Lehenengo atala
Zaldi zuri baten gaineko
dama handia
Goizak dar-dar egiten zuen lehenengo tren jasoa Allen Street-etik igarotzean. Eguneko argia leihoetatik sartzen zen, adreiluzko etxe zaharrak inarrosiz, konfetizko zipriztin distiratsuak tren jasoaren egituraren zutabeetan zehar zabalduz.
Katuak zabor-latak bertan behera uzten ari ziren, tximitxak hormetara bidean berriro, gorputzadar izerditsuak eta lo zeuden umeen lepo zikin, samurrak atzean utzita. Gizonak eta emakumeak burusien eta edredoien azpian higitzen ziren gela-zokoetako koltxoien gainean. Ume-piloak izaren artean irteten hasten ziren negar-zotinka eta ostiko-joka.
Riverton-en kantoian, kalamuzko bizarra zuen agurea —auskalo non egiten zuen lo— eskabetxean prestatutako jakiak saltzeko postua ezartzen ari zen. Pepinilo, piper, meloi-azal eta piperminez beteriko ontziek piperbeltz-usain hezea gorantz hedatzen zuten kiribilka, eta padura baten gisan nabarmenago egiten zen, oheen musketa-usainarekin eta esnatu-hurren zen kale harriztatuaren aldarri kerratuarekin nahasita.
Kalamuzko bizarra zuen agurea —auskalo non egiten zuen lo— horren guztiaren erdian eserita zegoen, Jonas bezala, bere kalabazaren azpian.
Eskailera karraskan, Jimmy Herfek lau pisu igo zituen eta ate zuri batean jo zuen. Eskutokiaren gainean, atea hatzez markatuta zegoen eta han kobrezko txintxetez kontu handiz eutsitako txartel bat ageri zen, Sunderland izena behialako ingelesaren karaktereez idatzirik zeukana. Denbora luzean zain egon zen, esne botila bat, bi krema botila eta igandeko Times egunkariaren ale bat ondoan zeuzkala. Xuxurla bat ate ostetik, oin-hots baten karraska; gero, ezertxo ere ez. Atezangoko botoi zuri bat sakatu zuen.
— Eta gizonak esan zuen: «Margie, guztiz sorginduta naukazu», eta emakumeak erantzun zuen: «Ez geratu hor euri azpian, blai eginda zaude-eta...»
Ahotsak eskaileretan behera, gizon baten oinak botak jantzirik, neska baten oinak sandaliak jantzirik, zeta arrosazko hankak. Neska soineko arin batekin eta udaberriko kapela batekin; gizon gazteak ertz zuriko txalekoa zeraman, eta marra berdeak, urdinak eta moreak zituen gorbata.
— Baina zu ez zara mota horretako emakumea.
— Nola dakizu zuk zein motatako neska naizen ni?
Ahotsak ezari-ezarian aienatuz joan ziren eskaileretan behera.
Jimmy Herfek berriro jo zuen txirrina.
— Nod da? —galdetu zuen hizkera aldrebesaz emakume batek atearen zirrikitu batetik.
— Miss Prynne ikusi nahi dut, mesedez.
Zirrikitutik, aurpegi lodi baten kokotseraino jasotako kimono bat agerian, lipar batez.
— O, ez dakit jaiki den.
— Niri baietz esan zidan.
— Begida, apud batez itxadongo al duzu nik hanka egiteko astia izan dezadan? —esan zuen barreka emakumeak ate atzetik—. Tida, sagtu badguda. Badkatu, baina Mrs. Sundedlandek uste zuen zu alokaidua kobdatzeda zentozela. Batzuetan igandeetan etogtzen dida gu ustekabean hadgapatzeko.
Irriño herabeti batek ateko zirrikituaren bi aldeak estekatu zituen.
— Esnea sartuko al dut barrura?
— Zeda... ba bai, eta esedi hallen eta nik Duth-i deituko diot.
Halla oso ilun zegoen; logela itxiak, hortzetako pastak eta aurpegirako kremak isuritako usainari antzeman zekiokeen. Zoko batean, artean ere soin baten zantzua ikusten zen kamaina bateko izara zimurtuen gainean. Lastozko kapelak, zetazko xalak eta gizonentzako bi beroki esekitokiaren orein-adarretatik zintzilikaturik zeuden, anabasan. Jimmyk kulunkaulki batetik kortse bat kendu eta bertan eseri zen. Emakume-ahotsak, janzten ari zen jendearen marmar ahula eta igandeko egunkari-orrien zarata iragazten ziren geletako zutabeen artetik.
Bainugelako atea ireki zen. Ispilu handi batean islatutako argi-parrastada batek hall iluna erdibitzen zuen. Erdian buru bat agertu zen; ilea gorri beltza zuen, zut eta nahaspilaturik. Begi urdin ilun parea nabarmena zen aurpegi biribil zurbil eta hauskor hartan. Gero, adatsa arretu egin zitzaion laranja koloreko txabusina zuen bizkar lerdena korridoretik igarotzean. Urrats bat egiten zuenero orpo arrosak nagiro irteten zitzaizkion zapatiletatik.
— E, Jimmy, e! —Ruth deika ari zitzaion ate ostetik—. Baina kontuz gero, niri edo nire logelari begiratu gabe.
Erruloz beteriko buru bat ageri zen atetik, dortoka batena irudi.
— Epa, Ruth.
— Sartu barrura, hitz ematen baduzu ez didazula begiratuko. Ez nago inork ikusteko moduan eta nire logelak txerri-korta bat dirudi... Orraztu egin behar dut, ez besterik, eta prest egongo naiz.
Gelatxo gris hura arropaz eta artisten argazkiz mukuru beteta zegoen. Jimmy bizkarra atean bermaturik zegoen. Gako batetik dilindan zegoen zeta-antzeko zerbaitek kilikak eragiten zizkion belarrietan.
— Tira, zer moduz kazetari hasberri hori?
— Orain, Hell's Kitchen-en kontu horretan ari naiz... Primeran. Eta zuk lanik aurkitu al duzu, Ruth?
— Zera... zera... Gauza pare bat mamitu daiteke aste honetan. Baina ez dira mamituko. Ene, Jimmy, itxaropena galtzen hasita nago.
Burua, ordurako errulorik gabea, indarrez inarrosi eta gaztaina argi-koloreko izur berriak orraztu zituen. Begitarte zurbila zuen, harridurak bereganatua, aho handia eta zilarrezko betazpiak.
— Gaur goizean banekien altxaturik eta prest egon beharko nuela, baina ez naiz horretarako gauza izan. Hain da samingarria altxatzea lanik ez duzula jakinda... Batzuetan burura etortzen zait hobe dudala ohean itxarotea munduaren bukaerara arte.
— Ruth gajoa!
Neskak aurpegia hautseztatzeko borla bat jaurtiki zion, Jimmyren gorbata eta artile urdinezko jantziaren papar-hegalak hautsez betez.
— Ez zaitez nitaz errukitu, alproja alaena!
— Polito nik neure burua txukuntzeko horrenbeste lan hartu eta gero... Zoaz pikotara, Ruth. Eta oraindik erregai-usaina ez dut gainetik kendu!...
Ruthek burua atzerantz eraman zuen ozenki barre eginez.
— Zu bai xelebrea, Jimmy. Hartu eskuila.
Gorritzen hasita, Jimmyk bere gorbatari putz egin zion.
— Nor da atea ireki didan neska bitxi hori?
— Ixo, atearen beste aldetik dena entzuten da-eta... Cassie du izena —xuxurlatu zuen inozoki barre eginez—. Ca-ssan-dra Wilkins... Morgan Dancers direlakoekin lan egina da. Baina ez diogu barre egin behar, oso jatorra da eta. Nik oso maite dut —eta algara egin zuen Ruthek—. Ai Jimmy, ez duzu parerik! —zutik jarri eta atximur egin zion besoko giharrean—. Zure erruagatik txoroaren pare jokatzen dut beti.
— Galdetu Jainkoari zergatik... Tira, ni goseak akabatzen nago. Oinez etorri naiz.
— Zer ordu da?
— Ordu bata baino beranduago.
— O, Jimmy, denbora oharkabean pasatzen zait... Gogoko duzu kapela hau?... O, ia-ia ahaztu zitzaidan zuri zerbait esatea. Atzo Al Harrison ikustera joan nintzen. Ezin okerrago pasatu nuen. Telefonoa garaiz hartu izan ez banu eta poliziari deitzeko mehatxua egin ez banio...
— Begira aurreko emakume bitxi hori. Llama-aurpegia du.
— Emakume horrengatik izan behar ditut nik errezelak egun osoan jaitsita.
— Zergatik?
— O, gazteegia zara zenbait gauza jakiteko. Harritu egingo zinateke, Jimmy.
Ruth makurtuta zegoen ispilu aurrean, ezpainetako gorri bizi bat ezpainetan zehar erabiliz.
— Hainbeste gauzak harritzen naute zeren ez baitut uste garrantzi handikoa denik. Baina, tira, goazen hemendik, eguzkiak dirdira egiten du, jendea elizatik irten eta etxera doa izugarrizko betekada egitera eta igandeko egunkaria fikusen artean irakurtzera.
— O, Jimmy, zuk ez duzu parerik!... Egon minutu batez. Kontuz, nire gonazpiko onenari lotuta geratu zara.
Korridorean ile beltz laburreko neska bat, blusa horiz jantzia, kamainaren izarak tolesten ari zen. Anbar-koloreko hautsen eta gorri biziaren azpian, Jimmyk ez zuen behingoan ezagutu atearen zirrikituetatik ikusia zuen aurpegia.
— Epa Cassie! Hau zera da... Barkatu, Miss Wilkins, hau Mr. Herf da. Esaiozu patioaren beste aldeko emakumearen kontu hori, badakizu, Sappo monjea.
Cassandra Wilkinsek bere hizkera aldrebesaz galdetu zuen mainak eginez:
— Ez al duzu uste Mr. Hegf emakume ikadagadgia dela?... Gauza benetan ikadagadgiak esaten ditu.
— Besteak sumindu baino ez du nahi.
— O, Mr. Hegf, poz handia eman dit azkenean zu ezagutzeak. Duthek zutaz mintzatu bestedik ez du egiten. Uste dut gehiegi luzatu dudala mihia. Ikadagadgizko mihiluzea naiz.
Korridorearen beste aldeko atea ireki eta Jimmyk bere burua sudur okerreko gizon musu zuri bat bekoz beko zuela kausitu zuen; gizon hark bi tontor desberdinetan zuen bilduta bere ile gorria, lerro zuzen baten alde banatan, eta saten berdezko txabusina eta babutxa gorriak zituen.
— Zer moduz, Cassandra? —esan zuen Oxfordeko hizkera motel eta zainduaz—. Zer berri ditugu gaur?
— Bat ede ez, Mrs. Fitzsimmons Gdeenen telegdama bat izan ezik. Ni bihad Scadsdale-da joatea nahi du biok Gweenedy Theated-i buduz hitz egin dezagun... Bagkatu, Mr. Oglethogpe, hau Mr. Hegf da.
Gizon ilegorriak bekain bat jaso eta bestea jaitsi zuen, eta esku bigun bat ezarri zuen Jimmyren esku baten gainean.
— Herf... Herf... Zu ez zara ba Georgiako Herftarretakoa izango? Atlantan aspaldiko Herf familia bizi da.
— Ez, ez dut uste.
— Bai pena! Garai batean Josiah Herf eta biok lagun minak izan ginen. Gaur egun First National Bank-eko lehendakaria da eta Pennsylvania estatuko Scranton-eko gizonik nabarmenena; ni, berriz,... titiritero bat besterik ez naiz, txorimalo bat.
Sorbaldak jasotzean, txabusina erori egin zitzaion ilerik gabeko bular lau, zelai bat agerian utziz.
— Begida, Mr. Oglethogpe eta biok Kanten Kanta antzeztu behad dugu. Bedak irakudi eta nik dantza eginez antzeztuko dut. Egunen batean etodi behar duzu gude entseiuden bat ikusteda.
— «Zure zilborrak kikara biribil bat dirudi, sekula edari beharrik ez baitu; zure sabelak gari-multzo bat dirudi, liliz inguratua...»
— O, utzi hodi beste batedako —hortzen artean barre egin zuen emakumeak, hankak estutzen zituen bitartean.
— Jojo, itxi ate hori —esan zuen neska-ahots sakon, lasai batek gelaren barrualdetik.
— O, Elaine gajoa, lo egin nahi du-eta... Poz handia eman dit zu ezagutzeak, Mr. Herf.
— Jojo!
— Bai, maitea.
Emakume haren ahotsak ikara eman zion Jimmyri, bere baitan nagusi zen logalearen hesi gandutsua zeharkatuz. Hantxe zegoen, korridore ilunean kikilduta, Cassieren ondoan eta hitzik egin gabe. Kafeak eta ogi-xigortuak isuritako usaina nonbaitetik iragazia zen. Haien atzean, Ruth irten zen.
— Jimmy, prest nago... Ez dakit ezer utzi dudan ahaztuta.
— Niri berdin dit, ni goseak akabatzen nago.
Jimmyk sorbaldatik heldu eta eztiki bultza egin zion aterantz.
— Ordu biak dira.
— Tira, adio, Cassie, seiak aldera deituko dizut.
— Oso ondo, Duthy... Poz handia eman dit zu ezagutzeak, Mr. Hegf.
Atea ixteaz batera Cassieren hizkera bihurria eten zen.
— A, Ruth, leku honek kirioak dantzan jartzen dizkit.
— Tira, Jimmy, ez zaitez pipertu jan beharra duzulako.
— Baina esadazu Ruth, zer arraio da Mr. Oglethorpe? Ez dut sekula halakorik ikusi.
— Zer? Ogle bere zulotik irten al da?
Ruthek barre-algara bat jaregin zuen. Eguzki-argi lausoaren pean irten ziren kalera.
— Esan al dizu adar nagusitik zetorrela... badakizu... Georgiako Oglethorpetarrengandik?
— Eta ile gorri beltzeko emakume xarmangarri hori al du bere emaztea?
— Hara bestea! Elaine Oglethorpek ile gorrixka du, eta hain xarmangarria ere ez da... Neskato bat besterik ez da eta dagoeneko oso-oso gora heldu da, arraioa! Eta dena halako saio arrakastatsu bat izan zuelako Peach Blossoms-en. Badakizu, mundu guztia txoratzen jartzen duten neskato polit fin horietako bat. Baina antzezten badaki jakin.
— Lotsagarria da berak morroi hori izatea senartzat.
— Oglek ahal izan duen guztia egin du Elaine aurrera ateratze aldera. Berarengatik izan ez balitz, koruan egongo zen oraindik...
— Ederra eta piztia.
— Piztia bai... Kontuz ibili, Jimmy, inoiz begitan hartzen bazaitu.
— Zergatik?
— Tipo arraroa da, oso arraroa.
Tren jaso batek eguzki-argi marratua suntsitu zuen euren buru gainean. Jimmyk Ruthen ahoa ikus zezakeen, hitzak osatzen ari zela.
— Begira! —deiadar egin zuen gutxituz zihoan zalaparta hura baino ozenkiago—, goazen campusera brunch-a jatera eta gero Palisades aldera paseoan ibiltzera.
— Ai Jimmy, ez duzu parerik! Zer da brunch-aren kontu hori?
— Zuk gosaldu eta nik bazkaldu egingo dugula esan nahi du.
— Barrez lehertzekoa izango da.
Barre-algaretan itota, Ruthek besotik heldu zion. Bidean aurrera, zilarrezko saredun zorroak ukondoaren kontra jotzen zuen.
— Eta nor da Cassie, Cassandra misteriotsua?
— Ez zenioke barrerik egin beharko, on hutsa da-eta... Kanitxe zuri zantar hori izango ez balu sikiera... Bere logelan izaten du beti, handik atera gabe, eta kriston kiratsa botatzen du. Cassiek nirearen ondoko gela du. Gainera, a zer-nolako senargaia duen! —Ruthek inozoki egin zuen barre—. Kanitxea baino okerragoa. Elkarrekin ezkontzekoak dira eta gizonak beretzat hartzen du gajoaren diru guztia. Jainkoaren izenean, ez esan inori!
— Nik ez dut, bada, nori esanik.
— Eta Mrs. Sunderland ere badago...
— A bai, komunean sartzean erdikusi dudala uste dut. Emakume zahar bat, txabusina eta lotarako txano arrosa batekin.
— Jimmy, harritu egiten nauzu... Beti galtzen ditu ordezko hortzak —hasi zen Ruth.
Tren jaso batek isilarazi zituen gainerako hitzak. Jatetxeko atea haien atzean ixteaz batera, gurpilek errailen gainean sortutako zalaparta itota gertatu zen.
Musika-banda bat «When it's Appleblosson Time in Normandee» kanta jotzen ari zen. Kontrargitan, leku hura kezko kiribilez beterik ageri zen. Orobat, paperezko apaingarriak eta ondoko iragarkiak nonahi ziren: EGUNEKO OSTRAK, JAN TXIRLAK ORAIN, DASTATU FRANTSES ERARA PRESTATUTAKO GURE MUSKUILU GOZOAK (Nekazaritza Departamenduak gomendaturik). TXULETAK GOIAN zioen letra gorridun kartel baten azpian eseri ziren eta Ruthek Jimmyri ogi-makilatxo batez kartel hura seinalatu zion:
— Jimmy, uste al duzu egokia dela eskalopea jatea gosaritarako? Baina, lehenengo eta behin, nik zera nahi dut: kafea, kafea, kafea...
— Nik zerra txiki bat jango dut tipularekin.
— Ez, nirekin arratsaldea emateko asmorik baduzu behintzat, Mr. Herf.
— O, ederki, zure agindutara jartzen ditut neure tipulak, Ruth.
— Horrek ez du esan nahi musurik ematen utziko dizudanik.
— Nola? Palisades-en?
Ruthen irribarre inozoa barre-algara bihurtu zen. Jimmy lotsagorritu egin zen.
— Inoiz ez diot berorri halakorik eskatu —izan ziren bere hitzak.
Eguzki-argia lastozko kapelaren hegal batean zituen zulo txikietatik sartzen zen tantaka, neskaren begitartea bustiz. Azkar zihoan urrats laburrak eginez, bere gonaren meharra zela eta. Zeta mehea zeharkaturik, eguzkiak kili-kiliak eragiten zizkion, bizkarra ferekatzen zion esku bat bailitzan. Giro sargorian kaleak, dendak, igandeko jantzia zeraman jendea, lastozko kapelak, itzalkinak, tranbiak eta taxiak distiraz blai sortzen ziren haren inguruan, metalezko bizar-xaflen artetik balebil bezala. Neskak aurrera egiten zuen, itsumandoka, zarata kirrinkarien nahaspilan zehar.
Lincoln Square-n, neska bat astiro zihoan bere zaldi zuriaren gainean. Gaztaina-koloreko adatsa zuen, gorabeherarik gabeko izur faltsuetan bildua, dilindan, zaldiaren zerra gainean eta urre-antzeko bordatuz egindako zaldi-estalkiaren gainean, non letra berdez eta puntu gorri biziz idatzita DANDERINE irakur baitzitekeen. Dolly Warden motako kapela berde bat zuen, luma gorri bizi batez hornitua. Eskubabes zuriko esku batez airoski eragiten zien bridei; beste eskuak, aldiz, urrezko heldulekuarekiko zigor bat astintzen ziharduen.
Ellenek neska ikusi zuen bere aurretik igarotzean. Gero, lur-zerrenda berde bat urrutitik begietsiz, kale-buru bat hartu eta parkera heldu zen. Mutil batzuk beisbolean ari ziren, belar zapaldu-usaina zabalduz. Itzalpeko jarlekuetatik bat bera ere ez zegoen libre. Autoen errepidearen bihurgune batetik igarotzean, Elleni takoi zorrotzak beherantz hasi zitzaizkion, asfaltoan barna. Hankak zabal-zabalik, bi marinel eguzkitan zeuden, jarleku batean etzanda. Ellen haien aurretik pasatzean batek musua emateko keinua egin zuen ezpainez; marinelaren begi irrikatsuak sumatu zituen bere lepoan, iztarretan eta orkatiletan iltzaturik. Ahaleginak egin zituen ibiltzean aldakak hainbeste ez kulunkatzeko. Bidexkan zehar, zuhaixketako hostoak ardaiturik zeuden. Eguzkiak argiztatutako eraikin batzuek parkea zedarritzen zuten hegoaldean eta ekialdean; mendebaldean, berriz, eraikinak moreak ziren, itzalez zipriztinduak. Dena zen garra, izerdia, hautsa; dena ere poliziek eta igandeko jantziek estutua. Zergatik ez ote zuen tren jasoa hartu? Ellenek lastozko kapelarekiko mutil gazte baten begi beltzei so egin zien, zeinak, ia-ia espaloia ukituz, Stutz turismo-kotxe gorri bat gidatzen baitzuen. Bere begiek Ellenerenetan izarniatu egin zuten. Mutilak burua atzerantz eramanez, irribarre egin zion, irribarre aldrebesa, eta halako moldez aurreratu zituen ezpainak non Ellenek haien ukitua sumatu baitzuen bere masailean. Mutilak galga sakatu eta atea eskuaz ireki zuen. Ellenek begiak indarrez kliskatu eta, kokotsa gorantz, aurrera egin zuen. Bi uso, iduneko berde metalikoa eta koralezko hankak zituztenak, Elleneren bidetik baztertu ziren ahateen ibilkeraz. Agure batek urtxintxa bat limurtu nahi zuen poltsa bateko kakahueteak jan zitzan.
Goitik beheraino berdez jantzita, zaldi zuri baten gainean zihoan Bataloi Galduko Dama... Berdea, berdea, danderinea... Lady Godiva, ile-mataza bikain batez hornitua...
Sherman jeneralaren urrezko estatuak arreta etenarazi zion. Lipar batez gelditu egin zen nakarrak bezala diz-diz egiten zuen Plaza hotelari behatzeko... «Bai, horixe dun Elaine Oglethorperen etxea...». Washington Square-ko autobus batera igo zen. Igande arratsaldean, Bosgarren Etorbidea arrosaz jantzirik luzatzen zen, hautsez beterik, dardarati. Gerizpean, kapela luzea eta lebita zeramatzan gizon bat zegoen. Itzalkinek, uda-jantziek, lastozko kapelek dir-dir egiten zuten eguzkitan; izan ere, han eguzkiak, lauki distiratsuak sortaraziz, etxeen goiko leihoetan izarniatzen zuen, argizko islak limusinen eta taxien pintura gogorraren gainean pausatzen ziren bitartean. Usain berezia zegoen airean, gasolinak, asfaltoak, mendak eta talko-hautsek isuria. Bikoteak autobuseko jarlekuetan bil-bil eginda ibiltzen ziren, han-hemenka higituz eta elkarri talka eginez; eta, horrela, oharkabean, giroari perfume-usain halako bat eransten zioten. Erakusleiho batean koadroak, gaztaina-koloreko tapizak eta antigoaleko aulki bernizatuak erakusgai zeuden, kristalen atzean. St. Regis. Sherry's. Bere aldemeneko gizonak botinak eta eskularru horiak zituen. «Denda bateko sail-arduradunen bat, seguru asko». St. Patrick elizaren parean pasatzean, argitzalean irekita zeuden ate batzuetatik zetorren intsentsu-usain nabarmenari antzeman zion. Delmonico's. Ellenen aurrean, mutil gaztea besoa limurtu nahian zebilen, disimuluan, aldameneko neskaren bizkar franela grisezkoan zehar.
— Zorte zikin ustela Joe gizajoarena! Hemeretzi urte besterik ez baditu ere, ezkondu egin behar izan du.
— Benetan uste al duzu zorte txarra izan duela?
— Myrtle, ez naiz gutaz ari.
— Nik apustu egingo nuke baietz. Eta, gainera, inoiz ikusi al duzu neska hori?
— Nik apustu egingo nuke ez dela berea.
— Zer?
— Umea.
— Billy, a ze mihi pozoitsua zurea!
Berrogeita Bigarren Kalea. Union League Club-ean.
— Oso bilera dibertigarria izan zen, oso dibertigarria... Denak zeuden han. Behingoagatik, hitzaldiak oso atseginak izan ziren. Lehengo garaiak ekarri zizkidaten gogora —karraka egin zuen norbaiten ahots landuak haren bizkar atzetik.
Waldorf-a.
— Banderak ez al dira politak, Billy?... Hain bitxia den bandera hori Siam-eko enbaxadoreagatik da, hementxe hartu du-eta ostatua. Gaur goizean irakurri dut egunkarian.
Zu eta biok, laztana, bereizten garenean, zure ezpain gainean ezarriko dut ezin adierazizko neure azken musua eta alde egingo... bihotza, hotza, zotza... poza, arroza, airosa... Zu... Zu eta biok, laztana...
Zortzigarren Kalea. Autobusetik jaitsi eta Brevoort-eko beheko pisuan sartu zen. George eserita zegoen, zain, atea atzean zuela, karteraren hesgailua behin eta berriro itxi-irekika.
— Tira, Elaine, bazenuen garaia etortzeko. Jende gutxirengatik emango nituzke nik hiru ordu laurden zain.
— Ez egin errietarik niri. Primeran pasatu dut. Urteak ziren hain ondo pasatzen ez neula. Egun osoa izan dut neuretzat eta oinez etorri naiz 105. kaletik 59.era, parkean zehar. Jende xelebrez beteta zegoen.
— Nekaturik egon behar duzu.
Mutilaren begitarte meheak, non begi distiratsuak zimur antzemangaitzen sare batean atzituak baitzituen, aurrera zegien atergabe, neskaren aurpegirantz, bapore baten branka irudi.
— Oker ez banago, egun osoan bulegoan eman duzu.
— Bai, auzi zahar batzuk birraztertzen ibili naiz. Ezin naiz inorengan fidatu lanik errazena, egunerakoa, egiteko ere. Hortaz, neuk neure kasa egin behar dut.
— Ba al zenekien nik ziurtzat nuela hori esango zenidala?
— Zer?
— Hiru ordu laurdeneko itxaronaldiarena.
— Zuk gehiegi dakizu beti, Elaine... Pastarik nahi al duzu tearekin?
— Baina nik ez dakit ezertxo ere, horixe da arazoa... Nik uste limoi apur bat hartuko dudala.
Edontziek txintxin egin zuten haien inguruan.
Zigarroen ke urdinean zehar aurpegiak, kapelak eta bizarrak higitzen ziren, ispiluetan isla berdexkak sortaraziz.
— Baina laztana, hau betiko konplexua besterik ez da. Beharbada hori egia izango da gizonen kasuan; emakumeei dagokienez, ordea, ez du ezer esan nahi —esan zuen emakume baten ahots burrunbariak ondoko mahaitik.
— Zure feminismoa hesi gaindiezin baten modukoa da —gaineratu zuen gizon baten ahots lakar eta zehatzak—. Neurekoi hutsa naizela? Jainkoak daki nolako sufrimenduak ekarri dizkidan horrek.
— Arima arazten duen sua, Charley...
George hizketan ari zen Elaineren begirada erakarri nahian.
— Zer moduz Jojo ospetsua?
— O, ez dezagun horretaz hitz egin.
— Zenbat eta gutxiago hitz egin horretaz, orduan eta hobeto, ezta?
— Begira, George, ez dut nahi zuk barre egiterik Jojoren kontura, azken batean, nire senarra da dibortzioak bereizten gaituen arte... Ez dut nahi zuk barre egiterik. Nolanahi ere, zu zakarregia eta lañoegia zara bera ulertzeko. Jojo oso gizon berezia da, tragiko samarra.
— Jainkoaren izenean, ez dezagun senarrez eta emazteez hitz egin. Garrantzitsuena zera da, Elainetxo, zu eta biok hemen gaudela eserita eta inork ez gaituela gogoitarazten... Esan, noiz ikusiko dugu berriro elkar, egiaz elkar ikusi, egiaz...?
— George, ez al gara «egiazalegi» jartzen ari? —barre egin zuen Elainek eztiki, katilutik edaten ari zela.
— Nik, bada, gauza asko esan nahi dizkizut, gauza asko galdetu... Elainek irribarretsu begiratu zion, haginkada sartu berria zion marrubizko pasteltxo bat erpuruaren eta hatz erakuslearen artean kulunka erabiliz.
— Horrela jokatzen al duzu bekatari gizajo bat akusatuen jarlekuan duzunean? Nik uste nuen zera zela... Non egon zinen zu otsailaren hogeita hamaikako gauean?
— Ez, ni serio ari naiz, baina zuk ezin duzu ulertu edo ez duzu ulertu nahi.
Mahai ondoan gizon gazte bat zuten eurei beha, zutik, kulunka txiki bat egiten zuela.
— Epa, Stan, nondik demonio atera zara zu? —esan zuen Baldwinek begiak goratuz, irribarrerik egin gabe.
— Badakit, Mr. Baldwin, oso zakarra naizela, baina axola al zaizu ni zure mahaira esertzen banaiz lipar batez? Norbait dabil nire bila, nik ikusi nahi ez dudan norbait. Jainkoarren, ispilu hori! Tira, ez dira niregana etorriko, zurekin ikusten banaute.
— Miss Oglethorpe, hau Stanwood Emery da, gure abokatu-bulegoko bazkide nagusiaren semea.
— O, niretzat oso pozgarria da zu ezagutzea, Miss Oglethorpe. Nik bart ikusi zintudan; zuk, ordea, ez ninduzun ikusi.
— Antzerkira joan al zinen?
—Eszenatokira irteteko zorian egon nintzen. Zu eder-ederra zeunden, nire ustez.
Gizonak azal gorrixka eta beltzarana zuen, baita begi urduriak ere, eta haietatik hurbil sudur zorrotz eta delikatua. Bere aho handia ez zen sekula ere geldirik egoten eta bere ile izurra, gaztaina-kolorekoa, txukun-txukuna. Ellen bat eta besteari begira geratu zen, bere baitan barreka. Hirurak oso zurrun zeuden, euren aulkietan eserita.
— Gaur arratsaldean dama danderinea ikusi dut —esan zuen Ellenek—, eta berealdiko zirrara eragin dit. Halaxe irudikatzen nuen nik dama handi bat zaldi baten gainean.
— Eraztunak atzamarretan eta ezkilak behatzetan. Eta mina zernahi bazterretara zabalduko du, aurrera egin arau —errezitatu zuen buruz eta azkar Stanek, ahapean hitz eginez.
— Hori musika da, ezta? —galdetu zuen Ellenek barreka—. Ni txantxetan ari naiz beti.
— Eta zer moduz unibertsitate hori? —galdetu zuen Baldwinek ahots lakarrez, batere adeitasunik gabe.
— Betiko lekuan dago, nik uste —esan zuen Stanek lotsagorriturik—. Su emango ahal diote ni hara heldu aurretik!
Altxatu egin zen.
— Barkatu, Mr. Baldwin... Muturra barruraino sartu dut behar ez zen lekuan.
Ellerengana jiratzean, emakumeak atzeman zuen haren ahotik zerion whisky-usaina.
— Barkatu, mesedez, Miss Oglethorpe.
Oharkabean Ellenek eskua luzatu eta esku ihar mehe bat topatu zuen, berea indarrez estutuz. Stan urrats luzeak eginez urruntzen ari zen, zinbulu-zanbulu urrundu ere, eta, halako batean, zerbitzari batekin behaztopa egin zuen.
— Ezin dut tipo deabru hori ulertu —esan zuen ziplo Baldwinek—. Emery gizajoa etsita dago. Ez da batere tontoa eta nortasun handia du eta hori guztia, baina edan besterik ez du egiten eta kriston iskanbilak sortu... Nik uste dut behar duena lan egitea eta baloreen zentzua eskuratzea dela. Diru gehiegi, horixe da unibertsitateko mutil gehienen galgarria. Tira, Elaine, Jainkoari eskerrak, orain gu berriro bakarrik gaude. Nik bizitza osoa eman dut lanean, hamalau urtez geroztik. Iritsi da dena bazterrean uzteko garaia, bolada batean behintzat. Bizi egin nahi dut eta bidaiatu eta zoriontsua izan. Ezin dut hiriko bizimodu eroa eraman lehen bezala. Tentsioa arindu beharra daukat... Hortxe sartzen zara zu.
— Nik ez dut inoren ihes-tutua izan nahi —esan zuen barreka begiak txilotuz.
— Atera gaitezen gaur arratsaldean hiritik. Edozein leku da ona. Egun osoa bulegoan eman dut, lanean ito beharrez. Izan ere, nik igandeak gorrotatu egiten ditut.
— Eta nire entseiua?
— Zu gaixorik egon zintezke. Taxi bati deituko diot.
— Jojo hemen dago, alajaina!... Epa, Jojo! —Ellenek bere eskularruak astindu zituen buru gainetik.
Aurpegia hautseztatutik eta, lepo luzearen gainean, ahoan irribarre ondo ikasitako bat erakusten zuelarik, John Oglethorpek aurrera zegien mahai beteen artean. Zerrenda beltzekiko antzeko eskularruen barnean estu-estu, eskua luzatuz zihoan.
— Zer moduz, maitea? Hau da sorpresa eta atsegina!
— Elkar ezagutzen duzue, ezta? Hau Mr. Baldwin da.
— Barkatu tartean sartzen banaiz... zera... tête a tête honetan.
— Bai zera! Eseri, highball bat edango dugu... Zu ikusteko irrikan nengoen, Jojo, benetan... Horretaz ari garela, gaur gauean ezer egiteko ez baduzu, etorri salto batean antzokira, unetxo baterako besterik ez bada ere. Entzuidazu nire papera irakurtzen eta, gero, esaidaizu zer iruditzen zaizun.
— Bai noski, laztana, ezerk ez dit atsegin handiagorik emango.
Kirioak dantzan, George Baldwingek atzerantz egin zuen, aulkiaren bizkarrari helduz.
— Zerbitzari... —eta hitzok halako doinu metaliko sarkor batez ahoskatu zituen—, hiru Scotch highballs azkar, mesedez.
Oglethorpek kokotsa bere makilaren zilarrezko heldulekuan ezarri zuen.
— Konfiantza, Mr. Baldwin —ekin zion—, senar-emazteen arteko konfiantza oso gauza ederra da. Lekuak eta denborak ez diote inola ere eragiten. Gutako bat Txinara makina bat urtetarako joango balitz ere, elkarren arteko adiskidetasuna ez litzateke inola ere aldatuko.
— Badakizu, George, Jojori zera gertatzen zaiola, gaztetan Shakespeare neurriz gora irakurri zuela. Alde egin beharra daukat, bestela Merton-ek erretolika ederra botako dit berriro... Hitz egin dezatela gero industriako esklabotzaz. Jojo, hitz egiozu berdintasunari buruz.
Baldwin altxatu egin zen. Ahalke amini bati antzeman zekiokeen masailetan.
— Utziko al didazu zurekin antzokira joaten? —esan zuen hortzak estutuz.
— Sekula ez diot inori uzten nirekin inora joaten... Eta zu, Jojo, ez edan gehiegi, ni antzezten ikusteko asmorik baduzu, behintzat.
Bosgarren Etorbidea arrosa eta zuria ageri zen hodei arrosa eta zurien azpian; haize fina zebilen, freskoa zirudiena tabakoaren keak eta koktelek sortarazitako itobeharraren eta solasaldi gogaikarriaren ondoren. Esku bati eraginez, Ellenek taxilarien arduradunari agur egin zion irribarretsu. Gerora, bi begi urdurirekin topo egin zuen: bereetan finkatuta zituen, serio, kopeta soildu xamarreko aurpegi beltzaran bat sorleku zutela.
— Zure zain nengoen. Utziko al didazu zu inora eramaten? Ford-a izkinan dut... Mesedez.
— Baina antzokira besterik ez noa. Entseiua dut.
— Ederki; ondo baderitzozu, haraino eramango zaitut.
Pentsakor, Ellen eskularru bat janzten hasi zen.
— Tira, konforme, baina traba handia eragingo dizut.
— Baita zera ere... Hementxe dago, izkinaren beste aldean... Oso zakarra izan naiz zuri horrela oldartuta, ezta? Baina hori beste kontu bat da... Nolanahi ere, zu ezagutu ahal izan zaitut. Nire Ford-ak Dingo du izena, baina hori ere beste kontu bat da...
— Polita da beti gazte-jiteko norbait ezagutzea. New Yorken ez dago gazte-jiterik duenik.
Motorea martxan jartzeko makurtzeaz batera, aurpegia gorri bizi ipini zitzaion.
— O, ni gazte-gaztea naiz, gazteegia aukeran.
Motoreak zerbait zezeldu zuen eta gero, marrumaka hasi zen. Stan ziztuan sartu zen kotxe barruan eta, besoa luzatuz, estarterra kendu zuen.
— Ez nintzateke harrituko bidean geldiaraziko bagintuzte. Isilgailua aske dut eta erortzeko zorian dago.
Hogeita Hamalaugarren Kalean, zaldi zuri baten gainean errepidea astiro-astiro zeharkatzen ari zen neska bat ikusi zuten; gaztaina-koloreko adatsa zuen, gorabeherarik gabeko izur faltsuetan bildua, dilindan, zaldiaren zerra gainean eta urre-antzeko bordatuz egindako zaldi-estalkiaren gainean, non letra berdez eta puntu gorri biziz idatzita DANDERINE irakur baitzitekeen.
— Atzamarretan eraztunak ditu —esan zuen kantuka, bozina jotzen zuela— eta behatzetan ezkilak. Neskak zahiaren gaitza sendatuko du, nonahi ere sortzekotan.
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana