BEDERATZIGARREN LIBURUA

 

        Eta orain, bukatu da munduko bidea Franz Biberkopfentzat. Txikituko duten garaia heldu da. Botere ilun baten eskuetan erortzen da, heriotza izenekoan, eta egokia iruditzen zaio bizileku gisa. Baina ohartzen da haren asmoak zein diren, espero ez zituenak bezalakoak eta orain arte gertatu zaion guztia gainditzen dutenak.

        Egia biribilak esaten dizkio Franz Biberkopfi. Argitzen dizkio bere hutsak, bere harrokeria eta bere ezjakintasuna. Eta hala, hondoa jotzen du Franz Biberkopfek, bukatu da munduko bere ibilaldia.

        Gizona erraustuta dago. Beste Biberkopf bat azalduko da ordea, aurrekoa ez bezalakoa eta ustez gauzak hobeto egingo dituena.

 

 

Reinholden asteazken beltza,
baina kapitulu hau salta daiteke

 

        Eta poliziak susmatutakoa: «Badugu bat, bestea ere laster atzemango dugu», halaxe gertatzen da. Baina ez erabat, uste duten bezala. Zera uste dute, laster atzemango dugu. Baina... atzemanda dago, kaserna gorri beretik pasatu da, beste gela eta esku batzuetatik, barruan dago Moabiten.

        Izan ere Reinholdekin oso arin doa dena, eta amen batean amaitu du. Mutilari ez zaizkio gustatzen itolarri luzeak. Badakigu zer egin zion Franzi; haren jolasa ikusi eta egun batzuetara egin zituen harekikoak.

        Badoa Reinhold arratsalde batean Motzstrasse aldera, eta bere artean dio, iragarkien zutabeetan ipini ditek hilketaren berria eta saria, zeozer antolatu behar diat eta atxilo nazatela paper faltsuekin, poltsaren bat lapurtu edo. Giroa zakartzen denean, kartzela duk seguruena. Dena ongi ateratzen zaio, baina muturreko handiegia ematen dio andereñoari. Berdin ziok halere, pentsatzen du Reinholdek, behintzat bistatik alde. Eta kasernan paper faltsuak erakusten ditu, Moroskiewicz, litxarrero poloniarra, barrura, Moabitera, kasernan ez dira jabetzen nor daukaten, mutila ez da sekula egon itzalean, eta nork dauzka deskripzio guztiak buruan. Eta isil-isilik doa auzia aurrera, ezkutuan, gordean eta emeki, kasernan bezala. Baina Polonian bilatutako litxarreroa denez, eta holako alproja bat auzo fin batean dabilenez, ez non eta ez han jendea astintzen eta andereño bati poltsa osten, oraindik holakorik, ez gaude Polonia errusiarrean, zer uste zenuen ordea, horrek zigor eredugarri bat merezi du, eta egozten diote lau urteko espetxea eta bost urteko eskubide-gabetzea, zaintzapea eta gainerako guztiak, eta ukabil-burdinak kentzen dizkiote. Akusatuaren bizkar joango dira auziaren kostuak, hamar minutuko etena egingo dugu, berogailua goregi dago, bitartean ireki itzazue mesedez leihoak, ba al duzu besterik esateko?

        Reinholdek ez du noski besterik esateko, gora jotzeko aukerari eusten dio, pozik dago horrela hitz egiten diotelako, hemen ezin zaio ezer pasatu. Eta bi egunetan dena igaro da, dena, dena, eta berriz burua altxatu diagu. Txerrikeria ederra Mieze eta astapito horrena, Biberkopfena, baina oraingoz lortu diagu nahi genuena, aleluia, aleluia, aleluia.

        Hori dena gertatu da, eta Franz atxilotu eta kasernara daramatenerako, benetako hiltzailea, Reinhold, Brandenburgen dago, eta inork ez du beragan pentsatzen, hondoratuta eta ahaztuta dago, eta munduak hankaz gora botata ere ez diote antzemango. Ez du inongo kezkak oinazetzen, eta dena berak uste bezala izan balitz, oraindik barruan egongo zen edo lekualdatze batean alde egingo zuen.

        Baina mundua antolatuta dagoen eran atsotitz txoroenak ere egia dira, eta norbaitek uste duenean dena ongi doala, inola ere ez doa ongi. Esanak gugan eta eginak Jainkoagan, eta sarri iturrira doan pitxerra apurtuko da. Nola igartzen dioten Reinholdi eta nola joan beharko duen laster bere bide gogor latzetik, kontatzera noa. Baina interesatzen ez zaionak, salta ditzala hurrengo orriak. Berlin Alexanderplatz liburu honetako gauzak Franz Biberkopfen patuari buruz egia dira, bitan eta hirutan irakurri eta buruz ikastekoak, egia dute barruan, atxiki beharrekoa. Baina Reinholdek bukatu du bere hemengo rola. Bera indarkeria hotza delako, bizitza honetan batere aldatzen ez dena, erakutsi nahi dut bere azken borroka samina. Azkena arte gogor eta harrizko ikusiko duzue, zirkinik gabe doa bizitzan aurrera..., aldiz, Franz Biberkopf okertuz doa eta azkenean, argi-izpi jakin batzuek jotako elementu baten antzera, beste elementu bat bilakatzen da. Ai, erraz esaten da: denok gizakiak gara. Jainkorik baldin badago..., hura ez bezalakoak gara, gure gaiztakeria edo zintzotasunagatik ez ezik guk bestelako izaera bat eta bestelako bizitza bat daukagulako, hura ez bezalakoak gara espeziez, jatorriz eta patuz. Entzun ezazue orain Reinholden akabera.

 

        Hala, Brandenburgeko espetxean Reinholdek tapizak ehuntzen lan egin beharra dauka poloniar batekin, baina benetakoa, eta benetako litxarreroa gainera, oso abila, eta Moroskiewicz ezagutzen duena. Moroskiewicz entzun eta nik hori ezagutzen diat, eta non dago, Reinhold ikusi eta esaten du: To, gogotik aldatu duk, nola liteke. Eta ezer ez baleki bezala eta inondik ezagutuko ez balu bezala egiten du, eta halako batean komunean Reinholdengana hurreratu, han erretzen baitute, eta ematen dio zigarro erdi bat eta hitz egiten dio, eta hark ez du polonieraz batere txukun egiten. Baina Reinholdi polonierazko solasa batere gustatu ez eta ehundegitik hanka egiten du, nagusiak handik ateratzen du, nekatu plantak eginda, eta ziegen sailera darama, biltzaile lanak egitera, han gutxiago ondoratzen zaio jendea. Dlugak, poloniarrak, ez du etsitzen baina. Ziega batetik bestera hoska dabil Reinhold: egindako lana atera! Eta nagusiarekin dagoenean Dlugaren ziega aldamenean, eta nagusia orduantxe tapizak zenbatzen ari denean, xuxurlatzen dio Dlugak Reinholdi ezagutzen duela berak Varsoviako Moroskiewicz bat, hura ere litxarreroa, hire senidea al da? Reinhold ikaratu, poloniarrari pakete bat tabako eman eskupetik eta aurrera darrai: egindako lana atera!

        Poloniarra pozten da tabakoarekin, bazegok hemen zerbait, eta Reinholdi xantaia egiten hasten da, hark beti baitauka ezkutuko diruren bat.

        Eta izugarri arriskutsua bihur zitekeen kontua Reinholdentzat, baina oraingoan ere suerte latza du. Kolpeari eusten dio. Denean zabaltzen du: Dlugak, bere herrikideak, mingaina dantzatu nahi du, konturen bat daki berari buruz. Eta atseden-orduaren erdian berealdiko jipoia ematen diote, Reinholdek ere berealdikoak ematen dizkio poloniarrari. Horrengatik botatzen diote astebete ziegan, bakarka, soilik hirugarren egunean oheko arropa eta janari beroa. Gero irten eta dena lasai eta bare topatzen du.

        Baina orduan Reinhold bera sartzen da saltsan. Emakumeek bizitza osoan zehar ekarri diote zorigaitza eta zoriona, maitasunak hautsiko dio orain lepondoa. Dlugaren arazoak asaldua eta amorru handia eragin diote, etengabe hemen egon beharra, eta holako tipo baten axioak jasan beharra, eta lagunik gabe egotea, eta bakardadea, hori gero eta barrurago sartzen zaio, astea joan eta astea etorri. Eta hainbeste denbora daramanez bertan eta gustura garbituko lukeenez Dluga, adiskidetzen da lapurretak indarrez egiten dituen batekin, hura ere Brandenburgen aurreneko aldiz egon eta martxoan askatzekoa dutena. Lehenbizi biek bat egiten dute tabakoaren tratuan eta Dluga iraintzean, gero adiskide estu eta minak egiten dira, Reinholdek sekula ezagutu gabeko moduan, eta emakumea ez bada ere, baizik eta mutila, halere ederra da, eta Reinhold pozik dago Brandenburgeko espetxean: Dlugaren kontu madarikatu horrek ekarri zidak behintzat gauza onen bat. Lastima, laster joango dela.

        «Oraindik denbora askoan eraman beharko ditiat txano beltza eta jaka marroia, eta ni hemen nagoen bitartean, non ibiliko haiz hi, ene Konrad ttikia?» Konrad deritza mutilari, berak behintzat hala dio, Mecklenburgekoa da eta kriminal handia izateko bidean doa. Pomeranian berarekin lapurretan jardun duten bietako bat hemen dago, hamar urterako. Eta asteazken beltz batean, Konrad askatuko duten aurreko gauean biak berriro ere logelan elkarrekin eta Reinhold bere burua hiltzeko zorian dagoela, atzera bakarrik geratu behar duelako eta beste inor ez daukalako ­aurkituko duk baten bat, eta ikusiko duk, Reinhold, laster bidaliko haute kanpora lanera, Werderrera edo­, Reinhold ezin da lasaitu, eta ez zaio buruan sartzen, eta ez zaio sartzen berari dena oker atera beharra, oilanda tuntun hori, Mieze, eta Franz Biberkopf astapotroa, zer axola zaizkit niri bi zorokilo horiek, bi mandotzar horiek, oraintxe jauntxo bat izan nintekean kalean, hemen gizaixo jendea besterik ez zegok, inorako ez daudenak. Orduan Reinhold erabat tematzen da eta negar eta zotin eta otoi egiten dio Konradi, eraman nazak hirekin, eraman nazak hirekin. Hark kontsolatzen du ahal duen bezala, baina alferrik da, hemen ezin zaiok inori aholkatu hanka egiteko.

        Botila txiki bat pattar eskuratu dute zurgindegitik, pulitzaile batena, Konradek Reinholdi botila eman, hark edan eta Konradek ere edaten du. Ez zegok alde egiterik, lehengoan bik alde egin edo behintzat alde egin nahi izan zitean, baina bakarra iritsi zuan Neuendorfer Strassera, eta kamioi batean igotzera zihoala harrapatu zian patruilak, gizonak bota duen odol pilarekin pareta gaineko kristal mutur alu horiengatik, erietxera eraman behar izan ditek, auskalo eskuak sendatuko zaizkion. Eta bestea, hura bizkorragoa, kristalak ikusi eta ttaka jaitsi zuan berriz patiora.

        «Ez, ez zegok ihesi hasterik, Reinhold.» Eta orduan Reinhold oso hits eta belaxka dago, eta oraindik lau urte egin behar ditu hemen, eta dena Motzstrasseko lelokeria horrengatik eta Mieze zerri horrengatik, eta Franz asto horrengatik. Zurginen pattarretik edan eta hobeto sentitzen da, atera dituzte gauzak, labana fardelaren gainean, igaro da ixteko ordua, sarrailari bi buelta, morroiloa eman, oheak muntaturik. Xuxurlan ari dira Konraden ohean, Reinholdek goibelaldia dauka: «Hi, esango diat nora joan Berlinen. Ateratzen haizenean, joan hadi nire andregaiagana, auskalo noren andregaia izango den orain, esango diat helbidea, eta emaizkidak albisteak, badakik. Eta gero jakin ezak zertan geratu den nire kontua, zera, Dlugak zerbaiten susmoa bazeukak eta. Ezagutu nian Berlinen holako beste zera bat, erabateko inuxentea, Biberkopf zian izena, Franz Biberkopf...»

        Eta xuxurlatzen eta kontatzen eta eusten dio Konradi, hark belarriak zabalduta baietz eta baietz, eta laster dakizki ipi-apa guztiak. Ohera sartzen lagundu behar dio Reinholdi, negar batean baitago, amorruz eta desolazioz eta haserre bere patuarekin, eta ezin duelako ezer egin eta zuloan dagoelako. A zer gauza, diotso Konradek, lau urtetxo; Reinholdek ez du nahi eta ez du nahi, eta ezin du jasan eta ezin da hola bizi, espetxeko zoramena dauka.

        Hori asteazken beltzean. Ostiralean Konrad Berlinen da Reinholden andregaiarenean eta ongietorri beroa jasotzen du eta egun osoa hizketan pasatzen du eta neskak dirua ere ematen dio. Ostiralean da hori, eta astelehenean amaituko dira Reinholden gorabeherak. Hala, Konradek Seestrassen topo egiten du lagun batekin, erreformatorioko lagun izana, orain lanik gabe dagoena. Eta Konrad aho betean hasten da harekin, nola doakion, gonbidatzen du tabernan, eta gero neskekin doaz zinemara. Konradek basakeriak kontatzen ditu Brandenburgi buruz. Neskak gainetik kentzean, gauaren erdia igarotzen dute lagunaren etxe-zuloan, eta astelehen gauean Konradek Reinhold aipatzen du, bere buruari Moroskiewicz esaten ziok, eta mutil jatorra duk, kanpoan ez duk holako bat aise topatzen, gauza larriengatik bilatzen ditek, auskalo zenbateko saria dagoen beragatik. Eta hori esan bezain laster jabetzen da erokeria egin duela, baina lagunak zin-zinez hitzematen dio ezer ez duela esango, motel, ezta txintik ere, eta gainera Konraden 10 marko jasotzen ditu.

        Hala, asteartea iritsi eta han dago lagun hau kasernako behealdean posterrei begira, egia ote da, bilatzen dutena, Reinhold ote da, izen hori dik, hemen ote dago, eta saria ote dauka, edo Konrad fanfarroikerian aritu ote da.

        Eta txunditzen da eta hasieran ez du sinesten izena irakurtzean, ene bada, Parsunke prostitutaren hilketa Freienwalden, hortxe zegok izena, bera ote da, ene bada, 1.000ko saria, hara, 1.000 marko. Barruraino hunkitzen du horrek, 1.000 marko, eta berehala alde egin eta arratsaldean berriz dator bere neskalagunarekin, Konradekin topo egin duela dio hark, eta higatik galdetu zidak, bai, bazeukak errezeloren bat, zer egin, egin behar al dugu, motel, duda egitea ere, hiltzaile bat duk, eta hiri zer axola zain, eta Konrad, zer egin behar dun Konradekin, ez duk berriz harekin berehala topo egingo, zer ba, nondik jakingo du hi izan haizela, eta dirua, pentsa ezak, 1.000 marko, eta hi langabezia kobratzen eta zalantza egiten duk 1.000 markorekin. «Bera ote da?» «Tira, goazen barrura.»

        Barruan, zerbitzuko komisarioari zehatz-mehatz jalkitzen dio dakien guztia, Moroskiewicz, Reinhold, Brandenburg... nondik dakien ez diotso. Paperik ez daukanez, berak eta neskalagunak bertan geratu behar dute oraingoz. Gero... dena ongi.

        Larunbatean Konrad Brandenburgera doala, Reinholdi bisita eginez Reinholden andregaiaren eta Pumsen hainbat gauza eramatera, egunkari bat dago han bagoian, egunkari zahar bat, ostegun gauekoa, aurreneko orriak dio: «Freienwaldeko hiltzailea atxiloturik. Izen faltsuarekin zegoen espetxean.» Trenak karrankatzen du Konraden azpian, errailak joka, trena karranka. Noizkoa da egunkaria, zein da, Lokalanzeiger, ostegun gaua.

        Harrapatu ditek. Berlinera eraman ditek. Neu izan nauk.

        Reinholdi, bere bizitza guztian, emakumeek eta maitasunak zorigaitza eta zoriona ekarri dizkiote, eta azkenean hondamena ere ekarri diote. Berlinera aldatu dute, amorraturik jarri da. Gutxigatik ez dute eraman, Biberkopf bere lagun ohia dagoen zentrora. Hala, Moabiten lasaitu denean, zain dago, ea bere auziak nola egiten duen aurrera eta zer berri den Franz Biberkopfena, hura baita bere konplize edo bultzatzailea, baina oraindik ez dago argi zertan bukatuko duen hark.

 

 

Bucheko eroetxea,
segurtasun-zentroa

 

        Kasernako eraikin panoptikoaren presondegian, hasieran uste dute Franz Biberkopf itxura egiten ari dela, eroarena egiten ari dela, badakielako bere kaskoa jokoan dagoela, baina gero medikuak dakusa, Moabiteko erietxera daramate eta han ere ez diote hitzik ateratzen, benetan zoratu dela dirudi, zurrun egoten da etzanda, begiak zertxobait kliskatuz. Bi egunetan jan nahiezik egon ondoren Buchera daramate, eroetxera, segurtasun-zentrora. Halere horixe da egokiena, zainduta egon behar du eta.

        Hasieran obserbazio-gelan ipintzen dute Franz, beti larrugorrian zegoelako eta tapatzen ez zelako, alkandora bera ere urratu zuen, bizi-aztarna bakar horixe eman zuen Franz Biberkopfek aste batzuetan. Begiak indarrez itxita, zurrun etzanda eta ezer jan nahiezik, zunda nasogastrikoaren bitartez elikatu behar izan zuten, asteetan esnea eta arrautzak soilik, koñak pixka batekin. Hala, gizon indartsua guztiz urritu zen, zaintzaile bakarrak aise eramaten ahal zuen bainuontzira, hori asko gustatzen zitzaion Franzi, eta bainuontzian hitz pare bat ere esaten zituen, baita begiak ireki, hasperen eta aiene egin ere, baina hots haietan ez zegoen ezer argirik.

        Herriaren atzealdean dago Buch egoitza, segurtasun-zentroa aparte dago beste zentroetatik, haietan gaixoak besterik ez baitaude, ezer okerrik egin ez dutenak. Soilgune batean dago segurtasun-zentroa, lur zabal, zelaian, haizeak, euriak, elurrak, hotzak, egunak eta gauak jo eta ke erasotzen diotela. Ez dago kalerik elementuei eusten dienik, arbola eta sasi batzuk baino ez, telegrafo-zutoin batzuk ere bai, baina gainerakoan euria eta elurra, haizea, hotza, eguna eta gaua bakarrik.

        Bumm bumm, haizeak bularra harrotu, arnasa hartu, gero barrika baten antzera botatzen du, arnasa bakoitza mendi bat bezain astuna da, mendia hurreratu, krak, burrunbatzen du etxea; burrunbatzen du baxuak. Bumm bumm, kulunkatzen dira arbolak, ez dakite erritmoa segitzen, hura eskuinera doa eta haiek oraindik ezkerretan daude, zartatzen ditu orain. Pisuak erortzen, airea mailuka, zarta, kirrinka, kraska, bumm, hirea nauk, goazen, laster helduko gaitun, bumm, gaua, gaua.

        Franzek oihua aditzen du. Bumm bumm, ez duk isiltzen, behingoz isilduko balitz. Mahai batean irakurtzen zegok zaintzailea, ikus zezakeat, orroak ez ziok galarazten. Aspalditik nagok etzanda. Ehiza, ehiza madarikatua, zalapartan ehizatu naitek, txikituta zeuzkaat besoa eta hankak, jo eta txikituta zeukaat lepondoa. Bumm bumm, aritzea dik lantuan, aspalditik nagok etzanda, ez nauk zutituko, Franz Biberkopf ez duk gehiago zutituko. Eta Azken Judizioko tronpetek jota ere, Franz Biberkopf ez duk zutituko. Egin dezatela garrasi nahi hainbat, etor daitezela zundarekin, orain zunda sartzen zidatek sudur-zulotik, ez dudalako ahoa zabaldu nahi, baina noizbait hilko nauk gosez, zertarako dituzte botikak, egin dezatela nahi dutena. Zer zerrikeria, madarikatua, hortatik pasatu nauk. Orain bere garagardoa edaten ari duk zaintzailea, hortatik ere pasatu nauk.

 

        Bumm zarta, bumm zarta, bumm ahari-burua, bumm atean danba. Gogor eta lasterka, kirrinka, astinduka elkartzen dira ekaitzaren indarrak eta aztertzen dute, oraintxe gaua min, zer egin Franz esna dadin, ez dizkiote gorputz-adarrak puskatu nahi, baina etxea oso lodia da eta ez ditu oihuak aditzen, baina kanpoan balego aldean, nabarituko lituzke eta Miezeri entzun garrasi batean. Hartara bihotza irekiko litzaioke, kontzientzia esnatu eta bera zutik jarriko litzateke, modu onean, eta ez zalantzan. Aizkora hartu eta zur gogorrari ekiten badiozu, zuhaitzik zaharrena ere garrasika hasten da. Baina zurrun etzatea, etsitzea, zorigaitzaren aurrean makurtzea, hori okerrena da munduan. Ezin dugu amore eman, edo sartzen gara indarrean ahari-buruarekin segurtasun-zentroan leihoak hautsiz, edo altxatzen ditugu teilatuko argi-zuloak; sentitzen gaituenean, garrasia aditzen duenean, Miezeren garrasia, horixe dakarkiogu hemen, orduan biziko da eta jakingo du zer pasatzen den. Ikaratu eta beldurtu behar dugu, ez dezala bakerik izan ohean, altxatu tapakia, bota Franz lurrera, kendu zaindariari liburua eta garagardoa mahaitik, bumm, bumm, irauli lanpara, bonbilla apurtzen dut, agian zirkuitulabur bat gertatuko da etxean, jarriko du sutan, bumm bumm, sua zoroetxean, sua segurtasun-pabilioian.

        Franzek belarriak tapatzen ditu, gogortzen da. Segurtasunzentroaren inguruan txandaka dabiltza eguna eta gaua, eguraldi argia eta euria.

 

        Hormaren ondoan herriko andereño gazte bat dago, zaintzaile batekin hizketan: «Antzematen al zait negar egin dudala?» «Ez, matraila bakarrik daukazu handituta.» «Buru osoa, lepondoa, dena. Bai.» Negar egiten du, ateratzen du eskuzapi bat patrikatik, aurpegia samin bihurritzen zaio. «Ez dut ezertxo ere egin, baina. Okinarengana joan behar nuen, zeozeren bila, hango neska ezagutzen dut eta galdetzen diot zer dabilen, eta esaten dit okinen dantzaldira doala gaur. Nola egon liteke beti etxean eguraldi txar honekin. Eta beste billete bat daukala eta nirekin joan nahi duela. Niri sosik kosta gabe. Jatorra neska, ezta?» «Esango nuke.» «Ba entzun behar zenien nire gurasoei, nire amari. Ez naizela joango. Zergatik ez, itxurako dantzaldia dela eta aldian behin ondo pasa nahi izaten dela, ea zer bizimodu den hau. Ez, ez haiz joango, eguraldi txarra egiten din eta aita gaixo zegon. Eta nik baietz. Hala, sekulako berotua eman didate, zuzena al da hori?» Negar egiten du, begiak josita. «Zer lepondoko mina. Orain mesede hori egigun, esaten dit amak, eta gera hadi hemen. Burutuko al dugu. Zergatik ez dut joan bekar, 20 urte dauzkat, larunbatean eta igandean joaten naiz, eta amak bai, baina orain osteguna dun eta neskak txartela dauka.» «Nahi baduzu, utziko dizut eskuzapi bat.» «Ai, sei blaitu ditut; burutik beherakoa ere badaukat, egun osoa negarrez daramat, eta zer esan behar diot neskari, ezin naiz dendara joan matrail honekin. Haraxe joan nahi nuen, beste pentsamendu batzuk eduki, Seppekin elkartu, zure lagunarekin. Gure artekoa bukatu da, idatzi diot, ez dit erantzuten, bukatu da.» «Utziozu. Hori lagun berri batekin ikusiko duzu asteazkenero herrian.» «Asko gustatzen zait. Horregatik joan nahi nuen.»

 

        Franzen ohean agure bat esertzen da, pattarrero sudurra daukana. «Motel, zabal itzak begiak, niri entzuten ahal didak. Nik ere itxura horixe egiten diat. Home, sweet home, zera, etxeko goxotasuna, hori niretzat lurpean zegok. Etxean ez banago, lurpera joan nahi diat. Mikrozefalo hauek troglodita egin nahi naitek, leizegizon, leize honetan bizi behar diat. Badakik zer den troglodita bat, horixe gaituk gu, esna zaitezte munduko pariak, gosez bizi zaretenok, borrokan erori zarete, herria maitatuz, den-dena eman duzue herriaren alde, bizitza, zoriona eta askatasuna. Horixe gaituk gu, motel. Luxuzko bere jauregian asetzen duk despota, bere egoneza ardotan itoaz, baina mehatxuzko zeinuak idazten ditik aspalditik esku batek mahai jorian. Ni autodidakta nauk, neure kasa ikasi diat, dena kartzelan, presondegian, orain hemen giltzapetu naitek, mendean hartu ditek herria, arriskutsua nauk gizartearentzat. Bai, hala nauk. Librepentsalaria nauk, aditzen al didak, hemen naukak eserita, munduko gizonik lasaiena nauk, baina ez gero zirikatu. Egunen batean esnatuko duk herria, indartsu, kementsu, libre, hartu atseden, senideok, zintzo eta bikain sakrifikatu zarete gugatik.

        «Aizak, adiskidea, zabal itzak begiak, aditzen hagoela jakin dezadan ­hori duk eta, nahikoa, ez haut salduko­, zer egin duk, tirano bat garbitu, pikutara zuek, borreroak, despotak, kantatu. Aizak, hi hortxe etzanda eta ni gau osoan lo hartu ezinik, kanpoan etengabe bumm bumm, entzuten al duk, hurrengoan zulo hau dena botako ditek. Arrazoi ditek. Gaur gauean kalkulatzen aritu nauk, gau osoan, zenbat buelta ematen dituen lurrak eguzki inguruan segundo batean, kalkulatu eta kalkulatu, 28 izango dituk, eta orduan iruditu zaidak, atsoa zeukaat ondoan lo, esnatzen diat eta esaten zidak: aitona, ez hadi berotu, ametsa besterik ez zuan. Edaten dudalako giltzapetu naitek, baina edaten dudanean sutan jartzen nauk, sutan, baina neure buruarekin bakarrik, eta begi aurrera datorkidan guztia apurtu behar diat, ez naizelako nire borondatearen jabe. Behin batean joaten nauk bulegora nire pentsioagatik, eta ukuilu hartako artaburuak zera, lumari hozka eta sekulako jauntxoak direlakoan. Nik jo eta atea zabaldu, eta esaten zidatek: zer nahi duzu, nor zara zu? Nik orduan ukabilaz mahaia jo eta: ez dut zuekin hitz egin nahi, norekin dut ohorea, ni Schögel naiz, telefono-liburua mesedez, gobernadorearekin nahi dut. Eta orduan txiki-txiki egin nian ukuilu hura, eta artaburu bik ere epelak kobratu zitiztean.»

 

        Bumm zarta, bumm zarta, bumm ahari-burua, bumm danbatekoa. Ekin eta astindu, zapart eta balantza. Nor da gezurti hau, Franz Biberkopf, Puzkerrots, Kirtenmotz, elurra egin arte itxaron nahi luke, orduan, uste du, hemendik alde egin eta ez gaituk gehiago bueltatuko. Zer ari ote da pentsatzen, holako zera batek ez daki pentsatzen, hutsik dauka goiko ganbara, hemen etzanda egon nahi du, temati. Baina festa hondatuko zioagu, guk burdinazko hezurrak zeuzkaagu, atean zapart erne, atean krak, atea zulatu, atea pitzatu, erne, aterik ez, zulo hutsa, leizea, bumm bumm, erne, bumm bumm.

        Burrunba bat, ekaitzean burrunba bat aditzen da, haize eta txistu artean burrunba bat zabaltzen da, andre batek burua jiratzen du, piztia eskarlata batean. Zazpi buru eta hamar adar ditu. Makakorro egiten du eta ontzi bat dauka eskuan, isekati, Franzi zelatan, ekaitzaren botereei topa eginaz: karrank, karrank, lasai jaunak, gizonak ez du askorik merezi, ez dago inorako, beso bakarra dauka, ez zaio geratzen haragi edo koiperik, laster hoztuko da, jartzen dizkiote poltsa beroak ohean, eta nik ja badaukat bere odola, hondar bat besterik ez dauka, horrekin ez du kopeta asko jasoko. Bai zera, esan dizuet, lasai jaunak.

        Franzen begi aurrean gertatzen da hori. Emagalduak bere zazpi buruak mugitzen ditu, makakorro eta baietz egiten du. Haren azpian biltzen ditu piztiak bere hankak, buruari eraginaz.

 

 

Glukosa eta kanfor-injekzioak,
baina azkenean beste bat
sartzen da tartean

 

        Franz Biberkopfek borroka egiten du medikuekin. Ezin die hodia kendu, ezin du sudurretik atera, olioa botatzen dute gomara, eta eztarrian eta zintzurrean behera irristatzen zaio zunda, eta esnea eta arrautzak urdailera doazkio dariola. Baina elikatzea amaitzean, itolarria eta goragalea hasten zaio Franzi. Neketsua eta mingarria da baina egin daiteke, baita eskuak lotuta eduki eta hatzak eztarrian sartu ezin badituzu ere. Azkar asko bota litekek nahi den guztia, eta ikusiko diagu nork egiten duen berea, hoiek edo nik, ea nork behartzen nauen zerbaitera mundu madarikatu honetan. Ez nagok hemen medikuek beren esperimentuak egiteko, eta ez zekitek zer pasatzen zaidan.

        Hala, gogorrean, Franz gero eta ahulago dago. Batera eta bestera saiatzen dira berarekin, hitz egin, pultsua hartu, goratu, beheratu, kafeina eta kanfor-injekzioak eman, glukosa eta kloruro sodikoa sartu zainetan, enemen aukera aipatzen dute bere ohe ondoan, eta agian oxigeno gehiago eman behar litzaioke, ezingo du maskara kendu. Berak bere artean, zer axola zaie nigatik jaun goren hauei. 100 pertsona hiltzen dituk egunero Berlinen, eta gaixotzen bahaiz mediku bakar batek ere ez dik higana etorri nahi, non eta oso diruduna ez haizen. Orain den-denak zetozak zalapartan, baina ez zetozak niri nondik lagunduko. Gaur hutsaren hurrengoa nauk hoientzat, atzo ere hutsaren hurrengoa ninduan, agian interesa zeukatek nirekin, eta horregatik haserretzen zaizkidak, ezin dutelako nirekin burutu. Eta ez zidatek hori opa nahi, inola ere, etxeko arauen kontra zoak hiltzea, egoitzako diziplinaren kontra. Akabatzen banaiz, agian egurra emango zietek, eta gainera epaiketa egin nahi zidatek Miezerenagatik, eta hanken gainean egon behar diat horretarako, hoiek bai borreroaren morroiak, borrero ere ez, borreroaren morroiak, urkabera haramate, eta gero hor zebiltzak mediku-mantalak jantzita, lotsa handirik gabe.

        Pabilioian itxitakoen artean zurrumurru isekati bat dabil, berriro bisita egon eta Franz lehen bezala ikusi ditek, gogotik saiatu dituk horrekin, injekzioak eman eta eman, hurrengoan buru gainean jarriko ditek, orain transfusio bat egin nahi ziotek, baina nondik atera odola, hemen ez zegok inor hain erorik horiei odolusten uzteko, gizaixoa bakean utz dezatela, nori berea, zer-nahi-hura izan dezala. Etxe guztia galdezka dabil, ordea, gaur zer injekzio emango ote dizkiote gure Franzi, eta atzetik barre egiten diete medikuei, alferrik ari dituk, ez ditek lortuko, gizaseme zaildua duk, gogorretakoa, argi utziko ziek denei, badaki zer nahi duen.

        Medikuek mantal zuriak jantzi kontsulta-gelan, han daude medikuburua, asistentea, bi boluntario, praktikantea, eta denek diote: estupor-egoeran dago. Mediku gazteek iritzi berezia dute: iruditzen zaie Franz Biberkopfen gaitza psikogenoa dela, hots, bere zurruntasuna ariman sortzen zaio, inhibizio eta estutasun-egoera patologikoa da, eta hori analizatzeak erakutsiko luke, agian, lehenagoko egoera animikoetara itzuli dela, baldin eta ­handia da baldin hau, tamalgarria da baldin hau, lastima, ikaragarri eragozten du baldin honek­ baldin eta Franz Biberkopfek hitz egingo balu eta berekin jesarriko balitz bilera-mahaian, berekin batera gatazka konpontzeko. Mediku gazteek hitzarmen bat iritsi nahi dute Franz Biberkopfekin. Mediku gazteak, bi boluntarioak eta praktikantea, banan-banan, goizeko eta arratsaldeko bisiten ostean Franzengana doaz, obserbazio-gela txiki hesitura, eta saiatzen dira ahalegin guztian harekin elkarrizketa bideratzen. Esate baterako, aintzakotzat ez hartzearen metodoa darabilte: den-dena entzungo balu bezala hitz egiten diote, eta egia da, eta konbentzitu ahalko balute bezala, bere isolamendutik irten eta itxitura apur dezan.

        Atarramentu onik ez eta boluntario batek lortzen du makina bat ekartzea aurreko egoitzatik, eta Franzi elektroshockak ematea, hain zuzen ere bularrean, eta azkenik elektroshockak aplikatzea masail aldean, lepoan eta aho-sabaian. Inguru horiek akuilatu eta kitzikatu behar dira batik bat.

        Mediku nagusiak jende bizia dira, asko ikusiak, hankak gustura luzatzen dituztenak, segurtasun-zentrora paseatzen joanaz, eta dena onartzen dutenak. Medikuburua kontsulta-gelako mahaian dago eserita, erizainburuak ezkerretik ematen dizkion txostenen aurrean, gazte jendea, alegia asistentea eta praktikantea leiho hesituaren ondoan daude, honetaz eta hartaz berbetan. Baieztatu dute somniferoen zerrenda, erizain berria aurkeztu da eta irten da erizainburuarekin, medikuak bakarrik daude, Baden-Badengo azken kongresuko protokoloa gainbegiratzen. Medikuburuak orduan: «Igual sinetsiko dute hurrengoan, paralisiaren jatorria ariman dagoela eta espiroketak zorriak direla, kasualitatez burmuinean daudenak. Arima, arima, oi sentimenduen kutxa modernoa! Medikuntza, kantaren hegaletan.»

        Bi medikuak isilik geratzen dira, beren baitan barrez. Belaunaldi zaharrak asko hitz egiten du, adin batetik aurrera kaltzioa ezartzen da burmuinean eta ez da ezer berririk ikasten. Medikuburua pafa-pafa ari da, izenpetu eta hitz egin:

        «Zera, elektrizitatea ona da, berritsukeria baino hobea. Baina korronte txikia erabiltzen baduzue, ez du ezertarako balio. Eta handia erabiltzen baduzue, ikustekoa izan liteke. Gerraz gero da ezaguna potentzia handiko tratamendua, aizue. Ez da zilegi, tortura modernoa da.» Orduan mediku gazteek kemena bildu eta galdetzen diote zer egin daitekeen Biberkopfen kasuan. «Lehenbizi diagnosi bat egin, ahal bada zuzena. Arima ukaezin horretaz gain ­oraindik ezagutzen ditugu gure Goethe eta Chamisso, garai batekoak diren arren­, horretaz gain badaude, halaber, sudurreko odoljarioak, babak eta hanka hautsiak. Horiek tratatu beharra dago, taxuzko hanka hautsi baten edo baba baten aurrean medikuari dagokion eran. Hanka puskatu bati egiten diozuena egiten diozuela, arren eta arren esanda ez da sendatuko, eta zuek pianoa jota ere ez da sendatuko. Ferula bat ipini eta hezurrak kokatu behar dira, eta hala berehala osatuko da. Baba batekin ere beste hainbeste. Pintzelatzea eskatzen du, edo oinetako hobeak erostea. Azkena garestiagoa da, baina praktikoagoa.» Pentsio-eskubidea duenaren jakinduria, maila intelektuala zero. «Orduan zer egin behar da Biberkopfen kasuan, zer deritzazu, jauna?» «Diagnosi zuzena egin. Alegia, aspaldi zahartuta dauden nire diagnostikoen arabera, estupor katatonikoa. Non eta ez dagoen atzean gordeta arrazoi organiko arrunt bat, burmuinean zerbait, tumor bat, mesozefaloan zerbait, zera, entzefalitis epidemikoan ikasi genuena, zaharrok behintzat. Agian ustekabe bat hartuko dugu oraindik disekzio-salan, ez litzateke izango aurreneko aldia.» «Estupor katatonikoa?» Hobe likek, berak erostea oinetako berriak. «Bai, zurrun etzanda egote hori, izerdi-pats horiek, eta gainera batzuetan kliskatu eta zuzen-zuzen begiratzen digu, baina ez fitsik esan, ez fitsik jan, katatonia ematen du. Itxurati batek edo psikogeno batek azkenean pott egiten du. Gosez hil, ez da ez, hainbesteraino iritsiko.» «Eta zer mesede egiten dio gizonari diagnosi horrek, jauna, balio al dio ezertarako?» Oraintxe jarri diagu estu eta larri. Medikuburuak algara egin eta zutitzen da; leiho aldera joan eta tapateko bat ematen dio asistenteari sorbaldan: «Bueno, hasteko, zuetaz libratuko da, lankide maiteok. Hartara, lo behintzat lasai egingo du. Alde ederra du. Ez al duzue uste bera ere aspertzen dela, zuen eta beste lankideen erretolikarekin? Aizue eta, ba al dakizue zertan oinarrituko dudan nire diagnosia? Entzun, igarri diot. Horrek aspaldi erabakiko zuen gauza, bai horixe, arima-kontua izan balitz. Bera bezalako preso azeri batek ikusten du, hara, bi mediku gazte zetozkidak, nitaz piperrik ere ez dakitenak ­barkatu, konfiantzan ari gara­, erretolikarekin sendatu nahi naitek, bera bezalako batentzat pagotxa zarete. Mesede egiten diozue. Eta zer egiten du orduan, edo aritu da egiten denbora guztian? Zera, lagunak, horrek zentzua eta intentzioa baleuzka...» Azkenean artale bat aurkituko duela uste dik oilo itsu honek; begiraiok karakaz. «Inhibitua dago, jauna, gure ustez ere bere baitan itxi da, baina eragin zuzena izan dute faktore animikoek... harremana galdu izana errealitatearekin, eta hori dezepzio eta porroten ondoren, baita ere pretentsio umetsuak errealitatean, kontaktua berreskuratzeko ahalegin alferrak.» «Txorakeriak, faktore animikoak. Hartara, faktore animiko gehiago ere egongo lirateke. Utziko zituen itxikeria eta inhibizioa. Opari emango dizkizue Gabonetan. Zuen laguntzarekin astebetean zutituko da, ene, zuek bai petrikilo handiak, ohore terapia berriari, bidaliozue atxikimenduzko telegrama bat Freudi Vienara, eta hemendik astebetera zuen laguntzari esker paseatzen ibiliko da korridorean, miraria, miraria, aleluia; beste astebete eta ezagutuko ditu patio bazterrak, eta beste astebete eta zuen laguntza jatorrarekin hanka egingo du, aleluia, ri-ra.» «Ez dut ulertzen, saiatu behar genuke, ez dut uste, jauna.» (Nik dena zekiat, hik ez dakik ezer, karaka, karaka, guk dena zekiagu.) «Ba nik bai. Ikasiko duzue. Esperientziak erakutsiko dizue. Bueno, ez iozue oinazerik sortu, sinetsidazue, debaldetan da.» (Aurreko 9. etxera joan behar diat, umemoko hauek, dena Jainkoaren esku utziz gero, zer ordu ote dugu.)

 

        Korderik gabe eta joanda dago Franz Biberkopf, zuri-zuri, horixka, orpoak urez handituta, gosearen edema, gose-usaina dauka, azetona gozoaren usaina, gelan sartzen dena berehala ohartzen da han badagoela zerbait bitxia.

        Franzen arima oso behera iritsi da, aldizka bakarrik dauka zentzua, goiko biltegian bizi diren sagu grisek ulertzen diote, eta kanpoan saltoka dabiltzan katagorri eta erbiek. Saguak beren zuloan daude, segurtasun-zentroa eta Bucheko egoitza handiaren artean. Franzen arimako zerbait dabil hegan eta nora gabe eta bila eta xuxurlan eta galdezka eta itsu eta itzuli da estalkira, oraindik hormaren atzean baitago, ohean etzanda arnasa hartzen.

        Saguek Franz gonbidatzen dute, berekin jan eta triste ez egotera. Zerk goibeltzen du. Ezagun du zaila zaiola hitz egitea. Gogor egiten diote, behingoz buka dezan. Gizakia animalia gorrotagarria da, etsairik handiena, munduan dagoen kreaturarik nazkagarriena, katuak baino are okerragoa.

        Berak dio: ez duk ona gizaki baten gorputzean bizitzea, nahiago diat lurpean ezkutatu, soroetan lasterka ibili eta aurkitutakoa jan, eta haizeak jotzea, eta euria egitea, eta hotza etorri eta joatea, hori hobea duk gizaki baten gorputzean bizitzea baino.

        Saguak lasterka dabiltza, Franz basasagua da eta berak ere aztarrika egiten du.

        Segurtasun-zentroko ohean dago etzanda, medikuak etorri eta indartsu mantentzen diote gorputza, pixkanaka zurbilduz doala. Ezingo du segitu, diote. Animaliatik zeukana, soroetan dabil lasterka.

        Orain zerbait kanpora irristatzen zaio, haztaka, bila, askatzen, lehenago gutxitan eta motel sentitu duen zerbait. Igeri dabil sagu-zuloetan, bila belarretan, haztaka lurrean, non landareek gordetzen dituzten beren sustraiak eta ernamuinak. Zerbaitek hitz egiten du haiekin, ulertzen diote, ufa bat da, joan eta etorri, tapateko bat, ernamuinak lurrera erortzen direnean bezala. Franzen arima bere ernamuinak itzultzen ari da. Sasoi txarra da ordea, hotza eta izoztua, auskalo zenbat itsatsiko diren, baina soroetan bada lekua, Franzek ernamuin asko dauzka barruan, egunero haizeratzen da zentrotik eta sakabanatzen ditu ernamuin berriak.

 

 

Heriotzak bere kanta geldi,
geldia abesten du

 

        Ekaitzaren botereak baretu dira, beste kanta bat hasi da, kanta hori denek ezagutzen dute, eta kantaria ere bai. Hark bere ahotsa jasotzen duenean, denak isiltzen dira, baita zakarrenak direnak ere munduan.

        Heriotzak bere kanta geldi, geldia hasi du. Totelak bezala abesten du, hitz bakoitza errepikatuz; bertso bat abestu duenean, lehenbizikoa errepikatu eta berriz hasten da. Zerraren antzera abesten du. Geldiro abiatzen da, gero barruraino sartzen da haragitan, kirrikatzen du ozenago, argiago eta gorago, gero doinu batekin amaitu eta isiltzen da. Gero geldi, geldi atzeratu eta intziri egiten du, eta bere doinua ozenagoa, sendoagoa egiten da eta kirrikatzen du, eta sartzen da haragitan.

        Geldiro abesten du heriotzak.

        «Higana agertzeko ordua diat, haziak leihotik hegan doazelako eta hire izara astintzen dualako, gehiago etzatera ez bahindoa bezala. Ni ez nauk segari soil bat, ni ez nauk ereile soil bat, hemen egon behar diat, nire lana delako babestea. O bai! O bai! O bai!»

        O bai! abesten du heriotzak estrofa bakoitzaren bukaeran. Eta mugimendu zakar bat egiten duenean ere O bai! abesten du, gustatzen zaiolako. Baina aditzen diotenek begiak ixten dituzte, ezin da jasan.

        Geldiro, geldiro abesten du heriotzak, entzuten dago Babilonia zitala, entzuten daude ekaitzaren botereak.

        «Hemen nagok eta adierazi beharra zeukaat: hemen etzanda dagoena eta bere bizitzari eta bere gorputzari uko egin diona Franz Biberkopf duk. Bazekik non dagoen, nora doan eta zer nahi duen.»

        Hori kanta ederra da noski, baina Franzek entzun eta, zer esan nahi du: heriotza ari da abesten? Liburuan idatzita edo ozen irakurrita poesia ematen du, Schubertek antzeko kantak ondu zituen, Heriotza eta Neskatila, baina zer da hau?

        Egia osoa esatera noa, egia osoa, hots: Franz Biberkopfek heriotzari entzuten dio, heriotza honi, eta entzuten dio geldiro abesten, totel baten antzera abesten, behin eta berriro errepikatuz, egurrean sartzen den zerraren antzera.

        «Adierazi beharra zeukaat, Franz Biberkopf, hi etzanda hago eta nigana etorri nahi duk. Bai, ondo egin duk, Franz, nigana etortzea. Nola egin dezake gizakiak aurrera, ez badu heriotza bilatzen? Egiazko heriotza, benetako heriotza. Bizitza guztia daramak heure burua babesten. Babestu, babestu, horixe duk gizakiaren desira lotsatia, eta hala, planto eginda geratzen duk, eta ez zoak aitzina.

        «Lüdersek engainatu hinduenean hitz egin nian hirekin lehenbiziko aldiz, eta hi berriz mozkortu eta... babestu hintzen! Besoa hautsi zitzaian, arriskuan heukan bizitza, Franz, aitor ezak, istant batean ere ez huen pentsatu heriotzan, den-dena bidali nian, baina hik ez ninduan ezagutu, eta igarri hidanean, are basatiago eta izutuago... alde egin huen nigandik. Ez zaik sekula burutik pasatu heure burua eta hartu huen bidea errudun egitea. Indarrari eutsi diok grinaz, eta oraindik ez duk desagertu grina hori, ez dik ezertarako balio, ohartu haiz, ez dik ezertarako balio, mementoa etorri eta ez dik ezertarako balio, heriotzak ez dik kanta goxorik abesten eta ez dik lepoko itogarririk jartzen. Ni nauk bizitza eta benetako indarra, ez duk azkenean, azkenean, heure burua gehiago babestu beharrik.»

        «Zer? Zer! Zer nahi duk nigandik, zer egin nahi didak?»

        «Ni nauk bizitza eta benetako indarra, nire indarra handiagoa duk kanoirik lodienena baino, hik nire aurrean ez duk inon lasai bizi nahi. Ezagutu nahi duk, frogatu nahi duk, ni gabe bizitzea ez dik merezi. Etorri, hurbildu nigana, ni ikusteko, Franz, horra, amildegian hago, zurubi bat erakutsiko diat, horrela ikuspegi berri bat aurkituko duk. Orain niganaino igoko haiz, eutsiko zioat zurubiari, beso bakarra daukak baina gogor heldu, hankak gogor, heldu, igo, hator.»

        «Ez diat zurubirik ikusten ilunpetan, non daukak, eta ezin diat gora egin nire beso bakarrarekin.»

        «Besoarekin ez baizik hankekin egin ezak gora.»

        «Ezin nauk heldu, ez dik zentzurik eskatzen didaanak.»

        «Hik ez duk nigana hurbildu nahi. Argi egingo diat, hik bidea aurkitzeko.»

        Orduan heriotzak eskuineko eskua atera atzetik, eta antzematen da zergatik zeukan atzean gordeta.

        «Ez badaukak adorerik ilunpetan etortzeko, argi egingo diat, hurbildu arrastaka.»

        Tximista egiten du aizkora batek airean, tximista eta itzali.

        «Hurbildu arrastaka, hurbildu arrastaka!»

        Eta aizkorari eragiten dionean, goitik buru atzetik aurrera eta aurrerago arku batean, zirkulu batean bere besoarekin, badirudi ziztuan doala aizkora. Baina altxatu du berriz eskua buru atzean, beste aizkora bati eragiten. Tximista egin, erori, arku erdi bat eginez aurrerantz moztu, jo, jo, beste bat ziztuan, beste bat ziztuan, beste bat ziztuan.

        Gora eragin, behera jausi, sast, gora eragin, behera jo, sast, eragin, jausi, sast, eragin jausi sast, eragin sast, eragin sast.

        Eta tximista artean eta eragin eta tximista eta sastada artean, arrastaka zurubiaren bila haztaka, garrasi, garrasi, garrasi egiten du Franzek. Eta ez da atzera joaten arrastaka. Garrasi Franzek. Han dago heriotza.

        Franzek garrasi.

        Garrasi Franzek, arrastaka eta garrasika.

        Garrasika gau osoan. Abiatu duk, Franz.

        Garrasika eguna argitu arte.

        Garrasika goiz osoan.

        Eragin jausi sast.

        Garrasika eguerdi osoan.

        Garrasika arratsalde osoan.

        Eragin jausi sast.

        Eragin, sast, sast, eragin, eragin sast, sast, sast.

        Eragin, sast.

        Garrasika iluntzean, iluntzean. Gaua dator.

        Garrasika gauean, Franz gauean.

        Bere gorputza aurrera doa. Gorputza zati-zati egiten ari zaio ohol gainean. Bere gorputza automatikoki doa aurrera, aurrera joan behar du, ezin du besterik egin. Aizkora jirabiratzen da airean. Tximista eta jausi. Zentimetroka mozten du. Eta harago, zentimetroak baino harago, gorputza ez dago hilda, arrastaka doa aurrera, pixkanaka aurrera, ez da erortzen, bizirik darrai.

        Bere ohe ondoan dabiltzanek, bere ohe ondoan betazalak altxatzen dizkiotenek, ea oraindik erreflexuak dauzkan, pultsua hartzen diotenek, haria bezain ahula, haiek ez dituzte aditzen garrasiak. Zera bakarrik dakusate: Franz aho zabalik, eta egarri dela uste dute, eta tanta pare bat isurtzen dizkiote kontu handiz, ez ahal ditu botako, eskerrak hortzak ez dauzkan ja estututa. Nola iraun liteke hainbeste.

        «Hau duk sufrimendua.»

        «Ona duk sufritzea. Sufritzea duk onena.»

        «Ai, ez sufriarazi. Buka ezak behingoz.»

        «Bukatzea alferrik duk. Ari duk bukatzen.»

        «Buka ezak behingoz. Hire esku daukak.»

        «Nik aizkora besterik ez zeukaat eskuan. Beste guztia hik daukak eskuan.»

        «Zer daukat nik eskuan? Buka ezak behingoz.»

        Orain ahotsak deiadar egiten du, zeharo aldatu da.

        Amorru neurrigabea, amorru hezigaitza, zoro hezigaitza, amorru guztiz neurrigabe eta burrunbatsua.

        «Honatx, hemen nagok hirekin hizketan. Hemen nagok, larrutzaile eta borrero baten antzera, eta hi ito behar haut, piztia pozoitsu, harrapari bat bahintz bezala. Behin eta berriro deitu diat eta disko-jogailutzat hartu nauk, gramofonotzat, gogoa emandakoan piztu, orduan deitu behar diat, eta aspertzen haizenean itzali. Horrelakotzat naukak, edo horretarako naukak. Eduki nazak horretarako, baina hara, gauza ez duk horrela.»

        «Zer egin dut nik baina. Ez al dut nahiko oinaze izan. Ez diat inor ezagutzen nik adina ikusi duenik, hain penagarri, hain errukarri.»

        «Hi sekula ez hengoen bertan, zerria. Ez diat egundo Franz Biberkopf ikusi. Lüders higana bidali nuenean ez hituen begiak zabaldu, kilimon egin eta mozkortu hintzen, pattarra eta pattarra eta zurruta besterik ez.»

        «Nik zintzo jokatu nahi nian, hark engainatu nindian.»

        «Ezetz ba, ez hituen begiak zabaldu, zakur zikina. Gaitzesten dituk alprojak eta alprojakeriak eta ez diok jendeari begiratzen eta ez duk galdetzen zergatik eta nolatan. Nola epaituko dituk ba besteak, ez badaukak begirik. Itsua izan haiz eta gainera lotsagabea, hutsandia, Herr Biberkopf auzo dotorekoa, berak nahi bezala izan behar dik munduak. Ez duk horrela, motel, orain igarri diok. Ez zaiok higatik axola. Reinholdek hiri heldu, auto azpira bota eta besoa galdu huenean, orduan ere ez zian pott egin gure Franz Biberkopfek. Artean gurpil azpian zegoela zin egin zian: gogor egingo diat. Ez zian esan: pentsa dezadan, burua astin dezadan... Ez, esan zian: gogor egingo diat. Eta ez huen konturatu nahi izan hiri hizketan ari nintzenik. Baina orain aditzen didak.»

        «Konturatu, zergatik? Zertaz?»

        «Eta azkenik Mieze... Franz, lotsa, lotsa, esan ezak: lotsa, garrasi egin ezak: lotsa!»

        «Ezin diat. Zer dela eta.»

        «Garrasi egin ezak: lotsa. Higana etorri zuan, jator, zaindu hinduen, zoriontsua zuan hirekin, eta hik? Zer zen hiretzat gizaki bat, lorea bezalako gizaki bat, eta harengatik harrokerian hasi hintzen Reinholdengana joanda. Hire sentimenduen gailurra. Indartsu izatea besterik ez huen nahi. Pozik hengoen Reinholdekin lehian jardun, hari gaina hartu eta Miezerekin zirikatu hezakeelako. Pentsa ezak ez ote den hire errua, hura bizirik ez egotea. Eta ez duk beragatik malkorik isuri, higatik hil duk eta, norengatik bestela.

        «Hi beti tar-tar: 'Ni' eta 'ni' eta 'nik sufritzen ditiat injustiziak' eta ni nauk prestua, ni nauk fina, eta ez zidatek erakusten uzten nolakoa naizen. Esan ezak: lotsa. Egin ezak garrasi: lotsa!»

        «Nik ez zekiat ezer.»

        «Galdu duk gerra, mutiko. Seme, hireak egin dik. Hasi trasteak biltzen. Sits-bolatan jartzeko hobea hago. Hor konpon hadi. Ulu eta pio egin ezak, nahi baduk. Bilaua. Eman ziotek bihotza eta burua eta begiak eta belarriak, eta uste dik nahikoa dela zintzo jokatzea, bere ustez zintzo, ez ezer ikusi, ez ezer entzun, besterik gabe bizi, ez duk konturatzen nahi dena egin daitekeela.»

        «Zer ordea, zer egin behar da?»

        Heriotzaren deiadarra: «Ezer ez, alde hire berriketekin. Ez daukak bururik, ez daukak belarririk. Ez haiz jaio, motel, ez haiz mundura etorri. Abortu bat haluzinazioekin. Biberkopf aita santuak ideia lotsagabeekin jaio behar zian, guk jakiteko nola diren gauzak. Munduak hi ez bezalako jendea behar dik, argiagoa eta ez hain lotsagabea, gauzak nola diren dakusatenak, ez azukrezkoak, baizik eta azukrezkoak eta zaborrezkoak, dena nahasita. Motel, emaidak hire bihotza, hireak egin dezan. Bota ahal izan dezadan zaborretara, bere lekura. Gorde mutur hori heuretzat.»

        «Utzidak oraindik. Utzidak hausnartzen. Beste pixka batean. Pixka batean.»

        «Emaidak bihotza, motel.»

        «Pixka batean.»

        «Neuk hartuko diat.»

        «Pixka batean.»

 

 

Eta orain Franzek
heriotzaren kanta geldia aditzen du

 

        Tximista tximista tximista, tximista tximista bukatzen da. Sast jausi sast, sast jausi sast bukatzen da. Bigarren gaua da, Franzek garrasika daramana. Jausi sasta bukatzen da. Ez du gehiago garrasi egiten. Tximista bukatzen da. Begiak kliskatzen ditu. Zurrun dago etzanda. Areto bat da, sala bat, jendea dabil. Ez ezak ahoa estutu. Zerbait epela isurtzen diote ahora. Tximistarik ez. Sastadarik ez. Paretak. Pixka batean, pixka batean, zer ordea. Begiak ixten ditu.

        Eta Franzek begiak ixtean, zerbaitetan hasten da. Zuek ez duzue ikusten zertan ari den, uste duzue etzanda dagoela eta agian laster egingo duela pott, ez du hatzik ere mugitzen. Deitu eta eragin eta nora gabe dabil. Berea den guztiari deitzen dio. Leihoetatik soroetara doa, inarrosten du belarra, arrastatzen da sagu-zuloetan: kanpora, kanpora, zer dago hemen, ba al dago hemen nire zerbait? Eta astintzen du belarra: kanpora, zenbat berriketa, ezerk ez dik zentzurik, behar zaituztet, ezin zioat inori oporrik eman, lana zeukaat, pozik, denak behar ditiat.

        Salda eztarriratzen diote, irensten du, ez du botatzen. Ez du nahi, ez luke bota nahi.

 

        Franzek ahoan dauka heriotzaren hitza eta hura ez dio inork kenduko, ahoan darabil, harri bat da, harrizko harri bat, eta ez du batere elikatzen. Makina bat gizaki hil dira egoera honetan. Haiek ez dute gerorik izan. Ez zekiten beste min bat bakarrik jasan behar zutela aurrera egiteko, pauso bakar bat aski zela aurrera egiteko, baina ezin izan zuten pausoa eman. Ez zekiten, ez zen bizkor etorri, ez nahiko bizkor, ondoez bat izan zen, dardara bat minututan, segundotan, eta horra bestaldean, non jada ez zuten Karl, Wilhelm, Minna, Franziska izena... Aseta, goibel aseta, sutan gorrituta eta etsipenez zurrun joan ziren lotan bestalderaino. Ez zekiten sutan zuritzea aski zutela, hartara bigunduko ziren eta dena berriro hasiko zen.

        Betor... gaua, nahiz eta ilunaren eta ezerezaren parekoa izan. Betor gau iluna, larreak izotz gogorrarekin, bide jelatuak. Betoz teilazko etxe bakartiak argi gorrixkadunak, betoz erromes izoztuak, hirira doazen gidari barazki-gurdidunak, eta aurreko zalditxoak. Zelai zabal, lau, mutuak, non aldiriko trenak eta espresak doazen eta ilunpetan argi zuria botatzen duten alde bietara. Betor geltokiko jendea, neska txikia adio egiten gurasoei, bi ezagun zaharragorekin doa, itsasoaz bestaldera, hartu ditugu txartelak, ene, hain neska txikia, tira, ohituko da, txintxoa izan dadila eta ongi ibiliko da. Betoz eta onetsi lerro-lerro dauden hiriak, Breslau, Liegnitz, Sommerfeld, Guben, Frankfurt an der Oder, Berlin, haietan barrena doa trena geltokiz geltoki, hiriak azaleratzen dira geltokietan, hiriak beren kale handi eta txikiekin. Berlinek Schweidnitzer Strasse, Kaiser-Wilhelm-Strasse eraztun handia, Kurfürstenstrasse, eta denean etxeak daude, non jendea berotzen den, batak besteari maitasunez begiratzen dioten, elkarren ondoan eserita dauden hoztasunez, sator-zulo eta ostatuak, non piano batek jotzen duen, 'Panpina', aspaldiko arrakasta, 1928an ezer berririk ez balego bezala, esaterako 'Madonna, neska ona' edo 'Ramona'.

        Betoz... automobilak, alokairuzko zaldi-kotxeak, zenbatetan ibili ote haiz, trakatan-trakatan, hi bakarrik edo neska bat edo bi hire ondoan, auto numeroa 20.147.

 

        Ogi bat sartzen dute labean.

        Labea kanpoan dago, baserri baten ondoan, atzean soro bat dago, adreilu-pilatxo bat ematen du. Emakumeek egurra erruz zerratu eta batu dituzte adarrak, labearen alboan dauzkate, hura betetzen ari dira. Orain batek patioan zehar dakartza molde handiak, han dago orea. Mutil batek labeko atea ireki, gori dago barrua, gori, gori, latza, zer beroa, hagen bitartez sartzen dituzte xaflak, ogia harrotuko da, ura lurrunduko da, orea txigortuko da.

        Franz erdi tente dago eserita. Irentsi du, zain dago, kanpoan ibili den ia guztia sartu zaio ostera barrura. Dardara egiten du, zer esan du heriotzak. Jakin beharra dauka, heriotzak zer esan duen. Atea zabaltzen da. Bera izango duk. Hastera zoak antzerkia. Hori ezagutzen diat. Lüders, honexen zain nengoan.

        Eta sartzen dira, dardarka itxarondakoak. Zer ote du Lüdersek. Franzek keinu bat egin du, uste dute arnasa larri daukala etzanda egoteagatik, baina berak gorago eta tenteago jartzea baino ez du nahi. Hemen baitira. Orain tente dago. Aurrera.

        Eta banaka datoz. Lüders, gizaixo hutsa, gixon xixtrina. Ea zer duen. Zapata-lokarriekin igotzen ditik eskailerak. Bai, halaxe ibili gintuan. Zarpa horien barruan usteltzen, gerrako arropa zaharrak jantzita oraindik, Makko zapata-lokarriak, andrea, bakarrik galdetu nahi nizun ezin ote didazun katilu bat kafe eman, zure gizona zer, gerran eroria ala; barruraino sakatzen dik kapela: ea, non dituzu xoxak. Horra Lüders, nirekin zegoan. Andreak sutan zeukak aurpegia, masail bat elurra bezain zuri, arakatzen dik diru-zorroa, makakorro egin eta hankaz gora zoak. Lüdersek tiraderak jiratzen ditik: hau duk zaborra, alde egin dezadan, bestela garrasika hasiko zaidak. Korridorean zehar, atea itxi, eskaileretan behera. Bai, bera izan zuan. Lapurtu. Asko lapurtzen dik. Ematen zidatek eskutitza, Miezerena duk, zer gertatzen zait, hankak moztu zizkidatek eta, hankak moztu, zergatik ordea, ezin nauk zutitu. Nahi al duzu koñaka, Biberkopf, norbait hilko zuan, bai, zergatik hargatik, zergatik moztu dizkidate hankak, ez zekiat. Galdetu behar zioat, hitz egin behar zioat. Aizak, Lüders, egun on, Lüders, zelan, ondo ez, ni ere ez, hator honantza, eseri aulkian, ez hadi joan, zer txar egin diat nik, ez hadi joan.

        Betoz. Betoz gau iluna, automobilak, bide jelatuak, neska txikia adio egiten gurasoei, gizaseme eta emakume batekin doa eta ohituko da hangora, txintxoa izan dadila eta ongi ibiliko da. Betoz.

        Reinhold! Aa! Reinhold, nazkagarria! Bilaua, hemen haiz, zer behar duk, harro-harro hator nigana, euriak ez hau sekula garbituko, arlotea, hiltzailea, kriminala, hitz egin behar badidak kendu pipa hori muturretik. Ederki, etorri haiz, banian gogoa, hator, simaurra, oraindik ez al haute harrapatu, beroki urdina darabilkik? Erne, horrekin hoala botako diate atzaparra. «Eta hi zer haiz, Franz?» Ni, arlote alaena? Hiltzailea behintzat ez, ba al dakik nor hil duan? «Eta nork erakutsi zidan neska, eta nork ez zion kasurik egin neskari, eta ohe-estalki azpian gorde behar izan nian, muturrandi alaena, nor izan zen?» Ez huen horregatik hil beharrik. «Eta zer, ez al huen hik ere egurtu? Eta gainera bazuan beste andre bat ere, Landsberger Alleekoa, kanposantura bere kasa joan ez zena. Eta, zer duk orain? Isildu al haiz! Zer dio orain Franz Biberkopf jaunak, ofizioz muturrandiak?» Auto azpira bota ninduan, higatik galdu nian besoa. «Ha-ha-ha, lotu ezak saihetsean kartoizko beso bat. Hi haiz artaburua, zer eta ni tentatzen.» Artaburua? «Ez haiz jabetzen zer artaburua haizen. Hemen hago Buchen, eroarena egiten, eta ni berriz bapo, nor da artaburua?»

        Badoa, eta begietatik infernuko sua dario eta burutik adarrak hazten zaizkio eta garrasi egiten du: «Ekidak, aupa, erakustak zer haizen, Franzeken, Franzeken Biberkopf, Biberköpfchen, ha!» Eta Franzek betazalak tinkatzen ditu. Ez nian hasi behar honekin, ez nian borroka egin behar honekin. Zergatik egoskortu naiz honekin.

        «Aupa, Franzeken, erakustak nor haizen, ba al daukak indarrik?»

        Ez nian borroka egin behar. Xaxatzen naik, berotzen naik oraindik ere, madarikatu hori, ez nian egin behar. Ez nauk bera adinakoa, ez nian egin behar.

        «Indarra eduki behar duk, Franzeken.»

        Ez nian indarrik eduki behar, ez beraren kontra. Orain ikusten diat, oker egin nian. Nik egin ditiat hutsak. Alde, joan dadila.

        Ez doa.

        Alde, joan...

        Franzek marru egiten du, eskuak bihurritzen ditu: beste norbait ikusi behar diat, ez zetorrek beste inor, zertan dago hau hemen?

        «Bazekiat, ez nauk hire gogokoa, ez zeukaat gustu goxorik. Berehala zetorrek beste norbait!»

        Betoz. Betoz. Zelai zabal, lau, mutuak, teilazko etxe bakartiak argi gorrixkadunak. Lerro-lerro dauden hiriak, Frankfurt an der Oder, Guben, Sommerfeld, Liegnitz, Breslau, hiriak azaleratzen dira geltokietan, hiriak beren kale handi eta txikiekin. Betoz alokairuzko zaldi-kotxeak, automobilak irristan, ziztuan.

        Reinhold badoa, eta orduan ostera geratu eta kirik egiten dio Franzi: «Bueno, nor da nagusi, nork irabazi du, Franzeken?»

        Eta Franzek dardara egiten du: nik ez diat irabazi, hori bazekiat.

        Betoz.

        Laster dator beste norbait.

        Eta Franz tenteago esertzen da, ukabila estutu du.

 

        Ogi bat ari dira sartzen labean, labe erraldoian. Berebizikoa da beroa, labea zirtaka dago.

        Ida! Joan duk Reinhold. Eskerrak, Ida, etorri haiz. Munduan dagoen bilaurik handiena zunan hori. Ida, zer ondo, etorri haiz, ederki xaxatu eta berotu nain beste horrek, zer esaten didan, gaizki ibili naun, orain hemen nagon, zeran, zer izen du ba, Buchen, zoroetxean, obserbazioan-edo, erotuta nagoelako. Ida, neska, ez bizkarra eman. Baina zer ari da? Sukaldean zegok. Bai, sukaldean zegok neska. Lardaskan, platerak garbitzen edo. Baina zer dela eta okertzen da hola, alde batera okertzen duk, lunbagoa baleuka bezala. Norbaitek saihetsean joko balu bezala. Ez ezak jo, motel, krudela duk, ez jotzeko, motel, utziok, utziok neskari, aditu, ea ba, nor ari zaio joka, ezin duk zutik jarri, jarri tente neska, jira hadi, begiraidan, nor ari zain joka hain latz.

        «Hik, Franz, hik hil ninduan joka.»

        Ez ez, ez nindunan ni izan, epaitegian frogatu zunan, zauriak bakarrik eragin nizkinan, ez nindunan ni errudun izan. Ez ezan hori esan, Ida.

        «Bai, hik hil ninduan joka, Franz. Erne, Franz.»

        Franzek garrasi egiten du, ez ez, estutzen du eskua, ipintzen du besoa begien aurrean, baina berdin-berdin dakusa.

        Betoz. Betoz erromes arrotzak, patata-zakuak daramatzate bizkarrean, haien atzetik mutil gazte batek eskorga bati tiratzen dio, izoztuta dauzka belarriak, hamar gradu egiten ditu zero azpitik. Breslauk Schweidnitzer Strasse, Kaiser-Wilhelm-Strasse, Kurfürstenstrasse.

        Eta Franzek intziri egiten du: askoz hobe nikek hilda egotea, nork jasan dezake hau, baten bat etorri eta hil nazala, ez nian nik egin, ez nekian. Antsika, totelka, ezin du hitz egin. Zerbait nahi duela antzematen dio zaintzaileak. Galdetzen dio. Ahoa bete ardo bero ematen dio zaintzaileak; salako beste bi gaixoek arren eskatzen dute ardoa berotzeko.

        Idak okertuta segitzen du. Ez hadi okertuta egon, Ida, horregatik egon nindunan Tegelen, jaso ninan horren zigorra. Orduan okertuta egoteari utzi, eseri, burua apaldu eta gero eta txikiagoa eta beltzagoa egiten da. Hara... hilkutxan... mugitzen ez dela.

        Aieneak, Franzen aieneak. Bere begiak. Zaintzailea ondoan eseri eta eskutik heltzen dio. Baten batek eraman dezala, baten batek bazter dezala hilkutxa, ezin nauk zutitu, ezin.

        Eta mugitzen du eskua. Baina hilkutxa ez da mugitzen. Ez da haraino iristen. Orduan Franzek etsipenez egiten du negar. Adi-adi begira, etsita. Eta bere malko eta etsipenean desagertzen da hilkutxa. Baina Franzek negarrez darrai.

        Zergatik baina, jaun-andre irakurleok, ari da negarrez Franz Biberkopf? Negarrez ari da sufritzen ari delako eta sufritu duenagatik eta bere buruagatik. Hau dena egin duelako eta hala izan delako ari da negarrez Franz Biberkopf. Orain bere buruagatik ari da negarrez Franz Biberkopf.

 

        Eguerdi-eguerdia da, janaria banatzen ari dira zentroan, janari-gurdia badoa berriro beheko egoitzara, sukaldeko zaintzaileek eta landetxeko bi gaixo arinek bultzatuta.

        Orduan, eguerdian, Franzengana dator Mieze. Erabat lasai eta goxo dauka aurpegia. Kaleko soinekoa darama eta kapela estu bat, belarriak eta kopeta tapatzen dizkiona. Zuzen, lasai eta samur begiratzen dio Franzi, kalean edo tabernan elkartzen zirenean bezala. Franzek hurbiltzeko eskatu eta hurbiltzen da. Beraren eskuak nahi ditu. Miezek bere bi eskuak ipintzen ditu haren bakarrean. Larruzko eskuzorroak daramatza. Ken itzan eskuzorroak. Haiek kendu eta eskuak ematen dizkio. Etorri, Mieze, ez hadi izan hain motza eta emaidan muxu. Orduan Mieze lasai hurbildu, samur-samur begiratu eta musu ematen dio. Geratu hemen, diotso, behar haunat, lagunidan. «Ezin diat, Franzeken. Hilda nagok, badakik.» Geratu hemen. «Nahi nikek, baina ezin diat.» Eta musu ematen dio berriro. «Badakik, Franz, Freienwaldekoaz gero. Ez hago nirekin haserre, ezta?»

        Joan da. Franz bihurritzen da. Begiak irekitzen, zabaltzen ditu. Ez du hura ikusten. Zer egin dut. Zergatik joan zait ondotik. Erakutsi ez banio Reinholdi, nahasi ez banintz harekin. Zer egin dut. Eta orain.

        Totel-hots bat ateratzen du, izugarri okertutako bere aurpegitik: etor dadila berriro. Zaintzaileak «berriro» bakarrik ulertu eta ardo gehiago botatzen dio bere aho zabaldu, lehorrera. Franzek edan beharra dauka, zer egin bestela.

        Surtan dago orea, altxatzen da, legamiak eragiten dio, burbuilak sortzen dira, ogia harrotzen da, txigortzen da.

        Heriotzaren ahotsa, heriotzaren ahotsa, heriotzaren ahotsa:

        Zertarako indarrak, zertarako zintzo jokatu, o bai, o bai, ikustak. Aitortu, damutu.

        Franzek daukan guztia amiltzen da. Ez dio ezeri eusten.

 

 

Oinazea zer den azaldu behar da hemen

 

        Oinazea eta sufrimendua zer diren azaldu behar da hemen. Nola erretzen eta urratzen duen oinazeak. Oinazea baita etorri dena. Askok deskribatu dute oinazea poemetan. Kanposantuek egunero dakusate oinazea.

        Oinazeak Franz Biberkopfi zer egiten dion azaldu behar da hemen. Franzek ez dio aurre egiten, amore ematen du, biktima gisa belaunikatzen da oinazearen aurrean. Su-galdatan etzaten da, hil, suntsi eta erraustu dezan. Ospa dezagun, zer egiten dion oinazeak Franz Biberkopfi. Hitz egin dezagun, oinazeak dakarren suntsipenaz. Puskatu, moztu, eraitsi, desegin, horra zer egiten duen.

        Gauza bakoitzak du bere aldia: itotzeak eta sendatzeak, apurtzeak eta eraikitzeak, negar eta barre egiteak, deitoratzeak eta dantzatzeak, bilatzeak eta galtzeak, urratzeak eta ixteak. Orain da aldia itotzeko, deitoratzeko, bilatzeko eta urratzeko.

        Franz borrokan ari da ea noiz iristen den heriotza, heriotza errukiorra.

        Badatorrela uste du heriotza, errukiorra, amaitzailea. Dardara egiten du berriro iluntze aldera tente jartzen denean, hari harrera egiteko.

        Bigarren aldiz datoz, eguerdian Franz eraitsi dutenak. Diotse: hala bedi, hemen nagok, zuekin zoak Franz Biberkopf, eraman nazazue.

        Ikara artean hartzen du Lüders penagarriaren irudia. Reinhold zitala oinak arrastaka datorkio. Ikara artean hartzen ditu Idaren hitzak, Miezeren aurpegia, bera duk, bete duk dena. Franz negar eta negar ari da, erruduna nauk, ez nauk gizona, animalia nauk, basapiztia.

        Iluntzeko ordu honetan hil da Franz Biberkopf, garai batean garraio-langilea, lapurra, putazaina eta hiltzailea. Ohean beste bat dago etzanda. Besteak Franzen paper berdinak dauzka, Franzen itxura dauka, baina beste mundu batean izen berria darama.

        Hau izan da beraz Franz Biberkopfen gainbehera deskribatu nahi nuena, hasi Tegeleko espetxetik irten zenetik eta Bucheko zoroetxean amaitu zuen arte 1928-29ko neguan.

        Orain beste txosten bat erantsiko dut, haren paper berdinak dituen gizon berri baten lehenbiziko ordu eta egunei buruz.

 

 

Puta zitala erretiratzen da,
garaitzen du ospatzaileak,
atabalariak eta aizkoradunak

 

        Eremu soilean, egoitzako pareta gorrien aurrean, soroetan elur zikina dago. Jo eta jo ari da atabala. Babilonia putak galdu du, heriotzak irabazi eta atabala joka bidaltzen du hura.

        Puta purrustan eta zalapartan eta hitz-jarioan eta garrasika: «Zer du horrek, zertarako duk Franz Biberkopf hori, on degiala jauntxo handi horrek.»

        Heriotzak bere atabal-errepika jotzen du: «Ezin dinat ikusi zer daukanan hire kopan, hiena horrek. Franz Biberkopf gizona hemen zegon, txiki-txiki egin dinat. Baina indartsua eta ona delako, bizitza berri bat izango din, ken hadi paretik, ez zeukanagu beste zer esanik elkarri.»

        Eta egoskortu eta berriro aparra darionez putari, mugitzen da heriotza, jartzen da bidean, bere estalki gris erraldoia aireratzen da, agertzen dira irudiak eta paisajeak esekirik, oinetatik bularreraino inguratzen dutela. Eta heriotzaren aldamenean garrasiak, tiroak, zarata, garaipena eta bozkarioa. Garaipena eta bozkarioa. Emakumearen azpiko piztia izutu eta ostikoak jotzen ditu.

        Ibaia, Beresina, legioak martxan.

        Beresina ertzetik legioak martxan doaz, hotz izoztua, haize izoztua. Frantziatik datoz, Napoleon handiak gidatzen ditu. Haizea uluka, elurra zurrunbiloka, balak txistuka. Ekiten diote izotz gainean, eraso eta erori. Eta beti oihu bera: Gora Enperadorea, gora Enperadorea! Sakrifizioa, sakrifizioa, hori da heriotza!

        Eta trenak danbaka, kanoiak burrunbaka, esku-granadak eztandaka, suzko hesia, Chemin des Dames eta Langemarck. Aberri maite, zaude lasai, Aberri maite, zaude lasai. Lubakiak leherturik, soldaduak amildurik. Heriotzak bere estalkia biltzen du, kantari: o bai, o bai!

        Aurrera, aurrera. Gerrara goazak, sendoak urratsak, gurekin ehun atabal zetozak, egunabarra, ilunabarra, denontzat heriotza bakarra, ehun atabal errepika, bidebun bidebun, oso zuzen ez, oker goazak egun, bidebun bidebun.

        Heriotzak bere estalkia biltzen du, kantari: o bai, o bai!

        Labe bat sutan dago, labe bat sutan dago, labe baten aurrean dago ama bat bere zazpi semeekin, herriaren intziriak atzean, beren herriko jainkoa arnegatzea nahi dute. Haiek irribarretsu daude, bakean. Arnegatu eta amore emango al duzue? Lehenbizikoak ezetz esan eta oinazea pairatzen du, bigarrenak ezetz esan eta oinazea pairatzen du, hirugarrenak ezetz esan eta oinazea pairatzen du, laugarrenak ezetz esan eta oinazea pairatzen du, bosgarrenak ezetz esan eta oinazea pairatzen du, seigarrenak ezetz esan eta oinazea pairatzen du, zazpigarrenak ezetz esan eta oinazea pairatzen du. Han dago ama, semeak animatzen. Azkenean berak ezetz esan eta oinazea pairatzen du. Heriotzak estalkia biltzen du, kantari: o bai, o bai!

        Emakume zazpi burudunak piztiari tiratu, baina piztia ez da altxatzen.

        Aurrera, aurrera, gerrara goazak, gurekin ehun atabal zetozak, errepika eta txistu, bidebun, bidebun, bata zuzen ez, bestea oker egun, bata argi, bestea ilun, bata bidez bide, bestea lurrean zurrun, bidebun, bidebun.

        Bozkario eta garrasiak, aurrera seinaka eta binaka eta hirunaka, aurrera doa frantziar iraultza, aurrera doa errusiar iraultza, aurrera doaz nekazari-gerrak, anabaptistak, denak heriotzaren atzetik, zer bozkarioa haren atzean, askatasunera bidean, askatasunera, pikutara mundu zaharra, esnatu, goizeko haize, bidebun, bidebun, seinaka, binaka, hirunaka, senideok, eguzkira, askatasunera, senideok, goiko argira, iragan ilunetik etorkizun oskarbira, pausoa tinko, eskuin ezker, eskuin ezker, bidebun, bidebun.

        Heriotzak estalkia biltzen du, barrez, pozez eta kantari: o bai, o bai!

        Babilonia handiak azkenean bere piztia jaikiarazi eta lauoinka doa, soroetatik abailan, elurretan hondoratzen. Jiratu eta ulu egiten dio heriotza irribarretsuari. Makakorro artean piztia belauniko erori eta emakumeak balantza egiten du piztiaren lepo gainean. Heriotzak bere estalkia ixten du. Irribarretsu kantari: o bai, o bai! Soroak zurrumurru: o bai, o bai!

 

 

Hasiera beti da nekeza

 

        Buchen, agenteek eta medikuek galdera ugari egin dizkiote lehen Franz Biberkopf zen gizon heriotza-bezain-zurbil ohean etzanari, hasi baita hizketan eta begiratzen; agenteek, zer bihurrikeria egin duen jakiteko, eta medikuek, diagnosia egiteko. Gizon honek agenteei entzuten die Reinhold delako bat harrapatu dutela, lehen bere bizitzan, bere aurreko bizitzan eragin ziona. Aipatzen diote Brandenburg eta ea ezagutzen duen Moroskiewicz delako bat, eta non ote dabilen. Den-dena hainbat aldiz kontatzen uzten die, isil-isilik. Bakean uzten dute egun oso batean. Segaria da, izena du Herio. Gaur ahoa zorroztu, hala hobeki moztu. Kontuz, loretxo urdin.

        Hurrengo egunean komisarioari adierazten dio ez duela zerikusirik Freienwaldeko arazo zaharrarekin. Reinhold horrek besterik baldin badio, oker dago. Gizon apurtu zurixkak bere koartada itxuratu behar du. Egunak pasatzen dira, hori posible den arte. Bere barrenak gogor egiten dio, bide horretan atzera joateari. Itxita bezala dago bidea. Intzirika jalkitzen ditu datu batzuk. Bakean uzteko, egiten du intziri. Zakur batek bezain beldurti begiratzen du. Biberkopf zaharra hil da, berriak lo eta lo segitzen du. Ez du hitzik esaten Reinholden kontra. Denok dugu aizkora bera buru gainean. Denok dugu aizkora bera buru gainean.

        Azalpenak egia gertatzen dira, bat datoz Miezeren babesleak eta haren ilobak esandakoarekin. Argi ikusten hasten dira medikuak. Alde batera geratzen da katatonia diagnosia. Trauma psikiko bat izan zen, ilunaldi antzeko bat, familia ere ez du txukuna, eta ezagun du tratu ona alkoholarekin. Esanak esan, diagnosiari buruzko eztabaidak ez du piperrik balio, gizonak ez du noski itxurarik egin, eroaldi bat izan zuen, ez nolanahikoa, eta hori da printzipalena. Kito beraz, akabo, eta Alexanderquelleko tiroketa 51. artikuluan dago. Etorriko ote zaigu berriro.

        Gizon balantzatiak, Biberkopf zenaren izena ematen diotenak, zentroan zehar dabilela, janari banaketan eta gehiago galdekatzen ez dutela, ez daki bere atzean hainbat gauza ari direla gertatzen. Agenteak aztarrika ari dira, ea zer izan zuen besoan, non galdu zuen, non tratatu zuten. Magdeburgeko klinikan galdetzen dute, kontu zaharrak dira horiek, baina txakurrei kontu zaharrak interesatzen zaizkie, baita duela hogei urtekoak ere. Ez dute baina ezer garbirik ateratzen, ia iritsi gara amaiera zoriontsura, Herbert ere putazaina da, mutil guztiek neska ederrak dauzkate, dena haiei leporatzen diete, dirua haiengandik dutela diote. Txakurrek ez dute ordea hori sinesten, agian jasoko dute noizean behin dirua neskengandik, baina bitartean beren kasa aritzen dira lanean. Kideek ez dute txintik esaten horretaz.

        Ekaitza, ekaitza ere pasatzen da gizonaren goialdetik, dena barkatzen dio oraingoan. Itzulerako txartela lortu duk oraingoan, seme.

 

        Horra, askatzen duten eguna. Poliziak ez dio zalantzarik uzten, kanpoan ere zainduko dutela. Franz zaharrarena zen guztia dakarte biltegitik, eta berriro eskuratzen du dena, berriro janzten ditu gauzak, zamarrean odola dago oraindik, guardia batek buruko bat eman zion borrarekin, ez dut nahi beso faltsua, ileordea ere zuentzat, jaso, noizbait teatroa egiten baduzue ere, hemen egunero dugu teatroa baina ez daramagu ileorderik, tori sendatu zaren agiria, adio, erizainburu, zera, bisita gaitzazu, Buchen eguraldi ona den batean, bai horixe eta milesker, irekiko dizut atea.

        Hori, hori ere atzean utzi diagu.

 

 

Aberri maite, zaude lasai,
kale egin gabe nabil beti ernai

 

        Bigarren aldiz irten da Biberkopf etxe batean gatibu egon ondoren, heldu gara gure bide luzearen azkenera eta beste pauso txiki bat bakarrik emango dugu Franzekin.

        Irten zen lehenbiziko etxea Tegeleko kartzela izan zen. Estu eta larri zegoen pareta gorriaren alboan, eta abiatu zenean eta 41.a etorri eta hantxe joan zenean Berlinera, hango etxeak ez ziren geldirik egoten, Franzen gainera jausi nahi zuten teilatuek, luzaroan ibili eta eseri behar izan zuen, harik eta bere ingurua lasaitu eta indarra bildu zuen arte, bertan geratu eta berriro hasteko.

        Indarrik gabe dago orain. Ezin du gehiago ikusi segurtasun-zentroa. Baina hara, Stettin geltokian jaitsi, aldiriko geltokian, eta Baltikum Hotel handiaren aurrean dagoela, ezer... ez... da... mugitzen. Etxeak geldi, teilatuak tinko, lasai ibil daiteke haien azpian, inongo patio ilunetan ezkutatu beharrik gabe. Bai, gizon hau ­Franz Karl Biberkopf deituko diogu, lehengoarekin ez nahasteko, bataiatu zutenean Franzek bigarren izen horixe jaso zuen, aitonagandik, amaren aitarengandik­, gizon hau astiro doa orain Invalidenstrassen gora, Ackerstrassen zehar, Brunnenstrasse aldera, azoka horiaren ondotik, eta lasai ikusten ditu dendak eta etxeak eta jendea hara eta hona, eta aspaldian ez nian hau dena ikusi, eta hemen nauk berriro. Biberkopf denbora askoan egon da kanpoan. Orain Biberkopf hemen da berriro. Zuen Biberkopf hemen da berriro.

        Betoz, betoz zelai zabalak, teilazko etxe gorriak, non argia pizturik dagoen. Betoz erromes izoztuak, bizkarrean zakuekin. Berrelkartze bat da, berrelkartze bat baino areago.

        Brunnenstrasseko taberna batean eseri eta egunkari bat hartzen du. Ageri ote da bere izena edo Miezerena edo Herbertena edo Reinholdena? Deus ez. Nora joan behar dut, nora joango naiz? Eva, Eva ikusi nahi diat.

        Jada ez da bizi Herbertenean. Etxekoandreak zabaltzen du: Herbert atxilotu dute, txakurrek gauza guztiak miatu dizkiote, ez da itzuli, gauzak goiko ganbaran daude, zer iruditzen saltzea, galdetuko dut. Franz Karlek mendebalean topatzen du Eva, babeslearen etxean. Ongietorria egiten dio. Pozik egiten dio ongietorria Franz Karl Biberkopfi.

        «Bai, Herbert atxilotua zegok, bi urteko kartzela ezarri ziotek, ahal dudana laguntzen zioat, higatik ere asko galdetu ditek, lehenbizi Tegelen, eta zer egiten duk, Franz?» «Oso ondo nabilen, Buchetik irten naun, eman zidaten ehiza-baimena.» «Lehengoan irakurri nian egunkarian.» «Zer ez ote dute idatziko. Baina ahula nagon, Eva. Egoitzako janaria.»

        Evak begirada ikusten dio, begirada bare, ilun, jakin-nahia, Franzi sekula ikusi ez diona. Ez dio ezer bere buruaz, berari ere gertatu zaio zerbait, Franzi eragiten diona, baina hura oso ezindua dago, gela bat bilatzen dio, laguntzen dio, ez dezala ezer egin. Franzek berak dio, gelan eserita dagoela, Eva abiatzera doanean: Ez, orain ezin dinat ezer egin.

 

        Eta zer egiten du orduan? Poliki-poliki ibili, kalez kale, Berlinen barrena.

        Berlin, 52° 31' ipar-latitudea, 13° 25' ekialde-longitudea, 20 geltoki nagusi, 121 aldiriko tren, 27 inguru-linea, 14 hiri-linea, 7 maniobra-geltoki, tranbiak, lurgaineko trena, autobusa, hiri inperial bakarra dago, Viena bakarra dago. Emakumeen irrika hiru hitzetan, hiru hitzetan sartzen dira emakumeen irrika guztiak. Pentsa, New Yorkeko enpresa batek kosmetiko berri bat iragarri du, gazteek bakarrik duten urdintasuna ematen diona erretina horixkari. Tuboetatik atera daitezke begi-nini ederrenak, urdin minetik marroi zetatsura. Zertarako gastatu hainbeste larrukiak garbitzen.

        Hirian zehar doa. Gauza asko daude osasuna ematen dutenak, bihotza osasuntsu baldin badago.

        Lehenbizi Alex. Oraindik han dago. Ez dago zer ikusirik, hotz izugarria egin du negu osoan, ez dira lanean aritu eta bertan utzi dute dena, zegoen bezala, gabi handia Georgenkirchplatzen dago orain, han ari dira ateratzen Hahn saltegiko hondakinak, errail asko josi dituzte bertan, agian geltokia doa. Eta beste hainbat gauza ere gertatzen dira Alexen, baina hori da inportantea: bertan dagoela. Han dabil jendea, eta izugarri zikin dago dena, zeren eta Berlingo udalak, hain fina eta gizabidetsua izaki, elurra pixkanaka zikinkeria bihurtzen uzten baitu, inork ez nazala ukitu. Autoak datozenean hobe duzu ondoko ezkaratzera salto egin, bestela musu-truk jasotzen duzu-eta zabor mordoxka bat kapelan eta salaketa baten arriskua daukazu, ondasun publikoak zuganatzeagatik. Gure Mokka-Fix zaharra itxita dago, lokal berri bat dago izkinan, Mexiko du izena, sekulako ikuskizuna: sukaldeko txefa grillean leihoan, indiarren etxola, eta Alexanderko kuartel inguruan hesi bat ipini dute, auskalo zertan ari diren, dendak botatzen ari dira. Eta tranbiak jendez leporaino daude, denek dute zereginen bat, eta billeteak 20 pfennigetan daude oraindik, marko baten bostena diru xehetan; nahi izanez gero, 30 ere pagatzen ahal da edo Ford bat erosi. Lurgaineko trena ere badabil, han ez dago lehen eta bigarren klaserik, hirugarrena soilik, denak eserleku bigunetan eserita, non eta zutik ez doazen, hori ere gertatzen da eta. Martxan jaisteak 150 marko izan dezake isuna; ez gero jaitsi, deskarga elektriko baten arriskua dago eta. Zapatak Ägürekin garbitu eta denek haiexei begiratu. Arren bizkor igo eta jaitsi, jendetza bada erdian joan.

        Horiek denak gauza ederrak dira, gizona berriro hanken gainean jar dezaketenak, baita ahul samar badago ere, bihotza osasuntsu baldin badauka. Ez geratu atean. Bueno, eta osasuntsu dago Franz Karl Biberkopf, hartuko luke zenbaitek bere sasoia. Gainera ez luke mereziko gizon baten historia hain luzea kontatzea, ezingo balu hanken gainean egon. Eta egun batean liburu-saltzaile ibiltari bat kalean zegoela sekulako euritan, bere irabazi eskasak madarikatzen, Cäsar Flaischlen agertu zen liburu-gurdiaren ondoan. Madarikazioak lasai entzun, gizonari txapaka egin sorbalda busti bakoitzean, eta esan zion: «Madarikazioak utzi eta gorde ezak eguzkia bihotzean», horrela kontsolatu eta joan zen. Eguzkiaren poema ospetsua hortik sortu zen. Halakoxe eguzkia, beste bat noski, dauka Biberkopfek ere bere baitan, eta kopatxo bat pattar eta zopan malta-estraktu asko hartuta, ari da pixkanaka bizkortzen. Lerro hauen bitartez eskaini nahi nizuke ere 1925eko Trabener Würzgarten upel bikain batetik parte bat, 50 botila 90 markotan bakarrik, enbalatzea barne, edo 1,60 markotan botilako, kristal eta kutxarik gabe, gero nik hainbestean hartzekotan. Arteriosklerosia dagoenean, Dijodyl. Biberkopfek ez dauka arteriosklerosirik, besterik gabe ahul sentitzen da oraindik, latz egin du barau Buchen, ia goseak hil arte, eta denbora behar da berriro guritzeko. Horretarako ez dauka joan beharrik inongo magnetoterapeutagana, harengana bidali nahi baitu Evak, behin lagundu ziola eta.

 

        Eta handik astebetera Eva doanean Miezeren hilobira Franzekin, badu zertaz harritua, eta hura askoz hobeto dagoela ohartzen da. Negarrik gabe, hark tulipa-sorta bat utzi, gurutzea laztandu, Evari besotik heldu eta badoaz.

        Evarekin dago eserita gozotegian, almendrazko pastela jaten, Miezeren ohorez, hura ez baitzen sekula asetzen haiekin, oso goxoa dago, baina kanpaiak dantzatzen hasteko adina ez. Izan gaituk beraz gure Mieze txikiarenean, gehiegi ere ez duk joan behar kanposantuetara, hoztu egiten haiz, agian hurrengo urtean berriro, haren urteetan. Zera, Eva, ez zeukanat beharrik, sinetsidan, Miezerengana joateko, kanposanturik gabe ere niretzat hor zegon, baita Reinhold ere, bai, Reinhold, ez zaidan ahazten, besoa berriro hazten bazait ere ez zaidan ahaztuko. Zenbait gauza ahazteko, gizona ez baizik harri puska izan behar dun. Honela mintzo zaio Evari Biberkopf, almendrazko pastela janaz.

        Evak garai batean Franzen laguna izan nahi zuen, baina orain, orain jada ez. Miezeren gorabehera eta ondorengo eroetxea gehiegi izan dira berarentzat, asko nahi dion arren. Eta harekin izatekoa zuen txikia ere ez zen etorri, pott egin zuen berak, ederra izango zen, ez da halakorik izan, baina azkenean horixe da onena, Herbert ere ez baitago, eta bere babesleak ere mila aldiz nahiago du berak txikirik ez izatea, izan ere gizaixoa azkenean ohartu baitzen txikia beste batena izan zitekeela, ezin zaio hori leporatu.

        Hala, elkarren ondoan lasai eseri eta lehengo eta geroko kontuak pentsatzen dituzte, almendrazko pastel bat eta kanutillo bat esnegainarekin janaz.

 

 

Eta pausoa tinko,
ezker eskuin, ezker eskuin

 

        Oraindik hor dugu gizona Reinholden eta Matter errementariaren, alegia Oskar Fischerren kontrako epaiketan, Bernauko Emilie Parsunke 1928ko irailaren 1ean Berlingo Freienwalden hiltzeaz eta laguntzeaz akusatuak. Biberkopf ez dago salatua. Besobakarrak interesa pizten du denean, ikusmin handia, bere maitearen hilketa, maitasuna inframunduan, hura zendu eta burutik nahasi zen, bera ere tartean ote zen, patu tragikoa.

        Besobakarrak, txostenek dioten moduan erabat osaturik eta aitortzeko gai, auzian dio: hildakoak, Mieze deitzen du, ez zuen inongo aferarik izan Reinholdekin, Reinhold eta bera adiskide onak ziren, baina Reinholdek grina izugarria, antinaturala zeukan emakumeekiko, eta halaxe gertatu zen. Reinholdek joera sadikoak dituen ala ez, berak ez daki. Ustez behintzat, Freienwalden Miezek Reinholdi gogor egin, eta hark horixe egin zuen, amorruz. Badakizu ezer beraren gaztaroaz? Ez, orduan ez nuen ezagutu. Ez zizun ezer kontatu ere? Edaten ote zuen? Bai, hori dela eta: lehen ez zuen edaten, baina azken aldian horretan hasi zen, neurririk gabe, lehen ezin zuen garagardo-tragoxka bat ere probatu, beti freskagarriak eta kafea.

        Biberkopfi ez diote beste hitzik ateratzen Reinholdi buruz. Ez besoarena, ez sesioarena, ez borrokarena, ez nian egin behar, ez nian berarekin nahasi behar. Eva eta Pumstar batzuk daude eserita salan. Reinhold eta Biberkopf elkarri begira daude adi-adi. Besobakarrak ez dio gupidarik bi polizien artean akusatuen aulkian eserita dagoenari, lepoa du jokoan, atxikimendu berezi bat bakarrik. Hura nuen kamarada, inoiz izan den onena. Ikusi eta berrikusi behar diat, ez zeukaat ezer hi ikustea baino inportanteagorik. Mundua azukrez eta zaborrez zegok egina, lasai eta begiak kliskatu gabe hiri begira egoteko gauza nauk, bazekiat nor haizen, hemen topatu haut, motel, akusatuen aulkian, beste mila bider topatuko haut kanpoan, baina bihotza ez zaidak horregatik harrizkoa egingo.

        Reinholden asmoa, auzia aldrebesten bada, Pumsen ibilera guztia azaltzea da, zirikatzen badute denak lohituko ditu, horixe dauka eskupean gordeta, batez ere epailearean aurrean harrokerian hasten bada Biberkopf, zerri hori, beragatik da hau dena. Baina han daude salako bankuetan eserita Pumstarrak, horra hor Eva, horra hor agente batzuk, ezagutzen ditiagu txakurrak. Eta orduan lasaitu, dudatu eta hausnartzen du. Lagunen menpe hago, noizbait irtengo haiz kalera, eta barruan ere baduk haien beharra, eta ez zieagu poz hori emango txakurrei. Eta gainera Biberkopfen jokaera ikaragarri zintzoa duk. Buchen eduki omen ditek. Xelebrea da nola aldatu den babo hori, begirada xelebrea zeukak, begiak mugitu ezin balitu bezala, Buchen herdoildu zaizkiok nonbait, eta zer motel hitz egiten duen. Bazeukak ttantto falta. Reinhold isilik geratzen denean, Biberkopfek badaki ez diola hari ezer eskertu beharrik.

        Reinholdentzat hamar urte espetxea, homizidio pasionala, alkohola, izaera oldarkorra, gaztaro bakartia. Reinholdek zigorra onartzen du.

        Epaia jakinaraztean, salako norbaitek garrasi egin eta negar batean hasten da. Eva da, gainez egin dio Miezeren oroitzapenak. Hura entzun eta Biberkopf jiratzen da lekukoen aulkian. Orduan bera ere bere baitan hondoratu eta kopetan jartzen du eskua. Segaria da, izena du Herio, hirea nauk, maitekor etorri zitzaian, babestu hinduen, eta hik, lotsa, garrasi egin ezak: lotsa.

        Epaiketa bukatu eta berehala, fabrika koskor batean atezainorde izatea eskaintzen diote Biberkopfi. Onartzen du. Ez dago beste zer kontaturik bere bizitzaz.

 

        Istorio honen amaieran gaude. Luze jo du, baina gero eta handiagoa egin behar zuen, puntu gorenera iritsi arte, gailurrera, handik argia zabaltzeko denera.

        Errepide ilun batean ibili gara, hasieran ez zegoen farolik piztuta, bidea hau zela besterik jakin gabe, pixkanaka argitu du, azkenean farol bat agertu eta irakurri ahal izan da kalearen izena. Errebelazio-prozesu berezia izan da. Franz Biberkopf ez da kalean gu bezala ibili. Zalapartan abiatu zen, kale ilun horretatik, arbolak joka, eta zenbat eta gehiago joan, orduan eta gehiago jotzen zituen arbolak. Lehendik nahiko ilun zegoen, eta arbolak jotzean, izututa ixten zituen begiak. Eta zenbat eta gehiago jo, orduan eta izutuago ixten zituen begiak. Burua zirtzilduta, kordea galtzear heldu zen azkenean. Erortzean, begiak zabaldu zituen. Bere gainean zegoen farola argi ematen, eta kalearen izena irakur zitekeen.

        Azkenean atezainorde da fabrika koskor batean. Jada ez dago bakarrik Alexanderplatzen. Eskuinean batzuk daude eta ezkerrean beste batzuk daude, aurrean batzuk doaz eta atzean beste batzuk doaz.

        Bakarrik ibiliz gero, ezbehar franko izaten dituk. Taldean ez bezala. Besteei aditzen ohitu beharra zegok, besteek diotena niri ere axola zaidalako. Horrela konturatzen nauk nor naizen eta zertan has naitekeen. Nire inguru guztian zebilek nire borroka, ernerik egon behar diat, konturatzen naizenerako nire txanda izango duk eta.

        Atezainorde da fabrika batean. Zer da beraz patua? Ni baino indartsuagoa duk. Gu bi baldin bagara, zailagoa duk ni baino indartsuagoa izatea. Gu hamar baldin bagara, are zailagoa. Eta mila eta milioi bat baldin bagara, oso zaila.

        Baina ederragoa eta hobea ere baduk, besteekin egotea. Halakoetan bi aldiz hobeto sentitu eta jakiten diat dena. Aingura handirik gabeko barkua ez zegok sendo, eta pertsona ezin duk bizi beste pertsona askorekin ez bada. Orain hobeto jakingo diat, zer den egia eta gezurra. Behin zulora erori ninduan hitz bategatik, larrutik pagatu behar izan nian, ez zaiok berriro pasatuko Biberkopfi. Jirabiraka datozkik hitzak, kontuz ibili behar duk jo eta harrapa ez hazaten, kontuz, autobusa, lehertuko hau, astaputza. Munduko ezerengatik ez diat gehiago zin egingo. Aberri maite, zaude lasai, kale egin gabe nabil beti ernai.

        Askotan igarotzen dira bere leiho ondotik bandera eta musika eta kantekin, Biberkopfek bere atetik hotz begiratu eta lasai segitzen du etxean. Ahoa itxi eta pausoa fin, goazen denok elkarrekin. Joaten banaiz, gero neuretik pagatu beharko ditiat besteen ideiak. Horregatik, dena aztertu lehenbizi, eta itxurazko bada eta komeni bazait abiatuko nauk ni ere. Pertsonak iritzia, zaldiak irrintzia.

        Atezainorde ari da Biberkopf, numeroak hartu, autoak kontrolatu, nor datorren eta doan ikusi.

        Ernerik, ernerik, baduk mugimendua munduan. Mundua ez duk azukrezkoa. Gas-bonbak botatzen badituzte itoko nauk, auskalo zergatik jaurti dituzten, baina hori berdin ziok, egon duk denbora, horretaz arduratzeko.

        Gerra baldin badago eta deitzen badidate, eta ez badakit zergatik, eta ni gabe ere gerra baldin badago, orduan nire errua duk eta ez diat besterik merezi. Ernerik, ernerik, ez hago bakarrik. Txingorra eta euria egin zezakek, horri ezin zaiok gogor egin, baina beste gauza askori bazegok gogor egitea. Ez diat lehen bezala gehiago garrasi egingo: patua, patua. Ez da gurtu behar patua delako, ikusi, heldu eta txikitu.

        Erne, azti, adi, milaka lagun batean, esna hadi, bestela barregarri edo ehizaki.

        Bere atzean errepikatzen du danborrak. Aurrera, aurrera. Gerrara goazak, sendoak urratsak, gurekin ehun atabal zetozak, egunabarra, ilunabarra, denontzat heriotza bakarra.

        Langile apala da Biberkopf. Dakiguna zekiagu, garesti pagatu diagu.

        Goazen askatasunera, denok askatasunera, pikutara mundu zaharra, esnatu, goizeko haize.

        Eta pausoa tinko, ezker eskuin, ezker eskuin, aurrera, aurrera, gerrara goazak, gurekin ehun atabal zetozak, errepika eta txistu, bidebun, bidebun, bata zuzen ez, bestea oker egun, bata argi, bestea ilun, bata bidez bide, bestea lurrean zurrun, bidebun, bidebun.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia