta hautsa eta arantza batuz, txinparta-lorratz bat utziz, zuzia zeraman gizon hura zubiko postuaren gainera oldartu, suaren gainetik jauzi egin eta pistolaz tiro egin zuenean, hango begi aztoratuen kontra tiro, garondo ilunen kontra tiro, tiro gorpuei ere, eta gorpuek ez zuten ezer ulertzen, atzeraka eragiten zieten kanoiei, eta ez zekiten zaldizko haren bakardadea bereizten gauean, hegoaldera iritsi beharra zuela, hurrengo herrira, zain izango dituen herrira...

        — Kendu paretik, kaskamotz-kume alaenak! —egin dute oihu gizon haren mila ahotsek.

        Minaren eta desiraren ahotsa; pistolaren ahotsa; beso bat, zuzia bolbora-kutxetara hurreratu eta kanoiak leherrarazi eta zaldun gabeko zaldiak irrintzi eta su-lama eta kaosaren erdian ihesari emanak jarri dituen besoa; eta zarata horiek guztiek urruneko oihartzuna dute orain, herriko ahots galduetan, eliz dorre gorrixkan jotzen hasi den kanpaian, zaldieria iraultzailearen apatxak pairatzen dituen lur horren taupadan; eta zaldieriak zubia pasatzen du eta txikizioa aurkitzen du, eta ihesa, eta suak itzalirik, baina ez du federalik aurkitzen ez tenientea, hegoaldera doan tenientea, zuzia jasota, bere zaldiaren begi irazekien argitan, haria eskuan hartuta, hegoaldera.

 

 

NI bizirik atera nintzen. Regina. Nola zinen zu? Ez. Zu, Regina. Zu, nola zinen zu, izen gabeko soldadu? Bizirik atera nintzen. Zuek hil egin zineten. Ni bizirik atera nintzen. A, bakean utzi naute. Lo nagoela uste dute. Gogoratu zaitut, gogoratu dut zure izena. Baina zuk ez duzu izenik. Eta biak nireganantz datoz, eskutik helduta, betzuloak huts-hutsik, gogatu egingo nautelakoan, errukitu egingo naizelakoan. A, ez. Ez dizuet zuei bizia zor. Neure harrotasunari diot Nik bizia zor, entzun?, neure harrotasunari. Erronka jo nuen. Ausartu egin nintzen. Bertuteak? Apaltasuna? Karitatea? A, bizi daiteke, bai, bizi daiteke horiek gabe. Ezin bizi daiteke, ordea, harrotasunik gabe. Karitatea? Zer on ekarriko zidan horrek? Apaltasuna? Zuk, Catalina, zer egingo zenuen zuk nire apaltasunaz? Zure destainak garaitu egingo ninduen, utzi egingo ninduzun. Badakit sakramentu horren santutasuna irudikatuz barkatzen duzuna zuk zeure burua. Je. Nire ondasun hauengatik izan ez balitz, lastertxo egingo zinen zu dibortziatu. Eta zuk, Teresa, neuk mantentzen zaitut eta, hala ere, gorrotatu eta iraindu egiten banauzu, zer egingo zenuen lazerian gorrotatu behar izan baninduzu, pobrezian iraindu behar izan baninduzu? Irudika ezazue, itxuratiok, zeuon burua nire harrotasunik gabe; irudika ezazue zeuon burua oin handitu aldra horretan galduta, hiriko kantoi guztietan orduak eta orduak autobus baten zain, bai, irudika ezazue zeuon burua oin aldra handitu horretan galduta, irudika ezazue zeuon burua denda batean, bulego batean behargin, makinaz idazten, fardelak egiten, zuek dirua aurrezten auto bat epeka erosteko, Ama Birjinari kandelak pizten itxaropena ez galtzeko, lur zati batengatik hilero-hilero ordaintzen, hozkailu bat noiz izango ametsetan, zuek herri-zinema batean larunbatero, kakahueteak jan eta jan, etxera itzultzeko taxi bat bilatzen, hilean behin merienda etxetik kanpo egiten, zuek, niri esker hamaikatxo zuribide saihestu duzuen ama-alabok, zuek Mexiko bezalakorik ez dagoela aldarrikatzen bizirik sentitzeko, zuek gure sarapeak eta Cantinflas eta mariachi-musika eta Pueblako molea aho betean goraipatzen bizirik sentitzeko, a-jai, zuek botoan, santutegietarako erromesaldian, otoitzaren eraginkortasunean sinestera derrigortuta bizirik sentitzeko.

        — Domine, non sum dignus...

        «— Agur. Bat, baliogabetu egin nahi dituzte iparramerikar banketxeek Pazifikoko Burdinbideari jaulkitako jesapenak. Badakizu zenbat ordaintzen duen urtero-urtero Burdinbideak jesapenen interesengatik? Hogeita hemeretzi milioi peso. Bi, kendu egin nahi dituzte burdinbideetako birmoldaketan diharduten aholkulari guztiak. Badakizu zenbat diru irabazten dugun? Hamar milioi urtean. Hiru, ez dute etsiko burdinbideei iparramerikar jesapenak igortzen dizkiogunok kalean ikusi arte. Badakizu zer diru irabazi genuen zuk eta biok iaz...?

        »— Three million pesos each...

        »— Hori da. Eta kontua ez da hor amaitzen. Telegrafia iezaiezu National Fruits Expressekoei eta esan agintari komunista horiek ezeztatu egin nahi dutela hozteko aparailuen alokairua, eta alokairu horrek hogei milioi peso ematen dizkiola konpainiari urtean-urtean eta guri artesari ederra. Agur.»

        Je, je. Ondo, ondo azalduta egon da hori. Kirtenak. Beren interesak ere neuk zaindu behar, kirtenak. O, alde hemendik denok, utz iezadazue entzuten. Ez ote didate ulertuko? Ez ote dute jakingo honela, honela tolesturiko beso batek zer adierazi nahi duen?...

        «— Eseri, oilandatxo. Oraintxe nauzu zurekin. Díaz: Begira ondo ez duela inortxok ezer argitaratzen poliziak asaldatzaileen aurka erabilitako indarkeriaren gainean.

        »— Baina hildako bat egon omen da, jauna. Eta hori gutxi balitz, hiri gunean bertan jazo zen. Zaila izango da...

        »— Tira, tira. Goitik datozen aginduak dira.

        »— Bada, zera, langileriaren aldeko orri batek berria argitaratu behar du.

        »— Eta non duzu burua? Ez al dizut nik pentsatzeko ordaintzen? Ez al dizute zure «iturrian» pentsatzeko ordaintzen? Jarri Prokuradoretza jakinaren gainean eta itxi dezatela inprimategia...»

        Nik bai gutxi behar pentsatzeko. Txinpart bat. Txinpart bat nahikoa dut Nik sare konplexu, ikaragarri hau abian jartzeko. Beste izaki batzuek, ostera, Ni hil egingo nindukeen argindarra behar dute. Nik ur uherretan nabigatzea behar dut, distantzia luzeetara zabaltzea, etsaiak aldaratzea. A bai. Emaiozu buelta. Ez zait ardura.

        «— María Luisa. Juan Felipe Couto horrek, ohi bezala, urrunegi joan nahi du... Hori da dena, Díaz... emadazu ura, panpinatxo. Zera: urrunegi joan nahi du. Federico Roblesekin bezala, gogoan al duzu? Baina ez, nirekin ezin izango du...

        »—Noiz izan zen hori, nire kapitaina?

        »—Neuri esker lortu zuen errepide hori Sonoran egiteko baimena. Are, aurrekontua, obraren benetako kostua halako hiru izango zen aurrekontua bera, onar ziezaioten ere neuk lagundu nion, errepidea Nik erositako herri-lurren ureztapen barrutietatik igaroko zelakoan. Eta zera jakin dut, azeri malmutz horrek sail batzuk erosi zituela han inguruan, eta orain trazatuaren nondik norakoa aldatu nahi duela errepidea bere jabegoetatik pasa dadin...

        »— Galanta txerria! Hara, hain zintzoa zirudien hura!

        »— Beraz, panpinatxo, badakizu; sar itzazu zure zutabean esamesa batzuk gure jaun agurgarri horren egun batetik besterako dibortzioa bidera ekarriz. Leun-leun, ikaraldi txiki bat eragiteko moduan.

        »— Gainera argazki batzuk ditugu, non Couto kabaret batean agertzen zaigun eta inondik inora Madame Couto ez den ilehori batekin.

        »— Gorde, gorde, bere horretan setatzen bada ere...»

        Diotenez ezerk ez ditu belakiaren zelulak lotzen, alabaina, belakia lotuta dago: bai, horrela omen da, gogoan dut, bai, izan ere, nahiz eta belakia bortizki urratu, belaki triskatua berriz batu egiten omen da, ez omen du inoiz bere batasun hori galtzen, beti aurkitzen du zelula barreiatuak lehengora ekartzeko era, ez da sekula hiltzen, a, ez da sekula hiltzen.

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        — Menderatu egin zenuen eta erauzi egin zenidan.

        Emakumeen marmar haserreen artean zutitu eta besotik heltzen die, eta Nik arotz hura darabilt buruan, eta gero haren semea, eta pentsatzen dut zer ez genukeen guk irabaziko seme hura jendaurreko zereginetarako zituen hamabi lagun haiekin batera aske utzi izan balute, aske, ahuntz baten moduan, bizimodua mirarien kontutik ateratzen, petrikilo sakratuentzako doan eskuratzen otorduak, doan oheak eta partekaturik, harik eta zahartzaroak eta ahanzturak berez-berez garaituko zuten arte, eta Catalina eta Teresa eta Gerardo eseri egiten dira logela barreneko besaulkietan. Zenbat denbora beharko dute apaiz bat ekartzeko, nire heriotzako ordua bizkortzeko, niri aitormenak erauzteko? A, jakin egin nahi dute. Ondo pasatuko dut. Ondo ondo. Zu, Catalina, Ni samurtu eta hori jakitearren, inoiz esan ez didazuna ere esateko prest zeundeke. A, baina Nik badakit zer den zuk jakin nahi duzuna. Eta zure alabaren musu zorrotzak ez du, ez, ezkutatzen. Laster agertuko da hemen beste inuzente hori ere, galderak egitera, malko merkeak isurtzera, ikustera ea azkenik honetaz guztiaz gozatzerik izango duen. A, zer txarto ezagutzen nauzuen. Horrelako aberastasuna hiru saguzarri, hegan egiten ere ez dakiten hiru saguzarri emanez xahu daitekeela uste al duzue? Hegorik gabeko hiru saguzar: hiru sagu. Erdeinatzen nautenak. Bai. Barru-barruan daramatenak gosekilen amorrua. Gorroto dituztenak aldeko larruak, bizileku dituzten etxeak, erakusten dituzten bitxiak, neuk emandakoak direlako. Ez, ez nazazue uki orain...

        — Utzidazue...

        — Begira Gerardo etorri da... Gerardito... zure suhia... begira.

        — Hara! inuzentea...

        — Artemio jauna...

        — Ama, ezin dut gehiago, ezin dut, ezin dut!

        — Gaixorik dago...

        — Bah, jaiki egingo naiz, ikusiko duzue...

        — Esan dizut nik itxurak egiten ari dela.

        — Utziozu atseden hartzen.

        — Itxurak, itxurak egiten ari dela diotsut! Beti bezala itxurak egiten, guri barre egiteko itxurak egiten beti bezala, beti bezala.

        — Ez, ez, medikuak dio...

        — Zer daki medikuak. Hark baino hobeto dakit nik honen berri. Beste iruzur bat besterik ez da.

        — Ez ezazu ezer esan!

        — Ez ezazu ezer esan. Olio hori. Olio hori igurzten didate ezpainetan. Betazaletan. Sudurzuloetan. Ez dakite zer neketsua izan zen. Horiek biek ez zuten erabaki behar izan. Eskuetan. Oinetan, jada igarri ere egiten ez ditudan oin, oin izoztu hauetan. Horiek biek ez dakite. Horiek biek ez zuten dena arriskatu behar izan. Begietan. Hankak zabaltzen dizkidate eta olio hori gantzutu izterretan.

        — Ego te absolbo.

        Haiek ez dakite. Hark ez zuen hitz egin. Ez zuen esan.

 

 

ZUK hirurogeita hamaika urte biziko dituzu ohartu gabe: ez zara pentsatzera geldituko barruan dabilkizula odola, pilpiratzen zaizula bihotza, isurkari serosoak husten dizkizula xixkuak, behazuna jariatzen gibelak, gernua ekoizten giltzurrunak, odoleko azukrea erregulatzen pankreak: ez, funtzio horiek ez dituzu Zuk pentsamenduarekin eragin: arnasa hartzen duzula jakingo duzu, baina ez duzu pentsatuko, egintza hori ez baitago zure pentsamenduaren mende: funtzio horietaz ahaztu eta bizi egingo zara: ahal izango zenituzke funtziook menean izan, heriotza itxuratu, sua zeharkatu, beira ohantzea irozo: baina, besterik gabe, bizi egingo zara eta funtziook beren kabuz konpon daitezela utziko duzu. Gaur arte. Gaur ez-borondatezko funtzioek jabearazi egingo zaituzte, menderatu egingo zaituzte, eta azkenerako nortasuna suntsituko dizute: arnasa hartzen duzula pentsatuko duzu airea, neke handiz, birikietara iristen zaizun bakoitzean, odola dabilkizula pentsatuko duzu sabelaldeko benek agerraldi mingarri horrekin pilpira egiten duten bakoitzean: bai, garaitu egingo zaituzte, behartu egingo baitzaituzte, bizitza bizi beharrean, bizitzaz jabetzera. Garaipena. Zu hori irudikatzen saiatuko zara —zeren hain bizi eta argi sentitzen duzu dena, ezen taupadarik txikiena, erakartze- eta urruntze-mugimendu guzti-guztiak eta, denetan ikaragarriena dena, mugitzen ez denaren mugimendua bera ere sumatzera beharturik zaudela— eta zure barnean, zure erraietan, mintz seroso horrek sabelaldeko barrunbea estaliko dizu, eta organoen inguruan tolestuko da, eta tolesetako bati, urdaila eta hestea sabelaldeko paretekin lotzen duen ehun adiposo, odol eta linfa hodiez osaturiko toles horri, gantz-zeluladun toles horri, ez dio gehiago odolik bidaliko zure odolaren erreka zeliakoaren arteria lodiak; arteria horrek elikatzen dizkizu urdaila eta sabelaldeko organoak, eta horregatik tolesaren erroan sartu eta erdiko hestearen errora jaisten da zeiharka, pankrearen atzetik igaro ondoren, beste arteria bat sortuz hartara, duodenoaren herenari eta pankrearen muturrari odola bidaltzen dien arteria, zeina duodenotik, aortatik, beheko zain nagusitik, eskuineko uretratik, nerbio genito-femoraletik eta barrabiletatik zehar pasatzen baita. Arteria hori orbanduta, lodi, gorri, ibiliko da, hirurogeita hamaika urtez, Zu konturatu gabe. Gaur jakingo duzu. Gelditu egingo da. Ubidea lehortu egingo da. Hirurogeita hamaika urtez ahalegin akigarria egingo du arteria horrek: jaitsieran une bat dago, noiz ere bizkarrezurraren atal batek estutu egingo duen, eta arteriak aldi berean egin behar izango duen beherantz, aurrerantz eta, zakarki, berriro atzerantz. Zure arteria mesenterikoak hirurogeita hamaika urtez igaro behar izango du, estututa, proba horretatik, berebiziko proba horretatik. Gaur ezin izango du. Gaur ezin izango dio sakadurari eutsi. Gaur gelditu egingo da, beheranzko, aurreranzko, atzeranzko pistoi-mugimendu azkar horretan, dardarka, gogortuta, unatuta, eta odolbildu geldi, harkaitz morexka horrek hestea butxatuko dizu: sentituko duzu presio gero eta handiagoaren pilpira, sentitu egingo duzu: zeure odola da, bai, eta gelditu egiten da lehenengo aldiz, oraingo honetan ez da zure bizitzaren ertzera iristen, gelditu egiten da, zure hestearen galga horren barnean izoztera, usteltzera, geldi-geldi, zure bizitzaren beste ertzera iritsi gabe:

        Eta Catalina orduantxe hurbilduko zaizu, ezer behar al duzun galdezka; zeuri, zeure oinazea ez den beste ezeri kasu egiteko gauza ez zaren horri; eta asmo bakarra izango duzu, loaren, atsedenaren besoetan harturik, oinazea uxatzea; eta Catalinak ezin izango du saihestu keinu hori, eskua luzatzea, baina, beldurti, berehala erretiratuko du, bestearekin lotzeko gero, andere zabalari dagozkion bere bular horien ondoan, segituan bereizteko berriro eta, azkenean, dardaraz, zure bekokira hurbiltzeko: bekokia laztanduko dizu eta Zu ez zara ohartuko, oinazearen lazgarrian murgilduta, ez zara ohartuko Catalinak, hamarraldi askoren ondotik, lehenengo aldiz eskua hurbiltzen duela zure bekokira, bekokia laztantzen dizula, hura estaltzen duten ile-xerloak, ile urdindu izerdiz bustiak, baztertu eta berriz laztantzen dizula bekokia, halako esker oneko beldur batez, azkenean, samurtasunak gailen dezakeelakoan, bere buruaz lotsa den samurtasun batez, azkenean bere laztanez ez zarela konturatzen ziur dakienean baretzera egiten duela ematen duen lotsa batez; beharbada atzamarren bidez hitz batzuk, bekokira, bidaltzen dizkizu, eta hitzok bat egin nahiko dute, beti lasterrari emana dagoen zure oroitzapen horrekin; zure oroitzapen hori, ordu hauen hondarretan galduta, korderik gabe, zure borondatearen eskumenetik at baina nahi gabeko memorian sustraiturik, oinazearen zirrikituetan barrena sigi-saga etorri eta behin eta berriro esaten dizkizu, orain, orduan aditu ez zenituen hitzak. Catalinak ere bere harrotasunean pentsatuko du. Hantxe sortuko da txinparta. Hantxe entzungo duzu emakumea, hantxe, ispilu komun horretan, urmael horretan, zeinak zuen aurpegiak islatuko dituen, eta egingo dituen ito, elkarri musu ematera joango zaretenean, zuen aurpegien isla likidoan: zergatik ez duzu albora begiratzen?; hortxe izango duzu Catalina bere haragian; zergatik saiatzen zara uraren isla hotzean musu ematen?, zergatik ez du Catalinak aurpegia zurera hurbiltzen, zergatik sartzen du, Zuk bezala, aurpegia ur geldietan eta, entzuten ez diozun honetan, «Amore eman nuen» errepikatzen? Beharbada haren eskua askatasuna bera garaitzen duen gehiegizko askatasun bati buruz mintzatuko zaizu. Mintzatuko zaizu amaierarik gabeko dorre bat altxatu, zerura iritsi ez, baina amildegia arraildu, lurra arrakalatzen duen askatasunari buruz: izendatu egingo duzu: bereizketa: desenkusatu egingo zara: harrotasuna: bizirik aterako zara, Artemio Cruz: bizirik aterako zara arriskatu egingo zarelako: arriskatuko zara askatasunaren arriskura: garaituko duzu arriskua eta, behin etsairik gabe, harrotasunaren borroka jarraitu ahal izateko, zeu bihurtuko zara zeure arerio: denak garaituta, zeure burua, zeure burua garaitzea baizik ez zaizu geldituko: ispilutik aterako zaizu etsaia azken borrokari ekiteko: ninfa etsaia, hats lodiko ninfa, jainkoen alaba, aker limurtzailearen ama, gizakiaren garaian hildako jainko bakarraren ama: ispilutik aterako da Pan Jainko Handiaren ama, harrotasunaren ninfa, zure bikia, berriro zure bikia: zure azken etsaia, zure harrotasunak garaiturikoen lurralde biluzian: bizirik aterako zara: jakingo duzu bertutea nahigarria baino ez dela, baina harrotasuna beharrezkoa baino ez dela: eta hala ere, une honetan bekokia laztantzen dizun esku horrek lortuko du azkenean, bere ahostxoaz, erronken aldarria isiltzea, eta zuri gogoraraztea amaieran bada ere, amaieran baino ez bada ere, harrotasuna hutsala dela eta apaltasuna beharrezkoa: Catalinaren atzamarrek —atzamar hits horiek—, bekokia —bekoki sukartsu hori— ukituko dizute, oinazea arindu nahiko dizute, gaur esan nahiko dizute duela berrogeita hiru urte esan ez zizutena:

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia