ZORTZIGARREN LIBURUA

 

        Alferrik izan da. Alfer-alferrik izan da. Franz Biberkopfek mailukada jaso du, badaki galdua dela, baina oraindik ez daki zergatik.

 

 

Franz ez da ezertaz ohartzen
eta mundua aurrera doa

 

        Irailaren bia. Besteetan bezala dabil Franz, Wannseeko igerilekura doa txorimalo apainarekin. Hiruan, astelehenean, harrituta dago ez delako oraindik Miezetxo ageri, tutik esan gabe ezkutatu da, etxekoandrea ez da ezertaz gogoratzen, telefonoz ere ez du deitu. Tira, agian bere lagun eta babesle handiarekin irtengo zuan, laster utziko dik neska alde batera. Itxaron dezagun iluntzea arte.

        Eguerdia da, Franz etxean dago, atea jo dute, posta, babeslearena Miezerentzat. Hara bestea, harekin zelakoan eta, zer arraio. Gutuna zabalduko diat: «eta harrituta nagon, Sonja, deitzen ez didanalako. Atzo eta herenegun, hitzartu bezala egon naun hire zain bulegoan.» Hara hara, orduan non dago.

        Franz zutitu, kapela bilatu, ez diat ulertzen, jaun horrengana, taxia. «Ez al da zurekin egon? Noiz izan da hemen azkeneko? Ostiralean? Hara.» Elkarri begira daude. «Zuk baduzu iloba bat, harekin ote dago?» Jauna sutzen da, berehala etorraraziko dut, gera zaitez hemen. Ardo beltza edaten dute astiro. Hemen da iloba. «Hau Sonjaren senargaia da, ba al dakik hura non den?» «Nik? Zer ba?» «Noiz ikusi duk azkeneko?» «Baina zer diozu, bi aste edo izango dira.» «Hori egia duk. Berak esan zidaan. Eta geroztik batere ez?» «Ez.» «Aditzearik ere ez?» «Ezta ezertxo ere, zer ba, zer pasatu da?» «Jaun honexek esango dik.» «Joana da, larunbata ezkero, txintik esan gabe, dena bertan dauka, txintik ez nora zihoan.» Babesleak: «Ez ote zuen norbait ezagutuko?» «Ez dut uste.» Hirurek ardo beltza edaten dute. Franzek isilik: «Pixka batean itxaron beharko dugu.»

        Aurpegia zanpatuta, hortzak zanpatuta, begiak zanpatuta, ezpainak, mingaina, lepoa, sabela, hankak, magala zanpatuta.

        Hurrengo egunean ere ez da arrastorik. Ez da arrastorik. Utzi zuen bezala dago dena. Ez da ageri. Ba ote daki Evak zerbait. «Sesioa izan al duzue, Franz?» «Ez, orain dela bi aste bai, baina konpondu dinagu.» «Norbait ezagutu ote du?» «Ez, bere galai horren ilobaz hitz egin zidanan, baina hemen zegon, ikusi dinat.» «Agian hura zaindu beharra legokek, agian harekin egongo duk.» «Hik uste?» «Erne ibili beharra zegok. Miezerekin ez jakin. Joerak izaten ditik.»

        Ez da ageri. Franzek ez du ezer egiten bi egunetan, pentsatzen du, ez nauk bere atzetik hasiko. Gero inongo berririk ez eta inongo berririk ez eta egun oso batean ilobaren atzetik dabil eta hurrengo eguerdian, ilobaren etxekoandrea kanpoan denean, Franz eta txorimalo elegantea etxean bizkor sartu, atea aise zabaltzen dute kako batekin, inor ez barruan, liburuak bakarrik, emakumearen aztarnarik ez, hormetan margolan ederrak, liburuak, ez dago hemen, ezagutzen dut bere aurpegiko hautsa, ez du usain hau, goazen, ez ezer hartu, utzi andre gaixoa, gelak alokatzetik bizi da.

        Zer arraio. Franz bere gelan dago. Orduetan. Non da Mieze. Joan egin duk, ez dik aztarnarik eman. Zer esan. Gela osoa hankaz gora jarri, ohea banatu, berriro txukundu. Utzi egin naik. Ez duk posible. Ez duk posible. Utzi egin naik. Zer egin dut, ez diat ezer egin. Ez zidaan amorrazioa hartu ilobarenagatik.

 

        Nor da? Eva. «Ilunpetan hago, Franz, piztu gasa.» «Miezek utzi egin nain. Posible al da?» «Lasai, motel. Bueltatuko duk. Maite hau, ez dik alde egingo, nik ezagutzen diat jendea.» «Hori dena bazekinat. Horregatik tristatzen naizela uste al dun? Etorriko dun.» «Zera. Izango dik zerbait, aspaldiko norbait topatu eta harekin egingo zian bidajetxo bat, nik aspalditik ezagutzen diat Mieze, hik ezagutu aurretik, holakoxeak egiten ditik, boladak zeuzkak.» «Baina gauza xelebrea dun. Ez zekinat.» «Maite hauela ba, motel. Begira, ukitu sabelean, Franz.» «Zer dun?» «Zera, heurea, umetxo bat. Berak nahi izan duelako, Miezek.» «Zer?» «Ba bai.»

        Franzek burua kokatu Evaren altzoan eta: «Miezegatik. Utzidan esertzen. Ez dun posible.» «Ikusiko duk, Franz, bueltatzen denean zer aurpegia jarriko duen.» Orduan Eva ere negarrez hasten da. «Horra, Eva, nor dago hemen urduri? Hi heu.» «Ai, jota nagok. Ez diat neska hori ulertzen.» «Orain neuk kontsolatu beharko haunat.» «Ez, nerbioek ematen didatena besterik ez diat, beharbada umeagatik.» «Ikusiko dun datorrenean, istilua izango dun horregatik.» Ez du negarra isiltzen. «Zer egin, Franz, bera ez duk holakoa.» «Lehenbizi hor esan dun: bidajetxo bat egingo zuela norbaitekin, eta orain zer eta bera ez dela holakoa.» «Ez zekiat, Franz.»

        Evak besoarekin eusten dio Franzen buruari. Goitik, Franzen buruari begira dago: Magdeburgeko klinika, besoa galdu din, Ida hil zinan kolpeka, ene, zer du gizon honek. Suerte txarrekoa dun. Hilda ote dago Mieze. Honek badin zerbait atzetik! Miezeri zerbait pasatu zaion. Aulki batean esertzen da. Izuturik altxatzen ditu eskuak. Franzek sustoa hartzen du. Eva zotinka ari da. Honek badin zerbait atzetik, Miezeri zerbait pasatu zaion.

        Franzek gogor egin arren, ez dio ezer esaten. Orduan bere oneratu eta: «Ez zidatek haurra kenduko. Ezta Herbert tematzen bada ere.» «Esan al du zerbait?» Pentsamenduek sei miliako saltoa. «Ez. Berea dela uste dik. Isilean gordeko diat.» «Oso ondo, Eva; ni aitajaun.» «Hik daukak umorea, Franz.» «Ni ez naiten hola eta hola menderatzen. Alaitu aurpegia, Eva. Ondo ezagutzen dinat nire Mieze. Ez din autobusak harrapatuko, dena argituko dun.» «Bai, arrazoi izango duk. Aio, Franzeken.» «Eman muxu.» «Hik daukak alaitasuna, Franz.»

 

        Hankak dauzkagu, hortzak dauzkagu, begiak dauzkagu, besoak dauzkagu, edonor etor dadila, hozka egin diezagula, Franzi hozka egin diezaiola, edonor etor dadila. Bi beso dauzka, bi hanka dauzka, giharrak dauzka, txiki-txiki egingo du dena. Edonork ezagut dezala Franz, bera ez da oilanda. Atzean dugun guztia, aurrean dugun guztia, edonor etor dadila, horren alde edan bat, edan bi, edan bederatzi.

        Ez dauzkagu hankak, ai ene, ez dauzkagu hortzak, ez dauzkagu begiak, ez dauzkagu besoak, edonor etor daiteke, Franzi hozka egin diezaioke, oilanda da, ai ene, defendatzerik ez dauka, edatea bakarrik dauka.

 

        «Zerbait egingo diat, Herbert, ezin diat hola ikusi.» «Zer egin behar dun, neska?» «Ezin diat hola ikusi, ez duk ezertaz jabetzen, hantxe eseri eta bere artean, etorriko dun, etorriko dun, eta nik egunero egunkarian begitu eta han ez dik ezer jartzen. Ezer aditu al duk?» «Ez.» «Ezin al dituk inguruak miatu, inork ezer ikusi edo inori ezer aditu dion?» «Hire kontu hoiek, Eva, zakurraren putza ditun. Hiretzat ulergaitza dena, niretzat ez dun batere ulergaitza. Zer da ba? Neskak alde egin zion. Ene, ezin hasiko haiz buruaz pareta joka. Aurkituko din besteren bat.» «Nigatik ere hola hitz egingo al huke?» «Nahikoa dinagu, Eva. Neska holakoa bada...» «Ez duk holakoa. Nik lortu zioat Franzi, morgean ere begitu diat, aizak, Herbert, zeozer pasatu zaiok. Suerte txarra zeukak Franzek. Badik zerbait atzetik. Ez duk beraz ezertxo ere aditu?» «Zer aditu behar nuke.» «Zera, batzuetan norbaitek esaten dik zeozer, elkartean. Ez al du inork ikusi? Ez zuan behintzat mundutik desagertuko. Nik... ez bada aurki agertzen, jo eta kuartelera joango nauk.» «Aurrera! Joan hadi ba!» «Ez ezak barre egin, horixe egingo diat eta. Topatu behar diat, Herbert, zeozer pasatu zaiok, ez duk bere kasa joan, nigandik ez huke hola joango, eta Franzengandik ere ez. Eta ez duk jabetzen.» «Isildu itzan kontu hoiek, zakurraren putza ditun, eta goazen zinera, Eva.»

 

        Zineman antzerki-lan bat dakusate.

        3. aktoan mandil batek zaldun prestua hiltzen duenean, Evak hasperen egiten du. Herbertek aldamenera so egitean, Eva eserlekutik irristatu eta ondoezten da. Gero kalez kale doaz, besotik helduta isilik. Herbert harrituta dago: «Ederki poztu behar din hire zaharrak hire ondoan, hola hagoela.» «Tiroz jota hil dik, ikusi al duk, Herbert?» «Gezurretan izan dun, itxura hutsa, ez al haiz konturatu. Oraindik dardarka hago.» «Zeozer egin behar duk, Herbert, ez zegok hola segitzerik.» «Kanpora joan behar dun, esaion hire zaharrari, hi gaixo hago.» «Ez, zeozer egin. Egin ezak zeozer, Herbert, besoarena gertatu zitzaionean ere lagundu hion Franzi eta, orain ere egin ezak zeozer! Mesedez eskatzen diat!» «Ezin dinat, Eva, zer egin behar dut?» Eva negarrez ari da. Autoan sartzen lagundu behar dio.

        Franzek ez dauka eskean hasi beharrik, Evak zerbait patrikaratzen dio, Pumsengandik ere jasotzen du, berriro ere bada planen bat iraila azkenerako. Irailaren azken aldera dator berriro Matter errementaria. Atzerrian izan da, zerbait muntatzen edo. Berriro Franz ikustean, atseden hartzen egon dela diotso, birikak gaizki. Baina itxura penagarria dauka, ez du batere atsedenik hartu. Franzek diotso Mieze joan dela, ezagutu zuen behin; baina inori ezer ez esateko, barrez lehertzen dira zenbait, neskak alde egiten badizu. «Txintik ez Reinholdi, emakumekontuak izan nitian harekin, eta algara ederrak egingo litizkek, zerbait adituz gero. Besteren bat», Franzek barrez, «ez zeukaat, eta ezta nahi ere.» Triste dauka kopeta eta ahoaldea. Baina sendo eusten dio buruari lepo gainean eta ahoa estutzen du.

        Atzera-aurrera handia dago hirian. Munduko txapeldun izaten segituko du Tunneyk, baina amerikarrak ez daude oso pozik, ez zaie gizona gustatzen. 9raino kontatu arte lurrean egon zen, 7. roundean. Orduan groggy utzi zuen Dempsey. Azken borroka handia izan da Dempseyrentzat. Akabo zen 4ak eta 58an, 1928ko irailaren 23an. Kontu hori entzun daiteke eta Köln eta Leipzig arteko hegazkin-errekorra, eta gerra ekonomikoa omen dago laranjen eta bananen artean. Baina hori begiak kuzkurtuta entzuten da lehiatila txikitik.

        Nola babesten dute landareek beren burua hotzetik? Askok ezin dute jasan izotz arin bat ere. Beste zenbait berriz gai dira, beren zeluletan hotzaren kontrako babesa sortzeko, zera kimiko bat. Beren babes nagusia, zeluletan daukaten almidoia azukre bihurtzea dute. Barazki batzuen balioa, ordea, ez da asko hobetzen azukre hori sortuta, eta izotzarekin gozo bihurtzen diren patatak dira horren adibide. Baina badaude kasuak non izotzagatik sortutako azukreak ematen baitie balioa landare edo fruituei, esate baterako basoko fruituei. Izotz arinak hasi arte utzi landare horiek sasian, eta azukrea sorturik, gustua aldatu eta dezente hobetzen dira laster. Beste hainbeste gertatzen da arkasatsekin.

        Zer inporta Berlingo bi arraunlari Danubion ito badira, edo Nungesser bere «Txori Zuri»rekin erori bada Irlandan. Zer istilu dabil kalean, 10 pfennigetan eros daiteke, bota daiteke, nonbait utz daiteke. Hungariako Lehen Ministroa lintxatu nahi izan dute, bere autoarekin nekazari baten semea harrapatu duelako. Lintxatu izan balute, izenburuetan azalduko zen: «Hungariako Lehen Ministroa lintxatu dute Kaposvar hirian», horrek istilua handituko zuen, jende ikasiak lintxatu ordez zintzatu irakurri eta barre egingo zuten, beste ehunetik 80ak esango zuen: gehiago merezi zuen, edo bost axola niri, hemen ere berdin egin behar litzateke.

        Berlinen bada algara-hotsik. Dobrinen, Kaiser-Wilhelm-Strasse izkinan, hiru lagun daude mahaian eserita, kankailu potolo bat, broma-zalea dena, bere nexka, lodikotea, ez balu hainbeste garrasi egingo barrez hasten denean, eta beste bat, haren laguna, ez du ezer berezirik, potoloak pagatzen du harena, entzuten dago eta barre egin behar du besteekin. Jende fina da. Urdanga lodikoteak bere aberats okituari bost minutuero ahoa musukatu eta garrasi egiten du: «Hoiek ateraldiak!» Orduan hark lepoa miazkatzen dio, bi minutu pasatxoan bai. Begira dagoen besteak zer pentsatzen duen ez zaie inporta. Aberats okituak kontatzen du: «Orduan emakumea jartzen zaio gizonari eta: Zer egin didazu? Berriro jartzen zaio eta: Zer egin didazu? Baina hirugarren aldiz ere tak.» Ondokoak barre-irudi egin eta: «Hi haiz alu arraioa.» Aberats okituak pozik: «Ni alua eta hi baboa.» Salda hartu eta potoloak kontu-kontari segitzen du.

        «Arrantzale bat laku batera iritsi, eta han neska bat. Jartzen zaio eta: 'Aizu, andereño, nahi duzu nirekin arrantzan egin?' Eta neskak orduan: 'Ez daukat kanaberarik.' 'Zuk esan gabe ere banekien hori.'» Hirurak lehertu beharrean. Potoloak azaltzen die: «Gaur mutur-salda dut afaltzeko.» Urdangak: «Hoiek ateraldiak!»

        «Entzun, ezagutzen al duzu hau. Jartzen da neskatxa bat eta: 'Aizu, zer esan nahi du: aitzinetik?' 'Aitzinetik? Aurretik!' 'Ikusten', esaten dio, 'nik bai antzeman, zerbait lizuna zela! Et-et!» Jator ari dira, alai, neskatxak sei aldiz joan beharra dauka komunera. «Oilarrak oiloari, egingo al dugu kukularruku. Mutil, kontua, hiru koñak, bi urdaiazpiko-sandwich, hiru salda gomazko zopekin.» «Gomazko zopak ez, ogi txigortua.» «Zuk ogi txigortua diozu, nik gomazko zopak diot. Txikiagoa? Etxean bai, badaukagu txiki bat sehaskan, txanpon bat sartzen diot beti ahoan, miazkatzeko. Bueno ba. Goazen, pottoka. Amaitu dira barreak, pixa egin eta ohera.»

        Hainbat emakume eta neska dabiltza Alexanderstrasse eta Platzen, legearen babesa duen fetu bat daramate sabelean. Eta kanpoan emakumeak eta neskak izerdi-patsetan doazen bitartean, fetua lasai dago bere txokoan, giro egokian, Alexanderplatzen paseatzen, baina hainbat fetuk gorriak ikusiko dituzte gero, ez da denbora baino lehenago barre egin behar.

        Beste zenbait han dabiltza, zerbait dagoenean lapurretan, batzuk tripa beteta, besteak hura nola beteko. Hahn erosketa-zentroa erabat eraitsita eta beste etxe guztiak dendaz beteta daude, dendak ematen dute, baina berez oihuak besterik ez dira, deiadarrak, txorrotxioak, txiruliru, txio-hotsa basorik gabe.

 

        Eta burua jiratu eta ikusi nuen munduko injustizia guztia, eta hara, injustizia jasan eta kontsolagarririk ez zutenak malkotan zeuden, eta injustizia-egileak boteretsuegiak ziren. Hala, hildakoak goretsi nituen, zendu zirenak.

        Hildakoak goretsi nituen. Gauza bakoitzak bere aldia, josteak eta urratzeak, jasotzeak eta botatzeak. Hildakoak goretsi nituen, zuhaitzen azpian dautzanak, lo dautzanak.

 

        Eta Evak berriro ekiten dio: «Franz, ez al duk behingoz zeozer egin behar? Badituk hiru aste, motel, hi neurea bahintz eta hain gutxi kezkatu.» «Ezin zionat inori esan, Eva, hik badakin, eta Herbertek eta errementariak ere bai, beste inork ez. Ezin zionat inori esan, barre egingo diten nire bizkar. Eta salatu ere nola ba. Ez badidan ezer eman nahi, Eva, uztan. Ni... berriz... hasiko naun lanean.» «Ez goibel hago, ez malkorik daukak... motel, gustura astinduko hinduket, baina ezin diat ezer egin.» «Nik ere ez.»

 

 

Gauzak harrotzen dira,
gaizkileak muturtzen dira

 

        Pumsek susmatutako tirabira, urriaren hasieran pizten da taldean. Dirua dela eta ez dela. Pumsen ustez, beti bezala, generoa saltzea da gauzarik inportanteena, Reinhold eta beste batzuen ustez, tartean Franz, irabazia. Salmentaren arabera ez baizik irabazien arabera egin behar omen litzateke banaketa, sarrera handiegiak aurpegiratzen dizkiote Pumsi, estaltzaileekiko harremanetan duen monopolioaz abusatzen du, konfiantzazko estaltzaileek Pumsekin bakarrik izan nahi dute tratua. Pumsek amore eman eta denetariko kontrolak onartu arren, taldeak argi dauka: zerbait egin behar da. Nahiago dute kooperatiba. Berak orduan: horixe daukagu eta. Baina ez diote sinesten.

        Heldu da Stralauer Strasseko lapurreta. Nahiz eta Pumsek utziak dituen jardun horiek, bera ere badoa. Lotura-fabrika batean da, Stralauer Strasseko barne-patioan. Jakin dutenez, sosak daude bulego pribatuko kutxan. Kolpe gogorra izango da hau Pumsentzat: generorik ez baizik dirua. Dirua banatzeko orduan iruzur gutxi. Horregatik da Pums ere tartean. Suteetako eskaileratik binaka igo eta lasai askatzen dute bulego aurreko atearen sarraila. Errementaria hasten da. Bulegoko armairu guztiak behartzen dituzte, marko bakar batzuk besterik ez daude, zigiluak, korridorean bi gasolina-ontzi, balio dezakete. Ondoren Karl ttiki errementariak bukatu zain jartzen dira. Hara orain berriz, kutxa irekitzen ari dela eskua erre soldagailuarekin, ezin du segitu. Reinhold saiatu baina sekula aritu gabea da, Pumsek eskutik kendu soldagailua, hala ere alferrik. Kontua itsusten ari da. Utzi beharra daukate, laster etorriko da guarda.

        Amorraturik gasolina-ontziak hartu, altzari guztiak blaitu, baita kutxa madarikatua ere, eta pospoloak botatzen dituzte. Pums txapeldun, ezta? Baina ez diote hori opa nahi. Pospoloa goiztxo bota eta apur bat txigortu dute Pums, lortu dute! Ez etortzea zuen. Bizkar guztia erretzen zaio, eskailera aldera doaz lasterka, keinuka: «Guarda», Pums larri-larri iristen da autora. Idisko honek lezioa ikasi dik, ez duk uste. Baina nondik lortu dirua.

        Pums barre egiteko eran dago. Generoa zen eta da onena. Espezialista izan behar da. Zer egin. Esplotatzailea, enpresarioa, alproja irizten diote Pumsi. Baina auskalo, urrutiegi baldin badoaz, hark bere harremanez abusatu eta talde berri bat osa lezake. Ostegunean argituko du kirol-elkartean, ahal dudana egiten diat nik, nahi baduzue idatziz erakus zitzakeat kontuak, hori da, inork ezin dio ezer leporatu, eta ez badugu nahi, elkartean esango ditek, zuek ez baduzue nahi ez duk gure kulpa, ahal duena egiten dik, eta zerbait gehixeago egokitzen bazaio ez zaitezte horrela jarri, zuek zuen neskak dauzkazue, irabazten ditek, eta berak bere atsoa zeukak eta nolako zaborra. Beraz aurrerantzean ere bizkarrean eramango dute, esplotatzaile eta enpresario madarikatu hori.

        Stralauer Strassekoak kale egin, eta denak salduta utzi dituen errementariagan husten dute amorru osoa. Ez zeukaagu halako baldarrontzi baten premiarik. Eskua erre du, medikutan dabil, beti poliki egin du lan eta orain irainak besterik ez ditu entzuten.

        Denak kontra ditiat, pentsatzen du, tripak janaz. Lana neukaan eta ziria sartu zidatek; pittin bat edan eta andrea marruka hasten zaidak, eta Urtezahar gauean banator etxera eta ez duk inon ageri. Marizikin hori. Zazpiak arte ez zetorrek etxera, beste batekin egin dik lo, engainatzen naik. Hala, ez lanik eta ez andrerik. Eta Mieze txikiarena dela eta, zakur ona Reinhold hori. Neurea zuan, ez zian nahi Reinholdekin, nirekin joan zuan festara, errepidean zehar, harenak bai muxuak, eta beste horrek kendu zidak, gizaixo bat naizelako. Zakur hori, jo eta garbitu zian, hiltzaile horrek, nahi ez ziolako, eta orain hor zebilek kopeta goratuta, eta nik eskua erre diat, eta neuk lagundu nioan garraiatzen. Kriminala, hiltzaile amorratua. Eta gutxigatik ez diat zama hori neure gain hartu, bilau horrengatik. Ni nauk segapotoa, ni.

 

 

Erne errementariarekin,
badarabil gizonak zerbait

 

        Errementariak inguruan begiratzen du, ea norekin hitz egin dezakeen. Tietz aurreko Alexanderquellen dago eserita, erreformatoriotik ihes egindako bi dauzka aldamenean, eta beste bat, ezezaguna, hainbat negoziotan aritzen omen da, zer-topatu-hartan, bestela gurdigile aditua omen da. Ongi daki marrazten, elkarrekin daude eserita mahaian, saltxitxak jaten, eta gazte gurdigileak irudi gordinak margotzen ditu bere agendan, emakumeak eta gizonak eta. Erreformatoriokoak ederki ari dira pasatzen, errementariak begiratu eta bere artean pentsatzen du, honek bai marraztu. Hiru gazteak algara batean daude, erreformatoriokoak zoratzen daude, Rückerstrassen zeuden lehenxeago, sarekada egon da eta garaiz alde egin ahal izan dute atzetik. Errementaria barra aldera doa.

        Eta orduantxe bi gizon dabiltza tabernan, ezker-eskuin begira, batekin hitz egin, paperak erakusten dizkie, begiratu, hitz pare bat esan, eta hor daude bi gizonak mahaiko hiruren ondoan, sustoa hartu bai, baina ez dute txintik esaten, ezta tutik ere. Segi dezagun lasai hizketan, txakurrak dituk noski, Rücker kafetegian zeudean, ikusi egin gaitiztek. Eta ezer ez balitz bezala segitzen du gurdigileak bere txerrikeriak margotzen, eta txakurretako batek xuxurlatzen dio: «Polizia», zabaltzen du zamarra, ikurra txalekoan. Ondokoa ere halaxe beste biekin. Inork paperik ez, gurdigileak gaixo-agiri bat dauka eta neska baten eskutitza, hirurek joan behar dute Kaiser-Wilhelm-Strasseko polizia-etxera. Han goian mutikoek berehala kontatzen dute dena, baina harri eta zur geratzen dira, txakurrek esaten dietenean ez dituztela ikusi Rückerstrassen, kasualitate hutsa izan da Alexanderquellen topatu izana. Orduan ez genuen esan behar ihes egin dugunik, denek egiten dute barre. Txakurrak txapaka egiten die: «Poztuko da nagusia, zuek berriz ikusita.» «Bai zera, oporretan da.» Gurdigilea poliziekin dago salan, badaki bere buruaren alde egiten, bere helbidea zuzena da, gurdigilea izateko esku finegiak dauzka ordea, txakurretako bati ez zaio hori buruan sartzen, batera eta bestera astintzen ditu eskuak etengabe, urtebete bada lanik egin ez dudala, badakizu zeren itxura duzun, maritxu batena, atzelari batena, ez dakit hori zer den.

        Eta handik ordubetera tabernara biltzen da berriro. Karl errementaria nagituta dago mahaian, gurdigilea zuzenean doakio.

        «Hi zertatik bizi haiz?» 12ak dira, Karlek hori galdetzen dionean. «Dagoenetik. Eta hi zertan aritzen haiz?» «Ahal denetik.» «Ez al haiz nitaz fidatzen, hori esateko adina?» «Hi ere ez haiz gurdigilea.» «Hi errementaria baldin bahaiz, ni gurdigilea.» «Hik zer dakik. Ikusi nire eskua, erreta, sarraila-lanak ere egiten ditiat.» «Ez ote duk erre tratuan henbilela?» «Tratuan! Horretatik ez zegok ezer.» «Norekin aritzen haiz ba lanean?» «Aparejua, beste bati ateraizkiok kontuak.» Karlek galdetzen dio gurdigileari: «Elkarteren batean al hago?» «Schönhausen.» «Hara, bolatokian.» «Ezagutzen al duk.» «Ezagutuko ez diat bolatokia. Galdeiek ezagutzen nauten, Karl errementaria, han segitzen al du Paule igeltseroak?» «Noski, baina zer, ezagutzen al duk, laguna diat eta.» «Elkarrekin gintuan Brandenburgen.» «Hori duk. Kontxo. Aizak eta, ezingo ote hizkidake 5 marko eman, sosik gabe nagok, bestela kalera botako naik etxekoandreak, eta August aterpera ez diat joan nahi, hango giro zakarra.» «Bost marko bai, motel. Hori besterik ez bada.» «Eskerrik asko. Hi, entzun nahi al huke tratu baten berri?»

        Gurdigilea txoriburu hutsa da, batzuetan neskatan eta besteetan mutiletan dabil. Ura eztarriraino daukanean, eskatu edo ostu egiten du. Bera, errementaria eta Schönhauseneko beste bat beren kabuz jo eta ke hasi eta lapurreta batzuk jotzen dituzte. Zer hartua dagoenero, beti bada gurdigilearen elkarteko norbait enbarazuan. Lehenbizi motoak osten dituzte, eta horrela batera eta bestera ibil daitezke, inguruak ikusiz. Hartara ez daude mugatuta Berlin barrura, planen bat eduki eta kasualitatez kanpoan dagoenean.

        Lapurreta bat oso narras irteten zaie. Elsasser Strassen konfekzio-denda bat dago, eta elkartean badira jostun pare bat, generoa ongi bideratzeko. Eta halako batean han daude hirurak gaueko hiruretan dendaren aurrean, eta guarda ere hantxe, etxea begiratzen. Galdetzen dio gurdigileak ea zer pasatzen den etxean, besteak ere biltzen dira solasera, lapurretei buruz hasten dira, garai arriskutsuak dira hauek, jende askok darama errebolberra, eta heltzen badiezu tiroka hiltzen zaituzte. Tira, holako zerbaitetan, diote hirurek, berak behintzat ez lirateke sartuko; ba al dago ba hor goiko konfekzio-dendan balioko zerbait? Hor ez dagoenik ez da, gizonezkoen arropa, berokiak, zer-nahi-hura. Ba gora igo eta apain-apain jantzi behar genikek. «Zoratu al zaizue, ez duzue ba gizona estutasunean jarri nahiko.» «Estutasuna, zer estutasun. Adiskide hau gu bezalaxe duk pertsona, bera ere larre motxean zebilek, zer pagatzen diate hemen guardian egotea?» «Aizue, hobe hori ez galdetzea. 60 urte izan eta pfennig pare bateko pentsioa eduki eta beste ezer egiteko gauza ez denari, nahi dutena egiten diote.» «Bai horixe, agurea gau guztian hemen, erreumak jota, izango zinen gerran ere, ezta?» «Azken txandan, Polonian, baina ez lubakiak egiten, ez pentsa, baizik eta haien barruan.» «Ondo ezagutzen dut nik hori. Gu ere holaxe ibiliak gara, burua besapean ez bazenuen behintzat beti lubaki-zuloan, eta horregatik hago hi orain hemen, adiskidea, zaintzen, hor goiko jauntxo dotoreei inork lapurretarik ez egiteko. Zer diok, nagusi, egingo al dugu zeozer? Zer aldetan hago hi?» «Ez, ez, aizu, beldur handia ematen dit, hor ondoan dago jabearen etxea, zerbait entzuten badu, oso lo arina dauka.» «Gu isil-isilak gaituk, baietz ba. Tira, kafe bat hartuko diagu hirekin, edukiko duk kafeontziren bat, elkarri kontu-kontari. Ez hadi kezkatu, zerri handi horrengatik.»

        Laster dira laurak goian guardarenean, bulegoan, kafea edaten, gurdigilea da azeriena, belarrira ari zaio guardari hizketan, bitartean hanka egiten dute besteek, bilketan hasteko. Guardak, berriz, altxatu nahi, erronda egin behar du, ez du ezer jakin nahi kontu harekin, azkenean gurdigileak diotso: «Utziek bi hoiei bakean, hi ezertaz konturatu ez eta inork ez dik ezer aurpegiratuko.» «Zer esan nahi duk ezertaz konturatu ez.» «Zera egingo diagu: estu-estu lotuko haut, ustekabean eraso diate, agurea haiz, nola babestuko haiz ba, orain burutik behera zapi bat botatzen badiat, hi ezertaz konturatzerako, ahoa tapatuta eta hankak lotuta edukiko dituk.» «Bestea berriz.» «Motel, utz itzak berriketak, zeken horrengatik, zerri handi horrengatik burua zulatuta bukatu nahi duk ala? Tira, edan dezagun azken hondarra, eta gero, kontuak egingo ditiagu etzi, non bizi haiz, idatzidak, xuxen banatuko diagu, bene-benetan.» «Zenbat aterako da garbi?» «Ikusi egin behar zerekin datozen. Hiretzat, 100 marko behintzat seguru.» «200.» «Ados.» Ondoren erre, azken hondarrak edan, ondoren dena bildu, orain lehenbiziko gauza auto seguru bat, errementariak telefonoz deitu, zortea dute, ordu erdian ate aurrean dute autoa.

        Orduan dator jolasa: guarda zaharra bere besaulkian eseri, gurdigileak kobrezko haria hartu eta hankak lotzen dizkio, baina ez estuegi. Gizonak barizeak dauzka, beheko partea minbera du. Biltzen dio telefono-hariarekin besoa, eta orain hasten dira hirurak agureari harpa jotzen, ea zenbat nahi duen, hirurehun ala 350. Eta ondoren bi ume-galtza pare eta udako beroki sendo bat dakarte. Ume-galtzekin guarda aulkiari lotu, hark aski dela dio. Baina haiek adarra jotzen segitzen dute, hark gogor egin eta masaileko pare bat jasotzen ditu, eta garrasi egin ahal izan aurretik, burutik behera dauka berokia eta badaezpada eskuoihal bat lotzen diote bularrean. Generoa arrastaka daramate autoraino. Gurdigileak bi iragarki idazten ditu kartoian: «Kontuz! Lotu berria!» Zintzilikatzen dizkio guardari aurrean eta atzean. Ondoren ospa egiten dute. Aspaldian ez genian dirua hain erraz bildu.

        Baina guarda beldurtu eta amorruz puskatzen dago lotuta. Nola askatuko naiz, eta gainera ateak zabalik utzi ditiztek, beste batzuk etor litezkek lapurretara. Eskuak ezin libratu, baina hanketako haria eteten da, ikustea baneuka. Agurea kuzkurtu eta tipi-tapa doa, barraskiloak bere etxea bezala aulkia bizkarrean duela, itsuka dabil bulegoan, eskuak gorputzari estututa, ezin ditu libratu, eta ezin du kendu buruko beroki lodia ere. Korridorera irten nahian, kaskarreko artean haztamuka ateraino heldu, baina ezin aurrera egin, eta izugarrizko amorruak atxiki, atzera egin, eta bere aulkiarekin ate aurre eta saihetsak jotzen ditu. Aulkia erori ez, baina etxe isil guztian aditzen da atea pitzatzen. Behin eta berriro dabil guarda itsua aurrera eta atzera, atea pitzatu eta astindu, etorriko duk baten bat, ikusterik baneuka, harrapatzen ditudanean alu hoiek, beroki hau kendu behar diat, laguntza eskatzen du garrasika, baina berokia dauka aurrean. Bi minutu baino lehen, jabea esna dago. 2. solairutik ere jendea dator. Orduan agureak atzeraka eseri bere aulkian eta okertuta geratzen da zintzilik, ondoeztuta. Eta orduan istilua, eta lapurreta izan da, gizona lotu dute, kristauak agure bat hartu lanerako, dirua aurreztu nahi eta zuhurraren poltsak bi zulo.

        Taldetxoaren zoriona.

        Motel, zertarako ditugu Pums eta Reinhold eta zalapartak.

        Baina uste ez duten bezala egiten du gauzak aurrera.

 

 

Gauzak aurrera egiten du,
errementaria atxilotzen dute
eta mingaina dantzatzen du

 

        Prenzlauerko tabernan Reinhold badoa errementariagana eta berekin elkartzeko eskatzen dio, sarrailagilerik ez dutela topatzen, Karlen beharra dutela. Atzeko gelara joan eta Reinholdek: «Zergatik ez duk etorri nahi? Zertan habil? Jakin diagu.» «Ez diat nahi zuekin madarikatzen ibili.» «Hik badaukak beste zeozer.» «Ez zaizue axola, nik zer daukadan.» «Seinale duk poltsikoa bero dabilkiala, baina lehenbizi gurekin diruak egin eta gero aio pelaio, hori ezin duk.» «Nola ezin dela! Aurrena denok niri marruka, ezertan ez dakidala, eta orain zer eta Karlek etorri behar duela.» «Hala etorri behar duk eta, ez zeukaagu inor, eta bestela hustu, gurekin egin dituan diruak. Guk ez ditiagu behar noizbehinkako langileak.» «Nahi dituan diru guztiak har itzak, Reinhold, batere ez zeukaat eta.» «Ba orduan gugana bildu behar duk.» «Ez diat nahi, lehen ere esan diat.» «Karl, heuk ere badakik, banaka-banaka hautsiko dizkiagu hezurrak, goseak hiltzen utziko haugu.» «Hau barregura. Hi bete-bete eginda hoa. Hire marikizin hoietako bat naizela uste al duk, hire esana egiten duena.» «Horretan haiz, beraz. Alde hemendik. Berdin zaidak marizikin bat haizen ala ez. Ondo pentsa ezak. Egongo gaituk.» «Ederto.» Segaria da.

        Reinholdek besteekin aztertzen du zer egin. Sarrailagilerik ezean jai dute, eta orain da garaia, Reinholdek bi estaltzaileen mandatuak dauzka, Pumsi esanarazi dizkio. Denak bat datoz, gogor hartu behar diagu errementaria, traidore hori, elkartetik ospa egin nahian zebilek.

        Errementaria jabetzen da badabilela zerbait bere kontra. Badoa Franzengana, etxe-zuloan egoten da, ea Franzek zerbait argitu edo laguntzen dion. Franzek: «Lehenbizi Stralauer Strasseko saltsan sartu gaituk, eta gero kale egiten diguk, zer habil ordea.» «Ez diat ezer jakin nahi Reinholdekin. Alu hutsa duk, ez dakik ondo.» «Jatorra duk.» «Hi haiz segapotoa, ez dakik ezer munduaz, ez daukak begirik.» «Ez niri lehenaz gain burua zaborrez bete, Karl, guk lan egin nahi eta hik kale egin diguk. Ba entzun, hi, kontu izan ezak, bide okerretik habil eta.» «Reinholdekin kontu? Hau barregura. Ahoa zartatuko zaidak algaraka. Tripako mina jartzeraino. Berak adinako indarra zeukaat nik. Marizikin bat naizela uste dik, bueno, isiltzera noak. Etortzea dik nigana.» «Eutsiok goiari, baina esan diat, kontuz ibili.»

        Eta kasualitatea zer den, handik bi egunera errementaria eta bere bi lankideak Friedenstrassen lapurretan hasi eta atxilotzen dituzte. Gurdigilea ere atzematen dute, hirugarrena soilik dago seguru, zaintzailea. Kuartelean laster ohartzen dira Elsasser Strasseko lapurretan zela Karl, aski dira kafe-kikarako hatzmarkak.

 

        Zergatik atxilotu naute ordea, pentsatzen du Karlek, nondik jakin dute txakurrek? Alu hori izan duk, Reinhold, salatu nauena! Amorrazioz! Berarekin elkartu ez naizelako. Alu horrek porru eginda utzi nahi naik, bilau horrek, berak jarri ziguk tranpa. Halako bilau nazkagarririk zenik ere. Gurdigileari bidaltzen dio abisua, Reinholden kulpa izan duk, ahoa askatu dik, bera ere tartean zela esango diat. Gurdigileak baietz egiten dio galerian. Epailearen aurrera joatea eskatzen du Karlek, eta kuartelean bertan dio: «Tartean zen Reinhold ere, lehenago egin zuen hanka.»

        Arratsaldean bertan heltzen diote Reinholdi. Den-dena ukatzen du, bere koartada froga dezake. Epailearenean beste biak ikusi eta zuri-zuri jartzen da amorruz, eta alu arraio haiek hala diote, bera ere konfekzio-dendako lapurretan zela. Epaileak dena entzun, aurpegietara begiratu, kontua ez dago batere garbi, amorrua diote elkarri. Hain zuzen ere, handik bi egunera jakiten da Reinholden koartada egia dela, putazaina da, baina lapurretarekin ez dauka zerikusirik.

        Urriaren hasiera da.

        Reinhold libre uzten dute, txakurrek badakite ez dagoela garbi, gertutik zainduko dute. Beste biak, gurdigilea eta Karl, erasiatzen ditu epaileak, ez daitezela hemen gezurretan hasi, Reinholdek bere koartada frogatu du. Biak isiltzen dira orduan.

        Karl bere ziegan dago, tripak jaten. Koinatuak, emazte bizi-alargunaren nebak bisita egiten dio, harreman ona dute. Haren bitartez lortzen du abokatua, gogor eskatzen du abokatua, krimenetan trebea den bat. Pixka batean tentatu, dakiena den ikusteko, eta galdetzen dio zer pasatzen zaizun, hildako bat lurperatzen laguntzen baduzu. «Zer ba?» «Hildako bat topatu eta lurperatuz gero?» «Gorde nahi denen bat, poliziak hil duena edo?» «Nolanahi izanik ere, norberak hil gabe, topatzea nahi ez baduzu. Ba al duzu zigorrik?» «Zer, ezaguna al zenuen hildakoa, mesederen bat jaso al duzu hura lurperatuta?» «Mesederik ez, adiskidetasuna, laguntze aldera, hura han, hilda, eta ez duzu nahi inork topatzerik.» «Poliziak topatzerik? Frogak deuseztatzea besterik ez da hori. Baina nola hil dute?» «Ez dakit. Ni ez nengoen tartean. Beste baten kontuarekin ari naiz. Nik ez nuen lagundu. Nik ez nekien ezer, ezta ezer ere. Han zegoen lurrean hilda. Nigana etorri eta, heldu, lurpera dezagun.» «Nork esan zizun hori?» «Lurperatzearena? Norbaitek. Nik neurea jakin nahi dut. Legea hautsi al dut, lurperatzen lagunduta?» «Ba aizu. Zuk agertu duzun moduan behintzat ez, edo ezer gutxi. Zuk ez bazenuen ez zerikusirik, ez interesik. Baina orduan zergatik lagundu zenuen?» «Neuk ere heldu, esan dizut ba, adiskidetasuna, baina hori berdin dio, neuk behintzat ez nuen zerikusirik izan, ez eta inongo interesik ere, hura inork topatu ala ez.» «Zer izan da, zuen arteko mendeku bat edo?» «Halatsu.» «Gizon, gizon, utikan hori. Oraindik ez dakit zer nahi duzun.» «Kitto, abokatu jauna, jakin dut jakin nahi nuena.» «Ez didazu zehatzago kontatuko?» «Burkoarekin kontsultatuko dut.»

        Eta gauean Karl errementaria ohean dago, lo egin nahi eta ezin, bere artean amorratzen: munduan ni baino zozoagorik, Reinhold salatu nahi izan diat, asmoa antzeman zidak eta ez duk hor egongo, hanka egin dik. Ni nauk zozoa. Alproja bilau horrengatik atxilotu naitek, baina ederrak ikusteko zegok, bai horixe.

        Hartan, Karlentzat gaua ez da berehalakoan amaitzen, noiz joko ote du lehenbiziko bum, dena berdik zaidak, lurperatzen laguntze hutsa ez duk ezer, izatekotan hilabete pare bat, baina berak bizi den bitarteko kartzela, ez duk sekula irtengo, ez badiote gaztondoa mozten. Noiz etorriko da epailea, zer ordu ote da, bitartean Reinhold ihesi zoak trenean. Alproja handiagorik, eta gainera laguna dik Biberkopf, zertatik bizi ote da, beso bakarrarekin, elbarri hori berriz hortik honakoa.

        Orduan animazioa hasten da bitxikerien museoan, Karlek bere seinale-makila luzatu, eta 11etarako epailearenean dago. Honek zeukak muturra. «Ezin duzu aurrean ikusi. Bigarren aldiz akusatzen duzu. Kontuz asun artean erre, gizon.» Baina orduan Karlek datu zehatzak eman, eta eguerdian auto bat hartu, epailea bera sartzen da, bi poliziako mardul ere bai, eta haien bien artean Karl, eskuak lotuta. Freienwaldera abiatzen dira.

 

        Bide zaharretan barrena doaz. Ederra duk autoz ibiltzea. Arraioa, autotik nola irten baneki. Alu hauek ederki lotu naitek, ezin ezer egin. Errebolberra ere bazeukatek. Alferrik duk, alferrik duk. Joan eta joan, errepidea atzean utziz. 180 egun hiretzat opari, Mieze, nire magalean, neska maitagarria, Reinhold alproja, ez dik eskrupulurik, baina egon hadi, txikito. Pentsa dezadan Miezegan, hozka egingo diat mingainean, honek bai muxu eman, nondik joko dugu, eskuinera ala ezkerrera, berdin zaidak, maitagarria neska.

        Muinoan zehar, basora heltzen dira.

        Polita da Freienwalde, bainuetxea dago bertan, jolastokia. Hartxintxar horia botaz berriro txukundu dute lorategia, hor atzean dago jatetxea terrazarekin, han eseri ginen hirurok. Suitzan eta Tirolen, egoten da ondoen. Tirolen behi-esnea bero, eta Suitzan neskatxa ero. Orduan alde egin zian Miezerekin, billete pare baten truk baztertu nindian, neska gaixoa salduta alproja horri, beragatik nagok orain itzalean.

        Hau da basoa, udazkenean, eguzkitan, zuhaitz gainak geldi. «Hemendik joan behar dugu, hark esku-argi bat zeraman, ez da erraza topatzen, baina lekua ikusiz gero jabetuko naiz, soilgune bat zen, eta izei bat zegoen oker-oker eta txoko bat.» «Txoko asko daude.» «Itxaron, komisario jauna. Urrutiegi etorri gara, gehienez 20 edo 25 minutu zegoen ostatutik. Ez zegoen honen urruti.» «Lasterka joan zinetela esan duzu ordea.» «Baina hasierako basoan bakarrik, errepidean ez noski, nabarmena izango zen.»

        Eta han da soilgunea, han dago izei okerra, egun hartan bezalaxe dago dena. Hirea naun, bihotza zanpatuta, begiak zanpatuta, ahoa zanpatuta, goazen aurreraxeago, ez hainbeste estutu. «Horra izei okerra, hori da.»

        Gizonak zaldiz etorri ziren soroetan gaindi, zaldi txiki nabarren gainean, urruti-urrutitik. Beti bideaz galdezka zebiltzan, harik eta uretara heldu ziren arte, laku handira, non zalditik jaitsi ziren. Zaldiak haritz batean lotu, uraren ertzean otoitz egin, lurrean ahuspez jarri, gero txalupa bat hartu eta uretan zehar joan ziren. Lakuari kantatu zioten, lakuari hitz egin zioten. Ez zuten altxorrik bilatu lakuan, lakua gurtu bakarrik nahi zuten, hondo hartan beren buruzagi bat zegoen. Horregatik, horregatik gizon horiek.

        Poliziek palak zekartzaten, errementaria joan eta lekua erakutsi zien. Endaiak sartu eta berehala ohartu ziren zorua biguna zegoela, gehiago zulatu, lurra gora botaz, zorua harrotuta zegoen, izeiburuak zeuden behean, errementaria zutik eta begira eta begira eta zain. Hortxe zen, baietz ba, han hobiratu zuten neska. «Baina zenbateko zuloa eginda?» «Metro laurdena, gehiago ez.» «Honezkero behar genuen.» «Hortxe zen ordea, zula ezazue gehiago.» «Zula ezazue, zula ezazue, ezer ez dago eta!» Lurra harrotuta dago, belar berdea ateratzen dute barrenetik, atzo edo gaur zulaketan aritu duk norbait hemen. Orain agertu behar dik, denbora guztian besoarekin tapatzen du sudurra, erabat ustelduta egon behar dik, zenbat hilabete igaro dira eta gainera euria egin dik. Behean zulatzen ari denak galdetzen du: «Zer arropa zeraman soinean?» «Gona iluna eta blusa arrosa.» «Zetazkoa?» «Baliteke zetazkoa izatea, baina arrosa argia.» «Holako zerbait?» Eta gizonetako batek parpaila bati eusten dio, lohia dauka, zikina dago, baina arrosa da. Epaileari erakutsi eta: «Besokoa edo.» Zulaketan segitzen dute. Argi dago: hemen zerbait egon da. Atzo edo agian gaur zulatu dute lurra. Karl zutik dago; horratx, susmo txarra hartu eta kanpora atera dik, agian uretara botako zian, oraindik halakorik. Epailea albo atean ari zaio hizketan komisarioari, luze dihardute, komisarioak oharrak hartzen ditu. Gero hirurak itzultzen dira autora; gizon bat geratzen da bertan.

        Doazela, epaileak Karli galdetzen dio: «Orduan, zu etorri zinenerako hilda al zegoen neska?» «Bai.» «Nola froga dezakezu hori?» «Zer ba?» «Zera, eta Reinholdek esaten badu zeuk hil duzula, edo zeuk lagundu zeniola?» «Garraiatzen lagundu nion. Zer dela eta nik neska hil?» «Berak hil duen, edo ustez hil duen arrazoi berdinagatik.» «Gau hartan ni ez nintzen neskarekin egon.» «Baina arratsaldean bai.» «Baina ondoren ez. Artean bizirik zegoen.» «Koartada eskasa.»

        Autoan, epaileak galdetzen dio Karli: «Reinholdekin izandako gorabehera haren ondorengo arratsean edo gauean, non egon zinen zu?» Madarikatua, esango diat. «Kanpora joan nintzen, bere pasaportea eman zidan, desagertu nintzen, kontua zabaltzen bazen nik neure koartada frogatu ahal izateko.» «Harrigarria. Eta zergatik egin zenuen hori, bitxia da gero, hain lagunak al zineten ba?» «Hori ere bai. Gizaixoa ere banaiz eta dirua eman zidan.» «Eta orain ja ez da zure laguna, ala dirua ahitu zaio?» «Hori nire laguna? Ez, epaile jauna. Zuk ere badakizu zergatik nagoen itzalean, guardaren kontuagatik. Hark bizkarreratu dit.»

        Epaileak eta komisarioak elkarri begiratzen diote, autoa airean doa, galtzadako zuloetan barruratu, gora saltatu, hiribidea ziztuan igaro, hemendik ibili ninduan Miezerekin, 180 egun hiretzat opari. «Inondik ere zerbait gertatu da zuen artean, zeneukaten adiskidetasuna puskatzeko?» «Bai, halaxe izaten da (hik zirikatu egin nahi nauk, ez, ez nauk atzo goizean jaioa, planto bertan, bai horixe). Izan ere, epaile jauna: Reinhold ero amorratua da eta nirekikoak ere egin nahi zituen.» «Hara, nola edo hala ekin al zizun ba?» «Ez. Adierazi bakarrik.» «Besterik ez?» «Ez.» «Tira, ikusiko dugu.»

 

        Handik bi egunera topatzen dute Miezeren hilotza, txokotik kilometro batera edo, basoan bertan. Egunkarietan kasua aipatu bezain laster, bi lorezain agertzen dira, gizon bakar bat ikusi zutela-eta basoan zehar, kutxa oso astun bat zeramala. Zer ote zeraman aritu ziren biak, gero gizonari hauspoa berotu eta txokoan eseri omen zen. Handik ordu erdira itzuli zirenean, artean han zegoen gizona, mahuka-hutsik. Kutxarik ez zuten ikusi, lurpean zegoen eta. Ongi samar deskribatzen dute gizona, altueran 1,75 edo, sorbaldak oso zabalak, onddo-kapela beltza, udako janzki gris argia, txamarra argi-iluna, hankak arrastan, osasunez erabat ongi ez balego bezala, kopeta oso goian, zimurrekin. Bi lorezainek aipatutako inguruan txoko asko daude, polizia-txakurrek ez dute aurrerapenik egiten, eta hala, zanga posible guztiak zulatzen dituzte. Haietako batean, palakada pare bat eman orduko kartoizko kaxa marroi handi bat topatzen dute, listariz lotua. Komisarioek hura zabaldu, eta barruan emakume-arropak daude, alkandora urratu bat, galtzerdi luze argiak, artilezko soineko marroi zahar bat, eskuzapi zikinak, hortzetako bi eskuila. Kaxa blai dago, baina barrua ez; badirudi ez dutela utzi zaharra. Ulertezina. Hildakoak blusa arrosa zeraman eta.

        Eta geroxeago topatzen dute beste txoko batean kutxa, barruan dago hilotza, kuzkurtuta. Gogor dago lotuta, leiho-sare lokarriekin. Gauean barra-barra zabaltzen dira mezuak kuarteletara, kanpoko polizia-postuetara, ustezko hiltzailearen deskripzioa eta.

 

        Polizia-etxeko galdeketan, Reinholdek han dagoen saltsari igartzen dio. Eta Franz nahasten du tartean. Zergatik ezin zen hura izan. Zer froga dezake errementariak. Ez zegok argi, Freienwalden ikusi nautenik. Igual ikusi naitek ostatuan, bidean, berdin ziok, saiatuko nauk, Franzek alde egin behar dik, tartean dagoela eman dezan.

        Polizia-etxetik irten den arratsalde berean, Reinhold badoa Franzengana, salatu egin gaitik errementariak, ezkuta hadi nora edo hara. Eta Franzek fardelak eginak dauzka ordu laurdenerako, Reinholdek laguntzen dio, biak Karl madarikatzen, eta Evak Franz gordetzen du Tonirenean, Wilmersdorfeko lagun zahar batenean. Reinhold ere auto berean doa Wilmersdorfera, elkarrekin kutxa erosi, Reinhold atzerrira joatekoa da, handi-handia behar du, hasieran kutxa-armairua nahi du, gero nahiago du zurezkoa, eramatea daukan handiena, ez nauk fidatzen zamaketariez, zelata egiten diate, bidaliko diat nire helbidea, Franz, goraintziak Evari.

        Pragako ezbehar itzela, oraingoz 21 gorputz berreskuraturik, 150 pertsona lurpean. Minutu bakar batzuk lehenago, hondar pila hau zazpi solairuko eraikuntza berria zen, oraindik asko eta asko dira, azpian hilik eta larri zauriturik daudenak. Hormigoi armatuzko eraikuntza osoa, denera 800.000 kilogramo, lur azpiko bi solairuen gainera erori da. Eraikuntza pitzatzen aditzean, kaleko zaindariak oinezkoei abisatu die. Orduantxe zetorren tranbia batera odol hotzean salto egin eta eragin dio balaztari. Ekaitzek gogor astintzen dute Atlantikoa. Itsasoaren egoera honako hau da, presiogune apalak bata bestearen atzetik doaz Ipar Amerikatik ekialderantz, eta bi presiogune altuak, bat Erdialdeko Amerikakoa eta bestea Groenlandia eta Irlanda artekoa, lehenean daude. Egunkariek orri osoko artikuluak dakartzate, Graf Zeppelin eta egiteko asmo duen hegaldia dela eta. Ipi-apa guztiekin jorratzen dira aireontzia egiteko xehetasunak, komandantearen nortasuna eta bere proiektuak dituen aukerak, eta editorial aztoratuak eskaintzen dizkiote bai trebetasun alemanari, bai Zeppelin aireontzien gaitasunari. Hegazkinen alde egiten den propaganda guztia gorabehera, aitortu beharra dago aireontzia dela etorkizuneko garraiobidea. Baina zeppelina ez da aireratzen, Eckenerrek ez du alferrik arriskatu nahi.

        Mieze zegoen kutxa zabaltzen dute. Bernauko tranbia-kobratzaile baten alaba zen. Hiru senide ziren etxean, amak senarra utzi eta etxetik alde egin zuen, zergatik, batek badaki. Mieze bakarrik aurkitzen zen eta lan guztiak berarentzat ziren. Gauez batzuetan Berlinera joan, dantzalekuetan sartu, Lestmannen eta inguruan, pare bat aldiz norbaitek hotelera eraman zuen, orduan jada beranduegi zen, ez zen ausartu etxera itzultzen, Berlinen geratu zen, Eva ezagutu zuen eta abar eta abar. Stettin geltokiko polizia-etxean izan ziren. Bizitza alai bat hasi zen Miezerentzat, lehenago izena Sonja zuenarentzat, ezagun asko eta hainbat lagun zeuzkan, baina ondoren bakarrarekin geratu zen, gizon besobakar indartsu batekin, haren lagun egin baitzen ikusi orduko, eta bere azkena arte maitatu. Azken gaiztoa, azken tristea izan zuen Miezek. Zergatik, zergatik, zer egin zuen txarrik, Bernautik etorri zen Berlingo ardailara, ez zen errugabea, ez noski, baina maitasun min, itzalezina zion hari, bere gizona baitzen eta haur bati bezala kasu egiten zion. Han egokitu zelako zirtzilatu zuten, kasualitatez gizon haren ondoan, horrelakoa da bizitza, gogorra da gero. Freienwaldera joan zen bere laguna babesteko, halaxe ito zuten, ito, akabatu, garbitu, eta horrelakoa da bizitza.

        Eta orduan lepoaren eta aurpegiaren molde bat hartzen diote, eta orain ez da kasu kriminal bat baino, auzi tekniko bat, telefonoaren haria ipintzea bezala, hainbesteraino desagertu da. Bere irudi bat egiten dute, dena kolore naturalez margotzen dute, antz nabarmena du, zeluloide moduko bat. Eta han dago Mieze, bere aurpegi eta lepoa, agirien armairu batean, aupa, aupa, laster gaitun etxean, Aschinger, kontsola nazak, ni hirea nauk. Kristal atzean dago, aurpegia mailatuta, bihotza mailatuta, sabela mailatuta, irribarrea mailatuta, kontsola nazak, aupa.

 

 

Eta jiratu nintzen eta ikusi nituen
eguzkipeko bidegabe guztiak

 

        Franz, zergatik egiten duk hasperen, Franzeken, zergatik beti Eva inguratu behar zaik eta galdetu zertan hagoen pentsatzen, eta erantzunik jaso ez eta alde egin behar du beti erantzunik gabe, zergatik hago estutua, eta kuzkurtzen haiz, kuzkur-kuzkur, txoko txiki, errezel txiki, eta ematen dituk pauso txiki, ñimiñoak? Hik ezagutzen duk bizitza, ez haiz atzo goizean jaioa, sena daukak gauzetarako eta ohartzen haiz. Ez duk ezer ikusten, ez duk ezer aditzen, baina igartzen duk, ez haiz ausartzen begiak hara zuzentzen, zeharka so egiten duk, baina ez hoa ihesi ere, tinkoegi hago horretarako, hortzak estutzen dituk, ez haiz koldarra, baina ez dakik zer pasa daitekeen edo eraman ahalko duan, hire sorbaldak nahiko indartsuak diren, hura eramateko.

        Zenbat sufritu zuen Jobek, Utz herriko gizonak, dena jakin zuen arte, beste ezer erori ezin zitzaion arte gainera. Sabatik etsaiek ekin eta artzaintsa hil zioten, jainkoaren sua zerutik jausi eta ardiak eta artzainak kiskali, kaldearrek gameluak eta haien zaintzaileak hil, seme-alabak anaia zaharrenaren etxean zeudela haize bat heldu zen basamortutik, lau aldeetatik astindu zuen etxea eta mutilak hil zituen.

        Hura asko zen jada, baina oraindik ez zen aski. Jobek bere jantzia urratu, eskuak hozka pitzatu, kalparra erauzi eta lurrez estali zuen bere burua. Baina oraindik ez zen aski. Zaurien zigorra jaso zuen, oin azpitik buru gaineraino, hondarretan eseri eta zornea zerion, teila bat hartu eta azkuratzen zen.

        Lagunak etorri eta ikusi zuten, Temango Elifaz, Xuaheko Bildad eta Naamako Tzofar, urrutitik etorri ziren, kontsolatzera, beldurgarri egin zuten garrasi eta negar, ez zuten Job ezagutu, hain izugarri zigortua, zazpi seme eta hiru alaba eduki zituena eta 7.000 ardi, 3.000 gamelu, 500 idi-pare, 500 asteme eta zerbitzari ugari.

        Hik ez duk Utz herriko Jobek hainbat galdu, Franz Biberkopf, baina hiri ere badatorkik pixkanaka. Eta urratsez urrats hoa hurbiltzen gertatu zaianera, mila hitz goxo esaten dizkiok heure buruari, eder egiten diok, ausartu nahi baituk, erabakita daukak hurreratzea, azkeneraino erabakita, baina ai, azken-azkeneraino ere bai? Hori ez, oi, hori ez. Heure buruari ederresten diok, esaten diok: tira, ez duk ezer pasatuko, ezin diagu besterik. Baina heure artean nahi duk, ez duk. Hasperen egiten duk: non lortuko dut babesa, bidean diat zorigaitza, zer helduleku izan nezake. Badator! Eta hurbiltzen haiz barraskiloaren antzera, ez haiz koldarra, gihar indartsuak ez ezik hi Franz Biberkopf haiz, kobra. Ikusi nola arrastatzen den zentimetroka piztiarantz, hor baitago eraso nahian.

        Ez duk dirurik galduko, Franz, hi heu kiskaliko haiz arimaren barruraino! Ikusi nola pozten den emagaldua! Babilonia emagaldua! Eta zazpi katilu zeuzkaten zazpi aingeruetako bat etorri zen eta esan zuen: hator, Babilonia handia erakutsiko diat, ur anitzen gainean dagoena. Eta hara hor emakumea, animalia gorri-eskarlata baten gainean dago eta urrezko kopa bat dauka eskuan, eta bekokian idatzirik izen bat, sekretu bat. Martirien odolak mozkortu du emakumea.

        Orain igartzen duk, nabaritzen duk. Indartsua izango ote haiz, ez ote haiz galduko.

 

        Wilmersdorfer Strasseko villako gela argi eder batean dago Franz Biberkopf, zain.

        Kobra kiribiltzen da, eguzkitan etzanda, berotzen. Dena aspergarria da, eta bera indartsua da, eta zerbait egin nahi luke, egonean dago, oraindik ez dute hitzartu non elkartuko diren, Toni lodiak hezurrezko antioju ilunak lortu dizkio, jantzi berri bat lortu behar diat, igual egingo diat orbain bat ere masailan. Norbait lasterka doa beheko patioan. Badik horrek presa. Niri ez zaidak sekula berandutzen. Halako presak alde batera utziz gero, doblea bizi eta hiru aldiz gauza gehiago egin ditzakek. Gauza bera sei eguneko txirrindulari-lasterketan, eman eta eman, patxada osoz, pazientzia ditek, ez dik gainez egingo esneak, ikusleek txistua egitea ditek, zer dakite horiek.

        Atea jotzen dute korridorean. To, zergatik ez dute txirrina jotzen. Alua, banoak ihesi, baina irteera bakarra zegok. Entzun dezagun.

        Pausoka hurreratzen haiz, mila hitz goxo esaten dizkiok heure buruari, heure buruari eder egiten diok, haize ematen diok, prest hago azkeneraino, baina ez azken-azkeneraino, ai, ez azken-azkeneraino.

        Entzun dezagun. Zer da hau. Hori ezagutzen diat. Ahotsa ezagutzen diat. Garrasia, negarra, negarra. Ikus dezagun. Beldur, ene beldur, zertan pentsatzen duk? Denean pentsatzen duk. Hori ezagutzen diat. Eva.

        Atea zabalik dago. Kanpoan Eva dago, Toni lodiak besoaz heltzen dio. Zotin, lantu, zer du neska honek. Denean pentsatzen duk, zer gertatu da, Miezek garrasi, Reinhold ohean dago. «Egun on, Eva, eta, Eva, neska, zer dun, lasai, zerbait pasa al da, ez dun hainbesterako izango.» «Askatu.» A zer purrusta, bizkarra berotuko ziotean, egurra eman ziotek, baietz. Zerbait esan ziok Herberti, haurrarena jakingo zian Herbertek. «Herbertek jo hau?» «Utzi, ez heldu.» A zer begiak. Orain ez dik ezer nahi nirerik, baina berak nahi izan zian. Zer pasatzen da ordea, zer dauka, jendea etorriko duk, atea itxi dezadan morroiloz. Hor dago Toni, Evarekin ahaleginak egiten: «Izan hadi txintxoa, Eva, izan txintxoa, txintxoa izan, lasaitu, esaidan, zer dun, sartu, non da Herbert?» «Ez naun sartuko, ez naun sartuko.» «Aupa neska, eser gaitezen, kafea egingo dinat. Alde, Franz.» «Zergatik alde egin behar dut, nik ez dinat ezer egin.»

        Orduan Evak begiak zabal-zabal egin, izugarri, norbait jatera balihoa bezala, eta garrasi egiten du, jakatik helduta Franzi: «Hau etor dadila, hau sar dadila, hau barrura, hi barrura nirekin!» Zer du honek, andre hau zoratuta zegok, baten batek zerbait esan ziok. Eta hala Eva dardarka hasten da sofan, Toni gizenaren ondoan. Puztuta dagoela ematen dik eta ikaraz zegok, esperoan dagoelako duk hori, baina nigatik zegok hola eta ez zioat ezer egingo. Orduan Evak besoa ipini Toni lodiaren bizkarrean eta zerbait xuxurlatzen dio belarrira, hasieran ezin hitz egin eta gero dena jalkitzen du. Eta orain Toni hasten da. Biltzen ditu eskuak, Eva dardarka, paper zimurtu bat atera sakelatik, hauek jota zeudek burutik, itxura hutsa egiten ari ote zaizkit, zer dator ba egunkarian, agian gure gorabehera Stralauer Strassen, Franz zutitu eta marru egiten du, emakume tuntunak. «Pailazoak. Utzi itxurak nirekin, zuen pailazoa naizelakoan ala.» «Ene bada», lodia eserita, Eva bere kasa dardarka, tutik esan gabe, zotinka eta ikaraz. Orduan Franzek egunkaria kentzen dio gizenari mahai gainetik.

        Bi argazki daude elkarren ondoan, zer, zer, izua, izu latz garratza, hau ni... ni nauk, hau ni nauk, zer dela eta, Stralauer Strassekoagatik, zer dela eta, izu garratza, hau ni nauk eta hau Reinhold, izenburua: Hilketa, Hilketa Freienwalden, Emilie Parsunke, prostituta, Bernaukoa. Mieze! Baina zer da hau. Ni. Sukalde txokoan xagua, ihesi dihoa.

        Bere eskuak orria bihurritzen du. Besaulki gainera astiro irristatu eta bil-bil eginda jartzen da. Zer dio egunkariak. Sukalde txokoan xagua.

        Bi emakumeek ahoa zabaldu, negarrez, begiak irten beharrean, biak, zer da hau, hilketa, nola ordea, Mieze, erotu nauk, nola ordea, zer esan nahi du. Bere eskua berriro altxatzen da mahai gainean, han dago egunkarian, ea irakurri: nire argazkia, ni, eta Reinhold, Hilketa, Emilie Parsunke, Bernaukoa, Freienwalden, nolatan Freienwalden. Zer egunkari da hau, Morgenpost. Eskua igo paperarekin, eskua jaitsi paperarekin. Eva, zer ari da Eva, begirada aldatu du, beragana dator, utzi ditu negarrak: «Eta, Franz?» Ahots bat, norbait hizketan, zeozer esan behar diat, bi andre, hilketa, zer da hilketa, Freienwalden, Freienwalden hil diat, sekula ez nauk izan Freienwalden, non dago hori. «Eta, Franz, zer diok.»

        Franzek begiratzen dio, bere begi handiek begiratzen diote, esku gainean eusten dio orriari, burua dardarka, irakurri eta hitz egin, kolpeka, erlats. Hilketa Freienwalden, Emilie Parsunke, Bernaukoa, 1908ko ekainaren 12an jaioa. «Mieze dun, Eva.» Masaila azkuratu, Evari begiratu, begirada urrun, osagabe, hutsarekin, ezer adierazten ez duena. «Mieze dun, Eva. Bai. Zer... dion, Eva. Hilda zegon. Horregatik ez geninan topatzen.» «Eta hi aipatzen haute, Franz.» «Ni?»

        Orria berriz altxatu eta so egiten dio. Nire argazkia duk.

        Gorputzaren goiko partea balantzaka dauka. «Ene bada, Eva.» Evak gero eta beldur handiagoa dauka, aulki bat ipini du Franzen eserlekuaren ondoan. Franzek oraindik balantzaka dauka gorputzaren goiko partea. «Ene bada, Eva, ene bada.» Eta balantzaka segitzen du. Orain arnaska eta puzka hasten da. Orain barre-irudia dauka aurpegian. «Ene bada, zer egingo dugu, Eva, zer egingo dugu.» «Eta zergatik jarri haute hi hor?» «Non?» «Hor.» «Auskalo. Ene bada, zer da hau, zergatik dago hau, ha-ha, xelebrea.» Eta orain ezinean dardarka begiratzen dio Evari, eta hura pozten da, gizaki baten begirada da, Evari malkoak datozkio berriro, Toni gizena ere zotinka hasten da, gero Franzek besoa jartzen dio bizkarrean, eskua jartzen dio sorbaldan, aurpegia lepoan, zotinka diotso: «Zer da hau, Eva, zer pasa zaio gure Miezekeni, zer gertatu da, hilda zegon, zerbait pasa zaion, hauxe zunan, ez zidan aldegin, norbaitek garbitu din, Eva, gure Miezeken garbitu din norbaitek, ene Miezeken, zer pasatu da, egia al da hau, esaidan ez dela egia.»

        Eta Miezekengan pentsatzen du, zerbait altxatzen da, beldurra altxatzen da, izuak keinu egiten du, hara hor, segaria da, izena du Herio, aizkora eta hesolak eskuan, txirula bat ahoan, masailezurrak urratzear, tronpeta hartu, tronpeta joko du, tinbalak astinduko ditu, etorriko da ahari-buru beltz ikaragarria, bumm, geldiro, rumm.

        Evak ikusten du Franz, masailezurrak astiro karraskatzen, ehotzen. Evak heltzen dio. Franzek dardarka dauka burua, ahotsa datorkio, hots bat marrantatu eta isiltzen da. Ez du hitzik esan.

        Autoaren azpian zegoen, orain bezalaxe, errota bat duk, harrobi bat, beti nire gainera husten dik, nik eutsi, nahi dudan arte zutik geratuko nauk, alferrik duk, desegin nahi naik, eta burdin barra bat banaiz ere txikitu nahi naik.

        Franzek hortzak karraskatu eta: «Zerbait pasatuko dun.» «Zer pasatuko da?» Zer-nolako errota da hori, gurpilak jiraka doaz, haize-errota, ur-errota. «Kontuz gero, Franz, hire bila zebiltzak.» Neuk hil dudalakoan, neuk, dar-dar egiten du berriro, irribarrea datorkio berriro aurpegira, behin egurtu nian, hala uste ditek, Ida akabatu nuelako.» «Hemen gera hadi, Franz, ez hadi irten, nora joango haiz, hire bila zebiltzak, besotik ezagutuko haute.» «Ez naiten harrapatuko, Eva, nik ez badut nahi ez naiten harrapatuko, seguru egon hadi. Irten beharra zeukanat, iragarkien zutabera. Ikusi beharra zeukanat. Irakurri beharra zeukanat ostatuan, egunkarietan, zer dioten, nola izan den.» Eta Evaren aurrean dago zutik, begiak harengan josita, txintik atera gabe, ez ahal da behintzat barrez hasiko: «Begiraidan, Eva, zeozer al daukat, begiraidan.» «Ez, ez», garrasi egin eta heltzen dio. «Begiraidan ordea, zeozer al daukat, nik bazeukanat zeozer.»

        Ez, ez, egiten dio garrasi negarrez, eta Franz ate aldera joan, irribarre egin, bere kapela hartu komodatik eta irteten da.

 

 

Eta hara hor, bidegabea jasan eta
kontsolamendurik ez zutenen malkoak

 

        Franzek beso artifizial bat dauka, gutxitan darama, orain harekin dabil kalean, gezurrezko eskua berokiaren patrikan, ezkerrean purua. Nekez irten da etxetik. Eva marruka hasi da eta aurrean etzan zaio atarian, Franzek hitzeman dio ez duela ihes egingo eta kontuz ibiliko dela. «Kaferako hemen naun», eta abiatu da behera.

        Ez dute Franz Biberkopf atzeman, berak hala nahi izan ez duen bitartean. Denbora guztian bi aingeru eduki ditu ezker-eskuin aldamenean, eta begirada guztietatik libratu dute.

        Arratsaldeko lauretan goian dago, kafea hartzeko. Herbert ere bertan dago. Orduan lehenbiziko aldiz aditzen diote Franzi luze hizketan. Egunkaria irakurri du behean, bere lagun Karl errementariarena ere irakurri du, hark salatu ditu. Ez daki zergatik egin duen hori. Beraz, Karl errementaria ere Freienwalden zen, Mieze eraman zutenean. Indarrean egin zuen hori Reinholdek. Auto bat hartu zuen, agian tarte batean Miezerekin joan, gero Karl igo, bien artean eutsi eta Freinwaldera eraman zuten, agian gauez. Agian bidean hil zuten. «Eta zergatik egin du hori Reinholdek?» «Berak bota ninduen auto azpira, orain jakin dezakezue, bera izan zen, baina berdin dio, ez diot amorraziorik horregatik, gizonak ikasi beharra dauka, ez badu ezer ikasten ez daki ezer. Artaburu baten antzera dabil eta ez daki ezer munduaz, ez diot amorraziorik, ez, ez. Gero mendean hartu nahi ninduen, patrikan nindaukalakoan, baina hala ez zela jabetu, eta horregatik kendu dit Mieze eta egin dio hori. Zer zerikusi ote zeukan Miezek.» Hargatik, zergatik, hargatik. Danbor-errepika, batailoia martxan, martxan. Soldaduak hirian zehar martxan, zergatik, hargatik, txindarada bumdarada bum.

        Honela joan nintzen berarekin, eta honela erantzun zidan, eta madarikatua eta okerra izan zen ni berarekin joatea.

        Okerra izan zen ni joatea, okerra, okerra.

        Baina ez dio axola, orain ez dio axola.

        Herbertek begiak zabal-zabal egin eta Evak ez du tutik esaten. Herbertek: «Zergatik ez hion Miezeri ezer esan horretaz?» «Nik ez dut horren kulpa, horren kontra ezin da ezer egin, berdin-berdin hil ahalko ninduen Reinholdek bere gelan. Ezetz ba, horren kontra alferrik da.»

        Zazpi buru eta hamar adar, izugarrikeriaz betetako kopa bat eskuan. Erabat egingo ditiztek nirekikoak, horien kontra ez zegok ezer egiterik!

        «Hitz erdi bat esan bahu, gizon, ondo ere, Mieze bizirik egongo zuan orain, beste batek edukiko zian burua besapean.» «Nik ez diat horren kulpa. Ez zegok jakiterik, holako batek zer egin dezakeen. Orain zer egingo duen ere ez zegok jakiterik, ez zaiok igartzen.» «Ba nik igarriko zioat.» Evak arrenka: «Ez hadi horretan sartu, Herbert, niri ere beldurra ematen zidak.» «Kontu izango dinagu. Lehenbizi non dagoen jakin, eta handik ordubetera txapelokerren esku egongo duk.» Franzek keinuka: «Ez hadi arrimatu ere egin, Herbert, ez duk hire arazoa. Hitzemaidak.» Evak: «Egia duk, Herbert. Eta hik zer egin nahi duk, Franz?» «Bost axola zaidan. Zakarretara bota nahi banauzue ere.»

        Eta izkinara bizkor joan eta besteei bizkarra emanda jartzen da.

        Eta aiene bat, aienea, lantua aditzen diote, negarra ari du bere buruagatik eta Miezegatik, aditzen diote, Evak negar eta garrasi egiten du mahaian, «Hilketa» dioen egunkaria mahai gainean dago oraindik, Mieze erail dute, inork ez du ezer egin, halaxe egokitu zaio.

 

 

Eta hildakoak goretsi nituen,
zendu zirenak

 

        Iluntze aldera Franz Biberkopf abian da ostera. Bost txolarre dabiltza hegan bere gainean Bayrischer Platzen. Eraildako bost gizatxar dira, lehenago ere Franz Biberkopfekin topo egin izan dutenak. Hari zer egin ari dira aztertzen, hari buruz zer erabaki, hura nola beldurtu, kolokan jarri, zer egur-oholetan estropezu eragin.

        Batek garrasika: Hor zoak. Begira, gezurrezko besoa zeramak, oraindik ez dik amore eman, ez dik nahi inork ezagutzerik.

        Bigarrenak: Zenbat gaiztakeria egin ditu gure jauntxoak. Kriminal porrokatua duk, giltzapean sartu behar liketek, bizi den bitartean. Emakume bat garbitu, ostu, indarka lapurtu, eta beste emakume bat, horren errua ere badik. Zer egingo ote du oraindik?

        Hirugarrenak: Bere buruari haize emanda zebilek. Errugabearena egiten. Gizon finaren itxura egiten. Begira alproja horri. Txapeloker bat azaltzen bada, lurrera botako zioagu kapela.

        Lehenbizikoak atzera: Holako batek zertarako bizitzen segi. Ni bederatzi urteren buruan akabatu ninduan kartzelan. Hori baino gazteagoa nintzela hil ninduan, bukatu zituan nire berriketak. Ken ezak kapela hori, txorimaloa, ken itzak betaurreko txoro hoiek, ez haiz inongo erredaktorea, artaburua, biderketak egiten ere ez dakik eta hezurrezko betaurrekoak jantzi dituk, jakintsua bahintz bezala, ikusiko duk harrapatzen bahaute.

        Laugarrenak: Ez itzazue holako garrasiak egin. Zer egin nahi diozue. Begiraiozue, buru bat zeukak, bi hanken gainean zoak. Guk, txolarre txikiok, kapelaren gainera egin diezaiokegu.

        Bosgarrenak: jipoi ezazue. Burutik zegok, itaxura zeukak goiko ganbaran. Bi aingeruekin zebilek paseatzen, bere maitea kuarteleko molde bat duk, egiozue zerbait. Egin garrasi.

        Orduan txorrotxio, garrasi, makakorro egiten diote goitik. Eta Franzek burua jasotzen du, ideiak urratuta, txoriek errietan eta sesioan segitzen dute.

 

        Udazken giroa, Tauentzien Palasten Franziskoren azken egunak antzezten dute, Jäger Kasinoan berrogeita hamar dantzari xarmagarri daude, tori lila-sorta bat eta eman muxu. Orduan antzematen du Franzek: Amaitu duk nire bizitza, akabo nauk, aski diat.

        Tranbiak kalean zehar zoazak, denak nonbaitera, nik ez zekiat nora joan. Iparreko 51.a, Schillerstrasse, Pankow, Breitestrasse, Schönhauser Allee geltokia, Stettin geltokia, Potsdam geltokia, Nollendorfplatz, Bayrischer Platz, Uhlandstrasse, Schmargendorf geltokia, Grunewald, barrura. Egun on, hemen nagok, nahi duten lekura eraman nazatela. Eta hiriari begira jartzen da Franz, aztarna galdu duen zakurraren antzera. A zer hiria, a zer hiri eskerga, eta zer bizimodu, zer bizimodu ibili du bertan. Jaisten da Stettin geltokian, Invalidenstrassen zehar joan, horra Rosenthaler Tor. Fabisch Konfekzioa, hor egoten ninduan, gorbata-orratzak oihukatzen joan den Gabonetan. Tegelera doa 41.ean. Eta horma gorriak agertzean, ezkerretan horma gorriak, burdinazko ate astunak, lehenaz gain isiltzen da. Nire bizitzako parte bat duk hori, eta kontenplatu beharra zeukaat, kontenplatu.

        Hormak gorri zutitzen dira, eta errepideak aurrera darrai, 41.a paretik pasatzen da, General-Pape-Strasse. West-Reinickendorf, Tegel, Borsig mailukatzen du. Eta horma gorrien aurrean dago Franz Biberkopf, beste aldera doa, taberna aldera. Eta hormen atzeko etxe gorriak hasten dira dardarka eta kulunka eta masailak puzten. Leiho guztietan presoak daude, buruarekin barrak bultzatzen, milimetro erdira moztu diete ilea, itxura penagarria daukate, pisuz ere eskas, aurpegi guztiak grisak eta tximekin, begiei jiraka eta kexatzen. Han dira hilketa, lapurreta, litxarreria, faltsifikazioa, bortxaketa, artikulu guztiak, eta kexatzen dira aurpegi grisekin, han daude, gris, orain lepoa hautsi diote Miezeri.

        Eta Franz Biberkopf espetxe erraldoiaren inguruan dabil, hark deitzen baitio, oraindik dardarka eta kulunka, soroetan barrena, basoan zehar, berriro zuhaitzen kalera.

        Hala, zuhaitzen kalean dago. Nik ez diat Mieze hil. Ni ez nauk izan. Niri hemen ez zaidak ezer galdu, hori bukatu zuan, ez zeukaat zerikusirik Tegelekin, ez zekiat nola pasatu den guztia.

        Arratsaldeko seiak dira, eta Franzek bere artean, Miezegana joan nahi diat, kanposantura joan behar diat, han eman ziotek lurra.

        Bost kriminalak, txolarreak, ondoan ditu berriz, goiko telegrafo-tantai batean daude, behealdera garrasika: Joan hakio, alproja, ba ote duk adorea, ez ote duk lotsarik harengana joateko? Hiri deitu zian, zoko hartan zegoela. Bisita ezak kanposantuan.

 

        Gure defuntuen atsedenerako. Berlinen, 1927an, hilda jaio zirenak alde batera, 48.742 pertsona hil ziren.

        4.570 tuberkulositik, 6.443 minbizitik, 5.656 bihotzeko gaitzetatik, 4.818 gaitz baskularretatik, 5.140 perlesiatik, 2.419 pneumoniatik, 961 kukutx-eztuletik, 562 haur hil ziren difteriatik, eskarlatinatik 123, elgorritik 93, 3.640 bularreko haur hil ziren. 42.696 lagun jaio ziren.

        Kanposantuko beren lorategietan daude hildakoak, zaintzailea bere makilarekin dabil, paper muturrak zulatzen.

        Sei eta erdiak dira, oraindik argi samar, pago baten aurreko bere hilobian dago eserita oso andre gazte bat, larruzko berokiarekin eta kapelarik gabe, burumakur eta mutu. Antxumezko eskuzorro beltzak dauzka, eskuan orri bat, gutun-azal txiki bat da, Franzek irakurtzen du: «Ezin naiz gehiagoan bizi. Berriro ere goraintziak nire gurasoei, nire haur laztanari. Oinaze artean bizi naiz. Bierigerrek bakarrik narama bere kontzientzian. Ongi bizi bedi. Jostailu baten antzera erabili eta zurrupatu nau. Bilau zitala. Beragatik bakarrik etorri nintzen Berlinera, eta bera izan da zorigaitza ekarri didana, hondoa jo dut.»

        Franzek gutuna itzultzen dio: «Ai ene, ai ene: Hemen al dago Mieze?» Ez tristatu, ez tristatu. Negar egiten du: «Ai ene, ai ene, non da nire Mieze txikia?»

        Diban handi bigun baten antzeko hilobi bat ere badago, profesore jakintsu bat dago gainean, irribarre egiten dio: «Zerk kezkatzen zaitu, seme?» «Nik Mieze ikusi nahi nuen. Pasaeran nator.» «Zera, ni hilda nago, bizitza ez da gogorregi hartu behar eta heriotza ere ez. Dena arin daiteke. Nahikoa egin eta gaixotu nintzenean, zer egin nuen? Zer uste zenuen, ultzeratu arte zain egongo nintzela? Zertarako? Morfinaren flaskoa ondoan jarrarazi eta musika ekartzeko agindu nuen, pianoa jotzeko, jazza, azken arrakastak. Platonetik irakurtzeko agindu nuen, Bankete Handia, elkarrizketa ederra da, eta bitartean nik isilka tapakien azpian injekzioak hartu nituen, bata bestearen atzetik, zenbatu nituen, hiltzeko dosia hiru aldiz. Eta etengabe aditzen nuen piano-hotsa, alai, nire irakurlea Sokrates zaharrari buruz ari zela. Bai, gizon argiak daude eta hain argiak ez direnak.»

        «Irakurri, morfina? Non dago ordea Mieze?»

        Izugarri, arbola batetik zintzilik dago gizon bat, andrea dago aldamenean, auhenka, Franz iristean: «Zatoz bizkor, moztuiozu soka. Ez du bere hilobian geratu nahi, berriz arbolara igo eta oker-oker zintzilikatzen da.» «Ene bada, ene bada, zergatik baina?» «Nire Ernst aspalditik zegoen gaixo, inork ezin zion lagundu, eta ez zuten inora bidali nahi izan ere, plantak egiten ari zelakoan. Orduan sotora joan zen, iltzea eta mailua hartuta. Nik mailuka aditu nuen sotoan, eta neure artean, zer ari ote da, ona du zerbaitetan aritzea, beti eserita egon gabe, igual ariko da egiten kaiola bat untxientzat. Gero iluntzean ez zela igotzen eta beldurtu nintzen, eta pentsatu nuen, zer ote dabil, goian ote daude sotoko giltzak, artean ez zeuden goian. Bizilagunak jaitsi eta txapelokerrei deitu zieten. Iltze sendo bat sartu zuen sabaian, oso argala zen baina seguru jokatu nahi izan zuen. Zeren bila zabiltza, gazte? Zer ari zara mainaka? Zeure burua hil nahi duzu?»

        «Ez, andregaia hil didate, baina ez dakit hemen dagoen.»

        «A, ba bila ezazu han atzean, han daude berriak.»

        Orduan Franz bidean etzaten da hilobi huts baten ondoan, ezin du marru egin, hozka egiten dio lurrari: Mieze, zer egin dugu ordea, zergatik egin dinate hori, hik ez dun ezer egin, Miezeken. Zer egin nezake, zergatik ez naute ni ere botatzen holako hilobi batera, noiz arte iraungo dut hola?

        Eta orduan zutitzen da, ezinean doa, gogor egiten du, hilobi-errenkaden artean balantzaka ateratzen da.

        Hala, Franz Biberkopf, beso zurruneko jauna, igotzen da kanpoan auto batean, eta hark Bayrischer Platzera darama. Evak lan asko, asko, asko egin behar dizkio. Evak egunetako, gautako lanak egin behar dizkio. Franz ez dago ez bizirik, ez hilda. Herbert ez da ezer asko ageri.

        Franz eta Herbert beste egun pare batean dabiltza Reinholden atzetik. Herbert da, gogor armatu dena eta denean zelatan eta Reinhold harrapatu nahi duena. Franzek hasieran ez du nahi, gero sarean erortzen da, bere azken sendagaia da mundu honetan.

 

 

Gotorlekua erabat hesitua dago,
azken irteerak egiten dira,
baina itxurako maniobrak dira

 

        Azaroa aurrera doa. Aspaldi amaitu zen uda. Euria goxo-goxo ari du udazkenean. Lekutan daude aste haiek, kaleko epeltasun eder hura, jendea arin jantzita, emakumeak alkandora hutsik; soineko zuri bat, txano estu bat zeraman Franzen neskak, Miezek, behin Freienwaldera joan eta handik itzuli ez zenak, hori udan zen. Tribunala Bergman ari da epaitzen, parasito bat baitzen bizitza ekonomikoan eta gizartearentzat arriskutsua eta eskrupulurik gabea. Zeppelin kondea eguraldi lausoarekin dator Berlin aldera, zerua izar dago 2:17an Friedrichshafenetik irten denean. Erdialdeko Alemanian iragartzen den eguraldi txarretik ihesi, aireontziak bidean izango ditu Stuttgart, Darmstadt, Frankfurt am Main, Giessen, Kassel, Rathenow. 8:35ean Nauenen gainean dago, 8:45ean Staakenen gainean. 9ak baino lehenxeago azaltzen da zepelina hiriaren gainean, eguraldi euritsua egon arren teilatuak beteta zeuden ikusminez, eta bozkarioz agurtu zuten aireontzia, bidean aurrera zihoala hiriaren ekialde eta iparrera. 9:45ean jausi zen Staakenen lurrari lotzeko lehen soka.

        Berlinen barrena dabiltza Franz eta Herbert; etxetik kanpo daude gehienetan. Franz badoa Armada Salbatzailearen aterpeetara, gizonezkoen arroztegietara, erne, Auguststrasseko aterpe inguruak miatzen. Eserita dago Dresdener Strassen, Armada Salbatzailean, hantxe izan zen Reinholdekin. Himnoen liburuko 66.a abesten dute: Esaidazu, zeren zain zaude, senide? Zutitu eta zatoz bizkor hona! Salbatzailea deika duzu, Hark emango dizu bake eta zoriona. Leloa: Zergatik? Zergatik? Zergatik ez zatoz hona? Zergatik? Zergatik ez duzu nahi bake eta zoriona? Ez al duzu nabari bihotzean, senide, Espirituaren jarduna? Ez al duzu nahi bekatuak barkatzea? Zatoz bizkor Jesusengana! Zergatik zaude zain, senide? Laster duzu heriotza eta judizioa! Zatoz, atea zabalik duzu eta entzun Jaunaren mintzoa!

        Franz badoa Fröbelstrasseko asilora, Palmeenera, ea Reinhold topatzen duen. Etzaten da ohol tzarrean, kamainan, gaur honetan, bihar hartan, ilea moztea 10 pfennig, bizarra egitea bost, han daude, txukuntzen dituzte beren paperak, oinetakoen eta alkandoren tratua, motel, inondik ere hi berria haiz hemen, ezin haiz erantzi, bestela goizean goiz hasi beharko duk hire arropa-hondarren bila, botak, ikustak, bota bakoitza ohearen hanka batean jarri behar duk, bestela den-dena lapurtuko diate, baita hortzordeak ere. Tatuaje bat egitea nahi? Eta isiltasuna, gaua. Isiltasun beltza, zerratoki batean bezalako zurrungak, ez diat ikusi. Isiltasuna. Bimm bimm bimm, zer da, kartzela, Tegelen nengoela uste nian. Esnatu. Han joka ari dituk. Berriz kalera, 6ak, emakumeak han zutik, kuttunaren zain, harekin doaz ostatu-zulora, beren huskeriak jokoan galtzera.

        Reinhold ez dago han, txorakeria duk haren bila jardutea, orain ere gona-usainean ibiliko duk, Elfriede, Emilie, Karoline, Lili; ile-beltzak, ile-horiak.

        Eta Evak gauero dakusa Franzen aurpegi lehorra, ez laztanik, ez solas goxorik, jan eta gutxi hitz egin, pattarrez eta kafez asetzen da. Beraren ondoan dago etzanda sofan, negar eta negar. «Ez dinagu topatuko.» «Motel, utziok.» «Ez dinagu topatuko. Zer egin genezake, Eva?» «Motel, uztak kontu hori, ez dik inongo zentzurik, horrekin heure burua izorratzen duk.» «Hik ez dakin zertan ari garen. Hori... hik ez dun ezagutu, Eva, hori ez dun ulertzen, Herbertek pixka bat bai. Zer egin behar dugu. Eskuetan eduki nahi niken, elizara joan eta belauniko errezatuko niken, hura topatzeko.»

        Baina hori dena ez da egia. Eta ez da ezer egia; Reinhold bilatu beharra ez da egia, baizik eta intziria eta sekulako beldurra. Orain doaz botatzera bere dadoak. Badaki zer aterako den. Guztiak izango du bere zentzua, ustekabeko zentzu izugarria. Aurki amaituko dituk kukuketak, mutiko.

 

        Reinholden etxea zelatatzen du, baina begiak alferrik ditu, begira dago eta ez du ezer sentitzen. Jende asko pasatzen da etxe aurretik, batzuk sartzen dira. Bera ere sartu da, barneratu da, txinderada bumderada bum.

        Etxeak kar-kar egiten du barre, Franz ikustean aurrean. Etxea gustura mugitu eta deituko lieke auzokoei, pareko eta alboko hegalei, hura ikusteko. Hor aurrean zera bat dago, ileorde batekin eta itxurako beso batekin, gorri-gorri, pattarrez beteta, bere artean hizketan.

        «Egun on, Biberkopfchen. Azaroaren 22a diagu. Orain ere eguraldi euritsua. Katarroa harrapatu nahi al duk, ez al duk nahiago hire taberna maitera joan eta koñakari muxu ematea?»

        «Atera ezak!»

        «Sartu heu!»

        «Atera ezak Reinhold!»

        «Joan hadi Wuhlgartenera, txoratzen hasia hago.»

        «Atera ezak!»

        Gau batean, Franz etxean lanean ari dela, gasolina-ontzia eta botila bat ezkutatzen ditu.

        «Irten hadi, gordeta hago, bilau zikina, zakurtzarra. Ezetz irten!»

        Etxeak: «Nori ari haiz hoska, ez zegok hemen eta. Sartu eta ikustak heuk.»

        «Ezin ditiat zulo guztiak miatu.»

        «Ez zegok hemen, nola egongo da ba, ez duk hain eroa.»

        «Ateraidak. Komeriak izango dituk bestela.»

        «Komeriak eta komeriondoak. Joan hadi etxera, motel, loaldi luze bat egitera, hi burutik hago, ez jateagatik duk hori.»

        Biharamunean han da berriro, egunkari-banatzailearen ostean.

        Kale-argiek lasterka dakusate, kulunkatzen dira: «Ai ai, sua dugu.»

        Kea, garrak argi-zuloetatik. Zazpietan han dira suhiltzaileak, ordurako Herbertenean dago Franz, ukabilak estuturik: «Nik ez zekiat ezer eta hik ez dakik ezer, ez daukak esan beharrik, orain ez zeukak aterperik, orain bila dezala. Bai jauna, neuk piztu diat.»

        «Motel, ez duk han bizi eta. Nola ba!»

        «Zulo horixe zian, eta su hartu badu bazekik neu izan naizela. Ederki ketuta alde egin dik, ikusiko duk nola orain azalduko den.»

        «Ez zekiat ba, Franzeken.»

        Baina Reinhold ez da azaltzen. Berlinek danbaka eta biraka eta zarataka darrai, egunkariek ez dute aipatzen harrapatu dutenik, ihes egin du, atzerrira joan da, ez dute sekula atzemango.

        Eta Evaren aurrean dago Franz, deiadarka eta bere burua bihurritzen. «Ezin ezer egin eta aguantatu beharra zeukanat, ni izorratzea zeukan, neska akabatu zidan, eta ni hemen, txorimalo baten antzera. Gogorra dun. Gogorra dun.»

        «Franz, ez zegok ezer egiterik.» «Ezin dinat ezer egin. Jota nagon.» «Zergatik hago jota, Franzeken?» «Ahalegin guztiak egin ditinat. Gogorra dun, gogorra denez.»

        Ondoan ditu bi aingeruak, Sarug eta Terah dituzte izenak, elkarrekin hizketan, Franz jendartean dago, jendartean doa, mutu, baina makakorroka aditzen diote biek. Txapelokerrak aldamenetik igaro errondan, baina ez dute Franz ezagutzen. Bi aingeru ditu ondoan.

        Zergatik ditu bi aingeru ondoan, eta zer umekeria da hori, nola joango dira ba gizon baten ondoan bi aingeru, bi aingeru Berlingo Alexanderplatzen 1928an, lehenago hiltzailea eta orain lapurra eta putazaina den baten ondoan. Bai, Franz Biberkopfen istorio hau, bere bizitza latz, egiazko eta argitzaileari buruzkoa, honaino heldu da. Zenbat eta Franz Biberkopf zutikago eta suminago, orduan eta guztia garbiago. Badator, guztia argituko den unea.

        Beraren ondoan hizketan doaz aingeruak, izenak Sarug eta Terah dituzte, eta Franzek Tietzeko erakusleihoak kontenplatu bitartean honela ari dira:

        «Zer iruditzen zaizu, Terah, pasatuko litzatekeela gizon hau abandonatu, bere kasa utzi eta atxilotuko balute?» Sarugek: «Berdintsu izango litzateke, nire ustez bestela ere atxilotuko dute, inondik ere. Hango eraikin gorriari begira egon da, eta ondo egin du, hemendik aste pare batera barruan egongo da.» Terahk: «Orduan zer iruditzen zaizu, alferrik gaudela hemen?» Sarugek: «Pixka bat bai... ez digutenez uzten hemendik eramaten.» Terahk: «Zu oraindik umea zara, Sarug, pare bat milurte bakarrik daramatzazu hau ikusten. Guk gizon hau hartu eta beste nonbait, beste bizitza batean ipiniko bagenu, egingo ote luke hemen egin lezakeena? 1.000 izaki eta bizitzatik, ez badakizu ere, 700ek, ez, 900ek porrot egiten dute.» «Eta zer arrazoi dago ba, Terah, hauxe babesteko, gizon arrunta da, ez dakit zergatik babesten dugun.» «Arrunta, berezia, zer da hori? Eskalea arrunta eta aberatsa berezia? Aberatsa bihar eskalea eta eskalea bihar aberatsa da. Ikusten hasteko zorian dago gizon hau. Asko iristen dira honaino. Baina era berean, entzun, sentitzen hasteko zorian dago. Zera, Sarug, asko bizi denak, asko ezagutzen duenak joera izaten du jakin eta... alde egiteko, hiltzeko. Gogoa galtzen du. Osatu du bizibidea, nekatu da, gorputza eta arima ahitu zaizkio. Ulertzen?» «Bai.»

        «Baina asko ikusi eta ikasi ondoren eustea, ez etsitzea, ez hiltzea, baizik eta zabaltzea, luzatzea, sentitzea, ez ihes egitea, baizik eta zutitzea eta tinko egotea, hori handia da. Zuk ez dakizu, Sarug, nola bihurtu zaren horrelakoa, lehen zer zinen eta nolatan zabiltzan nirekin, beste izakiak babesten.» «Hori egia da, Terah, ez dakit hori, erabat kendu zidaten oroimena.» «Pixkanaka berreskuratuko duzu. Indarra ez dator berez, bere kasa, atzean izaten da zerbait. Irabaziz lortzen da indarra, zuk ez dakizu nola irabazi duzun, eta orain hemen zaude, eta besteentzat hilgarriak diren gauzak zuretzat ez dira arrikutsuak.» «Baina Biberkopf honek ez digu nahi, bota egin nahi gaituela diozu zeuk.» «Hil nahi du, Sarug, inork ez du sekula urrats handi hori egin, urrats beldurgarri hori egin, hil nahi izan gabe. Eta arrazoi duzu, hor erortzen dira gehienak.» «Eta ba al duzu itxaropenik honekin?» «Bai, indartsu eta ahitu gabe dagoelako, eta bi aldiz eutsi diolako bere buruari zutik. Gera gaitezen beraren ondoan, Terah, horixe eskatu nahi nizuke.» «Bai.»

        Mediku gazte bat, berebizikoa, Franzen aurrean dago eserita: «Egun on, Herr Klemens. Egizu bidaia bat, heriotzen ondoren sarri gertatzen da. Beste giro bat bilatu behar da, orain Berlin osoak itoko zaitu, beste klima bat behar duzu. Ez duzu pixka bat distraitu nahi? Zu bere koinata zara, ba al dauka norekin joanik?» «Badaukat bakarrik joatea, beharrezkoa bada.» «Beharrezkoa da; bai, Herr Klemens, hori da bide bakarra: patxada, atsedena, jolas apur bat; jolasa, baina gehiegi ez. Kalterako izan liteke. Beti neurriz. Orain da garairik onena; nora joan nahi duzu?» Evak: «Bizkorgarriak ere ez al dira onak, lezitina eta hobeto lo egitea?» «Orain idatziko dizut dena, zaude, Adalin.» «Eman diot Adalin.» (Pozoi zikin hori.) «Orduan har ezazu Phanodorm, gauero pilula bat mendazko tearekin; tea ona da, arinago zeureganatzen duzu botika. Eta zoaz berarekin zoora.» «Ez, ez naiz animaliazalea.» «Ba orduan jardin botanikora, distrakzio apur bat, baina gehiegi ez.» «Aginduiozu nerbioentzat ere zerbait, azkartzeko.» «Agian opio apur bat ematea legoke, alaitzeko.» «Edaten dut, mediku jauna.» «Ez, berdin dio, opioa beste zerbait da, baina lezitina emango dizut, preparatu berri bat, bertan dator erabilera. Eta gainera bainuak, bainu lasaigarriak, ba al duzu bainua, andrea?» «Jakina, mediku jauna.» «Horra etxe berrien abantaila. Jakina, diozu. Nire etxean ez zen hain gauza jakina. Dena eginarazi behar izan dut, begi-bistako argia kostatu zait, gela margotzea ere bai, harrituko zinateke ikusita, hemen ez dago holakorik. Beraz lezitina eta bainuak, egunbizbehin, goizero, eta masajista, gihar guztiak taxuz gozatu, taxuz jar dadila martxan.» Evak: «Ederki.» «Taxuz gozatu, ikusiko duzu, arinduko zaitu, Herr Klemens. Ikusiko duzu, sasoian jarriko zara. Eta gero bidaia.» «Nekez onartuko du, mediku jauna.» «Berdin dio; onartuko du. Eta, Herr Klemens, zer iruditzen?» «Zer, ordea?» «Ez bururik makurtu, ohituraz hartu somniferoa eta masajea.» «Neure kontu, mediku jauna; adio, eta aldez aurretik milesker.»

        «Orain ere egin dun heurea, Eva.» «Bainua eta nerbioetako botika prestatuko dizkiat.» «Bai, prestaizkidan.» «Bitartean hi hemen geratu.» «Ondo. Oso ondo, Eva.»

        Orduan Evak berokia jantzi eta jaisten da. Eta handik ordu laurdenera doa Franz ere.

 

 

Gudua hasten duk.
Infernura goazak atabal eta tronpetekin

 

        Gudu-zelaia deika, gudu-zelaia!

        Infernura goazak atabal eta tronpetekin, mundu hau ez zaiguk axola, joatea dik pikutara, oso-osorik, goi eta behe. Hango gizaki guztiak, gizonak eta emakumeak, jendilaje deabru guztia, inortxo ere ez duk fidatzekoa. Ni txoritxoa banintz, simaur pila bat hartu, bi hankekin atzeraka bota eta hegan joango nindukek. Ni zaldia banintz, zakurra, katua, zereginik onena huke lurrean kaka egin eta lehenbailehen alde egitea.

        Mundu honetan ez duk ezer pasatzen, ez zeukaat batere gogorik berriz mozkortzeko, horixe egin nezakek, zurrut, zurrut eta zurrut, eta hala berriz hasi zabor deabru guztia. Jainko maiteak mundua egin dik, apaiz batek esatea zidak zertarako. Baina apaizek dakitena baino hobeto egin dik jainkoak, posible egin ziguk xarma horren guztiaren gainean txiza egitea, eta bi esku eman zizkiguk eta gainera soka bat, eta utikan zaborra, hori egitea zeukaagu, hartara akabo simaur deabrua, ondo pasa, nire bedeinkazioa duzue, infernura goazak atabal eta tronpetekin.

 

        Reinhold hori harrapatuko banu joango litzaidakek amorrua, lepondotik heldu, lepondoa hautsi eta bizirik gabe utziko nikek, eta horrek on egingo lidakek, eta aseko nindukek, eta zuzena izango huke, eta bakea izango nikek. Baina zakur hori, niri hainbeste egin didana, berriro gaizkile bihurtu nauena, besoa hautsi didana, nire bizkar barreka zegok Suitza aldean. Zakur zahar bat bezain errukarri nabilek, nahi duen guztia zeukak niri egitea, inork ez zidak laguntzen, ezta poliziak ere, gainera atxilotu nahi naitek, Mieze hil dudalakoan, eta bilau horrek hori ere egin zidak, berarekin batera nahasi. Maiz iturrira doan txarroa, puskatuko da. Nahikoa aguantatu eta egin diat, gehiago ezin diat. Inork ez zidak ukatuko defenditu ez naizenik. Baina nahikoa eta gehiegi diat. Ezin dudanez Reinhold hil, neure burua garbituko diat. Infernura noak atabal eta tronpetekin.

        Nor da hemen Alexanderstrassen dagoena eta hanka bat bestearen atzetik astiro-astiro mugitzen duena? Franz Biberkopf du izena, ezagutzen dituzue bere ibilerak. Putazaina, kriminal porrokatua, gizaixoa, gizon joa, heldu zaio txanda. Madarikatuak, bera jo duten ukabilak! Latza, berari ekin dion ukabila! Beste ukabilek jo eta joan ziren, zauritu zuten, biluzi zuten, baina sendatu zen, Franzek lehengoa segitu zuen izaten, eta ihes egin zuen. Orain ukabila ez doa, izugarri handia da ukabila, gorputz eta arima astintzen du, Franz tipi-tapa doa eta badaki: nire bizitza ja ez duk nirea. Ez zekiat zer egin behar dudan orain, baina Franz Biberkopfenak egin du eta akabo da.

 

        Azaroa da, iluntzeko bederatziak aldea, Münzstrasse inguruan dabil jendea, eta tranbien eta autobusen eta egunkari-saltzaileen zarata handia da, txapelokerrak borrekin irteten dira kuarteletik.

        Landsberger Strassen talde bat doa bandera gorriekin: Esnatu, munduko kondenatuok.

        'Mokka-Fix', Alexanderstrasse, puru on paregabeak, garagardo aparta txarro bikainetan, zorrotz debekatua dago karta-jokoa, bezero jaun-andreok, arren, zaindu zeuon arropa, ez gara erantzule. Jabea. Gosaria goizeko 6etatik eguerdiko ordu 1era, 75 pfennig, katilu bat kafe, 2 arrautza egosi eta ogia gurinarekin.

        Prenzlauer Strasseko kafe-zuloan esertzen da Franz, bibaka hartzen dute: «Baroi jauna!» Kentzen diote ileordea, berak askatzen du gezurrezko besoa, eskatzen du garagardoa, jartzen du berokia belaun gainean.

        Hiru gizon daude han, aurpegi grisak dituzte, eta bai, presoak dira, ihes egin dute, jo eta ke hizketan, barra-barra hizketan.

        Hala, egarrituta nagok eta neure artean, zergatik joan haraino, horra hor soto bat, poloniarrak bizi dituk bertan, erakusten zieat nire saltxitxa eta zigarroak, ez ditek galdetzen nondik atera ditudan, erosi, niri pattarra eman eta dena han uzten diat. Eta hurrengo goizean ni zelatan, haiek irten eta ni sotora, kakoak soinean, artean han zegok dena, nire saltxitxa eta zigarroak, eta haiek hartuta alde. Negozio polita, ezta?

        Polizia-txakurrak, haiek bai bizkorrak. Gure arteko bostek egin ditek ihes horman barrena. Nola, esango diat zehatz. Hormaren bi aldeak xaflaz estalita zeudek, altzairuzko xafla, zortzi milimetro bai. Baina lurpetik joan dituk, bai jauna, zementuzko lurra, zuloa egin, beti gauez, eta handik hormen azpitik. Gero txapelokerrak etorri eta inondik ere aditu behar izan diegula. Guk berriz lo geundela. Zerbait aditzen hasi eta, zergatik geuk?

        Algarak, alaitasuna, zoriontsua hi, dohatsua hi, gure mahaian denok kantari, tralari.

        Eta gero, jakina, zera etorri duk, poliziako sarjentu jauna, Schwab sarjentu lehena, bere buruari haizea eman nahian: herenegun jakin zuela dena, baina laneko bidaia batean zela. Edaneko bidaia batean. Zerbait pasatzen denero, edaneko bidaia batean dituk. Pitxer bat, niretzat beste bat, hiru zigarro.

        Neska gazte bat ilea orrazten ari zaio mahaian gizon luze ile-hori, kantari ari den bati: «O Sonnenburg, o Sonnenburg.» Eta eten bat dagoenero ekiten dio berriro, eguzkiari buruz kantatu behar du:

        «O Sonnenburg, o Sonnenburg, zer berdeak hire hostoak. Hogeitazortziko udan ez nengoen Berlinen ez Danzigen, ezta Königsbergen, ea non nengoen? Motellak, ez al dakizue: Sonnenburgen, Sonnenburgen.

        «O Sonnenburg, zer berdeak hire hostoak. Kartzela bezalakoxea haiz, hango gizatasuna da ezaguna. Ez haute jotzen, ez haute amorrazten, ez haute maltratatzen, ez haute zirikatzen, beti daukak nahikoa, bai edaria, bai janaria, bai tabakoa.

        «Ohean luma eder harroak, pattarra, ardoa eta zigarroak, hura bai bizitza, zaindariak gure ondoan hezur eta mami, guk funtzionarioei bota militarrak eman, zuek guri zigarroak eman, hezur eta mami. Zuek guri edaten utzi hezur eta mami, guk zuei saltzen utzi bota militarrak, gerrako uniformeak, ez ditugu josiko, nahi duzuenean jarri saltzeko, ongi etorri dirua, gu gara preso gaixoak.

        «Lagun ustel batzuk daude, salatu nahi gaituzte, jo eta hezurrak hautsi, hobe dute pentsatzen hasi, gurekin elkartu ala egurra hartu, zarta-jasa ez da izango eskasa.

        «Eskasa dena zuzendaria, beti dabil itsutua. Berri bat zaigu etorri, goi eta behe inspekzionatu nahi zuela Sonnenburgeko kartzela, bukatu du larri. Nondik nora larri, nondik nora larri, esango dizuet sarri. Tabernan ginen jarri, bi funtzionario gure ondoan, eta hantxe taberna-zuloan, nor da hori, nor da hori baina, nor da hori baina.

        «Horra bum bum, horra bum bum, horra inspektore jauna, zer diozue? Zure izenean, izan ezazu osasuna, osasuna jauna, urde lizuna, koñaka da daukaguna, eseri gurekin laguna.

        «Eta zer dio inspektoreak? Ni nauk inspektorea, bum bum han dago, ni nauk inspektorea, bum bum han dago, den-denok itzalera, preso eta funtzionario, joango zaizue algara, hau da zuen akabera, bum bum han dago, bum bum han dago, bum bum.

        «O Sonnenburg, o Sonnenburg, zer berdeak hire hostoak, erabat zaigu sutu, emazteagana joan eta lasaitu; bum bum han dago, bum bum han dago, bum bum inspektorea. Motel, hi haiz taketa, ez belztu kopeta.»

        Galtza marroiak eta oihalezko jaka beltza! Kartzelako jaka marroi bat ateratzen du norbaitek pakete batetik. Gehien eskaintzen duenarentzat, prezioak latz beheratuak, aste marroia, jaka bat merke, koñak batean. Nork nahi du? Alaitasuna, poza, zoriontsua hi, dohatsua hi, adiskidea, hire maitearen izena, busti dezagun barrena. Gero espartin batzuk, espetxe-girora ohituak, lastozko zoruekin, iheserako aproposak, gero burusi bat ere bai. Motel, hori nagusiari utzi behar hion.

        Ugazabandrea emeki sartu eta isilik ixten du atea: hainbeste zalaparta ez, bezeroak daude aurrean. Leihora begira dago bat. Ondokoak barrez: leihotik ez. Saltsa sortzen bada, ikusi... Eta eskua mahaipean sartu eta lurreko tranpa bat altxatzen du: sotora eta gero onena ondoko patiora, goraka ibili gabe, dena zelai. Kapela jantzita baina, ez nabarmentzeko.

        Agure batek marmarka: «Ederra zuan, hire kantu hori. Baina bazeudek gehiago. On askoak. Hau ezagutzen?» Ateratzen du orri bat, idazteko papera, zimurra, zalantzaz idatzia: «Preso hila.» «Tristerik ez, gero!» «Zer da tristea. Hirea bezain egiazkoa eta benetakoa duk.» «Ez ezak negar egin, ez ezak negar egin, patata erreak dauzkak labean eta ez ezak negar egin.»

        «Preso hila. Behartsua baina alaia, bide zuzenetik beti, zintzotasunari leial, txarretik eta okerretik urruti. Baina zorigaitzaren espiritu gaiztoa jarri zitzaion hurrean, susmo gaizto bategatik erori zen herrizainen aurrean. (Ehiza, ehiza, ehiza madarikatua, zakur madarikatu horiek ehizatu naitek, nola ehizatu naute, ia hil ninditean. Bahoa, ez dakik nola salbatu, aurrera, aurrera, ez dakik, ez zegok hain arin joaterik, ahalik eta arinena, baina laster datorkik azkena. Orain Franz harrapatu ditek, orain lurrera botako nauk, honaino heldu nauk, bueno, on egin, on egin deizuela.)

        «Bere garrasi eta erreguak, bere amorruak ez zuen salbatu, informea eta kartzela, berehala zuten itzalpetu. Epaileak nahasi ziren (ehiza, ehiza, ehiza madarikatua), sententzia ematean (nola ehizatu naute zakur madarikatu horiek), baina ez zion balio izan inozentziak, bere prestutasuna haustean. Gizakiok, gizakiok, egin zuen zotin, zergatik nahi nauzue txikitu, nik ez diot inori okerrik egin. (Bahoa, ez dakik nola salbatu. Aurrera eta aurrera, arin, ez zegok hain arin joaterik, eta ahal duena egiten dik.)

        «Ziegako pareten artetik atera zenean, arrotz eta erromes, mundua ez zen lehengoa, eta bera ere ez. Ibaiertzean ibili zen, zubia hautsia zegoen ordea, bihotza eri, gorrotoak gauera eraman zuen ostera. Inork ez zion ogirik eman nahi izan (ehiza, ehiza, ehiza madarikatua), eta pazientzia galdu zuen, behar zuena hartu eta sartu zen bizitzan. Oraingoan bai, erruduna zen.

        «(Errudun, errudun, errudun, ai, hori duk, beharko izan, beharko izan, beharko izan beste mila bider!) Hori gogorrago zigortzen da, hala agintzen du moralak eta usadioak, goibel zuzentzen ditu espetxerantz berriz bere pausoak. (Franz, aleluia, entzun duk, beste mila bider errudun, beste mila bider errudun.) Bai, beste salto bat kanpora, lapurtu, hil, ostu, eta gizakia, piztia hori, gupidarik gabe erraustu. Joan zen, baina laster itzuli zen, karga-karga eginda. Laburra izan zen bere azken zoramen eta bekatua, eta zigorra hil artekoa. (Ehiza, ehiza, ehiza madarikatua, arrazoi zian, ondo egin zian.)

        «Baina ez du kexarik, uzten die errieta egiten, uzten die zapaltzen. Makurtzen du bizkarra uztarrian, ikasten du itxura egiten, ikasten du errezatzen. Nagituta egiten du lan, egunez egun, beti antzerako, aspaldi txikitu zioten arima, berak inor txikitzerako. (Ehiza, ehiza, ehiza madarikatua, etengabe ehizatu naitek, ahalegin guztiak egin ditiat, orain simaur artean nagok eta ez nauk errudun, zer egin behar dut. Ni Franz Biberkopf nauk, oraindik hala nauk, erne.)

        «Gaur bukatu dira bere ibilerak, udaberri argi denean, sartu dute hilobian, ziegarik onenean. Eta espetxeko ezkilak jotzen dio azken agurra hari, mundutik galduta espetxean hil denari. (Erne, jaun agurgarriok, oraindik ez duzue ezagutzen Franz Biberkopf, ez du bere burua saltzen sos batean, bere hilobira joan behar badu, hatz bakoitzean lagun bana eramango du, jainkoari bere berri eman eta esan dezaten: aurrena gu gatozak eta gero zetorrek Franz. Ez hadi harritu, jainko maitea, halako segizioarekin etortzea, hainbeste ehizatu dutenez, orain taldean zetorrek, munduan hain txikia denak, zeruan erakutsi behar, bera zer den.)»

        Kantari eta solasean segitzen dute mahaian, Franz Biberkopf erdi lotan egon da ordu arte, orain erne eta bizi dago. Tentetzen da berriro, lotzen du besoa, gerran galdu genian, beti gerran. Gerra ez duk amaitzen bizi haizen bitartean, zutik eustea duk kontua.

        Franz zutik dago kafe-zuloaren burdinazko eskaileran, kalean. Eta kanpoan zaparrada ari du, erauntsia eta jasa, ilun dago eta jardun handia dabil Prenzlauer Strassen. Eta jendetza dago aurreko Alexanderstrassen, tartean poliziakoak. Eta Franz jiratu eta astiro doa harantz.

 

 

Alexanderplatzen dago polizia-kaserna

 

        Bederatziak eta hogei dira. Kasernako patio irekian gizon batzuk hizketan ari dira. Txisteak kontatzen eta hankak luzatzen ari dira. Komisario gazte bat etorri eta agurtzen ditu. «Bederatziak eta hamar dira, Herr Pilz, jakinarazi al zenuen autoa behar genuela bederatzietan.» «Oraintxe igo da lankide bat gora, Alexanderko kuartelera deitzera; atzo goizean enkargatu genuen autoa.» Beste bat etorri eta: «Bai, bederatziak bost gutxitan bidali omen dute autoa, galdu egingo omen zen, beste bat bidaliko dute.» «Hara, galdu, eta gu zain.» «Zera, nik autoa non dagoen galdetu, eta hark orduan: ea nor naizen, eta nik Pilz idazkaria, eta berak ba ni holako eta holako tenientea. Orduan nik: Ba jakin dezazun, teniente jauna, komisario jaunak aginduta, atzo departamentuko auto bat enkargatu genuen sarekada baterako bederatzietan, idatziz egin genuen eskaria, baieztapena eskatu nahi nuke, ea iritsi den eskari idatzia. Entzun behar zenuen nola jatortu den teniente jauna, jakina, bidean zela, ezbeharren bat gertatuko zela eta abar.»

        Heltzen dira autoak. Batean jaunak eta andreak igotzen dira, agenteak, komisarioak eta emakumezko agenteak. Auto horretan ekarriko dute gero Franz Biberkopf, beste 50 gizon eta andrerekin, aingeruek abandonatua, kafe-zulotik irten zenean ez bezalako begirada edukiko du, baina aingeruek dantza egingo dute, jaun-andreok, fededun-fedegabeok, halaxe izango da.

        Zibilez jantzitako gizonak eta emakumeak daramatzan autoa bidean da, gerrakoa ez baizik borrokaren eta justiziaren ibilgailu bat da, kamioi bat, barrukoak bankutan daude eserita, Alexanderplatzen zehar doa, banaketako autoen eta taxi soilen artean, gerrako autoan doan jendeak eroso dirudi, deklaratu gabeko gerra da, beren lana betetzera doaz, batzuek lasai erretzen dute pipa, beste batzuek purua, andreek galdetzen dute: hor aurreko gizon hori prentsakoa da, egunkarian agertuko da bihar dena. Hala, pozik doaz Landsberger Strassetik eskuinera, itzuli bat emanez doaz beren helmugarantz, bestela tabernek aurrez jakiten dute zer datorkien. Oinezkoek, ordea, ongi begiratzen diote autoari. Ez diote luzaroan begiratzen, gauza txarra da, beldurgarria, laster igaro da, gaizkileak harrapatzera doaz, izugarria da holakoak pasatzea, goazen zinemara.

        Rückerstrassen jaisten dira, bertan geratzen da autoa, oinez doaz kalean gora. Kale txikia hutsik dago, espaloitik doa tropa, horra Rücker ostatua.

        Ataria hartzen dute, sarreran zaindariak, parean zaindariak, beste guztiak barrura. Arratsalde on. Morroiak barre, orain ere badiagu. Zerbait edan nahi? Milesker, ez dugu astirik; kobratu, sarekada, denok kasernara. Barreak, protestak, holakorik, ez zaitezte hola jarri, biraoak, barreak; eutsi umore onari, nik hemen dauzkat paperak, ba poztu zaitez, ordu erdirako bueltan zara, horrekin zer aurreratzen dugu, zeregina daukat, ez hadi asaldatu, Otto, bisita bat dohainik kasernara, gau-iluminazio eta guzti. Denok txokora. Autoa lepo, batek kantatzen du: Gazta piririka nork du eraman, lotsagabe alaena, nola egin liteke hori, pagatu gabe zegoen aduanan; etorri da polizia, oso haserre eta sutan, gazta piririka dutelako eraman.

        Autoa abiatu eta denek egiten dute agur: Gazta piririka nork du eraman.

        Bueno, dena ederki joan da. Oinez goaz. Jaun dotore bat kalearen bestaldean, kasu egiten du, postuko kapitaina naiz, komisario jauna? Sartzen dira ezkaratz batean, besteak sakabanatzen dira, topagunea Prenzlauer, Münz izkina.

        Alexanderquelle gainezka dago, ostirala da, soldata daukanak zintzurra bustitzen du, musika, irratia, barraren ondoan jartzen dira txapelokerrak, komisario gazteak jaun batekin hitz egiten du, isiltzen da banda: sarekada, polizia, denok kasernara. Jendea eserita dago mahaietan, barre egin eta ez dira arduratzen, solasean, zerbitzatzen segitzen du morroiak. Neska bat garrasika eta negarrez dago beste biren erdian korridorean: adierazi diet etxez aldatu naizela, baina oraingo etxekoandreak ez du oraindik nire izena eman, gau bat besterik ez da izango, a zer gauza, ni ez noa, ez gero txapeloker batek ere ni ukitu, utzi istilua, aizu, txarra da osasunerako. Utzi irteten, zer dela eta, txanda iristen zaizunean irtengo zara, oraintxe joan da autoa, ba ekarri auto gehiago, ez iguzue burua lehertu. Morroi, botila bat xanpain, hankak garbitzeko. Aizu, lanera joan behar dut, zeregina daukat Lauen, nork pagatuko dizkit orduak, ba derrigor etorri behar duzu, obrara joan behar dut, hau atxiloketa ilegala da, denek etorri behar dute, hi ere bai, motel, ez hadi berotu, hauek sarekadak egin behar ditiztek, bestela ez zekitek zertarako dauden.

        Multzoka ateratzen dira, autoak kasernara joan eta etorri, txapelokerrak joan eta etorri, emakumeen komunean garrasiak daude, lurrean andereño bat dago, ondoan dauka galaia, zertan ari da ordea galaia emakumeen komunean. Neskak dardarizoak dauzka, horra; txapelokerrek irribarre egiten dute, zure paperak, ondo da, gera zaitez bere ondoan. Neskak garrasika segitzen du, ikusiko duzu dena hustean, zutitu eta tangoa dantzatuko dute biek. Kontuz gero, heltzen didanak kokotseko bat hartuko dik, eta ondoren bere hilotza bortxatuko diat. Ia hutsik dago lokala. Atean gizon bat dago, bi poliziakok heltzen diotela, marruka: izan naiz Manchesterren, Londresen, New Yorken, holakorik ez da pasatzen inongo hiritan, holakorik ez dago Manchesterren, Londresen. Trostan daramate. Alde kalera, ongi al zara, milesker, zure zakur besoetakoa zenari eskumuinak.

 

        Hamarrak eta laurdenetan, hustuketa oso aurreratuta dagoenean, izan ere mahai bakar batzuk daude hartuta atzean, gorako eskaileren ondoan eta aldameneko izkinan, sartzen da bat, nahiz eta inork ez lukeen sartu behar aspalditik. Poliziakoak zorrotzak dira eta ez diote inori sartzen uzten, baina noizean behin neskatxa batek kirik egiten du leihotik: hemen elkartzeko gelditu naiz, ez andereño, itzul zaitez hamabietan, ordu arte kasernan egongo da zure laztana. Jaun zaharra, baina, azken labealdiari begira egon da kanpoan, azkenean poliziek borrak astindu behar izan dituzte atarian, autoan sartzen zirenak baino gehiagok irten nahi zutelako, abiatu da autoa eta giroa barexeago dago. Eta gizonak lasai zeharkatzen du atea bi polizien ondotik, bakoitza alde batera begira baitago, berriro ere batzu-batzuek lokalean sartu nahi dutelako, eta sesioan ari dira poliziekin. Oraintxe dator kuarteletik polizia-talde bat, kalearen bestaldean iskanbila handiz, oinez doazela gerrikoak estutuz. Lokalean barrena doa ile griseko gizona, barran garagardoa eskatu eta harekin igotzen ditu eskailerak, emakumeen komunean andrea oraindik garrasika ari da, eta besteak, bakar batzuk, barrez daude eta solasean, hura dena axola ez balitzaie bezala.

        Gizona aulki batean eseri, mahai batean bakar-bakarrik, garagardoa edan eta beheko lokalari begiratzen dio. Orduan bere hankak zerbait jotzen du, lurrean dagoena paretaren alboan; begiraiok, hartzen du, errebolber bat, baten batek harrika bota dik, gaizkitxo, orain bi zeuzkaat. Hatz bakoitzean bana, eta jainko maiteak galdetzen badu zergatik, orduan hik: segizio handia dakarkit, behean eduki ez dudana, goian eduki nezake. Sarekada bat ari dituk egiten, bejondeiela. Kasernan norbaitek bapo gosaldu eta esan dik, egin dezagun sarekada handi bat, egunkarietan agertuko den zeozer gerta dadin. Izan ere, goikoek antzeman behar dute lan egiten dugula, eta agian norbaitek soldata hobea nahi dik eta emazteak larruzko beroki bat behar dik, horregatik atzematen ditek jendea eta hain zuzen ere ostiralean, jornala jaso dutenean.

        Gizonak buruan darama kapela, eskuineko eskua patrikan sartuta, ezkerra ere patrikan dauka, garagardoari eusten ez dionean. Ehiztari-txapelean isipua daraman poliziako bat alai asko dabil lokalean barrena, denean mahai hutsak, lurrean zigarro-paketeak, egunkariak, txokolate-papera: kito, berehala dator azkena. Galdetzen dio agureari: «Ordaindu al duzu?» Hark marmar egin eta aurrera begiratzen du: «Oraintxe sartu naiz.» «Ba libra zintezkeen, baina orain zuk ere etorri beharko duzu.» «Niri dagokidan gauza da hori.» Poliziakoak, gizon sendo bizkarzabalak, goitik so egiten dio, honek zeukak begiratua, istilua sortu nahi dik. Ez dio ezer esaten, lokaleko eskailerak astiro jaitsi eta topo egiten du agurearen begiratu kartsuarekin, txo, horiek begiak, hau ez zegok ondo. Ateraino joan, besteak dauden lekura, elkarrekin ahopeka aritu eta ateratzen dira denak batera. Handik minutu batzuetara berriz zabaltzen da atea. Ostera poliziakoak: orain gainerakoak, arin. Zerbitzariak barrez: «Hurrengoan ni ere eraman, gustura ikusiko nuke zuen hor goiko saltsa.» «O, ordubetean berriz lanean zara, ikusi, lehen garraioko batzuk dagoeneko hor kanpoan dira, sartu nahian.»

        «Goazen, jauna, zuk ere etorri behar duzu.» Nigatik ari duk. Andregaia baldin badaukak, eta bihotzean baldin badaukak, ez galdetu noiz edo non, musu ematen badik edonon.

        Jauna ez da mugitzen. «Aizu, gorra al zara, zutitzeko esan dizut.» Udaberriak bidali hau nigana, alferrik izan duk hi ezagutu aurreko nire artelana. Gehiagok etorri behar ditek lehenik, batekin eskas diat, nire segizioak bost zaldi ditik.

        Hiru poliziako daude jada eskaileran, lehenbizikoa gora doa, txapelokerrak lokalean dabiltza. Komisario gazte luzea doa aurretik, presa handia dute. Nahikoa ehizatu naitek, ahalegin guztiak egin ditiat, gizona naiz ala ez naiz gizona.

        Eta ateratzen du ezkerreko eskua patrikatik eta zutitu gabe egiten dio tiro lehenbiziko poliziakoari, oraintxe amorruz datorkionari. Kraj. Bukatu dituk munduko gure lanak, infernura goazak tronpetekin, atabal eta tronpetekin.

        Gizonak balantza egiten du, Franz zutitzen da, pareta aldera joan nahi du, ibaika sartzen dira lokalaren atetik. Hori duk eta, denok barrura. Altxatzen du besoa, norbait dauka atzean, Franzek sorbaldaz baztertzen du, orduan zartako bat ematen diote eskuan, zartako bat aurpegian, zartako bat kapelan, zartako bat besoan. Besoa, besoa, beso bakarra zeukaat, joka hautsiko zidatek besoa, zer egin, joka hilko naitek, lehenbizi Mieze, gero ni. Hau dena zertarako. Hau dena zertarako, zertarako, hau dena zertarako.

        Eta amiltzen da barandaren ondoan.

        Eta tiroka segitu ahal izan aurretik, barandaren ondoan amildu da Franz Biberkopf. Etsi du, madarikatu du bizitza, utzi ditu armak. Hor datza.

        Txakurrek eta poliziek mahaia eta aulkiak baztertu, bere ondoan belaunikatu, buruz gora jartzen dute, beso artifiziala dauka, bi errebolber dauzka, non ditu paperak, itxaron, ileordea darama. Eta Franz Biberkopfek begiak zabaltzen ditu, iletik tiratzen diotenean. Orduan eragiten diote, sorbaldetatik helduta goratzen dute, hanken gainean jartzen dute, badauka zutik egotea, zutik egon beharra dauka, kaskoratzen diote kapela. Denak kanpoan daude jada eserita, badaramate Franz Biberkopf atetik barrena, ezkerreko besoan girgiluekin. Iskanbila dago Münzstrassen, sekulako jendetza, tiro egin dute barruan, erne, badator, hori izan da. Poliziako zauritua lehenago eraman dute autoan.

 

        Beraz auto honetan irten dira lehen, bederatzi eta erdietan, komisarioak, agente gizon eta emakumeak kasernatik, abiatzen dira, Franz Biberkopf barruan dago, aingeruek abandonatu dute, arestian aipatu dudan eran. Kasernako patio irekian atera dituzte multzoak, atzeko eskailera txiki batetik korridore handi, luze batera igotzen da, andreek beren gela berezia dute, eta askatzen dutenak eta paperak zuzen dauzkanak langatik pasatu behar du, eta txakurrek arakatzen diote bularra, galtzak beheko botetaraino, gizonak barrez, irainak eta bultzadak daude korridorean, komisario gaztea eta agenteak hara eta hona dabiltza, bazterrak lasaitzen, pazientzia izan ezazue. Ateetan poliziakoak daude, inor ez doa komunera lagunik gabe.

        Zibilez jantzitako agenteak daude barruko mahaietan, jendeari galdezka, dauzkanari paperak miatzen, orri handitan idazten: gertaeraren lekua, barruti judiziala, atxiloketaren lekua, 4. polizia-etxea. Zer izen duzu, atxiloketaren xehetasunak, azkeneko preso noiz, har nazazu ni lehenbizi, lanera joan behar dut, Polizia-Burua, 4. saila, atxiloketa goizean, arratsaldean, gauean, izen-deiturak, jarduera edo lanbidea, jaiotze eguna, hilabetea, urtea, lekua, etxegabea, ezin izan du etxerik eman, helbidea okerra dela erakutsi du ikerketak. Zure barrutiak erantzun arte itxaron beharra daukazu, hain bizkor ezin da, han ere bi esku besterik ez dauzkate, eta gainera izan dute jendea helbide bat eman dutenak, zuzena dena eta beren izeneko norbait bizi dena... baina bazoaz hara eta beste norbait dago han, haren paperak dauzka, lapurtu egin dizkio edo laguna zuen edo antzeko amarruren bat. Atxilotu-erroldari eskaria, txartel grisa kentzea, txartel grisik ez dago, aktari erantsitako frogak, eta objektuak delitu honekin edo beste batekin zerikusia dutenak, objektuak, atxilotuak bere buruari edo besteri min egiteko erabil litzakeenak, objektu pertsonalak, makila, aterkia, labana, errebolberra, burdin ukabilak.

        Franz Biberkopf dakarte. Franz Biberkopfenak egin du. Harrapatu dute. Eskuak lotuta daukate. Bularrean erorita dauka burua. Azpian galdekatu nahi dute, behean, zerbitzuan dagoen komisarioaren gelan. Baina gizonak ez du hitz egiten, zurrun dago, maiz heltzen dio aurpegiari, eskuineko begia handituta dauka borrakada batengatik. Besoa ere laster beheratzen du, han ere jaso ditu kolpeak.

        Behean, patio ilunean, kalerantz doaz askatutakoak, patio irekian neskei besotik helduta. Andregaia baldin badaukak, eta bihotzean baldin badaukak, eta hasi, hasi, hasi kantuan beste restaurantean. Aitortzen dut goiko deklarazioa zuzena dela, izenpea, atxilotua izan da, gauzak jaso dizkion agentearen izena eta zenbakia. Berlin Erdiko Epaitegiari, 151 sailari, Galdeketako Epailearen aginduz.

        Azkenean Franz Biberkopf aurkeztu eta atxikitzen dute. Gizon honek, Alexanderquelleko sarekadan tiro egiteaz gain, bestela ere urratu du Arautegi Penala. Alexanderquellen botata topatu zuten eta ordu erdi baten buruan jakin zen ezen poliziak, bilatu beharreko zortzi pertsona eta erreformatorioko ohiko jendea ez ezik, oso harrapaketa ona egin zuela. Izan ere gizon hark, tiro egin ondoren erori zenak, eskuineko beso artifiziala zeukan eta ileorde gris bat zeraman. Hortik eta beraren argazki batetik berehala ohartu ziren, ezkutuko gizon hura nahasita zegoela Emilie Parsunke prostitutaren Freienwaldeko hilketan, lehenago ere homizidio eta proxenetismoagatik zigortutako Franz Biberkopf.

        Aspaldi hautsi zuen poliziaren aurrera aurkeztu beharra, badugu bat, bestea ere laster atzemango dugu.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia