Lehenengo atala

Hiri alaia eta arduragabea

 

Bosgarren Etorbideko haga guztietan banderak zeuden, historiaren haize zakarraren menpe. Sokaz makila kraskagilei loturik, bola urreztatuez apaindutako hagetan, bandera handi haiek inarrosi eta jipoituak ziren, haizearen meneko. Izarrak lasai ari ziren dantzan arbelezko zeruan, zerrenda gorri eta zuriak bihurrikatzen ziren atzealde hodeitsu baten kontra.

Txarangen eta zaldi putinzaleen abarrotsean, kanoiaren berealdiko azantzean, atzaparren itzalen moduko itzalak bandera teinkatuei ebaturik zeuden. Banderak milikatzen, kiribilkatzen, bihurrikatzen ari ziren, mihi gosetien gisan.

«Bide luzea Tipperary-ra baino lehen... Hortik! Hortik!»

Portua zebren eta mofeten moduko itsasontzi marratuz gainezka zegoen. Narrows-ak lingotez buxaturik zeuden. Ogasuneko eraikinean urrezko txanponak pilatzen ari ziren sabairaino. Dolarrek auhen egiten zuten irratian, kable guztiek dolarrak tekleatzen zituzten.

«Bide luze-luzea dago, kiribilean... Hortik! Hortik!»

Metroan begiak zuloetatik irteten zitzaizkien ondokoa ahoskatzean: apokalipsia, tifusa, kolera, metrailaketa, altxamendua, sute batean hiltzea, uretan hiltzea, goseak hiltzea, lokatzetan hiltzea.

«O, zeinen urrun dagoen Madymosell Armenteers-etik, hortik, hortik! Badatoz yankeeak, badatoz yankeeak». Bandak zalapartaka ari ziren, Askatasunarentzako Jesapenaren alde, Gurutze Gorriaren alde. Erietxe-itsasontziak portuan gora limurtzen ziren eta gauez isilgordeka deskargatzen zuten Jersey-ko nasa zaharretan. Bosgarren Etorbidean zehar, hamazazpi herrietako banderak dantzan ari ziren, haize goseti eta zakarraren inguruan kizkurtuta.

«O, haritza, lizarra eta zume negartia!

Berde hazten da belarra Jainkoaren herrian...»

Sokaz makila kraskagilei loturik, bola urreztatuez apaindutako hagetan, bandera handi haiek inarrosi eta jipoituak ziren, haizearen meneko.

 

        Begiak itxita, James Marivale kapitaina, DSC, besaulki batean eserita zegoen, bizarginaren atzamar bigunek masailak eztiki eskuztatzen zizkioten bitartean. Bitsak kilimak eragiten zizkion sudurzuloetan; lozioaren lurrina atzeman zezakeen; bibragailu elektriko baten burrunba eta artazien hotsa entzuten zuen.

        — Aurpegi-masaje txiki bat, jauna, zaldar horiek kentzeko, jauna? —murmurikatu zion bizarginak belarrira.

        Bizargina burusoila zen eta kokots urdin eta biribila zuen.

        — Ondo —ihardetsi zuen Merivale-k—, egizu nahi duzuna. Hauxe da bizarra ganoraz kentzen dudan lehenengo aldia, gerra deklaratu zenetik.

        — Etorri berria, kapitain?

        — Bai... demokraziaren alde borrokan.

        Bizarginak toaila bero baten azpian indargetu zituen haren hitzak.

        — Lila-ur apur bat, kapitain?

        — Ez bota lozio madarikatu horietakorik, aski da hamameli-ur apur bat edo edozein antiseptiko.

        Manikura egiten zuen neska ilehoriak betileak errimel apur batez apaindurik zituen; halako begirada liluragarri bat egin zion, arrosazko ezpainak bereizita.

        — Bistan da porturatu berri zarela, kapitain... Beltzaran etorri zara, gero! —eskua emakumearen eskuaren ondoan utzi, mahaitxo zuriaren gainean—. Denbora luzea da, kapitain, inork eskuak zaintzen ez dizkizula?

        — Nola dakizu hori?

        — Hara nola hazi zaizun katikula!

        — Lanpetuegi geunden horrelako gauzetarako. Ni gizon askea naiz, baina bakarrik zortzietatik aurrera.

        — O, izu... garria izan da, ziur!

        — Bai, gerra handia izan zen iraun zuen bitartean.

        — Hala entzun dut nik ere... Eta zure lana orain guztiz bukatu da, kapitain?

        — Orain erreserban nago, noski.

        Neskak azken zapladatxoa eman zion eskuan eta kapitaina zutitu egin zen. Bizarginaren ahur bigunaren gainean eta kapela luzatu zion mutil beltzaren ahur gogorraren gainean eskupeko bana ipini zuen eta astiro igo zen marmolezko eskaileretan gora. Eskailera-buruan ispilu bat zegoen. James Merivale kapitaina gelditu egin zen James Merivale kapitainari lipar batez so egiteko. Gizon gaztea zen eta hazpegi zuzenak eta kokots haragitsua zuen. Panazko uniformea zeraman, primeran doitua, Rainbow Division izenekoaren intsigniez apaindua eta xingolez eta galoiz hornitua. Ispiluaren argiak zilarrezko isladak isurtzen zituen haren azpantarren bi aztaletan. Eztarria garbitu zuen, bere buruari goitik behera behatzen zion bitartean. Zibilez jantzitako gizon gazte bat atzetik hurbildu zitzaion.

        — Epa James, txukun-txukun utzi zaituzte.

        — Hala da... Ez al zaizu arau ergela iruditzen guri Sam Browne gerrikoak erabiltzen ez uztea? Uniformea guztiz alferrik galtzea da.

        — Nire aldetik, nahi badute, har ditzatela euren Sam Browne gerriko guztiak eta Jeneral Gorenari ipurtzulotik sartu... Ni zibila naiz.

        — Zu oraindik erreserbako ofiziala zara, ez ahaztu hori.

        — Nire aldetik, nahi badute, har dezatela euren erreserba eta pikotara bidali. Goazen trago bat jotzera.

        — Familia ikustera joan beharra daukat.

        Berrogeita Bigarren Kalera iritsiak ziren.

        — Tira, laster arte, James, kriston mozkorra harrapatzera noa... Pentsa, askatasuna!

        — Laster arte, Jerry, ez egin nik egingo ez nukeen ezer.

        Merivalek sartalderantz jo zuen Berrogeita Bigarren Kalean zehar. Artean banderak ikus zitezkeen, batzuk leihoetatik dilindan, beste batzuk nagiki ari ziren dantzan hagetan, iraileko haize gozoaren altzoan. Aurrera zihoala, denden erakusleiho gardenetatik begirik kendu ezinik zegoen: loreak, emakumeen galtzerdiak, bonboiak, alkandorak eta gorbatak, jantziak, koloretako ehunak; horri guztiari beha, ordea, aurpegi-multzo bat, hain zuzen ere, gizon-aurpegi bizarra kenduak eta ezpain gorriko eta sudur hautseztatuko emakume-aurpegiak. Hori dela eta, Merivale lotsagorritu eta aztoratu egin zen. Asaldaturik metroan sartu zen. «Begira horrek zenbat galoi dituen. DSCa da», entzun zion neska bati beste bati esaten ziola. Hirurogeita Hamabigarren Kalean jaitsi zen eta paparra harroturik aurrera egin zuen ibai alderantz, harri nabarrezko kale ezagunegian zehar.

        — Zer moduz, Merivale kapitaina? —esan zuen igogailuzainak.

 

 

        — Zer James, bukatu duzu azkenean? —egin zion oihu bere amak haren besoetara oldartuz.

        Marivalek baietz egin zuen buruaz eta musu eman zion. Beltzez jantzita, bere ama zurbila eta zimela zen. Maisie, hura ere beltzez jantzirik, haren atzetik agertu zen, garai eta masaila arrosadun.

        — Zoragarria da biok horren itxura ona izatea!

        — Bai, espero bezain ondo gaude. Maitea, oso gaizki pasa dugu... Orain zeu zara familiaburua, James.

        — Aita gizajoa... horrela hiltzea ere!

        — Horretatik libratu zinen zu... Milaka lagun hil ziren gaitz horrek jota, New Yorken bakarrik.

        Jamesek Maisie beso batetik estekatu zuen eta bere ama bestetik. Hirurak ere isil-isilik zeuden.

        — Bai —esan zuen Merivalek egongelarantz zihoala—, gerra handia izan zen iraun zuen bitartean.

        Amak eta arrebak orpoz orpo jarraitu zioten. Larruzko aulki batean eseri zen eta hankak luzatu zituen, bota distiratsuak agerian.

        — Zuek ez dakizue zein zoragarria den berriro etxean egotea.

        Mrs. Merivalek bere aulkia hurreratu zuen.

        — Orain maitea, kontaiguzu dena.

 

 

        Atariko ilunpean, sarbideko atearen aurrean, bortxaz heldu zion eta bere soinerantz erakarri zuen.

        — Ez, Bouy, ez; ez zaitez astakirtena izan.

        Gizonaren besoek, korapilodun sokak bailiran, bizkarra estutu zioten emakumeari. Horren ondorioz, belaunak dardarka hasi zitzaizkion. Gizonaren ahoa itsumustuan ari zen masaila batean, sudurraren azpian, emakumearen ahoaren xerka, irrikatsu. Ezin zuen arnasarik hartu, gizonaren ezpainek haren ezpainak milikatzen zituztelako.

        — Ezin dut hau jasan.

        Gizonak bere aldetik baztertu egin zuen. Emakumea haren esku handiek oratuta zegoen eta kolokan zihoan arnasestuka, hormarantz.

        — Ez duzu kezkatu behar —xuxurlatu zuen eztiki Bouyk.

        — Banoa, berandu da... Seietan jaiki beharra daukat.

        — Eta zein ordutan uste duzu jaiki behar dudala nik?

        — Eta amak harrapatzen banau?

        — Esaiozu pikotara joateko.

        — Egunen batean... zerbait okerragoa esango diot... bakean uzten ez banau.

        Emakumeak masailak estutu zizkion eta, musu azkar bat ahoan emanda, harengandik askatu eta lasterka lau pisu igo zituen, ugerrez betetako eskaileretan gora.

        Atea artean itxi gabe zegoen. Emakumeak dantza-zapatilak erantzi zituen eta kontu handiz sukaldea zeharkatu zuen, oinak minbera zituela. Ondoko gelatik zetorren osaba-izeben zurrunga nekoso bikoitza. Norbaitek maitatu egiten nau, ez dakit nork... Kanta gorputz osoan zehar zebilkion, batik bat oin dardaratsuetan eta bizkarrean, soinaren alde horretan eskua estutu baitzion gizonak, dantzan ari zirela. «Anna, ahaztu hori edo ez dun lo egiterik izango. Anna, ahaztu egin behar dun». Gosarirako platerek ikaragarrizko tintina egin zuten, emakumeak mahaiaren kontra talka egin zuenean.

        — Anna, zu zara? —esan zuen logaleak jotako ahots kexati batek bere amaren ohetik.

        — Ura edatera joan naiz, ama.

        Atsoak hortzen artean adiakatu zuen, eta, ohean bira egitean, malgukiek kirrinka egin zuten. Denbora osoan lo.

        Norbaitek maitatu egiten nau, ez dakit nork... Annak dantzarako soinekoa erantzi eta kamisoia jantzi zuen. Gero, oin-puntetan armairura joan zen soinekoa esekitzera eta, azkenean, izaren artean limurtu zen, amiñika-amiñika, oheko oholtxoek kirrinkarik egin ez zezaten. Ez dakit nork. Oinak herrestan, argi dirdaitsuak, aurpegi hanpatuak, beso oratzaileak, gihar teinkatuak, oinak jauzika. Ez dakit nork. Oinak herrestan, saxofoi petrala, oinak danborraren, tronboiaren, klarinetearen doinuei jarraiki. Oinak, izterrak, masailak masailekin. Norbaitek maitatu egiten nau... Oinaz herrestan, ez dakit nork.

 

 

        Ukabilak hertsirik, ume musugorria lo zegoen ohatzean. Ellen makurtuta zegoen larruzko maleta beltz bat zegoen aldera. Makutsik, Jimmy atakatik beha zegoen.

        — Hortxe dago Askatasunaren estatua... Ellie, bizkarrean egon beharko genuke.

        — Mendeak igaroko dira porturatu aurretik... Igo zeu. Segituan joango naiz ni Martinekin.

        — O, etorri orain; umearen gauza guztiak zorroan sartuko ditugu, portura atoian garamatzaten bitartean.

        Bizkarrera irten ziren iraileko arratsalde argitsuaren pean. Ura berde-anila zen. Haize zakarrak ke grisaren kiribilak eta kotoizko burbuilak behin eta berriro desegiten zituen, zeruaren ganga eskerga urdin-anilaren azpian. Zeruertz kedarreztatuaren kontra, gabarrak, baporeak, zentral elektrikoak, ontziraleku estaliak, zubiak. New Yorkeko alde hori kartoizko piramide luzanga arrosa eta zuria zen.

        — Ellie, Martin kanpora atera behar genuke, zerbait ikus dezan.

        — Orroka hasiko litzateke atoiontzi baten modura... Ondo dago dagoen lekuan.

        Soka batzuen azpitik igarotzeko makurtu, dibidieta kirrinkari baten ondotik limurtu eta brankara iritsi ziren.

        — Ene, Ellie, hauxe da munduko ikuskizunik ederrena!... Ez nuen uste sekula itzuliko nintzenik, eta zuk?

        — Nik beti izan dut hona itzultzeko asmoa.

        — Baina horrela ez.

        — Arrazoia duzu.

        — S'il vous plait, madame...

        Marinel batek atzerantz joateko esan zien. Ellenek aurpegia biratu zuen haizearen kontra, begietatik kobre-koloreko ile-xerloak kentze aldera.

        — C'est beau, n'est ce pas?

        Haizearen meneko, Ellenek irribarre egin zion marinelaren aurpegi gorriari.

        — J'aime mieux Le Havre... S'il vous plait, madame.

        — Tira, behera noa, Martin jantzi behar dut eta.

        Itsasontziaren albo batera gerturatzen ari zen atoiontziaren zalapartak ez zion utzi Jimmyren erantzuna entzuten. Ellen urrundu eta gelara jaitsi zen berriro.

        Pasabidearen bukaeran lauskituta zeuden jendetzaren artean.

        — Begira, maletazain bat etorri arte itxaron genezake —esan zuen Ellenek.

        — Ez, laztana, neronek eramango ditut maletak.

        Jimmy izerditan eta behaztopaka zihoan, maletak esku banatan eta fardelak besapean zeramatzala. Ellenen besoetan umeak urruma egiten zuen, besoak inguruko aurpegietarantz luze-luze eginda.

        — Ba al dakizu gauza bat? —esan zuen Jimmyk pasabidea zeharkatzen ari zirela—. Nahiago nuke berriro itsasoratu... Ez dut etxera itzultzeko bat ere gogorik.

        — Nik, ordea, bai...

        — Hortxe dago H...

        — Aurreratu egingo naiz... Frances eta Bob hemen ote dauden ikusi nahi dut. Kaixo...

        — Tira, ni ba...

        — Helena, gizendu egin zara, eder-ederra zaude. Eta Jimps?

        Jimmy eskuak igurtzitzen ari zen, maleta astunen heldulekuek minberaturik.

        — Ongi etorri, Herf!

        — Epa Frances!

        — Ez al da zoragarria?

        — A ze poza zuek ikustea!

        — Jimps, Brewoort-era azkar joan behar dut umearekin...

        — Ez al da xarmangarria?

        — Bost dolar ba al dituzu?

        — Dolar bat baino ez dut diru xehean. Ehun dolar txeketan ditut.

        — Nik diru asko daukat. Helena eta biok hotelera goaz eta zuek gero etortzea duzue ekipajearekin.

        — Inspektorea, axola al dizu umearekin joaten banaiz? Nire senarra arduratuko da baulez.

        — Ez noski, anderea! Tira, aurrera!

        — Ez al da polita? O, Frances, hau liluragarria da!

        — Aurrera, Bob. Nik azkarrago bukatuko dut bakarrik... Zu joan andereekin Brevoort-era.

        — Penagarria da zuk hemen geratu behar izatea.

        — Tira, zoazte... Ni ere laster joango naiz.

        — Mr. James Herf, emaztea eta haurra... Ondo dago?

        — Bai, ondo.

        — Laster izango naiz zurekin, Mr. Herf... Ekipaje guztia dago?

        — Bai, guztia.

        — Ez al da ona? —esan zuen kakaraka Frances-ek, bera eta Hildebrand autoan sartzen ari ziren bitartean, hantxe baitzen Ellen.

        — Nor?

        — Umea, noski.

        — O, behin baino gehiagotan ikusi beharko zenuke... Badirudi bidaiak gustuko dituela.

        Uniformerik gabeko gizon batek autoko atea ireki eta burua barruan sartu zuen, irtetera zihoazela.

        — Gure arnasak usain ona du? —galdetu zion Hildebrandek autoko gizonari.

        Egur-puska baten moduko burua zuen gizon hark atea itxi zuen.

        — Helenak oraindik ez daki debekuarena, ezta?

        — Ikaratu egin nau... Begira.

        — Arranopola!

        Umea biltzen zuen burusiaren azpitik paper marroizko fardel bat atera zuen...

        — Gure koñak bereziko bi litro... gout famille 'Erf... eta beste bat dakar termo batean, gerrian ezkutaturik... Horrexegatik ematen du beste ume bat izatekotan nagoela.

        Hildebrand-arrak barrez lehertu ziren.

        — Jimpsek gerrian termo bat du eta aldakan, berriz, chartreuse flasko bat... Litekeena da guk fidantza ordaindu behar izatea, kartzelatik atera dadin.

        Barrearen barreaz begietatik malko-errekastoak zerizkiela, autotik jaitsi ziren, hotelera iritsita. Igogailuan umea garrasika hasi zen.

        Gela handi eguzkitsuko atea itxi bezain laster, Ellenek termoa atera zuen jantziaren azpitik.

        — Aizu, Bob, deitu telefonoz izotz xehetu apur bat eta sifoi bat ekartzeko... Koñak bat edango dugu a l'eau de selz.

        — Ez al dugu Jimp heldu arte itxaron behar?

        — O, berehala izango da hemen... Ez dugu ezer deklaratzeko... Poltsikoak hustuegi ditugu... Frances, nola moldatzen zara esnea lortzeko New Yorken?

        — Nola jakin behar dut nik hori, Helena?

        Frances Hildebrand, guztiz lotsagorriturik, leihorantz abiatu zen.

        — Berdin dio. Berriro bere janaria emango diogu... Badirudi on egin diola bidaian.

        Ellenek umea ohean sartua zuen. Umeak oinak airean zerabiltzan, ingurura begira, kuartzozko isladadun bere begi biribilez.

        — Ez al dago pitin bat loditxo?

        — Hain osasuntsu dago, ezen ziur bainago erdi tentela dela... Ene Jainkoa! Eta nik aitari deitu behar diot... Familiaren bizitza ez al da desesperagarri zaila?

        Ellen bere alkohol-labetxoa apailatzen ari zen konketan.

        Mandatu-mutila barrura sartu zen, edontziak, izotz xehetuz betetako ontzi bat eta botila bat White Rock erretilu batean ekarriz.

        — Prestatu zerbait termokoarekin. Berehalaxe edan behar dugu, bestela alkoholak goma hondatuko du... Eta topa egingo dugu Café d'Harcourt-en alde.

        — Zuek, lagunok, noski, ez zarete konturatzen —esan zuen Hildebrandek— zein zaila den debekuarekin mozkorturik ez egotea.

        Ellenek barre egin zuen, labetxorantz makurtu zen, nikel beroak eta alkohol erreak isuritako etxeko usaina baitzerion.

 

 

        Jaka arina besapean, George Baldwin Madison Avenue-n gora zihoan. Bere izpiritu akitua udazkeneko ilunabarrean suspertzen ari zen. Arrastiri hartako gasolina-usainari eta taxi-hotsari gaina hartuta, Baldwinen begien aurrean bi abokatu ari ziren eztabaidan, zein bere espaloitik, biek ere frak beltza eta tximeleta-lepo zurrunak jantzirik. «Etxera joanez gero, gozo egongo haiz bibliotekan. Pisua ilun eta nare egongo duk eta zapatilak jantzirik eseri ahal izango haiz Eszipion Afrikarraren bustoaren azpian, larruzko besaulkian. Bertan irakurri ahal izango duk eta afaria ekartzeko agindu... Nevada alai eta berritsu egongo duk eta pasadizo bitxiak kontatuko dizkik... Udaleko txutxumutxu guztiak jakingo ditik... komeni duk... Baina hik ez duk Nevada berriro ikusiko... arriskutsuegia duk; heure onetik ateratzen hau... Eta hantxe egongo duk Cecily, hits, dotore, lerden, bere ezpainei ausikika, ni gorrotatzen, bizitza gorrotatzen... Ene Jainkoa, nola zuzenduko ote dut neure existentzia?». Loradenda baten aurrean gelditu zen. Atetik lurrin heze, gozo, garestia zetorren eta trinko hedatzen zen kale urdin bizian zehar. «Neure egoera finantziarioa finkatzea lortuko banu sikiera...». Erakusleihoan ageri zen zubi arkudunak eta urmaelak zituen lorategi japoniar baten miniatura. Urmaelotan, arrain urreztatuek baleak bezain handiak ziruditen. «Neurria, horixe duk. Heure bizitza lorazain baten antzera antolatzea, goldatzea, ereitea. Ez, gaur goizean ez nauk Nevada ikustera joango. Agian lore batzuk bidaliko zizkioat, hala ere. Arrosa horiak, kobrezko arrosa horiek... Elainen eskuetara iritsi beharko lituzkek. Pentsa, berriro ezkonduta eta haur batekin». Dendan sartu zen.

        — Zein arrosa-mota dira hauek?

        — Ofir-eko urrea, jauna.

        — Oso ondo, bi dozena nahi ditut lehenbailehen Brevoort-erako... Miss Elaine... Ez, Mr. eta Mrs. James Herf... Txartel bat idatziko dizut.

        Idazmahai aurrean eseri zen boligrafo bat eskuan zuela. «Arrosen intsentsua, Ellenen ilearen su ilunaren intsentsua. Ez, Jainkoarren, a ze txorakeria!»

 

        Elaine maitea:

        Espero dut ez zaizula gaizki irudituko lagun zahar hau zuri eta zure senarrari bisita egitera joaten bada hauetako egunen batean. Eta, mesedez, gogoan izan beti laguntzeko benetan irrikatsu naukazuela —zuk ondoegi ezagutzen nauzu esaldi hau gizalegezko eskaintza bat besterik ez dela pentsatzeko—, bai zuk bai berak, neure esku dagoen guztia egingo baitut zuen zoriontasunaren alde. Barkatuko didazu bizitza osoan zure morroi eta mireslea izango nauzula aitortzen badizut.

George Baldwin

 

        Gutunak lore-saltzailearen hiru txartel zuri hartu zituen. Ezpainak zimurturik, Baldwinek berriro irakurri zuen, t-ak kontu handiz gurutzatu eta i-en gainean puntua ezartzen zuen bitartean. Atzeko poltsikotik billete-erroilu bat atera zuen eta lore-saltzaileari ordaindu egin zion. Gero, kalera irten zen berriro. Gaua zen, zazpiak aldera. Artean duda-mudan, kale-kantoian gelditu egin zen handik igarotzen ziren taxi hori, gorri, berde, laranjei begira.

 

 

        Garraiontzi zapal bat astiro-astiro zihoan Narrows-en zehar, euripean. Bizkarreko kamaretan aterpeturik, O'Keefe sarjentu nagusia eta Dutch Robertson lehen mailako soldadua berrogeialdian ainguratutako ontziei eta ontziralekuz jositako itsasbazterrei begira zeuden.

        — Begira, batzuek oraindik gerra-garaiko pintura zaukatek... Shipping Board itsasontziak... Ez ditek merezi ezta eurak lehertzeko behar den bolbora ere.

        — Ez horixe! —esan zuen Joey O'Keefek indarge.

        — Gure betiko New York paradisua irudituko zaidak, alajaina!

        — Niri ere bai, sarjen, euria egin ala ez, niri bost.

        Bat eginik ainguratuta zegoen bapore-pilo baten ondotik igarotzen ari ziren. Ontzi batzuk alde batera okerturik zeuden, besteak bestera, tximinia txikiko ontzi luzengak, ugerrez gorriztutako tximinia handiko ontzi potoloak, batzuk marratuak edo puntuztatuak edo urdinez, berdez, arrez, kamuflaje-kolorez zipriztinduak. Txalupa motoredun batean, gizon bat besoak astintzen ari zen. Praka kakiak jantzirik, soldadu batzuk kantuan hasi ziren, garraiontziaren bizkar grisean bil-bil eginda:

 

                O, infanteria, infanteria,

                belarrien atzeko zikinkeria...

 

        Laino argitsuan zehar, Governors Island-eko eraikin txikien atzean, Brooklyn-go zubiaren pilare handiak, kable okertuak eta aireko mihiztadurak ikustatu zituzten. Robertsonek pakete bat poltsikotik atera eta kareletik behera bota zuen.

        — Zer zen hori?

        — Nire profilaxi botikina... Hemendik aurrera ez diat horren beharrik izango.

        — Nolatan ba?

        — Zera egin nahi diat: zintzo bizi, lanpostu ona lortu eta agian ezkondu.

        — Ez duk ideia txarra. Ni ere nekatuta nagok tontakeriak egiteaz. Baten batek etekin ederrak aterako zizkiek Shipping Board ontziei.

        — Hor izugarrizko mauka zaukaatek urteko dolar batengatik armadan sartzen direnek.

        — Bai, horixe.

        Goitik zetorren kantu hau:

 

                Emakumeak fabrika batean egiten du lan

                eta hori oso ondo egon daiteke...

 

        — Hara, orain East River-en gora igotzen ari gaituk, sarjen! Non arraio porturatu behar gaituzte?

        — Ene Jainkoa, gustura joango nindukek igerian itsasbazterrera! Morroi horiek guztiak gure kontura aberastu direla pentsatzen dudan bakoitzean... Hamar dolarreko soldata egunean ontziola batean lan egiteagatik, pentsa...

        — Zer arraio, sarjen, guk esperientzia diagu!

        — Esperientzia...

 

                Après la guerra finie

                Back to the States for me...

 

        — Apustu egingo nikek kapitaina beaucoup highballs-ak edaten egon dela eta Brooklyn hartzen duela Hoboken delakoan.

        — Tira, hortxe zagok Wall Street.

        Brooklyn-go zubiaren azpitik igaro ziren. Tren elektrikoen auhen burrunbatsua aditu zen euren buru gainean. Aldian behin errail bustiei txinparta more bat zerien. Atzean, lurrin eta laino tarratada zuriz marraturik, eraikin gris eta garaiek gorantz egiten zuten hodei erorien artetik, itsasontziez, atoiontziez eta ferryez haraindi.

 

 

        Inork ez zuen ezer esan zopa hartzen ari ziren bitartean. Beltzez jantzirik, Mrs. Merivale mahai obalatuaren buruan eserita zegoen, gortina erdi zabalduetan zehar, egongelako leihotik, ke zurizko zutabe bati so, tren-nasen gainean eguzkiaren inguruan kiribiltzen zela. Anartean, senarra zuen buruan, bai eta igeltsu eta pintura usaineko pisua ikustera joan zireneko eguna ere. Azkenean, zopa bukatzeaz batera, zolitu eta esan zuen:

        — Zera, Jimmy, kazetari-lanetara itzultzeko asmoa duzu?

        — Baietz uste dut.

        — Jamesi hiru lanpostu eskaini dizkiote. Aparta iruditzen zait.

        — Uste dut, hala ere, komandatearen eskaintza onartuko dudala —esan zion James Merivalek Elleni, ondoan baitzuen—. Goodyear komandantea, Buffalo-ko Goodyear-tar horietako bat, lehengusina Helena... Banker's Trust-eko Atzerriko Moneta Departamentuburua da... Berak dioenez, azkar asko igoko nau mailaz. Europan adiskidetu ginen.

        — Zoragarria litzateke —esan zuen Maisiek urruma-ahotsaz—, ezta, Jimmy?

        Maisie, beltzez jantzirik, lirain eta musugorri, haren atzean eserita zegoen.

        — Ni Piping Rock-en aurkezteko asmoa du Goodyear-ek —jarraitu zuen Merivalek.

        — Zer da hori?

        — Baina, Jimmy, ez dakizu ala?... Ziur nago lehengusina Helenak han askotan hartu duela tea.

        — Jimps, leku hori ezagutzen duzu —esan zuen Ellenek bere platerari begira—. Haraxe joaten zen Stan Emeryren aita igandero.

        — Ene, zuk ezagutzen al zenuen gizon gazte zoritxarreko hura? Ikaragarria izan zen —esan zuen Mrs. Merivalek—. Azken urteotan hamaika gauza ikaragarri gertatu dira... Ia-ia ahaztuta neukan.

        — Bai, ezagutzen nuen —esan zuen Ellenek.

        Bildots-hanka etorri zen berenjena frijituez, arto berriaz eta patatez horniturik.

        — Ikaragarria iruditzen zait —esan zuen Mrs. Merivalek haragia zatikatzen ari zela— bikote honek ezer kontatu nahi ez izatea munduan zehar izandako abenturei buruz... Horietako asko oso interesgarriak izango dira. Jimmy, nik uste liburu bat idatzi beharko zenukeela zure esperientziei buruz.

        — Horretan saiatu naiz zenbait artikuluren bidez.

        — Noiz argitaratuko dira?

        — Inork ez ditu zabaldu nahi... Zera ba... Haien ustez, zenbait gaitan nire iritziak ez dira batere egokiak.

        — Mrs. Merivale, urteak dira hain patata gozorik jaten ez nuela. Ñame-zaporea dute.

        — Oso onak daude... Prestaera da gakoa.

        — Bai, gerra handia izan zen iraun zuen bitartean —esan zuen Merivalek.

        — Non zeunden zu armistizioko gauean, Jimmy?

        — Jerusalem-en, Gurutze Gorriarekin. Ez al da aldrebesa?

        — Ni Parisen nengoen.

        — Ni ere bai —esan zuen Ellenek.

        — Hortaz, zu ere han zeunden, Helena? Azkenean, Helena deituko dizut, beraz, ondo asko oraintxe bertan has ninteke horretan. Ez al da interesgarria? Han ezagutu al zenuten elkar Jimmyk eta zuk?

        — O, ez, gu aspaldiko lagunak ginen... Askotan gertatzen ginen elkarrekin... Gurutze Gorriko departamentu berean geunden, Publizitate Departamentuan.

        — Gerra-garaiko benetako amodio bat —esan zuen kantari-antzean Mrs. Merivalek—. Ez al da interesgarria?

 

 

        — Begira, lagunok, kontua zera da —esan zuen goraki Joe O'Keefek, aurpegia gorri eta izerditan blai zuela—: hobarien kontu hori aurrera aterako dugu ala ez? Guk euren alde egiten dugu borroka. Buru karratuei irabazi genien, ezta? Eta orain etxera itzulita, hezur bat ematen digute hortzikatzeko. Lanik ez... Gure neskak desagertu eta beste batzuekin ezkondu dira... Zirtzil edo alfer talde bat bagina bezala tratatzen gaituzte, guri dagokigun bidezko eta legezko ordaina eskatzen dugunean... Jasango al dugu hau? Ez. Onartuko al dugu politikari-andana batek ate ondoan limosna eske bageunde bezala trata gaitzan? Horixe galdetzen dizuet, lagunok.

        Oinak zoruaren kontra ostikoka.

        — Ez.

        — Doazela pikotara —esan zuten garrasika zenbait ahotsek.

        — Orain nik diot: politikariak pikotara... Herriari kanpainaren berri emango diogu... Herri amerikar handi honi, bihotz on eta zabaleko honi, horren alde borrokatu baikinen, horren alde eman baikenituen geure odola eta geure bizitzak.

        Armategiko gela luzeak durundi egin zuen txaloekin. Lehenengo ilaran zaurituek lurraren kontra jotzen zuten euren makuluez.

        — Joey morroi jatorra da —esan zion besamotz batek bere aldameneko gizon betoker hanka artifizialdunari.

        — Hala da, Buddy.

        Ilaran ateratzen ari zirela, elkarri zigarroak eskaintzen zizkioten; bizkitartean, ate ondoko gizon batek garrasi egin zuen: «Batzordearen bilera. Hobariei buruzko bilera».

        Laurak eseri egin ziren koronelak utzia zien gelako mahai baten inguruan.

        — Tira, lagunok, erre dezagun puru bana.

        Joe mahai gainera oldartu zen eta lau Romeo y Julieta atera zituen.

        — Ez dik sekula horien falta nabarituko.

        — Bai beso luzeak dituala! —esan zuen Sid Garnett-ek hankak luzatuta.

        — Ez duk, ba, botila bat whisky izango hor nonbait, Joey? —esan zuen Bill Douganek.

        — Ez, orain ez diat edaten.

        — Nik bazakiat non saltzen duten Haig and Haig —tartekatu zuen Segal-ek ausarki—, gerraren aurretik egina, sei dolar litroa.

        — Eta nondik arraio atera behar ditugu sei dolar?

        — Tira, tira, lagunok —esan zuen Joek mahai ertzean esertzen ari zela—, goazemak harira... Taldeko lagunon artean eta ahal dugun lekuan fondo bat sortu behar diagu... Ados zaudete?

        — Jakina —esan zuen Dougan-ek.

        — Nik jende piloa ezagutzen diat, gurekin bidegabeki jotzen ari dela uste duena. Honela deituko zioagu: Brooklyn Bonus Agitation Commitee, American Legion-eko Sheamus O'Rielly Post elkartekoekin bat egindakoak... Alferrik duk ezer egitea, zuzen egiten ez bada... Ados zaudete ala ez, mutilok?

        — Bai, noski, Joe... Hik esan eurei eta geuk ezarriko zioagu erritmoa.

        — Ondo. Douganek izan behar dik lehendakaria, berak duelako inork baino itxura hobea.

        Dougan gorritu eta totelka hasi zen.

        — Aizak, hondartzako Apolo hori! —egin zuen oihu Garnettek, isekari.

        — Eta nik uste diat ni neu diruzain ona izan naitekeela, horretan praktika handia dudalako.

        — Lapurtzea zer den ondotxo dakialako, hain zuzen —esan zuen Segalek bere artean.

        Joek masailezurra kanporantz atera zuen.

        — Begira, Segal, gurekin hago ala ez? Hobe duk lehenbailehen esatea.

        — Bai noski. Utzi lelokeriak —esan zuen Douganek—. Joeyk aurrera atera zezakek kontua eta hik ondotxo dakik hori... Utzi lelokeriak... Gustatzen ez bazaik, ospa egin.

        Segalek bere sudur argal eta kakoduna igurtzi zuen.

        — Jaunok, txantetan ari ninduan, ez diat asmo txarrez esan.

        — Entzun —jarraitu zuen Joek haserre—, zertan uste duk ematen dudala nik denbora?... Zergatik ez nituen atzo onartu hamar dolar hilean? Horrela duk, ezta Sid? Morroiarekin hitz egiten ikusi ninduan.

        — Bai, ikusi hintudan, Joey.

        — Aski duk, mutilok, ixo! —esan zuen Segalek—. Txantxetan ari ninduan, ez besterik.

        — Ondo. Nire ustez, hik, Segal, idazkaria izan behar huke, bulego-lanak ezagutzen ditualako...

        — Bulego-lanak?

        — Bai noski —esan zuen bularraldea puztuz—. Lagun baten etxean izango diagu lekurik... Dena konponduta zagok. Dohainik utziko ziguk, kontua bideratu arte. Eta paper zigilatua izango diagu. Mundu honetan ezin duk inora joan, gauzak ganoraz aurkeztu gabe.

        — Eta nik zer arraio egingo dut? —galdetu zuen Sid Garnettek.

        — Hi batzordeburua haiz, kankailu hori.

        Mitinaren ondoren Joe O'Keefe txistuka jaitsi zen Atlantic Avenue-n behera. Gau kraskatsu batean, malguki gainean zebilela zirudien. Dr. Gordon-en bulegoan argia zegoen. Deitu egin zuen. Jaka zuriko gizon musu zuri batek ireki zion atea.

        — Gau on, doktore.

        — A, zu zara O'Keefe? Sartu, sartu barrura, mutil.

        Doktorearen ahotsaren baitako zerbait haren bizkarrezurrean itsatsi zitzaion, esku bat bailitzan.

        — Zer, atera dira analisiaren emaitzak, doktore?

        — Bai, atera dira... positiboa eman duzu.

        — Arraioa!

        — Ez zaitez estutu horregatik, mutil. Hilabete gutxitan sendatuko zaitugu.

        — Hilabeteak.

        — Gutxienez kalean ikusten duzun jendearen ehuneko berrogeita hamabostak badu sifiliaren arrastoren bat.

        — Bada, ni ez naiz lelokerietan ibili. Beti kontu handiz ibili naiz han.

        — Halabeharrezkoa gerra-garaian...

        — Orain damu dut neure buruari eutsi izana... Hamaika aukera alferrik galdu ditut.

        Doktoreak barre egin zuen.

        — Seguru asko sintomarik ere ez duzu nabarituko... Injekzio-kontua besterik ez da... Segituan sagar baten tankeran utziko zaitut, osasunez betea... Nahi duzu ziztada bat hartu orain? Dena prest daukat.

        O'Keeferi eskuak hoztu zitzaizkion.

        — Tira, aurrera —esan zuen barre behartu bat eginez—. Alta ematen didazunerako, seguruenik termometro madarikatu bat izango naiz.

        Doktoreak barre kirrinkari bat egin zuen.

        — Artsenikoz eta merkurioz betea, e?... Horixe da.

        Haizea gero eta hotzagoa zen. Hortzak karraskatu egiten zitzaizkion. Gau hotz eta latz hartan, etxera oinez zihoan. «Ni bai leloa! Ziztatu nauenean horrela ondoeztea ere!». Artean sentitzen zuen orratzaren eztenkada mingarria. «Hurrengo batean, zortea alde izan behar diat... zortea alde izan behar diat».

 

 

        Leihoaren ondoko mahai baten inguruan hiru gizon eserita zeuden: horietatik bi sendoak ziren eta bestea argala. Zinkezko zeruaren argiak isla biziak erauzten zituen edontzitetatik, zilarrezko baxeratik, ostren maskorretatik eta begietatik. George Baldwin leihoari bizkarra ematen zegoen. Gus McNiel zeukan eskuinean eta Densch ezkerrean. Zerbitzaria maskor hutsak jasotzeko makurtu zenean, leihotik eraikin gutxi batzuen goialdea eta eztainu koloreko portuaren ingurumariak itsasontziz beterik ikusi zituen. Eraikinok itsaslabarren ertzeko zuhaitzen modura gailentzen ziren.

        — Oraingoan neuk botako diat neure sermoia, George... Izan ere, beste garai batean heuk botatzen hidan sermoia. Benetan esaten diat, sekulako txorakeria duk —esan zuen Gus McNielek—. Sekulako txorakeria duk hire adinean karrera politikoa egiteko aukera alferrik galtzea. Ez zagok New Yorken hi baino egokiagorik kargu publikoren bat hartzeko.

        — Nire ustez, zure betebeharra da, Baldwin —esan zuen Densch-ek ahots sakonaz, betaurrekoak kutxa batetik atera eta sudur gainean azkar ezartzen zituen bitartean.

        Zerbitzariak plantxan eginiko xerra handi bat eraman zuen, perretxikoz, azenario xehatuz, ilarrez eta patata-purez osatutako guarnizio batez hornitua. Denschek betaurrekoak aztertu eta arreta handiz begiratu zion xerrari.

        — Oso itxura ederra du honek, Ben, oso itxura ederra, diot... Begira, Baldwin, kontua hauxe da... honela ikusten dut nik... Herria berreraikuntza-aldi arriskutsu batean dago... gatazka handi baten ondoko ohiko giro nahasia... kontinente baten porrot ekonomikoa... boltxebikismoa eta doktrina iraultzaileak gorantz doaz... Amerika... —esan zuen altzairu leunduzko aizto batez ondo piperraustutako xerra lodi eta gutxi egindako hura ebakitzen zuen bitartean. Mokadu bat astiro murtxikatzen ari zen—. Amerika —jarraitu zuen— munduaren zaindaria izateko moduan dago. Demokraziaren oinarri sakratuak, gure zibilizazio osoak zutabetzat duen merkataritza-askatasun horren oinarri sakratuak ez dira sekula honelako egoera larri batean egon. Orain inoiz baino gehiago behar ditugu trebetasun eta zintzotasun handiko gizonak, batez ere kargu publikoetan jarduteko gai judizial eta legaletan adituak badira.

        — Horixe esan nahi nian lehengoan, George.

        — Hori dena oso ondo zagok, Gus; baina nola dakik hautatuko nautela?... Gainera, horrek ekarriko likek nire abokatu-lana bertan behera uztea, horrek ekarriko likek...

        — Utzi niri... George, hi dagoeneko hautaturik hago.

        — Xerra aparta —esan zuen Denschek—. Inolako dudarik gabe... Baina egunkarietako txutxumutxuak alde batera utzita... iturri onetik dakit herri honetako jendilajea konplot bat prestatzen ari dela... Ene Jainkoa! Ez ahaztu Wall Street-eko lehergailuarena... Esan behar dut prentsaren jarrera nolabait egokia izan dela... Izan ere, batasun nazional baterantz goaz, gerra baino lehen inori bururatu ezin zitzaiona.

        — Gainera, George —sartu zen tartean Gus—, gauza honela ikusi beharra zagok... Hire karrera politikoak harrotuko duen publizitateak hire abokatu-lanari on egingo ziok.

        — Agian bai, agian ez, Gus.

        Denschek puru baten eztainu-paperezko estalkia zabaldu zuen.

        — Nolanahi ere, aukera handia da.

        Denschek betaurrekoak kendu eta lepo sendoa luzatu zuen portuaren irudi argitsua begizteko. Handik argiro ikusten zen mastez, kez, lurrinezko burbuilez, gabarra ilun angeluzuzenez beteriko portutik Staten Island-eko muino lanbrotsura bitarteko paisajea.

 

 

        Hodei-maluta dirdaitsuak Battery gainera erortzen ari ziren, zeru more baten ezkaten gisan; bertan, jendetza zikina, iluna eta isila zerbaiten zain zegoen, Ellis Island-eko ontziralekuaren eta txalupen nasen aldirietan. Ke zirpiltsuak atoiontzien eta baporeen atzealdeari itsatsita egiten zuen hegaz, oso behean, ur opako eta berdekaran zehar arrastaka. Atoian eramanik, hiru mastako goleta bat jaisten ari zen North River-en zehar. Jaso berri zuten foke bat baldarki higitzen ari zen haizeak bultzaturik. Portuaren azken muturrean, aurrerantz zihoan bapore bat gero eta handiago ikusten zen: krema koloreko gainegitura distiratsu bat zuen eta, horren guztiaren gainean, lau tximinia gorri baturik ageri ziren, nabarmen.

        — Mauretania ontzia hogeita lau ordu berandu dator... —esan zuen goraki betaurrekoak eta teleskopioa zituen gizonak—. Horra hor Mauretania, ozeanoko galgorik azkarrena, hogeita lau ordu berandu.

        Etxeorratza bezain zut, Mauretania handios sartu zen kaian. Eguzki-izpi batek aginte-zubiaren azpiko itzala nabermentzen zuen, goiko bizkarretako zerrenda luzeetan zehar, ataka-ilaretan izarniatuz. Tximiniak bereizi egin ziren; kroskoa, berriz, luzatu. Atoiontziak arnasestuka bultzaturik, Mauretaniako krosko beltzak North River ebakitzen zuen, aizto luze bat bailitzan.

        Ferry bat emigratzaile-geltokitik aldentzen ari zen. Marmar bat zabaldu zen ontziralekuaren ertzetan pilatuta zegoen jendetzaren ahotan. «Deportatuak... Hauexek dira Justizia Sailak deportatu dituen gorriak... Deportatuak... Gorriak... Horiexek dira deportatzen ari direnak». Ferrya ontziralekutik aldenduz zihoan. Popan zutik, berunezko soldadu txikien moduko gizon-talde bat zegoen. «Gorriak Errusiara bidaltzen ari dira bueltan». Ferryan musuzapi bat dantzan, musuzapi gorri bat. Jendea behatz-puntetan zebilen ontziralekuaren ertzean, behatz-puntetan eta isilik, gaixo baten gelan bezala.

        Urbazterrean pilatutako gizon-emakumeen bizkarren atzean, poliziak aurrera eta atzera zebiltzan, porrak kulunkari, euren gorila-aurpegiak eta txinpantze-sorbaldak erakutsiz.

        — Gorriak Errusiara bidaltzen ari dira bueltan... Deportatuak... Iraultzaileak... Jendaila.

        Antxetak jira eta bira zebiltzan, uluka. Tomate-saltsa botila bat beira xehatuzko uhinen gainean zabukatzen zen, batetik bestera. Ferrytik, urrundu ahala gero eta adigaitzago zen kanta bat zetorren.

 

                C'est la lutte final, groupons-nous et demain

                L'Internationale sera la genre humain.

 

        — Begiratu deportatuei!... Begiratu atzerriko jendaila horri! —egin zuen oihu teleskopioa eta betaurrekoak zituen gizonak.

        Halako batean neska baten ahotsak deiadar egin zuen:

 

                Arise, prisioners of starvation.

 

        — Ixo... agian horregatik sartuko zaituzte kaiolan.

        Kanta uretan aienatzen zen. Marmolezko lorratz baten bukaeran, ferrya lainoan desagertu zen. International shall be the human race. Kanta hil egin zen. Ibaiaren goialdetik, itsasoratzen ari zen bapore baten taupaden hotsa iristen zen. Antxetak jira eta bira zebiltzan jendetza ilun, zikin eta zirtzilaren gainetik, hantxe baitzegoen, isilik, badiara begira.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia