Laugarren atala

Etxeorratza

 

Hankarik gabeko gizon gaztea gelditua zen Hamalaugarren Kaleko hegoaldeko espaloiaren erdian. Jertse urdina eta puntuzko bonet urdina zituen jantzirik. Begiak guztiz irekita zeuzkan, gero eta handiago, harik eta papera bezain zuria zen aurpegi hura bete zioten arte. Zeruan globo gidagarri bat noraezean; eztainu-paperezko puru distiratsu bat goi-goian lausoturik; hodei bigunen eta euriak garbitutako zeruaren urratzaile geldoa. Besoetan bermaturik, hankarik gabeko gizon gaztea geldi-geldi zegoen, Hamalaugarren Kaleko hegoaldeko espaloiaren erdian. Urrats luzeak eginez zebiltzan hankak: hanka argalak, hanka prakadunak, bonbatxodunak, gonadun hankak; haien guztien artean gizon gaztea zegoen, geldi-geldi, globo gidagarriari beha.

 

        Lanik gabe, Jimmy Herf Pulitzer Building-etik atera zen. Espaloian gelditu zen, arrosa koloreko egunkari-pilo baten ondoan, arnasestuka, Woolworth eraikinaren silueta dirdaitsuari so. Egun eguzkitsua zen; zerua txantxangorri-arrautza bezain urdina zen. Iparralderantz biratu eta hiriaren erdialderantz jo zuen. Handik urrundu ahala, Woolworth eraikinaren itzala teleskopio baten modura luzatzen zen. Iparralderantz jota, hiria zeharkatu zuen, leiho distiratsuetako hiria, alfabeto aldrebesen hiria, kartel urreztatuekiko hiria.

        Udaberri glutentsua... Gozotasun urreztatuaz itoa, atsegina mokadu guztien baitan, the daddy of them all, udaberri glutentsua. Inork ezin du prince albert baino ogi hoberik erosi. Altzairu forjatua, aluminioa, kobrea, nikela, burdina forjatua. Mundu osoak berezko edertasuna maite du. LOVE'S BARGAIN, Gumpel etxeko jantziak. Eutsi zeure neska-azal horri... JOE KISS, abioa, argiak, pizketa eta sorgailuak.

        Zernahik barre eutsiaren borborra sentiarazten zion. Hamaikak ziren. Lorik egin gabe zegoen. Bizitza hankaz gora zeukan. Bera euli bat zen, hankaz gora zegoen hiri baten sabaian zehar zebilen eulia. Bere lana utzia zuen. Ez zuen zereginik ez gaur, ez bihar, ez etzi, ez etzidamu. Igotzen den guztia jaitsi egiten da, aste edo hilabete kontua da. Udaberri glutentsua.

        Jatetxe txiki batean sartu zen; arrautzak hirugiharrarekin, ogi xigortua eta kafea eskatu zituen. Gustura jan zuen mokadu guztiak ahogozatuz. Bere gogoetak aske zebiltzan, arrastiriaz zoratutako moxalak larre batean bezala. Aldameneko mahaian, gorabeherarik gabeko ahots bat zerbait azaltzen ari zen:

        — Bertan behera utzita... eta, benetan diotsut, garbiketa egin behar izan genuen. Horiek denak zure elizako kideak ziren. Denok genekien istorio osoa. Emakumea kalera botatzeko aholkua eman zioten. Berak esan zuen: «Ez, ikusi nahi dut hau nola bukatzen den».

        Herf altxatu egin zen. Ibili egin behar zuen berriro. Ahoan hirugihar-zaporea zeukala alde egin zuen.

        Service Express-ek udaberriaren beharrak betetzen ditu. «Jainko maitea, udaberriaren beharrak betetzea!». Latarik gabe, jauna, baina pipa-zupakada xuabe guztien kalitatea ezin hobea da... socony. Zupakada bat argigarriagoa da milioi bat hitz baino. Zerrenda horidun arkatz horia. Milioi bat hitz baino, milioi bat hitz baino. «Ederki, milioi hori niretzat... Ipini zerbait gizona estaltzeko, Ben». Yonkers gaizkile-taldekoek hilda zegoelakoan utzi zuten parkeko jarleku batean. Lapurtu egin zioten, baina milioi bat hitz baino ez zuten lortu... «Baina, Jimps, zuk ez dakizu zein nekatuta nagoen liburuez eta proletalgoaz hitz egiteaz!...»

        Udaberria, gozotasun urreztatuaz itoa.

        Dick Snow-en ama lantegi txiki baten jabea zen. Amak behea jo zuen. Semeak eskola utzi eta alferkerian ibiltzeari ekin zion, freskagarrien postuko tipoari ederki ikasita. Mandolina-itxurako neska judu ilebeltz bati agindutako perlazko belarritakoen bi kuotak ordainduak zituen. Tren jasoaren geltokian, banketxeko mezulariaren beha zeuden. Tornu-atearen gainera erori eta hantxe geratu zen. Maleta eskuetan zeramatela ihes egin zuten, Ford Sedan batean. Dick Snow atzean geratu zen, errebolberra hilotzaren kontra husteko asmoz. Heriotzara kondenatutakoen sailean bete zituen udaberriaren beharrak, bere amari olerki bat idatzita, Evening Graphic aldizkarian argitaratuko zena.

        Arnasa hartzen zuen bakoitzean, Herfek zarata, harea eta esaldi pintatuak arnasten zituen, harik eta soina puzten hasi zitzaion arte; gizen eta alfer sentitu zen, kezko zutabe bat apirileko kaleetan bezain dudatsu. Makina-denden, botoi-lantegien eta etxebizitzen leihoei begiratu zien. Izaren kraka eta tornuen burrunba fina sumatu zituen. Idazmakinetan hitz gordinak idazten zituen, mekanografoen atzamarren artetik. Saltoki handien etiketak nahasten zituen. Bere barnea burbuiletan lehertzen zen, soda bailitzan, marrubi, endalahar, txokolate, gerezi eta banilla zaporeko xarabe gozora isuria, bitsa zeriola gasolina bezain urdina zen aire epelari. Goragaleak jota, berrogeita laugarren pisutik erori eta lurraren kontra jo zuen. «Eta eman dezagun errebolber bat erosita Ellie hil egin dudala. Beteko al nituzke apirileko beharrak, amari buruzko olerki bat heriotzara kondenatutakoen sailean idatziko banu, Evening Graphic-en argitaratzeko?»

        Kuzkur-kuzkur eginda geratu zen, harik eta hauts-izpien neurriko izan arte, bere iparraren xerka, harkaitz eta harritzen artean, bide-ertzeko errekasto orrolariaren, lasto luzeen eta arekako motore-olioz osatutako aintziren artean.

        Washington Square-n eseri zen, eguerdiko arrosaz blai, eta arkuan zehar Bosgarren Etorbideari so egin zion. Ordurako ez zuen sukarrik. Hotz eta nekatuta sentitzen zen. «Beste udaberri bat, Jainkoak zakik duela zenbat udaberri igo nintzen hilerritik macadam urdinezko bidean zehar, bertan kantari aritzen baitziren txolarreak. Kartelak zioen: Yonkers. Yonkers-en ehortzi nian nik neure haurtzaroa; Marseilla-n, haizeak aurpegiaren kontra jota bota nian nik neure nerabezaroa portuko uretara. New Yorkeko zein lekutan ehortziko dut nik neure gaztaroa? Beharbada gaztaroa deportatua izan zuan, beharbada Ellis Island-eko ferryan itsasoratu zuan Internazionala abestuz. Ur gainean hasperen bihurturik, Internazionalaren doinua pixkanaka-pixkanaka aienatuz zihoaan lainoaren baitan».

 

DEPORTATUAK

        «James Herf kazetari gazteak, 190 West Hamabigarren Kalea, arestian galdu ditu bere azken urteak. Merivale epailearen aurrera azalduta, urte haiek Ellis Island-era bidali zituzten deportaturik, gizatxar arrotzak zirelakoan. Lau gazteenak, hain zuzen ere, Sasha, Michael, Nicholas eta Vladimir atxilotu egin dituzte denbora-tarte batez, anarkista kiminalak izatearen salaketapean. Arlotekeriaren salaketapean beste bi atxilotu zituzten. Azkenik, Bill, Tony eta Joe zenbait delitu eta krimen zirela medio atxilotu zituzten, hala nola, emazteari emandako tratu txarrak, nahita eragindako sutea, lapurreta eta prostituzioa. Guztiak izan dira kondenatuak gaiztakeria, indarkeria eta zabarkeria direla medio.»

 

        Entzun, entzun, entzun, aulkiko presoa... «Frogak zalantzazkoak iruditzen zaizkit», esan zuen epaileak beretzat edari bat prestatzen zuen bitartean. Parra-hostoez apaindurik, auzitegiko idazlaria lehengo moduko koktel bat irabiatzen ari zen. Halako batean, parra-hostoak hazten hasi zitzaizkion eta, horren ondorioz, auzitegiko salan gero eta nabariago egin zen umotzen ari ziren mahatsen kiratsa. Alkohol Trafikatzaile Distiratsuak zezenei adarretatik heldu eta Justizia jauregiko eskaileren behealdean makurrarazi zituen. «Gaurko saioa bertan behera geratzen da, arranopola!», oihu egin zuen epaileak bere ur botilan ginebra topatzerakoan. Erreportariek alkatea harrapatu zuten lehoinabar-larruaz jantzirik eta Hiritarren Bertute gisa posatzen, oin bat Fifi printzesa Ekialdeko dantzariaren bizkar gainean ezarrita. Gure korrespontsala Banker's Club-eko leihotik begira zegoen. Ondoan osaba zuen, Jefferson T. Merivale, hiriko clubman ospetsua, bai eta ondo piperreztatutako bi bildots-txuleta ere. Anartean, zerbitzariak orkestra bat azkar antolatzen ari ziren, Gausenheimers-tarren tripatzarrak danbor gisa erabilita. Maîtreak My Old Kentucky Home kantaren bertsio bikain bat eskaini zuen, Delaware-ko Well Watered Gasoline Company-ko zazpi zuzendarien soilune durunditsuez estreinako aldiz xilofono gisa baliatuta. Eta bien bitartean, galtzontzilo gorriak eta zerrenda urdineko zetazko kapela bat jantzirik, Alkohol Trafikatzaile Distiratsuak zezenak zeramatzan Broadwayn zehar: zezen-kopurua bi milioi hirurehun eta berrogeita bi mila eta bostehun eta batekoa zen. Spuyten Duyvil-era iritsita, usterik gutxienean banan-banan ito ziren, Yonkers-eraino igeri egiten saiatzearren.

        «Eta hemen nagok eserita», pentsatzen zuen Jimmy Herfek, «moldeko hitzek ikaragarrizko azkura ematen zidatek, negal bat banu bezala. Moldeko hitzez josita nagok». Zutitu egin zen. Txakur hori txiki bat lo zegoen uzkurtuta jarlekuaren azpian. Txakur hori txikiak oso zoriontsua ematen zuen. «Loaldi eder bat behar diat, ez besterik», esan zuen Jimmyk goraki.

 

 

        — Zer egin behar duzu horrekin, Dutch, bahian eman behar duzu?

        — Francie, nik ez nuke milioi bat dolar baino gutxiago onartuko pistola txiki horren truke.

        — Jainkoaren izenean, ez hasi orain diruari buruz hitz egiten... Edozein egunetan polizia batek hori gerrian duzula harrapatu eta atxilotu egingo zaitu, Sullivan legea dela eta.

        — Oraindik ez da jaio ni atxilotuko nauen poliziarik... Ahaztu hori.

        Francie negar-zotinka hasi zen.

        — Baina Dutch, zer egingo dugu, zer egingo dugu?

        Halako batean, Dutchek pistola poltsikoan sartu zuen eta jauzi bat eginez altxatu egin zen. Gora eta behera zebilen, grinatsu, asfaltozko bidexkan zehar. Gaua latza zen, lainotsua: autoak errepide lupeztuan zehar zebiltzan argizko amaraun bat sasien eskeletoen artean atergabe bilbatuz.

        — Neure onetik ateratzen nauzu zure auhen eta negarrekin... Isilduko al zara behingoz? —aldarte txarrez eseri zen Francieren ondoan—. Norbaiten zarata iruditu zait sasi horietan. Parke madarikatu hau zibilez jantzitako poliziaz beterik dago... Hiri zikin honetan ezin da inora joan, beti norbait duzu begira.

        — Berdin litzaidake hain gaizki sentituko ez banintz. Jaten dudan guztia bota egiten dut eta beti beldurrak airean nago beste neskek ez ote duten zerbait susmatuko.

        — Esana dizut, ba, dena konpontzeko bide bat nuela. Hitz ematen dizut egun pare bat barru dena konponduko dudala... Alde egingo dugu eta ezkondu egingo gara, hegoalderantz joango gara... Ziur nago lana ugari dagoela beste leku batzuetan... Hozten ari naiz. Goazen hemendik, arraioa!

        — Ene, Dutch! —esan zuen Franciek neke-ahotsaz, lupeztutako asfaltozko bidexkatik behera egiten zuten bitartean—. Zuk uste duzu lehen bezain zoriontsu izan gaitezkeela berriro?

        — Orain larri gabiltza, baina horrek ez du esan nahi beti horrela egongo garenik. Ez al nintzen bizirik atera Oregon-go basoetako gas-atake horietatik? Azken egunotan ez diot atsedenik eman buruari.

        — Dutch, zu atxilotzen bazaituzte, neure burua ibaira botatzea besterik ez dut izango.

        — Ez al dizut esan ez nautela atxilotuko?

 

 

        Mrs. Cohen atso zaharra makurturik zebilen eta aurpegi beltzarana eta negalez betea zuen, errege-sagarraren antzera. Sukaldeko mahaiaren ondoan zutik zegoen eta bere esku latzak gurutzaturik zeuden sabelaren gainean. Aldakak kulunkatzen ziharduen, Annari gaitzezpen-jasa amaigabe bat yiddish-ez botatzen zion bitartean. Kafe-kikara baten aurrean eserita, alabak begiak makartsu zituen loaren ondorioz.

        — Sehaskan ito izan bazintuzte edo hilda jaio bazina, hobe... Ene! Nik lau seme-alaba hezi ditut eta horietako bat bera ere ez zait ona atera; iraultzaileak, emagalduak, arloteak... Benny birritan kartzelan, eta Sol, Jainkoak daki non, beti istilutan sartuta, eta Sarah madarikatua bekatura emana Minski's-en hankak jasotzen, eta orain zu, ustelduko ahal zara!, kalean lan egiten kartel bat bizkarrean duzula, lotsagabe alaena!

        Anna ogi-puska bat kafean busti eta ahoan sartu zuen.

        — Ama, ez duzu ezer ulertzen —esan zuen ahoa beterik zeukala.

        — Ulertu, ulertu prostituzioa eta bekatua... Zergatik ez duzu zeure lana egiten eta ahoa ixten? Zergatik ez duzu zeure soldata kobratzen lasai-lasai? Zuk lehen dirutza polita irabazten zenuen eta duintasunez ezkon zintezkeen, dantza-aretoetan edozeinekin burua galtzen hasi baino lehen. Ene, nik zahartzaroan hezi ditut gizon on bakar batek ere nahiko ez lituzkeen alabak...

        Anna garrasika altxatu zen:

        — Hori ez da zure kontua... Nik beti garaiz ordaindu dut neure alokairu-zatia. Zuk uste duzu emakumeek esklabo izateko eta atzamarrak lanaren lanaz higatzeko beste ezertarako ez dutela balio... Ni ez nator bat zurekin, aditu? Hortaz, ez egin oihu gehiagorik, ulertzen?

        — Zure amari horrela hitz egitea ere! Salomon bizirik balego, ebain-ebain eginda utziko zintuzke. Hilda jaio bazina, hobe, zure amari gizonen hizkeraz mintzatzea baino. Alde egizu azkar, bestela txiki-txiki egingo zaitut eta.

        — Ederki, banoa.

        Anna lasterka atera zen kaxaz betetako korridorean zehar eta, logelara iritsita, bere burua ohe gainera bota zuen. Masailak sutan zeuzkan. Etzanda geratu zen, pentsatzeko ahaleginetan ari zen bitartean. Sukaldetik atso zaharraren negar-zotin haserre eta gorabeherarik gabeak zetozen.

        Anna ohe gainean eseri zen. Aurreko ispiluan bere burua ikusten zuen malkotan blai eta ilea guztiz nahasirik. «Jainko maitea, zein itxura eskasa dudan!». Zutitzean, orpo batez jantziaren galartzu bat zapaldu zuen. Jantzia ziplo tarratatu zen. Anna ohe ertzean eseri eta negar eta negar egin zuen. Gero, tarratada kontu handiz josteari ekin zion oso puntada zehatzez. Joskintzak lasaitasuna berreskuratzen lagundu zion. Kapela buruan sartu, sudurra erruz hautseztatu, ezpainetakoez ukituren batzuk eman, berokia jantzi eta alde egin zuen. Apirila ustekabeko koloreak soineratzen ari zen East Side-ko kaleetan. Pinaburuz beteriko eskorga bati freskura gozoa eta lizuna zerion. Kale-kantoian Rose Segal eta Lillian Diamond topatu zituen postu batean koka kola edaten.

        — Anna, edan koka bat gurekin —esan zioten.

        — Ordaintzen badidazue... Txakur txikirik ere ez daukat.

        — Baina sindikatuak ez al zizun greba ordaindu?

        — Atsoari eman nion... Alferrik izan zen... Niri agiraka ematen du egun osoa. Zaharregia da.

        — Ez al duzu entzun pistoladun batzuk sartu zirela Ike Goldstein-en dendan eta dena txiki-txiki eginda utzi zutela? Mailuekin den-dena suntsitu zuten eta Goldstein konorterik gabe utzi zuten oihal-pilo baten gainean.

        — Ikaragarria benetan!

        — Ondo egina.

        — Baina ez zituzten gauzak horrela suntsitu behar. Azken batean, guk berak bezalaxe ateratzen dugu bizibidea aurrera.

        — Bizimodu ederra bai... Ni erdi hilda nago bizimodu horri esker —esan zuen Annak edontzi hutsa barra gainean utziz.

        — Aizu, aizu —esan zuen postukoak—, kontuz baxerarekin.

        — Baina okerrena zera izan zen —jarraitu zuen Rose Segalek—, Goldsteinen dendan borrokan ari ziren bitartean, burdinazko barra bat atera zela leihotik, bederatzigarren pisutik, eta kamioi batean zihoan suhiltzaile bat hil zuen. Hilda geratu zen kale erdian.

        — Zer dela-eta egin zuten hori?

        — Tiporen batek besteren bati botako zion eta leihotik atera zen.

        — Eta suhiltzailea hil zuen.

        Annak etorbidean Elmer ikusi zuen: haienganantz zetorren, burua aurreraturik eta eskuak beroki listuaren poltsikoetan hondoraturik. Bi neskak utzi eta Elmerrenganantz jo zuen.

        — Nire etxera zindoazen? Hobe dugu hara ez joatea, atsoa sutan dago-eta... Atso hori gustura sartuko nuke Israelgo Alabeen Elkartean! Ezin dut gehiago jasan.

        — Orduan goazen plazan esertzera —esan zuen Elmerrek—. Ez al duzu udaberria sentitzen?

        Annak zeharka begiratu zion.

        — Nola ez! O Elmer, greba hau lehenbailehen amaitzea nahi nuke... Egunean zehar kolpe zorrik ere ez jotzeak neure onetik ateratzen nau.

        — Baina Anna, greba da langileen aukera nagusia, langileen unibertsitatea. Denbora ematen dizu ikasteko, irakurtzeko eta Liburutegi Publikora joateko.

        — Baina zuk beti esaten zenuen greba bizpahiru egunen buruan bukatuko zela eta, gainera, zertarako balio du?

        — Zenbat eta landuagoa izan gizakia, orduan eta baliogarriagoa da bere gizarte-mailarako.

        Jarleku batean eseri ziren jolastoki bati bizkarra emanda. Euren buru gainean, arrastiriko eguzkiak nakarrezko hodei txikiak oskorritzen zituen, distiratsu. Haur zikinak oihuka ari ziren, asfaltozko bidexketatik arineketan egiten zuten bitartean.

        — O —esan zuen Annak zeruari so—, Parisko gau-jantzi bat izan nahi nuke neuretzat eta etiketa-jantzi bat zuretzat... luxuzko jatetxe batera joango ginateke afaltzera eta gero, antzokira.

        — Gizalegezko gizarte batean biziko bagina, izango genuke hori egitea. Iraultzaren ondoren, behar besteko alaitasuna egongo da langileentzat.

        — Eta zertarako, Elmer, ordurako atsoa bezalakoak bagara, zaharrak eta erretxinak?

        — Gure seme-alabek gauza horiek guztiak izango dituzte.

        Annak jauzi bat egin zuen jarlekuan.

        — Nik ez dut sekula seme-alabarik izango —esan zuen hortzen artean—, sekula, sekula, sekula!

 

 

        Alicek besoa ukitu zion gozotegi italiar bateko erakusleihoan gelditu zirenean. Lorez eta anilina-ildoz apaindutako opil bakoitzean Bazkoko azukrezko bildots bat eta Piztuerako estandarte bat zeuden.

        — Jimmy —esan zuen Alicek bere aurpegi obalatua biratuta, ezpainak gorriegi zituela, tarta bateko arrosen antzo—. Royrekin zerbait egin beharko zenuke... Lana aurkitu behar du. Erotu egingo naiz beti etxean badago, egunkaria irakurtzen eta izugarrizko ergel-aurpegi horrekin... Badakizu zer esan nahi dizudan... Berak errespetatu egiten zaitu.

        — Baina badabil lan bila, ezta?

        — Ez da gehiegi saiatzen, badakizu.

        — Berak baietz uste du. Nire ustez, bere buruaz oso iritzi bitxia izan behar du... Baina tira, ni al naiz egokiena lanaz hitz egiteko?

        — O, badakit. Zoragarria iruditzen zait. Jende guztiak dio kazetaritza uzteko asmoa duzula idazteari ekiteko.

        Jimmy Aliceren begi nabar zabal-zabalei so geratu zen. Begi haien sakonguneetako isla putzuko urarena bezalakoa zen. Beste aldera begiratu zuen; estu eta larri zegoen; eztul egin zuen. Kolore bizietako kalean zehar jarraitu zuten.

        Jatetxeko atean Roy eta Martin Schiff zeuden euren zain. Kanpoko gela batetik igaro eta hall luze batean sartu ziren: bertan mahai pilo bat zegoen, Napoli-ko badiaren bi pintura berde-urdinen artean pilaturik. Airean nabari zen gazta parmesanoak, zigarroek eta tomate-saltsak isuritako usaina. Aulki batean esertzean, Alicek keinu txiki bat egin zuen.

        — Koktel bat nahi dut berehala.

        — Ni laño hutsa izango naiz —esan zuen Herfek—, baina Vesubio aurrean irtirin ari diren txalupa horiek beti alde egiteko gogoa pizten didate... Pare bat aste barru bidaian egongo naizela uste dut.

        — Baina Jimmy, nora joateko asmoa duzu? —galdetu zuen Royk—. Ez nekien ezer!

        — Zer dio Helenak horri buruz? —galdetu zuen Alicek.

        Herf lotsagorritu egin zen.

        — Ezer ez. Zer esango du ba? —erantzun zuen zorrotz—. Ohartu nintzen hemen jarraitzeak ez duela zentzurik —esan zuen oharkabean pitin bat geroago.

        — O, gutako inork ez daki zer nahi duen —bota zuen Martinek—. Horrexegatik da gure belaunaldia horren dohakabea.

        — Ni oraintxe ikasten hasi naiz gogoko ez ditudan gauza batzuk —esan zuen Herfek patxadaz—. Gutxienez hasi naiz ausardia izaten onartzeko nola arbuiatzen ditudan gogoko ez ditudan gauzak.

        — Baina zoragarria da —oihu egin zuen Alicek— karrera bat pikotara bidaltzea ideal bat dela eta.

        — Barkatu —esan zuen Herfek bere aulkia atzerantz bultzatzen zuen bitartean.

        Bainugelan bere buruari behatu zion ispilu ondulatuan. «Ez hitz egin —xuxurlatu zuen—. Esaten dena ez duk behin ere egiten...». Mozkorti-aurpegia zuen. Eskuak batu, urez bete eta aurpegia garbitu zuen. Mahaian txaloka eta goraka hartu zuten, berriro eseri zenean.

        — Gora bidaiaria! —garrasi egin zuen Royk.

        Alice udare-puska luzeak gaztarekin nahasita jaten ari zen.

        — Zoragarria da —esan zuen Alicek.

        — Roy aspertuta dago! —deiadar egin zuen Martin Schiffek isilune baten ondoren.

        Aurpegia, begi handi-handiez eta hezur-koloreko betaurrekoez hornitua, igerian zebilkion jatetxeko kean zehar, akuario lauso bateko arraina bezala.

        — Buruan nituen bihar lan bila joango naizen leku guztiak.

        — Lana nahi al duzu? —esan zuen Martinek melodramatikoki—. Arima saldu nahi al diozu eskaintzarik handiena egiten dizunari?

        — Besterik ez balego saltzeko... —auhendatu zuen Royk.

        — Goizeko loaldiak kezkatzen nau... Hala ere, nazkagarria da zure nortasuna eta hori dena jendearen aurrean erakustea. Garrantzitsuena ez da lanerako trebetasuna, nortasuna baizik.

        — Prostitutak dira pertsona zintzo bakarrak.

        — Baina, Jainkoarren, prostitutek ere euren nortasuna saltzen dute.

        — Alokatu baino ez.

        — Roy aspertuta dago... Zuek denak aspertuta zaudete... nire kontu aspergarriekin...

        — Primeran pasatzen ari gara —esan zuen berriro Alicek—. Begira, Martin, aspertuko bagina ez geundeke hemen, eserita, ezta?... Nik nahi nuke Jimmyk esatea nora joan nahi duen bere bidaia misteriotsuetan.

        — ...eta zera esaten ari zarete zeuekiko: «A ze tipo aspergarria, horrek zertarako balio du gizartean? Ez du ez dirurik, ez emazte ederrik, ez hitz-jario onik, ez ditu Burtsaren sekretuak ezagutzen. Gizarteari inolako ekarpenik egiten ez dion fardela da... Artista fardel hutsa da».

        — Hori ez da egia, Martin... Zentzugabekeriak esaten ari zara.

        Martinek besoaz keinu bat mahai gainean egin eta bi ardo-edontzi bota zituen. Beldur-aurpegia zuen zerbitzari batek ezpain-zapi bat ezarri zuen bi isurketa gorrien gainean. Horri erreparatu gabe, Martinek hizketan jarraitu zuen.

        — Dena gezurra da... Hitz egiten duzuenean, mihi-puntaz gezurra esaten ari zarete. Ez zarete ausartzen zuen arimak biluzten... Baina orain berriro entzun behar didazue, azken aldiz... Azken aldiz diot. Etorri zu ere, zerbitzari, makurtu eta ikusi giza arimaren amildegi beltza. Eta Herf aspertuta dago. Zuek denak aspertuta zaudete, kristalen kontra burrunba egiten duen eulia bezain aspertuta. Zuek uste duzue kristala gela dela. Ez dakizue zein beltza den barnealdea... Mozkor-mozkor eginda nago. Beste botila bat, zerbitzari.

        — Egon lasai, Martin... Aizu, orain justu ibiliko gara kontua ordaintzeko... Ez dugu gehiagorik behar.

        — Zerbitzari, beste botila bat ardo eta lau grappa.

        — Badirudi parranda ederra egingo dugula gaur gauean —purrust egin zuen Royk.

        — Behar izanez gero, neure gorputzarekin ordainduko dut... Alice, kendu mozorroa... Mozorroaren atzean umetxo zoragarria zara... Etorri nirekin amildegiaren ertzera. O, mozkortuegi nago zer sentitzen dudan zuri esateko.

        Di-da betaurrekoak kendu eta eskuan suntsitu zituen: kristalak lurrera erori ziren, distiratsu. Aho zabalik, zerbitzaria makurtu egin zen, mahaien artetik kristalen bila hasteko.

        Denbora-tarte batean, Martin geldi-geldi geratu zen, begiak itxi-irekika. Gainerakoek elkarri begiratzen zioten. Gero, jauzi bat eginda altxatu zen.

        — Zuen harrokeria gaizto eta okerrari antzematen diot. Dudarik gabe, gaur egun ezin dugu bazkari zintzorik izan, solasaldi zintzorik... Neure zintzotasun atabikoa probatuko dut.

        Bere gorbatatik tiraka hasi zen.

        — Aizu, Martin laguna, isildu —errepikatzen zuen Royk.

        — Inork ez nau geldiaraziko... Ur beltzen zintzotasunerantz jo behar dut... East River-eko ontziraleku beltzaren bukaeraraino lasterka egingo dut, eta neure burua uretara botako dut.

        Herfek jatetxean zehar jarraitu zion kaleraino. Atean, Martinek jaka bota zuen eta izkinan txalekoa.

        — Arraioa, haizea baino arinago egiten du korrika —esan zuen Royk arnasestuka eta zabuka, Herfen sorbalden arrimuan.

        Herfek jaka eta txalekoa jaso eta beso azpian tolestu zituen; gero, jatetxera itzuli zen. Zurbil zeuden Aliceren alde banatan.

        — Benetan egingo du? Benetan egingo du? —galdetzen zuen Alicek behin eta berriro.

        — Ez noski —esan zuen Royk—. Etxera joango da. Gure lepotik barreka ari zen jaramonik egiten geniola ikusita.

        — Eta benetan egingo balu?

        — Ikaragarria litzateke bera zeratuta ikustea... Oso maite dut nik. Berarengatik jarri genion Martin izena geure semeari —esan zuen Jimmyk serio—. Baina hain zoritxarreko sentitzen bada, guk ba al dugu eskubiderik bera geldiarazteko?

        — O, Jimmy —hasperen egin zuen Alicek—, eskatu kafea.

        Kanpoaldean, suhiltzaile-kamioi bat taupadaka, orroka eta auhenka zihoan, kalean behera. Eskuak hotz, kafea zurrupatu zuten elkarri hitzik egin gabe.

 

 

        Five and Ten izeneko denda baten alboko atetik irten eta arratsaldeko seietan etxera zihoan jendetzaren artean murgildu zen Francie. Dutch Robertson zeukan itxaroten. Irribarreka ari zen. Bere aurpegiari bozkarioa zerion.

        — Nola, Dutch, zer...?

        Hitzak kontrako eztarritik joan zitzaizkion.

        — Ez zaizu gustatzen?

        Hamalaugarren Kalean barrena abiatu ziren aurpegi lausoen bi ibilguren artean. «Dena primeran doa, Francie», esan zuen lasai. Udaberriko beroki gris argia eta feldrozko kapela argia zituen jantzita, elkarrekin ederki ematen zutenak. Larru gorrizko zapata berri zorrotzek dir-dir egiten zuten bere oinetan.

        — Zer iruditzen zaizu nire janzkera? Neure artean esan nuen alferrik zela ezertan saiatzea itxura zaindu gabe.

        — Baina Dutch, nola eskuratu duzu hori dena?

        — Estanko bateko tipo bat izutuz. Oso-oso erraza izan da.

        — Ixo, ez hitz egin horren ozenki, norbaitek entzunda ere.

        — Ez luke jakingo zertaz ari naizen.

 

 

        Mrs. Densch-en Luis XIV. estiloko apaintze-mahaiaren zoko batean Mr Densch eserita zegoen, makur-makur eginda, bizkar arrosako aulki txiki batean. Sabela belaunen gainean pausaturik zeukan. Bere aurpegi berde bigunean bi triangelu zeuden, sudurtzarrak eta sudurtzarra bera aho handiaren ertzekin batzen zuten tolesek eraturik. Mr. Denschek telegrama piloa zeukan eskuetan. Gainean, mezu dekodetu batek zioen: «Hamburgoko sukurtsalaren defizita 500.000 dolarrekoa, gutxi gorabehera»; Heintzek izenpeturik. Zeta-antzeko objektu distiratsuz mukuru zegoen gela txiki hartan, noranahi begiratuta ere, airean gutxi gorabehera hitzak ikusten zituen, dantzan. Orduan ohartu zen neskamea, bonet zimurtua zuen neska mulato bat, gelan sartua zela eta berari so zegoela. Begiak piztu zitzaizkion neskameak eskuetan zeukan kartoizko kutxa handia ikusita.

        — Zer da hori?

        — Zerbait andrearentzat, jauna.

        — Ekarri hona... Hickson's... Eta esango didazu, mesedez, zergatik erosi nahi dituen soineko gehiago?... Hickson's... Ireki hori. Garestia bada, itzuli egingo dut.

        Neskameak kontu handiz zetazko papera jaso eta gau-jantzi berde eta mertxika-kolorekoa atera zuen barrutik.

        Mr. Densch zezelka altxatu zen.

        — Seguru asko pentsatuko du gerra oraindik ez dela bukatu... Esaiezu ez dugula onartzen. Esaiezu pertsona hori ez dela hemen bizi.

        Neskameak buruaz baietz eginez kutxa jaso zuen eta sudurra gorantz irten zen. Mr. Densch aulki txikian eseri zen eta telegramak berriro irakurtzeari ekin zion.

        — Ann-ee, Ann-ee.

        Ahots zorrotz bat etorri zen aldameneko gelatik; ahotsaren atzean buru bat ageri zen, puri-purian zegoen farfailezko boneta jantzirik zuena. Halaber, buruari jarraiki, gorputz handi bat ere azaldu zen, txabusina itxuragabe eta zimurtu batean bildurik.

        — Hara J. D.! Zertan ari zara hemen goizeko ordu hauetan? Ni ile-apaintzailearen zain nago.

        — Oso garrantzitsua da... Heintz-en telegrama bat jaso dut oraintxe bertan. Serena maitea, Blackhead&Densch egoera txar-txarrean dago ozeanoaren bi aldeetan.

        — Bai, andrea? —esan zuen neskameak haren atzetik.

        Soina goratu eta leihorantz jo zuen. Nekaturik sentitzen zen, gaixorik, bere haragiaren pisuari ezin eutsirik. Mandatu-mutil bat bizikletaz igaro zen kalean zehar; masailak gorrixka, Densch barreka ari zen. Lipar batez, bere burua ikusi zuen eta, behinolako urteetan bezala, gartsu eta arin sentitu zen. Garai hartan, Pine Street-en behera jaisten zen, kapelarik gabe, nesken orkatilei zeharka so egiten zien bitartean. Gelara itzuli zenerako, neskamea joana zen.

        — Serena —ekin zion—, ez al zara ohartzen kontu hau oso larria dela?... Egoera ekonomiko hau tamalgarria da. Eta, gauza guztien gainetik, babarrunen merkatuak behea jo du. Behea jota gaude, benetan diotsut.

        — Tira, maitea, ez dakit zer nahi duzun nik egitea...

        — Aurreztu... aurreztu... Begira zer prezio daukan kautxuak... Hickson's-en erositako jantzi hori...

        — Ez duzu ba nahiko ni Blackhead-arren jaira joatea herri bateko eskolako andereñoa bezala jantzita, ezta?

        Mr. Denschek purrust egin eta burua alde batetik bestera eraman zuen.

        — O, ez duzu inoiz ulertuko... Seguru asko ez da jairik egingo... Begira, Serena, horiek ez dira lelokeriak. Ekipajea prestatuta eduki beharko zenuke, edozein egunetan itsasoratu nahi badugu ere... Atsedena hartu behar dut. Pentsatzen ari naiz Marienbad-era joango ote garen... Zuri ere on egingo dizu.

        Halako batean, Serenak topo egin zuen gizonaren begiradarekin. Aurpegiko zimur guztiak nabarmen egin zitzaizkion; begien azpiko azalak baloi despuztu bat zirudien. Gizona hurbildu egin zitzaion, eskua sorbalda gainean ezarri zion eta ezpainak aurreratu zituen musu emateko asmoz, baina emakumea bat-batean sumindu egin zen.

        — Ez dut onartuko ni eta nire jostunen artean zu sartzerik... ez dut onartuko... ez dut onartuko...

        — Egizu gogoak ematen dizuna.

        Mr. Densch gelatik irten zen, burua sorbalda sendo erorien artean hondoraturik.

        — Ann-ee!

        — Bai andrea? —neskamea berriro azaldu zen.

        Mrs. Densch astunki eseri zen sofa txiki hanka-okerraren erdian. Bisaia berdexka zuen.

        — Annie, mesedez, ekarri gatz botila hori eta ur apur bat... Eta gainera, Hickson's-i deitu, soinekoa okerrean itzuli zela esateko... maiordomoak egindako hutsagatik, eta esan mesedez lehenbailehen bueltan ekartzeko, gaur gauean horren beharra izango dut eta.

 

 

        Zoriontasunaren xerka, noraezeko xerka... bizitzeko eta askatasuna izateko eskubidea eta... Ilargirik gabeko gau beltza; Jimmy Herf bakarrik zihoan South Street-en gora. Gauaren belztasuna ontziralekuen atzean lekuko zela, ontzien eskeleto beltzak ageri ziren. «Jainko maitea, onartzen diat ez dakidala zer egin», esan zuen goraki. Apirileko gau hauetan, kaleetan zehar bakarrik zebilen bitartean, ezin zuen etxeorratz luze bat burutik kendu. Eraikin hura zut ageri zen ezin konta ahala leiho argitsuz horniturik, eta Jimmyri gainean erortzen zitzaion zeru irristakorretik. Haren belarrietan, idazmakinei konfeti nikeleztatua zerien gupidarik gabe. Korista-aurpegiek, Ziegfeld-ek loriatuek, irribarre egiten zioten, leihoetatik keinuka. Ellieren irudi bizi-bizia etorri zitzaion gogora: urrezko soineko bat jantzirik, urrezko hosto meheez eginda zegoela iruditu zitzaion, eta keinuka ari zitzaion leiho guztietatik. Jimmy Herf jira eta bira zebilen kaleetan zehar oropelezko leihodun etxeorratz zaratatsuko atearen bila. Han eta hemen zebilen bila; aterik ez, ordea. Begiak ixten zituenero, ametsa nagusitzen zen haren baitan; esaldi dotore eta arrazoizkoei buruz goraki hausnartzeari uzten zionero, ametsa nagusitzen zen haren baitan. «Aizu gazte, burua galdu nahi ez baduzu, bi gauza horietako bat egin behar duzu...». «Jauna, mesedez, non dago eraikin honetan atea? Eraikinaren atzealdean?». «Bai, eraikinaren atzealdean duzu... noraezeko bi aukeretako bat: alkandora bigun eta zikin bat jantzita alde egitea edo lepo gogor eta garbiarekin geratzea». «Baina zertarako eman bizitza osoa Suntsipenaren Hiritik ihesi? Eta, Hamahiru Probintzia horiek, non daude zuen eskubide besterenezinak?». Bere burmuinak esaldiak zabaltzen zituen. Nekaezin, Jimmy ibili eta ibili zebilen. Alderrai zihoan, norarik gabe. «Hitzetan sinetsiko banu bederen...»

 

 

        — Zer moduz, Mr. Goldstein? —esan zuen biziro erreportariak, estankoko saltokian kapelaren hegala apur bat tolestuz diosal egiten zion bitartean—. Brewster dut izena... Krimenen boladari buruz idazten ari naiz News-erako.

        Mr. Goldstein larba-itxurako gizona zen; sudur kakotua eta pitin bat okertua zuen bere aurpegi grisean; aurpegiaren atzean, belarri gorrixka zoliak nabarmentzen ziren ustekabean. Erreportariari mesfidantzaz begiratu zion.

        — Benetan eskertuko nizuke atzoko gertakari... nola esan?... zoritxarrekoa azalduko bazenit.

        — Ez dizut ezertxo ere esango, gazte. Zer egingo zenuke nik esandakoa argitaratzea ez bada? Horrela, beste neska-mutil batzuei bururatuko zaie berdin egitea.

        — Penagarria da zuk iritzi hori izatea, Mr. Goldstein... Robert Burns bat emango didazu?... Publizitatea aireztapena bezain garrantzitsua iruditzen zait... Airea berriztatu egiten du.

        Erreportariak puruaren muturra hortzez ebaki eta piztu egin zuen; geroago, Mr. Goldstein-i begira geratu zen, gogoetatsu, ke urdinezko eraztun baten beste aldetik.

        — Ikusten duzunez, Mr. Goldstein —esan zuen handios—, kontua zera da: giza interesaren ikuspuntutik ari gara auzia lantzen... errukia eta negarrak... ulertzen duzu? Argazkilari bat honantz etortzekoa zen zuri argazkia ateratzeko... Ziur nago pare bat astetan honek zure negozioaren martxa bizkortu egingo lukeela... Orain telefonoz deitu beharko diot ez etortzeko.

        — Tira, tipo hori —hasi zen Mr. Goldstein tarrapataka— ondo jantzirik ibiltzen da beti, beroki bikaina eta guzti... Eskuarki Camel pakete bat erosi ohi du... «Gau ederra», esan zuen paketea irekitzen ari zen bitartean zigarro bat ateratzeko. Orduan konturatu nintzen berarekin zetorren neskak beloa zeukala.

        — Hortaz, neska hark ez zuen ile laburra?

        — Nik halako dolu-belo bat besterik ez nuen ikusi. Ohartu nintzenerako, neska salmahaiaren atzealdean zegoen, errebolber bat nire saihetsen kontra ezarririk, eta hizketan hasi zen... txantxetan edo... Eta nik ezer ulertzeko astirik izan aurretik, gizonezkoak kutxa erregistratzailean zegoen guztia hartu eta esan zidan: «Diru xeherik ba al duzu poltsikoetan, lagun?». Eta nik izerdi patsetan nengoen, benetan diotsut.

        — Hori al da dena?

        — Bai, ez dago besterik. Polizia agertu zenerako tokitan egongo ziren.

        — Zenbat lortu zuten?

        — O, berrogeita hamar dolar inguru kutxan eta sei poltsikotik.

        — Neska polita zen?

        — Ez dakit, baliteke. Burua txikitu nahi nioke. Umetxo horiek aulki elektrikora eraman beharko lituzkete... Gaur egun ez dago leku segururik. Zertarako lan egin, errebolber bat lortu eta aldamenekoari lapurtzea aski bada?

        — Zuk diozu ondo jantzita zeudela... jende aberatsa bezala.

        — Bai.

        — Nire teoriaren arabera, mutila unibertsitateko ikaslea da eta neska familia onekoa eta hau guztia ondo pasatzearren egiten dute.

        — Mutila astokilo-itxurako putakume bat zen.

        — O, badira astokilo-itxurako unibertsitateko ikasleak... Irakurriko duzu «Lapur finak» izeneko artikulua igandeko egunkarian, Mr Goldstein... Zuk News egunkaria irakurtzen duzu, ezta?

        Mr. Goldsteinek buruaz ezetz egin zuen.

        — Nolanahi ere, ale bat bidaliko dizut.

        — Nik txoritxo horiek kartzelan ikusi nahi ditut, ulertzen duzu? Prest nago behar den guztia egiteko. Dagoeneko ez dago segurtasunik... Bost axola zait igandeko gehigarriko publizitatea.

        — Ondo da, argazkilaria laster izango da hemen. Ziur nago posatzeko prest izango zarela, Mr. Goldstein... Eskerrik asko... Ikusi arte, Mr. Goldstein.

        Halako batean, Mr. Goldsteinek errebolber berri eta distiratsu bat salmahai azpitik atera eta erreportariari destatu zion.

        — Aizu, kontuz horrekin!

        Mr. Goldsteinek irri maltzur bat egin zuen.

        — Prest naukate hurrengorako! —oihu egin zuen erreportaria metrorantz zihoala.

 

 

        — Gure negozioan, Mrs. Herf maitea —esan zuen Mr. Harpsicourt-ek, Cheshire katu grisaren modura irribarre eginez begietara eztiki so egiten ziola—, modaren uhinei utzi behar diegu gu urbazterrera eramaten, lehertu baino lehen, surf-taula batean bezala.

        Koilara batez Ellen kontu handiz induskatzen ari zen aguakate erdia. Begiak platerean iltzatuta zeuzkan; ahoa erdi irekita. Freskoa eta liraina sentitzen zen bere jantzi urdin estuaren barruan. Adi zegoen, isilik, alboetatik zetozen begiradek osatutako amaraunaren barruan eta jatetxeko ohiko solasaldi gorabeherarik gabekoen erdian.

        — Dohain hori zure baitan hobeto profetizatu dezaket beste edozein emakumerengan baino. Ez dut sekula zu baino emakume xarmangarriagorik ezagutu.

        — Profetizatu? —galdetu zuen Ellenek, goratz begira eta irribarreka.

        — Ez duzu kontuan hartu behar agure batek hitzez hitz esandako guztia... Orain ez dut ondo adierazi esan nahi nuena... Seinale txar-txarra beti. Ez, zuk ondo ulertu didazu, onartu nahi ez baduzu ere... esan egia... Zer behar dugu geure egunkarian? Ziur nago hori zeuk askoz hobeto azaldu diezadakezula.

        — Jakina, zuek zera lortu nahi duzue: irakurle guztiak gauza guztien erdigunean sentiarazi.

        — Hementxe bertan, Algonquin-en bazkaltzen egongo balira bezala.

        — Bihar bada, hobeto —gaineratu zuen Ellenek.

        Mr. Harpsicourt-ek barre kirrinkaria egin zuen, Ellenen begi gris urrezko izpidunetan begirada finkatzen zuen bitartean. Lotsagorriturik, Ellenek beherantz begiratu zuen harik eta aguakatearen erdi xehatuari so egin zion arte. Atzean ispilu bat baileukan, inguruko mahaietako gizon-emakumeen begiak sentitzen zituen.

 

 

        Ginak laztutako mihiaz gustura ahogozatzen ari zen irinezko opilak. Jimmy Herf Child's-en eserita zegoen, mozkorti zaratatsuen artean. Begiak, ezpainak, gau-jantziak eta hirugiharraren eta kafearen usaina lausoki taupadaka zituen inguruan. Opilak lan handia hartuta jan zituen eta beste kafe bat hartu zuen. Hobeto sentitzen zen. Izan ere, lehenago beldurrez egon zen ea oka egingo ote zuen. Egunkaria irakurtzeari ekin zion. Moldeko hitzek igeri egiten zuten sakabanaturik, lore japoniarren modura. Gero, hitzok berriro argi eta taxuzko bihurtu ziren eta halako ore leun zuri-beltz baten modura zabaldu ziren Jimmyren burmuin zuri-beltzean zehar.

 

        «Gazteria alferrik galduak berriro ordaindu du bere zerga tragikoa, Coney Island-eko oropelezko dibertimenduen artean. Izan ere, Coney Island datorren denboraldirako margotu berria dutelarik, polizia sekretuak "Dutch" Robinson eta bere laguna atxilotu ditu, hain zuzen ere, «Flapper Bandid» ezizenez ezaguna den neska. Bikoteari Brooklyn eta Queens-en hainbat lapurreta egin izana leporatzen diote. Polizia zenbait egunetan atzetik ibili zaie. Seacroft Avenue-eko 7356.ean pisu txiki bat alokatua zuten. Lehenengo susmoa neska, laster ama izango dena, Canarsie-ko Ospitale Presbiterianora anbulantzian eraman zutenean piztu zen. Ospitaleko langileak harrituta gelditu ziren Robinsonen diruak agortezina zirudiela ikusita. Neskak gela bat zuen berarentzat; egunero lore garestiak eta fruta jasotzen zituen, eta gizonaren eskariz, sendagile ospetsu batek neskaren ardura hartu zuen. Jaio berriaren izena erregistratzeko garaia iritsita, gizonak sendagileari aitortu zion ez zeudela ezkontuta. Ospitaleko laguntzaile bat ohartu zen ama berria Evening Times-en emandako «Flapper Bandid» neskaren deskripzioarekin bat zetorrela, eta poliziari deitu zion. Polizia sekretu batzuk bikotearen atzetik ibili dira zenbait egunetan, biak Seacroft Avenue-ra itzuli eta gero, eta gaur arratsaldean atxilotu dituzte.

        "Flapper Bandid" neskaren atxiloketa...»

 

        Gaileta bero bat lurreratu zen Herfen egunkariaren gainean. Sustoa hartuta gorantz begiratu zuen. Ondoko mahaian, neska judu begi beltz batek keinu bat egin zion. Herfek diosal egin eta alegiazko kapela bat kendu zuen.

        — Eskerrik asko, ninfa maitagarri hori! —lardaskatu zuen eta gaileta jateari ekin zion.

        — Txantxa gehiagorik ez, argi dago?

        Neskaren ondoko mutil gazteak hitz haiek belarrira esan zizkion, garrasika. Boxeolarien entrenatzailea ematen zuen.

        Herfen mahaian jende guztia barrez lehertzen ari zen. Kontua hartu, gau on murruskatu eta irten egin zen handik. Kutxazainaren idazmahai gaineko erlojuan hirurak ziren. Kanpoaldean, jendetza zalapartatsua artean pilatuta zegoen Columbus Circle-ren inguruan. Zoladura bustiak isuritako usaina autoen ke-adarrarekin nahasten zen eta lantzean behin lur hezearen eta belar erne berriaren bafada etortzen zen parketik. Luzaz geldirik geratu zen kale-kantoian, norantz jo jakin gabe. Bolada hartan ez zuen gauez etxera joateko gogorik izaten. Pena apur bat ematen zion «Flapper Bandid» eta bere laguna atxilotu izanak. Nahiago zukeen ihes egitea lortu izan balute. Egunero miatzen zuen egunkaria, irrikatsu, euren balentriak irakurtzeko. «Gizajoak», pentsatu zuen Herfek, «gainera, ume jaioberri bat ditek».

        Bien bitartean, Child's-en iskanbila sortu zen. Herfek atzerantz begiratu zuen leihoan zehar, sutegiaren gainetik, hor kiskaltzen ari baitziren ahaztutako hiru opil. Zerbitzariak ahaleginetan zebiltzan etiketaz jantzitako gizon garai bat kalera botatzeko. Herfi gaileta jaurtikia zion neska juduaren laguna helduta zeukaten bere lagunek. Segurtasunaz arduratzen zen gorilak ukondoka egin zuen aurrera, jendetzaren artean. Bizkar zabaleko gizon txikia zen eta tximino-begi nekatu hondoratuak zituen. Lasai-lasai eta grinarik gabe, gizon garaiari oratu eta di-da atetik bota zuen. Espaloian gizonak durduzaturik begiratu zuen bere ingurura eta lehengo tankera berreskuratzen saiatu zen. Horretan ari zela, polizia-auto bat bertaratu zen, triki-traka. Barrutik bi polizia atera ziren eta segituan atxilotu zituzten kale-kantoian lasai hizketan ari ziren hiru italiar. Herfek eta etiketa-jantzia zuen gizon garaiak elkarri behatu zioten hitzik egin gabe eta zein bere bidetik joan zen, mozkor aztarnarik txikiena ere supitoki aienaturik.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia