Hirugarren atala

Ate birakariak

 

Ilunabarrean, ipurtargi-trenak han-hemenka zebiltzan lainoan murgilduta, zubi amaraunduen zilueten artetik. Igogailuak gora eta behera. Portuko argiak keinuka.

Lehenengo izoztaldietako izerdiaren antzera, bostetan, apurka-apurka erdialdeko eraikin garaietatik gizon-emakumeak isurtzen hasi ziren. Gizatalde handi zurbilak metro-zuloetan eta tuneletan sartu eta lurpean desagertzen ziren.

Eraikin handiek isilik eta hutsik ematen zuten gau osoa; euren milioika leihoek, berriz, ilun. Argia zeriela, ferryek bidea irensten zuten, portu lakatuan zehar. Gauerdian, lau tximiniadun transatlantiko espresoak euren ontziraleku argitsuetatik itsasoratu eta ilunpean pulunpatu ziren. Ezkutuko bilerez unaturik eta begiak makartsu, bankariek atoiontzien uluak entzuten zituzten, zaindari linternadunek aldeetako ateak irekitzean. Bankariak purrustadaka kokatzen ziren euren limusinen atzeko jarlekuetan eta Berrogeitakagarren Kalearen ingurura azkar hurbiltzen ziren; hango kaleak kalapitatsuak ziren eta denetariko argiak zituzten: ginebra bezain zuriak, whiskya bezain horiak, sagardoa bezain burbuilatsuak.

 

        Apaintze-mahaian eserita, Rosie ilea txirikordatzen ari zen. Beraren ondoan, malba koloreko tiranteak fraka dotoreetatik dilindan zituen gizon bat alkandoraren diamantezko mahuka-bikiak lotzen ari zen.

        — Jake, honetatik kanpo egon nahi nuke —purrust egin zuen ahoan zituen urkilen artetik.

        — Nondik kanpo?

        — Prudence Promotion Company-tik... Benetan diotsut, kezkatuta nago.

        — Baina dena primeran doa. Nichols-i ziria sartu behar diogu, horixe da dena.

        — Jo dezagun auzipetu egiten zaituela.

        — Ez, ez du horrelakorik egingo. Diru asko galduko luke. Gurekin elkartzea komeni zaio... Gainera, astebete barru esku-dirutan ordainduko diot. Dirua daukagula pentsaratzen badiogu, txoritxo baten modura etorriko da gure eskuetan jatera. Ez al zuen esan El Fey-n izango zela gaur gauean?

        Rosiek apain-orrazi bat ipini berria zuen bere ile beltzezko mototsean. Baietz egin zuen buruaz eta zutitu egin zen. Aldaka zabaleko emakume mardula zen; begi handi beltzak eta oso bekain kakotuak zituen. Farfail horiz apaindutako kortsea eta zeta arrosazko alkandora zituen jantzirik.

        — Jantzi zeuk duzun onena, Rosie. Gabonetako zuhaitz baten modura jantzita egon zaitezen nahi dut. Gaur gauean El Feyra joango gara eta Nichols liluratuta utziko dugu, eta bihar proposamena egingo diot... Tira, lehenago edan dezagun zerbait... —Telefonoa hartu zuen—. Izotz xehatua eta botila pare bat White Rock igo ditzatela lau zero lau gelara. Silverman dut izena. Azkartxoago.

        — Jake, hanka egin dezagun hemendik! —oihu egin zuen Rosiek bat-batean. Zutik zegoen, armairutik hurbil, jantzi bat beso gainean zeramala—. Ezin dut honelako urduritasunik jasan... Hau bai oinazea!... Alde egin dezagun Parisera edo Habanara eta has gaitezen berriro.

        — Eta handik itzalpera zuzenean. Iruzurragatik estraditatzen dute jendea. Ez duzu nahi izango nik bizitza osoa ematea betaurreko beltzekin eta gezurrezko papiloteekin, ezta?

        Rosiek barre egin zuen.

        — Ez dut uste oso itxura ona izango zenukeenik horrelako mozorro batekin... O, benetan ezkonduta bageunde sikiera!

        — Gure artean ez dago desberdintasunik, Rosie. Gainera, bigamiagatik jazarriko nindukete. Zoragarria izango litzateke.

        Mandatu-mutilak atean jotzeaz batera, hotzikara batek zeharkatu zuen Rosieren soina. Jake Silvermanek erretilua hartu zuen, han katilu batean izotz-puska batzuek tintin egiten baitzuten, eta idazmahaiaren gainean ezarri zuen. Gero, armairu batetik whisky botila karratu bat atera zuen.

        — Ez iezadazu ezer prestatu niri. Ez dut ezer edateko gogorik.

        — Indarberritu behar duzu, laztana. Tira, dotore-dotore jantzi zaitez eta goazen antzoki batera. Zer arraio, makina bat aldiz egon naiz hau baino egoera larriagoetan! —edontzia eskuan hurbildu zen telefonora—. Kioskoarekin, mesedez... Kaixo, laztana... Zuk aspaldi ezagutzen nauzu, bai noski... Aspaldiko laguna nauzu... Aizu, lortuko dizkidazu bi jarleku Follies-ak ikusteko?... Ez, zortzigarren ilaratik atzera ez... Zu bai neska paregabea!... Eta deitu hamar minutu barru, konforme laztana?

        — Aizu, Jake, egia al da boraxa dagoela laku horretan?

        — Bai, noski. Ez al dugu lau adituren egiaztagiria?

        — Badakit. Galdera zen, ez besterik... Aizu, Jake, honetatik irteten bagara, hitz eman behar didazu ez zarela gehiago sartuko horrelako kontu arraroetan.

        — Bai, noski. Ez dut horren beharrik izango... Zu bai neska puska, soineko horrekin! Arranopola!

        — Gustatzen zaizu?

        — Brasildarra ematen duzu... ez dakit... tropikala edo.

        — Horixe da nire xarma arriskutsuaren giltzarria.

        Telefonoak bortizki jo zuen. Jauzi bat eginez altxatu ziren. Rosiek ezpainak estutu zituen eskugainaz.

        — Bi laugarren lerroan. Oso ondo... Segituan jaitsiko gara eta jasoko ditugu... Begira, Rosie, ezin zara gehiago asaldatu horrela; zure erruagatik ni ere urduri jartzen ari naiz. Egon lasai, ados?

        — Goazen zerbait jatera, Jake. Egun osoan esnea besterik ez dut edan. Pisua galtzeko ahaleginetan ari nintzen baina utzi egingo dut. Nahikoa argalduko naiz larritasun honekin.

        — Aski da, Rosie... Neure onetik ateratzen ari naiz.

        Atondoko lore-saltokiaren aurrean gelditu ziren.

        — Gardenia bat nahi dut —esan zuen Jakek.

        Paparra harrotu eta irribarre egin zuen, saltokiko neskak lorea ipini zionean jakaren botoi-zuloan.

        — Eta zuk zer nahi duzu, laztana? —galdetu zion arranditsu, Rosierengana jiratzen zela.

        Rosiek maina bat egin zuen.

        — Ez dakit zerk emango lukeen ondo soineko honekin.

        — Sarrerak jasotzera noa, erabakia hartzen duzun bitartean.

        Jake berokia zabalik jiratu egin zen bere papar harrotua eta bere esku lodietan zehar luze ageri ziren alkandoraren eskumuturrak erakusteko eta ibilera arranditsuz jo zuen kioskorantz. Saltokiko neska arrosa gorrien zurtoinak aluminio-paperean biltzen ari zen bitartean, Rosiek Jakeri zeharretik begiratu zion. Jake aldizkari batzuen aldera makurtuta zegoen, kioskoko neska ilehoriari ume-hizkeraz eleka. Pozarren zetorren billete-sorta bat eskuetan zekarrela. Rosiek orratz batez josi zituen arrosak bere larruzko berokian, besotik heldu zion eta ate birakaritik irten ziren gau elektriko hotz distiratsura.

        — Taxi! —egin zuen ulu.

 

 

        Jantokian nabari zen ogi xigortuak, kafeak eta New York Times egunkariak isuritako usaina. Marivale-tarrek gosaria hartzen ari ziren argi elektrikoaren pean. Elurbustiak leihoen kontra jotzen zuen.

        — Bada, Paramount-ek bost puntu gehiago egin ditu beherantz —esan zuen Jamesek egunkariaren atzetik.

        — O, James, ez zaitez horren gogaikarria izan —kexatu zen Maisie, oiloen modura zurrutada laburrak egiten zituen bitartean.

        — Eta gainera —esan zuen Mrs. Merivalek—, dagoeneko Jack ez dago Paramount-ekoekin. Publizitatea egiten ari da Famous Players-etarako.

        — Bi aste barru etorriko da ekialdera. Berak dioenez, espero du urte hasierarako hemen egotea.

        — Telegrama gehiagorik jaso zenuen, Maisie?

        Maisiek baietz egin zuen buruaz.

        — James, zuk dakizunez, Jackek ez du sekula gutunik idazten. Beti telegramak bidaltzen ditu —esan zion Mrs. Merivalek bere semeari egunkarian zehar.

        — Egia da etxea lorez betetzen digula, hori ezin da ukatu —purruts egin zuen Jamesek egunkariaren atzetik.

        — Beti telegrafoz —esan zuen Merivalek garaile.

        Jamesek egunkaria utzi egin zuen.

        — Tira, espero dut dirudien bezain morroi ona izatea.

        — O, James, nazkagarria zara Jackekin... Ez zenuke horrela jokatu beharko.

        Maisie altxatu eta gortinen artetik desagertu zen, egongelan.

        — Tira, uste dut eskubidea dudala nire koinatua izango denari buruz iritzia emateko —murmurikatu zuen.

        Mrs. Merivale bere alabaren atzetik joan zen.

        — Etorri eta bukatu gosaria, Maisie. Beti adarra jotzen ari da.

        — Ez diot utziko Jacki buruz horrela hitz egiten.

        — Baina Maisie, nik uste dut Jack zoragarria dela —beso batez bere alaba inguratu zuen eta berriro mahaira eraman zuen—. Hain da zintzoa... eta badakit nik asmo onak dituela... Ziur nago zoriontsu egingo zaituela.

        Maisie berriro mainak egiten ari zela eseri zen bere kapelaren begizta arrosaren azpian.

        — Ama, beste kikara bat kafe hartzea ba al dut?

        — Laztana, badakizu ez dituzula bi kikara hartu behar. Dr. Fernald-ek esan du horrexek jartzen zaituela horren urduri.

        — Apur bat besterik ez, ama. Arina, mesedez. Opil hau bukatu nahi dut eta, horretarako, zerbait edan beharra daukat eta zuri ez zaizu gustatzen ni gehiago argaltzea.

        Jamesek bere aulkia baztertu eta Times egunkaria besapean zuela irten zen.

        — Zortzi eta erdiak dira, James —esan zuen Mrs. Merivalek—. Ordubete edo ematen du hor barruan, behin egunkariarekin sartuz gero.

        — Orain —esan zuen Maisiek haserre— ohera noa berriro. Uste dut lelokeria dela denok jaikitzea gosarirako. Gure mailako jendeak dagoeneko ez du horrelakorik egiten, ama. Perkins-tarren etxean, bati gosaria ohera eramaten diote, erretilu batean.

        — Baina Jamesek bederatzietan egon behar du bankuan.

        — Hala ere, besteok ez dugu zertan ordu horretarako jaiki. Horregatik dauka jendeak aurpegia zimurrez beterik.

        — Baina afaltzeko ordura arte ez genuke James ikusiko. Atsegin dut goiz jaikitzea. Goiza egunaren parterik ederrena da.

        Maisiek aharrausi egin zuen, etsian.

        James halleko atean agertu zen, eskuila bere kapelan zehar zerabilela.

        — Zer egin duzu egunkariarekin, James?

        — Hortxe utzi dut.

        — Nik hartuko dut, lasai... Laztana, gorbatako orratza okertuta daukazu... Utzidazu ondo ipintzen... Oraintxe.

        Mrs. Merivalek eskuak bere semearen sorbalden gainean ipini zituen eta aurpegira begiratu zion. Jamesek marra berde argiekiko jantzi gris ilun bat zuen, bai eta urrezko orratzarekiko puntuzko gorbata oliba-berde bat eta lauki beltzekiko artilezko galtzerdi oliba-berde batzuk ere. Orobat, Oxford tankerako zapata gorri ilunak ere bazituen; lokarriak aska ez zekizkion, korapilo bikoitzaz lotuta zeuden, kontu handiz.

        — James, ez duzu makilarik eraman behar?

        Behin artilezko bufanda berde-oliba lepoaren inguruan ezarrita, neguko beroki marroi iluna janzteari ekin zion.

        — Ohartu naiz gazte jendeak ez duela makilarik eramaten, ama... Agian uste dute apur bat... Ez dakit...

        — Hala ere, Mr. Perkinsek loro-buru bat kirtentzat duen makila bat eraman ohi du.

        — Bai, baina bera da lehendakariordeetako bat, eta nahi duen guztia egin dezake... Tira, lasterka alde egin beharra daukat.

        James Merivalek azkar musu eman zien bere ama eta arrebari. Igogailuan sartzean eskularruak jantzi zituen. Burua makurturik, di-da aurre egin zion elurbustiari Hirurogeita Hamabigarren Kalean zehar. Metroaren sarreran Tribune-a erosi zuen eta bultzaka jaitsi zen eskaileretan behera, nasa jendetsu eta kirasturaino.

 

 

        «Chicago! Chicago!» irteten zen borborka gramofono itxitik. Jantzi beltz oso estu batean bildurik, Tony Hunter ile hori bizia sorbaldetaraino zuen neska batekin lirain ari zen dantzan. Bakarrik zeuden hoteleko egongelan.

        — Laztana, oso dantzari ona zara —urruma egin zuen neskak gero eta hurbilago.

        — Zuk uste, Nevada?

        — Umm... Ez duzu ezer berezirik sumatu nigan, laztana?

        — Zer, Nevada?

        — Ez duzu ezer berezirik sumatu nire begietan?

        — Munduko begitxorik ederrenak dira.

        — Bai, baina bereizgarri bat dute.

        — Zer esan nahi duzu? Bat berdea eta bestea grisa dituzula?

        — Ene, nola konturatu den alproja hau!

        Neskak ahoa eskaini zion. Tony Hunterrek musu eman zion. Diskoa bukatu egin zen. Biak lasterka joan ziren diskoa gelditzera.

        — Hori ez da musua izan —esan zuen Nevada Jonesek, ile-kizkurrak begi paretik kentzen ari zela.

        Shuffle Along kanta ipini zuten.

        — Aizu, Tony —esan zuen, berriro dantzari ekin ziotenean—, zer esan zizun psikoanalistak atzo?

        — O, ezer askorik ez. Hitz egin genuen, ez besterik —esan zuen hasperenka—. Uste du dena irudimena dela. Neska gehiago ezagutu behar nituela esan zidan. Jatorra da, baina ez daki zer esaten duen ere. Ezin du ezer egin.

        — Apustu egingo nuke nik bai egin nezakeela zerbait.

        Dantza utzi eta elkarri begiratu zioten. Masailak sutan zeuzkaten.

        — Zu ezagutzea, Nevada —esan zuen halako doinu errukarri batez—, garrantzitsuagoa izan da niretzat... Zu hain zara zintzoa nirekin... Jende guztia beti izan da hain gorrotagarria...

        — Ez zaitez horren serio jar.

        Nevada pentsakor aldendu zen eta gramofonoa gelditu zuen.

        — Txantxa ederra Georgerentzat.

        — Sentitzen dut bene-benetan. Hain jatorra izan da... Eta azken batean ezin izango nioke sekula ordaindu Dr. Baumgardt-i.

        — Berak du errua. Tentel hutsa da... Jai dauka, uste du ni eros nazakeela hotel bateko gela bat eta antzokiko sarrera batzuk eskainita. Baina benetan diotsut, Tony, sendagile horrekin jarraitu behar duzu. Glen Gaston-ekin mirariak egin ditu... Hogeita hamabost urtera arte uste zuen ez zela sekula aldatuko, eta azken bolada honetan entzun dut ezkondu egin dela eta bikiak dituela... Tira, orain emaidazu benetako musu bat, laztana. Horrela... Goazen pitin bat gehiago dantza egitera. Zein ondo egiten duzun dantza! Zu bezalako mutil guztiek ondo egiten dute dantza. Ez dakit zergatik izango den...

        Halako batean telefonoaren hotsak gela ebaki zuen, zerra baten antzera. «Nor da?... Bai, Miss Jones naiz... Noski, George, zure zain nago...». Telefonoa eseki zuen.

        — Ai ene! Alde egizu, Tony, azkar. Geroago deituko dizut. Ez erabili igogailua, gorakoan topatuko zenuke bestela.

        Tony Hunter desagertu egin zen. Nevadak Baby... Babee Deevine ipini zuen gramofonoan eta urrats luzeak eginez hasi zen gelan zehar ibiltzen, aulkiak egokiro kokatzen, bere kizkur labur zurrunak atontzen.

        — O, George, uste nuen ez zinetela etorriko... Zer moduz, Mr. McNiel? Ez dakit zergatik nagoen gaur hain urduri. Uste nuen ez zinetela sekula etorriko. Zerbait afalduko dugu. Goseak amorratzen nago.

        George Baldwinek onddo-kapela eta makila zokoko mahai baten gainean utzi zituen.

        — Zer nahi duk hik, Gus? —esan zuen.

        — Nik beti bildots-txuleta eta patata-erre bat jaten ditiat.

        — Nik esnea galletekin besterik ez diat hartuko, gaizki nagok sabeletik egun hauetan... Nevada, highball bat prestatuko duzu Mr. McNielentzat?

        — Tira, ideia ona duk, George.

        — George, niretzat eskatu otarrain erdi bat egosita eta aguakate-entsalada bat! —oihu egin zuen Nevadak bainugelatik, han izotza zatikatzen ari baitzen.

        — Nevada izugarria duk otarrain-kontuetarako —esan zuen Baldwinek barreka, telefonoz deitzera zihoala.

        Nevada bi highball erretilu batean zekartzala etorri zen bainugelatik; lepoaren inguruan bufanda gorri eta berde-papagai bat ipinia zuen.

        — Guk biok edaten dugu, ez beste inork, Mr. McNiel... Georgek ura baino ezin dezake edan. Medikuaren aginduak.

        — Nevada, nahi duzu nirekin etorri musikal batera arratsaldean? Buruhauste pilo bat kendu nahi dut burutik.

        — O, niri arratsaldeko saioak asko gustatzen zaizkit! Ardura al dizu Tony Hunter eramaten badugu? Telefonoz esan dit oso bakarrik zegoela eta hona etorri nahi zuela gaur arratsaldean. Aste honetan ez du lanik egiten.

        — Ongi da... Nevada, barkatu, baina Mr. McNielek eta biok zerbaiti buruz hitz egin behar dugu apur batean. Hementxe bertan, leiho ondoan. Bazkalordua iritsita utzi egingo dugu.

        — Ederki, ni arropa aldatzera noa.

        — Eseri hemen, Gus.

        Eseri eta gero, isilik geratu ziren lipar batez, erdi eginda zegoen eraikin baten habe-egitura gorriari leihotik begira.

        — Tira, Gus —esan zuen bat-batean Baldwinek zakar—. Azkenean aurkeztu egin nauk.

        — Oso ondo George, hi bezalako jendea behar diagu.

        — Hautagai-zerrenda erreformistan aurkeztuko nauk.

        — Bai zera!

        — Neuk esan nahi nian, Gus, hik beste nonbaitetik jakin baino lehen.

        — Nork hautatu behar hau hi?

        — Ez nagok bakarrik... Prentsa alde izango diat.

        — Zer prentsa eta zer prentsaondo...! Guk boto-emaleak ditiagu alde... Baina, arraioa, nigatik ez balitz, hi ez hintzateke barrutiko fiskala izango.

        — Bazakiat hi beti lagun ona izan haudala eta espero diat hala izango dela aurrerantzean ere.

        — Sekula ez zioat inori bizkarra eman; baina, George, mundu honetan dena duk hartu eta ematea, etengabe.

        — Tira —eten zuen Nevadak, dantza-urrats laburrak eginez haienganantz zihoala, zeta arrosazko soineko batekin—. Oraindik eztabaidan ari zarete ala?

        — Amaitu dugu... —purrust egin zuen Gusek—. Esaidazu, Miss Nevada, nondik atera duzu izen hori?

        — Reno-n jaio nintzen... Nire ama hara joan zen dibortzioa lortzera... Jainko maitea, zein triste zegoen!... Momentu ederrean sortu nintzen mundura.

 

 

        Anna Cohen zutik zegoen salmahaiaren atzean, new yorkeko sandwichik onena zioen kartel baten azpian. Oinak minbera zeuzkan, bere zapata zorrotz takoi higatudunetan sarturik.

        — Uste dut laster izango direla hemen, bestela egun osoa galdurik —esan zuen haren ondoan sodak zerbitzatzen zituen zintzur-sagar nabarmeneko gizon musugorri batek—. Beti trumilka etortzen dira.

        — Bai, badirudi guztiei gauza bera bururatzen zaiela aldi berean.

        Beirazko tabikearen beste aldetik ikusten zituzten metroan bultzaka sartzen eta irteten ari zen jendearen ilara amaigabeak. Halako batean, Anna salmahaitik aldendu eta gaizki aireztatutako sukaldera joan zen, non emakume zahar gizen bat labea garbitzen ari baitzen. Zoko batean ispilu bat zegoen, iltze batetik dilindan. Esekitokiko bere berokiaren poltsikotik, Annak aurpegirako hauts-kutxa bat atera zuen eta sudurra hautseztatzen hasi zen. Instant batez, ispiluari eutsi eta bere begitarteari so egin zion, bekokiko bere ile-xerloei eta bere adats leun ilun nahaspilatuari erreparatuta. «Emakume judu arrunta», esan zuen bere artean garraztasunez. Salmahaira azkar itzuli zen eta soilune koipetsudun gizon italiar lodi eta txiki batekin estropezu egin zuen, gerentearekin, alegia.

        — Egunean zehar zeure burua apaintzen eta ispiluari begiratzen besterik ez dakizu ala?... Oso ondo, kalera.

        Annak oliba bezain leuna zen aurpegi hartan finkatu zuen begirada.

        — Gera al naiteke hemen eguna bukatu arte? —esan zuen totelka.

        Baietz egin zuen buruaz.

        — Esnatu, hau ez da apaindegia eta.

        Anna bere lekura itzuli zen lasterka. Aulki bat bera ere ez zegoen libre. Neskak, mutil bulegariak, aurpegi griseko kontulariak...

        — Oilasko-otarteko bat eta kikara bat kafe.

        — Gazta-otarteko bat olibekin eta edontzi bat esne.

        — Txokolatezko izozki bat.

        «Arrautz-otarteko bat, kafea eta buñueloak». «Kikara bat salda». «Katilu bat oilo-salda bat». «Soda txokolatezko izozkiarekin». Jendea presaka jaten ari zen, elkarri begiratu gabe, begiak plateretan eta kikaretan iltzaturik. Aulkietan eserita zegoen jendearen atzean, zain zeudenak bultzaka hurbiltzen ziren. Batzuk zutik jaten ari ziren. Beste batzuk, ordea, salmahaiari bizkarra emanda, kristaletatik eta HCNUL ENIL NEERG karteletik jendeari begira, metroan bultzaka sartu eta ateratzen ari baitzen, iluntasun berdekaran.

 

 

        — Aizak, Joey, esaidak —esan zuen Gus McNielek bere aulki birakarian erdi etzanda, bere puruari ke-hodei eskerga bat zeriola—. Lagunok, zeren atzetik zabiltzate hor Flatbush-en?

        O'Keefek eztarria garbitu eta oinak herrestatu zituen.

        — Bada, iraultza-batzorde bat osatu dugu.

        — Bai, banengoan ba ni... Baina ez zenuten zertan Jostunen Dantzaldiari erasorik egin.

        — Nik ez nuen horrekin zerikusirik izan... Lagunak suminduta zeuden bakezale eta gorri horiekin guztiekin.

        — Hori dena oso ondo egon zuan duela urtebete, baina jendearen iritzia aldatzen ari duk. Benetan esaten diat, Joe, herri honetako jendea nazkatuta zagok gerrako heroiez.

        — Hor nonbait oso erakunde eraginkorra dugu.

        — Bazakiat, Joe, bazakiat. Ez diat zalantzarik... Hala ere, pentsio-kontu horretan nik mantsoago jokatuko nikek... New Yorkeko estatuak bere eginkizuna bete dik beteranoekin.

        — Hori egia hutsa da.

        — Pentsioak zergak besterik ez dituk negozio-gizonentzat... Inork ez dik zerga gehiagorik nahi.

        — Hala ere, gizonak euren eskakizunak lortzeko zorian daude.

        — Denok sekula eskuratuko ez ditugun hamaika gauza lortzeko zorian gaudek... Jainkoaren izenean, ez pentsa esaldi hori nirea denik... Joey, hartu puru bat kutxa horretatik. Lagun batek Habanatik bidali zizkidaan itsas armadako ofizial baten bidez.

        — Eskerrik asko, jauna.

        — Tira, hartu lauzpabost.

        — Eskerrik asko.

        — Aizak, Joey, nori emango diozue zuek, lagunok, botoa udal hauteskundeetan?

        — Ikusi egin behar da zein den jarrera orokorra beteranoen beharrizanen inguruan.

        — Aizak, Joey, hi ez haiz batere tentela...

        — Etorriko dira, lasai... Neronek hitz egingo diet.

        — Zenbat lagun dituk hortik zehar?

        — Sheamus O'Rielly Post elkarteak hirurehun kide ditu eta egunetik egunera kopuru hori areagotuz doa... Leku guztietatik datoz kideak. Dantzaldi bat eta borrokaldi batzuk antolatu nahi ditugu koartelean Gabonetarako, boxeolaririk aurkitzen badugu.

        Gus McNielek burua atzerantz bota zuen bere zezen-lepoaren gainean eta barre egin zuen.

        — Primeran.

        — Baina benetan diotsut, pentsioen kontu hori da gizonak elkarturik mantentzen dituen gauza bakarra.

        — Eta ni gauren batean hara joaten banaiz eurekin hitz egitera?

        — Oso ondo, baina gerran izan ez zirenak begitan hartuta dauzkate.

        McNiel lotsagorritu egin zen.

        — Gerratik etorri eta uste duzue den-dena dakizuela, ezta? —eta barreka hasi zen—. Honek gehienez urtebete edo bi urte iraungo dik. Kubako gerratik zetozenak ikusi nitian, ez ahaztu hori, Joe.

        Bulegoko mutil bat sartu zen eta txartel bat utzi zuen idazmahaiaren gainean.

        — Andre batek zurekin hitz egin nahi du, Mr. McNiel.

        — Ondo, sar dadila barrura... Eskola-batzordeko atso madarikatu hori da... Tira, Joe, bueltatu datorren astean. Gogoan izango zaituztet hi eta hire armada.

        Dougan bulegoaren kanpoaldean zain zegoen. Misteriotsu hurbildu zen.

        — Zer, Joe, zer moduz?

        — Ondo antzean —esan zuen Joek paparra puztuta—. Gusek esan dit Tammany gurekin egongo dela pentsioen kontu horretan... Kanpaina nazional handi bat prestatzen ari da. Puru batzuk eman dizkit, bere lagun batek Habanatik hegazkinez ekarriak... Nahi duzu bat?

        Puru bana aho ertzean zeramatela, kementsu eta arranditsu zeharkatu zuten City Hall Square. Udaletxe zaharraren aurrean aldamio bat zegoen. Joek purua harantz zuzendu zuen.

        — Horixe da Hiritarren Bertutearen estatua berria, alkatearen aginduz eraikia.

 

 

        Sukaldeko lurrinak sabela gehiago uzkurtu zion, Child's-en aurretik igarotzean. Goiztiriak hauts fin grisa galbahetzen zuen burdinazko hiri beltzaren gainera. Dutch Robertsonek burumakur zeharkatu zuen Union Square, Francieren ohe beroa eta haren ilearen usain gozoa gogoan. Eskuak praken sakeletan hondoratu zituen. Txakur txikirik ere ez, eta Franciek ezin izan zion ezer eman. East alderantz jo zuen, Hamabosgarren Kaleko hotela atzean utzita. Gizon beltz bat eskailerak erratzaz garbitzen ari zen. Dutchek bekaizkeriaz begiratu zion; «lana badik behintzat». Esne-bagoiak triki-traka pasatzen ziren handik. Stuyvesant Square-n, eskuetan botila bana zeraman esnezale bat Dutchen ondo-ondotik igaro zen.

        Dutchek masailezurra atera eta zakar hitz egin zuen:

        — Aizu, emaidazu trago bat esne.

        Esnezalea gazte ahul musugorri bat zen. Beraren begi urdinak zimeldu egin ziren.

        — Nola ez! Esne-bagoiaren atzealdean botila bat irekita dago jarlekuaren azpian. Ez zaitzala inork ikus.

        Zurrutada handitan edan zuen. Esnea gozo eta leun jaisten zen eztarri lehorretik behera. «Ez nioan hain zakar hitz egin behar». Zain egon zen mutila bueltatu arte.

        — Eskerrik asko, tipo jator-jatorra zara.

        Inguru hartako parke hotzean sartu eta jarleku batean eseri zen. Asfalto gainean antzigarra. Gaueko egunkariaren puska bat jaso zuen lurretik. 500.000 DOLARREKO LAPURRETA. Banketxe bateko mandatari bati den-dena ebatsi diote Wall Streeten, puntako orduan.

        «Eguerdian, kalean jende gehien zebilen orduan, bi gizonek Adolphus St. John-i, Guarantee Trust-eko mandatariari eraso egin eta milioi erdi bat dolar billetetan zuen zaku txiki bat kendu zioten eskuetatik...»

        Zutabea irakurtzean, Dutchek bihotza taupadaka sumatu zuen. Izoztuta zegoen. Zutitu egin zen eta eskuez zapladatxoak jotzen hasi zen gorputz osoan zehar.

 

 

        Hanka bat herrestan, Congo tren jasoaren azken geltokiko tornu-atetik iragan zen. Jimmy Herfek jarraitu egin zion, ezker-eskuin begiratzen zuen bitartean. Gaua zen. Haizeteak gogor egiten zuen txistu haien belarrietan. Ford bat baino ez zegoen zain geltokiaren kanpoaldean.

        — Zer, gustatzen, Mr. Erf?

        — Asko, Congo. Hori ura al da?

        — Bai, Sheepshead Bay da.

        Errepidean aurrera egin zuten, hango eta hemengo putzu altzairu-urdinak saihestuz. Arku elektrikoek mahats zimelak ziruditen, haizearen altzoan kulunkari. Ezkerraldean eta eskuinaldean, etxeek kliska egiten zuten urruti. Ur gainean piloteetan finkatutako eraikin luze baten aurrean gelditu ziren. billarrak. Jimmyk ozta-ozta ikus zitzakeen argirik gabeko leiho batean idatzitako letrak. Eurak iristeaz batera, atea ireki egin zen.

        — Kaixo, Mike —esan zuen Congok—. Hau Mr. Erf da, nire lagun bat.

        Atea euren atzean itxi zen. Barrualdean iluntasuna zen nagusi, labe batean bezala. Esku babatsu batek Jimmyren eskuari heldu zion.

        — Pozten naiz zu ezagutzeaz —esan zuen ahots batek.

        — Baina, baina... nola ikusi didazu eskua?

        — Aizu, nik ilunpean ikusteko ahalmena dut.

        Ahotsak barre sudurkari bat egin zuen. Ordurako Congok irekia zuen barruko atea. Argi-zorrotada handiak isurtzen ziren billar-mahaietara; barra luze bat bukaera aldean; billar-makilen euskarriak.

        — Hau Mike Cardinale da —esan zuen Congok.

        Jimmyren alboan herabeti-itxurako gizon handi eta zurbil bat zegoen, bekokiaren erditik atzera adats beltza zuena. Barruko gelan, zeramikazko ontziz beteriko apalak eta ziape-koloreko oihal batez estalitako mahai biribil bat zeuden. «E!, la patronne», deiadar egin zuen Congok. Masailetan sagarren gorritasuna zuen, emakume frantziar gizen bat sartu zen, berekin gurin beroak eta berakatzak sortarazitako kiratsa zeramala.

        — Hau nire laguna da... Jateko garaia da, ezta? —egin zuen oihu Congok.

        — Hori nire emaztea da —esan zuen Cardinalek harro—. Oso gorra... Goraki hitz egin behar da —jiratu egin zen eta hall handiko atea giltzapean itxi zuen—. Ez da argirik ikusten errepidean —esan zuen.

        — Udan —esan zuen Mrs. Cardinalek— batzuetan ehun bat bazkari ematen ditugu eta beste batzuetan ehun eta berrogeita hamar ere bai.

        — Baduzu ezer edateko? —esan zuen Congok.

        Aulki batean astunki eseri zen purrustadaka. Cardinalek txarro bat ardo eta edontzi batzuk ipini zituen mahai gainean. Ardoa dastatu egin zuten, ezpainez hots eginez.

        — Dago Red baino hobea, ezta Mr. Erf?

        — Hala da. Benetako Chianti-a dirudi.

        Mrs. Cardinalek sei plater ezarri zituen, bakoitza bere sardexka, aizto eta koilararekin; gero, zopa-ontzi bero bat mahai erdian ipini zuen.

        — Pronto pasta! —oihu egin zuen emakumeak oilo-ahotsaz.

        — Hau Anetta da —esan zuen Cardinalek.

        Bekain okertuen azpian begi beltz distiratsuak zituen neska musugorri eta ilebeltz bat sartu zen gelan; atzetik, lan-jantzi kakia zuen mutil gazte bat zerraion. Mutil hark ilea kizkurka eta eguzkiak koloregabetua zuen. Denak batera eseri ziren eta, euren plateren gain-gainean bermatuta, barazki-lapikoko sendo eta min bat jaten hasi ziren.

        Congok bere zopa bukatu eta gorantz begiratu zuen.

        — Argirik ikusi duzu, Mike? —esan zuen Congok.

        Cardinalek baietz egin zuen buruaz.

        — Ziur... Edozein momentutan etorriko dira.

        Zein bere platerean arrautza frijituak berakatzarekin, txahal-txuletak, patata frijituak eta brokolia jaten ari zen bitartean, Herfek motoredun txalupa baten pop, pop, pop urruna entzun bide zuen. Congo mahaitik altxatu zen, gainerakoei ez mugitzeko keinua egin zien eta leihotik begiratu zuen, gortinaren ertz bat kontu handiz altxatuta.

        — Bera da —esan zuen mahaira itzulita—. Hemen ondo jaten da, ezta Mr. Erf?

        Mutil gaztea altxatu egin zen ahoa mahukaz garbitzen ari zela.

        — Ba al duzu nickelik, Congo? —esan zuen hankak azkar mugitzen ari zela, olanazko zapatak oinetan.

        — Hortxe dago, Johnny.

        Neska altxatu egin zen eta atzetik jarraitu zion kanpoaldeko gela iluneraino.

        Handik laster piano mekaniko bat baltse bat jotzen hasi zen. Atetik Jimmyk dantzan ikusi zituen, aurrera eta atzera, argi-jausi luzangen azpian. Motoredun txaluparen hotsa gero eta hurbilago zegoen. Congo irten egin zen, gero Cardinale, gero bere emaztea. Jimmy baso bat ardo zurrupatzen geratu zen, bakarrik, janari-hondarren artean. Urduri zegoen, aztoratuta eta apur bat mozkortuta. Jadanik hasia zen istorio bat mamitzen bere gogoan. Errepidetik kamioi baten palanken kirrinka zetorren, gero beste batena. Horren ondoren, txaluparen motorea buxatu eta gelditu egin zen. Gero, txalupa batek piloteen kontra jotzean sortarazitako karraska entzun zuen. Olatuen plisti-plasta. Isiltasuna. Piano mekanikoa isilik zegoen. Eserita, Jimmy zurrutada laburretan edaten ari zen bere ardoa. Paduren usaina etxe barnera iragazten zen. Jimmyren azpian, urak piloteak eztiki milikatzen zituen. Urrun, beste txalupa bat orroka hasi zen.

        — Nickel bat bai? —galdetu zuen Congok, gelan supituki sartu bezain laster—. Musika behar dugu... A ze gaua! Annette eta zure kontu pianoa beti martxan egotea. Ez dut McGee ikusi lehorreratzen... Agian norbait etorriko da. Presaka ibili behar.

        Jimmy altxatu eta bere poltsikoak miatzen hasi zen. Piano ondoan Annette aurkitu zuen.

        — Dantza egin nahi?

        Anettek baietz egin zuen buruaz. Pianoa Innocent Eyes jotzen ari zen. Axolagabe egin zuten dantza.

        Kanpoaldean ahotsak eta oin-hotsak entzuten ziren.

        — Mesedez —esan zuen neskak bat-batean eta dantza egiteari utzi zioten.

        Bigarren txalupa oso hurbil zegoen; motoreak eztula egin zuen eta lasai hasi zen purrustadaka.

        — Geratu hemen, mesedez —esan eta ezarian alde egin zuen.

        Jimmy Herf gora eta behera zebilen, artega, zigarro bati zupadak jotzen. Bere gogoan istorioa mamitzen ari zen. Dantza-areto bakarti batean, Sheepshead Bay-ko neska italiar eder bat... txistu zorrotz bat ilunpean... «Kanpora irten beharko nuke zer gertatzen den ikusteko». Haztamuka aritu zen aurrealdeko atearen bila. Giltzapean itxita zegoen. Pianora itzuli zen eta beste nickel bat sartu zuen barruan. Gero, beste zigarro bat piztu zuen eta berriro gora eta behera hasi zen. Behin eta berriro... «Bizkarroi bat bizitzaren draman... Erreportariak dena behatxulo batetik ikusten du. Ez da inoiz ezertan sartzen». Pianoak Yes We Have No Bananas jotzen zuen.

        — Kaka zaharra! —murmurikatu zuen hortzak karraskatuz, gora eta behera ibiltzeari utzi gabe.

        Kanpoaldeko oin-hotsak kalapita bilakatu ziren. Aldarriak entzun ziren. Gero, ezpalen eta botila hautsien zarata. Jimmyk jangelako leihotik begiratu zuen. Gizon-itzalak borrokan ikusi zituen ontziralekuan; bortizki elkar jotzen ari ziren. Lasterka joan zen sukaldera. Bertan estropezu egin zuen Congorekin, zein izerditan blai eta bilin-balanka sartu baitzen etxean, makila sendo batean bermaturik.

        — Kaka zaharra! Hanka hautsi didate! —oihu egin zuen.

        — Arraioa!

        Congo auhenka ari zen bitartean, Jimmyk jantokiraino lagundu zion.

        — Aurrekoan hanka izorratu eta berrogeita hamar dolar ordaindu nituen.

        — Zure egurrezko hanka esan nahi duzu?

        — Noski, zer uste zenuen ba?

        — Debekuaren agenteak dira?

        — Bai zera! Hijacker malapartatu batzuk besterik ez dira... Tira, ipini nickel bat pianoan.

        Beautiful Girl of my Dreams, erantzun zuen pianoak alai. Jimmy itzuli zenean, Congo, aulki batean eserita, bi eskuez hankaondoa igurtzitzen ari zen. Mahai gainean kortxo eta nikelezko gorputzadarra zetzan, ezpaldua eta mailatua.

        — Regadez-moi ça... C'est foutu... Completement foutu...

        Hizketan ari zen bitartean, Cardinale sartu zen. Begi gainean ebakiondo bat zuen eta hortik odol-tanta batzuk isurtzen ziren masaila, jaka eta alkandoraraino. Bere emazteak begiak zuri jarraitzen zion atzetik. Konketa bat zeraman eta belaki batez kolpetxoak jotzen zizkion bekokian, baina alferrik. Cardinalek emaztea bidetik baztertu zuen.

        — Horietako bati zartako eder bat eman nion hodi-puska batekin. Uste dut uretara erori dela. Nahiago nuke itota balego!

        Johnny gorantz begira sartu zen. Annetek gerria inguratzen zion beso batez. Begi bat ubeldurik zeukan eta bere alkandoraren mahuka bat tarrataturik zegoen.

        — Zineman bezalaxe, arranopola! —esan zuen Annettek barreka, bere onetik aterata—. Ez al da bikain ibili, ama, ez duzu uste?

        — Eskerrak tiroka hasi ez diren. Batek errebolberra zeukan.

        — Beldurtuta egongo zen, nik uste.

        — Kamioiek alde egin dute dagoeneko.

        — Apurtutako kutxa bat, besterik ez... Arraioa, bost ziren eta!

        — A ze ausardia haien artean sartzeko, arranopola! —garrasi egin zuen Annettek.

        — Ixo —purruts egin zuen Cardinalek.

        Aulki batean astunki eseri zen. Emaztea aurpegia igurtzitzen ari zitzaion belakiaz.

        — Ondo ikusi duzu txalupa? —galdetu zuen Congok.

        — Ilunegi zegoen, kaka zaharra! —esan zuen Johnnyk—. Morroiek Jerseykoen modura hitz egiten zuten... Lehenengo, morroi bat hurbildu zait eta esan dit: «Aduanaria naiz», eta nik ukabilkada bat eman diot, berari pistola ateratzeko astirik utzi gabe, eta uretara. Jende makala zen. Georgek, txalupako horrek, arraun batez ia-ia garunak txikitu zizkion bati. Orduan, euren txalupa zaharrera itzuli eta alde egin dute.

        — Baina nola zekiten non lehorreratuko ginen? —esan zuen totelka Congok aurpegia gorri-gorri zuela.

        — Norbaitek esanda beharbada —azaldu zuen Cardinalek—. Nor den jakiten badut... Arranopola! Zin egiten dut zera... —hots lehor bat egin zuen ezpainez.

        — Zera... Mr. Erf —esan zuen Congok bere ahots gozoa berreskuratuta— ...dena oporretarako xanpaina zen... Balio handiko kargamentua, e?

        Masailak gorri-gorri, Annette eserita zegoen, ezpainak erdi irekirik eta begiak dirdiratsuegi, Johnnyri begira. Annetteri so eginda, Herf lotsatu egin zen. Altxatu egin zen.

        — Tira, hirira bueltatu beharra daukat. Eskerrik asko afari eta ikuskizunagatik, Congo.

        — Aurkituko duzu geltokia?

        — Bai noski.

        — Gau on, Mr. Erf, nahi al duzu xanpaina-botilen kutxa bat Gabonetarako, Mumms benetakoa?

        — Ez dut txakur txikirik ere, Congo.

        — Orduan, agian zeure lagunei salduko diezu eta nire komisioa jaso.

        — Oso ondo, ikusiko dut zer egin daitekeen.

        — Bihar deituko dizut telefonoz, prezioa esateko.

        — Konforme, gau on.

        Etxera bidean zihoan tren hutsean, Brooklyngo aldiri hutsetan zehar; Jimmy ahaleginetan ari zen alkohol-trafikatzaileen istorioari buruz pentsatzeko, horretaz idatzi behar baitzuen egunkariaren igandeko ale berezirako. Neskaren masaila arrosak eta begi distiratsuegiak tartean sartzen ari ziren, gogoeten antolaketa deuseztuz. Apurka-apurka amets gero eta lausoago batean murgildu zen. «Umea jaio aurretik, Elliek ere zenbaitetan begi distiratsuegiak zitian». Behinola muino batean Ellen bat-batean haren eskuetara erori zen zorabiaturik eta Jimmyk belar gainean utzi zuen. Aldapa belartsuan larrean zebiltzan behiei so egin zieten lasai. Jimmy artzain baten bordara joan zen eta esnea ekarri zion zurezko zali batean eta, astiro-astiro, ilunabarrean mendiak makurtu zirenean, kolorea itzuli zitzaion masailetara eta Ellenek modu berezian begiratu zion eta irribarre txiki bat eginda esan zion:

        — Barruan daukadan Herf txikia da.

        «Jainko maitea! Zergatik pentsatu behinolako gauzez?». Eta umea Neuilly-ko Erietxe Amerikarrean jaio zenean, Jimmy alderrai zebilen ferian zehar: Arkakusoen Zirkura, zaldiko-maldikoetara eta lurrin-zabuetara joan zen, jostailuak eta gozokiak erosi zituen, zozketetan parte hartu zuen eta igeltsuzko zerri bat besapean zuela itzuli zen erietxera. «Bitxia duk iraganean babesa bilatzea! Ellie hil izan balitz... Nik uste nian hil egingo zela». Orduan iraganak zeharo bilduko zuen Jimmy, koadro baten markoa bailitzan, eta kameu baten modura eramango zuen beti lepoaren inguruan. Moldeko letraz idatzita legoke, igandeko alean argitaratzeko xafletan grabatua, eta James Herfek Kontrabandoko aldea delakoari buruz idatzitako lehenengo artikulua izango litzateke. Gogoeta gartsuen lerroak euren lekuetan kokatzen ari ziren, linotipia zalapartariak ahoskaturik.

        Gau erdian Hamalaugarren Kalea zeharkatzen ari zen. Ez zuen etxera joan nahi lo egitera, haize hotzak bere izotzezko atzapar zorrotzez lepoa eta kokotsa urratzen bazizkion ere. Zazpigarren eta Zortzigarren Etorbideak gurutzatu zituen eta Roy Sheffield izena aurkitu zuen txirrin baten ondoan, gaizki argiztatutako atari batean. Botoia sakatu bezain laster, kisketak halako hots bat egin zuen. Eskailerak azkar igo zituen. Royk bere buru kizkurtsua eta bere bisigu-begi grisak atera zituen atetik.

        — Kaixo, Jimmy! Sartu, erabat esna gaude, hontzak bezala.

        — Oraintxe ikusi dut alkohol-trafikatzaileen eta hijackerren arteko borroka bat.

        — Non?

        — Sheepshead Bay-n.

        — Hementxe dago Jimmy Herf. Oraintxe bertan borroka egin du debekuko agenteekin! —garrasi egin zion bere emazteari.

        Alice-k gaztaina-koloreko ile iluna eta panpin aurpegi leuna zituen. Jimmyrengana lasterka joan zen eta kokotsean musu eman zion.

        — O, Jimmy, kontaiguzu dena! Asper-asper eginda gaude.

        — Kaixo! —oihu egin zuen Herfek.

        Frances eta Bob Hildebrand ikusi zituen sofan eserita, gelaren argi urriaren azpian. Edontziak altxatu zituzten agur moduan. Jimmy besaulkira eraman zuten eta edontzi bat gin eta ginger ale ipini zioten eskuan.

        — Eta zer da borrokaren kontu hori? Hobeto zeuk kontatzen badiguzu guk ez baitugu Tribune-ren igandeko alea erosiko horren berri jakiteko —esan zuen Bob Hildebrandek ahots sakon eta burrunbatsuaz.

        Jimmyk zurrutada luze bat edan zuen.

        — Nire ezagun batekin joan naiz hara. Alkohol-trafikatzaile frantziar eta italiar guztietan lehena da. Gizon ona. Egurrezko hanka bat du. Bazkari bikain batera gonbidatu ninduen, benetako ardo italiarra edan dugu, billar-gela huts batean, Sheepshead Bayko urbazterrean.

        — Horretaz ari garela —galdetu zuen Royk—, non dago Helena?

        — Isildu, Roy —esan zuen Alicek—. Kontua interesgarria da... eta, gainera, gizon bati ez zaio sekula galdetu behar non duen emaztea.

        — Gero, argizko seinale pilo bat ikusi dugu eta ez dakit zer gehiago, eta motoredun txalupa bat etorri da Park Avenue-ko Gabonetarako Mumms markako xanpaina lehor-lehorrez gainezka... Eta hijackerrak beste txalupa batean azaldu dira ziztu bizian... Seguru asko hidrohegazkina izango zen, hain azkar etortzeko...

        — A ze kitzikagarria! —urruma egin zuen Alicek—. Roy, zergatik ez zara zu ere kontrabandista hasten?

        — Zinematik kanpo inoiz ikusi dudan borrokarik handiena, alde bakoitzeko sei edo zazpi borrokan ari ziren gela honen neurriko ontziraleku batean, arraunez eta berunezko hodiez elkar joka.

        — Zauriturik?

        — Denak... Uste dut bi hijacker ito direla. Kontua da alde egin dutela eta isuritako xanpaina guztia utzi zigutela geuk miazkatzeko.

        — Ikaragarria izango zen —garrasi egin zuten Hildebrand-arrek.

        — Eta zuk zer egin duzu? —galdetu zuen Alicek arnasestuka.

        — O, ni handik nenbilen, kontu handiz arazoetan ez sartzeko. Ezin nituen bi aldeak bereizi... Dena ilun eta heze zegoen... Dena zen iskanbila... Azkenean, nire lagun kontrabandista atera dut borrokatik, hanka hautsi diotenean... egurrezko hanka.

        Denek oihu egin zuten. Royk berriro ginez bete zuen Jimmy-ren edontzia.

        — O Jimmy —urruma egin zuen Alicek—, zurea bai bizitza kitzikagarria!

 

 

        James Merivale telegrama bat birpasatzen ari zen, jasotako azkena, eta hitzak irakurri ahala kolpetxoak jotzen zituen lapitzaz. «Tasmanian Manganese Products baltzuak kreditua irekitzeko eskatzen ziguk...». Bere idazmahaiko telefonoa burrunbaka hasi zen.

        — James, neu naiz, zure ama. Etorri azkar, zerbait izugarria gertatu da.

        — Baina ez dakit atera ahal izango naizen...

        Ordurako, andreak deia moztua zuen. Merivale ohartu zen zurbiltzen ari zela.

        — Mr. Aspinwall-ekin hitz egin nahi dut, mesedez... Mr. Aspinwall, neu naiz, Merivale... Ama bat-batean gaixotu egin da. Beldur naiz ez ote den atake bat izango... Kanpora irten beharra daukat, ordubetez. Garaiz iritsiko naiz Tasmaniako telegrama horri erantzuteko.

        — Oso ondo... Benetan sentitzen dut, Merivale.

        Merivalek jaka eta kapela hartu eta bufanda ahaztu zuen; tximistaren pare banketxetik atera eta metroan sartu zen. Arnasestuka etxean sartu zen, urduri, hatzak klaskatuz. Oso serio, Mrs. Merivalek hallean topo egin zuen bere semearekin.

        — Ene, uste nuen gaixorik zeundela!

        — Ez, ez da hori... Maisie da...

        — Ez du ba izan istrip...

        — Etorri hona —eten zuen Mrs. Merivalek.

        Egongelan emakume txiki aurpegi biribil bat zegoen, igarabazko kapela biribil bat eta igarabazko beroki bat jantzirik zituena.

        — Laztana, neska honek dio Mrs. Jack Cunningham dela eta hori egiaztatzen duen ezkontza-agiri bat dakarrela.

        — Jainkoaren izenean! Hori egia al da?

        Neskak malenkoniatsu baietz egin zuen buruaz.

        — Eta gonbidapen-orriak bidean dira dagoeneko. Jacken azken telegramaren ondoren, Maisie arreoa prestatzen aritu da.

        Neskak bitxilorez apaindutako egiaztagiri handi bat destolestu zuen eta Jamesi luzatu zion.

        — Baliteke faltsua izatea.

        — Ez, ez da faltsua —esan zuen neskak eztiki.

        — John C. Cunningham, 21... Jessie Lincoln, 18 —irakurri zuen ozenki—. Aurpegia txikituko diot. Doilor alaena! Hauxe da bere sinadura, dudarik gabe. Nik banketxean ikusita daukat... Doilor alaena!

        — Aizu, James, egon lasai.

        — Uste nuen hobe zela orain esatea ezkontzaren ondoren baino —esan zuen neskak bere ahots finaz—. Ez nuke inola ere nahi Jack bigamiaren errudun izaterik.

        — Non dago Maisie?

        — Bere gelan etsirik, gajoa.

        Merivale gorri zegoen. Idunekoaren azpitik izerdia zerion.

        — Entzun, maitea —zioen berriro Mrs. Merivalek—. Hitz eman behar didazu ez duzula txorakeriarik bat ere egingo.

        — Maisieren izen ona kosta ahala kosta zaindu beharra dago.

        — Maitea, nire ustez, zera egin behar dugu, Jack hona ekarri eta hizketan jarri zera honekin... zera... andere honekin... Ados, Mrs. Cunningham?

        — Ba... baietz uste dut.

        — Itxaron apur batean! —oihu egin zuen Merivalek eta, halla urrats luzeak eginez zeharkatuta, telefonoa hartu zuen—. 12305 erretorea?... Kaixo, Mr. Cunninghamekin hitz egin nahi nuke, mesedez... Kaixo, hau al da Mr. Cunninghamen bulegoa?... Mr. James Marivale nauzu... Hirian ez dagoela?... Eta noiz itzuliko da?... Umm —halla urrats luzeak eginez zeharkatu zuen—. Alproja hori kanpoan da.

        — Beti kanpoan —kapela biribildun andere txikiak esan zuen—, hala izan da ezagutu nuenetik.

 

 

        Bulegoaren leiho zabalen kanpoaldean gau grisa eta lainotsua zen. Han eta hemen, argi bakan batzuek irudi lausoak eratzen zituzten: izartxoak, marra horizontalak eta lerro elkarzutak. Phineas Blackhead bere idazmahaiaren aurrean eserita zegoen, larruzko jarleku txikian erdi etzanda. Hatzak zetazko zapi handi batez babesturik zituelarik, eskuan edontzi bat ur bero zeukan, soda-bikarbonatoarekin nahasia. Billar-bola bezain burusoil eta

        biribil, Densch jarleku eroso batean eserita zegoen, bere betaurrekoekin olgetan. Berogailu-hodiek noizbehinka sortarazitako zaratak eta burrundak baino ez zuten isiltasuna urratzen.

        — Densch, barkatu behar didazu... Badakizu nik oso gutxitan egiten dudala iruzkinik besteren kontuei buruz —esan zuen Blackheadek astiro-astiro, zurrutaden arteko unea aprobetxatuz, eta aulkian soina goratu zuen bat-batean—. Proposamena guztiz aldrebesa da. Densch, guztiz aldrebesa... Arraioa! Ez du zentzurik.

        — Nik ez dut zuk baino gogokoago eskuak zikintzea. Baldwin tipo jatorra da. Uste dut ez dugula arriskurik bat ere hartzen, bultzadatxo bat ematen badiogu.

        — Jakin al daiteke zer lotura-mota dagoen inportazio eta esportazioko elkarte baten eta politikaren artean? Morroi horietakoren batek laguntza behar badu, hona etorri eta eska dezala! Gure negozioa babarrunen prezioa da... eta oso behean dago, alajaina! Zuon, abokatuon artean, baten batek merkataritza-oreka berriro ezartzea lortuko balu, ni edozer egiteko prest egongo nintzateke... Baina abokatu guztiak lapur hutsak dira... Lapur hutsak, arraioa!

        Aurpegia gorri-gorri jarri zitzaion, bere aulkian tentetu eta ukabilkada bat jo zuen mahai ertzean.

        — Zure erruagatik sutan jartzen ari naiz eta hori ez da ona ez nire sabelerako ez nire bihotzerako.

        Phineas Blackheadek korrokada harrigarria egin eta bikarbonato-zurrutada handi bat edan zuen. Gero, bere aulkian berriro erdi etzan zen, begiak guztiz itxi gabe.

        — Tira ba —esan zuen Mr. Densch-ek neke ahotsaz—, agian ez dut ondo jokatu, baina nik hitz eman dut hautagai erreformistaren alde egingo nuela. Kontu hori guztiz pertsonala da, ez du inolako zerikusirik enpresarekin.

        — Bai zera!... Eta McNiel eta bere lagunak?... Beti ondo tratatu gaituzte eta guk zer eman diegu ordainetan?... Kutxa pare bat whisky eta puru batzuk noizean behin... Eta orain datoz erreformista hauek udala liskarretan sartzeko... Arraioa!

        Densch zutitu egin zen.

        — Blackhead laguna, uste dut, hiritarra naizen aldetik, udala eroskeriatik, ustelkeriatik eta azpikeriatik garbitzen lagundu behar dudala... Uste dut nire betebeharra dela.

        Bere zilbor hanpatua aurretik zuela, aterantz jo zuen.

        — Tira, Densch, barkatuko didazu, baina esan behar dizut proposamen horrek ez duela ez bururik ez hankarik! —oihu egin zuen Blackheadek Denschen atzetik.

        Bere bazkideak alde egindakoan, lipar batez etzanda geratu zen begiak itxita. Aurpegia errauts-koloreko orbainez beteta zeukan eta bere itzelezko soin haragitsua globo baten gisan despuzten hasi zitzaion. Azkenean, purrustada eginda altxatu zen. Gero, kapela eta berokia hartu zituen eta urrats geldo eta astunak eginez atera zen bulegotik. Korridorea hutsik eta gaizki argiztaturik zegoen. Luzaro egon zen igogailuaren zain. Eraikin hutsean gaizkilerik egon zitekeelako burutazioak arnasketa eten zion bat-batean. Atzera begiratzeko beldurrak zegoen, umeak ilunpean bezala. Azkenean, igogailuak gora egin zuen.

        — Wilmer —esan zion gaueko igogailuzainari—, gauez korridore hauetan argi gehiago behar litzateke... Krimen-bolada honetan uste dut eraikin osoa hobeto argiztaturik eduki behar zenuketela.

        — Bai jauna, agian arrazoia duzu..., baina inor ezin da sartu nik ikusi gabe.

        — Gaizkile-talde batek erraz hartuko zintuzke menpean, Wilmer.

        — Saia daitezela.

        — Agian arrazoia izango duzu... gakoa odol hotza da.

        Packard limusinaren barruan eserita, Cynthia liburu bat irakurtzen ari zen.

        — Maitea, uste zenuen ez nintzela inoiz jaitsiko?

        — Ia-ia bukatu dut liburua, aitatxo.

        — Tira, Butler... etxera ahalik eta azkarren. Berandu iritsiko gara afarira.

        Limusina Lafayette kaletik gora zihoala, Blackhead bere alabarengana biratu zen.

        — Inoiz gizonen bati entzuten badiozu hiritar den aldetik dituen betebeharrez hitz egiten, ez zaitez berarekin fida, arraioa! Hamarretik bederatzitan negozio zikinen batean sartuta dago. Zuk ez dakizu zeinen lasaigarria den niretzat zuk eta Joek bizitza ondo bideratuta daukazuela ikustea.

        — Zer duzu aita? Egun txarra izan duzu bulegoan?

        — Mundu zikin honetan ez dago txikituta ez dagoen merkaturik... Benetan diotsut, Cynthia, egoera ez da batere erraza... Ezin da jakin zer gertatuko den... Begira, ahaztu aurretik, bihar hamabiak baino lehen joango zara banketxera?... Hudgins bidaliko dut balore batzuekin... zerbait pertsonala da, ulertzen? Zure kutxa gotorrean gordetzea nahi dut.

        — Dagoeneko beteta dago, aitatxo.

        — Astor Trust-en dagoen kutxa hori zure izenean dago, ezta?

        — Bai, nire izenean eta Joerenean.

        — Ondo, ba, hartu beste kutxa bat Fifth Avenue Bank-en zeure izenean... Dena hamabi-hamabietan izango da bertan, nire kontu... Eta ez ahaztu esan dizudana, Cynthia, inoiz entzuten baduzu bazkideren bat hiritarren bertuteez hitz egiten, erne egon.

        Hamalaugarren Kalea zeharkatzen ari zen. Aitak eta alabak leihotik ikusi zuten haizeak inarrosi zituela kalea gurutzatzeko zain zegoen jendearen aurpegiak.

 

 

        Jimmy Herfek aharrausi egin eta aulkia atzerantz bultzatu zuen. Idazmakinaren nikelezko islek mina ematen zioten begietan. Atzamar-puntak minberaturik zeuzkan. Ate irristatzaileak erdi ireki eta zeharka begiratu zuen gela hotzera. Ellie ozta-ozta ikus zezakeen, logelako ohean lo. Gelaren azken muturrean umearen sehaska zegoen. Umearen arropako esne garratzak isuritako usainari antzeman zion. Ateak berriro batu eta eranzten hasi zen. «Leku gehiago izango bagenu... —murmurikatu zuen—, urtxintxen kaiola batean bizi gaituk». Sofa estaltzen zuen kaxmir hautseztatua kendu eta di-da atera zuen bere pijama burukoaren azpitik. «Lekua, lekua, txukuntasuna, lasaitasuna...». Bere burua hitzaldi batean mintzatzen irudikatu zuen, hitz horiek ahoskatzeko keinuak egiten zituela.

        Argia itzali, leiho irekian zirrikitu bat utzi eta, logaleak jota, ohe gainera astunki bota zuen bere burua, enbor baten antzera. Berandu gabe eskutitz bat idazteari ekin zion linotipiaz. «Orain lotara noak..., berealdiko goiztiriaren ama». Linotipiaren besoa eskularru zuri bat jantzirik zuen emakume baten eskua zen. Zalapartan zehar, baterien argi anbarren atzean, Ellieren ahotsa: «Ez, ez, mina ematen didazu...». «Mr. Herf», esan zuen lan-jantzia zuen gizon batek, «mina ematen diozu makinari eta ezin dugu edizioa atera...». Nikelezko hortz-ilarak zituen aho bat zen linotipia, irensten, xehatzen zuena. Iratzarri eta ohe gainean eseri zen. Hotzak zegoen, hortzek karraskatu egiten zioten. Burusiez tapatu zen eta berriro loak hartu zuen. Berriro esnatu zenerako egunargia zen. Hotza joana zitzaion eta pozik zegoen. Elur-malutak dantzan, aiko-maiko, jira eta bira leiho handien beste aldean.

        — Kaixo, Jimps —esan zuen Elliek, erretilua eskuetan gero eta hurbilago.

        — Hara! Hil egin naiz, paradisuan nago edo zer?

        — Ez, igande goiza da. Uste nuen ez lizukeela kalterik egingo luxu apur batek... Artopil batzuk egin dizkizut.

        — O, Ellie, zoragarria zara!... Itxaron apur batean, hortzak garbitzera noa. Segituan nator.

        Aurpegia garbiturik itzuli zen, bere bainu-txabusinean bilduta.

        Ellieren ahoa kuzkurtu egin zen haren musuaren azpian.

        — Eta hamaikak dira oraindik. Ordubetea irabazi dut neure egun librean... Zuk ez duzu kaferik hartu behar?

        — Berehala... Begira, Jimps, zerbait esan nahi dizut. Ez al duzu uste beste leku baten bila hasi behar dugula, orain berriro gauero lan egiten duzula kontuan hartuta?

        — Etxez aldatu behar dugula esan nahi duzu?

        — Ez. Buruan neukan nik agian zuk beste gelaren bat har zenezakeela lo egiteko, hemendik hurbil... Horrela, goizean inortxok ere ez lizuke trabarik egingo.

        — Baina Ellie, horrela ez genuke sekula elkar ikusiko... Gaur egun ere gutxitan ikusten dugu elkar, pentsa...

        — Ikaragarria da... baina zer egingo diogu? Gure bulego-ordutegiak hain dira desberdinak...

        Martinen negar-hotsa boladaka zetorren aldameneko gelatik. Jimmy ohe ertzean eserita zegoen, kikara hutsa belaunen gainean zuela, bere oin erantziei beha.

        — Nahi duzun bezala —esan zuen goibeldurik.

        Ellieri eskuetatik heldu eta bere beso artean estutzeko grinak suziri baten gisan zeharkatu zion soina, eta iraungi egin zen. Kafearekikoak jaso eta desagertu egin zen. Jimmyren ezpainek Ellierenak ezagutzen zituzten, bere besoek ondotxo zekiten nola kiribiltzen ziren harenak, berak ezagutzen zuen haren ilearen sarria; Jimmyk Ellie maite zuen. Luzaz egon zen bere oinei begira, zain urdin lodiek marratutako oin larrutu gorrixkei; zapatak zirela-eta behatzak minduta zituen, eskailerek eta zoladurek okerturik. Hatz txiki batean baba bat zeukan. Begiak malko mingotsez bete zitzaizkion. Umeak negar egiteari utzia zion. Jimmy bainugelan sartu eta bainuontziko txorrota ireki zuen.

 

 

        — Zurekin zebilen beste lagun horrena da errua, Anna. Berak pentsarazi zizun ezerk ez duela garrantzirik... Berak ezkor egin zintuen.

        — Zer da hori?

        — Borroka egiteak ez duela merezi uste duen norbait, gizateriaren garapenean sinesten ez duen norbait.

        — Uste duzu Bouy horrelakoa zela?

        — Nolanahi ere, gizon zitala zen hura... Hegoaldeko tipo horiek ez dute klase-kontzientziarik bat ere... Ez al zintuen konbentzitu sindikatu-kuota ez ordaintzeko?

        — Ni kopetaraino nengoen josteko makinarekin lan egiteaz.

        — Baina zuk zeure lanak egin zenitzake eta diru dexente irabazi. Zu ez zara haien modukoa, zu gutarra zara... Neuk onbideratuko zaitut eta lana aurkituko duzu berriro. Jainko maitea, nik ez nizuke inoiz utziko, berak bezala, dantza-aretoan lan egiten! Anna, zuk ez dakizu zein mingarria zitzaidan neska judu bat hori bezalako tipo batekin ikustea.

        — Tira, berak alde egin zuen eta ni lanik gabe nago.

        — Horrelako jendea da langileen etsairik handiena... Eurena besterik ez dute buruan.

        Astiro egiten zuten aurrera Bigarren Etorbidean zehar, arratsalde lainotsuan. Aurpegi argaleko mutil gazte judu ilegorri bat zen eta masaila hondoratuak eta azala zurixka zituen. Jostun guztiek bezala, hanka okerrak zituen. Annak txikiegi zeuzkan zapatak. Betazpi nabarmenak ageri. Lainoan murgilduta, hamaika lagun-talde zebiltzan, alderrai, yeddish-ez, errusieraz eta East Side-ko ingelesez hitz egiten, kanpotar kutsuarekin. Janaridendetatik eta alkoholik gabeko edariak saltzeko postuetatik argi-izpi beroak sortu eta espaloietan dir-dir egiten zuten.

        — Beti horren nekatuta ez banengo —murmurikatu zuen Annak.

        — Edan dezagun zerbait hemen... Baso bat esne ondo etorriko zaizu, Anna.

        — Ez zait gustatzen, Elmer. Soda txokolatearekin edango dut.

        — Kalte egingo dizu; baina tira, aurrera, hala nahi baduzu.

        Anna nikelezko xingolaz inguratutako aulki mehar batean eseri zen. Mutila neskaren ondoan zegoen, zutik. Anna apur bat haren gainean etzan zen.

        — Zera gertatzen zaigu langileoi... —esan zuen Elmerrek ahapeka, ahots inpertsonalaz—. Zera gertatzen zaigu langileoi, ez dakigula ezer, ez dakigula jaten, ez dakigula bizitzen, ez dakigula geure eskubideak defendatzen... Bai, Anna, zuk horrelako gauzei buruz gogoeta egitea nahi nuke. Ez al zara ohartzen bataila erdian gaudela, gerran bezala?

        Koilara luze likatsu batez baliatuta, Anna izozki-puska batzuk arrantzatzen ari zen bere edontziko likido sendo apartsuan.

 

 

        George Baldwin bere buruari begira zegoen ispiluan, bere bulegoaren atzeko bainugela txiki batean eskuak garbitzen zituen bitartean. Ilea, artean sarria, kasik zuria zeukan eta bekokiraino zut jaisten zitzaion. Ahoaren bi ertzetan eta kokotsean zimur sakon bat agerian zuen. Bere begi bizi sakonen azpian, azala pilatu egiten zitzaion, bikortsu. Eskuak astiro eta zehaztasun handiz lehortu ondoren, estriknina-pilulen kutxa txiki bat atera zuen txalekoaren goialdeko poltsikotik, pilula bat irentsi eta halako inurridura bat sentitu zuen zainetan, ohiko inurridura. Gero, bere bulegora itzuli zen. Idazmahai ondoan, mutil lepo luze bat zuen zain, urduri, txartel bat eskuan zuela.

        — Andre batek zurekin hitz egin nahi du.

        — Hitzordua du? Galdetu Miss Ranke-ri. Itxaron apur batean. Esaiozu sartzeko.

        Txartelean Nellie Linihan McNiel irakur zitekeen. Jantzi garestia zeraman eta bere larruzko beroki handiaren zirrikitutik farfail-pilo bat ageri zen. Lepoaren inguruan amatistazko kate bat zeraman, eta hortik dilindan betaurrekoak.

        — Gusek eskatu dit zurekin hitz egiteko —esan zuen Nelliek eta gero, Baldwinek aulki bat eskaini zion bere mahai ondoan.

        — Zer nahi duzu?

        Arrazoiren bat dela medio, Baldwini bihotzak tarrapataka pilpiratzen zion.

        Nelliek bere betaurrekoez begiratu zuen lipar batez.

        — George, zuk Gusek baino hobeto eusten diozu?

        — Zeri eutsi?

        — O, egoera honi... Orain saiatzen ari naiz Gus atzerrira eramaten... Marienbad-era edo... Baina berak dioenez, saltsa horretan sartuegi dago alde egiteko.

        — Guztioi gertatzen zaigu gauza bera —erantzun zuen Baldwinek, irribarre hotz bat eginez.

        Minutu bateko isilunearen ondoren, Nellie McNiel altxatu egin zen.

        — Begira, George, Gus nazka-nazka eginda dago honetaz... Zuk badakizu berak atsegin duela bere adiskideei laguntzea eta bere adiskideek berari laguntzea.

        — Inork ezin du esan nik laguntzarik eman ez diodanik... Baina ni ez naiz politikaria eta, azken batean, kargu baterako hautagai izaten ausartu naizenez, neure kasa aurkeztuko naiz.

        — George, hori ipuinaren erdia besterik ez da, zuk ondotxo dakizu.

        — Esaiozu orain arte lagun ona izan nauela eta horrela izango dela beti... Berak ere ondotxo daki hori. Kanpaina honetan, ez dut zabaldu nahi izan Gusek esku artean darabiltzan zenbait kontu.

        — Hizlari ona zara, George Baldwin, beti bezala.

        Baldwin lotsagorritu egin zen. Zutik eta zurrun zeuden, elkarren ondoan, bulegoko atean. Baldwinen eskua geldirik zetzan heldulekuaren gainean, paralizatuta zirudien. Beste bulegoetatik idazmakinen eta ahotsen zarata zetorren. Kanpoaldetik iristen zitzaien eraikin berri batean lan egiten zuten errematxatzaileen mailu-hots luze eta etengabea.

        — Espero dut zure familia oso ondo egotea —esan zuen Baldwinek azkenean, ahalegin handia eginda.

        — Bai, ondo dago, eskerrik asko... Adio.

        Nellie joana zen.

        Lipar batez Baldwin leihotik begira geratu zen aurreko etxe gris eta leiho beltzekikora. «Txorakeria galanta duk gauzek inorengan hainbesteko eragina izatea! Atsedena hartu behar diat». Kapela eta berokia bainugelako atearen atzeko kakotik hartu eta alde egin zuen.

        — Jonas —esan zion meloi itxurako soilune biribila zuen gizon bati, zein egunkariak gainetik irakurtzen ari baitzen liburutegiaren funtzioa betetzen zuen sabai altuko hall nagusian—, eramaidazu etxera mahai gainean dudan guztia... Gaur gauean gainbegiratuko dut.

        — Oso ondo, jauna.

        Broadwayra irtetean, sasieskola egiten duen mutilaren modura sentitu zen. Neguko arratsalde distiratsu hartan ostarteak eta hodeiak txandakatzen ziren presaren presaz. Ziztuan sartu zen taxi batean. Jarlekuan erdi etzanda, loak hartu zuen. Berrogeita Bigarren Kalean esnatu zen. Han dena zen anabasa, zeren eta koloretako plano gurutzatu distiratsuak, aurpegiak, hankak, erakusleihoak, tranbiak eta autoak nahasian baitzeuden. Eseri egin zen, eskularruetan bilduta zituen eskuak belaun gainean ezarri zituen. Dardarka zegoen, ezinegonik. Nevadaren etxearen aurrean ordaindu zuen taxia. Berrogeita hamar zentaboko eskupekoa jasotzean, txofer beltzak bolizko hortzez beteriko ahoa erakutsi zion. Behean igogailurik ez zegoenez, Baldwinek ziztu bizian egin zuen eskaileretan gora, bere buruaz erdi miretsita. Hatz-koxkorrez jo zuen Nevadaren atean. Erantzunik ez. Berriro jo zuen atean. Nevadak kontu handiz ireki zuen. Baldwinek haren buru kizkurra begiztatu zuen. Gelan sartu zen eta Nevadak ezin izan zuen ezer egin hori eragozteko. Emakumeak kimono bat alkandora arrosa baten gainean beste jantzirik ez zeukan.

        — Ene Jainkoa! —esan zuen Nevadak—. Uste nuen zerbitzaria zinela.

        Nevadari heldu eta musu eman zion.

        — Ez dakit zergatik sentitzen naizen umetxo bat bezala.

        — Eguzkariarekin erotu zarela ematen du... Ez zait gustatzen zu honela etortzerik, telefonoz deitu gabe, badakizu.

        — Ez haserretu oraingoan ahaztu zaidalako.

        Baldwinek zerbait ikusi zuen sofaren gainean. Bere burua kausitu zuen kontu handiz tolestutako praka itsas urdin pare bati beha.

        — Izugarri nekatuta nengoen bulegoan, Nevada. Uste nuen hona etor nintekeela zurekin hitz egitera ea apur bat suspertzen nintzen.

        — Ni zenbait dantza praktikatzen ari nintzen gramofonoarekin.

        — Oso interesgarria... —Baldwin gora eta behera hasi zen gelan zehar, malguki batek higituta bezala—. Nevada, orain entzun gauza bat... Hitz egin behar dugu. Berdin zait nor duzun logelan... —Nevadak bat-batean aurpegira begiratu zion eta sofan eseri zen, praken ondoan—. Kontua da aspaldi honetan jakin dudala Tony Hunter eta zu oso ondo moldatzen zaretela elkarrekin —Nevadak ezpainak estutu eta hankak gurutzatu zituen—. Egia esanda, hogeita bost dolar orduko kobratzen zizkion psikoanalista harengana joate horrek grazia handia egiten zidan... Baina oraintxe bertan ohartu naiz nahikoa dela. Nahikoa baino gehiago.

        — George, burutik zaude —zezeldu zuen eta bat-batean barreka hasi zen inozoki.

        — Esango dizut zer egingo dudan —jarraitu zuen Baldwinek abokatu-ahots garbiz—. Bostehun dolarreko txeke bat bidaliko dizut neska zintzoa zarelako eta gogoko zaitudalako. Pisua hilaren hasierara arte ordainduta dago. Ondo deritzozu? Eta mesedez, ez zaitez nirekin inola ere harremanetan jar.

        Nevada luzaz sofa gainean etzanda geratu zen, barre inozoari ezin eutsirik, kontu handiz tolestutako praka itsaso urdin parearen ondoan. Baldwinek kapelaz eta eskularruez agur esan zion eta atea artatsu itxita alde egin zuen. «Ederretik eskapatu nauk», esan zuen berekiko atea ixtean.

        Behin kalera iritsita, berriro bideari ekin zion urrats biziz. Kalakari eta asaldaturik sentitu zen. Ez zekien norengana jo. Bere lagunen izenak gogora ekarrita gogogabeturik sentitu zen, bakarrik, abandonaturik. Estanko batean sartu eta telefono-aurkibidea gainetik begiratu zuen. Hatxea aurkituta astinaldi txiki bat sumatu zuen bere baitan. Azkenean, Herf abizena aurkitu zuen, Helena Oglethorpe.

        Nevada Jones luzaz geratu zen sofa gainean eserita, inozoki eta histerikoki barreka. Gero, Tony Hunter alkandora eta galtzontziloak jantzita azaldu zen, gorbataren korapiloa ezin hobeto loturik.

        — Joan al da?

        — Joan? Bai noski, joan da eta ez da itzuliko —esan zuen Nevadak ozenki—. Zure praka madarikatuak ikusi ditu.

        Tony Hunter astunki eseri zen aulki batean.

        — Jainko maitea! Inork ez du nik baino zorte txarragorik munduan.

        — Zergatik?

        Nevada barrez lehertzen ari zen; horren ondorioz, hamaika malko-errekastok aurpegia zeharkatu zioten.

        — Dena gaizki atera zait. Horrek esan nahi du hemendik aurrera ez dela arratsaldeko antzerki-saiorik egongo.

        — Eta Nevada gajoa, egunean hiru berriro... Bost axola zait... Ez dut sekula gogoko izan inoren kontura bizitzea.

        — Baina zuri berdin zaizu nire karrera... Emakumeak hain zarete zeuenkoiak! Kasurik egin ez banizu...

        — Ixo, tentel hori! Zer uste duzu, ezagutzen ez zaitudala ala?

        Nevada kimonoa soinari itsatsirik altxatu zen.

        — Jainkoarren! Nik aukera bat behar nuen zer egin dezakedan erakusteko, hori besterik ez. Eta orain ez dut horrelakorik izango —esan zuen Tonyk auhenka.

        — Izango duzu zeure aukera, nik esaten dizudan guztia egiten baduzu. Ahaleginak eta bi egingo ditut zu gizon egiteko, umetxo hori, eta lortu egingo dut... Ikuskizun bat antolatuko dugu bion artean. Hirshbein zaharrak aukera bat emango digu, garai batean txora-txora eginda zegoen nirekin... Etorri, muturreko bat emango dizut aurpegian bestela... Pentsa dezagun horretaz... Dantza-ikuskizun batekin hasiko gara... Gero, zuk egingo duzu tranbiara igotzen lagunduko bazenit bezala... begira, honela... Ni tranbiaren zain egongo naiz... honela... Zuk «kaixo, laztana» esango duzu; nik, berriz, «polizia!» garrasi batean.

 

 

        — Behar besteko luzera du, jauna? —galdetu zuen arropa-saltzaileak, klarion batez praketan markak ipintzen ari zela.

        James Merivalek begiak beherantz zuzendu zituen saltzailearen soilune txiki zimurtsu berdekari eta oinen gainean dilindan zituen praka zabal nabarrei so egiteko.

        — Pixka bat laburrago... Uste dut praka luzeegiek zahartu egiten dutela apur bat.

        — Kaixo Merivale, ez nekien zuk ere Brooks'-en erosten zenuenik arropa. A ze poza zu ikustea!

        Merivaleri zainetako odola izoztu egin zitzaion. Jack Cunninghamen begi urdin alkoholikoak begira zituen, adi-adi. Ezpainei ausiki egin zien eta hoztasunez begiratzen saiatu zen, hitzik egin gabe.

        — Jainko maitea! Ba al dakizu zer egin dugun? —deiadar egin zuen Cunninghamek—. Oihal berbera erosi... Berdin-berdina da.

        Aztoraturik, Merivalek txandaka begiratu zien Cunninghamen praka grisei eta bere prakei: kolore berbera, marratxo gorri bera eta orban txiki berde berberak.

        — Aizu gizona, bi koinatugaik ezin dute jantzi berbera eraman! Jendeak pentsatuko luke uniformea dela... Barregarria da.

        — Tira, eta zer egingo dugu? —esan zuen kexati Merivalek.

        — Zotz egingo dugu ea nori tokatzen zaion, besterik ez... Quarter bat utziko didazu? —Cunningham jiratu zen saltzailea zegoen lekurantz—. Eskerrik asko... Aurpegia ala gurutzea?

        — Aurpegia —esan zuen Merivalek mekanikoki.

        — Jantzi nabarra zurea da... Orain nik beste bat aukeratu beharko... Hala ere, pozten naiz biok garaiz elkarrekin topatu izanaz. Aizu —oihu egin zuen kabinaren gortinen artetik—, afaldu nahi al duzu nirekin gaur gauean Salmagundi Club-en?... Hidrohegazkinekin ni baino txoratuago dagoen munduko gizon bakarrarekin afaltzera noa... Perkins laguna da, zerorrek ezagutzen duzu, zure banketxeko lehendakariordeetako bat... A, eta Maisie ikusten duzunean, esaiozu berarekin hitz egitera igoko naizela. Gertakari-sorta arraro bat dela eta, ez dut izan berarekin harremanetan jartzerik... oraindaino atsedenik eman ez didan gertakari-sorta penagarri bat... Geroago hitz egingo dugu honetaz.

        Merivalek eztarria garbitu zuen.

        — Oso ondo —erantzun zuen lehor.

        — Eginda dago —esan zuen saltzaileak, Marivaleri azken zapladatxoa ematen ziola ipurmasailetan.

        Berriro kabinan sartu zen arropa aldatzeko.

        — Tira —oihu egin zuen Cunninghamek—, beste jantzi bat aukeratu beharra daukat... Zazpietan itxarongo dizut. Jack Rose bat izango duzu zain.

        Gerrikoa janztean, Merivalek eskuak dardarka zeuzkan. Perkins, Jack Cunningham alu hori, hidrohegazkinak, Jack Cunningham, Salmagundi, Perkins. Dendaren zoko bateko telefonora jo zuen eta bere amari deitu zion.

        — Aizu, ama, uste dut ez naizela afaltzera joango... Randolph Perkinsekin afalduko dut Salmagundi Club-en... Bai, oso atsegina da... O, biok lagun onak izan gara betidanik... Bai, funtsezkoa da goikoekin harremana izatea. A! Jack Cunningham ikusi dut. Gaia aurrez aurre agertu diot eta ez du jakin zer erantzun. Hogeita lau ordu barru azalpen bat emango didala esan dit... Ez, lasai ibili naiz. Maisieri zor diot hori. Benetan diotsut, gizon hori alproja hutsa da, baina frogatu egin behar dugu hori... Tira, gau on amatxo, berandu iristen banaiz ere. O, ez mesedez, ez egon nire zain. Esaiozu Maisieri ez kezkatzeko, berak nahi adina xehetasun emango dizkiot. Gau on, ama.

 

 

        Atzealdeko mahai txiki batean eserita zeuden, te-areto bateko erdi-ilunpean. Lanpararen pantailak aurpegiaren goialdea ebakitzen zien. Ellenek jantzi urdin bat zuen; buruan, berriz, kapela urdin txiki bat, apaingarri berde batez hornitua. Makillajea gorabehera, Ruth Prynnek ezin zuen neke-aurpegia ezkutatu.

        — Elaine, etorri egin behar duzu —zioen ahots zinkurinatiz—. Cassie, Oglethorpe eta betiko lagun guztiak izango dira hor... Egunkarian hainbesteko arrakasta izan baduzu ere, ez duzu zertan lehengo lagunak ahaztu. Zuk ez dakizu, baina guk sarri hitz egiten dugu zutaz eta zure berri jakin nahi dugu.

        — Ez, Ruth, gero eta gutxiago gustatzen zaizkit jai handiak; zahartzen ari naizelako izango da agian. Ongi da, apur batean joango naiz.

        Ruthek platerean utzi zuen hozkatzen ari zen sandwicha eta, Elleni esku bat hartuta, zapladatxo batzuk eman zizkion.

        — Horixe da-eta nire aktore txikia! Banekien nik etorriko zinela, noski.

        — Baina Ruth, zuk ez didazu sekula kontatu zer gertatu zitzaion iazko udan biran ibili zen errepertorio-konpainia hari...

        — Jainko maitea —esan zuen bat-batean Ruthek—, ikaragarria izan zen! Barrez lehertzekoa izan zen, barrez lehertzekoa. Lehenengo eta behin zera gertatu zen: Isabel Clyde-ren senarra, Ralph Nolton, gerente-lanak egiten zituena, dipsumaniakoa zela... eta gero, Isabel xarmangarriak ez zion inori antzepenean parte hartzen uzten, baldin eta txorimalo baten lana egiteko ez bazen. Beldur zen nekazariek ez ote zuten jakingo nor zen izarra... O, ezin dizut gehiagorik kontatu... Ez da batere barregarria, ez horixe; negargarria da... O, Elaine, ez dut ezertarako gogorik... Ni bai ari naizela zahartzen, maitea.

        Halako batean negar-zotinka hasi zen.

        — O, Ruth, ez mesedez —esan zuen Ellenek ahots fin latzaz eta barreari lotu zitzaion—. Azken batean, denok gara gero eta zaharrago.

        — Maitea, zuk ez duzu ulertzen... Ez duzu inoiz ulertuko.

        Luzaz eserita egon ziren, elkarri ezer esan gabe. Te-areto ilunaren beste zoko batzuetatik solasaldi-zatiak iristen zitzaizkien. Ile argiko neska zerbitzari batek fruta-mazedoniaren bi errazio ekarri zizkien.

        — Ene, oso berandu izan behar du! —esan zuen Ruthek azkenean.

        — Zortzi eta erdiak besterik ez dira... Guk ez dugu goizegi iritsi nahi jai horretara.

        — Hara! Ia-ia ahaztu zitzaidan... Zer moduz dago Jimmy Herf? Urteak dira ikusi ez dudala.

        — Jimps ondo dago... Kazetaritzaz kopetaraino dago. Nahi nuke, ba, gustuko duen zerbait aurkituko balu.

        — Betidanik izan da pitin bat kezkatsua. O, Elaine, ze poza hartu nuen ezkondu zinetela jakin nuenean. Leloaren pare jokatu nuen. Negar eta negar egin nuen. Eta orain Martinekin-eta oso zoriontsuak izan behar duzue.

        — O, oso ondo konpontzen gara... Martin mutil bikaina da. Badirudi New Yorkek on egiten diola. Lehen hain isila eta gizena zen ezen denbora luzean uste izan baikenuen ume ergel bat sortua genuela. Ene, Ruth, uste dut ez dudala ume gehiagorik izango... Beldur nintzen umea deformaturik edo irtengo zela... Horretaz pentsatze hutsak gaixorik jartzen nau.

        — Zoragarria izan behar du, hala ere.

        Letoizko xaflatxo batean Hester Voorhees, INTERPRETATION OF THE DANCE irakur zitekeen. Horren azpiko txirrin bat jo zuten. Eskailera kraskagile bernizatu berrien hiru pisu igo zituzten. Gela jendetsu batera ematen zuen ate batean Cassandra Wilkins topatu zuten tunika greko bat jantzirik. Buruan, satinezko pipil-girlanda bat zeraman eta eskuan, berriz, zur urreztatutako flauta bat.

        — Lagun maiteok —esan zuen biak batera besarkatzen zituela—. Hestedgek zioen ez zinetela etodgiko, baina nik ez nion sinesten... Sagtu eta jadgi edoso, edgitmo elastiko batzuekin hasiko gada eta.

        Ruth eta Ellen haren atzetik joan ziren kandelez argiztatuko gela intsentsu-usaineko batean zehar, non hamaika gizon-emakume baitzeuden, guztiak ere soineko zabalak jantzita.

        — Baina maitea, ez zenigun esan jantzi-dantzaldia izango zela.

        — O, bai! Ez duzu ikusten dena gdekoa, guztiz gdekoa?... Hau Hested da... Hauek nide lagunak dida, maitea... Hested, zuk Duth ezagutzen duzu... eta hau Elaine Oglethogpe da.

        — Orain Mrs. Herf nauzu, Cassie.

        — O, bagkatu, ez da batede edgaza egunean egotea... Gadaiz etodgi zadete... Hestedgek Adabiar Gauetako Edgitmoak dantzatu behad ditu... O, liludagadgia da.

        Berokia utzia zuen logelatik irtetean, Elleni silueta garai bekain gorrixka bat hurreratu zitzaion, egiptoar buru-estalkia zeramana.

        — Helena Herf, jaso ezazu nire agurrik beroena, zeu baitzara Manners-eko editore ospetsua, Ritz hotela etxerik apalenera ere hurbiltzen duen aldizkariko editorea... ez da egia?

        — Jojo, zu beti adarra jotzen... Izugarri pozten naiz zu ikusteaz.

        — Eser gaitezen zoko batean eta hitz egin dezagun, o zeu zara, zeu eta ez beste inor, nik inoiz maitatu dudan emakume bakarra.

        — Bai goazen... Hau ez dut oso atsegin.

        — Aizu, maitea, ez dakit jakingo duzun, baina psikoanalista batek Tony Hunter sendatu du eta orain sublimaturik dagoenez, eszenatokira itzuli da vodevila egitera, California Jones izeneko emakume batekin.

        — Kontuz ibili, ba, Jojo.

        Sofa batean eseri ziren, txapitulako bi leihoen artean. Zeharretara so eginda, zetazko belo berdeak jantzirik dantzan ari zen emakume bat ikusi zuen Ellenek. Gramofonoak Cesar Franck-en sinfonia jotzen zuen.

        — Ez dugu Cassieren dantza-saioa galdu behar. Izugarrizko disgustua hartuko luke gajoak.

        — Jojo, kontaidazu zerbait zeuri buruz. Zer moduz zabiltza?

        Burua astindu eta keinu nabarmen bat egin zuen beso batez.

        — Lurrean eserita elkarri kontatuko dizkiogu erregeen heriotzari buruzko istorio goibelak.

        — O, Jojo, nazkatuta nago horretaz!... Hori bai kontu txatxua eta hutsala!... Kapela erantzi izan ez banu, hobeto.

        — Horrek aukera eman dit zure adatsaren oihan debekatuak ikusteko.

        — O Jojo, zintzoa izan!

        — Zer moduz zure senarra, Elaine edo, hobeto esanda, Helena?

        — Ondo dago.

        — Ez du ematen poz-pozik zaudenik.

        — Martin primeran dago. Ile beltza eta begi arreak ditu eta masailak arrosa jartzen ari zaizkio. Polit-polita da, benetan.

        — Maitea, sobera dago ama-liluramenduaren erakustaldi hori... Azkenean esango didazu haur-desfile batean parte hartu duzula.

        Elaine barreka hasi zen.

        — Jojo, oso jostagarria izan da zu berriro ikustea.

        — Oraindik ez dut bukatu neure erretolika, maitea... Lehen egunean jantoki obalatuan ikusi zintudan hazpegi finak zituen gizon dotore ilezuri batekin.

        — George Baldwin izango zen. Zuk aspalditik ezagutzen duzu.

        — Jakina, jakina. Guztiz aldatuta dago. Lehen baino askoz erakargarriago, esango nuke nik... Leku bitxia da hori Langileen Internazionaleko kide den boltxebike bakezale baten emazteak bazkaltzeko, esango nuke nik.

        — Jimps ez da zehazki hori. Nolabait ere nahiago nuke hala balitz... —sudurra zimurtu egin zuen—. Pixka bat nazkatuta nago horrelako gauzez.

        — Banuen horren susmoa, laztana.

        Haien aldamenean, Cassie jira biraka zebilen, noraezean.

        — O, etorri laguntzera... Jojok etengabe adarra jotzen dit.

        — Tida, apud batean esediko naiz. Gedo, dantza egiteda joango naiz... Md. Oglethogpek Bilitis-en abestien bede itzulpena irakudgiko du eta nik dantza egingo dut.

        Ellenek batari eta besteari behatu zien. Oglethorpek bekainak kakotu eta baietz egin zuen buruaz.

        Gero, Ellen luzaz geratu zen bakarrik, asperraren laino trinkoan zehar dantzaldiari eta areto dardartiari so.

        Gramofonoko diskoa turkiarra zen. Hester Voorhees izeneko emakume argalak adats sarri hennaz tindatua zuen, belarrien parean moztua, eta intsentsuz beteriko ontzi ketsu bat zeramala agertu zen; bi gizon gaztek alfonbra bat zabaltzen zioten, berak aurrera egin arau. Hesterrek zetazko galtzamotzak, gerriko metaliko tintinkaria eta gerruntzea zeramatzan. Denak txaloka eta oihuka ari ziren. «Zoragarria, liluragarria». Halako batean, beste gela batetik hiru emakume-garrasi lazgarri entzun ziren. Jauzi bat eginda, supituki denak zutitu ziren. Onddo-kapelako gizon lodi bat azaldu zen atalasera.

        — Lasai, andreak, joan atzeko gelara. Gizonak hemen gera daitezela.

        — Nor zara zu, baina?

        — Zuri berdin zaizu ni nor naizen. Egizu esaten dizudana.

        Onddo-kapelaren azpian, gizonaren aurpegia gorri-gorria zen, erremolatxaren antzekoa.

        — Detektibea da.

        — Hau ikaragarria da! Plaka erakuts dezala.

        — Hau lapurreta da.

        — Hau sarekada da.

        Bat-batean gela detektibez bete zen. Leihoen aurrean kokatu ziren. Laukiekiko bonetadun gizon bat, aurpegia kalabaza bezain gogorgunetsua zuena, zutik zegoen supazterraren aurrean. Emakumeak zakar bultzatu zituzten atzeko gelarantz. Gizonak elkarrekin geratu ziren ate ondoan. Detektibeek izenak hartu zizkieten. Ellen artean sofa gainean eserita zegoen, lasai-lasai. «...kexak egiteko, deitu ordezkaritzara», entzun zion norbaiti. Gero, Ellen ohartu zen telefono bat zegoela mahai txiki baten gainean, bera eserita zegoen sofaren ondoan, hain zuzen ere. Telefonoa hartu eta zenbaki bat xuxurlatu zuen ahapeka.

        — Barrutiko fiskalaren bulegoa?... Mr. Baldwinekin hitz egin nahi dut, mesedez... George... Zorionez, banekien non zeunden. Fiskala hor al dago? Oso ondo... Ez, esaiozu zeuk. Zentzugabeko oker bat da. Hester Voorheesen etxean nago. Badakizu dantza-estudio bat duela. Lagun batzuei dantza-saio bat ematen ari zitzaien eta, okerren baten ondorioz, polizia azaldu eta sarekada bat egiten ari da...

        Onddo-kapelako gizona ondoan zuen, zutik.

        — Alferrik da telefonoz deitzea... Joan beste gelara.

        — Barrutiko fiskalaren bulegoarekin hitz egiten ari naiz. Hitz egizu zeuk berarekin... Kaixo! Zu al zara Mr. Winthrop?... Bai... Zer moduz? Nahi al duzu gizon honekin hitz egin?

        Ellenek telefonoa luzatu zion detektibeari eta gelaren erdialderantz jo zuen. «Kapela erantzi izan ez banu, hobe...», zerabilen buruan.

        Zinkurinak eta Hester Voorheesen aktore-ahotsa garrasika argi entzuten ziren beste gelan: «Hau izugarrizko okerra da... Ez dut honelako irainik onartuko».

        Detektibeak telefonoa eseki eta Ellenengana hurbildu zen.

        — Barkamena eskatu behar dizut, andereño... Behar beste informaziorik gabe jokatu dugu. Neure gizonei atoan alde egiteko esango diet.

        — Hobe duzu Mrs. Voorheesi barkamena eskatzea... Estudio hau berea da.

        — Jaun-andreok —esan zuen goraki eta ausart—, oker txiki bat egin dugu eta bene-benetan sentitzen dugu... Honelako gauzak gertatzen dira zoritxarrez...

        Ellen isilean sartu zen aldameneko gelan, kapela eta berokia hartzeko. Apur batean ispilu aurrean geratu zen, sudurra hautseztatzen zuen bitartean. Estudiora itzuli zenean, jende guztia batera hitz egiten ari zen. Gizon-emakumeak biribilean zeuden, zutik, euren dantza-arropa urrien gainean izarak eta txabusinak jantzirik. Ordurako detektibeak aienatuak ziren, ziplo aienatu ere, agertu ziren bezalaxe. Oglethorpe ozenki eta gartsu ari zen hizketan gizon gazteen talde baten erdian.

        — Alproja alaenak, emakumeei horrela erasotzea ere! —deiadar egin zuen aurpegi gorriz, bere buru-estalkiari esku batez eraginez—. Ez da batere erraza izan nire baitako grina gaiztoak menpean hartzea. Hil arte bakerik emango ez lidakeen zerbait egiteko zorian egon naiz. Ez da batere erraza izan nire baitako grina gaiztoak menpean hartzea...

        Ellenek handik isilean alde egitea lortu zuen, eskaileretan behera lasterka jaitsi eta kale euritsura irten zen. Taxi bat geldiarazi zuen eta etxera joan zen. Behin etxean eroso jarri ondoren, George Baldwini telefonoz deitu zion.

        — Kaixo George, bene-benetan sentitzen dut zuri eta Mr. Winthrop-i enbarazurik eragin izana. Bazkarian esan ez bazenit fiskalarekin egongo zinela gau osoan, seguru asko orain poliziaren kotxetik jaisten egongo ginateke, Jafferson Market-eko auzitegian. Oso barregarria izan zen, noski. Egunen batean kontatuko dizut, baina nazka-nazka eginda nago horretaz... O, dantza estilizatua eta literatura eta erradikalismoa eta psikoanalisia eta hori dena... Gaindosia, nik uste... Bai, uste dut horixe izan dela, George... Uste dut zahartzen ari naizela.

 

 

        Gaua beltz-beltza zen eta sekulako hotza egiten zuen. Prentsen usaina artean sudurrean, idazmakinen tintina artean belarrietan, Jimmy Herfek eskuak poltsikoan zituela City Hall Square-n so egiten zion elurra kentzen ari ziren gizon zarpailtsuei. Belarriak boneten azpian babestuta. Lepoak xerra gordinak bezalakoak. Zahar ala gazte, guztiek ere kolore bereko aurpegiak eta kolore bereko jantziak zituzten. Labana bailitzan, haizeak Jimmy Herfi belarriak ebakitzen zizkion eta bekokian mina eragin, begien artean.

        — Kaixo Herf, lan hau hartuko zenuke? —esan zuen harengana kementsu hurbiltzen ari zen aurpegi zurbileko gizon gazte batek, elur-pilo bat seinalatzen zuen bitartean.

        — Zergatik ez, Dan? Nire iritziz, ez da hobea bizitza ematea sudurra besteren bizitzan sartuta diktografo ibiltari madarikatu bat izan arte.

        — Udan lan bikaina litzateke... West Side-rako metroa hartuko duzu?

        — Ez, oinez joango niaz... Oinak luzatu nahi ditut.

        — Hotzak akabatuko zara, gizona.

        — Berdin zait... Norbaitek bizitza pribaturik ez badu, idazmakina automatiko soila baino ez da.

        — Baina nik neure bizitza pribatuaren zati tixki bat kendu nahi nuke gainetik... Tira, gau on. Espero dut bizitza pribatu apur bat lortuko duzula, Jimmy.

        Barreka Jimmy Herfek bizkarra eman zien elurra kentzen ari zirenei eta Broadwayn gora hasi zen. Haizearen kontra makurtuta zihoan, kokotsa jakaren lepoan pulunpaturik zeramala. Houston Street-en erlojuari begiratu zion. Bostak. «Gaur berandu nabilek, arraioa! Ezin ote da inon trago bat edan?». Bere artean aieneka hasi zen, adoregabeturik, bere gelara iristeko ibili beharreko kale izoztuez pentsatuta. Aldian behin gelditu egiten zen belarri sorgortuak igurtzitzeko eta berotzeko. Azkenean, bere gelara heldu zen, gas-berogailua piztu zuen eta haren gainean makurtu zen. Gela karratua eta txikia zen; batere atsegina ez, ordea. Washington Square-ko hegoaldean zegoen. Altzari gutxi zituen: ohe bat, aulki bat, liburuz beteriko mahai bat eta gas-berogailu bat baino ez. Soina epeltzen hasi zitzaionean, ohe azpitik kalamuzko estalkidun ron botila bat atera zuen. Berogailu gainean ur apur bat berotzen jarri zuen latorrizko katilu batean eta ur beroa edateari ekin zion, ronarekin nahasita. Denetariko hilzori izengabeek eztanda egiten zuten haren baitan. Bihotzaren inguruan burdinazko zerrenda bat zuelarik, maitagarrien ipuineko gizona bezala sentitzen zen. Burdinazko zerrenda hausten ari zen.

        Rona bukatu zuen. Noizean behin gela biraka hasten zitzaion inguruan, irmoki eta metodikoki. Bat-batean goraki esan zuen: «Berarekin hitz egin behar diat... Berarekin hitz egin behar diat». Kapela buruan sartu eta berokia jantzi zuen. Kanpoaldean hotzak baltsamoa zirudien. Sei esne-bagoi ilaran igaro ziren, triki-traka.

        Hamabigarren Kalean, West aldean, bi katu beltz elkarren atzetik zebiltzan lasterka. Nonahi entzuten zen euren marraka zoroa. Jimmyk zerbait sumatu zuen buruan lehertzeko zorian. Orobat, iruditu zitzaion halako batean bera ere ziztuan aterako zela kale izoztuetan behera, marraka lazgarriak eginez. Kalezulo ilun hartan dardarka ari zen, Herf ondoan idatzita zeukan txirrina behin eta berriro sakatuz. Ellen txabusina urdin bat jantzita azaldu zen atera.

        — Zer duzu, Jimps? Ez duzu giltzarik ala?

        Loa zela eta, aurpegia bigundua zuen. Haren inguruan nabari zen loak isuritako halako zorion-usain bat, barnekoa, xuabea. Arnasestuka, Jimmy hortzen artean hitz egiten ari zen.

        — Ellie, hitz egin behar dizut.

        — Mozkortuta zaude, Jimps?

        — Nik badakit zer diodan.

        — Sekulako logura daukat.

        Jimmyk logelara jarraitu zion. Elliek zapatilak kendu eta ohera itzuli zen; bertan eserita geratu zen, lo-begiez so egiten ziola.

        — Ez hitz egin horren ozenki, Martin lo dago eta.

        — Ellie, nik ez dakit zergatik egiten zaidan hain zaila zernahiri buruz argi hitz egitea... Beti mozkortuta egon behar al dut, argi hitz egin ahal izateko?... Zuk oraindik maite nauzu ala ez?

        — Badakizu oso estimu handian zaitudala eta beti horrela izango dela.

        — Maitasunaz ari naiz, zuk ulertzen didazu... —ebaki zuen zakar.

        — Nik uste dut denbora luzean ez dudala inor maitatu, hildakoak ez badira... Emakume ikaragarria naiz. Alferrik da horretaz hitz egitea.

        — Banekien. Eta zuk bazenekien nik banekiela. Nirea bai zoritxarra, Ellie!

        Ohean eserita eta eskuez belaunak oratuta, Elliek so egiten zion, begiak zabal-zabalik.

        — Hain maiteminduta zaude nitaz, Jimps?

        — Aizu, dibortzia gaitezen eta kito.

        — Egon lasai, Jimps... Martin ere hor dago? Zer gertatuko da berarekin?

        — Aldian behin diru apurren bat aurreztuko dut berarentzat, gizajoa!

        — Nik zuk baino gehiago irabazten dut... Ordaindik ez duzu horrelakorik egin behar.

        — Badakit. Badakit... Jakingo ez dut ba!

        Eserita, elkarri begira geratu ziren, isil-isilik. Begiak sutan zituzten, elkarri luzaro begiratu izanaren ondorioz. Bat-batean Jimmyk halako premia handi bat sentitu zuen: lo egin nahi zuen, ez zuen ezer gogoratu nahi, burua ilunpean murgildu nahi zuen, bere amaren altzoan bezala, txikitan bezala.

        — Tira, etxera noa —lehor egin zuen barre—. Ez genuen uste hau honela bukatuko zenik, ezta?

        — Gau on, Jimps —xuxurlatu zuen aharrausi bat ahoratuz—. Gauzak, ordea, ez dira bukatzen... Horrenbesteko logalerik ez banu... Argia itzaliko duzu?

        Itsumustuan atea aurkitu zuen ilunpean. Kanpoaldean goiz artikoa griseztatzen ari zen egunsentiarekin batera. Ziztu bizian itzuli zen bere gelara. Ohean sartu eta lo geratu nahi zuen egunaren argiak ortzia urratu aurretik.

 

 

        Gela luze bat; erdian, mahai luzeak, zetazko eta krepezko oihalak: batzuk grisak, besteak izokin ala esmeralda kolorekoak. Harien eta arropa egiteko materialen usaina airean. Mahaietan zehar buruak makurturik: josten ari ziren nesken buru gorrixkak, horiak, beltzak. Mandatariak han-hemenka zebiltzan mahaien artetik, arropaz beteriko pertxero mugikorrak bultzaka. Txirrin batek jotzeaz batera, kalapita eta garrasi zorrotzak nagusitu ziren gelan, txoridenda batean baileuden.

        Anna altxatu eta nagiak atera zituen.

        — A ze biharamuna! —esan zion ondoan zuen neskari.

        — Atzo berandu oheratu zinen?

        Annak baietz egin zuen buruaz.

        — Utzi egin behar duzu hori. Horrela ibiltzeak ez dizu bat ere onik egingo. Emakume batek ezin du kandela bi muturretatik erre, gizonek bezala.

        Beste neska argala eta ilehoria zen eta sudurra okertutik zeukan. Beso batez Annaren gerria inguratu zuen.

        — Zer ez nuke nik emango zure kilo batzuk hartzearren!

        — Gustura emango nizkizuke —esan zuen Annak—. Den-denak loditu egiten nau.

        — Hain lodia ere ez zaude, ordea... Pitin bat baino ez. Gizonek zuri txatxamurka egitea gustuko izateko behar bezain potolatxo, ez besterik. Gizonen modura janzten saiatuko bazina, benetan diotsut, politagoa izango zinateke.

        — Nire senargaiak ez ditu gogoko neska argalak.

        Eskaileretan neska-talde bat erne zegoen neska txiki ilehori batek zer esango. Bi neskek kostata baina, haien artetik aurrera egitea lortu zuten. Neska txikiak arin hitz egiten zuen, ahoaz guztiz irekita eta begiak zuri-zuri.

        — ...eraildako neska hurrengo etxe-blokean bizi zen, 2230 Cameron Avenue-n. Hipodromora joana zen beste neska batzuekin eta etxera bidean, berandu zenez, bakoitzak bere bidea hartu eta bakarrik abiatu zen Cameron Avenue-n zehar, eta biharamun goizean gurasoak bila hasi eta Spearmint-eko kartel baten atzean aurkitu zuten, orube batean.

        — Hilda zegoen?

        — Bai, guztiz hilda... Beltz batek zerbait izugarria egina zion eta gero, ito egin zuen... Oso-oso gogorra izan zen niretzat. Ni berarekin joaten nintzen eskolara. Orain Cameron Avenue-n ez da neskarik ikusten ilunkeran. Izututa daude.

        — Egia da, nik bart egunkarian irakurri dut kontu hori.

 

 

        — Ikusi ninduzun konkordun hura ukitzen? —deiadar egin zuen Rosiek taxian haren alboan esertzean.

        — Antzokiko atariondoan?

        Jake Silvermanek bere praketatik tira egin zuen, belaun aldea estutzen ziotela eta.

        — Horrek zortea emango digu, Jake. Konkordunekin ez dago huts egiterik... konkorra ukitzen badiezu... Ene, zuk ez dakizu zein gogaikarri zaizkidan hain azkar dabiltzan taxiak!

        Taxiaren bat-bateko balaztada batek aurrerantz eraman zituen deblauki.

        — Jainko maitea, ia-ia mutiko bat harrapatu genuen!

        Jake Silvermanek zapladatxo batzuk jo zizkion belaunetan.

        — Ez zaitez beldurtu, gajoa!

        Hotelera iristean, Rosiek dardarka pulunpatu zuen aurpegia jakaren lepoaren barnean. Harrera-lekura joan ziren giltza eskuratzera eta bertan enplegatuak esan zion Silvermani:

        — Gizon bat duzu zain, jauna.

        Gizon lodi bat bidera irten zitzaion ahotik puru bat ateratzen ari zela.

        — Ardura al dizu hona apur batean sartzen banaiz, Mr. Silverman?

        Rosiek uste izan zuen kordegabetu egingo zela. Geldi-geldi geratu zen, izoztuta, masailak jakaren larruzko lepoan hondoraturik.

        Bi besaulki bigunetan eserita, gizonak elkarri xuxurlaka ari zitzaizkion, begiak batuta. Belarriak zoli, apurka-apurka Rosie hurreratu zitzaien. «Kartzeleratzeko agindua... Justizia Ministerioa... posta iruzurra egiteko erabiltzea...». Ezin zuen entzun Jakeren erantzuna. Baietz egiten zuen buruaz, onarpena adierazi nahian. Gero, halako batean, gozo-gozo hasi zen hizketan, irribarreka.

        — Ondo da, zure iritzia entzun dut, Mr. Rogers... Hona hemen nirea. Orain atxilotzen banauzu, nik behea joko dut eta nirekin batera jende askok eta askok ere behea joko du, enpresa honetan bere dirua ipinia duelako... Astebete barru negozioa itxi dezaket etekinak lortuta... Mr. Rogers, okerreko bidetik bete-betean sartu naiz, besteengan konfiantza gehiegi izateagatik.

        — Ezin dizut lagundu... Agindua bete beharra daukat... Zoritxarrez, zure gela miatu beharko dut... Ikusten duzunez, zerrenda txiki bat ekarri dugu.

        Gizonak bere puruaren errautsa astindu zuen eta gorabeherarik gabeko ahotsaz irakurtzeari ekin zion.

        — Jacob Silverman, Edward Faversham ezizenez ezaguna, Simeon J. Arbuthnot, Jack Hinkley, J. J. Gold... O, zerrenda ederra dugu hemen!... Neuk ez nuke esan behar, baina, zure kasuan, lan polita egin dugu.

        Altxatu egin ziren. Purudun gizonak buruaz keinu bat egin zion bonetadun gizon argal bati, atariondoaren beste aldean egunkaria irakurtzen ari baitzen.

        Silverman harrera-lekura hurbildu zen.

        — Nire negozioak direla-eta alde egin beharra daukat —esan zion enplegatuari—. Kontua prestatuko didazu, mesedez? Mrs. Silvermanek egun batzuk gehiago emango ditu hemen.

        Rosiek ezin zuen hitz egin. Hiru gizonei jarraitu zien igogailuraino.

        — Sentitzen dut hau egin izana, andrea —esan zuen gizon argalak bere bonetaren babesetik tira eginda.

        Silvermanek gelako atea ireki eta kontu handiz itxi zuen, denak barrura sartu orduko.

        — Eskertzen dizuet zuen adeitasuna... Nire emazteak eskerrak ematen dizkizue.

        Rosie gelaren zokoko aulki zuzen batean eseri zen. Bere mihiari gogor egiten zion hozka, gero eta gogorrago, ezpainek dar-dar egin ez ziezaioten.

        — Badakigu, Mr. Silverman, honako hau ez dela ohiko kasu kriminala.

        — Zerbait edan nahi, jaunok?

        Besteek burua mugitu zuten. Gizon lodiak beste puru bat piztu zuen.

        — Ederki Mike —esan zion gizon argalari—, miatu tiraderak eta armairua.

        — Hori egiten al da normalean?

        — Normalean egiten dena egingo bagenu zuri eskuburdinak jarriko genizkizuke eta zure emaztea ere eraman egingo genuke laguntza emateagatik.

        Esku izoztuak belaunen artean oraturik, Rosiek soina alderik alde kulunkatzen ziharduen. Begiak itxita zeuzkan. Detektibeek armairua arakatzen zuten bitartean, Silvermanek aukera aprobetxatu zuen eskua Rosieren sorbalda gainean ezartzeko. Neskak begiak ireki zituen.

        «Morroi hauek ni eraman bezain laster, deitu Schatz-i eta esaiozu dena. Nola edo hala jarri berarekin harremanetan, horretarako New York osoa esnatu behar baduzu ere.»

        Ahapeka hitz egiten zuen, azkar, ezpainak kasik mugitu gabe.

        Minutu bat geroago joan egin zen, bi detektibe atzean zituela. Eskutitzez beteriko maleta bat zeramaten. Musuak artean heze zirauen Rosieren ezpainetan. Dena lausoturik ikusten zuen, begiak gela huts izugarri lasai hartan finkatuz. Ohartu zen mahaiko paper lehorgarrian zerbait idatzita zegoela. Jaken idazkera zen, oso zirriborraturik. «Dena giltzapean itxi eta alde egizu; neska zintzoa zara». Malkoak masailetan behera pirritan hasi zitzaizkion. Luzaz eserita geratu zen burua mahai gainean bermatuta, arkatzez paper lehorgarrian idatzitako hitzei musuka.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia