Seigarren atala

Legezko bost auzi

 

Azkar kokatu ziren bikoteka. GUZTIZ DEBEKATUTA DAGO BAGONETETAN ZUTITZEA. Trakzio-kateek gurpil koskadunak hartu eta karranka egiten zuten; bagoneta triki-traka eginez zihoan maldan gora, argi burrunbarietatik urrun, jendetzak, krispetek eta kakahuetek sortarazitako usainetik urrun; triki-traka eta karranka eginez igo zen iraileko meteoroak nagusi ziren gau garaian gora.

Itsasoa, zingira-usaina, burdinazko bapore baten argiak portua atzean utziz. Ilunpe more-anil zabal batean itsasargi batek kliska egiten zuen. Gero, bat-bateko jaitsiera. Itsasoa gorantz eta beherantz eta argiak zeruraino. Emakumearen ilea gizonaren ahoan, gizonaren eskua emakumearen saihetsetan, izterrak elkar igurtzika.

Jaitsialdi bortitzak eragindako haizeak euren garrasiak zeramatzan berekin. Astinaldiek asaldaturik, habeen nahaspilan gora egin zuten. Beherantz. Gorantz. Argizko burbuilak iluntasunez eta itsasoz osatutako sandwich batean. Beherantz. ZAINDU ZEUEN AULKIAK HURRENGO BIDAIARAKO.

 

        — Sartu Joe, ikusiko diat amak ezer jateko ematen digun.

        — Eskerrik asko... zera... Ni ez nagok... zera... dama bat ezagutzeko behar bezala jantzita.

        — O, berdin ziok. Gure ama duk eta. Eseri, deitu egingo zioat.

        Harland ate ondoko aulki batean eseri zen, sukalde ilunean, eta eskuak belaun gainean ezarri zituen. Eskuei begiratu zien: dardarka zeuzkan, gorri eta ugerrez beterik. Mihia latz sumatu zuen, intxaur-birringailu baten antzera, aurreko astean edan zuen whisky merkearen eraginez. Gorputz osoa hozmindurik, beraturik eta ozpindurik zeukan. Eskuei begiratu zien.

        Joe O'Keefe sukaldera itzuli zen.

        — Ohean zagok. Labean zopa apur bat dagoela ziok... Hortxe zagok. Horrek adorea emango dik... Joe, ni bart izan nintzen lekuan egon bahintz. Seaside Inn-era joan ninduan nagusiari esateko burtsa ixteko asmoa dutela, zurrumurrek diotenez. Arraioa! Ez diat sekula honelakorik ikusi. Morroi hori, negozio-gizonen artean oso ezaguna den abokatu hori, eroaren pare ari zuan zerbaitegatik garrasika, hallean. Hark bai aurpegi beldurgarria! Eta gero, errebolber bat atera zian eta emakumea hiltzeko asmoa zian edo horrelako zerbait eta, halako batean, inor horretaz ohartu baino lehen, nagusia errenka heldu zuan eta, burua galdu gabe, errebolberra kendu zioan eta poltsikoan sartu zian. Baldwin hori laguna dik. Arraioa! Sekula ez diat halakorik ikusi, ezta antzekorik ere. Gero, uzkurtu egin zuan zera bezala...

        — Aizak motel —esan zuen Joe Harlandek—, lehenago edo geroago denoi gertatzen zaiguk.

        — Tira, jan lasai. Ez duk ia ezer jan.

        — Ezin diat gehiago.

        — Bai zera!... Aizak Joe, zer dakik hik gerraren kontu horretaz?

        — Uste diat oraingoan benetan ari direla... Entzun diat hori Agadir-ko gertakariaz geroztik jazoko zela.

        — Nahi nikek nik, ba, norbaitek egurra emango balio Ingalaterrari, Irlandari autonomia emateko asmorik ez izatearren.

        — Lagundu egin behar zieagu... Nolanahi ere, honek ezin dik luze iraun. Nazioarteko finantzak kontrolatzen dituzten gizonek ez ditek onartuko. Azken batean, bankaria duk, ekonomiaren hariak darabiltzana.

        — Guk ez zioagu Ingalaterrari lagundu behar, ez jauna, Irlandako iraultzan eta gerra zibilean egin dutena egin eta gero.

        — Joe, izugarrizko nahastea daukak buruan, gauero biblioteka publikoan irakurtzen duan istorio horrekin... Hik burtsaren kotizazioen gorabeheren berri izan eta erne egon eta ez utzi inori hiri ziria sartzen greba, altxamendu eta sozialismoari buruz egunkarietan idazten dituzten artikulu hutsalekin. Ikusi nahi nikek aurrera egiten duala. Tira, hobe diat alde egitea.

        — Ez, geratu hemen apur batean, botila bat pattar irekiko diagu.

        Oin-hots sendo batzuk entzun zituen korridorean, sukaldearen kanpoaldean.

        — Nor da?

        — Hi al haiz, Joe?

        Mutil handi ilegorri bat, bisaia gorri karratua eta lepo sendoa bi sorbalda trinkoen artean txertatua zuena, zabuka sartu zen gelan.

        — Zer arraio ari haiz?... Hau anaia txikia diat, Mike.

        — Bai, eta?

        Mike balantzaka zegoen kokotsa papar gainean ezarririk. Sorbaldak makurtuta zituen, sukaldearen sabaia oso behean baitzegoen.

        — Balea ematen dik, ezta? Baina, Mike, Jainkoarren, ez al diat esan etxera mozkortuta ez etortzeko?... Kapaz duk etxea bertan behera botatzeko.

        — Inoiz etorri behar diat etxera, ezta? Tutore hasi hintzenetik, aitak baino gehiago zirikatzen nauk. Zorionez, ni ez nauk luzaro geratuko hiri madarikatu honetan. Inor ero bihurtzeko modukoa duk. Golden Gate-a baino lehenago itsasoratzen den ontzirik aurkitzen badut, benetan eta egiatan esaten diat, alde egingo diat.

        — Tira, niri ez zaidak axola hemen geratuko haizen ala ez. Baina ez diat nahi hik iskanbilak etengabe sortzea, aditu?

        — Nik gogoak ematen didana egiten diat, ulertzen?

        — Orduan alde egin ezak hemendik, Mike... eta itzuli mozkorra pasatzen zaianean.

        — Bota nazak, ba, hemendik. Bota nazak.

        Harland zutitu egin zen.

        — Tira, banoa —esan zuen—. Ikusi behar dut lan hori harrapatzen dudan.

        Mikek sukaldean zehar aurrera egin zuen, ukabilak hertsirik. Masailezurra teink, Joeyk aulki bat hartu zuen.

        — Burua txikituko diat honekin!

        — Santu eta martiri guztien izenean! Ezin al da emakume bat bakean bizi bere etxean?

        Emakume txiki ilezuri bat oihuka hasi zen euren artean. Begi beltz dirdaitsuak zituen, elkarrengandik bereizi xamarrak, joan den urteko sagar baten moduko aurpegi zimurtsu batean. Eskuak airean zerabiltzan, lanak higatutako eskuak.

        — Ixo biok! Etxean beti juramentuka eta borrokan, Jainkorik ez balego bezala... Mike, zu igo gora eta sartu ohean, mozkorra pasatzen zaizun arte.

        — Horixe esaten diot nik —esan zuen Joeyk.

        Emakumea Harlandengana jiratu zen. Bere ahotsak kirrinka egiten zuen, klarionak arbelean bezala.

        — Eta zuk alde hemendik. Nik ez dut mozkortirik onartzen neure etxean. Alde hemendik! Berdin zait nork ekarri zaituen.

        Harlandek Joeyri behatu zion irribarre garratz txiki bat ezpainetan. Gero, soina goratu eta alde zuen.

        — Neskamea —murmurikatu zuen, adreilu ilunekiko etxez osatutako kale hautseztatuetan zehar bere hanka zurrun minberatuen gainean zihoala, balantzaka.

        Arratsaldeko eguzki sargoritsuak halako talka bat jo zion bizkarrean. Dontzeila, neskame, sukaldari, bulegari eta idazkarien ahotsak haren belarrietan. Bai jauna, Mr. Harland. Eskerrik asko, Mr. Harland. O jauna, esker mila, Mr. Harland, jauna...

 

 

        Eguzki-izpi batek Ellen esnatu zuen, burrunba gorri bat haren betazaletara isuriz. Loaren zetazko korridore purpuretan berriro pulunpatu zen, eta berriro esnatu egin zen, aharrausika jiratu zen, belaunak kokotseraino eraman zituen loaren pipilari gogorrago eustearren. Kamioi bat zalapartaka zebilen kalean zehar. Eguzkiak marra beroak paratzen zizkion bizkarrean. Etsian egin zuen aharrausi, bihurkatu egin zen eta etzanda geratu zen begiak zabalik eta eskuak garondoaren azpian zituela, sabaira begira. Oso urrutitik, kale eta hormetan zehar, bapore baten adarrari zerion auhen luzea Ellenen baitan barneratu zen, legarrean zehar aurrera zegien belar-azaoaren antzera. Ellen eseri egin zen, burua inarrosi zuen aurpegiaren inguruan zebilkion euli bat uxatze aldera. Eulia eguzki-argian aienatu zen, une batez diz-diz egin eta gero. Baina bere baitako zokoren batean halako estutasun etengabe bat sumatu zuen, adierazezina, aurreko gaueko gogoeta garratzen lorratza. Hala ere, pozik eta guztiz esna zegoen eta, gainera, goiz zen. Altxatu egin zen eta, kamisoia jantzita, alderrai ibili zen logelan zehar.

        Eguzkiak jotzen zuen lekuetan egurrezko lurzorua bero zegoen, haren oin-azpiek sumatu zutenez. Txolarreak txorrotxioka ari ziren leiho ertzean. Goialdetik, josteko makinaren hotsa zetorren. Bainugelatik irtetean, soina leuna eta gardena zuen; toaila batez gorputza igurtzitzeari ekin zion eta aurretik zuen egun luzearen orduak zenbatzen hasi zen. Ibilaldi bat egingo zuen hiriko kale zikin eta zabortsuetan zehar East River-eko ontziraleku hartaraino, bertan pilatzen baitziren kaobazko habe handiak; bakarrik gosalduko zuen Lafayette-n, kafea, opilak eta gurin gozoa; erosketetara goiz joango zen Lord&Taylor-era, dendaren giroa itogarria izan aurretik eta neska saltzaileak zimeldu baino lehen; bazkalduko zuen zerarekin... Orduan, gau osoan bakerik eman ez zion mina azaleratu zen eta ziplo bota zuen: «Stan, Stan... Jainko maitea!», esan zuen goraki. Ispilu aurrean eseri zen bere begi-nini zabaldu beltzei so.

        Azkar jantzi eta irten egin zen, Bosgarren Etorbidean behera joan zen eta ekialderantz jo zuen, Zortzigarren Kalean zehar, ezkerrera edo eskuinera begiratu gabe. Eguzkia ordurako berotzen hasia zen eta espaloietan, kristaletan eta kartel esmalteztatu hautseztatuetan irakiten zuen. Haren aurretik igaro ziren gizon eta emakumeen begitarteak zimurtuak eta grisak ziren, loaldi gehiegi eginak zituzten burkoen antzera. Lafayette Street zeharkatu ondoren, autoen eta kamioien marrumen artean, hauts-zaporea zuen ahoan eta hareazko fitsek hortzen artean hirrikinatzen zuten. Ekialderago, eskorgen aurretik igaro zen. Saltzaileak freskagarri-postuen marmolezko salmahaiak garbitzen ari ziren, biraderadun organo batek Danubio urdinaren doinu kiribil distiratsuz betetzen zituen kaleak. Ozpin-pepinoen postuari garraztasuna zerion. Tompkins Square-n umeak oihuka ari ziren, pila pila eginda, asfalto bustian zehar. Ellenen oinetan, alkandora tarrataturik eta lohiturik zuten makina bat ume zeuden; ahoak adurtsu, ukabilkadak, ausikiak, atzamarkadak; narrats-usaina isurtzen zuten, ogi lizunak bezala. Halako batean, Ellenek belaunetan ahulezia sumatu zuen. Bira egin eta etorritako lekutik itzuli zen.

        Eguzkiak Baldwinen besoak bezala estutzen zion gerria, haren atzamarrek bezala ferekatzen zizkion besaurre biluziak, haren arnasa bezalakoa zen bere masailetan.

 

 

        — Legezko bost auziak baino ez —esan zion Ellenek begiak ostrak bezalakoak zituen gizon hezurtsu bati, haren alkandoraren kolkoari hitz eginez.

        — ...Hortaz, epaia ziurtatuta dago? —galdetu zuen handios.

        — Seguru asko ez dio inork kontra egingo...

        — Bada, benetan sentitzen dut, bi aldeen lagun zaharra naizelako.

        — Begira, Dick, benetan diotsut, Jojo estimu handian dut. Asko zor diot... Zentzu askotan, gizon aparta da, baina ezin zitekeen besterik egin.

        — Beste bat dagoela esan nahi duzu?

        Begi distiratsuz so egin zion eta erdizka baietsi zuen.

        — Baina dibortzioa oso kontu serioa da, nire lagun maitea.

        — O, ez da horren serioa, hala ere.

        Harry Goldweiser ikusi zuten eurengana zihoala panelez apaindutako gela zabalean zehar. Bat-batean Ellenek ahotsa goratu zuen.

        — Diotenez, Marne-ko bataila horrek amaiera ekarriko dio gerrari.

        Harry Golweiserrek esku bat hartu zion bere esku lodien artean eta agur moduan makurtu zen.

        — Benetan eskertzen dizut, Elaine, hona etorri izana mutilzahar hauek asperraren asperrez hil ez daitezen. Epa, Snow laguna, zer moduz?

        — Zer dela-eta dugu zuk oraindik ere hemen aurkitzeko atsegina?

        — O, zenbait kontuk geldiarazi naute... Nolanahi ere, udako turismoguneak gorrotatzen ditut. Dena den, Long Beach baino politagorik ez dago... Buff, Bar Harbor, ni ez nintzateke Bar Harbor-era joango, milioi bat emango balidate ere, milioi eder bat.

        Mr. Snow-ek arnasots zakar bat bota zuen.

        — Goldweiser, ez al zara han higiezinen negozio batean sartu?

        — Landaetxe bat erosi nuen neuretzat, horixe da dena. Harrigarria da landaetxe bat erosi ezin izatea, Times Square-ko egunkari-saltzaile guztiek horren berri izan gabe. Goazen mahaira, arreba segituan etorriko da.

        Lentejuelez hornitutako soineko bat jantzirik zuen emakume potola bat sartu zen, haiek orein-adarrez apaindutako jangela handi bateko mahaian eseri ondoren. Bularrandia zen eta azal horixka zuen.

        O, Miss Oglethorpe, izugarri pozten naiz zu ezagutzeaz! —esan zuen txioka emakumeak papagai-ahotsaz—. Zu sarri ikusi zaitut eta beti pentsatu izan dut xarmangarria zarela. Ahal izan dudan guztia egin dut Harryk zu etxera egunen batean ekartzeko.

        — Hau arreba dut, Rachel —esan zion Goldweiserrek Elleni bere lekutik altxatu gabe—. Berak zaintzen dit etxea. Snow, eskertuko nizuke lagunduko bazenit Miss Oglethorpe konbentzitzen The Zinnia Girl-en lan egiteko paper hori onartzeko... Benetan diotsut, zuretzat idatzia ematen du.

        — Baina hain da txikia paper hori...

        — Ez da, noski, aktore nagusiarentzako papera, baina aktore moldaerraza eta fina izateko ospea lortu nahi duzula kontuan hartuta, ez dago paper hoberik antzezlanean.

        — Nahi al duzu arrain gehiagorik, Miss Oglethorpe? —txio egin zuen Mrs. Goldweiserrek.

        Mr. Snowek arnasotsa atera zuen.

        — Dagoeneko ez dago aktore handirik: Booth, Jefferson, Mansfield... ez da bat ere gelditzen. Gaur egun dena da publizitatea; aktore guztiak merkatuan jartzen dituzte botikak bailiran, ez al da egia Elaine?... Publizitatea... publizitatea.

        — Baina hori ez da arrakastaren giltzarria... Arrakasta lortzeko, publizitatea aski balitz, New Yorkeko enpresaburu guztiak aberatsak izango lirateke —bota zuen bat-batean Goldweiserrek—. Indar ezkutu eta misteriotsu batez igoarazten du txartel-leihatila bateko edo besteko sarreraren prezioa, jende-piloak kalean zehar bultzatu eta antzoki jakin batean sarrarazten baititu, ulertzen didazu? Publizitateak ezin du horrelakorik egin, ez eta kritika onak ere. Agian jeinuak egin dezake, agian zorteak, baina zuk jendeari eman ahal badiozu nahi duena eta nahi duen lekuan, arrakasta bertan duzu. Horixe eman zigun Elainek azken antzezpenean... Ikusleekin bat egitea lortu zuen. Munduko antzezpenik onena izan zitekeen, munduko aktorerik onenek antzeztua eta, hala ere, porrot handia izateko arriskua hortxe dago. Eta nik ez dakit nola lortzen den arrakasta, inork ez daki. Gau batean lotara joan zintezke antzokia oparitutako sarreraz sartu den jendeaz mukuru beteta ikusita eta biharamun goizean jaiki zaitezke itzelezko arrakasta lortu duzula. Enpresaburuak ezin du hori kontrolatu, eguraldi-gizonak eguraldia kontrolatu ezin dezakeen bezala. Egia ala gezurra?

        — New Yorkeko jendearen gustua modu penagarrian endekatu da Wallack-en garaitik.

        — Baina zenbait antzezpen on ere eman dituzte —egin zuen txio Miss Goldweiserrek.

        «Egun luze hartako maitasunak zurrunduak zizkion ile-kiribilak... ile-kiribil beltzak... altzairuzko erlantzak begi ilunetan...». Bere sardexkaz uraza baten buru kizkurra eta zuria zatitzen ari zen Ellen. Hitzak esaten zituen, eta bitartean guztiz bestelakoak ziren beste hitz batzuk haren golkoan askatzen ziren nahasian, iduneko puskatu baten aleak bailiran. Koadro baten aurrean eserita zegoen: bertan, bi emakume eta bi gizon mahai batean jaten ari ziren, panelez apaindutako gela batean, kristalezko zutargi dardarati baten azpian. Plateretik gora begiratu zuen eta Miss Goldweiser ikusi zuen bere txori-begitxo gozo eta kexatiak haren aurpegian gogor finkaturik zituela.

        — O, bai, New York atseginagoa da uda erdian beste edozein urte-sasoitan baino; presa eta zalaparta gutxiago dago.

        — Bai, egia hutsa da, Miss Goldweiser.

        Ellenek bat-bateko irribarre zabala egin zuen... «Egun luze hartako maitasunak zurrunduak zizkion bekokiko ile-kiribilak eta diz-diz egiten zuen altzairuzko erlantzak erakusten zituzten begi ilun haietan...»

        Taxian Goldweiserren belaun labur eta zabalek Ellenenak estutzen zituzten. Haren begirada gordeek armiarma baten bezainbesteko trebetasunaz bilbatzen zuten halako sare gozo eta itogarri bat Ellenen lepo eta aurpegiaren inguruan. Miss Goldweiser eroso eseria zen haren ondoko aulkian. Dick Snow-ek puru itzali bat zuen ahoan, mihiaz biraka zerabilena... Ellen ahaleginetan ari zen Stanen itxura zehatz-mehatz nolakoa zen gogora ekartzeko, pertika-jauzlari baten lerdentasun sendo hartaz oroitzeko. Ezin zuen haren aurpegia guztiz gogora ekarri; haren begiak ikus zitzakeen, ezpainak, belarri bat.

        Times Square koloretako argi aldizkakoez beteta zegoen, distirazko uhindura gurutzatuez. Astor hoteleko igogailuan gora egin zuten. Ellenek Miss Goldweiserri jarraitu zion terrazako mahaien artetik. Gau-jantziak, udako muselinak eta jantzi arinak biratu ziren Elleni so egiteko. Handik igarotzean, begirada guztiak hari oraturik geratu ziren, mahatsondo-kiribil likatsuen antzera. Orkestra In My Harem jotzen ari zen. Mahai batean paratu ziren.

        — Dantza egin nahi? —galdetu zuen Goldweiserrek.

        Ellenek irribarre ironiko bat egin zuen, Goldweiserrek besoa bizkar gainean ipini zionean. Gizonaren belarri handia, ile irmo eta bakartiez hornitua, Ellenen begien parean zegoen.

        — Elaine —xuxurlatu zion belarrira—, nik morroi argitzat nuen neure burua, benetan —arnasari eutsi zion—, baina ez da horrela... Zuk, neskatxa, sorgindu egin nauzu, onartu egin behar dut... Zergatik ezin nauzu pitin bat maitatu? Nahi nuke zera... gu biok ezkontzea zuk dibortzioa lortu bezain laster... Ezin al zara zintzoagoa izan nirekin, behin edo behin besterik ez bada ere?... Nik edozer egingo nuke, badakizu zuk... Eta New Yorken makina bat gauza egin nezake zure alde.

        Musika bukatu egin zen. Palmondo baten azpian zeuden, apartean eta zutik.

        — Elaine, etorri nire bulegora kontratu hau sinatzera. Ferrari-ri itxaroteko esango diot... Hamabost minutu barru itzultzeko moduan izango gara seguru asko.

        — Pentsatu beharra daukat... Ez dut inoiz ezer egiten, ohean horretaz gogoeta egin gabe.

        — Jainkoa, zu edonor erotzeko modukoa zara.

        Halako batean, Ellenek oso-osorik ekarri zuen gogora Stanen aurpegia. Hantxe zuen, zutik, aurre-aurrean: gorbataren korapiloa okerturik zuen bere alkandora zuriaren gainean, ilea anabasean, berriro edanari emana.

        — O, Ellie, aspaldiko!

        — Hau Mr. Emery duzu, Mr. Goldweiser...

        — Aparteko bidaia ikusgarri bat egin dut oraintsu, pena izan da zu ez etortzea, benetan... Montreal eta Quebec-era joan eta Niagarako urjauzietatik bueltatu ginen, beti mozkor-mozkor eginda, gure betiko New York honetatik irten ginenetik Bostonera bidean abiadura handiagatik arrastatu gintuzten arte, ezta Pearline?

        Ellenek ez zion begirik gainetik kentzen Stanen atzean zegoen neskatxa txolin bati: lorez apaindutako lastozko kapela txiki bat zeukan, esne urtsuaren antzeko begi urdinen gainean ezarria.

        — Ellie, hau Pearline da... izen polita, ezta? Ni barrez lehertzeko zorioan egon nintzen zera esan zidanean... Baina zuk ez dakizu onena. Halako mozkorra harrapatu genuen Niagarako urjauzietan, ezen geure senera etortzean ohartu baikinen ezkonduta geundela... Eta badugu ezkontza-agiria eta guzti.

        Ellenek ezin zuen haren aurpegia ikusi. Orkestra, aldarriak eta plater-hotsak kiribil burrunbatsuen tankeran isurtzen ziren bere inguruan, gero eta ozenago.

 

                Harengo emakumeek ondotxo zekiten

                nola jantzi behar zuten,

                antzina, Bagdad-eko ekialdean.

 

        — Gau on, Stan.

        Ahotsak zintzurra urratzen zion. Hitzak ahoskatzean, oso argi entzun zituen.

        — O, Ellie! Etorri gurekin parranda egitera...

        — Eskerrik asko... Eskerrik asko.

        Berriro hasi zen Harry Goldweiserrekin dantzan. Terraza biraka ari zen, oso azkar hasieran, geldiroago gero. Zarata urrituz zihoan.

        — Barkatuko didazu unetxo batez, Harry —esan zuen—. Laster nator mahaira.

        Emakumeen bainugelan kontu handiz eseri zen felpazko sofaren gainean. Bere aurpegia islatuta ikusi zuen hauts-kutxako ispilu biribilean. Iskilinba-buruen moduko bere begi-nini beltzak pixkanaka-pixkanaka handitu egin ziren, harik eta begien luze-labur osoa hartu zuten arte.

 

 

        Jimmy Herfek hankak nekatuta zeuzkan, arratsalde osoa ibiltzen emana baitzuen. Akuarioaren ondoko jarleku batean eserita, itsasazalari begira zegoen. Iraileko haize freskoak altzairuzko distira ematen zien portuko uhin kizkurrei eta arbel-koloreko zeru ilunari. Tximinia horiko bapore zuri handi bat Askatasunaren estatuaren aurretik pasatzen ari zen. Atoiontzi baten kea gardenki ebakita irteten zen, paper baten modura. Deskarga-biltegiak tartean baziren ere, Manhattanen bukaerak gogora ekarri zion portuan zehar astiro aurrera doan gabarra baten brankaren irudia. Antxetak jiraka eta biraka hegaldatzen ziren uluka. Jauzi bat eginez zutitu egin zen.

        — Zerbait egin behar diat, arraioa!

        Lipar batez zutik geratu zen, aiko-maiko, giharrak teink. Gizon zarpailtsu bat igandeko egunkari bateko fotograbatuei begira zegoen; haren aurpegia lehenago nonbait ikusia zuen.

        — Epa! —esan zuen indarge.

        — Berehala ezagutu zaitut —esan zuen gizonak eskua luzatu gabe—. Zu Lily Herfen semea zara... Uste nuen ez zenidala hitzik egingo... Niri zertan hitz eginik ere ez duzu, noski.

        — A, noski, zu Joe Harlanden lehengusua izango zara... Izugarri pozten naiz zu ikusteaz... Askotan galdetu diot neure buruari zer moduz ibiliko ote zinen.

        — Zergatik?

        — O, ez dakit... Batek ez du sekula uste bere senideak bera bezalakoak direnik, ezta?

        Helf berriro eseri zen.

        — Zigarro bat?... Camel-a baino ez da.

        — Tira, berdin dit... Zer ari zara, Jimmy? Ez zaizu axola horrela deitzen badizut, ezta?

        Jimmy Herfek poxpolu bat piztu zuen; itzali egin zen, beste bat piztu zuen eta Harlandi luzatu zion.

        — Aste honetako lehenengo zigarroa da... Eskerrik asko.

        Jimmyk begiratu bat egin zion. Haren masail grisaren arrakala luzeak eta haren aho ertzean hasten zen izur sakonak halako angelu bat osatzen zuten.

        — Porrot eginda nagoela uste duzu —jaulki zuen Harlandek—. Damutzen zara hemen eseri izanaz, ezta? Damutzen zara zure amak zu jaun bezala hezi izanaz, eta ez alproja bezala, zure senide guztien antzera.

        — Times-eko erreportari gisa egiten dut lan... Nazka ematen dit kaka-lan horrek —esan zuen Jimmyk, astiro hitz eginez.

        — Ez mintzatu horrela, Jimmy, gazteegia zara... Jarrera horrekin ez zoaz inora.

        — Eman dezagun ez dudala inora joan nahi.

        — Lily gajoa hain harro zegoen zutaz... Zu gizon handia izatea nahi zuen. Zuretzat onena nahi zuen. Ez duzu zeure ama ahaztu nahi izango, ezta Jimmy? Huraxe zen familian izan nuen lagun bakarra.

        Jimmyk barre egin zuen.

        — Nik ez dut esan asmo handiko gizona ez naizenik.

        — Jainkoaren izenean, zure amaren izenean, kontuz egiten duzunarekin. Hasi berria zara bizitzan... dena datozen bi urteen araberakoa da. Begira niri.

        — Antza denez, Wall Street-eko Aztia ez da horren gaizki atera... Baina zera gertatzen da: nik ez dudala onartu nahi hiri madarikatu honetako jendearengandik onartu behar den guztia. Nazkatuta nago inolako begirunerik sortarazten ez didaten erdipurdiko bulegari horien guztien aurrean makurtu behar izateaz... Zertan ari zara, lehengusu Joe?

        — Ez galdetu...

        — Begira, ikusten duzu tximinia gorriak dituen itsasontzi hori? Frantziakoa da. Begira, popako kanoiaren olana kentzen ari dira... Gerrara joan nahi dut... Baina nik ez dut balio halako nahaspiletan sartzeko. Horixe dut eragozpen bakarra.

        Harland bere goiko ezpainari hozka ari zitzaion. Isilune baten ondoren, hitz egiteari ekin zion ahots zakar-urratuaz.

        — Jimmy, zerbait eskatuko dizut Lilyren izenean... zera... Diru xeherik ba al duzu aldean? Zoritxarreko koinzidentzia bat dela medio, ez dut oso ondo jan azken bizpahiru egunetan... Pitin bat ahuldurik nago, ulertzen duzu?

        — Bai, noski. Gainera, kafea, tea edo horrelako zerbait hartzera joatea proposatu nahi nizun... Siriar jatetxe on bat ezagutzen dut Washington Street-en.

        — Goazen ba —esan zuen Harlandek, zurrun zutitzen ari zela—. Ziur zaude ez zaizula axola ni bezalako txorimalo batekin ikusten bazaituzte?

        Egunkaria eskuetatik erori zitzaion. Jimmy makurtu egin zen jasotzeko. Hazpegi zehazgabeak zituen neska-aurpegi arre batek ziztada bat eragin zion, zerbaitek hortz baten nerbioa ukitu izan balio bezala. «Ez, ez zuan bera, ez zian bere antzik, behintzat. Bai...». talentu handiko neska aktore batek berebiziko arrakasta lortu du the zinnia girl-en...

        — Eskerrik asko, utzi hor, bertan aurkitu dut-eta —esan zuen Harlandek.

        Jimmyk egunkaria bota egin zuen; neska muturrez aurrera erori zen.

        — Bai argazki zatarrak, ez duzu uste?

        — Denborapasarako balio dute. Niri gustatzen zait gutxi gorabehera jakitea New Yorken zer gertatzen den... Katuak erregeari begira diezaioke, ulertzen didazu? Katuak erregeari begira diezaioke.

        — O, nik argazkiak ez zeudela ondo aterata besterik ez nuen esan nahi.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia