Bosgarren atala
Animalien feriara joan ginen
Argi gorria. Kanpaia.
Lau auto-ilara trenbide-pasagunean zain. Kolpe-leungailuak atzeko argiekin bat, lohi-babesak elkar marruskatuz, motoreak marruka, ihes-tutuak ketan. Babaylon-go, Jamaika-ko, Montauk-eko, Port Jefferson-eko, Patchogue-ko autoak, Long Beach-eko, Far Rockaway-ko limusinak, Great Neck-eko autoak... Autoak mukuru zeuden: asterrak, bainujantzi bustiak, eguzkitan beltzarandutako lepoak, sodaz eta hot dog-ez koipeztutako ahoak... Autoak zorne-belarren eta urrezko makilen lorautsaz guztiz estalirik.
Argi berdea. Motoreak azeleratu egin ziren, palankek kirrinka egin zuten lehenengo martxa sartzean. Autoen arteko tartea handitu egin zen, zinta luze batean isuri ziren zementuzko bide misteriotsuan zehar, leiho beltzekiko hormigoi-lantegien artetik, kolore dirdaitsuen kartelen artetik, gauaren ortzian harrigarriro gora zihoan hiriaren erlantzerantz, zirku baten olana eskergaren puska urre-kolorekoaren gisa berean.
«Sarajevo» hitza ahoskatzen saiatu zen, baina trabaturik geratu zitzaion eztarrian.
— Ikaragarria da, ikaragarria da horretan pentsatuz gero —George Baldwin purrustaka hasi zen—. Wall Street-ek behea joko du... Burtsa itxiko dute, ez dago zereginik.
— Ni ere ez naiz sekula izan Europan... Gerra batek ikuskizun aparta izan behar du.
Ellenek belus urdinezko soinekoa jantzirik eta horren gainetik larruzko beroki bat zuelarik, gorputza atzerantz finkatua zuen, taxiko kuxinen gainean, haren burrunba eztia belarrietan.
— Nik historia beti irudikatu izan dut ikasliburuetako litografiak bailitzan: jeneralak aldarrikapenak egiten; besoak luze, zelaietan zehar arineketan ari diren irudi txikiak; sinaduren faksimileak.
Argizko konoak argizko konoen ebakitzaile, errepide bero zalapartatsuan zehar. Faroen argi-zipriztinak zuhaitzetan, etxeetan, publizitate-paneletan eta telegrafo-zutoinetan barreiaturik. Taxiak buelta erdia eman zuen eta bide-jatetxe baten ondoan gelditu zen, bere zirrikitu guztietatik argi arrosa eta jazz doinuak zerizkiona.
— Gaur gauean mukuru —esan zion taxilariak Baldwini ordaintzeko orduan.
— Zergatik ote? —galdetu zuen Ellenek.
— Canarsie-ko krimenak izango du zerikusirik horrekin, nik uste.
— Zer krimen baina?
— Zerbait ikaragarria. Neuk ikusi nuen.
— Benetan erailketa ikusi zenuen?
— Krimena ez nuen bertatik bertatik ikusi. Gorpu zurrunak ikusi nituen gorputegira eraman baino lehen. Guk, mutilok, Santa Klaus deitzen genion belarri aldeko bizar zuriak zituelako... Txikitandik ezagutzen nuen.
Atzeko autoak bozina jotzen ari ziren.
— Hobe dut hemendik lehenbailehen alde egitea... Gau on, andere.
Korridore gorrian nabari zen otarrainek, txirla egosiek eta koktelek isuritako usaina.
— Epa, Gus!... Elaine, hauek Mr. eta Mrs. McNiel dira... Hau Miss Oglethorpe da.
Ellenek lepo labur eta sudur zapaleko gizon baten esku handiari oratu zion eta gero, haren emaztearen eskularru txiki apainari.
— Gus, alde egin aurretik, hirekin hitz egin nahi nikek.
Ellen etxezainaren jakaren hegalen atzetik zihoan, dantzatokiaren ertzetik. Horma ondoko mahai batean eseri ziren. Orkestra Everybody's Doing it kanta jotzen ari zen. Baldwin ahapeka ari zen kantuan eta Ellenenganantz makurtu zen, haren berokia aulkiaren atzealdean ipintzeko.
— Ellaine, zu baino emakume xarmangarriagorik ez dut... —hasi zen haren aurrean esertzeaz batera.
— Ikaragarria da. Ezinezkoa irizten diot.
— Zer?
— Gerra hau. Ezin dut burutik kendu.
— Nik bai.
Ellenen begiak menuan iltzatu ziren.
— Erreparatu al diozu aurkeztu dizudan bikote horri?
— Bai. Hori ez al da behin eta berriro egunkarietan agertzen den McNiel? Ez dakit zer iskanbila, eraikitzaileen lan-itxierarekin eta Interborough-en bonuen jaulkipenarekin zerikusia duena.
— Politika da dena. Apustu egingo nuke Gus gizajoa poztu egingo dela gerraren kontu honetaz. Horrekin, gutxienez, zera lortuko da: bere auzia lehenengo orrialdetik kentzea. Gero, unetxo batean zerbait kontatuko dizut gizon horri buruz... Ez dakit gustuko ote dituzun txirla egosiak. Hemengoak oso onak dira.
— George, nik oso-oso atsegin ditut txirla egosiak.
— Orduan, Long Island-eko marinel erako afari bat eskatuko dugu, lehengo modukoa. Zer deritzozu horri?
Eskularruak mahai ertzean uztean, Ellenek doi-doi ukitu zuen arrosa zimel gorri eta horiak zituen ontzi bat. Petalo-zaparrada bat jira eta bira hegaldatu zen haren esku gainera, eskularruen gainera, mahai gainera. Ellenek eskuak inarrosi zituen petaloak gainetik kentzeko.
— Esaiezu arrosa zikin hauek hemendik eramateko, George... Lore zimelek nazka ematen didate.
Txirla-katilu zilar-kolorekotik irteten zen lurrina lanpararen pantailaren erlantz arrosaren inguruan kiribiltzen zen. Baldwin Elleni beha geratu zen eta arreta handiz ikusi zuen nola ateratzen zituen txirlak maskorretatik bere atzamar arrosa eta finez, nola bustitzen zituen gurin urtuan eta, tantaka, nola sartzen zituen ahoan. Ellen txirlen jate horretan ari zela, bere baitan zeharo bildu zen. Baldwinek hasperen egin zuen.
— Elaine... ez naiz batere zoriontsua... McNielen emaztea berriro ikustea hainbeste urte igaro eta gero. Pentsa... ni guztiz maiteminduta egon nintzen berarekin eta orain ezin dut bere izena ere gogora ekarri... Bitxia da, ezta? Gauzak oso-oso astiro joan dira, neure kasa lanean hasi nintzenetik. Ausarkeria izan zen, bi urte baino ez baitziren Zuzenbide Fakultatetik atera nintzela eta ez nuen dirurik aurrera egiteko. Garai hartan ni gizon ausarta nintzen. Behin batean erabaki nuen egun hartan bertan kasurik sortu ezean, dena bertan behera utziko nuela eta bulegari-lanetara itzuliko nintzela. Ostera bat egitera joan nintzen burua egurastera eta Hamaikagarren Etorbideko bazterbidean ikusi nuen nola merkantzi tren batek esnezalearen gurdia harrapatu zuen. Txiki-txiki eginda utzi zuen eta gizajoa jaso genuenean, nik esan nuen neure artean: «Merezi duen kalteordaina lortzen ez badut, behea joko diat ahaleginean». Auzia irabazi egin nuen eta horrek ezagutzera eman ninduen zenbait jende garrantzitsuren aurrean, eta halaxe hasi zuen berak bere karrera eta nik neurea.
— Hortaz, horrexek zeraman esne-gurdia, ezta? Nik uste dut esnezaleak munduko pertsonarik jatorrenak direla. Nirea maitagarria da.
— Elaine, ez esan hori inori... Zugan uste osoa daukat.
— Eskerrik asko, George. Ez al da harrigarria neskek Mrs. Castle-ren antz gero eta handiagoa dutela? Begiratu pixkat inguruan.
— Lehen basoko lore bat bezalakoa zen, Elaine, freskoa eta arrosa eta irlandar peto-petoa; orain, ordea, enpresaburu itxurako emakume potolatxo bihurtu da.
— Eta zu ez zara bat ere aldatu. Bizitza halakoxea da.
— Ez dakit... Zuk ez dakizu zeinen hutsala eta funsgabea iruditzen zaidan zu ezagutu aurreko guztia. Cecily eta biok ezin gara elkarrekin bizi. Gure artekoarenak egin du.
— Non dago orain?
— Bar Harbor-en... Nik suerte eta arrakasta handia izan nuen gaztetan... Oraindik ez ditut berrogei urte bete.
— Baina zoragarria izan behar du. Zuk nahitaez Zuzenbidea gogoko izango duzu, bestela ez zenuen horretan arrakastarik izango.
— O arrakasta... arrakasta... Zer esan nahi du horrek?
— Bada, horren apurtxoren bat nahi nuke nik neuretzat.
— Nahikoa lortu duzu zuk, maitea.
— Ez naiz horretaz ari, alajaina!
— Baina jadanik ez du inolako xarmarik niretzat. Gaur egun nire bulegoan eseri eta gazteei lan egiten utzi besterik ez dut egiten. Nire etorkizuna markatuta dago. Badakit serio eta arranditsu jar nintekeela eta bizio txiki pribatuei ekin... baina nire baitan bada beste zerbait gehiago...
— Zergatik ez zara politikan sartzen?
— Zertarako joan Washingtonera neure burua zingira horretan zikintzera, ni aginduak ematen diren lekuan egonda. Ikaragarria da jakitea inor New Yorkez nazkatzen bada ez duela nora joanik. Munduaren erpina da. Kaiolan dauden urtxintxen modura bira eta bira ibiltzea besterik ez dugu egiteko.
Ellen udako arropa jantzirik zuen jendeari beha zegoen, erdialdeko karratu ezkoztuan dantzan ari zen jendeari, alegia. Aretoaren atzealdeko mahai batean, Tony Hunter-en aurpegi obalatu arrosa-zuria begiztatu zuen. Oglethorpe ez zegoen berarekin. Herf, Stanen laguna, Ellenen aurrean eserita zegoen, hari bizkarra emanez. Ellenek barreka ikusi zuen, burua lardaskaturik eta lepo mehearen gainean pitin bat okerturik zuela. Beste biak ez zituen ezagutzen.
— Nori begira zaude?
— Jojoren lagun batzuei... Ideia azterrenik ere ez daukat zertarako etorri diren hona. Ez nuen uste gogoko zituztenik honelako lekuak.
— Beti hala da, nahi dudana lortzen saiatzen naizenean —esan zuen Baldwinek irribarre ironiko bat aurpegian zuela.
— Nik esango nuke beti egin izan duzula gogoak eman dizuna.
— O, Elaine, utziko bazenit orain egin nahi dudana egiten! Utzidazu zu zoriontsu egiten, horixe besterik ez dizut eskatzen. Hain zara ausarta; zeure bidea bakarrik ari zara egiten, inoren laguntzarik gabe. Jainko maitea, hain zaude maitasunez, misterioz eta dirdaiz beterik...
Asaldatu egin zen, ardo-zurrutada bat edan eta hizketan jarraitu zuen, lotsagorriturik.
— Eskolakume bat ematen dut. Tontoarena egiten ari naiz. Elaine, zuk eskatu eta nik edozer egingo dut zugatik.
— Tira, otarrain hau hemendik eramateko besterik ez dizut eskatuko. Ez dut uste guztiz ondo dagoenik.
— Arraioa!... Beharbada arrazoia duzu... Aizu, zerbitzari!... Hitz eta pitz ari nintzen eta oharkabean ia-ia osorik jan dut otarraina.
— Eskatu oilasko-bularki batzuk niretzat...
— Bai noski! Goseak akabatzen egon behar duzu, gajoa.
— ...Eta artaburu bat... Orain ulertzen dut zergatik zaren hain abokatu ona, George. Edozein epaimahai aspaldi hasiko zen negar-zotinka halako alegatu gartsua entzunda.
— Eta zu ere bai, Elaine?
— George, mesedez, galderarik ez.
Jimmy Herfen mahaian whiskya eta soda edaten ari ziren. Azal horaileko gizon ile argi bat, bi haur-begi urdinen artean okerturik zegoen sudur mehea zuena, ahapetik ari zen hizketan.
— Nik masta nagusitik esekiko nituzke, benetan. Poliziak ez dira ezertarako gauza, ezertarako ere ez. Bortxaketa eta suizidioa izan direla esatea ere! Agure hori eta bere alaba errukarria hil egin dituzte, doilorkeria osoz, gainera. Eta badakizue nork egin zuen?
Tabakoz zikindutako atzamar potolo batez Tony Hunter seinalatu zuen.
— Ez niri egin itaunketarik, epaile jauna, nik ez dakit ezer horretaz —esan zuen, bere betile luzeak beheititzeaz batera.
— Esku Beltzak egin zuen.
— Bai zera, Bullock! —esan zuen Jimmyk barreka.
Bullockek halako ukabilkada gogorra jo zuen mahaian, ezen platerek eta edontziek tintin egin baitzuten.
— Carnarsie Esku Beltzeko kideez, anarkistez, bahitzaileez eta gizatxarrez gainezka dago. Gure eginkizuna haien atzetik ibiltzea eta agure gizajo horren eta bere alaba maitagarriaren ohorea aldarrikatzea da. Horretaz ari garela, nola du izena agure gizajo tximino-aurpegi horrek?
— Mackintosh —esan zuen Jimmyk—. Hemengo jendeak Santa Klaus deitzen zion. Bai, noski, jende guztiak onartzen du burutik zegoela aspalditik.
— Guk amerikar hiritarren handitasuna baino ez dugu onartzen... Baina zer egin dezake batek gerra madarikatu honek beti egunkarien lehenengo orria betetzen badu? Nik orrialde oso bat betetzeko asmoa nuen eta zutabe erdi bat baizik ez didate eman. Hau al da bizitza?
— Zerbait asma dezakezu, esaterako, Austriako tronuaren oinordekoa zela eta arrazoi politikoengatik hil zutela.
— Ez da batere ideia txarra, Jimmy.
— Baina hori ikaragarria da —esan zuen Tony Hunterrek.
— Zer uste duzu, gu astakilo gupidagabeen samalda bat garela, ezta Tony?
— Ez, baina nik ez dakit zer gustu har dezakeen jendeak horrelako gauzak irakurrita.
— O, hori eguneroko kontua da —esan zuen Jimmyk—. Baina zerak eragiten dit oilo-ipurdia, armaden mobilizapenak, Belgrad-eko bonbardaketak, Belgikaren inbasioak... Horrek denak. Ezin dut sinetsi... Jaures hil dute.
— Nor da hori?
— Sozialista frantziar bat.
— Frantziar malapartatu horiek ustelduta daude eta dueluetan aritzea edo/eta lagun hurkoaren emaztearekin oheratzea beste kezkarik ez dute. Apostu egingo nuke alemanak bi aste baino lehenago Parisen egongo direla.
— Egoerak ezin du horrela luze iraun —esan zuen Framingham-ek, Hunterren ondoan eserita zegoen gizon altu zeremoniatsu batek, bibote hori zorrotza zuenak.
— Nahiago nuke gerrako erreportari izendatuko banindute.
— Aizu, Jimmy, frantses hori ezagutzen al duzu, koktelen arduraduna?
— Congo Jake? Bai, noski.
— Jatorra da?
— Bai, oso.
— Goazen berarekin hitz egitera. Agian argibideren bat emango digu erailketari buruz. Jainko maitea, nik erailketa hori mundu-gerrarekin nahasterik baneuka!
— Nik konfiantza handia daukat —ekin zion Framinghamek— ingelesek dena konponduko dutela.
Jimmy barrarantz joan zen Bullocken atzetik.
Aretoa zeharkatzean Ellen begiztatu zuen. Haren ileak gorri-gorria zirudien, ondoko lanpararen erlantzaren meneko. Ezpainak bustirik eta begiak argitsu, Baldwin mahairantz makurturik zegoen. Jimmyk zerbait berezia sumatu zuen bere golkoan, malguki baten modura jauzi egin zuen zerbait. Halako batean burua biratu zuen, Ellenek ikusiko ote zuen beldur zen eta. Bullock jiratu egin zen eta ukondokada bat eman zion saihetsetan.
— Aizu, Jimmy, nor arraio dira gurekin dauden bi morroi horiek?
— Ruthen lagunak. Ez ditut oso ondo ezagutzen. Framingham dekoratzailea da, nik uste.
Barran, Lusitania transatlantikoaren argazki azpian, gizon beltzaran bat zegoen, gorila-papar sendo batek puztutako jaka zuri bat jantzirik. Koktel-ontzi bati eragiten ari zen bere esku iletsuen artean. Barra aurrean, zerbitzari bat zutik zegoen, koktel-edontziz betetako erretilu bat eskuan. Kokteletik bits berde-zurixka isuri zen haien gainera.
— Epa Congo —esan zuen Jimmyk.
— A, bonsoir, monsieur'Erf, ça biche?
— Tira, ondo antzean... zera... Congo, neure lagun bat aurkeztu nahi dizut: Grant Bullock, American-ekoa.
— Zer moduz? Zuk eta Mr. Erfek edan zerbait etxearen kontura.
Zerbitzariak erretilu txilinaria sorbaldaren mailara jaso zuen eta ahurrean ezarrita eraman zuen.
— Oker ez banago, gin fizz batek, hainbeste whisky edan ondoren, ez dit bat ere onik egingo. Hala ere, bat edango dut... Zerbait edan nahi duzu gurekin, Congo?
Bullockek oin bat letoizko arrabolaren gainean ezarri eta zurrutada bat edan zuen.
— Neure artean ari nintzen —esan zuen astiro— ea hemengo inork ez ote zuen ezer jakingo errepideko erailketa horri buruz.
— Bakoitza bere teoriarekin.
Jimmyk antzeman zion Congok bere begi beltz eta sakonetako batekin egindako keinu lauso bati.
— Hemengo aldean bizi zara? —galdetu zuen barre inozoari eustearren.
— Gau erdian auto baten hotsa entzun nuen, oso-oso azkar eta kriston zarata eginez. Uste dut zerbait jo zuela eta gero, bat-batean gelditu eta atzerantz egin zuela askoz azkarrago, tximista baten modura.
— Tirorik entzun al zenuen?
Congok burua astindu zuen misteriotsu.
— Ahotsak entzun nituen, oso ahots haserreak.
— Tira, hau ikertu egin behar da —esan zuen Bullockek edontziaren azken zurrutada kolpetik irentsiz—. Goazen neskengana.
Ellen kafea ekarri zien zerbitzariari beha zegoen, aurpegia intxaurrarena bezain zimurturik zuelako eta begiak bisigu frijituarenak bezalakoak. Baldwin bere aulkian erdi etzanik zegoen, Elleni so, begiak erdi itxirik. Ahapeka eta gorabeherarik gabe hitz egiten zuen.
— Ez al duzu ikusten zoratuko naizela zu lortzen ez bazaitut? Zeu zara mundu honetan betidanik nahi izan dudan gauza bakarra.
— George, nik ez dut inorena izan nahi... Ez al duzu ulertzen emakume batek askatasuna behar duela? Izan zentzuzkoa. Etxera joan beharko dut, horrela hitz egiten jarraitzen baduzu.
— Zergatik ez didazu orain arte trabarik ipini? Nirekin ezin da jolasean ibili txotxongiloa banintz bezala. Ni ez naiz gizon horietakoa. Zeuk ondotxo dakizu hori.
Ellenek bere begi gris zabalez zuzenean begiratu zion. Argiak urrezko distira piztu zuen irisaren fits nabar txikien gainean.
— Oso gogorra izan behar du lagunak egiteko ahalmenik ez izateak.
Ellenek begiak beheratu zituen eta mahai ertzean bermatutako bere atzamarretan soa finkatu zuen. Baldwin haren betileen erlantzari begira zegoen. Halako batean, elkarrengandik bereizten zituen isiltasuna urratu zuen abokatuak.
— Tira, goazen dantza egitera.
J'ai fait trois fois le tour du monde
dans mes voyages.
Congo Jake kantuan ari zen ahapeka, bere esku iletsuen artean koktel-ontzi handi distiratsu bat astintzen zuen bitartean. Berdez papereztatutako taberna meharra jendez josita eta ahotsez borborka zegoen, alkoholaren lurrinak kiribilka egiten zuen gora, izotzak tintin egiten zuen edontzietan, eta aldian behin musika etortzen zen ondoko gelatik. Jimmy Herf zoko batean bakarrik gin fizz bat edaten ari zen zurrutadaka. Beraren ondoan, Gus McNiel zaplada txikiak ematen ari zitzaizkion Bullocki bizkarrean, garrasika hitz egiten ziola belarrira:
— Zera, burtsa ixten ez badute... arraioa!... eztanda egin baino lehenago aukera on bat sortuko da... Ez ahaztu. Izualdia odol hotzeko gizonek dirua irabazteko tenorea da.
— Finantza-porrotak dagoeneko gertatu dira batzuk, eta hau hasiera besterik ez da...
— Zoriak behin bakarrik jotzen du gizon gaztearen atean... Entzuidazu: burtsa-artezkaritza handi horietako batek bat ere dirurik ez duela jakitera ematen duenean, jende zintzoak poza hartu behar du... Baina esan dizudan guztia ez duzu egunkarian argitara emango, ezta? Zu morroi jatorra zara... Kazetari gehienek nahi duzuen guztia ipintzen diozue bati ahoan. Inor ezin da zuekin fidatu. Gauza bat, ordea, esango dizut: itxierak izugarrizko mesedea egiten die eraikitzaileei. Nolanahi ere, gerrarekin batera, ez da etxerik bat bera ere eraikiko.
— Ez du iraungo bi aste baino gehiago eta, dena den, nik ez dakit zer-nolako eragina izango duen gugan.
— Mundu guztiak jasango ditu kalteak... Aizu, Joey, zer arraio nahi duzu zuk?
— Zurekin bakarka hitz egin nahi nuke une batez, jauna. Albiste garrantzitsuak daude...
Taberna arian-arian husten ari zen. Jimmy Herf artean zutik zegoen, atzealdeko horman bermaturik.
— Zu ez zara mozkortzen, Mr. Erf, inoiz.
Congo Jake barra atzean eseri zen, kikara bat kafe edateko.
— Nahiago dut gainerako morroiei begiratu.
— Oso ondo. Bai lelokeria! Diru piloa gastatu eta hurrengo egunean buruko mina.
— Horrela ez du hitz egin behar zerbitzari batek.
— Pentsatzen dudana esaten dut.
— Aizu, betidanik galdetu nahi izan dizut... Axola al zaizu niri esatea zera...? Nolatan duzu Congo Jake izena?
Congok barre sakon bat egin zuen.
— Ez dakit... Ni txikitan itsasoratu nintzen lehenengo aldian Congo deitu zidaten ile kizkurra eta iluna daukadalako, beltzek bezala. Gero, Amerikan lan egiten nuenean, itsasontzi amerikar batean eta hori dena, morroi batek galdetzen zidan: Zer moduz, Congo? Eta nik esan nuen: Jake... horregatik deitzen didate Congo Jake.
— Ezizen polita... Nik uste nuen zuk itsasoan jarraitzen zenuela.
— Bizimodu hori gogorra da... Benetan esaten dizut, Mr. Erf, beti zoritxarra aldean. Gabarra baten nire lehenengo oroitzapena... kanal bateko gabarra batena, gizon batek, ez aitak, egunero egurra ematen zidan. Gero, ihes egin nuen eta belaontzietan lan egin nuen Bordelen.
— Txikitan ni hantxe egon nintzen, nik uste.
— Bai, ziur... Zeuk ulertzen dituzu horrelako gauzak, Mr. Erf. Baina zu bezalako gizon batek, edukazio ona eta hori dena, ez daki zer den bizitza. Hamazazpi urterekin etorri nintzen ni New Yorkera... gauza onik ez. Parrandan ibiltzea besterik ez buruan. Gero, berriro itsasoratu nintzen eta munduan barrena jo nuen. Shanghain ikasi nuen amerikanoz hitz egiten eta taberna gobernatzen. Frisco-ra itzuli eta ezkondu egin nintzen. Orain amerikarra izan nahi dut. Baina zoritxarra berriro aldean... Begira, neska horrekin ezkondu aurretik, urtebetez elkarrekin bizi izan ginen, oso pozik, baina ezkondu bezain laster, gauza onik ez. Berehala hasi zen adarra jotzen eta Frantximant deitzen, zeren eta ni ez naiz amerikanoz ondo mintzatzen eta, gainera, ez zen sekula etxetik ateratzen eta pikotara bidali nuen. Gauza bitxia gizon baten bizitza.
J'ai fait trois fois le tour du monde
dans mes voyages.
Congok berriro ekin zion kantari, bere baritono-ahots marmartiaz.
Esku bat pausatu zen Jimmyren besoan. Hura jiratu egin zen.
— Zer moduz, Ellie, zer duzu?
— Zoro batekin nago, alde egiten lagundu egin behar didazu.
— Hau Congo Jake da... Ezagutu egin behar duzu, Ellie, gizon aparta da... Nire laguna une trés grande artiste da, Congo.
— Kopatxo bat anis nahi duzu, andrea?
— Edan ezazu zerbait gurekin... Zeinen leku gozoa den hau, jende guztiak alde egin eta gero!
— Ez, eskerrik asko, etxera noa.
— Baina gaua hasi besterik ez da egin.
— Tira, nire zoroarekin moldatu beharko duzu... Aizu, Herf, gaur Stan ikusi duzu?
— Ez, ez dut ikusi.
— Berarekin elkartzeko nintzen eta ez da azaldu.
— Stanek gutxiago edatea lortuko bazenu behintzat, Ellie... Kezkatzen hasita nago berarekin.
— Ni ez naiz bere tutorea.
— Badakit, baina ulertzen duzu zer esan nahi dudan.
— Zer uste du gure lagunak gerrari buruzko zurrumurru horietaz?
— Ni hemen geratuko naiz. Langileok ez dugu herririk. Nik nahi dut amerikar hiritarra izan... Itsas armada ez da berria niretzat baina...
Kolpe bat jo zuen esku batez besaurre okertuaren kontra eta barre sakon bat atera zen bere eztarritik.
— Pikotara! Moi, je suis anarchiste, vous comprenez, monsieur.
— Baina orduan zu ezin zara amerikar hiritarra izan.
Congok sorbalda jaso zuen.
— O, gizon aparta da —xuxurlatu zuen Ellenek Jimmyren belarrira.
— Zertarako nahi dute gerra? Langileek iraultza handia ez egiteko. Jende gehiegi dago lanpeturik gerran. Hortaz, Guillaume eta Viviani eta Krupp eta Rothschild eta Morgan, horiek esaten dute: «Eta orain gerra bat...». Eta zer egin dute lehenik? Jaures hil, sozialista zelako. Sozialistek traizioa egin diote Internazionalari, baina berdin dio...
— Baina nola ipintzen dute jendea bere borondatearen kontra elkarren aurka borrokan?
— Europan jendea esklabo izan da urte askotan. Hemen ez bezala... Baina nik gerra ikusi dut. Oso bitxia. Nik taberna bat izan nuen Port Arthur-en, mutikotan. Oso bitxia.
— Ene, gerrako erreportari-lanpostua emango balidate!
— Ni Gurutze Gorriko erizain joan ninteke.
— Erreportaria, bai gauza ona... Beti taberna amerikar batean mozkortuta, borroka-zelaitik oso urrun.
Barre egin zuten.
— Baina ez al gaude gu borroka-zelaitik dezente urrun, Herf?
— Ederki, goazen dantza egitera. Barkatuko didazu gaizki dantzatzen badut.
— Ostikada bat emango dizut, ezer gaizki eginez gero.
Herfen besoak igeltsuzkoak zirudien, Elleni gerritik oratu zionean. Hautsezko horma garaiak puskatu eta bertan behera erortzen ziren haren baitan. Gorantz hasi zen, suzko globo baten modura, Ellenen ilearen lurrinari antzemanda.
— Behatz-puntetan eta erritmoarekin batera... Zuzen ibili aurrerantz, horixe da dena.
Ellenen ahotsa zerra txiki zorrotz malgu bat bailitzan barneratzen zitzaion haragian. Ukondokadak, aurpegi zurrunak, begi irtenak, gizon lodiak eta emakume lirainak, emakume lirainak eta gizon lodiak erruz biraka ari ziren haien inguruan. Jimmy igeltsua xehatzen ari zen, bularrean indartsu eta min-eragile pilpiratzen zion zerbaitetaz baliatuta. Ellen makina nahaspilatu bat zen haren besoen artean, argi zuria, urdina eta kobre-kolorekoa isurtzen zituen zerra dirdaitsuaren hortzak zituena. Dantzaldia bukatu zutenean, Ellenen paparra, aldaka eta izterrak hurbiltzenago sumatu zituen. Halako batean, Jimmyri odola pilatu egin zitzaion, zaldi eroaren pare. Ate ireki batetik, haize leunak aurrera egiten zuen jangelaren tabakoaren kean eta aire trinko arrosan gaindi.
— Herf, erailketaren etxera joan nahi dut. Mesedez, eraman nazazu hara.
— Dagoeneko X askotxo ikusiak ditut nik, erailketa gertatu zen lekua markatzeko jarriak.
Hallean George Baldwin bidera irten zitzaien. Klariona bezain zurbil zegoen. Gorbata beltza zuen, okertua. Bere sudur finaren zuloak zabaldurik eta zain txiki gorriz marraturik zeuden.
— Epa, George.
Abokatuaren ahotsak karraka egin zuen, garraztasunez, klaxon baten modura.
— Elaine, zure bila ibili naiz. Hitz egin behar dizut... Agian zuk uste duzu txantxetan ari naizela. Nik ez dut sekula txantxarik egiten.
— Herf, barkatu une batez... Tira, zer gertatzen da, George? Itzuli mahaira. George, ni ere ez nintzen txantxetan ari... Herf, taxi bat eskatu nahi duzu niretzat?
Baldwinek eskumuturretik heldu zion.
— Nahikoa jolastu duzu nirekin, aditu? Egunen batean, gizon batek errebolber bat hartu eta hil egingo zaitu. Uste duzu nirekin jolas egin dezakezula mukizu horiekin guztiekin bezala... Zu ez zara prostituta arrunt bat baino hobea.
— Herf, esan dizut taxi bat eskatzeko niretzat.
Jimmyk bere ezpainak hozkatu zituen eta ate nagusitik irten zen.
— Elaine, zer egin behar duzu?
— George, nik ez dut inoren agindurik onartzen.
Nikelezko zerbaitek ñir-ñir egin zuen Baldwinen eskuan. Gus McNielek aurrera jo zuen eta eskutik heldu zion bere esku gorri handiaz.
— Emaidak hori, George... Jainkoarren, gizona, lasaitu!
McNielek errebolberra poltsikoan sartu zuen.
Aldaroka, Baldwin hormarantz abiatu zen. Eskuin eskuko hatz erakusletik odola zerion.
— Hementxe dago taxia —esan zuen Herfek aurpegi zurbil zurrun guztiei begira, banan-banan.
— Ederki, eraman ezazu neska etxera... Ez da ezer gertatu, nerbio-atake bat baino ez. Ez da zertan larritu.
McNielek kaleko hizlari baten modura egiten zuen oihu. Maître-ak eta arropazaindegiko neskak artega begiratu zioten elkarri.
— Ez da ezer gertatu... Jaun hau pitin bat urduri dago... Lan gehiegi, badakizue.
Lasaitasuna eman nahirik, McNielek ahotsa beheititu eta xuxurlatu zuen:
— Ahaztu kontu hori, ulertzen?
Taxian sartzean, Ellenek bat-batean esan zuen haur-ahots finaz:
— Ahaztuta neukan erailketa gertatu zen lekura joateko ginela... Taxilariak itxaron dezala. Aire zabalean apur bat ibili nahi nuke.
Paduren gatz-usaina nabaria zen. Gaua ilargiaren argiaz eta hodeiez zipriztinduta zegoen. Apoek ubideetan kaskabiloek bezala hots egiten zuten.
— Urruti dago? —galdetu zuen Ellenek.
— Ez, hor behean da, kale-kantoian.
Legarrak krak egin zuen haien oinen azpian. Gero, haien oin-hotsa leunki entzun zen macadamen gainean. Faro batek itsutu egin zituen; gelditu egin ziren autoari pasatzen uzteko. Ihes-tutuak sudurzuloak bete zizkien, eta gero, usain hori padurenaren baitan aienatu zen.
Teilatu zorrotzeko etxe gris bat zen eta atzealdetik akazia handi batek itzala ematen zion. Bide ondoan ataurre txiki bat zuen, burdinsare hautsi batez babestua. Etxearen aurrealdean, polizia bat harat-honat zebilen, txistuka, bere baitan bilduta. Lipar batez, ilargiaren pusketatxo mutxitu bat agertu zen hodeien atzetik, leiho ireki baten kristal puskatua eztainu-paper bihurtuz eta akaziaren hosto txiki eta biribilak nabarmenduz. Horrela, hodeien arteko zirrikitu batetik pirritan hasi zen, galdutako txanpon baten modura.
Bietako inork ere ez zuen ezer esan. Bide-jatetxerantz abiatu ziren berriro.
— Herf, benetan ez duzu Stan ikusi?
— Ez, eta ez dut ideia aztarrenik non ezkutatu ote den.
— Ikusten baduzu esaiozu niri lehenbailehen telefonoz deitzeko... Herf, nola deitzen ziren Frantziako Iraultzan armaden atzetik zihoazen emakume haiek?
— Utzidazu pentsatzen. Cantonnieres ez zen?
— Horrelako zerbait... Nik horietako bat izan nahi nuke.
Haien eskuinaldean, urrun, tren elektriko batek txistu egin zuen, triki-traka eginez hurbildu zen eta gero, haren aztarna iraungiz joan zen, urrutiratu ahala.
Tango bat zeriola, bide-jatetxea arrosa urtzen zen, izozki baten gisa berean. Jimmy Ellenekin sartzekotan zen taxian.
— Ez, bakarrik joan nahi dut, Herf.
— Baina nik oso gustura lagunduko nizuke etxeraino... Ez zintuzket bakarrik utzi nahi.
— Mesedez, lagun gisa eskatzen dizut.
Ez zioten eskurik elkarri eman. Hautsa eta gasolina errea nahasirik zituen bafada bat bota zion taxiak aurpegira. Jimmy eskaileran gelditu zen, zarata eta ke artera itzultzeko gogorik gabe.
Nellie McNiel bakarrik zegoen mahaian. Aurrean, bere senarraren aulki hutsaren bizkarraldetik ezpain-zapi bat esekita zegoen. Nelliek aurrerantz finkatua zuen begirada, norarik gabe. Dantzan ari zirenak itzalak bailiran igarotzen ziren haren begien aurretik. Gelaren beste muturrean George Baldwin ikusi zuen, zurbil eta argal, bere mahairantz astiro zihoala, gaixo baten legez. Mahai ondoan, zutik, abokatuak bere kontua arretatsu aztertu, ordaindu eta bere ingurura begiratu zuen, ezeri bereziki erreparatu gabe. Nellie ikusteko zorian zegoen. Zerbitzariak erretilu batean ekarri zituen bueltak eta dezente makurtu zen. Baldwinek dantzan ari zirenei azkar egin zien so, begirada ilunaz, soina biratu zuen eta irten egin zen handik. Lirio txinatarren gozotasun jasanezina gogora ekarrita, Nelliek begiak malkoz beterik sumatu zituen. Bere zorro zilarreztatutik agenda bat atera zuen, gainetik irakurri eta oharrak hartu zituen arkatz zilarreztatu batez. Gero, gorantz begiratu zuen eta, bere aurpegiaren azal nekatuan atsekabe-imintzio bat erakutsiz, keinu bat egin zion zerbitzariari.
— Aizu, mesedez, esango diozu Mr. McNieli Mrs. McNielek hitz egin nahi diola? Tabernan dago.
— Sarajevo, Sarajevo, hantxe piztu da sua! —oihu egin zion Bullockek barran zehar kokaturiko aurpegi eta edontzien ilarari.
— Aizu —esan zuen Joe O'Keefek ahapetik, inorekin bereziki ari ez bazen ere—, telefono-bulegoko batek esan dit itsasoan bataila handi bat gertatu dela, St. John's-en, Ternuan, eta ingelesek alemanei berrogei aleko ontzidi bat urperatu dietela.
— Jimmy, horrela gerra segituan amaituko da!
— Baina oraindik ez dute deklaratu eta!
— Nola dakizu zuk? Kableak guztiz buxaturik daude eta bertatik albiste bat bera ere ezin da pasa.
— Ba al zenekien lau porrot gehiago izan direla Wall Streeten?
— Esan didate Chicagoko gariaren merkatua erotu egin dela.
— Burtsa guztiak itxi beharko lituzkete hau bukatu arte.
— Agian Ingalaterrak askatasuna emango dio Irlandari, Alemaniak izugarrizko jipoia ematen badio.
— Baina oraintxe ari dira... Burtsa bihar ez da irekiko.
— Dirua eta zuhurtasuna duen gizonak oraintxe du nahi adina sos irabazteko tenorea.
— Tira, Bullock laguna, etxera noa —esan zuen Jimmyk—. Hauxe dut lanik gabeko gau bakarra eta ezin dut alferrik galdu.
Bullockek begi-keinu bat egin eta esku mozkor bat inarrosi zuen. Ahotsak Jimmyren belarrietan taupadaka ari ziren marruma malgu baten antzera, hurbil, urrun, hurbil, urrun... Txakurrak bezala hil da. «Tira ba, aurrera», esan zuen. Bere diru guztia xahutu zuen quarter bat izan ezik. Egunsentian fusilatua. Gerra-deklarazioa. Borrokaren hastapena. Eta bakarrik utzi zuten bere lorian. Leipzig, eskualde jendegabea, Waterloo, han nekazariak altxatu ziren eta bataila haren sugarra piztu zuten... «Ezin diat taxia hartu; ibili egin nahi diat». Ultimatuma. Loreak belarrietan, soldadu-trenak kantari doaz gerrara. Eta ahalkea etxean geratzen den gezurrezko etruskoagatik...
Legarrezko zidorretik errepiderantz jaisten ari zela, beso bat haren beso bati lotu zitzaion.
— Ardura al dizu ni zurekin joaten banaiz? Ez dut hemen geratu nahi.
— Ez, inola ere ez, Tony. Ni oinez itzuliko naiz.
Herf urrats luzeak eginez zebilen, aurrera begira. Hodeiek ilundua zuten zerua, non artean ozta-ozta ageri baitzen ilargiaren esne-kolore indargea. Eskuin eta ezkerraldera, arku elektriko bakan batzuen argizko kono gris-moreak, ilunpearen zipriztintzaile. Harantzago, erlantzak gorantz egiten zuen, kaleek aurrean horma lauso hori eta gorrixkak balituzte bezala.
— Ez nauzu begiko, ezta? —esan zuen Tony Hunterrek zenbait minutu geroago, arnasa nekez hartuz.
Herfek ibilera moteldu zuen.
— Ba... zera... ez zaitut ondo ezagutzen... Oso atsegina ematen duzu.
— Ez esan gezurrik, ez duzu zertan... Uste dut gaur gauean neure buruaz beste egingo dudala.
— Baina, baina gizona! Ez egin hori... Zer duzu?
— Zuk ez duzu eskubiderik niri esateko ez dudala neure buruaz beste egin behar. Zuk ez dakizu ezer ere nitaz. Ni emakumea banintz, kasu handiagoa egingo zenidake.
— Baina hori alde batera utzita, zer duzu?
— Erotzen ari naiz, horixe da dena, hain ikaragarria da guztia. Gau batean, Ruthekin ikusi zintudan lehen aldian, uste nuen lagunak izango ginela, Herf. Hain atsegina eta ulerkorra ematen zenuen... Uste nuen zu ni bezalakoa zinela, baina orain hain bihozgabe bihurtzen ari zara...
— Times-en erruagatik izango da, nik uste... Laster botako naute, ez estutu.
— Nekatuta nago pobrea izateaz. Arrakasta lortu nahi dut.
— Ondo, zu oraindik gaztea zara, ni baino gazteagoa, seguruenik.
Tonyk ez zuen erantzun.
Etorbide zabal batetik behera zihoazen, zurezko etxe belztuen bi ilararen artean. Tranbia luze eta hori bat txistuka igaro zen handik.
— Flatbush-en egongo gara, nonbait.
— Herf, nik uste nuen zu ni bezalakoa zinela, baina orain beti emakumeen artean ikusten zaitut.
— Zer esan nahi duzu?
— Ez diot sekula kontatu inori... Jainko maitea, zuk hau inori esaten badiozu... Txikitan izugarrizko nahaspila nuen nik sexu kontuetan. Nik hamar, hamaika edo hamahiru urte izango nituen.
Negar-zotinka ari zen. Arku elektriko baten azpitik pasatzean, Jimmyk antzeman zion Tonyren masail gaineko malkoen distirari.
— Ez nizuke horrelakorik esango, mozkortuta ez banengo.
— Baina horrelako gauzak ia jende guztiari gertatzen zaizkio txikitan. Ez zenuke larritu behar.
— Baina ez naiz aldatu eta horixe da okerrena. Ez ditut emakumeak gustuko, behin eta berriro saiatu banaiz ere... Harrapatu egin ninduten. Hain lotsatuta egoten nintzen ezen hainbat astetan eskolara joan gabe egon bainintzen. Gure ama negar batean ari zen. Hain nago lotsatuta! Zuk ez dakizu nolako beldurra ematen didan jendeak horren berri jakiteak. Beti borrokan nago kontu hori ezkutatu nahian, neure sentimenduak inork jakin ez ditzan.
— Beharbada, dena zure irudimena izango da. Seguru asko, gainditu ahal izango duzu. Joan psikoanalista batengana.
— Ezin dut inorekin hitz egin honetaz. Gaur gauean mozkortuta ez banengo... Entziklopedia bat kontsultatzen saiatu naiz... Hiztegian ere ez dator.
Jimmy Herfek zaplada batzuk eman zizkion bizkarrean.
— Tira, gizona, aupa! Zer arraio! Jende piloa dago zure kasuan. Antzerkiaren mundua gainezka dago.
— Horiek denak gorroto ditut nik... Horrelako jendeaz ez naiz ni maitemintzen. Neuk ere neure burua gorrotatzen dut. Gainera, ziur nago hemendik aurrera zeuk ere gorrotatuko nauzula.
— Hori bai txorakeria! Niri bost!
— Orain badakizu zuk zergatik egin nahi dudan neure buruaz beste... O, ez dago eskubiderik, Herf! Ez dago eskubiderik!... Ez dut inoiz zorterik izan bizitzan. Institututik aterata hasi nintzen neure bizibidea aurrera ateratzen. Mandatu-mutila nintzen udako hoteletan. Gure ama Lakewood-en bizi zen eta nik irabazten nuen guztia bidaltzen nion. Oso gogor lan egin dut nagoen lekura iristeko. Jende guztiak horren berri izango balu, izugarrizko iskanbila sortuko balitz eta dena jakitera emango balitz, nire akabua litzateke.
— Baina hori esaten da galai gazte itxuroso guztiei buruz eta inor ez da estutzen.
— Paper bat kentzen didatenean burura etortzen zait horrexegatik dela. Horrelako gizon guztiak gorrotatu eta mesprezatzen ditut... Ez dut galai gazte itxurosoa izan nahi. Nik antzeztu egin nahi dut. A ze infernua!... A ze infernua!
— Baina orain zu entseiatzen ari zara, ezta?
— Antzezpen txoro bat, sekula Stamford-etik aterako ez dena. Orain ez zara harrituko egin dudala entzuten baduzu.
— Egin zer?
— Neure buruaz beste.
Aurrera segitu zuten elkarri hitzik esan gabe. Euria hasi zuen. Kalearen behealdean, zapata-kutxak bezalako etxe berde-beltz batzuen atzetik, oinaztargi more bat sigi-sagan ageri zen tarteka. Hezetasunak eta hautsak eragindako usaina sortzen zen, tantatzar zalapartatsuek asfaltoari talka egitean.
— Hemengo aldean metro-geltoki bat dagoela uste dut... Hori ez al da argi urdin bat? Korrika egin dezagun, bestela blai eginda bukatuko dugu-eta.
— Arraioa, Tony! Niri berdin zait blai eginda bukatzea ala ez.
Jimmyk kapela erantzi eta esku batez kulunkan erabili zuen. Tantak hotz erortzen ziren bere bekoki gainera. Euriak, teilatuek, lupetzak eta asfaltoak isuritako usainak ahotik kendu zion whisky eta zigarroen garraztasuna.
— Kaka zaharra! Ikaragarria da —deiadar egin zuen Jimmyk bat-batean.
— Zer?
— Sexuari buruzko kontu horiek guztiak. Gaur gauera arte ez naiz ohartu hilzoriaren benetako luze-laburraz. Oso gaizki pasatu behar duzu zuk. Denok ere pasatzen dugu gaizki. Zure kasuan, zorte txarra da, zorte txar-txarra. Martin-ek esan ohi zuen: «Dena askoz hobeto joango litzateke, bat-batean ezkila batek joko balu eta denek elkarri esango baliote zer egin duten, nola bizi izan diren, nola maitatzen duten. Gauzak ezkutatuz usteldu egiten dira». Jainko maitea, ikaragarria da! Hori gabe bizitza berez nahiko zaila ez balitz bezala.
— Tira, metroko geltoki horretan sartuko naiz.
— Luzaro itxaron beharko duzu, ordea.
— Berdin dio, nekatuta nago eta ez dut busti nahi.
— Orduan, gau on.
— Gau on, Herf.
Ostots luze bat entzun zen. Euria barra-barra hasi zuen. Jimmyk kapela belarrietaraino sartu eta jakaren lepoa gorantz jaso zuen. Lasterka zihoala, oihu egin nahi zuen: «Putakumeak!», biriken indar guztiarekin. Oinaztargiak sigi-sagan ari ziren leiho hilen ilaretan zehar. Euriak borborka jarri zituen zoladura, erakusleihoak, harrizko eskailera nabarrak. Belaunak bustita zeuzkan. Bizkarretik behera tanta-zorrotada geldi bat zihoakion eta ur-jauzi hotzak mahuketatik behera erortzen zitzaizkion, eskumuturrak blaituz. Azkura zuen gorputz osoan eta dar-dar egiten zuen. Brooklynen zehar ibili zen. Logela guztietako ohe guztien obsesioa: bertan jendea bihurrikatuta zegoen, nahasita, itota, lorontziko landareen sustraien antzera. Ostatuetako eskaileretan kraska egiten zuten oinen obsesioa, itsumustuka ateko heldulekuen bila ari ziren eskuen obsesioa. Loki taupakarien eta ohe gaineko gorputz bakarti zurrunen obsesioa.
J'ai fait trois fois le tour du monde
vive le sang, vive la sang.
— Moi, monseur, je suis anarchiste... And three times round went our gallant ship, and three times round... Batetik hori eta bestetik dirua, kaka zaharra!... And she sank to the botton of the sea... Leku onean gaude.
J'ai fait trois fois le tour du monde
dans mes voy... ages.
Gerra-deklarazioa... Danbor-arradak... Bola iletsu baten moduko kapela luzea zuen danbor nagusiaren makila dizdizariaren atzetik, gorriz jantzitako alabardarien ibilaldia zihoan. Zilarrezko kirtenak birak ematen zituen dirdaiak jaulkiz... ran, rataplan, plan... munduko iraultza... Borrokaren hastapena euriak astindutako kale hutsetan zehar egindako desfile luze batekin. Estra, estra, estra. Santa Klaus bere alaba bortxatzen saiatu ondoren hil egin zuen. ESKOPETAZ BERE BURUAZ BESTE EGIN ZUEN... Kanoia kokots azpian ezarri eta hatz lodiaz sakatu zuen katua. Izarrek Fredericktown arbuiatzen dute. Munduko langileok, bat egin ezazue. Vive le sang, vive le sang.
— Kaka zaharra, blai eginda nago! —esan zuen Jimmy Herfek goraki.
Bera zegoen lekutik ikusi zuenaren arabera, kalea hutsik luzatzen zen, euripean, arku elektrikoen bola morez han eta hemen jositako leiho hilen ilaren artean. Etsi-etsian segitu zuen oinez.
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana