Bosgarren atala
Martimuiloa
Arrastiriak goxo-goxo kaleen ertz zorrotzak leuntzen zituen. Iluntasunak asfaltozko hiri lurrintsua gogor zanpatzen zuen eta leihoen markoak, iragarkiak eta tximiniak eta ur-deposituak eta haizagailuak eta sute-eskailerak eta moldurak eta apaingarriak eta oxkarrak eta begiak eta eskuak eta gorbatak birrintzen zituen, puska urdin eta etxe-bloke erraldoi beltz bilakatuz. Gauaren presio gero eta handiagoaren azpian, leihoei argia zerien zorrotadaka. Gauak arku elektrikoek isuritako esne distiratsua birrintzen zuen, bai eta etxe-bloke ilunak gogor estutu ere, oin-hotsen durundiaz betetako kaleak argi gorriz, horiz eta berdez tantaka blaitu arte. Asfaltoari argia zerion. Argia teilatuetako iragarkietatik zorrotadaka isurtzen zen, jira eta bira zebilen oso bizkor gurpilen artean eta zeru birakari horren puska handiak koloreztatzen zituen.
Hilerriko atean, martimuiloa aurrera eta atzera zebilen, zarataka, bide asfaltatu berrian zehar. Koipe errearen, lurrinaren eta pintura beroaren usaina zetorren handik. Jimmy Herf bide-ertzetik zebilen. Harriek mina ematen zioten oinetan, zapaten zola higatuetan iltzatzen baitzitzaizkion. Lepo belztuko langile batzuen ondo-ondotik igarota aurrera jarraitu zuen errepide berrian zehar, euren baratxuri- eta izerdi-usaina sudurrean itsatsita zeukalarik. Ehun bat metro eginda, aldirietako errepide gris batean gelditu zen. Bide haren bi aldeak telegrafoaren zutoinen eta harien bidez elkarrekin albaindurik zeudela ematen zuen. Handik, paperezko kutxen itxurako etxe grisak eta zutabe gris eta mailakatuez beteriko orubeak ikusten ziren. Eta goian, eguzkiak txantxangorri-arrautzaren kolorea zeukan. Kirioak airean zegoen. Indarrez tira eginda gorbata beltza kendu eta poltsikoan sartu zuen. Kanta ero bat biraka zebilkion buruan:
Bioletez gogaituta nago oso,
eraman itzazue guzti-guztiak.
«Eguzkiaren loria bat dago, beste bat ilargiarena eta beste bat izarrena: loria baita izarren arteko bereizgarria. Horrelakoxea da hildakoen berpiztea ere...». Azkar zebilen, zeruz beteriko putzuetan plisti-plasta, hitz koipetsuen burrunba belarrietatik uxatzeko, dolu-xingola beltzak utzitako sentsazioa hatzamarretatik kentzeko, lirioen usaina ahazteko.
Bioletez gogaituta nago oso,
eraman itzazue guzti-guztiak.
Mutila azkarrago zebilen. Bidea muino bateraino igozen zen. Arekatik errekasto distiratsu bat igarotzen zen, belar-pusken eta sorgin-belarren artetik. Etxeak urritzen hasiak ziren; aletegietako errotulu zartatuetan irakur zitekeen: LYDIA PINKHAM'S VEGETABLE COMPOUND. BUDWEISER. RED HEN. BARKING DOG... «Eta amak atake bat izan zian eta orain ehortzita zagok». Ezin zuen gogora ekarri nolako itxura zuen. Hilik zegoen; hori zen dena. Hesi batetik txolarre baten txorrotxio umela zetorren. Mutilaren aurrean, txori ñimiño hark hegaka alde egin zuen, telegrafo-hari batean kokatu eta kantuan hasi zen eta galdara abandonatu baten ertzeraino hegan egin eta kantuan hasi zen eta hegaka urrundu eta kantuan hasi zen. Nakarrezko hodeiz beterik, zeru urdina gero eta ilunagoa zen. Berriro ere zetaren kutsu ezagunari antzeman zion. Mahuka farfaildun batean bildutako esku bat ere sumatu zuen, bere eskuaren gainean gozo ixten zena. Bere sehaskan zegoen, hankak uzkurtuta eta hotzez, itzal makurtu iletsuen mehatxupean; itzalak sehaskaren ertzekin bat eginez desagertzen ziren. Semearenganantz makurtuta, kizkurrek bekokia inguratu zioten. Zetazko mahuka puztu batzuk soinean, umeari ahoan musu emateaz batera, amak orin beltz bat agerian utzi zuen, ezpain ertzean. Mutila azkarrago zebilen. Odola bero eta arin zebilkion zainetan barrena. Hodei biribilak apar arrosa bilakatzen ari ziren. Jimmyk bere oin-hotsak entzuten zituen zoladura higatuan zehar. Bidegurutze batean eguzkiak pago gazteen kimu zorrotz eta likatsuen gainean dir-dir egiten zuen. Parez pareko errotulu batek zioen: yonkers. Bidearen erdian tomate-pote pitzatu bat alde batetik bestera zebilen. Jimmyk aurrera jarraitu zuen potea ostikoka aurretik zerabilela. «Loria bat eguzkiarena, beste bat ilargiarena eta beste bat izarrena...». Aurrera jarraitu zuen.
— Epa, Emile!
Emilek, atzera begiratu gabe, buruari eraginez egin zuen agur. Bere atzetik neska lasterka abiatu eta mahukatik oratu zion.
— Horrela tratatzen al dituzu betiko lagunak, ala? Orain gozogintzako erregina horrekin zabiltzanez...
Emilek eskua baztertu zuen.
— Pgesaka nabil, bestegik ez.
— Eta hari kontatzen badiot zu eta biok Zortzigarren Etorbideko erakusleiho aurrean elkar musukatzen eta besarkatzen ibiltzen ginela, soil-soilik bera jeloskor jartzeko?
— Hogi Congogen ideia izan zen.
— Ez zen ondo atera, ala?
— Bai, ondo atega zen.
— Ondo, eta hori ez al didazu niri zor?
— May, zu oso neskato jatoga zaga. Datogen astean, nige gau libgea asteazkenean izango da... Zuge bila etogi eta antzokiga egamango zaitut... Zeg moduz negozioa?
— Ezin okerrago... Campuseko dantzari-lanpostu bat eskuratzeko ahaleginetan ari naiz... Hor morroi asko daude diruz ustelduta. Marinel eta portuko arlote gehiagorik ez... Errespetagarri egiten ari naiz.
— May, Congogen begi ba al duzu?
— Postal bat jaso nuen ez dakit zein leku malapartatutatik. Izena ere ezin zen ulertu... Ez al da bitxia diru eske idaztea eta postal bat baino ez bidaltzea?... Morroi horrixe ematen diot dohainezko gauren bat berak nahi duenean... Eta ez beste inori, ba al zenekien hori Igelhanka?
— Agug, May.
Ustekabean, Emilek neskari oroilorez apaindutako lastozko kapela atzerantz eraman eta musu eman zion.
— Geldi egon, Igelhanka, Zortzigarren Etorbidea ez da lekurik aproposena neskari musurik emateko —murmurikatu zuen neskak, kizkur hori bat kapelaren azpian sartuz—. Nire esku dago zu kartzelara bidaltzea, eta ez pentsa horretarako gogo gutxi dudanik.
Emile urrundu egin zen.
Suhiltzaile-kamioi bat, mahuka-bagoi bat eta eskailera-furgoi bat zalapartaka igaro ziren haren aurretik, kalea hankaz gora jarriz. Hiru etxe-bloke beherago, kea eta, tarteka, sugarren bat irteten ziren etxe baten teilatutik. Jendetza estu-estu zegoen polizien lerroen kontra. Aurrean zeuzkan bizkarretatik eta kapeletatik harago, Emilek suhiltzaile batzuk erdikusi zituen ondoko etxearen teilatu gainean. Isiltasunean distiratsu, hiru ur-zorrotada jostalari sartzen ari ziren goiko leihoetan. «Gozotegiaren aurrean izan behar dik». Nekez egin zezakeen aurrera espaloian zehar eta bat-batean jendetza baztertu egin zen. Bi poliziak gizon beltz bat herrestan zeramaten; besoak dilindan zerabilzkien, batera eta bestera, kable hautsiak bailiran. Atzean, beste polizia bat zetorren, beltzari borraz buruan joka, noiz alde batean, noiz bestean.
— Beltz bat izan da etxeari sua eman diona.
— Supiztailea harrapatu dute.
— Begira, supiztailea!
— A ze gaizto-aurpegia duen, alajaina!
Jendetza itxi egin zen. Emile Madame Rigauden ondoan zegoen, dendako atearen aurrean.
— Cheri que ça me fait une emotiong... J'ai horriblemong peu du feu.
Emile emakumea baino apur bat atzerago zegoen. Esku batez gerria inguratu eta beste eskuaz beso bat ferekatu zion.
— Dena ondo dago berriro. Ez da su gehiagorik ikusten, kea besterik ez... Baina zu aseguratuta zaude, ezta?
— Bai, hamabost milatan...
Emakumeari eskua estutu zion eta gero, askatu.
— Viens ma petite on va rentrer.
Behin barruan zeudela, Emilek bi esku loditxoak hartu zizkion.
— Ernestine, noiz ezkonduko gara?
— Datorren hilean.
— Ezin dut hainbeste itxaron, ezinezkoa da... Zergatik ez datorren asteazkenean? Horrela, nik lagunduko nizuke inbentarioa egiten... Nire ustez, denda salduta erdigunera bizitzera joan beharko genuke, diru gehiago irabazteko.
Emakumeak zapladatxo bat eman zion masailean.
— P'tit ambitieux —esan zuen eta, bere artean barre egitean, sorbaldak eta bular handiak dantzan jarri zitzaizkion.
Manhattan Transfer-era aldatu behar izan zuten. Ellen antxume-larruzko bere eskularru berrien erpuru urratua hatz erakusleaz igurtzitzen ari zen, urduri. Johnek gerrikodun kapusaia eta feldrozko gris-arrosadun kapela jantzita zeuzkan. Ellenengana irribarreka begiratu zuenean, neskak, ezinbestean, begirada desbideratu eta trenbideetako errailetan dir-dir egiten zuen euri-zaparradan finkatu zuen.
— Hemen gaude, Elaine maitea. O, printzearen alaba, ikusten duzunez, Penn-eko geltokitik datorren trena hartzera goaz... Bitxia da honela itxarotea New Jerseyko basoetan.
Treneko konpartimentu pribatuan sartu ziren. Johnek hots txiki bat egin zuen ahoaz, euri-tantek bere kapela argian sortzen zituzten biribil beltzak ikustean.
— Tira, bidean gaude, nire neskatoa... Zeinen ederra zaren, maitea! Zeinen ederra zaren! Uso-begiak ageri dira zure kizkurren artean.
Ellenek soineko berria zeukan, ukondoetan estutua. Oso alai egon nahi zuen eta Johnen xuxurla atergabea arretaz entzun, baina zerbaitek iluntzen zion bekoskoa. Neskak zingira arreak begiztatu besterik ez zezakeen egin, bai eta lantegietako milaka leiho beltzak eta hirietako karrika lupetsuak eta kanal bateko bapore ugertsu bat eta aletegiak eta Bull Durham-en iragarkiak eta, euri-hari distiratsuek marraturik, Spearmint-en gnomo aurpegi biribilak ere. Leihoan, trena geldituz gero, perla itxurako ur-tantek beheranzko lerroak osatzen zituzten supituki; abiadura azkartuz gero, berriz, lerroak gero eta zeiharrago egiten ziren. Gurpilek izugarrizko burrunba egiten zuten Ellenen buru barnean, behin eta berriro ziotela: Man-ha-ttan Trans-fer, Man-ha-ttan Trans-fer. Dena den, Atlantic City urrun zegoen oraindik. Atlantic Cityra iristen garenean... O, berrogei egunez euria egin zuen... «Oso alai jarriko naun...». Eta berrogei egunez euria egin zuen... «Oso alai jarri beharra zaukaat».
— Elaine Thatcher Oglethorpe oso izen-deitura politak dira, ezta maitea? «Ekarzu ura niretzat, indarberritu nazazu sagarrekin, maiteminak jota bainago».
Oso gustura zegoen konpartimentu pribatu hutsaren barruan, belus berdezko aulki batean eserita, eta John, harenganantz makurturik, txorakeriak errezitatzen ari zitzaion. Leiho bustien beste aldean, aintzira arreak bere aurretik igarotzen ziren lipar batez. Txirlena izan zitekeen usaina bagoian sartzen zen barruraino. Emakumeak aurpegira so egin eta barrez hasi zen. Johni aurpegia aldenik alde gorritu zitzaion, bere ile gorri-horiaren erroetaraino. Johnen eskularru hori bat Ellenen zuri baten gainean pausatu zen.
— Orain zeu zara nire emaztea, Elaine.
— Orain zeu zara nire senarra, John.
Eta barreka hasi ziren elkarri begira, konpartimentu pribatu huts gozoan. ATLANTIC CITY letra zuriek augurio txarrak iragartzen zituzten, eguraldi euritsu gupidagabeari buruz.
Euriak itsas ertzeko pasealeku distiratsuaren aurka gogor jo eta haize-boladaka lehertzen zen leihoaren kontra, ura baldeka botatzen ariko bailiran. Euritik harago, Ellenek hondartzan zehar eta ontziraleku argiztatuen artean zabaltzen ziren uhinen aldizkako zalaparta entzun zezakeen. Ahoz gora etzanda zegoen, sabaiari so. Ondoan John zeukan, ohe handi batean lo, ume baten antzo lasai-lasai arnastuz, buru azpian buruko tolestu bat zuelarik. Ellen hotzak akabatuta zegoen. Ohetik kontu handiz irristatu zen ez baitzuen John iratzarri nahi, eta leihotik beha jarri zen itsas ertzeko pasealekuko argiek osatzen zuten V luze-luzeari. Leihoko kristala jaso zuen. Euriak aurpegian jo zuen, azala eztenkatuz eta kamisoia umelduz. Ellenek bekokia markoaren gainean bermatu zuen. «O, hil egin nahi dinat. Hil egin nahi dinat». Bere gorputzaren hotzak uzkurdurak eragiten zizkion sabelean. «Ene, ondoezik nagon». Bainugelan sartu eta atea itxi zuen. Oka egin ondoren hobeto sentitu zen. Berriro ohean sartu zen, kontu handiz sartu ere, John ez ukitzeko. Ukituz gero, Ellen hil egingo zen. Ahoz gora etzan zen, esku hertsiak saihetsekin eta oinekin bat eginda. Konpartimentu pribatuak haren buru barnean burrunba egiten zuen gozo; lo geratu zen.
Haizeak leihoen kontra jotzean eragindako danbatekoen ondorioz esnatu zen. John urrun zegoen, ohe handiaren beste aldean. Haizea eta euria —kristaletan behera irristaka— hainbesterainokoak ziren ezen bai baitzirudien gela, ohe handia eta enparaukoak batetik bestera zebiltzala, globo gidagarri bat itsaso gainean doan bezala aurrera eginez. O, berrogei egunez euria egin zuen... Bere soinaren zurruntasun hotzaren zirrikitu batetik ezari-ezarian isurtzen zen lelo hura, odola bezain beroa... Eta berrogei gauez euria egin zuen. Herabeki haztatu zuen esku batez bere senarraren ilea. Johnek, artean lo, aurpegia zimurtu eta auhenka «Ez» esan zuen, haur-ahotsaz esan ere, eta horrek barregura eman zion Elleni, barre funsgabea. Ohearen ertzean zegoen etzanda, etsi-etsian barreka, eskola-garaian beste neska batzuekin egin ohi zuen gisan. Eta euriak leihoaren kontra jotzen zuen eta leloa gero eta ozenagoa zen harik eta belarrietan txaranga bilakatu zitzaion arte:
O, berrogei egunez euria egin zuen
eta berrogei gauez euria egin zuen
eta Gabonak arte ez zuen atertu,
eta uholdeetatik bizirik atera zen gizon bakarra
Istmoko Jack Zangoluzea izan zen.
Jimmy Herf osaba Jeffen aurrean eserita zegoen. Biek ere txuleta bana, patata egosi bana, ilar-pilo txiki bana eta perrexil-sorta bana zeuzkaten euren plater urdinen barnean.
— Begira zure ingurura, Jimmy —zioen osaba Jeffek.
Argi bizi batek intxaurkiz apainduriko jangela hura gainezkaturik zeukan, zilarrezko aizto eta sardexketan aldizka dir-dir eginez, bai eta urrezko hortzetan, erloju-kateetan eta gorbata-orratzetan ere; argi hori zapien eta artilezko arropa nabarraren ilunpeetan aienatzen zen eta plater garbi-garbietan, soiluneetan eta azpil-estalkietan berriro sortzen zen, distiratsu.
— Hara, zer uste duzu leku honetaz? —galdetu zuen osaba Jeffek larru latzezko bere txalekoaren sakeletan erpuruak ehortziz.
— Klub bikaina da, zinez —esan zuen Jimmyk.
— Honaxe etortzen dira bazkaltzera gure herri honetako gizonik aberatsenak eta arrakastatsuenak. Begira zokoan dagoen mahai biribil hori. Gausenheimertarren mahaia da. Hor ezkerrera... —osaba Jeff aurrerantz makurtu eta baxuago mintzatzen hasi zen— masailezur handia duen hori J. Wilder Laporte da —Jimmyk bere bildots-txuleta ebakitzen du erantzun gabe—. Tira, Jimmy, seguru asko jakingo duzu zergatik ekarri zaitudan hona... Zurekin hitz egin nahi dut. Orain zure ama gajoa zeratu... desagertu denez, Emily eta biok zure legezko tutoreak gara eta Lily gajoaren testamentu-betearazleak. Egoera zehazki zertan den azaldu nahi dizut —Jimmyk aiztoa eta sardexka askatu zituen eta bere osabari beha geratu zen, bere esku hotzez aulkiaren urrezko besoei teink helduta, haren masailezur urdinaren higidura geldoari so, satenezko zapi handi batean txertatutako gorbata-orratzaren errubiaren gainean—. Hamasei urte dauzkazu, ezta Jimmy?
— Bai, jauna.
— Tira ba... Zure amaren jaraunspena konpontzen denean bost mila eta bostehun bat dolarren jabe izango zara. Zorionez, zu mutil argia zara eta laster prest egongo zara unibertsitatera joateko. Baina diru hori ondo gobernatuz gero ez duzu inolako arazorik izan behar Columbia unibertsitatean ikasteko, Columbiara joateko tematuta zaudenez gero... Nik neuk, eta seguru asko zure izeba Emilyk ere bai, nahiago genuke zu Yale-n edo Princeton-en ikustea... Nire uste apalean, zu zorte handiko mutila zara, Jimmy... Ni zure adinekoa nintzenean Fredericksburg-eko bulego bat ekortu behar izaten nuen eta hilean hamabost dolar irabazten nituen. Eta zera da esan nahi nizuna... Ez dut uste zu gehiegi arduratu zarenik diru-kontuez... zera... ez zait iruditzen zuk zeure bizimodua aurrera ateratzeko edota mundu honetan arrakasta lortzeko adinako adorerik sekula ere erakutsi duzunik. Begira zeure ingurura... Aurrezkiei eta adoreari esker, gizon hauek iritsi dira iritsi diren lekura. Aurrezkiei eta adoreari esker, nire etxearen gozoa zuri eskaintzeko moduan nago, bai eta gurean nagusi den kultura handiko giro fina ere... Badakit zure heziketa apur bat berezia izan dela, Lily gajoaren ideiak eta gureak oso desberdinak izan direlako zenbait arlotan, baina zure prestakuntza-aldia hasi besterik ez da egin. Taxuzko erabaki bat hartzeko eta zure geroko karreraren zimentarriak finkatzeko garaia iritsi zaizu... Hauxe da nire aholkua: jarraitu Jamesen bideari eta saiatu gure enpresaren barnean aurrera egiten... Hemendik aurrera biak zaituztet seme... Gogor lan egin beharko duzu, baina horrek aukera emango dizu merezi duen zerbaitekin hasteko... Eta ez ahaztu gizon batek New Yorken arrakasta lortzen ez duen bitartean ezin daitekeela gizon arrakastatsutzat jo!
Jimmy bere osabaren aho serioari begira geratu zen, hark hitzak aletzen zituen bitartean, eta ez zuen ahogozatzen jaten ari zen bildots-txuleta urtsua.
— Tira, zer egin behar duzu?
Jimmyrenganantz pitin bat makurturik, osaba Jeff mutilari begira geratu zen bere begi gris irtenez. Jimmyri ogi-puska bat kontrako eztarrira joan zitzaion, gorritu egin zen eta, azkenean, herabeki esan zuen totelka.
— Zeuk nahi duzuna, osaba Jeff.
— Orduan, uda honetan nire bulegora lan egitera joateko prest zaude, hilabete batez besterik ez bada ere? Horrela ikusiko duzu zer-nolako poza ematen duen bizibidea aurrera ateratzeak eta, bide batez, ikasiko duzu nola eraman negozioa.
Jimmyk baiezko keinua egin zuen buruaz.
— Tira, nire ustez, oso zentzuzko erabakia hartu duzu —esan zuen osaba Jeffek ahots sakonaz, bere aulkian erdi etzanda, eta horrela argiak haren ile-xerlo gris izurtuak zeharkatu ahal izan zituen—. A, horretaz ari garela, zer nahi duzu postrerako?... Urte batzuk barru, Jimmy, arrakasta handiko gizona zarenean eta zeure negozioa duzunean, solasaldi honetaz gogoratuko gara. Zure karreraren hasiera da.
Arropazaindegiko neskak irribarre egin zuen bere ile kizkur horiaren arrandia erdeinariaren azpitik, Jimmyri kapela eskuratzen zionean. Kapela hark zapala, lohia eta biguna ematen zuen, onddo-kapela tripontzien eta esekitokietatik zintzilikatuetako jipijapa kapela dotoreen artean. Jimmyren sabela uzkurtu egin zen, igogailua brau jaisteaz batera. Marmolezko hall jendetsura irten zen. Unetxo batez norantz jo jakin gabe, hormari pega-pega eginda egon zen, eskuak poltsikoetan, ate etengabe birakarietan zehar nekez aurrera egiten zuen jendeari so: masaila biguneko neskak txiklea ahoan, kopeta-iledun neska aurpegi luzeak, Jimmyren adin beretsuko mutil musu krema-kolorekoak, alde batera okertutako kapela zeramaten mutil indartsuak, mandatari izerditsuak, begirada gurutzatuak, aldaka kulunkariak, masaila gorriak puruak mastekatzen, oliba-koloreko aurpegi iharrak, gizon eta emakume gazteen soin lauak, gizon nagusi tripontziak, denak estu-estu eginda, elkar bultzatuz, hankak herrestan, ate birakarietan zehar bi ilara amaigabetan sartuz, bai Broadwayra irteteko, bai Broadwaytik etortzeko. Jimmy gau eta egun biraka zebiltzan ateen zirimolan sartu zen, saltxitxen haragia bailitzan bizitza xehatuko zioten ate birakarien zirimolan. Bat-batean, gihar guztiak teinkatu zitzaizkion. «Osaba Jeff eta bere bulegoa pikotara joan daitezela». Bere barnetiko hitzak hain ozenak izan ziren, ezen ezker-eskuin begiratu baitzuen ea inork entzun ote zizkion.
«Denak pikotara joan daitezela!». Sorbaldak tentetu eta ate birakarietarantz jo zuen, bultzaka. Bere takoi batek oin bat zapaldu zuen. «Jainkoarren, kontuz ea non zapaltzen duzun!». Kalean zegoen jadanik. Haize-zurrunbilo batek ahoa eta begiak hareaz betetzen zizkion. Batteryrantz zihoan, haizeak atzetik joka. Trinity Church-eko hilerrian zenbait estenografo eta bulegari otartekoak jaten ari ziren hobien artean. Bapore-konpainien aurrean atzerritarren talde batzuk zeuden: iztupazko iledun norvegiarrak; suediar aurpegi biribilak; poloniarrak; mediterranear gizontxo beltzaranak, berakatz usainekoak; eslaviar erraldoiak; hiru txinatar; laskar-talde bat. Aduanaren aurreko plaza txiki triangeluarrean, Jimmyk atzerantz begiratu eta, haizeari buru eginez, Broadwayren aiztokada sakonari so geratu zen. «Osaba Jeff eta bere bulegoa pikotara joan daitezela».
Kamainaren ertzean eserita, Budek nagiak atera eta aharrausi egin zuen. Alde guztietatik zetozen gizonen zurrungak, euren izerdiari, arnasa garratzari eta arropa bustiari zerien usainarekin nahasita. Alde guztietatik zetozen gizon haiek egindako hotsak, euren kamainetan jira eta bira baitzebiltzan, malgukiei karraska ateraz. Oso urruti, lanpara elektriko bakar baten argiak ilunpea urratzen zuen. Budek begiak itxi eta burua bere sorbaldaren gainean pausatu zuen. «Ene Jainkoa, lo egin nahi dut. Ene Jesus, lo egin nahi dut». Belaunak esku gurutzatuen kontra estutu zituen, dardararik egin ez zezaten. «Aita gurea, zeruetan zarena, nik lo egin nahi dut».
— Zer duk, motel? Ezin duk lorik hartu? —xuxurla bare bat iritsi zitzaion ondoko kamainatik.
— Ez.
— Nik ere ez.
Budek ukondo baten gainean bermatuta zegoen buru handi ile kizkurrari so egin zion.
— Hau zorri-zulo zikin nazkagarri bat besterik ez duk —tonu berean jarraitu zuen ahotsak—. Zabalduko diat nik hau bazter guztietatik... Eta, gainera, berrogei zentabo!... Har dezatela euren Plaza Hotela eta...
— Denbora luzea al daramak hirian?
— Abuztuan hamar urte beteko dituk.
— Hara!
Ahots batek urruma egin zuen kamaina-ilaran:
— Aizue, utzi berriketak beste baterako! Zer uste duzue dela hau? Picnic judu bat ala?
Budek ahotsa beheratu zuen:
— Hau bitxia! Urteak zituan hirira etorri nahi nuela... Ni estatuaren iparraldeko landetxe batean jaio eta hezi ninduan.
— Zergatik ez haiz hara itzultzen?
— Ezin nauk itzuli.
Bud hotzez zegoen. Ahaleginetan ari zen dardararik ez egiteko. Burusia kokotseraino eraman eta hau esaten ari zen gizonari beha geratu zen:
— Udaberriro neure buruari esaten zioat berriro bideari ekingo diodala eta sastraken eta belarren artera itzuliko naizela, jezteko orduan etxera bidean bueltan doazen behien ondora. Baina ezer ez. Ez zakiat zergatik ez dudan alde egiten hemendik. Zer egin duk orain arte hirian?
— Ez zakiat... Hasieran, denbora gehiena Union Square-n ematen nian, gero Madison Square-n. Hoboken-en egon nauk, Jersey-n eta Flatbush-en ere bai, eta orain Bowery-ko eskale bat nauk.
— Arraioa! Zin egiten diat bihar alde egingo dudala hemendik. Beldurrak airean nagok. Polizia eta detektibe gehiegi hiri honetan.
— Diru-eskean atera zitekek bizimodua aurrera... Baina sinetsidak, motel, hobe duk landetxera bueltatzea, gurasoekin, aukera duanean.
Budek kamainatik jauzi egin zuen eta, gizonari beso batetik indarrez oratuta, berarenganantz eraman nahi izan zuen.
— Etorri hona, argitara, zerbait erakutsi nahi diat eta.
Budi bere ahotsa arrotza iruditu zitzaion. Urrats luzez ibili zen kamaina-ilara zurrungarian zehar. Arlotea gizon herabea zen eta bere ile eta bizar kizkurrak histuak zitzaizkion, atari zabalean ibiltzearen ondorioz. Bazirudien begiak mailukadaka ezarri zizkiotela buruan. Burusien artetik guztiz jantzita irten zen eta segitu egin zion.
Argiaren azpian, Budek alkandoraren botoiak askatu zituen, sorbalda eta beso meheak agerian utziz.
— Begirazak nire bizkarra.
— Jainkoarren! —xuxurlatu zuen gizonak, azkazal hori luzeekiko esku zikin batez orbain sakon zurien eta gorrien gainetik haztaka—. Sekula ez diat honelakorik ikusi.
— Hau aitak egin zidaan. Hamabi urtez jo eta jo aritu zitzaidaan, gogoak eman zion guztietan. Ni erantzi eta katea arin batez jotzen nindian bizkarrean. Ziotenez, nire aita zuan, baina nik banekian hori ez zela egia. Hamahiru urte nituela ihes egin nian. Ni harrapatu eta orduantxe hasi zuan ni jotzen. Orain hogeita bost urte zauzkaat.
Elkarrekin hitz egin gabe euren kamainetara itzuli eta etzan egin ziren.
Kamaina gainean, Bud sabaiari beha zegoen, burusia begietaraino iristen zitzaiola. Gela-hondoko aterantz so egin eta onddo-kapelako gizon bat ikusi zuen, zutik, purua ahoan zeukala. Bere beheko ezpainari ausiki zion, oihurik ez egite aldera. Berriro hara begiratu zuenerako gizona desagertua zen.
— Oraindik esna al hago? —xuxurlatu zuen. Eskaleak urruma egin zuen—. Zera esan nahi nian... Aitzurkada batez burua txikitu nioan. Kalabaza ustel bat ostikoka birrintzea bezala izan zuan. Esana nioan bakean uzteko, baina kasurik ez... Jainkoari beldur handia zioan eta, era berean, besteek berari beldurra izatea nahi zian. Soro bateko belar txarrak kentzen ari gintuan patata ereiteko... Hantxe utzi nian gauera arte, ahoz gora lur gainean, burua kalabaza baten gisan birrindua. Bidetik ezin izan zian inork ikusi, hesia sasitzaz beteta zegoelako. Gero, lurperatu egin nian, etxera igo eta kikara bat kafe prestatu nian. Berak ez zidaan behin ere kafea hartzen utzi. Egunsentia baino lehen altxatu eta alde egin nian handik. Nik neure artean esan nian: ni hiri handi batean aurkitzea orratz bat lastategi batean aurkitzea bezala izango duk. Nik banekian non gordetzen zuen aitak dirua. Diru-mordo handia zeukaan, hire burua bezain handia, baina hamar dolar besterik ez nian hartu, ez ninduan ausartu eta... Oraindik esna al hago?
Eskaleak urruma egin zuen.
— Mutikotan ni Sackett zaharraren alabarekin nenbilean. Sacketten basoetako izotz-lantegira joaten gintuan elkarrekin eta esaten genian egunen batean New Yorkera etorriko ginela diru asko irabaztera, eta orain hemen nagok eta ezin diat lanik aurkitu eta beti nagok kikilduta. Detektibeak zauzkaat atzetik egun osoan. Onddo-kapela jantzita eta beroki azpian plaka bana duten gizon batzuek ere ez naitek bakean uzten. Bart emagaldu batekin joan nahi izan diat, baina begietan igerri egin zidak eta kalera bota naik... Begietan igerri egin zidak.
Kamainaren ertzean eserita zegoen, aurrerantz makurtuta, xuxurlaka hitz txistukari batzuk besteari aurpegira jaurtiz. Bat-batean, eskaleak eskumuturretatik heldu zion.
— Aizak, motel, horrela jarraituz gero, erotu egingo haiz. Sosik ba al daukak?
Budek baiezko keinua egin zuen buruaz.
— Hobe duk niri ematea eta neuk gordeko diat. Ni azeri zaharra nauk eta kinka larri honetatik aterako haut. Jantzi azkar, joan inguruko taberna batera eta jan ezak ganoraz. Zenbat daukak?
— Dolar bat txanponetan.
— Emaidak quarter bat eta gainerakoarekin jan ezak ematen diaten guztia.
Budek prakak jantzi eta gizonari quarter bat luzatu zion.
— Gero, hona itzuli, ondo lo egin eta bihar hire herrira joango gaituk diru-mordo horren bila. Nire burua bezain handia dela esan al duk? Gero, ezkutuko lekuren batera joango gaituk gu inork ez harrapatzeko. Erdi bana egingo diagu... ados?
Budek bostekoa eman zion, mugimendu mekaniko eta zurrun batez. Gero, oinak arrastaka, aterantz jo zuen, zapaten lokarriak dilindan, eta karkaisaz betetako eskaileretan behera egin zuen.
Atertu egin zuen; baso eta belar usaineko haize hotz batek putzuak izurtzen zituen euriak garbitutako kaleetan. Chatham Square-ko jatetxe batean hiru gizon eserita zeuden lo, kapelak begien aurrean ezarrita. Barraren atzeko gizona kirol egunkari arrosa bat irakurtzen ari zen. Bud luzaz egon zen eskatutakoaren zain. Lasai, ezer buruan ez zuela, zoriontsu sentitu zen. Eskatutakoa jaso bezain laster latako behiki xehatu xigortuari egin zion eraso, ahamen bakoitza atsegin handiz ahogozatuz, krak egiten zuten patata frijitu gozoak mihiaz hortzen kontra zanpatuz, kafe azukreztatuegi bati tarteka zurrupadak emanez. Platera ogi-apur batez garbitu ondoren zotz bat hartu eta alde egin zuen.
Hortzak zotzez garbitzen ari zen Brooklyn-go zubiaren sarbide lohitik igaro zenean. Onddo-kapelako gizon bat purua erretzen
ari zen tunel zabalaren erdian. Bud haren ondo-ondotik igaro zen harrokeria nabarmenaz. «Bost axola niri; nire atzetik jarrai dezala, hala nahi badu». Arkupeko espaloian ez zegoen inor, polizia bat baino ez, zerura begira aharrausika. Izarren artetik ibiltzea bezala zen. Behean, bi aldeetatik, kaleak argizko puntutxoez osatutako ilaretan barna luzatzen ziren, leiho beltzekiko eraikin karratuen artean. Esne Bideak ibaiaren gainean dir-dir egiten zuen. Isil-isilik, ezari-ezarian, atoiontzi baten argiak iluntasun ezkoan zehar lerratzen ziren. Kotxe batek zubia zeharkatu zuen zutabeak triki-traka eta kableen amarauna dardarka jarriz, banjo baten harien gisan.
Brooklyngo tren jasoaren bideei eusten zieten zutabeen nahaspilara heldu zenean, bira egin eta hegoalderantz jo zuen. «Berdin zidak nora noan. Orain ezin nauk inora joan». Bere atzean, gau urdinaren ertz bat gorriztatzen hasia zen, burdina forjan gorriztatzen hasten den bezalaxe. Tximinia eta teilatu beltzetatik harago, erdiguneko eraikin soslai arrosa argiz betetzen hasi zen. Iluntasuna perla-kolorea hartzen ari zen. «Hauek denak atzetik ditudan detektibeak dituk: onddo-kapelako gizonak, Bowery-ko eskaleak, sukaldeetako emakume zaharrak, tabernariak, tranbietako begiraleak, poliziak, emagalduak, marinelak, zamaketariak, lan agentzietako morroiak... Eta eskaleak uste zian nik esango niola non zegoen aitaren diru-mordoa... Zorritsu alaena! Izorra daitezela! Bera eta detektibe malapartatu guztiak». Ibaia bare zebilen, fusil baten kanoiaren urdin metalikoa bezain distiratsu. «Berdin zidak nora noan. Orain ezin nauk inora joan». Nasen eta etxeen arteko itzalek anil-kolorez hautseztatuak ziruditen. Ibaia mastez inguratuta zegoen; kea, txokolate eta arrosa koloreen arteko nahasketa morea, argirantz igotzen ari zen. «Orain ezin nauk inora joan».
Frak dotorea jantzita, urrezko erloju katedunarekin eta zigilu-eraztun gorri batekin, Maria Sackett ondoan duela ezkontzera doa. Lau zaldi zurik tiratutako zalgurdi batean udaletxera doa, alkateak zinegotzi izendatuko baitu. Euren atzeko argia gero eta biziagoa da. Zetaz eta satenez apainduta doa bere ezkontzara, kotxe zuri batean, Maria Sackett ondoan duela, jendetzaren artetik igarota. Gizon batzuek euren puruak astintzen dituzte besoa jasota; beste batzuk, berriz, begirune handiz makurtzen dira; eta, azkenik, badira euren onddo-kapelei eraginez, bikoteari agur egiten diotenak ere, eta Bud zinegotzia aurrera doa bere zalgurdi dotorean eta bere emaztegai miloidunarekin... Bud zubiaren baranda gainean eserita zegoen. Ordurako eguzkia Brooklynen atzetik altxatua zen eta Manhattango leihoek sua hartua zuten. Halako batean, Budek bere burua aurrerantz bota zuen, laprast egin eta esku bakar batetik helduta geratu zen, eguzkiak begiak itsutzen zizkiola. Erortzean, garrasi bat ito zitzaion eztarrian.
McAvoy kapitaina, Prudence atoiontzikoa, aginte-gelan zegoen, zutik, esku bat leman pausaturik. Beste eskuan, berriz, gaileta bat zeukan, iparrorratz-kutxaren ondoko apal batean kokatutako kafe kikaran busti berria. Gizon sendoa zen eta bekainak punta argizariztatuekiko bibote beltza bezain sarriak zeuzkan. Gaileta ahoan sartu-hurren zegoela, bat-batean, zerbait beltza erori zen uretara, untziaren brankatik metro bakan batzuetara. Instant batean, gizon bat oihuka azaldu zen makina-gelako atera:
— Norbaitek bere burua bota du zubitik behera!
— Arraioa! —esan zuen McAvoy kapitainak, bere gaileta-puska lurrera bota eta lema bueltaka zerabilelarik.
Itsasbehera gogorrak untzia osorik biratu zuen, lasto-mutur bat bailitzan. Hiru kanpaikada entzun ziren makina-gelan. Kizki bat eskuan, beltz batek lasterka egin zuen brankarantz.
— Aizak, Gorri, hator hona laguntzera —oihu egin zuen McAvoy kapitainak.
Ahaleginak eta bi egin ondoren gauza luze, bigun eta beltz bat branka gainean paratzea lortu zuten. Kanpaikada bat. Bi kanpaikada. Kopeta ilun eta betazpitsu, McAvoy kapitainak berriro uraren korrontearen alde kokatu zuen atoiontziaren muturra.
— Bizirik al dago oraindik, Gorri? —galdetu zuen ahots zakarraz.
Beltzaren aurpegia berde zegoen eta hortzak karraskan zebilzkion.
— Ez, jauna —esan zuen gizon ilegorriak astiro—. Lepoa hautsita dauka, dudarik gabe.
McAvoy kapitainak bibotearen puska eder bat milikatu zuen, erdia baino gehiago.
— Arraioa! —auhen egin zuen—. Ederra gauza neuri gertatu zaidana neure ezkon egunean!
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana