Zazpigarren atala
Errusimendia
Berunezko arrastiriak pisatzen zuen Broadwayrantz zihoan agure baten gorputzadar lehorren gainean. Kale-kantoian, Nedick-en postuaren ondoan, zerbait jauzika hasi zitzaion begietan. Panpina bernizatu artikulutatuen ilarako panpina puskatu bat. Burumakur, nekez egiten zuen aurrera, itolarri eta estutasunaren alderantz, argizko kartelen goritasunerantz: «Gogoan dut hau dena zelaia zen garaia», xuxrlatu zion mutikoari.
LOUIS EXPRESSO ASSOCIATION: karteleko letra gorriak Stanen begien aurrean dantzan. URTEKO DANTZALDIA. Neska-mutilak barrura zihoazen. Ederra bikotea, kangurua eta elefantea. Orkestraren zalaparta halleko ate birakarietan zehar iragazi zen. Kanpoaldean euria. Beste ibai bat, beste ibai bat zeharkatzeko. Jakaren papar-hegalak lisatu zituen, ahoa neurritasunez apailatu zuen, bi dolar ordaindu zituen eta zintzilikario gorri, zuri eta urdinez hornitutako gela handi zaratatsu batean sartu zen. Zorabioa. Hartara, lipar batez horman bermatu zen. Beste ibai bat... Dantza egitean elkar behaztopatzen zuten bikoteen azpiko lurzorua kulunkan ari zen, itsasontzi baten bizkarraren gisa berean. Tabernak oreka handiagoa eskaintzen zuen. «Gus McNiel hemen dago». Jende guztiak zioen: «Gus jator hori». Esku handiek zapladak jotzen zituzten bizkar zabalen kontra, aho beltzek orro egiten zuten aurpegi gorrietan. Edontziak jaso egiten ziren, ñir-ñir eginez talka egiten zioten elkarri, jaso eta talka egiten zioten elkarri, halako dantza batean. Begiak hondoraturik eta ilea kizkurturik zituen erremolatxa-aurpegiko gizon sendokote bat errenka zebilen tabernan zehar, makila batean bermatuta.
— Zer moduz, Gus?
— A ze ondo! Nagusia hemen dago.
— Gora McNiel zaharra! Etorri egin da azkenean.
— Zer moduz, Mr. McNiel?
Taberna baretu egin zen. Gus McNielek bere makila airean erabili zuen.
— Aupa mutilok, ondo pasa!... Aizak, Burke, erronda bat nire kontura guztiontzat.
— Hortxe dago aita Mulvaney ere berarekin. Gora aita Mulvaney!... Hori bezalakorik ez dago.
Mutil bikaina da eta
inork ez du ukatzen...
Dantzan ari zirenen artetik astiro aurrera egin ahala, begirunez makurtutako bizkar zabalak aldi oro irteten zitzaizkien bidera.
Babuino handia ilargiaren argitan
bere ile gorrixka orrazten eta orrazten.
— Dantza egin nahi?
Neskak sorbalda zuri bat jiratu eta alde egin zuen.
Ezkongabea naiz eta bakarrik bizi naiz
eta ehundegi batean egiten dut lan.
Stanek bere burua ispilu baten aurrean kausitu zuen bere artean kantuan ari zela. Bekain bat ilearekin bat eginda zeukan, bestea betileekin. «Ez, ez naiz ezkongabe, ni ezkonduta nago... Borrokarako prest nauzue, eta inork esaten badu ni ez nagoela ezkonduta eta ez naizela New York hirikoa, New York konderrikoa, New York estatukoa...»
Aulki batean igota, hitzaldi bat ematen ari zen, eskua ukabil batez jotzen ari zen bitartean... «Erromatarrok, lagunok eta herrikideok, utzizkidazue bost dolar... Zesarri ahoa estaltzera etorri gara, ez hari bizarra moztera. New York estatuko New York konderriko New York hiriko Konstituzioaren arabera, eta barrutiko fiskalaren aurrean adierazita eta izenpetuta, 1888ko uztailaren 13ko legean xedatutakoarekin bat etorriz... Dena pikotara.»
— Aski da. Mutilok, bota dezagun tipo hau kalera... Ez da gutarra... Ez dakit nola sartu den hona. Mozkor-mozkor eginda dago.
Begiak itxita, Stanek salto egin zuen ukabil-sare baten barnean. Bekainetan, masailezurrean jo zuten eta ziztu bizian atera zen zirimiri hotzak bustitako kale isilera, kanoi batek jaurtikia bezala.
Ezkongabea naiz eta bakarrik bizi naiz
Eta beste ibai bat dago zeharkatzeko
Beste ibai bat Jordan ibaira baino lehen
Beste ibai bat zeharkatzeko...
Bere onera etorri zenean, aurpegian haize hotza zebilkion eta ferry baten aurrealdean eserita zegoen. Hortzek karraska egiten zioten. Dardarka zegoen... «DT-a diat. Nor ote naiz ni? New York hiria, New York estatua... Stanwood Emery, hogeita bi urte, lanbidez ikaslea... Pearline Anderson, hogeita bat urte, lanbidez aktorea. Pikotara joan dadila. Berrogeita bederatzi dolar eta zortzi zentabo zauzkaat eta non arraio ibili naiz ni? Eta inork ez zidak poltsikoa hustu. Bada, ez, ez diat ez DT-a, ez, ezer ere ez. Oso ondo sentitzen nauk, apur bat ahulduta, hori bakarrik. Trago bat besterik ez diat behar, ezta? Epa!, uste nian hemen norbait zegoela. Hobe diat isilik jarraitzea, nik uste».
Berrogeita bederatzi dolar hormatik dingilizka.
Berrogeita bederatzi dolar hormatik dingilizka.
Zinkezko uraren beste aldean, horma garaiek eta hiriaren erdialdeko eraikinek indarge dir-dir egiten zuten arrosa koloreko goiz hartan eta txokolatezko ganduan zehar bozina-hotsak entzuten ziren. Txalupa urertzera hurbildu ahala, eraikinak metatu egiten ziren aiztokadek arraildutako granitozko mendi batean. Ferrya bapore potolo baten ondo-ondotik igaro zen; bertan ainguraturik, bapore hura Stanenganantz okertuta zegoen halako gisan ezen hark bizkar guztiak ikus baitziezaizkiokeen. Ferryaren beste aldean, Ellis Island-eko atoiontzi bat zegoen. Hamaika aurpegi zeuden zahar-usaineko bizkar haietan, guztiak ere gora begira, meloi-kargamentuen antzera. Hiru antxeta biraka ari ziren uluka. Bat gorantz hegaldatu zen kiribilean, hegal zuriak eguzkiaz gainezkatu ziren; antxeta urrezko argitik higitu gabe limurtzen zen. Eguzki-ertza hodeien marra morearen gainetik ageri zen, East New York-en atzealdetik. Milioi bat leihok dirdira egiten zuten. Hiritik burrunba eta zalaparta zetozen.
Animaliak binaka sartu ziren,
ederra bikotea kangurua eta elefantea,
eta beste ibai bat dago Jordan ibaira baino lehen,
beste ibai bat zeharkatzeko.
Argi zurixkan hiru kaio jira-biraka zebiltzan; behean, hesiaren ohol ezpalduen artean flotatzen, kutxa hautsiak, laranja-azalak eta aza ustelak zituzten. Uhin berdeak apar bihurtzen ziren ferryaren branka biribilaren azpian. Ur-azala arrailatzen zuen ferryak laprast egiten zuen eta, mareak bere altzoan eramanik, astiro-astiro iristen zen ontziralekura. Biraderak aurrera eta atzera kateen txilin-hotsa eginez, ateak gorantz. Stanek jauzi egin zuen lurrera eta sigi-sagan atera zen Battery-ra zihoan egurrezko tunel kirastutik. Jarleku batean eseri zen eta eskuak belaunen gainean gurutzatu zituen, hainbesteko dardararik egin ez zezaten. Burua artean taupadaka zuen, pianola baten antzera.
Ezkilak atzamarretan eta eraztunak hatzetan
joango da dama zuria zaldi handi baten gainean
eta mina zernahi bazterretara zabalduko du, aurrera egin arau.
Babilonia eta Ninive adreiluzkoak ziren. Atenas osoan gaindi nagusi ziren marmolezko urre-koloreko zutabeak. Erroma harrizko arku zabaletan eraiki zuten. Sekulako kandelak bailiran, dirdai egiten zuten Konstantinoplako minareteek Urrezko Adarraren inguruan... Beste ibai bat zeharkatzeko. Altzairua, beira, baldosak eta hormigoia izango dira etxe-orratzen materialak. Uharte mehar batean pilaturik, mila leihoko eraikinak tente ageriko dira, distiratsu, piramide bat bestearen gainean, ekaitza behean uzten duten hodei zuriak bailiran...
O, berrogei egunez euria egin zuen
eta berrogei gauez euria egin zuen
eta Gabonak arte ez zuen atertu,
eta uholdeetatik bizirik atera zen gizon bakarra
Istmoko Jack Zangoluzea izan zen.
— Etxeorratza izan nahi nikek, arraioa!
Sarraila guztiz biratu zen giltza sar ez zedin. Stanek abileziaz tamaina hartu zion eta giltza barrura sartzea lortu zuen. Tupustean oldartu zen ate irekitik, gora eta behera ibili zen korridore luzean zehar eta egongelara joan zen, Pearline-ri deitzeko asmotan. Usain arraroa zegoen. Pearline-ren usaina. «Joan dadila pikotara!». Aulki bat hartu zuen. Aulkiak hegaz egiteari ekin zion eta, haren buruaren inguruan itzuli-mitzulika hasita, leihoaren kontra talka egin zuen. Kristal puskatuen hotsa. Leihotik begiratu zuen. Kalea zutitu egin zen. Suhiltzaile-kamioi bat eta eskailera-furgoi bat gorantz zihoazen ziztu bizian, adar-hots ulukari baten oihartzuna atzean utzita. Sua, sua, bota ura, Eskozia sutan dago. «Mila dolarreko sute bat, ehun mila dolarreko sute bat, milioi bat dolarreko sute bat». Etxeorratzek sugarren modura egiten zuten gora, sugarretan, sugarrak. Bere gelara zabuka itzuli zen. Mahaiak itzulipurdi bat egin zuen. Arasak salto egin zuen mahai gainera. Haritzezko aulkiak saltoka bata bestearen atzetik gas-pizgailuaren gainean ezarri ziren. Bota ura, Eskozia sutan dago. «Ez diat atsegin New York estatuko New York konderriko New York hiriko gela honen usaina». Bizkarrez etzanda, sukalde birakariaren lurzoruan barreka eta barreka ari zen. «Uholdeetatik bizirik atera zen gizon bakarra eta andere handi bat zaldi zuri baten gainean zamalkatzen zituan». Sugarrak gora, gora eta gora. «Kerosenoa», xuxurlatu zuen sukaldearen zokoko lata koipetsu batek. Bota ura. Hankaz gora eta anabasean zeuden mahai-aulki kraskagile batzuen gainean, Stan balantzaka ari zen. Kerosenoa milika ibili zitzaion bere mihi hotz zuriaz. Oreka galdu zuen. Gas-pizgailuari heldu zion. Gas-pizgailuak ez zion eutsi. Bizkarrez putzu batean etzanda, poxpoluak igurtzitzen hasi zen. Alferrik. Bustita zeuden, ez ziren pizten. Poxpulu baten txinparta eta, azkenik, garra. Stanek kontu handiz babestu zuen sua esku artean.
— O, bai, nire senarrak izugarrizko asmo handiak ditu —esan zion Pearlinek kotoizko ehun urdinez jantzita zegoen janaridendako andreari—. Ondo pasatzea eta hori dena gustatzen zaio, baina ez dut sekula inor ezagutu berak baino asmo handiagorik duenik. Azkenean, Stanek arkitektura atzerrian ikastea lortuko du, bere aitari esker. Nire senarrak arkitektoa izan nahi du.
— Hori zoragarria litzateke, ezta? Horrelako bidaia bat, pentsa!... Besterik, andrea?
— Ez, uste dut ez dudala ezer ahaztu... Bestelakoa balitz, larri egongo nintzateke. Bi egun dira ikusi ez dudala. Bere aitaren etxean egongo da, seguru asko.
— Eta zuek ezkondu berriak zarete?
— Ez nizuke ezer esango, ezer txarrik badagoela uste izango banu. Ez, oso zintzo ari da... Tira, agur, Mrs. Robinson.
Bere fardelak besapean hartu eta kalean behera egin zuen, esku librean bolatxoz apaindutako zorro bat balantzaka zeramala. Artean eguzkiak berotu egiten zuen, airean halako gainbehera-kutsu bat nabari bazen ere. Penny bat eman zion Alargun Alaia biraderadun organo batez jotzen ari zen itsu bati. «Nolanahi ere, hobe niken etxean errieta pitin bat egingo banio, gauza bera sarri egin ez dezan». Berrehungarren Kaletik hartu zuen. Jendea leihotik begira zegoen. Jendetza pilatzen hasia zen. Sute bat zen. Aire erreskaldatua hartu zuen. Oilo-ipurdia jarri zitzaion. Gogoko zuen suteak ikustea. Gero eta azkarrago zebilen. «Ene, gure etxe-blokean dun, gure etxean!». Kea, galipota bezain trinkoa, bosgarren pisuko leihotik irteten zen. Halako batean, dardarka hasi zen. Igogailuzain beltza harengana joan zen lasterka. Aurpegi berdea zuen.
— Ene, gure etxean da —egin zuen oihu—, eta astebete baino ez da altzariak ekarri zizkigutela! Utzidazue pasatzen. Fardelak erori zitzaizkion. Krema-botila bat puskatu zen espaloian. Pearlinek bidera irten zitzaion poliziari heldu zion eta joka hasi zitzaion bularralde urdin zabalaren kontra. Ezin izan zion garrasi egiteari eutsi.
— Lasai, andereño, lasai —esaten zuen poliziak ahots sakonaz.
Pearlinek poliziaren ahotsaren marmar isila entzuten zuen, bularraldean burukadak jotzen zizkion bitartean.
— Jaisten ari dira, keak estuturik dago, ez besterik, keak estuturik.
— O, Stanwood, ene gizona! —egin zuen deiadar emakumeak.
Dena belzten ari zen. Poliziaren jakaren bi botoi distiratsutik helduta, emakumeak konortea galdu eta lurrera erori zen.
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana