Zortzigarren atala

Beste ibai bat Jordan-era

baino lehen

 

Bigarren Etorbideak Houston Street-ekin bat egiten duen kale-kantoian, Cosmopolitan kafetegiaren aurrean, gizon bat garrasika ari zen sasitribuna batetik: «... gizon horiek, soldataren esklabo horiek, ni halakoxea izan nintzen garai batean, ...ez dizuete arnasarik hartzen uzten... ogia ahotik kentzen dizuete. Non daude bulebarrean zehar joan-etorrika ibili ohi ziren neska politak? Zoazte haien bila kabaret dotoreetara... Zanpatuta gaude lagunok, langileok, esklabook esan beharko nuke... Lana kentzen digute, idealak eta emakumeak ere bai... Plaza hotelak eta aberatsentzako klubak eraikitzen dituzte, baita milioika dolar balio duten antzokiak eta gerraontziak ere, eta zer uzten digute?... Tuberkulosia, errakitismoa eta zakar-potez betetako kale zikin pilo bat uzten dizkigute... Zurbil zaudete, lagunok... Odola behar duzue... Zergatik ez duzue odol apur bat sartzen zainetan?... Han, Errusian, pobreak... ez dira gu baino askoz pobreago... eta banpiroengan sinesten dute, hau da, odola zupatzen dizueten animalia horiengan... Horixe duzue kapitalismoa, odola gau eta egun zupatzen dizuen banpiroa».

Elurra hasi zuen. Elur-maluten ertzek ñir-ñir egiten zuten farolen ondotik pasatzean. Kanpoaldetik ikusita, Cosmopolitan kafetegiak akuario lohitsua zirudien: bertan, kea opalo-antzeko kiribil urdin eta berdeetan igotzen zen eta mahaien inguruan aurpegi hitsak ez ziren geldirik egoten, gaizki sailkatutako arrainak bailiran. Aterkiak sortaka hasten ziren batzen, elurrez zipriztindutako kalean zehar. Hizlariak lepoa jaso zuen eta azkar ibiltzeari ekin zion Houstonen gaindi. Ahaleginetan ari zen lokatzez betetako sasitribunak prakak zikindu ez ziezaizkion.

 

        Aurpegiak, kapelak, eskuak eta egunkariak han-hemenka zebiltzan metro kirastu zalapartatsuan, artoa zartaginean bezala. Espresoa orroka igaro zen, argi horiz blai. Bazirudien leihoak pilatu egiten zirela, harik eta, ezkaten antzera, elkarren gainean teilakatu ziren arte.

        — Begira, George —esan zion Sandbournek George Baldwini, ondoan baitzuen, sabaiko helduleku batetik oraturik—, Fitzgerald-en legea ikus dezakek.

        — Azkenean, ehorztetxe baten barrualdea ikusiko diat, metro honetatik azkar irteten ez banaiz.

        — Horixe komeni zaizue zuei, plutokratei, noizean behin ikustea nola bidaiatzen duten gainerakoek... Agian, hori ikusita, Tammany Hall-eko hire laguntxoei iradokiko diek liskarrak alde batera utzi eta, guri, soldatapeko esklabooi, garraiobide hobeak eman diezazkiguten... Arraioa! Gauza bat baino gehiago esango niekek nik... Nire ideia Bosgarren Etorbide azpiko nasa amaigabe mugikorren sorta bat duk.

        — Hori erietxean hengoela egosi huen, ezta Phil?

        — Gauza asko egosi nitian erietxean.

        — Begira, Grand Central-era irten eta hortik oinez joango gaituk. Ezin diat hau jasan... Ez nagok ohituta.

        — Goazemak... Elsie-ri telefonoz deituko zioat afaltzera apur bat berandu iritsiko naizela esateko... Azkenaldi honetan gutxitan ikusten haut, George... Lehengo garaietan ez bezala.

        Metro-bagoitik bultzaka irten ziren, gizon-emakumeen, besoen, hanken, garondo izerditsuen eta kapela okertuen anabesean murgilduta. Gero, Lexington Avenue-tik igaro ziren; han lasaitasuna zen nagusi, arrastiriaren ardo gorriaren koloreko ganduan murgildua.

        — Baina Phil, nola arraio moldatu ote hintzen kamioi baten azpian horrela sartzeko?

        — Ez zakiat, George, benetan... Gogoan dudan azken gauza duk lepoa okertu nuela taxi batean zihoan neska eder-eder bati begiratzeko. Gero, erietxean suertatu ninduan teontziko ur izoztua edaten.

        — Lotsagarria hire adinean, Phil.

        — Bazakiat, kaka zaharra. Baina ni ez nauk bakarra.

        — Bitxia duk bati halako gauzak gertatzea... Aizak, zer entzun duk nitaz?

        — George, egon lasai... The Zinnia Girl-en ikusi diat. Berak guztia egiten dik. Beste neskak, alegia, aktore izarrak, ez dik paperik.

        — Begira, Phil, Miss Oglethorperi buruz txumutxurik entzuten baduk, mesedez, Jainkoarren, ez egin kasurik. Ergelkeria handia duk inor emakume batekin tea hartzera joanez gero, jende guztia marmarka hastea... Ez diat iskanbilarik nahi, Jainko maitea! Berdin zaidak zer gertatzen den.

        — Aizak, lasai egon, George.

        — Une honetan nire lan-egoera ez duk oso samurra... Gainera, Cecily eta biok azkenean modus vivendi bat lortu diagu... Eta ez diat dena alferrik galdu nahi.

        Isilik jarraitu zuten aurrera.

        Sandbourne kapela eskuetan zuela zebilen. Ilea kasik zuria zuen, baina betileak artean beltzak eta sarriak zituen. Une oro aldatzen zuen urratsen luze-laburra, ibiltzean mina hartuko balu bezala. Eztarria garbitu zuen.

        — George, lehenago galdetu didak ezer egosi ote nuen erietxean... Gogoan duk duela zenbait urte Specker zaharrak zeramikazko baldosa beiratuez hitz egin ohi zuela? Bada, nik Hollis-en lan egin diat Speckerren formula erabiliz... Lagun batek zeramika egosteko labea dik, bi mila gradukoa. Nire ustez, ondo asko saltzeko modukoa duk... Honek, gizona, iraultza ekarriko liokek industriari. Zementuarekin nahasita, arkitektoak askoz ere material gehiago izango ditik eskura. Edozein kolore, neurri edo itxuratako baldosak egin genitzakek. Pentsa nolakoa izango zen hiri hau, eraikin guztiak gris zikin kolorekoak izan ordez kolore biziez apainduta baleude. Zer irudituko litzaiake etxeorratzei erlaitzen inguruan zerrenda gorriminak ezarriko balitzaizkie? Koloretako baldosek guztiz irauliko ditek hiri honen bizimodua... Lehengo ordenetara edo molde gotiko edo erromanikoetara itzuli beharrean badiagu eredu berriak garatzea, kolore berriak, diseinu berriak. Hirian kolore apur bat balego, bizimodu gogor eta zurrun hau bertan behera eroriko lukek... Maitasun gehiago izango genikek eta dibortzio gutxiago.

        Baldwinek barre-algara bat egin zuen.

        — Beste egun batean hitz egingo diagu horretaz, Phil... Egunen batean etxera etorri behar duk afaltzera, Cecily bertan dagoen egunen batean, eta dena kontatuko diguk. Ezin al lezake Parkhurst-ek ezer egin?

        — Ez niokek utziko kontu honetan sartzen. Ideia bere egingo likek eta formulaz jabetu bezain laster, bertan behera utziko nindikek. Ez niokek nickel faltsu bat ere utziko.

        — Zergatik ez da hire bazkide egiten, Phil?

        — Nolanahi ere, eduki nahi nauen lekuan naukak... Bazakik neronek egiten dudala bere bulego madarikatuko lan guztia. Gainera, bazakik ni egoskorregia naizela jende gehienarekin harremanetan jarduteko. Morroia ez duk tentela.

        — Hala ere, niri iritziz, bazkidetze kontu hori kontuan hartu beharko huke.

        — Nahi nauen lekuan naukak eta bazakik hori, hortaz, nik lanean segitzen diat, bera diruz usteltzen den bitartean... Logikoa iruditzen zaidak. Diru gehiago izango banu, gastatu egingo nikek. Ezin zioat aurre egin.

        — Baina gizona, begira, hi ez haiz ni baino askoz ere zaharragoa... Hik oraindik karrera bat duk aurretik.

        — Bai, bederatzi ordu egunean delineatzen... Ene, hi nire bazkide egingo bahintz baldosen negozio honetarako!

        Baldwin kale-kantoian gelditu zen eta zaplada bat jo zuen bere maletan.

        — Badakik, Phil, ahal izanez gero, atsegin handiz lagunduko niakeela, baina oraintxe bertan nire egoera finantzarioa oso-oso zaila duk. Ziurtasun gutxiko nahaspila batean sartu nauk eta batek zakik nola irtengo naizen hortik. Horrexegatik ez diat nahi ez iskanbilarik, ez dibortziorik, ez horrelakorik. Hik ez dakik nola nahaspilatzen diren gauza horiek... Ezin zioat ezer berriri ekin, urtebeteko epean bederen. Gerra hau dela eta, ekonomiaren egoera ez duk batere egonkorra. Edozer gerta daitekek.

        — Oso ondo. Gau on, George.

        Sandbourne ziplo biratu zen orpoen gainean eta etorbidean atzera egin zuen. Nekatuta zegoen eta hankak minduta zeuzkan. Ia gaua zen. Geltokira bidean, adreilu eta harrizko bloke zikinak bata bestearen ondoan kokatuta ageri ziren, denak ere berdin-berdinak, bere bizitzako egun guztiak bezalaxe.

 

 

        Lokien azalaren azpian, burdinazko kakoak estutu egiten ziren, harik eta, arrautza bailitzan, buruak eztanda egingo zion arte. Urrats luzeak eginez, atzera-aurrera zebilen gelan zehar, non halako itolarri garratz bat altxarazten baitzen. Leku guztietan sakabanaturik, koadroen, alfonbren eta aulkien koloreek Ellen ito egiten zuten, tapaki bero batean bildurik balego bezala. Leihoen kanpoaldean, arrastiri euritsu baten urdin, more eta topazioak marratutako patioak. Leihoa ireki zuen. «Ilunbarra baino denbora-tarte hoberik ez zagon mozkortzeko», esango zuen Stanek. Telefonoak bere garro distiratsuen hots-aleak aletu zituen. Ellenek leihoa danbateko bat joz itxi zuen. «Arraioa! Ez al naute sekula bakean utziko?»

        — Epa, Harry, ez nekien zu itzulia zinenik... O, ez dakit ahal izango dudan... Bai, baietz uste dut... Etorri antzezpenaren ondoren... Ez al da zoragarria? Den-dena kontatu behar didazu.

        Hargailua eseki bezain laster, telefono-hotsak berriro erakarri zion arreta.

        — Nor da?... Ez... O, bai, agian... Noiz itzuli zinen? —Ellenek telefono-hotsaren moduko barrea egin zuen—. Baina, Howard, oso-oso lanpetuta nago... Benetan diotsut... Antzezpena ikusi duzu? Tira, etorri egunen batean antzezpenaren ondoren... Irrikan nago zure bidaiaren berri jakiteko... Adio, Howard.

        «Ostera batek on egingo zidaan». Apaintze-mahai aurrean eseri zen eta ilea askatu zuen sorbalden inguruan.

        «Gogaikarria dun gero, ebaki egin beharko dinat... Horrela jarraituz gero... Heriotz Zuriaren itzala... Garaizago oheratu beharko niken, betzulo ilun horiek... eta karteleran Ustelkeria Ikustezina... Negar egitea izango banu sikiera; zenbait jendek begiak galdu arte egin zezaken negar, itsutu arte egin zezaken negar... Nolanahi ere, dibortzioa gauzatu egingo dun...»

 

                Urertzetik urrun, jendetzarengandik urrun,

                belek ez zioten lehenago ekaitzari aurre egin.

 

        «Ene! Seiak ditun dagoeneko.»

        Berriro aurrera-atzera hasi zen gelan zehar. «Izugarri urrun sentitzen naun, ilunpean». Telefonoak jo zuen.

        — Nor da?... Bai, Miss Oglethorpe naiz... Ruth, epa, urteak dira ikusten ez zaitudala, Mrs. Sunderland-en auzitik... A ze irrika dudan zu ikusteko! Etorri eta zerbait jango dugu antzokira bidean... Hirugarren pisua.

        Telefonoa eseki eta armairutik kapusai bat atera zuen. Larruek, naftalinak eta jantziek isuritako usaina sudurzuloetan itsasten zitzaion. Pertsiana igo eta sakonki hartu zuen udazkenaren usteltze hotzaz betetako aire hezea. Ibaitik zetorren bapore handi baten lurrin trinkoaren urruma aditu zuen. «Ilunpean, bizitza zentzugabe honetatik izugarri urrun, borroka hutsaletik, borroka inozotik; gizon bat itsasontzi batekin ezkon liteken, baina emakume bat...». Telefonoa jotzen ari zen bere hots-aleak askatuz, behin eta berriro jotzen.

        Aldi berean, ateko txirrinaren urruma entzun zen. Ellenek kisketa jasotzeko botoia sakatu zuen.

        — Nor da?... Benetan sentitzen dut, baina esan behar didazu nor zaren... Larry Hopkins?... Tokion zeundela uste nuen... Ez zaituzte berriro lekuz aldatu, ezta? Bai noski, elkar ikusi behar dugu... Izugarria da, bihotza, baina aste hau eta datorrena konpromisoz beterik dauzkat... Begira, gaur gauean eroaren pare nago. Deitu bihar hamabietan eta saiatu naiz aldaketaren bat egiten... Bai noski, lehenbailehen ikusi behar zaitut... laztana.

        Ruth Prynne eta Cassandra Wilkins euren aterkien ur-tantak inarrosiz sartu ziren.

        — Adio, Larry... Eskerrik asko bioi... Ekarri berokiak... Cassie, afalduko duzu gurekin?

        — Zudekin egon behad nuen... Izugadgia da adgakasta zodagadgi hodi logtu izana —esan zuen Cassiek ahots dardaratiz—. Eta, maitea, zuk ez dakizu zein gaizki sentitu nintzen Md. Emedy-dena jakin nuenean. Negad eta negad egin nuen, ez da egia, Duth?

        — O, bai pisu polita zurea! —deiadar egin zuen Ruthek batera.

        Ellenek belarrietan halako burrunba gogaikarri bat aditzen zuen.

        — Noizbait hil behar dugu denok —oharkabean esan zuen, zakar.

        Ruth gomazko botez takateko arinak jotzen ari zen lurzoruaren kontra eta Cassieri keinu bat egin zion isil zedin.

        — Ez al genuke hobe alde egitea? Berandu da —esan zuen.

        — Barkatu unetxo batez, Ruth.

        Ellen lasterka joan zen bainugelara eta danbateko bat eginez itxi zuen atea. Bainuontziaren ertzean eseri eta, ukabilak hertsita, belaunen kontra kolpeka hasi zen. «Emakume horiek txoratu egingo naiten». Gero, teinkatasuna laxatu egin zen, bere baitatik zerbait isurtzen ari zela igerri zuen, konketako ura bailitzan. Lasaikiro, gorrizko ukitu bat eman zuen ezpainetan.

        Besteen artera itzulita, ohiko ahotsaz esan zuen:

        — Tira goazen. Paperik eman dizute, Ruth?

        — Nik Detroit-era joateko aukera izan nuen konpainia batekin. Ez nuen joan nahi izan. Datorrena datorrela, ez naiz New York-etik aterako.

        — Zer ez nuke nik emango New York-etik alde egiteko aukera izatearren?... Benetan, zinema batean kantatzeko lana eskainiko balidate, Medicine Hat-en, onartu egingo nukeela uste dut.

        Ellenek bere aterkia hartu zuen eta hiru emakumeak eskaileretan behera jaitsi eta kalera irten ziren.

        — Taxi! —dei egin zuen Ellenek.

        Auto bat karranka eginez gelditu zen. Taxilariaren belatz-aurpegi gorria luzatu egin zen kaleko farolaren argitan.

        — Eugenie's-era, Berrogeita Zortzigarren Kalea —esan zuen Ellenek, beste biak taxian sartzen ari ziren bitartean. Argi berdexkak eta itzalak tartekatzen ziren, leiho argiztatuen aurretik igarotzean.

 

 

        Ellen terrazako barandatik begira zegoen, besoa Harry Goldweisserren smoking-aren besoaren gainean ezarrita. Azpian parkea zuten, argi bakanez zipriztindua eta laino-zerrendek urratua, zerua lurrera erori izan balitz bezala. Atzealdetik, tango baten boladak eta ahots-aieruak zetozkien, baita oinek dantzagunean egindako igurtzialdiak ere. Bere soineko berde-metalikoaren barruan, Ellen zurrun sentitzen zen, burdinazko estatua baten gisan.

        — A, baina Boirnhardt, Rachel, Duse, Mrs. Siddons... Ez, Elaine, esaten dizut ba, ulertzen? Ez dago antzerkia bezalako arterik giza grinak askatzeko. Nahi dudana egitea izango banu, munduko handienak izango ginateke... Zu aktorerik onena... Ni produktorerik handiena, eraikitzaile ikustezina, ulertzen duzu? Baina ikusleek ez dute arterik nahi, herri honetako ikusleek ez digute ezer egiten uzten euren alde. Detektibeen melodramak besterik ez dute nahi edo fartsa frantses zikin bat, gatza kenduta eta neska polit batekin eta musikaz horniturik. Hortaz, enpresaburuaren negozioa publikoari nahi duena ematean datza.

        — Nik uste dut hiri hau gauza pentsaezinak nahi dituen jendeaz gainezka dagoela... Begira zeuk.

        — Gauez ondo dago, ikusterik ez dagoenean. Ez dago zentzu artistikorik, ez eraikin ederrik, ez lehengo garaien kutsurik, horixe gertatzen da.

        Lipar batez isilik egon ziren. Orkestra Domino Morea baltsea jotzen hasi zen. Halako batean, Ellen Goldweiserrengana jiratu zen eta zorrotz esan zion:

        — Zuri buruan sartzen al zaizu emakume batek batzuetan prostituta, emagaldu arrunta izan nahi duela?

        — Nire lagun maitea, gauza xelebreak bururatzen zaizkizu gero, horren neska ederra eta gozoa izanda!

        — Ahoa bete hortz geratu zara, ezta?

        Ez zuen Goldweiserren erantzuna aditu. Negar egiteko gogoa etorri zitzaion. Azazkal zorrotzak ahurretan iltzatu zituen eta arnasari eutsi zion hogei zenbatu arte. Gero, haur-ahots itoaz esan zuen:

        — Harry, goazen dantza apur bat egitera.

        Kartoizko eraikinen gainean, zeruak berun irabiatuzko ganga bat irudikatzen zuen. «Elurra eginez gero, ez liken horrenbesteko hotzik egingo». Zazpigarren Etorbideko kantoian taxi bat aurkitu zuen eta jarlekuan astunki eseri zen, eskularrua jantzirik zuten atzamar hozminduez beste eskuaren ahurra igurtzika. «Mesedez, Berrogeita Hamazazpigarren Kalea. West aldea». Aurpegia zeharo abailduta, leihatilatik denetarik begiesten zuen: frutadendak, kartelak, jasotzen ari ziren eraikinak, kamioiak, emakumeak, mandatariak, poliziak. «Nire haurra, alegia, Stanen haurra, jaiotzen bada, Zazpigarren Etorbidea iraultzeko haziko dun, berun irabiatuzko zeru honen azpian, eta ez din inoiz elurrik egingo, eta oso argi begietsiko ditin frutadendak, kartelak, jasotzen ari ziren eraikinak, kamioiak, emakumeak, mandatariak, poliziak...». Belaunak batuta eta eskuak sabel lerdenaren gainean gurutzatuta, zuzen eseri zen jarlekuaren ertzean. «Jainko maitea, zeinen txantxa gaiztoa... Stan sute batean hilda. Nire baitan hazten ari den eta hil egingo nauen hau besterik ez zaidan geratuko». Negar-zotinka ari zen esku hozminduen gainean. «Jainko maitea, zergatik ez du elurrik egingo?»

        Espaloi grisean, poltsikoa arakatzen ari zen, billete baten bila. Paper puskatuak estoldaren inguruan metatzen zituen hauts-zirimola batek ahoa zikinkeriaz bete zion. Igogailuzainaren aurpegia ebanozkoa zen, bolizko inkrustazioez hornitua.

        — Mrs. Staunton Wells?

        — Bai andrea; zortzigarren pisua.

        Gorakoan igogailuak burrunba egiten zuen. Zutik, Ellenek bere burua ispiluan begietsi zuen. Bat-batean, alaitasun handi bat nagusitu zen bere baitan. Musuzapi bihurritu batez aurpegiko hautsa igurtzi zuen, igogailuko mutilari irribarrea itzuli zion, piano baten teklatua bezain irribarre zabala, eta lasterka egin zuen pisuko aterantz. Barrualdean, teak, larruak eta loreek isuritako usaina nabaria zen. Emakumeek txio egiten zuten katiluen tintinen artean, txoriek txoritegian bezala. Gelan sartu zenean, begirada guztiak haren buruaren ingurura hegaldatu ziren.

 

 

        Mahai-oihalera ardo-zipriztinak eta espagetien tomate-izpiak isuriak ziren. Jatetxea leku itogarria zen eta hormetan Napoliko ikuspegiak erakusgai zituen, berde eta urdin lausoz margotuak. Aulkia gazteez beteriko mahaitik pitin bat urrundua zuelarik, Ellen bere zigarroaren keari begira zegoen, Chianti botila potoloaren inguruan biribilka. Beraren platerean, hiru koloreko izozki bat urtzen ari zen, ahantzirik.

        — Baina, Jainkoarren, gizakiak ez al du eskubiderik? Ez, zibilizazio industrial hau dela eta, gobernuaren eta gizarte-bizitzaren artean oreka berri bat lortu behar dugu...

        — A, ze hitz luzeak! —xuxurlatu zion Ellenek Herfi, ondoan baitzuen.

        — Arrazoia du, hala ere —purrust egin zion Elleni—. Emaitza zera izan da: Egipto eta Mesopotamiako zibilizazio esklabo izugarriez geroztik, inork ez duela sekula munduaren historian botere handiagorik izan gaur egungo gizon bakan batzuek baino.

        — Ederki.

        — Ez, serio ari naiz... Langileek, proletarioek, ekoizleek eta kontsumitzaileek —nahi bezala deitu— dituzten interesak defendatzeko bide bakarra sindikatuak sortzea eta ondo antolatuta egotea da, orain arteko menpekotasuna gainetik kentzeko.

        — Nik uste dut erabat oker zaudela, Martin. Zure hitzak erabiliz, interesei esker, hau da, kapitalista ikaragarri horiei esker dago herria orain dagoen bezala.

        — Jainko maitea, begira nola dagoen!... Horixe ari naiz esaten. Txakur bat ere ez nuke sartuko txakurtegi honetan.

        — Ez nago ados zurekin. Nik herri hau miresten dut... Herri bakarra dut... Eta uste dut masa zanpatu guztiek benetan nahi dutela zanpatuta egon; ez dute beste ezertarako balio... Bestela, negozio-gizon onak izango lirateke, zerbaitetarako balio duen jende guztia bezala.

        — Baina nik ez dut uste negozio-gizon onen giza esfortzuaren ideal gorena denik.

        — Txerri anarkista iraultzaile baten ideala baino dezente gorago dago. Lapurrak ez direnak zoroak dira.

        — Begira, Mead, ulertzen ez duzun zerbait iraindu duzu, ezagutzen ez duzun zerbait... Ez dizut hori onartuko... Gauza horiek ezagutu egin behar zenituzke, iraintzen hasi aurretik.

        — Sozialiston hitz-jario zoroa adimenari irain egitea besterik ez da.

        Ellenek zapladatxo bat jo zion Herfi mahukan.

        — Jimmy, etxera joan beharra daukat. Nahi duzu nirekin etorri apur batean?

        — Martin, gurea ordainduko duzu? Alde egin beharra daukagu... Ellie, izugarri zurbil zaude.

        — Hemen beroegi egiten du... Uf, zeinen ondo orain!... Nolanahi ere, eztabaidek higuina ematen didate. Ez zait inoiz esateko ezer bururatzen.

        — Talde hori kontu-kontari aritzen da gauero; horixe besterik ez du egiten.

        Zortzigarren Etorbidea erabat laino zegoen, zintzurrari itsatsita geratzen zitzaien lainoa. Bertan murgilduta, argiek indarge egiten zuten dir-dir, aurpegien soslaiak agertu, hurbildu eta aienatu egiten ziren, arrainak akuario lupeztuan bezala.

        — Hobeto zaude, Ellie?

        — Bai, askoz ere.

        — Izugarri pozten naiz.

        — Ba al dakizu zeu zarela Ellie deitzen didan bakarra? Gustatzen zait... Antzerkian hasi nintzenez geroztik jende guztiak gogorarazi nahi izan dit ez naizela haurra.

        — Stanek hala deitzen zizun.

        — Beharbada horrexegatik gustatzen zait —esan zuen ahots luze eta ahulaz, gauez oso urruti, hondartzan entzundako garrasia bailitzan.

        Jimmyk eztarria estutzen zion zerbait sumatu zuen.

        — Kaka zaharra! —esan zuen Jimmyk—. Nik, Martin-ek bezala, guztiaren errua kapitalismoari botatzea baneuka, gaitzerdi!...

        — Oso atsegina da horrela ibiltzea... Lainoa gogoko dut.

        Aurrera jarraitu zuten elkarri hitzik egin gabe. Ibaitiko adar-hotsen orro urrunekin eta baporeen txistuekin batera, auto-gurpilek burrunba egiten zuten lanbro leungarrian zehar.

        — Baina zuk karrera bat baduzu behintzat... Zeure lana gustatzen zaizu, izugarrizko arrakasta lortu duzu —esan zuen Herfek Hamalaugarren Kalearen kantoian eta besotik oratu zion beste aldera pasatzeko.

        — Ez esan horrelakorik... Zuk ez duzu benetan horretan sinesten. Nik ez dut neure burua engainatzen, zuk baietz uste baduzu ere.

        — Ez, baina hala da.

        — Nik horrela jokatzen nuen Stan ezagutu aurretik, Stan maitatu aurretik... Zuk badakizu, ni antzerkiarekin liluratuta zegoen neskato bat nintzen, ulertzen ez zuen gauza-pilo batean murgildua, bizitzari buruz ezer jakin baino lehen... Hemezortzi urterekin ezkondua eta hogeita birekin dibortziatua, sekulako errekorra... Baina Stan hain zen zoragarria...

        — Badakit.

        — Hitzik esan gabe beste gauza batzuk ere bazeudela sentiarazi zidan... gauza sinestezinak...

        — Txoriburu hutsa zen, baina... zoritxarrez, galera handia izan da.

        — Ezin dut horretaz hitz egin.

        — Utzi egingo dugu orduan.

        — Jimmy, zeu zara geratzen zaidan pertsona bakarra hitz egiteko.

        — Ez zaitez nitaz fio. Agian edozein egunetan arazoak sortuko dizkizut.

        Barre egin zuten.

        — Jainko maitea! Pozik nago hilda ez egoteaz, zu ez Ellie?

        — Ez dakit. Hau nire etxea da. Ez dut nahi zu gora igotzerik... Ohera noa zuzenean. Oso gaizki sentitzen naiz.

        Kapela eskuan, Jimmy hari begira geratu zen. Ellen bere zorroa haztatzen ari zen giltzaren bila.

        — Begira, Jimmy, azkenean esan egingo dizut...

        Harengana hurbildu eta azkar hitz egin zion, beste norabait begira eta kaleko farolaren argia islatzen zuen giltza txiki bat harengana zuzenduta. Lainoak kanpadenda zirudien, hain zen trinkoa.

        — Ama izango naiz laster... Stanen haur bat izango dut. Bizimodu zentzugabe hau alde batera uztea eta haurra heztea erabaki dut. Ez zait axola zer gertatuko den.

        — Ene Jainkoa! Ez diot inoiz emakume bati ezer ederragorik entzun... O, Ellie, hain zara zoragarria! Nik zuri esan ahal banizu zera...

        — O, ez —esan zuen ahotsa urraturik eta begiak malkoz beterik—. Ni tuntuna naiz, hori da dena.

        Aurpegia haur txiki baten modura zimurtu zuen eta eskaileretan gora igo zen. Bisaia hamaika malko-errekastok zeharkatzen zioten.

        — O, Ellie, zerbait esan nahi dizut...

        Atea Ellenen atzean itxi zen.

        Jimmy Herf geldi-geldi geratu zen harrizko eskaileren behealdean. Lokiak taupadaka zituen. Atea gustura apurtuko zuen. Astunki belaunikatu zen eta Ellen zutik egondako eskailera-mailari muin egin zion. Lainoa haren inguruan kiribiltzen zen, koloretako konfetia bailitzan. Behin estasi sentsazioa desagertuta, Jimmy bere baitako zulo beltz batean erortzen hasi zen. Zeharo geldirik geratu zen. Polizia batek bere begi biribil-biribilez goitik behera begiratu zion aurpegira, porra alde batera eta bestera zerabilen zutabe sendo urdin bat irudi. Gero, Jimmyk bat-batean ukabilak hertsi zituen eta handik aldendu zen.

        — Ene Jainkoa! Dena ustelduta dago! —esan zuen goraki.

        Jakaren mahukaz ezpainetako hautsa kendu zuen.

 

 

        Ferryak itsasoratzeaz batera, Ellenek eskua eman zion autotik jauzi egiteko.

        — Eskerrik asko, Larry —eta jarraitu egin zion brankarantz zihoan gorputz sendokote hari.

        Ibaiko haize finak hautsak eta gasolinak isuritako usaina erauzi zien sudurzuloetatik. Perlazko gauean, Riverside Drive-ko etxeen soslai karratuek dir-dir egiten zuten, suzirien gisa berean. Uhinak plisti-plasta zebiltzan ferryaren brankak urraturik. Konkordun bat Marianela jotzen ari zen biolinaz.

        — Ezer ez da arrakasta bat bezain arrakastatsua —esan zuen Larryk ahots sakon eta kantariz.

        — O, zuk jakingo bazenu hau zeinen gutxi axola zaidan orain, ez zenidake gehiago adarra joko hitz horiekin guztiekin... Badakizu, ezkontza, arrakasta, maitasuna, hitzak besterik ez dira.

        — Baina niretzat esanahi osoa dute... Uste dut Lima-n bizitzea gustatuko litzaizukeela, Elaine... Zu aske egon arte itxaron nuen, ez al da egia? Eta orain hementxe naukazu.

        — Inor ez da librea, ezta... Baina izoztuta nago.

        Ibaiko haizea osasungarria da. Ehun eta Hogeita Bosgarren Kaleko biaduktuan zehar tranbiek gorantz egiten zuten kakalardoak bailiran. Ferrya porturatzean, gurpilek asfaltoaren gainean egindako kirrinka eta biraketa entzun zituzten.

        — Hobe genuke autora itzultzea, Elaine, ume polit hori.

        — Azkenean, egun zirraragarria atera da, ezta Larry?, gauza guztien erdigunera itzultzeko.

 

 

        Ate zuri uherraren ondoan bi botoi zeuden: GAUEKO TXIRRINA ETA EGUNEKO TXIRRINA. Ellenek txirrina jo zuen atzamar dardarati batez. Arratoi-aurpegia eta atzerantz orraztutako ile beltz distiratsua zuen gizon txiki eta zabal batek ireki zuen. Perretxiko-orearen koloreko panpina-esku laburrak dilindan zituen alde banatan. Sorbaldak uztaitu zituen agur moduan.

        — Zu al zara andrea? Aurrera.

        — Eta zu Dr. Abrahams?

        — Bai... Zu al zara nire lagunak telefonoz aipatu zidan andrea? Eseri, ene andrea.

        Bulegoak arnika bezalako zerbaiten usaina zuen. Bihotza etsi-etsian ari zitzaion taupadaka saihetsen artean.

        — Ulertu egin behar didazu —Elleni bere ahots dardaratia jasanezina egin zitzaion, alditxartzeko zorian zegoen—. Ulertu egin behar didazu, Dr. Abrahams, ezinbestekoa da. Neure senarrarengandik dibortziatu behar dut eta bizibidea aurrera atera.

        — Oso gazte, zoritxarreko ezkontza... Sentitzen dut.

        Doktoreak ahapeka urruma egin zuen, bere kolkoarekin arituko balitz bezala. Auhen txistukari bat egin zuen eta, halako batean, laztabin moduko bere begi beltz altzairuzkoak Ellenenetan finkatu zituen.

        — Ez zaitez beldurtu, andrea, oso ebakuntza erraza da... Prest zaude orain?

        — Bai. Ez du denbora askorik beharko, ezta? Behar bezain sendo banago, bostetan geratuta nago tea hartzeko.

        — Zu andrea ausarta zara. Ordubete barru dena ahaztuko zaizu... Sentitzen dut... Penagarria da honelako gauzak beharrezkoak izatea... Andrea, zuk etxe bat eta seme-alaba asko eta senar on bat izan beharko zenituzke... Nahi al duzu ebakuntza-gelan sartu eta zeure burua prestatu?... Nik laguntzailerik gabe egiten dut lan.

        Argi kiskalgarrizko biribil dirdaitsua puztu egin zen sabaiaren erdian. Horrekin batera, bisturien nikela suspertu zen, bai eta esmaltea eta tresna zorrotzez beteta zegoen beira zorrotzezko arasa bat ere. Ellenek kapela kendu zuen eta dardarka pausatu zen esmalteztutako aulki txiki baten gainean. Gero, zurrun zutitu zen eta gonaren xingola bat askatu zuen.

        Kaleen kalapita lehertu egin zen, uhinak hilzori taupakariaren maskor baten kontra bezala. Larruzko bere kapelaren makurdura, bere masaila arrosak eta bere ezpainen gorrimina ikusi zituen, hots, bere aurpegiaren mozorroa. Bere esku-larruen botoi guztiak lotuta zeuden. Eskua jaso zuen. «Taxi!». Suhiltzaileen kamioi bat orroka igaro zen handik; haren atzetik, mahuka-bagoi bat, kapusaiak janzten ari ziren aurpegi izerditsuko gizonez betea; eta azkenik, eskailera-furgoi bat, zalapartaka. Sentimendu guztiak lausotu egin ziren haren baitan, sirenaren kantu lausoaren eraginez. Egur margotuzko indiar batek esku bat jasoa zuen kale-kantoian.

        — Taxi!

        — Bai, andrea!

        — Ritz-era.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia