Laugarren atala

Suhiltzaileen kamioia

 

Horrelako arratsaldeetan autobusak lerroka kokatzen ziren zirku-desfile bateko elefanteak bezala, Morningside Heights-etik Washington Square-ra, Penn Station-etik Grant's Tomb-era. Neska-mutilak elkarri bultzaka ari ziren batzuek besteen soina ukitu nahian, kalean gora eta kalean behera, elkar igurtzitzen ari ziren batzuk besteei bultzaka, plaza ilunik plaza ilun, harik eta ilberriak Weehauken-en goialdean inozoki barre egin zien arte, harik eta igande bizigabe bateko haize-boladak hautsa begitarterantz harrotu zien arte, arrastiri hordi baten hautsa.

 

        Central Park-eko pasealeku batean gora zihoazen.

        — Badirudi zaldar bat zuela lepoan —esan zuen Ellenek Burns-en estatuaren aurrean.

        — A! —xuxurlatu zuen Harry Goldweiserrek hasperen sakon bat eginez—, poeta aparta izan zen ordea.

        Bere kapela zabala eta bere soineko nasai argia jantzirik, Ellenek aurrera zegien, haizeak aldian behin soinekoa hanken eta besoen kontra sakatzen bazion ere; aurrera zegien zetaren kraskaden doinupean arrastiriko argi-burbuila gorrixka, more eta berdeen artetik; belar, zuhaitz eta urmaeletatik gora zihoazen burbuilok, parkeko hegoaldearen ertzeko etxe garai grisen kontra hanpatzen ziren eta zenitaren anilean urtu egiten ziren. Harryk bere ezpain lodiez esaldiak biribilduz hitz egiten zuen, bere begi marroiez neskaren musua irrikaz aztertuz; Harryren hitzen hurbiltasunak hainbesteko estutasuna sortarazten zuen Ellenengan, ezen ematen baitzuen haren jantziaren estuguneetako zirrikituetan zehar aurrera egin nahi zuela. Gizonaren solasak sortarazitako izuak arnasketa galarazten zion.

        — The Zinnia Girl antzezpenak sekulako arrakasta izango du, Elaine, benetan diotsut, eta paperak zuretzat idatzia ematen du. Nahi nuke, bada, zurekin berriro lan egin, zinez... Hain zara desberdina. Horixe da besteengandik bereizten zaituena. New York-eko neska guztiak berdinak dira: aspergarriak. Jakina, zuk nahi izanez gero... kantatu ere ederki asko egin zenezake. Ezagutu zintudanetik ero antzean ibili naiz, eta harrezkero sei hilabete luze igaro dira. Mahaian eseri eta ez diot janariari zaporerik hartzen... Zuk ez dakizu zein bakarrik sentitzen den gizon bat, hainbat urte eman baditu bere sentimenduak bere baitatik askatu ezinik. Gaztetan desberdina nintzen, baina zer egingo diogu ba? Nik dirua irabazi behar izan dut eta aurrera egin dut bizitzan. Eta horrela urtez urte. Orain lehenengo aldiz pozten naiz horrela jokatu izanaz, hain zuzen ere, bizitzan aurrera egin eta diru asko irabazi izanaz, den-dena zuri eskaintzeko moduan nagoelako. Ulertzen didazu zer esan nahi dizudan?... Bizitzan aurrera egiten ari nintzen bitartean neure baitan gordetzen ari nintzen ideal eta gauza eder haiek guztiak ereindako haziak ziren eta zeu zara lorea, haiengandik sortua.

        Noizean behin, ibilian, bere ahurraz ozta-ozta ukitzen zuen Ellenena eta neskak berehala ukabila hertsi eta baztertu egiten zuen, haren esku potoloaren ukipen beroa eta setatsua saihestearren.

        Pasealekua bikotez beterik zegoen, baita musika noiz hasiko zain zeuden familiaz ere. Nabari zen umeek, besapeek eta talko-hautsak isuritako usaina. Handik saltzaile ibiltari bat igarotzen zen puxika gorriak, horiak eta arrosak atzetik hegan zekartzala, alderantzikatutako mahats-mordo bat bailitzan.

        — O, erosidazu puxika bat!

        Luzaroago eutsi ezinda, hitzak ahotik zerizkion Elleni.

        — Emaidazu kolore bakoitzeko bat!... Eta urre-koloreko horietako bat ere bai. Ez, bueltak zuretzat.

        Ellenek globoen hariak ipini zituen txapel gorriko hiru neskato tximino-aurpegidunen esku zikin-itsaskorretan. Puxikek arku elektrikotik distira morezko biribil erdi bana hartu zuten.

        — Umeak atsegin dituzu ezta, Elaine? Umeak atsegin dituzten emakumeak atsegin ditut nik.

        Ellen soraio zegoen kasinoko terrazan eserita. Janari-usainaren ufa beroak eta He's a Ragpicker jotzen ari zen banda baten erritmoak zirimolan ziharduten Ellenen inguruan. Aldian behin ogi-puska bat gurinez igurtzi eta ahoan sartzen zuen. Babesgabe sentitzen zen, Goldweiserren esaldi itsaskor eta gozoetan gatibu, amaraunean harrapaturik dagoen euliaren gisara.

        — Ni ez nintzen sekula horrenbeste ibiliko New Yorkeko inorengatik, benetan diotsut... Neure garaian nahikoa ibili nintzen, mutikotan egunkariak saltzen aritzen bainintzen eta mandatuak egiten nituen Schwartz jostailu-dendarako... Egun osoa korrika, gauez izan ezik, orduan klasera joaten nintzelako. Abokatua izan nahi nuen. East Side-ko guztiok izan nahi genuen abokatu. Uda batez atezain-lanak egin nituen Irving Place-n eta hantxe harrapatu ninduen antzerkirako grinak... Ez zitzaidan gaizki atera, baina ez da batere ziurra. Orain berdin zait, dirurik ez galtzeaz konformatzen naiz. Horixe da okerrena. Hogeita hamabost urte dauzkat eta dagoeneko dena berdin zait. Duela hamar urte Erlanger zaharraren bulegoetako langile xume bat besterik ez nintzen eta orain nik garai batean zapatak garbitutako askok sekulako poza hartuko lukete West aldeko Berrogeita Zortzigarren Kalean dudan etxea erratzaz garbitzeko aukera balute... Gaur gauean New Yorkeko edozein lekutara eraman zaitzaket, berdin zait oso garestia edo dotorea bada ere... eta garai batean, bost dolar poltsikoan edukita, uste genuen paradisuan geundela neska pare bat Island-era eraman genezakeelako... Apostu egingo nuke zurekin dena desberdina izango zela, Elaine... Baina nik orduko sentsazioak berriro bizi nahi ditut... Nora joango gara?

        — Zergatik ez Coney Island-era? Ni ez naiz sekula izan.

        — Jendaila asko dago... Kotxez ostera bat egin dezakegu, ordea. Ados? Telefonoz deituko dut kotxea ekar diezagutela.

        Ellen eserita zegoen, bakarrik, bere kafe-kikarari so. Azukre-koxkor bat ipini zuen bere koilaratxoan, kafean busti zuen, ahoan sartu eta geldiro murtxikatu zuen mingain-puntaz azukre-garautxoak aho-sabaiaren kontra igurtziz. Oskestra tango bat jotzen ari zen.

 

 

        Eguzkia gortinen azpitik limurtzen zen bulegoan eta eztiki distira okertu batek puruen kea ebakitzen zuen.

        — Kontu handiz —esan zuen George Baldwinek, hitzak nabarmenaraziz—, Gus, kontu handiz jokatu beharra zagok.

        Gus McNiel mozkote eta musugorria besaulkian eserita zegoen eta aldiro baietz egiten zuen buruaz, bere puruari zupakadak ematen zizkion bitartean. Txalekoan erloju-kate astun bat agerian zuen.

        — Gauzak nola dauden ikusita, orain auzitegi bat ere ez duk eskaera horren alde agertuko... nire iritziz, eskaera hori Connor epailearen azpijoko politikoa baino ez duk, baina badituk zenbait elementu...

        — Herorrek esan duk... Begira, George, nik auzi madarikatu hau oso-osorik hire eskuetan utziko diat. Heuk atera ninduan East New York-eko portuaren istilu hartatik eta espero diat oraingoan ere honetatik atera ahal izango nauala.

        — Baina Gus, auzi honetan hi beti legearen mugen barruan ibili haiz. Horrela ez balitz, nik ez nikek hartuko kasu hau, ez eta hi bezalako aspaldiko lagun batengatik ere.

        — Ezagutzen nauk, George... Nik ez diat sekula inor saldu eta espero diat inork ni ez saltzea.

        Gus nekez altxatu zen eta herrenka hasi zen bulegoan zehar urrezko heldulekua zuen makila batean bermatuta.

        — Connor putakume galanta duk... eta benetan esaten diat, Albany-ra joan aurretik on hutsa zuan.

        — Ni saiatuko nauk erakusten auzi honetan hire jokabidea nahita gaizki ulertua izan dela. Connor epaitegian duen posizioaz baliatu duk helburu politikoak lortzeko.

        — Jainko maitea! Bera konbentzitzea lortuko bagenu... Uste nian gutarra zela eta hala zuan errepublikar zorritsu horiekin nahastu zen arte. Albany galbidea izan duk gizon on askorentzat.

        Baldwin kaobazko mahaitik altxatu zen hantxe eserita baitzegoen, paper pila garaien artean, eta Gusi eskua sorbalda gainean ezarri zion.

        — Ez ezak lorik gal horregatik...

        — Ez nindukek kezkatuko Interborough-eko bonu horiengatik ez balitz.

        — Zer bonu?... Nork ikusi du bonurik?... Gazte hori... Joe... barrura sar dadila... Eta beste gauza bat, Gus, Jainkoaren izenean, ez esan ezertxo ere... Erreportari bat edo norbait joaten bazaik, hitz egiok Bermudetara egin duan bidaiaz... Nahi adina publizitate lor zezakeagu, horren premia badugu. Momentuz komeni duk egunkariek ezeren berri ez izatea, bestela erreformista guztiak orpoz orpo izango dituk.

        — Ez al dira hire lagunak? Hi molda haiteke eurekin.

        — Gus, ni abokatua nauk, ez politikaria..., ez diat saltsa horietan sartu nahi. Ez zaizkidak interesatzen.

        Baldwinek ahurra txirrinaren gainean ezarri zuen. Begiak ilun eta ile atxabitxizko, boli-koloreko azala zuen emakume gazte bat sartu zen gelan.

        — Zer moduz, Mr. McNiel?

        — Ene, itxura bikaina duzu, Miss Levitsky!

        — Emily, esaiezu Mr. McNielen zain dagoen mutil gazte horri sartzen uzteko.

        Joe O'Keefe oinak pitin bat herrestan zituela sartu zen, lastozko kapela eskuetan.

        — Zer moduz, jauna?

        — Aizu, Joe, zer dio McCarthyk?

        — Kontratisten eta Eraikitzaileen Elkarteak lan-itxiera erabakiko du astelehenetik aurrera.

        — Eta Sindikatua?

        — Badugu dirua. Borrokatzeko asmoa dugu.

        Baldwin mahai-ertzean eseri zen.

        — Jakin nahi nuke zer jokabide izango duen Mitchel alkateak.

        — Erreformista-talde hori erne dago, beti bezala —esan zuen Gusek puruaren punta basakeriaz ebakitzen zuen bitartean—. Noiz emango da jakitera erabakia?

        — Larunbatean.

        — Tira, jarraitu gurekin harremanetan.

        — Oso ondo, jaunok. Eta mesedez, ez deitu niri telefonoz. Ez litzateke oso zuhurra izango. Ez da nire bulegoa, ulertzen duzue, ezta?

        — Zelatan ibil litezke, gainera. Morroi horiek edozertarako prest daude. Gero arte, Joey.

        Joek buruaz agur egin zuen, handik alde egiten zuen bitartean. Bekoskoa zimurtuta, Baldwin Gusengana jiratu zen.

        — Gus, ez zakiat zer egin behar dudan hirekin, sindikatuen txepelkeria horiek guztiak alde batera uzten ez badituk. Hi bezalako jaiotzetiko politikari batek sen on handiagoa izan behar likek. Horrela ez haiz inora iritsiko.

        — Baina hiri osoa alde diagu eta...

        — Nik ondotxo zakiat hiriaren zati handi bat ez dugula alde. Baina, Jainkoari esker, hori ez duk nire kontua. Bonuen kontu hori gauza bat duk, baina greba honekin saltsa batean sartzen bahaiz, hire kasua bertan behera utzi beharko nikek. Gure bulegoak ezin izango liake babesik eman —xuxurlatu zuen zakar.

        Gero, bere ohiko doinuan, ozenki esan zuen:

        — Tira, zer moduz hire andrea, Gus?

        Kanpoaldean, marmolezko hall distiratsuan, Joe O'Keefek Sweet Rosy O'Grady kanta zerabilen txistuka, igogailuaren zain zegoela. Idazkari batez guztiz maiteminduta zegoen morroia ematen zuen. Txistu egiteari utzi eta arnasots bat jaulki zuen ezpainak estutuz. Handik hurbil, gizon begi kolorge bat zebilen, koadrodun jaka jantzita. Harengana gerturatuta, Joek diosal egin zion.

        — Epa, Buck!

        — Oporretan jada?

        Zutik, hankak zabalik eta eskuak poltsikoan, Joek buruaz baietz egin zuen.

        — Larunbatean joango nauk. Uste diat ni egun pare baterako joango naizela Atlantic City-ra.

        — Eta hori?

        — O, azkarra izan beharra zagok bizitza honetan.

        Eraikinetik irtetean, O'Keefek aurrera egin behar izan zuen ezkaratzean pilatutako jendetzaren artetik. Arbelezko zerua, eraikin garaien artean itoa, berrogeita hamar zentaboko txanponak jaurtitzen ari zen espaloi gainera. Lastozko kapelak jaken azpian zituztela, gizonak lasterka abiatu ziren aterpe bila. Bi neskak egunkari-paperezko txanoak eginak zituzten euren uda-kapelak estaltzearren. Haien aurretik igarotzean, Joek atzeman zion euren begien urdinari, bai eta euren ezpainen eta hortzen distirari ere. Kale-kantoiraino egin zuen korrika eta abian zen tranbia batera igo zen. Izara sendo bat irudi, euria kalean behera zihoan, distiratsu eta txistukari, egunkari-orriak inarrosiz, zilarrezko titiburutan jauzika asfaltoaren gainean, leihoak marratuz, tranbien eta taxien pinturari distira emanez. Hamalaugarren Kalea atzean utzita euririk ez, airea sargoritsua zen.

        — Bai xelebrea eguraldia! —esan zuen ondoko agure batek.

        O'Keefek purrust egin zuen:

        — Txikitan nik gure kalearen alde bat euritan ikusi nuen eta etxe batean tximista batek jo zuen eta gure aldean tanta bat bera ere ez zen erori, gure aitak uraren premia bazuen ere, landatu berri zituen tomate batzuetarako.

        Hogeita Hirugarren Kalea gurutzatzean, O'Keefek Madison Square Garden-eko dorreari antzeman zion. Abian zela salto egin zuen tranbiatik; bulkada zela eta, urrats txiki-arinetan espaloiraino iritsi zen. Jakaren lepoa berriro jaitsita, plaza zeharkatzeari ekin zion. Jarleku baten ertzean, zuhaitz baten azpian, Joe Harland erdi lo zegoen. O'Keefe astunki eseri zen haren alboan.

        — Epa, Joe! Puru bat nahi?

        — Epa Joe, pozten nauk hi ikusteaz, motel. Eskerrik asko. Denbora piloa zaramaat horietako bat erre gabe... Zer ari haiz hemen? Ez al habil heure eremutik urruti samar?

        — Oso arduratuta nengoenez, pentsatu diat larunbateko borrokaldirako sarrera bat erostea.

        — Zer duk?

        — Arraioa! Nik ez zakiat... Bazirudik gauzak ez dabiltzala ondo. Orain buru-belarri sartu nauk politikaren jokoan, baina bazirudik ez dagoela etorkizunik horretan. Jainkoarren! Nik hik bezain heziera ona izan banu!

        — A zer zerbitzua egin didan niri!

        — Nik ez nikek horrelakorik esango... Nik hire bidea hartu izan banu, lepoa egiten diat ez nukeela galduko.

        — Ez zagok inoiz esaterik, Joe, zein gorabehera bizi behar dituen gizonak.

        — Emakumeak, esaterako.

        — Ez nauk horretaz ari... Baina azkenean nazkatu egiten haiz.

        — Baina, arraioa!, nik ez zakiat nola nazkatzen den jendea, diru asko izanda ere.

        — Orduan alkohola izango zuan... Ez zakiat.

        Lipar batez isilik geratu ziren. Eguzkia sartzearekin batera, arratsaldea oskorritzen hasi zen. Puruen kea sigi-sagaka zebilkien buru gainetik.

        — Begira zer neska ederra... Begira nolako ibilera duen. A zer neska puska! Horrelakoak atsegin ditiat nik, neska argiak, apainak eta ezpainak margotuak dituztenak... Baina diru askoren beharra zagok horrelako dama batekin ibiltzeko.

        — Emakume horiek ez dituk ezertan ere bereziak, Joe.

        — Bai zera!

        — Aizak, Joe, ez duk bada dolarren bat sobera izango?

        — Balitekek.

        — Sabela pitin bat hondatuta zaukaat... Zerbait hartu nahi nikek ea bere onera itzultzen den eta sakela hutsik nagok larunbatera arte, orduan ordainduko baitidate... zera... ulertzen duk, ezta?... hiri berdin zaik, ezta? Esadak heure helbidea eta datorren astelehen goizean itzuliko diat.

        — Ez kezkatu horregatik, gizona! Ikusiko haut, bada, edozein egunetan.

        — Eskerrik asko, Joe. Eta Jainkoarren, ez jokatu diru gehiagorik burtsan Blue Peter Mines-en alde, niri aholkurik eskatu gabe. Ni hutsaren hurrengoa izango nauk, baina begiak itxita jakin zezakeat iruzurrik ba ote den.

        — Bada, nik neure dirua berreskuratu egin diat.

        — Txiripaz.

        — Bitxia duk nik dolar bat uztea Wall Street-eko nagusia izan zenari.

        — O, ez hainbesteraino ere.

        — Hau bai leku bitxia...

        — Zein?

        — Ez zakiat... Leku guztietan antzera izango dela uste diat... Tira, ikusi arte, Joe. Sarrera hori erostera noak... Primerako borrokaldia izango duk...

        Gizon gaztea bidean behera urrunduz zihoan, lastozko kapela okerturik zuela; anartean, Joe Harland haren ibilera artegari beha zegoen. Gero, altxatu eta ekialderantz jo zuen Hogeita Hirugarren Kalean zehar. Eguzkia sartua bazen ere, artean zoladurak eta etxeen hormek beroa jariatzen zuten. Kale-kantoiko taberna baten aurrean gelditu zen eta arreta handiz begietsi zuen hautsez grisatutako erbinude zuri disekatuen talde bat, erakusleihoaren erdian kokatua. Ate birakarian zehar, ahots bareen marmarra eta maltaren freskura lerratu ziren kalera. Bat-batean Joe gorritu egin zen, goiko ezpaina ausiki zuen eta ezkutuka ezker-eskuin begiratu ondoren, atea bultzatu eta tirriki-tarraka aurrera egin zuen botilen distira islatzen zuen letoizko barrarantz.

 

 

        Kanpoaldeko euriaren ostean, antzokiko igeltsu-usaina garratza gertatzen zen euren sudurzuloetan. Ellenek kapusai bustia eseki zuen ate atzean eta gelaren zoko batean aterkia utzi zuen, non berandu gabe putzu txiki bat sortzen hasi baitzen.

        — Eta nik ezin nuen burutik kendu —esan zion ahapeka Stani, zabuka jarraitzen baitzion— kanta bitxi bat, norbaitek txikitan irakatsi zidan kanta bitxia: Eta uholdeetatik bizirik atera zen gizon bakarra Istmoko Jack hankaluzea izan zen.

        — Jainko maitea, nik ez dakit jendeak zergatik dituen umeak. Porrota onartzea da. Ugalketa organismo osatugabe bat onartzea da. Ugalketa porrota onartzea da.

        — Stan, mesedez, ez egin oihurik, tramoiariak asaldatuko dituzu eta... Hobe nuen etortzen utzi ez banizu. Badakizu antzerkiko jendeak zer zurrumurru darabilen.

        — Isilik egongo naiz, sagutxu baten antzera... Utzidazu hemen itxaroten Milly zu janztera etorri arte. Zu nola janzten zaituzten ikustea beste atseginik ez dut... Onartzen dut ni neu, organismo bezala, osatugabea naizela.

        — Eta laster, horrela edaten jarraitzen baduzu, ez zara inolako organismoa izango.

        — Edango dut... edango dut harik eta ebaketa bat eginez gero zaurietatik whiskya isuri arte. Zertarako balio du odolak, horren lekuan whiskya izan badezakezu?

        — O, Stan!

        — Edatea da organismo osatugabe batek egin dezakeen gauza bakarra... Zuek, organismo eder osoa duzuenok, ez duzue edan beharrik... Ni lotara noa, mozkorra pasatzera.

        — Ez, Stan, Jainkoaren izenean. Hemen edozein zokotan etzanda geratzen bazara, ez dizut sekula barkatuko.

        Bi kolpetxo entzun ziren atean.

        — Sartu, Milly.

        Milly emakume txikia zen eta aurpegi zimurtsua zuen eta begi beltzak. Odol-tanta beltz batzuek hanpatzen zituzten haren ezpain more-grisak eta halako bizitasuna ematen zioten haren azal zuri-zuriari.

        — Zortziak eta laurden dira, maitea —esan zuen sartzean.

        Begirada azkar bat egin zion Stani eta Ellenengana jiratu zen bekozkoa pitin bat ilundurik.

        — Stan, alde egin behar duzu... Gero, Beaux Arts-en ikusiko zaitut edo nahi duzun lekuan.

        — Nik mozkorra pasatu nahi dut.

        Apaintze-mahaiko ispilu aurrean eserita, Ellen zapi txiki batez krema kentzen ari zen aurpegitik, mugimendu azkarrez. Bere makillaje-kutxatik, brillantinak eta kakao-gurinak isuritako usaina hedatu zen gelan zehar.

        — Ez dakit zer egin berarekin gaur gauean —xuxurlatu zion Millyri, soinekoa eranzten zuen bitartean—. Edateari utziko balio sikiera!

        — Nik dutxa azpian jarriko nuke eta ur hotzeko txorrota irekiko nuke, bihotza.

        — Zer moduz dago antzokia gaur gauean, Milly?

        — Jende gutxi, Miss Elaine.

        — Eguraldi txarragatik izango da, nik uste... Gaur ez naiz batere ondo ibiliko.

        — Ez utzi zu hondatzen, bihotza. Gizonek ez dute merezi.

        — Nik mozkorra pasatu nahi dut.

        Stan balantzaka zebilen, beltzuri eginez, gelaren erdian.

        — Miss Elaine, bainugelan sartuko dut; inork ez du jakingo hor dagoenik.

        — Hori da, bainuontzian lo egin dezala.

        — Ellie, bainuontzian pasatuko dut mozkorra.

        Bi emakumeek bainugelarantz bultzatu zuten gizona. Zerraldo erori zen bainuontzian eta, oinak airean eta burua txorroten azpian, lo geratu zen bertan. Millyk mingainaz azkar klaskatzeari ekin zion.

        — Honela dagoenean logureak dagoen umetxo bat ematen du —xuxurlatu zuen Ellenek samurtasunez.

        Bainugelako zerria tolestu zuen eta buru azpian ipini zion. Gero, izerditan blai zuen ilea kendu zion bekokitik. Nekez hartzen zuen arnasa. Ellen makurtu zen eta betazalen gainean muin egin zion gozo-gozo.

        — Miss Elaine, azkar ibili behar duzu... Oihala altxatzen ari dira.

        — Azkar, esan, ondo nago?

        — Eguzkia bezain ederra... Jainkoak bedeinka zaitzala, maitea.

        Ellenek arineketan egin zuen eskaileretan behera, hegaletara atera eta zain geratu zen, zutik, beldurrarengatik arnasestuka, auto batek ia-ia harrapatu izan balu bezala. Gero, attrezzoko arduradunari eskuetatik kendu zion jarraitu beharreko musika-erroilua, seinalea jaso zuen eta argiunera irten zen.

        — Zer moduz, Elaine? —esan zuen Harry Goldweiserrek, Ellenen atzean eserita, bere txahal-burua astintzen zuen bitartean.

        Ellen makillajea kentzen ari zen bitartean Harry ispiluan islaturik ikusi zuen. Aldamenean gizon altuago bat zuen, begi eta bekain grisak zituena.

        — Gogoan duzu paper hau eman zizutenean nik esan niola Mr. Fallik-i: «Sol, ezin izango du egin, ezta Sol?»

        — Hala da, Harry.

        — Nik uste nuen zu bezalako neska gazte eta eder batek ezin izango zuela... zera... pasio eta izu guztia ipini, ulertzen duzu? Sol eta biok lehenengo lerroan egon ginen azken ekitaldiko eszenarako.

        — Zoragarria, zoragarria —karranka egin zuen Mr. Fallik-ek—. Esaiguzu nola egiten duzun, Elaine.

        Makillajea beltz eta arrosa ageri zen zapian. Milly joan-etorri zebilen, isil-isilik, jantziak esekitzen zituen bitartean.

        — Ba al dakizu nork lagundu zidan eszena hori prestatzen? John Oglethorpek. Beti harrituko naute antzezteari buruz dituen ikusmoldeek.

        — Penagarria da hain nagia izatea... Aktore nabarmena izango zen.

        — Ez da zehazki nagikeria...

        Ellenek burua inarrosiz askatu zuen ilea eta txirikorda bat egin zuen bi eskuez. Ohartu zen Harry Goldweiserrek ukondoaz jo zuela Mr. Fallik.

        — Ederra, ezta?

        — Zer moduz Red Red Rose?

        — O, ez galdetu hori, Elaine! Joan den astean aretozainentzat soilik egin nuen antzezpena, zer iruditzen zaizu? Ez dakit zergatik ez duen arrakastarik, daukan xarmarekin... Mae Merril-ek itxura polita du. Ene, antzerkia pikotara joan da!

        Ellenek ezarri zuen brontzezko azken urkila bere ile kizkur kobre-kolorekoan. Kokotsa goratu zuen.

        — Nik horrelako zerbait probatu nahi nuke.

        — Gauza bakoitza bere garaian, neskatxa. Arestian sustatu zaitugu aktore dramatiko gisa.

        — Nazka ematen dit. Ez da inola ere egiazkoa. Batzuetan gogoa etortzen zait lehenengo lerroetara jaitsi eta ikusleei esateko: «Zoazte etxera, ergel alaenak! Antzezpen hau kaka hutsa da eta antzezleek ez dute behin ere asmatzen eta zeuek jakin beharko zenukete hori. Antzezpen musikal batean zintzo jokatu behar da».

        — Ez al nizun esan burutik eginda dagoela, Sol? Ez al nizun hori esan?

        — Hitzalditxo horren zati bat erabiliko dut neure publizitatean datorren astean... Hortik etekin handia atera dezaket.

        — Ez iezaiozu utz antzezpenari buruz gaizki hitz egiten.

        — Ez, baina badut hori kontatzea jende ospetsuaren asmoei buruzko zutabean... Badakizu, urlia Zozodont Company-ko presidentea da eta nahiago luke suhiltzailea balitz. Sandiak, berriz, nahiago luke parke zoologikoko zaindaria balitz... Giza interes handiko gauzak.

        — Nahi baduzu, esaiezu, Mr. Fallik, emakumearen benetako lekua etxea dela... eroetxea.

        — Kar... kar... kar —barre egin zuen Harry Goldweiserrek ahoaren bi aldeetako urrezko hortzak erakutsiz—. Nire ustez, zuk gehienek baino hobeto egin dezakezu kanta eta dantza, Elaine.

        — Ez al nintzen korista izan bi urtez, Oglethorperekin ezkondu aurretik?

        — Zu sehaskan hasiko zinen —esan zuen Mr. Fallikek betile grisen azpitik zeharka begira.

        — Tira, jaunok, hemendik alde egiteko eskatu behar dizuet, arropa aldatzen dudan bitartean. Blai eginda nago, gauero bezala, azken ekitaldi honen ondoren.

        — Nolanahi ere, alde egin beharra geneukan... ulertzen didazu?... Axola al zaizu bainugela erabiltzen badut unetxo batez?

        Milly bainugelako atearen aurrean zegoen. Ellenek harridurazko begiradari antzeman zion Millyren aurpegi zurian.

        — Sentitzen dut, baina ezinezkoa da, Harry. Hondatuta dago.

        — Charleyrenera joango naiz... Thompson-i esango diot iturgina hona bidaltzeko zer gertatzen den ikus dezan... Gau on, polit hori. Zintzoa izan.

        — Gau on, Miss Oglethorpe —karraka egin zuen Mr. Fallikek—, eta ezin baduzu zintzoa izan, izan zaitez zuhurra, behintzat.

        Millyk atea itxi zuen.

        — A ze estualdia! —deiadar egin zuen Ellenek besoak luzatuz.

        — Bada, ni beldurrak airean egon naiz, benetan diotsut, bihotza... Ez utzi inoiz halako morroi bati zurekin antzokira etortzen. Aktore bat baino gehiago ikusi dut halako gauzengatik porrot egina. Hala esaten dizut oso maite zaitudalako, Miss Elaine. Ni zaharra naiz eta ondotxo dakit zer dagoen antzerkiaren munduan.

        — Egia da, Milly, arrazoia duzu... Ikusiko dugu ea esnatzen dugun. Jainko maitea, Milly, begira hau.

        Stan etzanda zegoen, emakumeek utzia zuten bezalaxe, urez betetako bainuontzian. Jakaren hegala eta esku bat ageri ziren ur-azalean.

        — Atera hortik, Stan, inozoa halakoa... Arraioa! Bertan hilda geratu ez bada, gaitzerdi! Tontolapiko alaena!

        Ellenek iletik oratu zion eta burua alde batetik bestera astindu.

        — Ene, hau da mina! —erosta jo zuen ahots leunaz, mutiko lokartu bat bailitzan.

        — Alde hortik, Stan... Blai eginda zaude.

        Stanek burua atzerantz eraman eta begiak ireki zituen bat-batean.

        — Bai, egia da, blai eginda nago.

        Altxatu egin zen bi eskuak bainuontziaren alde banatan ezarriz. Zutik, kulunkan, ura zorrotadaka isurtzen hasi zen, bere arropa eta zapatengatik horaildua zen uraren gainera; barre-algara ozen bat bota zuen. Ellen, bainugelako atean bermaturik, barrez ari zen begiak malkoz gainezka zituela.

        — Ezin zara berarekin haserretu, Milly, horrexek ateratzen nau neure onetik. Zer egingo dugu ba?

        — Zorionez, ez da ito... Emaizkidazu zeure paperak eta diruzorroa, jauna. Saiatuko naiz toaila batez lehortzen —esan zuen Millyk.

        — Baina ezin zara horrela pasatu atezainaren aurretik... bihurrika xukatuko bazintugu ere... Stan, erantzi egin behar duzu eta nire soineko bat jantzi. Gero, nire kapusai bat ipini gainetik, taxi batean brau sartu eta etxera eramango zaitut. Zer iruditzen zaizu, Milly?

        Millyk begiak zuri jarri eta burua astintzen hasi zen, Stanen jaka bihurritzen ari zen bitartean. Konketan pilatuta zeuden gauza batzuen aztarna bustiak: diruzorro bat, koaderno bat, arkatzak, labana bat, bi pelikula-erroilu, petaka txiki bat.

        — Nolanahi ere, nik bainu bat nahi nuen —esan zuen Stanek.

        — O, makil-dantza ederra emango nizuke nik! Behintzat, orain ez zaude mozkortuta, ezta?

        — Orain pinguinoa bezain ernai nago.

        — Tira, nire arropa jantzi behar duzu, horixe da dena.

        — Nik ezin dut emakume-arroparik jantzi.

        — Ez duzu beste biderik... Kapusai bat ere ez duzu soina babesteko. Hori egiten ez baduzu, bainugelan giltzapean itxita utziko zaitut.

        — Ongi da, Ellie... Aizu, benetan sentitzen dut.

        Millyk arropa bainuontzian xukatu ondoren, egunkari batean bildu zuen. Stanek bere buruari so egin zion ispiluan.

        — Jainkoarren, itxura kaskarra dut, ba, jantzi honekin... Tira, niri bost.

        — Ez dut sekula ezer petralagorik ikusi... Ez, oso ondo zaude, pitin bat zakarra agian... Orain, Jainkoaren izenean, ez kendu begirik nire aurpegitik Barney zaharraren aurretik pasatzean.

        — Zapatak blai eginda dauzkat.

        — Zer egingo diogu ba!... Zorionez, hementxe neukan nik kapa hau... Milly, zu bai aingerua, nahaspila hau konpontzen baduzu...

        — Gau on, bihotza, eta gogoratu zer esan dizudan... Nik ohartarazi egiten zaitut, ez besterik...

        — Stan, egin urrats laburrak eta, inorekin topo egiten baduzu, jarraitu aurrera eta sartu brau taxi batean... Ez dago arriskurik, azkar ibiliz gero.

        Eskaileretan behera zihoazela, Ellenen eskuak dardarka ari ziren. Esku bat Stanen besoaren azpian sartu zuen eta itxurak egiten hasi zen, ahapeka hitz egiten ariko balitzaio bezala.

        — Begira, maitea, aitatxo duela bizpahiru gau etorri zen antzezpena ikustera eta guztiz asaldatuta bukatu zuen. Esan zidan neska bat lotsagarri geratzen dela bere sentimenduak jende aurrean horrela agertuta... Ez al da aldrebesa?... Hala ere, Herald eta World egunkarietan niri buruz igandean argitaratutako artikulu losintxariek zirrara handia eragin zioten... Gau on, Barney. Bai gau nazkagarria! Jainko maitea!... Taxi bat, sartu barrura. Nora joan nahi duzu?

        Taxiaren ilunpetik, txano urdin baten azpian babestutako aurpegi luzetik, Stanen begiek halako dirdaia isurtzen zuten, dirdai iluna; horrek berebiziko izua pizten zuen Ellenen baitan, dirdai hura bat-batean zulo baten ilunpeko sakonguneetatik sortua izan balitz bezala.

        — Ongi da, nire etxera joango gara. Otsoaren ahoan sartzea izango da... Txoferra, mesedez, Bank Street-era.

        Taxia abian jarri zen. Triki-traka zihoazen goialdeko argi-maila gurutzatuak atzean utziz, noiz argi gorrizkoak, noiz argi berdezkoak, noiz argi horizkoak —Broadwayren iragarle distiratsuak—. Halako batean, Stan harenganantz makurtu zen eta musu azkar eta sutsu bat eman zion ahoan.

        — Stan, edateari utzi behar diozu. Hau txantxatik harantzago doa.

        — Zergatik ezin dira gauzak txantxatik harantzago joan? Zu ere txantxatik harantzago zoaz eta ni ez naiz kexatzen.

        — Baina, laztana, zeure buruaz beste egiten ari zara!

        — Eta?

        — O, ez dizut ulertzen, Stan.

        — Nik ere ez dizut ulertzen, Ellie, baina oso... izugarri maite zaitut.

        Ahapeka ari zela, halako dardara pitzatu bat nabari zen haren ahotsean, Elleni zoriontasunezko lilura piztu ziona.

        Ellenek taxia ordaindu zuen. Adar baten hotsa gero eta ozenago sumatu zen; handik laster, ordea, auhen indarge bilakatu zen, harik eta kalean behera guztiz aienatu zen arte. Suhiltzaile-kamioi gorri eta distiratsu bat zen. Atzealdean, eskailera-furgoi bat zeraman eta, hortik dingilizka, kanpai bat, bizi-bizi joka.

        — Goazen sutea ikustera, Ellie.

        — Zu horrela jantzita?... Ezta pentsatu ere.

        Eskaileretan gora, Stanek isilik jarraitu zion. Ellenen gela luzeak freskura-usaina zuen.

        — Ellie, ez zaude haserre nirekin?

        — Ez noski, inozo hori.

        Ellenek arropa bustia fardel batetik atera eta sukaldean lehortzen jarri zuen, gas-berogailuaren ondoan. Gramofonotik He's a devil in his own home town kantaren doinua ateratzen zen; horrek atzera begirarazi zion Elleneri. Stanek soinekoa erantzia zuen. Aulki batekin dantzan ari zen eta bere hanka mehe iletsuen inguruan Ellenen txabusina urdinak hegaz egiten zuen.

        — O, Stan, zu bai inozo xarmangarria!

        Aulkia alde batera utzi eta Ellenengana jo zuen, beltzaran, kementsu, lerden, bere txabusina aldrebesarekin. Gramofonoko kanta amaitu eta diskoak bira eta bira jarraitu zuen, kirrinka eginez.

 

 

 

© John Dos Passos

© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana

 

 

"John Dos Passos / Manhattan Transfer" orrialde nagusia