Bigarren atala
Istmoko Jack Zangoluzea
Eguerdia Union Square-n. Dena salgai. Helbide-aldaketa. SEKULAKO HUTSEGITEA EGIN DUGU. Hautsez betetako asfalto gainean belauniko, mutikoek distira ematen zieten zapatei, zapata baxuei, koloretako oinetakoei, botoiekiko zapatei, oxford-ei. Eguzkiak distira egiten zuen kardabera bailitzan, distira atera berria zuten zapata bakoitzaren puntan. Hemendik zen, lagun, jauna, andereñoa, andrea, dendaren atzealdean fantasia ehunaren diseinu berriak. Goreneko kalitatea, behereneko salneurriak... Jaunak, andereñoak, andreak... SEKULAKO HUTSEGITEA EGIN DUGU. Helbide-aldaketa.
Eguerdiko eguzkiak kiribilak marrazten zituen chopsuey usaineko giro nahasian gaindi. Sordinaz jotako musika kiribilkariak Hindustan zekarkigun gogora. Mutilak fooyong-a jaten zuen, neskak chowmein-a jaten zuen. Aho beterik egiten zuten dantza. Soineko urdin mehe bat jantzi beltz leun baten kontra marruskaturik, kizkur horailizunak ile beltz leunaren kontra estutuz.
Hamalaugarren Kalean behera. «Aintza, Aintza, armada dator»; neskak urrats luzeak emanez. Aintza, Aintza, lauko lerrotan. Bazetorren Salbazio Armadako musika-banda, distiratsu, itsas urdin.
Goreneko kalitatea. Behereneko prezioa. Helbide-aldaketa. SEKULAKO HUTSEGITEA EGIN DUGU. Helbide-aldaketa.
Liverpool-etik, Raleigh bapore britainiarra, Kettlewel kapitaina; 933 bal, 881 kutxa, 10 saski, 8 oihal-fardel; 57 kutxa, 89 bal, kotoizko haria zuten 18 saski; 156 feldro-bal, 4 amianto-bal, 100 bobina-zaku...
Joe Harlandek makinaz idazteari utzi eta gora begiratu zuen, sabaira. Atzamar-puntak minduta zeuzkan. Urahiak, manifestuek eta mahuka hutsik zeuden gizonek isuritako zahar-usaina nagusi zen bulego hartan. Leihotik patioko horma ilunaren zati bat ikusi zuen eta leiho batetik, begirik kendu gabe, bisera berdedun gizon bat beha zegoen, inozoki. Bulegoko mutilak ohar bat utzi zuen bere mahaiaren ertzean: «Mr. Polloc-ek 5:10etan ikusi nahi zaitu». Zintzurra uzkurtu egin zitzaion. «Kale gorrira botako nau». Bere atzamarrek berriro ekin zioten tekleatzeari:
Glasgow-tik, Delft bapore holandarra, Tromp kapitaina; 200 bal, 123 kutxa, 14 upela...
Joe Harland alderrai ibili zen Battery-n zehar harik eta hutsik zegoen jarleku bat topatu zuen arte; hara inguratu eta astunki eseri zen bertan. Jersey-ren atzean, eguzkia azafrai-koloreko lurrun kalapitatsuan barna hondoratzen ari zen. «Tira, hau amaitu egin duk». Eguzki-sartze hari begira geratu zen, luzaro geratu ere, haginlari-kontsultategi bateko koadroa balitzan. Handik igarotzen ari zen atoiontzi batetik kezko zirimola izugarriak altxatzen ziren, beltz eta gorrimin, untzitik gora kiribilka igoz. Joe eguzki-sartze hari begira zegoen, zain. «Hara, hemezortzi dolar eta berrogeita hamar zentabo nitian nik lehen, ken gelaren sei dolarrak, garbitegiaren dolarra eta laurogeita lau zentaboak eta Charley-ri zor dizkiodan lau dolar eta laurogeita hamar zentaboak; guztira, zazpi dolar eta laurogeita lau zentabo, hamaika dolar eta laurogeita lau zentabo, hamabi dolar eta hogeita hamalau zentabo kentzen baditut hemezortzi dolar eta berrogeita hamar zentabotatik, sei dolar eta hamasei zentabo. Horixe duk daukadana. Hiru egun ditiat lana aurkitzeko, ezertxo ere edan gabe emanez gero. Ene Jainkoa, aldatuko al zaidak inoiz zortea! Lehen nik zoria on xamarra izaten nian». Belaunetan dardarizoa zuen eta sabelaren goialdea irakiten zeukan. «Porrot ederra hire bizitza, Joseph Harland. Berrogeita bost urte eta ez lagunik, ez dirurik, hire egunak alaitzeko».
Belak triangelu gorrizta bat zirudien, ontziak zementuzko pasealekutik urrats gutxi batzuetara aurtzatu zuenean. Ezpeleta beste aldera aldatzeaz bat, mutil bat eta neska bat batera makurtu ziren. Beltzaran zeuden bi-biak eta ile horia zuten, atari zabalean ibiltzearen ondorioz koloregabetua. Untzia badiako itzal gorrixken artetik desagertzen ari zela, Joe Harlandek ausiki egin zien bere ezpainei, malkoei eustearren. «Ene Jainkoa, zerbait edan beharra zaukaat».
— Hau bai delitua! Hau bai delitua! —zioen behin eta berriro ezkerretara zuen gizonak. Joe Harlandek burua jiratu zuen; gizonak zimurrez beteriko aurpegi gorria zuen, eta zilar-koloreko ilea. Bi atzamar lohiren artean egunkari baten antzerki-sailaren orriari eusten zion, teink.
— Begira neska aktore pinpirin hauek! Erdi biluzik azaltzen ez dituk ba! Zergatik ez ditek bat bakean uzten?
— Ez duk gogoko euren argazkiak ikustea egunkarietan?
— Berriro zioat: Zergatik ez ditek bat bakean utziko?... Batek lanik ez badu, batek dirurik ez badu, zioat nik: Zertarako balio ditek gauza horiek?
— Jende askori gustatzen zaiok egunkarietan horrelako argazkiak ikustea, esaterako, niri neuri, garai batean...
— Garai batean lana zegoan... Orain ez duk lanik? —purrust egin zuen bortizki.
Joe Harlandek ezetz egin zuen buruaz.
— Orduan, zer arraio dela eta? Bat bakean utzi beharko liketek, ezta? Lanik ez elurra etorri arte, orduan kaleak palaka garbitzeko lanak hasiko dituk eta.
— Ordura arte zer egingo duk hik?
Agureak ez zuen erantzun. Berriro egunkaria zegoen lekura makurtu, orrian begiak finkatu eta murmurikatu zuen:
— Erdi biluzik zaudek guztiak, hau delitua duk, esan diat ba.
Joe Harland altxatu eta aldendu egin zen handik.
Kasik gaua zen; belaunak zurrun zituen luzaro eserita egon izanaren ondorioz. Tirriki-tarraka aurrera zihoan bitartean ohartu zen gerrikoak sabel puztua estutzen ziola. «Gerra-zaldi gizajoa! Hik pare bat zurrut behar dituk hire gauzei buruz pentsatzeko». Ate birakarietatik halako garagardo-usain zehaztugabe bat zetorren. Barrualdean, zerbitzariaren aurpegiak madari gorrixka bat zirudien, kaobazko apal eroso baten gainean ezarria.
— Atera whisky bat.
Whiskyak, bero eta lurrintsua, kiskali egin zion eztarria. «Honek bizi-indarra ematen zidak, bai horixe!». Edaria bukatu ez bazuen ere, barrara hurreratu eta urdaiazpiko-otarteko txiki bat eta oliba bat jan zituen.
— Beste whisky bat, Charley. Honek bizi-indarra ematen zidak. Denbora gehiegi eman diat ezertxo ere edan gabe; horixe gertatzen zaidak niri. Ni horrela ikusita ez huke sinetsiko, lagun, lehen Wall Street-eko Aztia deitzen zidatela; hori giza aferetan zorteak duen aparteko garrantziaren beste erakusgarri bat baino ez duk... Bai jauna, atseginez. Gora osasuna eta doala pikotara zoritxarra! Honek bizi-indarra ematen zidak, bai horixe! Tira, nik esango nikek zuen artean ez dagoela bat bera ere sekula espekulazioren batean sartu ez denik, eta, esan, zuetako zenbat ez dituk etsia harturik atera? Horra hor giza aferetan zorteak duen aparteko garrantziaren beste erakusgarri bat. Baina ez nire kasuan, jaunak, nik hamar urtez jokatu diat Burtsan, hamar urtez, gau eta egun lan eginda, ez diat negozio bat bera ere begien bistatik galdu, eta hamar urtez hiru aldiz baino ez diat egin kale, azken aldia kontuan hartu gabe. Jaunak, sekretu bat esango dizuet, garrantzi handiko sekretu bat... Charley, atera beste erronda bat nire lagun on hauentzat, nik ordainduko diat, eta hik ere edan zerbait... Ene, a ze kilimak eragiten dituen... Jaunak, giza aferetan zorteak duen aparteko garrantziaren beste erakusgarri bat. Jaunak, nire zortearen sekretua... egiazkoa duk, benetan diotsuet; baina zuek egiaztatu behar duzue hori, garai hartan argitaratutako egunkari, artikulu, aldizkari eta hitzaldietan. Gizon batek, alproja batek, gero ikusi ahal izan nuenez, nire bizitzari buruzko detektibe nobela idatzi zian, Arrakastaren sekretua izenekoa; gaia aztertu nahi izanez gero, liburu hori New Yorkeko biblioteka publikoan eskuragarri duzue... Nire arrakastaren sekretua zera zuan... Eta zuek horren berri duzuenean zeuekiko barre egin eta esango duzue: «Joe Harland mozkortuta zagok, Joe Harland inozo hutsa duk...». Barre egingo duzue, bai... Lehenago esan dizuedanez, hamar urtez ibili ninduan irabazien tarteekin lanean, di-da erosten nian eta sekula entzunak ez nituen izenen akzioetan ipintzen nian neure dirua eta beti irabazten nian. Diru pila eskuratu nian. Lau banketxe nitian eskura. Azukrearen eta gutapertxaren negozioan sartu ninduan buru-belarri, nire garaiari aurrea hartuz. Baina zuek irrikan zaudete nire sekretua jakiteko, inoiz erabilgarri izango zaizuelakoan... Inola ere ez... Zeta urdinezko gorbata bat zuan, amak txikitan egin zidana... Ez egin barre, arraioa... Ez, ez dizuet adarra jo nahi. Zortearen aparteko garrantziaren beste erakusgarri bat baino ez duk. Beste lagun batekin mila dolar Louisville-ko eta Nashville-ko tituluetan arriskatu nituen egunean, gorbata hura nian jantzita. Hogeita bost minututan hogeita bost puntu egin zitean gora. Hura izan zuan hasiera. Gero, pixkanaka-pixkanaka ohartu ninduan gorbata lepoan ez nuen guztietan dirua galtzen nuela. Zahar-zaharra eta zirpiltsua zenez, poltsikoan eramaten saiatu ninduan. Alferrik. Jantzita eraman behar nian, ulertzen didazue?... Ondoren datorrena betiko kontua duk, jaunak... Neska bat zegoan tartean eta nik maite nian, arraioa! Erakutsi nahi izan nioan ni berarengatik edozer egiteko prest nengoela eta eman egin nioan gorbata. Nik itxura egin nian txantxetan ari banintz bezala eta barre egin nian, kar, kar, kar. Berak esan zian: «Ez du ezertarako balio, guztiz zirtzildurik dago»... hartu eta di-da sutara bota zian... Beste erakusgarri bat... Aizak, lagun, beste zurrut batera gonbidatuko nauk? Ustekabean gaur arratsaldean fondorik gabe nagok... Eskerrik asko, jauna. A ze indarra ematen duen!
Metroko bagoi jendetsuan mutil mezularia zihoan, Mary Garden usaina zuen emakume luze ilehori baten bizkarraren kontra estu-estu eginda. Ukondoak, fardelak, sorbaldak, ipurmamiak han-hemenka higitzen ziren, tren expres kirrinkariak emandako astinaldietan elkar topeka. Kolpe bat hartuta, beraren Western Union kapela izerditsua buruaren beste aldera joan zitzaion. «Nik horrelako emakume bat banu, horrelako emakume bat, merezi izango likek inork trena geldiaraztea, argiak itzaltzea eta trena deskarrilatzea. Nik neure egin nezakek emakume hori, horretarako kemenik eta sosik izanez gero». Trenaren abiadura mantsotu zenean emakume ilehoria haren gainean erori zen. Begiak itxi eta arnasari eutsita, haren sudurra emakumearen lepoan iltzatu zen, bortizki. Trena gelditu egin zen. Jendetzak bultzaka atera zuen mutila bagoitik.
Zorabiaturik, balantzaka igo zen kaleraino, non etxeen argiak klisk-klask ari baitziren. Upper Broadway jendez beterik zegoen. Laurogeita Hamaseigarren Kalearen kantoian marinel batzuk, binakako edo hirunakako taldetan banaturik, nagikerian zebiltzan. Gozotegi batean bi otarteko jan zituen, bata urdaiazpikoarena eta bestea foie-grasena. Dendako emakumeak gurin-koloreko ilea zuen, metroko emakumearena bezalakoa, baina gizenagoa eta zaharragoa zen. Artean bigarren otartekoaren azala murtxikatzen ari zelarik, igogailuan sartu eta Lorategi Japoniarrera igo zen. Sarrerako toldoaren kulunka amaigabeak begietan, hausnarrean eseri zen une batez. «Jainkoarren, gogotik egingo ditek barre, mezulari bat horrela jantzita ikustean. Hobe diat alde egitea. Nire telegramak banatzera noak».
Eskaileretan behera gerrikoa estutu zuen. Burumakur Broadwaytik gora egin zuen Ehun eta bosgarren kaleraino, gero ekialderantz jo Columbus Avenue-ra, ate, sute-eskailera, leiho eta erlaitz guztiei erreparatuta. «Hementxe duk». Bigarren pisuan besterik ez zegoen argia. Bigarren pisuko txirrina jo zuen. Kisketak hots egin zuen. Eskailerak lasterka igo zituen mutilak. Emakume baten burua ageri zen: ilea katramilaturik zuen, bisaian labearen aurrean egon izanak sortarazitako gorritasuna erakutsiz.
— Telegrama bat Santiono-rentzat.
— Hemen ez da bizi izen hori duenik.
— Barkatu, andrea, okerreko txirrina jo dut nonbait.
Atea muturraren aurrean itxi zion, danbateko batez. Bere aurpegi zurbil eta goibela zorroztu egin zen bat-batean. Azkar, oin-puntetan igo zen azken eskailbururaino, gero, eskaileretan gora egin zuen tranpol bateraino. Irekitzean, sarrailak kirrinka egin zuen. Mutilak arnasari eutsi zion. Behin errautsez beteriko teilatura iritsita, tranpola poliki-poliki utzi zuen bere lekuan. Lerroka, tximiniak zaindari zeuden, beltzak, mutilaren inguruan, kaleen argi itsugarriaren kontra. Pikotxean eta kontu handiz etxearen atzeko ertzera hurbildu eta teilatu-hoditik behera lerratu zen sute-eskaileraraino. Lurra hartzean lorontzi bat ukitu zuen oin batez. Dena beltza. Leiho batetik, emakume-usaina nagusi zen gela batean sartu zen eta egin gabeko ohe baten burukoaren azpitik eskua limurtu zuen, apain-mahai batean zehar; aurpegirako hautsen pote bat irauli zuen; kaxoi bat astiro-astiro tira eginez ireki zuen; erloju bat, iskilin bat sartu zuen atzamar batean, paparreko orratz bat, zerbait zimurtu zen barruko zoko batean. «Billeteak, billete-erroilu bat. Alde egin ezak, harrapatuko haute-eta bestela. Jaitsi sute-eskaileratik beheko pisura. Argirik ez. Beste leiho bat irekita. Errazago ezin. Gela berbera. Txakur- eta intsentsu-usaina zagok, drogaren bat». Bere burua lausoturik ikusi zuen apain-mahaiko ispiluan, itsumustuka aurrera egiten ari zen bitartean. Atzamar bat krema hotza zuen pote batean sartu eta praken gainean garbitu zuen. «Kaka zaharra!». Biguna zen zerbaitek jauzi egin zuen haren oin artetik, garrasika. Gela meharraren erdian dardarka geratu zen. Zoko batean txakurtxoa zaunka hasi zen, eztarria puskatu beharrez.
Halako batean gela argiz bete zen.
Atea ireki eta neska bat agertu zen, eskuan errebolber bat zuela, mutila destatuz. Neskaren atzean gizon bat zegoen.
— Zertan ari zara? Western Union-eko mutila da-eta!...
Argiak kobre-koloreko nahaspila moduko bat sortzen zuen neskaren ilearen inguruan, gorputza zeta arrosazko kimonoaren azpian zedarritzen ziola. Gizona gaztea, beltzarana eta sendoa zen, eta alkandora lotu gabe zuen.
— Tira, zertan ari zara gela honetan?
— Mesedez, andrea, goseak ekarri nau hona, goseak eta ama gajoak, bera goseak akabatzen dago-eta.
— Ez al da zoragarria, Stan? Lapurra da —neskak errebolberra astindu zuen—. Atera korridorera.
— Bai andrea, nahi duzun guztia, andrea, baina ez deitu poliziari. Gogoan izan nire ama, goseak akabatzen dago-eta.
— Ongi da, baina ezer hartu baduzu, itzuli.
— Ez dut astirik izan, benetan.
Stan astunki pulunpatu zen aulkian, barre eta barre.
— Ellie, hartu pastela... Ez nuen uste kapaz izango zinenik.
— Ez al dut paper hau antzeztu joan den udan?... Emaidazu errebolberra.
— Ez dut errebolberrik, andrea.
— Tira, ez dizut sinesten, baina alde egiten utziko dizut.
— Jainkoak bedeinka zaitzala, andrea.
— Baina diru apurren bat irabaziko duzu telegramak banatzen.
— Joan den astean bota ninduten kalera. Goseak behartzen nau hau egitera.
Stan altxatu egin zen.
— Dolar bat emango diogu eta esaiozu antzarrak ferratzera joateko.
Mutila kanpoan zela neskak billetea luzatu zion.
— Zu bai emakume aparta! —esan zuen itolarriak jota.
Billeteari eusten zion eskuari muin eman zion mutilak. Eskua zegoen lekura makurtu eta muin heze hura ematean, une txiki batez erdikusi ahal izan zion soina, besoaren azpian, zeta arrosazko mahuka eroriaren bitartez. Beherakoan, artean dardarka, burua jiratu eta neska-mutilak elkar besarkaturik ikusi zituen, berari begira. Begiak malkotan zituen mezulariak. Billetea poltsikoan sartu zuen.
«Motel, aurrerantzean ere neskekin horren samurra bahaiz, egunen batean ibai ondoko udako hotel horretan suertatuko haiz... Nolanahi ere, gauzak ez dituk hain gaizki joan». Isil-misilka txistu eginez tren jasorantz jo eta aldirietako trena hartu zuen. Aldian behin, eskua praken atzeko poltsikoan sartzen zuen billete-erroilua ukitzeko. Lasterka, eraikin bateko hirugarren pisura igo zen: arrain frijituak eta gasak isuritako usaina nagusi zen bertan. Hiru aldiz jo zuen kristaldun ate zikin bateko txirrina. Geroxeago, hazkozkorrez jo zuen atean.
— Hi al haiz, Moike? —xuxurlatu zuen emakume batek.
— Ez, Nicky Schatz naiz.
Hena-koloreko ilea zuen emakume aurpegi argal batek ireki zuen atea. Larruzko beroki bat jantzirik atera zen, barruko arropa xume batzuk erdi agerian zituela.
— Zer dugu?
— Ezer ez, emakume dotore-dotore batek bete-betean harrapatu nindinan eta ezetz jakin zer egin zuen.
Aztoraturik eleka emakumeari atzetik jarraitu zion horma zartatuekiko jantokiraino. Mahai gainean edontzi zikin batzuk eta botila bat Green River zeuden.
— Dolar bat eman eta zintzoa izateko esan zidanan.
— Ez duk izango!
— Hartu, hemen daukan erloju bat.
— Ingersoll bat duk. Nik ez zioat honi erlojua deitzen.
— Bada, begira hau ondo —billete-erroilua atera zuen poltsikotik—. Zer dion sos polit honen aurrean?... Milaka billete zauden.
— Utzidak ikusten.
Emakumeak eskutik kendu zizkion billeteak, indarrez, begiak ireki-ireki eginda.
— Ziria sartu diate.
— Erroilua lurrera bota eta eskuak bihurrika erabili zituen; balantzaka, keinu judu bat egin zuen.
— Ba, antzerkian erabiltzeko dirua duk, txoriburu alaena, tontolapikoa halakoa!
Elkarren ondoan eserita zeuden ohe ertzean, inozoki barre eginez. Gela zetazko arropa txikiz beterik zegoen, aulkien gainean; apain-mahai gaineko arrosa hori sorta batek isuritako freskura zimela sumatzen zen, gelako giro itogarrian. Besarkaturik zeuden. Halako batean gizona askatu zen eta emakumearengana makurturik musu eman zion ahoan.
— Gurean lapurtzea ere... —esan zion gizonak arnasestuka.
— Stan...
— Ellie.
— Uste nuen Jojo izango zela —xuxurlatu zuen eztarria korapilaturik zuela—. Oso gogoko du kuxkuxean ibiltzea.
— Ellie, ez dakit nola bizi zaitezkeen berarekin jende horren guztiaren artean. Zu, hain xarmangarria izanik, ez zaitut ikusten horren guztiaren erdian.
— Erraza zen zu ezagutu aurretik... Eta benetan diotsut, Jojo ondo dago. Oso bitxia eta zorigaiztokoa da.
— Baina zu, maitea, beste mundu batekoa zara... Zuk Woolworth Building-en gainean bizi beharko zenuke, kristal landuz eta gereziondo-lorez egindako apartamentu batean.
— Stan, bizkarra beltzaran duzu.
— Igeri egiteagatik da.
— Horren goiz?
— Uste dut joan den udatik badela zerbait.
— Zorte handiko mutila zara. Nik ez dut sekula behar bezala ikasi igerian.
— Neuk irakatsiko dizut... Begira, datorren igandean, goizean goiz, Dingo-an sartu eta Long Beach-eraino joango gara. Bukaera aldean sekula ez dago inor... Ez duzu bainujantzia eraman beharrik ere.
— Atsegin dut zure gorputz gihar eta sendoa, Stan... Jojo zuria eta pottoloa da, emakumea dirudi ia.
— Jainkoarren! Orain ez hitz egin Jojoz.
Zutik, Stanek hankak irekita zituen, alkandora lotzen ari zen bitartean.
— Aizu, Ellie, goazen zerbait edatera... Ene Jainkoa, orain ez nuke inorekin topo egin nahi, gezur pila bat esan beharko nioke-eta... Behar izanez gero, aulki bat burura botako nioke.
— Badugu astirik. Inor ez dator etxera gaueko hamabiak arte... Buruko min nazkagarri hau izango ez banu, ez nengoke hemen.
— Ellie, bai atsegin duzula zeure buruko mina.
— Bai, liluratuta nauka, Stan.
— Nik uste Western Union-eko lapur horrek bazekiela... Jainkoarren... Lapurreta, adulterioa, sute-irtenbidetik ihes egitea, teilatu-hodietan zehar katuka ibiltzea... Hori da bizitzea, hori!
Ellenek gogor heldu zion eskutik, biak batera eskaileretatik behera jaisten ari ziren bitartean. Itxura kaskarreko atoan, postontzien aurrean, Stanek beso artean hartu zuen emakumea, burua atzerantz bota zion eta musu eman. Arnasestuka kalean behera egin zuten Broadwayraino, arin. Ellenek Stanen eskua beso azpian zuen, ukondoaz saihetsen kontra estututa. Isilka-misilka, akuario baten kristal lodi batetik bezala, Ellenek bere igaroan aurpegiak, fruta-erakusleihoak, lekale-poteak eta oliba-pitxerrak ikusten zituen, bai eta lore gorriak loradenda batean, egunkariak eta errotulu argidunak ere. Ibaitik zetorren haize-bolada bat sumatu zuen Ellenek aurpegian. Aurrera egiten zuen bitartean, tupusteko begirada distiratsuak —lastozko kapelen azpitik jaurtikiak—, kokotsak, ezpain meheak, mutur okerrak, Kupidoren arkuak, gose-itzalak masailen azpian eta gizon-emakume gazteen aurpegiak airean zebiltzan haren inguruan, sitsen gisa. Urrats luzeak eta bateratuak egiten zituen, gau gartsu eta horian zehar.
Nonbaiteko mahai batean eseri ziren. Orkestra taupaka ari zen.
— Ez, Stan, ez dut ezer edan nahi... Edan zeuk.
— Baina Ellie, ez al zara primeran sentitzen ni bezala?
— Are hobeto... Ezin izango nintzateke hobeto sentitu... Ezin izango nuke edontzi bat edan, behar besteko arretarik eskaini ezin diodalako.
Ellenek aieru egin zuen haren begien distiraren aurrean. Stan guztiz mozkortuta zegoen.
— Nahiago nuke zure gorputza fruta jangarri bat izango balitz —zioen behin eta berriro.
Ellen denbora-pasa zegoen galestar erara prestatutako untxi zatitxo hotz batzuk sardexkaz bihurritzen. Bat-batean bortizki hasi zen jaisten, txirrista batetik bezala, asturaren amildegi zirraragarriaren sakonguneetarantz. Salaren erdian, leku karratu batean, lau bikote tangoa dantzatzen ari ziren. Ellen altxatu egin zen.
— Stan, etxera noa. Bihar goizean goiz altxatu beharra daukat eta egun osoa entseiatzen eman. Deitu hamabietan antzokira.
Stanek buruaz baiezko keinua egin eta beste highball bat prestatu zuen beretzat. Ellen haren aulkiaren atzean geratu zen lipar batez, haren ile harrotu sarriari so. Stan eztiki hasi zen bere golkorako bertsoak xuxurlatzen.
— Afrodita ikusi dut, zuria, akatsgabea... ederki... Adatsa aske eta ortozik... ederki... Egizu diz-diz mendebaldeko uretan barrena, ilunabarreko suaren gisa. Gogoz bestera ikusi dut... Olerki ederra, arranopola!
Broadwayra irtetean oso gustura sentitu zen berriro. Kale erdian tranbiaren zain gelditu zen. Aldian-aldian taxi bat haren ondo-ondotik igarotzen zen. Ibaitik bapore-adar baten auhen luzea zetorren, haize beroaren altzoan garraiaturik. Beraren baitako sakonguneetan, milaka gnomo dorre garaiak eraikitzen ari ziren, dorre hauskorrak, distiratsuak. Tranbia errailetatik behera zihoan, burrunbatsu, eta gelditu egin zen. Gorakoan, halako batean, Stanen gorputzaren usaina etorri zitzaion gogora, bere besoen artean izerditan. Aulkian astunki eseri eta ezpainei ausiki egin zien, garrasika ez hastearren. «Ene bada, ikaragarria dun maiteminduta egotea». Aurrean arrain-aurpegidun bi gizon zituen, kokotsik gabeak biak ala biak; noiz hizketan noiz barreka ari ziren, euren belaun lodiak zartaka joz.
— Esaten dizut, ba, Jim, Irene Castlek liluratuta nauka... Onestep-a dantzatzen ikusten dudanean iruditzen zait aingeruak ahapeka abesten ari direla.
— Zera... hori oso argal dago.
— Nolanahi ere, berak lortu du Broadwayn inoiz izandako arrakastarik handiena.
Ellen tranbiatik jaitsi eta ekialderantz jo zuen, 105. Kale mortu eta babesgabea hartuta. Loak eta koltxoiek isuritako usain txarra limurtzen zen leiho estuekiko etxeetatik. Estolden ondoan, zaborrontziei sekulako kiratsa zerien. Atondo baten itzalean, gizon bat eta emakume bat balantzaka zeuden elkar gogor besarkaturik. Gau on elkarri esateko ordua. Ellenek irribarre egin zuen, zoriontsu. «Broadwayko inoizko arrakastarik handiena». Hitz horiek, igogailu baten gisan, neska abiadura zorabiagarrian eraman zuten gora berekin, goi-goiko eremuetaraino. Han errotulu argidunek izpi gorriak, urreztatuak eta berdeak bilbatzen zituzten; han orkideo-usaineko zabaltzak zeuden eta urre berde koloreko soineko bat jantzita Stanekin dantza egindako tango baten doinu geldia aditzen zen, milaka txalok haien inguruan eztanda egiten zuten bitartean. «Broadwayko inoizko arrakastarik handiena».
Ellen eskailera zuri zartatuetan gora zihoan. Ate aurrean, «Sunderland» idatzia zuen plaka bat ikusi zuen eta halako higuin-sentsazio bat nagusitu zen haren baitan. Zutik geratu zen luzaro, bihotza azkar taupaka, giltza dingilizka zuela sarraila aurrean. Gero, bat-batean giltza sarrailan sartu eta atea ireki zuen.
— Txori arraroa, Jimmy, txori arraroa.
Herf eta Ruth Prynne elkarren ondoan eserita zeuden, inozoki barreka, pate-platerkada bana aurrean zutela, jatetxe zaratatsu eta sabai baxuko baten zoko ezkutu batean.
— Badirudi munduko aktore sasikomiko guztiek hemen jaten dutela.
— Izan ere, munduko aktore sasikomiko guztiak Mrs. Sunderlanden etxean bizi dira.
— Zer berri dugu Balkanetatik?
— Balkanak... ondo...
Ruthek lasto beltzezko kapela zuen, erpinaren inguruan mitxoleta gorriez apaindua. Haren atzealdetik, Jimmyk jendez gainezka zeuden mahai batzuei behatu zien non aurpegiak gandu berdexka batean lausotzen baitziren. Bi zerbitzari zurbilek eleketen kulunkaren pentzutan aurrera zegiten. Begiak zabal-zabalik, Ruth begira geratu zitzaion Jimmyri, apio-zurtoin bati ausikika.
— Ene, mozkor-mozkor eginda nago! —esan zuen zizaka Ruthek—. Segituan igo zait burura. Ez al da izugarria?
— Tira, zer izan zen 105. Kaleko kalapita?
— Ederra galdu duzu! Barrez lehertzekoa izan da. Jende guztia korridorera atera zen, Mrs. Sunderlandek ilea erruloz beteta zuen, Cassie negarrez eta Tony Hunter zutik atean, pijama arrosa bat jantzita...
— Nor da hori?
— Gaztetxo bat... Baina Jimmy, ez al dizut inoiz Tony Hunterrez hitz egin? Txori arraro bat, Jimmy, txori arraro bat.
Jimmy ohartu zen lotsagorritzen ari zela. Aurrerantz makurtu zen.
— A! Hori al zen? —esan zuen zurrun.
— Azkenean asaldatu zara. Jimmy, onartu behar duzu asaldatu egin zarela.
— Ez, inola ere ez. Aurrera, bada, bota zabor guztia.
— O, Jimmy, barrez lehertzekoa zara... Bada, Cassie negar-zotinka ari zen, txakurtxoa zaunka eta Costello ikustezina «Polizia» oihuka eta etiketa-jantzidun gizon ezezagun baten besoetan erori zen konorterik gabe. Eta Jojok pistola bat zuen eskuetan, nikelezko pistola txiki bat, ur-pistola baten modukoa, nik dakidala... Bere senean zegoen bakarra Elaine Oglethorpe zela ematen zuen... Badakizu, zure haur-gogoan hainbesteko zirrara sortarazi zuen irudi Tizianotar hura.
— Benetan diotsut, Ruth, nire haur-gogoari ez zion zuk uste bezainbesteko zirrararik sortarazi.
— Eta azkenean Ogle horrek, antzezpen hartaz gogaiturik, oihu egin zuen ahots burrunbariz: «Desarma nazatela ala emakume hau hilko dut!». Eta Tony Hunterrek pistola kendu eta bere gelara eraman zuen. Orduan, Elaine Oglethorpek pitin bat makurtuta eta aktoreak eszenatokira ateratzean egin ohi duten bezala, esan zuen: «Gau on denoi», eta letxuga baino freskoago sartu zen bere gelan. Ikuskizun polita, ezta?
Bat-batean Ruthek ahotsa beheititu zuen.
— Jatetxeko jende guztia guri begira dago baina... Eta benetan diotsut, hau dena ez da batere atsegina. Okerrena, ordea, ez duzu oraindik entzun. Ogle horrek atean pare bat aldiz jo zuen, gogor; erantzunik ez, ordea. Gero, Tonyrengana jo zuen eta, begiak zuri —Forbes Robertson bezala, Hamlet-en—, gerritik heldu eta esan zion: «Tony, gizon dohakabe batek eska al lezake asilorik gaur gauerako zure gelan?». Ni aho zabalik geratu nintzen, benetan.
— Baina Oglethorpe ere horrelakoa da?
Ruthek baietz egin zuen buruaz.
— Orduan zergatik ezkondu zen berarekin?
— Tranbia batekin ere ezkonduko zen hortik etekinik aterako zuela uste izan balu.
— Benetan diotsut, Ruth, nik esango nuke dena alderantziz ulertu duzula.
— Jimmy, zu lañoegia zara. Baina utzidazu istorio tragikoa bukatzen... Bi-biak desagertu eta atea ixteaz batera, sekula imajina zenezakeen iskanbilarik handiena gertatu zen korridorean. Gutxi balitz, Cassie, noski, nerbio-atake batek jota egon zen denbora osoan. Bainugelara joan nintzen berarentzako amonio-gatzak hartzera eta itzultzean ikuskizuna gori-gori zegoen. Barrez lehertzekoa izan zen. Costello andereñoak nahi zuen Oglethorpetarrak egunsentiarekin batera kalera botatzea, bestela berak alde egingo zuen eta. Mrs. Sunderlandek behin eta berriro auhenka zioen antzerkiaren munduan emandako hogeita hamar urtetan ez zuela halako eszenarik ikusi, eta etiketa-jantzidun gizonak, Benjamin Arden izeneko hori... badakizu, Jim Honeysuckle-n paper txiki bat egin zuena..., esan zuen Tony Hunter bezalako jende guztiak kartzela merezi zuela, Oheratu nintzenean, nahaspilak, artean, bere horretan segitzen zuen. Oraindik harritzen zara horren guztiaren ondoren lo geratu nintzela ikusita eta, horren ondorioz, zuk, gizajo horrek, ordubete eman zenuela nire zain Times Drug Store-n?
Eskuak poltsikoan, Joe Harland Oreinaren jazarpena izeneko koadroa begiesten ari zen logelako sarreran, zein burdinazko bere ohe dardaratia zedarritzen zuen horma berde-grisean gaizki eskegita baitzegoen. Bere atzamar izoztuak etengabe mugitzen ziren praken poltsikoen barruan. Ahapeka hitz egiten zuen, gorabeherarik gabe: «O, hau dena zortea duk, baina hauxe duk Merivaletarrengana jotzen dudan azken aldia. Emilyk eman egingo zidaan, agure zikoitz madarikatu horrengatik izan ez balitz. Emilyk oraindik bihotz puskatxo bat badik. Baina bazirudik inor ez dela ohartzen gauza hauetan ez dela zertan errudunik egon. Zortea, besterik ez, eta Jainkoak ondo zakik behiala nire eskutik jan ohi zutela». Bere ahots ozenak belarriak birrintzen zizkion. Ezpainak estutu zituen. «Txotxatzen hasi haiz, maitea». Harat-honat zebilen ohearen eta hormaren arteko bitarte estuan zehar. Hiru urrats. Hiru urrats. Konketara hurbildu eta pitxer batetik edan zuen. Urak egur ustelaren eta ur zikinerako ontzien zaporea zuen. Azken zurrutadan edana jaulki zuen ahotik. «Azpizun-xerra on bat behar diat, ez ura». Ukabilak elkarren kontra kolpekatu zituen. «Zerbait egin behar diat. Zerbait egin behar diat».
Berokia jantzi zuen praken atzealdeko tarratada bat estali nahairik. Mahuka listuek kilimak eragiten zizkioten eskumuturretan. Eskailera ilunek karraska egiten zuten. Hain indarge zegoen non barandari heldu behar izan baitzion beldur zen-eta lurrera ez ote zen eroriko. Ate batetik irtetean, atsoa oldartu egin zitzaion beheko korridorean. Ileizuna alde batera okertua zuen, pompadour orrazkera itogarriaren azpitik ihes egiteko asmoz edo.
— Mr. Harland, eta noizko hiru asteotako alokairu hori?
— Txeke bat kobratzera noa oraintxe bertan, Mrs. Budkowitz. Oso ulerkorra izan zara kontu honetan... Eta agian jakin nahi izango duzu espero dudala, edo hobeto esanda, ziur nagoela datorren astelehenetik aurrera nire egoera askoz hobea izango dela.
— Hiru aste, aski duk txo... Ez diat gehiago itxarongo.
— Baina nire andere maitagarri hori, nire ohoreagatik zin egiten dizut...
Mrs. Budkowitzek sorbalda altxatu zuen. Bere ahotsa goratu egin zen, ahula eta kexatia, kakahuete-gurdi baten txistua bailitzan.
— Ekarri hamabost dolar horiek, bestela beste norbaiti emango zioat gela.
— Gaur arratsaldean bertan ordainduko dizut.
— Zein ordutan?
— Seietan.
— Ederki, emaidak giltza.
— Baina nik ezin dut hori egin. Jo dezagun berandu iristen naizela.
— Hor zagok koska. Ekarri giltza hori... Ez diat gehiago itxarongo.
— Ongi da, tori giltza. Ulertuko duzunez, zure jokabide iraingarri honen ondoren ezinezkoa zait zure teilatupean jarraitzea.
Mrs. Budkowitz barreka hasi zen ahots zakarrez.
— Ongi duk, ekarri hamabost dolar horiek eta heure maleta heuretzat berriro.
Harlandek hari batez lotutako bi giltza ezarri zizkion esku gris baten gainean, atea danbateko batez itxi eta azkar abiatu zen kalean zehar.
Hirugarren Etorbidearen kantoian gelditu zen, arratsaldeko eguzki beroaren pean dardarka. Belarrien atzetik izerdia zerion. Ahulegi zegoen madarikazioka hasteko. Egundoko zalapartaldiak aditu ziren, bata bestearen atzean, tren jasoak handik igarotzean. Etorbidean zehar kamioiek kirrinka egiten zuten hautsa harrotuz, gasolinaren eta zaldi-gorotz zapalduaren usaineko hautsa. Harlandek bere bideari ekin zion, emeki-emeki, Hamalaugarren Kalerantz. Kale-kantoi batean gelditu zen zigarro-usain limurtzaile eta goxo-epel bati atzemanda, esku bat sorbalda gainean ezarri baliote bezala. Lipar batez denda txikiari begira geratu zen, purugileak bere atzamar tindatu eta finez tabako-orri hauskorrak nola erabiltzen zituen erreparatuta. Romeo y Julieta markako puruak, Argüelles Morales etxeak eginak, gogora ekarrita, arnasa hartu zuen, sakonki. Urratu beharreko eztainu-paper irristakorra; tentu handiz kendu beharreko eraztuna; bolizko labana txiki-txikia, muturra haragia bailitzan kontu handiz ebakitzekoa; poxpolu-usaina, ke-inhalazio luzea, ke garratza, sarkorra, trinkoa, gozoa. Eta orain, jauna, Northern Pacific konpainiaren bonu-jaulkipen berriarekin lotutako negozio txiki hori... Ukabilak hertsi zituen bere ziraren poltsiko itsaskorretan. «Giltza kentzea ere atso madarikatu horrek! Ikusiko dik nor naizen, kaka putza! Agian Joe Harland behea jota egongo duk, baina oraindik ez dik bere harrotasuna galdu».
Ekialderantz jo zuen Hamalaugarren Kalean zehar eta, pentsatzeko astirik hartu gabe —bere onetik irteteko arriskua zuen bestela—, paperdenda txiki batean sartuta atzealdera joan zen, aiko-maiko. Bulego txiki baten atalasean gelditu zen, duda-mudako, non gizon lodi, burusoil eta begi urdin bat tapa birakorreko idazmahai baten aurrean eserita baitzegoen.
— Epa, Felsius —esan zuen Harlandek, karraka.
Gizon lodia aztoratuta altxatu zen.
— Jainkoarren! Mr. Harland, zu al zara?
— Joe Harland bera, Felsius... eta egoera penagarri xamarrean.
Barre-irriño bat hutsaldu zitzaion eztarrian.
— Tira... Mr. Harland... eser zaitez.
— Eskerrik asko, Felsius... Felsius, porrot eginda nago, behea jota.
— Bost urte izango dira zu ikusi ez zaitudala, Mr. Harland.
— Bost urte hauek txar-txarrak izan dira niretzat... Zortea da dena, nik uste. Nirea ez da aldatuko mundu honetan. Gogoan al duzu behin espekulatzaileei ziria sartu ondoren sekulako zoramena sortu nuela bulegoan? Eguberri haietan gabonsari ederra eman nien bulegoko langilei.
— Halaxe da, Mr. Harland.
— Dendako jarduera aspergarria izango da Wall Street-ekoaren aldean.
— Gusturago dut, Mr. Harland. Hemen ez dut nagusirik.
— Eta zer moduz emaztea eta haurrak?
— Oso ondo, oso ondo; zaharrena institututik irten berria da.
— Nire izena duena?
Felsiusek baiezko keinua egin zuen buruaz. Artega, bere atzamar saltxitxa-itxurakoez idazmahaiaren ertzaren kontra kolpe txikiak ematen ari zen.
— Gogoan dut mutil horren alde zerbait egin nahi nuela egunen batean. Bai xelebrea dela bizitza!
Harland indarge hasi zen barreka. Garondoraino iristen zitzaion halako hotzikara bat sentitu zuen, balizko zorabio baten iragarle. Eskuak belaun gainean hertsi eta besoen giharrak uzkurtu zituen.
— Ikusten duzunez, Felsius, kontua hauxe da... une honetan diru-arazo larriak ditut... Zuk badakizu gauza horiek nolakoak diren.
Felsiusek idazmahaian finkaturik zituen begiak. Izerdi-tantak zerizkion bere buru soilari.
— Denok izaten ditugu zorte txarreko boladak, ezta? Mailegu txiki-txiki bat eskatu nahi dizut, egun gutxi batzuetarako, dolar bakar batzuk besterik ez, esan dezagun hogeita bost dolar, harik eta konbinazio batzuk...
— Mr. Harland, ezin dut... —Felsius altxatu egin zen—. Sentitzen dut, baina printzipioak beti printzipio. Nik ez dut sekula zentimo bakar bat ere eskatu, ezta utzi ere. Ziur nago zuk ulertuko duzula...
— Ongi da, dena esanda dago —Harland apalik altxatu zen—. Emaidazu quarter bat... Orain ez naiz lehen bezain gaztea eta bi egun daramatzat ezer jan gabe —murmurikatu zuen bere zapata pitzatuei begira.
Harlandek eskua idazmahairaino luzatu zuen, orekari eusteko. Felsiusek atzera egin zuen, hormarantz, kolpe bat saihestu nahirik edo. Atzamar lodiak dardarka, berrogeita hamar zentaboko txanpon bat eman zion. Harlandek hartu egin zuen, eta hitz erdirik ere esan gabe, buelta eman eta kalera bidean behaztopa egin zuen. Felsiusek zerrenda moreko sudurzapi bat atera zuen poltsikotik, bekokia xukatu eta bere gutunetara itzuli zen.
Merkatarien arreta Mullen etxeko lau produktu superfin berrietara bideratzeko ausardia izan dugu. Produktu horiexek gomendatzen dizkizuegu, konfiantza osoz gomendatu ere, gure bezero zareten guztioi; horra hor abiaburu berri eta paregabe bat papergintzaren arloan...
Zinematik atera ziren, argi elektrikoz osaturiko puntu distiratsuen aurrean begiak kliskatuz. McAvoyk zigarro bat piztu zuen hankak irekita eta begiak bere baitan bildurik; anartean Cassie so geratu zitzaion. Gizon sendokotea zen hura eta zezen-lepoa zuen. Bere jaka botoi bakarrekoa zen; laukiekiko txalekoa zuen eta, txakur-buru batez apaindutako iskilinba bat ere, brokatuzko gorbatan iltzaturik.
— Kaka putza gaurko pelikula! —esan zuen purrustaka.
— Bada, nidi asko gustatu zait bidaiei buduzko pelikula, Modgis, nekazadi suitzad haiek dantzan eta. Hantxe banengo bezala sentitzen nintzen.
— Kriston beroa egiten zuen... Zerbait edan nahi nuke.
— Baina Modgis, hitza eman zenuen —esan zuen zinkurika.
— Bai, soda bat nahi dut, ez zaitez urduritu. Ene ba, atseginez edango nuke bat!
— Gedo, pagkeda joango gada, osteda bat egiteda.
Cassiek betileak beheititu zituen.
— Ongi da, Modgis —murmurikatu zuen hari begiratu gabe. Amini bat dar-dar eginez, besotik heldu zion eskuaz.
— Diruz horren izorratuta ez banengo sikiera...
— Nidi begdin zait, Modgis.
— Niri, ordea, ez, alajaina!
Columbus Circle-n, botika batean sartu ziren. Neskak udako jantzi berde, more eta arrosaz; gizon gazteen hiru ilara zeuden salmahaian zehar; gizon bakoitzak bere lastozko kapela jantzirik zuen. Cassie atzean geratu eta Morrisi so egin zion jendetzaren artean nola egiten zuen aurrera miretsita. Atzean, mahai baterantz makurtuta, gizon bat zuen neska batekin hizketan. Euren kapela-hegalen atzean gordeta zituzten aurpegiak.
— Orduan, nik esan nion: «Hezur hori beste txakur bati eman», eta dimisioa aurkeztu nuen.
— Kale gorrira bota zintuztela esan nahi duzu.
— Ez, benetan diotsut, dimisioa aurkeztu nuen niri dimitituarazi baino lehen. Bazenekien morroi hori txerri ustel bat besterik ez dela? Ez dut zorrik izan nahi berarekin. Ni bulegotik irtetean deitu egin zidan... «Zerbait esango dizut, gazte: beti hutsaren hurrengoa izango zara hiri honetako nagusia nor den ez dakizun bitartean eta hori zu ez zarela ohartzen ez zaren bitartean».
Morrisek bainila sodarekin nahasita zuen izozki bat luzatu zion.
— Ametsetan berriro, Cassie, elurretako txoritxoa.
Irribarretsu, begiak distiratsu, edontzia hartu zuen. Morris Coca Cola bat edaten ari zen.
— Eskedgik asko —esan zuen neskak.
Izozki-koilarakada bat zurrupatu zuen bere aho biribila nabarmenduaraziz.
— Ene, Modgis, gozo-gozoa dago.
Arku elektrikoek isuritako argi-zipriztinen arteko bidexka ilunpean galtzen zen. Argi zeiharren eta itzal mugikorren artetik, hautsez beteriko hostoen eta belar zapalduaren usaina zetorren eta, tarteka ere, zuhaixken azpiko lur bustiaren lurrin freskoa.
— A, oso-oso atsegin dut nik pagkea —esan zuen kantu-doinuan, korrokada bati eutsita—. Ikusten, Modgis? Ez nuke hodgelako izozkidik jan behag, haizeak sogtzen dizkit eta.
Morrisek ez zuen ezer esan. Besoaz gerria inguratu eta soina hainbeste estutu zion ezen, ibiltzerakoan, bien izterrak elkar igurtzitzen ari baitziren.
— Orduan Pierpont Morgan hil da... Milioi pare bat utzi balizkit bederen...
— O, Modgis, zodagadgia izango litzateke! Non biziko ginateke? Centgal Pagk South-en.
Atzera begira zeuden, Columbus Circle-ko kartel argidunen distirari so. Ezkerrera argia ikus zezaketen, fatxada zuriko etxe-multzo baten gortinez haraindi. Gordean Morrisek ezker-eskuin begiratu zuen eta, gero, musu eman zion. Cassie haren ezpainetatik itzuri egin zen.
— Ez, agian nodbaitek ikusiko gaitu —xuxurlatu zuen arnasestuka.
Bere barnean, dinamo baten moduko zerbaitek burrunba egiten zuen, burrunba.
— Modgis, zed edo zed godde dut isilean zudi esateko... Uste dut Goldweizedgek paped bedezi bat emango didala bere hudgengo ikuskizunean. Bigadgen konpainia ibiltadiko eszena-zuzendadia da eta pisu handia du enpgesaden badguan. Atzo ikusi ninduen dantzan.
— Zer esan zuen berak?
— Esan zidan nagusiak datodgen astelehenean elkadgizketa egingo zidala... Baina hau ez da, Modgis, nik egin nahi nukeena. Dena hain da adgunta, itsusia... Nik gauza eded-ededgak egin nahi ditut. Zedbait sentitzen dut neude badnean, hegaz egiten duen izengabeko zedbait: buddinazko kaiola izugadgi batean dagoen lumaje ededgeko txodi bat.
— Horixe gertatzen zaizu zuri, sekula ez duzu ezer ondo egingo, harroputzegia zara.
Cassie beha geratu zitzaion; bere begi bustiek arku elektriko baten argi zuriaren azpian distira egiten zuten.
— O, ez negar egin, Jainkoarren. Ez dut ezer esan.
— Ni ez naiz hadgoputza zudekin, ezta Modgis?
Begiak xukatu zituen.
— Pixka bat, eta min handia egiten dit horrek. Nahi nuke nire neskatxak ni pixka bat zaintzea eta lausengatzea. Bizitza ez da soilik garagardoa eta sourkraut-a.
Elkarri estuki lotuta zihoazela, haitza sumatu zuten euren oinpean. Zuhaixkez inguratutako granitozko muino txiki batean zeuden. Parkearen aldameneko eraikinen argia haien bisaietan islaturik ageri zen. Geldirik zeuden, eskutik oratuta.
— Esaterako, 105. Kalean bizi den neska ilegorri hori... Apustu egingo nuke ez dela hainbesteko harrokerietan ibiltzen morroiren batekin bakarrik dagoenean.
— Emakume ikadagadgia da. Beddin zaio besteek bedadi buduz duten iditzia. O, ikadagadgia zada, Modgis.
Negarrez hasi zen berriro. Morrisek bortizki berarengana erakarri eta indarrez estutu zuen, eskuak haren bizkarrean zehar zabalduz. Cassiek bere hankak dardarka sumatu zituen, gero eta makalago. Lurrera erortzen ari zen ahuleziaren koloretako osinean gaindi. Gizonaren ahoak ez zion arnasa hartzen utzi.
— Kontuz —xuxurlatu zuen Cassierengandik alde egiten zuen bitartean.
Aiko-maiko zihoazen bidexkan behera, zuhaixken artetik.
— Ez dut uste.
— Zed diozu, Modgis?
— Ez dut uste polizia zenik. Penagarria da nora joanik ere ez izatea, kaka zaharra! Ezin gara zure gelara joan?
— Baina, Modgis, jende guztiak ikusiko gaitu.
— Eta? Guztiek berdin egiten dute etxe horretan.
— O, ezin zaitut jasan hodgela hitz egiten duzunean... Benetako maitasuna gadbia eta ededga da... Modgis, zuk ez nauzu maite.
— Mesedez, une batez besterik ez bada ere, ez nazazu zirikatu, Cassie... Kaka putza da txakur txikirik ere ez izatea.
Jarleku batean eseri ziren, argitan. Haien atzean, errepidean zehar autoak herrestan zebiltzan, azkar eta txistuka, bi ilara luzetan. Cassiek eskua jarri zion belaun gainean eta Morrisek bere esku handi mozkoteaz estali zion.
— Modgis, ni sinetsita nago oso zodiontsuak izango gadela hemendik audgera. Ni guztiz sinetsita nago. Zuk lan on bat logtuko duzu. Ziud nago.
— Ni ez nago horren ziur... Dagoeneko ez naiz lehengo gaztea, Cassie. Ezin dut denborarik galdu.
— Zu odaindik gazte-gaztea zada, hogeita hamabost ugte bestedik ez duzu, Modgis... Eta uste dut apagteko zedbait gegtatzekotan dela, zedbait ona. Nik lasted dantzatzeko aukeda izango dut.
— Zuk neska ilegorri horrek baino gehiago irabazi behar zenuke.
— Elaine Oglethogpe... Bedak ez du hodgenbeste idabazten. Baina ni ez naiz beda bezalakoa. Ni ez naiz diduaz addudatzen. Nik dantzadako bizi nahi dut.
— Bada, nik dirua nahi dut. Behin dirua izanez gero, gogoak ematen dizuna egin dezakezu.
— Baina Modgis, ez duzu uste edozed egin dezakezula hodgetan bihotz-adima jadgiz gedo? Nik baietz uste dut.
Morrisek gerria inguratu zion bere beso libreaz. Emeki-emeki Cassiek haren sorbalda gainean ezarri zuen burua.
— O, ez dio axola —xuxurlatu zuen Cassiek ezpainak lehor.
Haien atzean, limusinak, turismoak, ibilaldi turistikoetarako autoak eta sedanak herrestan zebiltzan, sigi-saga errepidean zehar, autoen argiak bi errekasto baretan antolaturik.
Naftalina-usaineko jantzi arre bat tolesten ari zen Ellen. Makurtu egin zen kaxa batean sartzeko. Azpian paper mehe batek far-far egiten zuen, Ellenek zimurrak kentzeko eskua gainetik pasatzeaz batera. Kanpoan, goizeko lehenengo argi moreek bonbillaren argia gorriztatzen zuten; begi loezin bat zirudien, horrenbestez. Halako batean, Ellen berriz tentetu eta zurrun geratu zen besoak soinaren alde banatan bermatuta eta aurpegia gorri-gorri. «Hau gehiegi makurtzea da, benetan», esan zuen. Toaila bat jantzien gainean zabaldu zuen eta gainean eskuilak, ispilu bat, txapinak, alkandorak eta hauts-poteak pilatu zituen arrapataka. Bat-batean kaxaren tapa jaitsi, ondo itxi eta giltza bere krokodilo-larruzko diru-zorroan gorde zuen. Gelari so geratu zen, axolagabe, apurtutako azkazal bat milikatzen zuen bitartean. Eguzkiaren argi zeiharrak dizdizka ziharduen tximinietan eta etxeen erlaitzetan. Ellen bere kaxaren atzealdean zeuden E.T.O letrei beha zegoen, irmo. «Hau gehiegi makurtzea da, nazka ematen dit», esan zuen. Gero, atzazal-lima bat apain-mahaitik hartu eta O-a urratzen saiatu zen. «Kitto» xuxurlatuta kriskitin jo zuen. Lorontzi itxurako bere kapela beltza eta beloa —jendea ohar ez zedin negarrez ari zela— jantzi ondoren, hainbat liburu pilatu zituen, hala nola, Youth's Encounter, Thus Spoke Zarathustra, The Golden Ass, Imaginary Conversations, Aphrodite, Chansons de Bilitis eta Oxford Book of French Verse. Guztiak zetazko xal batean bildu eta elkarrekin lotu zituen.
Herabeki jo zuten atean.
— Nor da? —xuxurlatu zuen Ellenek.
— Neu naiz —erantzun zion ahots negartsu batek.
Ellenek atea ireki zuen.
— Cassie, zer duzu? —Cassiek bere aurpegi hezea Ellenen lepoaren kontra igurtzi zuen—. Baina, baina, nire beloa likisten ari zara, Cassie. Zer arraio duzu?
— Gau osoa eman dut zu zenbat sufgitzen adi zaden budutik kendu ezinik.
— Baina Cassie ni ez naiz sekula izan orain baino zoriontsuago.
— Gizonak ez al dida ikadagadgiak?
— Ez... Emakumeak baino hobeak dira, nolanahi ere.
— Elaine, zedbait esan behad dizut. Badakit ez nauzula kontuan hagtzen, baina, hala ede, beddin-beddin esango dizut.
— Jakina hartzen zaitudala kontuan, Cassie... Ez izan tuntuna. Baina orain lanpetuta nago... Zergatik ez zara ohera bueltatzen eta geroago esaten?
— Odaintxe esan behad dizut —Ellen bere kaxaren gainean eseri zen etsia hartuta—. Elaine, Modgis eta bion agtekoa amaitu da... Ez al da izugadgia?
Cassiek malba-koloreko txabusinaren mahuka batez xukatu zituen begiak eta Ellenen ondoan eseri zen, honen kaxaren gainean.
— Begira maitea —esan zuen Ellenek eztiki—, itxaron pixka bat mesedez. Taxi bat eskatzera noa telefonoz. Jojo jaiki aurretik hanka egingo dut, iskanbilez nazka-nazka eginda nagoelako.
Korridore hura loak eta edertasun-kremek isuritako usainaz gainezka zegoen. Ellen ahapeka mintzatu zitzaion entzungailuari. Garajetik, gizon-ahots zakar baten orroa atseginez jaso zuen belarrietan: «Oraintxe bertan, andereñoa». Gelara behatz puntetan itzuli eta atea itxi zuen.
— Nik uste nuen maite ninduela. Hala uste nuen, benetan, Elaine. O, gizonak izugadgiak dira. Modgis hasedge zegoen nik ez nuelako bedadekin bizitzeda joan nahi. Hodi ez dago ondo, nide iditziz. Bedadengatik pgest nengoen gau eta egun lan egiteko. Bedak badaki. Ez al dut hodi egin azken bi ugte hauetan? Esan zidan ezin zuela hodgela jadgaitu, ni guztiz bedea izan gabe. Badakizu zed esan nahi zuen, eta nik esan nion gude maitasuna hain ededga zela, ezen ugtetan hodgela jadgai baitzezakeen. Nik bizitza osoan maita nezake bedadi musudik eman gabe ede. Ez al duzu uste maitasunak gadbia izan behad duela? Eta gedo badgeka hasi zen nide dantzen kontuda eta esan zidan Chalif-en amodantea nintzela eta bedadi adadga jotzen ari nintzela eta bodgoka izugadgia izan genuen eta gauza izugadgiak deitu zizkidan eta alde egin nuen eta esan zidan ez zela itzuliko.
— Ez zaitez estutu, Cassie, itzuliko da, ikusiko duzu.
— Ez, zu oso matedialista zara, Elaine. Esan nahi dut, izpiditualtasunaden aldetik, gude batasuna betiko hautsi dela. Ez al duzu ikusten gure agtean zedbait izpidituala zegoela eta hautsi egin dela?
Berriro negar-zotinka hasi zen aurpegia Ellenen sorbaldan ezarrita.
— Baina Cassie, hau guztia zergatik?
— O, zuk ez duzu ulegtzen. Gazteegia zada. Ni, hasiedan, zu bezalakoa nintzen, baina ni ez nengoen ezkonduta eta ez nintzen gizonekin ibiltzen. Baina odain nik edegtasun izpidituala nahi dut. Eta nide dantzaden bidez augkitu nahi dut, nire bizitzaden bidez, nik edegtasuna edonon nahi dut eta uste nuen Modgisek ere hodixe nahi zuela.
— Baina Morrisek gauza bera nahi zuen. Argi dago.
— O, Elaine, zu bai gaiztoa, eta nik hain zaitut maite...
Ellen altxatu egin zen.
— Korrika noa behera, taxilariak txirrina jo baino lehen.
— Baina ezin duzu hodgela alde egin.
— Ezetz? Oraintxe ikusiko duzu —Ellenek liburu-sorta bat esku batean hartu zuen eta larru beltzezko nezeserra bestean—. Aizu, Cassie, zintzoa izango zara eta kaxa non den esango diozu haren bila datorrenean? Eta beste gauza bat, Stan Emeryk hots eginez gero, esaiozu Brewoort edo Lafayette hotelera deitzeko. Jainkoari eskerrak, joan den astean ez nuen dirua banketxean sartu... Eta Cassie, nirea den ezer aurkitzen baduzu hortik, zuretzat... Adio.
Beloa jaso eta masailetan musu eman zion azkar.
— O, zudea bai adodea hodgela alde egiteko, bakadgik!... Duth eta biok zu inoiz ikusteda joatea nahi duzu? Zuk badakizu nola maite zaitugun! O, Elaine, kadgeda zodagadgia egingo duzu, ziud nago.
— Eta hitz eman behar didazu ez diozula Jojori esango non nagoen... Berehalaxe jakingo du, nolanahi ere... Telefonoz deituko diot astebete barru.
Taxilaria atarian aurkitu zuen txirrinen gaineko izenei begira. Gizona igo zen haren kaxaren bila. Ellen alaiki eseri zen taxiaren larruzko jarleku hautsez betearen gainean, arnasa sakonki hartzen zuela goizeko aire ibai-usainekoa barneratuz. Taxilariak irribarre zabala egin zion kaxa lerraka atzealdera eramatean, lohi-babesaren gaineko maletategiraino.
— Astuna da gero, andereñoa.
— Sentitzen dut zuk bakarrik jaitsi izana.
— O, astunagorik ere eraman dezaket.
— Brewoort hotelera joan nahi dut. Bosgarren Etorbidea, Zortzigarren Kaletik hurbil.
Kotxea martxan jartzeko makurtu zenean, gizonaren ile kizkur gorrixka begien gainean pausatu zen, bere kapela atzerantz botatzearekin batera.
— Ondo da, nahi duzun lekura eramango zaitut —esan eta bere jarlekura egin zuen jauzi, alderrai zebilen kotxe hartan. Broadwayko alde eguzkitsura iritsi zirenean, halako zoriontasun-sentsazio bat txinpartaka hasi zen Ellenen baitan, gero eta gorago zihoala, suziri baten gisa. Aire freskoak bisaia inarrosten zion, zirraragarriro. Atzera begiratuta hitz egiten zion taxilariak, leiho irekitik.
— Uste nuen trena hartu behar zenuela hemendik alde egiteko, andereño.
— Nola edo hala alde egin nahi dut hemendik.
— Egun ona gaurkoa, hemendik alde egiteko.
— Nire gizonarengandik alde egiteko asmoa dut, oraintxe bertan.
Hitz haiei ezin eutsirik, ahotik bulkadan ihes egin zioten.
— Etxetik bota zaitu?
— Ez, ezin dut esan halakorik egin duenik —esan zuen barreka.
— Hiru aste dira emazteak kalera bota ninduela.
— Zer dela eta?
— Gau batean etxera itzultzean emazteak atea itxi eta ez zidan sartzen utzi. Sarraila aldatu zuen ni kanpoan lanean ari nintzen bitartean.
— Bai kontu bitxia!
— Berak dio aitzur gehiegi harrapatzen ditudala. Ez naiz harengana itzuliko eta ez diot mantenurik emango. Kartzelara bidali nazala, hala nahi badu. Kitto! Hogeita Bigarren Etorbidean pisu bat hartuko dut alokairuan, lankide batekin batera, eta piano bat izango dugu eta lasai biziko gara, gona-konturik gabe.
— Ezkontza ez da hainbesterako, ezta?
— Oraintxe esan duzu. Ona da inor horretara daramana, baina ezkontza biharamunak jota esnatzea bezala da.
Bosgarren Etorbidea zuri eta hutsik zegoen eta haize dizdizari batek eskobatua. Madison Square-ko zuhaitzak uste ez bezalako berde distiratsuaz jantzirik zeuden, gela ilun bateko garoaren modura. Brevoort hotelean, logaleak zegoen gaueko zaindari frantses batek ekipajea hartu zion. Beheko gela zurian, eguzki-argia logaletan ari zen besaulki gorrimin histu baten gainean. Umetxo baten gisa berean, Ellen korrika hasi zen gelan zehar, orpoak goraka eta txaloka. Burua okerturik eta ezpainak zimurtuta, bere garbiketa-gauzak atondu zituen apain-mahaian. Gero, kamisoi horia aulki batean eseki eta erantzi egin zen. Bere burua ispiluan ikusi eta berari beha geratu zen, biluzik, eskuak sagar itxurako bular txiki eta gotor haien gainean ezarrita zeuzkala.
Kamisoia jantzi eta telefonorantz jo zuen. «Igo txokolate bat eta opiltxoak 108. gelara, lehenbailehen, mesedez». Gero, ohean sartu zen. Izara fresko irristakorren artean, barreari ekin zion, hankak zabalik.
Urkilek burua sastatzen zioten. Apur bat altxatuta guztiak kendu zituen eta astinaldi batez ile-mataza biribil bat sorbalden gainean bota zuen. Belaunak tolestu zituen kokotsa haien gainean bermatzeko, eta hausnarrean geratu zen. Kaletik kamioi baten aldizkako burrunba iristen zen. Beheko sukaldeetan plateren abarrotsa nabarmentzen hasia zen. Nonahitik zetorren trafikoaren estreinako orroa, gero eta ozenago. Goseak eta bakarrik sentitu zen. Ohean gabe txalupa batean zegoela begitandu zitzaion, Ellen bertan bakarrik utzia baitzuten, beti bakarrik, itsaso marrumalarian barrena. Hotzikara batek bizkarrezurrean gora egin zion eta belaunak gehiago estutu zituen kokotsaren kontra.
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana