Hirugarren atala
Bederatzi eguneko miraria
Eguzkia Jerseyrantz zihoan, eguzkia Hoboken-en atzean zegoen.
Tapak idazmakinen gainean klik egiten ari ziren, idazmahaiak ixten; igogailuek hutsik egiten zuten gora; mukuru beterik, berriz, behera. Itsasbehera zen hiriaren erdigunean, itsasgora beste alde batzuetan, hala nola, Flatbush, Woodlawn, Dyckman Street, Sheepshead Bay, New Lots Avenue, Canarsie.
Orri arrosak, orri berdeak, orri grisak. burtsaren aldizkariak, HAVRE DE GRACE-KO ZALDI LASTERKETEN EMAITZAK. Letrak kiribilka ari ziren, denda eta bulegoetako lanaz unaturik zeuden aurpegi, atzamar eta oinbular minberatuen artetik. Beso sendoko gizonak. Metroa leporaino. SENATOR 8, GIANTS 2, DIVOAK BERE PERLAK BERRESKURATU DITU, 800.000 DOLARREKO LAPURRETA.
Itsasbehera Wall Street-en, itsasgora Bronx-en.
Eguzkia Jerseyn sartu da.
— Jainko maitea, ez! —deiadar egin zuen Phil Sandbournek, mahaian ukabilaz jotzen zuelarik—. Ez nagok ados... Gizon baten jokabideak ez ziok inori zertan arduratu. Berak egindako lana kontuan hartu behar duk soilik.
— Eta?
— Eta, nire ustez, Stanford White-k inork baino gehiago egin dik New Yorken alde. Bera etorri aurretik, inork ez zekian arkitektura izeneko zerbait bazenik ere... Eta Thaw horrek tiro batez lasaitasun osoz akatu duela pentsatzea ere, eta gainera, aske atera duk... Jainko maitea, hiriko jendeak odol apur bat izango balu zainetan...
— Phil, hi edozein huskeriagatik berotzen haiz —esan zuen besteak purua ahotik kentzen zuen bitartean.
Gero, aharrausika, gorputza atzerantz bota zuen bere aulki birakarian.
— Nik oporrak behar ditiat, alajaina! Ederra lukek Maine-ko baso zahar horietara berriro joatea.
— Baita zera ere! Hor abokatu juduak eta epaile irlandarrak besterik ez zagok eta! —zezeldu zuen Philek.
— Geldi gizona!
— Hartly, hik bai dakiala zer den elkartasun-izpiritua, hiritar eredugarri horrek.
Hartly barreka hasi eta soilunea ahurraz igurtzi zuen.
— O, hori dena ondo zagok neguan, baina ni ezin nauk udan joan... Arraioa, dena den, ni hiru asteko oporraldi horretarako besterik ez nauk bizi. Niri bost New Yorkeko arkitekto guztiak akatzen badituzte ere, baldin eta New Rochelle-rako tren-txartelaren prezioa igotzen ez badute... Goazemak bazkaltzera.
Igogailuan zeudela Philek jarraitu zuen hizketan.
— Bizitza osoan zehar, hezurretaraino arkitektoa den beste bat baino ez diat ezagutu, hain zuzen ere, Specker zaharra. Horrexekin egin nian lan nik, aurreneko aldiz iparrerantz etorri nintzenean, gizon bikaina, daniarra bera. Duela bi urte minbiziak jota hil zuan gizajoa. Hura bai arkitektoa! Berak etxe bati «eraikin komunala» jarri zioan izena eta horren planoak eta xehetasunak zauzkat etxean... Hirurogeita hamabost solairuko garaiera, zabaltzetarako sarguneak dituela. Solairuetan halako lorategi eseki bana zagok, hotelak, antzokiak, bainu turkiarrak, igerilekuak, biltegiak, berotzeko eta hozteko sistemak eta azoka bat, dena eraikin berean.
— Kokainarik hartzen al zuen?
— Ez jauna, bai zera!
Ekialderantz zihoazen Hogeita Hamalaugarren Kalean zehar; han ez zebilen inor, eguerdi sargoritsuan.
— Jainkoarren —jaulki zuen Phil Sandbournek bat-batean—, hiri honetako neskak urtean urtean baino politagoak dituk. Nik moda berri hauek atsegin ditiat, hik ez?
— Bai, noski. Nik urtean urtean baino gazteagoa izan nahi nikek, eta ez gero eta zaharragoa.
— Gure aurretik pasatzean eurei begiratzea besterik ezin diagu egin zaharrok.
— Zortea diagu horretan, bestela emazteak beti atzetik izango genitizkek, untxariak bezala. Motel, burura datorkidanean zenbat aukera galdu ditudan, ene!
Bosgarren Etorbidea zeharkatzen ari zirela, Philek neska bat ikusi zuen taxi batean sartuta. Ezaugarri gorri batez apaindurik, neskaren kapela txikiak, bere hegal beltzaren azpian, bi begi gris ezkutatzen zituen, Philen begietan distira berde ilunak islatzen zituztenak. Arnasketa eten zitzaion. Urruntasunak iraungitzen zuen trafikoaren hotsa. «Ez ditzala begiak baztertu». Bi urrats, atea ireki eta haren ondoan esertzen da, neskaren liraintasunaren ondoan; jarleku batean pausaturik dagoen txoritxoa ematen du neskak. Txofer, ziztu bizian. Neskak ezpain kitzikagarriak erakusten dizkio. Beraren begiek kliskatu egiten dute, txori gris gatibu haiek... «E, kontuz!». Burdinak eragindako burrunba batek jauzi egin zuen haren gainean, atzetik etorrita. Bosgarren Etorbidea jirabiraka zebilen kiribil gorri, urdin eta moreen artean. «Arraioa! Ez da ezer! Utzi bakean! Ez dut laguntzarik behar altxatzeko». «Ez gelditu, atzera». Ahotsak, garrasiak, zutabe urdinen moduko poliziak. Bizkarra, hankak odoletan likits-likits eginak zituen. Bosgarren Etorbidea minaren minez ari zen taupadaka. Ezkila txiki baten dilina gero eta hurbilago. Anbulantzian sartu zutenean Bosgarren Etorbideak ulu egiten zuen oinazeari ezin eutsirik, hil-hurren. Lepoa luzatu zuen neska ikusteko, nekez luzatu ere, hankaz gora dagoen dortoka baten gisa berean. «Ez al dute nire begiek altzairuzko tranpen bidez neska liluratu?». Bere burua zinkurinka topatu zuen. «Bertan geratu behar izango zikean, ni hil banintz ere». Ezkila txikiaren dilina urrun sumatzen zen, gero eta urrunago, gauminean.
Pareko espaloian lapurretako alarma bete-betean ari zen, aldiro. Jimmyren loa adabegi gogorretatik esekirik zegoen, arrosario-aleak bailiran. Norbaitek atea jota esnatu zen. Tupustean albora egin eta ohean agondu zen: Stan Emery eriden zuen ohearen ondoan, eskuak larru gorrizko jakaren poltsikoetan, aurpegi grisa zuelarik, argi-hautsez beterik. Barreka ari zen aurrera-atzera balantzaka.
— Baina zer ordu da?
Ohean eserita, Jimmy begiak hazkorrez igurtzitzen ari zen. Aharrausika ingurura behatu zuen, higuina ezkutatu ezinik, horma berde ilunez papereztatuetara, eguzki-argi zerrenda bati barneratzen uzten zion pertsiana berdearen arraildurara, arrosak margoturik zituen latorrizko xafla batez itxitako marmolezko tximiniara, ohearen oinaldean zegoen txabusina urdin saretura, kristalezko hautsontzi malba-kolorekoan zeuden zigarrokin zanpatuetara.
Gorri-gorri, Stanen aurpegia barreka ari zen hautsezko argi-koroa baten azpian.
— Hamaika eta erdiak —esan zuen.
— Guztira, sei ordu eta erdi. Aski duk, nik uste. Baina Stan, zer arraio ari haiz hemen?
— Herf, ez duk, bada, hortik zehar izango zerbait tragoska bat edateko? Dingo eta biok egarriak itotzen gaudek. Boston-dik gatozek eta behin bakarrik gelditu gaituk bidean, gasolina eta ura hartzeko. Bi egun zaramatzaat lorik egin gabe. Ikusi nahi diat ea aste osoa iraun dezakedan horrela.
— Bada, nik aste osoa eman nahi nikek ohean.
— Hik zera behar duk, Herfy, egunkari batean lana aurkitu, lanpeturik egoteko.
— Hiri, Stan, zera gertatu behar zaik... —Jimmy ohe ertzean eseri zen— egunen batean gorputegiko marmolezko lauzaren baten gainean topatuko duk heure burua.
Bainugelan nabarmena zen beste batzuen hortzoreak eta klorozko desinfektagarriek utzitako usaina. Komuneko alfonbratxoa bustita zegoen eta Jimmyk tolestu egin zuen lauki txiki bat osatuz, xapinak kontu handiz kendu aurretik. Ur hotzak odola bizkortu zion. Burua uretan pulunpatu, bainuontzitik atera eta soina astindu zuen txakur baten gisa berean, ura begi eta belarrietatik sartzen zitzaiola. Gero, txabusina jantzi eta aurpegia xaboitu zuen.
Ibaia beti aurrera
itsasora iritsi arte.
Lelo hura ezpainetan, desafinatzen ari zen, ahapetik, kokotsa aitzurraz karraskatzen zuen bitartean. Mr. Grover, oker ez banago, bi aste barru lana utziko dut. Bai, atzerrira noa. A.P.-ko korrespontsala izango naiz. Mexikon U.P.-arekin. Edo, seguru asko, Jeriko-n, Mudturtle Gazette-ko Halifax-en korrespontsala. Harenean Gabonak dira eta eunuko guztiak hortxe daude.
...Sena ibaiaren ertzetik
Saskatchewan ibaiaren ertzeraino.
Aurpegia listerinaz busti zuen, norbere garbiketarako gauzak bere toaila hezean bildu eta aza-berde koloreko alfonbra batez estalitako eskailera batzuetan gora egin zuen. Gero, bere gelara bidean, zenbait eskailera jaitsi behar izan zituen. Korridorearen erdian ugazabandrearekin gurutzatu zen: hark erratza pasatzeari utzi zion txabusina urdinaren azpiko mutilaren hanka arropagabe mehei begiratzeko.
— Egun on, Mrs. Maginnis.
— Gaur bero handia egingo du, Mr. Herf.
— Nik ere hala uste dut.
Ohean etzanda, Stan La Revolte des Anges irakurtzen ari zen.
— Tira, Herfy, nik ere hizkuntzak jakin nahi nitizkek, hik bezala.
— Orain ahaztuta zaukaat frantsesez nekien guztia. Denbora gutxiago behar diat gauzak ahazteko ikasteko baino.
— Horretaz ari garela, unibertsitatetik bota naitek.
— Nolatan ba?
— Dekanoak esan zidaan hobe nukeela datorren urtean hara ez itzultzea... Uste zian beste jarduera-arlo batzuk zeudela eta horietan nire jarduera eraginkortasunez eraginkorragoa izan zitekeela.
— Lotsagarria.
— Bai zera! Ni poz-pozik nagok. Galdetu nioan zergatik ez ninduen lehenago bota, iritzi horretakoa bazen. Aita triste baino tristeago jarriko duk... baina astebete etxetik kanpo emateko beste diru badiat. Gainera, bost axola zaidak. Benetan ez duk ezer edateko?
— Baina, Stan, ni bezalako langile xume batek nola izan lezakek upelategi bat astean hogeita hamar dolar irabazita?
— Gela hau aukeran kaskarra duk... Hik kapitalista jaio beharko huen, ni bezala.
— Gela hau ez duk hain txarra... baina zoratzen nauena pareko alarma paranoikoa duk, gauero jo eta jo dabilen hori.
— Lapurretako alarma duk, ezta?
— Ezin duk lapurrik egon, lekua hutsik dagoelako. Kableetan nahasketaren bat egongo duk edo halako zerbait. Ez zakiat noiz gelditu zen, baina benetan esaten diat gaur goizean neure onetik atera nauela, lotara etorri naizean.
— Baina, James Herf, zer esan nahi didak, gauero ez haizela mozkortuta etortzen etxera ala?
— Mozkortuta ala ez, guztiz gorra izan behar duk traste madarikatu hori ez entzuteko.
— Tira, nik akziodun aberatsa izateko zortea dudanez, bazkaltzera gonbidatuko haut. Ohartu haiz ordubete behar izan duala heure burua txukuntzeko?
Eskaileretan behera jaistean, denetariko usainak sumatzen ziren: lehenik, bizarra egiteko bitsarena; gero, urreztatuak garbitzeko oreena; beherago, hirugiharrak eta ile erreskalduak isuria; eta azkenik, zaborrak eta gas karbonikoak sortarazia.
— Hik egundoko zortea duk, Herfy, sekula ez haizelako unibertsitatean ibili.
— Aizak, kaiku hori, ni Columbian graduatu ninduan; hori hik egin duana baino gehiago duk.
Atea irekitzean, eguzki-argia oldartu zitzaion Jimmyren aurpegiari, halako kilima batzuk eragiten zizkiola.
— Hori ez duk kontuan hartu behar.
— Ene, zeinen gogoko dudan nik eguzkia —egin zuen oihu Jimmyk—. Benetako Colombia izan bazen, gaitzerdi...
— Hail Columbia esan nahi duk?
— Ez, nik Bogota eta Orinoco esan nahi diat, eta hori guztia.
— Nik Bogotara joandako morroi bat ezagutu nian. Ito arte edan behar izan zian elefantiasiak jota ez hiltzeko.
— Ni prest nengokek elefantiasiari, izurri bubonikoari eta tifusari aurre egiteko, zulo honetatik irtetearren.
— Hiri honetan dena duk orgia, ibilaldia, gozamena...
— Orgiak? ...Baita zera ere!... Hor goian, Hoitamahirugarren Kalean, guk esaten dugun bezala... Ba al hekien, txikitako lau urte kenduta, betidanik bizi izan naizela hiri puta honetan, hemen jaio nintzela eta seguru asko hementxe hilko naizela?... Itsas armadan sartzeko irrikan nagok munduan zehar ibiltzeko.
— Zer iruditzen zaik Dingo bere pintura berriarekin?
— Oso dotorea. Hautsaren azpian Mercedes bat ematen dik.
— Nik gorriz margotu nahi nian suhiltzaile-kamioi bat bezala, baina garajeko gizonak konbentzitu nindian urdinez margotzeko, poliziaren auto bat bailitzan... Nahi al duk Mouquin's-era nirekin joan, absenta-koktel bat edatera?
— Absenta gosaritarako... Jainko maitea!
Mendebalderantz jo zuten, Hogeita Hirugarren Kalean zehar; han argitasuna zen nagusi, leihoen argiaren isla angeluzuzenek eta banaketa-autoen 8 itxurako nikelezko osagarriek sortzen zituzten dirdaiek eraginda.
— Ruth zer moduz, Jimmy?
— Oso ondo. Oraindik ez dik lanik.
— Begira, Daimler bat.
Jimmyk zerbait ulergaitza kurrinkatu zuen. Seigarren Etorbidea hartzean polizia batek gelditzeko agindu zien.
— Ihes-tutu hori apurtuta dago! —egin zuen garrasi poliziak.
— Garajera nindoan konpontzera. Isilgailua erortzen ari da.
— Hobe duzu, bai... Hurrengoan isuna jarriko dizut.
— Hik edozein barrabaskeria egin hezake, Stan, inork protestarik egin gabe... edozertan —esan zuen Jimmyk—. Nik ezin nezakek edozein gauza egin, hi baino hiru urte zaharrago banaiz ere.
— Dohaina duk.
Jatetxeak patata frijituen eta koktelen usain alaia zuen, zigarroek eta koktelek sortarazitakoarekin nahasita. Bero egiten zuen eta aurpegi berritsuz eta izerditsuz bete-beterik zegoen.
— Aizak, Stan, ez mugitu begiak horrela, Ruth eta bioi buruz galdetzen duanean... Lagun onak gaituk, ez besterik.
— Zintzoki galdetu diat, baina sentitzen diat hik hori esana. Ikaragarria duk, nik uste.
— Ruthek bere aktore-lana beste ardurarik ez dik. Arrakasta izateko horrenbesteko irrika dik, ezen gainerako guztiari uko egin baitio.
— Zergatik demontre nahi du jende guztiak arrakasta izan? Porrot egin nahi duen norbait ezagutu nahi nikek. Hori baino gauza ederragorik ez zagok.
— Bai, hala duk, taxuzko errenta jasoz gero, behintzat.
— Hori txorakeria besterik ez duk... Hau duk koktela! Herfy, nik uste diat heu haizela hiriko pertsona zentzudun bakarra. Hik ez duk handinahirik.
— Nola dakik hori?
— Zer egin dezakek arrakasta lortuta ere? Ez zagok arrakasta jan edo edaterik. Nik ulertzen diat, noski, jateko behar adina diru eta hori guztia ez dutenek ahalegin guztiak egin behar dituztela dirua lortzeko. Baina arrakasta...
— Ez zakiat zer nahi dudan; horixe duk nire arazo nagusia. Horrexegatik nabilek batera eta bestera; horrela ibiltzea etsigarria eta tristea duk.
— O, Jainkoak hartu zian erabakia hire ordez. Heuk ondotxo dakik hori, baina ez duk onartu nahi.
— Hiri honetatik alde egitea diat ametsik handiena, nik uste, Times Building-en lehergailu bat jarri ondoren, ahal izanez gero.
— Eta zergatik ez duk alde egiten? Oin bat bestearen aurrean jartzea besterik ez duk.
— Baina norabidea ere jakin beharra zagok.
— Hori duk gutxienekoa.
— Gero, dirua zagok.
— Ez zagok ezer dirua baino errazagorik lortzeko.
— Emery&Emery abokatu-bulegoko seme nagusiarentzat.
— Begira, Herf, ez zagok ondo nire aitaren bidegabekeriak niri aurpegiratzea. Badakik nik, hik bezala, hori dena gorrotatzen dudala.
— Nik ez diat errurik botatzen. Sekulako zortea duk, horixe duk dena. Nik ere, noski, zortea diat, jende gehienak baino askoz ere zorte handiagoa. Hogeita bi urtera bitartean bizitzeko lain diru utzi zidaan amak eta oraindik ehundaka dolar zauzkaat egun txarretarako eta osabak —madarikatua halakoa!— lana topatzen zidak kalera botatzen nautenero.
— Bee, bee, ardi beltza.
— Uste diat benetan beldur diedala osaba-izebei... Nire lehengusu James Merivale ezagutu beharko huke. Betidanik egin dik esan dioten guztia eta gora eta gora egin dik ereinotz berde baten gisa berean. Birjina zuhur perfektua.
— Eta hi, oker es panao, pirjina soro sarmangarri hoietako pat hais.
— Stan, alkoholaren eragina nabari zaik, beltzen modura hitz egiten hasi haiz.
— Bee, bee.
Stanek musuzapia mahai gainean utzi eta, barre-algaraka, soina atzerantz eraman zuen.
Absentaren usain okaztagarriak Jimmyren edontzitik gora egiten zuen mago baten arrosa-sorta bailitzan. Hurrupatu egin zuen sudurra zimurtuz.
— Moralista naizenez gero, protesta egiten diat —esan zuen Jimmyk—. Harrigarria duk, alajaina!
— Nik whisky bat behar diat sodarekin nahasita, koktel horiek berdintzeko.
— Ez haut begien bistatik galduko. Ni langilea nauk. Irensten diren eta irensten ez diren albisteen artean bereizten ikasi behar diat... Jainkoarren, ez diat horretaz hitz egin nahi. Hori hain duk txorakeria handia... Nik esango nikek koktel hori edonor lurrera zerraldo botatzeko modukoa dela.
— Alferrik duk pentsatzea zer egin daitekeen gaur arratsaldean; edatea beste zereginik ez zagok. Norbait aurkeztu nahi diat.
— Eta ni zintzo-zintzo eseri eta artikulu bat idazteko asmotan egotea ere!
— Zertaz?
— O, «Erreportari hasberri baten aitorpenak» izeneko artikulu engainagarria.
— Aizak, gaur osteguna da?
— Bai.
— Orduan bazakiat neska hori non egongo den.
— Hau guztia bertan behera utzi nahi diat —esan zuen Jimmyk ilun— eta Mexikora joan, diru asko irabaztera... Nire bizitzaren zatirik onena alferrik galtzen ari nauk hemen, New Yorken.
— Nola irabazi nahi duk horrenbeste diru?
— Petrolioa, urrea, dilijentzia-lapurretak, edozerk balio dik... kazetaritzak izan ezik.
— Bee, bee, ardi beltza, bee, bee.
— Ez egin beerik niri.
— Alde egin dezagun hemendik. Goazen Dingoren isilgailua konpontzera.
Jimmy zain zegoen garaje kirastuko atean. Arratsaldeko argi hautsez betea kiribiltzen zen suzko har distiratsuetan haren aurpegi eta eskuetan zehar. Harri nabarra, adreilu gorria, errotulu gorri eta berdeekiko asfalto ñarñarkaria, estolda gaineko paper-puskak; guztia haren inguruan biraka zebilen, emeki-emeki, lainoan murgilduta. Kotxea garbitzen ari ziren bi lagun hizketan zituen atzean.
— Bai, ni diru asko irabazten ari nintzen urdanga harekin topo egin arte.
— Bada, niri eder-ederra iruditzen zait, Charley. Ni arduratuta egongo nintzateke... Lehenengo astea pasata ez dago desberdintasunik.
Atzetik etorri eta sorbaldetatik heldu zion Stanek, kalerantz bultza egiten ziola.
— Autoa bostak arte ez duk konponduta egongo. Taxia hartuko diagu... Lafayette hotela! —egin zion oihu taxilariari, Jimmyri zapladatxo bat belaun gainean jotzen zion bitartean—. Tira, Herfy, zahar hori, ba al dakik zer esan zion Ipar Karolinako gobernadoreak Hego Karolinako gobernadoreari?
— Ez.
— Luze jotzen dik tragotik tragora. Bee, bee —egin zuen marraka Stanek, biak oldarrean kafetegian sartu zirenean—. Ellie, hemen zaudek ardi beltzak —egin zuen garrasi barreka.
Halako batean, sor eta lor geratu zen. Ellenen aurrean, mahai berean, bere senarra zegoen, bekain bat gora eta bestea betileekin ia-ia bat eginik. Euren artean teontzi bat ageri zen, lotsarik gabe.
— Epa Stan, eseri —esan zuen lasai.
Gero jarraitu egin zuen Oglethorperi irribarre egiten.
— Ez al da zoragarria, Jojo?
— Ellie, hau Mr. Herf da —esan zuen Stanek zakar.
— O, poz handia ematen dit zu ezagutzeak. Gauza asko entzun ditut zuri buruz Mrs. Sunderlanden etxean.
Isilik geratu ziren. Oglethorpe triki-traka ari zen koilaratxoaz mahaiaren kontra.
— Eta zer moduz, Mr. Herf? —esan zuen bat-batean Oglethorpek, zurikeriaz—. Gogoratzen al duzu nola ezagutu genuen elkar?
— Horretaz ari garela, Jojo, zer moduz zeu?
— Primeran, eskerrik asko. Cassandra bere lagunak utzi du, eta bestalde, Costello andere horrek lehengo gauean sekulako iskanbila sortu zuen. Izan ere, mozkor-mozkor eginda iritsi omen zen etxera eta saiatu omen zen taxilaria gelara eramaten eta gizajoak behin eta berriro esaten omen zuen berak taxi-bidaia kobratu besterik ez zuela nahi... Sekula halakorik!
Stan handiusteko altxatu zen eta alde egin zuen.
Hirurak eserita zeuden elkarri hitzik egin gabe. Kirioak airean, Jimmy ahaleginak eta bi egiten ari zen bere aulkitik ez mugitzeko. Altxatu-hurren zegoen, baina Ellenen begien belusezko xarmak geldiarazi zuen.
— Eta Ruthek lanik aurkitu al du, Mr. Herf? —galdetu zuen.
— Ez, oraindik ez.
— Hori bai zorte txarra!
— Bai, lotsagarria da. Badakit aktore ona dela. Arazoa da umore-sen handiegia duela enpresaburuei eta ikusleei koipea emateko.
— O, antzerkia nazkagarria da, ezta Jojo?
— Nardagarria, maitea.
Jimmyk ezin zituen begiak neskaren gainetik kendu; haren lepoa, urrezko distiraz inguraturik, kobre-koloreko ile-matazaren eta jantzi urdin argiaren artean.
— Tira, maitea...
Oglethorpe zutitu egin zen.
— Ni hemen geratuko naiz beste pixka batean.
Jimmyk adi-adi begiratu zion Jojoren ante-larruzko botin arrosetatik irteten ziren txarolezko triangeluei. Ezin oinik sartu han. Bat-batean, Herf altxatu egin zen.
— Orain, Mr. Herf, nirekin egongo zara hamabost minutuz? Seietan alde egin behar dut eta liburua ekartzea ahaztu zait eta zapata hauekin ezin naiz ibili.
Jimmy lotsagorritu eta berriro eseri zen zizakari.
— Bai, noski, atseginez... zerbait edan dezakegu.
— Oraintxe bertan bukatuko dut tea, baina zergatik ez duzu gin fizz bat edaten? Nik oso gogoko dut jendea gin fizzak edaten ikustea. Tropikoetan banengo bezala sentitzen naiz, jujubonbo-baso batean eserita, mangle zuhaitzez inguratutako ibai melodramatiko irrigarri batean barrena eramango gaituen untzi baten zain.
— Zerbitzari, gin fizz bat, mesedez.
Joe Harland pixkanaka-pixkanaka limurtua zen bere aulki gainean harik eta burua besoen gainean bermatu zuen arte. Bere atzamar koipetsuen artetik, bere begiek marmolezko mahaiaren marrei artega jarraitzen zieten. Isiltasuna nagusi zen argi gutxiko jantoki hartan: bi bonbilla baino ez zituzten, biak barraren gainean esekirik, non artean opil bakan batzuk geratzen baitziren, kristalezko kanpai batez estalirik. Jaka zuriko gizon bat lokarturik zegoen aulki garai baten gainean, burua gora eta behera zerabilela. Aldian behin, begiak irekitzen zitzaizkion bere aurpegiaren ore grisean, eta purrustaka behatzen zuen ingurura. Azken mahaian, loak hartutako gizonen sorbalda konkordunak ageri ziren, egunkari zaharren moduko aurpegi zimurtsuak, burukorik ezean beso gainean ezarriak. Joe Harland agondu zen aharrausika. Zira bat soinean, emakume gizen bat kikara bat kafe eskatzen ari zen barran. Aurpegi gorria zuen, zerrenda arrosaz betea, haragi ustela bailitzan. Katilua kontu handiz bi eskuen artean hartuta, mahairaino eraman zuen eta Joe Harlanden aurrean eseri zen. Joek burua berriro besoen artean ezarri zuen.
— Epa, hemen ez dao zerbitzuik ala?
Emakume-ahots hark kirrinka eragin zion Harlandi belarrietan, klarionak arbel gainean sortarazten duen gisa berean.
— Zer nahi'zu? —esan zuen marruka barraren atzeko gizonak.
Emakumea negar-zotinka hasi zen.
— Galdetu dit zer nahi dudan. Ni ez nao ohituta jendeak niri horren zakar hitz eiten.
— Tira, ezer nahi bazu, etorri eta hartu... Zerbitzua gaueko ordu hauetan!
Joe Harlandek whisky-hatsa antzeman zion emakumearen ahoari, negar-zotinka ari baitzen. Joek burua altxatu eta begira geratu zitzaion. Emakumeak irribarre egiteko, bere ezpain eroriak okertu eta burua Joerenganantz makurtu zuen.
— Jauna, ni ez nao ohituta jendeak nirekin horren zakar jokatzen. Nire gizona biziik eonez gero, zerbitzari honek ez luke horrela jokauko. Nolatan ausartzen da izkira eosi hori niri esatera gaueko zein ordutan zerbitzatu behar zaion emakume bati? —burua atzerantz eraman zuen eta barrearen ondorioz kapela okertu zitzaion—. Izkira eosia, hoixe besteik ezta... Tira, emakume bat gaueko ordu hauetan iraintzea ere!...
Txima zuriak, muturra hennaz tindaturik zutenak, aurpegian behera amiltzen zitzaizkion. Jaka zuriarekiko gizona mahaira hurbildu zen.
— Beira, Mother McCree, horrela jarraitzen bazu, traba eiten, kalera botako zaitut... Zer nahi'zu zuk?
— Buñueloak, bost zentabo —zinkurinatzen hasi zen Harlandi zeharka begira.
Joe Harlandek berriro sartu zuen burua besoen artean eta lo hartzen saiatu zen. Platera ezartzen entzun zuen, gero, hortzik gabeko aho baten ausikia aditu zuen, bai eta aldizka emakumeak kafe kikarari ematen zizkion zurrutada-hotsak ere. Beste bezero bat sartu zen eta zerbitzariari ahapeka eta purrustaka hasi zitzaion hizketan.
— Jauna, jauna, ez al da ikagarria ean nahi izatea?
Burua berriro jaso eta emakumearen begi lauso urtsuekin egin zuen topo, berari so.
— Ze ein beha'zu oain, maitia?
— Jainkoak daki!
— Earra litzake, bai hoixe, ohe bat, alkandora txukun bat eta zu bezalako mutil bat eukitzea, maitia... jauna.
— Hori besteik ez?
— Jauna, nire gizona biziik eonez gero, inork ez ninduke tratauko oain bezala. General Slocum-en galdu nuen senarra. Ematen du atzo gertau zela.
— Horrek eztu ba zorte makala izan!
— Baina bekatuan hil zen, apaizik gabe, maitia. Ikagarria da bekatuan hiltzea.
— Lo egin nahi dut, arraioa!
Emakume haren ahots indarge, kirrinkari eta gorabeherarik gabe hark hortzak karraskarazi zizkion.
— Santuak sutan daude niekin senarra General Slocum-en galdu nuenetik. Ni enaiz emakume zintzoa izan.
Berriro negarrez hasi zen.
— Ama Birjina, santuak eta martiriak sutan daude neekin, jende guzia sutan dao neekin... O, inork ez al nau behar bezala tratauko?
— Lo egin nahi dut... Isilduko al zara behingoz?
Emakumea makurtu eta itsumustuka hasi zen lurrean kapelaren bila. Eserita zegoen, negarrez, eta begiak igurtzitzen ari zen hazkozkor hanpatu eta koipetsuez.
— Ene, jauna, enauzu ondo tratatu behar ala?
Joe Harland zutik jarri zen arnasa indarrez hartuz.
— Isilduko al zara behingoz, arraioa!
Ahotsa auhen bilakatu zitzaion.
— Ezin al dut inon bakerik izan? Ez, inon ezin dut bakerik izan.
Kapela begietaraino sartu, eskuak sakeletan pulunpatu eta jantokitik irten zen tirriki-tarraka. Chatham Square-n, zeru more-gorri haren ñirñirra tren jasoaren bidearen burdinsaretik ageri zen. Argiak letoizko botoien bi ilaratan zeuden banatuta, Bowery-ren bakardadean.
Polizia bat igaro zen handik, porra dilinbi-dalanba zerabilela. Joe Harlandek berarengan iltzaturik nabaritu zuen poliziaren begirada. Azkar eta kementsu ibiltzen saiatu zen, negoziotan norabait balihoa bezala.
— Ederki, Miss Oglethorpe, zer iruditzen zaizu?
— Zer iruditzen zaidan zer?
— Badakizu zuk, zazpi eguneko mirari bat izatea.
— O, nik ez dakit ezertxo ere, Mr. Goldweiser.
— Emakumeek den-dena dakite, baina ezin dute halakorik aitortu.
Zetazko jantzi berdexka soinean, Ellen besaulki malgu batean eserita zegoen, gela luze baten bukaera aldean, non solasen txintxina eta zutargien eta harribitxien ñirñirra sumatzen baitziren, gaueko jantzien orban beltzen argiez eta emakumeen gaueko jantzi beltz distiratsuez zipriztinduta. Harry Goldweiserren sudurraren makurdurak zuzen-zuzenean bat egiten zuen bere soilunearen makurdurarekin, bere ipurdi handia aulki urreztatu triangeluar batetik ateratzen zen, bere begi nabar txikiak Ellenen aurpegian iltzatzen ziren hitz egitean, antenak bailiran. Ondoan, emakume batek sandalo-usaina isurtzen zuen. Turbante laranja baten azpian, ezpain laranja eta aurpegi zurbileko beste emakume bat igarotzen zen handik, bizar puntaduna zuen gizon batekin hizketan. Beste bat, belatz-mokoa eta ile gorria zituena, atzetik joan eta gizon bati eskua jartzen zion sorbalda gainean. «O, zer moduz, Miss Cruikshank? Bitxia da mundu guztia aldi berean eta leku berean egotea, ezta?». Besaulkian eserita, Ellen erdi lo entzuten ari zen; hautsek aurpegi eta beso gainean ematen zioten freskura, ezpainen gorriminaren leuntasuna; bere gorputz bainatu berria fresko zegoen bioleta baten gisa berean, zetazko jantziaren azpian, zetazko azpiko arropen azpian. Eserita, Ellen ametsetan zegoen, logaleturik entzuten. Tupustean gizonen halako ahots-kalapita bat inguratu zitzaion bazter guztietatik. Ellen altxatu egin zen, hotza eta zuria, iristezina, itsasargi baten modura. Gizonen eskuak narras zebiltzan, kristal apurtezin batean gora doazen zomorroen modura. Gizonen begiradek batera eta bestera egin eta kristalezko emakumearen kontra alferrik jotzen zuten, sitsak bailiran. Baina barneko zulo beltz sakon batean zerbaitek hots egiten zuen suhiltzaileen kamioiaren modura.
George Baldwin zutik zegoen gosariko mahaiaren ondoan, New York Times ale bat eskuan tolesturik.
— Tira, Cecily —esan zuen—, zuhur jokatu behar dugu gauza horiekin.
— Ez al duzu ikusten saiatzen ari naizela zuhurra izaten? —esan zuen Cecilyk negarzinuka.
Eseri gabe, gizona begira geratu zitzaion, egunkariaren mutur bat hatz erakuslearen eta erpuruaren artean biribilka zerabilela. Mrs. Baldwin emakume garaia zen eta gaztain-koloreko mototsa zuen, kontu handiz kizkurtua. Zilarrezko kafe-ontziteriaren aurrean eserita, azukreontzia eskuztatzen ari zen azkazal zorrotz arrosak zituzten bere atzamar zuri perretxiko itxurakoez.
— George, ezin dut gehiago jasan, kitto.
Mrs. Baldwinek gogor hertsi zituen bere ezpain dardaratiak.
— Baina, maitea, zuk exageratu egiten duzu...
— Exageratu? Bai zera!... Horrek esan nahi du gure bizitza gezur-pilo bat besterik ez dela izan.
— Baina Cecily, guk elkar maite dugu.
— Zu nire posizio sozialarengatik ezkondu zinen nirekin, hori badakizu zuk. Eta ni, tuntun alaena, zutaz maitemindu nintzen. Oso ondo. Dena bukatu da.
— Hori ez da egia. Nik benetan maite zintudan. Ez al duzu gogoratzen zeinen gaizki pasatu zenuen ezin ninduzulako benetan maitatu.
— Zakarra zara gero, hori gogora ekarrita... O, ikaragarria da!
Sukaldetik, neskameak arrautzak eta hirugiharra ekarri zituen erretilu batean. Elkarri begira eseri ziren, isil-isilik. Neskamea gelatik irten eta atea itxi zuen. Mrs. Baldwinek bekokia mahai-ertzean ezarri eta negarrari ekin zion. Baldwinek egunkarien tituluen gainean finkatu zuen begirada.
ARTXIDUKEAREN HILKETAK ONDORIO LATZAK ERAGINGO DITU. AUSTRIAKO ARMADA MOBILIZATURIK.
Mahaiaren inguruan bira egin eta emakumearen ile kizkurraren gainean ipini zuen eskua.
— Cecily gajoa! —esan zuen.
— Ez nazazu ukitu.
Mrs. Baldwin lasterka irten zen gelatik, aurpegian mukizapi bat zuela. Mr. Baldwin eseri egin zen, arrautzak, hirugiharra eta ogi xigortua hartu eta gosaltzeari lotu zitzaion; guztiak paper-zaporea zuen. Gosaria bertan behera utzi eta ohar bat zirrimarratzeari ekin zion paparreko poltsikoan eraman ohi zuen koaderno txiki batean, mukizapiaren atzean. Ikus Collins vs. Arbuthnot auzia, N.Y.S.C. Appel. Div.
Halletik zetozen oin-hots batzuek belarriak zolitu zizkioten; sarraila baten klika. Igogailua jaitsi berria zen. Arineketan jaitsi zituen lau solairu. Atondoan, beirazko eta burdina forjatuzko atetik Baldwinek bere andrea ikusi zuen espaloi-ertzean, zutik, garai, zurrun, eskularruak janzten. Korrika atera zen eta eskutik heldu zion taxi bat iristen ari zen une berean. Izerdiak perlaztatu egiten zion kopeta, alkandoraren lepo azpian kilimak eragiten zizkiola. Ohartu zen bera zein barregarri zegoen bere musuzapia eskuetan zuela, atezain beltzak isekatsu esaten zion bitartean: «Egun on, Mr. Baldwin, badirudi egun ederra datorrela». Eskutik indarrez oratuta, ahapeka esan zuen Baldwinek hortzen artean:
— Cecily, zerbait esan behar dizut. Ezin al duzu minutu batez itxaron? Gero, elkarrekin joango gara hiriaren erdialdera... Itxaron bost minutuz, mesedez —esan zion taxilariari—. Berehala jaitsiko gara.
Eskumuturra gogor estutzen ziola itzuli ziren igogailurantz. Euren apartamentuaren korridorean, halako batean emakumeak zuzen-zuzenean egin zion so, begi gartsuez.
— Sartu, Cecily —esan zuen eztiki eta logelako atea giltzaz itxi zuen—. Orain lasai hitz egin dezagun. Eseri maitea.
Aulki bat atzean ipini zion. Emakumea tupustean eseri zen, txontxongilo bat bezain zurrun.
— Begira, Cecily, ez duzu eskubiderik nire lagunez horrela hitz egiteko. Mrs. Oglethorpe laguna dut. Lantzean behin tea hartzen dugu elkarrekin leku guztiz publikoetan, ez besterik. Nik esango nion etortzeko, baina beldur nintzen ea zu oso zakarra ez ote zinen izango berarekin... Ezin duzu horrela jarraitu, zure zelo zoro horiek alde batera utzi gabe. Nik askatasun osoa ematen dizut eta zugan guztizko ustea dut... Nire ustez, nik eskubide berbera dut zugandik konfiantza berbera jasotzeko... Cecily, izan zaitez berriro lehengo neskato zentzuduna. Atso zahar batzuek asmo txarrez asmatutako txutxumutxu guztiak entzuten ibili zara, zu zoritxarreko egiteko.
— Emakume hori ez da lehena.
— Cecily, aitortu beharra daukat zenbaitetan, gu ezkondu eta berehala... Baina hori aspaldi bukatu zen... Eta nor izan zen erruduna?... O, Cecily, zu bezalako emakume batek ezin ditu ulertu ni bezalako gizon baten beharrizan fisikoak.
— Ez al dut egin ahal izan dudan guztia?
— Maitea, horrelako gauzetan ez dago errudunik... Nik ez dizut errurik botatzen... Benetan maite izan baninduzu, orduan...
— Zergatik uste duzu nagoela infernu honetan zugatik ez bada? O, zu bai zakarra!
Cecily eserita zegoen, bere oinei so, antezko xapinak jantzirik baitzituen, hatzen artean bere mukizapiaren lokarri hezea behin eta berriro bihurrika zerabilela.
— Begira, Cecily, oraintxe bertan dibortzioa kaltegarria izango litzateke niretzat, baina zuk benetan ez baduzu nirekin bizi nahi, kontu hau konpontzen saiatuko naiz... Baina, nolanahi ere, nitaz gehiago fio behar duzu. Zuk badakizu estimu handitan zaitudala. Eta, Jainkoaren izenean, inori ez kontatu hau nirekin hitz egin aurretik. Zuk ez duzu iskanbilarik nahi izango, ezta egunkarietako tituluetan agertu ere, ezta?
— Ongi da... Utz nazazu bakarrik... Berdin zait dena.
— Ederki... Berandu egin zait. Taxi honetan joango naiz erdialdera. Nahi al duzu etorri erosketak egitera?
Cecilyk ezetz egin zuen buruaz. Baldwinek muin egin zion bekokian, korridorean lastozko kapela eta makila hartu eta ziztuan alde egin zuen.
— Ene, ni bai emakume dohakabea! —murmurikatu zuen zutik jartzen ari zela.
Buruko mina zuen; begitandu zitzaion burua alanbre gori batez inguratua zuela. Leihora irten eta eguzkitan jarri zen. Park Avenue-ren beste aldean, gar baten moduko zeru urdina eraikin berri baten habe gorriek marraturik zegoen. Lurrin-errematxagailuak etengabe kirrinkatzen zuen. Noizean behin gindax batek txistu egiten zuen, kateen txintxina aditzen zen eta habe berri bat zeharka ageri zen airean. Harantzago, iparmendebalderantz, hodei distiratsu batzuek gorantz egiten zuten hegan, azaloreen modura loratuz zihoazela. «Ene, euria egingo balu, bederen!». Gogoeta hori burura etorri orduko trumoi baten eztanda isila trafikoaren eta eraikinen zalapartaren gainean pausatu zen. «Ene, euria egingo balu, bederen!»
Ellenek kretonazko gortina bat eseki berria zuen leihoan, gainean zuen lore gorri eta moreez osatutako marrazkiaren bidez patio mortuak eta etxeen adreiluzko murruak ez ikusteko. Gela biluziaren erdian, terako katiluz bete-beteriko kaxa-diban bat zegoen, bai eta janaria mahaian bero edukitzeko kobrezko ontzi berezi bat eta kafe-iragazki bat ere. Zur gogorrezko dornadura horiaren gainean kretona-zatiak eta gortina-uztaiak nahaspilaturik zeuden. Zoko batean, liburuek, jantziek eta izarek gainez egiten zuten kaxa batetik. Supazterraren ondoko erratzari zedro-olioaren usaina zerion. Horman bermatuta eta nartziso-koloreko kimonoa jantzirik, Ellenek bozkarioz begiratu zuen zapata-kutxa itxurako gela handi hartara; halako batean, txirrinaren hotsak asaldura piztu zuen haren baitan. Bekoki aurrean dingilizka zuen ile-xerlo bat bildu eta krisketa irekitzeko botoia sakatu zuen. Kolpe txiki bat entzun zen atean. Emakume bat ageri zen korridoreko ilunpean.
— Epa, Cassie, ez zaitut ezagutu! Sartu... Zer duzu?
— Ez dut enbadazudik sogtzen benetan?
— Ez horixe.
Ellen makurtu egin zen etorri berriari mokakada moduko musu azkar bat emateko. Cassandra Wilkins zurbil-zurbil zegoen eta halako dardarizo urduri bat zuen betazalen inguruan.
— Emaidazu aholku bat. Gortinak esekitzen ari naiz... Begira, zuk uste al duzu more honek ondo ematen duela hormako grisarekin? Niri pitin bat arraroa iruditzen zait.
— Nik uste dut eded-ededga dela. Hau da gela ededga! Zeinen zodiontsua izango zaden bertan!
— Ipini labexka hori lurrean eta eseri. Tea prestatuko dut. Halako bainugela-sukalde bat dago hor, logelan.
— Ziug zaude ez dudala enbadazurik sogtzen?
— Ez horixe... Baina Cassie, zer duzu?
— O, dena... Hodi guztia kontatu nahi nizun, baina ezin dut. Ezin diot inodi kontatu.
— Ni poz-pozik nago apartamentu honekin. Pentsa, Cassie, nire lehenengo etxea, bizitza osoan. Aitatxok nahi zuen ni berarekin bizitzea Passaic-en, baina ni ondotxo ohartu nintzen ezin nuela.
— Eta zed egiten du Mr. Oglethogpek? O, a ze lotsagabekedia!... Bagkatu, Elaine. Eddi zodatuta nago. Ez dakit zed esaten dudan ede.
— O, Jojo xarmangarria da! Nik nahi izanez gero, bera prest dago niri dibortzioa emateko. Zuk gauza bera egingo al zenuke, nire lekuan bazeunde?
Erantzunaren zain geratu gabe alde egin zuen ate birakarietatik zehar. Cassie kizkurtuta geratu zen sofaren ertzean.
Teontzi urdin bat esku batean eta eltze bat ur irakin bestean zuela itzuli zen Ellen.
— Axola al zaizu limoirik eta kremarik gabe hartzea? Azukre apur bat bada supazterreko apalean. Katiluak garbi daude oraintxe bertan garbitu ditudalako. Politak dira, ezta? O, zuk ez dakizu zein ondo eta etxekoi sentitzen den bat, bararentzako pisu bat lortzen duenean. Gorroto dut hotelean bizitzea. Benetan diotsut, zuk ez dakizu etxe honek zein etxekoi egiten nauen... Bitxia da, baina pisua ganoraz atondu bezain laster litekeena da hemendik alde egin eta besteren bati alokatu behar izatea. Hiru aste barru antzerki-itzuli bati ekingo diogu. Nik ez dut joan nahi, baina Harry Goldweiserrek ez dit baimenik emango.
Cassie te-zurrutada txikiak edaten ari zen koilaratxoaz. Eztiki hasi zen negarrez.
— Tira, Cassie, bota ezazu, zer duzu?
— O, zu hain zada zodioneko eta ni, bedgiz, hain zoditxadgeko.
— Bada, nik betidanik pentsatu izan dut neu nintzela zoritxarrekoetan zoritxarrekoena, baina zer duzu?
Cassiek katilua utzi eta lepoa estutu zuen bi eskuez.
— Begida —esan zuen ahots itoaz—, uste dut hauddun nagoela.
Burua belaunen artean jarri eta negar-zotinka hasi zen.
— Ziur zaude? Mundu guztiak izaten ditu sustoak beti.
— Nik nahi nuen gude maitasuna gadbia eta ededga izatea, baina bedak esan zuen ez ninduela bedgiz ikusi nahi nik ez banuen... eta nik godgotatu egiten dut.
Hitzak bata bestearen ondoren jaulki zituen malkoz beteriko negar-zotinen artean.
— Zergatik ez zarete ezkontzen?
— Ez dut nahi. Ezin dut. Ez lidake bat ede mesededik egingo.
— Noiztik dakizu?
— O, duela hamad egunetik, gutxienez. Badakit hodixe dela... Nik ez dut neude dantza bestedik nahi.
Negar-zotinka egiteari utzi eta berriro tea edaten hasi zen zurrutada laburrez.
Ellen atzera-aurrera zebilen supazterraren aurrean.
— Begira, Cassie, alferrik da urduri jartzea, alferrik. Ezagutzen dudan emakume batek lagunduko dizu. Lasaitu, mesedez.
— Ezin izango nuke, ezin izango nuke... —platertxoa belaunen artean limurtu zitzaion, lurrera erori eta puskatu egin zen—. Esadazu, Elaine, inoiz paidatu al duzu hodgelakodik?... O, sentitzen dut bene-benetan. Beste plategtxo bat edosiko dizut, Elaine.
Aiko-maikotan altxatu zen eta katilua eta koilaratxoa apalean ezarri zituen.
— O, bai noski. Ezkonberritan oso-oso gaizki pasatu nuen...
— O, Elaine, hau dena izugadgia da, ezta? Bizitza hain ededga litzateke, hain libgea, hain natudala, hau gabe... Nik laztuda sumatzen dut nide baitan bod-bod, ni hiltzen nauela.
— Gauzak horrela dira —esan zuen Ellenek zakar.
Cassie berriro negarrez hasi zen.
— Gizonak hain dida basatiak eta bedekoiak.
— Beste te bat, Cassie?
— Ez, ezingo nuke. Maitea, godagale izugadgia dut... Nik uste botaka egiten hasi behad dudala.
— Bainugela zuzen-zuzenean dago, ate birakaria igarota eta ezkerrera.
Ellen joan-etorrika zebilen gelan zehar, hortzak estuturik.
— Emakumeak gorroto ditut. Emakumeak gorroto ditut.
Cassie berehalaxe itzuli zen gelara, aurpegi zuri-berdexka agerian, bekokia trapu batez garbitzen ari zela.
— Hemen, etzan zaitez, gajo hori —esan zuen Ellenek, sofan lekua egiten zion bitartean—. Orain askoz ere hobeto sentituko zara.
— O, bagkatuko al didazu enbadazu hau guztia edaginda ede?
— Etzan zaitez minutu batez eta ahaztu guztia.
— O, atsedena hagtzea banu sikieda...
Ellenek eskuak hotz zituen. Leihora joan eta handik begira jarri zen. Mutil bat cowboy-z jantzita korrika zebilen patioan zehar, arropa esekitzeko soka bat batera eta bestera astinduz. Behaztopatu eta erori egin zen. Ellenek aurpegia malkotan blai ikusi zion altxatzean. Harantzagoko patioan, ile beltzeko emakume mozkote bat arropa esekitzen ari zen. Hesian, txolarreek txorrotxioka ziharduten elkarri mokoka.
— Elaine, maitea, aurpegidako hauts batzuk emango dizkidazu? Neude hauts-potea galdu dut.
Ellen bere logelara itzuli zen.
— Nik uste... Bai, hor, supazterreko apalean... Hobeto al zaude orain, Cassie?
— O, bai —esan zuen Cassiek ahots dardaratiz—. Eta ezpainetakodik?
— Sentitzen dut bene-benetan... Ni ez naiz sekula makilatzen kalera ateratzeko. Laster egin beharko dut, antzezpenean parte hartzeko.
Logelan sartu zen kimonoa kentzeko, soineko soil berdea jantzi zuen, ilea bildu eta kapela beltz txiki bat jarri zuen buruan.
— Tira, Cassie. Seietan zerbait jan nahi dut... Ez dut afaria irentsi nahi antzezpena hasi baino bost minutu lehenago.
— O, beldudgak nago... Hitz eman behad didazu ez nauzula bakadgik utziko.
— O, gaur ez dizu ezertxo ere egingo... Gehienez, aztertu egingo zaitu eta agian zerbait emango dizu hartzeko... Itxaron, non utzi duzu giltza?
— Taxi bat hagtu behagko dugu. Eta, maitea, nik sei dolad bestedik ez daukat mundu honetan.
— Aitak, eskatzen badiot, ehun dolar emango dizkit, altzariak erosteko. Dena konponduko da.
— Elaine, zeu zada munduko pertsonadik onena... Medezi duzu logtu duzun adgakasta guztia.
Seigarren Etorbidearen kantoian taxi bat hartu zuten. Cassie hortzak karraskatzen ari zen.
— Mesedez, beste egun batedako utziko dugu. Beldugtuegi nago odain joateko.
— Ene kuttuna, horixe da bide bakarra.
Pipa ahoan, Joe Harlandek zurezko ate zabal kirrinkaritik tira egin eta morroiloz itxi zuen. Eguzki-argi granate-kolorekoen azken orbana histen ari zen indusketaren ondoko etxearen murru garaiaren gainean. Garabien beso urdinak nabari ziren, ilun, murruaren kontra. Bizkarra atean bermaturik, Harland bere pipa ordurako itzalia zupatzen ari zen, eskorga hutsen ilarei eta pikatxoi eta pala piloei begira. Gindax eta lurrin-zulagailuetarako estalgune txiki bat pitzatutako haitz baten goialdean zegoen, mendiko aterpe baten gisa berean. Hesitik sartzen zen trafikoaren zalaparta gorabehera, lekua narea iruditu zitzaion. Ate ondoko estalpean sartu zen —han telefonoa baitzen—, aulkian eseri, pipa hustu eta bete eta piztu egin zuen. Gero, egunkaria belaun gainean ireki zuen.
ERAIKUNTZAKO ENPRESABURUAK
ENPRESAREN ITXIERA PRESTATZEN ARI DIRA
KONTRATISTEN GREBARI ERANTZUTEKO.
Aharrausi egin zuen burua atzera eramanez. Argi urdina ilunegia zen irakurtzeko. Luzaro geratu zen bere boten punta markadunei so. Bere gogoa hutsune eroso lauso bat zen. Bat-batean, bere burua etiketaz jantzirik ikusi zuen, kapela luzea eta botoi-zulo batean orkideo bat zeramatzala. Wall Street-eko Aztia so geratu zitzaion haren bisaia gorri guztiz marratuari, bai eta kapela zarpailtsuaren azpiko ile grisari eta hazkozkor lohitsu eta hanpatudun esku handiei ere, eta desagertu egin zen irribarre eginez, ahapeka. Corona-Corona baten lurrinaren akordu zehaztugabea etorri zitzaion burura, jakaren sakelan pipa betetzeko Prince Albert potearen bila ari zen bitartean. «Bien arteko aldea jakin nahi nikek», esan zuen ozenki. Poxpolu bat piztean, gaua guztiz belztu zen halako batean, tinta bailitzan. Poxpulua itzali zuen. Pipa sumendi gorri txiki bat zen, zupada bakoitzean txinpart indargeak sortzen zituena. Geldiro erretzen zuen, kea irentsiz. Hango eraikin garaiek argi-koroa bana zuten euren inguruan, kaleen eta iragarki elektrikoen distira gorrixkak sortarazia. Gorantz begiratzean, argi islatuaren belo ahulean zehar, zeru urdin-beltza eta izarrak ikusi zituen. Tabakoa gozoa zen. Joe oso zoriontsu zegoen.
Zigarro baten mutur goriak txabola baten atea zeharkatu zuen. Linterna eskuan zuela, Harland irten egin zen handik. Ahoan purua zuen mutil gazte ilehori sudur eta ezpain lodiko baten aurpegirantz zuzendu zuen linterna.
— Nola sartu zara hemen?
— Ondoko atea irekita zegoen.
— Bai zera! Zeren bila zabiltza hemen?
— Zu al zara gaueko zaindaria? —Harlandek baietz egin zuen buruaz—. Pozten naiz zu ezagutzeaz... Puru bat?... Zurekin solasalditxo labur bat egin nahi nuke... Ni 47. saileko arduraduna naiz. Erakutsidazu zeure txartela.
— Ez naiz sindikatukoa.
— Tira, denborarekin izango zara, ezta?... Guk, eraikuntzako langileok, elkartu egin behar dugu. Mundu guztia biltzeko ahaleginetan ari gara, gaueko zaindarietatik hasita inspektoreetaraino, enpresaburuen itxierari aurre egiteko.
Harlandek bere purua piztu zuen.
— Begira, gazte, listua alferrik gastatzen ari zara nirekin. Beti beharko dute zaindaria, greba egon ala ez egon... Ni zaharra naiz, ez dut indarrik borroka egiteko. Hauxe da azken bost urteotan izan dudan ganorazko lan bakarra eta akatu egin beharko naute kendu nahi badidate... Hori dena ondo dago zu bezalako mutilentzat. Ni kanpo nago. Gaueko zaindariak antolatzen saiatzea listua alferrik gastatzea duzu, benetan diotsut.
— Aizu, zuk ez duzu hitz egiten betidanik lan honetan jardun izan bazenu bezala.
— Agian, ni ez naiz lanbide honetakoa.
Mutil gazteak kapela kendu eta eskua bekokitik eta kaxkamotz sarritik pasatu zuen.
— O, zein izerdi-eragile ona eztabaidatzea, arranopola! Gau ederra, ezta?
— Bai, oso ederra —esan zuen Harlandek.
— Nik O'Keefe dut izena, Joe O'Keefe... Ziur nago zuk nahi baduzu, gauza asko kontatu ahal dizkidazula —esan zuen eskua luzatzen ziola.
— Nik ere Joe dut izena... Harland... Duela hogei urte izen hori oso ezaguna zen jendearen artean.
— Hogei urte barru...
— Aizu, zu oso morroi xelebrea zara ordezkari sindikal ibiltaria izateko. Entzun ezazu zahar honen esana, nik zu kalera bota baino lehen... Morroi gazte batek ezin du horrela aurrera egin munduan.
— Garaiak aldatu egiten dira. Pisu handiko morroiak daude grebaren atzean, ikusten? Gaur arratsaldean bertan bulegoan hitz egin dut McNiel batzordekidearekin egoerari buruz.
— Bada, nik benetan diotsut hiri honetan zerbaitek hondamenera eraman bazaitzake, hori sindikatuen kontu hau da. Egunen batean gogora etorriko zaizu zahar mozkorti honek esan dizuna, baina ordurako beranduegi izango da.
— O, zurruta izan zen, ezta? Horixe da beldurtzen ez nauen gauza bat. Nik ez dut sekula edaten, garagardoa ez bada, eta hori gizalegez.
— Begira, gazte, konpainiako detektibea laster irtengo da erronda egitera. Hobe zenuke hemendik alde egitea.
— Niri ez didate beldurrik ematen detektibe madarikatu horiek... Tira, laster arte, egunen batean itzuliko naiz zurekin egotera.
— Itxi atea irtetean.
Joe Harlandek ur apur bat atera zuen latorrizko depositu batetik, bere aulkian lasai asko eseri, nagiak atera eta aharrausi egin zuen. Hamaikak. «Orain gizon apain jantziak eta eskote handiko emakumeak irtengo dituk antzokietatik; gizonak etxera joango dituk euren andreekin edo amoranteekin; hiria lotara zoak». Taxiek tutua jo eta karranka egiten zuten hesiaren beste aldean. Iragarki elektronikoen urrezko hautsak dar-dar egiten zuen zeruan. Joek zigarrokina bota eta takoiaz zanpatu zuen lurzoruaren kontra. Hotzikara bat sumatu zuen eta zutitu egin zen. Gero, lasai ostera bat egin zuen orubean zehar, linterna dilin-dalan zerabilela.
Kaleko argia berealdiko iragarki bat horailtzen ari zen leunki, non leiho beltzekiko etxeorratz zuri bat nabari baitzen hodei zuriz zipriztindutako zeru urdinaren kontra: «SEGALAND HAYNESEK BULEGOTARAKO HOGEITA LAU PISUKO ERAIKIN MODERNO BAT ERAIKIKO DU HEMEN. 1915eko urtarrilean irekiko da. Oraindik bada bulegorik alokatzea. Argibide gehiagotarako...»
Sofa berde batean eserita, Jimmy Herf irakurtzen ari zen gela biluziaren zoko bateko bonbilla baten argitan. Jean Christophe-ko Olivier-en heriotzara iritsia zen eta hunkituta irakurtzen ari zen. Bere oroimenean artean iraungi gabe zegoen Rhin-en soinua. Izan ere, ibai hark Jean Chistophe jaio zen etxeko lorategiaren behealdea atergabe higatzen zuen. Bere gogoan, Europa lorategi berdea zen, musikaz eta bandera gorriz betea, ibilian dabilen jendez mukuru. Aldian behin, bapore baten txistua barneratzen zen gelan, beherantz eta indarge, elurra bezain geldiro. Kaletik taxien abarrotsa eta tranbien kirrinka zetozen.
Atean jo zuten. Jimmy altxatu egin zen, irakurtzearen poderioz begiak lauso eta bero zituela.
— Epa, Stan, nondik demontre hator?
— Herfy, kriston aitzurra zaukaat.
— Hau duk nobedadea!
— Eguraldi-iragarpena ematera natorrek, ez besterik.
— Aizak, beharbada hik esango didak zergatik ez duen inork ezer egiten herri honetan. Inork ez dik musika idazten, inork ez dik iraultzarik pizten edota inor ez duk maitemintzen. Jende guztiak zera egiten dik: mozkorrak harrapatu eta zikinkeriak elkarri kontatu. Nik uste nazkagarria dela...
— Aizak, aizak... Hitz egik heure izenean. Nik edateari utziko zioat... Ez duk ona edatea, aspergarria duk... Esan, ba al duk bainuontzirik?
— Bai, noski, izango ez diat ba! Norena da, hire ustez, pisu hau? Nirea?
— Norena ba, Herfy?
— Lester-ena. Nik zaindu egiten diat bera atzerrian dabilen bitartean, bera bai zorionekoa.
Stanek eranzteari ekin eta arropa bere oinetan pilatu zuen.
— Gustura joango nindukek igeri egitera, alajaina! Zergatik demontre biziko ote da jendea hirietan?
— Zergatik bizi behar ote dut narraz nik, dohakabe honek, hiri ergel eta epileptiko honetan? Horixe duk nik jakin nahi nukeena.
— «Eraman nazazu bainugelara, Horacio jopu horrek!» —deiadar egin zuen Stanek, bere arropa-piloaren gainean zutik zegoen, beltzaran, gihar biribil eta sendoak agerian. Pitin bat adaroa egiten zuen mozkorraren eraginez.
— Hortxe zagok, ate horixe duk.
Jimmyk gelaren zokoko bere kaxatik toaila atera, besteari bota eta irakurtzeari lotu zitzaion berriro.
Stan berriro sartu zen gelan, blai eta toailaren beste aldetik hizketan.
— Zer iruditzen zaik hau? Kapela kentzea ahaztu diat. Aizak, Herfy, mesede bat eskatu nahi diat. Egingo didak?
— Bai noski, zer da?
— Utziko didak heure gelan geratzen gaur gauean?
— Bai, jakina.
— Beste pertsona batekin esan nahi diat.
— Nahi duan guztia. Nahi baduk, ekarri Winter Garden koru osoa eta ez dik inork jakingo. Eta larrialdietarako irteera bat zagok, su-eskaileratik kalera ematen duena. Ni ohera joango nauk eta atea itxiko diat, gela eta bainugela zuen eskura uzteko.
— Bazakiat hau inposizio gaiztoa dela, baina norbaiten senarra sutan zagok eta kontu handiz ibili behar diagu.
— Eta bihar goizean ez estutu. Nik goizean goiz egingo diat hanka, beraz, patxadan egon zaitezkete.
— Tira, ni banoak. Gero arte.
Jimmyk bere liburua hartu zuen, bere gelara joan zen eta eranzteari ekin zion. Bere erlojuan hamabiak eta laurden ziren. Gaua sargoritsua zen. Argia itzali ondoren, luzaro geratu zen eserita ohe ertzean. Ibaiaren adar urrunek oilo-ipurdia eragiten zioten. Kaletik zetozen oin-hotsak aditzen zituen, gizon-emakumeen ahotsak, euren etxeetara itzultzen ari ziren bikoteen barre isilak. Gramofono bat Secondhand Rose jotzen ari zen. Ahoz gora etzan zen izararen gainean. Airearekin batera zabor-ontzien garraztasuna sartzen zen leihotik, gasolina erreak, trafikoak eta hautsez beteriko kaleek isuritako usainarekin nahasita. Horrez gain, gaizki aireztatutako logelen usaina nabaria zen: han gizon eta emakumeen gorputzak euren kasa bihurrika ari ziren, gauak eta uda hasi berriak torturaturik. Etzanda zegoen, begiak lehor-lehor eta sabaiari so. Bere gorputzak diz-diz egiten zuen, hilzori hauskor batean murgildurik, sutan, gori-gori dagoen metalaren modura.
Emakume baten ahots asaldatuak loa eten zion; norbait ari zen atea bultzatzen.
— Ez dut ikusi nahi, ez dut ikusi nahi, Jimmy, Jainko maitea, joan zeu berarekin hitz egitera. Nik ez dut ikusi nahi.
Elaine Oglethorpe, izara batean bilduta, gelan sartu zen. Jimmyk bere burua ohetik bota zuen.
— Zer arraio duzu?
— Hemen ez dago armairurik edo?... Jojo horrela dagoenean ez diot hitzik egin nahi izaten.
Jimmyk pijama arteztu zuen.
— Bai, armairu bat dago ohearen burualdean.
— Noski... Orain, Jimmy, izan zaitez aingerutxoa, hitz egiozu eta moldatu zaitez hemendik alde egin dezan.
Erdi zorabiaturik, Jimmyk aldameneko gelan sartu zen.
— Mari-zirtzil alaena! —oihu egin zuen ahots batek leihotik.
Argiak piztuta zeuden. Marra gris eta arrosekiko tapaki batean indiar baten modura bildurik, Stan bi sofaz osatutako ohe zabal batean uzkurturik zegoen. John Oglethorperi soraio beha zegoen, zeina, burua leihoaren goialdetik aterata, oihuka eta esku-imintzioka ari baitzen, txontxongiloen gisa berean. Ilea nahaspilaturik zuen begien aurrean. Esku batez makila bat astintzen ari zen eta besteaz kafesne koloreko feldrozko kapela bat.
— Etorri hona, mari-zirtzil alaena... Delitu goria, horixe da... Delitu goria. Bulkada adieraezin batek eraman ninduen Lester Jones-en sute-eskaileratik gora.
Isildu eta Jimmyri adi-adi begira geratu zitzaion, mozkor-begiez.
— Hortaz, hauxe da erreportari hasberria, kazetari horia. Bada, oraintxe bertan habia batetik erori dela ematen du. Ba al dakizu zer uste dudan zutaz? Benetan jakin nahi al duzu? O, Ruthek eta besteren batek eman didate zure berri. Badakit zuk uste duzula gauza guztien gainetik dauden dinamitari horietako bat zarela. Gogoko al duzu prentsako prostitutua izatea? Gogoko al duzu txartel horia? Kobrezko xafla, horrelako gauzak... Zuk uste duzu ni aktorea, artista, izateagatik ez dakidala ezer gauza horietaz. Ruthek esan dit zer iritzi duzun aktoreez eta horrelako gauzez.
— Mr. Oglethorpe, benetan diotsut oker zaudela.
— Nik irakurri eta ez dut ezer esaten. Gizon isila naiz, baina gauzak begietsi begiesten ditut. Badakit prentsan agertzen diren esaldi, hitz eta puntuazio-zeinu guzti-guztiak aztertu, zuzendu eta moldatu egiten dituztela iragarleen eta akziodunen arabera. Bizitza nazionalaren iturria pozoituta dago bere sorburuan.
— Hori duk eta, ongi esana! —egin zuen garrasi Stanek ohetik. Altxatu eta txaloka hasi zen.
— Nik nahiago nuke tramoiaririk apalena izan. Nahiago nuke eszenatokia garbitzen duen emakume zahar eta ahula izan... hiriko egunkaririk handieneko erredakzioburuaren bulegoko belusaren gainean esertzea baino. Antzezlarion lanbidea ohoragarria, zintzoa, apala eta jatorra da.
Bat-batean hitzaldia bukatu zen.
— Egia esanda, ez dut argi ikusten zer nahi duzun nigandik —esan zuen Jimmyk besoak uztartzen ari zela.
— Hara, orain euria hasi behar du —jarraitu zuen Oglethorpek auhenka ahots kirrinkariz.
— Hobe zenuke etxera joatea —esan zuen Jimmyk.
— Alde egingo dut, bai, alde egingo dut emagaldurik ez dagoen lekuren batera... ez prostitutarik, ez gigolorik... Gau luzean murgilduko naiz.
— Uste al duk etxera ondo iritsiko dela, Stan?
Ohe ertzean eserita eta barrez lehertzen ari zela, Stanek sorbaldak uzkurtu zituen.
— Nire odola zure buru gainera eroriko da betiko, Elaine, betiko, entzun didazu?... Gauean, inork niri barrerik edo isekarik egiten ez didan lekuren batean. Ez pentsa ikusten ez zaitudanik... Okerrena gertatzen bada, ez da nire erruagatik izango.
— Gau on —egin zuen deiadar Stanek.
Azken barre-bulkada eginda ohe-ertzetik erori eta pirritan hasi zen lurrean zehar. Jimmy leihora gerturatu zen eta kalezuloko sute-eskailerarantz begiratu zuen. Oglethorpe dagoeneko alde egina zen. Euria barra-barra ari zuen. Murruei adreilu bustien usaina zerien.
— Tira, hau bada nahasterik korapilatsuena...
Jimmy bere gelara itzuli zen Stani begiratu gabe. Ate aurrean, Ellen Jimmyren ondotik igaro zen, arin eta lirain.
— Bene-benetan sentitzen dut, Jimmy... —hasi zen Ellen.
Atea Ellenen sudurraren aurre-aurrean itxi zuen, giltzaz.
— Tontolapiko hauek burutik eginda daude —esan zuen hortz artean—. Zer arraio uste dute dela hau?
Eskuak hotz eta dardarka zituen. Burusi batez tapatu zen. Ohean etzanda esna zegoen euriaren triki-traka etengabeari eta teilatu-hodien tanta-erortze txistukariari adi. Lantzean behin haize-bolada batek begitartea umeltzen zion. Logelan oraindik nabarmenak ziren Ellenen adats sarriaren zedro-usaina eta bere soinaren leuntasuna, hantxe uzkurturik egona baitzen, izararen barruan bilduta, ezkutatuta.
Ed Thatcher badiara ematen zuen leihoan eserita zegoen, igandeko egunkarien artean. Ilea urdinduta zuen eta zimur sakonak ageri zituen masailetan. Praken goiko botoiak askatuak zituen, sabel hanpatu hura estutzen baitzioten. Leiho irekiaren aurrean eserita, asfalto kiskalgarriaren gaineko autoen erreka azkengabeari begira zegoen; izan ere, ibilgailuak bi noranzkoetan marruka zebiltzan, adreilu horizko dendak eta adreilu gorrizko geltokia atzean utziz. Han, teilatu-hegal baten azpian, eguzkitan distira ahula sortarazten zuten letra urreztatu batzuk irakur zitezkeen, atzealde beltzaren gainean ezarririk: PASSAIC. Aldameneko etxeetan, gramofonoek igandeetako marmario etengabeak gupidarik gabe zabaltzen zituzten: It's a bear, Luciaren seikotea eta The Quaker Girl-en lan aukeratuak. Belaunen gainean New York Timeseko antzerki-atala zetzan. Logaleak jotako begi horiek bero dardartiari so zegiten. Min itogarri batek estutzen zizkion saihetsak. Town Topics ale bateko paragrafo bat irakurri berria zuen.
«Mihi gaiztoak marmarrean ari dira gertakari ukaezin baten inguruan: Stanwood Emery gazteak autoa gauero aparkatzen du Knickerbocker antzokiaren aurrean eta, diotenez, handik ez du sekula alde egiten laster punta-puntako izarren artean egongo den neska aktore gazte batez lagunduta ez bada. Gazte horrek hiriko abokatu-bulego errespetagarrienetako bateko burua du aita eta berrikitan, gorabehera pittin bat penagarri batzuk zirela medio, Harvard-etik alde egin behar izan du; bada, azken bolada honetan, bere balentriek berealdiko harridura piztu dute jendearen artean, seguru asko bere gaztetasunaren berezko irakinaldiaren ondorio besterik izan badira ere. Ulermen zoliari hitz gutxi.»
Txirrinak hiru aldiz jo zuen. Ed Thatcherrek egunkariak bota zituen eta dardarka oldartu zen atera.
— Ellie, atzeratu egin zara. Uste nuen ez zinela etorriko.
— Aitatxo, etorriko naizela esaten badut, etorri egiten naiz beti.
— Bai noski, maitea.
— Zer moduz? Zer moduz bulegoan?
— Mr. Elbert oporretan dago... Nik uste dut bueltatzen denean joan egingo naizela. Nahi nuke, bada, zu nirekin etortzea Spring Lake-ra egun batzuetarako. On egingo lizuke.
— Baina aitatxo, ezin dut... —kapela burutik kendu eta sofa gainera bota zuen—. Begira, arrosak ekarri dizkizut, aitatxo.
— Pentsatu horretaz. Gorriak dira, zure amak honelakoak zituen gogoko. Oso detaile polita izan da... Baina ez nuke bakarrik joan nahi oporretara.
— O, aitatxo, seguru asko han lagun zahar pilo bat aurkituko duzu.
— Zergatik ez zatoz nirekin, astebeterako besterik ez bada ere.
— Lehenengo eta behin, lan bat topatu behar dut... Konpainiak bira bat egin behar du eta ni oraingoz ez naiz joango. Harry Goldweiserri ez dio bat ere graziarik egin horren berri izan duenean.
Thatcher berriro badiara ematen zuen leihoan eseri eta igandeko egunkariak pilatzen hasi zen aulki baten gainean.
— Baina aitatxo! Zer arraio egiten duzu zuk Town Topics-en ale horrekin?
— O, ezer ez. Irakurri gabe daukat. Nolakoa zen ikusi nahi nuen, ez besterik.
Lotsagorritu egin zen eta, ezpainak estututa, lehengo alea desagertarazi egin zuen Times-en orrien artean.
— Hori sasiegunkari bat da, txantajea egiten besterik ez dakiena.
Ellen harat-honat zebilen gelan zehar. Arrosak ontzi batean jarriak zituen. Halako freskura lurrintsu bat hasi zen hedatzen gelako aire trinkoan zehar.
— Aitatxo, zerbait esan behar dizut... Jojo eta biok dibortziatu behar dugu.
Eserita eta eskuak belaun gainean zituela, Ed Thatcherrek, ezpainak estututa, buruaz baietz egiten zuen, ezertxo ere esan gabe. Aurpegia ilun eta grisa zuen, ia-ia bere jantzi pikardatua bezain grisa.
— Ez dago ezer larririk, egia esanda. Baina ohartu gara ezin dugula elkarrekin jarraitu. Dena poliki doa, modurik egokienean... George Baldwinek, lagun batek hartu du gai honen ardura.
— Emery&Emery-rekin etorri zena?
— Bai.
— Umm...
Isildu egin ziren. Ellen arrosen usaina sakonki hartzeko makurtu zen. Gero, har berde bati beha geratu zen, brontze-koloreko hosto baten gainean noraezean baitzebilen.
— Benetan diotsut, nik oso-oso maite dut Jojo, baina erotu egingo nintzateke berarekin jarraituz gero... Zor handia dut berarekin, badakit.
— Hobe zenuen inoiz begiz jo ez bazenu.
Thatcherrek eztarria garbitu eta aurpegia jiratu zuen leihotik bi auto-ilara amaigabeak ikusteko, geltoki aurretik igaroan. Autoek harrotutako hautsari eta kristal, esmalte eta nikelen gainean sortutako isla angeluarrei beha zegoen. Pneumatikoek txistu egiten zuten macadam koipetsuan zehar. Ellenek bere burua bota zuen sofa gainean eta begiak noraezean erabili zituen alfonbraren arrosa gorri kolorgeen artetik. Txirrinak jo zuen.
— Neu noa, aitatxo... Zer moduz, Mrs. Culveteer?
Emakume handi musugorri bat, gasazko jantzi zuri-beltza soinean, arnasestuka sartu zen gelan.
— O, barkatu, une txarrean banator. Oraintxe bertan alde egingo dut... Zer moduz, Mr. Thatcher?... Jakin dut, maitea, zure aita gizajoa oso gaixo egon dela.
— Huskeria bat baino ez da izan, bizkarreko min txiki bat.
— Lunbagoa, maitea.
— Baina aitatxo, zergatik ez zenidan ezer esan?
— Gaurko sermoia benetan aberasgarria izan da, Mr. Thatcher... Mr. Lourton inoiz baino finago mintzatu da.
— Badakit pixka bat irten beharko nukeela etxetik eta noizean behin elizara joan, baina nik igandeetan etxean geratzea atsegin dut.
— Jakina, Mr. Thatcher. Horixe da zeuk duzun egun bakarra. Nire senarra berdintsua zen... Baina uste dut Mr. Lourton ez dela artzain gehienak bezalakoa. Horrek bai duela ikuspegi berritzailea eta anitza! Badirudi elizara baino hitzaldi oso-oso interesgarri batera goazela... Ulertzen duzu zer esan nahi dudan?
— Benetan diotsut, Mrs. Culveteer, datorren igandean, bero handia egiten ez badu, haraxe joango naiz... Alfertzen ari naizela uste dut.
— Aldaketa txiki batek denoi egiten digu on. Mrs. Oglethorpe, zuk ezin duzu pentsatu ere egin guk zer-nolako gogoa dugun zure karreraren berri igandeko egunkarien edo beste zerbaiten bidez jakiteko... Zoragarria da, benetan zoragarria. Atzo Mr. Thatcherri esan nionez, gaur egun nortasun sendoa eta sentimendu kristau sakona behar dira antzerki-munduaren tentazioei eusteko. Guztiz pozgarria da pentsatzea emakume gazte bat, emakume gazte ezkondu bat, garbi eta orbainik gabe bizi daitekeela halako giro batean.
Ellenek ez zuen begirik lurretik kentzen, bere aitaren begiradak saihestu nahirik, zein, urduri, aulkiaren beso baten gainean tiki-taka ari baitzen bi atzamarrez. Irribarretsu, Mrs. Culveteer pozarren ari zen, sofaren erdialdean. Altxatu egin zen.
— Tira, alde egin beharra daukat. Neska sukaldari berria dugu eta ziur nago afaria negargarria izango dela... Egingo al diguzue bisitatxo bat arratsaldean?... Konplimendurik gabe. Gailetak egin ditut eta botila batzuk ginger ale aterako ditugu, norbait etortzen bazaigu ere.
— Atsegin handiz joango gara, Mrs. Culveteer —esan zuen Thatcherrek, zutitzen zen bitartean, zurrun.
Mrs. Culveteerrek aterantz jo zuen ahateen ibilkeraz, soinekoa estuegi baitzeukan.
— Tira, Ellie, goazen zerbait jatera... Oso bihotz oneko emakumea da. Beti ekartzen dizkit marmelada eta jele poteak. Goialdean bizi da bere ahizparen familiarekin. Saltzaile baten alarguna da.
— Bai jardun aspergarria antzerki-munduaren tentazioei buruz egin duena! —esan zuen Ellenek irriño bortxatu bat eginez.
— Goazen, bestela jatetxea jendez gainezka egongo da. Jendetzarengandik ahalbait urrunen; horixe dut lema —esan zuen Thatcherrek ahots urduri eta zakarraz—. Ez dezagun alferrik hitz egin.
Atea zeharkatzean, Ellenek ireki zuen bere itzalkina, alde batean txirrinak eta bestean postontziak zituela. Bolada bero batek talka egin zien aurpegian. Atzean utzi zituzten paperdenda, A. and P. letra gorriak eta kale-kantoiko drogeria, toldo berdearen azpitik soda eta izozkiaren freskura zaharmindua isurtzen zuena. Kalea zeharkatu zuten; han, oinak asfalto bigun eta likitsean itsatsirik geratu zitzaizkien eta Sagamore kafetegian gelditu ziren. Erakusleihoko erlojuan hamabi-hamabiak ziren; esferaren inguruan, Time to eat esaldia irakur zitekeen, letra gotikoez idatzirik. Behean, garo handi horail bat zegoen, eta txartel bat: Chicken Dinner, 1,25 dolar. Ellen atean geratu zen, kale dardaratsuari so.
— Begira aitatxo, seguru asko ekaitza izango dugu.
Kumulu batek elurrezko bere zuritasun sinesgaitza zabaldu zuen zeru arbeltsuan gaindi.
— Ez al da polita hodei hori? Ez al litzateke polita izango halako ostots-ekaitz bat izango bagenu?
Ed Thatcherrek gorantz begiratu, buruaz baietz egin eta, ate birakaria atzean utzita, aurrera egin zuen. Ellen atzetik joan zitzaion. Barruan, bernizaren eta neska zerbitzarien usaina zegoen. Ate ondoko mahai batean eseri ziren, haizagailu baten burrunbaren pean.
— Zer moduz, Mr. Thatcher? Non ibili zara aste honetan, jauna? Zer moduz, andereño?
Neska zerbitzari argal eta ile-hori tindatua adeitsu makurtu zen haien aldera.
— Gaur zer nahi duzu, jauna: Long Island-eko ahate errea ala Filadelfiako kapoi errea?
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana