Laugarren atala
Errailak
Triki-trakak bakandu egin ziren, urritu; tope guztiek elkar jo zuten, tren osoan zehar ikaragarrizko zalaparta hedatuz. Burdinazko barretatik askatu ondoan, gizonak jauzi egin zuen lurrera. Zurrun-zurrun zegoen, higitu ezinik. Iluntasuna erabatekoa zen. Poliki-poliki herrestatu eta belaunikatu egin zen; gero, jada zutik, merkantzi bagoian bermatu zen arnasestuka. Ez zuen soina sentitzen; bere giharrek ezpal hautsiak ziruditen, bere hezurrek biela bihurrituak. Linterna baten argiak begiak erre zizkion.
— Azkar, alde hemendik. Konpainiako detektibeak inguru hauek miatzen ari dira.
— Aizu, lagun, hau al da New York?
— Bai, noski. Etorri nire linternaren atzetik, ibaiaren aldetik ihes egin dezakezu eta.
Bere oinek nekez egin zezaketen aurrera, errailen lerro gurutzatuekin eta ube distiratsuekin behaztopatuz. Brau, estropezu egin eta seinaleak egiteko barra-pilo baten gainera erori zen. Azkenean, nasa baten ertzean eseri zen, burua eskuen artean zeukala. Urak hots lasaigarri bat sortzen zuen piloteen kontra jotzean, hain zuzen ere, txakurrek lamikatzean egin ohi dutenaren modukoa. Poltsikotik egunkari bat atera eta barrukoa erakutsi zuen: ogi-puska bat eta hala-holako okelazko xerra bat. Ezer edan gabe jan zuen dena, murtxika eta murtxika, listua eztarrira berriro zetorkiola antzeman arte. Gero, orekari nekez eutsirik, zutitu egin zen, belaunen gaineko ogi-papurrak eskuaz kendu eta bere ingurura begiratu zuen. Hegoalderantz, errailez haraindi, zeru goibela dirdai laranjaz blai zegoen.
— The Gay White Way —esan zuen goraki bele-ahotsaz—. The Gay White Way.
Euriak marratutako leihotik Jimmy Herf kaleko aterkiei begira zegoen, Broadwayn gora zebilen jende-samalda motelaren eskuetan dantzan ari baitziren. Atean jo zuten.
— Aurrera —esan zuen Jimmyk eta leihorantz buelta eman zuen, sartu berria zen zerbitzaria Pat ez zela ohartuta.
Zerbitzariak argia piztu zuen. Jimmyk zerbitzaria ikusi zuen leihoko kristalean islatuta: ile latzeko gizon argal bat zen. Afariaren erretilua jasota zeraman esku batean, eta zilarrezko erretilu-estalkia kupulua bailitzan ageri zen zut. Sakonki arnastuz, zerbitzaria gelan sartu zen, libre zeukan eskuaz gurditxo tolesgarri bat herrestan zeramala. Di-da ireki zuen, erretilua bertan ezarri nahian eta mahai borobilaren gainean zamau bat zabaldu zuen. Jakitoki-usain koipetsua zerion. Jimmy zain egon zen harik eta zerbitzariak alde egin zuen arte, burua jiratzeko. Orduan, mahaiari itzuli osoa egin zion, zilarrezko erretilu-estalkia jasotzen zuen bitartean. Zopa gauzatxo berde batzuekin, bildots errea, patata-purea, arbi-purea, espinakak, ezer ez postrerako.
— Amatxo!
— Bai, maitea?
Ahotsa indarge entzun zen bi orriko atearen beste aldetik.
— Bazkaria prest dago, amatxo maitea.
— Hasi jaten, laztana, ni oraintxe noa...
— Zu gabe ez naiz hasiko, ama.
Mutilak aiztoak eta sardexkak zuzen jarri zituen, mahaiari beste itzuli bat egiten zion bitartean. Gero, ezpain-zapi bat besotik dindilizka ipini zuen. Delmonico jatetxeko zerbitzariburua mahaia atontzen ari zen Graustark-entzat eta Bohemiako Errege Itsuarentzat eta Enrike Printze Nabigatzailearentzat eta...
— Ama, nor izan nahi duzu zuk: Eskoziako Maria Erregina edo Lady Jane Grey?
— Baina, laztana, biei lepoa moztu zieten eta... Nik ez dut nahi inork niri lepoa mozterik...
Amak izokin-koloreko soineko bat zeukan jantzirik. Ate tolesgarria irekitzeaz batera, koloniak eta sendagaiak isuritako usain fin batek ihes egin zuen logelatik, farfaildun mahuka orlatu luzeei erantsirik. Aurpegia irineztatuegi zeukan. Baina ilea, gaztaina-koloreko bere ile zoragarria, ederki orraztuta zeukan. Aurrez aurre eseri ziren. Zain urdinekiko bere esku finez, amak zopa-platerkada bat ipini zuen mutilaren aurrean. Mutilak zopa edan zuen, zopa urtsua eta ez behar bezain beroa.
— Ene, ogi-pusketa xigortuak ahaztu ditut, laztana.
— Amatxo, zergatik ez duzu zopa hartzen?
— Gaur gauean ez dut zoparik nahi. Buruko mina neukan eta ez nekien zer eskatu ere. Berdin dio.
— Nahiago al zenuke Cleopatra izan? Cleopatra jatun bikaina izan zen eta, neskato onen modura, aurrean zeukan guztia jaten zuen.
— Bai, baita perlak ere... Perla bat ozpinetan sartu eta irentsi egin zuen.
Amak ahotsa dardarka zeukan. Mahaiaren alde batetik bestera, eskua eskaini zion bere semeari. Mutilak di-da laztandu zion, irribarretsu.
— Zu eta biok bakarrik, Jimmy... Zuk beti maitatuko duzu ama, ezta laztana?
— Zer duzu, amatxo?
— O, ezer ez; ez dakit zer dudan gaur gauean... Nazkatuta nago sekula erabat ondo ez egoteaz.
— Baina zuri ebakuntza egin ondoren...
— A bai, niri ebakuntza egin ondoren... Laztana, bainugelako leihoaren ertzean gurin freskoa duen paper bat dago... Ekarriko bazenu, nik pitin bat jarriko nuke arbi hauen gainean. Zoritxarrez, berriro kexatu beharko dut janaria dela eta. Bildots hau ez dago egon beharko lukeen bezala. Espero dut kalterik ez egitea.
Jimmy korrika irten, ate tolesgarriak atzean utzi, bere amaren gelatik igaro eta korridore txiki batera heldu zen; bertan naftalina- eta zeta-usaina nabarmena zen, aulki batean botatako arropari zeriona. Bainugelako atea irekitzean dutxa baten gomazko tutu gorri batek aurpegiaren kontra jo zion. Sendagaien usainak ondoeza eragin zion, saihetsetan uzkurdurak eraginez. Bainuontziaren ertzean zegoen leihoko pertsiana jaso zuen. Erlaitza hautsez beterik zegoen: lumak bezain arinak, kedar-izpiek gurinaren gaineko platera estaltzen zuten. Unetxo bat eman zuen barruko patiorantz makurtuta, ahotik arnastuz, galdarek gorantz isurtzen zituzten ikatz-jarioen usaina ez hartzeko. Behean, leiho batera azaldurik, kapela zuriko neskame bat galdaren arduradunetako bati mintzatzen ari zitzaion. Besoak biluzik eta paparrean gurutzaturik zeuzkala, gizon hura gorantz begira zegoen. Jimmyk entzumena zolitu zuen esaten ari zirena aditzeko; lohi egotea eta egun osoa ikatz artean ematea, ilea koipez beterik izatea, baita gorputzeko zoko-mokorik txikiena ere.
— Jimmy!
— Banoa, ama.
Gorri-gorri, leihoko pertsiana jaitsi eta egongelara itzuli zen, astiro-astiro, ahalkeari aurpegitik aienatzeko beta emate aldera.
— Ametsetan berriro, Jimmy, nire ameslari txiki hori?
Gurina bere amaren plateraren ondoan ipinita eseri egin zen.
— Jan azkar bildotsa, hoztu baino lehen. Zergatik ez diozu ziape pitin bat botatzen? Horrela gehiago gustatuko zaizu.
Ziapeak mihia erre eta begiak malkotan ipini zizkion.
— Minegia al dago? — galdetu zuen amak barreka—. Janari minetara ohitu egin behar duzu... Berak oso gogoko zituen janari minak.
— Nork, ama?
— Nik oso maite nuen batek.
Isildu egin ziren. Jimmyk bere murtxikapena entzun zezakeen. Kotxeen eta tranbien hotsa tarteka sartzen zen leiho itxietatik. Erradiadoreak joka eta txistuka ari ziren. Behean, barruko patioan, koipea galtzarbeetaraino zeukalarik, galdarako gizonak hitzak botatzen zizkion kapela zurruneko neskameari. Hitz gordinak. Ziapearen kolorea zera da...
— Penny bat buruan zer duzun jakiteagatik.
— Ez dut ezer buruan.
— Geuk ez genuke sekreturik izan beharko, maitea. Gogoan izan zeu zarela zure amak mundu honetan duen poz bakarra.
— Ez dakit nik zer-nolako bizimodua izango nukeen itsas txakurra banintz, portuko itsas txakur txikia.
— Oso hotza, nik uste.
— Baina hotza ez nuke sentitu ere egingo. Itsas txakurrek koipezko geruza baten babesa dutenez, beti daude bero, iceberg baten gainean eserita egonez gero ere. Gainera, oso-oso dibertigarria izan behar du gogoak ematen dizunean itsasoan barrena igeri egiteak. Itsas txakurrek ehundaka milia egiten dituzte inon gelditu gabe.
— Baina amak ehundaka miliatako bidaiak egin ditu inon gelditu gabe, eta zuk ere bai.
— Noiz?
— Atzerrira joan izan garenetan.
Emakumeak barreari eman zion, haurrari begi distiratsuez so eginda.
— A, itsasontziz baina!
— Eta Mary Stuart-en itsas bidaiak egiten genituenean.
— O, kontaidazu hori, amatxo!
Atean jo zuten.
— Aurrera.
Ile latzeko zerbitzariak burua atetik agertu zuen.
— Hau batuko dut, andrea?
— Bai, eta ekarri mazedonia bat, eta ikusi fruta moztu berria ote den. Gaur gauean dena oso eskasa izan da.
Gogogabeturik arnasotsa ateraz, zerbitzaria platerak pilatzen hasi zen erretilu batean.
— Sentitzen dut, andrea —esan zuen zerbitzariak purrustaka.
— Ondo da, badakit zu ez zarela erruduna, zerbitzari... Zuk zer behar duzu, Jimmy?
— Utziko al didazu merenge glacé bat hartzen, amatxo?
— Bai, baina zintzoa izan behar duzu.
— Iufala! —ulu egin zuen Jimmyk, pozik.
— Bihotza, mahaian ez egin horrelako oihurik.
— Baina berdin zaigu, biok bakarrik gaude... Gora merenge glacé-a!
— James, gizon prestu batek berdin jokatzen du etxean zein Afrikako oihanetan.
— Arranopola, nahi nuke nik ba orain Afrikako oihanetan egon!
— Ni zeharo ikaratuta nengoke, maitea.
— Nik horrelako garrasiak egingo nituzke, lehoiak eta tigreak uxatzeko. Garrasirik ez nuen, bada, egingo...
Zerbitzaria erretiluan bi plater ekarriz itzuli zen.
— Sentitzen dut, andrea, baina merenge glacé-a amaitu egin da... Horren ordez, txokolatezko izozki bat ekarri dut jaun txikiarentzat.
— O, ama!
— Berdin dio, bihotza... Nolanahi ere, gozoegia izango zen... Zuk jan hori eta afaldu ondoren irteten utziko dizut bonboiak erosteko.
— Iufala! Zeinen ondo!
— Polikiago jan izozkia, kalte egingo dizu bestela.
— Amaitu dut.
— Irentsi egin duzu, alproja txiki horrek... Jantzi traskoak, laztana.
— Ez du euririk egiten baina!
— Egin amak esaten dizuna, maitea... eta, mesedez, etorri lehenbailehen. Agindu behar didazu segituan etorriko zarela. Gaur gauean ama ez dago ondo eta urduritu egiten da kanpoan zauden bitartean. Arrisku asko daude...
Jimmy eseri egin zen traskoak janzteko. Oinetan ondo egokitzen ari zen bitartean, ama hurreratu zitzaion, eskuan dolar bateko biletea zeukala. Sorbalda inguratu zion bere mahuka zetazkoaz.
— O, ene maitea!
Emakumea negarrez ari zen.
— Ama, ez egin negar.
Ama indarrez besarkatu zuen, kortsearen zintei bere besoen kontra antzemanez.
— Minutu bat barru hemen izango naiz berriro, minututxo bat besterik ez.
Eskaileretan, non letoizko hagatxoek alfonbra gorri mateari maila bakoitzaren kontra eusten baitzioten, Jimmyk traskoak kendu eta kapusaiko poltsikoetan sartu zituen. Burua gorantz, arineketan igo zen harrera-mahaiaren ondoko jarleku batean eserita zeuden mandatu-mutilen begi luzeen sarea urratuz. «Buelta bat ematera?» —galdetu zion mandataririk txikienak, ilehori batek. Jimmyk, dudarik egin gabe, baietz adierazi zuen buruaz. Atezainaren botoi deigarrien aurretik arin igaro eta Broadwayra atera zen. Han, zalaparta eta oin-hotsak nagusi ziren; aurpegi ugarik ere itzalezko mozorroak janzten zituzten, erakusleihoek eta arkuek sortutako argi-orbanetatik ateratzean. Azkar zebilen. Ansonia-ren aurretik igaro zen. Sarreran gizon bekain beltz bat nagikerian zegoen, puru bat ahoan zeukala. «Bahitzaile bat apika. Baina Ansonia-n etxe oneko jendea bizi duk, gu bizi garen lekuan bezala». Harantzago, telegrafo-bulego bat, kinkiladenda bat, tindategi bat eta erre-usain misteriotsua zerion ikuztegi txinatar bat. Jimmyk ibilera bizkortu zuen. «Txinatarrak bahitzaile izugarriak dituk. Bidelapurrak». Haren aurretik igarotzean, petrolio-lata bat eskuetan zeukan gizon batek doi-doi ukitu zuen, mahuka koipetsu batek sorbalda doi-doi ukitu zion. Izerdiak eta petrolioak isuritako usaina. «Eman dezagun supiztaile bat dela». Supiztaileari buruzko gogoeta horrek oilo-ipurdia eragin zion. Sua. Sua.
Huyler's. Atean, lurrin atsegin melenga zegoen, marmol ondo garbituaren eta nikelaren usainarekin nahasirik. Txokolate egosiaren usaina leihoen azpiko burdinsareetatik gora igotzen zen, kiribilka. Paperezko xingola kizkur beltzak eta laranjak Halloween egunerako. Barrura zihoan, baina Mirror gozotegia zetorkion gogora, bi etxe-bloke harantzago baitzegoen; bueltekin batera ematen zituzten zilarreztatutako tren makina eta automobil txiki haiek. «Azkar ibiliko nauk. Patinekin denbora gutxiago beharko nikek. Patinekin errazagoa lukek gaizkileengandik, itotzaileengandik eta lapurrengandik ihes egitea, sorbaldaren gainetik karabina automatiko batez tiro eginez: danba... Bat lurrera! Horixe zuan okerrena. Danba... Beste bat! Patinak magikoak dituk, iufala... etxeen adreiluzko hormetatik gora igotzen dituk, teilatuetan zehar zabiltzak, tximiniaz tximinia jauzi egiten ditek, Flatiron eraikinaren gainetik, Brooklyngo zubiaren kableen artetik. Mirror-eko bonboiak».
Oraingoan ez bat ez bi sartu zen. Unetxo bat eman zuen zain salmahaiaren aurrean, harik eta norbaitek kasu egin zion arte.
— Libra bat txokolatezko bonboi, mesedez, librak hirurogei zentaboko prezioa duena —esan zuen arrapaladan, pentsatu gabe.
Neska ilehori bat, apur bat betokerra, maliziatsu hasi zitzaion begira, erantzun gabe.
— Axola ez bazaizu, presaka nabil, mesedez.
— Ondo da, bakoitzak bere txanda iritsi arte itxaron dezala.
Mutilak begiak itxi-irekika begietsi zuen neska, masailak sutan. Neskak fardel bildu bat eskuratu zion, tiket bat gainean zeukana.
— Ordaindu kutxan.
«Ez diat negarrik egingo». Kutxako emakumea txikia eta ilezuria zen. Emakumeak ate txiki batetik hartu zuen dolarra, hots, Ugaztunen Etxetxoko animalia txikiek sartu eta irteteko erabiltzen dituzten atetxoen moduko ate txiki batetik. Kutxa erregistratzaileak alaitasunezko hots bat egin zuen, dirua jasotzeak poz handia eman balio bezala. «Quarter bat, dime bat, nickel bat eta cup txiki bat, guztira berrogei zentabo al dira? Baina cup txiki bat besterik ez, tren-makina baten edo automobil baten ordez». Dirua hartu, cup txikia utzi eta arineketan irten zen kutxa besapean zuela. «Amak esango dik asko luzatu naizela». Etxera zihoan bueltan, aurrera begira, andre ilehoriaren doilorkeriak erretxinduta.
— Zeeer, orain arte bonboiak erosten ala? —galdetu zuen mandatu-mutil ilehoriak.
— Gero igotzen bazara, batzuk emango dizkizut —xuxurlatu zuen Jimmyk mandatu-mutilaren aurretik pasatzean.
Eskailerak lasterka igotzen ari zen bitartean, letoizko hagatxoek hots egin zuten, oin-puntez jotzean. Zuriz esmalteztatutako 503 zenbakia zeukan ate txokolate-koloreko baten aurrean zegoela, traskoak etorri zitzaizkion gogora. Bonboiak lurrean utzi eta zapata bustien gainean jantzi zituen. Zorionez, ama ez zeukan zain ez baitzion atea irekita utzi. Agian amak ikusia zuen leihotik.
— Ama.
Ama ez zegoen egongelan. Mutila guztiz ikaratuta zegoen. Ama joana zen, alde egina.
— Ama.
— Etorri hona, laztana.
Bere ahotsa logelatik zetorren, indarge. Jimmyk kapela eta kapusaia erantzi eta barrura sartu zen azkar.
— Ama, zer duzu?
— Ezer ez, laztana... Buruko mina daukat, hori da dena, buruko min izugarria... Musuzapi bat koloniaz busti ondoren, kontu handiz ipin iezadazu buruan eta, ez ahaztu, tantarik ez bota begietara, aurrekoan bezala.
Ohean etzanda zegoen, kotoizko txabusina zeru-urdin bat jantzirik. Aurpegia zurbil-zurbil zeukan. Izokin-koloreko jantzi zetazkoa bizigabe zetzan aulki gainean. Lurrean bere gerruntzea ikus zitekeen, zinta arrosen korapilo batean bildurik. Jimmyk kontu handiz ipini zion musuzapi bustia bekokiaren gainean. Koloniaren usain gogorrak azkura eragiten zion sudurzuloetan, ama zegoen alderantz makurtzean.
— Zeinen ondo! —esan zuen indarge—. Maitea, deitu telefonoz izeba Emilyri, Riverside 2466, eta galdetu ea etor daitekeen hona gaur gauean. Harekin hitz egin behar dut... Ene, burua leher egiteko zorian daukat!
Bihotza asaldaturik eta begietatik malko ugari zeriola, mutila telefonora joan zen. Izeba Emilyren ahotsa uste baino lehenago azaldu zen.
— Izeba Emily, ama ez dago ondo... Zu hona etortzea nahi du... Segituan dator, ama maitea! —oihu egin zuen mutikoak—. Primeran, ezta? Segituan dator.
Bere amaren logelara oin-puntetan itzuli, gerruntzea eta jantzia jaso eta armairuan eseki zituen.
— Laztana —esan zuen amak ahots apalaz—, ken iezazkidazu urkilak iletik, buruan mina ematen didate eta... Ene, semetxo maitea, burua leher egiteko zorian banu bezala sentitzen naiz!
Urkilak ilearen artetik erauzi zizkion amari. Gaztaina-koloreko ile hura zetazko jantzia baino xuabeagoa zen.
— Ai, mina ematen didazu!
— Ama, nahi gabe izan da.
Izeba Emily argala zen eta kapusai urdin bat bere gau-jantziaren gainean zeukalarik azkar sartu zen gelan. Bere aho fina begikotasun-keinu batean bildu zen. Ahizpa ikusi zuen ohe gainean minez iraulkatzen eta praka laburreko mutil argal zurbila zutik zegoen bere ondoan, eskuak urkilez beterik.
— Zer duzu, Lil? —galdetu zuen lasai.
— Ez nago batere ondo, maitea —esan zuen Lily Herfek nekez xuxurlatuz.
— James —esan zuen izeba Emilyk zorrotz— ohera joan beharra daukazu... Amak erabateko atsedena behar du.
— Ondo lo egin, amatxo maitea —esan zuen.
Izeba Emilyk zaplada batzuk eman zizkion bizkarrean.
— Ez estutu, James, utzi dena nire kontu.
Izeba telefonora joan, zenbaki bat markatu eta ahapeka eta doitasunez hasi zen hizketan.
Bonboi-kutxa halleko mahaiaren gainean zegoen. Jimmy errudun sentitu zen kutxa besapean ipini zuenean. Liburuen apalen ondotik igarotzean, Entziklopedia Amerikarraren liburuki bat hartu eta beste besoaren azpian sartu zuen. Izeba ez zen ohartu Jimmy alde egina zela. Ziegako ateak ireki egin ziren. Kanpoaldean, hazitarako zaldi arabiar bat eta bi morroi leial daude zain, berari muga zeharkatzen laguntzeko prest; eta beste aldean askatasuna baino ez. Hiru ate harantzago dauka gela. Iluntasun trinkoa eta isila da nagusi. Argia otzan-otzan piztu da Mary Stuart goletaren kabina argiztatuz. Ondo kapitain, jaso aingura eta jo dezagun Haizebeko irletarantz eta bakean utz nazazue egusentira arte. Paper garrantzitsuak aztertu behar ditut. Arropa di-da erantzi eta ohearen ondoan belaunikatu zen pijama jantzita. Oheratzekorduan. Jaunarrenzaindunirearima. EsnatuaurretikhiltzenbanaizJaunakeramandezalanirearima. Gero, bonboi-kutxa ireki eta burukoak bata bestearen gainean ezarri zituen ohearen oinaldean, argiaren pean. Txokolatea zatikatu eta mami gozoan sartu zituen hortzak. «Ikus dezagun...»
A: lehenengo bokala da, alfabeto guztietako lehenengo letra; amhareran edo abisinieran, berriz, hamahirugarren letra da, eta errunikoan hamargarrena...
— Arraioa! Bai bitxia!...
AA, Aachen (ikus Aix-la-Chapelle)
Aardvark...
— A ze itxura xelebrea!
(orycteropus capensis), animalia plantigrado ugaztuna, edentatuen taldekoa, jaioterriz afrikarra.
Abd,
Abd-el-halim, Egiptoko printzea, Mehmet Aliren eta emakume esklabo baten semea.
Masailak gorritu zitzaizkion ondokoa irakurtzean:
Esklabo zurien erregina.
Abdomena (lat. etimologia zehaztugabea)... gorputzaren behealdea, diafragmaren eta pelbisaren artekoa...
Abelardo... Irakaslearen eta ikaslearen arteko harremanek ez zuten luzaro iraun. Estimua baino gartsuagoa zen sentimendu batez gainezka zeuden haien bihotzak eta elkarrekin egoteko aukera ugariak, Abelardoren adinaz (40 urte bete-hurren zen) eta egoeraz erabat sinetsita zegoen kalonjeak emanak, bien barneko bakearen suntsigarri gertatu ziren. Heloise-ren egoera euren intimitatea agerian uzteko zorian zegoen... Orduan, Fulbert-ek ezin izan zion eutsi mehatxua hartzeko zuen gogo basatiari... Oldarka sartu zen Abelardoren gelan gaizkile(talde batekin eta bere mehatxua bete zuen, hari mutilazio ikaragarri bat eginez...
Abelites... sexu-harremanak salatu zituzten errito satanikoak zirelakoan.
Abimelech I.a Gideon-en eta ohaide semita baten semea zen. Bere burua errege izendatu zuen bere hirurogeita hamar erlijiokideak asasinatu ondoren, Jothan izan ezik, hura Tebas-ko dorrea setiatzen ari zela hil baitzen...
Abortua...
Ez; eskuak izoztuta zeuzkan eta pitin bat ondoezik sentitu zen hainbeste bonboi irentsita.
Abrakadabra.
Abydos...
Edontzi bat ur edateko altxatu zen «Abisinia» hitzera heldu baino lehen. Grabatuak ere ikus zitezkeen, bai basamortuko mendi batzuenak, bai britainiarrek Magdala-n eragindako sutearena.
Begiak erresumindurik zeuzkan. Zurrun eta logaleturik zegoen. Bere Ingersolli begiratu zion. Hamaikak. Halako batean izua nagusitu zen bere baitan. «Ama orain hilda balego...». Burua burukoan hondoratu zuen. Ama ondoan zeukan, zutik, dantzarako jantzi zuri bat soinean, farfaildun dandar bat herrestan, eta bere eskuen usain leun gozoak eztiki leuntzen zion masaila. Negarrek itolarria eragin zioten. Jira-biraka hasi zen ohe barruan, burua ederki finkaturik zeukala buruko latzaren gainean. Luzaz egon zen negar-jarioa eten ezinda.
Esnatzeaz batera, mutila atsekabeturik ohartu zen argia artean piztuta zegoela gela bero eta gaizki egurastutako hartan. Liburua lurrean zetzan. Bonboiak txiki-txiki eginda azaldu ziren mutilaren azpian: likatsu ateratzen ziren kutxatik, tirriki-tarraka. Erlojua 1:45etan geldirik zegoen. Leihoa ireki eta txokolateak komodako kaxoi batean sartu zituen eta argia itzaltzera zihoala zerbait etorri zitzaion burura. Beldurrak airean, dardarka, txabusina eta zapatilak jantzi zituen, eta behatz-puntetan aurrera egin zuen korridore ilunean zehar, poliki-poliki. Atearen beste aldekoa entzuten jarri zen. Baten batzuk ahapeka ari ziren hitz egiten. Makal kax-kax jo zuen hazkozkorrez eta heldulekuari eragin zion. Esku batek brau atea ireki zuen eta Jimmyk bere burua kliska egiten kausitu zuen urrezko betaurrekiko gizon garai bizarra moztu berri baten aurrean. Ate tolesgarriak hertsirik zeuden; euren aurrean erizain aurpegi zorrotz bat zegoen.
— James, laztana, itzuli ohera eta ez arduratu ezertaz —esan zuen izeba Emilyk ahots nekatuaz—. Zure ama oso gaixorik dago eta erabateko atsedena behar du, baina dagoeneko ez dago arriskurik.
— Oraingoz ez behintzat, Mrs. Merivale —esan zuen doktoreak betaurrekoei putz eginez.
— Haur gizajoa! —xuxurlatu zuen erizainak ahots lasaigarriaz—. Oso arduratuta eman du gaua, baina ez gaitu behin ere molestatu.
— Ohera lagunduko dizut ondo tapatzeko —esan zuen izeba Emilyk—. Nire Jamesi betidanik gustatu izan zaio hori.
— Utziko didazu ama apur batean ikusten? Ondo dagoela egiaztatzeko besterik ez da.
Jimmyk herabeki begiratu zuen gorantz, betaurrekodun aurpegi zabala zegoen lekurantz, hain zuzen ere.
Doktoreak baiezko keinua egin zuen.
— Tira, joan beharra daukat... Bostetatik seietara azalduko naiz hona, gauzak nola doazen ikusteko... Gau on, Mrs. Merivale. Gau on, Miss Billings. Gau on, txiki...
— Hemendik da...
Erizainak eskua sorbalda gainean ipini zion Jimmyri, bere lana ondotxo ezagutzen zuela erakutsiz. Halako batean, mutila makurtu eta erizainaren eskua gainetik kentzea lortu zuen. Gero, haren atzetik joan zen.
Bere amaren gelan argi bat zegoen. Pantaila baten gisara, orratzez lotutako toaila bat ipinia zioten. Ohetik arnasa entzun zen, mutilari arrotz egin zitzaiona. Amak bere aurpegi zimurtua mutila zegoen aldera zuzenduta zeukan, more koloreko betazalak hertsirik eta ahoa alde batera okerturik.
Minutu erdi bat eman zuen emakumeari begira, tinko.
— Tira, orain berriro ohera noa —murmurikatu zion erizainari.
Odolak bor-bor egiten zion burrunbatsu. Izebari eta erizainari begiratu gabe, aterantz jo zuen, burua zut. Izebak zerbait esan zuen. Arineketan hasi zen korridoretik bere gelaraino; hara iritsita, danbatekoa eginez atea itxi eta kisketari eragin zion. Gelaren erdian zurrun, hotz, geratu zen, ukabilak itxita. «Gorrotagarriak dira, gorrotagarriak dira», oihu egin zuen mutilak. Gero, zinkurin sakon bat itoarazi ondoan, argia itzali eta ohean sartu zen. Izarak izotzezkoak iruditu zitzaizkion.
— Dendak ematen dizun lana ikusita —esan zuen Emilek ahots kantariaz—, nire ustez, zuk laguntzaileren baten beharra duzu.
— Badakit... lanez itota nabilela; badakit jakin —agertu zuen zizpuruka Madame Rigaudek kutxako aulkitik.
Emile luzaz isilik egon zen, Westfaliako urdaiazpiko bati begira, zeharka moztuta eta marmolezko lauza baten gainean ezarrita baitzegoen, bere ukondotik hur. Orduan esan zuen Emilek herabeki:
— Zu bezalako emakume eder bati ez zaio sekula lagunik faltako, Madame Rigaud.
— A... neure garaian hamaika ikustea egokitu zait... Konfiantza osoa galdu dut... Gizonak astopotro hutsak dira, eta emakumeak... O, sekula ezin izan naiz ondo konpondu emakumeekin!
— Historia eta literatura... —hasi zen esaten Emile.
Ateko txilinak atearen goialdetik jo zuen. Gizon bat eta emakume bat sartu ziren dendan. Emakumearen ile horiaren gainean kapela bat ikus zitekeen, lorontzi bat bezalako kapela bat.
— Tira, Billy, ez izan barregarria —esan zuen emakumeak.
— Baina Norah, zerbait jan behar dugu... Larunbaterako izango dut berriro dirua.
— Ez duzu sosik izango, lasterketako apostuak alde batera uzten ez dituzun bitartean.
— Utzi bakean... liverwurst apur bat jango dugu... Indioilar-bularki hotz horrek itxura ona du...
— Tripontzi —esan zuen urrumaka emakume ile horiak.
— Kendu, mesedez, pentsatzen ari naiz.
— Bai jauna, indioilaga oso gozoa da... Oilo begoak ege badauzkagu ogaindik... Emile, mon ami, cherchez-moi un de ces petits poulets dans la cuisine.
Madame Rigaud orakulu baten modura ari zen hitz egiten, bere aulkitik higitu gabe. Gizona bere buruari haizea ematen ari zitzaion laukiekiko zinta bat zeukan lastozko kapela baten hegal sendoaz.
— A ze gau begoa! —esan zuen Madame Rigaudek.
— Bai, hala da... Norah, honezkero Island-en izan beharko genuke, hirian batetik bestera noraezean ibili ordez.
— Billy, zuk ondotxo dakizu zergatik ez ginen joan.
— Ez izan gogaikarria. Ez al dizut esan larunbatean nahi adina sos izango dugula?
— Historia eta literatura —jarraitu zuen Emilek, bezeroek euren oilaskoarekin alde egin eta Madame Rigaudi kutxan gordetzeko zilarrezko dolar erdia eman ondoan—, historiak eta literaturak irakatsi digute adiskidetasuna eta maitasun fidagarria izan badirela...
— Historia eta literatura! —esan zuen purrustaka Madame Rigaudek bere artean barreka—. Eta guri zer axola zaigu hori?
— Baina zu ez al zara inoiz bakarrik sentitu hau bezalako atzerriko hiri handi batean...? Hain da zaila guztia... Emakumeek inoren poltsikoa hartzen dute kontuan, eta ez bihotza... Ezin dut gehiago jasan.
Barre egitean, bizkar zabala eta bular handiak dardarka hasi zitzaizkion Madame Rigaudi. Bere kortseak krak egin zuen aulkitik jaitsi zenean, artean ere barreka.
— Emile, zu mutil ederra zara, zuhurra, eta arrakasta izango duzu bizitzan... Baina ni ez naiz berriro gizon baten menpean jarriko... Gehiegi sufritu dut... Ez, bost mila dolar eman nahi bazenizkit ere.
— Ene, zu bai emakume errukigabea!
Madame Rigaudek berriro eman zion barreari.
— Etorri, lagundu ixten.
Igande isil eta eguzkitsuaren zama hiri gainean sumatzen zen. Alkandoraren mahukak jasota, Baldwin Zuzenbideari buruzko liburu bat irakurtzen ari zen, bere idazmahaian eserita. Aldian behin ohar bat idazten zuen blok batean, letra handiz eta erregularrez. Telefonoaren hots ozenak isiltasun beroa hautsi zuen. Irakurtzen ari zen paragrafoa amaitu eta altxatu egin zen telefonoa hartzeko.
— Bai, bakarrik nago; etorri, nahi baduzu.
Telefonoa eseki zuen.
— Arraioa! Hau besterik ez genuen behar! —murmurikatu zuen hortzak estututa.
Atean jo gabe barrura sartu zen Nellie, eta abokatua leiho aurrean harat-honat zebilela kausitu zuen.
— Epa Nellie —esan zuen begirik jaso gabe.
Emakumea zutik geratu zen Baldwini tinko begira.
— Begira, Georgy, honek amaitu egin behar du.
— Zer dela eta?
— Nazka-nazka eginda nago beti itxurak egiten eta gezurrak esaten ibiltzeaz.
— Inork ez daki ezer, ezta?
— O, ez noski!
Nellie hurbildu zitzaion eta gorbata arteztu zion. Georgek eztiki musua eman zion ahoan. Emakumeak muselinazko jantzi farfaildun bat zeukan, more kolorekoa, eta eskuan, aldiz, itzalkin urdin bat.
— Zer moduz zure gauzak, Georgy?
— Primeran. Ba al dakizu zortea eman didazuela? Une honetan, kasu on batzuk dauzkat esku artean eta oso kontaktu garrantzitsuak lortu ditut.
— Niri, ordea, ez dit bat ere zorterik ekarri. Oraindik ez naiz ausartu konfesatzera joaten. Apaizak uste izango du ateo bihurtu naizela.
— Eta Gus zer moduz?
— Ehundaka asmo ditu... Badirudi berak irabazi duela diru hori, harro-harro eginda dabil eta.
— Aizu, Nellie, zer gertatuko litzateke Gus utzi eta nirekin bizitzera etorriko bazina? Dibortzioa lortuta elkarrekin ezkon gintezke. Horrela, dena konponduko litzateke.
— Bai, bai, konpondu... Zu txantxetan ari zara.
— Baina gure artekoari aukera bat eman behar zaio, Nellie, benetan diotsut.
Abokatuak besarkatu eta ezpainetan musua eman zion, ezpain gogor-geldietan. Emakumea askatu egin zen gizonaren besoetatik.
— Nolanahi ere, ni ez naiz berriro hona etorriko... Ene, garai batean zein pozik igotzen nituen nik eskailerak zu ikustearren! Dagoeneko kobratu duzu. Kito, beraz.
Abokatua jabetu zen Nelliek bekokiko kizkurtxoak nahasirik zeuzkala. Ile-xerlo bat dindilizka zeukan bekain baten gainean.
— Nellie, ez dugu horrela banandu behar.
— Zergatik ez? Esadazu.
— Biok oso maite izan dugulako elkar.
— Ez dut negarrik egingo.
Nelliek kolpetxo batzuk jo zituen bere sudurraren kontra musuzapi tolestu txiki batez.
— George, beti gorrotatuko zaitut... Adio.
Atea danbatekoa eginez itxi zen emakumearen atzealdean.
Baldwin, idazmahaian eserita, arkatz baten puntari ausikitzen ari zen. Nellieren ilearen lurrin arinak ez zion alde egin sudurretik. Hunkiturik, listurik irentsi ezinda zegoen. Eztul egin zuen. Arkatza ahotik jausi zitzaion. Listua musuzapiaz garbitu eta bere besaulkian patxadaz eseri zen. Zuzenbide-liburuko paragrafo joriak, hasieran lausoak, gero argitu egin ziren. Orri idatzia kendu eta agiri pila baten gainean ezarri zuen. Orri berrian idazten hasi zen: New York estatuko Auzitegi Gorenaren Erabakia... Bat-batean bere aulkian zuzen jarri eta berriro hasi zen arkatzaren puntari ausikika. Kanpoaldetik, kakahuete-gurdi baten txistu amaigabea etorri zen. «O, tira, eginari aurre eman», esan zuen ozenki. Letra handiz eta erregularrez jarraitu zuen idazten: Patterson New Yorkeko estatuaren kontrako auzia... Auzitegi Gorenaren Erabakia...
Bud, Marinelen Elkarteko leiho baten ondoan eserita, astiro eta arreta handiz irakurtzen ari zen egunkari bat. Bere ondoan artilekizko jantzi urdina eta lepo zuria zeuzkaten bi gizon zeuden; xake-jokoan ari ziren, gogoetatsu. Euren masaila bizarra egin berriek bi xerra gordin ematen zuten. Bi gizonetako bat pipa erretzen ari zen eta ahoratzen zuenero hots txiki bat ateratzen zuen. Kanpoan, euria atergabe ari zuen plaza zabal argi batean.
«Banzaiak mila urtez bizi izaten dira, oihu egin zuten zulatzaile japoniarren laugarren pelotoiko gizontxo grisek, Yalu ibaiaren gaineko zubia konpontzera zihoazela... New York Herald egunkariko berriemaile berezia...»
— Mate —esan zuen pipadun gizonak—. Goazemak trago bat jotzera, zer arraio! Gaur gauean mozkortu egingo gaituk, ez gaituk hemen eserita geratuko.
— Atsoari agindu zioat...
— Kopla gutxiago, Jess. Ondotxo ezagutzen ditiat nik hire agintzak.
Ile horiez betetako esku handi gorri batek xake-piezak kutxa batean sartu zituen.
— Esaiok atsoari kopa bat edan behar izan duala hotza kentzeko.
— Dena den, hori ez lukek gezurra izango.
Leihoaren aurretik igaro zirenean, Budek, euriaren azpian makurtuta, euren itzalak ikusi zituen.
— Zure izena?
Bud tupustean jiratu zen, ahots kirrinkari eta zorrotz batek izututa. Azal beilegiko gizon kaskamotz baten begi urdinei so geratu zen. Gizon hark apo-aurpegia zeukan, aho handia, begi irten xamarrak eta ile beltz sendo laburra.
Bere onera itzulita Budek esan zuen:
— Smith. Zer moduz?
Gizontxoak esku karratu babatsu bat luzatu zuen.
— Ondo eta zu? Ni Matty naiz.
Budek gogoz kontra eman zion bostekoa, eta gizontxoak eskua mintzeraino estutu zion.
— Matty eta zer gehiago? —galdetu zuen.
— Matty eta kito... Matty laponiarra... Etorri trago bat...
— Sabel hutsik nagok... —esan zuen Budek—. Ez zaukaat zentaborik bat ere.
— Nik ordaindu... Asko dirua daukat, tori...
Mattyk eskuak bere jantzi laukiduneko poltsikoetan sartu eta biletez beteriko bere bi ukabilez kolpetxo bat jo zion Budi paparrean.
— Aizak, gorde diru hori... baina bai, zerbait edatera joango nauk hirekin.
Pearl Street-en izkinako tabernara heldu zirenerako, Budek ukondoak eta belaunak blai eginda zeuzkan. Euri hotza tantaka jausten zitzaion lepoan behera. Barrara hurbildu eta Matty laponiarrak bost dolarreko bilete bat atera zuen.
— Nik jende guztia gonbidatu... gaur gauean oso pozik.
Budek dohainezko otorduari aurre egin zion.
— Urteak dituk ezer jan ez dudala —azaldu zuen, barrara bere edaria hartzera itzuli zenean.
Whiskyak zintzurra erre zion, arropa bustiak lehortu zizkion eta mutikotan bezala sentiarazi zuen, hain justu ere, beisbol-partiduak ikustera joaten zen txikitako larunbat arratsaldeetan bezala.
— Ederki, Lap —oihu egin zuen gizontxoaren bizkar zabalean zaplada bat emanez—. Hemendik aurrera hi eta biok lagunak izango gaituk.
— Aizu, marinel hori, bihar biok elkarrekin ontzian. Zer iruditzen?
— Baietz gizona!
— Orain Bowery Street-era neskatxak ikustera. Nik ordaindu.
— Ezz dago zzuri kasurik egingo dizzun neskatxarik Bowery Street-en, Yap —oihu egin zuen tabernatik irtetean ate birakari haien artetik sartu zen bibote beltz eroria zuen mozkorti handi batek.
— Ez, ezta? —esan zuen Lapek buelta osoa emanez.
Mailu itxurako bere ukabiletako batez gako azkar bat jo zuen mozkortiaren masailezurraren kontra. Gizonak, hankak airean, bizkarraz ate birakariei bultza egin eta barrurantz erori zen. Ateak haren atzetik itxi ziren. Garrasi bat entzun zen tabernaren barrualdetik.
— Jesus, Maria eta Jose, Lappy! Hau duk hau! —orro egin zuen Budek eta berriro zaplada batzuk eman zizkion bizkarrean.
Besotik oratuta zihoazen Pearl Street-en gora, euri-jasaren azpian. Kale bustien izkinetan, tabernen ateak zabaltzen ari ziren, biei ere harrera distiratsua eginez. Emakume biluz batzuen gorputz arrosak inguratzen zituzten marko urreztatuen, ispiluen eta letoizko barren argi beilegia whisky edontzietan nahasita barneratzen zitzaien kolpez edanda. Behin argi beilegi horrek odolarekin bat eginez gero, borborka belarrietara eta begietara iristen zen, eta handik, zorrotadaka, atzamar-puntetatik beherantz egiten zuen, txinpartaka. Etxeak, euriak belztuak, bi aldeetan ageri ziren zut; kaleko farolak kulunka zebiltzan, desfile bateko argien gisara. Azkenean, Budek aurpegiz gainezka zegoen barneko gela batean kausitu zuen bere burua, magalean emakume bat eserita zeukalarik. Matty laponiarra bi neskari oratuta zegoen, indarrez tira eginda alkandora tarratatu zuen, paparrean tatuaturik zeukan irudi gorri eta berde bat erakutsi nahian. Bertan, gizon bat eta emakume bat biluzik ageri ziren, itsas suge batek indarrez estekaturik. Paparra puztu eta azalari eskuez eraginda, tatuajeko gizona eta emakumea higiarazi zituen. Hori ikusita, aurpegi pilatu guztiak barreka hasi ziren.
Phineas R. Blackhead-ek bulegoko leiho zabaleko pertsiana igo zuen. Arbel eta mikazko portuari begira geratu zen, ibilgailuek, ahotsek eta eraikuntza-lanek sortutako zarata burrunbatsuak gortuta. Zalaparta hura hiriaren erdi aldeko kaleetatik zetorren, puztuz eta kiribilduz, Hudson ibaian jotzen zuen iparmendebaldeko haize indartsuan gaindi hegaz zebilen kearen pare.
— Aizu, Schmidt, ekarri prismatikoak —esan zuen sorbaldaren gainetik—. Begira...
Begiz jo zuen prismatikoez Governors Island-en parean zegoen bapore zuri lodi bat, tximinia hori kedartua zeukana.
— Orain sartzen ari den hori ez al da Anonda?
Schmidt gizon lodia zen eta uzkurturik zebilen. Azala zintzilika zeukan masaila bigunetatik. Prismatikoetatik begiratu zuen.
— Bai, hala da.
Pertsiana jaitsi egin zuen. Lehengo zalaparta urritu egin zen, itsas maskor baten soinua bezalako marmar isila bilakatzeraino.
— Arranopola, azkar ibili dira gero! Ordu erdi barru atrakatuko dute... Alde egizu hemendik lehenbailehen eta joan Mulligan inspektoreak zer egiten duen ikustera. Sobornatu egin dugu... baina ez kendu begirik gizon horri. Matanzas zaharra atzetik dabilkigu gure kontrako bahitura-agindua lortu nahirik. Bihar gauerako azken manganeso-koilarakada ere lehorreraturik ez badago, komisio erdia baino ez dizut ordainduko... Argi dago?
Barre egitean, Schmidten masaila bigunek dar-dar egiten zuten.
— Ez dago arriskurik, jauna... Honezkero ezagutu beharko nindukezu.
— Bai, noski, ezagutzen zaitut... Zu oso gizon jatorra zara, Schimdt. Txantxetan ari nintzen, besterik ez.
Phineas P. Blackhead gizon luzanga zen, zilar-koloreko ilea zeukan eta belatz-aurpegi gorrixka. Idazmahaiko kaobazko besaulkian erdi etzanda txirrin elektriko bat jo zuen.
— Ondo dago, Charlie, barrura sar daitezela —purrustaka esan zion atera azaldu zen mandatari ilegorriari.
Bere idazmahairen atzetik soina zurrun-zurrun altxatu zen. Gero, esku bat luzatu zuen:
— Zer moduz, Mr. Storrow?... Zer moduz, Mr. Gold?... Eseri hemen... Hori da... Oraintxe ikusiko dugu grebaren kontu hori. Nik tren-konpainia eta portua ordezkatzen ditut eta euren jokabidea guztiz garbia eta zintzoa da, zeuek ondo dakizuenez. Erabat sinetsita nago, ez dut inolako dudarik auzi hau geuk adeitasunez eta lagun arteko giroan konpon dezakegula... Baina, jakina, erdibidea topatu beharko genuke. Badakit funtsean denok interes berberak ditugula, hiri handi honen interesak, portu handi honen interesak...
Mr. Goldek kapela buruaren atzealderantz eraman eta halako zaunka moduko bat eginez garbitu zuen eztarria:
— Jaunok, aurretik bi bide ditugu...
Eguzkitan, leihoaren ertzean, euli bat hegalak atzeko hankez igurtzitzen ari zen. Goitik behera garbitzen ari zen bere burua, aurreko hankak bihurrituz eta arteztuz, moko itxurako buruaren gaina kontu handiz igurtziz, norbait eskuak xaboitzen ari denean bezala. Ilea apaintzen ari zen. Jimmyk eskua eulia zegoen lekura hurbildu eta harrapatu egin zuen. Euliak burrunda egiten zuen eta kili-kiliak eragiten zizkion ahurrean. Jimmy itsumustuka hasi zen euliaren bila bi atzamarrez, eta behin harrapatu zuenean, erpuruaren eta erakuslearen artean zanpatu zuen, nahaski gris bihurtzeraino. Leihoaren ertzean garbitu zituen atzamarrak. Ondoez gartsu bat nagusitu zen bere baitan. «Euli gizajoa, gainera, bere burua hain ondo txukundu eta gero!». Hautsez beteriko kristaletatik begira geratu zen, luzaro, eguzkiak dirdira ahul bat eragiten baitzuen hautsaren gainean. Aldian behin, alkandoraren mahukak jasota zeuzkan gizon batek beheko patioa zeharkatzen zuen platerez beteriko erretilu bat eskuetan zeramala. Eskariak ozenki errepikatzen zituen, eta baxeraren hotsak sukaldeetatik gora egiten zuen indarge.
Adi-adi zegoen, kristalen hautsaren dirdira ahularen beste aldera begira. Amak atake bat izan du eta ni datorren astean eskolara itzuliko naiz.
— Aizak, Herfy, oraindik ez duk borrokan ikasi?
— Herfy eta Kid euli pisuko txapelketa lortzeko lehian arituko dituk.
— Nik ez diat nahi baina!
— Kidek, ordea, nahi dik!... Hara non datorren! Hementxe antolatu ringa, mutilok.
— Ez dudala nahi baina!
— Kaka zaharra! Nahitaez borrokatu behar duk, bestela bion artean txiki-txiki eginda utziko haugu.
— Aizak, Freddy, nickel bateko isuna biraoak esateagatik.
— Ahaztu egin zaidak.
— Tira ba, aurrera... Berotu morroi horri ondo saihetsak.
— Hirea duk, Herfy... Hire alde egingo diat apostua.
— Horixe! Emaiok astinaldi eder bat!
Kiden aurpegi zuri okertua aurrean zeukan saltoka, globo baten modura; bere ukabil bat Jimmyren ahora iritsi zen; odolaren gatz-zaporea ebakitako ezpainetik. Jimmy haren kontra oldartu eta ohearen gainera bota zuen, belauna sabelean iltzatuz. Mutilek Jimmy Kiden gainetik kendu eta hormaren kontra bultzatu zuten.
— Aupa Kid!
— Aupa Herfy!
Odolaren usaina nabari zezakeen sudurrean eta biriketan. Arnasak harraskatu egiten zion eztarrian. Zangotrabatuta lurrera erori zen.
— Aski duk, Herfyk galdu dik.
— Maritxu... Maritxu.
— Baina, arraioa, Freddy, Kid azpian izan dik eta!
— Ixo, ez egin hainbesteko zalapartarik... Hoppy zaharra igoko duk eta.
— Tira, hau lagunarteko borrokaldi txiki bat besterik ez duk izan, ezta Herfy?
— Den-denak alde nire logelatik! —oihu egin zuen Jimmyk, negar—malkoez itsuturik, besoez kanporantz bultza egiten zien bitartean.
— Mainontzi... mainontzi.
Danbateko bat eginez atea haien atzean itxi zuen, idazmahaia haren kontra bultzatu eta ohean sartu zen dardarka. Ahozpez jarri zen, lotsaz amorratuta eta burukoari ausikika.
Jimmy adi-adi zegoen, kristalen hautsaren dirdira ahularen beste aldera begira.
Maitea,
Zure ama gajoa oso zorigaitzeko sentitu zen zu trenean utzi eta hoteleko gela hutsera itzuli zenean. Maitea, zu gabe bakar-bakarrik sentitzen naiz. Ba al dakizu zer egin nuen? Zure soldadu guztiak, Port Arthur-eko setioan erabiltzen genituenak, di-da atera eta batailoika ezarri nituen apalategi baten gainean. A ze tontakeria, ezta? Berdin dio, maitea, Gabonak gainean ditugu eta nire mutikoa berriro ikusiko dut...
Aurpegi bat burukoaren gainean, zimur-zimur eginda; «amak atake bat izan dik eta ni datorren astean itzuliko nauk eskolara». Azal ilun puska bat zintzilik dauka begien azpitik. Emeki-emeki grisak haren ilean gora egiten zuen, gaztaina-kolorea ordezkatuz. «Amak ez dik sekula barre egiten». Atakea.
Bat-batean bere gelara itzuli eta ohean etzan zen, eskuan larruzko liburu mehe bat zeukala. Olatuak zalapartaka lehertzen ziren arrezifeko hesiaren kontra. Ez zuen irakurri behar. Jack azkar ari zen igerian aintzirako ur urdin bareetan zehar; gero, eguzkitan, hondartza horian kresal-tantak gainetik kentzen ari zen soina astinduz; sudurzuloak zabal-zabal zeuzkan su bakartiaren ondoan kiskaltzen ari zen ogi-arbolaren fruituaren usaina hartzeko. Lumaje distiratsuko txori batzuk txilioka eta txorrotxioka ari ziren kokondoen goialdean. Loak hartzeko moduko beroa egiten zuen gelan. Jimmy lo geratu zen. Marrubiak, limoiak eta ananak isuritako usaina nabari zen itsasontziko bizkarrean, eta ama hantxe zegoen, bere soineko zuria jantzirik, baita marinel-txapela zeukan gizon beltzaran bat ere, eta eguzkiaren argia kiribilka zebilen bela handi zuri-zurien inguruan. Amaren barre gozoa algara bilakatu zen. Kar, kar, kar! Ferry baten neurriko euli bat haienganantz zihoan igerian karramarroaren haginen moduko bere hanka koskadunak luzatuz. «Salto egin, Jimmy, salto egin; bi salto eginda iritsiko zara», oihu egin zion gizon beltzaranak belarrira. «Baina, mesedez, nik ez dut nahi!... ez dut nahi!...», ulu egin zuen Jimmyk. Gizon beltzarana mutila jotzen ari zen: «Salto egin, salto egin, salto...»
— Bai, egon apur batean. Nor da?
Izeba Emily atean zegoen.
— Zergatik ixten duzu atea giltzaz, Jimmy?... Nik ez diot sekula utzi Jamesi bere atea giltzaz ixten.
— Nik hala nahiago dut, giltzapean itxita, izeba Emily.
— Ene, mutil bat arratsaldeko ordu hauetan lo egotea ere!
— The Coral Island irakurtzen ari nintzen eta lo geratu naiz —Jimmy lotsagorritu egin zen.
— Ondo dago. Etorri. Miss Billingsek esan du amaren gelan ez sartzeko. Lo dago.
Kastore-olio usaineko igogailu estu batean zeuden; mutiko beltzak Jimmyri irri egin zion.
— Zer esan du sendagileak, izeba Emily?
— Espero bezain ondo ateratzen ari da dena... Baina ez estutu. Gaur gauean primeran pasatuko duzu zure lehengusutxoekin... Zuk ez duzu behar beste harremanik zure adineko haurrekin, Jimmy.
Zeru zilarreztatu ilunaren azpian ibairantz zihoazen, kale arrean harrotua zen haize hareatsuari aurre eginez.
— Pozik egongo zara eskolara itzuli zarelako, ezta James?
— Bai, izeba Emily.
— Eskola egunak dira zoriontsuenak mutil baten bizitzan. Amari gutxienez astean behin idatzi behar diozu, James... Orain zeu zara berak duen guztia. Miss Billingsek eta biok guztiaren berri emango dizugu aurrerantzean.
— Bai, izeba Emily.
— James, zuk nire James hobeto ezagutzea nahi dut. Zure adinekoa da, beharbada apur bat handiagoa da, eta lagun onak izan behar duzue... Poztu egingo nintzatekeen Lilyk Hotchkissera bidali izan bazintu zure lehengusuarekin ikasteko.
— Bai, izeba Emily.
Izeba apartamentu-eraikin batean bizi zen. Hango sarrerako hallean zutabeak marmol arrosazkoak ziren eta igogailuko mutilak txokolate-koloreko uniformea eta letoizko botoiak zeuzkan. Igogailua karratua zen, ispiluz apaindua. Izeba Emily zazpigarren pisuko kaobazko ate gorri handi baten aurrean gelditu eta giltzaren bila hasi zen bere poltsaren barruan. Hallaren bukaeran kristal beruneztatuekiko leiho bat zegoen eta handik Hudson ibaia eta baporeak ikus zitezkeen, bai eta kezko zuhaitz handiak ere, ibai ertzeko patioetatik gora, ilunabar horiaren kontra nabarmen. Izeba Emilyk atea irekitzeaz batera, piano baten doinua entzun zuten.
— Hori Maisie da, praktikatzen ari da.
Pianoa zegoen gelako alfonbra lodia eta biguna zen; zilar distiratsu koloreko arrosez apaindurik, hormako paper horia zurezko eskulan krema-kolorekoen eta olio-pinturen marko urreztatuen artean ageri zen. Pintura haietan basoak, jendea gondola batean eta kardinal lodi bat edaten ikusten ziren. Pianoko aulkitik jauzi egitean txirikordak sorbalden atzera eraman zituen Maisiek. Krema-koloreko aurpegi biribila zeukan eta sudurra aukeran zapala. Metronomoaren tiki-takak bere horretan jarraitzen zuen.
— Epa James! —esan zuen neskatoak aurpegia bere amari eskaini ondoren, hark musu eman ziezaion—. Bene-benetan sentitzen dut izeba Lily gajoa hain gaixorik egotea.
— Ez al diozu zeure lehengusinari musu eman behar, James? —esan zuen izeba Emilyk.
Jimmyk baldarki jo zuen Maisierengana eta masail batez aurpegia estutu zion.
— A zeinen musu xelebrea! —esan zuen Maisiek.
— Tira, haurrok, orain elkarrekin egon zaitezkete afaltzeko ordua iritsi arte.
Izeba Emily ondoko gelan aienatu zen belusezko gortinen artetik igaro bezain laster.
— Guk ezin izango dizugu James deitu, orain arte bezala.
Metronomoa gelditu ondoren bere lehengusuari begira gelditu zen, erne-erne, bere begi marroi serioez.
— Ezin dira bi James egon, ezta?
— Amak Jimmy deitzen dit.
— Jimmy oso izen arrunta da, baina, tira, horrekin konformatu beharko dugu izen hoberik bururatzen ez zaigun bitartean.
— Zenbat jack har ditzakezu zuk?
— Jackak zer dira?
— Jackstones direlakoak zer diren ez jakitea ere, arranopola! Ikusiko duzu nolako barreak egingo dituen Jamesek itzultzen denean!
— Badakit zer diren Jack arrosak, amak horiexek zituen gogokoen.
— Nik American Beauties izeneko arrosak besterik ez ditut gogoko —adierazi zuen Maisiek Morris aulki batean pulunpatuz.
Oin baten gainean zutik, Jimmyk bere orpoa ostikoka zerabilen beste oinaren puntaz.
— Non dago James?
— Laster itzuliko da... Zaldiz ibiltzen ikasteko eskola hartzen ari da.
Goiztiria berunezko isiltasun bilakatu zen haien artean. Nasetatik tren-makina baten txistua zetorren, bai eta merkantzi bagoiak bazterbidean lotzean sortutako zarata ere. Jimmy lasterka joan zen leihora.
— Aizu, Maisie, gogoko al dituzu tren-makinak? —galdetu zuen.
— Uste dut nazkagarriak direla. Aitak dio beste nonbaitera joango garela bizitzera zarata eta kea direla medio.
Argitzalean Jimmyk tren-makina handi baten molde leunei zeharka begiratzen zien. Kea brontze eta lilazko egundoko kiribiletan irteten zen tximiniatik. Trenbidean argi gorri bat ziplo berde bihurtu zen. Kanpaiaren hotsa geldiro entzuten zen, nagiki. Trena puzka abiatu zen, lurrina presiopean ateraz eta izugarrizko dunbotsa eginez; gero eta azkarrago zihoan eta, azkenean, ilunpean galdu zen, atzealdeko bere argi gorria zabuka zebilela.
— Niri gustatuko litzaidake ba hemen bizitzea! —esan zuen Jimmyk—. Tren-makinen berrehun eta hirurogeita hamabi argazki dauzkat. Nahi baduzu egunen batean erakutsiko dizkizut. Horien bilduma egiten ari naiz.
— Zeinen gauza bitxia horren bilduma egiteko!... Aizu, Jimmy, jaitsi gortina, argia piztu nahi dut eta.
Maisiek argia piztu eta ate ondoan James Merivale ikusi zuten. Ile hori eta kizkurra zeukan, oreztaz beteriko aurpegia eta Maisierena bezalako sudur zapala. Zaldiz ibiltzeko galtzak eta larru beltzezko polainak jantzita zeuzkan eta egur zurituzko usta luze bat astintzen ari zen.
— Epa Jimmy! —esan zuen—. Ongi etorri gure hirira.
— Aizu, James —oihu egin zuen Maisiek—. Jimmyk ez daki zer diren jackstonesak.
Izeba Emily belus urdinezko gortinen artetik azaldu zen. Lepo luzeko blusa zeta berdezko bat jantzita zeukan, farfail batez apaindua. Bere ile zuria bihurgune leun batean zut ageri zen, bekokiaren gainean.
— Eskuak garbitzeko ordua duzue, haurrok —esan zuen—. Afaria bost minutu barru prest egongo da... James, eraman zure lehengusua zeure gelara eta kendu azkar zaldiz ibiltzeko jantzi hori.
Jimmy bere lehengusuarekin jantokian sartu zenerako denak eserita zeuden. Aiztoek eta sardexkek pantaila gorri eta zilarreztatudun sei kandelaren argitan apalik dir-dir egiten zuten. Mahaiaren mutur batean izeba Emily zegoen eserita; ondoan, lepo gorriko gizon bat zeukan, garondo zapala agerian. Mahaiaren beste muturrean, berriz, osaba Jeff zegoen; laukiekiko gorbataren gainean orratz errubidun bat agerian zeukalarik, besaulki handi bat betetzen zuen. Neskame beltza argizko zerrendan zehar jirabiraka zebilen ogi-pusketa xigortuak zerbitzatzen ari zen bitartean. Jimmyk zopa oso zurrun edan zuen, zaratarik egiteko beldurrez. Zopa-koilarakaden artean osaba Jeffek ahots ozenaz hitz egiten zuen.
— Benetan diotsut, Wilkinson, New York oso desberdina zen Emily eta biok hona bizitzera etorri ginenean. Gutxi gorabehera, garai hartan Ark izeneko itsasontzia porturatu zen... Juduek eta Irlandako jendailak hartu dute hiria, eta horixe da gure galbidea... Hamar urte barru kristau batek hemen ezin izango du bizimodua aurrera atera... Benetan diotsut, azkenean, katolikoek eta juduek gu botako gaituzte geure herritik, horixe egingo dute.
— Hau Jerusalem berria da —esan zuen Emilyk barreka.
— Hau ez da barre egiteko. Gizon batek bizitza osoa lan eta lan eman badu negozio bat aurrera ateratzeko, ez du kalean geratu nahi atzerritar malapartatu horien erruagatik, ezta Wilkinson?
— Zaude lasai, Jeff. Badakizu gero liseritzeko arazoak izaten dituzula.
— Lasaituko naiz, maitea.
— Herri honek duen arazoa zera da, Mr. Merivale, zera da... —Mr. Wilkinsonek bekokia zimurtu zuen, pentsakor—. Herri honetako jendea toleranteegia da. Hau ez da beste inon onartzen... Aurrena, herri hau eraiki genuen eta gero, atzerritar askori, Europako kakari, Poloniako ghettoetako zaborrari, ez diogu inolako trabarik jarri hona etortzeko eta, gure ordez, agintea hartzeko.
— Kontua da gizon zintzo batek ez duela politikan eskurik zikindu nahi eta ezerk ez diola inolako motibaziorik pizten kargu politikorik onartzeko.
— Egia da gaur egun gizon saiatu batek diru gehiago nahi duela, diru gehiago behar duela, bizitza publikoan zintzoki irabaz dezakeena baino... Jakina, gizonik onenek beste norabide batzuk hartzen dituzte.
— Eta horri judu zikin horien eta irlandar zorritsu horien ezjakintasuna gehitu behar zaio. Gainera, ezjakintasun hori saritu eta guzti egiten dugu, horiei bozkatzeko eskubidea emanez, ingelesez hitz egiten nekez moldatuagatik ere... —hasi zen osaba Jeff.
Neskameak plater batean oilasko erre bat atera zuen, artozko buñueloez ederki hornitua, eta izeba Emilyren aurrean paratu zuen. Solasa ahitu zen jendeari zerbitzatzen ari zitzaion bitartean.
— Ene, ahaztu egin zait zuri zerbait esatea, Jeff —esan zuen izeba Emilyk—: igandean Scarsdale-ra igoko gara.
— Ene, maitea, nik ez dut batere atsegin igandeetan etxetik irtetea.
— Etxetik irteteari dagokionez, umetxo bat besterik ez da.
— Baina igandea egun bakarra dut etxean geratzeko.
— Tira, hauxe gertatu zen: ni tea hartzen ari nintzen Harlandar ahizpekin Maillard-en eta gure ondoan nor eserita egongo eta Mrs. Burkhart...
— John. B. Burkhart-en andrea? Gizon hori ez al da National City Bank izenekoaren lehendakariordeetako bat?
— John oso gizon jatorra da eta, gainera, etorkizun handia du.
— Tira, maitea, esaten ari nintzenez, Mrs. Burkhart-ek esan zigun igandea eurekin pasatu behar genuela eta, noski, nik ezin izan diot ezetzik esan.
— Nire aita —jarraitu zuen Mr. Wilkinson-ek— Johannes Burkhart zaharraren sendagilea zen. Agure hura oso xelebrea zen. Astor koronelaren garaian larruen salerosketari esker aberastu zen. Hezueria zeukan eta birao izugarriak botatzen zituen... Gogoan dut behin ikusi nuela: agure hark aurpegi gorria eta ile luze zuria zeukan eta burugaineko soilunean zetazko txano bat. Tobias izeneko loro bat zeukan eta kalean zehar zebiltzala, jendeak ez zekien nor zen biraoka ari zena, Tobias bera ala Burkhart epailea.
— Nola aldatu diren gauzak, alajaina! —esan zuen izeba Emilyk.
Jimmy bere aulkian eserita zegoen hankak inurrituta zeuzkala. «Amak atake bat izan dik eta datorren astean eskolara itzuliko nauk. Ostirala, larunbata, igandea, astelehena...». Skinny eta bera elkarrekin itzultzen ari ziren urmaelaren ertzean apoekin jolastetik. Euren jantzi urdinak zeuzkaten igande arratsaldea zelako. Zuhaixkak loretan zeuden aletegiaren atzean. Judua omen zenez, mutil askok Harris txikiari Iky deitzen zioten, haren kontura barre egin nahirik. Mutikoak ahotsa goratu zuen auhenka:
— Aski da lagunok, aski da. Neure jantzirik onena daukat jantzita, lagunok.
— O, Mr. Salomon Levy bere judu arroparik onenarekin —garrasi egin zuten ahots isekari batzuek—. Dena bost eta hamar zentabotan saltzen duen denda batean erosi al duzu, Iky?
— Egingo nuke sute baten ondorengo arropa-merkealdietan eskuratu duela.
— Horrela bada, tutu malgua erabili beharko genuke.
— Orduan, Solomon Levy-ren kontra erabil dezagun.
— Aski da, lagunok!
— Ixo, ez egin horrenbeste oihurik.
— Txantxetan ari dira, ez diote minik egingo —xuxurlatu zuen Skinny-k.
Iky buruz behera eraman zuten urmaelerantz. Garrasika eta aireari ostikoka zebilen, aurpegi zuria malkotan blai.
— Ez da judua —esan zuen Skinny-k—, baina nik esango dizuet nor den judua, Fat Swanson handiputz hori.
— Nola dakizu zuk hori?
— Bere gelakideak esan dit.
— Arranopola, benetan egingo al dute?
Norabide guztietan hasi ziren korrika. Ilea lupetzez beterik, Harris txikia urbazterretik gora ari zen, lauoinka. Bere jakaren mahuketatik ura zorrotadaka isurtzen zitzaion.
Izozkiaren gainean txokolate-krema beroa zegoen.
— Irlandar bat eta eskoziar bat kalean behera zihoazen eta irlandarrak esan zion eskoziarrari: «Sandy, goazen trago bat hartzera...»
Ate nagusiko txirrinak luzaz jo zuen eta, hori dela eta, osaba Jeffen istorioari denek eskaintzen zioten arreta bertan behera geratu zen. Tupustean neskame beltza jangelan sartu eta izeba Emilyren belarrira xuxurlaka hasi zen.
— ...eta eskoziarrak esan zuen: Mike... Baina zer gertatzen da?
— Mr. Joe da, jauna.
— Kaka zaharra!
— Agian behar bezala dator —esan zuen izeba Emilyk berehala.
— Apur bat zarbel, andrea.
— Sarah, zer arraio dela-eta utzi diozu sartzen?
— Nik ez diot utzi, bera sartu da, inori baimenik eskatu gabe.
Izeba Jeffek bere platera baztertu eta musuzapikada bat jo zuen mahaiaren kontra.
— Ene bada, berarekin hitz egitera noa.
— Ahaleginak egin hemendik alde egin dezan... —hasi zen izeba Emily esaten eta isildu egin zen ahoa erdi irekita zeukala. Buru bat agertu zen sarrera zabalaren eta egongelaren artean zeuden gortinen artetik. Buru hark txori batena zirudien, sudur gakotua zeukan eta, gainean, ile liso beltzaren mataza bat erakusten zuen, indiar batena bezalakoa. Gorritutako begi bat lasai kliskatzen ari zen.
— Gau on denoi!... Zer moduz mundu guztia? Trabarik egiten al dut?
Bere ahots zakarrak gora egiten zuen buruaren ostean gorputz luze eta argal bat gortinen artetik sartzen zen heinean. Izeba Emilyren ahoa estutu zen irri izoztu bat osatuz.
— Emily, ...zera... barkatu behar didan; pentsatu dinat... zera... gaurko gaua etxekoen artean ematea... zera... ez litzatekeela txarra izango. Heuk badakin... zera... nori bere etxeak on egiten diola —osaba Jeffen aulkiaren atzean zegoen, bere burua batera eta bestera kulunkatuz—. Eta hi, Jefferson, zer moduz burtsako gorabeherak, motel?
Esku bat paratu zuen osaba Jeffen sorbalden gainean.
— A, ederki. Ez duzu eseri nahi? —marmar egin zuen.
— Esan zidatek... azeri zahar baten aholkua nahi baduk... zera... burtsalari erretiratu bat... gero eta burtzoratuago... kar, kar... Baina, esan didatenez, merezi dik sudurra Interborough Rapid Transit-en sartzea... Emily, ez begiratu niri horrela, begi makur horiekin. Oraintxe bertan alde egingo dinat... Epa, Mr. Wilkinson, zer moduz?... Itxura ona duzue, ba, mutilok. Deabruak naramala hori Lily Herfen semetxoa ez bada!... Jimmy, ez duk heure... zera... lehengusua, Joe Harland, gogoratzen, ezta? Inork ez dik Joe Harland gogoratzen... Hik, Emily, izan ezik, eta gainera, gustura ahaztu nahi huke... kar, kar... Zer moduz hire ama, Jimmy?
— Apur bat hobeto, eskerrik asko.
Jimmy larri zegoen eta nekez ibili zen hitzak ahoskatzeko.
— Tira, etxera iristean eman goraintziak nire partetik... berak ulertuko dik. Lilyk eta biok oso lagun onak izan gaituk beti, ni familiako txorimaloa banaiz ere... Ez naitek gogoko, ni urrun egotea nahi ditek... Esaten diat, motel, Lily taldeko onena duk. Ez al da egia, akaso, Emily, bera dela gutako onena?
Izeba Emilyk eztarria garbitu zuen.
— Halaxe duk. Bera duk politena, argiena, jatorrena... Jimmy, hire ama enperatriz bat duk... Beti finegia izan duk gure artean egoteko. Gustura joko nikek trago bat haren osasunera, arranopola!
— Joe, pitintxo bat baxuago hitz egingo bazenu...
Izeba Emilyk hitz horiek tekleatu zituen bera idazmakina bat bailitzan.
— Ba! Zuek guztiok uste duzue ni mozkortuta nagoela... Ez ahaztu hori, Jimmy... —mahairantz makurtu zen eta bere whisky-usaineko arnasak Jimmyren aurpegiaren kontra jo zuen—. Gauza hauetan ez duk zertan errudunik egon... zirkunstantziak... zera... zirkunstantziak.
Hanka baten gainean balantzaka, edontzi bat bota zuen lurrera.
— Emilyk begi makur horiekin begira jarraitzen badu, alde egingo diat... Baina ez ahaztu Lily Herfi goraintziak ematea nire partetik, aspaldian galbidean nabilen arren.
Zabuka desagertu zen gortinen artetik.
— Jeff, ziur nago Sèvres-ko pitxerra irauli egin behar duela. Behar bezala irten dadila hemendik, eta gero, sar ezazu kotxe batean.
Jamesek eta Maisiek euren ezpain-zapietan ito zituzten euren barre-algarak. Izeba Jeff more zegoen.
— Nahiago nuke ni infernura kondenatua izatea morroi hori kotxe batean sartzea baino. Hori ez da nire lehengusua... Giltzaperatu egin behar lukete. Eta ikusten duzun horrengo aldian, Emily, hau esaiozu nire partez: berriro horren nazkagarri etortzen bada, kalera botako dut.
— Jefferson maitea, ez du merezi haserretzea... Ez da ezer txarrik gertatu. Dagoeneko alde egin du.
— Ezer txarrik ez! Ez ahaztu gure seme-alabak. Pentsa zer gertatuko zatekeen Wilkinsonez gain edozein egon izan balitz hemen. Zer pentsatuko zukeen gure etxeaz?
— Ez estutu horregatik —egin zuen karraka Mr. Wilkinsonek—, familiarik onenetan ere gertatzen dira istripuak.
— Joe gizajo hori hain da gozoa bere senean dagoenean —esan zuen izeba Emilyk—. Duela zenbait urte Burtsa bere eskuetan egon omen zela pentsatzea ere! Egunkariek Burtsako Erregea deitzen zioten, gogoratzen al zarete? Hori Lottie Smithers-en auzia baino lehenago gertatu zen...
— Tira, haurrok, joan zaitezte beste gelara jolas egitera, guk kafea hartzen dugun bitartean —txorrotxio egin zuen izeba Emilyk—. Bai, aspaldi alde eginak beharko zuketen.
— Ba al dakizu Bostehunean jokatzen, Jimmy? —galdetu zuen Maisiek.
— Ez, ez dakit.
— Zer iruditzen zaizu hau, James? Ez daki jackak zer diren, ezta bostehunean jokatzen ere.
— Tira, biak nesken jolasak dira —esan zuen Jamesek axolagabe—. Nik ere ez nuke horietan jokatzen jakingo, zugatik ez balitz.
— O, ez, Mr. Sasijakintsu.
— Jolas gaitezen animalia harraparien imitaketan.
— Oso gutxi gara, ordea. Horrela, ez da dibertigarria izango.
— Eta horretan jolastu ginen azken aldian amak jolasa uzteko esan zigun zuk egiten zenituen algarak zirela eta.
— Zeuk ostiko bat eman zenion errainezurrean Billy Schmutz txikiari eta negarrez hasi zen. Horrexegatik esan zigun amak jolasa uzteko.
— Zer iruditzen zaizue trenak ikustera joango bagina? —proposatu zuen Jimmyk.
— Ilundu eta gero ez digute jaisten uzten —esan zuen Maisiek serio-serio.
— Hara zer bururatu zaidan! Burtsan jokatuko dugu... Nik milioi bat dolar daukat bonuetan saltzeko eta Maisiek gorantz joka dezake eta Jimmyk beherantz.
— Ondo, zer egin behar dugu?
— O, batetik bestera ibili eta oihu egin, besterik ez... Ni gutxi saltzen ari naiz.
— Ondo dago, Mr. Burtsalari. Den-denak erosiko dizkizut bosna zentabotan.
— Ez, zuk ezin duzu horrelakorik esan... Laurogeita hamasei eta erdi edo horrelako zerbait esan behar da.
— Haien truke nik bost milioi emango dizkizut —oihu egin zuen Maisiek idazmahaiko xukapaper bat astintzen zuen bitartean.
— Zu bai leloa, milioi bat baino ez dute balio eta —egin zuen garrasi Jimmyk.
Maisie bat-batean gelditu zen.
— Jimmy, zer esan duzu?
Jimmyk lotsaren sugarrak soina aldenik alde zeharkatzen ziola sumatu eta bere zapata lodiei beha geratu zen.
— «Zu bai leloa», esan dut.
— Ez al zara inoiz egon Igandeko Eskolan? Ez al dakizu Jainkoak zer dioen Biblian? Hau da, inori zoroa deitzen diona infernuko garretan erortzeko arriskuan dagoela?
Jimmy ez zen ausartzen gorantz begiratzen.
— Tira, nik ez dut gehiago jolastu nahi —esan zuen Maisiek harrokeriaz soina teinkatuz.
Haraino nola iritsi zen jakin gabe, Jimmyk hallen aurkitu zuen bere burua. Kapela hartu zuen, atetik arineketan irten eta harri zurizko sei eskailera-maila jaitsi zituen. Gero, igogailuko mutilaren letoizko botoien eta txokolate-koloreko uniformearen aurretik igaro zen, marmol arrosazko zutabeak zeuzkan halla zeharkatu eta Hirurogeita Hamabigarren kalera irten zen. Gau haizetsua zen. Itzal eta oin-hots guztiak atzetik zituen segika, astunki aurrera eginez. Azkenean, hoteleko eskailera gorrimin ezagunetan gora egiten ari zen. Bere amaren atearen aurretik azkar igaro zen. Galdetuko zioten ea zergatik itzuli zen hain goiz. Bere gelara oldartu zen, atea kisketaz itxi, giltzari bi buelta eman eta atean bermatu zen, arnasestuka.
— Tira, ezkondu al zara dagoeneko?
Horixe izan zen Congok egin zion lehenengo galdera Emilek atea ireki zionean. Emile kamiseta hutsean zegoen. Zapata-kutxa itxurako gela hura gaizki aireztatuta zegoen, argia eta beroa gas-lanpara batek ematen baitzituen.
— Nondik zatoz oraingoan?
— Bizerta-tik eta Trondjeb-etik... Marinel osoa eginda nago.
— Lanbide txarra da hori, itsasoan bizitzea... Berrehun dolar aurreztu ditut. Delmonico's-en ari naiz lanean.
Elkarren ondoan eseri ziren ohe egin gabearen gainean. Congok ertz urreztatuekiko Egyptian Deities direlakoen fardel bat atera zuen.
— Lau hilabeteko soldata —zaplada bat eman zuen bere izterraren kontra—. May Sweitzer ikusi al duzu? —Emilek burua higitu zuen—. Emagaldu hori aurkitu behar dut... Eskandinaviako portu malapartatu horietan emakumeak itsasontzietan irteten dira, emakume lodi eta ilehoriak...
Isildu egin ziren. Gasak burrunba egiten zuen. Arnasa botatzeaz batera, Congok txistu egin zuen.
— Arraioa! C'est chic ça, Delmonico. Zergatik ez zara berarekin ezkondu?
— Gogoko du ni bere atzetik ibiltzea... Neuk berak baino askoz ere hobeto eramango nuke denda.
— Zu bigunegia zara; emakumeekin gogor jokatu behar da eurengandik ezer ateratzekotan... Jar ezazu jeloskor.
— Bera da, ordea, nirekin jolasten ari dena.
— Ikusi nahi al dituzu nire postalak? —Congok poltsikotik fardel bat atera zuen, egunkari-orriez bildua—. Begira, hau Napoli da; hango guztiek New Yorkera etorri nahi dute... Hau neska dantzari arabiar bat da. Nom d'une vache, zoratzeko moduko sabelak dituzte!
— Aizu, badakit zer egingo dudan —oihu egin zuen Emilek, postalak bat-batean ohe gainera botatzen zituen bitartean—. Jeloskor jarriko dut.
— Nor?
— Ernestine... Madame Rigaud...
— Jakina, paseatu gora eta behera pare bat aldiz neska batekin Zortzigarren Etorbidean zehar, eta egingo nuke neska hori zure besoetara eroriko dela adreilu-tona bat bailitzan.
Iratzargailuak aulkian jo zuen, ohearen ondoan. Emilek jauzi egin zuen iratzargailua geldiarazteko eta konketan aurpegia garbitzen hasi zen ura aurpegiaren kontra zipriztinduz.
— Merde! Lanera joan beharra daukat.
— Ni Hell's Kitchen-era noa ea May aurkitzen dudan.
— Ez izan zoroa eta ez gastatu diru guztia —esan zuen Emilek, aurpegia zimur-zimur eginda, ispilu pitzatu baten aurrean bere alkandora garbi-garbiaren aurrealdeko botoiak lotzen ari zen bitartean.
— Esaten dizudana gauza ziurra da —errepikatu zuen behin eta berriro gizonak, Ed Thatcherren aurpegira berea hurbilduz eta mahaia ahurraz joka.
— Baliteke, Viler, baina nik jende asko ezagutzen dut hondoa jota eta uste dut ez dudala arrisku hori hartu behar.
— Begira, nik andrearen zilarrezko te-jokoa eta diamantezko nire eraztuna eta haurtxoaren kikara eman ditut bahituran... Gauza guztiz segurua da... Nik ez nizuke hau esango lagun onak ez bagina eta dirua zor ez banizu eta hori guztia... Bihar eguerdirako, inbertitutako diruaren ehuneko hogeita bosta irabazita izango duzu... Eta horretan jarraitu nahi baduzu, arriskatu eta aurrera, baina hiru laurden saltzen badituzu eta gainerakoari bizpahiru egunez eusten badiozu, seguruago egongo zara... Gibraltarko Haitza baino ere.
— Badakit, Viler, itxura ona dauka... benetan...
— Baina gizona, bulego malapartatu honetan eman nahi al duzu bizitza osoa? Alajaina! Ez ahaztu zure alaba txikia.
— Bai, gogoan daukat; horixe da arazoa.
— Baina Ed, gaur arratsaldean Burtsa ixteko orduan Gibbons eta Swandike hiru zentabotan erosten hasi dira... Kleinek poliki pentsatu du eta bihar goizean, ezer egin baino lehen, haraxe joango da. Burtsa erotu egingo da...
— Lagun horiek zikin jokatu eta iritzia aldatzen ez badute. Saltsa horiek primeran ezagutzen ditut, Viler... Honek trikimailu bat dirudi... Nik finantzazko porrotei buruzko kontabilitate-liburu gehiegi aztertu ditut.
Viler zutitu eta purua listuontzira bota zuen.
— Tira, egizu nahi duzuna, kaka zaharra! Ikusten dudanez, zuk nahiago duzu trena egunero Hackensack-en hartu eta egunean hamabi orduz lan egitea...
— Nik neure lanaren bidez atera nahi dut aurrera, horixe da dena.
— Zertarako balio dute aurreztutako dolar horiek, milaka gutxi batzuek, zaharra bazara eta inolako etekinik ezin badiezu atera? Gizona, ni buru-belarri sartuko naiz kontu horretan.
— Aurrera ba, Viler... Hor konpon —xuxurlatu zuen, besteak danbateko bat eginez bulegoko atea itxi zuenean.
Iluntasuna zen nagusi bulego handi hartan; idazmahai horien ilarak eta idazmakina estaliak zeuden bertan; dena zen iluna argizko zoko bat izan ezik non Thatcher idazmahai baten aurrean eserita baitzegoen, liburu nagusiez gainezkaturik. Atzealdeko hiru leihoek ez zeukaten gortinarik. Handik eraikin handikote argitsu mailakatu batzuk eta tinta-koloreko zeru-puska bat ikus zitezkeen. Thatcher oharrak idazten ari zen paper tinbratuaren orri luze batean.
FanTan Import and Export Company (aktiboko eta pasiboko deklarazioak otsailaren 29ra arte, egun hori barne). New York, Shanghai, Hong Kong eta besteko sukurtsalak.
Aurreko balantzea: $ 345.798,84
Ondasun higiezinak: $ 500.087,12
Galerak eta irabaziak: $ 399.765,90
— Lapur-talde madarikatu bat —purrust egin zuen Thatcherrek goraki—. Den-dena duk gezurra kontu honetan. Ez diat uste ez Hong Kongen ez inon sukurtsalik dutenik.
Aulkian erdi etzanda, leihotik begira zegoen, erne. Eraikinak gero eta ilunagoak ziren. Zeru-puska hartan izar bat baino ezin zezakeen ikus. «Bazkaltzera joan beharko nikek; liseriketarako kaltegarria duk irregularki jatea, nik egiten dudan bezala. Eman dezagun ni negozioan buru-belarri sartzen naizela, Vilerren informazio fresko-freskoa entzunda». Ellen, atsegin al dituzu American Beauty arrosa hauek? Euren zurtoin batzuek zortzi oineko luzera dute eta nahi nuke zure heziketa osatzeko prestatu dizudan atzerrirako bidaia zeuk aztertzea. Bai, penagarria izango da gure pisu berri zoragarria, Central Parkera ematen duena uztea... eta erdialdean, gainera, The Fiduciary Accounting Institute, Edward C. Thatcher, Lehendakaria... Zeru-puska hartatik igaroan, lurrinezko burbuilak izarra ezkutatzen ari ziren. «Sartu buru-belarri horretan... sartu buru-belarri... Nolanahi ere, denak dituk lapurrak eta jokozaleak... Buru-belarri sartu eta aurrera atera eskuak beteta, poltsikoak beteta, banku-kontua beteta, kutxa gotorrak diruz beteta. Arriskua hartzera ausartuko banintz! A ze ergelkeria, denbora buruhauste epeletan alferrik galtzea ere! Itzuli FanTan Import-en txostenera». Kaleen dirdaiak doi bat gorriztaturik, lurrinak azkar egiten zuen gora zeru-puskan zehar, jirabiraka, eta gero han-hemen sakabanatzen zen.
EEBBetako diru-gordailuetan bildutako ondasunak... 325.666,00 dolar.
«Sartu buru-belarri horretan eta atera aurrera hirurehun hogeita bost mila seirehun eta sei dolar irabazita». Dolarrek lurrinak bezala gorantz, jira eta bira, eta gero han-hemen izarren artean sakabanaturik. Thatcher aberatsa patxuli usaineko gelako leiho irekira irten da, hiriko etxe-bloke beltzak ikusteko asmoz. Hiria barrez, ahotsez, txilin-hotsez eta argiz blai dago. Bere atzean, azaleen artean orkestrak jotzen ari dira, telegrama pribatuak Singapurretik, Valparaisotik, Mukden-etik, Hong Kongetik eta Chicagotik dolarrak klik, klik, klik, klikitzeatzen ari dira. Senarrarengana apur bat hurbildurik, Susiek belarrira hitz egiten dio, orkideozko soineko bat jantzita.
Negarra begietan, Ed Thatcher zutitu egin zen, ukabilak hertsirik. «Lelo alaena, zergatik puskatu burua, Susiek dagoeneko gure artetik alde egin badu? Hobe diat bazkaltzera joatea, bestela Ellenek errieta egingo zidak».
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana