(1919: maiatzak 20)

 

BERAK kontatu zuen Gonzalo Bernalek Peraleseko kartzelan igarotako azken uneen istorioa eta horrek etxe honetako ateak zabaldu zizkion.

        — Hain izan da beti aratza —esan zuen Gamaliel Bernal jaunak, aitak—; beti pentsatu izan du ekintzak, pentsamendu argiak gidatzen ez duenean, kutsatu egiten duela eta geure burua egiten digula salarazi. Nik uste dut horrexegatik aldendu zela hura etxetik. Beno, parte batera uste dut horrela; izan ere, zurrunbilo hark guztiok arrastatu gintuen, baita geure lekutik mugitu ez ginenok ere. Ez, azaldu nahi dudana da nire semearentzat eginbeharra zera izan zela, azalpenak emateko hurbiltzea, ideia koherenteak eskaintzeko hurbiltzea; bai, eragozteko, uste dut, honek ere, kausa guztiak bezala, ekintzaren proba ezin zezala jasan. Ez dakit, pentsamendu konplexua zen harena. Tolerantzia aldarrikatzen zuen hark. Pozten nau ausarki hil zela jakiteak. Pozten nau zu hemen ikusteak.

        Ez zen iritsi eta besterik gabe zaharra bisitatzera joan. Aurretik, Pueblako zenbait lekutan ibili zen, zenbait jenderekin hitz egin zuen, jakin beharrekoak jakin zituen. Horregatik, orain, aurpegiko gihar bat ere mugitu gabe entzuten zituen zaharraren azalpen belaxkak, eta zaharrak bere kaskezur zuria astunki pausatzen zuen larru leunduzko bizkarralde haren kontra, aurpegiaren soslaia emanez liburutegi zarratu honetako hauts sarria xehatzen zuen argi horixkari. Liburutegiko apalak garaiak izaki, beharrezkoa zen gurpildun eskaileratxo bat batera eta bestera ibil zedin, zorua —okre-kolorez pintatua— arrastoz betetzen zuela, azal gogorreko liburuki zabal eta luzeetara iritsi nahi bazen: idazlan frantsesak eta ingelesak, geografiaz, arte ederrez eta natur zientziez, zeinak irakurtzeko, sarritan, lupa behar zen, Gamaliel jaunak bere esku zahar gurietan, geldi-geldi, atxikitzen zuena hain zuzen, ohartzeke argia kristala zeharretara igaro eta biltzen zitzaiola, argi biziz, artatsuki lisaturiko prakra marradunen izur batean: Bera bai ohartu zen. Isiltsaun ezeroso batek urrundu egiten zituen elkarrengandik.

        — Barka iezadazu, zerbait hartu nahi al duzu? Edo hobeto: gera zaitez gurekin afaltzen.

        Eskuak zabaldu zituen gonbita eta atsegina agertzeko, eta lupa altzora erori zitzaion gizon argal, eta hezur gogortuen gainean haragi tenkodun, eta burezurrean, masailetan, ezpainetan printza zuri-hori dirdaitsudun hari.

        — Ez naute azken aldiotako garai hauek beldurtzen —bota zuen lehentxeago, ahots beti doi eta adeitsuan, tonu horien barruan modulaturik, laua horietatik kanpo—; zertarako nire heziketa —lupaz apal liburuz bete-beteetarantz egin zuen keinu— aldaketen ezinbestekotasuna ulertzen lagundu behar ez badit? Gauzen itxura aldatu egiten da, guk nahi ala ez; zertan tematu, hortaz, begiak ixten, iragana irrikatzen? Zenbatez erosoagoa den ustekabekoa onartzea! Edo ez genioke horrela deitu beharko? Zuk jauna... zera... barkatu, gradua ahaztu dut, bai, teniente koronela, teniente koronela... zera... nik ez dakit zein den zure jatorria, bokazioa... estimuan zaitut nire semearen azken orduak konpartitu zenituelako... orduan: zu ekintzan jardundakoa zara, eta ahal izan zenuen dena aurreikusi? Nik ez nuen jardun eta nik ere ezin izan nuen. Beharbada bai gure aktibitatea nola gure pasibotasuna horretan, horretanxe, dira antzeko, biak ere nahiko itsu eta ahul direla. Dena den, desberdintasunen bat egon egongo da... ez duzu zuk uste? Tira...

        Berak ez zituen bistatik galtzen agurearen begiak —begi anbar koloreko haiek—, emanegiak adeitasun giroa sortzera, seguruegiak samurtasun aitatiarraren mozorro haren beste aldean. Beharbada eskuen mugimendu dotore haiek, soslaiaren eta kokots bizardunaren noblezia iraunkor hura, buruaren makurtze urguri hura, berezkoak zituen. Berak, halere, pentsatu zuen naturaltasuna bera ere itxuratu egin daitekeela; zenbaitetan, mozorroak ondo baino hobeto itxuratzen ditu bere azpian edo kanpoan ez dagoen aurpegi baten keinuak. Eta Gamaliel jaunaren mozorroa hain zen haren benetako aurpegiaren antzekoa, ezen bien arteko lerro banatzailean, itzal ukiezinean pentsatzeak artegatu egiten baitzuen: hori pentsatu zuen eta baita egunen batean hinki-hankarik gabe jaulki ahal izango ziola zaharrari ere.

        Aldi berean jo zuten etxeko erloju guztiek eta agurea zutitu egin zen idazmahai gortinadun gainean zegoen azetileno lanpara piztera. Poliki-poliki, gortina jaso eta paper batzuk eskukatu zituen. Eskuetan paper bat hartu eta heldu berriaren besaulkirantz biratu zen. Irribarre egin zuen, zimurtu begitartea, eta berriro irribarre, eta paper hura besteen gainean utzi zuen. Atzamar erakuslea belarrira eraman zuen txairoki: txakur bat atearen beste aldean adausika eta atzaparka ari zen.

        Berak, agureak bizkarra ematen ziola aprobetxatu zuen zalantza gordea askatzeko. Bernal jaunaren ezaugarri batek berak ere ez zuen hausten osotasunaren noblezia harmoniatsua: atzetik hara begiratuta, ibilera dotorea eta arteza zuen: ile urdinduak, harrotuxeak, ematen zion buru aterantz zihoan agure hari. Artegatzeko modukoa zen —artegatu zen berriro lehengoa pentsatzean—; perfektuegia zen. Ziurrenik, gizabide hori ez zen haren xalotasunaren berezko adiskidea baino izango. Pentsamendu horrek ernegu eman zion: agurea pausoak astiro emanez zihoan aterantz, txakurra adausika ari zen: borroka errazegia izango zen, ez zuen gozatzeko aukerarik emango. Eta adeitasun horrek agurearen zuhurtzia mozorrotzen bazuen?

        Longainaren zanbulu tentea gelditu eta esku zuriak atearen kobrezko kisketa laztandu zuenean, Gamaliel jaunak destainaz begiratu zion, begi anbar koloreko haiez, eta esku askeaz bizarra laztandu zuen. Begirada hark ezezagunaren burutazioak ulertzen zituen itxura zuen, eta irribarre zertxobait okertu hura ezusteko zortea agertzeko zorian zen inkaminariarenaren antzekoa zen. Ezezagunak agurearen keinuan isileko konplizitaterako gonbita ulertu eta onartu ahal izan bazuen, Gamaliel jaunaren imintzioa hain izan zen dotorea eta ezkutukoa, ezen ez baitzion sopikunari begirada itzultzeko eta isileko tratua ixteko betarik eman.

        Gaua sartua zen eta lanpararen argi apalak doi-doi nabarmentzen zituen liburuen bizkar urreztatuak eta liburutegiko hormak estaltzen zituen paperaren zilarrezko grekak. Atea zabaldu zenean, Berak gela sorta luze hura gogoratu zuen; gelok Pueblako erako etxe zahar haren ezkaratz nagusian hasi eta liburutegiraino iristen ziren, eta guzti-guztiek esmalte eta axuleiuzko patiora ematen zuten. Artzakurrak alaiki jauzi egin eta ugazabaren eskua miazkatu zuen. Txakurraren atzean, neska agertu zen, zuriz jantzita, neskaren atzean luzatzen zen gaueko argitasunarekin kontraste egiten zuen zuri batez.

        Atalasean gelditu zen une batez; txakurra, ostera, arrotzarengana ikotika joan eta haren esku-hankak usaintzeari eman zitzaion. Bernal jaunak, barreka, txakurrari larru gorrizko uhaletik oratu eta aitzakiaren bat xuxurlatu zuen. Berak ez zuen ulertu. Zutik, jaka militar-bizitzari zegozkion mugimendu zorrotzez lotzen, jaka oraindik ere aldean kanpainako tunika balu bezala lisatzen, lurrari iltzaturik legez, atearen markoa zeharkatzen ez zuen neska gazte haren edertasunaren aurrean.

        — Nire alaba Catalina.

        Ez zen mugitu. Ilea lisoa eta gaztainkara lepo luzea, beroa —urrunetik atzeman zuen Berak garondoaren distira— estaltzen; begiak gogorrak eta likidoak aldi berean, begirada dardaratsu batekin, berunezko burbuila bikoitz batekin: beilegiak aitarenak modukoak, baina zintzoagoak, ez hain ohituak naturaltasunez itxuratzera, gorputz lirain eta bete haren beste bitasunen isla, ezpain heze eta erdi irekiena, bular lerden eta trinkoena: begiak, ezpainak, bularrak gogorrak eta leunak, babesgabetasunaren eta herraren artean txandakaturiko mamidunak. Eskuak izterraren eta gerri estuaren aurrean zituen elkarturik, eta ibiltzen hastean, bizkarraldean botoiekin lotu, aldaka sendoetan nasaitu eta orkatila finaren parean gelditzen zen jantzi haren gasa zuria harrotu zuen. Berarenganantz haragi urre-kolore argi bat hurbildu zen, zeinak bekokian eta masailetan gorputz osoko argi-ilun ilaunaren berri ematen baitzuen, eta eskua luzatu zion, eta Berak ukitu hartan hezetasuna, salaturiko emozioa, bilatu zuen, baina ez zuen aurkitu.

        — Zure nebarekin izan zen azken orduetan; hitz egin dizut berari buruz.

        — Zuk zortea izan zenuen, jauna.

        — Zuetaz hitz egin zidan, zuek ikustera etortzeko eskatu zidan. Ausarki jokatu zuen, azkenera arte.

        — Ez zen ausarta. Gehiegi maite zuen hemengo... guztia.

        Neskak bularra ukitu zuen eta jarraian eskua aldendu eta parabola antzeko bat egin zuen airean.

        — Idealista, bai, oso idealista —murmurikatu zuen agureak eta hasperen egin—. Jaun honek gurekin afalduko du.

        Neskak besotik heldu zion aitari, eta Bera, txakurra alboan zuela, haien atzetik joan zen gela estu eta umel haietan barna; gelok aulki eta portzelanazko pitxerrez, erloju eta beira-arasez, altzari patinatu eta balio urri eta tamaina handiko koadro erlijiosoez gainapaindurik: aulkien eta mahaitxoen hanka urreztatuek zoru egur pintatuan, berbertan, alfonbrarik gabe, hartzen zuten atseden, eta lanparak itzalita zeuden. Jantokian bakarrik argitzen zituen beira ebakizko argi-armiarma batek kaobazko altzari astunak eta bodegoi baten mihise printzatua, non buztinezko ontzi eta tropikoko fruitu irazekiek diz-diz egiten baitzuten. Gamaliel jaunak, ezpain-zapiaz, margoturiko hura baino urriagoa zen benetako frutontzi haren inguruan zebiltzan eltxoak uxatu zituen. Keinu batez, esertzeko erregutu zion.

        Neskaren aurrez aurre, haren begi geldietan josi ahal izan zuen azkenean begirada. Ba al zekien zertara etorria zen? Antzeman egiten al zuen gizonaren begietan emakumearen presentzia fisikoak areagotu egiten zuen garaipen sentimendu hura? Bereizi egiten al zuen zortearen eta segurtasunaren irribarre sotila? Igarri nekez gordetako baieztapen posesiboa? Neskaren begiek halabehar lakarraren mezu ilun hura baino ez zioten itzultzen, dena onartzeko prest balego bezala eta baita ere, bestalde, prest bere etsipena gizon hari, isilki eta irribarretsu bereganatzen hasia zegoen gizon hari, nagusitzeko aukera bilakatzeko.

        Harritu egin zen neska bere amore ematearen sendotasunaz, bere ahuleziaren botereaz. Begirada jaso eta, mutiriki, behatu zituen ezezagunaren hazpegi gogor haiek. Ezin izan zuen saihestu begi berde haiekin aurkitzea. Galanta ez, ederra ez zen. Baina aurpegi azaleko oliba kolore hark, zeinak gorputz osoa korritzen zuen ezpain lodien eta lokietako zain irtenen indar lineal, bihurri berberarekin, uki desiragarria agintzen zuen ezezagunagatik. Mahaipean, Berak oina aurreratu zuen, harik eta emakume-oinetakoaren muturra jo zuen arte. Neskak betazalak jaitsi eta aitari begiratu zion zeharka; oina erretiratu zuen. Anfitrioi paregabeak irribarre egiten zuen bere betiko gizatasun harekin, jolastu kopa batekin atzamar artean.

        Neskame indigena zaharra lapiko arrozarekin sartu zenean eten egin zen isiltasuna eta Gamaliel jaunak aurten sasoi lehorra beranduxeago amaitzen zela azpimarratu zuen; zorionez, hasiak zirela hodei multzoak mendi inguruetan pilatzen eta uzta ona izango zela: ez iazkoa bezain ona, baina ona. Bitxia zen —esan zuen—, bitxia, etxe zahar honek hezetasuna, bazter itzaleztatuak orbandu eta patioko colorína eta iratzea biziberritzen zituen hezetasun hori nola gordetzen zuen beti. Sinbolo faboragarria, akaso, lurrak emandako fruituei esker hazi eta aberastu zen familia batentzat: Puebla haranean finkatua —arroza jaten zuen, sardexkan biltzen zuen doitasunez— XIX. mendearen hasieratik eta gogorragoa, bai, lasaitasunerako gaitasunik ez zuen eta asaldura hain gogoko zuen herri bateko gertakizun zentzugabe guztiak baino.

        — Batzuetan, iruditzen zait odol eta heriotza ezak geure senetik ateratzen gaituela. Zera, bizirik sentitzeko suntsiketaz eta fusilamenduez inguraturik egotea beharko bagenu bezala —jarraitu zuen agureak lagunkor—. Baina guk aurrera egingo dugu, aurrera egingo dugu beti, ikasi egin baitugu bizirik irauten, beti...

        Gonbidatuaren kopa hartu eta ardo lodiaz bete zuen.

        — Baina prezio bat ordaindu behar izaten da bizirik irauteko —bota zuen gonbidatuak lehor.

        — Beti ados daiteke prezio komenigarriena...

        Alabaren kopa betetzean, Gamaliel jaunak eskua laztandu zion. —Kontua —jarraitu zuen— gauzak sotiltasunez egitea da. Ez da zertan inor asaldatu, zertan inoren sentiberatasuna urratu... Ohoreak bere-berean gelditu behar du.

        Berak neskaren oina bilatu zuen berriro. Aldi hartan, neskak ez zuen oina ukitu hartatik erretiratu. Kopa jaso eta ezezagunari begiratu zion gorritu gabe.

        — Gauzak bereizten jakin behar da —murmurikatu zuen agureak ezpainak zapiaz garbitzean—. Negozioak, esaterako, gauza bat dira, eta beste gauza bat erlijioa da.

        — Ikusten duzu zer errukibera, egunero-egunero bere alabatxoarekin jaunartzen? Ba, horko horrek daukan guztia apaizei ebatsitakoa da, bai, Juarezek kleroaren ondasunak erdi debalde jarri eta horrenbeste diru aurreztuta zuen edozein merkatarik lursail itzelak erosteko aukera izan zueneko garaian....

        Sei egun igaro zituen Pueblan Gamaliel jaunaren etxera joan aurretik. Carranza presidenteak tropa sakabanatu egin zuen eta Berak orduan Gonzalo Bernalekin Peralesen izandako elkarrizketa gogoratu eta Pueblarako bidea hartu zuen: intuizio kontu bat izan zen, baina baita ziurtasuna ere, iraultzak uzten zuen mundu hondatu eta nahasian hori jakitea —abizen bat, helbide bat, hiri baten izena— asko jakitea zelako ziurtasuna. Atsegin zuen, bai, Pueblara Bernal fusilatua beharrean Bera itzultzearen ironia hura. Mozorrotze bat, ordezkatze bat, seriotasun osoz aurrera eraman zitekeen iseka bat zen nolabait; baina bazen ere bizi-ziurtagiri bat, bizirik iraun eta norberaren geroa besteenekin zailtzeko gaitasunaren ziurtagiria. Pueblan sartu zenean, eta Cholulako bidetik haranean barna ihaurririko kupulen onddo hori-gorriak begiztatu zituenean, iruditu zitzaion sartzen zela bikoiztuta, Gonzalo Bernalen bizitza bereari gehituta, hildakoaren etorkizuna bereari erantsita: Bernalek, hiltzean, bizitza betegabe haren aukerak berenean eskuordetu balitu bezala. Beharbada besteen heriotzak dira gure bizitza luzatzen dutenak, pentsatu zuen. Baina Bera Pueblara ez zetorren pentsatzera.

        — Aurten ezin izan du hazirik ere erosi. Zorrak pilatzen-pilatzen joan zaizkio; izan ere, iaz laborariak asaldatu egin zitzaizkion, eta lugorriak ereitera joan. Esan zioten, lur alferrak oparitzen ez bazizkien, aurrerantzean berek ez zutela lur landuetan ereingo. Eta hark harrokeriaren harrokeriaz ez zuen onartu, eta uzta gabe gelditu zen. Lehen, bai, lehen guardiek berehala jarriko zituzten asaldatuak bere lekuan, baina orain... jada beste kuku batek jotzen du.

        — Eta kontuak ez dira hor amaitzen. Zordunak ere oilartu egin zaizkio; jada ez diote ordaindu nahi. Orain arte kobratu dituen interesekin ondotxo ordainduta dagoela diote. Ohartzen al zara, nire koronela? Hain daude guztiak sinetsita orain gauzak aldatu egingo direna.

        — A, baina hori bai, zaharrak beti bezain malmutz jarraitzen du, bereari tinko eutsi eta eutsi. Nahiago du hil amore eman baino, nori berea.

        Galdu egin zuen godalet azken botaldian eta sorbaldak jaso zituen. Keinu bat egin zion tabernariari kopa gehiago atera zitzan. Eta denek eskertu zioten kortesia hura.

        — Nork ditu zorrak Gamaliel jaun horrekin?

        — Ba... nork ez?, esango nuke nik.

        — Ba al du lagun minen bat, isilmandatariren bat?

        — Izango ez du ba! Páez apaiza, urrunago joan gabe.

        — Ez al zuen, bada, kleroa ondasunik gabe utzi?

        — Ufa! Apaiztxoak Gamaliel jaunari betiko salbamena ematen dio, Gamaliel jaunak ordainetan salbamena lurrean eman diezaion.

        Eguzkiak itsutu egin zituen kanpora irten zirenean.

        — Ondo eginak ondo dirudi! Ez dago, ez, gero, horrelakorik!

        — Nor da emakume hori?

        — Nor izango da, bada, nire koronela... Ahotan darabilgunaren alabatxoa!

        Bidean aurrera zihoan, oinetakoen muturrari begiratzen ziela, xake taularen antzera trazaturiko kale zahar haietan barrena. Galtzada-harrien gaineko zapata-hotsa aditzeari utzi eta oinek hauts siku eta zuri hura harrotu zutenean, garai bateko eliza-gotorleku haren harresi almendraz josiko itxurakorantz zuzendu zuen begirada. Zelaigune zabala zeharkatu, eta nabe isil, luze eta urreztatura sartu zen. Berriro oin-hotsa. Aldarerantz joan zen.

        Biribila, azal hil batez estalia, Paéz apaizaren gorputzak dirdir egiten zuen soil-soilik, masailalbo puztuen barrenean, ikatzezko begi bi haietan. Ezezaguna nabetik zehar aurrera egiten ikusi zuenetik, eta zelatatu, ezkutatuta burdin hesi altu baten atzean, zeina mojen lehengo korua —mojek Errepublika liberalean Mexikotik alde egin baitzuten— baitzen, atzeman zuen apaizak ezezagunaren mugimenduetan erne egotera, aginduak ematera eta erasora ohituta dagoen gizonaren militar-jas inkontzientea. Bazen zaldizkoaren belaunpeetako deformazio ia antzemanezinaz gain beste zerbait ere: ukabilaren indar urduri moduko bat, pistola eta briden eguneroko erabilerak zaildurikoa: nahiz eta, orduan bezala, gizon hura ukabila itxita zebilela baino ez ikusi, nahikoa zitzaion hori Páezi indar kezkagarri hura hautemateko. Mojen leku ezkutuan igorik, apaizak pentsatu zuen horrelako gizon bat ez zetorrela debozio-egintzak betetzera. Sotana jaso eta jaitsi egin zen, poliki-poliki, komentu inor gabeko hartara zeraman eskailera kiribil hartatik. Gona goratuta, sorbaldak belarrietaraino jasota, gorputza beltz eta aurpegia zuri eta odolik gabe, begiak zorrotz: kontuz zapaltzen jaitsi zen. Eskailera-mailek konponketa baten premia larria zuten: bere aurrekoa 10. urtean erori, eta heriotza izan zuen ondore. Baina bazirudien Remigio Páezek, saguzar puztu baten antzo, bere begitxoez kubo beltz, heze eta zartatu haren iluntasun guztiak zeharkatzen zituela. Eta iluntasunak, eta arriskuak, zentzu guztiak erne jartzera eta gogoeta egitera behartzen zuten: militar bat han bere elizan, kale-jantzian, ez konpainiarik ez eskoltarik gabe? Handiegia zen nobedadea oharkabean pasatzeko. Ondo aurreikusi zuen. Amaituko ziren borrokak, indarkeriak, donausteak —duela bi urte eskas meza-jantzi guztiak eta gauza sakratu guztiak ostu zituen taldean pentsatu zuen— eta berriro hasiko zen Eliza iraungiezina, gizaldi eta gizaldietarako sortua lurreko botereekin hartu-emanetan. Militar bat kale-jantzian... eskoltarik gabe...

        Jaitsi zen esku bataz horma hantua ukitzen, toki hartatik hormari ur-negar ilun bat zerion. Apaizak euri sasoia laster hasiko zela gogoratu zuen. Arduratu zen zegoeneko bera, bere ahalmen guztiak tarteko, pulpitutik eta aitortza guztietan denak gaztigatzeaz: bekatu da, Espiritu Santuaren kontrako bekatu larria, zeruko dohainak jasotzeari uko egitea; inork ezin du Probidentziaren asmoen aurka egin, eta Probidentziak gauzak diren bezala xedatu ditu eta horrelaxe behar dituzue guztiok onartu; guztiok irten behar duzue lurra lantzera, uzta biltzera eta lurreko fruituak egiazko ugazabari entregatzera; ugazaba kristaua baita bera eta bere pribilejioari dagozkion betebeharrak Eliza Ama Santuari hamarrenak, hutsik egin gabe, ordainduz betetzen baititu. Jainkoak zigortu egiten du asaldura eta arkanjeluak dira Luzbelen aurrean beti garaile ateratzen direnak, bai, arkanjeluak —Rafael, Gabriel, Miguel, Gamaliel... Gamaliel.

        — Eta justizia, aita?

        — Azken justizia han goian ematen da, seme. Ez ezazu bila malko-haran honetan.

        Hitzak —xuxurlatu zuen apaizak zoru egonkorrera, azkenik, iritsi eta sotanaren hautsa astintzen zuela—; hitzak, silaba-arrosario madarikatuak, piztu egiten baitute, piztu hemengo bizitza labur honetatik hainbat arinen igaro eta, proba hilkor horren ordainetan, bizitza betierekoan gozatzearekin konformatu behar dutenen odola eta ilusioak. Klaustroa gurutzatu eta horma arte arkudun batetik aurrera egin zuen. Justizia! Norentzat, noiz arte? Bizitza hain atsegina izan daitekeenean guztiontzat, guztiek beren patuaren halabeharra onartzen badute, eta ez badabiltza hortik zehar erasaten, asaldatzen, gutiziatzen...

        — Bai, sinesten dut; bai, sinesten dut... —ahopean errepikatu eta sakristiako ate landu hura zabaldu zuen Aitak.

        — Lan ikusgarria, ezta? —esan zuen aldare aurrean zegoen gizon hari hurbildu zitzaionean—. Fraideek irudiak eta grabatuak erakutsi zizkieten artisau indigenei, eta indigenak beren gustuei kristau-formak emanez joan ziren... Aldare guztien atzean jainkoaizun bat omen dago ezkutaturik. Horrela bada, jainkoaizun ona behar du izan, jainko paganoek ez bezala odolik eskatzen ez duena...

        — Páez al zaitut?

        — Remigio Páez —esan zuen irri okerrak—. Eta nor zaitut zu jenerala, koronela, maiorra...?

        — Artemio Cruz, besterik gabe.

        — A.

        Teniente koronelak eta apaizak elizaren portada aurrean elkar agurtu zutenean, Páezek eskuak sabel gainean tolestu eta bisitaria urruntzen ikusi zuen. Goiz urdin eta garbiak zehaztu eta hurbildu egiten zituen sumendi bikotearen ertzak: lotan zetzan emakumea eta haren zaindari bakartia. Begiak kizkurtu zituen: ezin zuen argi garden hura jasan: esker onez begiratu zion hodei beltz haien aurrera egiteari, laster harana bustiko baitzuten eta eguzkia itzali, arratsaldero, ekaitz gris puntual hura ekarriz.

        Haranari bizkarra eman eta komentuko itzalera itzuli zen. Eskuak igurtzi zituen. Bost axola zitzaizkion berari arlote haren harrokeria eta irainak. Egoera konpontzeko eta Gamaliel jaunak bere bizitzako azken urteak lasai eta inolako mehatxurik gabe igarotzeko era hori bazen, ez zen, ez, Remigio Páez, Jaunaren ministroa, izango gaitzidura eta gurutzatuen mesfidantza erakutsiz dena zapuztuko zuena. Alderantziz: gozatu egiten zuen orain bere apaltasunaren jakindurian pentsatzean. Gizon horrek bere harrotasuna salbatu nahi bazuen, Páez apaizak entzun egingo zion gaur eta bihar, buru makur, eta noizean behin burua mugituko zuen gora eta behera, muker ahaltsu hark Elizari egozten zizkion erruak bihozminez onetsiko balitu bezala. Kapela beltza kakotik hartu, buruan —buru xerlo gaztainkara hartan—, zabarki jarri eta Gamaliel Bernal jaunarenera bideratu zituen pausoak.

        — Egin dezake, nola ez! —zineztatu zuen zaharrak arratsalde hartan, apaizarekin hitz egin ondoren—. Baina zera galdetzen diot nik neure buruari, zer amarru erabiliko ote du hona sartzeko? Apaizari esan zion gaur bertan etorriko zela ni ikustera. Ez... ez dut ondo ulertzen, Catalina.

        Catalinak aurpegia goratu zuen. Esku bata artile harizko mihisearen gainean pausatu zuen, non, arreta handiz, lore-diseinu bat ari zen marrazten. Duela hiru urte, eman zioten berria: Gonzalo hila zen. Harrezkero, aita-alabak elkarrengana gerturatuz joan ziren arratsaldeen iragaite mantso hura, patioko zumezko eserlekuetan eserita, kontsolazio bat baino zerbait gehiago bilakatzeraino: ohitura bat, agurearen iritziz bere heriotza-eguna iritsi arteraino iraun behar zuen ohitura bat. Axola gutxi zuen bezperako boterea eta aberastasuna deseginez-deseginez joateak; horixe zen beharbada denborari eta zahartzaroari ordaindu beharreko petxa. Gamaliel jauna borroka pasibo batean sartu zen. Ez zen nekazariak eskuperatzera aterako, baina ez zuen sekula legez kanpoko inbasioa onartuko. Ez zizkien zordunei maileguak eta interesak ordaintzeko eskatuko, baina aurrerantzean ez zuten berak emandako zentabo bakar bat hartuko, sekula santan.

        Uste zuen egunen batean belauniko itzuliko zirela, premiak behartuta harrokeria alde batera utzi behar izango zutenean. Baina berak bereari eutsiko zion, tinko. Eta orain, hara... ezezagun hori iritsi da, eta nekazari guztiei maileguak agindu dizkie, Gamaliel jaunak ezarririkoa baino interes askoz baxuagoan, eta ausartu egin da, gainera, agure aberatsaren eskubideak besterik gabe haren eskuetan uzteko proposatzera, berreskuratuko duenaren laurdena emango diola aginduz. Hori edo ezer ere ez.

        —Ikusten dut; ez dira haren eskakizunak hor amaituko.

        —Lurrak?

        —Bai, zer edo zer badarabil buruan niri lurrak kentzeko, egon horretaz ziur.

        Catalinak, arratsaldero legez, patioko kaiola koloredunak korritu zituen, eta olanazko kapeleraz estali, cenzontleen eta txantxangorrien mugimendu urduriak behatu ondoren, zeinek alpistea mokokatzen eta kirrinka ziharduten, azkenekoz, eguzkia guztiz desagertu aurretik.

        Agureak ez zuen neurri horretako koartadarik inondik inora espero. Gonzalo ikusi zuen azkena, ziegako laguna, aitari, arrebari, emazteari eta semeari zuzenduriko azken maitasun hitzen mezularia.

        —Zera esan dit, Luisa eta umea izan zituela gogoan hil aurretik.

        —Aita. Esan genuen ez...

        —Ez diot ezer esan. Ez daki Luisa berriro ezkondu zela eta nire bilobak beste izen bat daramala.

        —Hiru urte dira kontu horri buruz hitz egiten ez duzula. Zergatik orain?

        —Arrazoi duzu. Barkatu dugu, ezta? Pentsatu dut barkatu egin behar diogula etsaien aldera joan izana. Pentsatu dut saiatu behar dugula hura ulertzen...

        —Nik uste nuen zuk eta biok arratsaldero, hemen, isilean egiten genuela barkatu.

        —Bai, bai, hori da. Zuk hitzen beharrik gabe ulertzen didazu. Benetan da kontsolagarria! Zuk ulertzen didazu...

        Horregatik, gonbidatu hark, beldurrez, irrikaz itxarondako gonbidatu hark —izan ere, norbaitek, noizbait, iritsi egin behar zuen eta esan: «Ikusi nuen. Ezagutu nuen. Gogoan izan zintuzten»—, koartada biribil hura zapla, nekazarien altxamenduaren eta ordainketen etetearen arazo larriak aipatu ere egin gabe, bota zuenean Gamaliel jaunak, liburutegira eraman, barkatzeko esan eta arin batean egin zuen —patxada eta dotorezia elkarrekin uztartzen zituen agure mantso hark— Catalinaren logelaranzko bidea.

        — Apain zaitez. Erantz ezazu soineko beltz hori; jantzi ondo ematen dizun zerbait. Joan zaitez liburutegira erlojuak zazpiak jo bezain laster.

        Ez zuen besterik esan. Catalinak esana beteko zuen: huraxe izango zen arratsalde malenkoniatsu guztien proba. Catalinak ulertuko zuen. Karta hori geratzen zitzaien gauzak konpontzeko: Gamaliel jaunari nahikoa izan zitzaion gizon haren presentzia sentitu eta haren borondatea antzematea ulertzeko —edo barnerako esateko— gizon harekin edozein luzamendu kalterako izango zela, zaila zela hari aurka egitea eta eskaturiko sakrifizioa txikia izango zela eta, neurri batean, ezta gaitzesgarriegia ere. Jakinaren gainean jarri zuen Páez apaizak: gizon garaia, sasoi betekoa, begi berde hipnotikoak eta hitz egikera zorrotza. Artemio Cruz.

        Artemio Cruz. Horrelaxe zuen izena, hortaz, guda zibiletik sortutako mundu berriak; horrelaxe zeritzaten bera ordeztera zetozenak. Hau herri dohakabea —egin zuen zaharrak bere artean liburutegira eta presentzia gorrotagarri baina liluragarri harengana, berriro baratxe-baratxe, zihoala—; hau herri dohakabea, belaunaldi guztietan aurreko aberatsak suntsitu eta haien lekuan ordu artekoen modu-moduko harrapariak eta gutiziatsuak jarri behar dituena. Agureak orijinalki kreole izan zen zibilizazio baten azken emaitza bezala irudikatzen zuen bere burua: despota ilustratuen zibilizazioarena, alegia. Gozatu egiten zuen bere burua aita baten moduan irudikatuz, aita, batzuetan zorrotza, baina azken buruan emailea eta beti gustu onaren, jendetasunaren, kulturaren tradizio baten gordelaria.

        Horregatik eraman zuen liburutegira. Han nabariagoa zen Gamaliel jauna zen eta adierazten zuen horren izaera beneragarri —ia sakratu— hura. Baina horrek ez zion gonbidatuari erasan. Zaharraren zuhurtziari ez zitzaion itzuri, larruzko bizkarraldean burua pausatu eta aurkaria hobeto ikusteko begiak erdi ixten zituen bitartean, gizon hark bestelako eskarmentu bat zuela, mailukadaka zaildutakoa, ezer eduki ez eta dena arriskatzera ohitutakoa. Ez zituen bisitaren benetako arrazoiak aipatu ere egin. Gamaliel jaunak hobe zela horrela onartu zuen: beharbada etorri berriak eta berak gauzak sotiltasun berarekin ulertzen zituzten, nahiz eta haren motibazioak indartsuagoak izan: handinahia —irri egin zuen agureak sentimendu hori, berarentzat hitz hutsa zena, gogoratzean—; berehalako oldarra eskubideak bereganatzeko, eskubideok eskuratzeko sakrifizioa behar izan denean, borroka, zauriak: bekokiko sable zauri hori. Hura ez zen Gamaliel jauna bere baitan oldozten ari zen kontu bat: bestearen ezpain isil haietan eta begirada garden hartan zegoen idatzita agureak, luparekin jolastuz, irakurtzen zekien hori.

        Ezezagunak ez zuen zirkinik egin Gamaliel jaunak, idazmahaira hurbildu, eta paper hura atera zuenean: zordunen zerrenda. Hobe. Bide horretatik ondo ulertuko zuten elkar; beharbada ez zen egongo gai gogaikarri horiek zertan aipatu, beharbada dena era askoz dotoreagoan konpondu ahal izango zen. Militar gaztea arin jabetu da botereak darabilen jokamoldeaz, errepikatu zuen bere barrurako Gamaliel jaunak, eta jabegaitasun sentimendu horrek errealitateak ezarririko tramite saminak arindu zizkion.

        — Ez al duzu ikusi nola begiratzen zidan? —egin zuen oihu neskak gonbidatua agurtu zenean—. Ez al zara ohartu haren irrikaz... begi haien lizunkeriaz?

        — Bai, bai —agureak alaba baretu zuen eskuez—. Normala da. Oso ederra zara, badakizu?, baina etxe honetatik gutxi irten zara. Normala da.

        — Ez naiz inoiz irtengo!

        Gamaliel jaunak poliki-poliki piztu zuen txokorra. Txokorrak bibote lodiak eta kokotseko bizarraren hazlekua larutzen zizkion. —Uste nuen ulertuko zenuela.

        Zumezko besaulkia mantso-mantso kulunkatu eta zeruari egin zion so. Sasoi lehorreko, hain zeru oskarbiko azkenetariko gaua zen, eta begiak apur bat itxiz gero, izarren berezko kolorea ikus zitekeen. Neskak eskuen artean gorde zituen masaila piztuak:

        — Zer esan zizun apaizak? Hereje bat da! Jainko gabeko, errespetu gabeko gizon bat... Eta zuk sinetsi egiten al duzu asmatu duen kontu hori?

        — Lasai, lasai. Ondasunak ez dira beti jainkotasunari esker egiten.

        — Sinetsi egiten al duzu kontu hori? Zergatik hil zen, orduan, Gonzalo eta ez beste gizon hori? Biak ziega berean egon baziren kondenatuta, zergatik ez daude biak hilda? Nik badakit, nik badakit zergatik: gizon horrek esan diguna ez da egia; asmatu egin du istorio hori zu umiliatzeko eta ni...

        Gamaliel jaunak kulunkatzeari utzi zion. Hain zihoan ondo dena, hain lasai! Eta orain, emakumearen intuiziotik, berriz azaleratzen ziren agureak jada pentsatuak, hausnartuak eta zentzugabekeriatzat jota baztertuak zituen argudioak

        — Hogei urteko baten irudimena duzu. —Zutitu eta zigarroa itzali zuen—. Baina zintzotasuna nahi baduzu, zintzo hitz egingo dizut. Gizon horrek salbatu egin gaitzake. Gainerako beste ezerk ez du garrantzirik...

        Hasperen egin zuen, eta besoak luzatu, eta alabaren eskuak ukitu.

        — Pentsa ezazu aitaren azken urteetan. Ez ote dut nik merezi...?

        — Bai, aita, nik ez diot ezer...

        — Eta pentsa ezazu zeure buruarengan.

        Gazteak burua jaitsi zuen. —Bai, ohartzen naiz. Gonzalo guretik joan zen egun beretik nekien nik horrelakoren bat gertatuko zela. Hura biziko balitz...

        — Baina ez da bizi.

        — Ez zuen niregan pentsatu. Batek daki zertan pentsatu zuen hark.

        Gamaliel jaunak kinkea goratuta zeraman, eta kinke hark zabaltzen zuen argi-zirkuluaren atzetik, korridore zahar eta hots haietan barrena, neskak aspaldiko irudi multzo nahasi haiek biltzera behartu zuen bere burua: oroitu zituen Gonzaloren ikaskideen aurpegi urduri eta izerditsuak, barreneko gelako eztabaida luzeak; oroitu zuen nebaren begitarte argia, egoskorra, leratsua, gorputz urduri hura, zeinak, batzuetan, errealitatetik kanpo bizi zela zirudien, eta erosotasuna, afari onak, ardoa, liburuak maite zituen, eta noizbehinka izaten zituen haserrealdietan joera sentsual eta konforma erraz hura gorrotatzen zuen. Oroitu zuen bere koinata Luisaren hoztasuna; neskatoa egongelara sartzen zenean supituan eteten ziren iskanbila gogorrak; Gonzaloren emaztearen barrean itoriko negar hura heriotzaren berri izan zutenean; haren isileko irteera, goizalde batean; noiz ere, uste zuen denak lo zeudela eta neskatoa egongelako gortinen ostean zegoen kirika: gizon kapela eta makiladun haren esku gogorra Luisarena hartzen eta Luisari, igotzen laguntzen, umetxoarekin batera, karroza beltz hartara, zeina alarguntsaren kutxekin zamaturik zegoen.

        Heriotza hura mendekatzeko era bakarra —Gamaliel jaunak bekokian musu eman eta gelako atea zabaldu zuen— gizon hura besarkatzea zen, bai, besarkatzea, baina besarkada horretan aurkitu nahiko lukeen maitasuna ukatuz. Bizian hilez, samina jarioz hura pozoitu arte. Ispiluari begiratu zion, aldaketak aurpegian utzitako hazpegi berriak alferrik aurkitu nahian. Eta era horretan aita eta biak Gonzaloren alde egiteaz, Gonzaloren idealismo inozoaz ere mendekatuko ziren: hogei urteko neskatila gaztea —zergatik erauzten zizkion erruki-malkoak bere buruarengan, bere gaztetasunean pentsatzeak?— gizon hari, Gonzalorekin azken ordu haietan egon zen gizon hari entregatuz. Ezin zituen Gonzaloren azken ordu haiek gogoratu eta bere buruaren errukia baztertu eta erruki hori neba hilarengana irauli amorru-hiparik gabe, begitartea aldatu gabe: inork ez bazion egia azaltzen, berak egiatzat zuen horri eutsiko zion. Media beltzak erantzi zituen. Eskuek hankak ukitzean, begiak itxi zituen: atera egin behar zuen burutik afalorduan bere oina bilatu eta bularra sentimendu ezezagun eta hezikaitz batez bete zuen oin oihes eta sendo haren oroitzapena. Beharbada bere gorputza ez zen Jainkoaren egintza izango —belaunikatu eta atzamar lotuak bekainen kontra estutu zituen— beste gorputz batzuena baizik, baina arima bai. Ez zuen onartuko bere gorputz hark zirraragarria, berezkoa, laztan-gose zen bide bat har zezan, arimak beste bat agintzen zionean. Izara altxatu eta ohe barrura irristatu zen begiak itxita. Eskua luzatu zuen, lanpara itzali. Burkoa aurpegi gainean jarri zuen. Ez zuen horretan pentsatu behar. Ez, ez, ez zuen pentsatu behar. Ez zegoen zertan beste ezer esan. Beste izena esan, aitari hori kontatu. Ez. Ez. Ez zegoen zertan aita apaldu. Datorren hilean, lehenbailehen: gizon harentzako espekulazioa, gizon harentzako lurrak, Catalina Bernalen gorputza... zer axola zuen... Ramon... Ez, izen hori ez, orain ez. Loak hartu zuen.

        — Zerorrek esan duzu, Gamaliel jauna —esan zuen arrotzak itzuli zenean, hurrengo goizean—. Ezin da gauzen norabidea aldatu. Lur horiek emango dizkiegu nekazariei, uztaldi baterako lurrak dira azken finean eta etekin txikia aterako diete. Zatitu egingo ditugu lurrok labore txikiak baino erein ez ditzaten. Eta ikusiko duzu nola hori eskertu behar izango digutenerako, lur txarren ardura emakumeen eskuetan utzi eta gure lur emankorrak lantzera itzuliko diren. Eta gainera zera: nekazaritza-erreformako heroitzat ere pasa zaitezke, zeure partetik ezer jarri behar izan gabe.

        Agurea begira geratu zitzaion, alai, bizar bilo lodiak ezkutatzen zion irribarre batez: —Hitz egin al duzu Catalinarekin?

        — Bai, hitz egin dut...

        Catalinak ezin izan zion eutsi. Kokotsak dardar egin zion Berak eskua hurbildu, eta aurpegi begi itxi hura goratzen saiatu zenean. Lehenengo aldiz ukitzen zuen azal leun hura, krematan urtua, frutala. Eta berekin batera patioko landareen usain sarkorra zen, hezetasunak erretako belarrena, lur ustel usaina. Maite zuen. Ukitu eta emakumea maite zuela jakin zuen. Ulertarazi behar zion berea benetako maitasuna zela, moldeek gezurtatu egiten bazuten ere. Maita zezakeela beste behin, lehenengo aldiz, maitatu izan zuen bezala: bazekien berea zuena samurtasun probatu hura. Berriz ukitu zituen neskaren masaila beroak: Catalinaren zurruntasuna ez zen nahiko izan, esku arrotz hura azalean sentitzean, betazal artetik zerizkion negar anpuluei, negar anpulu trinko haiei eusteko.

        — Ez duzu kexarik izango; ez duzu kexarik izateko arrazoirik izango —xuxurlatu zuen gizonak, aurpegia ezpainetara, ukitutik itzurtzen ziren ezpain haietara, hurbiltzen zuela—. Nik badakit zu nola maitatu...

        — Eskertu egin behar dizugu... gu gogoan hartu izana —esan zuen emakumeak ahotsik baxuenean.

        Berak eskua zabaldu zuen eta Catalinaren adatsa laztandu.

        — Ulertzen duzu, ezta? Nire ondoan biziko zara; eta gauza asko ahaztu beharko dituzu... Hitz ematen dizut zure gauzak errespetatuko ditudala... Zuk hitz eman behar didazu ez duzula sekula gehiago...

        Neskak begirada jaso zuen, eta begiak kizkurtu, une hartara arte inoiz sentitu gabeko gorroto batez. Listua lehortu zitzaion ahoan. Nor zen munstro hura?, nor zen dena jakin, dena hartu eta dena hondatzen zuen gizon hura?

        — Isil zaitez... —esan eta laztanetik itzuri zen neska.

        — Hitz egin dut harekin. Mutil ahula da. Ez zintuen benetan maite. Ez du alde egiteko askorik behar izan.

        Neskak igurtzi egin zituen Berak ukitutako aurpegiko atalak. —Bai, hura ez da indartsua zu bezala... ez da pizti bat zu bezala...

        Oihu egin nahi izan zuen Berak besotik heldu, irri egin, eta ukabila estutu zionean: —Ramontxu hori badoa Pueblatik. Ez duzu sekula gehiago ikusiko...

        Askatu egin zuen. Neska patioko kaiola koloredunetara abiatu zen: txorien txorrotxio hura. Banan-banan, gizona zirkinik egin gabe begira zuela, zabaldu zituen barra margotuak. Txantxangorri batek burua atera eta hegan egin zuen. Cenzotlea, bere ur eta alpistera ohiturik, ez zegoen joateko prest. Catalinak atzamar txikian jarri, hego batean musu eman eta hegalarazi egin zion. Azken txoria hegaldatu zenean begiak itxi eta gizon hark besotik heldu eta liburutegira, Gamaliel jauna, berriro ere presa gabe, zain zuten liburutegi hartara, eraman zezan utzi zuen.

 

 

NIK sentitzen dut esku batzuek besapeetatik heltzen didatela eta egiten nautela goratu gorputza kuxin leunen kontra hobeto ezartzeko, eta lihoaren freskura ukendu goxoa da nire gorputz sutsu eta hotz honentzat; sentitu hori sentitzen dut baina begiak zabaltzean egunkari hori, orri zabalduen atzean irakurlea ezkutatzen duen egunkari hori, ikusten dut nire aurrean, eta pentsatzen dut Vida Mexicana hor dagoela, egunero egongo dela, egunero aterako dela eta ez dela egongo hori eragotziko duen giza-indarrik. Teresak —bera da egunkaria irakurtzen ari dena— espantatuta askatzen du egunkaria esku artetik.

        — Zerbait al duzu? Txarto al zaude?

        Lasaitu egiten dut eskuaz eta Teresak egunkaria jasotzen du lurretik. Ez; pozik nago, egundoko iseka baten jabe sentitzen naiz. Beharbada. Beharbada iseka errematatzeko modu on bat testamentu berezi bat uztea izango litzateke egunkariak argitara dezan, informazio askatasunarekin zerikusia izan duten nire egite gogoangarrien egia jasoko lukeen testamentu bat... Ez; asaldatzearren, min ziztada datorkit berriro sabelera. Saiatzen naiz eskua Teresarenganantz luzatzen, laguntza eske, baina alaba berriz galdu da kazetaren irakurketan. Lehen, eguna ikusi dut itzaltzen leihoen beste aldean eta gortinen hots errukiorra entzun dut. Orain, koska landuzko sabaiak eta arte-zurezko armairuak dituen gela honen argi-itzalean, ezin dut ondo ikusi urrutien dagoen taldea. Logela handia da oso, baina hura han dago. Eserita egongo da, tente baino tenteago, farfaildun zapia esku artean, eta aurpegiko makillajea joanda, eta beharbada ez dit entzungo zera xuxurlatzen dudanean:

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        Entzun arrotz horrek, sekula ikusi ez dudan arrotz horrek entzuten dit, masailak bizargabe ditu, bekainak beltz, eta maite-damua egin dezadan eskatzen dit, eta Nik arotza eta birjina darabiltzat buruan, eta zeruko giltzak eskaintzen dizkit.

        — Eta berorrek... zer esango luke berorrek... honelako trantze batean...?

        Harri eta zur utzi dut. Eta Teresak dena izorratu behar izan du bere oihuekin: —Aita, utz biezaio, utz biezaio! Ez da berori alferrik dela konturatzen! Horixe da horrek nahi duena, bere burua kondenatu, eta bizi izan den modu berean hil, hotz eta denari iseka eginez...

        Apaizak urrundu egiten du emakumea besoaz eta ezpainak hurbiltzen ditu nire belarrira: ia-ia musu ematen dit. —Ez dute gure artekoa zertan entzun.

        Eta Nik zera purrustatzea lortzen dut: —Orduan izan bedi ausarta eta bidal bitza atsook hemendik.

        Emakumeen marmar haserreen artean zutitu eta besotik heltzen die, eta Padilla niregana dator, baina horiek biek ez dute nahi.

        — Ez, lizentziatu, ezin dugu hori baimendu.

        — Aspalditik datorren ohitura da, andrea.

        — Zeu egingo zara erantzule?

        — Artemio jauna... Hemen dakarkizut gaur goizean grabatutakoa...

        Baietsi egiten dut. Irribarre egiten saiatzen naiz. Egunero bezala. Konfiantza osoko gizona, Padilla hau.

        — Entxufea idazmahaiaren ondoan dago.

        — Eskerrik asko.

        Bai, nola ez, neure ahotsa da, neure atzoko ahotsa —atzokoa, gaur goizekoa? jada ezin izango dut bereizi— eta Ponsi, erredakzio buruari, zera galdetzen diot —a, zintak zarata ateratzen du; Padilla, jar ezazu ondo, atzekoz aurrera entzun dut neure ahotsa: kakatuaren txilioa dirudi—: hor nago:

        «— Nola ikusten duzu kontua, Pons?

        »— Zailtxo, baina konpontzeko moduan, oraingoz.

        »— Orain bai, jarri abian egunkaria, begiramendurik gabe. Emaiezu gogor. Ez ezer isildu.

        »— Zeure esanetara gauzkazu, Artemio.

        »— Eskerrak irakurleak ohituta ditugun.

        »— Horrenbeste urte dira ekin eta ekin dihardugula.

        »— Editorial guzti-guztiak ikusi nahi ditut, eta lehen orria ere bai... Etor zaitez nire etxera, den ordua dela.

        »— Badakizu, dena doa ildo beretik. Gorrien konplota jartzen da agerian. Mexikoko iraultzaren berezko izatearen kontrakoa den kanpotarren sartzea...

        »— Mexikoko iraultza handia!

        »— ...buruzagiak atzerritarren esanetara. Tanbroni indartsu, indartsu dator, Blancoren zutabeak ere emango du zeresana, buruzagia Antikristoarekin parekatzen du, eta karikaturak, karikaturak egundokoak dira... Zer moduz zaude?

        »— Ai, ez oso ondo. Zahartzaroko kontuak. Pasatuko da. Ai, lehengoak izaterik bagenu, orduan bai ondo!

        »— Bai, orduan bai ondo...

        »— Esaiozu Corkery jaunari sar dadila.»

        Eztul egiten dut zinta magnetikoan. Zabaldu eta itxi egiten den ate horren gontzak entzuten ditut. Sabelean ezer, ezer, ezer ez dela mugitzen sentitzen dut, eta barruko haizeek ez dute irten nahi, indarrak denak egiten ditudan arren... Baina ikusi egiten ditut. Sartu egin dira. Zabaldu, itxi egiten da kaobazko atea, eta oin-hotsak ez dira alfonbra lodian entzuten.

        — Zabal ezazue leihoa.

        — Ez, ez. Hotza harrapa dezakezu eta zailagoa egin dena...

        — Zabaldu...

        «— Are you worried, Mr. Cruz?

        »— Bai, nahiko. Eser zaitez eta azalduko dizut. Zerbait hartu nahi al duzu? Hurbil ezazu gurditxoa. Ni ez nago oso ondo.»

        Entzutzen dut gurpiltxoen mugimendua, botilen arteko kaska.

        «— You look OK.»

        Entzuten dut izotza edalontzi barrura jausten, sifoiak jaurtitako soda uraren presioa.

        «— Begira: zer dagoen jokoan azalduko dizut, ea behingoz ulertzen duzuen. Esaiezu bulego nagusikoei sindikatu garbiketa deituriko mugimendu hori gailentzen bada, kuku jo beharko dugula...

        »— Kuku jo?

        »— Izorratu egin beharko garela, izorratu, uler...»

        «— Ken ezazue hori! —oihukatu eta grabagailurantz dator Teresa—. Zer errespetu falta da hau...?

        Lortzen dut esku bat mugitzea, keinu bat egitea. Grabazioko hitz batzuk galtzen ditut.

        «— ...burdinbideko buruzagi hauek darabiltena?»

        Norbaitek zintz egiten du, urduri. Non?

        «— ... jarri konpainiak jakinaren gainean, baliteke, bestela, bete-betean pentsatzea mugimendu demokratikoren baten aurrean gaudela, badakizu, buruzagi ustelak gainetik kentzeko mugimendu bat. Ez.

        »— I'm all ears, Mr. Cruz

        Bai, gringoa izango da doministikuka ari dena. Ai-ja-ja.

        — Ez, ez. Hotza harrapa dezakezu eta zailagoa egin dena.

        — Zabaldu.

        Nik eta ez Nik bakarrik, beste batzuek ere, haize leunean beste lur bateko lurrina bila genezake, aireak beste eguerdi batzuei idokiriko usain gozoa: usaintzen dut, usaintzen dut: nigandik urruti, izerdi hotz honetatik urrun, barruko haize handitu hauetatik aparte: leihoa zabalarazi diet: nahi dudan usaina arnas dezaket, haizeak dakartzan usainen artean aukeratzen entreteni naiteke: bai udazkeneko basoak, bai orri erreak, a bai aranondo helduak, bai bai tropiko ustelak, bai gatzaga gogorrak, aihotz kolpe batez irekiriko ananak, itzalean zabalduriko tabakoa, trenen kea, itsaso zabaleko olatuak, elurrak estaliriko pinuak, a metala eta guanoa, zenbat eta zenbat zapore ekartzen eta eramaten dituen betiereko mugimendu horrek: ez, ez, ez naute bizitzen utziko: eseri egiten dira berriro, zutitu eta ibili, eta berriro elkarren ondoan eseri, itzal bat bera balira bezala, nork bere aldetik pentsatu, nork bere aldetik jardun ezin izango balu bezala, eseri egiten dira berriro, biak aldi berean, leiho aurrean, eta bidea ixten diote niregana datorren aireari, eta itolarria eragiten didate, eta behartzen naute begiak ixtera eta gauzak gogoratzera, galarazi egiten baitidate gauzak ikustea, gauzak ukitzea, gauzak usaintzea: bikote madarikatua, zenbat denbora beharko dute apaiz bat ekartzeko, nire heriotzako ordua bizkortzeko, niri aitormenak erauzteko? Hortxe jarraitzen du, belauniko, aurpegi garbitua aldean. Bizkarra ematen saiatzen naiz. Alboko minak ez dit uzten. Aaaai. Honezkero amaituko zuen. Barkatuta egongo naiz. Lo egin nahi dut. Hemen dator min ziztada. Hemen dator. Aaa-ai. Eta emakumeak. Ez, horiek ez. Emakumeak. Maitatzen dutenak. Nola? Bai. Ez. Ez dakit. Aurpegia ahaztu dut. Jainkoarren, aurpegi hura ahaztu dut. Ez. Ez dut ahaztu behar. Non dago. Ai, hain zen polita aurpegi hura, nola ahaztuko dut. Neurea zen, nola ahaztuko dut. Aaaa-ai. Maite izan zintudan, nola ahaztuko zaitut. Neurea izan zinen, nola ahaztuko zaitut. Nolakoa zinen, mesedez, nolakoa zinen? Zugan sinetsi ahal dut, zurekin egiten dut lo; nolakoa zinen? Nola ekarriko zaitut? Zer? Zer dela eta? Xiringa berriro? E? Zergatik? Ez ez ez, beste kontu bat, bizkor, beste kontu bat gogoratzen dut; horrek min ematen du, aaaaa-ai; horrek min ematen du; horrek logura ematen du... horrek...

 

 

ZUK begiak itxiko dituzu, jakitun zure betazalak ez direna opakoak, eta begiak itxi arren, argia erretinaraino sartzen dena: eguzkiaren argia, zeina gelditu egingo baita, leihoaren erdia hartzen duela, zure begien —zure begi itxi horien—, parean: begi itxi horiek, zeinek ezabatu egiten baitituzte ikuspenaren xehetasunak, eraldatu argitasuna eta kolorea baina ez ikuspena bera, ez sartalderantz joanez-joanez urtuko den kobrezko zentabo horren argitasuna bera. Begiak itxiko dituzu eta begitanduko zaizu gehiago ikusten duzula: zure burmuinak Zuk zer ikustea nahi duen, horixe ikusiko duzu Zuk: munduak eskainitakoa baino gehiago: begiak itxiko dituzu eta kanpoko mundua ez da jada zure irudipenezko ikuspenarekin lehiatuko. Betazalak itxiko dituzu eta eguzkiaren argi iraunkor, aldagaitz, jarrai horrek zure betazalen barrualdean mugimenduan den beste mundu bat sortuko du: mugimenduan den argia, akitu, ikaratu, nahastu, poztu, goibeldu egin dezakeen argia: zure betazal itxi horien barrualdean, jakingo duzu xafla txiki eta akastun horren barruraino sar daitekeen argi baten intentsitateak zure borondatearekin, zure egoerarekin zerikusirik ez duten sentimenduak eragin liezazkizukeela. Eta halere, ahal izango dituzu begiak itxi, aldi baterako itsutasuna asmatu. Ezin izango dituzu belarriak zarratu, gezurrezko gorreria itxuratu; zerbait ez ukitu, airea bada ere, zure atzamar horiekin, erabateko sorgortasunik irudikatu; listuaren mingain eta aho sabaitiko igarotze etengabea gelditu, zeure zaporeari gehiago egin; zure birikak eta zure odola biziaz betetzen jarraituko duen arnas hartze nekosoa eragotzi, zatikako heriotza hautatu. Beti ikusiko duzu, beti ukituko, beti dastatuko, beti usainduko, beti entzungo: garrasi egingo zenuen likido min-aringarriz beteriko orratz hori azalean barrena sartuko dizutenean; garrasi egingo duzu ezein min sumatu aurretik. Oinazearen iragarpena azalak ziztada sentitu baino lehen joango zaizu burmuinera: joango zaizu heltzear duzun minaz Zu ohartaraztera, Zu jakinaren gainean jartzera minaz jabe zaitezen, mina bete-betean senti dezazun; izan ere, jabetzeak ahuldu egiten du, biktima egiten gaitu ohartzen garenean gaztigatuko ez diguten, kontuan hartuko ez gaituzten indarrez geu baino ez garela jabetuko;

        ja: minaren organoek, geldoagoak, prebentzio-erreflexuenak garaituko dituzte,

        eta zeure burua zatituta sentituko duzu, jasoko duen gizona eta egingo duen gizona, gizon sentsorea eta gizon motorea, organoz osaturiko gizona, eta organo horiek sentitu egingo dute, sentimena bidaliko diote zure sentimen-azalerantz, burmuinaren goiko erdiko gune horretarantz, hedatuko diren milioika zuntz txikiri; eta sentimen-azal horrek hirurogeita hamaika urtez jaso egingo ditu, metatu, xahutu, biluztu, itzuli munduaren koloreak, haragiaren ukiak, bizitzaren zaporeak, lurraren usainak, airearen hotsak: eta itzuliko ditu motore frontalera, gorputza bera eta egokituko zaizun kanpoko munduaren zatia eraldatuko duten nerbio, gihar eta guruinetara

        baina zure erdi ametsean, argiaren bulkada eramango duen nerbio-zuntzak ez du ikusmenaren gunearekin konektatuko: entzun egingo duzu kolorea, eta era berean egingo dituzu ukiak dastatu, hotsak ukitu, usainak ikusi, zaporea usaindu: besoak luzatuko dituzu kaosaren putzuetan ez erortzeko, zure bizitza guztiko ordena, izatea jasotzean, nerbiora bidaltzean, burmuinaren gune egokian proiektatzean, nerbiora efektu moduan itzultzean eta berriz izate bihurtzean datzan orden hori berreskuratzeko: besoak luzatuko dituzu, eta begi itxien barrualdean zure adimenaren koloreak ikusiko dituzu, eta sentitu egingo duzu azkenean, ikusi gabe, entzuten ari zaren ukiaren jatorria: izarak, izaren marruskadura zure atzamar, zure atzamar kuzkurtu horien artean; eskuak zabalduko dituzu, eta sentituko duzu esku-ahurretako izerdia, eta beharbada gogoratuko duzu bizitzaren edo zoriaren, bizitzaren edo amodioaren marrarik gabe jaio zinela: jaio zinen, jaioko zara ahurra garbi duzula, baina nahikoa izango da jaiotzea, ordu gutxiren buruan, gune zuri hori zeinuz, marraz, iragarpenez bete dadin: marrak zarratu-zarratu, agortuta dituzula hilko zara, baina nahikoa izango da hiltzea, ordu gutxiren buruan, patuaren ezein aztarna eskuetatik desager dadin:

        kaosa: ez du pluralik

        ordena, ordena: izarei oratu eta zure burmuinaren ordenamenduak kokatu, argitu egiten dituen sentipenak errepikatuko dituzu isilean, zure barnean: mentalki, ahalegin eginda, egarriaren eta gosearen, izerdiaren eta hotzikararen, orekaren eta erortzearen berri ematen duten tokiak bilatuko dituzu: aurkituko dituzu behe-burmuinean, morroian, berehalako funtzioak bete eta bestea, goikoa, pentsamenerako, irudimenerako, desirarako askatzen duen zerbitzarian: artifizioaren, premiaren edo patuaren seme, mundua ez da sinplea izango: ezin izango duzu pasibotasunean ezagutu, gauzei berez etor daitezela utzita: pentsatu egin beharko duzu arrisku-asoziazioak gaindi ez zaitzan, irudikatu igarkizun hutsak uka ez zaitzan, desiratu ezezagunaren ehunak irents ez zaitzan: bizirik aterako zara:

        ezagutuko duzu zeure burua:

        ezagutuko dituzu besteak eta haiek —hark— ezagut zaitzaten utziko duzu: eta jakingo duzu gizabanako bakoitzari egingo diozula aurre, gizabanako bakoitza zure desiraren helburuak erdiesteko oztopo bat gehiago izango baita;

        desiratuko duzu: nola irrikatuko duzun zure desira eta desiraturiko objektua bat bera izatea; nola amestuko duzun berehalako betetzea, desiraren eta desiraturikoaren arteko bereizketarik gabeko batzea:

        begiak itxita hartuko duzu atseden, baina ez diozu ikusteari utziko, ez diozu desiratzeari utziko: gogoratu egingo duzu, zeure egingo baituzu horrela desiraturikoa: atzerantz, atzerantz, nostalgian, zeure egin ahal izango duzu nahi duzun guztia: aurrerantz ez, atzerantz:

 

                memoria desira asea da:

                iraun ezazu bizirik memoriarekin, beranduegi izan baino lehen,

                kaosak oroitzea eragotzi baino lehen.

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia