NI esnatu egiten naiz... Gauza hotz horrek zakila ukitzean, esnatu egiten naiz. Ez nekien nahi gabe ere batzuetan txiza egin zitekeenik. Begiak itxita nago. Berbots hurbilenak ez dira aditzen. Begiak zabaltzen baditut, adituko ote ditut?... Baina betazalak astun dauzkat: berun zati bi, kobre zatiak mihian, mailuak belarrietan eta... eta zilar ugertu antzekoa arnasan. Dena ere metalezkoa. Minerala ostera ere. Konturatu gabe, txiza egiten dut. Beharbada —konortegabeturik egon naiz, gogoratzen dut aztoraturik—, jan egingo nuen ordu horietan neu konturatu gabe. Izan ere, artean egun-argia urratzen hasi baino ez zela, eskua luzatu eta —orduan ere, konturatu gabe— telefonoa lurrera bota dut, eta ohean ahuspez geratu naiz, besoak zintzilik: inurridura eskumuturreko zainetan. Orain esnatu egiten naiz, baina ez ditut begiak zabaldu nahi. Nahi ez dudan arren: zerbaitek dir-dir egiten dit, tematsu, aurpegi inguruan. Joan-etorri eroan dabiltzan argi beltz eta zirkulu urdinen eitea du betazal itxi hauen beste aldean dagoen dena delako horrek. Uzkurtzen ditut aurpegiko giharrak, zabaltzen dut eskuineko begia, eta hara hor, emakume-poltsa bateko beira-inkrustazioetan islatuta. Horixe naiz Ni. Horixe naiz. Hazpegiak beirako lauki desberdinek zatitutako agure hori naiz. Begi hori naiz. Begi hori naiz. Metatua, aspaldikoa, ahaztua, beti oraingoa den sumin baten zuztarrek zeharkaturiko begi hori naiz. Betazal arteko begi handitu eta berde hori naiz. Betazalak. Betazalak. Betazal koipetsuak. Sudur hori naiz. Sudur hori. Sudur hori. Kakoduna. Sudurzulo zabalekoa. Masail horiek naiz. Masailak. Bizar urdindua hazten den lekua. Hazi. Muzina. Muzina. Muzina. Zahartzaroarekin edota oinazearekin zerikusirik ez duen muzin hori naiz. Muzin bat. Tabakoak belzturiko letaginez. Tabakoa. Tabakoa. Nire hatsaren lurrunlurrunlurrunak kristalak lausotzen ditu eta esku batek poltsa erretiratzen du gau-mahaitik.

        — Mediku jauna, begira: itxurak egiten ari da...

        — Cruz jauna...

        — Heriotzako orduan ere iruzur egin behar guri honek!

        Ez dut hitz egin nahi. Ahoa zentabo zaharrez beteta daukat, zapore horretaz beteta. Baina begiak zabaltzen ditut apur bat eta betile artetik emakume biak ikusten ditut, eta medikua, asepsiako gauzen usaina dariola: haren eskuetatik —alkandorapetik bular aldea haztatzen didaten esku izerditsu horietatik—, alkohol bafada egurastu bat datorkit. Esku hori paretik kentzeko ahaleginak egiten ditut.

        — Tira, Cruz jauna, tira...

        Ez, ez ditut zabalduko ezpainak: edo horko lerro zimur hori, ezpainik gabe, beiran islaturik. Besoak izara gainean luzatuta edukiko ditut. Tapakiak sabeleraino iristen zaizkit. Urdaila... a... Eta nire hankak zabalik daude, traste hotz hori izter artean dutela. Eta bularra oraindik ere lotan, zineman luzaroan eserita egoteagatik sentitu izaten dudan... sentitu... sentitu izaten nuen inurridura astun horrekin. Zirkulazio txarra, horixe da. Beste ezer ez. Beste ezer ez. Ezer larririk ez. Ezer larriagorik ez. Gorputzean pentsatu behar da. Akigarria da gorputzean pentsatzea. Norberaren gorputza. Gorputza bere osotasunean. Nekagarria da. Ez da pentsatzen. Egon dago. Pentsatu egiten dut; lekukoa. Banaiz orduan; gorputza. Hor geratzen da. Badoa... badoa... deseginez doa nerbio eta ezkata, gelaxka eta globulu sakabanatuen isuri honetan. Neure gorputza, non mediku honek bere atzamarrak sartzen diharduen. Beldurra. Neure gorputzean pentsatzeak ematen didan beldurra sentitzen dut. Eta aurpegia? Teresak kendu egin du nire aurpegia ispilatzen zuen poltsa. Islan ikusi bezala gogoratzen saiatzen naiz; simetriarik gabeko beiratan hautsi den aurpegi bat zen, begia belarritik hurbilegi eta beste begitik urrunegi zuena, eta muzina hiru ispilu zirkularretan banatuta zuen. Izerdia bekokitik behera darit. Ixten ditut begiak berriro eta eskatzen dut, eskatzen dut aurpegia eta gorputza itzul diezazkidaten. Eskatu egiten dut, baina esku hori sentitzen dut Ni laztantzen, eta ukitu horretatik libratu nahi nuke, baina indarrik gabe nago.

        — Hobeto zaude?

        Ez dut hura ikusten. Ez dut Catalina ikusten. Harago ikusten dut. Teresa besaulkian eserita dago. Egunkari bat du zabalik esku artean. Nire egunkaria. Teresa da, baina aurpegia orri zabalduen atzean du gordeta.

        — Zabal ezazue leihoa.

        — Ez, ez. Hotza harrapa dezakezu eta zailagoa egin dena.

        — Ama, utzi. Ez zara konturatzen itxurak egiten ari dela, ala?

        A. Intsentsu horren usaina aditzen dut. A. Marmarrak ate ondoan. Hemen dator, intsentsu-usain horrekin eta bere gona luze beltzekin, isipua aurrean duela, gaztiguak berea duen zorroztasunaz niri agur egitera. He, majo sartu diet ziria.

        — Ez al da Padilla iritsi?

        — Bai. Hor kanpoan dago.

        — Sar dadila Padilla.

        — Baina...

        — Datorrela lehenengo Padilla.

        A, Padilla, hurbil zaitez. Grabagailua ekarri duzu? Zer komeni zaizun baldin badakizu, hona ere ekarriko zenuen, nire Coyoacángo etxera gauero-gauero eramaten zenuen bezala. Gaur, bereziki gaur, dena betiko moduan dagoela sinetsarazi nahiko didazu. Ez hautsi ohiturak, Padilla. A, bazatoz, bai. Horiek biek ez dute nahi.

        — Hurbil zaitez, laztana, ezagut zaitzan. Esaiozu nor zaren.

        — Ni... ni... Gloria naiz.

        Aurpegia hobeto ikusiko banio behintzat. Muzina hobeto ikusiko banio behintzat. Honezkero aditu du ezkata hilen usain hau; bular zanpatu honi begiratuko dio, bizar urdindu eta nahasi honi, sudurreko jario amaigabe honi, zer hauei...

        Urrundu egiten dute nigandik.

        Medikuak pultsua hartzen dit.

        — Beste medikuekin kontsultatu behar dut.

        Catalinak ukitu bat egiten dit eskuan bere eskuaz. Bai laztan alferrikakoa. Ez dut ondo ikusten baina nire begirada haren begiradan finkatzen saiatzen naiz. Atxiki egiten dut. Eskua hartzen diot, hotz-hotz du.

        — Goiz hartan pozez beterik nengoen bere zain. Zaldiz gurutzatu genuen ibaia.

        — Zer diozu? Ez ezazu hitz egin. Ez zaitez nekatu. Ez dizut ulertzen.

        — Hara itzuli nahi nuke, Catalina. Alfer-alferrik.

        Bai: apaiza nire alboan belaunikatzen da. Bere hitz horiek xuxurlatzen ditu. Padillak grabagailua entxufatzen du. Neure ahotsa entzuten dut, neuk esandakoak. Ai, oihu batez. Ai, oihukatu dut. Ai, bizirik atera nintzen. Mediku bi dira, atean kirika. Ni bizirik atera nintzen. Regina, min dut, min dut, Regina, min dudala ohartzen naiz. Regina. Soldadua. Besarka nazazue; min dut. Sastakai luze eta hotz bat sartu didate urdailean; norbait dago, beste norbait dago eta erraietan altzairua sartu dit: intsentsu-usain hori aditzen dut eta nekatuta nago. Nik egiten uzten diet. Astunki altxa nazaten uzten diet, eta Ni intzirika nago. Ez dizuet bizia zor. Ezin dut, ezin dut, Nik ez nuen aukeratu, minak gerritik bitan tolestarazten nau, oinak —oin izoztu hauek— ukitzen ditut, ez ditut nahi, ez ditut azazkal urdin horiek nahi, nire azazkal urdin berri horiek, aaaa-aaaai, Ni bizirik atera nintzen: zer egin nuen atzo?: atzo egin nuenaz pentsatzen badut, ez dut orain gertatzen ari denaz pentsatuko. Hori gogoeta argia da. Benetan argia. Atzo pentsa ezazu. Ez zaude horren zoro; ez duzu horrenbesteko minik; hori pentsatu ahal izan duzu. Atzo atzo atzo. Atzo Artemio Cruz Hermosillotik Mexikora joan zen hegazkinez. Bai. Atzo Artemio Cruz... Gaixotu baino lehen, atzo Artemio Cruz... Ez, ez zen gaixotu. Atzo Artemio Cruz bulegoan zegoen eta oso gaixo sentitu zen. Atzo ez. Gaur goizean. Artemio Cruz. Gaixo ez: ez. Ez Artemio Cruz ez. Beste bat. Gaixoaren ohe aurreko ispiluan. Bestea. Artemio Cruz gaixorik dago: ez dago bizirik: ez, bizirik dago. Artemio Cruz bizi izan zen. Bizi izan zen urte batzuk. Urterik ez zuen falta izan: urterik ez ez. Bizi izan zen egun batzuk. Haren bikia. Artemio Cruz. Haren berdina. Atzo Artemio Cruz, hil aurretik egun batzuk besterik bizi izan ez zen hura, atzo Artemio Cruz... Ni naiz... eta beste bat da... atzo...

 

 

ZUK, atzo, eguneroko gauzak egin zenituen. Ez dakizu merezi duen atzokoa gogora ekartzea. Zuk zera gogoratu nahiko zenuke, han, zure gelako erdi ilunpean etzanda, gertatuko dena: ez duzu gertatu dena aurreikusi nahi. Zure erdi ilunpe horretan, begiek gero gertatuko dena ikusten dute, ez dakite iragana iragartzen. Bai; atzo Hermosillotik hegazkinez joango zara; atzo, 1959ko apirilaren 9an, Mexikoko Hegazkin Konpainiako hegaldi erregularra hartuko duzu Sonorako hiriburuan —non izugarrizko beroa egingo duen—, goizeko 9:55ean, eta Mexikora helduko da, Barruti Federalera, 16:30ean puntuan. Tetramotorreko eserlekutik, hiri lau eta gris bat ikusiko duzu, eta pezozko hesi bat bueltan, eta laminazko teilatuak. Azafatak zelofanean bildutako txikle bat eskainiko dizu —batez ere horixe gogoratuko duzu, oso neska polita izango delako (izan behar du, ez ezazu orain den-dena etorkizunean pentsatu), eta Zuk horrelakoetarako beti izango duzu begi ona, nahiz eta adinak gauzak egitera baino, gehienbat, gauzak imajinatzera behartu (gaizki erabiltzen dituzu hitzak: jakina, ez zara sekula horretara behartuta sentituko, nahiz eta hori imajinatu baino ezingo duzun egin): —No Smoking, Fasten Seat Belts— iragarki argiduna piztuko da, noiz ere, Mexikoko goi-lautadan sartzean, hegazkina tupustean eta zakar, aire mehearen gainean mantentzeko gaitasuna galdu izan balu bezala, jaisten hasiko den unean, eta berehalako batean, hegazkina eskuineko alderantz okertuko da, eta fardelak, zakuak eta maletatxoak behera etorriko dira eta oihu handi bat, negar-zotin apal batek etena, altxatuko da, eta sugarrak txinpartaka hasiko dira, harik eta laugarren motorra, eskuineko hegalaren gainean, guztiz gelditzen den arte, eta orduan ere denek oihuka segituko dute, eta Zu izango zara patxada galduko ez duen bakarra; hantxe Zu, zirkinik egin gabe, zure txiklea mastekatzen eta azafataren bernei begira, zeina korridorean atzera eta aurrera ibiliko den, bidaiariak lasaitu nahian. Motorrak sua amatatzeko duen barne sistemak ondo erantzungo du eta hegazkinak arazorik gabe lurra hartuko du, baina inor ere ez zen konturatuko Zu, hirurogeita hamaika urteko agure bat, izan zarela zentzuz jokatu duen bakarra. Zu, inori jakitera eman gabe, zeure buruaz harro egongo zara. Pentsatuko duzu horrenbeste koldarkeria egin eta gero, adorea izatea erraza egiten zaizula. Irri egingo duzu eta zeure buruari esango diozu ezetz, ez, ez dela paradoxa bat: egia hutsa da eta, akaso, egia orokor bat ere bai. Sonorarako bidaia autoz egingo zenuen —Volvo 1959, DF 712 matrikula—, gobernuko pertsona ospetsu batzuek temati jartzea erabakiko zuten eta Zuk bide hori guztia egin beharko zenuen, erosi duzun funtzionario-kate horren leialtasuna egiaztatzeko —funtzionarioak erosi, bai, ez duzu zeure burua hitz politez engainatuko: konbentzitu egingo ditut, limurtu egingo ditut: ez, erosi, erosi egingo dituzu, Sonora, Sinaloa eta Barruti Federala arteko arrain-garraiolariei alkabalak —hemen beste hitz zatar bat— kobra diezazkieten—: Zuk ikuskatzaileei ehuneko hamar emango diezu, eta artekari-multzo horri esker arraina garestituta sartuko da hirira, eta Zuk aterako duzun etekina produktuaren jatorrizko balioa baino hogei bider handiagoa izango da. Gogoratzen setatuko zara eta zeure nahia beteko duzu, nahiz eta hau guztia zure egunkarian ohar gorriz agertzeko modukoa dela iruditu eta pentsatu gogoratzen, azken batean, denbora galdu besterik ez duzula egiten. Baina setatu egingo zara, aurrera egingo duzu. Setatu egingo zara. Beste gauza batzuk gogoratu nahiko zenituzke, baina, batez ere, zure oraingo egoera hau ahaztu nahiko zenuke. Barkamena eskatuko duzu. Oraingoa ez. Gerokoa. Zorabiaturik ekarriko zaituzte etxera; zerraldo eroriko zara zure bulegoan; medikua etorriko da eta esango du diagnostikoa emateko oraindik ordu batzuk itxaron behar dela. Beste mediku batzuk etorriko dira. Ez dute ezer jakingo, ez dute ezer ulertuko. Hitz zailak erabiliko dituzte. Eta Zuk nahi izango duzu zeure burua irudikatu. Zahagi huts eta zimur baten antzera. Kokotsa dardarka izango duzu, usain txarra botako duzu ahotik, usain txarra besapeetatik, usain atsitua hankarte osotik. Hantxe egongo zara, etzanda, bainatu gabe, bizarra kendu gabe: izerdi, nerbio aztoratu eta behar fisiologiko inkontzienteen biltoki izango zara. Baina atzo gertatuko dena gogoratzen setatuko zara. Aireportutik zure bulegora joango zara, eta ziape-gasez betetako hiri batean barrena ibiliko zara, poliziak desegin berri izango du-eta manifestazio hori Caballito plazan. Erredakzio buruarekin lehen orriko tituluak, editorialak eta karikaturak aztertu, eta zeure buruaz oso pozik egongo zara. Zure iparramerikar kidearen bisita izango duzu, eta txarto deituriko sindikatu-garbiketa mugimendu horiek dakartzaten arriskuen berri emango diozu. Haren ondoren, Padilla, zure administratzailea, sartuko da bulegora, eta esango dizu indioak bazterrak nahasten dabiltzala, eta Zuk orduan, Padillaren bitartez, herri-lurren arduradunari indiook beren lekuan ipin ditzala aginduko diozu, lan hori betetzeko ordaintzen diozula eta. Lan asko egingo duzu atzo goizean. Ongile latinoamerikar horren ordezkaria joango zaizu eta erdietsiko duzu zure egunkariari diru-laguntza handiagoa ematea. Gizarte kronikez arduratzen den andreari deitu eta bere zutabean Sonorako negozioetan hainbat buruhauste ematen ari zaizun Couto horren gainean kalumniaren bat idazteko aginduko diozu. Egingo duzu gauzatan! Eta gero Padillarekin eseriko zara, eta zure irabaziak kontatzen jardungo duzu. Primeran pasatuko duzu hori egiten. Zure bulegoko horma oso bat taula batek hartuta egongo da, eta taula horrek zure negozioen nondik-norakoa eta negozio horien elkarren arteko erlazioaren berri emango du: egunkaria, funts-ondasunetako inbertsioak —Mexiko, Puebla, Guadalajara, Monterrey, Culiacán, Hermosillo, Guaymas, Acapulco—, Jáltipanen sufre-domoak, Hidalgoko meatzeak, Tarahumaran egur kontzesioak, hotel-kateko partaidetza, hodi fabrika, arrainaren salerosketa, finantzarien finantzariak, burtsa-operazioen sarea, Ipar Amerikako konpainien lege-ordezkaritzak, burdinbide-jesapenaren administrazioa, erakunde fiduziarioetan aholkulari-karguak, atzerriko enpresetan akzioak —koloratzaileak, altzairua, garbigarriak— eta taulan ez dagoen beste datu bat: hamabost milioi dolar Zurich, Londres eta New Yorkeko banketxeetan. Medikuaren esanei jaramonik egin gabe, zigarro bat piztuko duzu, eta, beste behin, ondasun horiek irabazteko emandako urratsak azalduko dizkiozu Padillari. Epe laburrean eta interes handiekin ordaindu beharreko maileguak Puebla estatuko nekazariei, iraultza ostean; Puebla hiriaren hazkundea aurreikusirik, hiri inguruko lursailak erosi; orduko presidentearen eskuhartze lagungarriari esker, zatikatzeko lursailak lortu Mexiko hirian; egunkari metropolitarra eskuratu; meatze-akzioak erosi eta mexikar-iparramerikar enpresa mistoak sortu, non legearekikoak betetzeko zeu izan zinen izen-mailegatzaile; iparramerikar inbertitzaileen konfiantza osoko pertsona; artekari Chicago, New York eta Mexikoko gobernuaren artean; balore-burtsa maneiatu baloreak puzteko, jaisteko, eta zure nahi eta beharren arabera erosteko, saltzeko; jauja eta behin-betiko baterakuntza Alemán presidentearekin: nekazariei kendutako herri-lurrak eskuratu, barrualdeko hirietan lur zatiketa berriak egiteko, egurra ustiatzeko kontzesioak. Bai —hasperen egin eta Padillari pospolo bat eskatuko diozu—, hogei urtez konfiantza, gizarte-bakea, klasearteko lankidetza; Lázaro Cárdenasen demagogiaren ondoren, hogei urtez aurrerapena, hogei urtez enpresaren interesak begiratzen, hogei urtez meneko buruzagiak, arrakastarik gabeko grebak. Eta orduan eskuak sabel aldera eramango dituzu eta zure buruak, ile urdin kizkurreko, aurpegiazal oliba koloreko zure buru horrek, hots harroa ateraz mahaiaren kristala joko du, eta berriro ikusiko duzu, oraingoan hurbil-hurbiletik, zure biki gaixo horren erreflexua, eta zarata guztiek ihes egingo dute, algaraka, zure burutik, eta jende guzti horren izerdiak inguratu egingo zaitu, jende horren guztiaren haragiak ito egingo zaitu, konortea galaraziko dizu. Islaturiko bikiak bat egingo du bestearekin —beste hori Zu zara—, hirurogeita hamaika urteko agurearekin, zeina aulki birakaria eta altzairuzko idazmakinatzarraren artean egongo den etzanda, konortegabeturik: eta hemen egongo zara, eta ez duzu jakingo zein datu aukeratuko diren zure biografiarako eta zein, ostera, isildu, gordeko diren. Ez duzu jakingo. Datu arruntak dira eta ez zara Zu izango horrelako zerbitzu-orri bat duen lehenengoa ezta azkena ere. Atsegin hartuko zenuen. Hori gogoratuko zenuen eta. Baina beste gauza batzuk, beste egun batzuk gogoratuko dituzu, gogoratu egin beharko dituzu. Egun urrunak dira, hurbilak, ahazmenerantz eramanak, oroitzapenak —aurkitzea eta arbuioa, maitasun igarokorra, askatasuna, gorrotoa, porrota, borondatea— errotulatuak, eta Zuk eman ahal izango dizkiezun izenak baino zerbait gehiago izan ziren eta izango dira: egunak, non zure patua ehiza-txakurraren usaimenaz atzetik joango zaizun, ikusi egingo zaituen, atzemango, bihurtuko hitzen eta ekintzen bidez, materia konplexu, opako, adiposo, zeina bestearekin, ukiezinarekin, materiak xurgaturiko zure gogoarenarekin betiko ehunduta egongo den: irasagar egin berriaren maitasuna, hazten ari diren azazkalen hazinahia, ile galtze geldigaitzaren unadura, eguzkiaren eta basamortuaren malenkonia, plater zikin pilatuen gogogabezia, tropikoko erreken alaitasuna, sableen eta bolboraren izua, izara astiduen galera, zaldi beltzen gaztetasuna, hondartza abandonatuaren zahartasuna, gutun azalaren eta zigiluaren bategitea, intsentsuaren iguina, nikotinaren gaixotasuna, lur gorriaren oinazea, patioaren samurtasuna arratsaldean, objektu guztien espiritua, arima guztien materia: zure oroimenaren ebakia, zeinak erdi biak egiten dituen banatu: bizitzaren soldadura, zeinak berriro egiten dituen lotu, desegin, atzetik segitu, aurkitu: frutak bi erdi ditu: gaur berriro batuko dira: atzean utzi zenuen erdia gogoratuko duzu: patuak aurkitu egingo zaitu: aharrausi egingo duzu: ez da gogoratu behar: aharrausi egingo duzu: gauzak eta gauzon sentimenduak lakainduz joan dira, zatiturik gelditu dira bidean zehar: han, atzean, baratze bat zegoen: hara itzultzerik bazenu, amaieran hura berriro aurkitzerik bazenu: aharrausi egingo duzu: ez zara lekuz aldatu: aharrausi egingo duzu: baratzeko lurraren gainean zaude, baina adar hitsek ukatu egiten dituzte frutak, ubide haustuak ukatu egiten du ura: aharrausi egingo duzu: egunak izango dira desberdinak, berdin-berdinak, aspaldikoak, gaur-gaurkoak: laster dute ahaztu beharrizana, premia, harridura: aharrausi egingo duzu: begiak zabaldu eta hantxe ikusiko dituzu, zure alboan, prestasun faltsu horrekin: haien izenak xuxurlatuko dituzu: Catalina, Teresa: ezin izango dute erabat ezkutatu iruzur eta bortxaren sentimendu hori, gaitzespen suminaren sentimendu hori, zeina, orain, halabeharrez bihurtuko den ardura, maitasun, atsekabe: prestasunaren mozorroa izango da zure gaixoaldiak, zure itxurak, lotsak, besteen begiradak, jarauntsitako ohiturak, ezarriko dien bihurtze horren lehen adierazgarria: aharrausi egingo duzu: Zuk, Artemio Cruzek, Berak: zure egunetan begiak itxita sinetsiko duzu:

 

 

 

© Carlos Fuentes

© itzulpenarena: Zuriņe Goti Artabe

 

 

"Carlos Fuentes / Artemio Cruzen heriotza" orrialde nagusia