SEIGARREN LIBURUA

 

        Franz Biberkopf, edateari utzita eta gordeta dakusazue orain. Barrez dakusazue orain: gerrikoa estutu beharra dago. Sutan dago behartu dutelako, ez du beste inork behartuko, ezta indartsuenak ere. Ukabila altxatzen du botere ilunaren kontra, bere kontra zerbait zutitzen dela sentitzen du, baina ezin du ikusi, oraindik jasan behar du mailukadaren danbatekoa.

 

 

        Ez da etsitzekoa. Istorio hau kontatzen ari naizela eta bere bukaera gogor, beldurgarri, samineraino daramadala, askotan erabiliko dut esaera hori: ez da etsitzekoa. Izan ere, nik aipatzen dudan gizona ez da gizon arrunta, baina aldi berean gizon arrunta da ongi ulertzen diogun heinean, eta batzuetan esaten dugu: bera bezalaxe ibil gintezkeen geu ere, eta berak bezalakoak ezagutu. Istorio hau ez dudala isilduko hitzeman dut, ohikoa ez den arren.

        Egia garratza da nik Franz Biberkopfi buruz diodana, nola atera zen etxetik errezelorik gabe, parte hartu zuen lapurreta batean nahiezik, eta bota zuten auto baten aurrean. Gurpilen azpian dago, nor eta, zalantzarik gabe, ahalegin finenak egin dituena bide zuzen, zilegi eta legezkoan ibiltzeko. Baina ez al da etsitzekoa, zer zentzu du zentzugabekeria lotsagaldu, nazkagarri eta dohakabe honek, zer zentzu faltsu eman behar zaio, eta hori izango ote da Franz Biberkopfen patua?

        Nik diot: ez da etsitzekoa. Nik badakit zerbait, hau irakurtzen duten batzuek agian badakite zerbait. Hemen errebelazio bat ari da gertatzen pixkanaka, Franzek ezagutuko duen bezala ezagutuko duzue, eta orduan dena argituko da.

 

 

Gaizki irabazia, ongi iragazia

 

        Sasoian zegoenez, Reinholdek aurrera jarraitu zuen. Astelehen eguerdi arte ez zen etxeratu. Zabal dezagun, anaia-arreba maiteok, maitasunezko mantu bat, 10 metro karratukoa, denbora tarte horren gainean. Aurrekoaren gainean, zoritxarrez, ezin izan dugu. Aski dugu zehaztea, astelehen goizean eguzkia zuzen atera zela eta gero poliki-poliki betiko zalaparta hasi zela Berlinen... eta eguerdiko ordu batean puntuan, beraz 13:00etan, Reinholdek etxetik bota zuela alferrikako Trude hura, etxekoia izanik ez baitzuen joan nahi. Zer ederra asteburua, tuli tuli, akerrak ahuntzari, tuli tuli. Beste kontalari batek segur aski zigorren bat pentsatuko zukeen orain Reinholdentzat, baina nik zer egin dezaket, ez zuen halakorik jaso. Reinhold alai zegoen eta, bere alaitasuna handitzeko, are gehiago alaitzeko, kalera bota zuen Trude, izatez etxekoia izanik ez baitzuen joan nahi. Reinholdek berak ere ez zuen nahi baina, nahiezik bada ere, automatikoki bezala gertatu zen, batez ere bere mesozefaloak eraginda: zeharo mozkorra zegoelako. Hala, patuak ere lagundu zion. Alkohol gehiegia da aurreko gauari buruz aipatzeke utzi dugun gauzetako bat, ahalik eta aurrera egiteko baztertu behar ditugu bizkor-bizkor alderdi batzuk. Reinhold, erkitu hura, Franzek txorotzat zeukana, sekula emakume bati hitz gogor edo zakar bat esateko gauza ez zena, gauza izan zen, eguerdiko 13:00etan, Truderi sekulako jipoia emateko, kalparretik tiratzeko, ispilu bat gainean apurtzeko, hori dena egiteko gauza izan zen, eta azkenik, andrea garrasika ari zela, basaki jo zuen ahoan, eta iluntzean, medikutara joanda, erabat handitua zeukan. Ordu gutxiren barruan neskak bere edertasun guztia galdu zuen, Reinholden eraso zakarragatik, eta hura salatzeko asmoa zeukan. Oraingoz, ezpainetan ukendua eman eta itxirik atxiki zion ahoari. Hori dena, esan bezala, egiteko gauza izan zen Reinhold, izan ere baso pare bat pattarrek garuna narkotizatu eta, ondorioz, eskuak libre geratu zitzaizkion bere mesozefaloari, huraxe izanik, oro har, bere parterik abilena.

        Reinhold bera, arratsalde bukaeran ondoezik baina bere onera etorri zenean, erabat txunditu zen, bere etxean aldaketa mesedegarriak antzemanda. Nonbait, Trude joana zen. Eta gainera erabat. Kutxa ere joana baitzen. Areago, ispilua puskatua zegoen eta norbaitek narras bota zuen lurrera txistua, eta gainera odoldua. Reinholdek inguruko txikizioa aztertu zuen. Bere ahoa lehenean zen, beraz Trudek bota zuen txistua, eta berak astindu zion muturra. Horrek bere umorea eta estimua handitu, eta algaraz hasi zen. Ispilu zati bat hartu eta hara begiratu zuen: kontxo, Reinhold, lortu duk, ezinezkoa ematen zian! Reinholdchen, Reinholdchen! Haren poza. Zartadak eman zizkien bere masailei.

        Pentsatzen jarri zen: beste batek kaleratu ote du, Franzek edo? Oraindik ez zeuzkan batere argi arratsaldeko eta gaueko kontuak. Fidagaitz joan zen etxekoandreagana, hitzontzi ederra, eta hasi zen hura tentatzen: «Gaur istilu handia izan dela nire etxean, ezta?» Orduan lehertu zen hura: oso ondo egin zuela Truderekin, alfer zuria zela hura, azpiko gona ere lisatzen ez zuena. Zer, azpiko gona erabiltzen al du, hori jasanezina zen. Bera izan zen, beraz. Zorion betean zegoen Reinhold. Eta orduantxe gogoratu zitzaion ere arratsaldeko eta gaueko guztia. Irteera ederra, bilketa polita, Franz Biberkopf potoloari ziria sartu eta, espero behintzat, auto batek jo eta hil, eta Trude kanpora. Hori atarramentua, hori!

        Zer egin orain? Lehenbizi apain-apain jantzi gauerako. Zer eta pattar kontuak niri. Nik ez nuela nahi eta ez nuela nahi eta txorakeriak. Horrek indarra ematen dik, alde ederra diagu orain.

        Aldatzen ari dela, norbait dator Pumsek bidalita, zurrumurru eta txutxumutxu eta zeharo nahasita eta hanka batetik bestera saltoka eta Reinholdek berehala joan behar duela tabernara. Ordubete osoa pasatzen da, ordea, gure Reinhold jaitsi arte. Gaur emakumetan aritzeko eguna da, gaur Pumsek pums egitea du. Taberna aldean beldurrez airean daude denak, Reinholdek jukutria gaiztoa egin die Biberkopfekin. Ez bada hil, denok salduko gaitik. Eta hil bada, enetxoa, gureak egin dik. Haren etxean galdetuko ditek, eta auskalo zer zabaltzen den.

        Baina Reinhold zoriontsu dago eta zoriona ez doakio. Berarekin jai dute. Gogoan duen egunik zoriontsuena da. Orain pattarra dauka eta emakumeak hartu eta bota ditzake, nahi hainbat. Berriro ere denak bidaliko ditu, horixe da berriena eta ederrena. Berehala nahi du irteera bat egin, baina Pumstarrek ez diote joaten uzten, hitzeman arte bizpahiru egun igaroko dituela haiekin Weissenseen eta gordeta egongo dela. Jakin beharra daukate Franzekin zer pasatu den zehatz, eta zer ondorio dituzten. Bueno, Reinholdek hitzematen die.

        Eta gau horretantxe ahaztu eta ateratzen da kalera. Baina ez zaio ezer gertatzen. Besteak Weissenseeko zuloan daude sartuta, beldurrez dardarka. Hurrengo egunean ezkutuan datozkio bila, baina berak Karla izeneko batengana joan behar du, hura baitu bezperako aurkikuntza berria.

        Eta Reinholdek arrazoi du. Ez da Franz Biberkopfen inongo berririk. Ez inon ikusi, ez inon ezer entzun hari buruz. Mundutik arras desagertua. Ba ederki. Tipi-tapa, denak itzuli eta pozik biltzen dira beren habietara.

        Reinholden gelan, ordea, erre eta erre ari da Karla delakoa, ile lasto-koloreduna, hiru botila handi pattar ekarri dituena. Reinholdek txurrut batzuk hartzen ditu, andreak handiagoak, batzuetan itzelak. Berekiko pentsatzen du: edan ezan, bai, nik ere edango dinat garaia iristen denean, eta orduan hor konpon mari-anton.

 

        Irakurle zenbait kezkatuta daude Cillygatik. Zer egingo du neska gaixoak Franz ez badago, hura bizi ez eta hil bada eta ez badago? O, egingo du aurrera, ez kezkatu, ez daukazue beragatik batere kezkatu beharrik, bera bezalakoak erori eta beti zutik geratzen dira. Cillyk, esate baterako, oraindik bi egunerako dauka dirua eta asteartean topo egin zuen, pentsatzen nuen nik, Reinholdekin, neskatan dabilela, Berlin erdiko poxpolina, benetako zetazko alkandora bat daramala. Eta hura ikusita, Cilly zeharo harritu eta ez daki berriro maitemindu den gizasemearekin ala kontuak behin eta betiko garbitu nahi dituen harekin.

        Berak, Schillerren antzera edo, tunikan darama daga. Sukaldeko ganibet bat besterik ez da berez, baina goitik beherako on bat eman nahi dio Reinholdi bere zitalkeriengatik, berdin dio non. Orain harekin dago etxe atarian eta hura jator ari zaio berbetan, bi arrosa gorri, musu hotz bat. Eta pentsatzen du: ari hadi, bai, berbetan, ederra hartzeko hago. Baina non? Horrek nahasten du. Ezin noski hain oihal fina zulatu, gizonaren modeloa hain da apaina eta hain geratzen zaio zoragarri. Harengatik galdu du Franz, diotso, haren ondoan tipi-tapa doala kalean zehar. Zer ba? Franz ez da etxera agertzen, gaur arte ez da agertu, eta ez zaio ezer gertatu eta gainera Trude joana da Reinholden etxetik. Beraz argi eta garbi dago eta ez ezetzik esan, Reinholdek berotu eta Franzek Truderekin alde egin du, horixe bakarrik behar genuen.

 

        Reinhold harritua dago, hark hori dena hain agudo jakin duelako. Zera, beraren etxera igo da Cilly lehenxeago, eta Truderekin izandako istiluarena kontatu dio etxekoandreak. Hi haiz bilaua, botatzen dio Cillyk, bere buruari haizea eman nahian labanari heltzeko, beste bat aurkitu duk berriro, antzematen diat.

        Reinholdek 10 metrotik igartzen dio: 1. honek ez zeukak sosik, 2. Franzekin sutan zegok, eta 3. ni maite naik, hain nauk ederra. Janzkera honekin emakume guztiek maite dute, batez ere errepika nahi dutenek, berrestreinua edo. 1. puntua dela eta, hamar marko ematen dizkio. 2.a dela eta, berak ere madarikatzen du Franz Biberkopf. Berak ere jakin nahi luke nora ezkutatu den. (Kontzientziako harrak, non dira kontzientziako harrak, Orestes eta Klitemnestra, Reinholdek ez du bi jaun-andre horien izena ere ezagutzen, berak nahi lukeen bakarra, benetan eta barrutik, Franz gorputz egotea da, haren arrastorik ez dadila aurkitu.) Baina Cillyk ere ez daki non dagoen Franz, eta horrek adierazten du, arrazoitzen du Reinholdek hunkiturik, harenak egin duela. Eta ondoren Reinholdek jator diotso, 3. puntua dela eta, maitasunezko kasu errepikatuei buruz: orain hartua nagon, galdeidan berriro maiatzean. Erotu al zaik, ekiten dio Cillyk, pozez sinetsi ezinik. Dena dun posible nirekin, Reinholdek irribarretsu esan, adio egin eta jarraitzen du paseatzen. Reinhold, o Reinhold, hi haiz ene zalduna, Reinhold, ene Reinhold, ene bihotz kuttuna.

        Reinholdek taberna aurre bakoitzean eskerrak ematen dizkio Sortzaileari, pattarragatik. Taberna guztiak itxi edo Alemanian lehorraren legea ezartzen badute, zer egin? Zera, aldez aurretik hornitu behar. Agudo egingo diagu hori. Ni azkarra nauk, pentsatzen du dendan dagoen bitartean, batekoak eta bestekoak erosten. Badaki prosenzefaloa daukala, eta beharra baldin badago mesozefaloa ere bai.

        Honenbestez amaitu da, oraingoz behintzat, igandetik astelehenera bitarteko gaua Reinholdentzat. Eta oraindik galdetzen duenak ea munduan justiziarik dagoen, erantzun honekin beharko du: oraingoz ez, ostiral arte behintzat.

 

 

Igande gaua, astelehena, apirilak 9

 

        Automobil partikular handia, hara sartu baitute Franz Biberkopf ­konorterik gabe, kloroformoa, morfina eta eskopolamina ipini dizkiote­ ziztuan doa azken bi orduetan. Iritsi dira Magdeburgera. Eliza-ondo batean kanporatu eta bi gizonek gogor jotzen dute erietxeko txirrina. Gauean bertan operatzen dute. Eskuineko besoa sorbaldako junturatik zerratu eta sorbaldako zenbait hezur mozten dizkiote, ez dira larriak, lehen begiratuan behintzat, bularreko eta eskuineko izterreko mailatuak. Litekeena da barruko zauriak egotea, agian urratu txiki bat gibelean, baina gauza handirik ez. Itxaron beharra. Odol asko galdu du? Non aurkitu duzue? XY errepidean, han zeukan motoa, atzetik harrapatuko zuten. Ez duzue autoa ikusi? Ez. Topatu dugunean etzanda zegoen, z-n banandu gara, berak ezkerrera hartu du. Ezagutzen dugu lekua, oso iluna. Bai, hantxe gertatu da. Hemen jarraituko duzue? Bai, beste egun pare batean; koinatua dut, gaur edo bihar etorriko zaio emaztea. Horko horretan hartu dugu ostatua, badaezpada gure beharra baldin baduzue. Operazio-salaren ate aurrean berriro diotse bi gizonetako batek erietxekoei: izugarria da, baina arren eta arren, nahiago genuke kontua zabalduko ez bazenute. Bere onera etortzen den arte itxarongo dugu, ea zer irizten dion. Ez da batere auzi-zalea. Izan ere... berak ere harrapatu zuen norbait, eta nerbioak... Nahi duzuena. Ondo jartzea da aurreneko gauza.

        Hamaiketan aldatzen dizkiote bendak. Astelehen goiza da ­orduantxe, ezbeharraren eragileak deiadarka daude, Reinhold ere bai, pozik eta mozkor-mozkor eginda Weissenseeko estalgilearen habian­, Franz guztiz esna dago, ohe eder batean, gela eder batean, bularra estu eta izugarri zapaldua nabari du, non dagoen galdetzen dio erizainari. Hark gaueko erizainari entzuna diotso eta aurreko elkarrizketatik iritsi zaiona. Esna dago. Dena ulertzen du, eskuineko sorbalda ukitu nahi du. Eskua berriro atzeratzen dio erizainak: geldi-geldi egon. Bere mahukatik odola joan zen kaleko lokatz artera, nabaritu zuen. Gero jendea agertu zen bere ondoan, eta une hartan zerbait gertatu zitzaion barrenean. Une hartan zerbait pasatu zitzaion Franzi. Zer pasatu zitzaion Franzi une hartan? Erabaki bat hartu zuen. Bülowplatzeko ezkaratzean Reinholdek emandako besokada latzek dardarka utzi zuten, azpiko lurra dardarka eduki zuen, Franzek ez zuen ezer ulertzen.

        Kotxean zihoala, lurrak dardarka segitzen zuen, Franzek ez zuen konturatu nahi, baina hala zen.

        Lokatz artean zegoela, handik bost minutura, zera hura mugitu zen bere barruan. Zerbait urratu zen, eten zen eta hotsa atera zuen, hotsa. Franz harri eta zur dago, jabetzen da, auto batek harrapatu naik, lasai eta bare dago. Franz konturatzen da, pikutara noak... eta aginduak ematen ditu. Agian jota geratuko nauk, berdin ziok, baina ez nauk jota geratuko. Aurrera. Bere galtzen uhalekin lotzen diote besoa. Gero Pankow erietxera eraman nahi dute. Baina ehiza-zakurrak bezala erreparatzen die mugimendu guztiei: ez, erietxera ez, eta helbide bat aipatzen du. Zer helbide? Elsasser Strasse, Herbert Wischow, garai bateko laguna, Tegelekoa baino lehen! Une hartan datorkio helbidea. Bere barruko zera hura mugitzen da, lokatz artean dagoela, urratzen du, eteten du, hots eta hots. Une hartan sortu zaio bultzada, ez dago inongo zalantzarik.

        Ez nazatela atzeman. Seguru dago, Herbert oraindik han bizi da eta orain etxean dago. Jendea lasterka doa Elsasser Strasseko tabernan zehar, Herbert Wischow izeneko batez galdezka. Han zutitzen da gizon gazte argal bat andre eder beltzaran baten ondoan, zer pasatzen da, zer, hor kanpoko kotxean, haiekin doa lasterka kotxera, neska atzetik, eta taberna erdia ere bai. Franzek badaki nor datorren orain. Aginduak ematen ari da.

        Franzek eta Herbertek elkar ezagutu, Franzek hamar hitz xuxurlatzen dizkio, besteek leku egiten diete. Franz tabernaren atzeko ohe batean jarri, mediku bat ekarri, eta Evak, beltzaran ederrak, dirua dakar. Arropak aldatzen dizkiote. Istripua gertatu eta handik ordubetera, kotxe partikular batean doaz Berlindik Magdeburgera.

        Herbert eguerdian klinikara etorri eta Franzekin jarduteko modua dauka. Franz ez da egun bakar batean ere alferrik egongo klinikan, astebete barru itzuliko da Wischow, bitartean Eva Magdeburgen jarri da.

        Franz irmo dago etzanda. Mendean dauka bere burua. Fitsik ere ez du lehenean pentsatzen. Soilik ordu bietan, bisitaren ostean, andre bat datorrela adierazi eta Eva sartzen denean tulipekin, negar batean hasten da, negarrez eta zotinka, eta Evak eskuoihal batekin xukatu behar dio aurpegia. Franzek ezpainak miaztu, begiak kizkurtu, hortzak estutzen ditu. Baina masaile-zurrak dardar egiten dio, zotinka hasi behar du berriro, eta kanpoko erizainak zerbait aditu, atea jo eta Evari eskatzen dio arren joateko gaurkoz, ikustaldiak gehiegi nekatzen duela gaixoa eta.

        Biharamunean erabat lasai dago Franz, irribarre egiten dio Evari. Handik bi astera daramate. Berriro Berlinen da. Berriro Berlin arnasten du. Berriro ikusi Elsasser Strasseko etxeak eta zerbait mugitzen zaio barruan, baina ez du zotinik egiten. Gogoan du igande arratsalde hura Cillyrekin, ezkilen errepika, ezkilen errepika eta hemen etxean nagok eta zerbait zeukaat zain eta zerbait zeukaat gauzatzeko, zerbait pasatuko duk. Ongi aski daki hori Franz Biberkopfek, eta ez da mugitzen eta lasai uzten du autotik atera dezaten.

        Zerbait zeukaat egiteko, zerbait pasatuko duk, ez nauk ihesi joango, ni Franz Biberkopf nauk. Hala, etxean sartzen dute, bere lagun Herbert Wischowena, bere buruari agente deitzen diona. Kezkarik gabeko segurtasun berbera erne zitzaion, kotxetik behera joan zenean.

 

        Abere-hiltegiko berri: txerriak 11.543, behiak 2.016, zekorrak 920, ardiak 14.450. Sast jo eta lurrera.

        Txerriak, behiak, zekorrak hiltzen dituzte. Zertarako arduratu horretaz. Zertan gara? Gara?

 

        Franzen ohean dago Eva eserita, Wischow behin eta berriro ari da: nor izan da, aizak, nola gertatu da? Franzek txintik ez. Burdinazko kaiola bat eraiki du inguruan, bera barruan dago eta ez dio inori sartzen uzten.

        Eva, Herbert eta bere laguna Emil elkartu dira. Gau hartan auto batek Franz harrapatu zuenetik, ez diote gizonari tankerarik ematen. Autoak harrapatu ez ezik, badago hor beste zerbait, zertan zebilen 10etan iparrean, 10etan ez du egunkaririk saltzen, gainera han ez da inor ibiltzen. Herbertek bereari eusten dio: Franzek azioren bat egin nahi, gaizki atera, eta orain lotsatuta dago, bere egunkari zikin horiekin jarraitu ez duelako, eta gainera badaude beste batzuk ere tartean, salatu nahi ez dituenak. Evak berdin deritza, azioren bat egin nahi izan du, baina nola gertatu da, elbarri geratu da. Jakingo dugu nola edo hala.

        Jakiten dute, Franzek bere azken helbidea ematen dionean Evari, bere kutxa ekar dezaten, baina nora esan gabe. Horretan trebeak dira Herbert eta Emil, etxekoandreak ez die kutxa eman nahi, baina 5 markorengatik ameto eman, eta segitzen du purrustan: egunbizbehin datoz Franzengatik galdezka, ea nor, ba Pums eta Reinhold eta. Pums, beraz. Orain badakite. Pumstarrak. Eva bere onetik atera da, Wischow ere sutan dago: berriro saltsan hasi eta, zergatik Pumsekin? Baina noski, gero gu zintzoak; lehenbizi haiekin joan, eta orain elbarri zegon, erdi hilda, bestela latzak esango nizkioken.

        Evak bere buruari gogor egin dio han egoteko, Herbert Wischow kontuak argitzen hasi denean Franzekin, bertan da Emil ere, milako eder bat kostatu zaio gorabehera.

        «Bueno, Franz», hasten da Herbert, «egin duk onera. Orain badaukak altxatzea eta... zer asmo duk? Pentsatu al duk?» Franzek bere aurpegi bizartsua harengana zuzendu eta: «Egon hadi, hanken gainean jartzen naizen arte.» «Bai, bai, ez haugu presatu nahi, ez pentsa. Nire etxean beti izango haiz ongietorria. Zergatik ez haiz gugana azaldu. Urtebete duk Tegeletik irten hintzela.» «Ez duk hainbeste.» «Ba urte erdia. Gutaz ezer jakin nahi ez, ala?»

        Etxeak, teilatuak irristan, patio altu iluna, oihuen trumoi-hotsa, tralaralarai, hori izan zen hasiera.

        Franz buruz gora dago, sabaiari begira: «Egunkariak saltzen ibili naiz. Zertarako ninduzuen.»

        Tartean sartzen da Emil, orroka: «Hi ez haiz ibili egunkariak saltzen.» Gezurtia. Evak lasaitzen du; Franzek antzematen du, hemen baduk zerbait, bazekitek zerbait, zer ote. «Egunkariak saltzen ibili naiz. Galdetu Mecki.» Wischowk: «Pentsatzen diat zer esango duen Meckek. Egunkariak saltzen ibili haizela. Pumsen jendeak ere saltzen ditik fruituak, zertxobait. Baina lapurreta egin ere bai. Heuk ere badakik.» «Nik ez. Ni egunkariak saltzen ibili nauk. Neure dirua irabazi diat. Galdetu Cillyri, egun osoan nirekin egoten zuan eta, zenbat ateratzen nuen.» «Egunean bi marko, edo hiru.» «Gehiago ere bai; niretzat aski, Herbert.»

        Besteak zalantzan daude. Franzen ondoan esertzen da Eva: «Esan, Franz, hik ezagutzen duk Pums.» «Bai.» Franzek ez du jada pentsatzen, hauek ni galdekatzen ari dituk, Franz gogoratzen da, bizi da. «Eta zer?» Evak laztantzen du: «Esan, zer ibili haiz Pumsekin.» Haren ondoko Herberti alde egiten dio: «Esan ezak lasai, motel. Nik bazekiat zer ibili haizen Pumsekin. Non izan zineten gau hartan. Hik uste duk ez dakidala. Hi ere tartean hintzen. Niri bost axola. Heure gauza duk. Haiengana jo huen, ondo ezagutzen dituk, zorritsu harengana, eta gugana ezta agertu ere.» Emilek garrasika: «Ikusten. Gu honetarako behar gaituk...» Herbertek keinu egiten dio. Franz negarrez ari da. Ez da klinikan bezain txarra, baina latza da ere. Negar eta zotin egiten du, eta batera eta bestera eragiten dio buruari. Kolpea eman zioten buruan, bultzada jaso zuen bularrean, gero atetik behera bota zuten, auto baten aurrera. Hark harrapatu zuen. Besoa galdu du. Elbarria da. Bi gizonak kanpora doaz. Lasai segitzen du zotinka. Evak behin eta berriro xukatzen dio aurpegia eskuoihalaz. Gero Franz lasai geratzen da, begiak itxita. Hari begira dago Eva, pentsatzen, lo zegon. Orduan hark begiak zabaldu, zeharo esna dago, esaten du: «Esaien sartzeko Herberti eta Emili.»

        Burumakur sartzen dira. Franzek galdetzen die: «Zer dakizue Pumsi buruz? Ezer badakizue hari buruz?» Beste hirurek elkarri begiratzen diote, ulertu ezinik. Evak besondoko bat ematen dio. «Baina Franz, hik ere ezagutzen duk.» «Bai, baina zuek hari buruz dakizuena jakin nahi dut.» Emilek: «Faltsu traidore bat dela eta bost urte besterik ez dituela igaro itzalean Sonnenburgen; bizitza osoa edo hamabost urte merezi zitian. Beti bere fruitu-gurdiekin.» Franzek: «Ez da bizi fruituetatik.» «Ez, okela ere jaten dik, eta erruz.» Herbertek: «Baina motel, Franz, hi ez haiz atzo goizean jaioa, heuk ere badakik, ikustea besterik ez zegok.» Franzek: «Nik uste nuen fruituak saltzetik bizi zela.» «Bueno, eta zertara joan hintzen berarekin igandean.» «Fruitu bila joan ginen, azokarako.» Franz lasai dago etzanda. Ondoraino makurtzen zaio Herbert, bertatik ikusteko. «Eta hik sinetsi?»

        Franz negarrez ari da berriro, oraingoan isil-isil, ahoa itxita. Eskailera jaitsi zuen, gizon bat helbideak bilatzen ari zen agendan, gero Pumsen etxean izan zen eta Pums andrea Cillyri abisu bat bidaltzekotan geratu zen. «Bai, noski, sinetsi nuen. Gero jabetu nintzen, zaintzeko jarri nindutela eta gero...»

        Hirurek hara eta hona begiratzen dute. Franzek dioena egia da, baina sinestezina. Evak besoa ukitzen dio: «Eta gero?» Franzek zabalik dauka ahoa, orain esan, orain jalkiko du, aurki esango du. Eta esaten du: «Gero nik atzera egin eta autotik bota ninduten, atzetik auto bat zetorkigulako.»

        Ixo, ez besterik esan, eta harrapatu ninduen, hila ez nagoenean, bertan akabatu nahi ninduten. Ez du zizpururik egiten, bere buruari eusten dio, hortzak estu, hankak luze.

        Hirurek entzun dute. Esan du. Egia osoa. Une honetan hirurek dakite. Segaria da, izena du Herio, Jainko handiaren indarra dario.

        Herbertek galdetzen dio ere: «Zera bakarrik esaidak, Franz, bagoazak eta: egunkariak saldu nahi hituelako ez al hintzen etorri gugana?»

        Ezin du hitz egin, eta pentsatzen du: bai, zintzo jokatu nahi nian. Zintzo jokatu diat azkena arte. Ez duzue beraz mindu behar, ez naizela etorri eta. Zuek nire lagun izaten jarraitu duzue, ez zaituztet saldu. Mutu geratzen da, besteak irteten dira.

        Gero, Franzek lo egitekoa hartu duenean berriro, beheko tabernan eserita daude eta hitzik ere esateko ez dira gauza. Ez diote elkarri begiratzen. Eva dardarka dago oraindik. Neskak gustura hartuko zukeen Franz, hura Idarekin zebilenean, baina hark ez zuen Ida utzi, nahiz eta Ida hasia zen Breslautarraren atzetik. Bera ongi dabil Herbertekin, zer-nahi-hura ematen dio hark... baina berak oraindik joera dauka Franzengana.

        Wischowk grog beroa ekarrarazi eta laster husten dute. Wischowk beste erronda bat eskatzen du. Eztarriek itxita jarraitzen dute. Evak jelatuta dauzka eskuak eta oinak, etengabe hotzikarak ditu garondoan eta lepoan, izterrak ere izozten zaizkio eta gurutzatzen ditu. Emilek burua besoen artean zabal kokatu, ahoan zerbait txikitu, mihia zurrupatu, txistua irentsi, eta gero lurrera bota behar du lerdea. Herbert Wischow, gaztea, tente dago eserita aulkian, zaldian bezala; teniente bat ematen du troparen aurrean, aurpegian zirkinik ez. Ez daude tabernan eserita, ez daude beren larruetan sartuta, Eva ez da Eva, Wischow ez da Wischow, Emil ez da Emil. Behera erori da beren inguruko horma bat, beste haize bat etorri da jarioan, ilunpea. Oraindik Franzen ohe ondoan daude eserita. Hotzikara bat doa berengandik Franzen oheraino.

        Segaria da, izena du Herio, Jainko handiaren indarra dario. Gaur ahoa zorroztu, hala hobeki moztu.

        Herbert mahai aldera jiratzen da, boz erlastuaz: «Nor izan da ordea?» Emilek: «Zer esan nahi duk?» Herbertek: «Autotik bota duena.» Evak: «Hitzemaidak, Herbert, harrapatzen baduk...» «Ez daukan esan beharrik. Munduan holakorik izan litekeenik ere. Ene, ene.» Emilek: «Pentsatzen ahal duk, Herbert.»

        Ez ezer entzun, ez ezer pentsatu. Evak dardarka dauzka belaunak, arren eskatzen du: «Herbert, egin zeozer, Emil.» Irten giro honetatik. Segaria da, izena du Herio. Herbertek tinko: «Zer egin, ez badakigu nor izan den. Lehenbizi, ea nor izan den. Behar izanez gero, behar izanez gero Pumsen banda guztia salatuko dinagu.» Evak: «Eta Franz ere bai?» «Behar izanez gero esan dinat. Franz, berez, ez zunan haietakoa, itsuak ere ikusiko liken, edozein epailek sinetsiko liken. Bazegon frogatzea: autotik bota zitenan. Bestela ez zitenan botako.» Herbertek ikara egiten du, zerri zikinak. Evak: «Niri agian esango zidak nor izan den.»

        Baina seko lo dagoena eta txintik atera ezin zaiona, hura Franz da. Utzi lasai, utzi lasai. Besorik ez, hura ez duk gehiago erneko. Autotik behera bota ninditean, burua behintzat utzi zidatek, aurrera egin behar diagu, gurdia lohi artetik atera. Lehenbizi, arrastaka ibiltzeko gai izan.

 

        Egun bero hauetan ikusgarri azkar bizkortzen da. Oraindik ez luke jaiki behar, baina zutitzen da eta itxuraz dabil. Herbertek eta Emilek, dezaketenak baitira, den-dena eskuratzen diote, Franzek zer-nahi-hura, eta medikuaren ustez komeni den guztia. Franzek hanken gainean ibili nahi du, aurrean jarritakoa jan eta edan, eta ez du galdetzen nondik duten dirua.

        Bitarte horretan badaude hizketa-saioak bera eta besteen artean, baina ezer larririk ez, haren aurrean ez dute Pums izendatu ere egiten. Tegeli buruz hitz egiten dute, eta askotan Idari buruz. Goxo eta triste hitz egiten dute Idari buruz, izan ere hain gazte izan eta hala bukatzea, baina Evak esaten du ere hura bide okerretik zebilela. Tegelekoa baino lehen bezala dago dena beren artean, eta inork ez daki edo ez du aipatzen ezen bitartean etxeek balantza egin dutela eta teilatuak irristan erortzear daudela, eta Franzek patioan kantatu eta hitzeman duela, bera Franz Biberkopf den bezala: zintzo jokatu nahi duela, eta lehengo kontuak bukatu direla, akabo.

        Franz lasai dago haien ondoan etzanda eta eserita. Aspaldiko hainbat ezagun ere badatoz, beren neskekin eta emazteekin. Ez dute ezer aipatzen, Franzekin jardunean, Tegeletik askatu orduko izan balu bezala istripua. Horretaz, mutilek ez dute galdetzen. Badakite zer den lan-istripu bat, pentsa dezakete. Saltsan sartzen denak, besoan balazo bat duela edo hankak hautsita bukatzen du. Bueno, halere okerragoa da Sonnenburgeko zopa urtsua edo tuberkulosiak jota lehertzea. Hori argi.

        Bien bitartean, Pumstarrek ere usaindu dute Franz non den. Izan ere, nork jaso du Franzen kutxa? Laster jakin dute, eta gainera ezagutzen dute. Eta Wischow ezertaz ohartzerako, igarri dute etxean daukala Franz Biberkopf, lagun zaharrak direla eta besoa bakarrik galdu duela, hori suertea, besterik ez, gizona hanken gainean dabilela, eta auskalo ez ote duen norbait salduko. Gutxigatik ez zioten ekin Reinholdi, txoro alaen hark Franz Biberkopf bezalako bat erantsi zielako. Baina ez da samurra Reinholden kontra zerbait egitea, ez lehen eta ez orain, Pums zaharra ere ez da haren ondora ausartzen. Beldurra ematen du haren begiratzeko erak, aurpegia horia eta bekokian zimur izugarri horiekin. Ez dabil ongi osasunez, ez da 50 urtera iritsiko, baina okerren bat dutenak dira arriskutsuenak. Gutxi fida, hark irribarre hotz batekin eskua sakelan sartu eta tiro egitea.

        Franzen arazoa eta hark bizirik jarraitzea, baina, arriskutsua da. Reinholdek soilik astintzen du burua, esanez: ez jarri urduri. Ez duk berehalakoan azalduko. Beso batekoa ez badu nahikoa, azaltzea dik. Guri bost axola. Burua galtzen badu ere.

        Ez dute zertan beldurtu Franzekin. Behin Evak eta Emilek bat hartu eta gogor egiten diote Franzi, alegia esateko zer pasatu zen eta nor izan zen, eta berak ezin badie bakarrik ekin, lagunduko diotela beste batzuek, horretarako jendea badagoela-eta Berlinen. Baina hori aipatzen diotenean, bera isildu eta keinu egiten die: uzteko. Gero zuri-zuri jarri eta gogor hartzen du arnasa, non eta ez den berriro negarrez hasten: alferrik da horretaz hitz egitea, zertarako, hortatik ez zait besoa haziko, ahal banu alde egingo nuke Berlindik, baina zer egin dezake elbarri batek? Evak: «Ez duk hori kontua, Franz, hi ez haiz elbarria, baina ezin duk onartu nola erabili hauten, kotxetik botatzea.» «Horretatik ez zaidan besoa haziko.» «Ba ordain dezatela.» «Zer?»

        Emilek orduan: «Edo dena delakoari burua txikitzen zioagu, edo haren elkartekoek, baldin badu behintzat, denen artean ordain dezatela. Horixe erabakiko diagu elkartekoekin. Edo babesten ditek, edo Pumsek eta kideek kalera botatzen ditek, eta lanak izango ditiate kide berriak aurkitzen eta aurrera egiten. Besoa ordaindu behar ditek. Eskuina da. Errenta ordaindu behar diate trukean.» Franzek burua astintzen du. «Zer hasten haiz burua astintzen. Kaskezurra puskatuko zioagu hori egin duenari, hori krimena duk, eta ezin bada salatu epaitegian, geuk egin beharko diagu.» Evak: «Franz ez zegoan inongo elkartetan, Emil. Entzun duk, parte hartu nahi ez eta hori egin ziotek.» «Eskubide osoa zinan, ez zegonan behartua. Noiztik derrigortu daiteke inor ezertara? Ez gaitun basatiak. Joan daitezela indiarren artera.»

        Franzek burua astintzen du: «Nigatik pagatu duzuena, azken pfennigeraino jasoko duzue.» «Ez diagu nahi, ez diagu horren premiarik, ez diagu behar. Kontua garbitu beharra zegok, demontre. Ezin duk hola eta hola geratu.»

        Evak ere tinko dio: «Ez, Franz, ez duk hola geratuko, nerbioak izorratu dizkiate eta ez haiz zentzuz hitz egiteko gauza. Baina fida hadi gurekin: guri ez ziguk Pumsek nerbiorik izorratu. Entzun ezak Herberten esana: harritzekoa izango duk, Berlingo odol-jarioa.» Emilek buruaz: «Bai horixe.»

        Franz Biberkopfek zuzen-zuzen begiratzen du, pentsatzen: hauen kontua berdin zaidak. Eta zerbait egiten badute ere berdin zaidak. Horretatik ez zaidak besoa haziko, eta gainera ondo zegok, besoa galdu izana. Hala behar zian, orain alferrik dituk zaunkak. Eta ez duk hori azkena.

        Eta hausnartzen hasten da, nola gertatu den: Reinholdek gorroto hartu, berak ez ziolako neska kendu nahi, eta horregatik bota zuen bera autotik behera, eta bukatu zuen Magdeburgeko klinikan. Berak zintzo jokatu nahi eta horra. Eta ohean gorputza luzatu eta ukabilak estutzen ditu tapakien gainean: horra ba. Ikusiko dugu hemendik aurrera. Ikusiko dugu.

        Eta Franzek ez du salatzen bera autotik bota duena. Lagunak lasai daude. Noizbait esango dielakoan.

 

 

Franz ez dago k.o., eta ez dute utziko k.o.

 

        Pumstarrak, diruz okituta, Berlindik aienatu dira. Haietako bi Oranienburg aldean dabiltza beren txabolan, eta Pums, berriz, Altheideko bainuetxean da asmarekin, makina koipetzen. Reinholdek txurrut-saioak egiten ditu, egunero pattartxo batzuk, gozatzen, ohitzen, zukua atera behar zaio bizitzari, eta zeharo txoroa iruditzen zaio hori gabe bizi izana hainbeste denboran, kafea eta limonada hutsarekin, hori ez zen bizitza. Milako pare baten jabe da Reinhold, inork ez dakiela. Horrekin zerbait egin nahi luke, baina ez daki zer. Besteak bezala txabolara behintzat ez. Emakume eder bat bildu du, ezagutu ditu hark garai hobeak, eta habiatxo fin bat alokatu dio Nürnberger Strassen, eta bera han gordetzen da, bere buruari haize eman nahi dionean edo giroa zakartzen denean. Hutsagainean bizi da, printzearen habia mendebalean, baita lehengo gela ere, noski, barruan andre bat dagoela, bi astero berria, nola utziko du ba mutilak antzerkia.

        Behin, maiatz bukaeran, Pumsen taldeko batzuek Berlinen topo egin eta Franz Biberkopfen gainean ere mintzatzen dira. Harengatik zurrumurruak egon omen dituk elkartean. Herbert Wischow horrek gure kontra altxatzen dik jendea, zerri zikin batzuk garela, Biberkopfek ez zuela gurekin bat egin nahi, behartu egin genuela, eta ondoren kotxetik bota genuela ere bai. Ba jakin dadila: denok salatu nahi gintian, ez gintuan indarka aritu, inork ez zioan heldu, baina gero ez diagu beste erremediorik izan. Eserita daude, buruari eragiten, inork ez du istilurik nahi elkartearekin. Eskuak lotuta bukatzen duk kale gorrian. Eta orduan irizten diote: borondate ona erakutsi behar diagu, Franzen izenean dirua bildu, azken batean beti zintzo jokatu baitik, arduratu beharra zegok senda dadin, eta ea erietxekoa zenbat kostatu den. Zuhurkeriak utzita.

        Reinholdek bereari eusten dio: harekikoak egitea onena. Besteei, berez, ez zaie gaizki iruditzen, baina ez da hain erraza norbait aurkitzea horretarako eta, beste aukera, gizaixo besobakarra bere kasa uztea da. Hari ekin eta ez dakizu zer pasatuko den gero, zera horrek sekulako suertea du. Hala, dirua bateratu, ehuneko batzuk, Reinhold da bakarra pfennig bat ere jartzen ez duena, eta baten batek joan beharra dauka Biberkopfengana, baina Herbert Wischow bertan ez dagoenean.

        Franz bakean ari da irakurtzen Mottenpost eta gero Grüne Post, huraxe gustatzen zaio gehien, batere politikarik ez dakarrelako. 1927ko azaroaren 27ko alea ari da aztertzen, garaitakoa, gabon aurrekoa, orduan zebilen bera Lina poloniarrarekin, zertan ote da hura? Egunkarian Kaisar ohiaren koinatu berriaren ezkontza, printzesak 61 urte ditu, mutilak 27, printzesari begi-bistako argia kostatuko zitzaion, senarra ez da-eta printze izango. Tiroen kontrako jaka blindatuak bizkartzainentzat, bai, eta nik sinetsi.

        Eva kanpoan errietan ari duk norbaitekin, norekin, hara, ahots hori ezaguna diat. Ez ziok sartzen utzi nahi, neu joango nauk ikustera. Eta Franzek atea zabaltzen du, Grüne Post eskuan duela. Schreiber da, Pumsen taldekoa.

        Zer dugu hemen? Evak gela barrura oihuka: «Herbert hemen ez dagoelako etorri duk, Franz.» «Zer nahi duk, Schreiber, zer behar duk nigandik, zer nahi duk?» «Sartzen uzteko esanagatik Evari, alferrik duk. Preso haukate ala?» «Zera edukiko naitek.» Evak: «Beldur zarete, salatuko ote zaituzten. Ez utzi sartzen, Franz.» Franzek: «Eta zer nahi duk ba, Schreiber? Sar hadi, utzion sartzen, Eva.»

        Franzen gelan daude eserita. Mahai gainean dago Grüne Post, Kaisar ohiaren koinatu berriaren ezkontza, buru gaineko koroari bi gizonek eusten diote atzean. Lehoi-ehiza ez baizik untxi-ehiza, egia esateko. «Zergatik eman nahi didazue dirua? Ez nizuen ezertan lagundu.» «Motel, zaintzen egon hintzen.» «Ez, Schreiber, ni ez ninduan zaintzen egon, nik ez nekian ezer, zuek jarri ninduzuen han, zer egin behar nuen ez nekiela.» Eskerrak ez nagoen han, ez nauk sekula gehiago patio ilun hartan egongo, pagatu eta guzti egingo nikek, han ez egotearren. «Ez, horiek txorakeriak dituk, eta ez duzue nitaz beldurtu beharrik, egundo ez diat inor saldu.» Evak ukabila erakusten dio Schreiberri: beste batzuk erne zeudek. Hik egin duk eskapada, hona etorrita. Ikusiko duk Herbertekin.

        Bat-batean izugarria gertatzen da. Schreiberrek galtzen patrikan eskua sartu, diruaren bitartez Franz bereganatzeko, baina Evak bestela uste du, alegia errebolberra atera eta Franz garbitu nahi duela, ezer esan ez dezan, Franzekikoak egitera doala. Eta Eva aulkitik zutitu, pareta bezain zuri, aurpegia izugarri okertuta, zorrotz garrasi egin, hanken gainera erori eta zutitzen da berriro. Franz ikaratu, Schreiber ikaratu, baina zer pasatzen da, zer du honek, ene. Mahaiari buelta emanez doa korrika Franzengana, bizkor, zer egin behar dut, tiro egingo zion, heriotza, bukaera, akabo dena, hiltzaile, munduaren azkena, ez dinat hil nahi, ez burua lehertu, akabo dena.

        Han dago Eva zutik, korrika, erortzen, Franzen aurrean jarri, zuri, marruka, gorputz guztia dardarka: «Hoa armairu atzera. Hiltzailea, lagundu, lagundu.» Ukabilak adinako begiekin egiten du marru: «Lagundu.» Bi gizonei izotza doakie hezurretan barrena. Franzek ez daki zer pasatzen den, mugimendua besterik ez du ikusten, zer ote dator orain... orduan ulertzen du: Schreiberrek patrikan dauka eskuineko eskua. Eta Franzi zalantza sortzen zaio. Patioan zaintzen zegoenean bezalaxe da, hastera doa berriro. Baina ez du nahi, ez horixe, ez du nahi, ez du nahi bera auto azpira botatzerik. Antsia egiten du. Aldentzen da Evagandik. Lurrean geratzen da Grüne Post, bulgariarra eta printzesaren ezkontza. Ea, lehenbizi aulkiari heldu. Ozen egiten du antsia. Schreiberri begira dagoenez eta aulkiari ez, iraultzen du aulkia. Aulkia hartu eta ekingo zioat. Hartu eta... autoz Magbeburgera, astintzen dute klinikako txirrina, Eva oraindik garrasika, aupa, salbatuko gaituk, aurrera goazak, ezina, ari gaituk bidea egiten. Franz makurtzen da aulkia hartzeko. Orduan Schreiber izutua aterantz oldartu, izuturik, hemen denak eroak zeudek. Korridorean ateak irekitzen dira.

        Beheko tabernan garrasiak eta iskanbila aditu dute. Bi gizon berehala igo eta eskaileran topo egiten dute Schreiberrekin, kanpora doala. Baina hark zentzua darabil eta oihu eta keinu egiten du: arin, mediku bat, atakea. Eta han doa, azeri alaena.

        Goiko gelan, Franz kordea galduta dago aulki ondoan. Eva kizkurtuta dago leihoaren eta armairuaren artean saiheska, kizkurtu eta garrasika, mamua ikusi balu bezala. Kontuz uzten dute Franz ohe gainean. Etxekoandreak ongi ezagutzen ditu Evaren ibilerak. Ura botatzen dio burutik behera. Orduan Evak emeki esaten du: «Opil bat.» Gizonek barre egiten dute: «Opil bat nahi du.» Etxekoandreak sorbaldetatik altxatu eta aulki baten gainean ipintzen dute: «Beti horixe esaten du, ematen dionean. Baina ez da inongo atakea. Nerbioak besterik ez dira, eta gaixo horrekin daukan madarikazioa. Lurrera eroriko zitzaion. Zergatik jaikitzen ote da. Beti jaiki nahian ari da, eta horrek larritzen du neska.» «Orduan zergatik joan da bestea oihuka, alegia atakea dela?» «Nor?» «Zera, gure albotik pasatu dena eskaileran.» «Inuzente bat delako. Nik ondo ezagutzen dut Eva, badira bost urte. Ama ere holakoxea du. Garrasika hasten denean, urak bakarrik balio du.»

        Iluntzean Herbert etxeratzean, Evari errebolber bat ematen dio, badaezpada, eta ez itxaroteko besteak tiro egin arte, orduan beranduegi dela. Berak ere berehala hanka egin eta Schreiberren atzetik hasten da, baina hura, jakina, ez da inon ageri. Pumstar guztiak oporretan dira, inork ez du saltsan sartu nahi. Schreiber ere bai, jakina, arrastorik utzi gabe. Franzentzako dirua berarentzat gorde eta Oranienburgera joan da, bere txabolara. Eta gainera Reinhold engainatu: Biberkopfek ez duela dirurik hartu nahi izan, baina Eva behintzat bildu duela, hari eman diola eskupetik, dena haren kontu. Ederki.

 

        Hala eta guztiz ere, iritsi da ekaina Berlinera. Beroak segitzen du eta euri itxura dauka. Gauza asko gertatzen dira munduan. «Italia» aireontzia, Nobile jeneralarekin, lurrera joan eta irratiz adierazi du non dagoen, hau da, Spitzbergetik ipar-ekialdera, baina zaila da hara inguratzea. Beste hegazkin batek zorte hobea izan du, 77 ordutan San Frantziskotik Australiara segidan joan eta ongi hartu du lur. Gainera, Espainiako erregeak eztabaidak ditu bere diktadore Primorekin, bueno, ea konpontzen den arazoa. Inpresio atsegin baten ondoren, eta gainera lehenbiziko begiradatik, Badengoa eta Suediakoa ezkontzera doaz: pospoloen herriko erreginaren sua piztu du Badengo printzeak. Pentsatzen jarrita zer urruti dauden Baden eta Suedia bata bestetik, harritzekoa da hainbesteko distantzia egon arren di-da gauzatzea. Bai, ni andre kontuetan beti belaxka, haiek dira nire hondamena, honi muxu, horri erregu eta hari begirada gordeena. Ba bai, ni andre kontuetan beti belaxka, gau eta egun ezinean, noizbait bukatzen bazait bazka, «agortua» idatziko dut bihotz aitzinean.

        Eta Charlie Ambergek gaineratzen du: nire betile bat hartu eta harekin zu jo eta garbitu. Gero ezpain-lapitz bat hartu eta harekin zu gorritu. Segitzen baduzu haserre, badakit zer agindu: arrautza frijitu bat eskatu eta zu espinakaz zikindu. Zu zu zu zu, arrautza frijitu bat eskatu eta zu espinakaz zikindu.

        Beraz, beroak segitzen du eta euri itxura dago, eguerdian 22 gradu Celsiuseraino. Giro honetan agertu da ere Rutowski, nesken hiltzailea, Berlingo epaitegi aurrera, bere burua zuritzera. Galdera da: seminarioko inspektore bati ihes egindako emaztea al da hil duten Else Arndt? Izan ere gizonak gutunetan posibletzat dauka, agian desiratzat, hil duten Else Arndt bere emazte izatea. Hala balitz, adierazpen inportanteak egingo lizkioke epaimahaiari. Objektibotasuna dabil airean, objektibotasuna dabil airean, dabil airean, eta dabil airean, airean. Zerbait txoroa dabil airean, zerbait hipnotikoa dabil airean, dabil airean, dabil airean, eta ez da joaten airetik.

        Datorren astelehenean inauguratuko dute, baina, tranbia elektrikoa. Burdinbideen Zuzendaritzak aitzakia horrekin berrituko du Arriskutsua, Erne, Kontuz, Ez igo, Ez Aurreratu, Zigortua Dago.

 

 

Altxa hadi, espiritu ahul, eta jarri hanken gainean

 

        Zenbait zorabio, gorputz biziaren heriotza baino ez dira. Bere zorabioan, Franz Biberkopf berriro ohean ipini dute, etzanda dago, etzanda egun beroetan eta ohartzen da: hilzorian nagok, igartzen diat, akabatzear. Ez baduk orain zerbait egiten, Franz, zerbait benetakoa, behin betikoa, erabakigarria, ez baduk eskuetan makila bat hartzen, sable bat, eta inguruak astintzen, ez baduk, nola edo hala, alde egiten, Franz, Franzeken, Biberköpfchen, tramankulu zahar, orduan hireak egin dik, akabo! Badaukak deitzea Grieneisenera, hire neurriak har ditzaten.

        Bere intziria: ez diat nahi eta ez diat nahi eta ez nauk lehertuko. Begiratzen du gelan zehar, hormako erlojua tiki-taka, oraindik hemen nagok, oraindik hemen, nirekikoak egin nahi ditiztek, gutxigatik ez naik Schreiberrek tiroka garbitu, baina egon hadi horretan. Geratzen zaion beso bakarra altxatzen du: egon hadi horretan.

        Eta benetako izua nagusitzen zaio. Ez da etzanda geratzen. Kalean lehertzen bada ere jaiki beharra dauka ohetik, irten beharra dauka. Zoppotera joan da Herbert Wischow, beltzaranarekin. Neskak uzta zaharreko zaldun aberats bat dauka, burtsazale bat, haren sakela husten ari da. Herbert Wischow, berriz, inkognito moduan dabil, Evak ongi egiten du lan, egunero batzen dira, elkarrekin ibili eta aparte lotaratu. Udako giro ederrean dabil berriro Franz Biberkopf kalean, berriro bakarrik, Franz Biberkopf bakartia, balantzati, baina badoa. Kobra, ikustazue, narrasean, lasterka, zauritua dago. Oraindik ere lehengo kobra zaharra da, betazpi beltzak eduki arren, eta iharra eta erasana dago piztia lodia.

        Badu zerbait adiskide zaharrak, gela-zuloan ez lehertzeagatik orain kalean zehar arrastaka doanak, badu zerbait adiskide zaharrak, heriotzatik ihesi doanak, lehen baino argiago. Bizitzak balio izan dio zerbaiterako. Orain airea usnatzen du, kaleak usaintzen ditu, ea oraindik bereak diren, ea bera onartzen duten. Aho zabalik begiratzen die posterren zutoinei, berebizikoak bailiran. Bai, mutiko, orain ez hoa oso urruti bi hanken gainean, orain atzaparrekin heltzen diok, tinko eusten diok, orain hire hortz eta hatz guztiak bildu eta tente jartzen haiz, pikutara ez joateko.

        Bizitza hau infernu hutsa duk, ezta? Antzeman huen beste hartan, Henschkeren ostatuan, hire besokoagatik kanpora bota nahi hindutenean eta zera hark oratu zianean, eta hik ez hion ezertxo ere egin. Eta nik uste nian mundua baketsua zela, ordena bat zegoela, baina zerbait ez zegok ordenan, beldurra ematen ditek aurreko horiek. Une bateko argitasuna izan zuan.

 

        Eta hator hona, hi, hator, zerbait erakutsi nahi diat. Emagaldu handia, Babilonia emagaldua, uraren ertzean. Eta piztia eskarlata batean eserita dagoen emakume bat dakusak. Emakumea biraoz betea zegok eta 7 buru eta 10 adar zeuzkak. Purpuraz eta eskarlataz zegok jantzia eta urrez eta harribitxiz eta perlaz edertua eta urrezko kopa bat zeukak eskuetan. Eta bere kopetan izen bat zegok idatzia, sekretu bat: Babilonia handia, munduko izugarrikeria guztien ama. Santu guztien odoletik edan dik. Santuen odolaz mozkortua zegok.

 

        Franz Biberkopf, baina, kaleetan barrena doa tipi-tapa eta ez du amore ematen eta nahi duen bakarra berriz indartzea da, giharrak sendotzea. Udako giro epela egiten du, Franz tabernaz taberna dabil.

        Berotik baztertzen da. Tabernan bere aurretik paseatzen dira garagardo-txarroak.

        Lehenengo txarroak: sototik natorrek, otsaihen eta maltatik. Orain fresko nagok, zer gustu daukat?

        Franzek: garratza, ederra, freskoa.

        Bai, nik freskatzen haut, nik freskatzen ditiat gizonak, gero beroa eman eta gero alferrikako gogoetak kentzen zizkieat.

        Alferrikako gogoetak?

        Bai, gogoeta gehienak alferrikakoak dituk. Ala? ­ Horixe. Arrazoi izango duk.

        Franzen aurrean pattar txiki bat, horixka. Nondik atera haute? ­ Destilatu egin naitek, motel. ­ Hozka egiten duk, hi, atzaparrak dauzkak. ­ Nahi ere baduk, pattarra izanda. Aspaldi ikusi gabe? ­ Bai, hilzorian egon nauk, pattartxo, hilzorian egon nauk. Itzulera-txartelik gabeko bidaian. ­ Itxura badaukak, bai. ­ Bai zera itxura, utzi berriketak. Hator berriz hona, dastatzeko. A, goxoa haiz, sua daukak, sua, hi. ­ Pattarra eztarrian behera doakio: hau sua.

        Suaren kea harrotzen da Franzen barruan, eztarria lehortzen dio, beste txarro bat hartu behar du: hi haiz bigarren txarroa, lehen hartu diat bestea, zer esan nahi didak hik? ­ Potolo, lehenbizi dasta nazak eta gero mintzatuko haiz. ­ Bueno.

        Orduan txarroak: kontuz, aizak, beste bi txarro edaten badituk eta beste kümmel bat eta beste grog bat, baba handia adinakoa egingo haiz. ­ Ba ote? ­ Bai, berriro gizenduko haiz, hori duk itxura daukaana. Nola ibil haiteke hola jendartean? Berriro klik.

        Eta Franzek hirugarrenari eusten dio: ari nauk berriro edaten. Bata bestearen atzetik. Beti ordenan.

        Laugarrenari galdetzen dio: Hik zer berri, laztana? ­ Hark marmar eztia egiten du. Franzek zintzurrera: sinesten diat. Diostaan guztia sinesten diat, laztana. Hi haiz nire arkumetxoa, goazen biok larrera.

 

 

Berlinen hirugarren konkista

 

        Honela iritsi da Franz Biberkopf hirugarren aldiz Berlinera. Lehenbiziko aldian teilatuak behera lerratzen ziren, juduak etorri eta salbatu zen. Bigarren aldian Lüdersek engainatu, eta edanaz egin zuen aurrera. Orain, hirugarren aldian, besoa galdu du baina adoretsu ausartzen da hirian. Kemena dauka, bikoiztua eta hirukoiztua.

        Herbertek eta Evak eltzeitsu polita utzi diote, beheko tabernariak zaintzen du. Baina Franzek pfennig pare bat bakarrik hartu eta gainera erabakitzen du: ez diat diru horretatik fitsik hartuko, neure buruaren jabe egingo nauk. Arroztegira joan eta laguntza eskatzen du. «Lehenik aztertu beharra daukagu.» «Eta zer egin behar dut bitartean.» «Zatoz hemendik egun pare batera.» «Egun pare batean gosez hil ninteke.» «Berlinen ez da inor hain bizkor gosez hiltzen, denek kontu bera dakarte. Gainera hemen ez da sosik ematen, txartelak bakarrik, eta errenta ordaintzen dizugu, ondo dago helbidea?»

        Franz arroztegitik jaitsi, eta behean denean doakio begietako lausoa: aztertu, hi, aztertu, agian aztertuko ditek nire besoarena ere eta nola gertatu zen. Tabako-denda baten aurrean dago, hausnartzen: nire besoaz galdetuko ditek, nork pagatu duen eta zer ospitaletan egon naizen. Balitekek hori galdetzea. Eta azken hilabeteotan zertatik bizi izan naizen. Ikusiko duk.

        Hausnartu eta aurrera darrai: zer egin? Nori galdetu orain zer egin, eta haien dirutik ez diat bizi nahi.

        Bi egunez dabil Alex eta Rosenthaler Platzen artean Mecken bila, harekin hitz egiteko edo; eta bigarren arratsaldean aurkitzen du Rosenthaler Platzen. Elkarri begiratzen diote. Franzek bostekoa eman nahi dio ­nola egin zioten elkarri diosala beste hartan Lüdersen istorio haren ostean, hura poza, baina orain­, Meckek ezbaika ematen dio, estutu gabe. Franz ezkerrarekin hasi bostekoa eman nahian, baina orduan Meck txikiak kopeta belzten du: zer du honek, zerbait egin al diot? Eta Münzstrassen gora joan, joan eta joan, eta itzultzen dira Rosenthaler Strassetik, eta Franzek zain segitzen du, ea Meckek besoaz galdetzen dion. Baina ezta galdetu ere, beti alde batera begiratzen du. Agian narrasegi emango diat berarentzat. Orduan Franz alai hasi eta Cillyz galdetzen dio, ea zertan den.

        A, ondo zebilek, nola ez ba ondo ibiliko, eta Meckek luze eta zabal ematen dio haren berri. Franz barre egiten saiatzen da. Eta hark oraindik besoaz galdetzen ez, eta orduan Franzi argia piztu eta galdetzen du: «Joaten al haiz oraindik Prenzlauerko tabernara?» Meckek higuinez: «Bai, batzuetan.» Orduan Franzek igarri, pausoa moteldu eta Mecken atzean doa: Pumsek honi zerbait esan ziok nitaz, edo Reinholdek edo Schreiberrek, eta honek ere lapurtzat naukak. Eta nik orain hizketan hasi nahiko banu, dena kontatu beharko niokek, baina egon dadila horrexen zain, ez zioat txintik esango.

        Eta Franzek indar hartu, Mecken aurrean jarri eta: «Bueno, Gottlieb, despedi gaitezen, etxera joan behar diat, elbarriak goiz oheratu behar dik.» Meckek lehenbiziko aldiz aurpegira begiratu, ahotik pipa kendu, zerbait galdetzen hasi, baina Franzek ezezkoa egin, ez dago zer galdeturik, eskua eman eta han doa. Eta Meckek burua hazkatu eta pentsatzen du, nik hitz-aspertu bat egin behar diat horrekin, eta ez dago pozik bere buruarekin.

        Franz Biberkopf badoa Rosenthaler Platzen zehar, bere artean pozik: utikan txorakeriak, dirua irabazi behar diat, utikan Meck, dirua bildu behar diat.

 

        Ikusi behar zenuten Franz Biberkopf, nola ekin zion sosen ehizari. Barruan zerbait berria, amorratua zeukan. Evak eta Herbertek eskura jarri zioten beren gela, baina Franzek bere zokoa nahi luke, bestela ez du atarramenturik aterako. Iritsi da une madarikatua, alegia Franzek zokoa lortu eta etxekoandreak mahai gainean jartzen dionean izenemate-orria. Han dago gure Franz eta berriro hausnartu behar du: izena Biberkopf dudala idatzi eta berehala miatuko ditiztek beren agiriak, eta gero kuartelera hots egingo ditek, eta orduan zera, zatoz hona, eta zergatik desagertu zara, eta zer pasatu zaizu besoan, nongo ospitalean egon zara, nork pagatu du, eta ezer ez dator bat.

        Eta amorratzen dago mahai gainean: laguntza behar al dut, laguntza eta babesa. Ez ditiat nahi, horiek ez dituk gizon libre batentzat egiten direnak; eta artean hausnartzen eta amorratzen, izen bat ipintzen du orrian, lehenik Franz, eta begi aurrean dauka inspekzioa eta Grunerstrasseko arroztegia eta autoa, bera bota zutenekoa. Besomotz-ondoa haztatzen du zamar azpian, besoaz galdetuko zidatek, galde dezatela, berdin zaidak, demontre, idaztera noak.

        Eta makila batekin bezain lodi markatzen ditu letrak paper gainean; sekula ez nauk koldarra izan, eta nire izena, berriz, ez zidak inork ostuko, hala diat izena, hala jaio ninduan eta hala jarraituko diat: Franz Biberkopf. Letra lodi bat bestearen atzetik, Tegeleko kartzela, hiribidea, zuhaitz beltzak, hantxe zeudek presoak, eransten, zurgintzan, pasaratzen. Berriro busti eta puntu bat jarriko diat i-ren gainean. Nik beldur gutxi txapelokerrei eta txapazko ikurra daramaten zakurrei. Gizon librea nauk ala ez nauk ezer.

        Segaria da, izena du Herio.

        Franzek etxekoandreari ematen dio orria, horratx, hori egina zegok, kito. Kito. Eta orain galtzak gora, hankak luze eta martxa Berlinen barrena.

 

 

Jantziak asko egiten du
eta gizon berri, begi berri

 

        Brunnenstrassen, non metroa egiten ari diren, zaldi bat erori da lubakira. Jendeak ordu erdia darama bertan, suhiltzaileak datoz auto batekin. Uhal bat jartzen diote zaldiari gerri bueltan. Ur- eta gas-hodien gainean dago, auskalo hanka hautsi duen ere, dardara eta irrintzi egiten du, burua bakarrik ikusten zaio goitik. Txirrika batekin altxatzen dute, abereak ostiko latzak ematen ditu.

        Franz Biberkopf eta Meck han daude. Franzek erretenera salto egin suhiltzaileen ondora eta zaldia gora bultzatzen laguntzen die. Meck eta denak harrituta daude, Franzek beso bakarrarekin zer egin dezakeen. Zapladak ematen dizkiote zaldi izerdituari, ez zaio ezer gertatu.

        «Franz, alajaina, hik daukak kemena, eta nondik daukak halako indarra beso bakarrean?» «Nik giharrak zeuzkaat; nahi dudanean, gauza nauk.» Brunnenstrassetik jaisten dira, oraintxe elkartu dira berriro lehenengo aldiz. Franzengana hurreratu da Meck. «Bai, Gottlieb, ondo jan eta edaten dudalako. Eta nahi al duk jakin, zer beste egiten dudan?» Egurra emango zioat, berriro txorakeriekin etor ez dakidan. Holako lagunak fuera. «Ba aditu, orain poliki ari nauk. Zirku batean nagok Elbingerstrasseko jolas-parkean eta pottokak eskaintzen ditiat, ibilaldi bat, jaun-andreak, berrogeita hamar pfennig, eta atzeko Romintenerstrassen gizonik indartsuena nauk beso bakarrarekin, atzotik, nahi baduk nirekin boxea dezakek.» «Motel, zer eta beso bakarrarekin boxeatu.» «Etorri eta ikusiko duk. Goitik babestu ezin naizenean, hanka-jokoa erabiltzen diat.» Ederra ari zaio Franz sartzen, Meck harrituta.

        Berriro tipi-tapa doaz Alexen behera, apur bat Gipsstrassetik, non Franzek Alten Ballhausera daraman: «Berritu egin ditek, hortxe aritzen nauk dantzan edo barran jarrita.» Meckek ez daki zer tankera eman: «Baina hi zer habil, motel.» «Ba hori, lehen bezala hasi nauk. Zergatik ez, ordea. Gaizki iruditzen al zaik. Hator barrura; ikustak nola egiten dudan dantza beso bakarrarekin.» «Ez ez, nahiago diat Münzhofera.» «Ederki; hola ez zigutek utziko sartzen; baina hator ostegunean edo zapatuan. Zer uste huen ba, eunuko bat nintzela, tiro eman eta besoa galdu dudalako?» «Tiroa eman diate?» «Tiroketa izan nian zakurrekin. Huskeria batengatik izan zuan, hor atzean Bülowplatzen, bi lagun lapurreta egin nahian, jende fina, baina ez zeukatean ezer eta nondik hasi? Ba hori, ni kanpotik nindoala, han non ikusten ditudan kale-izkinan bi gizon susmagarri, kapelan bizar-brotxa bat dutela. Ba hori: sartzen nauk etxean, esaten zioat zaintzen dagoenari, baina haiek alde egin nahi ez, zer eta bi zakurrengatik. Haiek bai mutilak, lehenbizi bilketa egin behar zutela. Orduan zakurrak etorri eta hor hasten dituk zoko-mian. Etxeko norbait zeozer antzemanda egongo zuan, larrukiak, emakume-gauzak, ikatza urritzen denerako. Jartzen gaituk ezkutuan, zakurrak sartu nahian hasi, eta zera, ezin dutela atea ireki. Besteek, noski, atzetik ospa. Eta orduan, zakurrak sarrailagile batekin ahaleginetan ari direla, nik jo eta tiro giltza-zulotik. Zer iruditzen, Meck?» «Non izan zen hori?» Harri eta zur dago. «Hementxe bertan, Kaiseralleen.» «Hori ateraldia.» «Zera, itsu-itsuan egin nian tiro. Haiek berriz atearen bestaldetik. Baina ez ninditean harrapatu. Atea ireki zutenerako, ni Pekinen barrena joana ninduan. Besoa ez, ordea. Horra.» Meck mekoak: «Zer?» Franzek handiro ematen dio eskua: «Bueno, adio, Meck. Zerbait behar duanean, bizi nauk... esango diat hurrengoan. Eta negozio onak egitzak.»

        Han doa Weinmeisterstrassetik. Meck zeharo jota dago: edo ziria sartu zidak... edo Pumsi galdetu behar zioat. Nik bestelako kontuak aditu nitian.

 

        Eta Franz kalez kale itzultzen da Alexera.

        Akilesen ezkutua, harekin armaturik eta apaindurik gudura joan zenean, ezin dut zehatz azaldu zer itxuratakoa zen, oroipen ilun bat besterik ez daukat haren besoetako eta hanketako babesaz.

        Baina Franzen itxura, orain gudu berri batera doala, agertu beharra daukat. Hala, Franz Biberkopfek jantzita daramatza bere zarpa zaharrak, haustuak, zaldi-gorotzez zikinduak, marinel-txapela aingura okertu batekin, zamarra eta galtza zahar marroi higatuak.

        Sartzen da lehenbizi Münzhofen eta handik 10 minutura, pitxer bat hustuta, kale egin dioten emakume batekin doa, oraindik tankera politekoa, eta harekin paseatzen da, barruan itomena eta kanpoan giro ederra dago, langartsu baina, Weinmeisterstrasse eta Rosenthaler Strassen barrena.

        Eta Franz izugarri pozten da, hainbeste azpikeria eta gezur dakusa, edonora begiratuz! Gizon berri, begi berri. Aurreneko begiak orain balitu bezala! Neska eta biak barrez lehertzen dira, dakusaten guztiarekin! Seiak dira, pasatxo, euria ari du, hotsarekin, eskerrak Jainkoari, poxpolinak aterkia zeukak.

        Taberna-zuloa, kirik egiten dute leihotik.

        «Hara tabernaria garagardoa saltzen. Beitu nola botatzen duen. Ikusi al dun, Emmi, ikusi al dun: zenbat apar.»

        «Eta zer?» «Hainbeste apar? Hori azpikeria dun! Azpikeria! Eta arrazoi din, bejondeiola. Asko pozten naun.»

        «Bestea berriz! Hori lapurra duk!» «Bejondeiola!»

        Jostailu-dendan:

        «Alajaina, Emmi, ba al dakin, jartzen naun hemen xabor horiei begira, ikus itzan, eta ja ez dinat esaten asko pozten naizenik. Zikinkeriak, eta arrautza margotuak, hi, ume koxkorretan amarekin erantsi behar izaten genitinan. Ez dinat esango zer pagatzen ziguten.» «Horra ba.» «Zerri ederrak. Kristalak haustea merezi diten. Lapurrak. Bilaukeria dun jende pobrea esplotatzea.»

        Emakumezkoen berokiak. Franzek aurrera egin nahi baina ondokoak galgatzen du. «Ba jakin nahi baduk, nik bazekizkiat kontuak horietaz. Emakumezkoen berokiak jostea. Hi. Emakume finentzat. Zenbat uste duk irabazten dela horiekin?» «Tira, neska, ez dinat jakin nahi. Uzten dienalako.» «Et et, esatea ere, zer egin liteke ba.»

        «Inuzente hutsa izango ninduken pfennig pare batekin etsiko banu, zetazko beroki bat eraman nahiko niken, esaten dinat.» «Esan ezak ba.» «Horretan saiatuko ninduken, zetazko beroki bat eramaten. Bestelakoa inuzente hutsa dun, eta lau sos ematen dizkionak ondo egiten din.» «Txorakeriak.» «Galtza zikinak? Zera, Emmi, zaldi batengatik izan dun, metroko erretenean erori dun. Ez, nigana lau sosekin datorrenak jai zeukan, niretzat mila marko, gutxienez.» «Eta jasotzen al dituk?»

        Neska zain-zain dago. «Ez zeuzkanat, esateko modua dun, baina nik... jasoko ditinat, eta ez lau sos.» Neskak indartsu heltzen dio, harrituta eta pozik.

        Lisatze Arin Amerikarra, erakusleiho irekia, lisatzeko bi ohol ketsu, atzealdean zenbait gizon ez hain amerikarrak, eserita eta erretzen, aurrean mahuka-hutsik jostun beltz gaztea. Franzek inguruan hedatzen ditu begiak. Zoratzen dago: «Emmi, Emmitxo, zer ederra gaur hi aurkitu izana.» Hark ez du oraindik gizona konprenitzen, baina losintxatua sentitzen da; izorratzea dauka kale egin dionak. «Emmi, kuttuna, begira denda hori.» «Ba, ez ziok diru asko emango lisatzeak.» «Nori?» «Beltz txiki horri.» «Ez, horri ez, baina besteei.» «Horiei? Ez jakin. Ez ditiat ezagutzen.» Franzek pozarren: «Nik ere ez ditinat sekula ikusi, baina igartzen zienat. Begiraien. Eta jabeari; aurrean lisatzen, eta atzean... beste zerbait egiten din.» «Putetxea?» «Baliteken hori ere, ez, horiek denak gaizkileak ditun. Norenak dira janzki horiek, hor zintzilik daudenak? Zakur bat txapazko ikurrarekin izan nahi niken galdetzeko, laster asko alde egingo liketen.» «Zer!» «Lapurtutako gauzak, hortxe agerian! Lisatze Arina! Elementu ederrak! Hori kea botatzea! Horiena bai bizitza erosoa.»

        Paseatzen jarraitzen dute. «Hik ere, Emmi, horiek bezala egin behar huken. Hori dun egia bakarra. Lana pikutara. Ken ezan burutik lana. Eskuetan babak egiten ditun lanean, dirurik ez. Gehienez zulo bat buruan. Egundo inor ez dun aberastu lanean, hara. Azpikerian arituta bakarrik. Baietz ba.»

        «Eta hi zertan aritzen haiz?» Neska itxaropentsu dago. «Segi dezagun, Emmi; esango dinat.» Berriro dira Rosenthaler Strasseko iskanbilaren erdian, Sophienstrassetik doaz Münzstrassera. Han doa Franz. Tronpetek martxa bat jotzen dute bere aldamenean. Gudua izan dugu kanpo irekian, ratatata, ratatata, ratatata, hiria mendean hartu eta dirua sakelan sartu, guretartu, ratatata, tatata tata!

        Biak barrez doaz. Bildu duen neska ez da nolanahikoa. Bere izen bakarra Emmi da, baina erreformatorioa eta dibortzioa ezagutu ditu. Aldarte bikainean dira biak. Emmik galdetzen dio: «Non duk beste besoa.» «Etxean, nire andregaiarekin, ez zidanan utzi nahi joaten eta besoa utzi behar izan zionat prendatzat.» «Hi heu bezain alaia ote duk besoa.» «Bai horixe. Ez al dun entzun: negozio bat zeukanat besoarekin, mahai baten gainean zegon, egun osoan deiadarka: Egin lan, nahi baduzu jan. Lanik ez, janik ez. Nire besoak deiadarka pasatzen din eguna, sartzea groschen batean, galtza-jarioentzat jolasa.» Neskak sabelari eutsi eta Franz ere barrez ari da: «Hik oraindik beste besoa ere kenduko didan.»

 

 

Gizon berri, buru berri ere bai

 

        Orduan hirian zehar auto txiki berezi bat pasatzen da: txasisean elbarri bat, besoekin palanka eginez bere burua mugitzen duena. Autotxoak bandera koloretsu mordo bat dauzka, eta Schönhauser Alleetik doa, izkina guztietan gelditu, jendea inguruan bildu, eta laguntzaileak posta-txartelak saltzen ditu hamar pfennigetan:

        «Jaun-andre ibiltariak! Johann Kirbach, 1874ko otsailaren 20an jaioa München-Gladbachen, mundu-gerra piztu arte osasuntsu eta saiatua, eskuinaldeko apoplexia-atake batek eman zien azkena nire ahalegin neketsuei. Baina zertxobait suspertu nintzen, orduetan eta orduetan neure kasa ibili eta nire lanarekin segitzeko adina. Horrela salbatu nuen familia miseria gorritik. 1924ko azaroan rhindar guztiak loriatu ziren, burdinbide estatala libratu zenean belgikar okupazio zapaltzailetik. Pozaren pozez, anaia aleman askok sekulako aitzurra harrapatu zuten, eta hura izan zen nire madarikazioa. Egun hartan, etxera bidean azken 300 metroetan nintzela, ostatutik zetorren gizon-tropa batek lurrera bota ninduen. Zoritxarreko erorialdi hartan betiko elbarritu eta ez naiz sekula oinez ibiltzeko gai izango. Ez dut jasotzen pentsiorik edo inongo laguntzarik. Johann Kirbach.»

        Tabernan, non egun ederrotan Franz Biberkopf zelatan dagoen, aukera berri eta mardul baten bila aurrera ateratzeko, mutil erne batek elbarriaren autoa ikusi du Danziger Strasse geltokian. Eta orain tabernan zalaparta hasten da horretaz eta haren aitari ere egin ziotenaz, bala bat dauka bularrean eta ozta-ozta hartzen du arnasa, baina hara non dioten nerbioetatik gaizki dagoela, pentsioa gutxitu eta laster erabat kenduko diotela.

        Hitz-jarioa entzuten dago jockey-txapel handi bat daraman beste mutil koskor bat, banku berean eserita, baina aurrean garagardorik gabe. Mutilaren beheko masailezurrak boxeolari batena dirudi. Jartzen da eta: «Ba! Elbarriak... horiei ezta zakurrik ere.» «Bestea berriz. Gerrara behartu eta batere ez pagatu.» «Hala behar dik, hi. Eroarena egiten duenari, ez zaiok ezertxo ere pagatzen. Mutiko bat auto batetik eseki, erori eta hanka hausten badu, ez ziotek pfennig bakar bat ere emango. Zer dela eta: nahiko inozoa baduk.» «Hik ez dakik gerrako berri, artean pixoihaletan hengoen.» «Berriketak dituk horiek, Alemanian txorakeriarik handiena dirulaguntzak ematea duk. Hartara milaka zebiltzak, ezer egin ez eta dirua jasotzen.»

        Mahaiko beste batzuk ere tartean sartzen dira: «Lasai, txikito. Hik zertan egiten duk lan?» «Ezertan ez. Nik ere ez diat ezer egiten. Pagatzen didaten bitartean ez diat ezer egingo. Baina halere txorakeria duk, niri ezer ematea.» Besteak barrez: «Berritsu arraioa.»

        Franz Biberkopf mahai berean dago. Aurreko mutila, jockey-txapela daramana, eskuak sakeletan lotsagabe sartu eta berari begira dago, bera beso bakarrarekin eserita dagoela. Neska batek Franz besarkatzen du: «Aizak, hik ere beso bakarra daukak. Zer pentsio ematen diate.» «Nork jakin nahi du?» Neskak aurreko mutila tentatzen du: «Horrek. Horri interesatzen zaiok.» «Ez, ez zaidan batere interesatzen. Hara: gerrara joan den ergela... isil nadin.» Neskak Franzi: «Beldurtu duk.» «Nigatik ez. Nigatik ez zeukan beldurtu beharrik. Neuk ere horixe bera zionat. Ba al dakin non dudan besoa, hemen falta dudana? Alkoholetan jarri eta etxeko armairuan zeukanat, eta egun guztian ari zaidan esaka: Egun on, Franz. Babalorea!»

        Ha-ha. Hori ateraldia aparejuak. Aitona batek bere egunkari-paper artetik ogi-xerra lodi batzuk atera, labanaz ebaki eta ahoan sartzen ditu pusketak: «Ni ez ninduan gerran izan, denbora guztian Siberian eduki ninditean giltzapean. Orain amaren etxean bizi nauk eta zahartritis zeukaat. Etorri eta hilekoa kentzen badidate, aizue, erabat erotu al zaizue?» Gazteak: «Nondik daukak artritisa? Kalean saltzen ibiltzetik, ezta? Hezurrak gaizki baldin badauzkak, ez ezak kalean saldu.» «Putazain hasi beharko diat.» Jotzen du mahaia gazteak, ogi-xerren paperaren aurrean. «Bai jauna. Hori duk arrazoia. Eta ez duk barre egitekoa. Ikusiko bahu nire anaiaren emaztea, koinata, errespetagarriak dituk, beste edonor adina, eta hik uste arduratu zirela zabor hori kobratzeko, hilekoa? Gizona lan bila, eta andreak ez zekian zer egin pfennig pare batekin eta etxean bi hankagorriekin. Ezin zuan lanean hasi. Orduan zera bat ezagutu zian, eta gero agian beste bat. Zerbait igarri zuen arte, nire anaiak. Hala, nigana etorri eta esan zidaan berarekin joateko eta entzuteko, emaztearekin konpontzeko zeukana. Baina ederra jaso zian. Berak entzun behar izan zian erretolika. Mela-mela egindako txitak bezala alde egin zian. Bere sos zikinak zirela eta ez zirela, andreak sekulako hitzaldia bota eta dardarka utzi zian nire anaia, senar jauna. Eta ez gehiago etxean azaltzeko.» «Ez al da gehiago azaldu?» «Nahi bai. Ez, andreak ez dik aurrean ikusi nahi halako txoro ziztrina, langabezia kobratzera joan eta gainera ahozuloa irekitzen duena, bestek dirua irabazten duenean.»

        Denak dira, gutxi edo asko, iritzi berdinekoak. Franz Biberkopf eserita dago gaztearen ondoan, Willi deitzen diote, eta topa egiten dio: «Aizue, gu baino hamar edo hamabi urte bakarrik zarete gazteagoak, eta halere gu baino ehun urte bizkorragoak zarete. Umeak, berehalakoan hitz egingo nian nik hola, hogei urte nituenean. Arraioa, prusiarrek hala ziotean: Eskuak galtzen sakelan.» «Gu ere halaxe ibiltzen gaituk. Baina besteren sakelan.» Irriak.

        Ostatua beteta dago; zerbitzariak ate bat zabaltzen du, atzeko gela estua hutsik dago. Hara daramate mahai osoa, gasezko argiaren azpira. Bero handia dago, eltxoz beteta dago gela, lasto-zaku bat dago lurrean, igotzen dute gora, leihoaren koxkara, egurasteko. Solasak aurrera darrai. Willi erdian eseri eta ez du etsitzen.

        Orduan, lehen pot egindako mutil koskorrak Williren eskumuturrean erloju bat ikusi eta zeharo harritzen da, urrezkoa delako: «Hori merke erosiko huen.» «Hiru markotan.» «Ostutakoa.» «Niri bost axola. Nahi al duk bat?» «Ez. Milesker. Baten batek heldu eta esateko: nondik duk erloju hori?» Willik barre egiten du inguruan: «Hau lapurretarekin izutzen duk.» «Egon hadi isilik.» Willik mahai gainean besoa jarri eta: «Honi ez zaiok nire erlojua gustatzen. Niretzat erloju bat besterik ez duk, ondo ibili eta urrezkoa dena.» «Hiru marko balio dituena.» «Orduan beste zerbait erakutsiko diat. Eman hire txarroa. Esaidak, zer da hau?» «Txarroa.» «Hori da, edateko txarroa.» «Ez diat ezetzik esango.» «Eta honako hau?» «Hori erlojua. Hi, inuzentearena ari haiz egiten.» «Hau erlojua duk. Ez duk ez bota bat eta ez kanario bat, baina bota deitu nahi badiok, aurrera, nahi duana, heuk ikusi.» «Ez diat ulertzen. Zer adierazi nahi duk?» Willik, ordea, zer nahi duen badakiela dirudi, besoa baztertu, neska bati heldu eta diotso: «Ibili.» «Zer? Zertarako?» «Ibili pareta ondoan.» Hark ez du nahi. Besteek hoska: «Ibili, neska, berriketak utzita.»

        Orduan zutitu, Williri begiratu eta pareta ondoan ibiltzen da. «Aizak, beltxa!» «Ibili», egiten dio Willik garrasi. Neskak mingaina atera eta han hasten da ipurdiari eragiten. Denak barrez. «Orain hator hona. Eta? Zer egin du?» «Mingaina atera!» «Zer gehiago?» «Oinez ibili.» Tartean sartzen da neska: «Et-et. Dantzan egin diat.» Zaharrak ogi-xerren aurrean: «Hori ez zunan dantza. Noiztik da dantza, atzea astintzea.» Neskak: «Hik hirea astintzea behintzat ez.» Bik oihuka: «Oinez ibili duk.» Willik garaile-barrez entzuten die: «Ba nik zera zioat: desfilatu egin duela.» Mutil koskorrak haserre: «Eta horrekin zer?»

        «Ezertxo ere ez. Horra, ibili, dantzatu, desfilatu, nahi duana. Oraindik ez duk ulertzen. Xehe-xehe eginda emango diat ahora. Hemengo hau pitxerra duk, baina badaukak karkaxa deitzea ere, agian karkaxa deitu behar geniokek denok, baina bertatik edaten segituko diagu. Eta beste horrek desfilatuz gero, ba desfilatu dik, edo ibili edo dantzatu; baina heuk ikusi duk. Heure begiekin. Heuk ikusitakoa izan duk. Eta norbaitek beste bati erlojua hartzen badio, hori ez duk inola ere lapurreta. Ikusten, orain ulertzen didak. Hartutakoa duk, sakelatik edo erakustokitik edo dendatik, baina lapurtutakoa? Nork esan dezake hori?» Willik bizkarra atzeratu eta galtzen patrikan dauzka berriro eskuak: «Nik behintzat ez.» «Eta hik zer diok?» «Aditu duk. Hartutakoa. Jabez aldatu dik.» Zartakoa. Willik bere boxeolari-kokotsa atera eta ezer ez dio. Besteak hausnartzen daude. Parte txarreko zerbait gertatu da mahaian.

        Willik bat-batean erasotzen dio Franzi, besobakarrari, bere ahots zorrotzarekin: «Hik prusiarrengana joan behar izan huen, gerrara. Nire ustez hori askatasun-gabetzea duk. Baina haiek epaileak eta poliziak zeuzkatean, eta hala zeuzkatelako, hiri ahoa itxi ziaten, eta orain hire moduko mando tzarrek ez ziotek deitzen askatasun-gabetzea, baizik eta soldadutza. Eta beharko joan, zergen antzera, nora doazen ez dakiala.»

        Neskak muzin eginda: «Utikan politika. Hori ez duk gauerako.» Mutil koskorrak barre egin eta estutasunetik irteten da: «Txorakeriak. Giro ederra egiten din hartarako.» Willik xaxaka: «Ba orduan kalera. Hik uste duk, motel, hemen ostatuan politika dagoela eta neuk erakutsiko diadala. Ni behar naik erakusteko. Politikak burutik behera okatzen hau, edonora joanda ere. Uzten badiok, noski.» Norbaitek garrasi: «Aski diagu, itxi ahozuloak.»

        Bi bezero berri sartzen dira. Neskak bere buruari eztiro eragin, paretan zehar irristatu, atzea astindu eta goxo xuxurlatzen dio Williri. Hura tak zutitu eta biek gordin dantzatzen dute, elkarri zirrika, hamar minutuko sua, lurrean ongi tinkatua dago hauts erreko moldea. Inork ez du begiratzen. Franz, besobakarra, hirugarren basoari ekiten dio, besomotz-ondoa igurtzitzen du. Erretzen dauka besomotz-ondoa, erretzen, erretzen. Madarikatua Willi hori, madarikatua, madarikatua. Mutilek mahaia baztertu, lasto-zakua leihotik bota, batek esku-soinua dauka, zanpatzen du, ate ondoko aulki batean eserita. Johannes ona, dezakeena, Johannes ona, hura bai gizona.

        Alai dantzatzen dute, zamarrak erantzita, edan, jardun, izerditu. Inork ezin duena, Johannes da, dezakeena. Orduan Franz Biberkopf zutitu, pagatu eta bere artean dio: ez zeukaat adinik olgetarako, eta ezta gogorik ere, dirua bildu behar diat. Berdin zaidak nongoa.

        Txapela jantzi eta kalera.

 

        Eguerdian bi lagun daude eserita Rosenthaler Strassen, ilarzopa ahoratzen, batek Berliner Zeitung dauka aldamenean, barreka dago: «Famili ezbehar latza Mendebaldeko Alemanian.» «Zer du barregarria.» «Entzun ezak. Aitak bere hiru umeak uretara bota ditu. Hirurak batera. Amorratua.» «Non izan da?» «Hammen, Westfalenen. Hori duk garbiketa. Nazka-nazka eginda egongo zuan. Halakoak fidatzekoak dituk. Egon hadi, ea zer egin dion emazteari. Hura ere seguru... Ez, hark bere kasa, berak bakarrik egin zian lehenago. Zer iruditzen? Familia alai askoa, Max, bizitzen dakiena. Emaztearen gutuna: Faltsua! Harridura-markarekin, ongi ikus dezan. 'Ezin diat hola bizitzen segi eta neure burua kanalera botatzea erabaki diat. Hi berriz, soka bat hartu eta urka hadi. Julie.' Puntu.» Barrez bihurritzen da: «Batasun gutxi familia horretan: batek kanala eta besteak soka. Emazteak urkatzeko esan eta gizonak umeak uretara bota. Gizon egoskorra. Hola nola ba.»

        Adinekoak dira, eraikuntza-langileak Rosenthaler Strassen. Lehenbizikoak irakurri duena gaitzesten du besteak. «Oso kasu tristea duk, holako zerbait teatroan ikusi edo liburuan leituz gero negar egingo huke.» «Hik balitekek. Baina Max, horregatik negar, zer dela eta?» «Emaztea, hiru ume, isil hadi.» «Ba niri barregura ematen zidak, gustatzen zaidak gizon hori, umeak bai, pena ematen ditek, baina ez non eta ez han, jo eta familia osoa garbitzea, horrek errespetua ematen dik, eta gainera...» Berriro lehertzen da: «Gainera iruditzen zaidak, ito eta jango nauk, iruditzen zaidak zeharo komikoa, bukaera arte izatea eztabaida. Emazteak soka hartzeko, eta gizonak: egon hadi horretan, Julie, eta haurrak putzura.»

        Besteak altzairuzko bere betaurrekoak jantzi eta berriro irakurtzen du albistea. «Gizona bizi duk. Atxilotu ditek. To. Ez nikek horren larruan egon nahi.» «Auskalo. Hik ez dakik ezer.» «Jakingo ez diat.» «Zera. Begi aurrean ikusten diat. Espetxean eseri, tabakoa erre, baldin badauka, eta bere artean: hor konpon denok.» «Hara, baina ba al dakik. Barruko harra, hi. Negarrez edo isil-isilik egongo duk espetxean. Lo hartu ezinik. Motel, hik hola hitz egitea bekatua duk.» «Ba ni ezezkoan nagok. Horrek ederki egiten dik lo. Hain amorratua bada, lo ere ondo egingo dik eta agian jan eta edan kanpoan baino hobeto. Seguru egon hadi.» Besteak serio begiratzen dio. «Ba orduan zakur tzar bat duk. Bedeinkazioa emango zioat, lepoa mozten dionari.» «Hik ere arrazoi duk. Berak ere hala esango likek, arrazoi duala.» «Uztak behingoz zikinkeria hori. Pepinoak eskatzera noak.» «Interesgarria duk egunkari hau. Zakur amorratua, damutu ote zaio, batzuk urrutitxo joaten dituk.» «Pepinoak eta txerriburua.» «Nik ere bai.»

 

 

Gizon berriak lanbide berria ere behar du,
edo bestela batere ez

 

        Lehenbiziko zuloa topatzen duzunean mahukan, badakizu janzki berri batean pentsatzeko garaia duzula. Zoaz berehala leku egokira, eta hantxe erakutsiko dizkizute, biltegi eroso, areto eder argi eta mahai zabaletan jarriak, zuk behar dituzun arropa guztiak.

        «Zuk nahi duzuna esan, Frau Wegner, baina nik ezin dut ezer egin: beso bakarra duen gizona, eta gainera eskuina, akabo da.» «Ez dizut ukatuko zaila denik, gogorra da, Herr Biberkopf. Baina ez daukazu zertan lantuan hasi eta keinu horiek egin. Beldurra ematen duzu, gizon.» «Eta zer egin behar dut beso bakarrarekin?» «Langabezia kobratu edo stand txiki bat zabaldu.» «Zer stand klase?» «Egunkariak edo kinkilak, edo galtzari edo lepokoak Tietzen aurrean edo beste nonbait.» «Egunkari-zoko bat?» «Edo fruituak, fruitu-gauza.» «Ni zaharregia naiz, gazte izan behar da horretarako.»

        Hori garai bateko ibilera duk, ez nauk ostera horretan hasiko, ez diat ostera horretan hasi nahi, hori bukatu zuan eta kito.

        «Andregaia behar zenuke, Herr Biberkopf, zuri hitz egin eta laguntzeko, premia duzunean. Gurdiari tiratu edo standean sal lezake, zuk alde egin behar duzunean.»

        Txapela jantzi eta behera, txorakeriak, gaita jotzen ere hasiko nauk tirri-tarra. Non da Willi?

        «Egun on, Willi.» Gero Willik: «Ez, ezin duk askorik egin. Baina ernea baldin bahaiz, zeozer egin dezakek. Nik hiri konparazio batera egunero zerbait ematen badiat, saltzeko edo eskupetik emateko, eta lagun onak eduki eta txintik ez esateko gauza bazarete, hartara aurrera egin eta poliki irabaziko duk.»

        Eta hori nahi du Franzek. Horixe bera nahi du. Bere buruaren jabe izan nahi du. Diru lasterra nahi du. Utikan lana. Egunkariak pikutara, amorratzen da ikusten dituenean segapoto horiek, egunkari-saltzaileak, eta harritzen da batzuetan, nola izan daitekeen inor hain inozoa, zer eta lanean lehertu, autoak aldamenean ziztu bizian doazela. Horretarako nagok. Hori garai batean zuan, motel. Tegeleko kartzela, arbola beltzen hiribidea, etxeak balantzaka, teilatuak buru gainera erori ez erori eta nik zintzo ibili behar! Xelebrea duk, Franz Biberkopfek zintzo ibili behar dik guztiz, zer iruditzen zaik, ba horretan kale egin duk. Xelebrea duk, ni pitzatua nagok espetxekoaz gero, txoriburu ttunttun. Dirua, dirua irabazi, dirua behar dik gizonak.

 

        Horra orain Franz Biberkopf estaltzaile, gaizkile, gizon berriak lanbide berria dauka, aurki okerragoa.

        Emakumea da, purpuraz eta eskarlataz jantzia, harribitxiz eta perlaz apaindua eta urrezko katilu bat dauka eskuan. Barrez ari da. Kopetan idatzirik darama bere izena, misterio bat, Babilonia handia, fornikazioaren eta munduko izugarrikeria guztien ama. Martirien odola edan du, martirien odolak mozkortu du. Hor dago eserita Babilonia emagaldua, martirien odola edan du.

        Zer-nolako janzkia zeraman Franz Biberkopfek, Herbert Wischowrenean bizi zela?

        Zer darama orain? Udako janzki paregabea, 20 markogatik tak erosia. Ospakizun berezietarako Burdinazko Gurutze bat ezkerretan, besoaren agiri gisa, eta gozatzen du oinezkoen begiruneaz eta proletarioen gorrotoaz.

        Ongi guritutako ostalari edo harakin prestua dirudi, galtzetan marra, eskuzorroak, onddo-kapela. Ustekaberen bat bada ere paperak daramatza, faltsuak, Franz Räcker delako batenak, 1922ko istiluetan hila, honezkero makina bati lagundu diote haren paperek. Franzek buruz daki paperek dioten guztia, baita gurasoak non bizi dituen ere, noiz jaio ziren, zenbat senide zarete, zertan egiten duzu lan, azkeneko noiz egin duzu lan, txakurrek bat-batean galdetu lezaketen guztia, gainerakoa asmatu eta kito.

 

        Ekainean gertatu da. Ekain zoragarrian sortu da tximeleta, atzean utzi ondoren bere kuskua. Eta Franz erdi loretan dago, Herbert Wischow eta Eva itzultzen direnean Zoppoteko bainuetxetik. Denetik gertatu da bainuetxean, zer kontatu handia dago, Franzek hori entzun eta pozten da. Evaren burtsazaleak zorte txarra izan du. Jokoan poliki aritu zen, baina bankutik 10.000 marko ateratako egun berean, lapurreta egin omen zioten hoteleko gelan, Evarekin afaltzen ari zela. Halakorik. Atea garbi-garbi ireki gakorde batekin, eta urrezko erlojua ostu zioten, baita gau-mahaian utzitako 5.000 marko ere. Sekulako axolagabekeria izan zen hori, baina nork pentsatzen du horrelako zerbaitetan. Lehen mailako hotel batean lapurrak sar zitezkeenik, non ditu atezainak begiak, auzitara eramango zaituztet, nork begiratzen du hau, ez ditugu geure gain hartzen gela barruko ondasunak. Gizona sutan dago Evak halako presa sartu diolako afaltzera joateko, zer eta baroi jauna ikusteko, hurrengoan eskuetan ere muin emango dion hik begirunez, bonboikutxatila bat ere bidaliko dion, neure bizkar. Zakarra hago, Ernstchen. Eta 5.000 markoak? Nire errua al da? Tira, goazen etxera. Orduan bankariak amorruz: ez dun ideia txarra, alde egin dezagun hemendik.

        Beraz Elsasser Strassen bizi da Herbert berriro, eta Evak gela apain batera bildu behar du mendebalean, ez da gauza berria berarentzat, pentsatzen du, puxka batean egon, nitaz aspertu eta berriro Elsasser aldera.

        Trenean, 1. klaseko coupéan bankariaren ondoan, haren laztanak jasatez aspertuta eta atsegin itxura eginaz, amesten du: zer ari ote da Franz. Eta Berlinera iritsi baino lehen irten denez bankaria eta bera coupéan bakarrik dagoenez, dardara egin eta larritzen da: Franz berriro desagertu dun. Zer poza eta harridura eta ahoa zabaldu beharra Herbertek eta Evak eta Emilek, uztailaren 4an (asteazkena), sartzen denean, nor izango da, jakina dago. Txukun, dotore, Burdinazko Gurutzea erantsirik bular heroikoan, begi marroiak beti bezain basati eta laño, gizon-esku beroa eta estutu sendoa: Franz Biberkopf. Eutsi tente. Oreka galduko duk. Emilek lehendik ezagutzen du aldaketa, begiei gozatu bat ematen die Herbertekin eta Evarekin. Franz irtirin hutsa bihurtu da. «Motel, xanpainez garbitzen al dituk oinak?», pozten da Herbert. Eva eserita dago, ulertu ezinik. Franzek sakelan darama eskuineko mahuka hutsa, ez zaio behintzat besoa hazi. Evak besarkatu eta musu ematen dio. «Ene, Franz, eserita egon gaituk burua lehertzen, zer ari ote da Franz, beldur gintuan, ez pentsa.» Franz jiratu eta musu ematen dio Evari, musu Herberti, Emili ere bai: «Txorakeria galanta, nigatik beldurtzea.» Eta begia maltzur keinatuz: «Eta ondo al nago gerrako heroi gisa, bobby txaketarekin?» Evak loriaturik: «Baina zer da hau, zer da hau, ikusgarri pozten nauk hire itxura ikusita.» «Bai ni ere.» «Eta... norekin habil orain, Franz?» «Ibili? A. Ez, ez. Holakorik ez. Ez zeukanat inor.» Eta jardunean hasi, kontu-kontari, eta diru guztia itzuliko diola hitzematen dio Herberti, azken sosa arte, hondarra arte, hilabete pare batean kitatuko du. Herbertek eta Evak barre egiten dute. Herbertek milako bat astintzen dio Franzi begi aurrean: «Nahi al duk, Franz?» Evak erregutzen dio: «Har ezak, Franz.» «Ezta erotuta ere. Ez diagu behar. Izatezkeroz, denok joan eta horrekin eztarria busti, hori bai.»

 

 

Neska bat ere agertzen da,
Franz Biberkopf berriro indarrean da

 

        Franzi bedeinkazioa ematen diote, egiten duen guztiagatik. Evak, oraindik Franz maite baitu, neska bat eskuratu nahi lioke. Berak gogor egiten du, ezagutzen dinat neska hori, ez, ez duk ezagutzen, Herbertek ere ez dik ezagutzen, nondik ezagutzen duk ba, ez, ez duk denbora asko Berlinen dagoela, Bernaukoa duk, gauez joaten zuan Stettin geltokira, han topatu eta esan nioan: hondora joango haiz, ume, hori utzi ez eta hona etortzen segitzen badun, hemen Berlinen ez zegon hola eusterik. Hark barrez esan zidaan, jolasa besterik ez zuela nahi. Horra, Franz ­Herbertek ezagutzen du istorioa, Emilek ere bai­, behin 12ak aldera han zegok, kafean eserita. Joan eta galdetzen zioat: zer bisaje daukan, neska, ez ezan istilurik sortu. Han hasten zaidak purrustan, poliziengana joan behar izan duela, ez zeukala agiririk, oraindik ez dela adinez nagusia, ez dela ausartzen etxera bueltatzera. Ari zen lekutik bota dutela, galdezka joan baitira poliziakoak, eta amak ere kalera bota duela. Orduan berak: zer eta pittin bat jolasean ibili naizelako? Zer egin liteke gauez Bernaun?

        Emilek beti bezala besoak nonbait jarrita entzun eta dio: «Neskak arrazoi osoa dik. Nik ere ezagutzen diat Bernau. Han ez zegok ezer gauez.»

        Evak: «Ba orain neure kargu hartu diat neska; Stettin geltokira behintzat ez zioat utziko bueltatzen.»

        Herbertek, habano bat erreaz: «Batere zentzuduna baldin bahaiz, Franz, lortuko duk, auskalo, neska hori arrastoan jartzea. Nik ere ikusi diat. Fundamentua zeukak.»

        Emilek iritzia ematen du: «Gaztetxoa, baina fundamentua zeukak. Hezur sendoak.» Zurrutean segitzen dute.

 

        Neska horretaz, hurrengo eguerdirako ate joka baitu, ikusi bezain laster gustatzen da Franz. Evak gosea piztu dio, eta gainera poz hori eman nahi lioke Evari. Baina neska benetan bikaina da, primerakoa, kategoriakoa, ez zeukan honelakorik errezeten liburuan. Mozkotea da, bere soinekotxo zuri arinarekin eta mahuka-hutsik eskolako nexka dirudi, goxo eta astiro mugitzen da, konturatzerako aldamenean du. Artean ordu erdi ere ez, eta Franzek ezin du bere gela imajinatu bihurri hura gabe. Emilie Parsunke du berez izena, baina nahiago du Sonja, hala esaten dio beti Evak, masail errusiarrak dituelako. «Evak ere», diotso neskak eztiro, «ez du izena Eva, Emilie deritza, niri bezala. Berak esanda dakit.»

        Franzek magalean kulunkatu eta so egiten dio edertasun fin baina tinko hari, eta harritzen da, zer zorion bidali dion etxera Jainko maiteak. Bitxiak dira bizitzaren gorabeherak. Eva horrela bataiatu zuen gizona ederki ezagutzen du Franzek, bera izan zen, hura izan zuen neska Ida baino lehen, nahiago zuen Eva. Tira, orain hau dauka.

        Baina bere etxean egun bakarra irauten dio Sonja izenak, Franzek arren eskatzen dio, ezin ditu eraman izen arrotzak. Bernaukoa baldin bada, beste izenen bat izan dezake. Berak neska franko eduki ditu, pentsatuko duen bezala, baina oraindik inor ez Marie deritzanik. Horrelako bat nahi luke. Beraz, 'Mieze' deitzen dio.

 

        Eta luze gabe ­uztailaren hasieran edo­, Franzi sekulakoa gertatzen zaio harekin. Ez dago hura esperoan, eta gaixo ere ez. Beste zerbait da, Franzi hezurretaraino sartzen zaiona, baina azkenean ez da txarra. Garaitsu hartan doa Stresemann Parisera, edo agian ez doa, Weimarren goitik behera erortzen da telegrafo-bulegoko sabaia, eta agian gizaseme langabe batek bere andregaiari segitu, hura beste batekin joan baita Grafera, eta orduan gizasemeak biak tiroka hil eta berak ere buruan bala batekin bukatzen du. Gauza horiek edozein eguraldirekin gertatzen dira, baita Weissen Elsterreko arrainen heriotza handia ere. Horrelako zerbait irakurtzean, harritzen zara; baina bertan egonez gero, ez zaizu hainbestekoa iruditzen; izan ere, etxe guztietan bada zerbait.

        Franz sarri doa Alte Schönhauser Strasseko bahitura-etxera, maileguen salan batekin eta bestearekin tratatu, denak dira ezagunak, egunkariak aztertzen ditu: saltzeak, erosteak; eguerdietan Miezerekin elkartzen da. Orduan, bat-batean, nabarmena iruditzen zaio Mieze aztora-aztora eginda etortzea Alexeko Aschingerrera bazkaltzera. Lo geratu omen da... baina Franzek badu zerbaiten errezeloa. Berehala ahazten du, hain da xamurra neska, eta haren gela garbi eta itxuraz dago, dena lore, zapi eta zinta, neska koxkor batenean bezala. Eta beti ongi egurastua eta izpiliku-urez lurrindua, biziki atsegina da gauean elkarrekin etxeratzea. Eta ohean luma bezain goxoa da, beti lasai eta xamur eta pozik, hasieran bezala. Baina betiere apur bat serio dago, eta Franzek ez dio tankera ematen: pentsatzen ari ote da, horrela eseri eta ezer egin gabe, eta zer ari ote da pentsatzen. Galdetzen badio, beti diotso barrez: ez dela ari ezertan pentsatzen. Ez dagoela egun guztian pentsatzen egoterik. Franzek ere hala uste du.

        Baina kanpoko atean gutun-ontzi bat dago Franzen izen faltsuarekin: Franz Räcker, beti huraxe ematen baitu iragarki eta postarako. Halako batean kontatzen dio Miezek: argi entzun duela nola bota duen goizerdian postariak zerbait gutun-ontzira, eta bera joan denean ez zegoela ezer barruan. Franz harritzen da eta hori zer kontu den galdetzen dio. Orduan Miezek diotso norbaitek harrapatuko zuela eskutitza: aurreko horiek dituk, beti kirika zeudek zelata-zulotik, eta postaria datorrela ikusi eta lapurtu egin ditek. Franzi burua gorritu amorruz eta pentsatzen du: txo, atzetik diat norbait, eta gauean haiengana doa. Atea jo eta andre bat. Senarrari hots egiteko. Zaharra da gizona, andrea gazteagoa, gizonak 60ren bat, andreak 30. Franzek galdetzen dio ea beraren eskutitz bat utzi duten han, nahasita. Gizonak andreari begiratu eta: «Utzi al dute hemen eskutitzik? Oraintxe etxeratzea egin dut.» «Ez, hemen ez dute ezer utzi.» «Noiz izan da, Mieze?» «Hamaikak aldera; beti etortzen da hamaikak aldera.» Orduan andreak: «Bai, beti etortzen da hamaikak aldera. Baina zerbait denean, beti andereñoak berak jasotzen du posta, beti jotzen dute atea.» «Nola dakizu hori hain zehatz? Ni behin eskaileretan harekin gertatu eta eskutitz bat eman zidan; hura ere gutun-ontzira bota nuen.» «Nik ez dakit gutun-ontzira bota zenuen ala ez. Eman zizula bai, hori ikusi nuen. Eta? Zer axola zaigu guri hori?» Franzek: «Hemen ez dago beraz niretzako eskutitzik, Räcker dut izena, ez dute hemen eskutitzik utzi?» «Jainkoak guarda nazala, besteren eskutitzak hartzetik. Guk ez dugu gutun-ontzirik, gizona gutxitan etortzen den seinale.» Franzek Miezerekin muturtuta alde egiten du, txapela jasoaz: «Barka ezazue, gabon.» «Gabon, gabon.»

        Franzek eta Miezek luze eta zabal dihardute horretaz. Franzek susmoa dauka, ea berari zelatan dabiltzan, Herberti eta Evari aipatuko die. Atea jo dezan esateko gomendatzen dio Miezeri. «Esango zioat, Franz, baina batzuetan beste bat etortzen duk, ordezkoa.»

        Eta handik egun pare batera Franz eguerdian etxeratzean, ustekabean, Mieze joana da Aschingerrera, eta orduan igartzen dio, zerbait guztiz berria... horrexek jartzen dizkio hezurrak dardarka, baina min handirik eman gabe. Gelara sartu, hutsa eta garbia noski, baina puru ederren kutxatila bat dago berarentzat, Miezeren ohar batekin: 'Ene Franzentzat', eta bi botila Allasch. Franz zoriontsu dago, eta pentsatzen du, ederki gobernatzen dik dirua, emaztegai aproposa, eta pozez zoratzen dago, eta hara, pipi txiki bat ere erosi zidak, nire urtebetetzea balitz bezala, egon hadi xagutxo, nik ere bai. Eta diru bila hasten da sakelan, orduan atea jotzen dute, bai, postaria duk, kriston berandu zetorrek gaur, 12ak dituk eta, neuk esango zioat.

        Eta Franz korridorera joan, atea zabaldu, entzuten jarri eta postaria inon ez. Zain dago, ez zetorrek, bueno, nonbait sartuko zuan. Franzek eskutitza jaso eta gelara sartzen da. Azal irekiaren barruan beste eskutitz itxi bat dago, eta han orritxo bat, idazkera oker aldrebesarekin: «Okerreko lekuan utzia», eta irakurri ezin den izen bat. Aurreko horiek bidali ditek beraz, nori ari ote dira zelatan. Eskutitz itxiaren jabea: «Sonja Parsunke, Franz Räckerren etxea.» Ondo bitxia duk, nork idazten ote dio, Berlindik, gizonezko batek. Honela dio, eta Franzek hotzikarak ditu: «Ene laztan mina, noiz arte edukiko nauzu erantzun irrikaz...» Ezin du segitu irakurtzen, eseri... eta han daude puruak, kanarioaren kaiola txikia.

        Orduan Franz behera jaitsi, ez doa Aschingerrera, Herbertengana doa eta zuri-zuri dago eta eskutitza erakusten dio. Hura marmarka aritzen da Evarekin ondoko gelan. Orduan Eva ere agertu, Herberti musu eman, hura bidali, eta lepotik zintzilikatzen zaio Franzi: «Eta, bihotza, baduk niretzat muxu bat?» Franzek zabal-zabal ditu begiak. «Utz nazan.» «Franz, bihotza, muxu bat. Aspaldiko lagunak gaituk eta.» «Baina neska, zer habil, zentzuz joka ezan, zer pentsatu behar du Herbertek.» «Oraintxe bota diat kalera; etorri, ezetz inon aurkitu.» Franz etxean barrena eraman, Herbert joan duk, joan dela eta zer. Evak atea ixten du: «Ba niri muxu emateko moduan haizela.» Orduan Franz besarkatzen du, su eta gar dago.

        «Neska, neska», Franzek arnaska, «erotu haiz ala, zer nahi dun nigandik?» Baina hura bere onetik aterata dago, Franzek ez daki nola gogor egin, harrituta dago, baztertzen du alde batera. Orduan zerbait ernetzen zaio barru-barruan! Ez daki zer duen Evak, biek dute grina eta basakeria berdina. Gero elkarren ondoan daude etzanda, besoetan eta lepoan hozkak dituztela, Evak bizkarra zeharka duela Franzen bularrean.

        Franzek purrusta: «Aizan, benetan ez dago hemen Herbert?» «Zera egongo duk.» «Ni naun zerria, lagun bati hau egitea.» «Gizon zoragarria haiz, maitemindua nagok hirekin, Franz.» «Neska, arrastoak aterako zaizkin lepo guztian.» «Oso-osorik jango hinduket, hain haut maite. Eta arestian etorri haizenean eskutitzarekin, ene, gutxigatik ez diat lepora salto egin Herberten aurrean.» «Eva, zer esango du ordea Herbertek, arrastoak ikusten dizkinanean, dena ubelduko zain.» «Ez dik ezer jakingo. Gero bankariagana nauk joatekoa, eta hark egin dizkidala esango zioat.» «Horixe ederra, Eva, hi etxerako. Ezin dinat jasan holako zerrikeria. Baina zer esango din bankariak, ikusten hauenean?» «Eta zer esango dit izebak eta amonak, gizon, hi haiz izutia.»

        Orduan Eva tentetu, Franzi burutik heldu, berriro musuka jan eta besomotz-ondoan ere ipintzen dizkio bere masail beroak. Orduan eskutitza hartu, jantzi eta kapela hartzen du: «Banoak, badakik zertara, Aschingerrera joan eta Miezerekin hitz egingo diat.» «Ez, Eva, zer dela eta?» «Nahi dudalako. Hi hemen egon. Laster itzuliko nauk. Hi, utzidak nahi dudana egiten. Arduratu beharra zeukaat hain neska gazteaz, batere esperientziarik gabea eta gainera Berlinen. Bueno, Franz...» Eta berriro ematen dio musu, eta hortxe berriro berotzera zihoanean, zutitu eta alde egiten du. Franzek ez du ezer ulertzen.

        Ordu bat eta erdia da; ordu bi eta erdietan itzultzen da, serio, lasai, baina pozik, lo hartu duen Franzi janzten lagundu, bere perfumeaz xukatzen dio aurpegi izerditua. Gero hasten da, komodan eseri eta zigarroak erreaz: «Miezek egin ditik algarak, Franz. Ezin zaiok ezer leporatu.» Harritzen da Franz. «Ez, Franz, eskutitzarena ere ez. Aschingerren zegoan eserita, hire zain. Eskutitza erakutsi zioat. Eta galdetu zidak ea ez haizen poztu pattarrarekin eta kanarioarekin.» «Bai, noski.» «Entzuidak. Ez dik keinu txikiena ere egin. Ikaragarri gustatu zaidak. Neska jatorra duk. Nik ez diat inongo zaborrik erantsi.» Franz goibel eta urduri dago; orduan zer da. Evak behera saltatu eta txapaka egiten dio belaunean: «Zoragarria haiz, Franz. Ez duk ulertzen. Neskek ere zerbait egin nahi izaten ditek beren gizonarentzat. Zertarako du berak hi egun guztian kanpoan ibiltzea, tratuak eta egiten, eta bera hiretzat kafea egiten, etxea txukuntzen eta besterik ezer ez. Zerbait oparitu nahi dik, zera nahi dik, hi pozik egotea. Horregatik zebilek hola.» «Horregatik? Ez didan ziri hori sartuko. Horregatik engainatzen nau?» Eva serio jarri eta: «Nork aipatu du engainatzea. Berehala esan zidak: ez zegok holakorik. Norbaitek idazteak ez dik ezer esan nahi, Franz, gertatzen duk norbait zaletzea, eta idaztea, ez duk gauza berria, hi.»

        Emeki-emeki pizten zaio Franzi argia barrenean. A bai, hori al zen. Ulertzen hasi dela igartzen dio Evak. «Jakina. Eta zer. Dirua irabazi nahi dik. Ez al du eskubiderik? Nik ere neure dirua irabazten diat. Eta ez zaiok gustatzen hik bera mantentzea, oraindik besoarekin konpondu ezinik habilela.» «Hara.» «Berehala esan zidak. Keinurik txikiena ere egin gabe. Hi, neska fina duk, fidatzeko modukoa. Heure burua zaindu behar omen duk, aurten izan dituanak izanda. Eta motel, lehen ere ez hintzen oso dotore ibili, han, Tegelen, badakik. Lotsa emango liokek hi lanean lehertzeak. Eta hala, hiretzat egiten dik lan. Baina ez duk atrebitzen hiri esatera.»

        «Hara», Franzek baiezkoa egin eta bular parera makurtzen du burua. «Ez dakik asko», ondoan dauka Eva, bizkarra igurtziaz, «zer txera duen higana. Hik niri ez didak nahi. Ala? Nahi didak, Franz?»

        Franzek gerritik heldu, magalean eserarazi kontuz, bere beso bakarraz heldu, burua estutu haren bularrean eta goxoki diotso: «Emakume ona haiz, Eva, gera hadi Herbertekin, hire beharra zeukan, oso jatorra dun.» Ida baino lehen bera zuen neska-lagun, hobe simaurrik ez nahastea, berriro ez hastea; ulertzen du Evak. «Eta orain, hoa Miezegana, Franz. Oraindik eserita zegok Aschingerren, edo bestela atarian. Ez dik etxeratu nahi, ez badiok nahi.»

        Oso isil, oso samur agurtu du Franzek Eva. Aschinger aurreko argazki-denda baten ondoan dakusa Mieze txikia zutik, Alexen. Franz beste aldean jarri, eraikuntzako hesien aurrean, eta luzaz dago hari so. Hura izkinaraino joan, eta Franzek begiradaz segitzen dio. Erabakitzeko ordua da, bidegurutzea. Oinak abian jartzen zaizkio. Saiheska dakusa izkinan. Zer txikia den. Tirol-zapata marroiak daramatza. Erne, laster ekingo ziok norbaitek. Sudur motz txikia. Bila ari duk. Bai, handik etorri nauk, Tietzetik, baina ez naik ikusi. Aschingerreko ogi-gurdi bat dauka aurrean. Franz hesiaren aldamenetik doa izkinaraino, non hondar pilak dauden; zementua egiten ari dira. Orain ikus lezake Franz, baina ez dago harantz begira. Adineko gizon bat Evari beha dago etengabe, Eva haren ondotik pasatu eta aurrera darrai Loeser und Wolff aldera. Franzek galtzada zeharkatzen du. Harengandik hamar pausotara doa, tarte horri eutsiz. Uztaileko egun eguzkitsua da, andre batek lore-sorta bat eskaintzen dio Franzi, berak 20 pfennig eman, eskuan ditu loreak, baina halere ez zaio hurreratzen. Oraindik ez. Baina loreek usain ederra dute, hark gaur batzuk jarri dizkio logelan, eta kanarioaren kaiola eta pattarra.

        Orduan jiratu da hura. Berehala ikusi du Franz, eskuan loreak dituela, azkenean etorri da. Eta beragana doa airean, aurpegia argiturik, une batez argiturik, suak hartzen du, loreak ikustean Franzen ezkerreko eskuan. Gero zurbildu eta arrasto gorri batzuk geratzen zaizkio.

        Franzek pilpiraka du bihotza. Hark beso azpitik heldu eta espaloian zehar doaz Landsberger Strassera, txintik esan gabe. Hark sarri begiratzen die zeharka basaloreei, eskuan baitauzka Franzek, baina Franzek bizkarra tente darama aldamenean. Pasaeran burrunba egiten du 19. autobusak, horia, bi solairukoa, goi eta behe beterik, eskuineko lan-hesian iragarki zahar bat dago. Eskulangileen eta Saltzaileen Alderdi Nazionala, ezin da igaro galtzada, lehenik kuarteleko autoak. Bestaldean, Persilen zutoinean, oraindik lore-sortarekin dagoela ohartu eta Franzek eman nahi dizkio. Eta begiak eskura begira dauzkala galdetzen dio bere buruari, hasperen eginaz bere artean, oraindik erabaki ezinik: emango dizkiot, ez dizkiot? Ida, zer zerikusi dauka Idak, Tegelek, asko gustatzen zaidak neska hau.

        Eta Persil zutoinaren uharte txikian estutu behar dizkio Franzek loreak eskuan. Hark maiz begiratu dio gora aldera erreguka, bera mutu dagoela, orain hark hartzen dio ezkerreko besaurrea, goratzen dio eskua eta estutzen dio beraren aurpegi berriro sutuan. Haren aurpegiko beroa barruraino doakio. Orduan Mieze hantxe gelditu bakarrik, besoari nagi erortzen utzi, eta burua bere kasa bezala kokatzen zaio ezkerreko sorbaldan. Xuxurlatzen dio Franzi, hark izuturik gerritik eusten diola: «Ez duk ezer, Franz. Utzi.» Eta galtzada aldez alde zeharkatu, han ari dira botatzen Hahn erosketa-zentroa, eta aurrera jarraitzen dute. Mieze guztiz tinko doa berriro. «Zergatik gelditu haiz, Mieze?» Hark besoa estutu eta: «Beldur handia sentitu diat lehen.» Burua saihestu, malkoak datozkio begietara, baina neskak badaki bizkor barre egiten Franzek ezer antzematerako, ordu latzak izan dira.

        Goian daude, Franzen gelan, soineko zuri batekin dago neska, Franzen aurrean eserita aulki batean, leihoak zabaldu dituzte, itotzeko moduko beroa egiten du, sargori zakarra, Franz mahuka-hutsik dago sofan eserita, neskari begira eta begira. Zeharo maitemindua dago; oso pozik nagok hemen dagoelako, hik dauzkan eskutxo pollitak, neska, antxumezko eskularruak erosiko dizkinat, ikusiko dun, eta baita blusa bat ere, nahi dunana egin ezan, ederra dun hi hemen edukitzea, oso pozik nagon hi berriro hemen hagoelako, aizan. Eta burua ehorzten du haren magalean. Beragana dakar, ez da asetzen hura ikusteaz, estutzeaz, ukitzeaz. Berriro gizona naun, berriro gizona naun, ez, ez haunat utziko, ez haunat utziko, nahi duena gertatzea din. Ahoa zabaldu eta: «Neska, Miezeken, nahi dunana egin ezan, ez haunat utziko.»

        Zer zoriontsu diren. Elkar besarkaturik, kanarioari begira daude. Miezek bere poltsa miatu eta eguerdiko gutuna erakusten dio Franzi: «Eta txorakeria honekin haserretu al haiz, honek idatzi duenarekin?» Zimurtu eta atzeraka botatzen du lurrera: «Motel, pakete oso bat erakutsiko nikek holakoz beteta.»

 

 

Gerra defentsiboa gizarte burgesaren kontra

 

        Eta hurrengo egunetan Franz Biberkopf patxada ederrean doa paseatzera. Ez dabil besteetan bezain aztoratua, bere negozio ilunekin joaten zenean bezala lapurreten estaltzaileagana edo erosleagana. Bost axola zaio, zerbait ez bazaio ongi irteten. Franzek badauka denbora, pazientzia eta patxada. Eguraldi hobea egingo balu, Miezek eta Evak diotena egingo luke: Swinemündera joan eta gozatu bat hartu; baina eguraldi honekin ezin da ezer egin, egunero euria eta jasa eta langarra, baita hotza ere, Hoppegartenen oso-osorik erori dira arbolak, ez da giro han. Franz bat eginda dago Miezerekin eta harekin dabil, Herberten eta Evaren etxean sartu eta atera. Miezek badauka gehiago dezakeen jaun bat ere, Franzek ezagutzen du, Franzek senar itxura egiten du, noizean behin pozik elkartzen da jaun horrekin eta beste batekin, lagunartean jaten eta edaten dute hirurek.

        Zer goian dagoen orain gure Franz Biberkopf! Zer ongi doakion, zenbat aldatu diren gauzak! Heriotzatik hurre zegoen eta nola suspertu da! Zer gizaseme asea den orain, ez zaio ezer falta, ez jana, ez edana, ez arropa. Bera zoriontsu egiten duen neska bat dauka, dirua dauka, behar baino gehiago, kitatu du Herbertekin zuen zor guztia, lagunak ditu Herbert, Emil eta Eva, berari estimazioa diote. Egunak pasatzen ditu Herbert eta Evarenean, Miezeren zain, joaten da Müggel lakura beste bi lagunekin arraunera: egunetik egunera arinago eta sendoago baitauka ezkerreko besoa. Aldian behin kirik egiten du Münzstrassen, bahitura-etxe inguruan.

 

        Hitzeman duk, Franz Biberkopf, zintzo jokatuko duala. Bizitza satsua eraman duk, hondoa jo huen, azkenean Ida hil huen eta itzalean egon haiz horregatik, latza izan duk. Eta orain? Leku berean hago, Idaren izena Mieze duk, beso bat galdu duk, kontuz, oraindik zurrutari emango diok eta dena hasiko duk berriro, baina okerrago, eta orduan akabo.

        ­ Txorakeriak, zer kulpa dut nik, neu saiatu al naiz putazain izaten? Txorakeriak dituk horiek. Ahal nuena egin diat, posible nuen guzti-guztia egin diat, besoa galtzea onartu diat, ikusi egin behar beste bat nire lekuan. Kokoteraino nagok. Ez al naiz tratuan ibili, goizetik gauera hara eta hona? Aski diat. Ez, ni ez nauk zintzoa, putazaina nauk. Eta ez nauk lotsatzen. Hi zer haiz ba, zer bizi haiz, beste guztiak ez bezala? Inor zanpatzen al dut?

        ­ Espetxean bukatuko duk, Franz, labankada bat emango diate sabelean.

        ­ Nahi duenak etortzea dik. Neuk sartuko zioat aurrena.

        Reich alemana errepublika bat da, eta sinesten ez duenari burutik behera zarta. Michaelkirchstrasse ondoko Köpenicker Strassen batzarra dago, aretoa luzea eta estua da, langileak, gizon gazteak alkandora-lepo berdea atera eta bata bestearen atzean eserita aulkietan, neskak eta emakumeak, panfleto-saltzaileak dabiltza inguruan. Podiumeko mahai atzean, beste biren erdian, gizon lodi erdi-burusoil bat dago, zirika, akuiluka, barreka, xaxaka.

        «Izan ere, ez gara etorri atariko haizeari hitz egitera. Hori Reichstagekoen lana da. Behin batean gutarretako bati galdetu zioten ea ez lukeen Reichstagen egon nahi. Reichstag, gainean urrezko kupula eta barruan larruzko sofak dituena. Eta orduan hark: aizak, kamarada, nik hori egin eta Reichstagera joango banintz, beste alproja bat izango nindukek. Ez daukagu astirik alferrik hitz egiteko, dena izorratuko da. Komunistek argi asko diote: guk mozorro gabeko politika egin nahi dugu. Ikusi dugu hortik zer datorren; komunistak berak usteldu dira, ez du aipatzea ere merezi mozorro gabeko politikak. Iruzur hutsa da, eta Alemanian mozorroa zeri kendu behar zaion itsuak ere ikusten du, eta horretarako ez dago Reichstagera joan beharrik, eta hori ikusten ez duena galdua dago, nahiz Reichstag egon nahiz ez egon. Hitzontzien ukuilu horrek jendeari ziria sartzeko beste ezertarako ez du balio, hori alderdi guztiek dakite, salbu eta herri langilearen ordezkari omen direnek.

        «Gure sozialista finak. Izan ere badaude sozialista elizkoiak, tokatzen astoari konpiteak: elizkoi bihurtu eta apaiz artera joan daitezela. Apaizagana joan edo jauntxoagana joan, berdin dio. Kontua: obeditzea. (Norbaitek hoska: eta sinestea.) Hori ere bai, jakina. Sozialistek ez dute ezer nahi, ez dakite ezer, ezin dute ezer egin. Beti gehiengoa dira Reichstagen, baina horrekin zer egin ez dakite, bai, larruzko sofetan eseri eta puruak erre eta ministro egin. Eta horretarako bozkatu dute langileek eta atera dituzte patrikatik soldatako sosak: beste berrogeita hamar edo ehun gizon, langileen bizkar gizentzen. Sozialistek ez dute konkistatzen botere politikoa, aitzitik, botere politikoak konkistatu ditu sozialistak. Behia zahartu eta halere zerbait ikasten du, baina oraindik ez da jaio langile alemana adinako behirik. Behin eta berriro langile alemanek boza eskuan hartu, hautes mahaira sartu, bozkatu eta pentsatzen dute, egin dut egitekoa. Hala diote: Reichstagen gure bozak entzutea nahi dugu; ba hobe lukete orfeoi bat osatzea.

        «Gizon eta emakume kamaradak, guk ez dugu eskuan bozik hartzen, guk ez dugu bozkatzen. Halako igande batean mesede handiagoa egiten digu festa batek mendian. Eta zergatik? Hauteslea legearen menpe dagoelako. Baina legea indarkeria hutsa da, agintarien indarkeria gordina. Bozjale horiek aurpegi ona jarrarazi nahi digute, ezkutatu nahi dute, eragotzi nahi dute gu jabetzea legea zer den eta estatua zer den, eta gu ezin gara estatuan sartu inongo zulo edo atetatik. Izatekotan, asto eta zamari ofizial gisa. Eta xede hori dute bozjaleek. Guri amua sartzea eta asto ofizial izaten irakastea. Aspaldi lortu dute hori langile gehienekin. Lege-giroan hezten gaituzte Alemanian. Baina, kamaradak, sua eta ura ezin dira ezkondu, hori jakin beharra dauka langileak.

        «Burges, sozialista eta komunistek koruan garrasi eginaz gozatzen dute: bedeinkazio guztiak goitik datoz. Estatutik, legetik, ordena gorenetik. Horren ondorenak ikusi behar, ordea. Estatuan bizi diren guztientzat, legean daude finkatuta askatasunak. Han daude finkatuta. Baina guk behar dugun askatasuna ez digu inork emango, geuk hartu behar dugu. Legeak legea ukatzen dio zentzuzko jendeari, baina zertarako dituzue zuek, kamaradak, papereko askatasunak, askatasun idatziak? Askatasunen bat behar duzunean, txapeloker bat etorri eta kaskarreko bat ematen dizu; zuk garrasi egin, alegia legeak hola eta hola dio, eta hark orduan: utz itzak txorakeriak, exkaxa, eta arrazoi du; haren lege bakarra araudia da, eta gainera makila dauka, eta zuk ez zabaldu ahoa.

        «Industria nagusietan laster ez da egongo greba egiteko aukerarik. Bitartekari-taldeen gillotina daukazue orain, haren azpian ibili behar duzue.

        «Gizon eta emakume kamaradak, bozkatu eta berriro bozkatu eta hala diote, oraingoan dena hobetuko da, ikusiko duzue, saia zaitezte, egin propaganda etxean, lantegian, beste bost boz, beste hamar, beste hamabi, zaude eta ikusiko duzue zer aldaketa. Bai, aldaketa handia zuentzat. Itsukeriaren gurpil amaiezina, dena lehenean. Parlamentarismoak langileriaren miseria luzatzen du. Justiziaren krisia ere aipatzen dute, eta justizia erreformatu behar dela, goi eta behe erreformatu, epailetza berritu behar dela, errepublikanoa izan behar duela, konstituzionala, justua. Baina guk ez dugu epaile berririk nahi. Justizia honen ordez ez dugu beste justizia bat nahi. Estatuko erakunde guztiak eraitsiko ditugu ekintza zuzenaren bitartez. Badakigu nola egin: lanari uko eginda. Gurpil guztiak geldi. Baina hori ez da kantu bat. Gizon eta emakume kamaradak, ez gaitzala liluratu parlamentarismoak, gizarte-laguntzak, gezur sozial-politiko guztiak. Guk estatuaren kontrako gorrotoa bakarrik ezagutzen dugu... anarkia eta autolaguntza.»

        Franz salan zehar doa Willi ernearekin, entzuten, panfletoak erosten, haiek patrikaratzen. Ez da politikazalea, baina Willi buru-belarri ari zaio, Franzek adi-adi entzuten du, ukitzen du hatzekin, interesatzen zaio, gero ez zaio interesatzen. Baina ez da joaten Williren ondotik.

        ­ Oraingo gizarte-ordenaren oinarria, langileriaren esklabutza ekonomiko, politiko eta soziala da. Hori gauzatzeko daude jabetza-eskubidea, ondasunen monopolioa eta estatuko botere-monopolioa. Egungo produkzioaren oinarria ez da giza-premia naturalak asetzea, baizik eta etekinen itxaropena. Aurrerapen tekniko bakoitzak ikaragarri handitzen du jabeen aberastasuna, gizarte zabaleko miseriaren aldean lotsagarri. Estatuak jabeen pribilegioak babestu eta masa zabala azpiratzen du, maltzurkeria- eta indarkeria-bide guztiak darabiltza zutik eusteko monopolioei eta klase-banaketei. Estatua sortzearekin batera hasten da goitik-beherako antolaketa artifiziala. Gizabanakoa txotxongilo bihurtzen da, mekanismo izugarri bateko gurpil hila. Esna zaitezte! Gu ez gara beste guztien antzera ahalegintzen botere politikoa konkistatzeko, baizik eta hura guztiz zokoratzeko. Ez ezazue parte hartu lege-erakunde izeneko horietan: esklabua hertsatzen dute, bere esklabutzari legearen zigilua jartzera. Guk guztiz baztertzen ditugu, edonola ezarritako muga politiko eta nazional guztiak. Nazionalismoa da estatu modernoaren erlijioa. Guk batasun nazional guztiak baztertzen ditugu: atzean ezkutatzen da jabeen agintea. Esna zaitezte!

        Willik irensteko eman diona irensten du Franz Biberkopfek. Batzarraren ondoren debatea dago, eta lokalean geratu eta eztabaida dute langile zaharrago batekin. Willik ezagutzen du, eta langileak uste du bere lan berdina duela, eta agitazio gehiago eginarazi nahi dio. Willi lotsagabeak barre eta barre egiten du: «Motel, noiztik gara gu biok lankide. Ni ez nauk aritzen industriako jauntxoentzat.» «Ba egin ezak zerbait habilen tokian, hire lantokian.» «Ez zegok horren beharrik. Nire lantokian, aspalditik zekitek zer egin behar den.» Willi mahai gainean okertzen da barrez. Txorakeriak, atximur egiten dio Franzi hankan, horretarakoxe nagok, kola-poto batekin harantz-honantz hasteko, hauentzat posterrak jartzen. Barre egiten dio langile kalpar gris ilunekoari, bularra agerian daramanari: «Txo, hik egunkariak saltzen dituk, Apaizen Ispilua, Bandera Beltza, Ateoa; sekula begiratu al diek, ea zer dioten?» «Aizak, kamarada, ez ezak mingaina hainbeste dantzatu. Neuk idatzitakoa erakutsiko diat.» «Uztak. Hiri errespetua eduki behar zaik beraz. Ba hurrengoan irakur ezak heuk idazten duana, eta eutsi horri. Zer dio hemen: Kultura eta Teknika. Entzun: 'Egiptoko esklabuak hamarnaka urtez aritzen ziren makinarik gabe errege-hilobi bat egiten, Europako langileak hamarnaka urtez lehertzen dira ondasun pribatu bat egiten. Aurrerapena? Agian. Baina norentzat?' Zera. Neuk ere lanean hasi beharko diat, Essengo edo Borsigeko Kruppek hilean mila marko gehiago egin ditzan, Berlingo errege. Aizak, kamarada, hiri arretaz begiratu eta badakik zer itxura hartzen diadan? Ekintza zuzenaren zale dirudik. Non agertzen da hori? Ez diat ikusten. Hik bai, Franz?» «Utziok, Willi.» «Ez, esaidak, motel, ea aldea ikusten duan kamarada honen eta S.P.D.ko baten artean.»

        Langilea tinko esertzen da aulkian. Willik: «Niretzat ez zegok alderik, kamarada, benetan esaten diat. Paperean bakarrik zegok aldea, egunkarian. Nigatik, lor ezazue nahi duzuena. Baina orduan zer egingo duzue, horra nire galdera. Eta niri galdetzen badidak hik zer egingo duan, berehala esango diat: S.P.D.ko batek bezalaxe. Gauza berbera; hire tornuan egon, etxera eraman hire sei sosak, eta hire akzio-elkarteak hire lanaren dibidendoak banatuko ditik. Europako langileak hamarnaka urtez lehertzen dira ondasun pribatu bat egiten. Heure kasa idatzi ote duk hori.»

        Langile buruzuriak batean Franzi eta bestean Williri begiratu, ingurura so egin, atzeko barran jendea dago oraindik, mahaira gehiago hurreratu eta xuxurlatzen du: «Eta zuek zer egiten duzue.» Willik kirik egin Franzi eta: «Esaiok.» Baina Franzek ez du nahi, ez omen zaizkio interesatzen eztabaida politikoak. Baina anarkista buruzuriak bereari eusten dio: «Hau ez duk eztabaida politikoa. Geuri buruz ari gaituk hizketan. Hik zer lan duk?»

        Franz aulkian tentetu, garagardo-pitxerrari heldu eta adi-adi begitzen dio anarkistari. Segaria da, izena du Herio, mendietan negar eta antsia egin eta basamortuko abereekin auhendatuko dut, hain erraustuak daudenez inor ez dabil han, eta denek alde egin dute, zeruko hegaztiek eta lurreko animaliek.

        «Zertan aritzen naizen esango diat, lagun, ez nauk hire kamarada-eta. Txirriki-txarraka ibiltzen nauk, baina lanik ez diat egiten, besteri uzten zioat niretzat lan egiten.»

        Hori ateraldia, hauek adarra jo nahi zidatek. «Ugazaba al haiz ba, enplegatuak al dauzkak, zenbat dauzkak? Eta zer habil gurekin, kapitalista baldin bahaiz?» Jerusalem harri-pila bihurtuko diat eta txakal-zulo; Judako hiriak hondamendi, bizilagunik gabe gelditzeraino.

        «Motel, ez al duk ikusten, beso bakarra zeukaat. Bestea galduta. Horra lanaren ordaina. Horregatik ez diat lan egokirik nahi, ulertzen.» Ulertzen, ulertzen, zertarako dituk begiak, antiojoak erosi behar al dizkiat, begiraidak. «Ez, oraindik ez diat ulertzen, lagun, zer-nolako lana daukaan. Ez bada lan egokia, orduan desegokia duk.»

        Franzek mahaia ukabilaz jo, hatzarekin anarkista seinalatu, burua harengana aurreratu eta: «Ikusten, ulertu dik. Horixe bera. Lan desegokia. Hire lan egokia esklabutza duk, hik heuk esan duk, hori duk lan egokia. Horixe ikasi diat.» Hi gabe ikasi diat, horretarako ez haut behar, belaxka, sasidazlea, hitzontzia.

        Anarkistak, mekanikari adituak, esku zuri zorrotzak ditu, hatz-puntei begiratu eta pentsatzen du: eskerrak antzeman diedan bi elementu hauei, konpromisoan jartzen haute, beste norbaiten bila joango nauk, entzun diezaien. Zutitzen da, baina Willik eutsi eta: «Nora hoa, lagun? Bukatu al dugu? Aurrena garbitu kontua nire lagun honekin, ez ihes egin.» «Beste baten bila noak, entzun diezazuen. Bi zarete, baten kontra.» «Hara, beste baten bila hoala, nik ez diat inor nahi. Tira, zer esan behar diok Franz lagunari?» Anarkista berriro esertzen da, geuk taxutu beharko diagu gauza: «Hau ez duk ez kamarada, ez lankide. Ez dik lanik egiten eta. Eta ez dik ematen langabezia kobratzen duenik ere.»

        Franzen aurpegia gogortu eta amorruz begiratzen du: «Ez, ez dik kobratzen.» «Ba orduan ez duk ez nire kamarada, ez nire lankide eta ez langabea. Hala, nire galdera duk, eta beste guztia ez zaidak axola: zeren bila dabil hemen?» Franzek aurpegi irmoa ipini eta: «Horrexen zain nengoan, noiz galdetuko ote huen: hi zertara etorri haiz hona. Hik hemen orriak eta egunkariak eta panfletoak saltzen dituk, eta galdetzen badiat zer diren, zer dioten, hik esango didak: nolatan galdetzen didak? Zeren bila habil hemen? Ez al duk heuk idatzi eta aipatu soldataren morrontza madarikatua, eta gu bazterrean bizi garela mugitu ezinik?» Esnatu munduko pariak, gosez bizi zaretenok. «Txo, baina ez duk entzun ondorengoa. Lanari uko egiteaz hitz egin diat. Horretarako, lehenbizi lana eduki behar.» «Nik uko egiten zioat.» «Horrek ez ziguk balio. Horretarako, gera hadi ohean. Nik greba aipatu diat, masen greba, greba orokorra.»

        Franzek besoa goratu eta barre egiten du, sutan. «Eta hik horri ekintza zuzena esaten diok: batera eta bestera ibiltzea, orriak itsastea, hitzaldiak ematea? Eta aldi berean zer eta kapitalistak indartzea? Kamarada, artaburu, hi granadak egiten haiek hi hiltzeko, hori irakatsi nahi didak? Zer iruditzen, Willi! Lehertuko nauk barrez.» «Berriro galdetuko diat, zer lan duk?» «Ba berriro esango diat: ezer ez! Putza! Deus ez! Ea jabetzen zareten! Ezin diat. Heure teoriaren arabera. Nik ez ditiat kapitalistak gizenduko. Utikan hire lantuak, hire grebak eta atzetik doazkian gixonak. Norberak izan behar dik gizon. Behar dudana egiten diat nik. Neure burua mantentzen diat! To!»

        Langileak bere freskagarria irensten du, buruari eraginaz: «Ba orduan heu saiatu.» Franz algara batean dago. Langileak: «Hamar mila aldiz esan diat: bakarrik ez zegok ezer egiterik. Erakunde bat behar diagu borrokarako. Masei erakutsi behar zieagu estatuaren tirania eta monopolio ekonomikoa.» Franz algara batean dago. Ez zegok gu salbatuko gaituen izaki gorenik, ez jainkorik, ez kaisarrik, ez tribunorik, gu miseriatik libratzeko, guk geuk bakarrik egin zezakeagu.

        Aurrez aurre daude eserita, isilik. Lepoalde berdeko langilea erne dago Franzi so, eta berak ere gogor begiratzen dio, zeri begira hago, txikito, ezin didak tankerarik eman, ezta. Langileak ahoa zabaldu eta: «Argi zegok: hiri hitz egitea, kamarada, alferrik duk. Egoskorra haiz. Burua puskatuko duk pareta joka. Ez duk ezagutzen proletarioaren muina: solidaritatea. Ez duk ezagutzen.» «Ba aizak, adiskidea, oraintxe bertan kapela hartu eta goazen hemendik, hi, Willi. Nahikoa duk. Beti kontu berari bueltaka habil.» «Bai, ni ere banoak. Nigatik soto-zulora joan eta bertan gera zaitezte. Baina ez daukazue batzarretara joaterik.» «Barka beza jaunak. Ordu erditxo libre baikeneukan. Eta eskerrik asko. Nagusi, kontua. Utzi, neuk pagatuko diat: hiru garagardo, bi pattar, marko bat eta hamar, to, neuk pagatuko diat, ekintza zuzena.»

        «Hi berez zer haiz, lagun?» Ez dik etsitzen. Franzek diru xehea jaso eta: «Ni? Putazaina. Ez al nauk ikusten?» «Ez haiz urruti ibiliko, ez.» «Putazaina naizela ba. Ez al diat esan? Ba orduan. Willi, esaiok hi zer haizen.» «Ez zaiok axola.» Arraio, benetan dituk arloteak. Balitekek. Nik bai antzeman. Arlote hauek adarra jo zidatek, aluak, zirikatu nahian aritu zaizkidak. «Kapitalismoko lohia zarete. Alde hemendik. Ez zarete proletarioak ere. Holakoei ziztrina esaten zaiek.» Franz zutitua dago: «Baina gu ez gaituk asilora joango. Egun on izan, ekintza zuzen jauna. Segi ezazu kapitalistak guritzen. Goizeko zazpietarako hasi lanean leher egiten, soldata-xorrotik bost groschen amatxorentxat.» «Ez gehiago nire aurrera azaldu.» «Ez, ekintza xuxena, guk ez diagu traturik kapitalisten morroiekin.»

        Lasai irteten dira. Kale haustuan besoz beso doaz. Willik arnasa sakon hartu eta: «Ederki umildu duk, Franz.» Harrituta dago, Franz hain isil dagoelako. Franz sutan dago, harritzekoa, Franz gorrotoz eta amorruz irten da salatik, irakiten dauka barrena, ez daki zergatik.

        Mieze topatzen dute Münzstrasseko Mokka-Fix ardailatsuan. Franzek etxera joan behar du Miezerekin, harekin hitz egin nahi du, haren ondoan eseri. Langile buruzuriarekin izandako elkarrizketa kontatzen dio. Mieze oso goxo dago berarekin, baina berak jakin nahi duen bakarra da ea ongi hitz egin duen. Hark barre egin, ez du ulertzen, eskuak laztantzen dizkio, esnatu da txoria, Franzek hasperen egiten du, Miezek ez du lasaitzen.

 

 

Emakumeen konspirazioa,
emakumeek dute hitza,
Europaren bihotza ez da zahartzen

 

        Eta Franzek ez ditu uzten politika kontuak. (Zergatik? Zerk kezkatzen hau? Zertatik babesten haiz?) Zerbait dakusa han, zerbait dakusa, muturrekoa eman nahi die, oraindik ere berotzen dute, Bandera Gorria eta Langabe irakurtzen ditu. Herbert eta Evarenean maiz agertzen da Willirekin. Baina bi haiei ez zaie Willi gustatzen. Franzi ere ez zaio asko gustatzen, baina harekin hitz egin daiteke, inork baino gehiago daki politikaz. Evak Franzi eskatzen dionean hura uzteko, alegia Willi, hark dirua kentzen diola eta litxarrero bat besterik ez dela, Franz guztiz bat dator; Franzi berez ez zaio inporta politika, sekula ez du aintzat hartu. Baina gaur hitzeman Willi utziko duela, eta bihar berriro paseatzen dabil apareju horrekin eta arraunera darama.

        Evak Herberti diotso: «Ez balitz Franz izango eta besoko gorabehera hori izan ez balu, jakingo nikek nik, bai, hura sendatzen.» «Nola?» «Hemen nagoen bezala, ez huke bi astetan ere ibiliko umemoko horrekin, odola husten ziok eta. Nor ibiltzen da holako batekin. Hasteko, ni Mieze izatera, salatu egingo nikek.» «Nor, Willi?» «Willi edo Franz. Berdin ziok. Ikas dezaten. Itzalean dagoena laster jabetzen da, nork duen arrazoi.» «Erabat amorratua hago Franzekin, Eva.» «Tira, nik Eva eskuratu, eta orain gaixoak lan eta lan aritu behar, bi gizonentzat, Franzek bere gauzatxoak egin ditzan. Ez, Franzek ere aditu behar ditik. Beso bakarra zeukak eta, horrekin nora hoa? Orain politikan sartu eta neska haserretzen dik.» «Bai, ikaragarri haserretzen dun. Atzo bota zidanan. Franz etorri zain egoten omen dun beti, etxean sartuta. Hori al da bizimodua neska batentzat.» Evak musu eman eta: «Ni ere berdin. Hi hasi behar kanpoan ibiltzen eta txorakeriatan, batzarretara joaten eta! Herbert!» «Zer egingo huke, sagutxo?» «Lehenbizi begiak aterako nizkiake, eta gero zakurraren ipurdian barrena bidali.» «Nigatik konforme, sagutxo.» Evak ahoan zartada eman, barre egin eta Herbert astintzen du: «Ez horixe, ez dik ba hondatuko neska hori, hori baino gehiago merezi dik Sonjak. Nahikoa erre zaizkiok hatzak, eta gaixoak huskeria irabazten dik.» «Ba egion zerbait gure Franzi. Nik ezagutu dudan denboran gizon jator eta ona izan dun, baina hari hitz egitea paretari hitz egitea bezala dun, ez din entzuten.» Eva pentsatzen dago, nola bera Franzen atzetik ibili zen, Ida azaldu zen arte, eta gero nola berak abisatu zuen, zenbat sufritu duen berak Franzengatik, eta orain inongo pozik ez.

        «Hau ulertuko duenik ez zegok», dio gelaren erdian zutik, «Franzek beste saltsa hori izan zian Pumsekin, gaizkileak zituan, eta ez dik hatz bakar bat mugitu. Orain ondo zihoakiok, baina halere besobakarra beti besobakar.» «Egia handia.» «Ez dik horretaz hitz egin nahi, hori argi zegok. Baina zerbait esango diat, Herbert. Miezek, noski, bazekik besoarena. Baina non eta nor izan zen, berak ere ez zekik. Galdetu zioat. Ez zekik eta ez ziok aipatu nahi. Belaxka samarra duk, Mieze hori. Tira, agian orain hasiko duk kezkatzen, etxean dagoela bakarrik eta zain, Franz non ote dabilen, eta beste zerbait jazoko ote zaion. Miezek negarra franko egiten dik, ez noski haren aurrean. Franz aldapan behera zoak. Bere buruaz arduratu behar likek. Miezek zirikatu behar likek, Pumsen kontuarekin.» «Bestea berriz.» «Onena izango huke. Baietz ba. Horixe komeni zaiok Franzi. Eta labana edo pistola hartzen badu, ez al du arrazoirik?» «Nire ustez bai, noski. Ni ere ibili naun galdezka. Pumsen jendea erabat mutu zegon; inork ezer ez zekin.» «Norbaitek jakingo dik.» «Eta? Zer nahi dun egin?» «Horretaz arduratu behar likek Franzek, alde batera utzita Willi eta anarkistak eta komunistak eta zabor hori dena, hortik ez zegok dirurik.» «Kontuz hire hatzak erre, Eva.»

 

        Evaren erlazioa Bruselara joana da, eta orain badauka Mieze etxera gonbidatzea eta jende finaren bizimodua erakustea. Izan ere Miezek oraindik ez du halakorik ezagutzen. Gizona itsutua dago Evarekin eta umeentzako gela txiki bat ere ipini dio, non bi tximino dauzkaten. «Zer uste dun, Sonja, tximinoentzat dela? Lekutan. Hain gelatxo pollita delako jarri ditinat hor, eta Herbert txoratzen zegon tximinoekin, oso ondo pasatzen din datorrenean.» «Hona ekartzen dun ala?» «Zer du txarra? Zaharrak ezagutzen din, izugarri jeloskor zegon, tira, horixe dun ba ederra. Zer uste dun hik, ez balego jeloskor, aspaldian botako nindinan ondotik. Haur bat izan nahi din nirekin, pentsa ezan, horretarako din gelatxoa!» Barre egiten dute, gelatxo goxo, nabar, zintadun bat da, sehaska apal batekin. Oheko adarretan dabiltza tximinoak gora eta behera; Evak bat hartzen du bularrean, geldo begira: «Mesede hori egingo nioken haurrarekin, baina berarenik ez dinat nahi. Ez, berarenik ez.» «Eta Herbertek berriz ez din nahi.» «Ba nik nahi niken Herbertena. Edo Franzena. Haserre, Sonja?»

        Baina Sonjak, Evak uste ez bezala jokatzen du. Sonjak garrasi egin, aurpegia okertu, tximinoa baztertu Evaren bularretik eta sendo, pozik, goxo, samur besarkatzen du Eva, hark ezer ulertu ez eta aurpegia baztertzen duela, Sonjak musuka jan nahi duelako. «Baina neska, Eva. Ez nagon haserre, kontentu nagon atsegin zainalako. Aizan, zenbat gustatzen zain? Berarekin haur bat izan nahi badun, esaion.» Evak bere burua askatzea lortzen du. «Hi erotu haiz, emakume. Zer pasatzen zain, Sonja? Esaidan egia: niri erantsi nahi al didan?» «Ez, zer dela eta, niretzat nahi dinat, nire Franz dun. Baina hi nire Eva haiz.» «Zer naiz ni?» «Nire Eva, nire Eva.»

        Eta Evak ezin du galarazi Sonjak musu ematea ahoan, sudurrean, belarrietan, lepoan; Eva geldirik dago, baina gero, Sonjak aurpegia sartzen duenean Evaren bularrean, Evak gogor altxarazten dio burua: «Hi lesbiana haiz.» «Ez, neska», toteltzen du, eta burua libratuz Evaren eskuetatik, Evaren aurpegian ipintzen du, «maite haunat, neuk ere ez nekinan. Lehen, harekin haurra izan nahi duanala esan dunanean...» «Eta zer? Zitaldu egin haiz?» «Ez, Eva. Ez zekinat.» Eta Sonjak gorri-gorri dauka aurpegia eta azpitik begiratzen dio Evari: «Benetan izan nahi huke haur bat harekin?» «Baina zer pasatzen zain?» «Nahi huke?» «Ez, esateagatik esan dinat.» «Bai, hik horixe nahi dun, heuk esan dun, horixe nahi dun, horixe.» Eta Sonja berriro murgildu Evaren bularrean eta besarkatzen du eta samur xuxurlatzen dio: «Ederra dun hik haren haur bat nahi izatea, ai, ederra dun, zer poza nirea, ai, zer poza nirea.»

        Evak Sonja ondoko gelara eraman eta dibanean etzaten du: «Hi lesbiana haiz, neska.» «Ez, ni ez naun lesbiana, sekula ez zionat neska bati heldu.» «Baina niri gustura helduko hidaken.» «Bai, hi asko maite haunat eta haur bat izan nahi dun harekin. Eta eduki behar dun.» «Hi eroa hago, neska.» Hura erabat aztoratua dago eta eskuetatik eusten dio, altxatu nahian ari den Evari: «Ai, ez ezan ezetzik esan, haur bat izan nahi dun harekin, hitzeman behar didan. Hitzemaidan haurra izango dunala harekin.» Eva indarrez askatu Sonjagandik, eta hura nagi geratzen da, begiak itxi eta ezpainekin hotsa egiten.

        Gero Sonja jaiki eta Evaren ondoan esertzen da mahaian, non neskameak gosaria zerbitzatzen dien, ardo eta guzti. Sonjarentzat kafea eta zigarroak dakartza, Sonja ametsetan dago, joanda eta nahasita. Beti bezala, soineko zuri soil bat darama jantzita; Eva zetazko kimono beltz batekin dago. «Ea, neska, Sonja, ba al dago hirekin zentzuz hitz egiterik?» «Orain eta beti.» «Gustatzen zain nire etxea?» «Bai horixe.» «Hara ba. Eta Franz begikoa dun?» «Bai.» «Ba Franz begikoa baldin badun, ondo kasu egion. Bide okerretik zebilen, beti Willi alproja horrekin.» «Bai, huraxe din gustukoa.» «Eta hik?» «Nik? Nik ere bai. Franzi gustatzen bazaio, niri ere bai.» «Hi holakoxea haiz, neska, ez daukan begirik, gazteegia haiz. Lagunarte hori ez dun ona Franzentzat, ezetz ba, Herbertek ere hala uste din. Alproja bat dun. Franz aldrebesten din. Ez al du nahikoa beso bakarrarekin?»

        Sonja berehala zurbildu, aho ertzeko zigarroa beheratu, hura utzi eta galdetzen du isilka: «Zer pasatzen da ba? Ene.» «Auskalo zer pasatzen den. Ni ez naun Franzen atzetik ibiltzen eta hi ere ez. Bazekinat astirik ere ez dunala. Baina esaion kontatzeko nora joaten den, zer kontatzen din?» «Ba! Politika kontuak, nik ez dinat ulertzen.» «Ikusten, horretan zebilen, politikatik atera gabe komunistekin eta anarkistekin eta holako jendilajearekin, beren galtzipurdiak josteko adina ere iristen ez zaienekin. Holakoekin zebilen. Eta hori gustatzen al zain, neska, horretarako egiten dun lan?» «Nik ezin zionat Franzi esan: hoa hara eta hoa bestera; hori ez zegon egiterik, Eva.» «Hain txikia ez bahintz, oraindik hogei urte ere ez, belarrondoko bat merezi huke. Ez daukan beraz ezer hari esateko. Berriro gurpil azpian bukatu behar ote du?» «Ez din bukatuko gurpil azpian, Eva. Erne egongo naun.» Bitxia da, Sonja txikiak malkoak dauzka begietan eta buruari eusten dio, Evak begiratu eta ezin dio tankerarik eman; hainbeste maite ote du Franz? «Har ezan ardo beltza, Sonja, nire zaharrak beti beltzetik egiten din zurrut, hator.»

        Txikiari baxoerdi bat bota baina txikiari masailean behera doakio malko bat, zeharo triste jarraitzen du haren aurpegiak. «Beste tragoxka bat, Sonja.» Evak basoa utzi, Sonjari masaila igurtzi eta pentsatzen du, laster berotuko dun berriro. Baina hark begiak josita dauzka, zutitu eta jartzen da leiho aurrean, kanpora begira. Eva Sonjaren alboan jartzen da, ez zegon kristaurik neska honi antzemango dionik. «Sonjaken, ez hadi hainbeste estutu nik Franzi buruz esandakoagatik, ez zunan hori nire asmoa. Alegia, ez dionala utzi behar Willi babalore horrekin ibiltzen, Franz ogi puska bat dun, zera, hobe liken Pumsena edo besoa galarazi dionarengana joan eta zerbait egitea.» «Erne egongo naun», Sonja txikiak isilka esan eta, burua jaso gabe, besoa jarri Evaren inguruan eta ia bost minutu egoten dira horrela. Evak pentsatzen du: hau onartzen zionat Franzi, baina azken aldia izango dun.

        Ondoren tximinoekin zalapartan ibiltzen dira gelan zehar, Evak hango guztia erakutsi eta Sonja harritzen da: Evaren soinekoak, altzariak, oheak, tapizak. Egiten al duzu ametsik Pixavon Erregina koroatuko zaituzten une ederrarekin? Erre daiteke hemen? Jakina. Harrigarria da nola lortzen duzun kalitate horretako zigarroa hain modu onean merkaturatzea urteetan eta urteetan; poz handiarekin aitortu behar dizut. Zer usain goxoa! Arrosa zurien lurrin miresgarria, xumea, emakume aleman finak eskatzen duen legez, eta halere indartsua, bete-betean zabal dadin. Ai, film amerikarretako diven benetako bizitza oso bestelakoa da, haien inguruko legendak aditzera eman nahi duena ez bezalakoa. Badator kafea eta Sonjak kantatzen du:

        Abrudpanta aldekoa zen  Bandido-talde basatua  Baina beren buruzagi Guito  Zen zintzo eta prestua  Basoan topatu zuen betbetan  Marschanen alaba gaztea,  Eta entzun zen zuhaitzetan:  Zu izango zaitut emaztea!

        Baina laster topaturik,  Bidean dira ehiztariak.  Zorionetik esnaturik,  Hango negar intziriak;  Aitak alaba madarikatu  Eta buruzagia kondenatzen du.  Aita, mesedez barkatu,  Berarekin nahi dut zendu.

        Dorrean Guito akitzen,  ai zorigaitzeko!  Isabella berriz ekiten,  Bere maitea askatzeko.  Bai atera ere garaiz  Ezkutuan handik laster;  Urkabeari ihesiz,  Herio utzi du bazter.

        Gaztelura dator bera  Andregaiarengana,  Isabella dago ordea,  Aldare aurrean etzana,  'Bai' esatera behartua  Gorroto dionari, Guitok amorratua  Samin egiten du uhuri.

        Konortea guztiz joanda  Isabella zuri-zuri,  Ai, esnatzeko musua non da!  Eta Guitok beltzuri  Aitari diotso:  Ez diat nik hil,  Higatik zeukak hautsia bihotza  Eta masailak zurbil.

        Guito orduan makurtu  Hilkutxa isilean,  Baina han da ohartu  Bizi dela artean.  Hartu eta badarama  Isabella gaixoa,  Orain ni naiz, laztana,  Zure babes goxoa.

        Etengabe doaz lasterka,  Inon atsedenik ez,  Guardak berriz azterka,  Biek elkarri promes:  Goazen mundutik berehala,  Pozoi honetatik edan  Eta jaunak epai gaitzala.  Elkartuko gara zeruan.

        Sonjak eta Evak badakite azokako abesti arrunt bat dela, poster irudidunen aurrean jotzen diren horietakoa; baina amaitzean biak negarrez hasi, eta ezin dituzte beren zigarroak berehala piztu.

 

 

Utikan politika,
baina betiko nagikeria
arriskutsuagoa da askoz

 

        Eta Franz Biberkopf oraindik apur bat aztarrika dabil politikan. Willi erneak ez dauka diru askorik, buru argia bai, baina litxarreroen artean hasi berria da, eta horregatik bizi da Franzen bizkar. Erreformatorioan egon zen garaian norbaitek zer edo zer kontatu zion komunismoari buruz, alegia hori ezer ez dela, eta zentzua daukanak Nietzschegan eta Stirnergan bakarrik sinesten duela, eta gogoa ematen diona egiten duela; beste guztia lelokeria dela. Horrela, alproja burloso honek sekulako gozatua hartzen du, mitinetara joan eta jendartetik gogor eginaz. Mitinetan jendea harrapatu, eta haiekin negozioak egin edo ziria sartzen die.

        Franz oraindik badabil apur bat harekin. Eta gero kito, baita politika ere, Miezek eta Evak batere lagundu gabe.

        Ilunabar batean mahaian dago eserita, mitin batean ezagututako zurgin zahar batekin; Willi bitartean barran dago, beste batekin. Franzek mahai gainean dauka besoa tinkatua, burua ezkerreko eskuan, zurginari entzuten: «Zera joan nauk mitinera, andrea gaixo daukadalako eta iluntzean nire beharrik ez duelako etxean, lasaitasuna behar dik, zortzietan puntuan hartzen ditik lotarako pastillak eta tea, nik argia itzali, eta zer egingo dut ba han. Tabernara etorri behar, andrea gaixo daukanak.»

        «Eramak ospitalera, hi. Etxean jai zeukak.»

        «Izana duk ospitalean. Atera egin nian. Ez zitzaioan janaria gustatzen, eta ez zian hobera egin.»

        «Oso gaixo al daukak?»

        «Umetokia ondesteari erantsi edo. Operatu ditek, baina alferrik. Urdailetik. Eta nerbioak direla ziok orain medikuak, ez daukala ezer. Baina oinazeak zeuzkak, antsika pasatzen dik eguna.»

        «Motel!»

        «Laster utziko dik sendatutzat, ikusiko duk. Zera, bi aldiz izan duk aseguruko medikuarenean, baina ezin duk berriro joan. Sendatutzat utziko dik. Nerbioetatik gaizki eta sendatuta, hi.»

        Franzek dena entzuten du, bera ere gaixo egona da, besoa galdu zuen, Magdeburgen egon zen klinikan. Ez dio jaramonik egiten, hori beste mundu bat da. «Beste garagardo bat nahi?» «Ederto.» «Garagardo bat.» Zurginak Franzi begitu eta: «Hi ez haiz alderdikoa, ezta?»

        «Lehen bai. Orain ja ez. Ez dik ezertarako balio.»

        Ostalaria beren ondoan eseri, «Atsalde on, Ede» esanda zurgina agurtu, umeez galdetu, eta gero ahopean diotso: «Aizak, ez haiz ba orain ere politikaz ariko, ezta?»

        «Horrexetaz ari gintuan. Joan dadila pikutara.» «Bejondeiala. Nik zera esaten diat, Ede, eta nire semeak ere gauza bera esaten dik: politikak ez ziguk ematen arditik, gu ez baizik besteak gizentzen ditik.»

        Zurginak begiak kixkurtuta begitu eta: «Kontxo, hori esaten al du ja August txikiak.»

        «Mutil fina duk, bai horixe; hari ez diok ziririk sartuko. Berehalakoan! Diruak egin nahi ditiagu. Eta ondo ari gaituk. Ez diagu aitzakiarik.»

        «Ba topa, Fritze. Zorionak.»

        «Hor konpon marxismoa, Lenin, Stalin eta gainerakoak. Kreditua lortzea, sosa noiz arte eta zenbat... Zera, horrek mugitzen dik mundua.»

        «Hi behintzat aurrera atera haiz.» Franz eta zurgina isilik geratzen dira. Ostalaria tar-tar ari da, baina zurgina lehertzen da eta:

        «Nik ez zekiat ezer marxismoaz. Baina kontuz, Fritze, hire kaskezurrak uste duena baino aldrebesagoa duk gauza. Zertarako dut nik marxismoa edo besteek diotena, errusiarrek, edo Willik Stirnerri buruz. Gezurra izan zitekek. Nik zer behar dudan, eskuko hatzekin konta zezakeat egunero. Ondo asko zekiat, inork bizkarra berotzea zer den. Edo gaur lantokian egotea eta bihar kalean, eskaririk ez dagoela eta, arduraduna bai bertan, nagusiak ere bai, noski, neu bakarrik noak kale gorrira, langabeziara. Baina... hiru hankagorri zeuzkaat eta herri-eskolara zoazak, alaba zaharrenak hanka okerrak zeuzkak errakitismoagatik, ezin diat handik atera, agian aurrera egingo dik estudioetan. Agian emaztea joan litekek Gazteak Babesteko Bulegora edo auskalo nora, baina andreak zeregina zeukak, orain gaixo zegok, gainerakoan saiatua duk, sardinzarrak saltzen ditik, eta hankagorriek guk hainbat ikasten ditek, atera itzak kontuak. Horra. Eta bazekiat ere beste zenbaitek seme-alabak hizkuntzak ikastera bidaltzen dituztela, eta udan bainuak hartzera joaten direla, eta guk ez zeukaagu sosik Tegeleraino bidaltzeko ere. Eta etxe oneko umeek ez ditek hanka okerrik izaten. Eta erreuma daukadalako medikutara joan, eta hogeita hamar lagun itxarongelan estu-estu egon, eta gero galdetzen zidak: erreuma hori lehen ere izango zenuen, eta noiztik ari zara lanean, eta ba al duzu paperik? Ez zidak fitsik ere sinesten, eta gero aseguruko medikuagana joan, gizarte-segurantzak ni nonbaitera bidal nazan edo, izan ere haren izenean kentzen zigutek dirua, baina alajaina, lehenago eramango duk burua besazpian, haiek hi inora bidali baino. Betaurreko handirik gabe ikusten diat nik hori dena. Zooko gamelua izan behar duk, hori ez ikusteko. Eta horretarako, ez zegok Karl Marxen beharrik. Egiatan ari nauk, Fritze.»

        Eta zurginak bere buru grisa jaso eta harrituta begiratzen dio ostalariari. Atzera pipa ahoratu, bafada bat bota eta norbaitek erantzun zain jartzen da. Ostalariak marmar egin, ezpainak okertu eta muturtzen da: «Arrazoi duk, motel. Nire txikienak ere hanka okerrak zeuzkak eta ez zeukaat dirurik baserrira eramateko. Baina egotez, beti egon dituk pobreak eta aberatsak. Hori ez diagu ez hik eta ez nik aldatuko.»

        Zurginak patxadan erretzen du: «Baina pobrea, nahi duena izan dadila. Ez zieat nik aurrea hartuko. Nik ez diat izan nahi. Nazkatu egiten haiz azkenerako.»

        Lasai ari dira hizketan, garagardoa astiro edaten. Franzek arretaz entzuten du. Willi barratik dator. Franz zutitu, kapela hartu eta badoa: «Ez, Willi, gaur goiz oheratu nahi diat. Badakik, atzokoa.»

 

        Eta Franz bakarrik doa kale bero haustuan zehar, rumm di bum di dummel di dai. Rumm di bum di dummel di dai. Pittin bat itxarontzak, Haarmann datorkik, aizkora hartu eta tzak, hirekin egitera odolkik, pittin bat itxarontzak, Haarmann datorkik. Kaka zaharra, nora noa, kaka zaharra, nora noa. Eta gelditu eta ezin du kalea gurutzatu, gero jiratu eta atzera kale beroan zehar doa, taberna ondotik, oraindik han daude, oraindik han dago zurgina garagardoa hartzen. Ez nauk sartuko. Zurginak egia esan dik. Hori duk egia. Politika zertarako, satsa. Hutsa. Hutsa.

        Eta Franz berriro kale bero, haustu, istilutsuetan zehar doa. Abuztua. Rosenthaler Platz beteago dago, batek egunkariak dauzka, Berlingo Langileen Kazeta, Marxisten Epaitegi Sekretua, judu txekiar pederasta batek 20 mutiko seduzitu ditu baina ez dute atxilotu, neu ere ibilia nauk. Bero latza gaur. Eta Franz gelditu, egunkaria erosi gizonari, esvastika berdea darama hark, Neue Welteko elbarri begibakarra, Edan, edan adiskidea edan, utzi kezkak etxean, edan, edan, adiskidea edan, utikan pena utikan mina, hori da bizitza atsegina, utikan pena utikan mina, hori da bizitza atsegina.

        Eta plaza inguruan dabil, Elsasser Strassen sartu, zapata-lokarriak, Lüders, utikan pena utikan mina, hori da bizitza atsegina, utikan pena utikan mina, hori da bizitza atsegina. Garaitako kontuak, iazko gabonak, hi, garaitako kontuak, hemen egoten ninduan Fabischen aurrean, hoska, zer zabor zen ba, gorbatentzako zerak, eustekoak, eta Lina, Lina, poloniarra, lodia, bila etortzen zitzaidaan.

        Eta Franz badoa, ez daki zer nahi duen, berriro Rosenthaler Platzera eta Fabischen aurrean jartzen da geltokian, Aschinger parean. Zain. Horixe nahi du! Han dago, zain, eta orratz magnetiko bat bezala sentitzen du... iparrera! Tegelera, espetxera, espetxeko hormara! Hara joan nahi du. Hara joan behar du.

        Eta orduan zer eta 41.a agertu, gelditu, eta Franz gora igotzen da. Ongi egin duela sentitzen du. Abiatu eta badoa, Tegelerantz. 20 pfennig ordaindu, txartela dauka, Tegelera doa, dotore, hau da hau. Ederki sentitzen da! Egia, harantz doa. Brunnenstrasse, Uferstrasse, hiribideak, Reinickendorf, egia, benetakoak dira, harantz doa, hor hala dio. Zer ongi! Eta eserita doala, dena da egiago, sendoago, boteretsuago. Nabari duen atsegina hain da sakona, indartsua, gogorra bere gustua, ezen Franzek begiak itxi eta lo astun batek menderatzen baitu.

        Tranbia ilunpetan pasatu da udaletxetik. Berliner Strasse, Reinickendorf West, Tegel, azken geltokia. Kobratzaileak esnatu eta zutitzen laguntzen dio: «Ez du aurrera jarraitzen. Nora joan nahi zenuen?» Franz balantzaka irten eta: «Tegelera.» «Ba hor duzu.» Honek zeramak aitzurra, elbarri-pentsioa guztia zurruterako.

        Halako logura latzak eraso dio Franzi, ezen plazan zehar irristan baitoa kaleargi baten azpiko lehenbiziko bankura. Polizia-patruila batek esnatu, hiruretan, ez diote ezer egiten, itxura ona dauka, sekulako aitzurra darama, baina baliteke norbaitek lapurreta egitea. «Ezin duzu hemen lo egin, non bizi zara?»

        Orduan Franzek aski du. Aharrausi egiten du. Lolo egin nahi du. Bai, hori duk Tegel, zer nahi nuen nik hemen, zerbait nahi nian, gogoetak katigatzen zaizkio, ohera joan behar diat, besterik ez. Erdi-lo eta triste: Bai, bai, hori duk Tegel, ez daki orain zer egin, bai, hor egon zen itzalean. Auto bat. Zer zen, zer nahi nuen Tegelen. Aizu, esna nazazu, lo hartzen badut.

        Eta lo astuna berriro etorri eta begiak zabaltzen dizkio eta Franzek dena daki.

 

        Eta bada han mendi bat eta agurea zutitu eta semeari diotso: Hator. Hator, diotso agureak semeari eta badoa eta semea berarekin doa, atzetik doa mendira, gora, behera, mendiak, haranak. Zenbat falta da, aita? Ez zekiat, goazen gora, behera, mendira, hator. Nekatu al haiz, ume, ez duk etorri nahi? O, ez naiz nekatu; zurekin joatea nahi baduzu, joango naiz. Bai, hator. Gora, behera, haranak, bide luzea, eguerdia duk, heldu gaituk. Begira ingurura, seme, hara han aldare bat. Beldur naiz, aita. Zeren beldur haiz, ume? Goiz esnatu nauzu, irten gara, sakrifikatu nahi genuen aharia ahaztu zaigu. Bai, ahaztu zaiguk. Mendian gora, behera, haran luzeak, ahaztu zaigu, ez dugu aharia ekarri, hor dago aldarea, beldur naiz. Berokia eranztera noak, beldur haiz, seme? Bai, beldur naiz, aita. Neu ere beldur nauk, seme, hator hona, ez beldur izan, egin behar diagu. Zer egin behar dugu? Mendian gora, behera, haran luzeak, oso goiz jaiki naiz. Ez beldur izan, seme, pozik har ezak, hator hona nire ondora, erantzi diat berokia, ez ditiat mahukak odolduko. Beldur naiz ordea, aiztoa duzu eta. Bai, aiztoa diat, sakrifikatu behar haut, ofrendatu behar haut, Jainkoak agintzen dik, pozik har ezak, seme.

        Ez, ezin dut egin, garrasi egingo dut, ez heldu, ez dut nahi ni sakrifikatzerik. Orain belaunika hadi, ez garrasi egin, seme. Bai, garrasi egingo dut. Ez garrasi egin; ez baduk nahi, ezin diat egin, nahi izan ezak. Mendian gora, behera, zergatik ez dut etxera itzuli behar. Zer egin nahi duk etxean, Jainkoa etxea baino gehiago duk. Ezin diat, ahal diat, ez, ezin diat. Hurrerago, ikusi, hemen zeukaat aiztoa, begira, zorrotz-zorrotza, hire leporako. Eztarria moztuko dit? Bai. Odola isuriko da? Bai. Jainkoak agintzen dik. Nahi duk? Oraindik ezin dut, aita. Bizkor, ezin haut akabatu; neuk egitea heuk egitea bezala izan behar dik. Neuk egitea bezala? A! Bai, eta beldurrik ez. A! Eta bizitza ez maitatu, hire bizitza, Jainkoari eskaintzen diok eta. Hurrerago. Jainko jaunak nahi du? Mendian gora, behera, oso goiz jaiki naiz. Ez duk koldarra izan nahi, ezta? Badakit, badakit! Zer dakik, seme? Ipinidazu aiztoa hemen, zaude, agerian jarriko dut lepoa. Ez haiz makala. Hik nahi eta nik nahi, biok egingo diagu, orduan Jainkoak hots egingo dik, entzungo zioagu: geldi. Bai; hator, ekarri lepoa. Bai. Ez naiz beldur, pozik egiten dut. Mendian gora, behera, haran luzeak, ipini aiztoa, moztu, ez dut garrasi egingo.

        Eta semeak lepoa kokatu, aita atzean jarri, kopetatik heldu, eskuinarekin altxatzen du aiztoa. Nahi du semeak. Jainkoak hots egiten du. Biak erortzen dira muturrez aurrera.

        Zer dio Jainkoaren ahotsak? Aleluia. Mendietan, haranetan. Obeditu nauzue, aleluia. Biziko zarete. Aleluia. Geldi, bota aiztoa osin-zulora. Aleluia. Neu naiz Jainkoa, obeditzen duzuena eta beti obeditu behar duzuen bakarra. Aleluia. Aleluia. Aleluia. Aleluia. Aleluia. Aleluia. Aleluia. Aleluia, luia, luia, luia, aleluia, luia, aleluia.

 

        «Mieze, pottoka, pottokatxoa, egidazu errieta gogotik.» Franzek magalean hartu nahi du Mieze. «Baina zerbait esaidan. Bart gauean berandutu zaidala eta zer?» «Hi, Franz, horien ondoan gaizki bukatuko duk.» «Zer ba?» «Txoferrak ekarri behar izan hau eskaileretan gora. Eta nik zerbait esan eta hik tutik ez, etzan eta seko lo.» «Esan dinat, Tegelen izan naun, baietz ba, bakarrik, bakar-bakarrik.» «Aizak, Franz, egia al da hori?» «Bakar-bakarrik. Urtetxo batzuk osatu behar izan nitinan hantxe.» «Oraindik geratzen al zaik?» «Ez, azken eguna arte osatu ninan. Hura ikusteko gogoa neukanan, eta ez daukan horregatik haserretu beharrik, pottoka.»

        Orduan Mieze ondoan eseri eta beti bezain xamur begiratzen dio: «Hi, ez hadi politikan aritu.» «Ez naun politikan ari.» «Eta mitinetara ere ez haiz joango?» «Uste dinat ezetz.» «Joanez gero esango didak?» «Bai.»

        Orduan Miezek besoa jartzen du Franzen sorbalda inguruan, burua ere harenean dauka, biak isilik.

        Eta berriro ere beste ezer baino pozikago dago gure Franz Biberkopf, politika pikutara bidalita. Tinko eutsiko dio horri. Ostatuetara joan, kantatu eta kartetan jokatzen du, eta Miezek gizon bat ezagutu du, ia Evarena bezain aberatsa, baina ezkondua, askoz hobeto, jantzi gabeko bi gela dituen etxebizitza eder bat paratu dio.

        Eta Miezeren mende dago Franz. Egun batean Evak Franzi etxean heldu, eta Miezek berak nahi badu zergatik ez, baina Eva, txiki bat ekartzen badun mundura zer, motel, hartara zaharrak hamar palazio egingo zizkidak, harro-harro.

 

 

Eulia gora doa arrastaka,
hondarra erortzen zaio,
laster da berriro ziztuka

 

        Ez dago zer kontatu handirik Franz Biberkopfi buruz, ezagutzen dugu eta. Pentsa daiteke zer egingo duen txerri eme batek ukuiluan sartzean. Txerri emeak ordea gizonak baino errazago dauka, haragi eta koipe puska sendo bat da, eta ez zaio gauza handirik gertatuko, pentsua baldin badauka: gehienez ere berriro umeak egin, eta bizitzaren azkenean labana, hori ere, berez, oso txarra edo larritzekoa ez: ezertaz jabetzerako ­eta zertaz jabetzen da halako aberea­ akabo da. Baina pertsonak begiak ditu, gauza asko dauzka barrenean, denak nahas-mahas; infernuko gauzak pentsa ditzake, eta pentsatu beharra dauka (izugarria da burua) zer pasatuko zaion.

        Horrela doa gure Franz Biberkopf, Biberkopfchen txit lodi, txit maite eta besobakarra tipi-tapa, oraindik goxo samarra den abuztuan. Eta gure Franzek itxura antzean ikasi du arraunean ezkerreko besoaz, eta poliziaren berririk ez du batere, bera ere ez da gehiago agertzen, polizia-etxean ere udako oporrak dituzte oraintxe, zera, azken batean funtzionario horiek ere bi hanka besterik ez, eta irabazten dituzten bi txakur txikien truke ez dute hankarik urratuko, eta zertarako hasi hara eta hona zulo-mian: zertan da Franz Biberkopf, zer Biberkopf, nor eta Biberkopf, eta zergatik du beso bakarra, lehen bi zituen; utziozue agiri artean lizuntzen, badaude aurreagoko kezkak.

        Kaleak hor daude ordea, denetik entzun eta ikusten da, lehengo zerbait bururatzen zaizu nahi gabe, eta gero bizitzak aurrera darrai, eguna joan eta eguna etorri, eta gaur zerbait gertatzen da eta huts egiten duzu, bihar ere zerbait gertatu eta ahazten duzu berriro, beti gertatzen zaizu zerbait. Taxutuko da bizitza, amesten du, lokartzen da. Egun bero batean leihoan euli bat harrapatu, loreontzi batean ipini eta hondarra haize eman lekioke gainera: euli ganorazkoa eta osasuntsua bada, arrastaka irteten da eta haize emandakoak ez dio kalterik egiten. Horixe pentsatzen du Franzek batzuetan, hau edo hura ikustean, ni poliki nagok, zer axola zait hau eta zer axola zait hura, eta politika ez zaidak axola eta jendea zozoa izan eta esplotazioa onartzen badute, ez duk nire kulpa. Ez zegok hasterik besteengatik burua hausten.

        Franz zurrutetik apartatzen lanak ditu Miezek, hori da Franzen puntu ahula. Berezkoa du zurrutaren premia, barrenean darama eta behin eta berriro irteten zaio. Berak hala dio: gizentzen hau eta ez duk hainbeste pentsatzen. Baina Herbertek diotso: «Motel, ez ezak hainbeste zurrut egin. Sekulako suertea duk. Hara, lehen zer hintzen? Egunkari-saltzaile. Orain, beso bakarra daukak, hire Mieze daukak, hire irabaziak, ez al haiz behintzat zurrutean hasiko Idaren garaian bezala.» «Ez horixe, Herbert. Nik denbora librean bakarrik edaten diat. Eseri eta zer egin behar duk: bat edan eta gero beste bat eta beste bat. Eta gainera ikusi, ondo eusten zioat.» «Hik hala diok, ondo eusten dioala. Bai, ederki potolotu haiz berriro, baina ikus hadi ispiluan, zer begi dauzkaan.» «Zer begi dauzkat?» «Ukitu, aitona zahar baten begi-zuloak; zenbat urte dituk, edanak ari hau zahartzen, edanak zahartzen hau.»

        «Uztak hori. Zer berri duzue? Zertan habil, Herbert?» «Laster hasiko gaituk berriro, bi gazte berri zeuzkaagu, itxurazkoak. Ezagutzen al duk Knopp, sua irensten dakiena? Zera, hark ekarri ditik gazteak. Jartzen zaiek eta: zer, nirekin bat egin nahi duzuela? Lehenbizi erakutsi zer dakizuen egiten. Hemezortzi, hemeretzi urte. Hala, jarri duk Knopp aurreko espaloian, Danzigerreko izkinan, ea zer dakiten egiten. Jo ditek begiz andre zahar bat, bankutik dirua ateratzen. Eta han zoazak atzetik. Knoppek uste dik bultzazo bat edo emango diotela, poltsari tiratu eta hanka. Baina ez, pazientziaz zelatatu eta harekin zoazak etxe aldera, eta atsoa tipi-tapa iristen denerako han zeudek, eta begiratzen ziotek aurpegira. Aizu, zu al zara madame Müller, izen horixe dik, eta orduan hizketan hasten zaizkiok, tranbia hurbildu arte, eta orduan masaileko bat eman, poltsa kendu, atea danba itxi eta han doaz, kalean aurrera. Knopp haserre, alegia ez zutela tranbia hartu behar; hark etxeko atea zabaltzerako eta inor jabetzerako nor izan zen, lasai egon zitezkean aurreko tabernan eserita. Lasterka joateak susmoa pizten dik.» «Laster jaitsi al ziren behintzat?» «Bai. Eta orduan biek, Knopp mokoka ari zenez, beste zerbait egin zitean: berekin eraman Knopp, hartu adreilu bat gaueko bederatzietan, Romintener Strasseko erloju-denda bateko leihoari bota, eskua sartu eta alde. Eta hartatik ere libratu dituk. Gazte horiek mika baino lotsagabeagoak dituk, jendartean geratu zituan. Bai, ondo etorriko zaizkiguk.» Franzek burua apaldu eta: «Mutil iaioak.» «Ez duk horren beharrik.» «Ez... ez diat honen beharrik. Eta ez diat burua hautsiko, gero datorrenarekin.» «Uztak zurruta, Franz.»

        Franzen aurpegiak dardar egiten du: «Zergatik zurrutik ez, Herbert, zer nahi duzue denok nigandik. Ezin diat ezer, ezin diat, inbalidoa nauk erabat.» Begietara begiratzen dio Herberti, ezpain-ertzak abailduta: «Denak ni maisiatzen: batek zurrutik ez egiteko, besteak Willirekin ez ibiltzeko, besteak politika uzteko.» «Politikaren kontra nik ez diat deus, nigatik libre haiz.»

        Eta orduan Franzek bizkarra atzeratu aulkian, oraindik Herberti begira, eta hark bere artean: aurpegia desegiten ari zaiok eta gizon arriskutsua duk, nahiz eta gainerakoan jatorra izan. Franzek besoa luzatuta heldu eta xuxurlatzen dio: «Elbarritu egin naitek, Herbert, ikusi, ez diat ezertarako balio.» «Bestea berriz. Esaiek hori Evari eta Miezeri.» «Oherako bai, bazekiat. Baina hi norbait haiz, zerbait egiten duk, eta mutilek ere bai.» «Ba hik ere, benetan nahi baduk, beso bakarrarekin negozioak egin ditzakek.» «Ez zidatek uzten. Miezek ere ez dik nahi. Argi eta garbi esan zidak.» «Ba egin halere, hasi berriro.» «Bai, orain zer eta hasteko. Gelditu eta hasi. Txakurtxo bat banintz bezala: igo mahaira, jaitsi mahaitik, igo mahaira.»

        Herbertek bi koñak zerbitzatzen ditu; zerbait esan behar zioat Miezeri, mutil hau ez zegok ondo, hark kontuz ibili behar dik, hau noiznahi berriro zoratu eta Idarekin bezala gertatuko duk. Franzek bere basoa klikatu eta: «Elbarria nauk, Herbert; begira mahuka honi, hutsa zegok. Ez dakik zer min eman didan sorbaldak gauean; ezin lo egin.» «Ba joan hadi medikutara.» «Ez diat nahi, ez diat nahi, ez diat ezer jakin nahi medikuez, nahikoa izan nian Magdeburgen.» «Orduan hirekin joateko esango zioat Miezeri, Berlindik irten eta beste giro batera eramateko.» «Utzidak edaten, Herbert.» Herbertek belarrira xuxurlatzen dio: «Miezeri ere Idari bezala egiteko!» Franz adi jarri eta: «Zer?» «Bai.» Horra, orain begiratzen didak, begiraidak bai, lau urte ez dituk aski izan. Franzek ukabila estutu Herberten sudur aurrean eta: «Erotu al haiz?» «Ez, ni ez. Hi bai!»

        Kanpora zihoala, Eva entzuten egona zen ate ondoan, soineko marroixka apain batekin sartu, Herberti zarta bat eman eta: «Utziok edaten, motel, hi zoratu haiz.» «Neska, ez haiz jabetzen. Lehengo moduan ikusi nahi al dun?» «Hik ez daukak neurririk, ixtak ahozuloa.»

        Franzek Evarengan dauzka begiak josita.

 

        Eta handik ordu erdira, bere gelan, galdetzen dio Miezeri: «Zer esaten didan, edan nezake?» «Bai, baina gehiegi ez. Gehiegi ez.» «Ez al huke hik ere mozkortu nahi?» «Bai, hirekin.» Franzek zoratzen: «Hara, Mieze, mozkortu nahi dun, ez haiz sekula mozkortu?» «Bai. Tira, mozkor gaitezen. Berehala.»

        Eta arestian Franz triste zegoen, eta orain loriatua dakusa Mieze, lehengoan bezala, Eva eta biak haurrari buruz aritu zirenean. Eta Franzen ondoan dago, zer neska jatorra, zer neska ona, bere aldean hain da txikia, zamarrean sar lezake, hark besarkatu, berak gerritik heldu ezkerreko besoaz, eta orduan... orduan...

        Eta orduan Franz joana da, segundo batez bada ere. Gerria inguratzen dio besoaz, guztiz zurrun. Baina Franzek bere artean mugimendu bat egin behar izan du. Harria bezain gogor du aurpegia. Bere artean, eskuetan hartu... egurrezko tresna txiki bat... eta goitik behera... jo du Mieze bularrean, behin, bitan. Eta saihets-hezurrak hautsi dizkio. Erietxea, kanposantua, Breslautarra.

        Franzek askatu, Miezek ez daki hari zer pasatzen zaion, haren alboan etzan da lurrean, eta hark marmar eta berba eta antsia eta musu eta negar, eta berak ere negar egiten du, zergatik jakin gabe. Eta orduan berak bi botila pattar ekarri, eta hark «ez» eta «ez», baina horrek pozten ditu, poztu, ene, ederki pasatzen dute, barreka. Miezek aspalditik egon behar zuen bere galaiarekin, baina zer egin lezake neskak, bere Franzekin geratzen da, ezin da zutitu, hain gutxi ibili. Franzi ahotik pattarra edan, hark berreskuratu nahi, baina berari sudurretik dario. Eta orduan biak barre txikian hasi, eta Franzek sendo egiten du zurrunga, egunak ongi argitu arte.

 

        Nondik dut nik sorbaldako min hau, besoa moztu zidatek.

        Zertatik dut nik sorbaldako min hau, min handia ematen zidak sorbaldak. Nora joan da Mieze. Bakarrik utzi naik hementxe.

        Besoa moztu zidatek, hor konpon, sorbaldako mina, sorbalda. Zakur madarikatuak, besoa kendu zidatek, haiek egin zidatek, zakurrak, haiek izan dituk, zakurrak, besoa kendu eta ni hementxe utzi. Sorbalda, hau duk sorbaldako mina, botata utzi naitek, ahal izan balute sorbalda ere moztuko zidatean. Sorbalda ere moztuko zidatean. Sorbalda ere moztuko zidatean, ez zidaan halako mina emango, alua. Ez naitek akabatu, zakurrak, kale egin ditek, horretan ez ditek suerterik izan, simaurrak, baina hau ere ez zegok ondo, ni hemen etzanda eta ondoan inor ez eta nork entzungo ditu marruak: hau duk besoko mina, sorbalda, zakur horiek erabat txikitu banindute sikiera. Orain erdi gizon nauk. Sorbalda, sorbalda, ezin diat gehiago. Simaur zikinak, simaurrak, jota utzi naitek, zer egin behar dut, non da Mieze, hementxe botata utzi naitek. Ai, ai ene, ai, ai, ai.

 

        Eulia arrastan arrastan, loreontzian dago, erortzen zaio hondarra, ez zaio axola, astintzen du gainetik, luzatzen du buru beltza, irteten da kanpora.

        Hor zegok uraren ertzean Babilonia handia, fornikazioaren eta munduko izugarrikeria guztien ama. Horra hor, piztia eskarlata batean zegok eserita eta zazpi buru eta hamar adar zeuzkak, ikustekoa duk, ikus ezak. Hire urrats bakoitzak pozten dik. Sarraskitu dituen martirien odolak mozkortu dik. Adar horiekin erasotzen dik, osin-zulotik zetorrek eta madarikaziora zeramak, ikusi perlak, eskarlata, purpura, hortzak, nola karraskatzen dituen, ezpain lodi mardulak, haietatik isuri duk odola, bera mozkortu duena. Babilonia emagaldua! Begi pozoitsu urre-horiak, lepo puztua. Hire bizkar barrez zegok.

 

 

Aurrera, pausoa tinko,
danbor-errepika eta batailoiak

 

        Kontuz motel, granadak eroritakoan den-dena zerrituko duk, aurrera, hankak gora, zorrotz, atera beharra zeukaat hemendik, aurrera, gehienez ere hezurrak hautsiko zizkidatek, dummdrummdumm, pausoa tinko, bat bi, bat bi, ezker eskuin, ezker eskuin, ezker eskuin.

        Han doa martxan Franz Biberkopf kalez kale, pausoa tinko, ezker eskuin, ezker eskuin, utikan neke aitzakiak, utikan tabernak, zurrutik ez, ikusiko dugu, bala bat dator, ikusiko dugu, jo nau, erori naiz, ezker eskuin, ezker eskuin. Danbor-errepika eta batailoiak. Azkenean arnasa hartzen du.

        Berlinen zehar doa. Soldaduak hirian zehar martxan, zergatik, hargatik, txindarada bumdara, txindarada, dada.

        Etxeak egonean, eta haizea denean. Zergatik, hargatik, txindarada.

 

        Bere zulo zoko zikinean ­zulo zikin, zergatik, hargatik, zulo zoko, hargatik, txindarada­ dago Reinhold, Pumsen taldekoa, soldaduak hirian zehar martxan eta neskatxak leiho-ateetatik zelatan, egunkaria irakurtzen, ezker eskuin, ezker eskuin, nigana ala zugana, joko olinpikoei buruz irakurtzen, bat bi, eta kuia-haziek tenia hiltzen dutela. Oso astiro irakurtzen du, ozen, hitz-totelaren kontra. Bakarrik dagoenean, ongi aritzen da. Kuiari buruzkoa mozten du, soldaduak hirian zehar martxan, behin tenia eduki baitzuen, seguraski oraindik ere edukiko du, agian lehengo bera, agian berri bat, zaharrak kumea izan du, kuia-haziekin saiatu beharko, azal eta guzti beraz, zuritu gabe. Etxeak egonean, eta haizea denean. Skat Biltzarra Altenburgen, nik ez diat jokatzen. Munduari buelta, denera 30 pfennig soilik astean, beste iruzur bat. Soldaduak hirian zehar martxan eta neskatxak leiho-ateetatik zelatan, zergatik hargatik, txindarada bumdarada bum. Atea jo dute, aurrera.

        Gora, martxan, martxan. Reinholdek bizkor eskua sakelara, errebolberra. Bala bat dator, zugana ala nigana. Jo eta hil du bertan, erori da nire aurrean, nire ispilu zena, nire ispilu zena. Hara: Franz Biberkopf, besoa galdu dik, gerrako elbarria, idisko hau mozkorra zegok, ala ez. Mugitzen bada, tiro emango zioat.

        «Nork utzi dik sartzen?» «Etxekoandreak», eraso, eraso. «Simaur hori! Erotu al da?» Reinhold ate aldera. «Frau Tietsch! Frau Tietsch! Zer da hau? Etxean nago, bai ala ez? Ez nagoela esaten badut, ez nago etxean.» «Barkatu, Herr Reinhold, niri inork ez dit ezer esan.» «Ba orduan ez nago etxean, demontre. Ezin didazu etxean edonor sartu.» «Nire alabari esango zenion; behera joan da, ezer esan gabe.»

        Atea ixten du, errebolberra tinko. Soldaduak. «Zer nahi duk nigandik? Zer dugu guk biok?» Totel egiten du. Zer Franz da hau? Laster jakingo du. Denbora pasatu da besoa galdu zuenetik, lehen gizon zintzoa zen, alafede, orain putazaina da, eztabaidatuko dugu noren kulpagatik. Danbor-errepika, batailoiak aurrera, han dago bera. «Kontxo, Reinhold, errebolber bat daukak.» «Eta?» «Zertarako? Zer asmo duk?» «Nik? Ezer ez!» «Ba orduan badaukak uztea.» Reinholdek bere aurreko mahaian uzten du errebolberra. «Zertara hator nigana?» Hara hor, hor zegok, horrek jo nindian ezkaratzean, horrek jaurti nindian autotik, horren aurretik ez zegoan ezer, Cilly ere han zuan, eskailerak jaitsi nitian. Berriro ernetzen da hori dena. Ilargia uraren gainean, gogor itsugarri arratsean, kanpai-hotsa. Orain errebolber bat zeukak.

        «Baina eser hadi, Franz, aizak, katutu egin haiz?» Begiak josita zeuzkak eta, hau edanda zegok, ezin dik zurruta laga. Hori izango duk, edanda zegok, baina errebolberra neuk zeukaat. Txindarada bumdarada bum. Esertzen da Franz. Eta hantxe dago. Ilargi gogorra, ur guztia distiratsu. Reinholden ondoan dago eserita. Gizon honixe lagundu zion neskekin, kendu zion gainetik neska bat bestearen atzetik, gero zainketan jarri nahi izan zuen, ezertxo ere esan gabe, eta orain putazaina nauk, eta auskalo zertan bukatuko duen Miezek, eta hori duk egoera. Baina hori dena bere artean. Gauza bakarra dago: Reinhold, Reinhold dago hor.

        «Hi ikusi nahian, Reinhold.» Hori nahi nian; hau ikusi, ikustea aski duk, hemen gaudek. «Zer egin nahi didak, gogor hartu, ezta, txantajea egin, ordukoagatik? Ezta?» Geldi, zirkinik ez. Mutil, martxa aurrera, granada bakar batzuk dituk. «Txantajea, ezta? Zenbat nahi duk? Armak zeuzkaagu. Bazekiagu putazaina haizela ere.» «Halaxe nauk. Zer egin nezake beso bakarrarekin?» «Ea ba, zer nahi duk?» «Ezer ez, ezer ez.» Zuzen eserita egon, tinko, hori duk Reinhold, holaxe ibiltzen duk, ez nazala behintzat azpiratu.

        Baina Franzi dardara hasi zaio. Bazituan hiru errege, sortaldetik zetozean, intsentsua zeukatean eta huraxe astintzen zitean, etengabe astintzen zitean. Ketan biltzen haute. Reinholdek pentsatzen du: edo hau mozkorra zegok, eta orduan laster joango duk eta kito, edo zerbait nahi dik. Ez, zerbait nahi dik, baina zer, txantajerik ez, baina orduan zer. Reinholdek pattarra ekarri eta pentsatzen du, honek leunduko ziok mingaina. Ez ahal zen behintzat Herbertek bidalita etorriko, gu zelatatu eta atxiloarazteko. Bi basotxo urdinak ipintzen dituen unean, Franz dardarka dagoela dakusa. Ilargia, ilargi zuria, distiratsu jaiki duk uraren gainean, inork ezin dik behatu, itsua nagok, zer pasatzen zait. Begira, ezin dik gehiago. Bere buruari tinko eusten ziok, baina ezin dik gehiago. Eta orduan Reinhold poztu eta mahai gainetik errebolberra astiro hartu eta sakelan sartu eta zerbitzatu eta begiratzen dio berriro: dardarka zeuzkak atzaparrak, ikara, ustel hutsa duk ahobero hau, beldurra ziok errebolberrari edo niri, ez zioat ezer egingo. Eta Reinhold oso oso lasai dago, jator, bai jauna. Ederra, hura dardarka ikustea, ez, ez zegok edanda, Franz beldur duk, pott egingo dik, oraindik galtzetan egingo dik, hau al da nigana bero-bero etortzekoa zena.

        Eta Reinhold hizketan hasten zaio Cillyri buruz, atzo ikusi bagina bezala, berriro pasatu zuan nire eskuetatik, aste pare batean, holaxe izaten duk, hilabete pare batean hura ikusi ez eta berriro eduki zezakeat, errepika, xelebrea duk. Gero zigarroak eta irudi likits pila bat dakartza, eta gero argazkiak, tartean da Cilly ere, Reinholdekin.

        Franzek ezin du ezer esan, denbora guztian Reinholden eskuei begira dago, hark bi esku ditu, bi beso, berak bakarra, bi esku horiekin bota zuen auto azpira, ai zergatik, ai hargatik, ez ote nuke jo eta bertan hil behar, ai txindarada. Herbertek pentsatzen dik, baina nik ez diat holakorik pentsatzen, zer pentsatzen dut nik. Ezin diat ezer egin, ezin diat ezertxo ere egin. Baina halere egin behar diat, zerbait egin nahi nian, ai txindarada bumdarada... nik gizonetik ez diat batere, oilo bat nauk. Barruraino amiltzen da eta gero berriro egiten du dar-dar, koñaka edan, gero beste bat, alferrik da, eta Reinholdek isil-isilik diotso: «Gustura ikusiko nikek, Franz, gustura ikusiko nikek noizbait hire orbana.» Txindarada bumdarada. Orduan Franz Biberkopfek ­hori da­, zamarra zabaldu, besomotz-ondoa mahukarekin erakutsi, eta Reinholdek aurpegia okertzen du: nazka ematen du, Franzek zamarra ixten du: «Lehen okerrago zuan.» Eta orduan Reinholdek Franzi begiratzen dio berriro, hura isilik dago eta ezin du ezer egin eta zerri bat bezain lodi dago eta ezin du ahoa ireki, eta Reinholdek barre-irudi egiten segitu behar du eta ez da gelditzen.

        «Hi, sakelan ibiltzen al duk beti mahuka? Sartu egiten duk ala josita dago?» «Ez, sartu egiten diat.» «Beste eskuarekin? Ez, artean jantzi gabe hagoela?» «Ba bietara; zamarra jantzirik dudala ez duk samurra.» Franzen alboan dago Reinhold, mahukari tiratzen dio. «Kontu handiz ibili beharko duk, eskuineko sakelan ezer sartu gabe. Oso erraza duk hiri lapurtzea.» «Niri ez.» Reinholdek pentsatzen darrai: «Aizak, eta nola konpontzen haiz berokiarekin, deserosoa izan behar dik guztiz. Bi mahukak hutsik.» «Orain uda duk. Neguan ikusi behar.» «Igarriko diok, ez duk ederra izango. Ezin al duk beso artifiziala erosi, hanka galdu duenak gezurrezkoa janzten dik.» «Bestela ezin delako ibili.» «Bazegok gezurrezko beso bat eranstea, itxura hobea dik.» «Ez, ez, estutu egiten dik.» «Ba nik erosiko nikek, edo agian mahuka bete. Etorri, ikus dezagun.» «Zertarako, ez diat nahi, motel.» «Ez haiz ibiliko mahuka zintzilik duala, ederki emango dik, inork ez dik antzemango.» «A zer gauza. Ez diat nahi.» «Etor hadi, zurezkorik ez. Ikusi, galtzerdi pare bat edo alkandora sartuta, ikusi.»

        Eta ekiten dio Reinholdek, atera mahuka hutsa, sartu eskua, joan komodara eta hasten da betetzen, galtzerdiak, eskuzapiak. Franzek gogor egiten dio. «Zertarako, motel, ez ziok eutsiko, lukainka emango dik, utzi bakean.» «Ezetz ba, jostun bati eginarazi behar diok, sendo ipini, oso ondo emango dik, elbarri gisa ibili gabe, eskua sakelan duala.» Galtzerdiak berriro erortzen dira: «Bai, hau jostun batentzako lana duk. Nik ezin ditiat elbarriak eraman, elbarria, niretzat, hutsaren hurrengoa duk. Elbarri bat ikusi eta esaten diat: hil eta bakea.»

        Eta Franz adi-adi, baiezkoa eginez. Nahi gabe jartzen zaio dardara. Lapurretan dabil Alex aldean, dena urruti joan zaio, istripuagatik izango da, nerbioak, ikusiko dugu. Gogor jo du, ikaraz darrai. Ea, goazen, behera, adio Reinhold, ospa egin behar diat, pausoa tinko, eskuin, ezker, eskuin, ezker, txindarada.

 

        Badator Franz Biberkopf potoloa etxera Reinholdenetik, eta eskua eta besoa dardaraz eta ikaraz ditu oraindik, zigarroa erortzen zaio ahotik, etxeratzean. Eta hantxe dago Mieze bere galaiarekin, eta Franzen zain egon da, zaldunarekin joan nahi duelako bi egunerako.

        Bazter batera darama Mieze. «Eta ni zer?» «Zer egin behar dut ba, Franz? Ai ene, Franz, zer duk?» «Ezer ez, hanka hemendik.» «Gaur gauean itzuliko nauk.» «Hanka.» Marru egiten du ia. Miezek bere galaiari begiratu, Franzi lepoan musu bizkor bat eman eta han doa. Behean, Evari deitzen dio telefonoz: «Astirik baldin badun, joan hadi Franzengana. Zer duen? Ez zekinat. Baina joan hadi.» Baina ondoren Evak ezin du, Herbert errietan ari zaio egun osoan, ez dauka irteterik.

        Bitartean eserita dago gure Franz Biberkopf, kobra, burdinazko borrokalaria, bakarrik, bakar-bakarrik, bere leihoan eserita, eskua markoan kakotu eta pentsatzen, ez ote den txorakeria izan, kaka-nahastea, Reinholdenera joatea, eta pikutara, eta txorakeria duk, soldaduak hirian zehar martxan, txorakeria, egoskorkeria, eta hortik atera beharra zeukaat, beste zerbait egin. Eta bitartean pentsatzen dago, ba egingo diat, joango nauk, ez duk hola geratuko, lotsagarri utzi naik, zamarra bete zidak, ezin zioat inori esan, halakorik.

        Eta burua gogor jarri markoan eta lurperatzen da eta ahalketzen da, saminki ahalketzen da: horixe egingo diat, nik hori ametitzea ere, ni nauk ergela, haren aurrean dardarka. Eta ahalkea oso handi eta latza da. Franz amorratzen dago, ez dago bere onean, nik ez nian hori nahi, ni ez nauk koldarra, besobakarra izanagatik.

        Harengana joan behar diat. Eta akitzen da. Gaua da aulkitik altxatzen denerako. Begiratzen du gela inguruan, horra pattarra, Miezek jarri zidak, ez diat edango. Ez diat lotsarik nahi. Ikustekoak dira Franzen begiak. Ni... harengana noak. Rum di bum, kanoiak, tronpetak. Aurrera, behera, jantzi zamarra, bete egin nahi izan zidak, haren aurrean jarriko nauk, ez diat batere dardararik egingo.

 

        Berlin! Berlin! Berlin! Tragedia itsas hondoan, urpeko bat hondartu da. Eskifaia ito da. Eta ito badira hil dira, hor konpon mari-anton, kito, akabo, joanak joan. Martxan, martxan. Bi hegazkin militarrek lurra jo dute. Orduan erori dira, orduan hil dira, hor konpon mari-anton, hilda dagoena hilda dago.

        «Gabon, Reinhold. Ba bai, neu nauk berriro.» Hark Franzi begira: «Nork utzi dik sartzen?» «Niri? Inork ez. Atea irekita zegoan eta tak sartu nauk.» «Hara, eta ez dakik txirrina jotzen.» «Higana etortzeko ez diat txirrina joko, ez nagok edanda.»

        Eta biak aurrez aurre esertzen dira, erretzen, eta Franz Biberkopfek ez du dar-dar egiten eta irmo dago eta pozik, bizirik dagoelako, eta hauxe da auto azpira erori zenetik egunik onena, eta hauxe da ordutik egin duen gauzarik onena: hemen eserita egotea, to, ederra duk. Eta hobea duk mitinak baino eta ia hobea... Mieze baino ere. Bai, hauxe duk denetan ederrena: honek ez naik eraitsiko.

        Iluntzeko zortziak dira, Reinholdek Franzi aurpegira begiratzen dionean: «Franz, hik ondotxo dakik gu bion artean zer kontu dagoen argitzeko. Aizak, nigandik zerbait nahi baduk, esan ezak lasai.» «Zer dut nik argitzeko?» «Autoarena.» «Zer dela eta, hortatik ez zaidak besoa haziko. Eta gainera...» Franzek mahaia ukabilaz jo eta: «Gainera ondo egon zuan. Ezin nian hala segitu. Pasatu beharra zeukaan.» Ho-ho, horretan al gara, horretan gintuan aspalditik. Reinholdek zundatuz: «Zera ari haiz, kalean saltzeaz.» «Bai, hori ere bai. Txoriak neuzkaan buruan. Orain, denak joan dituk.» «Eta besorik ez.» «Bestea zeukaat, eta gainera burua eta bi hanka.» «Zer habil? Heure kontura ala Herbertekin?» «Beso bakarrarekin? Hola ezin diat ezer egin.» «Baina zera, putazain huts izanda aspertuko haiz.»

        Eta Reinhold pentsatzen eta hari begira dago, hura han eserita dagoela, potolo eta mardul: pozik jolastuko nikek honekin. Kopeta harro zeukak. Hezurrak haustea merezi dik. Besoarena ez dik aski.

        Eta biak emakumeei buruz hasi eta Franzek Miezerena kontatzen dio, lehen Sonja zena, poliki irabazten duen neska fina. Orduan Reinholdek pentsatzen du: hori duk eta, neska ostuko zioat, eta Franz satsetan leporaino utzi.

        Izan ere, harrak lurra jan arren eta atzetik hustu arren, beti jaten ari da. Eta piztiak ezin du errukirik izan, gaur betetzen diozu urdaila, eta bihar berriro ekin eta ehizatu behar du. Pertsonari, suari bezala gertatzen zaio: erretzen denean jan egin behar, eta ezin badu jan, itzali egiten da, itzali egin behar.

        Franz Biberkopf pozik dago bere buruarekin, han eserita egon ahal izan delako, dardararik gabe eta erabat lasai eta pozarren, jaioberria balitz bezala. Eta Reinholdekin behera doala, nabaritzen du berriro: soldaduak hirian zehar martxan, eskuin, ezker, ederra duk bizitzea, hemen doazen guztiak lagunak ditiat, hemen inork ez naik eraitsiko, nahi duena saia dadila. Zergatik, hargatik, neskatxak leiho-ateetatik zelatan.

        «Dantzara noak», diotso Reinholdi. Hark orduan: «Miezerekin?» «Ez, kanpoan duk bi egunerako, bere ongilearekin.» «Datorrenean, zuekin joango nauk.» «Ederto, poztuko duk.» «Ba ote?» «Esan diat; ez dik hozka egingo.»

        Franz guztiz kontent dago, jaioberriak, zoriontsuak gau osoa igarotzen du dantzan, lehenbizi Alte Ballhausen, gero Herberten lokalean, eta denak pozten dira berarekin, baina batik bat bera bere buruarekin. Eta Evarekin dantzan ari den bitartean, bi lagun maite ditu barru-barruan: bata bere Mieze, hartuko luke orain aldamenean, eta bestea... Reinhold. Baina ez da ausartzen esatera. Gau zoragarri osoan zehar, honekin eta harekin dantzan dabilela, ondoan ez dauzkan bi haiek maite ditu, eta zoriontsua da haiekin.

 

 

Ukabila mahai gainean

 

        Honaino irakurri duen oro ohartuko zen joera berriaz: atzerako joera, Franzengana heldu arte. Franz Biberkopf, indartsua, kobra, berriro agertu da eszenan. Ez da erraza izan, baina hor da berriro.

        Bazirudien han zegoela, Miezeren putazain bihurtu zenean eta patxadan paseatzen zenean, urrezko zigarro-kutxatila batekin eta arraunlari-txapel batekin. Baina orain bai, hortxe dago, alai eta beldur guztiak baztertuta. Orain ez zaizkio teilatuak balantzaka hasten, eta besoa, tira, hori izan da ordaina. Operatu eta atera diote buru barruko txoria. Bera orain putazaina da eta berriro izango da gaizkilea, baina horrek guztiak ez dio minik egiten, alderantziz.

        Eta hasieran bezala da dena. Baina argi dago, ez da lehengo kobra. Gure betiko Franz Biberkopf da, bistan da, besterik ez. Lehenbizikoan bere lagun Lüdersek engainatu eta erreka jo zuen. Bigarrenean zaintzen egon behar zuen, baina berak nahi ez eta Reinholdek autotik behera bota eta atzetik zetorrenak zanpatu zuen. Orain Franzek aski du, edonorentzat aski litzateke. Ez doa komentura, ez du bere burua desegiten, gerraren bidetik doa, putazain eta gaizkile ez ezik, zuzen aurrera. Orain ikusiko duzue Franz, ez bere kasa dantzan eta asetzen eta bizitzaz gozatzen, baizik eta beste zerbaitekin dantzan, dantza zoroan, horrek erakutsiko du zera horren indarra eta nor den indartsuago, Franz ala beste zera hori.

        Franz Biberkopfek ozen hitzeman zuen, Tegeletik irten eta berriro hanken gainean jarri zenean: zintzo jokatuko diat. Ez diote utzi hitzari eusten. Orain ikusiko du, zer beste daukan esateko. Galdetuko du, besoa galdu beharra al zeukan eta zergatik. Agian, auskalo nola edukiko duen honelako batek buru barrena, agian Reinholdi besoa itzularazi nahiko dio.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia