ZAZPIGARREN LIBURUA

 

        Badator ziztuan mailua, mailuak jotzen du Franz Biberkopf.

 

 

Pussi Uhl, amerikarren uholdea,
w-rekin ala v-rekin idazten da Wilma?

 

        Alexanderplatzen etengabeko saltsa dago. Neue Friedrichstrasserekin izkina egiten duen Königstrassen, botatzekoak dira Salamander zapata-dendaren gaineko etxea, botatzen ari dira aldamenekoa. Zirkulazioa izugarri zaila da metroaren Alex arkuaren azpian: zutabe berriak ari dira eraikitzen trenbideko zubiarentzat; behean ageri da zuloa, dotore daude jarrita hormak, non zutabeen oinarria dagoen.

        Geltokira sartu nahi duenak, zurezko zurubi txiki bat igo eta jaitsi behar du. Berlinen freskatu egin du eguraldia, zaparradak sarri, horrek autoentzat eta motoentzat dakar kaltea, egunero izaten dira irristak, eta hortik karanbolak, kalte-ordain eskariak eta abar, jendeak ere denetik hausten du, eguraldiaren eraginez. Ba al dakizu zer patu tragiko izan duen Beese-Arnim hegazkinlariak? Poliziak gaur egin dio itaunketa, bera aritu zen tiroka Pussi Uhl prostituta zahar higatuaren etxean; goian bego. Beese, Edgar, zoroaren moduan hasi zen tiroka Uhlen etxean, kriminalistek diotenez oso bizimodu berezia izan zuen beti. Behin, gerran jo eta 1.700 metrotik behera bota zuten, eta hortik dator Beese-Arnim hegazkinlariaren patu tragikoa, 1.700 metrotik eraitsia, herentzi ametsek huts egin eta izen faltsuarekin espetxeratua; baina onena falta da. Eraitsi dutenean, etxera joan eta sosak arintzen dizkio aseguru-agente batek. Baina hura iruzurti bat zen, eta hala, modurik sinpleenean joan zen hegazkinlariaren dirua iruzurtiagana, eta hegazkinlaria dirurik gabe geratu zen. Aurrerantzean, Auclaire izena hartzen du Beesek. Familiaren aurrean lotsatzen da, senperrenak ikusten ari delako. Hori guztia gaur goizean jakin eta idatzi dute txapelokerrek kuartelean. Han aipatzen denez ere, orduan abiatu zen krimenaren bidetik. Behin, bi urte eta erdiko espetxea bizkarreratu zioten, eta aldi hartan Krachtowil zeritzanez, gero Poloniara deportatu zuten. Badirudi horren ondoren gertatu zela istorio hain narras eta iluna Pussi Uhlekin Berlinen. Pussi Uhlek, aipatzekoak ez diren zeremonia berezien bitartez, 'von Arnim' bataiatu zuen, eta hark geroztik egindako txarkeria guztiak von Arnim izenarekin egin ditu. 1928ko abuztuaren 14an, asteartea, von Arnimek bala bat erantsi zion Pussi Uhli, gaizkileek isilpean dute nola eta zergatik, horiek ez dute mingaina askatzen, urkatuko badituzte ere. Izan ere, zertarako kontatu txapelokerrei, etsaiei? Zera bakarrik dakite, tartean dela Hein boxeolaria ere, eta psikologo lanetan hasi nahi duena oker dabil: ez da izan jelosiak eragindako krimena. Nik neuk lepoa jarriko nuke, ez dela jelosiarik egon. Edota jelosia egon bada, jelosiaren funtsean dirua, batez ere dirua. Beesek, hala dio poliziak, hondoa jo du; nahi duenak sinets dezala. Gizonak, sinetsidazue, batere hondoa jo badu, txapelokerrek ikertuko dutelako da, eta bereziki, Uhl zaharra tirokatu duelako dago haserre. Izan ere, orain nondik bizi; bere artean: ez ahal zait zerri hori hilko. Horrenbestez nahikoa ezagutu dugu Beese-Arnim hegazkinlariaren patu tragikoa, 1.700 metrotik eraitsia, herentzi ametsek huts egin eta izen faltsuarekin espetxeratua.

        Berlin bisitatzen duten amerikarren uholdeak aurrera darrai. Metropoli alemana bisitatzen duten milaka lagunen artean daude hainbat ospetsu aipagarri ere, Berlinera etorriak arrazoi ofizial edo pribatuengatik. Horrela, Washingtongo Call doktorea, Batasun Interparlamentarioko Delegazio Amerikarraren idazkari nagusia hemen da (Hotel Esplanade), eta datorren astean jarraituko diote beste hainbat senatari amerikarrek ere. Gainera, datozen egunetan helduko da Berlinera New Yorkeko suhiltzaile-elkarteko burua, John Keylon, eta Hotel Adlonen hartuko du ostatua, Laneko Estatu Idazkari ohi Davisen antzera.

        Londrestik heldu da Claude G. Montefiore, Judutasun Erlijioso eta Liberalaren Mundu-Federazioko Presidentea, abuztuaren 18tik 21era baitute batzarra Berlinen; berarekin etorritako Lady Lilly H. Montague lankidearekin jarri da Hotel Esplanaden.

 

        Hain eguraldi penagarria egiten duenez, hobe dugu aterpera joatea, Zentralmarkthallera, baina han sekulako ardaila dago, eskorgekin harrapatzen ez zaituztenean, eta gainera ez dute abisatzen. Zimmerstrasseko Lan-Epaitegira joan eta han gosal dezagun. Pagotxa motxean bizi dena ­eta azken batean Franz Biberkopf ere ez da batere ospetsua­, gustura joaten da mendebalera ere, han zer berri den ikustera.

        60. aretoa, Lan-Epaitegia, edarilekua; gela txiki samarra, barra eta kafe-makina; arbelean «Bazkaria: arroz-zopa, zekorki errea (zer r pila), marko bat.» Gizaseme gazte, potolo bat, hezurrezko betaurrekoduna, aulki batean eseri eta bazkaltzen ari da. Hari begiratuz gero ikus daiteke: aurrean plater bat dauka kea dariola, koxkorra, saltsa eta patatekin, eta bata bestearen atzetik ari da denak irensten. Begiak hara eta hona doazkio platerean, nahiz eta inork ezer kendu ez, ez dauka inor aldamenean eserita, bakar-bakarrik dago mahaian, baina halere larri da, moztu, lerdekatu pentsua eta sartzen du ahoan, arin, bata, bestea, bestea, bestea, eta hortxe lanean ari den bitartean, sartu, atera, sartu, atera, hortxe moztu, txikitu eta tragatu, usaindu, dastatu eta klikatzen duen bitartean, bere begiak begira daude, beha daude platereko hondar gero eta txikiagoari, zaintzen dute inguru hura bi zakur hozkariren antzera, esparrua neurtuz. Berriro sartu, atera. Kito, amaitu du, zutitu da, guri eta potolo, arraioak dena garbitu du, orain pagatzera. Bularreko sakelari oratu eta lerdetsu dio: «Andereño, zenbat da?» Orduan potoloa irten, arnasa bota eta gerrikoa lasaitzen du, sabelak lekua izan dezan. Hiru libra eder dauzka urdailean, dena janaritan. Orain hasten da lana sabelean, orain moldatu behar du sabelak, bota diotenarekin. Hesteak hinkili-hankala, zizareen antzera bihurritzen eta kiribiltzen, guruinak gogotik saiatzen dira, beren zukua isurtzen diote oreari, suhiltzaileen antzera, goitik txistu-jarioa dator, gizonak tragatu, hesteetara doa, ondoren giltzurrunentzat da erasoa, saltegi handian bezala mihise-astea denean, eta emeki-emeki, ikustazu, ttanttak erortzen dira maskurian, ttantta bat eta bestea. Egon hadi, motel, egon hadi, laster joango haiz etorritako bide beretik beste ate hartaraino: Gizonezkoak. Horrelakoa da bizitza.

        Ateen atzean, eztabaidan ari dira. Wilma neskamea, nola idazten duzu zure izena, vrekin idazten zenuela uste nuen, hemen hala dago, bueno, w ipiniko dugu. Oso lotsagabe bihurtu da, behar ez bezala jokatu du, bildu zure gauzak eta alde hemendik, lekukoak daude. Eta hark ezetz, duintasun gehiegi dauka. Hilaren 6a arte, tartean hiru eguneko diferentzia, prest nago hamar marko pagatzeko, emaztea klinikan daukat eta. Eskaria egin dezakezu, Fräulein, 22 marko eta 75en gorabehera da, baina tinko adierazi nahi dut, ez dut edozein gauza ametituko. «Bilau zitala, zerri zitala», agian nire emaztea deituko dute jaikitzen denean, baina auzi-jartzailea harropuztu da. Bi aldeak akordio honetara heldu dira.

        Papke txoferra eta Wilhelm Totzke film-banatzailea. Zer arazo da hau, oraintxe ipini didate mahai gainean. Bueno, idaztazu: Wilhelm Totzke film-banatzailea bera dator, ez, bere abokatua naiz, ondo, eta zu txofertzan aritzen zara, bueno, denbora gutxi samar daramat, danbatekoa eman didate, ekarzkidazu giltzak, istripua izan duzu beraz autoarekin, zer diozu horren aurrean? Hilaren 28an, ostirala, nagusiaren andrea jaso behar zuen Admiralsbaden, Viktoriastrassen gertatu zen, lekukoek esan dezakete erabat edanda zegoela. Mozkor fama du auzo guztian. Halere ez dut edaten garagardo txarrik; auto alemana zen, 387.20 marko kostatzen da konpontzea. Nola izan zen elkar jotzea? Orduantxe labantzen hasi, ez nuen balazta lau gurpiletan, eta jo nuen nire aurreko gurpilaz bere atzeko gurpila. Zenbat edan zenuen egun hartan, gosaritan edango zenuen, nagusiarenera joan eta jaten eman zidan, nagusia asko arduratzen da pertsonalaz, oso jatorra da eta. Ez dugu egingo kalteen erantzule, baina berehala kalera; edanda egoteagatik egin zituen huts horiek. Jaso zure trasteak; Viktoriastrassen daude, lokatzetan. Eta nagusiak telefonoz esan zuen: Ganbelu arraioa, autoa izorratu du. Hori ezin izan zenuen entzun, bai, zure aparatua oso ozen aditzen da, ez badu edukazio hoberik; gainera, ordezko gurpila lapurtu nuela esan zuen telefonoz, arren, lekukoei galdetu. Ez dut asmo hori, biok zarete errudun, nagusiak astoa edo ganbelua esan zuen, izen eta guzti, 35 marko eskaintzen dizuet akordioa, hamabiak laurden gutxi, oraindik denbora dago, badaukazu deitzea, izatekotan ordu bata laurden gutxitan etor dadila.

        Beheko ate aurrean, Zimmerstrassen, neska bat dago, pasaeran baino ez, aterkia altxatu eta gutun bat sartzen du postontzian. Gutunak honela dio: Ferdinand maitea, eskerrik asko hire bi gutunengatik. Erabat oker nengoan hirekin, ez nian uste hirekin honelakorik gertatuko zenik. Hik ere aitortu behar duk, noski, gazteegi garela elkarri lotzeko. Hik ere ulertu behar duk hori, nire ustez. Ni beste neska guztiak bezalakoa naizela pentsatuko huen agian, baina kale egin duk horretan, motel. Edo aukera ona naizelakoan, ala? Bada hortik ere gaizki hoa. Langile soil bat nauk. Kontuak egin ditzaan esaten diat. Jakin izan banu zertan bukatu zen, ez ninduan idazten hasiko. Orain baduk nire iritziaren berri, egitzak kontuak, hik jakingo duk zer pentsatu. Goraintziak, Anna.

        Neska bat dago eserita etxe beraren saihetsean, sukaldean; erosketak egitera joan da ama, egunkarian ezkutuan idazten ari da neska, 26 urte ditu, ez du lanik. Uztailaren 10eko azken sarrerak honela zioen: atzo arratsaldeaz gero hobeto nagon; baina gero eta egun on gutxiago ditinat. Ezin zionat nahi bezala nire barrena inori hustu. Horregatik erabaki dinat den-dena idaztea. Boladak ditinat eta ez naun ezertarako gauza, huskeria eskasenak sekulako zailtasunak sortzen zizkidan. Halakoetan ikusten dudan guztiak pentsamendu berriak pizten ditin neure baitan, horiengandik askatu ezin, erabat aztoratu eta ezin dinat neure burua behartu ezertan hastera. Egonezak batera eta bestera naraman, eta ez dinat asmatzen ezer amaitzen. Adibidez: goizean goiz esnatzen naizenean, ez niken jaiki nahi; baina neure burua behartu eta animatzen dinat. Baina janzte hutsarekin nekatu eta denbora asko pasatzen dinat, berriro burutazioak etortzen zaizkidan eta. Beti pentsamendu berak oinazetzen nain, alegia zerbait oker egin eta ezbeharren bat sortuko dudala. Askotan, surtara ikatz puska bat bota eta txinparta batek saltatzen duenean, zeharo ikaratzen naun eta inguru guztiak miatu behar ditinat, zerbaitek su hartu ote duen, ez dezadan hondamenik sortu eta nahi gabe sutea eragin. Eta egun guztian berdin; egin behar dudan guztia oso zaila iruditzen zaidan, eta halere neure burua behartzen badut hori egitera, denbora asko pasatzen dinat, nahiz eta saiatu arin egiten. Horrela joaten zaidan eguna, ezer zeratu gabe, hainbeste denbora igaro behar dudalako zeregin bakoitzarekin pentsatzen. Gogor ahalegindu arren aurrera egiten ez badut, orduan etsi eta negar egiten dinat. Holakoxe boladak izan ditinat, 12 urte nituenetik. Itxura zela uste zitenan gurasoek. Bolada horiek zirela eta, 24 urterekin neure buruaz beste egiten saiatu nindunan, baina salbatu ninditenan. Artean sexu-harremanik izan gabe nengonan eta haiexetan jarri ninan esperantza, zoritxarrez alferrik. Hala-holako harremanak besterik ez ditinat izan, eta azken aldian ez dinat horren konturik entzun ere egin nahi, gorputzez ere oso ahul nagon eta.

        Abuztuak 14. Oso gaizki nabilen azken aste honetan. Ez zekinat zertan bukatuko dudan, honela segitzera. Nik uste, munduan inor ez banu, bi aldiz pentsatu gabe gasaren giltza irekiko nukeela, baina ezin zionat amari hori egin. Baina bene-benetan opa zionat neure buruari, eritasun larri bat harrapatu eta hiltzea. Sentitu bezala idatzi dinat hau dena.

 

 

Hastera doa norgehiagoka! Euri giroa dago

 

        Ordea, zer dela eta (eskumuinak, madame, eskumuinak), zer dela eta, pentsa dezagun, pentsa, Herbert bere gelan dago pentsatzen feltrozko txapinekin, eta euria ari du, langarra etengabe, ez dago behera jaisterik, bukatu dira puruak, puru-saltzailerik ez etxean, zer dela eta egiten du euria abuztuan, hilabete osoa joan da igeri, normala balitz bezala joan da uholdean, zer dela eta doa Franz orain Reinholdengana eta barra-barra ari da bere buruaz? (Eskumuinak, madame, nor eta Sigrid Onegin ari zen dotore asko kantari, harik eta gizonak amore eman, bizitza arriskatu eta horrela bere bizitzaz jabetu zen arte.) Berak jakingo du zergatik, zer dela eta, berak jakingo du, eta euriak segitzen du, baliteke hura etortzea.

        «Motel, horregatik kezkatzea ere, poztu hadi, Herbert, politika zaharra utzi duelako... haren lagun egingo zuan.» «Tira, Eva, haren lagun, utz itzan berriketak. Nik bazekinat. Zerbait nahi din harengandik, zerbait nahi din...» (Zer dela eta, ordea, administrazioaren baimena du salmentak, eta beraz prezioa zentzuzkotzat hartu behar da.) «Zerbait nahi din eta zer nahi du eta zergatik dabil handik eta beti hartaz hizketan... Hangoren bati heldu nahi zion! Txintxoarena egingo din, ikusiko dun, Eva, eta barruan dagoenean, 'bang, bang', inork ez din jakingo nola izan den.» «Hik uste?» «Nahi ere badun, neska.» Argi eta garbi dago, eskumuinak, madame, hau da euria egitea. «Argi zegon, neska, urrea bezain argi.» «Hik uste, Herbert? Niri ere susmagarria iruditu zitzaidaan, besoa galarazi ziona bisitatzea.» «Argi zegon! Horixe!» Eskumuinak. «Herbert, benetan uste al duk ez diogula honetaz tutik ere esan behar, ezertaz ohartu ez eta itsuak bagina bezala?» «Gu astakirtenak gaitun, zernahi sartzen ziguten.» «Bai, Herbert. Horixe dik onena, bai. Gixon xelebrea duk.» Administrazioak baimendutako salmenta, beraz azken prezioa, zer dela eta ordea, zer dela eta, pentsatu, pentsatu, euria.

        «Kontuz, Eva, ahoa itxita eduki bai, baina kontuz ibili ere bai. Zer pasatuko ote da, Pumstarrek susmoa hartzen badute? E?» «Hori duk, berehala pentsatu nian, ai ene, zergatik ote doa hara bere beso bakarrarekin.» «Komeni zaiolako. Baina kontu handiz ibili behar dinagu, eta Miezek ere bai.» «Esango zioat. Eta zer egin genezake?» «Franz hori begitik ez galdu.» «Amoranteak denbora utziko balio Miezeri.» «Bidal dezala ondotik.» «Ezkontzea aipatzen omen ziok.» «Ha, ha, ha. Utzidan arnasa hartzen. Zer nahi du ba? Eta Franzek?» «Hitz-jario hutsa duk, hitz-jarioan uzten ziok amoranteari, zergatik ez.» «Hobe din Franz zaintzea. Hura norbaiten bila zebilen Pumsen taldean, eta ikusiko dun, egunen batean hildako bat azalduko dun hemen.» «Jainkoarren, Herbert, ixo.» «Baina neska, ez din derrigor Franz izan behar. Mieze kontuz ibil dadila.» «Neu ere arduratuko nauk. Zera, hori askoz okerragoa duk politika baino.» «Ez dun ulertzen, Eva. Hau ezin din ulertu emakume batek, Eva, esaten dinat ba, Franz martxan zegon. Jotakean ari dun.»

        Eskumuinak, madame, bizitza menderatu zuen, arriskatu eta bere bizitzaz jabetu zen, hau da gero abuztua, ikusi, euria goian-behean.

 

        «Gugandik zer nahi duen? Esan dizuet, eroa zegok, baboa duk, esan zioat, bai jauna, eta gainera besobakarra, etorri eta gurekin jardun nahi dik. Nork eta berak.» Pumsek: «Eta berak zer dio?» «Zera: barre eta imintzio egiten dik, erabat baboa duk, nahasita zegok orduezkero. Gaizki aditu niola uste nian hasieran. Zer, esan nioan, beso bakarrarekin? Orduan hark barre-irudiz: Hara, zergatik ez, nahiko indar omen zeukak bestean, ikusi egin behar nukeela pisuak altxatzen, tiroka, baita arrastaka igotzen ere, behar izanez gero.» «Egia al da?» «Bost axola. Ez zaidak gustatzen. Holako bat nahi al dugu? Hi, Pums, horrek gurekin lan? Ezta ezta... Zakur-mutur hori ikusten diodanean, ez, motel.» «Hik hala badiok. Niri berdin zaidak. Joan beharra zeukaat, Reinhold, zurubi baten bila.» «Sendoa izan dadila, altzairuzkoa edo. Luzatzen dena edo biltzen dena. Eta Berlinen ez.» «Bazekiat.» «Eta txirrika. Hamburgen edo Leipzigen.» «Enteratuko nauk.» «Eta nola ekarriko dugu honaino?» «Utzi neure kontu.» «Orduan, esan bezala, ez diat Franz eramango.» «Reinhold, Franzi dagokionez, nik uste karga bat izango dela guretzat, baina gu ez gaituk horretaz arduratuko, hi heu konpondu berarekin.» «Egon hadi, hi, gustatzen al zaik hiri bere aurpegia? Pentsa: nik autotik behera bota eta hemen zetorrek, goraino, eta nik neure artean: ni burutik nagok, aurrean zeukaat, pentsa, hau duk astakirtena, eta dardarka, eta zertara etorri zait astakirten hau. Eta gero hor hasten duk barre-irudiz, arren eta arren gurekin aritu nahi duela.» «Nahi duan bezala konpon hadi berarekin. Utzidak joaten.» «Agian gu salatzekotan zebilek, hi.» «Hori ere balitekek, hori ere balitekek. Ba aizak, ahal dela bazterrean eduki ezak, hori duk onena. Aio.» «Salatu egingo gaitik. Edota iluntzen duenean, baten bati tiro eman.» «Aio, Reinhold, joan beharra zeukaat. Zurubia.»

        Biberkopf hori segapoto bat duk, baina zerbait nahi dik nigandik. Santu-papera ari duk egiten. Ni zirikatzen ala. Ba oso oker habil, ezer egin gabe egongo naizela uste baduk. Neuk botako haut muturrez aurrera. Pattarra, pattarra, pattanttun, eskuak bero pattanttun. Izeba Paula ohean, tomateak jan eta jan. Hari lagun batek omen dio esan. Horretarako nagok, Franz nire bizkar hartzeko, ez gaituk inbalidoentzako asegurua. Beso bakarra baldin badauka, joan dadila seiluak eranstera. (Gelan barrena dabil zirrin-zarran, loreei begiratzen die.) Eduki itzak loreontziak eta emaiok atso horri hilaren hasieran bi marko estra, hobe likek ura botako balie, a zer itxura, hondarra besterik ez. Txoro urdanga, ziztrin alferra, dirua xahutzen bakarrik zekik. Nik berotuko zioat bizkarra. Beste pattanttun bat. Hark irakatsi zidaan. Igual hartuko diat ondoan zarpail hori, eta ikusiko duk zer ondo, saiatzen bahaiz. Beldurra diodala uste ote du. Egon hadi horretan, txikito. Etortzea dik. Diru beharrik ez zeukak, holakorik ez zidak sartuko, hor zeukak Mieze eta beste muturzikin hori ere, Herbert harroputza, alu zikina, hantxe ukuilu erdian. Non ditut botak, ostikoka txikituko diat. Hator ene bihotz ondora, laztana. Hator honago, mutiko, penitenteen bankura, hemen diat penitenteen bankua, penitentzia egin dezaan.

        Eta bere gelan barrena dabil zirrin-zarran, ukituak ematen dizkie loreontziei, bi marko pagatu eta ez ziek urik ematen. Hoa penitenteen bankura, gazte, bejondeiala, etorri haiz. Armada Salbatzailera, hara ere eramango diat, Dresdener Strassera joan behar dik, penitenteen bankuan jesarriko diat, zerri begihandi, txorimalo, astoa, horixe duk, astoa, han aurrean jarriko duk, astoa, eta errezatuko dik, eta ni begira, lehertuko nauk barrez.

 

        Eta zergatik ez du penitenteen bankuan jesarri behar Franz Biberkopfek? Penitenteen bankua ez al da berarentzako lekua? Nork dio hori?

        Zer esan daiteke txarrik Armada Salbatzaileari buruz, nolatan hasi da Reinhold, eta gainera Reinhold, Armada Salbatzailea belzten, bera ere han izan zen behin eta, bai zera behin, gehiagotan, gutxienez bost aldiz jo du Dresdener Strassera, eta zer itxuratan, eta lagundu zioten. Zera, mingaina zintzilik zuela agertu zen, eta han konpondu zuten, ez noski honelako elementua izateko.

        Aleluia, aleluia, Franzek nabaritu du kantua, deia. Eztarrian zuen labana, Franz, aleluia. Bere lepoa eskaintzen du, bere bizitza bilatu nahi du, bere odola. Nire odola, nire barrena, azkenean kanpora zetorrek, luzea izan duk honainoko bidaia, Jauna, zaila izan duk, baina horra, hemen haut, zergatik ez ote nuen penitenteen bankuan jesarri nahi, lehenago etorri banintz, ai, hemen nauk, iritsi nauk.

        Zergatik ez du Franzek jesarri behar penitenteen bankuan, noiz helduko ote da une dohatsu hura, ahuspez etzateko ordua heriotza lazgarriaren aurrean, ahoa zabaldu eta kantatu ahal izateko beste askorekin batera:

        Etorri, bekatari, Jesusgana, ez egin zalantza, esnatu, gatibu, etorri argirantza, hor da zoriona, hor egia, sinetsi, eta izango duzu poz eta argia. Korua: Salbatzaileak dizkigu kateak hausten, Salbatzaileak dizkigu kateak hausten, eta garaipen-bidea guri erakusten, eta garaipen-bidea guri erakusten. Musika! Tronpetak, burrunba, txindaradada: kateak hausten, eta garaipen-bidea guri erakusten. Trara, trari, trara! Tirrin! Txindarada!

        Franzek ez du etsitzen, ez dio bere buruari bakerik opa, ez du kezkarik jainkoaz eta munduaz, mozkorra ematen du. Sartzen da Reinholden gelan Pumstarrekin batera, onartzen ez duten arren. Baina Franz joka hasten da, ukabila erakutsi, geratzen zaion bakarra, eta garrasika: «Ez badidazue sinesten eta uste baduzue gezurtia naizela eta salatu nahi zaituztedala, hor konpon. Zertarako behar zaituztet! Herbertengana edo beste edonorengana joan naitekek.» «Joan hadi ba.» «Joateko? Hi, memelo, esan beharra al daukak joateko. Ikusi nire besoa, hi, zapla bota nindian autotik Reinholdek, indarrean. Nik hori jasan eta orain hemen nagok, eta hik ez daukak esaterik joateko. Zuengana baldin banator eta zuekin hasi nahi dudala badiotsuet, jakin behar duzue nor den Franz Biberkopf. Oraindik ez dik inor saldu, galde ezak nahi hainbat. Bost axola zaidak zer pasatu zen, besoa akabo duk, ezagutzen zaituztet eta etorri nauk, horrexegatik, ea behingoz jabetzen haizen.» Errementari txikiak ez du oraindik ulertzen. «Zera bakarrik jakin nahi nikek, ea zergatik bat-batean gugana bildu nahi duan, lehen egunkariak saltzen ibiltzen hintzen-eta Alexen, eta orduan esan behar hiri gugana biltzeko.»

        Franz aulkian eroso jarri eta ez du ezer esaten luzaz, besteek ere ez. Zintzo jokatuko zuela egin zuen zin, eta ikusi duzue zintzo jokatu duela asteetan, baina hori atseden-une bat izan da. Arrastaka daramate gaiztakeriara, berak ez du nahi, gogor egiten du, gainez egiten dio, behartua dago. Luzaz daude, ezer esan gabe.

        Orduan Franzek: «Jakin nahi baduk Franz Biberkopf nor den, hoa Landsberger Alleeko kanposantura, han zegok bat. Lau urte egin ditiat itzalean horregatik. Nire beso onarekin egin nian. Gero egunkariak saltzen hasi ninduan. Zintzo jokatu nahian.»

        Hasperen egin, irentsi eta: «Horra nire oroigarria. Hura galtzean uzten dituk egunkari saltzeak eta bestelakoak. Horregatik etorri nauk.» «Beso berria eman beharko diagu, geuk hondatu genian eta.» «Ezin duzue. Max, niretzat aski duk hemen egotea eta Alex aldean ez ibiltzea. Ez zioat ezer egotzi Reinholdi, noizbait zerbait esan diodan galdeiok. Susmagarri baten alboan banengo autoan, neuk ere jakingo nikek zer egin. Baina ez dezagun gehiago hitz egin nire ergelkeriaz. Noizbait ergelkeria bat egiten baduk, Max, harekin zerbait ikastea opa diat.» Hala, Franzek kapela hartu eta badoa. Horra nola dauden gauzak.

        Barruan, bere buruari ttotta bat zerbitzatuaz sakelako ontzitik, Reinholdek dio: «Erabaki diat. Lehenago ere egin ditiat horrekikoak, eta berriro ere egingo ditiat. Hori aldamenean hartzea arriskutsua dela esango didazue. Baina, hasteko, barruraino zegok sartuta: putazaina duk, berak ere onartzen dik, bukatu zaiok zintzo jokatzea. Kontua duk: zergatik jo du gugana eta ez Herbertengana, laguna dik eta. Ez zekiat. Denetik pentsa litekek. Kontuak kontu, inozo ederrak gintuzkek, ez bageneki nola egin Franz Biberkopf jaun horrekikoak. Lasai has dadila gurekin. Alukerian hasten bada, muturreko ona hartzeko zegok. Argi zegok: etor dadila.» Eta bai etorri ere.

 

 

Franz lapur, Franz ez dago auto azpian,
barruan dago, kontent, lortu du

 

        Abuztu hasieran, gaizkile jaun izenekoak oraindik patxadan eta erreserban daude, atseden hartzen eta huskeriak egiten. Eguraldia on samarra denean, aditu eta profesionala dena behintzat ez da lapurretan edo lehia bizian hasiko. Hori negurako da, orduan irten behar da habiatik. Franz Kirschek adibidez, diru-kutxa lapur ezagunak, orain dela zortzi aste, uztailaren hasieran, ihes egin du beste batekin Sonnenburg espetxetik. Hain izen ederra eduki arren, Sonnenburg ez da oso egokia oporretarako, eta orain ederki suspertu da Berlinen, zortzi aste lasai antzean igaro ditu eta agian hasi da lanen batean pentsatzen. Baina konplikazio bat gertatu da, horrelakoa da bizitza. Justu tranbia hartu behar. Igotzen dira txakurrak, orain abuztu bukaeran, Reinickendorf-Westen, jaisten dute tranbiatik, eta akabo atsedena, ezin ezer egin. Baina beste asko daude kanpoan, astiro hasiko dira.

        Baina aurrena eguraldiaren berri ematera noa bizkor, Berlingo Metereologi Zerbitzu Publikoaren arabera. Hau da egoera, oro har: presio altuen mendebaleko guneak Alemania erdira zabaldu du bere eragina eta, oro har, eguraldia hobetu du. Presio altuen hegoko gunea desegiten ari da. Pentsatzekoa da, beraz, oraingo eguraldi hobetze honek ez duela iraungo. Larunbatean presio altuen guneak aginduko du oraindik ere, eta eguraldi on samarra izango dugu. Espainiaren goialdean sortzen ari den depresioak, nolanahi ere, eragina izango du igandean gure eguraldian.

        Berlinen eta inguruan: batean estalia, bestean oskarbi, haize ahula, tenperaturak pixkanaka gorantz. Alemanian: mendebalean eta hegoan hodeiak, gainerakoan hodeiak nahiz oskarbi, ipar-ekialdean apur bat haizetsu, apurka berriro epeltzen.

        Itxurazko eguraldi honekin jartzen dira mugimenduan Pumstarrak, tartean gure Franz ere bai, eta taldeari lotuta dauden andereñoak ere horren alde daude, alegia zaldunek hankak dantzatzearen alde, bestela andereñoek kale gorrira irten beharko baitute, eta hori ez dute nahi, guztiz beharrezkoa ez bada. Tira, lehenbizi merkatua aztertu behar, erostunak aurkitu, konfekzioak ez badu ematen, orduan larrukiekin hasi, andereñoek uste dute hori aitaren batean egiten dela, beti gauza bera dela, laster ikasten dela ofizioa, baina koiuntura okertzen denean lanez aldatzea, hori ez dute ulertzen, horretaz ez dakite.

        Pumsek errementari bat ezagutu du, oxigenozko soldagailuez dakiena, hau behintzat bildu diagu, porrot egin duen txorimalo bat ere bai, itxura elegantekoa, alproja alaenak ez dik lanik egiten, horregatik bota dik amatxok, baina amarru asko zekizkik, eta dendak ezagutzen ditik, edonora bidal dezakek, bazterrak miatu eta saio bat prestatzera. Pums jartzen zaie taldeko beteranoei eta: «Ez zeukaagu kezkatu beharrik konpetentzia dela eta, denean bezala zegok geure artean ere, elkarri ez zioagu galarazten. Baina ez badugu aukeratzen jende ona, ofizioa ezagutzen duena eta zer tresna dauden dakiena, orduan erabat atzean geratzen gaituk, noski. Litxarrerian hasi eta kito, horretarako ez dituk behar sei edo zortzi gizon, nork berea.»

        Orain konfekzio eta larrukien atzetik dabiltzanez, hankadun guztiak abian jarri eta denda egokiak aurkitu behar dituzte, inor galdezka hasi gabe gauzak salgai ipintzeko, polizia agertuko ote den beldurrik gabe. Posible da ebaki berri bat ematea, beste era batean jostea eta, azken aukera, jasota edukitzea ere bai. Lehenbizi, dendak aurkitu behar.

        Zinez, Pumsek komeriak ditu Weissenseeko estaltzailearekin. Hark bezala lan egiten duen batekin ezin da negoziorik egin. Bizi eta utzi bizitzen. Ondo. Baina joan den neguan galerak izan dituela ­omen!­, beretik jarri behar izan eta zorrak dituela eta gu olgetan ibili garela udan, hori guztia dela-eta guri dirua eskatzea eta lantuan hastea: gaizki espekulatu dik! Ba gaizki espekulatu badu astakirten hutsa duk, txorimalo exkaxa, piperrik ere ez zekik negozioei buruz, ez zaiguk komeni. Beste bat bilatu behar diagu. Egitea baino errazagoa da noski esatea, baina egin beharra dago, eta talde guztian gure Pums zaharra arduratzen da horretaz. Bitxia da baina, bazter guztietan mutilak ere arduratzen dira generoa zertan den, ostu hutsarekin ez dira asetzen; diru bihurtu behar da, baina esandakoa: Pumsenean denak nagi-nagi etzan eta esaten dute: «Hor zegok Pums, berak taxutuko dik.» Bai taxutu ere. Baina Pumsek ezin badu? Ha! Beti ezin du. Baliteke Pumsi ere zerbait pasatzea, pertsona bat besterik ez da. Orduan ikusiko zenukete, zer egin generoarekin, ikusiko zenukete lapurreta guztiak alferrik dituzuela. Gaur egun ez dago munduan ibiltzerik palanka eta soldagailuekin bakarrik, tratulari izan behar da.

        Horregatik, irailaren hasiera heltzen denean, Pums ez da soilik arduratzen oxigenozko soldagailuez, baizik eta ea nork hartzen didan generoa. Abuztuan hasi zen. Eta Pums nor den jakin nahi baduzu: bazkide komanditarioa da bost larruki-denda txikitan ­berdin dio nongoak­, eta dirua jarri du ere lisatze-denda pare batean, amerikarrak, erakusleihoan lisatze-mahaia dutenak, eta bertan jostun bat mahuka-hutsik, mahaia zabaldu eta bildu, lurrun artean, baina atzean daude janzkiak, hori da kontua, janzki kontua, eta nondik-nora dauden hemen galdetuz gero, ba bezeroenak direla, atzo ekarri zituztela lisatzeko eta ebaki bat emateko, hona hemen helbideak, eta txakur bat sartzen bada ikertzera, dena argi. Beraz, gure Pums jator lodiak antolatua dauka negua, eta esan dezakegu orain: aurrera. Zerbait pasatzen bada, inork ezin du den-dena antolatuta eduki; zorte pittin bat gabe ezin da, ez dezagun horregatik burua hautsi.

        Idatziari berriro lotuaz. Irailaren hasiera da beraz, eta gure arlote elegantea, animali hotsen imitatzaile ere badena ­alderdi hori ez dugu ezagutuko­, alprojaren izena Waldemar Heller da eta hobe luke izatea Bele-eder, zulo-mian ibili da Kronenstrassen eta Neue Wallstrassen, konfekzio-denda handietan, ea zer atera daitekeen. Ongi ezagutzen ditu sarrera-irteerak, aurreko atea, atzeko atea, nor bizi den goian, nor bizi den behean, nork ixten duen, non dauden kontroleko ordulariak. Pumsen bizkar doaz gastuak. Hellerrek, batzuetan, Posengo firma bateko eroslea balitz bezala azaltzen da, inguruan kokatu berria; zera, jendeak Posengo firma horren xehetasunak jakin nahi ditu aurrena, ondo, aurrera, zuen sabaia zer altueran zegoen ikusi nahi nuen, hurrengoan goitik behera sartuko gara.

 

        Ekintza honetan, larunbat gauetik igandera, lehen aldiz hartzen du parte Franzek. Lortu du. Autoan eserita dago Franz Biberkopf, denek dakite zer egin behar duten, berak ere bere lana du. Dena egituratua dago, beste bat egongo da zelatan, hots: berez ez da zelatan egotea, bart gauean hiru mutil sartu dira goiko moldiztegian, zurubia eta soldagailuak kutxatan igo eta paper-meten atzean gorde dituzte, batek autoa eraman du, hamaiketan besteei atea ireki, etxeko inortxo ere ez da ohartu, bulegoak eta dendak baino ez dira. Orduan bake-bakean ekiten diote lanari, bat beti leihoan, kanpora begira, bestea patiora begira, orduan hasten dira soldagailuekin lurrean, metro karratu erdi bat, ari da errementaria, betaurreko babesleak jantzita. Zoruan barrena azpiko sabaia zeharkatu dutenean, kirrinka entzun da behean, burrunba, baina ez da ezer, erori diren estuko puska handiak dira, beroak sabaia zartatzen du, lehenbiziko zirrikitutik zetazko aterki fin bat sartu eta hara erortzen dira zatiak, gehientsuenak bai, denak ezin dira atzeman. Baina ez da ezer gertatzen, behea ilunpe bizian dago, isil-isilik.

        12etan sartzen dira, lehenbizi Waldemar elegantea, lokala ezagutzen duenez. Sokazko zurubitik jaisten da katuaren antzera, lehenbiziko aldia du hori egiten, ez dauka beldurraren arrastorik ere, horrelakoak dira txoriburuak, horiek dute zorterik handiena, dena okertzen den arte, noski. Eta gero beste batek jaitsi behar du, altzairuzko zurubiak 2 metro eta erdi bakarrik ditu, ez da sabaira iristen, behean mahaiak arrastaka eraman, gero zurubia astiro jaitsi, goiko mahaian ipini eta aurrera. Franz goian geratu da, tripaz behera etzanda zuloaren gainean, arrantzale baten antzera besoarekin heldu besteek luzatutako oihal pilei, eta atzeko lagun bati pasatzen dizkio. Franzek indarra du. Errementariarekin behean dagoen Reinhold ere harrituta dago Franzen trebeziarekin. Xelebrea da, besobakar batekin lapurreta egitea. Garabi batek bezala heltzen du besoarekin, sekulakoa, ikusteko txirrika. Ondoren saskiak jaisten dituzte. Nahiz eta beste bat ere erne dagoen patio irteeran, Reinholdek patruila egiten du. Bi ordu, dena ederki zoak, zaindaria etxean zehar zebilek, ez iozue ezer egin, ez duk ezertaz jabetuko, txoroarena huke jasotzen duen sos apurren trukean bere burua hiltzen uztea, ikusten, alde egin dik, hori bai gizona, billete bat utziko zioagu kontroleko erlojuaren azpian. Ordu biak beraz, ordu bi t'erdietan da autoa etortzekoa. Bitartean goikoak bapo ari dira gosaltzen, pattar gehiegi ez baina, gero zaratarik ez egiteko, eta horra ordu bi t'erdiak. Gaur Pumsen taldean bi gizonek egin dute beren lehenbiziko azioa, Franzek eta Waldemar eleganteak. Biek txanpon bat bota eta Waldemarrek irabazi du, zigilua ipini behar dio gaurko saioari, berriro zurubitik jaitsi, larrutu duten biltegi ilunera, makurtu, galtzak beheratu eta lurrean uzten du urdailean daramana.

        Eta hiru t'erdiak aldera hustuketa amaitzean, beste lapurreta bat egiten dute, sekula ez diagu izango orain bezalako sasoirik, eta auskalo noiz ikusiko dugun elkar berriro Spree ertz berdean. Dena poliki eta dotore. Itzuleran zakur bat harrapatzen dute ordea, hori ere haiexei gertatu behar, Pums aztoratu, jakina, zakur-zalea delako, eta errieta egiten dio errementariari, hura doa txofer, tutua jo behar zuen, lizentzia pagatu ezin dutelako bota ditek ttotto hori kalera, eta hik zer eta bertan hil. Reinhold eta Franz barrez lehertzen dira, zaharrak halako zalaparta armatu duelako txakur txoro batengatik, hau pitzatuta zegok. Txakur gorra zuan, jo diat tutua, bai, behin, eta noiztik daude txakur gorrak, txo, atzera joan eta erietxera eraman behar ote dugu, utz itzak berriketak, kontuz joan hadi, ezin diat holakorik jasan, suerte txarra ekartzen dik. Franzek errementaria saihetsean jo eta: hori katuekin izaten duk. Denak barre-zantzoka.

 

        Eta bi egunetan Franzek ez du ezer esaten etxean, gertatu denari buruz. Pumsek ehuneko bi bidaltzen dizkionean, eta behar ez baditu ba bueltatzeko, Franzek barre egiten du, beharko ez ditu, besterik ez bada Herberti emateko Magdeburgekoagatik. Eta norengana doa, nori egiten dio zelata etxean, nori baina, nori, e, nori ordea? Norentzat, norentzat gorde dut nire bihotz garbia? Norentzat, norentzat, hiretzat bakarrik, gaur gauean etorriko zaidak zoriona, gonbidatzen haunat nik, gaur gauean zin egingo dinat, gu biok elkarren ondoan bakar-bakarrik. Miezeken, Miezeken maite, mazapanezko emaztegai baten moduan, urrezko zapatatxoekin, hortxe hago zain, hire Franzek zer berriketa darabil poltsarekin. Belaun artean eutsi eta ateratzen du handik dirua, bi billete, eta luzatzen dizkio, jartzen ditu mahai gainean, Miezeri distiraz begira, berak bakarrik dakien goxotasunez, ume handia, eta hatzak heltzen dizkio, zer hatx mehe polittak!

        «Eta, Mieze, Miezeken?» «Zer, Franz?» «Ezer ez; hi ikusteaz pozten naun.» «Franz.» Nola begiratzen didan, nola esaten duen nire izena. «Pozten naun eta kitto. Zera, Mieze, hori dun bizitzak duen gauza xelebrea. Ni ez naun besteak bezalakoa. Haiek ondo zebiltzan, batera eta bestera oinez eta korrika eta irabazten eta dotore janzten. Ni... ni ezin naun hola ibili. Nik begitu egin behar zionat nire arropari, txamarrari, mahukari, besoa falta zaidan.» «Franzeken, hi haiz ene Franzeken laztana.» «Bai, baina ikusi, Miezeken, gauza hola zegon, eta nik ez dinat aldatuko, inork ezin din aldatu, heurekin eraman behar dun begi-bistan.» «Tira, Franzeken, zer duk baina, ni hemen naukak, eta oso ondo habil, ez hadi berriro horrekin hasi.» «Ez naun hasiko. Horrexegatik ez naun hasiko.» Eta behetik egiten dio irribarre aurpegi aldera, zer aurpegi leun zuzen liraina eta zer begi eder biziak dauzkan neskak: «Ikus itzan mahai gaineko billeteak. Irabazi egin ditinat, Mieze... hiretzat opari.» Hara bestea. Zer mutur jarri dun, zer ba, ikustan dirua, ez din hozka egiten, diru ederra. «Heuk irabazi al duk?» «Bai, horra, neska, lortu dinat. Lan egin behar dinat, bestela akabo naun. Bestela nireak egin din. Ez inori kontatu, Pumsekin eta Reinholdekin ibili naun, larunbat gauean. Ez ezer esan Herberti eta Evari. Zerbait entzuten badute, haiekikoak egin ditinat.» «Nondik atera duk?» «Lapurreta batetik, xagutxo, esan dinat ba, Pumsekin, zer dun baina, Mieze? Hiretzat opari. Emango al didan muxu, e, zer esaten didan?»

        Hark kolkoan dauka burua, gero masaila Franzenean jarri, musu eman eta haren kontra estutzen da, ezer esan gabe. Ez dio begiratzen: «Niretzat opari?» «Bai, emakumea, norentzat ba?» Hau duk hau neska, zenbat berriketa. «Zergatik... eman nahi didak dirua opari?» «Ez al dun ba nahi?» Hark ezpainak mugitu, beraren ondotik baztertu, eta orain igartzen dio Franzek: harako hartan bezala zegon, Alexen, Aschingerretik zetozela, zuritzen ari duk, zorabiatzera zoak. Esertzen da aulki batean, mahai-zapi urdinari begira. Motellak, antzemaiek emakumeei. «Neska, ez al dun nahi, nik neukan poza eta, zera, bidaje bat egin genezaken, hi, nonbaitera.» «Egia, Franzeken.»

        Eta burua mahaiaren kantoian ipini eta negar egiten du, Miezek negar egiten du, zer arraio gertatzen zaio neska honi orain? Franzek lepondoa laztandu eta oso samur ari zaio, oso jator, norentzat, norentzat gorde dut nire bihotza garbi, norentzat, norentzat bakarrik. «Aizan, Mieze, bidaje bat egin genezake, ez al dun nahi, ez al dun nahi nirekin joan?» «Jakina», eta orduan jasotzen du burua, aurpegitxo goxo leuna eta hauts guztia pasta bat eginik malkoekin, eta ipintzen du beso bat Franzen lepo inguruan eta estutzen du bere aurpegitxoa harenean, eta gero bizkor askatzen du, zerbaitek hozka egin balio bezala, eta mainaka hasten da berriro mahaiaren kantoian, baina ez zaio igartzen, isil-isilik dago neska, inongo aztarnarik gabe. Orain ere kale egin ote dut, honek ez dik nahi nik lan egiterik. «Tira, altxa ezan burutxoa, tira, burutxo txiki hori, zergatik ari haiz negarrez?» «Zer nahi duk, zer nahi duk», baztertzen da bizkor, «nigandik libratu, Franz?» «Baina neska, jainkoaren izenean.» «Ez al duk hala nahi, Franzeken?» «Jainkoaren izenean, ez horixe.» «Orduan zer habil ba; ez al dut nahikoa irabazten; nahikoa irabazten diat.» «Mieze, nik hiretzako opari bat besterik ez dinat nahi.» «Ba ez diat nahi.» Eta berriro ipintzen du burua mahaiaren kantoi gogorrean. «Ta? Ezer egin gabe egon behar al dut? Ezin naun hola bizi.» «Nik ez diat halakorik esan, baina ez daukak diruagatik aritu beharrik. Ez diat batere nahi.»

        Eta Miezek bizkarra tentetu, besarkatu bere Franz eta begiratzen dio aurpegira bozkariotsu eta tar-tar esaten dizkio sekulako txorakeria goxoak eta arren eta arren: «Ez diat nahi, ez diat nahi.» Eta zergatik ez du Franzek ezer esaten zerbait nahi badu, baina neska, nik bazeukanat, ez dinat ezer behar. «Eta ezer egin gabe egon behar al dut?» «Neuk egingo diat, zertarako nago ni bestela hemen, Franzeken.» «Baina ni... ni...» Miezek besarkatzen du. «Ai, ez hadi nire ondotik joan.» Eta tar-tar mintzatu eta musu eman eta goxatzen du: «Bota ezak, emaiok Herberti, Franz.» Franz zoriontsu dago neskaren ondoan, oso azal fina du, ezin dio ezer erantzun, txorakeria izan da Pums aipatzea, jakina, ez dik horretaz ezer ulertzen. «Hitzemaidak, Franz, ez duala gehiago egingo.» «Ez dinat egiten diruagatik, Mieze.» Eta orduan oroitzen da Mieze lehen aldiz, Evak esan dionaz, alegia Franz zaintzeko.

        Ari da jabetzen, egia da Franz ez dela diruagatik ari, eta arestiko besoarena, beti ari da besoaren kontuarekin. Eta diruaz dioena ere halaxe da, hari ez zaio batere axola, berak ematen dio behar adina. Pentsa eta pentsa eta besoetan dauka.

 

 

Maitasunaren penak eta pozak

 

        Eta Franzek musukatu ondoren kalera doa, Evarengana. «Franzek berrehun marko ekarri zizkidan. Ba al dakin nondik? Beste hoiengandik, badakin.» «Pums?» «Bai, berak esan zidan; zer egin behar dut?»

        Evak Herberti deitzen dio, Franz larunbatean Pumsekin ibili zen. «Esan al du non?» «Ez, baina zer egin behar dut?» Herbert harrituta dago: «Hori dun hori, haiekin bat egin din.» Evak: «Hik ulertzen al duk, Herbert?» «Ez. Latza dun.» «Zer egingo dugu orain?» «Bakean utzi. Dirua inporta zaiola uste dun ala? Horra, esan ninan. Hori zuzen-zuzen zoan, laster izango dinagu bere berri.» Evak aurrean dauka Mieze, berak Invalidenstrassetik jasotako putatxo zurbila; oraintxe oroitzen dira, non ikusi zuten elkar lehen aldiz: Baltikum Hotelaren ondoko tabernan. Eva hantxe dago eserita abarkadun batekin, ez du haren beharrik baina halakoxe ibilerak gustatzen zaizkio, eta bertan daude beste neska asko eta hiru edo lau mutil. Eta hamarretan tipi-tapa sartu polizia-patruila, eta denak Stettin geltokiko polizia-etxera, ilaran jarrita, zigarroak mokoan, kopeta harro. Aurrean eta atzean doaz txakurrak, Wanda Hubrich mozkor zaharra buruan, jakina, eta gero hango iskanbila, eta Mieze, Sonja zotinka Evari, orain dena jakingo delako Bernaun, gero poliziako batek Wanda mozkorrari eskuko zigarroa jo eta kendu, eta hura bakar-bakarrik doa ziegara eta danba itxi eta biraoka hasten da barrutik.

        Evak eta Miezek elkarri begiratzen diote, Evak akuilatzen du: «Orain erne ibili beharko dun, Mieze.» Miezek erregutzen dio: «Zer egin behar dut ordea?» «Heure gizona dun, norberak bakarrik zekin zer egin.» «Nik ez zekinat.» «Ez ezan behintzat negar egin, neska.» Herbertek irribarre egiten dio: «Baietz ba, mutil horrek balio din, eta pozten nain hasi delako, bazeukan planen bat, axeri ona dun.» «Ene, Eva.» «Ez ezan negar egin, negarrik ez, neska, ni ere erne ibiliko naun.» Hik ez dun Franz merezi. Ez horixe, hainbeste umekeria. Zer ari da ordea negarrez tuntun padera hau, zuntzuna. Belarri-ixkinako bat emango zionat oraindik.

 

        Tronpetak! Hasi da gudua, erregimentuak martxan doaz, trara, trari, trara, artilleria eta zalditeria, eta zalditeria eta infanteria, eta infanteria eta hegazkineria, trari, trara, hor dugu etsaiaren herria. Orduan Napoleonek esan zuen: Aurrera, aurrera, zalantzak utzita, gaina dago lehor, azpia bustita. Lehortzen denean azpia, konkistatuko dugu Milan 'ta, izango duzue saria, trari, trara, trari, trara, aurrera joanda, laster helduko gara, oi zer poza, soldadu izanda.

 

        Miezek ez dauka luzaroan negar egin eta hausnartu beharrik bere zereginaz. Bere kasa datorkio. Hor dabil Reinhold bere etxean, bere lagun dotorearekin, Pumsek salmentarako finkatu dituen dendak ikuskatzen, eta pentsatzeko denbora ere badauka. Erabat aspertzen da idiskoa, horrek ez dio mesede egiten. Diruak ez dio mesede egiten, eta zurrutak ere ez dio on egiten, baina hobeto dabil, tabernan atzera eta aurrera, entzuten, lanean eta kafea edaten. Eta orain, Pumsengana edo beste noranahi doanero, han du beti mutur aurrean Franz, zozo hori, lotsagaldu hori, bere beso bakarrarekin, kokotsa gora duela eta oraindik ez du nahikoa jaso eta santuarena egiten, astakirten hori eltxo bati ere kalte egiteko gai ez balitz bezala. Baina bi eta bi lau diren bezala, zerbait nahi dik nigandik. Eta zital hori beti alai zegok, eta ni non egon eta non lan egin, han duk bera ere. Zera, gauza argitu beharra zegok. Gauza argitu beharra zegok.

        Baina zertan dabil Franz? Hura? Zer ibiliko da ba? Munduan zehar, izan litekeen patxada eta bake ederrenean. Mutil horri zernahi eginda ere, beti zutik geratzen da. Badago horrelako jendea, ez askorik, baina badago.

        Potsdamen, hor Potsdam aldean bizi zen, gero hilotz bizia esaten ziotena. Hura ere apareju ederra. Bornemann izeneko hark erabat hondoa jota eta zuloan usteltzen 15 urte zeramatzala, hanka egin zuen handik, berez ez zen Potsdamen, Anklamen zen, auzoaren izena Gorke zen. Gure Bornemann paseatzen dabilela Neugarden, hor non topatzen duen hildako bat uretan, Spreen, eta Neugard, alegia Neugardeko Bornemann jartzen da eta: «Ni hilda nagok», joan harengana, hartu haren paperak, eta orain bera hilda dago. Eta Bornemann andreak: «Zer egin nezake? Ezin besterik egin, hilda dago, nire senarra ote, bueno, eskerrak hala den, ez da galera handia, holako bat zertarako, bizitzaren erdia itzalean, akabo kalteak.» Baina Jauna, ai ene Jauna, hura ez da mundutik joana. Anklamera etorri, eta ura gauza ederra konturatu berri denez, eta urari gustua hartu dionez, arrain-saltzaile bihurtzen da, arraina saltzen du Anklamen eta Finke du izena. Jada ez dago Bornemannik. Atzeman zuten, halere. Nondik-nora jakiteko, ez altxa aulkitik.

        Nork eta bere alabaordeak etorri behar lanera Anklamera, zera, mundua hain zabala izanik, Anklamera heldu eta topo egiten du arrain piztuarekin, han 100 urte daramatzan Neugardtarrarekin, eta bitarte horretan neska koskortu da eta etxetik ihes egin du, aitak ez du ezagutu, baina hark bai. Eta esaten dio: «Aizu, ez al zara zu gure aita?» Berak orduan: «Hara bestea, burutik al zaude?» Eta alabak sinesten ez dionez, deitzen dio bere emazteari eta bere, alajaina, bost umeei, haiek ere hala diote: «Finke da, arrain-saltzailea.» Otto Finke, herriko guztiek dakite. Guzti-guztiek dakite, Finke du izena, bestea, hil zena, Bornemann zen.

        Baina alaba lehenean da, ez diote ezer frogatu. Badoa neska, zer pasatzen ote da emakume baten ariman, haizea gogotik goiko ganbaran. Idazten dio gutun bat Berlingo poliziari, 4 a sailari: «Hainbat aldiz egin ditut erosketak Finke jaunarenean, baina ni bere alabaordea naizen arren, berak ez du aitortzen nire aita denik eta nire ama engainatzen du, bost ume baitauzka beste batekin.» Azkenean umeek izenari eutsi ahal izan zioten, baina deitura izorra hadi. Orain Hundt dira, dt-rekin, amaren deitura, eta bat-batean sasikoak dira denak, haiei buruz dio Kode Zibilak: Sasikumea eta aita ez dira senide.

        Eta Finke horrena bezalakoxea da zuen Franz Biberkopfen bakea eta sosegua. Gizonari piztia batek eraso eta besoa kendu zion hozka, baina berak aurre egin zion, eta hura ketan eta sutan eta atzean zelatan dauka. Franzekin dabilen inork, batek izan ezik, ez du ikusi nola egin dion aurre piztiari, eta hura zelatan eta ketan eta atzean sutan dauka. Franz tinko dabil, buru handia tente. Nahiz eta ez duen ezer egiten besteen antzera, begiak argi dauzka. Baina besteak, Franzek oraindik ezer egin ez dionak, galdetzen du: «Zer nahi du? Zerbait nahi dik nigandik.» Besteek ikusten ez duten guztia dakusa, eta guztia ulertzen du. Ez litzaioke inporta behar Franzen lepondo gihartsua, ibilera tinkoa, lo lasaia. Baina inporta zaio, ezin da geldi egon. Erantzun beharra dauka. Nola?

        Hala nola haize-boladak atea zabaldu eta irteten den esparrutik lasterka abere-andana bat. Hala nola euliak lehoia zirikatu eta hark ekiten dion bere atzaparrekin eta orro izugarriak egiten dituen.

        Hala nola zaintzaileak giltza txiki bat hartu, sarrailari jira txiki bat eman eta ateratzen den kanpora gaizkile-saldo bat, eta zabaltzen da hilketa, heriotza, lapurreta, hondamena, sarraskia.

 

        Reinhold hara eta hona dabil etxean, Prenzlauer Torreko tabernan, horretaz pentsatzen, horretan, horri buruz, horren gainean. Eta egun batean, dakienean errementariarekin dagoela Franz, plan berri bat jorratzen, ea zer irteten den, bera Miezegana doa.

        Eta hark lehenbiziko aldiz dakusa gizona aurrez aurre. Ez zeukan zer ikusi handirik, Mieze, arrazoi dun, ez din itxura txarrik mutilak, apur bat tristea, makala, apur bat gaixo ere bai, horixka. Baina ez zegon txarki.

        Baina begiraion arretaz, emaion hire eskutxoa eta barnera hadi, aurrera, bere aurpegian. Aurpegi hori, Miezeken, garrantzitsuagoa dun hiretzat beste aurpegi guztiak baino, garrantzitsuagoa Evarena baino, garrantzitsuagoa hire Franzeken maitearena baino ere. Eskaileran gora zetorren orain, eta beste egunak bezalakoxea dun gaurkoa, osteguna, irailak 3, ikusi, ez dun ezer nabari, ez dakin ezer, ez dion igartzen hire patuari.

        Baina zein da, Mieze txiki Bernautarra, hire patua? Osasuna daukan, dirua irabazten dun, Franz maite dun, eta horregatik datorkin eskaileran gora eta jartzen zain aurrean eta laztantzen din eskua Franzen patuak eta ­orain bai­ hirea ere badun. Ez dion aurpegira arretaz begiratu beharrik, eskura bakarrik, bi eskuetara, larru grisezko bere esku arrunt horietara.

        Reinhold apain etorri da, eta Miezek hasieran ez daki nola jokatu, Franzek bidali ote duen, edo Franzen tranpa bat ote den, baina bai zera. Reinholdek zera dio, Franzek ez duela jakin behar etorri denik, hura oso sentibera dela eta. Miezerekin hitz egin nahian etorri da, besoko zorigaitz hori duela benetan zaila da Franzekin aritzea, eta denen galdera da ea hark hainbesteko premia daukan lan egiteko. Mieze azkarra da baina, eta badaki, Herbertek dioenez, Franzek zer nahi duen, eta diotso: Ez, dirua baldin bada arazoa, premia handirik ez dauka, badu jendea laguntzen diona. Baina agian ez du aski, gizonak lan egin nahi izaten du. Orduan Reinholdek: ederki, egin dezala. Lan hori zaila da ordea, ez da lan normala, bi beso on dituzten guztiek ere ezin dute hartan jardun. Zera, honetaz eta hartaz aritzen dira, Miezek ez daki argi hark zer nahi duen, orduan Reinholdek mesedez eskatzen dio koñak bat emateko: berak egoera ekonomikoaren berri besterik ez zuen jakin nahi, eta hori horrela bada, orduan arreta berezia eskainiko diote beren lankideari, jakina. Eta beste koñak bat edan ostean, galdetzen du: «Ezagutzen al nauzu, Fräulein? Ez dizu nitaz ezer esan?» «Ez», diotso neskak, zer nahi ote du honek, nahiago niken Eva hemen balego, hark nik baino mingain hobea din elkarrizketa hauetarako. «Aspaldiko ezagunak gara Franz eta biok, artean ez zebilen zurekin, beste batzuk zituen, Cilly.» Asmo hori ote du, nire aurrean Franz gaizki jartzea, hitzontzi horietako bat dun. «Ta zergatik ez zuen beste batzuekin ibili behar. Neu ere beste batekin ibilia naiz, eta halere Franz neure gizona da.»

        Erabat lasai daude parez pare eserita, Mieze aulkian, Reinhold sofan, biak patxadan. «Izango ez da ba zeure gizona; baina Fräulein, ez ahal duzu behintzat usteko galarazi nahi dizudanik, horretarakoxe nago. Kontu xelebre batzuk izan genituen berak eta biok, ez dizu ezer kontatu?» «Kontu xelebreak, zer-nolakoak?» «Oso xelebreak, Fräulein. Zerbait esango dizut garbi: Franz gure taldean egotea, hori nire esker da, nire esker bakarrik eta gorabehera hoiengatik; beti bat eginda ibili gara, denean. Makina bat kontu xelebre banituzke zuri kontatzeko.» «Hara. Baina aizu, ez al daukazu aurreagoko lanik, hemen eseri eta kontu-kontari hastea baino?» «Fräulein, Jainkoak ere hartzen du batzuetan egun bat jai; gizakiok bi hartu behar ditugu gutxienez.» «Hiru ere hartuko dituzu zuk.» Barre egiten dute biek. «Ez zara gaizki ari; nik indarrak aurrezten ditut, nagitasunak bizitza luzatzen du, bestela indar gehiegi xahutzen da.» Miezek barre egin eta: «Aurrezten hasi beharko dut.» «Hori da arrazoia, Fräulein. Pertsonak, diren bezalakoak dira. Zera, Fräulein, Franz eta biok emakumeak trukatzen ibili gara beti, zer iruditzen zaizu?» Eta burua saihestu, bere edalontziari txurrut egin eta zain geratzen da, ea zer dioen txikiak. Ederra neska, laster gureganatuko diagu, lehenbizi hankan atximurra.

        «Emakumeak trukatzearena, sarriozu beste bati. Errusian egiten omen dute hori, zu hangoa izango zara, hemen ez dugu ohiturarik.» «Ba nik baietz diotsut.» «Ba txorakeria galanta.» «Franzek esango dizu.» «Emakume ederrak izango ziren, berrogeita hamar pfennigekoak, zer, asilokoak, ezta?» «Ixo kontu horrekin, Fräulein, gu ez gara hola ibiltzen.» «Aizu eta, zergatik ari zara niri berriketan? Zer asmo dituzu nirekin?» Begiraiok atxo honi. Baina polita duk, Franz maite dik, hori ondo zegok. «Ezer ez, Fräulein, zer asmo edukiko ditut ba. Zera, informazio pixka bat biltzea (atxo txiki, Pankow, Pankow, kili-kili ufalatx), Pumsek berak agindu dit, bueno, despeditzera noa, etorriko zara noizbait gure elkartera?» «Han ere horrelako istorioak kontatzen badituzu.» «Ez da hainbesterako, andereño, dena zenekiela uste nuen. Bueno, negozioak direla eta. Pumsek esan du, zugana etortzen banaiz diruarena eta galdetzera, Franz hain sentibera dagoenez bere beso bakar horrekin, ba zuk hari ezer ez esateko. Ez dauka jakin beharrik. Etxean galdetuz ere jakin nitzakeen kontuak, baina neure artean pentsatu dut, zertarako ezkutuan ibili. Zu goian egonik, hobe dut zuzen-zuzen zugana etorri eta galdetzea.» «Ez diot ezer esan behar?» «Ez, hobe da. Bueno, tematzen baldin bazara ezin dugu kontra egin. Nahi duzuna. Bueno, adio.» «Ez, eskuinean dago irteera.» Bikaina emea, baietz zera egin, nahi nikek.

        Hala, Miezeken txikiak etxeko mahaian ez du ezer ikusi ez antzeman eta pentsatzen dago, pattar edalontzia aurrean duela... bai, zer pentsatzen du, lehen zerbait pentsatu du, orain edalontzia darama, ez zekinat. Aztoratua nagon, erabat aztoratu nain beste zera horrek, dardara batean nagon. Hoiek istorioak kontatzen ditin. Zera nahi zinan, zer nahi ote zuen. Begiratzen dio edalontziari, armairukoari, eskuineko azkenari. Dardara batean nagon, eser nadin, ez, sofan ez, hor etzan dun zabal-zabal, aulkian. Eta esertzen da aulkian, begiratzen du hura eseri den sofara. Izugarri aztoratua, zer da hau ordea, bi besoak eta bularra, dena dardarka. Franz ez dun hain zerria, emakumeak trukatzen hasteko adina. Beste zera horrek, Reinhold horrek baliteken, baina Franzek... inuxentetzat hartuko zitenan, egia baldin bada.

        Azazkalei hozka ari da. Egia baldin bada; baina Franz inuxente xamarra dun, beraz baliatzen uzten zien. Horregatik bota zitenan autotik. Holakoxe kideak zeuzkan. Holakoxe elkartean zebilen.

        Azazkalei hozka eta hozka ari da. Evari esan? Ez zekinat. Franzi esan? Ez zekinat. Ez zionat inori esango. Hemen ez dun inor izan.

        Lotsatzen da, ipintzen ditu eskuak mahaian, hozka egiten dio hatz erakusleari. Alferrik dun; sutan zeukanat lepoa. Horixe bera egingo zidaten niri gero, ni ere salgai jarri.

        Organo-hotsa entzuten da patioan: Bihotza galdu dut Heidelbergen. Nik ere bai, bihotza galdu dinat, orain papo, aieneka ari zaio magalean, akabo, ez dinat besterik, zer egin, eta adarra jotzen badidate ere, ezin ezer egin. Baina nire Franzek ez din hori egiten, ez dun errusiarra, emakumeak trukatzea, a zer txorakeria.

        Leiho zabalduan dago, lauki urdineko mantala darama eta organo-jotzailearekin ari da kantari: Bihotza galdu dut Heidelbergen (elkarte gaiztoa dun hori, ondo ari dun denak garbitu nahian) udako gau epel batean (noiz ote dator etxera, eskailerara irtengo natzaion). Maiteminez nengoen hil hurrean (ez zionat txintik esango, ez naun hasiko itsuskeria hoiekin, txintik ez, txintik ez. Asko maite dinat. Tira, blusa janztera noan). Bere ahoak barre egin du arrosaren antzean. Eta despeditu garenean ate aurrean, azken muxuan ohartu naiz argi (Eta egia dun Herbertek eta Evak diotena: zerbaiten susmoa zeukaten, eta nigandik jakin nahi diten egia ote den, ba egotea diten lasai, ni baino tuntunagoa bilatu beharko diten), bihotza galdu dudala Heidelbergen, ene bihotza, Neckar ertzean taupaka ari.

 

 

Uzta bikainaren itxaropena,
baina baliteke kalkulu okerra izatea

 

        Munduan zehar dabil, ibili eta ibili, ibili eta ibili, patxada eta bake ederrean. Mutil horri zernahi eginda ere, beti zutik geratzen da. Badago horrelako jendea. Bazen bat Potsdamen, Anklameko Gorken, Bornemann zuen izena, kartzelatik alde egin eta Spreera heltzen da. Norbait dabil uretan.

        «Ea hitz-aspertu bat, Franz, nola da ba, zer izen du ba hire andregaiak?» «Mieze, badakik, Reinhold, lehen Sonja zuan.» «Ez duk askorik erakusten. Gure aldean finegia, nonbait.» «Aizak, ni ez nabilek zirkuan hura erakusten. Kalean aritzen duk. Babesle bat zeukak, poliki irabazten dik.» «Erakutsi behintzat ez duk egiten.» «Zer esan nahi duk erakutsi, Reinhold. Neskak lana zeukak.» «Ekartzak noizbait, polita omen duk.» «Agian.» «Ikusi nahi nikek, ez duk nahi?» «Zera, Reinhold, lehenago ere tratuan ibiliak gaituk, zera, botekin eta larruzko lepokoekin.» «Kontu hoiek bukatu dituk.» «Bai, bukatu dituk. Ez nagok berriro zerrikeriatan hasteko.» «Lasai, motel, galdera besterik ez zuan.» (Bilaua, beti zerrikeriatan, beti zerrikeria kontuak. Egon hadi ba, txikito.)

        Bornemann ibaira iritsi zenean, hildako fresko bat zegoen urean. Bornemannen buru barruan argitxo bat piztu zen segituan. Atera zituen sakelatik agiriak eta sartu zizkion hari bereak. Hori dena kontatu dugu lehen, baina oroitzeko aipatu dugu hemen. Orduan arbola bati lotu zion hilotza gogor, igeri joan ez zedin eta aurki zezaten hor. Joan zen berehala tren estuan Stettinera, hartu billetea, eta iristen denean Berlinera deitzen dio taberna batetik ama Bornemanni, bizkor etortzeko, norbait zain zeukala eta. Dirua eta arropa ekarri gogoz, semeak zerbait xuxurlatu eta joan behar izan zuen, ondikoz. Amak hilotza identifikatuko zuela, semeak dirua bidaliko ziola, lortzen bazuen, baina zerori saiatu. Orduan bizkor segitu zuen ihesean, gorpua beste norbaitek aurki ez zezan.

        «Horixe bakarrik jakin nahi nian, Franz, asko maite duk.» «Utz itzak neska kontuak eta berriketak.» «Galdera hutsa zuan. Ez diat kalterik egin.» «Ez, ez didak kalterik egin, Reinhold, baina hi, hi oraindik alproja bat haiz.» Franzek barre egiten du, besteak ere bai. «Eta hire txikia zer, Franz. Benetan ezin al didak erakutsi?» (Hi haiz harpa-jolea, Reinhold, ni autotik behera bota eta orain hemen hator.) «Baina hik zer nahi duk, Reinhold?» «Ezertxo ere ez. Huraxe ikusi besterik ez.» «Zer ikusi nahi duk, nahi ote didan? Ba entzun ezak ondo, burutik hasi eta oinetaraino bihotz osoa duk, niretzako bihotza, neska hori. Maitasuna eta xamurtasuna besterik ez ditik ezagutzen. Zera, Reinhold, ezin duk imajinatu ere egin, zer zoratua dagoen. Ezagutzen duk Eva, ezta?» «Bai, noski.» «Ba Miezek nahi dik hark... ez, ez diat esango.» «Zer da, esaidak.» «Ez, harrigarria duk, baina holakoxea duk, ez duk inoiz halakorik entzun, Reinhold, nire atzera-aurrera guztietan sekula ez zitzaidaan gertatu.» «Zer? Evarekin?» «Bai, ez ezak tutik esan, zera nahi dik Miezek: Evak ume bat izatea nirekin.»

        Danba. Biak eserita daude, elkarri begira. Franzek bere izterra jo eta algara batean hasten da. Reinholdek irribarre egin, irribarre egiten hasi baina bertan gelditzen da.

        Hala, beste zerak Finke du izena, badoa Gorkera, arrain saltzera. Egun batean bere alabaordea etorri, Anklamen du lana eta arraina erosi nahi du, eskuan sarea duela Finkengana joan eta diotso.

        Reinholdek irribarre egin, irribarre egiten hasi baina bertan gelditzen da: «Lesbiana ote da?» Franzek bere hankari zartaka segitzen du, kar-kar: «Ez, ni maite naik.» «Ez zaidak buruan sartzen.» (Oraindik holakorik, ez duk sinestekoa, nor eta zozo hau, eta gainera iji-aja ari duk.) «Eta zer dio Evak?» «Lagunak dituk biak, ezagutzen dik, Evaren bitartez ezagutzen diat Mieze.» «Bero-bero jarri nauk, Franz. Aizak, ez al didak uzten Mieze ikusten, hogei metrora, nahi baduk burdin sare baten atzetik, beldurra ematen badik.» «Motel, ez zidak batere beldurrik ematen. Leial hutsa duk eta gozoa, ezin duk imajinatu. Badakik, aspaldi esan nian hainbeste emakumerekin ez ibiltzeko, horrek osasuna hondatzen dik, nerbio onenek ere ezin ditek jasan. Burua nahasteko ere. Zentzatu beharra daukak, hori huke onena. Ikusiko duk nola arrazoi dudan, Reinhold. Erakutsiko diat.» «Baina ez nazala ikusi.» «Zer ba?» «Ez, ez nikek nahi. Erakutsidak eta kito.» «Ederki, motel, pozik gainera. Mesede egingo dik.»

        Eta arratsaldeko hirurak dira, kalez kale doaz Franz eta Reinhold, hara denetariko afixa esmaltatuak, produktu esmaltatuak, tapiz pertsiar benetakoak eta alemaniarrak, 12 hilabeteko epetan ordaintzeko, moketak, mahai- eta diban-zapiak, ohe-estalkiak, errezelak, estoreak, Leisner & Co., irakurtzen al duzu Moda Zuretzat, eskatu eta doan jasoko duzu postaz, kontuz, hiltzeko arriskua, goi-tentsioa. Sartzen dira Franzen etxean. Orain nire etxera hator: ni ondo nabilek, ezin zaidak ezer pasatu, ikusiko duk nola bizi naizen, izena diat Franz Biberkopf.

        «Goazen isilik, atea irekiko diat, ea etxean dagoen. Ez. Hara, hemen bizi nauk, baina aurki azalduko duk. Entzun zer egingo dugun, teatro hutsa, baina hik ez zirkinik egin.» «Ez noski.» «Zera duk onena: etzan hadi hemen ohean, Reinhold, egunez hutsik zegok, erne egongo nauk bera ingura ez dadin, eta tulezko errezelaren atzetik ikusiko duk. Etzan hadi, ikusten al duk?» «Bai. Baina botak erantzi beharko ditiat.» «Hobe duk, bai. Entzun, korridorean utziko ditiat, eta gero, hoanean, heuk hartu.» «Aizak, Franz, ez al zaigu gaizki irtengo.» «Ikaratu haiz? Ba ni ez, konturatzen bada ere, ezagutu behar duk.» «Ez, ez dadila konturatu.» «Etzan hadi. Noiznahi azalduko duk.»

        Afixa esmaltatuak, denetariko produktu esmaltatuak, tapiz pertsiar benetakoak eta alemaniarrak, pertsiarrak eta tapiz pertsiarrak, eskatu eta doan jasoko duzu postaz.

        Orduan Stettinen esan zion Blum komisarioak: «Nondik ezagutzen duzu gizon hori? Zertan, nondik nora, zerbait antzemango zenion ezta?» «Nire aitaordea da eta.» «Ba orduan Gorkera joango gara. Eta egia bada, geurekin ekarriko dugu.»

        Norbaitek etxeko atea ixten du. Eta Franzek korridorean: «Zer, beldurtu egin al haunat, Mieze? Neu naun, txiki. Aurrera. Ez ezan ezer utzi ohe gainean. Sorpresa bat zeukanat hiretzat hantxe.» «Ba orduan berehala noak.» «Egon! Lehenbizi, hitzemaidan! Mieze, altxa eskua, hitzeman, denak zutik, errepika ezan: hitza hitz.» «Hitza hitz.» «Ez naiz ohera hurbilduko.» «Ez naiz ohera hurbilduko.» «Nik esan arte.» «Hara noan arte.» «Egon hadi hemen. Hitzeman berriro: hitza hitz.» «Hitza hitz, ez nauk ohera hurbilduko.» «Neuk etzan arte.»

        Benetan ari da, Franzen lepotik zintzilik jarri eta halaxe geratzen da luzaroan. Franz konturatu da zerbait gertatzen zaiola, eta korridoreko aterantz bultzatu nahi du, gaur ezingo da zera egin. Baina hura geldirik dago: «Ez nauk ohera joango, utzi.» «Zer duzu, ene Miezeken, ene Mieze katutxo, katakume?»

        Miezek sofara darama, biak hantxe eseri, elkar besarkatuta, baina ez du ezer esaten. Gero, Franzen gorbatari tiratu eta ahopeka hasten da: «Franzeken, ba al daukat zerbait esatea?» «Jakina, Miezeken.» «Nire zaharrari buruz duk, zerbait pasatu duk.» «Esan, katutxo.» «Zera.» «Zer da, katutxo?» Gorbatarekin ari da, zer du neska honek, eta justu gaur bestea hor etzanda.

        Esaten dio komisarioak: «Finke duzu beraz izena? Paperik bai?» «Erregistrora joatea besterik ez duzu.» «Ez zaigu axola, erregistroan zer dagoen.» «Baditut paperak ere.» «Ederto, horiek eramango ditugu hasteko. Eta kanpoan Neugardeko funtzionario bat dago, Neugardeko Bornemann izeneko bat zeukan bere sailean, sartzeko esango diogu.»

        «Franzeken, azken aldian zaharrak beti han eduki dik bere iloba, zera, gonbidatu gabe, bera etortzen zuan.» Franzek marmar egin eta hotza nabari du: «Hara.» Ez dio aurpegirik kentzen Franzen aurpegiari. «Ezagutzen al duk, Franz?» «Nondik?» «Baietz uste nian. Zera, beti han zegoan, eta behin nirekin etorri zuan.» Franzek dardara egiten du, txorabiatzen da: «Zergatik ez hidanan ezer esan, neska?» «Gainetik kenduko nuelakoan. Eta zer dela eta, nire ondoan besterik ez zebilean.» «Tira, eta orain...» Franzen lepoko aho-dardara areagotzen da, gero bustitasuna sentitzen du, estu-estu eginda dago Franzen kontra, neska hau niri lotuta zegok, egoskorra duk gero, ez dik ezer esaten eta ez dik batere argitzen, eta zergatik ari da negarrez, eta bestea hor etzanda, gustura makila bat hartu eta ohe gainekoa egurtuko nikek, gehiago zuti ez dadin, oilanda madarikatua, lotsarazi naik. Baina dardarka dago. «Zer pasatu da?» «Ezer ez, Franzeken, ez hadi kezkatu, ez niri ezer egin, ez duk ezer izan. Berriro etorri duk, goiz osoa zelatan egon duk, zaharrenetik jaitsi naizen arte, eta han zegoan, eta berarekin autoan joateko eta joateko.» «Eta hi, jakina, joan haiz.» «Bai, joan nauk, zer egin nezakeen? Franz, norbait arren eta arren hasten zaianean. Eta hain duk gaztea. Eta gainera...» «Non izan zarete?» «Aurrena Berlinen zehar, Grunewalden, neuk ere ez zekiat, gero oinez, eta ni denbora guztian joateko eskatzen. Eta bera negarrez eta ume baten antzera otoika eta nire aurrean belauniko, hain duk gaztea, sarrailagilea.» «Ba lanean aritu behar liken alfer horrek, batera eta bestera ibili beharrean.» «Ez zekiat. Ez haserretu, Franz.» «Oraindik ez zekinat-eta zer pasatu den. Zergatik egiten dun negar, emakumea?» Hura berriro isilik, Franzen kontra estutu eta haren gorbatarekin jolasean. «Ez haserretu, Franz.» «Maitemindu egin al haiz zera horrekin, Mieze?» Txintik ez. Zer beldurra daukan Franzek, zer hotza oinetaraino. Xuxurlatzen dio ile aldera, Reinholdekin erabat ahaztuta: «Maitemindu egin al haiz berarekin?» Miezeren gorputza bere gorputzarekin bat eginda dago, oso-osorik sentitzen du, eta orduan haren ahotik: «Bai.» Ai, ai, entzun du, bai. Bere burua askatu nahi du, egurtu egingo diat, Ida, Breslautarra, hemen duk, besoa elbarritzen zaio, elbarrituta dago, baina Miezek gogor eusten dio, animalia batek bezala, zer nahi du honek, ez dik ezer esaten, gogor eusten dio, aurpegia bere lepoan, Franzek zurtuta begiratzen du haren gainetik leiho aldera.

        Franzek inarrosi eta marru egiten du: «Zer nahi dun hik? Utz nazan behingoz bakean.» Hor konpontzea zeukak urde honek. «Hemen naukak, Franzeken. Ez diat hire ondotik alde egin, hemen segitzen diat.» «Alde egin ezan, ez haunat ezertarako behar.» «Ez ezak marru egin, ai ene, zer egin dut baina.» «Hura maite baldin badun, alde haren ondora, marizikina.» «Ni ez nauk marizikina, izan hadi txintxoa, Franzeken, esan zioat, ez dela posible eta hirea naizela.» «Ez dinat higandik ezer nahi. Ez dinat holakorik nahi.» «Hirea nauk, esan zioat eta joan nauk, kontsola nazak.» «Neska, hi erotu haiz! Utz nazan bakean! Eroa! Hi harekin maitemindu haizelako kontsolatu behar haunat beraz.» «Bai, horixe egin behar duk, Franzeken, ni hire Mieze nauk, eta maite nauk, hortaz kontsola nazakek, ai, hura hor zebilek, mutila, eta...» «Ez, nahikoa dinagu, Mieze! Joan hadi harengana, bila ezan.» Orduan Miezek garrasi egin, eta Franz ezin da libratu. «Bai, joan hadi harengana, eta utzi ni bakean.» «Ez, ez diat hori egingo. Ez al nauk ba maite, ez al didak ba nahi, zer egin dut nik ordea.»

        Orduan Franzek lortzen du besoa askatzea, bere burua libratzea, Mieze atzetik du lasterka, istant hartan Franz jiratu, aurpegian jo, balantza eginaraziz atzerantz, orduan sorbaldan zarta eman, Mieze erori, bera haren gainera eta jotzen du bere beso bakarrarekin, harrapatzen duen lekuan. Hura zotinka, bihurritzen, oi oi, bera eman eta eman, hura etzanda, sabelaren eta aurpegiaren gainean. Franzek bukatu duenean, arnasa hartzeko, inguruan bueltaka dabilkio gela, Mieze bueltatu eta ezinean diotso: «Makila ez, Franzeken, nahikoa duk, makila ez.»

        Han geratzen da eserita blusa urratuarekin, begi bat itxita, sudurretik odola dariola eta ezkerreko masaila eta kokotsa zikinduta.

        Baina Franz Biberkopfi ­Piperkopf, Alperkopf, Akerkopf, ez du izenik­, bueltaka ari zaio gela, han daude oheak, ohe bati eusten dio gogor. Han barruan dago etzanda Reinhold, beste zera, botak jantzita ohea zerritzen. Zeren bila dabil hemen? Badik bere etxea. Kanpora botako diat, kanpora bidaliko diagu, kale gorrira. Eta han doa Franz Biberkopf, Gibelkopf, Kirtenkopf, Zakurkopf aupa ohera, tapakian barrena heldu buruari, mugitzen da, tapakia altxatu, Reinhold eserita dago.

        «Kanpora, Reinhold, kanpora, begiraiok eta alde kanpora.»

        Miezeren aho zabaldua, lurrikara, tximista, trumoia, errailak hautsita, okertuta, geltokia, barrerazainen etxolak iraulita, durundi, burrunba, gandua, kea, ezer ikusten ez, dena akabo, akabo, haizeak eramanda goraka, zeharka.

        «Zer da, zer apurtu da?»

        Garrasiak, garrasiak etengabe Miezeren ahotik, oinazezko garrasiak, kearen atzean ohean dagoen horren kontra, garrasizko murru bat, garrasizko lantzak horren kontra, gorago, garrasizko harriak.

        «Itxi ahoa, zer apurtu da, ixo, jausten ari dun etxea.»

        Garrasiak jarioan, garrasi masak, horren kontra, ez denbora, ez ordu, ez urte.

        Eta garrasizko olatuak Franz hartu du. Zoro amorramorratua. Eragiten dio aulki bati ohe alboan, erortzen zaio, hausten zaio eskuetan. Gero makurtu Miezegana, oraindik eserita baitago oihu eta oihu, garrasi eta garrasi, eta atzetik ahoa itxi, tripaz gora bota, gainean belaunikatu, haren aurpegi gainean etzaten da muturrez aurrera. Hil... ko... di... at.

        Isiltzen dira garrasiak, Miezek gora astintzen ditu hankak. Reinholdek alde batera jaurti Franz eta: «Motel, itoko duk.» «Sartu hirean, txikito.» «Altxa. Altxa.» Libre utzarazten dio, Mieze etzanda dago tripa gainean, burua astintzen, zotinka eta arnaska, besoekin joka. Franzek totelka: «Begiraiok alu honi. Nor egurtu nahi dun, alua?» «Joan hadi, Franz, jantzi txamarra eta ez hadi etorri sosegatu arte.» Mieze aieneka dago lurrean, begiak zabaltzen ditu; eskuineko betazala gorritua dauka, handituta. «Ospa, hi, bertan hilko duk eta. Jantzi txamarra. To.»

        Franz arnaska, hats-bahi, uzten dio txamarrarekin laguntzen.

        Orduan Mieze zutitu, karkaxa bota, hitz egin nahi, tentetu, eseri, karraskatzen du: «Franz.» Hark jantzita dauka txamarra. «Hor daukak kapela.»

        «Franz...» jada ez du garrasi egiten, hori boza, botatzen du txistua. «Ni... ni... ni hirekin noak.» «Ez, gera zaitez, Fräulein, lagunduko dizut gero.» «Franzeken, aizak, ni... hirekin noak.»

        Franz zutik dago, buru gaineko kapela okertu, mingaina kliskatu, arnasa hartu, txistua bota, aterantz doa. Danba. Itxi du.

        Miezek intziri egin, hanken gainean jarri, Reinhold baztertu, haztamuka doa aterantz. Ezin da korridoreko atetik aurrera joan, irten da Franz, jaitsi du eskailera. Reinholdek etxe barrura darama. Etzaten du ohean, baina hark arnaska egin, bere kabuz altxatu, ohetik atera, odola listukatu, aterantz arrastatzen da. «Irten, irten.» Etengabe: «Irten, irten.» Adi-adi begiratzen dio bere begi bakarrarekin. Zintzilik dauzka hankak. Lerde-jario alaena. Lerde-jarioak nazka ematen dio, ezin diat burutu hemen, gero jendea etorri eta nik astindu dudala. Utikan kaka zahar hau. Aio, andereño, kaskoa buruan, ibili munduan.

        Behean ezkerreko eskuko odola garbitzen du, lerde-jario ez bestena, algara egiten du: horretarako etorrarazi naik, a zer komeria, a zer baboa. Horretarako sartu naik ohean, bota eta guzti. Gozoa egongo duk orain babo hori. Kokotseko ona jaso dik, non ote dabil?

        Eta abiatzen da. Afixa esmaltatuak, denetariko produktu esmaltatuak. Ederra izan duk goikoa, oso ederra ere. A zer baboa, ondo egin duk, seme, milesker, segi horrela. Hau duk barregura.

        Bornemann han zen berriro Stettinen, atxilotuta. Emaztea ekarri zioten, benetakoa. Komisario jauna, uztazu andrea bakean, egia esan du eta. Beste 2 urte erantsiko dizkidate, berdin zait.

 

        Eta gau handia da Franzen etxean. Barrez daude. Elkar besarkatzen, musuka, ezti. «Gutxigatik ez haunat hil, Mieze. Nik eman dinat berotua, neska.» «Trankil. Itzuli haiz eta kito.» «Berehala alde egin al du Reinholdek?» «Bai.» «Ez al didan galdetu behar, Mieze, zergatik zegoen hemen?» «Ez.» «Ez dun jakin nahi?» «Ez.» «Baina Mieze.» «Ez. Ez duk egia eta.» «Zer alegia?» «Hari saldu nahi ninduala.» «Zer.» «Ez duk egia.» «Baina Miezeken.» «Bazekiat eta berdin ziok.» «Nire laguna dun, Mieze, baina neskekin zerri hutsa. Neska fin bat zer den erakutsi nahi nionan. Ikusteko.» «Berdin ziok.» «Maite al naun ni ere. Edo beste zera hori bakarrik?» «Ni hirea nauk, Franz.»

 

 

Asteazkena, abuztuak 29

 

        Eta bi egun osotan uzten du bere babeslea zain, Mieze bere Franz maitearekin bakarrik dabil, berarekin bidaiatu Erknerera eta Potsdamera eta berarekin goxo-goxo. Orain sekretu bat dauka Franzekin, lehen baino handiagoa orain, animalia koxkorrak, eta ez dio beldurrik ematen bere Franz maitearen asmoak Pumstarrekiko: bera ere hastekoa da zerbaitetan. Bere kabuz ikertuko du nor dabilen han, dantzaldian edo bolatokian. Franzek ez darama sekula hara, Herbertek Eva bai, baina Franzek zera dio: hori ez dun hiretzat, ez haunat ikusi nahi likits hoien ondoan.

        Baina Sonjatxok, Miezetxok zerbait egin nahi du Franzengatik, gure katutxo txikiak zerbait egin nahi du harengatik, hori dirua irabaztea baino hobea da. Ipi-apa guztiak jakin eta kontu egingo dio.

        Eta hurrengo dantzaldian, Pumsen taldea beren lagunekin Rahnsdorfera doanean festa itxi batera, bada tartean inork ezagutzen ez duen neska bat, errementariak ekarri du, berea da, maskara darama, eta Franzekin ere egiten du behin dantzan, baina behin bakarrik, bestela perfumea usainduko dio Franzek. Müggelhorten da, gauean faroltxoak pizten dituzte lorategian, bapore bat irten, mukuru beteta, orkestrak despedida-doinu bat jotzen du joaneran, baina jendea dantzan eta edaten geratzen da hirurak jo arte edo.

        Eta Mieze atzera eta aurrera dabil errementariarekin, gizona harro-harro, bikaina andregaia; Miezek ikusten du Pums eta haren andrea, eta Reinhold, goibel eserita ­boladak izaten ditu­, eta txorimalo elegantea. Ordu bietan errementariarekin alde egiten du autoan; uzten dio autoan berari musuak ematen, zergatik ez, orain Miezek gauza asko dakizki, horretatik kalte gutxi. Zer dakien? A zer itxura duten Pumstarrek, hastea dauka zirrika, halere Franzena izaten segituko du, gaua da, honelako gau batean bota zuten autotik zera horiek bere Franz, eta orain haren atzetik zebilen, Franzek bazekin nor izan zen, eta denak Franzen beldur ditun, zertara etorri zen bestela Reinhold, lotsagabe alaena, ene Franz bai jatorra, muxuka hilko niken errementari hau, hain maite baitut Franz, bai, egidak zirri, hozka egin eta mingaina kenduko diat, ene, hau dun gurdia eramateko modua, oraindik zangan bukatuko dinagu, aupa, zoragarri pasatu diat gaur zuekin, orain ezkerrera ala eskuinera, berorrek nahi bezala, maitagarria haiz, Mieze, zer, hire gustukoa al naiz, Karl, eramango al nauk beste batean ere, epa, baboa halakoa, hau mozkorra zegon, oraindik Spreera botako gaitin.

        Ezinezkoa dun, itoko ninduken, hainbeste zeukanat egiteko, nire Franz maiteari segitu behar zionat, ez zekinat zer egin nahi duen, berak ez zekin nik zer nahi dudan, eta hori ezkutuan geratuko dun bion artean, berak eta biok nahi dugun bitartean, biok nahi dinagu gauza bera, gauza bera nahi dinagu biok, oi, zer beroa, eman berriro muxu, hori duk, besarka nazak, Karl, urtzen ari nauk, urtzen, hi.

        Karelein, Karelein, ez diat inor maite hi lain, ziztuan doaz errepideko haritz beltzak, urteko 128 egun emango dizkiat opari, bakoitza bere goizarekin, arratsaldearekin, gauarekin.

 

        Bi guardia urdin etorri ziren kanposantura tarari. Hilarri batean dotore jarri eta galdetu zieten pasatzen ziren guztiei Kasimir Brodowicz bati buruz, ea ikusi zuten. Orain dela 30 urte oker bat egin zuen, ez dakigu zehatz zer, jendilaje hori auskalo, orain hatz-markak hartu eta neurtu nahi dugu, aurrez harrapatzea onena, ekar diezagutela, tralara.

        Reinholdek galtzak goratu eta batera eta bestera dabil bere zuloan, patxadak eta diruak ez diote onik egiten. Bidali du bere azken andregaia, orain apaina ere ez zaio gustatzen.

        Beste zerbait egin beharra zegok. Zerbait egin nahi lioke Franzi. Astakirten hori hor zebilek, kontent eta harro bere andregaiarekin; berezia balu bezala. Igual kenduko zioat. Nazkagarria zegoan lehengoan, lerdea zeriola.

        Errementariak, Matter izenekoak, baina poliziak Oskar Fischer gisa ezagutzen duenak, harritu aurpegia jartzen du, Reinholdek Sonjari buruz galdetzean. Zuzen-zuzen galdetzen dio Sonjari buruz, eta besterik gabe aitortzen du Matterrek, bueno, baldin badakik, badakik. Orduan Reinholdek besoa jarri Matterren gerrian eta galdetzen dio ea Mieze utziko liokeen, festa txiki bat egiteko. Baina zer eta Sonja ez dela Matterrena, Franzena baizik. Bueno, ba ez ote lioke Matterrek neska lortuko, Freienwaldera joateko autoz.

        «Hori Franzi galdetu behar diok, niri ez.» «Franzi ezin zioat galdetu, saltsa bat zeukaagu biok lehendik, eta neska ez duk nire zale, uste diat. Konturatu nauk.» «Ez nagok horretan hasteko. Eta neuretzat bakarrik nahi badut zer.» «Libre haiz. Nik paseotxo bat nahi nian.» «Nigatik, Reinhold, ibil hadi emakume guztiekin, baita honekin ere, baina besterena lapurtu gabe.» «Hirekin bazebilek ba. Aizak, Karl, eta billete marroi bat ematen badiat zer.» «Ekatzak.»

        Bi guardia urdin eseri ziren harri batean, eta pasatu ziren guztiei galdetu zieten, eta auto guztiak gelditu zituzten: ea ez zuten ikusi gizon aurpegi horixka, ile-beltz bat. Haren bila dabiltza. Zer egin duen edo zer egingo duen, hori ez dakite, hori poliziaren txostenean dago. Baina inork ez du ikusi edo ez du esan nahi ikusi duenik. Hala, bi guardiek aurrera jarraitu behar dute errepidean zehar, eta bi txapeloker elkartzen zaizkie.

 

        Asteazkenean, 1928ko abuztuaren 29an, urteak jada 242 egun galdu eta beste asko ez dauzkanean galtzeko ­eta behin-betiko joan dira, besteak beste Magdeburgera bidaia, sendatzea eta suspertzea, Reinhold pattarrarekin ohitzea, Mieze agertzea, aurtengo beren lehenbiziko lapurreta, eta Franz berriro bake santuan eta lasaitasun osoan dago­, egun honetan errementaria mendira doa Mieze txikiarekin. Miezek Franzi esan dio bere babeslearekin doala. Ez daki zergatik doan. Franzi lagundu nahi, baina ez daki nola. Bart amets egin du: etxekoandrearen salan daude bere ohea eta Franzena, lanpararen azpian, eta orduan ate aurreko errezela mugitu, eta zerbait izugarria, mamu antzeko bat ateratzen da handik astiro, eta sartzen da salan. Ai, egin zuen berak hasperen eta eseri zen ohean, eta Franz aldamenean seko lo. Nik lagunduko zionat, ez zaion ezer pasatuko, eta berriro etzan zen, xelebrea dun, gure oheak salarantz zoazan jiraka.

        Tak, Freienwalden daude, ederra, bainuetxe bat da, lorategi polit bat dauka hartxintxar horikoa, jende asko dabil. Nor topatuko dute han, bazkaldu berritan lorategi ondoko terrazan?

        Lurrikara, tximista, tximista, trumoia, errailak zartatuta, geltokia jota, burrunba, gandua, kea, dena akabo, lainoa, ezer ikusten ez, lainoa, garrasiak jarioan... hirea nauk, hirea nauk.

        Etor dadila, eser dadila, ez zionat beldurrik, horri behintzat ez, lasai begiratuko zionat aurpegira. «Hau duk Fräulein Mieze; ezagutzen al huen, Reinhold?» «Axaletik. Pozten naiz, Fräulein.»

        Eta beraz Freienwaldeko lorategian daude eserita; norbait pianoa jotzen ari da barruan. Ni Freienwalden eserita, eta beste hau nire aurrean eserita zegon.

        Lurrikara, tximista, lainoa, dena akabo, baina zer ondo honekin topo egin izana, honi aterako zionat Pumsekin pasatu zen guztia, eta Franz zertan dabilen, bero-bero egingo dinat; amuari heltzen dionean, tak. Miezek amets egiten du, zortea bere alde duela. Pianistak kantatzen du: Esaidazu oui, maite, frantsesez, Esaidazu ja, mesedez, Berdin da, zuk nahi bezala, Maitasuna da internazionala. Esaidazu loreekin, sudurrarekin, Esaidazu isilik edo orroarekin, Esaidazu oui, esan yes edo esan ja... Eta nahi duzun guztia han da!

        Pattar pare bat datoz, bakoitzak txurrut bana. Miezek aitortzen dio dantzaldian izan zela, horrek sekulako solasaldia eragiten du. Eskatzen diotena jotzen du zuzendari pianistak: Suitzan eta Tirolen, hitzak Fritz Roller eta Otto Stranskyrenak, musika Anton Profesena. Suitzan eta Tirolen, egoten da ondoen. Tirolen behi-esnea bero, eta Suitzan neskatxa ero! Baina hemen, egitan, holakoak gutxitan, eta beti nire ametsetan Suitza eta Tirol! Holoroidi! Musika-denda guztietan salgai. Holoroidi, egiten du barre Miezekenek, nire Franz laztanak uste din nire zaharrarekin nagoela, baina... berarekin nagon, eta ez dun jabetzen.

        Gero inguruan ibiliko gara, autoan. Hori nahi du Karlek, Reinholdek eta Miezek, atzetik aurrera Miezek, Reinholdek eta Karlek, eta baita ere Reinholdek, Karlek, Miezek, denek batera nahi dute. Orduan jo behar zuen telefonoak eta morroi batek garrasi egin: Herr Matter telefonora, lehen ez duk begirik kliskatu, Reinhold, mutil, bueno, ez dezagun ezer esan, Miezek ere barre egiten du, ez duzue aitzakiarik jarri, bazirudik oso arratsalde atsegina izango dela. Hemen duk Karlchen berriro, ai Karelein, Karelein, ez diat inor maite hi lain, pupua al daukak, ez, bizkor itzuli behar dut Berlinera, hi geratu, Mieze, joan beharra zeukanat, ez zegon sekula jakiterik, eta ematen dio Miezeri beste musu bat eta ez hadi esaten ibili, Karl, nola ibiliko naiz ba, xagutxo, ahal duten guztiak ibiltzen ditun firin-faran, aio Reinhold, ondo pasau eta gutxi gastau. Kakotik kapela hartu eta han doa.

        Hemen gaude. «Zer iruditzen zaizu.» «Zera, Fräulein, ez zeneukan horregatik garrasika hasi beharrik.» «Sustoa izan zen.» «Nigatik.» «Azkenean ohitzen zara.» «Esateko modu gozoa.» Nola mugitzen dituen begiak alproja xahar honek, likits kutixi fina, baietz gaur honekin jardun; egon hadi horretan, mutiko, amua janarazi eta dakian guzti-guztia kontatuko didak gero. Hoiek ditun begiak. Apio-arbola osoa jan din honek.

        Pianista lehertu da kantuan eta pianoa nekatuta dago, lotara joan nahi du, Reinhold eta Mieze muinoan gora doaz, apur bat baso aldera. Honetaz eta hartaz hizketan eta besotik helduta, eta mutila ez da batere txarra. Eta seietan lorategira itzultzean, haien zain dago Karl, etorri da berriro autoan. Dagoeneko etxera ala, gauean ilargi betea zegok, goazen elkarrekin basora, giro ederra egiten dik, ea ba. Eta zortzietan hirurak abiatzen dira basora, eta Karlek bizkor erreserbatu behar ditu hotelean gelak eta autoaz arduratu. Lorategian elkartuko gaituk gero hirekin.

        Baso honetan zuhaitz asko daude, jende asko dabil besotik helduta, bide bakartiak ere badaude. Ametsetan dabiltza elkarren ondoan. Miezek zerbait galdetzeko gogoa dauka, baina ez daki zer, zer ederra den gizon honekin joatea besotik helduta, ai, beste batean galdetuko zionat, zer gau ederra. Ene, zer pentsatuko ote du Franzek nitaz, lehenbailehen joan nadin baso honetatik, zer ederra den hemen ibiltzea. Reinholdek heltzen dio, honek bazeukan eskuineko besoa, ezkerretan zoan, Franz beti eskuinean joaten dun, bitxia dun honela joatea, zer beso sendo indartsua, hau dun hau gizasemea. Zuhaitz artetik doaz, lurra biguna dago, Franzek gustu ona zeukak, neska ostuko zioat, hilabete niretzat eta gero hor konpontzea zeukak bere honekin. Franzek zerbait nahi badu, hurrengo irteeran sekulakoa emango zioat eta burua altxatzea ere ahaztuko zaiok, ederra emea, dotorea, eta Franzekin leiala.

        Oinez doaz, honetaz eta hartaz hizketan. Iluntzen ari du. Hobe dinat hitz egitea; Miezek hasperen egiten du, arriskutsua da isilik joatea, bestea aldamenean sentituz. Bideari begira doa etengabe, nora ote daraman. Ez zekinat zer nahi dudan honengandik; ai ene, zer nahi dut ordea honengandik. Jirabiran dabiltza. Ezkutuan, Miezek errepide aldera hartu du. Zabaldu begiak, iritsi gaitun.

        Zortziak dira. Reinholdek bere esku-argia atera, hotelera bidean, atzean diagu basoa, txoritxoak, ai txoritxoak, zoragarri kantatzen diten, zoragarri. Dardara sentitzen du. Harritzekoa da, zer bide isila. Begi argiak dauzka. Baketsu doa Miezeren alboan. Errementaria bakarti dago beren zain terrazan. «Hartu dituk gelak?» Reinholdek Miezegana jiratzen du burua; joana da. «Non da andereñoa?» «Bere gelan.» Jotzen du atea. «Andereñoak esan du lotara doala.»

        Dardara sentitzen du. Ederra izan duk. Baso iluna, txoriak. Zer nahi dut neska honengandik baina. Neska bikaina zeukak Franzek; hartuko nikek. Reinhold terrazan dago eserita Karlekin; puru lodiak erretzen dituzte. Barre egiten dute, elkarri begira: zertan ari gara hemen ordea? Etxera joango bagina ere lotara... Reinholdek arnasa sakon eta astiro hartu eta astiro sakatzen dio artobixarrari, baso iluna, jirabiran goaz, atzera naramak berriro. «Nahi duana, Karl. Nik hemen pasatuko diat gaua.»

        Eta gero biak baso ertzeraino joan, eseri, eta autoei begira jartzen dira. Baso honetan zuhaitz asko zeudek, lurra biguna zegok, jende asko zebilek besotik helduta, ni nauk ni zerria.

 

 

Larunbata, irailak 1

 

        Hori asteazkenean zen, 1928ko abuztuaren 29an.

        Handik hiru egunera, dena errepikatzen da. Errementaria heltzen da auto batean, Miezek... Miezek berehala esan du baietz, berriro Freienwaldera joan nahi duen galdetu dionean, eta Reinholdekin omen doaz. Oraingoan indartsuagoa izango naun, pentsatzen du autoan esertzerakoan, ez naun basora joango berarekin. Berehala esan du baietz, Franz oso goibel egon baitun azken egunotan, baina ez din esaten zergatik eta jakin behar dinat eta ezkutuan dagoena ezagutu. Dirua ematen zionat, den-dena zeukan, ez zaion ezer falta, zer kezka ote darabil.

        Reinhold ondoan du autoan eta hark berehala pasatzen dio besoa gerritik. Aurrez pentsatua dago dena: azkeneko aldiz hator hire Franz maiteagandik, gaur nirekin geldituko haiz, nik nahi dudan arte. Nik eduki dudan bostehungarren edo milagarren emakumea haiz, orain arte primeran joan dun dena, eta orain ere primeran joango dun. Hau hemen zegok eta ez zekik zer datorkion, baina nik bazekiat eta kito.

        Freienwaldeko ostatu aurrean autoa utzi, eta Karl Matter paseatzera doa Miezerekin Freienwalde aldean, larunbata da, irailak 1, eta 4ak dira. Reinholdek ordubeteko loa egin nahi luke ostatuan. Reinhold seiak jota jaiki, autoarekin lardaskan ibili, zintzurra busti eta alde egiten du.

        Basoan, Mieze zoriontsu dago. Karl oso jatorra dun eta hori gauza pila kontatzen din, patente bat dauka eta bera lanean aritu den enpresak harrapatu dio, horrela engainatzen dituzte enplegatuak, lehenbizi idatziz eman behar dute eta enpresa milionario egin da horrela, eta bera Pumsekin elkartu bada, hori da modelo berri bat ari delako orain eraikitzen, erabat baztertu eta ezereztuko duena enpresak lapurtutakoa. Horrelako modelo bat diru asko kostatzen da, ezin dio Miezeri adierazi, sekretu handia da, ondo ateraz gero mundu osoa aldatuko du, tranbiak, sua itzaltzeko zerbitzua, zabor-bilketa, dena, denerako balio du, den-denerako. Maskaren dantzaldira autoz egin zuten bidaiaz mintzo dira, ziztuan zihoazen errepideko haritz beltzak, urteko 128 egun emango dizkiat opari, bakoitza bere goizarekin, arratsaldearekin, gauarekin.

        «Juhu, juhu», hots egiten du Reinholdek basotik. Reinhold da, erantzuten diote: «Juhu, juhu.» Karl beste nonbait gordetzen da, baina Mieze serio jartzen da, Reinhold datorrenean.

        Bi guardia urdinak harri gainetik altxatu ziren. Eta behaketak ez zuela emaitzarik izan esan zuten eta hanka egitera zihoazela, ezin dugu ezer egin, hemen huskeriak bakarrik jazotzen dira, txosten idatzi bat besterik ezin diegu eman agintariei. Eta zerbait gertatuko balitz jakingo da, agertuko da posterren zutabean.

        Basoan ordea Mieze eta Reinhold bakarrik zebiltzan, txoritxo pare bat txorrotxioka ari zen emeki. Goiko zuhaitzak kantari hasi ziren.

        Kantatu zuen zuhaitz batek, gero kantatu zuen beste zuhaitz batek, gero kantatu zuten denek batera, gero isildu ziren, gero kantatu zuten bien buru gainean.

        Segaria da, izena du Herio, Jainko handiaren indarra dario. Ari da ahoa zorrozten, horrek hobeki du mozten.

        «Ai, zer pozik nagoen, benetan, berriro Freienwalden egoteaz, Reinhold. Izan ere, polita izan zen herenegungoa, ezta hala?» «Labur xamarra, Fräulein. Oso nekatua zeunden nonbait, atea jo baina ez zenidan ireki.» «Aireak azala erretzen dit, autoan ibiltzeagatik.» «Aizu eta, ez al zen polita izan ere?» «Noski, zer alegia?» «Zera, hola ibiltzea. Eta hain andereño xarmantarekin.» «Andereño polita, nora zoaz. Nik ez dut esan: gizon xarmanta.» «Zu nirekin etortzeak...» «Zer esan nahi du?» «Zera, nire ustez, nik ez daukat zer eskaini handirik. Zu nirekin etortzea, Fräulein, sinetsidazu, oso pozgarria da niretzat.» Jatorra mutila. «Ez al duzu andregairik?» «Andregaia, zer da gaur egun andregaia.» «Hara bestea.» «Bueno. Denetik dago. Zuk ez dakizu, Fräulein. Zuk baduzu lagun bat, taxuzkoa, zure alde egiten duena. Baina neska gazteek jolasa besterik ez dute nahi, ez daukate bihotzik.» «Suerte txarra izan duzu.» «Zera, Fräulein, hortik dator bestea ere... emakumeak trukatzearena. Baina ez duzu horretaz ezer jakin nahi.» «Bai zera, hitz egizu. Nola izan zen?» «Zehatz-mehatz esango dizut eta zuk ere ulertuko duzu. Ibili al daiteke inor emakume batekin hilabete pare batean edo aste pare batean baino gehiago, hark ez badu batere balio? E? Agian parranda-zalea da edo ez du batere balio, ez du ezer ulertzen, denean nahasten da edo zurrut egiten du.» «Hori nazka.» «Ba horra, Mieze, horixe gertatu zait niri. Horixe gertatzen da. Hondakin hutsak, zaborra, satsa. Zakar artetik atereak. Gustatuko al litzaizuke holako zerbaitekin ezkonduta egotea? Ba niri, ezta ordubetean ere. Zera, pixka batean burutzen duzu, aste pare batean edo, baina hortik aurrera akabo, hark joan beharra dauka eta ni berriro bakarrik. Ez da ederra. Hau bai.» «Aldaketa pittin bat ere izaten da, ezta?» Reinholdek barre egin eta: «Zer esan nahi duzu, Mieze?» «Zera, hartuko zenituzkeela beste batzuk ere, ezta?» «Zergatik ez, izan ere, denok gara haragizkoak.»

        Barre egiten dute, besotik helduta doaz, irailaren bata. Zuhaitzak kantari ari dira etengabe. Erretolika luzea da.

        Gauza bakoitzak, gauza bakoitzak du bere aldia eta munduko jardun orok bere ordua, gauza bakoitzak du bere urtea, jaiotzeak eta hiltzeak, landatzeak eta landatu dena erauzteak, gauza bakoitzak, gauza bakoitzak du bere aldia, itotzeak eta sendatzeak, apurtzeak eta eraikitzeak, bilatzeak eta galtzeak, bere aldia, jasotzeak eta botatzeak bere aldia, urratzeak eta josteak, isiltzeak eta mintzatzeak. Gauza bakoitzak du bere aldia. Horregatik konturatu nintzen ez dagoela hoberik alai ibiltzea baino. Hoberik alai ibiltzea baino. Alai ibiltzea, ibil gaitezen alai. Ez dago ezer hoberik munduan, barre egin eta alai ibiltzea baino.

        Reinholdek eskutik heltzen dio Miezeri, eskuinean zoan, hau dun hau beso indartsua. «Aizu, Mieze, berez, ez nuen kemenik izan zu gonbidatzeko, lehengoan, badakizu.» Eta ordubete zeramanagu oinez, gutxi hitz eginaz. Arriskutsua dun, joan eta joan eta ez hitz egitea. Baina bere eskuineko besoa sentitzen dinat.

        Non jarri behar dut poxpolin hau, elementu berezia duk, beharbada geroko utziko diat, gozatu beharra zegok, beharbada hotelera eramango diat eta iluntzean, iluntzean, ilargia esnatzean. «Orbain pila bat daukazu eskuan, eta tatuajeak ere bai, bularrean ere bai?» «Bai, ikusi nahi?» «Zergatik tatuatu zara?» «Zenbait lekutan bakarrik, Fräulein.» Miezek barre-irudi egin eta besoan kulunkatzen zaio: «Imajinatzen dut. Franz baino lehen beste bat izan nuen, ez dago hitzez esaterik zenbat margo zeuzkan.» «Mingarria da baina ederra. Ikusi nahi, Fräulein?» Haren besoa baztertu, botoiak bizkor askatu eta bularra erakusten dio, horra. Ingude bat da, inguruan erramuzko koroa bat duela. «Tapa zaitez, Reinhold.» «Lasai ikustazu.» Sua dauka barruan, grina itsua, heltzen dio burutik eta estutzen dio bularraren kontra: «Emaion muxu, muxu eman behar dion.» Ez dio ematen, haren eskuek zapaltzen diote burua. «Askatu.» Askatzen du: «Ez hadi hola jarri, emakume.» «Banoa.» Nazkante zikina, lepotik heltzen badinat, a zer hizketako modua. Lotzen du alkandora. Harrapatuko diat, harro alaena, patxadan hartuko diat, lasai, motel. «Ez dinat ezer egin eta, ari naun lotzen. Hara. Lehenago ere ikusiko huen ba gizonezko bat.»

        Zertan nago ni hemen zera honen ondoan, erabat banatu zidan ilea, astapotroa, ni banoan. Guztiak du bere aldia. Gauza bakoitzak, gauza bakoitzak.

        «Ez zaitez holakoa izan, andereño, aldarteak eman dit. Joera bat, aizu, izaten dira bizitzan holako joerak.» «Eztaukazu haatik zertan niri burutik heldu.» «Ez haserretu, Mieze.» Helduko dinat beste nonbaitetik. Berriro ere kiskaltze zoro hau. Heltzen badinat. «Mieze, egingo al ditugu berriko bakeak?» «Zu ondo portatzekotan.» «Konforme.» Besoz beso. Reinholdek irribarre egiten dio eta hark ere irribarre, belarretara begira. «Ez da hain txarra ere izan, ezta, Mieze? Nik zaunka bai, baina hozkarik ez.» «Pentsatzen ari naiz, nolatan daramazu ingudea? Batzuek emakume bat daramate, edo bihotz bat, baina zer eta ingudea.» «Zergatik iruditzen zaizu dela, Mieze?» «Ez dakit.» «Nire armarria da.» «Ingudea?» «Bai. Jendea gainean etzateko.» Eta barre-irudi egiten dio. «Zu zara zerria. Hobe zenuen ohe bat ipintzea.» «Ez, ingudea hobe da. Ingudea hobe da.» «Errementaria al zara?» «Pittin bat bai. Gu bezalakoak, denetik. Baina ez duzu ondo ulertu ingudearena, Mieze. Inork ez du nigana gehiegi hurbildu behar, Fräulein, ez badu erre nahi. Baina ez pentsa hozka egiten dudanik berehala, eta zuri gutxiago. Paseo ederra ari gara ematen, eta gustura eseriko nintzateke txoko batean.» «Holakoak al zarete Pumstar guztiak?» «Segun, Mieze, gu ez gara parte onekoak.» «Zer aritzen zarete ba?» Nola eraman txokora, inor ez zebilek hemen. «Ai, Mieze, hire Franzi galdetzea dun onena, nik bezain ondo zekin.» «Baina ez zidak tutik esaten.» «Ondo egiten din. Bizkorra dun. Ezer ez esatea hobe.» «Baina niri.» «Zer jakin nahi dun?» «Zertan aritzen zarete?» «Emango didan muxu?» «Esaten badidak.»

        Reinholdek besoetan dauka. Honek zeuzkan besoak. Eta hau dun estutzea. Gauza bakoitzak du bere aldia, landatzeak eta erauzteak, bilatzeak eta galtzeak. Ezin dinat arnasarik hartu. Ez nain askatzen. Hau beroa. Utzi. Beste pare bat bider egiten badu, akabo naun. Ai, Franz zer dabilen esan behar zidan, Franzek benetan zer nahi duen eta pasatu den guztia eta zer asmo duten. «Askatu, Reinhold.» «Bueno.» Askatzen du, zutik gelditu, ahuspez etzan eta musu ematen dio zapatetan, hau eroa zegon, musu ematen dio galtzerdietan, gorago, soinekoan, eskuetan, gauza bakoitzak bere aldia, leporaino. Berak barre egiten du, ukabilka: «Alde, alde hemendik, motel, hi eroa hago.» Sutan zegon, hi dutxa azpian jarri behar haute. Reinholdek arnasa hartu eta antsia egiten du, haren lepoan ehortzi nahi du, totel egiten du, baina ez zaio ulertzen, bere kasa joaten zaio lepotik, zezena ematen du. Miezeren beso gainean darama berea, oinez doaz, zuhaitzak kantari ari dira. «Beitu, Mieze, zer txoko polita, guretzako egina... beitu. Asteburuko habia. Kozinatzen aritu ditun. Txukun dezagun. Galtzak ez zikintzeko.» Eseri behar ote nuke. Hartara, gehiago hitz egin lezaken. «Nahi duana. Hobe genikek, azpian beroki bat jartzea.» «Egon hadi, Mieze, zamarra eranztera noan.» «Hi bai jatorra.»

        Zeharka daude etzanda aldapa belartsu batean, Miezek ostikoz jota poto bat baztertu, buruz behera jarri eta lasai ipintzen du beso bat haren bularrean. Honatx. Miezek irribarre egiten dio. Reinholdek bularraldean txalekoa ireki eta ingudea bistan jartzean, Miezek ez du burua baztertzen. «Kontaidak zerbait.» Reinholdek bularraren kontra estutzen du, honatx, ederki, hemen zegok neska, dena primeran zoak, bikaina neska, aukerakoa, luzaroko nireganatuko diat, Franzek egitea dik lasai garrasi, ez dik lehenago eskuratuko. Eta Reinhold beherantz irristatu, Mieze ere eraman, besoekin bildu eta musu ematen dio ahoan. Itsatsi-itsatsi egiten da, ezertan pentsatu gabe, soilik zoriona, grina, zoramena, eta imintzio bakoitza lehendik neurtua dago eta ez dadila inor etorri galaraztera. Orduan apurtzen da eta zirtzilatzen da eta horren aurka alferrik dira urakanak edo harri-jauziak, kanoi baten tiroa da, mina bat lehertzen. Aurrera datorkion guztia pitzatzen du, zokoratzen du, aurrera, beti aurrera.

        «Hain gogor ez, Reinhold.» Jota uzten nain; ez banaiz kontuz ibiltzen, nirekin bukatuko din. «Mieze.» Begiak kliskatzen ditu, besoak lasatu gabe: «Aizan, Miezeken.» «Aizak, Reinhold.» «Zeri hago adi-adi begira?» «Ez zegok ondo, nirekin egiten ari haizena. Noiztik ezagutzen duk Franz?» «Hire Franz?» «Bai.» «Hire Franz, zer, oraindik hirea al da ba?» «Norena ba?» «Eta ni nor naiz ba?» «Zer esan nahi duk?» Reinholden bularrean gorde nahi du burua, baina hark burua jasoarazten dio: «Eta ni nor naiz?» Mieze gainera botatzen zaio, hari ahoa estutuz, hau bero-bero zegon berriro, hau ere maite dinat pixka bat, nola bihurritzen den, sutzen den. Ez dago uholderik, ez suhiltzaileen hodi erraldoirik hori itzal dezakeenik, etxetik irteten dira garrak, barrutik datoz. «Utz nazak lasai.» «Zer nahi dun, neska?» «Ezer ez. Hirekin egotea.» «Ba orduan. Neu ere hirea naun, ezta? Haserretu egin al haiz Franzekin?» «Ez.» «Haserre al hago harekin, Mieze?» «Ez, kontaidak zerbait haren gainean, hik aspalditik ezagutzen duk.» «Ezin dinat ezer kontatu haren gainean.» «Bai, gizon.» «Ez dinat ezer kontatuko, Mieze.» Heltzen dio, botatzen du alde batera, Miezek gogor egiten dio: «Ez, ez diat nahi.» «Ez hadi egoskorra izan, neska.» «Utzi altxatzen, hemen erabat zikinduko nauk.» «Eta zerbait kontatzen badinat?» «Hartara bai.» «Zer emango didan, Mieze?» «Nahi duana.» «Den-dena?» «Tira... ikusiko diagu.» «Den-dena?» Beren aurpegiak ondo-ondoan daude, sutan; Mieze isilik dago, neuk ere ez zekinat zer egingo dudan, Reinholdek zirrara bat nabari du, ez pentsatu, utzi pentsatzeari, zentzurik gabe.

        Reinhold zutitu, aurpegia garbitu, puah, basoa, zeharo zikintzen haiz. «Zerbait kontatuko dinat hire Franzen gainean. Aspalditik ezagutzen dinat. Pailazo ederra. Tabernatik ezagutzen dinat, Prenzlauer Alleen. Joan den neguan. Egunkariak saltzen ari zela, baten bat ezagutu zinan, Meck, bai jauna. Hortik ezagutu ninan. Hantxe esertzen gintunan, eta neskena kontatu ninan.» «Egia al da?» «Izango ez dun. Baina zozo hutsa dun Biberkopf hori, Zozokopf, horretaz ez din bere burua harrotuko, nik lortzen nitinan, zer uste dun, berak lortzen zizkidala emakumeak? Ai ene, bere emakumeak. Ez, beragatik izan balitz, Armada Salbatzailera joango gintunan, ni zintzotzeko.» «Baina ez hintzen zintzotu, Reinhold.» «Ez, ikusten dun. Nirekin jai zegon. Naizen bezalakoa hartu beharrekoa naun. Hori, elizan amen esatea bezain segurua dun, eta ez zegon aldatzerik. Baina bera, Mieze, bera alda dezaken. Mieze, hire putazain hori, hi gauza ederra haiz. Neska, nondik atera dun holako zera bat, besobakarra, hi hain ederra izanda, hatz bakoitzarekin hamar eduki hitzake eta?» «Utz itzak berriketak.» «Tira, amodioak begiak itsu, baina hainbesteraino! Ba al dakin orain gurekin hasi nahi duela, hire putazainak? Kokotsa gora ibili nahi din. Zer eta gurekin. Lehenbizi penitenteen bankura bidali nahi nindinan, Armada Salbatzailean, eta ez zinan lortu. Eta begira orain.» «Ez hadi hola gaizki esaka aritu. Ezin diat eraman.» «Kili-kili, bazekinat, hire Franz maitea dun, hire Franzeken oraindik? Ezta?» «Ez dik txarrik egin, Reinhold.»

        Gauza bakoitzak bere aldia, gauza bakoitzak, gauza bakoitzak. Beldurgarria dun zera hau, utz nazala bakean, ez dinat ezer jakin nahi honengandik, ez zeukan niri ezer kontatu beharrik. «Ez, ez zigun txarrik egin, hobe din, Mieze. Apareju ederra harrapatu dun, Mieze. Ezer kontatu al din bere besoaz? Zer? Eta haren andregaia haiz, edo izan haiz! Hator, Miezeken, ene laztana, ez hadi hola jarri.» Zer egin, ez dinat nahi. Landatzeak bere aldia din eta erauzteak, josteak eta urratzeak, negar eta dantza egiteak, aiene eta barre egiteak. «Baina, baina, neska, zer habil holako txorimalo batekin. Laztana. Ez ezan itxura egin. Harekin habilela eta, ez haiz inongo kondesa. Poztu hadi, harengandik libratu haizelako.» Poztu hadi, zer dela eta poztu behar dut. «Eta orain mainak egin ditzala, Mieze gabe geratu dun.» «Nahikoa duk, hi, eta ez hainbeste estutu, ez nauk burdinazkoa eta.» «Ez, haragizkoa, haragi xamurrekoa, Mieze, emaidan hire mokotxoa.» «Baina zer habil, motel, ez estutzeko esan diat. Hain belaxka naizelakoan ala. Nondik nora naiz hire Mieze?»

        Atera nadin zoko honetatik. Behean utzi dinat kapela. Joko nain, alde egin dezadan. Eta hala ­Reinhold ez da oraindik txokotik jaiki­ garrasi egiten du, 'Franz' garrasi egin eta lasterka doa. Orduan Reinhold zutitu, mahuka-hutsik, lasterka joan eta salto batean harrapatzen du. Biak zuhaitz baten ondoan erori eta etzanda daude. Mieze ostikoka, Reinhold gainean, ahoa tapatzen diola: «Orain ere garrasi, urdea, orain ere garrasi egin behar al dun, zergatik egiten dun garrasi, zerbait egiten al dinat, isilduko al haiz, e? Hark lehengoan osorik utzi zizkinan hezurrak. Kontuz, ni ez naun holakoa eta.» Eskua kentzen dio ahotik. «Ez diat garrasi egingo.» «Hori dun arrazoia. Eta orain altxa, bueltatu eta hartu hire kapela. Nik ez zienat emakumeei minik egiten. Ez dinat egundo holakorik egin. Baina ez amorrazi. Ez gero!»

        Miezeren atzetik doa.

        «Ez hadi hain lirdinga izan, Franzen puta haizela eta.» «Ba orain banoak.» «Zer esan nahi dun bahoala, hi ez hago burutik ondo, hik ez dakin norekin ari haizen hizketan, hire txorimaloari hitz egion hola.» «Nik... ez zekiat zer egin.» «Txokora joan eta txintxoa izan.»

        Zekor bat hil nahi denean, lepoan soka lotu eta bankura eramaten da. Orduan zekorra jaso, bankuan etzanarazi eta gogor lotzen da.

        Txokorantz doaz. Reinholdek: «Etzan dadi.» «Ni?» «Ez gero garrasi egin! Neska, hire zale naun, bestela ez nindunan hona etorriko, esaten dinat ba: haren puta izango haiz, baina ez haiz inongo kondesa. Ez niri istilurik sortu, hi. Horretatik ez zegon ezer. Gizona edo andrea edo umea izan, nirekin berriketa gutxi. Galdeion hire putazainari. Bazeukan zer kontatua. Ez bada lotsatzen, jakina. Baina nigandik ere entzun dezaken. Esango dinat, hura nolakoa den jakin dezanan. Eta jakinaren gainean egon hadin, nirekin hasten bahaiz. Hark ere hasi nahi izan zinan, zer ote dauka bere goiko ganbara horretan. Agian gu salatu nahian zebilenan. Zaintzen ari zunan behin, gu lanean ari ginela. Eta zer esango eta ez duela segitu nahi, bera gizon prestua dela. Horrek badin ttanttoa. Orduan nik, segitu beharra daukak. Eta gero autoan gurekin joan behar, eta nik jakin ez harekin zer egin, beti izan din ahozulo handia, eta horra, atzetik auto bat dugula eta neure artean, orain bukatuko zaizkik, txikito, gizon prestua haizela eta fanfarroikeria guztiak. Eta han zoan, autotik behera. Orain badakin, besoarena.»

        Esku izoztuak, oin izoztuak, hau izan zunan. «Eta orain etzan hadi, eta goxoa izan, behar den bezala.» Hau hiltzaile bat dun. «Zakur zikina, bilaua.» Reinholdek irribarretsu: «Horra. Ito hadi orain garrasika.» Nire esana egingo dun. Miezek marruka, negarrez: «Zakurra, heuk hil nahi huen, zorigaitza ekarri diok eta orain ni nahi nauk, zerri apotea.» «Bai, hi nahi haunat.» «Zerri apotea. Karkaxa botako nikek.» Hark ahoa itxi eta: «Ba ote?» Mieze more dago, haren eskua bihurritzen: «Hiltzailea, lagundu, Franz, Franzeken, etorri.»

        Bere aldia! Bere aldia! Gauza bakoitzak bere aldia. Itotzeak eta sendatzeak, apurtzeak eta eraikitzeak, urratzeak eta josteak, bere aldia. Miezek bere burua lurrera botatzen du, alde egin nahian. Txokoan ari dira borrokan. Lagundu, Franz.

        Ondo antolatuko dinagu, ederra sartuko zionagu hire Franzi, aste guztirako adina izango din. «Joan nahi diat.» «Joan hadi ba. Askok joan nahi izan diten.»

        Miezeren bizkar gainean belauniko jarri, eskuak haren lepoan, erpuruak garondoan, haren gorputzak dardara egiten du, dardara egiten du, haren gorputzak dardara egiten du. Bere aldia, jaiotzeak eta hiltzeak, jaiotzeak eta hiltzeak, gauza bakoitzak.

        Niri hiltzaile esaka eta hona ekarri naun, niri adarra jo nahian ala, nazkantea, orain ezagutuko dun Reinhold.

        Indarra, indarra, segaria da, Jainko handiaren indarra dario. Askatu. Mieze okertzen da, inarrosten da, jotzen du atzeraka. Orain dena gozo-gozo, gero zakurrak etorri eta jan ditzatela hire hondarrak.

        Haren gorputzak dar-dar egiten du, dar-dar, Miezeren gorputzak. Ni hiltzaile, orain ikusiko dun, berak erakutsiko zinan hori, hire Franz laztanak.

        Orduan abereari garondoan mazokada jo eta labanarekin irekitzen dira lepoaren bi aldeetako arteriak. Metalezko pazietan biltzen da odola.

        Zortziak dira, basoa ilun samar dago. Zuhaitzak kulunkan, balantzan. Lan gogorra izan duk. Oraindik ari al da hizketan? Ez dik ja arnasestu egiten, urde honek. Hara zer pasatzen den, ziztrin batekin eskurtsioan joanda.

        Sasia bota gainera, musuzapia ondoko zuhaitzean, gero berriz topatzeko, egin ditiat honekikoak, non da Karl, haren beharra zeukaat. Handik ordubetera atzera Karlekin etorri, hau duk exkaxa, ikara zeukak, belaunak kolokan, holako ezjakin batekin aritu beharra ere. Ilun-ilun dago, esku-argiekin ari dira bila, horra musuzapia. Palak dakartzate autotik. Gorputza ehortzi, bota area, bota sasia, oinatzik ez, hi, desegin ondo, baina bizkarra zutik, Karl, barruan dagoena hi haizela ematen dik.

        «To nire pasaportea, pasaporte ona, Karl, eta hemen duk dirua eta ezkuta hadi, saltsa dagoen bitartean. Jasoko duk dirua, lasai. Helbidea, beti Pums. Banoak. Ni inork ez naik ikusi eta hiri ezin diate ezer egin, badaukak koartada eta. Kito, ospa.»

        Zuhaitzak kulunkan, balantzan. Gauza bakoitzak, gauza bakoitzak.

        Ilunpe bizia dago. Aurpegia mailatuta dauka, hortzak mailatuta, begiak mailatuta, ahoa, ezpainak, mingaina, lepoa, sabela, hankak, magala, hirea nauk, kontsola nazak, Stettin geltokiko kuartela, Aschinger, ondoezik nagok, aupa, laster gaitun etxean, hirea nauk.

        Zuhaitzak kulunkan, haizea hasten du. Huh, hua, huhuuuh. Gaua aurrera doa. Sabela mailatuta, begiak, ezpainak, ahoa, aupa, laster gaitun etxean, hirea nauk. Zuhaitz batek intziri egiten du basoaren ertzean. Huh, hua, huh, uu, uh, ekaitza da, danborrekin eta flautekin dator, orain basoaren goialdean dago, orain jaisten da, txistua jotzen duenean behean dago. Sasitik dator lantua. Badirudi zerbait urratzen dela, zakur batek giltzapean bezala ulu, txilio eta antsia, entzun zer antsia, norbaitek zapalduko zuen, baina takoiarekin, isildu da berriro.

        Huh, hua, huhuuuh, hemen da berriro ekaitza, gaua da, basoa lasai dago, zuhaitza zuhaitzaren alboan. Bakean hazi dira, artalde baten antzera daude elkartuta, hain elkartuta daudenean ez zaie ekaitza hain aise hurbiltzen, kanpokoek bakarrik sinetsi behar dute hartan, eta ahulek ere bai. Egon gaitezen elkarren ondoan, geldi-geldi, gaua da, joan da eguzkia, huh, huah, uu, huh, berriro hasi da, hor da, behean dago eta goian eta inguru guztian. Argi gorri horixka zeruan eta berriro gaua, argi gorri horixka, gaua, antsia eta txistua indartzen da. Ertzekoek badakite zer datorkien, antsia egiten dute, eta belarrak ere bai, baina hura makur daiteke, aira daiteke, baina zer egin dezakete zuhaitz lodiek. Eta bat-batean haizea gelditzen da, ez du jotzen, baretu da, baina haiek txilio egiten dute oraindik, zer egingo ote du orain.

        Etxe bat bota nahi denean ezin da esku hutsarekin egin, mailutzar bat hartu behar da edo lurpean dinamita sartu. Haizeak bularra apur bat zabaltzea besterik ez du egiten. Ikusi, arnasa hartu, eta gero bota, huh, huah, uhuuhuh, hartu, bota, huh, huah, uhuuhuh. Arnasa bakoitza mendia bezain astuna da, bota, huh, huah, uhuuhuh, mendia aurrera, atzera, bota, huh, huah, uhuuhuh. Joan eta etorri. Arnasa pisu bat da, bala bat, jo eta basorantz doana. Eta basoa, artalde baten antzera geratzen denean muino gainean, haizeak artaldea inguratu eta alderik alde astintzen du.

        Orain hasten da: bummbumm, danborrik gabe eta flautarik gabe. Zuhaitzak ezker-eskuin mugitzen dira. Bummbumm. Baina ez dira konpasean ari. Zuhaitzak ezkerretan daudenean, ezkerretara bumm doakie, eta haiek kraska, kirrinka, zirt, zart, zapart, eztanda, danba. Buum egiten du ekaitzak, ezkerretara okertu behar duzu. Huhhuah, uu, huh, atzera, bukatu da, joan da, une egokiaren zain egon behar da. Bumm, hor da berriro, kontuz, bumm, bumm, bumm, horiek hegazkinetako bonbak dira, basoa erraustu nahi du, baso guztia zanpatu nahi du.

        Zuhaitzak uluka eta kulunka, zapart, apurtu, kirrinka, bumm, hil edo bizi, bumm, bumm, joan da eguzkia, pisuak goitik behera, gaua, bumm bumm.

        Hirea nauk, goazen, laster gaitun han, hirea nauk. Bumm bumm.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia