Hirugarren atala
Dolarrak
Aurpegiak eurrez barandetan zehar; aurpegiak itsasontziko argizulo guztietan. Kaian ainguratzen ari zen bapore handikote baten kiratsa zetorren haizebetik; berrogeialdia adierazten zuen bandera horia ikus zitekeen alde batera apur bat okerturik zegoen bapore haren masta nagusian.
— Milioi bat dolar emango nituzke nik —esan zuen gizon zahar batek bere arraunetan atseden hartuz— horiek zertara etorri diren jakitearren.
— Horixe da arrazoia, aita —esan zuen popan eserita zegoen mutil gazte batek. Hau ez al da aukeren lurraldea?
— Gauza bat dakit nik —adierazi zuen gizon zaharrak—. Txikitan, udaberrian, irlandar basatiak etortzen ziren hona, lehenengo kolaka-sardarekin batera... Gaur egun, ordea, ez dago kolakarik, eta jende hori Jainkoak daki nondik datorren.
— Hau aukeren lurraldea da.
Oinak kaobazko idazmahai berriaren gainean, mutil gazte musuestu bat bere aulki birakarian etzanda zegoen. Altzairuzko begiak, sudur fin okerra eta oliba-koloreko larruazala zeuzkan eta bere ezpainei halako muzin-kutsu arin bat zerien. Aulki birakarian higitzen ari zen, zapatez mahaiaren berniz-geruzan egiten zituen urrakada finei so. «Kaka zaharra, bost axola zaidak dena!». Gero, aulkiari kirrinka ateraz, bat-batean altxatu eta ukabilkada bat jo zuen bere belaun gainean. «Emaitzak», oihu egin zuen. «Hiru hilabete zaramatzaat prakak aulki honetan igurtzitzen... Zertarako joan Zuzenbide Fakultatera eta abokatu-ikasketak aurrera atera, defendatzeko auzirik ez badago?». Bekokia ilundu zuen, urre-koloreko kartela beira esmerilatuekiko atean ikustean.
NIWDLAB EGROEG
AUTAKOBA
Niwdlab, galestarra. Jauzi eginez zutitu zen. «Hiru hilabete zaramatzaat kartel malapartatu hau egunero-egunero irakurtzen. Erotu egingo nauk. Bazkaritara noak».
Txalekoa txukundu eta zapaten zenbait hauts-izpi musuzapiaz kendu ondoan aurpegia estutu zuen, kezka biziaren adierazgarri; bere bulegotik ziztuan irten, saltoka eskailerak jaitsi eta Maiden Lane-ra atera zen. Jatetxe aurrean egunkari baten argitalpen berezi bateko titulu nagusia ikusi zuen.
JAPONIARRAK MUKDEN-ETIK EGOTZI DITUZTE.
Mutilak egunkaria erosi, beso azpian tolestatu eta ate birakaria bultzatu zuen. Mahai bat hartu eta menua arretaz irakurri zuen. «Menua oraingoz ezin duk oso ugaria izan».
— Zerbitzari, ekarri mesedez New England erako egoski bat, sagar-tarta puska bat eta kafea.
Zerbitzari sudurluzeak paper-mutur batean eskaria idatzi eta, bekokia zimurtuta, arreta handiz irakurri zuen... «Hauxe duk lanik gabeko abokatu baten bazkaria». Eztarria garbitu eta egunkaria zabaldu zuen... Horrela Errusiarekiko harremanak apur bat suspertuko dira. Beteranoek presidentea bisitatu dute...
BESTE ISTRIPU BAT HAMAIKAGARREN
ETORBIDEKO TRENBIDEAN
Esnezale bat larri zauriturik.
«Kontxo, hemendik kalte-ordain polita atera litekek», esan zuen bere artean.
«Augustus McNiel, Laugarren Kaleko 253 W.-ko bizilaguna, gaur goizean larri zauritua gertatu da, New York Central-eko trenbidean atzeraka zetorren merkantzi tren batek harrapatuta...»
«Gizonak tren-konpainia auzitara eraman behar likek. Arraioa! Gizon hori harrapatu eta kalte-ordaina eskatzeko konbentzituko banu!... Oraindik ez zuan bere onera etorriko... Beharbada, honezkero hil egin duk. Orduan, bere emazteak arrazoi handiagoz eraman zitzakek auzitara... Gaur arratsaldean bertan joango nauk ospitalera... Auzizale guztiei hartu behar zieat aurrea». Di-da ausikita ogiari puska bat kendu eta indarrez murtxikatzeari ekin zion. «Ez horixe; bere etxera joango nauk, emazterik, amarik edo dena delakorik ote dagoen ikustera». Barkatu, Mrs. McNiel, samin handiko une honetan zurekin gogaikarria banaiz, baina zera ikertzen ari naiz... Bai, garrantzi handiko gaiak ditut esku artean... Kafea amaituta kontua ordaindu zuen.
«Laugarren Kaleko 253 W.» behin eta berriro bere artean errepikatzen ari zela, Broadwayn gora egiten zuen tranbia batera igo zen. Beti mendebalderantz zihoan, Laugarren Kalean zehar, Washington Square alde batera utzita. Zuhaitzek euren adar more argiak hedatzen zituzten zeru grisaxkarantz. Aurreko etxe leiho handidunek dardai arrosa bizi bat jaulkitzen zuten, dotoreziaz. «Bizileku ezin hobea izan zitekean bezero ugari eta leialak zeuzkan abokatu batentzat. Garaian garaikoak, hori nire kontu». Seigarren Etorbidea zeharkatu eta kale horretatik aurrera jarraitu zuen, West Side zikinerantz. Bertan ukuilu-kiratsa nagusi zen eta zaborrez beteriko espaloien gainean umeak katuka zebiltzan. «Pentsa zer izan daitekeen hemen bizitzea behe mailako irlandarrekin eta atzerritarrekin, unibertsoko zaborrarekin». 253. zenbakian izenik gabeko zenbait txirrin zeuden. Odolki-itxurako beso batzuen gainetik kotoizko mahukak jasota zeuzkan emakume batek burua leihotik agertu zuen, txima grisez betea.
— Esango al didazu Augustus McNiel hemen bizi al den?
— Ospitalean dagoen hori? Bai, hemen da.
— Ederki. Bakarrik bizi al da?
— Eta zuk zertarako jakin nahi duzu hori?
— Negozioak.
— Igo azken pisura eta hantxe aurkituko duzu bere emaztea, baina seguru asko ez du zurekin hitz egiteko gogorik izango... Gajoak burua oso nahasita dauka bere senarraren kontu horrekin, eta hamazortzi hilabete ere ez dira ezkondu zirela.
Eskaileretan lokatz-aztarnak eta errauts-kuboen zipriztinak ikusten ziren. Goialdean, berde ilun koloreko ate margotu berri bat aurkitu eta deitu egin zuen.
— Nor da? —galdetu zuen barrutik neska-ahots batek, abokatuari dartada handia eraginez. Oso gaztea izan behar zuen.
— Mrs. McNiel etxean ba al dago?
— Bai —erantzun zuen ahots kantari hark—. Zer nahi duzu?
— Mr. McNielen istripuarekin lotuta dago.
— Istripuarekin diozu?
Atea ezari-ezarian ireki zen, ardura handiz. Bisaia polita zeukan eta sudurra eta kokotsa zuri perla-kolorekoak. Ile gorrixkaren mataza izurtu batek kiribil lisoez zedarritzen zion kopeta luze eta estua. Bi begi gris, bizi eta mesfidati finkatu zitzaizkion aurpegian.
— Nahi al duzu nirekin apur bat hitz egin Mr. McNielen istripuari buruz? Nire uste apalean, zenbait kontu legal jakinarazi behar dizkizut... A, horretaz ari garela, espero dut zure senarra hobeto egotea.
— A, bai, konortea berreskuratu du.
— Utziko al didazu pasatzen? Kontua pitin bat luzea da azaltzeko.
— Bai, zergatik ez?
Ezpainen muzina irribarre bortxatu bilakatu zitzaion.
— Zuk ez nauzu jango, ezta?
— Ez, lasai, hitz ematen dizut.
Eztarritik barre eginez, emakumeari segitu zion gelatxo ilun bateraino.
— Ez dut gortinarik jasoko zuk ez ikusteko hau zein nahasita dagoen.
— Lehenengo eta behin, neure burua aurkeztuko dut, Mrs. McNiel... George Baldwin, 88 Maiden Lane... Ni hau bezalako kasuetan espezializatuta nago... Lau hitzetan esanda... Zure senarra tren batek harrapatu eta ia-ia hil zuen, New York Central tren-konpainiako langileen zabarkeriaren erruz. Eta litekeena da hori krimena izatea. Nahi adina arrazoi daude konpainia auzitara eramateko. Uste dut, hala ere, Excelsior Esnetegiak epaitegira joko duela galdutako ondasunengatik, zaldiarengatik, gurdiarengatik eta abar.
— Zer esan nahi duzu, Gusek kalte-ordain bat ere lor dezakeela?
— Horixe bera.
— Zuk zenbat uste duzu atera dezakeela?
— Zenbait gauza hartu behar dira kontuan: bere egoeraren larritasuna, auzitegien jarrera eta akaso abokatuaren trebetasuna... Nire ustez, behetik jota hamar mila dolar.
— Eta zuk ez duzu aldez aurretik ezer eskatzen?
— Auzia amaitu aurretik oso gutxitan ordaintzen zaio abokatuari.
— Eta zu abokatua zara, benetan? Oso gaztea ematen duzu abokatua izateko.
Gizonarengan iltzaturik, begi grisek dir-dir egiten ziharduten. Barreka hasi ziren bi-biak. Baldwinek bero-sentsazio adieraztezin bat sentitu zuen gorputz osoan zehar.
— Hala ere, abokatua naiz. Honelako kasuetan espezializatu naiz. Esaterako, joan den asteartean sei mila dolar irabazi nituen bezero batentzat, zaldi baten ostikada hartu baitzuen. Oraintxe bertan asaldura da nagusi Hamaikagarren Etorbideko burdinbidearen esleipenaren kontra. Hauxe da momenturik egokiena, nik uste.
— Aizu, zuk beti hitz egiten duzu horrela ala bakarrik negozioren bat tartean denean?
Burua atzerantz eraman eta barreka hasi zen.
— Gus gizajoa, beti esan dut zorte txarra zeukala.
Haur baten auhena indarge iritsi zen tabikearen beste aldetik.
— Zer izan da hori?
— Haurra... Mukizuak egun osoa ematen du negar batean.
— Beraz, zuk haurrak dauzkazu, ezta Mrs. McNiel?
Gogoeta hark abokatuaren grina nolabait apaldu zuen.
— Bat bakarrik... Zer espero zenuen ba?
— Zure senarra Emergency Hospital izenekoan al dago?
— Bai, nik uste dut zuri utziko dizutela bera ikusten, bisitaren arrazoia kontuan hartuta. Bere arrengurak ikaragarriak dira.
— Baina nik lekukoren batzuk lortuko banitu...
— Mike Dohenyk dena ikusi zuen. Polizia da. Gusen lagun ona.
— Auzia irabazita daukagu... Ez da auzitegira jo beharrik ere izango... Ospitalera noa zuzen-zuzenean.
Ondoko gelatik zetozen auhenak entzun ziren berriro.
— O, mukizu hori... —xuxurlatu zuen emakumeak suminduta—. Argi dago dirua zertan gastatuko genukeen, Mr. Baldwin...
— Tira, alde egin beharra daukat —kapela hartu zuen—. Eta, noski, auzi honetan ahal dudan guztia egingo dut. Ondo iruditzen zaizu ni noizean behin etortzen banaiz zu jakinaren gainean jartzera?
— Bai, hala espero dut.
Atean, elkarri agur egiterakoan, abokatuak ez zion eskua askatzen. Emakumea lotsatu egin zen.
— Tira, agur eta eskerrik asko bisitarengatik —esan zuen lehor emakumeak.
Baldwinek eskailerak zabuka jaitsi zituen, zorabioak jota. Odola buruan metatuta zeukan. «Inoiz ikusi dudan neskarik politena». Kanpoaldean elurra hasi zuen. Elur-malutak fereka hotzak eta isilak ziren bere masaila berotsuetan.
Parkearen goialdean, zerua hodei luzanga txikiz pikardaturik ageri zen, oilo zuriz zipriztindutako belazearen antzera.
— Aizu, Alice, goazen bidetxo horretan behera.
— Baina Ellen, aitatxok esan dit eskolatik etxera zuzenean joateko.
— Beldurti hori!
— Baina Ellen, bahitzaile horiek...
— Esan dizut, Ellen, niri gehiago ez deitzeko...
— Ondo da, orduan, Elaine; Elaine, Astalot-eko lilia.
Ellenek jantzi berri eskoziar bat zeukan, Goardia Beltzekoa. Alicek, berriz, betaurrekoak eta hanka meheak, urkilen antzeko.
— Kakati hori!
— Gizon batzuk daude banku hartan eserita. Goazen etxera, Elaine, polita, goazen.
— Niri ez didate beldurrik ematen. Nahi izanez gero, nik Peter Panek bezala egin nezake hegaz.
— Aurrera ba!
— Orain ez daukat gogorik.
Alice negar-zotinka hasi zen.
— O, Ellen, ez izan gaiztoa... Goazen etxera, Elaine.
— Ez, nik paseo bat egin nahi dut parkean zehar.
Ellenek eskailerak jaitsi zituen. Goiko eskailera-mailan, Alice une batez kulunkan geratu zen, noiz hanka batean, noiz bestean.
— Kakati, kakati, kaka eginda zaude! —oihu egin zuen Ellenek.
Alicek korrika alde egin zuen, negar batean.
— Zure amari esango diot!
Ellenek, aireari ostikoka, asfaltozko bidexkan behera egin zuen, zuhaixken artetik.
Amatxok Hearn's-en erositako jantzi eskoziar berria, Goardia Beltzekoa, soinean zeukala, asfaltozko bidexkan behera egin zuen, aireari ostikoka. Amatxok Hearn's-en erositako jantzi eskoziarraren sorbaldakoan brotxe moduko zilarrezko kardu bat erakusten zuen. Lammermoor-ko Elaine ezkontzera zihoan. Emaztegaia. Uangnaan, nainainai, gaiten hotsa zekaleen artetik. Bankuko gizonak partxe bat zeukan begi batean. Partxe beltz hura ez zen egiazkoa. Partxe beltz hura ez zen egiazkoa. Goardia Beltzeko bahitzailea; zuhaixka xuxurlarien artean, bahitzaileek erne segitzen zuten, euren partxe beltzen babesean. Halako batean, Ellenek utzi zion aireari ostikadak emateari. Ellenek Goardia Beltzeko bahitzaileari beldur izugarria zion, Goardia Beltzeko gizon handikote kirastu begian partxea zeukanari. Korrika hasteko beldurrak zegoen. Bidexkan behera korrika egiten saiatu zenean, ordea, oin astunak asfaltoan ia itsatsita geratu zitzaizkion. Burua jiratzeko beldurrak zegoen. Goardia Beltzeko bahitzailea atze-atzean zeukan. «Farolera iristen naizenean, erizaina eta haurra dauden lekuraino joango naun korrika, erizaina eta haurra dauden lekuraino iristen naizenean zuhaitz handiraino joango naun korrika, zuhaitz handira iristen naizean... Ene, zeinen nekatuta nagoen!... Central Park West-eraino joango naun korrika, kalean behera egingo dinat etxeraino...». Burua jiratzeko beldurrak zegoen. Korrika ari zen bitartean min-ziztadak sentitzen zituen saihetsetan. Korrika egin zuen, ahoan zapore garratza sortu zitzaion arte.
— Zergatik egiten duzu korrika, Ellie? —galdetu zuen Gloria Draytonek sokasaltoan Norelandarren etxearen aurrean.
— Nahi dudalako egiten dut korrika —erantzun zuen Ellenek arnasestuka.
Ardo-koloreko dirdaiak muselinazko gortinak tindatu eta gelaren argitzal urdinera iragazi zen. Mahaiaren alde banatan zutik zeuden. Oraindik zetazko paperean bildutako nartziso-ontzi batetik gainezka eginez, izar-itxurako lore batzuek dir-dir egiten zuten fosforeszentzia argiz, lur bustiaren usaina zeriela, lurrin ilaun eta zorrotz batekin nahastuta.
— Oso atsegina zara, Mr. Baldwin, lore hauek ekartzeagatik. Gusi eramango dizkiot bihar goizean ospitalera.
— Jainkoarren, horrela ez deitu niri.
— Baina, niri ez zait gustatzen George izena.
— Berdin dio, niri zure izena gustatzen zait, Nellie.
Emakumeari beha geratu zen. Bazirudien besoen inguruan lurrinezko eraztun pisutsu batzuk kiribilduta zeuzkala. Eskuak dindilizka zeuzkan eskularru hutsen modura. Emakumeak begi beltzak zeuzkan, dilatatuak, eta loreen gainetik, bere ezpain irtenek gizonarenganantz jo zuten. Eskuez aurpegia estali zuen. Gizonak beso batez haren sorbalda txikiak inguratu zituen.
— Baina Georgy, benetan diotsut, zuhur jokatu behar dugu. Ez duzu hona horren sarri etorri behar. Nik ez diet etxe honetako atso nonzerberri guztiei zeresanik eman nahi.
— Ez kezkatu... Ez dugu ezertaz kezkatu behar.
— Zoratuta banengo bezala jokatu dut azken aste honetan... Honek amaitu egin behar du.
— Zuk ez duzu pentsatuko egoera hau niretzat ohikoa denik, ezta? Jainkoari zin egiten diot lehenengo aldia dela. Ni ez naiz gizon horietakoa...
Barre-bulkada batean, emakumeak bere hortz gorabeherarik gabeak erakutsi zituen.
— O, sekula ezin da aurrez jakin gizonek nola jokatu behar duten.
— Ulertuko duzunez, hau zerbait apartekoa, ezohikoa, izango ez balitz, ni ez nintzen zure atzetik ibiliko, orain nabilen bezala, ez al da egia? Orain arte ez naiz sekula maiteminduta egon, Nellie.
— Sekula halakorik!
— Egia da baina... Ni ez naiz sekula ibili horrelako gauza baten bila. Lan asko egin behar izan nuen Zuzenbidea gainditzeko, eta ez nuen astirik izan neskatan ibiltzeko.
— Eta galdutako denbora orain berreskuratu egin nahi duzu.
— O, Nellie, ez esan horrelakorik!
— Ez, baina benetan diotsut, Georgy, egoera honi amaiera jarri behar diot. Zer egingo dugu Gus ospitaletik irteten denean? Azken egunotan, ez dut behar bezala zaindu ez haurra, ez ezer.
— Jainkoarren, berdin zait zer gertatuko den... O, Nellie.
Abokatuak burua jirarazi zion. Kordokan elkar besarkatu zuten, euren ahoak grinatsu uztartuz.
— Kontuz, ia-ia lanpara lurrera bota genuen.
— Jainkoarren, zoragarria zara, Nellie.
Nelliek burua abokatuaren paparraren gainean kokatu zuen poliki-poliki, eta Baldwinek haren ile nahasiaren lurrinari antzeman ahal izan zion, bere baitan barneratzen ari zela. Gaua zen. Farolen argi berdeek haien inguruan sigi-saga egiten zuten, sugeen gisa. Nelliek bere begi beltzez serio-serio egin zion so.
— Nellie, goazen beste gelara —esan zuen abokatuak ahots dardaratiz, ahapeka.
— Hortxe dago umea.
Eskuak hotz, elkarrengandik aldendu ziren, elkarri begira segitu bazuten ere.
— Etorri eta lagundu. Sehaska hona ekarri nahi dut... Kontuz, esnatzen badugu, zintzurra lehertu arte oihu egingo du eta —esan zuen Nelliek ahots urratuaz.
Umea lo zegoen, gomazko bere aurpegi txikia zimur-zimur eginda eta bere ukabiltxo arrosak izara-ertzaren kontra estututa.
— Oso gustura dagoela ematen du —esan zuen abokatuak irribarre behartu txiki batez.
— Isildu, mesedez... Tira, kendu zapatak... Nahiko zarata egin dugu... Georgy, nik ez nuke hau egin behar, baina ez naiz gauza...
Abokatua ilunpetan itsumustuka ibili zen Nellieren bila.
— Laztana...
Emakumea baldarki besarkatu zuen, oso azkar eta sakon arnastuz.
— Oinzapal, hik ziria sartu nahi diguk...
— Ez, benetan, amaren hilobiagatik zin egiten diat egia hutsa... Latitudea hau duk: hogeita hamazazpi Hegoalderantz eta hamabi Ekialderantz... Bertara joan eta ikusi besterik ez duzue behar... Elliot P. Simkins-a hondoratuta, bigarren ofizialaren txalupan iritsi gintuan uharte hartara. Bertan lau ar eta berrogeita zazpi eme zeudean, emakumeak eta haurrak kontuan hartuta. Neuk dena kontatu nioan kazetari hari, eta gero, igandeko egunkari guztietan eman zuan horren berri, ez al da egia?
— Baina Oinzapal, nola arraio atera hinduten handik?
— Kamaina batean, eta hori gezurra bada, oraintxe bertan lurrak irents nazala betiko. Ni ere brankaren aldetik beherantza nindoaan, Elliot itsasontzi zaharraren modura. Gezurra bada, putakume ustela izan nadila.
Burua atzera eramanda, barre-algara handiak egin zituzten, edontziek zirkuluz beteriko mahai biribilean elkarren kontra jo zuten, eskuak izterren gainera erori eta ukondoak saihetsetan pulunpatu ziren.
— Eta zenbat morroi zeundeten txalupan?
— Sei, Mr. Dorkins ere kontuan hartuta, bigarren ofiziala.
— Zazpi gehi lau berdin hamabi... Bai... Lau eta hiru hamaiken bakoitzeko... A zer uhartea!
— Noiz irtengo da hurrengo ferrya?
— Beste zerbait edango diagu horren alde! E, Charlie, tira, bete berriro edontziak!
Emilek ukondotik tira egin zion Congori.
— Irten apur batean. J'ai que'quechose a te dire.
Congok begiak bustita zeuzkan. Zabu txikiak eginez, Emileren atzetik joan zen barraraino.
— O! Le p'tit mystérieux!
— Begira, alde egin beharra zaukaat, neska bat dut zain.
— O! Hori al zen arduratzen hinduena? Betidanik esan diat hi ez haizela batere tontoa, Emile.
— Begira, hemen daukak nire helbidea, paper-mutur honetan, ahazten bazaik ere: 945 West, 22nd. Nahi baduk, lo egitera etor haiteke, oso mozkortuta ez bahago, eta ez ekarri ez lagunik, ez emakumerik, ez ezer. Ugazabandrearekin ondo moldatzen nauk eta ez diat nahi dena antzarak ferratzera bidali... Tu comprends?
— Nik, ba, hirekin kriston jai batera joateko asmoa nian... Faut faire un peu la noce, nom de Dieu!...
— Bihar goizean goiz lanera joan beharra zaukaat.
— Tira! Zortzi hileko soldata zaukaat poltsikoan...
— Dena den, bihar joan etxera seiak aldera. Zain izango nauk.
— Tu m'emmerdes tu sais avec tes manières.
Congok tabernaren zokoan zegoen listuontzira ttu egin eta, kopetilun, barruko gelara itzuli zen berriro.
— Aizak, Congo, eseri! Barney-k The Bastard King of England kantatu behar dik.
Emile tranbiara igo zen, hiriaren kanpoalderantz egin nahian. Hemezortzigarren Kalean tranbiatik jaitsi eta mendebalderantz abiatu zen, Zortzigarren Etorbiderantz. Kale-kantoitik bi ate haruntzago denda txiki bat zegoen. Leiho batean CONFISERIE irakur zitekeen eta bestean, aldiz, DELICATESSEN. Kristalezko atearen erdian, esmalte zuriz idatzitako hitz batzuk: EMILE RIGAUD, GOZOKI HAUTATUAK. Emile barrura sartu zen. Ateko txilina entzun zen. Emakume mardul beltzaran bat, ile beltz batzuk ezpainen ertzetan zeuzkana, erdi lo zegoen salmahairen atzean. Emilek kapela kendu zuen.
— Bonsoir, madame Rigaud.
Izuturik, emakumeak burua altxatu zuen, eta gero, irribarre bat azaldu zitzaion aurpegira aldenik alde, bi elutxa marraztuz.
— Tieng, c'est comme ça qu'ong oublie ses ami-es —esan zuen Bordeleko doinu gogorraz—. Aste osoa daramat neure buruari esaten: monsieur Loustec-ek ez ditu lagunak gogoan.
— Ez daukat ezertarako astirik.
— Lan asko, lan asko, heing?
Barre egitean, sorbaldak eta bular handiak dardarka hasi zitzaizkion emakumeari, gerruntze urdin estu baten azpian.
Emilek begi-keinu bat egin zuen.
— Okerrago izan zitekeen... Baina asper-asper eginda nago zerbitzaria izateaz... Oso lan nekagarria da; inork ez ditu zerbitzariak aintzat hartzen.
— Argi dago handinahia duzula, monsieur Loustec.
— Que voulez vous?
Gorri-gorri esan zuen herabe:
— Emile dut izena.
Madame Rigaudek sabairantz jaso zituen begiak.
— Izen horixe zuen nire senar zenak. Izen horretara ohituta nago.
Sakonki egin zuen hasperen.
— Eta zer moduz negozioak?
— Comma-ci, comma-ça... Urdaiazpikoa berriro igo da.
— Chicagoko zirkuluak du horren errua. Txerrikiaren monopolioa, hori dirua irabazteko bide paregabea da.
Emilie ohartu zen Mme. Rigauden begi irten beltzak bereak aztertzen ari zirela.
— Lehengoan kantatu zenuena asko gustatu zitzaidan... Askotan etorri zait gogora... Musikak on handia egiten du, ezta?
Barre egitean, Mme. Rigauden elutxak luzatu eta luzatu egiten ziren.
— Nire senar gizajoak oso belarri txarra zeukan. Horrek pena handia ematen zidan.
— Gaur gauean ez al duzu ezer abestuko?
— Zuk hala nahi baduzu, Emile... Baina dendan ez da inor geratuko bezeroez arduratzeko.
— Ondo iruditzen bazaizu, txirrina entzunez gero, neu aterako naiz berehalaxe.
— Ederki... Kanta amerikar berri bat ikasi dut... C'est chic vous savez.
Gerrikotik zintzilik zeukan sortako giltza batez, Mme. Rigaudek kutxa erregistratzailea itxi eta kristalezko atetik denda-ostean sartu zen. Kapela eskuetan, Emilek emakumeari segitu zion.
— Emaidazu kapela, Emile.
— O, ez arduratu.
Denda-ostean gela txiki bat zegoen, lore horiko paperaz eta izokin-koloreko gortinez apainduta. Gas-lanparatik kristalezko bola batzuk dindilizka ageri ziren, eta horren guztiaren azpian, piano bat zegoen, argazkiez galkatua. Mme. Rigaud piano ondoan esertzeaz batera, aulkiak kraska egin zuen. Atzamarrak tekletan zehar erabili zituen. Emile kontu handiz eseri zen aulkiaren ertz-ertzean, pianoaren ondoan. Kapela belaunen artean ezarrita, lepoa luzatu zuen eta, horrela, emakumea jotzen ari zen bitartean, Emile zeharretik ikusi ahal izango zuen. Madame Rigaud kantuan hasi zen:
Txogia ugezko kaiola batean
benetan da ikusgagia,
zogion-itxuga du beti aldean
musuan beti igia
baina bestegik du bagnean.
Dendako txirrina zalaparta handiz entzun zen.
— Permettez —oihu eginda Emile lasterka joan zen.
— Libra erdi bat soltxitxoi, xerretan ebakia —esan zuen txirikordadun neskato batek. Emilek aiztoa ahurretik pasatu eta saltxitxoia kontu handiz ebaki zuen. Behatz-puntetan gela txikira itzuli eta dirua pianoaren ertzean utzi zuen. Oraindik Madame Rigaud kantuan ari zen:
Bizitza alfegik galtzea, hogi bai tgistea,
uge gogiz zuen egosi
aguge batek edegtasuna
logtu nahigik zogiontasuna,
ogain neskatxa dugu ugezko kaiolako txogi.
Broadwayren eta Franklin Street-en arteko kale-kantoian geldirik, Bud poltsa bateko kakahueteak jaten ari zen. Eguerdia zen eta ez zeukan dirurik batere.
Tren jasoaren burrunba entzun zen haren buruaren gainetik. Hauts-izpiak dantzan zebiltzan haren begi aurrean trenbide-trabesek marratan ebakitako eguzki-argitan. Norantz jo erabaki ezinik, kaleen izenak hirugarren aldiz ahoskatu zituen kontu handiz. Hanka distiratsudun bi zaldi beltzek tiratutako kotxe beltz distiratsu bat aurre-aurrean paratu zitzaion, eta ziztuan kale-kantoira iritsita desbideratu egin zen beste kale batean barrena. Ziplo galgatu eta gurpil gorri distiratsuek karranka egin zuten harri-kozkorren gainean. Gidariaren ondoko eserlekuan larru horizko kaxa bat zegoen. Kotxean, onddo-kapela marroiko gizon bat goraki mintzatzen ari zitzaion luma grisezko lepokoa eta ostruka-luma grisezko kapela zeuzkan emakume bati. Gizonak errebolber bat destatu zuen bere ahoaren kontra. Zaldiak, brau, zutitu eta jendetzarengana oldartu ziren. Poliziek ukondoka aurrera egin zuten. Ahotik odola zeriola, espaloira eraman zuten gizona, laukiekiko txalekotik burua zintzilika. Haren ondoan, emakumea idunekoa bihurritzen ari zen eta bere kapelaren lumak kulunkan ari ziren tren jasoaren trabesek marratan ebakitako eguzki-argitan.
— Bere emazteak bera Europara eramateko asmoa zuen... Deutschland itsasontzia hamabietan abiatuko da. Nik agur esan nion betiko... Deutschland itsasontzian joatekoa zen hamabietan. Berak agur esan zidan betiko.
— Tira, alde hemendik!
Polizia batek ukondokada bat eman zion Budi urdailean. Belaunak dardarka zituen. Jendetzarengandik irtenda alde egin zuen dardarka. Kakahuete bat mekanikoki zuritu eta ahoan sartu zuen. Hobe gainerakoak gauerako uztea. Poltsa tolestu eta poltsikoan sartu zuen.
Berdez inguratutako argi arrosa eta morea ematen zuen arku elektriko baten azpian, laukiekiko jantzia zeukan gizona bi neskarekin gurutzatu zen. Hurbilen zeukanaren ezpain haragitsuak, aurpegi obalatua; haren begiradek labankadak ziruditen. Urrats batzuk eginda jiratu eta haien atzetik hasi zen, satenezko bere gorbata berria eskuztatzen ari zela. Bere orratza, diamantezko ferra bat, bere lekutik ez zela higitu egiaztatu nahi zuen. Berriro ere gurutzatu zen haiekin. Batak burua jiratu zuen. Bera zen beharbada... Ez, ezin zuen ziur esan. Zorionez, berrogeita hamar dolar zituen poltsikoan. Banku batean eseri eta pasatzen utzi zien. Ederra litzateke atxilotua izatea orain hanka sartzeagatik. Neskak ez ziren ohartu bera han zegoenik ere. Parkearen kanpoalderaino segitu zien. Bihotza oso azkar ari zitzaion taupadaka. «Milioi bat dolar emango nizkikek...». «Barkatu, zu al zara Miss Anderson?». Nesken ibilera bizkortu egin zen. Columbus Circle-tik igarotzean, begien bistatik alde egin zioten, jendetzaren artean. Broadwayn behera egin zuen, etxadiz etxadi. Ezpain haragitsuak, labankaden moduko begiradak. Ezker-eskuin begira zihoan, nesken aurpegiei so. «Non sartu ote da?». Arin jarraitu zuen Broadwayn behera.
Ellen bere aitaren ondoan eserita zegoen, Battery-ko banku batean, bere bota marroi berriei begira. Eguzki-izpi batek bota-puntekin eta botoi txiki guztiekin jolas egiten zuen, Ellenek oina jantziaren babesetik atera orduko.
— Pentsa zeinen zoragarria izango zen —esan zuen Ed Thatcherrek— transatlantiko handi horietako batean bidaiatzea. Pentsa, Atlantikoa zazpi egunetan zeharkatzea.
— Baina aitatxo, jendeak zer egiten du ontzian dagoen bitartean?
— Ez dakit... bizkarrean zehar paseoan ibili, kartetan jokatu, irakurri eta horrelako gauzak, nik uste. Gainera, dantzaldiak ere badaude.
— Dantzaldiak itsasontzi batean! Izugarri mugituak izango dira —egin zuen barre Ellenek.
— Bapore moderno handietan antolatzen dituzte horrelako gauzak.
— Aitatxo, eta zergatik ez goaz gu ere?
— Agian, egunen batean joango gara, behar adina diru aurreztea lortzen badut.
— O, aitatxo, azkar ibili eta diru asko aurreztu. Alice Vaughan-en gurasoak udaro joaten dira White Mountains-era, baina datorren udan atzerrira joango dira.
Ed Thatcher badiari begira zegoen, batzuetan dardai urdinetan, bestetan laino arreetan Narrows-eraino luzatzen baitzen. Askatasunaren estatua sonanbulu baten modura ageri zen zut, atoiontzien ke-laino kiribilduaren, goleten masten eta adreiluz eta hareaz mukuru beteta zeuden gabarra ikaragarrien artetik. Hor eta han, eguzkiak gogor jotzen zuen, distiratsu, belaontzi zuri baten edo bapore baten gainegituraren kontra. Ferry guztiak harat-honat zebiltzan, gelditu gabe.
— Aitatxo, gu zergatik ez gara aberatsak?
— Jende asko da gu baino pobreagoa, Ellie... Zuk ez zenuke aitatxo gehiago maitatuko aberatsa balitz, ezta?
— O bai, gehiago maitatuko zintuzket, aitatxo.
Thatcherrek barreari eman zion.
— Tira, batek daki, beharbada egunen batean... Zer iruditzen zaizu Edward C. Thatcher&Co. Zinpeko Kontulariak?
Ellen jauzi eginez altxatu zen.
— Hara, begira zein itsasontzi handia... Itsasontzi horretan egon nahi nuke nik.
— Hori Harabic-a da —karraka egin zuen marinel-ahots batek haien ondoan.
— A bai? —esan zuen Thatcherrek.
— Bai, jauna; ez dao ontzi hobeik itxaso zabalean, benetan diotxut, jauna —azaldu zuen grinatsu haien ondoan eserita zegoen gizon zarpail eta ahots kraskatu batek. Txarolezko bisera apurtu bat, whisky-usain arina isurtzen zuen musu estu baten goialdean ezarria—. Bai jauna, Harabic-a da.
— Ontzi handia ematen du, bai.
— Denik eta handienetako bat, jauna. Behin baino gehiotan nabiatu dut bertan, eta Majestic-en eta Teutonic-en ere bai, jauna; ontzi biak onak dira, itxasoan apur bat kaskainak izan arren, nolabait esanda. Azken hoeita hamar urteak Hinman-en eta White Star Lines-en eman ditut itxasmutil-lanetan, eta oain zarra naizenez, bota ein naute.
— Denok ditugu bolada txarrak.
— Batzuon kasuan, bolada txar hoiek bizitza osoa irauten due, jauna. Ni zoriontxua izango nintzake, neue herria itzultzea izango banu. Hemen ez dao lekuik zarrentzat, eta bai, ordea, gazteentzat eta indartxuentzat —hezueriak bihurritutako esku bat atera eta estatua seinalatu zuen—. Beira, Ingalaterraa beira dao, horra!
— Goazen aitatxo. Gizon hori ez zait gustatzen —xuxurlatu zion belarrira Ellenek bere aitari ahots dardaratiz.
— Ederki, itsas txakurrei begiratu bat egitera joango gara... Agur eta ondo izan.
— Aizu, diru apurren bat emango diazu kafe bat eateko. Porru einda nao.
Thatcherrek hamar zentaboko txanpon bat ipini zuen esku hezurtsu-zikin hartan.
— Baina aitatxo, amatxok dio ez zaiola jaramonik egin behar hitz egitera datorren kaleko jendeari, eta horrelakoetan poliziari deitu behar zaiola eta ahalik eta azkarren egin behar dela korrika, bahitzaile gaizto horiengatik.
— Ez dago ni bahitzeko arriskurik, Ellen. Hori neskatoen kontua baino ez da.
— Handia naizenean nik ere kaleko jendeari horrela hitz egin ahal izango diot?
— Ez, laztana, ez horixe.
— Eta mutila banintz bai?
— Baietz uste dut.
Unetxo bat eman zuten Akuarioaren aurrean, badiari begira. Haien aurrean transatlantiko bat zegoen eta, hari bultzaka, brankaren alde bakoitzean, ke zurizko bafadak botatzen zituen atoiontzi bana; transatlantikoa gailentzen zen portuko ontzi guztien artetik. Antxetak jira-biraka eta txilioka zebiltzan airean. Eguzkiaren krema-koloreko argiak bizkarretan eta estalki beltzeko tximinia hori handian distira egiten zuen. Masta nagusitik, bandera txikiz beteriko soka batek flotatzen zuen airoski arbel-koloreko zeruaren kontra.
— Eta atzerritik jende asko dator ontzi horretan, ezta aitatxo?
— Begira! Ikusten?... Bizkarrak jendez belztuta daude.
East River-etik etorrita, Berrogeita Hamahirugarren Kaleko espaloi erdian, Bud Korpenning-ek ikatz pila batekin egin zuen topo. Pilaren beste aldetik, emakume ilezuri bat zeukan begira; farfaildun blusa bat jantzirik zegoen emakume hura, golko joriaren goiko bihurguneari oratutako kameu handi batez apaindurik. Bizarra egin gabeko kokotsari eta jakaren mahuka listuetatik irteten ziren eskumutur zimelei erreparatu zien emakumeak. Budek bere hitzak entzun zituen, arrotz batek esanak bailiran:
— Nahi baduzu, andrea, neuk sartuko dizut ikatz hau barrura.
Budek bere soinaren pisua oin batetik bestera aldatu zuen.
— Bai, horixe da, hain zuzen ere, zeuk egin dezakezuna —esan zuen emakumeak ahots kraskatuaz—. Ikazkin malapartatuak gaur goizean utzi eta esan du itzuliko zela ikatza barrura sartzeko. Guztiak bezala, bera ere mozkortuta egongo da seguru asko. Baina ez dakit zutaz fio naitekeen nire etxean sartzen uzteko moduan.
— Estatuaren iparraldekoa naiz, andrea —zezeldu zuen Budek.
— Nongoa?
— Cooperstown-ekoa.
— Ba... ni Buffalo-koa naiz. Hiri honetan mundu guztia bertakoa ez beste edozein lekutakoa da. Seguru asko zu lapurren baten gaizkidea zara, baina ez dut beste biderik ikusten, ikatz hori barrura sartu beharra daukat... Sartu, sartu, gizona, pala eta saskia utziko dizkizut, eta ez baduzu ezer botatzen ez korridorean, ez sukaldeko zoruan, neskameak oraintxe bertan alde egin du-eta... ikatzak, noski, dena garbitu baino lehenago iritsi behar zuen... dolar bat emango dizut.
Lehenengo ikatz-zama sartu zuenean, emakumea harat-honat zebilen sukaldean zehar. Bud sabel hutsik eta erdi zorabiaturik zegoen, baina zoriontsu sentitzen zen, lanean zebilelako, eta ez noraezean, kalerik kale eta kamioiei, gurdiei eta tranbiei itzuriz.
— Nolatan zaude zu, ba, lanik gabe? —galdetu zuen emakumeak, Bud saski hutsa eskuan arnasestuka itzultzen ari zela.
— Beharbada, oraindik ez diot hiriari neurria hartu. Ni landetxe batean jaio eta hezi nintzen.
— Eta zertara etorri zinen hiri nazkagarri honetara?
— Ezin nuen denbora gehiago eman landetxean.
— Herri honen etorkizuna oso ilun ikusten dut, morrosko langile guztiak landetxea utzi eta hirira etortzen badira.
— Zamaketari-lana egin nezakeela uste nuen, andrea, baina ontziralekuak jendez josita daude. Agian marinel has naiteke ontziren batean, baina inork ez du aprendizik nahi. Bi egun daramatzat ezer jan gabe.
— Ene, hori bai izugarria!... Baina zergatik ez zara joan, gizajoa, babesetxeren batera edo?
Budek azken ikatz-zama sartzeaz batera, eltzeko hotzaren platerkada bat aurkitu zuen sukaldeko mahaiaren gainean, baita ogi zahar biribil erdi bat eta edontzi bat esne apur bat garratz ere. Arin jan zuen, ia-ia murtxikatu gabe, eta ogi zaharraren hondarrak poltsikoan sartu zituen.
— Zer, gustatu al zaizu otordu txiki hau?
— Eskerrik asko, andrea —esan zuen ahoa beterik.
— Tira, zuk orain alde egin dezakezu eta eskerrik asko.
Emakumeak quarter bat ipini zion eskuan. Budek begiak kliskatu zituen txanpona ahurrean ikustean.
— Baina andrea, zuk esan didazu dolar bat emango zenidala.
— Nik ez dut halakorik esan. Hori pentsatzea ere... Oraintxe bertan alde egiten ez baduzu, senarrari deituko diot. Edo, hobeto, poliziari...
Hitz bakar bat bera ere esan gabe, Budek quarterra poltsikoratu eta alde egin zuen hankak arrastaka.
— Hau da hau esker gaiztoko gizona! —esan zuen purrustaka emakumeak, Bud atea ixten ari zela.
Karranpa batek urdaila uzkurtu zion. Berriro ekialderantz hartu zuen, ibaia zegoen lekurantz, saihetsak ukabilez estutuz. Une batetik bestera oka egitea espero zuen. «Hau botatzeak ez zidak batere onik egingo». Kalearen bukaerara iritsita, nasaren ondoko zabor-txirrista grisaren gainean etzan zen. Bere atzeko garagardotegi burrundaritik lupulu egosiaren usain gozoa zetorren. Ilunabarraren argiak Long Island aldeko lantegiaren leihoak garretan jarri, atoiontzien ataketan dirdaitu, marra kiribil hori-laranjen itxura hartuta ur-korronte berde-marroiaren gainean atsedena hartu eta ezari-ezarian Hell Gate-ra gora egiten ari zen goleta baten bela puztuetan dir-dir egiten zuen. Barruko ondoeza arintzen ari zitzaion. Bere barneko zerbaitek sua hartu eta dir-dir egiten zuen, ilunabarrak bere baitaren muga zeharkatzea lortu balu bezala. Eseri egin zen. «Jainkoari eskerrak ez diat ezer botako».
Bizkar gainean goiztiriko hotza eta hezetasuna nabariak ziren. Eskudela ukitu orduko, begien bistakoa zen bustita zegoela. Portuko ur arre konketa-usainekoak baporea gozo-gozo astintzen ari ziren. Marinelek sotoko eskotilak irekitzen ziharduten. Kateen hotsa eta tornu baten zalaparta entzuten ziren; tornuan lan-jantzi urdineko gizon batek palanka bat zerabilen, aurpegia toaila busti baten modura inguratzen zion lurrinezko hodei baten erdian.
— Amatxo, egia al da gaur Uztailaren Laua dela?
Bere amak indarrez heldu zion eskutik eta jangelaraino eraman zuen herrestan. Itsasmutilak ekipajea metatzen ari ziren eskaileren behealdean.
— Amatxo, egia al da gaur Uztailaren Laua dela?
— Bai maitea, zoritxarrez horrela da... Jai-egunak ikaragarri txarrak dira hona etortzeko. Hala ere, nik uste dut han behean haiek denak gure zain izango direla.
Emakumeak artile urdinezko soinekoa eta belo luze marroia jantzirik zeuzkan. Lepoaren inguruan, benetako hortzak zituen animalia marroi txiki begi gorri bat zeraman. Naftalina-usaina zuen, baita kaxa huts eta zetazko paperez beteriko armairuena ere. Bero zen jangelan, makinak bigunkiro negar-zotinka ari ziren trenkadaren atzean. Mutilaren burua katilukada bat esne beroaren gainera makurtu zen. Esnea kafeak doi-doi koloreztaturik zegoen. Hiru kanpaikada. Burua, brau, jaso zuen izuturik. Platerek hots egiten zuten eta kafea isurtzen hasi zen, itsasontziak eragindako dardararen ondorioz. Gero, zarata isil bat, ainguraren kateen karranka eta, pixkanaka-pixkanaka isiltasuna. Ama zutitu egin zen argizulotik begiratzeko.
— Azkenean gaur eguraldi ona egingo du. Nik uste dut eguzkiak lainoa menderatuko duela... Konturatu al zara, maitea, azkenean etxean gaudela? Hementxe jaio zinen zu.
— Eta gaur Uztailaren Laua da!
— Bai zorte txarra!... Orain, Jimmy, agindu behar didazu kontu handiz ibiliko zarela bizkarretik atera gabe. Amak maletak egiten amaitu behar du. Agindu behar didazu ez duzula bihurrikeriarik egingo.
— Bai, agintzen dizut.
Erretzaileen gelatik irtetean mutilak atearen behealdeko letoizko arrabolarekin behaztopa egin eta hankak zabal-zabalik erori zen. Belaun bat igurtzika altxatu zen eguzkia txokolate-koloreko hodeietatik ateratzen ikusteko une egokian. Momentu horretantxe eguzkiak argi-parrastada gorri bat masila-koloreko uretara isuri zuen. «Billy belarri pekatsudunaren gurasoak Roosevelt-en aldekoak dituk eta ez Parker-en aldekoak ama bezala eta mukizapi baten neurriko bandera bat inarrosten ari duk atoiontzi hori-zuriko gizonek ikus dezaten».
— Ikusi al duzu eguzkia irteten? —galdetu zuen Billyk, eguzkia berea bailitzan.
— Bai, noski, nire argizulotik —esan zuen Jimmyk urruntzen ari zen bitartean, zetazko banderatxoari luzaz begiratu ondoan.
Beste aldetik, lurra hurren ikusten zen. Hurrenago, itsasbazter berdea, zuhaitzez eta etxe handi zuri teilatu grisdunez betea.
— Zer, gaztetxo, pozik zaude berriro etxean? —galdetu zuen artile nahasizko jantzia eta bibote eroria zituen jaun batek.
— New York alde hartan al dago?
Jimmyk hatzez seinalatu zuen eguzkipean zabaltzen ari zen ur barea.
— Bai, jaun gaztea, laino horren atzean Manhattan dago.
— Mesedez, jauna, zer da hori?
— Hori New York da... Badakizu, New York Manhattan uhartean dago.
— Bai benetan? Uharte batean dago?
— Hau da hau! Mutil honek ez daki bere jaioterria uharte batean dagoenik ere.
Artile nahasizko jantzia zuen gizonaren urrezko hortzek dir-dir egiten zuten barre-algarak egiten zituenean. Jimmy bueltaka zebilen bizkarrean zehar, orpo-joka, zeharo asaldaturik. «New York uharte batean zagok».
— Badirudi sano pozik zaudela etxera itzuli zarelako, txiki —esan zuen hegoaldeko emakume batek.
— Bai, hala da, oraintxe bertan belaunikatu eta lurrari muin emango nioke gustura.
— Zeuk bai maite duzula zeure herria!... Poz handia ematen didazu hori esanda.
Jimmy egonezinik zegoen. «Lurrari muin eman, lurrari muin eman...» hitzon oihartzuna txistu baten modura zebilkion buru barruan. Beste buelta bat bizkarrean zehar.
— Bandera horia daukan hori berrogeialdian dagoen ontzia da.
Atzamarrak eraztunez beteak zituen gizon sendo bat, judua bera, artile nahasizko jantziarekiko gizonari mintzatzen ari zitzaion.
— A, berriro jarri da martxan... Laster iritsiko gara, ezta?
— Gosarirako bertan izango gara, gosari amerikar bat, gosari on bat, hemen betidanik prestatu izan direnen modukoa.
Amatxo bizkarrera itzuli zen, belo arin arrea haizeak astintzen ziola.
— Hemen dago zure berokia, Jimmy, zeuk eraman behar duzu.
— Amatxo, utziko didazu bandera ateratzen?
— Zein bandera?
— Zetazko bandera amerikarra.
— Ez, maitea, dena gordeta dago.
— Arren, utzidazu bandera ateratzen, gaur Uztailaren Laua da-eta...
— Tira, Jimmy, kopla gutxiago. Amak ezetz esaten badu, ezetz esan nahi du eta kitto.
Malkoek eragindako azkura. Mutilak listua irentsi eta amari begiratu zion.
— Jimmy, xalarekin batera gordeta dago, eta ama oso-oso nekatuta dago ditxosozko maleta horiekin aurrera-atzera ibiltzeaz.
— Baina Billy Jonesek bat dauka.
— Maitea, begira zer ari zaren galtzen... Hortxe dago Askatasunaren estatua.
Txabusina jantzia zuen emakume berde handi bat, uharte batean zut, esku bat jasota zeukala.
— Zer dauka eskuan?
— Zuzi bat, maitea... Askatasuna munduaren argiztagarri... Eta hortxe dago Governors Island, beste aldean. Hor, zuhaitzak dauden lekuan... Eta begira, horixe da Brooklyngo zubia... Ikuspegi polita, ezta? Eta begiratu nasa guztiei... Hori Battery da... eta mastak eta ontziak... eta Trinity Churchen orratza eta Pulitzer izeneko eraikina...
Baporeen adar-hotsen orroa, ferry gorriak, ahateen modura zebiltzanak ur zuriari eraginez, merkantzi tren bat atoiontzi batek bultzatutako txalupilo baten barnean. Atoiontziak, arnasestuka, kotoi itxurako kezko bafadak botatzen zituen, guztiak ere neurri berekoak. Jimmyk eskuak hotz zituen eta bera ere arnasestuka ari zen oraindik.
— Zaude lasai, maitea. Jaitsi ea amak ezer utzi duen ahaztuta gelan.
Itsasoan tarte bat zegoen, ezpal, kaxoi, laranja-azal eta aza-orrizko geruza batez estalia, ontziaren eta nasaren artetik igarotzean estu-estu egin zena. Musika-banda batek dir-dir egiten zuen eguzkitan, txapel zuriak, aurpegi gorri izerditsuak, Yankee Doole jotzen.
— Hau dena enbaxadorearengatik da, gelatik inoiz ateratzen ez zen gizon handi hura, gogoan daukazu?
«Pasagunean behera, kontuz, ez egin behaztoparik.» Yankee Doodle went to town... Aurpegi beltz distiratsu bat, esmalte zuri koloreko begiak, esmalte zuri koloreko hortzak. «Bai andrea, bai andrea». Stucka feather in his hat an'called it macaroni... «Hau portu frankoa da.» Burua ia lurreraino makurtzean, urdinez jantzitako mugazain batek soilunea erakutsi zuen... Tunte BUM BUM BUM BUM BUM... cakes and sugar candy...
— Hemen izeba Emilia dago eta beste guztiak... Maitea, zu bai zarela jatorra, gure bila etortzea ere...
— Maitea, seietatik nago hemen.
— Ene, nola kozkortu den!
Jantzi argiak; brotxeen dirdaia; Jimmy aurpegiz inguratua; arrosen lurrina eta osabaren puruaren usaina nahasita.
— Hara! Oso kozkortuta dago, gizon bat ematen du. Etorri hona, mutiko, zu ikusi nahi zaitugu eta.
— Tira ba, agur Mrs. Herf. Egunen batean gure etxetik hurbil bazabiltza... Jimmy, gaztetxo, ez zaitut ikusi lurrari muin ematen...
— O, gatz handia du mutil horrek... Eskola zaharrekoa da oso, benetan.
Taxiak hezetasun-usaina zuen. Kulunka zihoan etorbide zabal batean gora, hauts zurrunbilo baten erdian, oihuka ari ziren haur narratsez beteriko adreiluzko kale kirastuetan zehar, eta kaxek atergabe kirrinka eta salto egiten zuten kotxearen goialdean.
— Amatxo, ez duzu uste sabaia zulatuko dutela?
— Ez, maitea.
Emakumeak barreari eman zion burua alde batera eramanez. Masaila gorrixkak zeuzkan eta begiek dir-dir egiten zuten belo marroiaren azpian.
— O, amatxo... —altxatu eta musu eman zion kokotsean—. Hau da jendetza, amatxo!
— Uztailaren Laua delako.
— Zertan ari da gizon hori?
— Mozkortuta egongo da, maitea.
Banderez apaindutako harmaila batetik patila zuridun gizon bat, alkandoraren mahuketan liga gorri txikiak zeuzkana, hitzaldi bat ematen ari zen.
— Hori Uztailaren Lauko hizlari bat da. Independentziaren Aldarrikapena irakurtzen ari da.
— Zer dela eta?
— Gaur Uztailaren Laua delako.
Danba!... Petardo baten eztanda.
— Ume deabru horrek zaldiak izutu ditu... Uztailaren Lauan, maitea, Independentziaren Aldarrikapena sinatu zen, 1776an, Iraultzaren Gerra zen bitartean. Nire berraitona Harland hil zen gerra hartan.
Makina berde bat aurretik zeukan tren txiki xelebre baten burrunba entzuten zen haien buruaren gainetik.
— Hori tren jasoa da... eta begira, hori Hogeita Hamahirugarren Kalea da... eta Flatiron izeneko eraikina.
Halako batean, brast, kotxea eguzkiak ederki argiztatutako plaza distiratsu batean sartu zen; han, asfaltoak eta jendetzak sortutako usaina zen nagusi; ate handi baten aurrean gelditu zen, nondik letoizko botoiekiko zerbitzari beltzak abiatzen baitziren haren bila.
— Iritsi gara ba, Bosgarren Etorbideko hotelera.
Izozkia osaba Jeffen etxean. Zapore hotz bat, gozoa, mertxikena bezalakoa, ahosabaiari itsatsia. Bitxia zen ontzitik jaitsi eta gero ere horren kulunka sumatzea. Urrutiko kaleetan goiztiriaren argi-izpi urdinak urtzen ari ziren. Goiztiri urdinean suzirien txinparta distiratsuak. Koloretako izarrak erortzen ari ziren lurrera. Bengalak. Etxeko atearen aurreko zuhaitz batean osaba Jeffek haize-errotatxo batzuk iltzatu eta bere puruaz irazekitzen zituen. Bengalei eutsi egin behar zitzaien. «Adi egon eta beste aldera begiratu, txiki». Hots isil batek eztanda egin zuen esku artean. Arrautza itxurako puxika gorriak, horiak, berdeak aireratzen ziren; bolbora-usaina eta paper erreskaldatua. Kale marmarti distiratsuan kanpai baten hotsa entzuten zen, gero eta hurbilago, gero eta azkarrago. Azorriatutako zaldien apoek txinpartak eragiten zituzten. Suhiltzaileen kamioi bat kale-kantoira iritsi eta orroka desbideratu zen, gorri eta dirdaitsu, kea zeriola. «Broadwayn izan behar du». Atzealdean, eskailera-furgoia eta suhiltzaileburuaren zaldi azkarrak. Gero, anbulantzia baten txilin-hotsa. «Norbait arazotan dago».
«Kutxa hutsik zagok. Hauts xehea eta zerrautsa azkazaletan barna sartzen dituk eskuztatuz gero. Hutsik zagok. Ez, oraindik egurrezko suhiltzaile-kamioi batzuk zaudek. Benetako suhiltzaile-kamioiak.»
— Martxan jarri behar ditugu, osaba Jeff. O, hauexek dira onenak.
«Petardoak zauzkatek barruan eta ziztu bizian ateratzen dituk asfalto leunean zehar, txinparten gandor distiratsuek bultzatuta, eta kea atzetik botatzen ditek egiazko suhiltzaile-kamioiak bailiran.»
Ohean tapaturik, gela arrotz batean, begiak sutan eta hankak minetan.
— Hazteak mina ematen du, maitea —esan zuen amatxok, zetazko jantzi distiratsu bat soinean, haurra estalkiaz tapatzen ari zela, hura zegoen lekurantz makurturik.
— Amatxo, zer da aurpegian duzun orin beltz txiki hori?
— Hau? —esan zuen bere idunekoak hots txiki bat eginez—. Hau amak politagoa emateko da.
Mutikoa ohean zegoen, armairu garaiez eta apaintze-mahaiez inguraturik. Kanpotiko gurpil-hotsak eta ardaila entzuten ziren, baita aldian-aldian musika-banda bat ere, urrun. Hainbesterainokoa zuen hanketako mina, une batetik bestera eroriko zitzaizkiola ematen baitzuen, eta, begiak ixteaz bat, bere burua ziztuan ikusi zuen ilunpe distiratsuan gaindi, atzealdetik sua, txinpartak eta koloretako bolak jaurtikitzen zituen suhiltzaile-kamioi gorri baten barruan.
Uztaileko eguzkiak bulegoko leihoetako pertsiana higatuen zuloak urratzen zituen. Makuluak belaun artean, Gus McNiel besaulki batean eserita zegoen. Aurpegia zurbil zeukan eta hanpaturik, ospitalean hainbeste hilabete eman ondoan. Mitxeleta gorriez apaindutako lastozko kapela bat buruan, Nellie kulunka ari zen idazmahaiko aulki birakariaren gainean.
— Hobe zenuke nire ondoan esertzea, Nellie. Seguru asko abokatu horri ez litzaioke gustatuko zu bere mahaian topatzea.
Emakumeak sudurra zimurtu eta zutitu egin zen.
— Gus, zu beldurrak airean zaude, benetan diotsut.
— Zu berdin egongo zinateke, konpainiako sendagilearekin hitz egin bazenu. Espetxeko elementuren bat bazina bezala begiratuko lizuke. Gainera, abokatuak hartu duen sendagile juduarekin ere egon naiz. Ni guztiz ez-gai-tu-a naizela esan du. Ene, leher eginda nago! Dena den, nire ustez, gezurretan ari zen.
— Gus, zuk egin nik esaten dizudana. Ezpainak lotu eta besteei utzi hitz egiten.
— Txintik ere ez dut esango.
Bere aulkiaren atzean zutik, Nellie ile latza ferekatzen hasi zitzaion, eskuei haren bekokitik atzerantz eraginez.
— Nahiago nuke orain berriro etxean banengo, Nellie, zure platerekin eta hori dena.
Gus McNielek beso batez gerria inguratu zion berarengana erakarriz.
— Auskalo, beharbada ez dut janaririk bat ere izango prestatzeko.
— Hori bai buruhauste itzela... Ene, diru hori irabazten ez badugu, ez dakit nola egingo dugun aurrera.
— O, aitatxok lagunduko digu. Ez da lehenengo aldia.
— Espero dut bizitza osoa gaixorik ez ematea.
George Baldwinek danbateko bat eginez itxi zuen kristalezko atea. Eskuak poltsikoan, unetxo bat eman zuen Gusi eta haren emazteari begira. Gero, irribarreka esan zuen lasai-lasai:
— Tira ba, kontua eginda dago. Geroko erreklamazioei uko egiteko agiria izenpetu bezain laster, konpainiako abokatuek hamabi mila eta bostehun dolarreko txeke bat eskuratuko didate. Horixe da azkenean hitzartu genuena.
— Hamabi mila dolar! —esan zuen arnasestuka Gusek—. Hamabi mila eta bostehun. Aizu, egon apur bat... Eutsi makuluei kalera noa-eta ea inork berriro harrapatzen nauen... Ikusiko duzue nolako aurpegia jartzen duen McGillycuddyk honen berri ematen diodanean. Gizajoak lehenengo merkantzi trenaren azpira botako du bere burua... Tira, Mr. Baldwin... —Gus zutitu egin zen—. Zu benetan gizon aparta zara, ezta Nellie?
— Bai, hala da.
Baldwin ahaleginetan ari zen emakumearen begiekin topo ez egiteko. Bulkada menderaezinak sentitzen zituen bere baitan, bere barneko asalduraren adierazgarri; hartara, hankak dardarka hasi zitzaizkion ahuleziaren ahuleziaz.
— Oraintxe esango dizut zer egingo dugun —esan zuen Gusek—. Kotxe bat hartu eta McGillycuddyrenera joango gara tabernako barruko gelan zerbait edatera, eztarria bustitzeko... Nik ordainduko dut. Trago bat edan behar dut indarrak berritzeko. Goazen Nellie.
— Atseginez joango nintzateke —esan zuen Baldwinek—, baina, zoritxarrez, ezin dut. Egun hauetan oso lanpetuta nago. Baina alde egin aurretik sinatu egin behar duzu eta bihar bidaliko dizut txekea... Sinatu hemen... eta hemen.
McNiel herrenka idazmahaira hurbildu eta paperen gainean bermatu zen. Baldwin ohartu zen Nelliek keinu bat egin nahi ziola. Begirada beherantz mantendu zuen, tinko. Haiek lekutu ondoren, mahairen ertzean Nelliek ahaztutako diru-zorroari erreparatu zion, atzealdean grabatu bat ageri zuen larruzko zorro txikiari. Kristalezko atean kask-kask jo zuten. Abokatuak ireki zuen.
— Zergatik ez didazu begiratu nahi izan? —galdetu zuen emakumeak ahapeka eta aztoratuta.
— Bera hemen egonda?
Baldwinek diru-zorroa luzatu zion. Emakumeak lepoa inguratu eta indarrez musu eman zion ahoan.
— Zer egingo dugu? Etorriko al naiz arratsaldean? Gusek gaixotu arte edango du, orain ospitaletik atera denez gero.
— Ez, Nellie, ezin dut... Negozioak... negozioak... Oso-oso lanpetuta nago.
— Bai, bai, noski... Ederki, egizu nahi duzuna.
Danbateko bat eginez itxi zuen atea.
Bere idazmahaian eserita, Baldwin hazkozkorrei haginka ari zitzaien, aurpegi aurrean zeukan paper piloa ikusi gabe. «Honi akabua ipini behar zaio» goraki esanda zutitu egin zen. Alde batetik bestera zebilen bulego meharrean zehar, inguruan zeukanari so: apalategi batzuetan, Zuzenbideko liburu batzuk; telefonoren goialdean, neska batzuk erakusten zituen Gibson egutegi bat; leiho ondoan, eguzkiaren argiak osatutako karratu hautsezko bat. Erlojuari begiratu zion. Bazkalordua. Artega, ahurraz bekokia ukitu eta telefonora joan zen.
«Rector 1237... Mr. Sandbourne hor al dago?... Aizak, Phil, zer iruditzen zaik hire bila banoa elkarrekin bazkaltzera joateko?... Oraintxe bertan irten nahi duk?... Noski... Esnezalearentzako kalte-ordaina lortu diat, Phil. Pozez zoratzen nagok. Taxuzko bazkari batera gonbidatuko haut hau ospatzeko... Laster arte.»
Telefonotik irribarretsu urrundu zen, eta gero, kakotik kapela hartu eta, esekigailuko ispilu txikiaren aurrean, kontu handiz ipini zuen buruan. Azkenik, ziztuan abiatu zen handik, eskaileretan behera.
Azken zatian Mr. Emery topatu zuen, Emery&Emery-koa, bulegoak lehenengo pisuan baitzeuzkaten.
— Epa, Mr. Baldwin, zer moduz?
Emery&Emery-ko Mr. Emeryk aurpegi zapala zeukan eta ile eta bekain grisak. Bere masailezurrak ziri baten modura egiten zuen aurrera.
— Oso ondo, jauna, oso ondo.
— Esan didate gauzak ondo doazkizula... Zerbait New York Central trenbide-konpainiari buruz.
— O, Simsbury eta biok auzitegira jo gabe konpondu dugu kontua.
— O —esan zuen Mr. Emeryk, Emery&Emery-koak.
Kalean elkarrengandik bereizi-hurren zeudela, Mr. Emeryk esan zuen bat-batean:
— Nahi al zenuke hauetako egunen batean emaztea eta biokin afaldu?
— Ba... bai... atsegin handiz.
— Gogoko dut nire lanbidekide gazteagoak nola aritzen diren ikustea, ulertzen didazu, ezta?... Tira, idatziz jakinaraziko dizut... Datorren asteko gauren batean... Horrek aukera emango digu hitz-aspertu polit bat egiteko.
Zain urdinez beteriko esku bat estutu zuen, alkandoraren eskumutur gogor distiratsu batean bildua, eta Maiden Lane-n behera egin zuen, bere ibilera biziaz egunsentiko jendetzaren artean aurrera eginez. Pearl Street-en, kafe xigortuaren usaina zuten eskailera beltz batzuen tarte aldapatsu batetik igo eta kristal esmerileztatuzko ate batean jo zuen.
— Aurrera! —oihu egin zuen baxu-ahots batek.
Alkandoraren mahukak jasota zeuzkan gizon beltzaran luzanga bat urrats luzez irten zitzaion bidera.
— Epa George, uste nian honezkero ez hintzela etorriko. Goseak amorratzen nagok.
— Phil, gaur gonbidatuko haut inoiz egin duan bazkaririk gozoenera.
— Ondo zagok, ez nian gutxiagorik espero.
Phil Sandbournek jaka jantzi, bere pipa marrazketa-mahaiaren ertzean astindu eta barruko bulego ilun baterantz oihu egin zuen:
— Bazkaritara noa, Mr. Specker.
— Ondo, joan lasai —erantzun zuen ahuntz-ahots batek bulegoaren barrualdetik.
— Zer moduz agurea? —galdetu zuen Baldwinek irtetean.
— Mr. Specker? Hanka bat hobian dik dagoeneko... Baina gizajoak urte piloa zeramak horrela. Benetan esaten diat, George, izugarrizko nahigabea hartuko nikek ezer gertatuko balitzaio Specker gizajoari. Bera duk New Yorkeko gizon zintzo bakarra. Gainera, burua bere lekuan zaukak.
— Orain arte horrek ez ziok ba ezertarako balio izan —esan zuen Baldwinek.
— Baina batek zakik geroan... Baina batek zakik geroan... Ikusi beharko hituzke altzairu hutsezko eraikinei buruz dituen planak. Etorkizuneko etxeorratza eraikitzeko altzairua eta kristala baino ez dela behar uste dik berak. Arestian zeramikazko baldosekin esperimentatu diagu... Jainkoarren! Bere proiektuetako batzuek aho-zabalik utziko hindukete. Oso gogoko dik Erroma adreiluz eginda aurkitu eta marmolez berreginda utzi zuen Erromako enperadore bati buruzko esaera bikain bat. Tira, berak ziok New York adreiluz eginda aurkitu zuela eta altzairuz berreginda utziko duela... altzairuz eta kristalez. Hiria zaharberritzeko egin duen proiektua erakutsi behar diat. Milaka dorre eta gaztelu egiten ditik, bere gogoan baino ez, ordea.
Haragi errearen usaina zegoen jatetxe baten zoko batean, banku kuxindunetan eseri ziren. Sandbournek hankak mahai azpian luzatu zituen.
— Hau duk luxua, motel! —esan zuen.
— Phil, har dezagun koktel bana —esan zuen Baldwinek kartaren atzealdetik—. Esaten diat ba, Phil, aurreneko bost urteak dituk gogorrenak.
— Ez duk zertan kezkatu, George, hi aurrera egiten dutenetako horietakoa haiz... Ni ez aurrera ez atzera nagok.
— Ez zakiat zergatik, hik beti har dezakek delineatzaile-lanposturen bat.
— Hori bai etorkizun ederra! Zioat nik neurekiko. Marrazketa-mahai baten ertza sabelean sartuta duala bizitza osoa ematea ere! Jainkoarren, motel!
— Batek zakik. Bazitekek hauetako egunen batean Specker&Sandbourne enpresak arrakasta handia lortzea.
— Ordurako jendea hegaz egiteko makinetan ibiliko duk, eta gu biok harrentzako mokadu goxoak besterik ez gaituk izango.
— Tira, topa dagigun hire alde.
— Hire alde eta hire arkatzen alde, George.
Martiniak edanda ostrak jaten hasi ziren.
— Ez zakiat egia izango ote den ostrak larru bihurtzen direla sabelean, alkohola edanez gero.
— Entzun... Aizak, horretaz ari garela, zer moduz, oraindik lehengo neska takigrafo txiki harekin al habil?
— Motel, hik ez dakik zenbat janari, edari eta antzerki-sarrera ordaindu behar izan ditudan berarekin hasi nintzenetik... Eta hasieran bezala nagok... Benetan esaten diat. Hik ondo egiten duk, George, gonetatik urrun egonda.
— Bazitekek —esan zuen Baldwinek eta ahotik oliba-hezur bat bota zuen bere ukabil hertsira.
Entzun zuten lehenengo gauza bagoi txiki baten txistu dardarati bat izan zen, ferryaren sarrera-gunearen pareko espaloi-ertzetik zetorrena. Ontziralekuan gaindi, etorkin-talde bat noraezean zebilen; halako batean, mutil bat taldetik aldendu eta bagoi txikirantz jo zuen lasterka.
— Lurrin-makina baten modukoa da eta torlojoz eta azkoinez beteta dago —oihu egin zuen, bueltan arineketan zetorrela.
— Padraic, etorri hona.
— Eta hauxe da South Ferry tren jasoaren geltokia —jarraitu zuen Tim Halloran-ek, haien bila joana baitzen—. Hor goian Battery Park dago eta Bowling Green eta Wall Street eta finantzen barrutia... Tira goazen, Padraic, osaba Timothyk Bederatzigarren Etorbideko trenbide jasoan eramango zaitu eta.
Ontziralekuan hiru lagun bakarrik geratu ziren: buruan zapi urdin bat zeukan emakume zahar bat eta xal gorrimin bat zeukan neska gazte bat. Biak ere zutik zeuden, letoizko tatxetez jositako kaxa handi baten alde banatan. Horiekin batera, gizon zahar bat ere bazen. Hark zenbait egunetako bizar berdexka zeukan, eta aurpegia zimur-zimur eginda eta haritz ihar baten sustraiak bezain okertua. Emakume zaharra zinkurinatzen ari zen begiak malkotan: «Dove andiamo, Madonna mia, Madonna mia!». Neska gaztea gutuna zabaldu eta idazkera ikusgarriaren aurrean kliskatzen hasi zen. Bat-batean, gizon zaharrari hurreratu zitzaion: «Non posso leggere», eta gutuna luzatu zion. Gizon zaharrak eskuak ezintasunez igurtzi, buruari atzetik aurrera eragin eta zerbait errepikatu zuen behin eta berriro, neskari guztiz ulertezina gertatu zitzaiona. Neskak sorbalda jaso, irribarre egin eta bere kaxa zegoen lekura itzuli zen. Siziliako gizon patiladun bat emakume zaharrari mintzatzen ari zitzaion. Kaxari sokatik heldu eta arrastaka eraman zuen aurreko espaloian geldirik zegoen zaldi zuri batek tiraturiko gurdi batera. Bi emakumeek kaxari segitu zioten. Siziliako gizonak eskua eskaini zion neska gazteari. Emakume zaharra, artean ere marmarka eta negar zotinka, nekez igo zen gurdiaren atzealdera, inoren laguntzarik gabe. Siziliako gizona gutuna irakurtzeko makurtu zenean, neska gaztea sorbaldaz doi-doi ukitu zuen. Neska urduritu egin zen. «Awright», esan zuen siziliarrak. Gero, zaldiaren bizkarra bridez jo, emakume zaharrarengana jiratu eta esan zuen oihu eginez: «Cinque le due... Awright».
© John Dos Passos
© itzulpenarena: Iñaxio Lopez de Arana, Martzelo Lopez de Arana