Bosgarren atala

Ninive-ko zama

 

Oskorriak Golkoko Korronteko lainoa zulatzen zuen. Kobrezko eztarri dardaratia atzamar zurrunen kaleetan zehar orroka. Etxeorratzen begi luze lausoak. Miniozko zipriztinak bost zubien burdinazko izterren gainera. Portuan, atoiontzi isekariak uluka eta aiko-maiko kezko zuhaitzen azpian.

Udaberria adar-hotsen burrunbatik erraldoi sortzen zen guri ezpainak zimurtuz eta oilo-ipurdia sortaraziz; udaberriak zalaparta ikaragarria ateraz auto geldien kontra jotzen zuen, behatz-puntetan erne zeuden etxe-bloke izoztuen artean.

 

        Artilezko jakaren lepoa belarrietaraino eta bonet ingeles handia begietaraino, Mr. Densch urduri zebilen gora eta behera, Volendam itsasontziko bizkar hezean zehar. Zirimirian gaindi ontziraleku grisak eta urbazterreko eraikinak ikus zitzakeen, garraztasun pentsaezinezko zeruaren kontra. «Porrot eginda nagok, porrot eginda nagok», esaten zuen bere artean etengabe. Azkenean, itsasontziaren adarrak urruma egin zuen hirugarren aldiz. Atzamarrak belarrietan sartuta zeuzkala, Mr. Densch adi zegoen, salbamendu-txalupa batez babesturik, baporearen alde baten eta ontziralekuaren arteko ur zikinaren zerrenda nola zabaltzen zen begira. Beraren oinen azpian, bizkarrak dar-dar egin zuen, helizeek ur-korrenteari haginka egiten ziotenean. Argazki batean bezain gris, Manhattango eraikinak desfilatzen hasi ziren. Beheko bizkarrean, banda O Titin-e Titin-e jotzen ari zen. Ferry gorriak, autoetarako ferryak, atoiontziak, hareaz eta egurrez beteriko gabarrak Mr. Densch-en eta hiri lurrintsuaren artetik igarotzen ziren handios. Hain justu ere, piramide baten antzera, han ageri zen hiria, zut eta lainotsu, badiako ur berde arreetan hondoratzen.

        Mr. Densch bere gelara jaitsi zen. Belo horiko kapela kanpai-itxurako bat jantzirik, Mrs. Densch isilik ari zen negarrez, burua fruta-saski baten gainean bermaturik.

        — Ez, Serena —esan zuen lehor—. Ez egin negar... Marienbad zoragarria da... Atsedena behar dugu. Gure egoera ez da hain txarra. Telegrama bat bidaliko diot Blackhead-i... Azken batean, bere egoskorkeria eta ausarkeriagatik dago enpresa dagoen bezala. Gizon horrek uste du munduko erregea dela... Honek zera... min emango dio. Madarikazioek hiltzeko balio balute, ni bihar hilda egongo nintzateke.

        Beraren harridurarako, bere aurpegiaren lerro grisak puskatu egin ziren irribarre bat osatuz. Mrs. Denschek burua jaso eta ahoa ireki zuen hitz egiteko, baina malkoek ez zioten utzi. Mr. Denschek bere buruari ispiluan begiratu, sorbaldak tentetu eta boneta doitu zuen.

        — Bai, Serena —esan zuen halako bizitasun-kutsu bat erakusten zuen ahotsaz—, hauxe da nire karreraren bukaera... Telegrama hori bidaltzera noa.

 

 

        Amak bisaia beheratu eta Martini musu eman zion. Umearen eskuek soinekotik heldu zioten, baina amak alde egin zuen Martin ilunpean utzita, eta bere atzean ilunpean utzitako lurrin arinak Umeari negar eragin zion. Martin txikia bihurrika ari zen sehaskaren barren artean. Beste aldean iluntasuna, eta harantzago hormak, eta are harantzago helduen iluntasun ikaragarria, zalapartari eta dardarati, leihoetan gora eta atearen zirrikituetan hatzak sartuz. Goialdetik, gurpilen kalapita isilaraziz, zintzurra estutzen zion auhen lazgarri bat zetorren. Martinen gainean pilatutako iluntasunezko piramideak buru gainera erortzen hasi zitzaizkion. Umeak oihu egin zuen negar-zotinka. Ezez sehaskara hurbildu zen argizko salbamendu-txalupa batean. «Ez beldurtu... ez duk ezer». Amaren aurpegi beltzak irribarre egin zion, amaren esku beltzek tapakiak zabaldu zizkion. «Suhiltzaile-kamioi bat besterik ez duk izan... Ez haiz beldurtuko suhiltzaile-kamioi batengatik».

 

 

        Ellen eroso eseri zen taxian eta lipar batez begiak itxi zituen. Bainuak eta ordu erdiko biaoak ezin zizkioten gogotik ezabatu bulegoaren oroitzapen etsigarria, haren usaina, idazmakinen hotsa, hamaika aldiz errepikatutako esaldiak, aurpegiak, orri mekanografiatuak. Unaturik sentitzen zen. «Seguru asko betazpiak izango ditinat». Taxia gelditu egin zen. Aurreko semaforoan argi gorri bat zegoen. Bosgarren Etorbidea taxi, limusina eta autobusez beterik zegoen, espaloietaraino. Berandu zebilen; erlojua etxean utzia zuen. Minutuak lepotik dilindan zituen, astun-astunak, orduak bailiran. Jarlekuaren ertzean eserita, ukabilak hain gogor zituen hertsita ezen eskularruak zeuzkan arren azazkal zorrotzak bere ahurrean iltzaturik sentitzen baitzituen. Azkenean, taxia abian jarri zen bat-batean. Gasolina-bafadak, motoreen zalaparta. Ibilgailu piloa Murray Hill-en gora igotzen hasi zen. Kale-kantoi batean Ellenek erloju bat begiztatu zuen. Zortziak laurden gutxi. Trafikoa berriro gelditu zen, taxiaren balaztek kirrinka egin zuten eta bat-batean Ellenek aurrerantzako bultzada bat sentitu zuen. Begiak itxita eta lokiak taupadaka, berriro zuzen eseri zen. Bere nerbio guztiek haragia ebakitzen ziotela zirudien, altzairuzko alanbre mehearen mataza bailiran. «Zer axola du?», galdetu zuen berekiko. «Itxaron dezala. Ez dinat bera ikusteko presarik. Zenbat etxe-bloke falta dira?... Hogei baino gutxiago, hemezortzi. Ezbairik gabe, zenbakiak inor erotu ez zedin asmatu zitunan. Biderkatzeko taulak Coué-k baino hobeto sendatzen ditin nerbioak. Horixe pentsatuko bide zian Peter Stuyvesant-ek, edo hiri honetan zenbakiak ezarri zituenak». Ellenek irribarre egiten zion bere buruari. Taxia berriro abian jarri zen.

        George Baldwin harat-honat zebilen hoteleko atariondoan zehar, zigarroari zupada laburrak jotzen zizkion bitartean. Noizbehinka erlojuari begiratzen zion. Gorputza teink zuen biolin-soka baten antzo. Goseturik zegoen eta gauza asko zituen esateko. Ezin zuen jasan inoren zain egotea. Ellen fresko, lirain eta irribarretsu sartzeaz batera, Baldwini gogoa etorri zitzaion harengana oldartu eta matrailako bat emateko.

        — George, ohartu zara ez gaudela zoraturik zenbakiak guztiz hotzak eta axolagabeak direlako? —esan zuen zapladatxo bat besoan jotzen zion bitartean.

        — Berrogeita bost minutu aski da inor erotzeko, hori da nik dakidana.

        — Azaldu egingo dizut. Sistema ona da. Taxian nentorrela horretaz pentsatu dut... Sartu eta eskatu nahi duzuna. Bainugelara noa apur batean... eta eskatu Martini bat niretzat, mesedez. Gaur gauean porru eginda nago, porru eginda, benetan.

        — Gajoa, oraintxe bertan eskatuko dizut... Eta etorri azkar, mesedez.

        Ahuleziaren ahuleziaz, Baldwini belaunak okertu egiten zitzaizkion. Apaingarri urreztatuz gainezka zegoen jantoki hartan sartzean, urtzen ari zen izotza bezala sentitzen zen. «Jainko maitea, hamazazpi urte bahitu bezala ari haiz jokatzen... hainbeste urte pasata... Horrela ez hoa inora...»

        — Tira, Joseph, zer duzu gaur afaltzeko? Gose naiz... Baina lehenengo esaiozu Fred-i inoiz egin duen Martinirik onena egiteko.

        — Très bien monsieur —esan zuen errumaniar zerbitzari sudurluzeak, eta karta luzatu zion keinu nabarmen bat eginez.

        Ellen luzaro geratu zen ispiluari begira. Aldi berean, aurpegi hautseztatuegia garbitzen ari zen, zer egin pentsatzen zuen bitartean. Giltza gogotik emanda, alegiazko panpina bat posizio desberdinetan paratu zuen. Keinu txiki batzuk eginarazi zizkion, eszenatoki txiki batean balego bezala. Ellen bera zen panpina. Halako batean, ispilutik aldendu egin zen, bere sorbalda zuriegiak jasota, eta jantokira ziztuan abiatu zen.

        — O, George, goseak akabatzen nago.

        — Ni ere bai —esan zuen ahots lakarraz—. Eta Elaine, albisteak ekarri ditut zuretzat —jarraitu zuen tarrapataka, Ellenek etengo ote zion beldurrez edo—: Cecilyk dibortzioa onartu du. Uda honetan Parisen konponduko dugu auzi hau, zaratarik atera gabe. Orain zera jakin nahi dut ea...?

        Ellen makurtu eta eskua ferekatu zion, mahai ertzari tinko heldurik baitzeukan.

        — George, lehenengo eta behin, afaldu dezagun. Zentzuz jokatu behar dugu. Jainkoak daki biok ere oker askotxo eginak ditugula iraganean... Topa dagigun krimen-boladaren alde!

        Koktelaren apar infinitesimalak mihia eta eztarria leundu eta barnean dir-dir egiten zion Elleni, arian-arian, bere baitan halako bero gozo bat sortaraziz. Begiak distiratsu, Ellenek irribarreka behatu zion. Georgek zurrutada batez edan zuen koktela.

        — Jainko maitea, Elaine —esan zuen Baldwinek eutsi ezinezko grinaz—, zeu zara munduko gauzarik ederrena!

        Ellenek afarian izugarrizko hotza sentitu zuen, bere baitan gero eta barrurago, nobokainak eragindakoa bailitzan. Erabaki bat hartua zuen. Bazirudien azkenean lortu zuela bere irudia bizitzaren argazkian behar bezala kokatzea; irudia han izozturik egongo zen, beti jarrera berean. Garraztasunak lepoa estutu eta pixkanaka-pixkanaka itolarria eragiten zion, zetazko zerrenda ikustezin baten iduri. Plateretatik, boli arrosazko lanparatik eta ogi-pusketetatik harantzago, Georgeren aurpegiak gora eta behera egiten zuen bere alkandoraren papar zuriaren gainetik. Abokatuari masailak gorriztatzen ari zitzaizkion. Gelako argia sudurraren alde batean zein bestean paratzen zitzaion, txandaka. Bere hortz horien gainean, ezpain gogorrak zirtolari higitzen zituen. Eserita eta hankak gurutzaturik, Ellen bere gorputzaren zurruntasunaz jabetu zen, bere arroparen azpian portzelanazko irudi bat bailegoen. Bazirudien inguruan zuen guztia gogortzen eta esmalteztatzen ari zela. Giroa, zigarroen keak urdinez pitzaturik, beirazko bihurtzen ari zen. Ellenen aurrean, Georgek zurezko bere txontxongilo-aurpegia inarrosten zuen zentzurik gabe. Dardarati, Ellenek soinak goratu zituen.

        — Zer duzu, Elaine? —galdetu zuen ozenki Baldwinek.

        Ellenek gezurra esan zuen:

        — Ezer ez, George... Norbaitek hilobia zapaldu dit, nik uste.

        — Xalen bat-edo ekarriko dizut?

        Ellenek ezetz egin zuen buruaz.

        — Tira, orduan zer erantzuten didazu? —galdetu zuen Baldwinek mahaitik altxatzen ari zirela.

        — Zer? —galdetu zuen Ellenek irribarreka—. Parisekoaren ondoren? George, zuk hori egitea baduzu, nik ere bai —erantzun zuen Ellenek lasai.

        Taxiaren ate irekiaren aurrean, Baldwin zeukan itxaroten. Inguru ilun hartan, Ellenek abokatua gazterik ikusi zuen, bizi, feldrozko kapela nabarra eta beroki arin nabarra jantzirik eta irribarreka, igandeko egunkarietan ageri ohi diren gizon-emakume ospetsuak bezala. Mekanikoki, taxian sartzen laguntzen ari zitzaion eskuari oratu zion.

        — Elaine —esan zuen hunkituta—, bizitzak nolabaiteko esanahia izango du hemendik aurrera. Bazeneki zeinen hutsa izan den nire bizitza urte askoan! Halako latorrizko jostailu mekaniko bat izan naiz, barnea guztiz hutsa duena.

        — Ez dezagun hitzik egin jostailu mekanikoez —esan zuen Ellenek ahots itoaz.

        — Ez, geure zoriontasunez hitz egin dezagun —erantzun zuen Baldwinek.

        Halabeharrez, bien ezpainak elkarren kontra estutu ziren. Taxiaren beirazko leiho dardaratietatik harantzago, ito-hurren bailegoen, Ellenek nahi gabe ikusi ahal izan zituen bisaia iheskorrak, farolak eta nikelezko gurpil zalapartariak.

 

 

        Burua esku artean, laukiekiko bonetadun agurea harrizko eskaileretan eserita zegoen. Broadwayren isla distiratsuak bizkarrei itsatsita, jende-errekasto etengabeak igarotzen ziren agurearen aurretik. Denak antzokietarantz zihoazen. Agurea negar-zotinka ari zen hatzen artetik, gin-lurrin garratz batez inguraturik. Aldian behin burua jaso eta ahots zakarrez oihu egiten zuen: «Ezin diat, ez al duzue ikusten ezin dudala?». Ahotsa ez zen gizaki batena; arrailtzen ari den ohol baten karraska zirudien. Oin-hotsak azkartu egiten ziren. Adin ertaineko jendea beste aldera begira. Agurea ikustean, bi neskak inozoki barre egin zuten. Jendetza ilunaren baitan, mutil barrabas batzuk alde guztietara begira zebiltzan, ukondoaz elkar jota. «Hootch arlotea». «Ederra jasoko dik kale-kantoiko polizia hemendik pasatzen denean». «Alkohola debekaturik». Agureak bere aurpegi hezea altxatu eta begiratu egin zuen, begiak gorri-gorri, soraio. Jendeak atzerantz jo zuen atzetik zetozenak zapalduz. Pitzatzen ari den oholaren modura, ahotsak kraska egin zion: «Ez al duzue ikusten ezin dudala?... Ezin diat... Ezin diat».

        Alice Sheffield-ek ehun-usaina sumatu zuen Lord&Taylor's-en ateak zeharkatzen ari zen emakume-andana batek berarekin eraman zuenean. Halako batean, zerbaitek jauzi egin zion buruan. Lehenik, eskularruen salmahairantz jo zuen. Saltzailea oso neska gaztea zen eta betile beltz luzeak eta irribarre zoragarria zituen. Moda iraunkorrez mintzatu ziren; bitartean, Alice zerrenda txiki batekiko eskularruak probatzen ari zen, antxume-larru gris eta zurizko eskularruak. Probatu aurretik, neska saltzaileak eskularruen barrualdea biziki hautseztatu zuen lepo luzeko hautseztagailu batez. Alicek sei pare eskatu zituen.

        — Bai, Mrs. Roy Sheffield... Bai, kontua irekita daukat... Hemen duzu nire txartela... Gauza pilo bat bidali behar didate.

        Alice Sheffieldek bere artean esan zuen: «Bai zentzugabea nik negu osoa halako zirtzilak jantzita eman izana!... Kontua datorrenean, Royk nola edo hala ordaindu beharko din. Garaia din negar-zotinak alde batera uzteko. Jainkoak zakin nik zenbat kontu ordaindu dizkiodan». Gero, haragi-koloreko zetazko galtzerdiak aztertzeari ekin zion. Dendatik irtetean, burua bueltaka zerabilkion. Artean lausoturik ikusten zituen langar bioleta elektrikoan aienatutako salmahai luzeak, bordatu txirikordatuak, borlak, zeta tindatuak. Udako bi jantzi eta gaueko xal bat eskatuak zituen.

        Maillard's-en, buru konikoa zuen gizon ingeles ilehori garai bat zeukan itxaroten. Sudur luzearen azpian, iztupa-koloreko bibote baten punta zorrotzak ageri ziren.

        — O, Buck, izugarri ondo pasatzen ari naiz. Lord&Taylor's-en burua galdu dut. Ba al dakizu urte eta erdi zela soineko bat bera ere erosten ez nuela.

        — Gajoa —esan zuen mahai batera zeraman bitartean—. Hitz egidazu horretaz.

        Halako batean, Alice astunki eseri zen kexaka.

        — O, Buck, asper-asper eginda nago honetaz... Ez dakit noiz arte jasan ahal izango dudan.

        — Zera... ba... nik ez dut ezeren errurik... Zuk ondotxo dakizu nik zer nahi dudan zuk egitea.

        — Eta hori egingo banu?

        — Primeran!... Zein zoriontsu izango ginatekeen!... Baina zerbait hartu behar duzu, salda apur bat-edo. Indarberritu egin behar duzu.

        Inozoki barre egin zuen emakumeak.

        — Zeu zara nik behar dudana, maitea.

        — Tira, zergatik ez goaz Calgary-ra? Hango ezagun batek lana emango didala uste dut.

        — Goazen azkar. Berdin zait arropa eta hori guztia... Royk dena bueltan eraman dezake Lord&Taylor's-era... Ba al duzu dirurik, Buck?

        Ahalkea masaileratu eta lokietan barna hedatu zen Buck-en belarri lau gorabeheratsuetaraino.

        — Aitortzen dut, Al maitea, ez dudala sosik ere. Baina bazkaria bai ordain dezaket.

        — Zer arraio! Txeke batekin ordainduko dut. Kontua bion izenean dago.

        — Biltmore-n horrela ordain dezakegu. Han ezagutzen naute. Kanadara iristen garenean, dena ondo joango da, benetan diotsut. Erregearen lurretan Buckminster abizenak pisu handiagoa du Estatu Batuetan baino.

        — Badakit, maitea; New Yorken dirua da dena.

        Bosgarren Etorbidean gora zihoazela, ustekabean emakumeak besotik heldu zion.

        — O, Buck, zerbait benetan ikaragarria kontatu behar dizut. Pot eginda utzi ninduen... Gogoan duzu zer esan nizun geure pisuan zegoen kiratsari buruz. Guk uste genuen arratoiak zirela. Gaur goizean hitz egin dut beheko pisuan bizi den emakumearekin... Horretaz pentsatze hutsak gaixorik jartzen nau. Aurpegi berdea zuen, autobus hori bezalakoa... Itxura denez, ikuskatzaile bat ekarri zuten hodieriak aztertzeko... Goiko pisuko emakumea atxilotu dute... O, higuingarriegia da. Ezin dizut kontatu... Ez naiz sekula hara itzuliko. Hori eginez gero, bertan hilko nintzateke... Atzo egun osoan ez zen ur-tanta bat bera ere izan han.

        — Zer gertatu zen ba?

        — Guztiz nazkagarria da.

        — Tira, hasi mihia astintzen.

        — Baina, Buck, etxera itzulita ez zaituzte ezagutuko, Orpen Manor-en.

        — Baina zer gertatu zen?

        — Goiko pisuko emakume batek ezlegezko ebakuntzak egiten zituen, abortuak... Horrexek buxatu zuen hodieria.

        — Ene Jainkoa!

        — Horixe izan zen azken tanta... Eta Roy leloturik bere egunkari madarikatua irakurtzen ari zen kiratsaren erdian, bere ergel-aurpegi horrekin.

        — Neskato gajoa!

        — Baina, Buck, nik ezin dizut berrehundik gorako txekerik eman... Hainbeste diru ez dago. Aski izango al da Calgary-ra iristeko?

        — Hola-hola... Montrealen gizon bat ezagutzen dut eta horrek gizarte-albisteeen kronikari-lanpostu bat lortuko dit... Lanbide nazkagarria, baina ezizena erabil dezaket... Gero, hanka egingo dugu zera dugunean, behar beste lehengaia, zuk diozun bezala... Txeke hau orain kobratuko al dugu? Zer deritzozu horri?

        Emakumea zain geratu zen argibide-leihatilaren ondoan, Buck txartelak ateratzera joan zen bitartean. Alice bakarrik sentitzen zen, txikia, geltokiaren ganga handi zuriaren azpian. Royrekin bizi izandako guztia bere begien aurretik igarotzen ari zen, alderantziz emandako pelikula baten modura, gero eta arinago. Buck zoriontsu eta larderiatsu zetorren, eskuak billetez eta tren-txartelez beterik zituela.

        — Zazpiak eta hamar arte ez dago trenik, Al —esan zuen Buckek—. Palace zinemara joango bazina eta leihatilan sarrera bat utziko bazenit... Bitartean ni neure maletaren bila joango naiz lasterka. Segundo bat besterik ez da... Hemen dituzu bost dolar.

        Buck joana zen eta Alice bakarrik zihoan Berrogeita Hirugarren Kalean zehar, maiatzeko arratsalde sargoritsu hartan. Arrazoiren bat zela medio negarrez hasi zen. Alicek ezin zion negarrari eutsi, jendearen begiak harengan finkatuta bazeuden ere. Temati segitu zuen bidean aurrera, begitartea malkotan blai zuela.

 

 

        — Lurrikaren kontrako asegurua. A zer izen modua ipini dioten! Zerbitzu ederra emango die Jainkoaren amorruak, hiria liztotzar-habia bailitzan ketzen duenean, egun hartan hiria indarrez hartu eta katuak sagua bezala astintzen baitu... Lurrikaren kontrako asegurua!

        Joek eta Skinnyk nahiago izango zuten gizon hark ospa egin izan balu. Belarri aldeko bizarrak botilak garbitzeko eskuilak bezalakoak zituen; euren suaren inguruan zegoen, zutik, purrustaka eta oihuka. Bietako batek ere ez zekien eurekin ala bere buruarekin ari ote zen hizketan. Bertan ez bailegoen jokatzen zuten eta urdaiazpiko-puska bat prestatzeko lanetan jarraitu zuten aterki zahar baten hagatxo batzuk parrila gisa erabilita. Beherago, loratzen ari ziren zuhaitzen sare hori-berdexkatik harantzago, Hudson ibaia ikusten zen, arrastiriak zilarreztaturik, bai eta Manhattango etxeek eratzen zuten itsas-labar zuria ere.

        — Ez esan ezer —xuxurlatu zuen Joek, lokian kolpetxo batzuk jotzen zituen bitartean—. Burutik eginda zagok.

        Skinnyri hotzikara batek zeharkatu zion bizkarra. Ezpainak gero eta hotzago sumatzen zituen. Lasterka egiten hasi nahi zuen.

        — Urdaiazpikoa da? —galdetu zuen bat-batean gizonak ahots onberaz.

        — Bai jauna —erantzun zuen Joek dardaratsu isilune baten ondoren.

        — Ba al dakizue Jainkoak bere seme-alabei debekatu ziela txerrikia jatea?

        Haren ahotsa berriro garrasi eta deitore bilakatu zen.

        — Gabriel, Gabriel anaia... Bidezkoa da ume horiek urdaiazpikoa jatea?... Bai, noski. Gabriel aingerua lagun handia diat... Berak dioenez, oraingo honetan ez duk ezer gertatuko, baina berriro egiten baduzue... Kontuz, motel, urdaiazpikoa erreko zaik eta —Skinny zutitua zen—. Eseri motel, ez diat ezer txarrik egingo. Ni ondo konpontzen nauk umeekin. Jainkoak eta biok oso gogoko ditiagu umeak... Nire beldur zarete arlotea naizelako, ez da egia? Tira ba, zerbait esango dizuet: ez zaitezte inoiz arloteen beldur izan. Arloteek ez dizuete inoiz gaiztakeriarik egingo, jende ona duk. Jainkoa arlotea zuan, Lurrean bizi zen bitartean. Nire lagun Gabriel aingeruak ziok behin baino gehiagotan arlotea izan dela... Begira, oilasko frijitu apur bat zaukaat, atso beltz batek eman zidana... Ene Jainkoa!

        Marmarka, haitz baten gainean eseri zen bi mutilen ondoan.

        — Bada, guk indiarretan jolasteko asmoa genuen, baina orain uste dut arloteetan jolastuko garela —esan zuen Joek bere burua pitin bat suspertuz.

        Arloteak beroki berdexkaren poltsikotik egunkari-paperean bildutako fardel bat atera zuen eta kontu handiz zabaltzen hasi zen. Urdaiazpikoa oso usain gozoa isurtzen hasi zen. Skinny berriro eseri zen, albait urrunen, baina ezertxo ere ez galtzeko bezain hurbil. Arloteak bere oilaskoa zatikatu zuen eta denak elkarrekin hasi ziren jaten.

        — Gabriel lagun maitea, begira honi.

        Arloteak berriro garrasika abesteari ekin zion eta mutilak berriro beldurtu egin ziren. Ilunabarra hur zegoen. Ahoa beterik, arlotea garrasika ari zen, oilasko-hanka batez Riverside Drive-ren argizko ohol dirdaitsua seinalatzen zuen bitartean.

        — Gelditu hemen unetxo batez eta begiraiok, Gabriel... Begiraiok mari purtzil horri eta barkatu hitz egiteko modu hau. Lurrikaren kontrako asegurua. Baditek horren premia, ezta? Ba al dakizue, lagunok, zenbat denbora behar izan zuen Jainkoak Babelgo dorrea suntsitzeko? Zazpi minutu. Ba al dakizue zenbat denbora behar izan zuen Jainkoak Babilonia eta Ninive suntsitzeko? Zazpi minutu. New Yorkeko etxe-bloke batean ustelkeria handiagoa zagok Niniveko milia karratu batean baino. Eta zenbat denbora uste duzue beharko duela New York, Brooklyn eta Bronx suntsitzeko? Zazpi segundo. Zazpi segundo... Aizak, motel... nola duk izena hik?

        Ahotsa berriro beheititu eta oilasko-hanka Joerenganantz zuzendu zuen.

        — Joseph Cameron Parker... Union-en bizi gara.

        — Eta hik?

        — Antonio Camerone... baina Skinny deitzen didate. Hau lehengusua dut. Bere familiak lehen abizena kendu eta Parker hartu zuen.

        — Alferrik duk abizena aldatzea... ezizen guztiak idatzita zaudek epaiketaren liburuan... Eta benetan diotsuet Jainkoaren eguna hurbil dagoela... Atzo bertan Gabrielek esan zidaan: «Tira Jonah, suntsituko al dugu?». Eta nik erantzun: «Gabriel lagun maitea, kontuan izan emakumeak, neska-mutilak eta ume gizajoak, horiek ez baitute ezeren errurik. Lurrikara batez suntsitzen baduk, zerutik sua eta sufrea bidaltzen badituk, horiek guztiak hilko dituk, aberatsak eta bekatariak hilko diren bezalaxe». Orduan, berak esan zidaan: «Ondo zagok, Jonah, lagun zahar hori, nahi duan bezala... Astebete edo bi aste gehiago emango zizkieagu...». Baina ikaragarria duk pentsatzea, mutilok, nolakoak izango diren sua, sufrea, lurrikara, uholdeak eta elkarren gainean eroritako eraikin garaiak.

        Halako batean, Joek zaplada bat jo zion Skinnyri bizkarrean.

        — Gero arte Bonaparte! —esan zuen eta arineketan joan zen.

        Skinnyk atzetik segitu zion, estropezuka, bidezidor meharrean zehar, zuhaixken artetik. Asfaltora iristean harrapatu zuen.

        — Tipo hori burutik zagok —esan zuen.

        — Isilduko al haiz? —eten zuen Joek zuhaixken artetik atzera begira.

        Artean euren suaren kea ikusten zuten zerua atzean zuela. Handik ezin zezaketen arlotea ikusi. Haren ahotsa ozta-ozta heltzen zitzaien, deika: «Gabriel, Gabriel». Arnasestuka korrika abiatu ziren bata bestetik distantzia berberera zeuden kaleko arku boltaiko lasaigarrietarantz.

 

 

        Jimmy Herf albo batera baztertu zen kamioi bati pasatzen uzteko. Lohi-babesak pitin bat ukitu zion kapusaiaren behealdea. Lipar batez, tren jasoaren habe baten atzean gelditu zen, sustoa pasatzen zitzaion bitartean. Limusina baten atea ziplo ireki zen haren aurrean eta ahots ezagun bat aditu zuen, tankerarik hartu ezin bazion ere.

        — Igo Mr. Erf... Nonbaitera eramango zaitut?

        Autoan birritan pentsatu gabe sartu bazen ere, Rolls-Royce baten barruan zegoela ohartu zen.

        Autoaren barruko ahotsa gizon sendo musugorri batena zen, Congorena.

        — Eseri, Mr. Erf... Oso pozik nago zu ikusteaz. Nora zoaz ba?

        — Inora ere ez.

        — Etorri nire etxera, zerbait erakutsi nahi dizut. Zer moduz doa dena?

        — Oso ongi. Ez... zera... egia esanda, gorriak pasatzen ari naiz, baina berdin da.

        — Bihar agian kartzelara joango naiz... sei hilabete... baina agian ez.

        Congo algara egin eta kontu handiz luzatu zuen ordezko hanka.

        — Hortaz, azkenean harrapatu zaituzte, Congo?

        — Konspirazioa izan da... Baina orain izena aldatu dut, Mr. Erf. Hemendik aurrera Armand nauzu. Orain ezkonduta nago. Armand Duval, Park Avenue.

        — Eta Coulommiers-eko Markesa?

        — Hori negozioetarako baino ez da.

        — Hortaz, gauzak ondo doaz, ezta?

        Congok baietz egin zuen buruaz.

        — Atlantara joaten banaiz, eta ezetz espero dut, sei hilabetetan aberasturik irtengo naiz kartzelatik... Mr. Erf, dirua behar baduzu, aski da hitz bat... Mila dolar utziko dizkizut. Bost urtetan ordainduko didazu eta kito. Ezagutzen zaitut.

        — Eskerrik asko, baina ez dut dirurik behar, horixe da okerrena.

        — Zer moduz zure emaztea?... Bai emakume ederra!

        — Dibortziatu egin behar dugu... Gaur goizean bidali dizkit paperak... Ezin zitekeen besterik espero hiri madarikatu honetatik.

        Congok haginka egin zien bere ezpainei. Gero, Jimmyri eztiki ukitu zion belauna atzamar erakusleaz.

        — Minutu batean etxean gaude... Zerbait oso ona emango dizut edateko... Bai, itxaron! —oihu egin zion Congok txoferrari.

        Urrezko heldulekua zuen makila batean bermaturik sartu zen, herrenka, etxearen marmol arrosazko hallean. Igogailuan gorantz zihoazela esan zuen:

        — Afalduko duzu gurekin?

        — Uste dut gaur gauean ezin izango dudala, Cong... Armand.

        — Sukaldari bikaina dut... New Yorkera etorri nintzen lehenengo aldian, duela hogei bat urte, tipo bat zegoen itsasontzian. Hauxe da atea, begira: «A. D.», Armand Duval. Berak eta biok elkarrekin ihes egin genuen eta berak beti esaten zidan: «Armand, hik ez duk sekula arrakastarik izango, alferregia haiz, emakoiegia...». Orain nire sukaldaria da... lehen mailako chef bat, cordon bleu, e? Bizitza oso gauza bitxia da, Mr. Erf.

        — Hau bai ederra, arranopola! —esan zuen Jimmy Herfek edontzi bat Bourbon eskuetan zuela, aulki espainiar baten bizkar garaiaren gainean erdi etzanda, intxaurki beltzezko bibliotekan.

        — Congo... zera... Armand, Jainkoa banintz eta erabaki beharko banu hiri honetako zeinek irabazi beharko lukeen milioi bat dolar, zin egiten dizut zeu aukeratuko zintuzkedala.

        — Beharbada andrea orain etorriko da. Oso ederra, ikusiko duzu —atzamarrez buruaren inguruan mugimendu biribilak eginez emakumearen kizkurrak irudikatu zituen—. Ile hori asko —bat-batean bekokia zimurtu zuen—. Baina Mr. Erf, ezin dizut ezertan ere lagundu? Diruz edo? Esaidazu zeuk, e? Hamar urte dira oso lagun onak garela... Gehiagorik edan nahi?

        Hirugarren basokada Bourbon edanda, Herf hizketan hasi zen. Congok ezpainak erdi irekirik entzuten zion, burua lantzean behin higitzen zuela.

        — Armand, zu eta bion arteko desberdintasuna zera da: zuk gero eta gizarte-maila hobea duzun bitartean, nik gero eta txarragoa dudala... Zu bapore bateko laguntzailea zinen garaian, ni aberaskumea nintzen, paper murtxikatuaren itxurako aurpegia nuen eta Ritz-en bizi nintzen. Gurasoek intxaurki ilunari eta Vermont-eko marmolari gustua hartua zieten; etxea Babilonia bezain handiosa zen... Gauzak horrela daude, nik ezin dut ezer egin... Emakumeak arratoiak bezalakoak dira, hondoratzen ari den ontzitik azkar alde egiten dutelako. Barrutiko fiskal izendatu berri duten Baldwin horrekin ezkontzeko asmoa du. Baldwin hori prestatzen ari omen dira hautagai-zerrenda erreformista batu bateko alkategaia izateko... Boterearen ilusioa, horixe du akuilutzat. Emakume guztiek horrekin egiten dute amets. Zerbaitetarako balio izango lidakeela uste izango banu, hitz ematen dizut milioi bat dolar irabazteko adina kemen badudala... Baina orain diruan ez dut pizgarririk aurkitzen. Zerbait berria behar dut, desberdina... Zure semeak horrelakoak izango dira, Congo... Ganorazko heziketa jaso izan banu eta garaiz hasi izan banintz, gaur egun agian zientzialari handia izango nintzateke. Jarrera sexualagoa izan banu, artista edo agian erlijiosoa izango nintzateke... Baina hemen nago, Jainko maitea, ia hogeita hamar urterekin eta bizi izateko gogoz beterik... Behar bezain erromantikoa banintz, aspaldi neure buruaz beste egingo nukeen, jendeak nitaz hitz egin zezan besterik ez bada ere. Gaur egun mozkorti arrakastatsua izateko itxaropena ere galdua dut.

        — Nik uste dut, Mr. Erf —esan zuen Congok, irribarre txiki bat eginez, edontzi txikiak berriro betetzen zituen bitartean—, zuk gehiegi pentsatzen duzula.

        — Bai noski, Congo, hala da, noski. Baina zer arraio egingo diogu ba?

        — Tira, diru apurren bat behar duzunean, Armand Duval-ez gogoratu... Beste trago bat nahi?

        Herfek ezetz egin zuen buruaz.

        — Ez, alde egin beharra daukat... Laster arte, Armand.

        Marmolezko zutabeekiko hallean Nevada Jonesekin topo egin zuen. Emakumea orkideoz apainduta zihoan.

        — Kaixo Nevada, zertan ari zara hemen, bekatuaren jauregi honetan?

        — Hemen bizi naiz... Zer uste zenuen zuk?... Lehengo egunean zure lagun batekin ezkondu nintzen, Armand Duvalekin. Nahi duzu berarekin hitz egin?

        — Oraintxe egon naiz berarekin... Tipo jatorra da.

        — Dudarik gabe.

        — Zer egin zenuen zuk Tony Hunter txikiarekin?

        Nevada hurbildu egin zitzaion eta ahapeka hitz egin zion.

        — Ahaztu bera eta bion artekoa... Hori bai alkohol-kiratsa daukazuna!... Tony Jainkoaren akatsetako bat da, nik ez dut inolako zerikusirik berarekin... Egun batean, nire jantzi-gelan ezin urduriago aurkitu nuen: beldur zen akrobata batekin desleiala izango ote zitzaidan. Nik esan nion hobe zuela berarekin joatea eta hortxe bukatu zen dena... Baina, benetan diotsut, orain ezkon bizitzako zorionaz hordituta nago. Hala da. Hortaz, kontuz ibili eta ez egin Tony eta Baldwini buruzko aipamenik Armanden aurrean... berak ondotxo badaki ere ni ez nintzela eskaiolazko ama birjina... Zergatik ez zatoz gora gurekin bazkaltzera?

        — Ezin dut... Zorte on, Nevada.

        Whiskyaren beroa sabelean eta atzamarrak inurriturik, Jimmy Herf zazpietan iritsi zen Park Avenuera, non taxien burrunba eta gasolinak, jatetxeek eta arrastiriak isuritako usaina nahasten baitziren.

 

 

        James Merivale Metropolitan Clubera zihoan lehenengo aldia zen, han bere aurkezpena egin zuenez geroztik. Lehenago beldur zen hori zaharren kontua zela, makila erabiltzea bezalaxe. Leiho ondoko larruzko besaulki batean eserita, hogeita hamabost zentaboko zigarro bat erretzen ari zen, Wall Street Journal egunkaria belaun gainean eta Cosmopolitan-en alde bat eskuineko izterraren gainean ezarrita. Begiak argiz zipriztindutako gau gardenean noragabeturik, James Merivale bere ametsetan pulunpatu zen. Krisialdi ekonomikoa... Hamar milioi dolar... Gerraren krisiaren ondoren... A ze hondamena! BLACKHEAD&DENSCH-EK BEHEA JO DU 10.000.000 DOLAR GALDU ONDOREN... Duela zenbait egun Densch atzerrira joan zen... Blackhead bakarturik Great Neck-en duen etxean. New Yorkeko inportazio eta esportaziorako enpresarik zaharrenetako eta prestigiotsuenetako bat... 10.000.000 dolar. O, it's always fair weather When good fellows get together. Hauxe da bankuen abantaila. Defizita gertatu arren, dirua eskuragarri dago, bermeak direla eta. Merkataritza-proposamenetan arrisku-marjina egoten da beti. Batzuetan izaten dugu proposamenik eta besteetan ez, ezta Marivale?». Horixe esan zian Perkins zaharrak, Cunningham-ek Jack Rose koktel hura prestatzen zion bitartean... With a stein on the tabul And a good song ri-i-inging clear. Kontaktu ona duk mutil hori. Azken batean, Maisiek bazekian zertan ari zen. Horrelako egoera batean dagoen gizon bat txantajeatua izan daitekek. Bai leloa! Salaketa ez jartzea ere!... «Neska hori burutik dago», esan zian Cunningham-ek, «izen bereko beste gizon batekin ezkonduta dago...». Horrelako emakume batek eroetxean egon behar likek. Eta ni Cunningham erruduna zelakoan... Inguruabarrek guztiz argi utzi ditek errugabea dela, amak ere sinetsi zian hori. O Simbad was in bad in Tokio and Rome kantatu ohi zian Jerryk. Jerry gajoa, ez zuan sekula gustura sentitzen Metropolitan Clubeko beheko pisuan... Jakina, jatorri apalekoa... Jimmy bezala... berak aitzakia hori ere ez zaukak... porrotetik porrotera, hasieratik deskalabrua. Oker ez banago, Jimmyren aita apur bat ganorabakoa zuan, kirolaria zuan... Amak esaten zuenez, izeba Lilyk asko jasan behar izan zian. Alabaina, Jimmy norbait izatera irits zitekean bere ezaugarrien despit... ameslaria, abenturazalea... Greenwich Village-ko gauzak. Eta aitak Jimmyrengatik niregatik beste egin zian. Eta orain dibortzio hori... Adulterioa... prostituta batekin seguru asko. Sifilia edo horrelako zerbait izango dik. Hamar milioi dolarreko porrota.

        Porrota. Arrakasta.

        Hamar milioi dolarreko arrakasta... Banku-negozioetan hamar urte arrakastatsu... Bart, Bankari Amerikarren Elkarteak antolatutako oturuntzean, James Merivalek, Bank&Trust Company-ko lehendakariak, «banku-negozioetan izandako hamar urte arrakastatsuen aldeko» brindisari erantzunez hitz egin zuen: «Horrek gogora dakarkit, jaunok, oilaskoa oso gogokoa zuen gizon zahar beltzari buruzko ipuina... Baina, ondo baderitzozue, jaigiro honetan hitz serio batzuk egin nahi nizkizueke (argazki baten flasha), oharren bat egin nahi nuke... Uste dut hiritar amerikarra eta nazio osoari lotutako erakunde handi bateko lehendakaria naizenez, edo hobeto esanda, nazioarteko erakunde batekoa, ez, erakunde unibertsal batekoa (flasha), nire betebeharra dela...». Azkenean, txalo-zaparrada zalapartatsuari gaina hartuta, James Merivalek bere hitzaldiari hunkiturik berrekin zion, bere buru gris handiosari eragiten ziola eskerrak eman nahirik. «Jaunok, ohore handia egiten didazue... Utzidazue gaineratzen proba eta atsekabe guztietan, arbuioaren ur beltzetan lasai eta jendearen iritzi aldakorraren aurrean axolagabe, gaueko ordu txiki eta isiletan eta eguerdiko milioien kalapitaren erdian, nire makila, nire bizitzaren ogia eta nire etorria zor dizkiot emazte, ama eta banderarekiko leialtasunari».

        Puruaren errauts luzea hautsi eta belaunetara erori zitzaion. James Merivale tentetu zen eta serio-serio kendu zuen errauts arina praketatik. Gero, berriro eseri zen eta bekokia zimurturik irakurtzen hasi zen Wall Street Journal-en atzerriko burtsari buruz argitaraturik zetorren artikulua.

 

 

        Otordu-bagoiko bi aulkitan eserita zeuden.

        — Aizak, motel, nolatan eman huen izena gabarra zahar horretan?

        — Horixe duk Ekialdera doan bakarra.

        — Tira motel, oraingoan ederrean sartu haiz... Kapitaina burutik zagok, lehenengo ofiziala Sing-Sing-etik atera den lapurrik handiena duk eta tripulaziokoak alproja galantak. Ontzi zaharra salbatua izatea ere ez dik merezi... Zein izan zen hire azken lana?

        — Hotel batean egiten nian lan, gauez.

        — Aizak motel... Kristoren izenean, New Yorkeko hotel bikain bateko lan on bat utzi duk, Davy Jones-en bailandrean laguntzaile hasteko. Sukaldari ederra egingo haiz hi!

        Bestea lotsagorritzen hasi zen.

        — Eta hanburgesa horiek? —galdetu zion ozenki tabernariari.

        Jandakoan, kafea bukatzen zuten bitartean, laguna zegoen lekura biratu zen eta ahapeka galdetu zion:

        — Aizak, Rooney, inoiz egon al haiz Europan... gerra garaian?

        — Saint Nazaire-n egon nauk pare bat bider. Zer dela eta?

        — Ez zakiat... Jakinmina baino ez... Nik bi urte eman nitian han. Gauzak aldatu egin dituk. Lehen gauza bakarra nahi nian: lanpostu ona lortu, ezkondu eta lasai bizi; orain dena bost axola zaidak... Esaterako, sei hilabete leku berean lanean eman ondoren egundoko ezinegona sortzen duk nire baitan. Hortaz, nik pentsatu nian Ekialdia ikusi behar nuela apur bat...

        — Lasai egon —esan zuen Rooneyk burua astintzen zuela—, ikusiko duk, ez kezkatu.

        — Zenbat da? —galdetu zion gazteenak tabernariari—. Oso gazte harrapatuko hinduten.

        — Hamasei urterekin armadan sartu ninduan.

        Bueltak jaso eta Rooneyren sorbalda kulunkariei jarraiki kalera irten zen. Kalearen bukaeran, kamioien eta biltegien teilatuez haratago, mastak, baporeen kea eta eguzkirantz zihoan lurrin zuria begiztatu zituen.

 

 

        — Jaitsi pertsiana —esan zuen gizonak ohetik.

        — Ezin dut, hondatuta dago... Arraioa, tramankulua guztiz izorratu da! —Anna negarrez hasteko zorian zegoen, pertsianaren arrabolak haren aurpegiaren kontra jo zuenean—. Konpondu zeuk —esan zuen oherantz biratuta.

        — Berdin dio, ezin gaituzte ikusi —esan zuen barreka, emakumeari heltzen zion bitartean.

        — Bai argi gogaikarriak! —esan zuen adiaka gizonaren beso artera murgiltzen zela.

        Gela txikia zen, zapata-kutxa bezalakoa; burdinazko ohe bat zuen, leihoaren aurreko hormaren zokoan. Eraikinen arteko V itxurako tartetik kaleen marmarra iristen zitzaien. Sabaian Annak Broadwayko kartel argitsuen dirdir aldakorra ikusten zuen: lehenik zuri, gero gorri, eta azkenik berde. Orduan, kolore guztiek leher egiten zuten anpulu baten modura, eta berriro, zuri, gorri, berde.

        — O, Dick, konpondu pertsiana, mesedez, argi horiek neure onetik ateratzen naute eta.

        — Argiak ondo daude, Anna, antzokian egotea bezala da... The Gay White Way haiek zioten bezala.

        — Ondo dago hirikoak ez zaretenontzat, baina ni neure onetik ateratzen naute.

        — Hortaz, orain Madame Soubrine-n lan egiten duzu, Anna?

        — Eskirola naizela esan nahi duzu?... Badakit. Atsoak kalera bota ninduen eta bide bakarra zegoen: lana aurkitzea edo eztanda egitea.

        — Zu bezalako neska jator batek, Anna, beti senargaia aurkitu dezake.

        — Ene, zuek, gizonok, txerri batzuk besterik ez zarete... Uste duzu zurekin nabilenez, edozeinekin ibiltzeko prest nagoela... Ez ba, ez duzu ulertzen?

        — Ez nuen hori esan nahi, Anna... Gaur gauean bai zaudela suminkor!

        — Nerbioak izango dira... Batetik, greba hau, bestetik, atso horrek kalera botatzen nau eta, azkenik, Soubrineko eskirol-lana... Edozein gogaitzeko modukoa da. Pikotara doazela! Niri bost. Nik ez diot inori sekula kalterik egin. Gauza bakarra eskatzen dut: bakean utz nazatela, nire soldata kobratzea eta noizean behin ondo pasatzea... Ikaragarria da, Dick... Ez naiz ausartzen kalean auzoko neskaren batekin topo egiteko beldurrez nagoelako.

        — Tira, Anna, gauzak ez dira horren txarrak... Benetan diotsut, nik mendebaldeko kostaldera eramango zintuzket, emaztearengatik ez balitz.

        Annaren ahotsak negar-zotinka jarraitu zuen, gorabeherarik gabe:

        — Eta orain prostituta deitzen didazu, zurekin gustura nagoelako eta ez dakidalako ezetzik esaten.

        — Nik ez dut horrelakorik esan. Ez zait burura etorri ere egin. Nik uste dut zu neska jatorra eta apala zarela, neska gehienak ez bezala... Begira, zuri poza ematearren, pertsiana hau konpontzen saiatuko naiz.

        Dickek leihoko argi zuriaren kontra bere gorputzarra mugitzen zuen bitartean, Anna begira geratu zitzaion, albo baten gainean etzanda. Azkenean, Dick Annarengana itzuli zen, hortz-karraskaka.

        — Ezin dut traste madarikatu hori konpondu... A ze hotza, arraioa!

        — Berdin dio, Dick, sartu ohean... Berandu izango da. Zortzietan han egon behar dut.

        Dickek burukoaren azpitik erlojua atera zuen.

        — Ordu bi eta erdiak dira... Gau on, laztana.

        Sabaian Annak Broadwayko kartel argitsuen dirdir aldakorra ikusten zuen: lehenik zuri, gero gorri, eta azkenik berde. Orduan, kolore guztiek leher egiten zuten anpulu baten modura, eta berriro, zuri, gorri, berde.

 

 

        — Eta ezkontzara ez ninduen gonbidatu ere egin... Benetan diotsut, Florence, barkatuko niokeen, ezkontzara gonbidatu banindu —esan zion andreak neskame beltzari, hark kafea eraman zionean.

        Igande goiza zen. Ohean eserita zegoen, egunkariak altzoan zabaldurik zituela. Fotograbatuen saileko argazki bati beha zegoen; horren izenburua; Mr.&Mrs. Jack Cunningham-ek euren ezkon bidaiaren lehenengo zatiari ekin diote Albatros VII. Hidrohegazkin bikainean.

        — Mutil ederra, benetan... Baina, andereño, ezin al zenuen ezer egin ezkontza bertan behera uzteko?

        — Ezertxo ere ez... Nik edozein huskeria eginez gero, eroetxe batean sartuko ninduke... Berak ondotxo daki Yucatan-go dibortzioak legez kanpokoak direla.

        Florencek hasperen egin zuen.

        — Gizonak urde galantak dira neska gajookin.

        — O, hori laster amaituko da. Aurpegiari begiratuta, begien bistan geratzen da neskato mimatua, zaputza eta berekoia dela... Jainkoaren eta gizonen aurrean, neu naiz bere benetako emaztea. Jainkoak daki saiatu nintzaiola ohartarazten. Jainkoak batzen duena ez dezala gizonak bereiz. Ez al du hori esaten Bibliak?... Florence, kafea txar-txarra dago gaur goizean. Ezin dut hartu. Tira, joan eta egidazu beste bat.

        Bekokia zimurtuta eta sorbaldak goratuta, Florence atetik irten zen erretilua eskuetan zeramala.

        Mrs. Cunninghamek hasperen sakona egin zuen eta burukoen artean kokatu zen. Kanpaien danga entzuten zen. «O, Jack maitea, lehen bezalaxe maite zaitut», esan zion argazkiari. Gero, musu eman zion. «Aizu, maitea, kanpaiek horrela jotzen zuten eskolako dantzalditik ihes egin genuen egunean, Milwaukee-n ezkontzeko... Igandeko goiz eder bat zen». Gero, begiak bigarren Mrs. Cunninghamen aurpegian finkatu zituen. «O, zu!» esanda hatz batez zulatu zuen haren irudia.

 

 

        Emakumea zutitu orduko ohartu zen auzitegiko aretoa astiro jira eta bira zebilkiola. Epailearen arrain-aurpegi zuria betaurrekoak sudur gainean zituela, aurpegiak, poliziak, laguntzaile uniformedunak, leiho grisak, idazmahai horiak; dena jira-biraka zebilen gela itxiaren kirats okaztagarrian. Bere abokatu belatz-sudurdunak soilunea xukatu, bekokia zimurtu zuen eta jira eta bira hasi zen harik eta emakumeari oka egiteko gogoa etorri zitzaion arte. Han esaten ziren hitzetatik bat ere ezin zuen aditu emakumeak. Begiak itxi-irerika zerabiltzan, horrela belarrietako burrunba aienatuko zitzaiolakoan. Bere atzean Dutchen presentzia nabaritzen zuen: hantxe zegoen, makur-makur eginda eta buruari eskuen artean eutsirik. Ez zen ausartzen atzerantz begiratzen. Gero, zenbait orduren buruan, dena zorrotza, gardena eta oso urruna zen. Epaileak inbutu baten muturretik oihu egiten zion eta haren ezpain kolorgeak kanporantz eta barrurantz mugitzen ziren arrain-ahoak bailiran.

        — ...Eta orain, hiri handi honetako hiritarra naizenez, hitz bakan batzuk egin nahi dizkiot defentsari. Laburbilduz, honelako gauzak bukatu egin behar dira. Bizitza eta jabetzarako eskubide besterenezinak, errepublika honen fundatzaileek Konstituzioan ezarritakoak, ondo babestu behar dira. Ahal duten neurrian, gizon-emakume guztiek, funtzionarioak izan ala ez, anarkia-bolada honi aurre egin behar diote. Hori dela eta, nahiz eta kazetari sentimental horiek herri izpiritua usteltzen duten eta Jainkoaren eta gizonen legea eta jabetzaren legea urra daitezkeelako ideia jende ahul eta gaiztoaren buruan sartzen duten, nahiz eta kazetari horiek dioten hiritar bakezaleek lan eta adimen bidez lortu dutena indarrez ostuta ere, lapurrak onik atera daitezkeela, nahiz eta kazetari kalakari horiek gertakari horiei lotutako inguruabarrak aringarritzat jo ditzaketen, legea zorroztasunik handienaz aplikatuko dut bi lapur hauen gainean. Garaia da eskarmentua emateko...

        Epaileak trago bat ur edan zuen. Franciek azkar begiztatu zizkion sudur-poroetatik zerizkion izerdi-tanta txikiak.

        — Garaia da eskarmentua emateko —oihu egin zuen epaileak—. Aita jator eta prestu gisa sentitzen ditut zoritxarra, heziketa eta ideal gabezia edota etxe gozorik eta amaren maitasunik eza: horiek guztiek neska hau eraman dute ezmoraltasunez eta miseriaz beteriko bizimodu batera eta neskak ezin izan die gizon bihozgabe eta suntsikorren tentazioei eutsi, ez eta «jazzaren garaia» izenez egokiro izendatutakoaren lilura zitalari ere. Hala ere, oldozpen horiek legearen zorroztasuna errukiz epeltzeko zorian daudelarik, beste neska batzuen irudi tamalgarria datorkigu, nahitaez. Hain zuzen ere, agian oraintxe bertan hiri honetako ehundaka neska Robertson hau bezalako tentalari bihozgabe eta maltzur baten atzaparretan erortzeko zorian daude... berarentzat eta bere modukoentzat ez dago behar bezain zigor gogorrik... Ez dezagun ahantz gaizki aplikatutako errukia epe luzerako krudelkeria izaten dela sarritan. Zera egin dezakegu soilik: emakume galduengatik malko bat isuri eta otoitz bat ahapeka egin neska dohakabe honek bere ahalkearen fruitu gisa mundura ekarri duen ume lañoaren alde.

        Franciek halako azkura hotz bat sumatu zuen, hatz-mamietan hasi, besoetan gora egin eta botalarrien alde nahasira iristen zena. «Hogei urte», entzun zuen marmarka auzitegiko aretoan. Bazirudien jende guztia ezpainak milikatzen ari zela, «hogei urte» ahapeka esateaz batera.

        «Konortea galtzear nago», esan zuen bere baitan, lagun batekin arituko balitz bezala.

        Dena ilunpetan murgildu zen.

 

 

        Bost burukoren artean kokatuta, Phineas P. Blackhead madarikazioka ari zen kaobazko bere ohe kolonial zabalaren erdian eserita, aurpegia bere zetazko txabusina bezain more zuela; ohearen lau zutoinen goialdea pinaburuz ederturik zegoen. Gela handi hura hormetarako paperaz barik oihal javatar eta kaobazko moldurez apaindurik zegoen; jaka zuri eta durbantedun morroi hindu bat besterik ez zegoen bertan. Morroia ohearen oinean zutik zegoen, eskuak gerriaren alde banatan ezarrita, eta madarikaziorik handienak entzunik ere burua makurtu eta esaten zuen: «Bai, Sahib, bai, Sahib».

        — Jainkoaren izenean, lelo madarikatu horrek, whisky hori ekartzen ez badidak, jaiki eta txiki-txiki eginda utziko haut, aditu? Jesukristoarren, neure etxean ere ez al didate obeditu behar? Whiskya esaten dudanean, zekalez egindakoaz ari nauk eta ez laranja-uraz. Kondenazioa, horixe besterik ez duk merezi!

        Gau-mahaitik beira landuzko pitxer bat hartu eta indiarrari bota zion; gero, burukoen gainean berriro etzan zen; ezpainetatik listua bits bihurturik zerion, borborka, arnasbidea buxatzen ziola. Isil-isilik, morroi hinduak Belutxistango alfonbra lodia garbitu eta gelatik ezarian alde egin zuen, kristal puska pilo bat eskuetan zeramala. Blackheadek errazago hartzen zuen arnasa. Begiak betzulo sakonetan hondoratu eta betazal berde hanpatuen tolesetan galdu zitzaizkion.

        Lo zegoela zirudien, Gladys barrura sartu zenean. Kapusaia jantzirik zuen eta esku batean aterki bustia zekarren. Emakumea behatz-puntetan leihora hurbildu eta zutik geratu zen kale gris euritsuetara eta pareko harrizko etxe zahar eta ilunetara begira. Lipar batez, kamisoia jantzita aitatxorekin ohe handian gosaltzen zuen igande goizeko neskatoa izan zen.

        Blackhead beldurtuta esnatu zen eta, begiak gorri-gorri, bere ingurura begiratu zuen. Masailezurraren gihar astunek teink egiten zuten azal more izugarriaren azpian.

        — Tira, Gladys, non dago eskatu dudan whisky hori?

        — O aitatxo, zuk badakizu zer esan duen Thom doktoreak?

        — Esan du beste trago batek hil egingo nindukeela... Baina oraindik bizirik nago, ezta? Astakilo galanta da.

        — Ez, baina zeure burua zaindu egin behar duzu, horrela haserretu gabe.

        Gladysek musu eman eta bekokia ferekatu zion bere esku hotz meheaz.

        — Ez al dut arrazoirik haserre egoteko? Sasikume horri lepotik helduko banio... Ikaratu ez balitz, kinka larri honetatik ateratzea izango genukeen. Merezita daukat horrelako oilo batekin bazkidetzeagatik... Hogeita bost, hogeita hamar urte lanean eta dena pikotara hamar minututan... Hogeita bost urtetan nire hitzak bankuko billete batek besteko balioa izan du. Negozioarekin infernuraino jarraitzea beste biderik ez dut. Deabruak naramala! Eta orain, Jainkoarren, zuk, nire odol eta haragi zaren horrek, ez edateko esaten didazu... Jainko ahalguztiduna! E... Bod... Bob... Nora joan da bulegoko arratoi madarikatu hori? Aizue, etorri zuetakoren bat, putakumeak halakoak! Zertarako uste duzue ordaintzen dizuedala?

        Erizain batek burua agertu zuen atetik.

        — Utikan! —oihu egin zuen Blackheadek—. Ez dut birjina handiputzik nahi neure inguruan.

        Buru azpiko burukoa jaurti zion. Erizaina desagertu egin zen. Burukoak ohearen zutoinetako baten kontra jo zuen eta ohazal gainera erori zen.

        Gladys negarrez hasi zen.

        — O, aitatxo, ezin dut gehiago jasan... jende guztiak betidanik errespetatu izan zaitu... Ez ezazu burua gal, aitatxo maitea, mesedez.

        — Eta zergatik, Jainkoarren, zergatik?... Ikuskizuna bukatu da. Zergatik ez duzu barre egiten? Oihala dagoeneko jaitsi da. Dena txantxa da, txantxa zikina.

        Barreka hasi zen burugabeki. Itotzen ari zen; ukabilak hertsirik borrokan ari zen arnasari buelta eman ezinik. Azkenean, ahotsa pitzaturik zeukala, esan zuen:

        — Ez al zara ohartzen whiskya dela bizirik mantentzen nauen bakarra? Alde hemendik eta esaiozu hindu madarikatu horri etortzeko. Zeu zara inoiz gehien maite izan dudana. Hori badakizu zuk. Azkar, esaiozu eskatu diodana ekartzeko.

        Gladys negarrez irten zen gelatik. Kanpoaldean, bere senarra harat-honat zebilen hallean zehar.

        — Erreportari madarikatu horiek dira... Ez dakit zer esan eurei. Diotenez, hartzekodunek auzitegira jotzeko asmoa dute.

        — Mrs. Gaston —eten zuen erizainak—, uste dut gizonezko erizainak hartu beharko dituzula... Benetan diotsut, ezin dut ezer egin berarekin...

        Beheko pisuan, telefono bat jotzen ari zen, jotzen eta jotzen.

        Morroi hinduak botila whisky eraman orduko, Blackheadek edontzi bat bete eta zurrutada luze bat edan zuen.

        — Hau bai pizgarri ona, bai horixe! Achmet, zu tipo jatorra zara... Bai, ondorioei aurre egin beharko diegu eta saldu... Jainkoari esker, Gladys babestuta dago... Daukadan guztia salduko dut. Nire suhi maitagarria horren leloa ez balitz... Betidanik nire patua ergelez inguratuta egotea izan da... Jainkoarren, ni gustura joango nintzateke kartzelara, horrek mesederik egingo balie. Zergatik ez? Bizitza osoa alferrik galduta. Eta gero, kartzelatik irtendakoan, gabarra-gidari edo portu-zaindari lanpostu bat emango didate. Ondo irudituko litzaidake. Zergatik ez hartu patxadaz, dena alferrik galdu eta gero, Achmet?

        — Bai, Sahib —esan zuen hinduak burua makurtuta.

        — Bai, Sahib... —Blackheadek hinduaren imintzioak eta keinuak errepikatu zituen—. Zuk beti baietz esaten duzu, Achmet, ez al da bitxia? —barreka hasi zen; barrea itoa eta kirrinkaria zen—. Uste dut horixe dela biderik errazena.

        Barre eta barre egin zuen eta bat-batean ezin izan zuen barre gehiagorik egin. Espasmo azkar batek dardarizo batean jarri zizkion gorputz-atal guztiak. Hitz egiteko ahaleginetan, ahoa okertu zuen. Unetxo batez, begiak gelan zehar ibili zitzaizkion noraezean; begi haiek mina hartu ondoren negar egin-hurren zegoen umearenak ziruditen. Gero, atzerantz erori zen bere aho irekiak sorbalda bati haginka egiten zion bitartean. Achmetek luzaz behatu zion, hotz; gero, harengana gerturatuta, aurpegiratu egin zion. Gero, ahoa itxi zion, soina burukoen artean paratu zuen eta hitzik egin gabe irten zen gelatik. Halleko besaulki batean eserita, Gladys aldizkari bat irakurtzen ari zen.

        — Sahib askoz hobeto dago, agian apur bat egingo du lo.

        — O, Achmet, izugarri pozten naiz —erantzun zuen Gladysek eta bere aldizkariari begira jarraitu zuen.

 

 

        Ellen Bosgarren Etorbidearen eta Berrogeita Hamahirugarren Kalearen arteko kantoian jaitsi zen autobusetik. Sartalde argitsutik, arrastiriko oskorriak dirdira noranahi hedatzen zuen: letoira, nikelera, botoietara eta jendearen begietara. Etorbidearen sortaldeko leiho guztiak su eta gar ari zirela ematen zuen. Anartean, hortzak estuturik, espaloian kalea zeharkatzeko zain zegoela, lurrin-bafada hautemaezin batek ozta-ozta bisaia ukitu zion. Atzerritar-itxurako bonetaren azpian ile-xerlo hori eta leun batzuk ageri zituen mutil ihar batek garangorriak eskaintzen zizkion saski batean. Ellenek sorta bat erosi eta sudurrera hurbildu zuen. Maiatzeko basoak ahoan urtu zitzaizkion azukrearen modura.

        Txilibitu baten hotsa entzundakoan palankek kirrinka egin zuten, autoak abiatu eta kaleetan gaindi barreiatu ziren. Bidegurutzean jendetza ikaragarria metatu zen. Bere ondotik igarotzean, Ellenek mutilaren ukitze arina sumatu zuen. Albo batera baztertu zen. Lipar batez, garangorrien usainaren despit, mutilaren gorputz garbitu gabeari antzeman zion, hots, Ellis Island-eko emigratzaileek eta etxe jendetsuek isuritako usainari. Maiatzak esmalteztatu, urreztatu eta zilarreztatutako kaleetan zehar, Ellenek, egonezinik, gero eta hurbilago sumatzen zuen usain hura; bafada trinko geldietan zabaltzen zen kirats hura, zirimola uzkurtuetan, estoldek jariatzen duten hatsa iduri. Kale-burutik behera, ibilera bizkortu eta ate batetik sartu zen. Atearen alde batean, letoizko plaka txiki garbi-garbi batek ñir-ñir egiten zuen.

 

MADAME SOUBRINE

Jantziak

 

        Mrs. Soubrine beraren katu-irribarrea bertatik bertara ikusi orduko den-dena ahaztu zuen. Emakume sendo ilebeltza zen, errusiarra apika. Besoak zabalik bidera irten zitzaion, gortina baten atzealdetik. Bien bitartean, Josefina enperatriz estiloko halako gela bateko jarlekuen gainean eserita zain zeuden beste bezero batzuek bekaizkeriaz begiratzen zioten.

        — Mrs. Herf maitea, non ibili zara? Astebete da jantzia prest duzula —deiadar egin zuen ingeles perfektuegiz—. Itxaron eta ikusiko duzu, maitea... zoragarria da... Eta zer moduz Mr. Harpsicourt?

        — Oso lanpeturik ibili naiz... Lana uzteko asmoa dut, bazenekien, ezta?

        Mrs. Soubrinek baietz egin zuen buruaz, jakinaren gainean zegoela adierazteko keinu bat egin zion eta tapizetan barrena dendaren atzealdera eraman zuen.

        — Ah, ça se voit... Il ne faut pas travailler, ou peut voir déja de toutes petites rides. Mais elles disparoitront. Barkatu, maitea.

        Beso sendo batek gerria estutu zion. Ellen amini bat baztertu zen.

        — Vous la plus belle femme de New York... Angelica, ekarri Mrs. Herfen gau-jantzia —oihu egin zuen Mrs. Soubrinek ahots karrankariz, oiloaren kakara bezain ahots latzez.

        Neska zurbil ilehori eta makillatu bat gelan sartu zen, esekigailu batetik soineko bat dilindan zuela. Ellenek neurrira egindako soineko grisa erantzi zuen. Mrs. Soubrinek bira egin zuen bere inguruan, urrumaka.

        — Angelica, begira nolako sorbaldak, nolako ile-kolorea... A! C'est le rêve.

        Gehiegitxo hurbildu zen, bizkarrean ferekak jaso nahi dituen katuaren antzo. Soinekoa berde argia zen eta marra gorrimin eta urdin ilunak zituen.

        — Ez dut berriro honelako soinekorik erosiko, nekatuta nago beti urdinez eta berdez jantzita egoteaz...

        Mrs. Soubrine oinetan zuen, ahoa orratzez beterik eta albainu txiki batez lan eta lan.

        — Xalotasun helenikoa, Diana bezain liraina... Udaberriaren izpiritualtasuna... Annette Kellermann baten neurri betegina, askatasunaren lastargiari eutsiz... birjina zuhurra —xuxurlatu zuen orratzen artetik.

        «Arrazoia din», pentsatu zuen Ellenek, «gogorregia naun neure buruarekin». Ellen bere buruari kornukopian beha geratu zitzaion. «Egunen batean itxura kaskartuko zaidan». Menopausia uxatzeko apaindegiak. Aurpegiko larruazala gaztetzeko kremak.

        — Regardez-moi ça, cherie —esan zuen jostunak, zutitu eta orratz batzuk ahotik kentzen zituen bitartean—. C'est le chef d'oeuvre de la maison Soubrine.

        Bat-batean Ellenek sargoria sentitu zuen, sare likits batean harrapaturik bailegoen. Zetazko oihal tindatuek, kremek eta muselinak isuritako kirats ikaragarri batek buruko mina eragin zion. Irrikitan zegoen berriro kalera itzultzeko.

        — Ke-usaina dago, zerbait ari da gertatzen! —oihu egin zuen supituki neska ilehoriak.

        — Ixo, ixo, ixo —esan zuen Mrs. Soubrinek.

        Bi-biak ispilu batez estalitako ate batetik desagertu ziren.

        Argizulo baten azpian, Mrs. Soubrineren tailerraren atzeko gelan, Anna Cohen jantzi baten orla puntada azkarrez josten ari zen. Aurrean, mahai gainean, tul pilo handi argitsu bat zuen, zuringo irabiatu bat zirudiena. Charley my boy, oh Charley my boy leloa ahapeka zerabilen, etorkizuna puntada azkarrez ehuntzen zuen bitartean. «Elmerrek nirekin ezkondu nahi badu, zergatik ez gara ezkontzen? Elmer gizajoa, mutil jatorra dun, baina beti ametsetan zagon... Bitxia dun ni bezalako neska batez maitemindu izana. Pasatu egingo zaion. Agian iraultza datorrenean gizon handia izango dun... Parrandak ahaztu beharko ditinat Elmerren emaztea naizenean... Baina agian diru apurren bat aurreztu eta denda txiki bat ireki ahal izango dinagu A Etorbidean, leku onean, erdialdean baino diru gehiago irabazteko. La Parisienne, Modes».

        «Apustu egingo niken nik atso madarikatu horrek bezain ondo antola nezakeela negozioa. Nor bere buruaren jabe izanez gero, ez luken hau bezalako istilurik egongo grebalariekin edo eskirolekin... Aukera-berdintasuna denontzat. Elmerrek zion hori dena gezurra dela. Iraultza beste itxaropenik ez zagon langileentzat. Harry nitaz zeharo maiteminduta dago eta ni Harryz zeharo maiteminduta nago». Elmer telefonogune batean dago, etiketaz jantzirik, belarri-tapagailuak dituela, Valentino bezain garaia, Doug bezain indartsu. Iraultza piztu da. Goardia Gorria Bosgarren Etorbidean gora doa. Urrezko kizkurrez apainduta eta katakume bat beso azpian duela, Anna goreneko leihora azaldu da. Beherago, usakume zuriak hegalka ari dira. Bandera gorriz zipriztinduta, Bosgarren Etorbidea odoletan blai dago, distiratsu, bertan musika-bandak jotzen ari baitira. Ahots zakarrak «Die Rote Fahne» ari dira kantari, yiddish-ez. Urrun, Woolworth-en, pankarta bat haizearen altzoan ari da dantzan. «Begira, Elmer, UDAL HAUTESKUNDEAK, ELMER DUSKIN, ALKATEGAIA». Eta Charlestona dantzatzen ari dira bulego guztietan... Tunp, tunp... Ai, Charlestona! Tunp, tunp... «Agian Elmer maite dinat». «Elmer, har nazazu». «Valentino bezalako maitalea dun, nire soina berearen kontra estutzen din Doug-enak bezalako bere beso indartsuez; Elmer sua bezain beroa dun».

        Bilbatzen ari zen ametsean hatz zuri batzuk keinuka ari zitzaizkion. Tul zuriari erlantz distiratsuegia zerion. Halako batean, tuletik esku gorri batzuk ernatu ziren. Tul gorriak soina eta burua inguratzen zizkion, haginka egiten zion; ezin zuen, hala ere, gainetik kendu. Kezko kiribilek argizuloa belzten zuten. Gela kez eta garrasiz bete zen. Anna han-hemenka zebilen, eskuari biziro eraginez, tul kiskalgarri hura kosta ahala kosta gainetik kendu nahirik.

        Zutik, Ellenek bere buruari behatu zion aldagelako kornukopian. Oihal erreskalduaren usaina areagotuz zihoan. Denbora-tarte batez alde batetik bestera artega ibili ondoren, ispilu-atetik irten eta esekitako jantziz beteriko korridore batera heldu zen. Kezko hodei baten azpian makurtu eta, begiak negartsu zituela, tailer handi bat ikusi zuen non neska batzuk oihuka ari baitziren Mrs. Soubrineren atzean, elkar bultzaka, hark itzalgailu kimiko bat mahai gaineko oihal ikaztu pilo baterantz destatzen zuen bitartean. Oihal ikaztu pilotik auhenka ari zen zerbait atera zuen. Beso zirtzil bat, aurpegi erreskaldatu gorri-beltz bat eta buru soildu ikaragarri bat ikusi ahal izan zituen zeharretara.

        — O, Mrs. Herf, mesedez esaiezu dendakoei ez dela ezer, ezertxo ere. Segituan noa! —garrasi egin zion Mrs. Soubrinek arnasestuka.

        Begiak itxita, Ellen korridore ketsutik korrika atera eta aldagelaren aire garbira iritsi zen eta negar egiteari utzi zionean, gortina jaso eta egongelan zain zeuden emakumeenganantz jo zuen.

        — Madame Soubrinek eskatu dit zuei esateko ez dela ezer gertatu, ezertxo ere ez. Zabor-pilo batean piztu den sute ziztrin bat baino ez... Berak itzali du itzalgailu batez.

        — Ezertxo ere ez —esaten zioten elkarri emakumeek, Josefina enperatriz estiloko jarlekuen gainean berriro esertzen ziren bitartean.

        Ellen kalera irten zen. Suhiltzaileak iristen ari ziren. Poliziak jendetza atzerantz botatzen ari ziren. Alde egin nahi zuen, baina ezin. Zerbaiten zain zegoen. Azkenean, tintin bat entzun zuen kalean behera. Suhiltzaile-kamioiak urruntzen ari zirela, anbulantzia heldu zen. Laguntzaile batzuek anda tolestu bat zeramaten. Ellenek nekez har zezakeen arnasa. Anbulantziaren ondoan geratu zen, polizia handi urdin baten atzean. Ezin ulertu zuen bera zergatik ote zegoen hain asaldatuta. Bazirudien bere gorputzaren zati bat hesgailuetan bildua izango zela, anda batean garraiatua. Neska garraiatzen zuen anda kalera irten zen, ohiko aurpegien artetik, laguntzaileen uniforme ilunen artetik.

        — Larri al dago erre den neska? —kostata lortu zuen galdetzea poliziaren besoaren azpitik.

        — Hil, ez da hilko... baina izugarria izango da neskarentzat.

        Ellenek nekez egin zuen aurrera jendetzaren artean, Bosgarren Etorbiderantz presaka bazihoan ere. Kasik gaua zen. Gauaren kolorea itsasoaren sakonguneetakoa bezain urdina zen eta zeruan argiak igerian ari ziren.

        «Zergatik hartu dut horrenbesteko zirrara?», galdetu zion bere buruari. «Zenbaitek ez diten zorte onik izaten... Egunero gertatzen ditun horrelako gauzak». Kalapita, auhenak eta suhiltzaile-kamioien zalaparta tinko finkaturik zituen gogoan. Kale-kantoi batean aiko-maiko geratu zen, bere aurrean autoak eta aurpegiak zarataka dirdaitzen ziren bitartean. Lastozko kapela berria zeukan gizon batek zeharka begiratu zion, Ellenekin ligatzeko itxaropentsu. Emakumeak begirada hotza eta lotsarik gabea luzatu zion. Gizon gazteak marra gorri, berde eta urdinekiko gorbata zuen. Ellen azkar igaro zen haren ondotik. Etorbidea zeharkatu eta aldirietarantz jo zuen. Zazpi eta erdiak. Norbaitekin biltzekoa zen nonbait, baina ezin zen gogoratu non. Hutsune ikaragarria sentitzen zuen bere baitan. «Ai ene! Zer egin dezaket?», xuxurlatu zuen bere artean. Hurrengo kale-kantoian taxi bat geldiarazi zuen. «Algonquin-era, mesedez».

        Gero, dena ekarri zuen gogora. Zortzietan Shammeyer epailearekin eta honen andrearekin afaldu behar zuen. Etxera itzuli beharko zuen arropa aldatzeko. «George sutan jarriko dun, honela jantzita ikusten banau. Gogoko din ni Gabonetako arbola bezain apaindurik erakustea edo ibiltzen eta mintzatzen dakiten panpina horietako baten modura jantzirik. Pikotara joan dadila!»

        Begiak itxita erdi etzan zen taxiaren zokoan. Lasaitu beharra zeukan. «Ez din zentzurik nerbioak airean bizitzeak, zeren eta azkenean iruditzen baitzain gauza guztiek kirrinka egiten dutela, klarionak arbela urratzen duen bezala. Eta ni erre izan banintz neska hori bezala... desitxuraturik bizitza osorako!... Seguru asko Soubrine zaharrari diru piloa atera ahal izango dio, karrera bati ekiteko lain. Eta joan izan banintz nirekin ligatu nahi zuen gorbata zatarreko gizon gaztearekin...? Gozotegi batean txantxa batzuk platanozko izozki baten aurrean; gero, autobusean ibilalditxo bat, bere belauna nirearen kontra ezarrita eta beso bat nire gerriaren inguruan; apur bat musukatu ezkaratzean... Badun bestelako bizimodurik, bat ausartuz gero, behintzat. Eta zergatik ez ausartu? Hain garrantzitsuak al dira jendearen iritzia, dirua, arrakasta, hoteletako atondoak, osasuna, aterkiak edo Uneeda gailetak...? Buruak burrunba egiten zidan etengabe, hautsitako jostailu mekaniko batek bezala. Espero dinat eurek afaririk eskatu ez izana. Beste norabait joateko esango zienat, oraindik horrelakorik egin ez badute». Hauts-kutxa ireki zuen eta sudurra hautseztatzen hasi zen.

        Taxia gelditu eta atezainak atea ireki zuen. Ellen behatz-puntetan irten zen taxitik, neskato baten modura, zegokiona ordaindu eta ate birakariak atzean utzi zituen. Masailak pitin bat gorrixka zeuzkan eta begiak distiratsu, kale sakonetako gau itsas urdinaren erlantzaren eraginez.

        Ate birakari isil eta distiratsutik igarotzerakoan, bere eskuak kristala ukitu gabe, ateak bira egin zuen. Halako batean, zerbait ahaztu zuelako usteak itolarria eragin zion. «Eskularruak, poltsa, hauts-kutxa, musuzapia: guzti-guztia zaukanat. Ez dinat aterkirik ekarri. Zer ahaztu ote dut taxian?». Hala ere, Ellen aurrera zihoan, irribarretsu, beltzez jantzitako bi gizon ilunenganantz: paparralde zuriak zituzten eta altxatu eta irribarre eginez, eskua luzatu zioten.

 

 

        Txabusina eta pijama jantzita, Bob Hildebrand aurrera eta atzera zebilen leiho handien aurretik, pipa erretzen. Ate irristatzaileetatik, edontzien tintina, oin dantzarien hotsa eta barreak iragazten ziren. Orobat, Running Wild kanta ere aditzen zen, lausoki, gramofonoaren orratz kamutsaren azpian karrankari.

        — Zergatik ez duzu gaua hemen pasatzen? —galdetu zuen Hildebrandek bere ahots sakon serioaz—. Jende honek apurka-apurka alde egingo du... Sofa gainean jarriko zaitugu.

        — Ez, eskerrik asko —esan zuen Jimmyk—. Berehala psikoanalisiaz hasiko dira hizketan, eta ez dira hortik mugituko egunsentira arte.

        — Baina hobe zenuke goizeko trena hartzea.

        — Ez, ez dut inolako trenik hartuko.

        — Aizu, Herf, Filadelfiako gizon horrena irakurri duzu? Itxuraz, maiatzaren 14an lastozko kapela jantzita zeukalako hil zuten.

        — Jainko maitea, erlijioi berri bat sortuko banu, santu izendatuko nuke.

        — Ez duzu irakurri? Barrez lehertzekoa da... Gizon horrek bere lastozko kapela defendatzeko ausarkeria izan zuen. Norbaitek mailatu zionez, borrokan hasi zen eta, iskanbilaren erdian, kaleko heroi horietako bat atzetik hurbildu eta kaskoa hautsi zion berunezko tutu batez. Garezurra txikituta zeukan eta ospitalean hil zen.

        — Nola zuen izena, Bob?

        — Ez nuen arretarik jarri.

        — Soldadu Ezezagunari buruz hitz egin dezatela!... Hori bai benetako heroia! Sasoiz kanpo lastozko kapela jantzi zuen gizonaren urrezko kondaira.

        Buru bat atearen bi orrien artean agertu zen. Ilea begien gainean zuen gizon musugorri batek barrurantz begiratu zuen.

        — Trago bat gin nahi duzue?... Aizue, baina noren hileta egiten ari zarete hemen?

        — Ni ohera noa, ez dut ginik nahi —esan zuen Hildebrandek aldarte txarrez.

        — Filadelfiako San Aloisio birgina eta martiriaren hileta da, hain zuzen ere, lastozko kapela sasoiz kanpo janzten zuen gizonarena —esan zuen Herfek—. Nik agian gin apur bat edango dut. Segituan alde egin beharra daukat... Ikusi arte, Bob.

        — Ikusi arte, bidaiari misteriotsu hori... Bidaliguzu zeure helbidea, entzun duzu?

        Kalera ematen zuen gela luzea bete-beterik zegoen gin botilaz, ginger alez, erdizka erretako zigarroz, dantzan ari ziren bikotez eta sofa gainean eserita zegoen jendez. Atergabe gramofonoak Lady-lady be good jotzen zuen. Herfi edontzi bat gin ipini zioten eskuan. Neska bat hurreratu zitzaion.

        — Zutaz hitz egin dugu... Zu bai gizon misteriotsua, gero!

        — Jimmy! —oihu egin zuen mozkor-ahots batek—. Badago ile laburreko lapurra zeu zarelako susmorik.

        — Zuk kriminal gisa atera dezakezu bizibidea. Zergatik ez, Jimmy? —esan zuen neskak, besoa gerri inguruan ezartzen ziola—. Zure epaiketara joango naiz, benetan diotsut.

        — Nola dakizu ni ez naizela kriminala?

        — Ikusten duzue? —esan zuen Frances Hildebrandek, sukaldetik izotz puskatuz beteriko ontzi bat eskuetan zekarrela—. Hemen zerbait misteriotsua dago.

        Herfek ondoko neskari eskutik heldu zion eta elkarrekin egin zuten dantza. Neska balantzaka zebilen, oinak zapaltzen zizkiola. Jimmyk ateraino eraman zuen dantzan. Atea ireki eta dantza utzi gabe hallera atera zuen. Neskak mekanikoki ezpainak eskaini zizkion Jimmyk musua eman ziezaion. Neskari musu azkar bat emanda, kapela hartu eta «gau on» esan zuen Jimmyk. Neska negarrez hasi zen.

        Jimmyk kalean arnasa sakonki hartu zuen. Zoriontsu sentitzen zen, txikitan baino askoz ere zoriontsuago. Erlojua atera nahi izan zuen, baina gogora etorri zitzaion bahian emana zuela.

        Sasoiz kanpo lastozko kapela jantzi zuen gizonaren urrezko kondaira. Jimmy Herf Hogeita Hirugarren Kalean behera zebilen. Bere kasa barreka hasi zen. «Emaidazue askatasuna», esan zuen Patrick Henryk, lastozko kapela maiatzaren batean janzten zuen bitartean, «edo hil nazazue». Eta hil egin zuten. Ez zegoen tranbiarik. Lantzean behin esne-bagoiren bat igarotzen zen handik, triki-traka. Chelsea-ko adreiluzko etxe hitsak ilun zeuden... Taxi bat halako kantu-lorratz bat bidean utziz igaro zen. Bederatzigarren Etorbidean bi begiri antzeman zien: paper zurizko triangelu batean egindako bi zulo ziruditen. Ezkaratze batetik, kapusaia zeukan emakume bat keinuka ari zitzaion. Harantzago, bi marinel ingeles cockney-z ari ziren eztabaidan, mozkor-mozkor eginda. Jimmy Herf ibaira hurbildu ahala, airea esnetsu bihurtzen zen, lainoarekin nahasita. Urrutitik baporeen marru luze eta samurra aditzen zen.

        Itxarongela kalamastran argi gorri bat besterik ez zegoen: hantxe eserita zegoen, erretzen, ferryaren zain. Pozik sentitzen zen. Bazirudien ezin zuela ezer gogoratu. Ez zuen etorkizunik, ibai lurrintsutik erraldoi sortzen zen ferry hartan ez bazen. Itsasontzi haren argiak ilaran kokatuta eta piztuta zeuden, beltz baten irribarrea iduri. Barandari oratuta eta kapela eskuan, ibaiaren haizea sumatzen zuen ilean. Agian erotu egin zen, agian amnesia zen edo izen greko luze-luzeko gaixotasunen bat, agian masustak biltzen aurkituko zuten Hoboken-go metroan. Algara egin zuen eta atea irekitzera joan zitzaion agureak zeharka begiratu zion, luzaro. «Zoroa, ganbaran txoriak baizik ez ditik», ziotsan bere buruari. «Agian arrazoia dik. Arraoia! Eta margolaria banintz, beharbada eroetxean margotzen utziko zidatek. Filadelfiako San Aloisio margotuko nikek lastozko kapela eta guzti, argi-koroarik gabe, eta eskuetan berunezko tutu bat duela, martiriorako tresna nagusia; eta ni, txiki-txikia, haren oinetan otoizka». Ferryko bidaiari bakarra zen, alderrai zebilen, batetik bestera, ontzia berea bailitzan. «Nire behin-behineko yatea... Dudarik gabe, hauek gaueko haluzinazioak dituk, arranopola!», murmurikatu zuen. Bere bozkarioaren arrazoiak argitzeko ahaleginetan ari zen oraindik. «Ez zagok mozkortuta, ez duk hori. Agian erotuta bai, baina ez diat uste...»

        Ferryak alde egin aurretik, zaldi bat eta lorez zamatutako bagoi narrats bat igo zituzten ontzira. Bagoia masaila irtenekiko gizontxo beltzaran batek gidatzen zuen. Jimmy Herfek bira eman zuen inguruan. Zaldiaren aldaka eroriak esekitokia ematen zuen. Atzean, bagoi narratsak ezusteko alaitasuna pizten zuen garraiatzen zituen lorontziak zirela eta: han, besteak beste, geranio arrosak eta gorriminak, krabelinak, ahuntz-prakak, arrosa goiztiarrak eta lobelia urdinak ikus zitezkeen nahasirik. Maiatzeko lurrak isuritako usain sarkorra zerion bagoiari, lorontzi hezeek eta berotegiek sortarazia. Gidaria eserita zegoen, uzkur-uzkur eginda, kapela begietaraino sarturik. Nora zihoan hainbeste lorerekin galdetzeko bulkada etorri zitzaion Jimmyri, baina eutsi egin zion eta ferryaren brankarantz jo zuen.

        Ibaiko langar huts eta ilunean, ontziralekuak bat-batean aharrausi egin zuen, argizko eztarriko aho beltz bat erakutsiz. Herfek ziztuan zeharkatu zuen halako belztasun trinko bat eta lainoak irentsitako kale batera iritsi zen. Gero, aldatz batean gora egin zuen. Beheragotik, trenbide bat iragaten zen. Merkantzi tren baten triki-traka geldia eta lokomotoraren txistua aditzen ziren. Muinoaren gailurrean gelditu eta atzerantz begiratu zuen. Argi errenkada batek zulatutako lainoa baizik ezin izan zuen ikusi. Gero, aurrera egin zuen beste mundu batekoak iritzi zien etxe-ilaren artetik, eta arnasa hartzean, odola taupadaka sentitzean eta bere oin-hotsak entzutean atsegin handia hartu zuen. Pixkanaka-pixkanaka lainoa desegin zen, goizeko argi perlazkoa nonbaitetik iragazten zen.

        Jimmy zementuzko bide batean eta zarama-pilo ketsuz beteriko zabortegien artetik zebilela nagusitu zen egunsentia. Laino artean, eguzkiaren distira gorri ageri zen, motore laguntzaile herdoiltsu, kamioien eskeleto, Ford autoen egitura eta metal karraskatuzko multzo itxuragabeetan zehar. Jimmyk ibilera bizkortu zuen, kiratsa lehenbailehen atzean uztearren. Goseak zegoen. Zapatak zirela eta, oinetako behatz lodietan babak ernatzen hasiak zitzaizkion. Bidegurutze batean, argizko seinale bat artean pilpiratzen ari zen arreta eskatuz. Han gasolindegi bat zegoen, Lightning Bug izeneko otordu-bagoia parez pare zuena. Arduratsu, bere azken quarterra gosaria ordaintzeko erabili zuen. Oraindik hiru zentabo zituen, zorte ona ala txarra ekarriko ziotenak, berdin zion. Altzariak garraiatzeko itzelezko kamioi distiratsu eta hori bat ate aurrean gelditu zen.

        — Aizu, eramango nauzu? —galdetu zion bolanteari helduta zegoen gizon ilegorri bati.

        — Nora zoaz?

        — Ez dakit. Urrun xamar.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia