(1941: uztailak 6)

 

BERA autoan igaro zen bulegorantz. Txoferra autoa gidatzen, eta Bera egunkaria irakurtzen, baina une hartan, halabeharrez, gora bihurtu zituen begiak, eta emakume biak ikusi zituen dendan sartzen. Begiratu egin zien, eta begiak kliskatu, eta orduan autoa martxan jarri zen, eta Berak berriro ekin zion Sidi Barrani eta Alameinetik zetozen berriak irakurtzeari, Romel eta Montgomeryren argazkiei begiratzeari: txoferra izerditan eguzki-errainupean, eta ezin zuen irratia piztu entretenitzeko, eta Berak pentsatu zuen ondo egin zuela, ondo egin zuela Kolonbiako kafetelariekin elkartzearekin Afrikan gerra hasi zenean, eta emakumeak dendan sartu ziren, eta bertako langileak esan zien mesedez esertzeko ugazabandreari deituko ziola-eta (bazekien-eta emakume bi horiek, ama-alabok, nortzuk ziren, eta ugazabandreak agindua zuen emakume horiek etorriz gero, beti berari jakinarazteko): langilea isilean joan zen alfonbren gainetik barreneko gelaraino, non ugazabandrea larru berdeko mahaiaren gainean bermatuta gonbidapenak errotulatzen ari zen; betaurrekoak —zilarrezko kate batetik zintzilikatzen ziren betaurreko haiek—, jausten utzi zituen langilea gelan sartu zenean, eta esan zionean andrea eta alaba han zirela, eta ugazabandreak hasperen egin zuen, eta esan: —«A bai, a bai, a bai, laster da eguna», eta gaztigatu izana eskertu zion, eta ile morexka atondu zuen, eta ezpainak bildu, eta mentoldun zigarroa amatatu, eta dendako salan emakume biak eserita zeuden, eta ez zioten elkarri ezer ezer esaten, harik eta ugazabandrea zetorrela ikusi zuten arte, orduan amak, ideia hura zuen hark egokitasunaz, inoiz hasi ez zen solasaldi batean katigatuta balego bezala egin eta zera esan zuen ozenki: «—... baina beste modelo horrek askoz politagoa dirudi. Ez dakit zuk baina nik horixe aukeratuko nuke. Benetan da polita, oso oso polita. Neskatoak baietz adierazi zion ohituta baitzegoen elkarrizketa horietara; elkarrizketa horiek amak ez zizkion berari zuzentzen, baizik eta une hartan sartzen zen emakume hari, zeinak alaba agurtu zuen eskua luzatuz eta ama, ostera, irribarre zabal bat ezpainetaratuz eta buru gorrixka albo batera sano alderatuz. Alaba sofaren eskuin alderantz hasi zen joaten, ugazabandreari leku egiteko, baina amak geldiararazi egin zuen begiradaz eta bularraren parean atzamar bat batera eta bestera astinduz; alaba ez zen berriro mugitu, eta atseginez begiratu zion emakume ile tindatu hari, zeinak zutik jarraitzen zuen eta galdetzen zien ea modeloa aukeratu zuten. Amak ihardetsi zuen ezetz, ez, oraindik ez zeudela erabat ziur, eta berriro ikusi nahi zituztela modelo guztiak, modeloaren araberakoa izango zela-eta gainerako guztia ere, zera, loreen kolorea, damen jantziak, eta hori guztia.

        — Sentitzen dut horrenbeste lan ematea: nik zera nahiko nuke...

        — Mesedez, andrea. Atsegin handia da guretzat zuri gustua egitea.

        — Bai. Ziur egon nahi dugu.

        — Noski.

        — Ez genuke oker aukeratu nahi eta gero, azken orduan...

        — Arrazoi duzu. Hobe patxadaz aukeratu eta ez gero...

        — Bai. Ziur egon nahi dugu.

        — Neskei presta daitezela esatera noa.

        Bakarrik geratu ziren, eta alabak hankak luzatu zituen; amak ikaratuta begiratu zion eta atzamar guztiak astindu zituen aldi berean, neskatoaren ligak ikusten baitzituen, eta ezker hankako azpiko galtzari txu apur bat egiteko ere adierazi zion; alabak zeta urratu zen lekua bilatu zuen, eta aurkitu egin zuen, eta atzamar erakuslea busti eta urratua igurtzi zuen. «—Logura naiz eta» argitu zion berehala amari. Andreak irribarre egin eta eskua laztandu zion, eta biek besaulki brokatu arrosadunetan jarraitu zuten eserita, hitz egin gabe, harik eta alabak gose zela esan zuen arte, eta amak erantzun handik irtendakoan joango zirela Sanborn's-era zerbait gosaltzera, baina berak lagundu baizik ez ziola egingo aspaldion lar loditu zela-eta.

        — Zuk ez duzu zertan arduratu.

        — Ez?

        — Gorputz liraina duzu zuk. Baina gero bai, gero zaindu zaitez. Gurean gaztetan denok izan dugu gorputz liraina baina gero, berrogei urtetik aurrera, linea galdu izan ohi dugu.

        — Zu ondo baino hobeto zaude.

        — Ez duzu gogoan, horixe da gertatzen dena, zuk dagoeneko ez duzu gogoan. Eta zera ere badago...

        — Gaur gosez esnatu naiz. Ederto gosaldu dut.

        — Orain ez zaitez arduratu. Gero bai, gero zaindu zaitez.

        — Amatasunak asko loditzen du?

        — Ez, arazoa ez da hori; hori ez da benetako arazoa. Hamar egunean dieta egin eta lehengo berbera zara berriro. Arazoa berrogei urtetik aurrera dator.

        Barrualdean, ugazabandreak modelo biak prestatzen ziharduen, belauniko, orratzak ahoan, eta eskuak astintzen zituen urduri, eta errieta egiten zien neskei hain hanka laburrak izateagatik; nola agertuko ziren, bada, dotore hain hanka laburreko emakumeak? Kirola, kirola egin behar zuten, esan zien, tenisa, zaldiketa, onak zirela-eta horiek guztiak arraza hobetzeko, eta neskek esan zioten oso haserre igartzen zutela, eta ugazabandreak erantzun zien baietz, emakume bi horiek bere onetik ateratzen zutela. Andreak ez zuela inoiz eskurik ematen; neskatoa atseginagoa zela, baina zertxobait adigalkorra, inguruan beste ezer ez balego bezala; baina tira, berak ez zituela ondo ezagutzen eta ezin zuela ezer esan, eta amerikarrek esaten zuten bezala the costumer is always right, eta egongelara irten behar dela irribarreka, cheese, che-eeeese eta cheeee-eeeese esaka. Lan egin beharra zuela, nahiz eta bera lan egiteko jaioa ez izan, eta ohituta zegoela egungo andre aberats horietara. Zorionez, igandeetan ahal izaten zela bere aspaldiko lagunekin, berarekin batera hazitakoekin, elkartu, eta, astean behin baino ez bazen ere, gizaki sentitu. Bridgean egiten zuten, esan zien neskei, eta txalo egin zuen neskak prest zeudela ikustean. Lastima hain hanka laburrak izatea. Ahoan zituen azken orratzak belusezko kuxintxoan tinkatu zituen kontu handiz.

        — Showerera etorriko da?

        — Nor? Zure senargaia ala aita?

        — Bera, aita.

        — Nola nahi duzu, bada, nik jakitea?

        Berak ikusi zuen igarotzen Arte Eder Jauregiaren kupula laranja, eta zutabe zuriak, sendoak, baina gorantz begiratu zuen eta han kableak egiten ziren elkartu, banandu, aurrera joan —kableak ez, Bera burua eserlekuaren artile gorriaren kontra etzanda zuela— paraleloan edota tentsio banatzaileetan entxufatu: Postaren portada okrea, veneziarra eta Mexiko Bankuaren eskultura mardulak, ugatz beteak eta kornukopia hustuak: feltro marroizko kapelaren zetazko xingola laztandu zuen, eta oin puntaz limousinaren eserleku tolesgarriaren uhala kulunkan jarri zuen, bere aurrean: Sanborn's jatetxearen mosaiko urdinak, eta San Francisco komentuaren harlandu beltxexka. Autoa Isabel la Católica kale kantoian gelditu zen, eta txoferrak atea zabaldu zion, eta txapela erantzi zuen, eta Berak, ostera, jantzi egin zuen feltroa, eta atzamarrez orraztu zituen kanpoan geratu zitzaizkion lokietako xerloak, eta segizio hark, billete saltzailez eta zapata garbitzailez eta rebozoetan bildutako emakumez eta goiko ezpaina mukiz zikinduriko umez osaturiko segizio hark, inguratu egin zuen, harik eta ate birakaria igaro zuen arte, eta bebarruko ispiluaren aurrean gorbata estutu zuen, eta atzean, bigarren ispiluan, Madero kalerantz ematen zuen ispiluan, gizon bat, bere modu-moduko gizon bat, baina hain urruna, hura ere gorbataren korapiloa atontzen, nikotinak horitutako atzamar berberekin, janzki gurutzatu berberarekin, baina harena kolorerik gabekoa, eskalez inguratuta, eta eskua jaisten berearekin batera, eta gero bizkarra ematen, eta kale erdirantz joaten, eta Bera igogailua bilatzen, une batez nahasita.

        Berriro esku luzatuek egin zioten gogoa galarazi, eta alabaren besoa estutu zuen gezurrezko, negutegiko berotasun hartan, xaboi eta izpiliku eta couché-paper inprimatu berriaren usain hartan hainbat arinen sartzeko. Gelditu egin zen une batez, beiraren barrualdean jarrita zeuden edergailuei begiratzera, eta bere burua ikusi zuen, begiak kliskatzen, tafeta gorrizko zerrenda batean zeuden kosmetikoak argiago ikusteko. Pote bat Theatrical cold-cream eskatu zuen, eta kolore hartakoxe, tafeta haren kolore hartakoxe, ezpain-barra bi, eta krokodilo larruzko poltsan bilatu zituen, arrakastarik gabe, billeteak «—Tori, aurki iezadazu hogei pesoko billete bat.» Paketea eta diru-xehea hartu zituen, eta jatetxean sartu ziren, eta lagun birentzako mahai bat aurkitu zuten. Neskatilak tehuanaz jantzitako hango zerbitzariari laranja-ura eta waffleak intxaurrekin eskatu zizkion, eta amak, jateko gogoari ezin eutsi-eta, ogi mahaspasadun bat gurin urtuarekin, eta biek ingurura begiratu zuten, aurpegi ezagunak aurkitu nahian, harik eta neskatoak janzki horiaren jaka eransteko baimena eskatu zuen arte, eguzkia sartzen baitzen sabai leihotik eta gogotik berotzen.

        — Joan Crawford —esan zuen alabak—. Joan Crawford.

        — Ez, ez. Ez da horrela ahoskatzen. Horrela ez da ahoskatzen. Kro-for, Kro-for; hangoek horrelaxe esaten dute.

        — Krau-for.

        — Ez, ez. Kro, kro, kro. «a» eta «u» batera daudenean «o» ebaki behar da. Horrela uste dut ahoskatzen dutela.

        — Ez zitzaidan pelikula horrenbeste ere gustatu.

        — Ez, ez da politegia. Baina bera oso dotore dago.

        — Ni asper-asper egin nintzen.

        — Ez zenuen, baina, joan arteko onik izan...

        — Polita zela oso esan zidaten, baina ez.

        — Denbora pasatzen da.

        — Kro-ford.

        — Bai, horrelaxe uste dut esaten dutela hangoek, Kro-for. Bai, uste dut «d» ez dutela ahoskatzen.

        — Kro-for.

        — Horrelaxe dela uste dut. Oker ez banago, behintzat.

        Neskak eztia isuri zuen waffleen gainera eta, zirrikitu guzti-guztiek eztia zutela ziur egon zenean, zatitxoetan txikitu zituen. Irribarre egiten zion amari ahoa irin erre eta eztitsu harekin betetzen zuen guztietan. Amak ez zion alabari begiratzen. Esku bat beste batekin ari zen jolasean, erpuruaz hatz-mamiak laztantzen zizkion eta ematen zuen azazkalak altxatu nahi zizkiola: esku biei hurbiletik begiratzen zien, aurpegiei begiratu nahi gabe: nola hartzen zuen berriz eskuetako batek bestea, eta nola aztertzen zuen, astiro-astiro, bestearen azaleko poro bat bera ere ahaztu gabe. Ez, ez zuten atzamarretan eraztunik; senar-emaztegaiak edo izango ziren. Saiatu zen begirada handik aldentzen eta arreta alabaren platera bustitzen zuen ezti putzu hartan jartzen, baina konturatu orduko alboko mahaiko bikotearen eskuetara itzultzen zen, eta lortzen zuen, bai, aurpegiak saihestea, baina ez esku laztanduak. Alaba oien artean mihiaz jostatzen aritu zen, eta irin eta intxaur zati solteak kentzen, eta ezpainak garbitu zituen gero, eta gorriz zikindu zapia, baina ezpainak berriz margotzeari ekin aurretik wafflearen hondarrak bilatu zituen beste behin mihiaz, eta ogi mahaspasadunaren zatitxo bat ere eskatu zion amari. Kaferik ez zuela nahi esan zuen, kirioak dantzan jartzen zizkiola berari kafeak; halere, kafea asko gustatzen zitzaiola, baina une hartan ez, ez zuela nahi, berez ere nahiko urduri zegoela eta. Andreak eskua laztandu zion alabari, eta joan egin behar zutela esan zion zeregin asko zutela-eta egiteko. Kontua ordaindu zuen, eta eskupekoa utzi, eta altxatu egin ziren biak.

        Iparramerikarrak azaldu zuen metaketei ura irakiten injektatzen zaiela; urak urtu egiten dituela, eta aire konprimatuak sufrea azalarazten duela. Berriro azaldu zuen sistema, eta beste iparramerikarrak esan zuen oso pozik zeudela ikuskapenekin, eta airea moztu zuen hainbat aldiz eskua aurpegitik —aurpegi zaildu eta gorrixka hartatik—, oso hurbil astinduz eta behin eta berriro esanez: «—Domoak, ona. Piritak, txarra. Domoak, ona. Piritak txarra. Domoak ona...» Berak hatz-muturrez mahaiaren kristala jo eta baietz esaten zien, bazekien-eta, espainolez ari zirenez, Berak ez zuela ulertzen uste zutena, ez espainolez gaizki hitz egiten zutelako, ez, Berak ondo ezer ulertzen ez zuelako baizik. «Piritak txarra.» Teknikariak inguru hartako mapa zabaldu zuen mahai gainean, Berak ukondoak erretiratu zituen eta besteek pergaminoa deskiribiltzeari ekin zioten. Bigarrenak azaldu zuen inguru hura hain zela aberatsa, ezen etenik gabe ustiatu ahal izango baitzen XXI. mendean ondo sartuta egon arte; etenik gabe, metaketak agortu arte, etenik gabe. Hitzok beste zazpi aldiz errepikatu eta erretiratu egin zuen hitzaldi sutsuaren hasieran geologoaren aurkikuntzen berri ematen zuen triangeluz ziliportaturiko orban berde haren gainean jarri zuen ukabila. Iparramerikarrak begiaz keinu egin eta zedro eta kaoba basoak ere itzelak zirela erantsi zuen, eta horretan Berak, mexikar bazkideak, izango zuela irabazien ehuneko ehuna; horretan berak, iparramerikar bazkideak, ez zirela, ez, sartzen, baina bai aholkatzen ziotela basoak etengabe birlanda zitzala, bazter guztietan ikusi baitzituzten alferrik galduko basoak: ez al ziren, bada, ohartzen zuhaitz haiek dirua zirela? Baina hori bere kontua zela, zuhaitzekin zein zuhaitzik gabe, domoak han zeudela. Berak irribarre egin, eta zutitu egin zen. Gerrikoaren eta praken oihalaren artean erpuruak sartu eta txokor itzalia ezpainen artean kulunkatu zuen, harik eta amerikarretako bat, esku artean pospolo bat piztuta, altxatu zen arte. Pospoloa hurbildu zion txokorrera, eta Berak txokorra ezpain artean ibili zuen muturrak irazekita dir-dir egin zuen arte. Bi milioi dolar eskatu zizkien eskura eta iparramerrikarrek galdetu zioten zer dela eta eman behar zioten diru hori: pozik, pozik onartzen zuten bazkide kapitalista gisa 300 mila dolarrekin, baina inbertsioa irabaziak ematen hasi arte ezin zuen inork zentabo bat kobratu: geologoak betaurrekoak garbitu zituen alkandoraren sakelan zeraman gamuza zati txiki batez, besteak mahaitik leihora bitarteko joan-etorriak egiteari ekin zion, harik eta Berak horiexek zirela baldintzak errepikatu zien arte, ez zela, ez, aurrerakin bat, mailegu bat edo antzeko beste ezer: zera zen, kontzesioa eskuratzeko ahaleginengatik zor zioten ordainketa; eta gerta zitekeen, bai, aurre-ordainketarik ez bazen, kontzesiorik ere ez izatea: eskuratuko zuten denborarekin orain egin behar zioten oparitxoa; baina Bera gabe, izen-mailegatzailerik gabe, front-manik gabe —eta hitzak barkatzeko eskatu zien— ezin zuten, ez, kontzesioa eskuratu, eta domoak ustiatu. Txirrina jo eta bere idazkariari deitu zion, eta idazkariak, arrapalada batean, zenbaki zehatzak zituen orri bat irakurri zuen, eta iparramerikarrek esan zuten OK hainbat aldiz, OK, OK, OK, eta Berak irribarre egin zuen, eta whisky bana eskaini zien eta esan zien baietz, esplotatuko zutela sufrea XXI. mendean ondo sartuta egon arte baina Bera ez zutela, ez, XX. mendeko minutu batean ere esplotatuko, eta denek topa egin zuten, eta besteek irribarre egin zuten eta ahopeka s.o.b. xuxurlatu zuten behin bakarrik.

        Emakume biak besotik helduta zihoazen. Astiro eta buruak baxu zihoazen, eta erakusleiho guzti-guztien aurrean gelditzen ziren, eta esaten zuten bai polita, bai garestia, aurrerago hobea den beste bat dago, begira horko hori, bai polita, nekatu egiten ziren arte, orduan, kafetegi batean sartzen ziren, eta leku on bat bilatzen zuten, urruti loteria saltzaileek burua barruratzen eta hauts lehor eta lodi hura altxatzen zen sarrera hartatik, urruti ere pixatokietatik, eta laranja Canada Dry bana eskatzen zuten. Amak makillaje-hautsak ematen zituen aurpegian, eta bere begiei —anbar koloreko begi haiei—, begiratzen zien hauts-kaxatxoaren ispiluan, begiratzen zien begiak inguratzen hasitako azal-poltsa bi haien trazari eta tapa ixten zuen arin. Ama-alabek soda eta anilina freskagarriaren burbuiletan zituzten begiak jarrita, eta gasa noiz joango zain zeuden freskagarria zurrutada txikietan edan ahal izateko. Neskatilak, disimuluz, oina ateratzen zuen zapatatik eta behatz estutuak laztantzen zituen, eta andreak, laranja freskagarriaren aurrean eserita, etxeko logela bereiztuak, bereiztuak baina elkar jotzen zeuden logela haiek, zerabiltzan gogoan, eta goizero eta gauero ate itxia zeharkatzea lortzen zuten hotsak: noizbehinkako eztarri garbitzea, zapaten erortzea behearen gainera, giltzariaren kolpea apalean, armairuaren gontz olioztatu gabeak, zenbaitetan arnasaren erritmoa bera ere loan. Hotza sentitu zuen bizkarrean. Ordukoxe goiz berean, oin puntetan, ate itxira hurbildu zen, eta hotza sentitu zuen bizkarrean. Harritu egin zuen hots arrunt eta ohi-ohiko horiek hots sekretuak zirela pentsatzeak. Ohera itzuli zen, eta bildu zen estalkiekin, eta begirada iltzatu zuen zeru oskarbian, non argi biribil, ilaun sorta bat barreiatzen zen: gaztainondoen itzalaren izpiltxoa. Te izoztuaren hondarrak edan eta lo egin zuen, harik eta alaba etorri zitzaion arte iratzartzera, gogoraraztera zereginez betetako eguna zutela aurretik. Eta orain, orain, edalontzi hotz hura atzamar artean zuela, gogoratu zituen goizeko lehenengo ordu haiek.

        Atzerantz bota zuen gorputza aulki birakarian, harik eta malgukiek karraska egin zuten arte, eta galdetu zion idazkariari: «Agertu al da arriskatu nahi izan duen banketxerik? Agertu al da niregan konfiantzarik izan duen mexikarrik?» Arkatz horia hartu eta idazkariaren aurpegira zuzendu zuen: argi gera zedila; izan zedila Padilla horren lekuko: ez zuen inork arriskatu nahi izan eta Berak ez zuen utziko aberastasun hura guztia hegoaldeko oihanetan ustel zedin; ikuskapenetarako dirua jartzeko prest zeuden bakarrak gringoak baziren, zer egingo zuen, bada, Berak? Idazkariak orduaz ohartarazi zion, eta Berak hasperen egin zuen, eta ondo zegoela esan zion. Bazkaltzera gonbidatzen zuen. Elkarrekin bazkal zezaketen. Leku berririk ezagutzen al zuen? Idazkariak ihardetsi zion baietz, mokaduak prestatzen zituzten leku berri bat, oso atsegina, gozoak ziren oso hango opiltxoak, lore-opiltxoak, gazta-opiltxoak, huitlacoche-opiltxoak; kantoian zegoen. Elkarrekin joan zitezkeen. Nekatuta sentitzen zen, ez zuen arratsaldean bulegora itzuli nahi. Egia esan, ospatu beharra zuten. Nola ez. Gainera, ez zuten elkarrekin sekula bazkaldu. Isilean jaitsi eta 5 de Mayo etorbiderantz abiatu ziren.

        — Oso gaztea zara. Zenbat urte dituzu?

        — Hogeita zazpi urte.

        — Noiz lortu zenuen lizentzia?

        — Duela hiru urte. Baina...

        — Baina zer?

        — Bada, oso desberdina dela teoria praktikatik.

        — Eta horrek barre eragiten dizu? Zer irakatsi zizuten?

        — Marxismoa, marxismo asko. Tesia bera ere gainbalioari buruz egin nuen.

        — Ikasbide ona izan behar du horrek Padilla.

        — Baina praktika oso desberdina da.

        — Zu hori zara? Marxista zara?

        — Beno, lagun guztiak horrelakoxeak nituen. Adinaren kontua izango da.

        — Non da jatetxea?

        — Laster da, hor kantoian.

        — Ez dut oinez ibiltzea atsegin.

        — Hementxe bertan da.

        Elkarren artean paketeak banatu eta Arte Eder Jauregiarantz abiatu ziren, han itxarongo ziela esan baitzien txoferrak ama-alabei: orduan ere buruak baxu zihoazen, antenak balira bezala erakusleihoetarantz zuzenduta, eta supituan amak alabaren besoari heldu zion dardarka, eta pakete bat utzi zuen erortzen; izan ere, haien pare-parean, haien ondo-ondoan, txakur bi, amorru izoztu batek hartuta marruka, elkarrengandik aldentzen, marruka, elkarren lepoei odola egiteraino haginka, kaminora korrika joaten, haginkada zorrotz eta marruak lagun berriro katigatzen: kale-txakur bi, ezkabiadunak, adurtsuak, arra bata eta emea bestea. Neskak lurretik paketea jaso eta aparkalekura eraman zuen ama. Nor bere lekuan eseri zen autoan, eta txoferrak galdetu zien ea Las Lomasera itzuliko ziren, eta alabak erantzun zuen baietz, txakur batzuek ama beldurtu egin zutela eta. Andreak esan zuen ez zela ezer izan, pasatu zela: hain izan zen ustekabeko kontua eta hain hurbil berarengandik, baina arratsaldean bertan itzul zitezkeen hiri gunera, erosketa asko, denda asko falta zitzaien-eta oraindik. Neskatoak denbora zutela esan zuen; hilabete bat baino gehiago falta zela. Bai, baina denborak hegan egiten du, erantzun zuen amak, eta zure aita ez da ezkontzaz arduratzen, geuri uzten digu lan guztia. Gainera, zeure buruari bere lekua ematen ikasi behar duzu; ez diezu denei txera egin behar. Gainera, badut gogoa ezkontzaren kontu hau igaro dadin; izan ere, aitari dagoeneko gizon heldua dela ikustarazteko balioko duelakoan nago. Balioko ahal du horretarako. Ez da konturatzen dagoeneko berrogeita hamabi urte dituela. Ekarriko ahal dituzu umeak laster. Dena dela, zure aitari ondo etorriko zaio ezkontza zibilean eta erlijiosoan nire alboan egotea, zorionak hartzea, eta ikustea denek gizon errespetagarri eta heldu bezala tratatzen dutela. Beharbada horrek guztiak erasan egingo dio, beharbada.

 

 

NIK esku hori sentitzen dut Ni laztantzen, eta nahiko nuke ukitu horretatik libratu, baina indarrik gabe nago. Bai laztan alferrikakoa. Catalina. Alfer-alferrik. Zer esan behar didazu? Aurkitu al dituzu azkenean inoiz esatera ausartu ez zinen hitz horiek? Gaur? Alfer-alferrik. Ez dadila zure mingaina mugi. Ez iezaiozu utz azalpenak berezkoa duen sosegua hartzen. Izan zaitez beti erakutsi izan duzun zeure irudi horri leial; leial azkenera arte. Begira: ikasi alabarengandik. Teresa. Gure alaba. Bai zaila. Bai izenordain alferrikakoa. Gurea. Horrek ez du itxurarik egiten. Horrek ez dauka ezer esateko. Begira iezaiozu. Eserita, eskuak tolestuta eta janzki beltza aldean, zain. Horrek ez du plantarik egiten. Lehen, Nik ez entzuteko moduan, zera esango zizun: «Ea dena hainbat arinen pasatzen den. Izan ere, hau gai da gaixoarena egiten egoteko, gu hilduratzearren edozer.» Bai, horrelakoren bat esango zizun. Antzeko zerbait entzun dut Nik gaur goizean loaldi luze eta baketsu hartatik esnatu naizenean. Gogo antzean dut bartko lo-eragingarria, min-aringarria. Eta zuk zera erantzungo zenion: «Jainko maitea, ez dezala gehiegi sufritu»: alabaren hitzei beste zentzu bat eman nahi izango zenien. Eta ez dakizu zer zentzu eman Ni orain xuxurlatzen ari naizen beste hauei:

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        A, Padilla, hurbil zaitez. Grabagailua ekarri duzu? Zer komeni zaizun baldin badakizu, hona ere ekarriko zenuen, nire Coyoacángo etxera gauero-gauero eramaten zenuen bezala. Gaur, bereziki gaur, dena betiko moduan dagoela sinetsarazi nahiko didazu. Ez hautsi ohiturak, Padilla. A, bazatoz, bai. Horiek biek ez dute nahi.

        — Ez, lizentziatu, ezin dugu hori baimendu.

        — Aspalditik datorren ohitura da, andrea.

        — Ez diozu aurpegia ikusten?

        — Utz iezadazu saiatzen. Den-dena dago prest. Grabagailua entxufatu besterik ez dago.

        — Zeu egingo zara erantzule?

        — Artemio jauna... Artemio jauna... Hemen dakarkizut gaur goizean grabatutakoa...

        Baietsi egiten dut. Irribarre egiten saiatzen naiz. Egunero bezala. Konfiantza osoko gizona, Padilla hau. Jakina nire konfiantza merezi duena. Jakina nire ondarearen zati handi bat eta nire ondasun guztiak kudeatzeko betiko ardura merezi duena. Nork bestela? Dena daki berak. A, Padilla. Jarraitzen al duzu bulegoko nire elkarrizketa guztien zinten bilduma egiten? A, Padilla, den-dena dakizu. Ondo ordaindu behar dizut. Neure ospea ematen dizut herentzian.

        Teresa eserita dago, egunkari zabalduak aurpegia ezkutatzen diola.

        Eta etortzen sentitzen dut, intsentsu-usain horrekin eta bere gona luze beltzekin, isipua aurrean duela, gaztiguak berea duen zorroztasunaz niri agur egitera; he, majo sartu diet ziria; eta Teresa hori maina batean dabil, eta orain poltsatik hauts-kutxa atera eta sudurra apaintzen du, mainak egiteari berriro ekiteko. Azken unea irudikatzen dut, hilkutxa zulo barruan sartzen eta emakume-aldra bat negar-zotinka eta sudurra apaintzen nire hilobi aurrean. Tira; hobeto nago. Ondo baino hobeto nengoke, sunda hau, neurea, izaren izurretatik gora ez baletor, izarak tindatu ditudan orban barregarri horiez konturatuko ez banintz... Neure arnasarena al da erlastura espasmodiko hau? Horrela hartu behar al dut tatxa beltz hori, horrela aurre egin haren egitekoari? Aaaaaj. Aaaaj. Normaldu, normaldu egin behar dut... Estutu egiten ditut ukabilak, aaaj, aurpegiko giharrak, eta alboan irin-aurpegi hori dut, zeina ziurtatzera datorren, ziurtatzera bihar, edo etzi —eta inoiz ez?, inoiz ez—, egunkari guztietan agertuko dela, «Elizakoak eta Aita Santuaren Bedeinkapena hartu ondoren» formula. Eta aurpegia, aurpegi bizargabe hori, hurbiltzen du nire masail, ile urdinez gainezka dauden nire masail hauetara. Aitaren egiten du. «Ni Bekataria» xuxurlatzen du, eta Nik besterik ezin egin eta aurpegia bueltatzen dut, eta purrust egiten dut, eta burua aurpegira pozik jaulkiko nizkiokeen pentsamendu horiez betetzen dut: arotz txiro eta zikin hark birjina aztoratua estaltzeko ausardia izan zueneko gaua; birjinak etxekoek kontatutako elezahar eta atso-ipuinak sinetsita uso zuriak gordetzen zituen izter artean, horrela erdiko zelakoan, uso zuriak izter artean, baratzean, gonapean, eta orain arotzak, zentzuzko desira batek hartuta, birjina estaltzen zuen, bai, izan ere, polita, ederra behar zuen izan oso birjinak, eta estali egiten zuen, eta Teresa jasanezinaren negar-muzin amorratuak areagotu egiten dira. Teresa, emakume zurbil hori, zeinak nire azken asaldaketa, bere azken ernegaziorako arrazoibide izango den nire azken asaldaketa, gogotsu, irrikatzen duen. Sinesgaitza begitantzen zait emakume horiek hor, eserita, asaldatu gabe, ezer aurpegiratu gabe ikustea. Zenbat iraungo ote du? Orain ez naiz hain txarto sentitzen. Beharbada sendatu egingo naiz. Ederra kolpea!, ezta? Itxura onaren begitartea jartzen saiatuko naiz, ikusteko ea egokieraz baliatu eta amultsutasun behartuaren keinu horiek ahazten dituzuen, eta eztarrian, begietan, biok bihurtu zareten gizatasun ilun horretan trabatuta dituzuen arrazoiak eta irainak askatzen dituzuen azkenekoz. Zirkulazio txarra, horixe da, ezer larriagorik ez. Ba. Aspertu egiten nau horiek hor ikusteak. Egon behar du ikuskizun interesgarriagorik gauzak azken aldiz ikusten dituzten begi erdi itxi batzuen eskueran. A. Etxe honetara ekarri naute, ez bestera. Kontxo. Zuhurki jokatu dute, gero. Errieta egin beharko diot azken aldiz Padillari. Padillak badaki zein den nire benetako etxea. Han banengo atsegindu egin ahal izango nintzateke horrenbesteko maitasuna diedan gauzei begiratzen. Begiak zabalduko nituzke, antzinako habe gozatsudun sabai hura ikusteko; neure eskumenean izango nuke oheburua apaintzen duen urrezko meza-jantzia, neure eskumenean gau-mahaiko zutargiak, eserlekuen bizkarraldeetako belusak, nire edalontzien Bohemiako kristala. Serafín izango nuke erretzen inguruan, ke hura arnastuko nuke. Eta hura, hura dotore-dotore egongo litzateke, aginduta diodan moduan. Panpoxa-panpoxa, negar anpulurik gabe, trapu beltzik gabe. Han, ez nintzateke zahar eta nekatuta sentituko. Han, dena egongo litzateke prestatuta bizirik nagoela, maitatu egiten dudala, lehengo bera bera bera naizela gogorarazteko. Zer egiten duzue hor eserita, atso itsusi saskil azalutsok betiko bera ez naizela niri gogora ekartzen? Dena dago prestatuta. Han nire etxean dena dago prestatuta. Badakite zer egin behar den honelakoetan. Ez didate gogoratzen uzten. Naizela adierazten didate, orain, sekula ez izan nintzela. Inor ez da beranduegi izan baino lehen ezer azaltzen ahalegintzen. Ba. Nola entretenituko naiz Ni hemen? Bai, ikusten dut, bai, dena gertatu duzuela gauero logela honetara erretiratzen naizela eta hemen egiten dudala lo sinetsarazteko. Armairu erdi zabaldu hori ikusten dut, eta Nik inoiz jantzi gabeko jaka batzuen, zimurrik gabeko gorbata batzuen, zapata berri-berri batzuen profilak. Idazmahai bat ikusten dut, eta idazmahai horretan inork irakurri ez dituen liburuak, inork sinatu ez dituen paperak pilatu dituzue. Eta altzari dotore eta zakar hauek: noiz idoki dizkiezue hautsez betetako izarak? A... leiho bat dago. Mundu bat dago hor kanpoan. Haize altu hori dago, mesetakoa, eta zuhaitz beltz eta mehe batzuk astintzen ditu. Arnasa hartu beharra dago...

        — Zabal ezazue leihoa...

        — Ez, ez. Hotza harrapa dezakezu eta zailagoa egin dena.

        — Teresa, aitak ez dizu entzuten...

        — Egiten ari da. Begiak itxi eta egiten ari da.

        — Isil zaitez.

        — Isil zaitez.

        Isildu egingo dira. Urrundu egingo dira oheburutik. Begiak itxita dauzkat. Gogoratzen dut Padillarekin bazkaltzera joan nintzela, arratsalde hartan. Hori gogoratua dut jada. Zeuon jokora irabazi dizuet. Usain txarra dario, baina epel dago. Nire gorputzak epeltasuna sortzen du. Izarentzako beroa. Askori irabazi diot. Denei irabazi diet. Bai, odola behar bezala dabil zainetan barrena; laster naiz sendatua. Bai. Epel-epel dabil. Beroa ematen du oraindik. Barkatzen dizuet. Ez nauzue mindu. Ondo da, hitz egin ezazue, esan. Ez zait ardura. Bai epel. Barkatzen dizuet. Laster naiz ondo. A.

 

 

ZU harro egongo zara haiei nagusitu izanaz; aitor ezazu: nagusitu egin zintzaizkien haietarikotzat har zintzaten: gutxitan sentitu izan zara hain zoriontsu; izan ere, orain zarena izaten hasi zinenetik, oihal leunen ukituaz, likore gozoen zaporeaz, lozio onen usainaz, azken urteotan gozamen bakan eta bakar bilakatu diren zer horiez guztiez gozatzen ikasi zenuenetik, harrez geroztik, han goian, iparraldean ezarri izan duzu Zuk begirada, eta harrez geroztik erabat haietariko izatea eragotzi dizun geografia-huts horren nostalgiarekin bizi izan zara: miretsi egiten duzu haien eraginkortasuna, miretsi haien erosotasunak, haien garbitasuna, haien boterea, haien borondatea, eta zure inguruan begiratu eta jasanezina iruditzen zaizu gaitasun eza, miseria, zikinkeria, gogogabezia, ezer ez duen herri gaixo honen biluztasuna; eta minik handiena jakiteak ematen dizu, jakiteak eginahal guztiak eginda ere, ez zarela inoiz haien modukoa izango, kopia bat izan zaitezkeela, antzeko zer edo zer, baina besterik ez, zeren azken batean, esan: zure gauzak ulertzeko era, garairik onenetan zein txarrenetan, izan al da inoiz haiena bezain sinplea? Inoiz ere ez. Zure buruak ezin izan du inoiz pentsatu zuria eta beltza, onak eta txarrak, Jainkoa eta Deabrua: onar ezazu, beti, baita bestela zirudienetan ere, aurkitu izan duzula Zuk beltzean hozia, aurkako horren isla: zeure ankerkeria bera, bihozgabe jokatu duzunetan, ez al zegoen samurtasun moduko batez tindaturik? Badakizu mutur orok bere aurkakoa duela bere baitan: ankerkeriak samurtasuna, koldarkeriak adorea, bizitzak heriotza: Zuk, nolabait —ia oharkabean; zarena zarelako, zaren tokikoa zarelako eta bizi izan duzuna zarelako—, hori badakizu eta horrexegatik ezin izango zara haiek bezalakoa inoiz izan, haiek ez baitakite. Gogait eragiten dizu horrek? Bai, ez da erraza, gogaikarria da, askoz errazagoa da esatea: hemen dago ongia eta hor gaizkia. Gaizkia. Zuk ez duzu inoiz jakingo zer den zehatz esaten. Beharbada, dohakabeagoak izaki, ez dugulako nahi tarteko leku hori, leku zehaztugabe hori, argia eta itzalaren arteko leku hori, gal dadin: leku hori, non barkamena aurkitu ahal izango dugun. Non Zuk aurkitu ahal izango duzun. Nor ez da gai izango, bere bizitzako une bakar batean —Zu bezala— bere baitan ongia eta gaizkia aldi berean haragitzeko, aldi berean hari misterotsu biren, kolore desberdineko hari biren —zeinak mataza beretik irtengo diren, eta hari zuriak egingo duen gora eta beltzak behera eta, halere, biak zure atzamar horietan elkartuko diren— menera ibiltzeko? Ez duzu horretan pentsatu nahi izango. Zuk Ni gorrotatuko duzu hori gogorarazteagatik. Zuk nahiko zenuke haiek bezalakoa izan, eta orain, zahartzaroan, ia-ia lortu egin duzu. Baina ia-ia. Ia-ia baino ez. Zerorrek eragotziko duzu ahazmena; zure ausardia zure koldarkeriaren bikia izango da, zure gorrotoak maitasunean izango zuen sorburua, zure bizitza osoak heriotza gorde eta iragarriko zuen: ez zinela ona ez txarra izango, eskuzabala ez zeurekoia, oso-osokoa ez traidorea. Zure dohainak eta akatsak besteek baiezta ditzatela utziko duzu; baina Zuk zeuk nola ukatu zure baieztapen oro ukatuko dela, zure ukapen oro baieztatuko dela? Inor ez da ohartuko, zutaz aparte, agian. Zure izatea ehundegiko hari guztiez ehoa egongo dela, gainerako gizakien bizitza bezala. Ez zaizula faltako, ezta sobratuko ere, aukera bakar bat zure bizitza zeuk izatea nahi duzun modukoa izan dadin. Eta hau izango bazara eta ez beste hori, izango da, hala eta guztiz ere, aukeratu egin behar izango duzulako. Zure aukeraketek ez dute ukatuko zure gainerako bizitza izan daitekeena, aukeraketa egiten duzun bakoitzean atzean utziko duzun guztia: mehetu, mehetu egingo dute, mehetu, zure aukeraketa eta zure patua gaur bat bera izango diren punturaino: dominak ez ditu jada aurpegi bi izango: zure nahia eta zure patua bat izango dira. Hil egingo zara? Ez da aurreneko aldia izango. Bizitza hiletan, itxura hutsezko unetan biziko zenuen. Catalinak elkarrengandik banatzen zaituzten atera belarria itsatsi eta zure mugimenduak adituko dituenean; Zuk, atearen beste aldean, norbait entzuten ari dela jakin gabe, norbait ate ostean zure bizitzaren zarata eta isiluneak zelatatzen ari dela sumatu gabe, horretan eta hartan jardungo duzunean, nor biziko da banaketa horretan? Biok hitz bat nahikoa dela jakin eta, halere, ezer esango ez duzuenean, nor biziko da isiltasun horretan? Ez, hori ez zenuke gogoratu nahiko. Beste zerbait gogoratu nahiko zenuke: izen hori, urteen joanak higatuko duen aurpegiera hori. Baina jakingo duzu, hori gogoratuz gero, salbatu egingo zarela, zeure burua aiseegi salbatuko duzula. Kondenatzen zaituena gogoratuko duzu lehenengo, eta, behin han salbaturik, jakingo duzu, bestea, Zuk salbaziorako bide uste izango duzun hori, izango dela zure benetako zigorra: nahi duzuna gogoratzea. Gogoratuko duzu Catalina gaztetan, ezagutzen duzunean, eta konparatuko duzu egungo emakume hitsarekin. Gogoratuko duzu eta gogoratuko duzu zergatik. Haragituko duzu Catalinak, eta guztiek, orduan pentsatu zutena. Ez duzu jakingo. Haragitu egin beharko duzu. Ez dituzu besteen hitzak inoiz entzungo. Bizi egin beharko dituzu. Begiak itxiko dituzu: itxi egingo dituzu. Ez duzu intsentsu hori usainduko. Ez dituzu negar-zotin horiek entzungo. Gogoratuko dituzu beste kontu batzuk, beste egun batzuk. Egun horiek, egun horiek gauez helduko dira zure begi itxi horien gauera eta ahotsari esker soilik ezagutu ahal izango dituzu: inoiz ere ez ikusmenari esker. Fede eman beharko diozu gauari eta ikusi gabe egin beharko duzu hura onartu, ezagutu gabe harengan sinetsi, hura bailitzan zure egun guztien Jainkoa: gaua. Hura zeureganatzeko nahikoa dela begiak ixtea pentsatuko duzu orain. Irri egingo duzu, nahiz eta mina berriz hasi den agertzen, eta hankak apur bat luzatzen ahaleginduko zara. Norbaitek eskua ukituko dizu, baina Zuk ez diozu laztan, arreta, artegatasun, zuhurtzia? horri jaramonik egingo, begiak itxita gaua egingo baitzenuen, eta tinta-ozeano horren barrenetik harrizko itsasontzi bat joango zaizu hurbiltzen-hurbiltzen, eta eguerdiko eguzki bero eta logura emaileak alferrik egingo dio txera: harresi lodiak eta belztuak, Eliza indioen erasoetatik babesteko eraikiak eta baita erlijio-konkista konkista militarrarekin uztartzeko ere. Zure begi itxi horietarantz abiatuko da, txirula- eta danbor-burrunba gero eta garbiagoa lagun duela, tropa zakarra, isabeldarra, espainola, eta Zuk eguzkipean zelaigune zabal hori zeharkatuko duzu; zelaiguneak harrizko gurutzea izango du erdian eta estalkirik gabeko kaperak, indigenen kultu teatralaren, atari zabalekoaren isla, alboetan. Zelaigunearen barrenean altxaturiko elizaren goialdean tezontlezko gangek mudejar alfanje ahaztuen gainean hartuko dute atseden, konkistatzaileenari gainjarritako beste odol baten adierazgarri. Joango zara lehenengo barrokoaren portadarantz, gaztelarra oraindik, baina aberatsa dagoeneko mahatsondo ugaridun kolometan eta arrano-giltzarrietan: Konkistaren portada, zorrotza eta alaia; oin bata mundu zaharrean, hilean du eta bestea mundu berrian; mundu berri hori ez zen hemen hasten, baizik eta itsasoaren beste aldean hori ere: mundu berria haiekin iritsi zen, harresi soildun aurrealde batekin bihotz sentsuala, arraia, gutiziatsua babesteko. Aurrera egingo duzu, eta itsasontziaren nabean sartuko zara, non kanpoalde gaztelarrari gailenduko baitzaio zeru indiar honen oparotasuna, oparotasun makabro eta irribarretsua, santu, aingeru eta jainko indiarrezko zeru indiar honena. Nabe bakar bat, arras handia, zabalduko da hosto urreztatuzko aldarerantz; aurpegi maskaratuzko oparotasun goibel bat dirudiela, edo otoitz hits eta bestazkoa, emana zaigun askatasun bakarraren otoitz betiere premiatsua. Askatasuna, bai, tenplua apaintzeko, eta hutsari eta garai hilei beldurra dietenen beldurraz betetzeko, haien ikara bareaz, haien pairamen zizelkatuaz; haiek, zeinek, behinola, lan librearen berariazko berankortasuna, kolorearen eta formaren autonomia-une apartak luzatzen baitzituzten, zigor eta morroilo eta baztangazko beste kanpoko mundu horretatik hain urrun. Eta joango zara, zure mundu berri hori konkistatzera, tarte hutsik gabeko nabean zehar: aingeru-buruak, mahatsondo barreiatuak, landare polikromoak, fruitu biribilak, gorriak, urrezko aihen-belarren artean katigaturik, santu zuriak horma barruan, harridura-begiradako santuak, indiarrak bere irudi eta antzera asmatutako zeruko santuak: aingeruak eta santuak eguzkiaren eta ilargiaren aurpegiarekin, uztak babesten dituen eskuarekin, zakur gidarien atzamar erakuslearekin, jainkoaizunaren begi anker, alferrikako eta urrunekoekin, zikloen begitarte zorrotzekin. Harrizko aurpegiak mozorroen atzean gordeta, mozorroak arrosak, bihozberak, sineskorrak, baina hotzak, hilak, mozorroak: egin ezazu gaua, puztu itzazu bela beltzak haizez, itxi itzazu begiak Artemio Cruz...

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia