BOSGARREN LIBURUA

 

        Bizkor sendaturik, gizona berriro hor da, lehengo lekuan, ez du ezer ikasi eta ezta antzeman ere. Orain lehenbiziko kolpe gogorra jasotzen du. Krimen batean nahasten dute, ez du nahi, defendatzen da, baina beharra behar.

        Eskuekin eta hankekin defendatzen da sendo eta gogor, baina alferrik da, bera baino gehiago da, beharra behar.

 

 

Alexen topo, kristoren hotza.
Hurrengo urtea, 1929, hotzagoa izango da

 

        Rumm rumm astintzen du lurrunezko gabiak Aschingerren aurrean, Alexen. Lehen solairura iristen da, eta huskeria balitz bezala sartzen ditu errailak lurrean.

        Giro izoztua, otsaila. Jendea berokiarekin. Larruak dauzkanak jantzi ditu, ez dauzkanak ez ditu jantzi. Emakumeak jelatuta doaz galtzerdi finekin, baina polita egiten du. Eskaleak habiara bildu dira hotzaren aurrean. Epeltzen duenean aterako dute berriro sudurra. Bitartean, lehen halako bi zintzurreratzen dute pattarra, baina zer-nolakoa, hildako batek ere ez luke hartan igeri egin nahi.

        Rumm rumm jotzen du lurrunezko gabiak Alexanderplatzen. Askok astia dute eta begira jartzen dira, nola jotzen duen gabiak. Han goian gizon batek kate bati tiratzen dio, han zerbaitek paff egin, eta danba hartzen du zutoinak buruan. Han daude gizonak eta andreak eta batez ere gaztetxoak eta pozten dira, dena taxuz doalako: danba jasotzen du zutoinak buruan. Hatz punta bezain txikia egiten da, baina gero beste bat jasotzen du, bukatu zaizkio berriketak. Azkenean ezkutatu da, arraioa, ederki goxatu dute, jendea pozik doa.

        Dena oholez beteta dago. Lehenago Tietzen aurrean zegoen Berolina, esku bat luzatuta, emakume kolosala, eraman dute. Agian urtu eta medailak egingo dituzte harekin.

        Erleen antzera dabiltza lurrean. Saltsan eta lardaskan ehunka, gau eta egun.

        Triki-traka doaz tranbiak, horiak atoiekin, oholez betetako Alexanderplatzetik, arriskutsua da salto egin eta jaistea. Geltokia erabat libre dago, norabide bakarra Königtrassera Wertheimen barrena. Sortaldera nahi duenak, Klosterstrassetik jiratu behar du, Inspekziotik pasatuz. Trenek burrunba egiten dute geltokitik Jannowitzbrückerantz, lokomotorrak goitik jaurtitzen du lurruna, Prälat gainean dago oraintxe, Schlossbräu, sarrera hurrengo izkinatik.

        Galtzadaz bestaldean ari dira eraikitzen, etxeak ari dira eraikitzen tranbiaren aldamenean, nondik dute dirua, Berlin hiria aberatsa da, eta guk zergak ordaintzen ditugu.

        Eraitsi dute Loeser und Wolff, mosaikozko iragarki eta guzti, 20 metro harago altxatzen da berriro, eta bestaldean geltoki parean altxatzen da ostera. Loeser und Wolff, Berlin-Elbing, aukera-aukerako kalitatea zapore guztietan, Brasil, Habana, Mexiko, Goxagarri Txiki, Liliput, Zigarre Nr. 8, 25 pfennig, Winterballade, 25eko paketea, 20 pfennig, Zigarillos Nr. 10, sailkatu gabeak, Sumatra estalkia, ona eta modu onean, ehuneko kutxatilak, 10 pfennig. Ni gogor saiatzen naiz, hi gogor saiatzen haiz, hura gogor saiatzen da 50eko kutxatilekin eta 10eko paketeekin. Munduko lurralde guztietara bidaltzen dugu, Boyero 25 pfennig, produktu berri honekin lagun asko egin ditugu, ni gogor saiatzen naiz, hi gogor saiatzen haiz alferrik.

        Prälat ondoan lekua dago, han daude gurdiak bananekin. Eman haurrei bananak. Banana da fruitu garbiena, azalari esker intsektu, har eta baziloetatik babestua dagoelako. Azala zeharkatzen duten intsektu, har eta baziloetatik izan ezik. Czerny kontseilariak azpimarratu duenez, haurrek ere bai lehenbiziko urteetan. Nik gogor xehatzen dut, hik gogor xehatzen duk, hark gogor xehatzen du.

        Haizea erruz dabil Alexen, Tietzen ertzean ez da giro. Etxe artean eta lurpeko lanetan jotzen du. Tabernara bildu nahi eta ezin, galtzen sakeletatik putz egiten du, orduan konturatzen zara zerbait gertatzen dela, ez da txantxetakoa, eguraldi honekin alai ibili behar da. Goizean goiz heltzen dira langileak zirrin-zarran, Reinickendorf, Neukölln, Weissenseetik. Hotzarekin edo hotzik gabe, haizearekin edo haizerik gabe, ekarri kafeontzia, bildu ogitartekoak, asto-lana diagu, goian zeudek erlemandoak, lumazko ohetan lo eta guri odola zurrupatzen.

        Aschingerrek kafetegi eta jatetxe handi bat ditu. Sabelik ez daukanak, bertan lor dezake, eta daukanak nahi hainbat handi dezake. Naturari iruzur gutxi! Irin zuri ahuleko ogiak eta gozopilak gehigarri artifizialekin hobe daitezkeela uste duenak, bere burua eta bezeroa engainatzen du. Naturak bere bizilegea du eta oker guztiez mendekatzen da. Gaur egungo herri zibilizatu ia guztien osasun kaskarraren jatorria, elikadura ahuldua eta artifizialki findua da. Txerriki fina zure etxera, gibelkiak eta odolkiak merke.

        Magazin txit interesgarriak marko bat ez baizik 20 pfennig, Ezkontza txit interesgarri eta bixiak 20 pfennig bakarrik. Aldarrikaria erre eta erre ari da, marinel-txapela darama, ni gogor saiatzen naiz.

        Sortaldetik Weissensee, Lichtenberg, Friedrichshain, Frankfurter Allee, oldartzen dira tranbia horiak plazara Landsberger Strassetik. 65.a Hiltegi Nagusitik dator, Grosse Ring Weddingplatz, Luisenplatz, 76.a Hundekehletik Hubertusalleen barrena. Landsberger Strasseko kantoian likidatu dute Friedrich Hahn, saltegi handi zena, erabat hustu eta beste mundura bidali dute. Han gelditzen dira tranbiak eta 19. autobusa, Turmstrasse. Jürgens paper-denda zegoen lekuan, etxea eraitsi eta hesi bat ipini dute. Hantxe dago gizon zahar bat medikubalantza batekin: zure pisua jakitea, 5 pfennig. Oi anaia-arreba maiteok, Alexen zehar jirabiran zabiltzatenok, goza ezazue une honekin, begira ezazue balantzaren ondoko zulotik zabortegi honetara, non lehen Jürgens nabarmentzen zen, eta hor dago oraindik Hahn erosketa-zentroa, hustuta, barrenak eta erraiak kenduta, erakusleihoetan zatar gorriak bakarrik erantsita. Zarama pila bat dugu aurrean. Hautsa haiz eta hautsera itzuliko haiz, etxe apain bat eraiki genuen, eta orain inor ez da ez sartzen ez ateratzen. Honela hondoratu ziren Erroma, Babilonia, Ninive, Hanibal, Zesar, denak hondora, oi, pentsa ezazue horretan. Jakin dezazuen, berriro ari dira hiri horiek lurpetik ateratzen, igandeko azken edizioan argazkiek agertzen dutenez, eta bigarrenik, hiri horiek bete dute beren zeregina, eta orain hiri berriak eraiki daitezke. Ez da negarrik egiten galtza zaharrak sitsak jan eta hondatzen direnean, berriak erosten dira, horretatik bizi da mundua.

        Txapelokerrak nagusi dira plazan. Hainbat ale daude. Ale bakoitzak jakinduriaz begiratzen du alde bietara eta buruz dakizki zirkulazio-arauak. Mantarrak daramatza hanketan, gomazko borra bat dauka eskuin aldean zintzilik, besoak horizontalean mugitzen ditu sartaldetik sortaldera, orain ezin dute jarraitu iparrak eta hegoak, eta sartaldea sortaldera isurtzen da, sortaldea sartaldera. Orduan alea bere kasa aldatzen da: iparra hegora isurtzen da, hegoa iparrera. Txapelokerrak gerri malgua dauka. Bere hurrengo keinuarekin 30en bat jendek zeharkatzen dute plaza Königstrasse aldera, batzuek erdiko tarteraino, beste batzuek beste aldera heldu eta jarraitzen dute oholen gainetik. Beste hainbeste abiatu dira sortaldera, igeri doaz lehengoengana, haiek ere berdin, baina inori ez zaio ezer gertatu. Gizonak, andreak eta umeak dira, azken hauek ia beti amaren eskutik. Denak zenbatzea eta beren patua deskribatzea oso zaila da, batzuena bakarrik egin liteke. Haizeak denei berdin botatzen die lastoa. Sortaldera doanaren aurpegia ez da desberdina sartaldera, hegora eta iparrera doanaren aldean, rolak ere trukatzen dituzte, eta orain plazan zehar Aschingerrerantz doazenak, ordubeteren buruan Hahn erosketa-zentro hutsaren aurrean topa daitezke. Eta berdin nahasten dira Brunnenstrassetik etorriaz Jannowitzbrückera bidean direnak, alderantziz doazenekin. Bai, asko dira desbideratzen direnak, hegotik sortaldera, iparretik sartaldera. Denak berdinak dira, autobusean eta tranbian doazenak bezalaxe. Bakoitza jarrera batean dago eserita eta horrela astunagoa egiten dute kotxearen kanpoan idatzita dagoen pisua. Han barruan gertatzen dena nork adierazi, sekulako kapitulua. Eta idatziko balitz, noren onerako? Liburu berriak? Zaharrak ez dira saltzen, eta 27. urtean liburu-salmenta ez dakit zenbat jaitsi zen 26.aren aldean. Gizabanako huts gisa hartu behar da jendea, 20 pfennig pagatu dituzte, salbu eta hileko txartela dutenek eta 10 pfennig bakarrik pagatzen duten ikasleek, eta hor doaz beren kintal batetik bi kintalera bitarteko pisuarekin, beren jantzi, poltsa, pakete, giltz, kapela, hortzorde, eten-uhalekin Alexanderplatzetik eta gordeta daramate papertxo luze misteriotsua, dioena: 12. linea Siemensstrasse DA, Gotzkowskistrasse C, B, Oranienburger Tor C, C, Kottbuser Tor A, ikur misteriotsuak, nork asmatu, nork esan eta nork antzeman, nik hiri hiru hitz larri, eta papertxoak lau aldiz daude zulatuta leku jakinetan, eta papertxoek hala diote, Bibliako eta Kode Zibileko aleman berean: bide laburrenetik helmugara iritsi arte balio du, ez ditu bere gain hartzen tarteko loturak. Hainbat joerako egunkariak irakurtzen dituzte, oreka gordetzen dute belarriko labirintoari esker, oxigenoa arnasten dute, lokartzen dira, mina dute, ez dute minik, pentsatzen dute, ez dute pentsatzen, zoriontsu dira, zorigaiztoko dira, ez dira ez zoriontsu ez zorigaiztoko.

        Rumm rumm gabiaren zarta, ni gogor saiatzen naiz, beste errail bati. Inspekziotik dator zarata, iltzea josten, zementu-makina bere barrukoa iraultzen. Begira dago Adolf Kraun jauna, mirabea, zementua iraultzeak zeharo zurtzen du, hi gogor saiatzen haiz, hura gogor saiatzen da. Urduri egiten du zelata, nola igotzen den alde batetik bagoikada area, iristen da goraino, taka, eta itzultzen da. Ez da ederra izango inor ohetik horrela ateratzea, hankaz gora, buruz behera, hor konpon hadi, ezer gertatzeko ere, baina bost axola zaie.

 

        Franz Biberkopf berriro dabil zakuarekin, egunkariak saltzen. Auzoz aldatu da. Rosenthaler Tor utzi eta Alexanderplatzen dago. Sasoi betean, 1,80 luzean, pisua galdu du baina arinago doa. Buruan du egunkari-saltzailearen txapela.

        Krisi alarma Reichstagen, martxoan bozak agian, seguraski apirilean bozak, nora goaz, Josef Wirth? Alemania erdiko borrokak aurrera darrai, artekari-talde bat osatzekoak, lapurreta Tempelherrenstrassen. Metroaren Alexanderstrasseko irteeran dauka bere lekua, Ufa zinemaren aurrean, inguru honetan ipini du denda berri bat Fromm optikak. Franz Biberkopfek Münzstrasse aldera begiratu, jende-emanaren erdian lehenbiziko aldiz dagoela, eta pentsatzen du: zenbatera ote dago bi juduen etxea, ez dituk urruti bizi, hori nire lehen zoritxar hartan izan zuan, igual egingo zieat sartu-atera bat, ea erosten didaten Völkischen Beobachter. Zergatik ez, berdin zaidak gustatzen zaien ala ez, non eta erosten didaten. Pentsatzerakoan keinu egiten du, xelebrea zuan judu zahar-zahar txapindun hura. Begiratzen du ingurura, hatzak hozminduta dauzka, aldamenean txalkor txiki bat dago, sudur okerra, inondik ere hautsia dauka. Krisi alarma Reichstagen, Hebbelstrasse 17ko etxea hustu dute erortzeko arriskuagatik, krimen odoltsua arrantza-ontzian, matxinatu bat edo ero bat.

        Franz Biberkopf eta txalkorra eskuei haize ematen ari dira. Goizeko negozioa makala izaten da. Gizon ihar zahar bat, itxuraz narrasa eta erasana, Franzengana doa. Feltrozko kapela berde bat dauka, eta egunkari saltzeaz galdetzen dio Franzi. Franzek ere galdetu ohi zuen. «Ez jakin, adiskidea, komeni zaian ala ez.» «Bai, berrogeita hamabi urte zeuzkaat.» «Ba horregatik, berrogeita hamarrekin hasten duk erreuma. Prusiarretan bagenian erreserbako kapitain bat, berrogei urte bete berriak, Saarbrückengoa, loteria-saltzailea ­hori berak esaten zian, agian tabakotan ariko zuan­ eta berrogei urterako erreuma zeukaan, giltzurrunetan. Baina halere tinko eusten zioan gorputzari. Erratz kirtena gurpil gainean bezala ibiltzen zuan. Gantzarekin igurtzitzeko agintzen zian beti. Eta gantza ahitu zenean, 1917 aldera, Palmin bakarrik zegoan, landare-olio aparta, eta hura kerratua, bere burua hil zian.»

        «Zer egin liteke, fabrikan ere hartzen ez bahaute. Eta gainera iaz operatu ninditean, Lichtenbergen, Hubertus eritegian. Koskabilo bat kendu zidatean, tuberkulosia omen neukaan, aizak, oraindik mina zeukaat.» «Ba kontuz ibili, bestearekin ere hori bera gerta ez dakian. Onena eserita egotea duk, hobe duk kotxe-gidari izatea.» Alemania erdiko borrokak aurrera darrai, negoziazioak hutsean, atentatua maizter-legearen kontra, esna zaitez, maizterra, buru gaineko teilatua kendu nahi dizute. «Bai, motel, badaukak egunkariekin hastea, baina lasterka ibiltzeko gauza izan behar duk, eta ahotsa eduki behar duk, zer moduz eztarria, txantxangorria, ona al haiz kantaria? Zera, guretzat hori duk printzipalena, kantari eta lasterka jakitea. Marrulari onak behar ditiagu. Boz handiak etekin handiak. Alproja jendea. Ikustak hau, zenbat groschen daude?» «Nik lau esango nikek.» «Hori duk. Hik lau esango huke. Hor zegok ba. Esango huke. Baina batek presa duenean, eta sakela miatu eta bost pfennig dauzkanean eta gero marko bat edo hamar marko, galdeiek gure adiskideei, horiek dena aldatzen ditek. Horiek bai erneak, horiek dituk benetako bankariak, ederki zekitek aldatzen, ehunekoak ateratzen, baina hi ez haiz ezertaz jabetzen, hain aritzen dituk bizkor.»

        Zaharrak intziri egiten du. «Bai, hik berrogeita hamar urte eta gainera erreuma. Motel, kementsua ez duk bakarrik aritzen, bi gazte hartzen dituk, pagatu behar diek noski, agian erdia kenduko ditek, baina heure negozioa daukak, hankak eta ahotsa zainduz. Harremanak eta leku egokia behar dituk. Euritan busti egiten haiz. Negoziorako onenak, kirol-txapelketak eta gobernu-aldaketak. Ebert hil zenean, harrapaka kentzen omen zizkietean egunkariak. Motel, ez ezak aurpegi hori jarri, ez duk hain txarra ere. Ikustak hango gabia, imajina ezak buruan jotzen hauela, zer hausnartu behar edukiko huke orduan?» Atentatua maizter-legearen kontra. Zörgiebel badoa. Printzipioak saldu dituen alderdia uzten dut. Zentsura ingelesa Amanullahn, Indiak ez du deus jakin behar.

        Radio Weben etxetxo aurrean ­besterik adierazi arte, doan kargatzen ditugu akumuladoreak­ andereño zurbil bat dago txanoa aurpegiraino sartuta, eta sakon hausnartzen ari dela dirudi. Ondoko taxilariak bere artean: pentsatzen ari duk ea kotxea hartu eta ea nahiko diru daukan, edo norbaiten zain zegok. Baina gorputza apur bat kizkurtu bere belusezko berokian, apurtu balitzaio bezala, eta gero berriro jartzen da abian, ondoeza besterik ez da eta urdaileko sastadak izaten ditu. Maistra izateko azterketa egitekoa da, gaur etxean geratuko da eta txaplata beroak jarriko ditu, iluntzerako hobeto egongo da.

 

 

Pixka batean ezer ez, atsedena, sendatze bidean

 

        1928ko otsailaren 9ko arratsaldean, Oslon gobernu laborista erori zenean, Stuttgarteko Sei Eguneko Lasterketaren azken gauean ­Van Kempen-Frankenstein izan ziren irabazle, 726 puntu eta 2.440 kilometro­, Saar lurraldeko egoerak larrira egin zuenean, 1928ko otsailaren 9ko arratsaldean, asteartean (mesedez unetxo bat, orain emakume ezezagunaren aurpegi misteriotsua ikusten ari zara, eder horren galdera denentzat da, zuretzat ere bai: erretzen al duzu Garbaty Kalif?), arratsalde honetan Franz Biberkopf posterren zutoin baten ondoan zegoen Alexanderplatzen, eta aztertzen ari zen Treptow-Neukölln eta Britzeko baratzezainen gonbidapena protesta-batzar bat egiteko Irmer festalekuan, eguneko gaia: kaleratze arrazoigabeak. Beheko iragarkian: asmaren oinazea eta mozorro-akura, aukera zabala emakume nahiz gizonentzat. Orduan agertu zen bat-batean bere aurrean Meck txikia. Ezagutzen dugu Meck. Ikusi, hor dator, pauso luzeak emanaz.

        «Hara, Franzeken, Franzeken», Meck pozik zegoen, oso pozik ere, «Franz, aspaldiko, gutxiena uste nian hi berriro ikustea, mundutik joana hintzelakoan nengoan. Lepoa jokatuko nian...» «Zer jokatuko huen? Orain ere zer, zerbait egin dudalakoan? Bai zera, motel.» Elkarren eskuak astindu, besoak astindu sorbaldetaraino, sorbaldak astindu saihetsetaraino, bizkarrekoak eman, gorputz guztia zeukaten balantzaka eta mugimenduan.

        «Gertatzen duk bai, Gottlieb, jendea ez ikustea. Hementxe nabilek.» «Hemen Alexen, Franz, bai zera, egingo nian hirekin topo. Ondotik pasatu eta begiratu ez.» «Hori duk, Gottlieb.»

        Eta besoz beso, Prenzlauer Strassen behera. «Igeltsuzko buruekin hastekoa hintzen, Franz.» «Nik igeltsuzko buruetarako ez zeukaat adimenik. Igeltsuzko buruetarako heziketa behar duk, eta nik ez zeukaat. Egunkariekin ari nauk berriro, jateko adina ematen dik. Eta hi, Gottlieb?» «Horko Schönhausen nagok, gizon-janzkiak, gabardinak eta galtzak saltzen.» «Eta nondik ateratzen duk generoa?» «Ondo lehengo Franz bera haiz, nondik eta nondik galdezka. Hori andereñoek galdetzen ditek, janari-pentsioa nahi dutenean.» Franz isilik zihoan Mecken ondoan, bekozko ilunez: «Zuek beti engainua, noizbait harrapatu arte.» «Zer diok harrapatu, zer diok engainua, Franz, tratularia izan behar duk, erosten jakin behar duk.»

        Franzek ez zuen jarraitu nahi, ez zuen nahi, egoskortu zen. Baina Meckek ez zuen etsitzen, tar-tar hizketan ez zuen etsitzen: «Hator tabernara, Franz, agian ikusi ahalko dituk aberetratulariak, gogoratuko haiz, auzia zutenak, gurekin eserita egon zirenak batzarrean, txartela atera huenean. Saltsa ederrean sartu dituk beren auzi horrekin. Orain zin egiteko ordua ditek, eta orain lekukoak aurkitu behar zin egiteko. Txo, zalditik eroriko dituk, baina buruz behera.» «Ez, Gottlieb, nahiago diat hirekin ez joan.»

        Baina Meckek ez zuen etsitzen, bere aspaldiko lagun ona zen eta gainera denetan onena, Herbert Wischow kenduta noski, baina hura bilau hutsa zen, eta harekin ez zuen traturik nahi, ez, akabo. Eta besotik helduta, Prenzlauer Strassen behera, destileria, oihal-lantegiak, konfiteriak, zeta, zeta, zeta gomendatzen dut, gauza izugarri modernoa emakume finarentzat!

        Eta zortzietan Franz eserita zegoen Meckekin eta beste batekin, hura mutua eta keinuak besterik egiten ez zituena, taberna batean izkinako mahaian. Ederra zen giroa. Meck eta mutua harrituta zeuden nola ari zen erabat desegiten Franzen izotza, gogotsu jaten eta edaten zuen, bi txerri-hanka, gero babarrunak txerrikiarekin eta Engelhardt pitxerkada bat bestearen atzetik, eta biak gonbidatzen zituen. Elkarren kontra estutzen zituzten hirurek besoak, beren mahai txikira inor etor ez zedin enbarazu egitera; etxekoandre iharra soilik hurbil zitekeen, batu eta bildu eta berriz bete. Ondoko mahaian adineko hiru gizon zeuden, noizean behin elkarri beren buru soila igurtzitzen. Franzek masailak puztuta barre egin zuen, haiengana joan ziren bere begi zirrikituak. «Zer ari dira horiek?» Etxekoandreak ziapea hurreratu zion, bigarren txarroa: «Elkar maiteko dute.» «Hala ematen du.» Eta hirurek segitzen zuten algaraz, mauka-mauka, irensten. Franzek behin eta berriro zioen: «Ase beharra zegok. Indartsua denak jan beharra zeukak. Zahagi betea ez daukanak, ezin ezer egin.»

        Abereak gurpil gainean datoz probintzietatik, Ekialdeko Prusia, Pomerania, Mendebaldeko Prusia, Brandenburgetik. Marru eta marraka egiten dute arranplan behera. Txerriek kurrinka egiten dute, lurra usaintzen. Laino artean zoaz. Gizon gazte zurbil batek hartzen du aizkora, sast, unetxo bat izan da, kito.

        Bederatzietan ukondoak askatu, puruak sartu ahozulo koipetsuetan eta hasi ziren beren barruko janariaren lurrun epela korroskadaka botatzen.

        Orduan zerbait hasi zen gertatzen.

        Lehenbizi gaztetxo bat tabernan sartu, bere kapela eta berokia paretan eseki eta pianoa jotzen hasi zen.

        Lokala betetzen ari zen. Zenbait barran zeuden, eztabaidan. Beste zenbait Franzen ondoan eseri ziren aldameneko mahaian, adineko gizon txanodun batzuk, gazte bat onddo-kapela batekin, denak Mecken ezagunak, hizketan hasi ziren batetik bestera. Begi beltz eta distiratsuko gaztea, Hoppegartendar gazte ernea, kontatzen ari zen:

        «Zer ikusi zuten Australiara heldu eta berehala? Aurrena hondarra eta eremuak eta ordekak, ez zuhaitzik ez belarrik ez ezer. Hondarrezko basamortu bat. Eta gero milioika eta milioika ardi hori. Basati bizi zituan. Haietatik bizi zituan ingelesak hasieran. Eta esportatu ere egin zitiztean. Amerikara.» «Zera edukiko zitean han, Australiako ardien premia.» «Hego Amerikara, benetan.» «Han idi ugari zeukatek. Ez zekitek zer egin, hainbeste idirekin.» «Baina ardiak, ilea. Hango lurretan beltz asko zeudek, hotzez. Makalak dituk ba ingelesak, beren ardiak nora bidali ez jakiteko. Ez hadi ingelesengatik kezkatu. Baina zer pasatu da gerora ardiekin? Orain bahoa Australiara, hala esan zidatek niri, begiratzen duk urrutira eta inon ardirik ez. Ezta batere. Zergatik? Non dira ardiak?» «Basapiztiak.» Meckek ezezkoa egin zuen: «Zer basapizti! Izurriak. Horixe duk zorigaitzik handiena herri batean. Hiltzen dituk eta han geratzen haiz.» Onddo-kapelako gazteak ez zuen uste, izurriak hain erabakigarriak izan zirenik. «Izurriengatik ere izango zuan. Hainbeste abere dauden lekuan batzuen batzuk hil, bertan usteldu eta gaitzak zabaltzen dituk. Baina arrazoia ez duk hori izan. Itsasora joan zituan denak batera trostan, ingelesak azaldu zirenean. Ingelesak haiek harrapatzen eta bagoietan sartzen hasi zirenean, beldurtu egin zituan landako ardiak, eta milaka animalia joan zituan lasterka itsasorantz.» Meckek: «Eta zer. Ederki asko horrela. Joan zitezela. Han egongo zituan barkuak. Hartara ingelesek treneko gasturik ez.» «Baita zera ere, treneko gastuak. Hi ez hago burutik sano. Ingelesak ez zituan berehalakoan konturatu. Haiek noski beti erdialdean, harrapatzen eta bagoietan biltzen, halako lurralde puskan eta batere organizaziorik gabe, hasieran izaten den bezala. Eta gero beranduegi duk, beranduegi. Ardiak itsasora heldu eta ur gaziz puztu zituan.» «Eta?» «Eta, galdetzen al duk? Egarriz eta janik gabe hagoela edan ezak ur gazia.» «Ito eta lehertu.» «Horixe. Milaka eta milaka omen zeudean itsasoan kiratsa zeriela, eta akabo.» Franzek baietsi zuen: «Abereak minberak dituk. Abereekin berezia duk. Gobernatzen jakin behar. Hartan iaioa ez dena, ez dadila hasi.»

        Denek hunkiturik edan eta aipamenak egin zituzten alferrik galdutako kapitalaz eta edozein gauza gertatzen dela, Amerikan garia ere uzten dutela usteltzen, uzta osoak, edozein gauza gertatzen da. «Ez», argitu zuen Hoppegartengo begibeltzak, «handiagoak pasatzen dituk Australian. Horretaz ez duk ezer jakiten, eta egunkarietan ere ez zetorrek ezer, ez ditek ezer idazten, auskalo zergatik, immigrazioagatik, bestela ez litzaiekek inor joango. Musker antzeko bat omen zegok, uholde handia baino lehenagokoa, metroak ditik luzean, zooetan ere ez ditek erakusten, ingelesek ez ditek uzten. Barku batetik ale bat harrapatu eta Hamburgen erakutsi zitean. Baina berehala debekatu zitean. Ezin ezer egin. Zingiretan bizi dituk, ur arretan, inork ez zekik zer jaten duten. Behin automobil-karabana oso bat urperatu zuan; desagertu ziren lekua arakatu ere ez zitean egin. Ezta ezer ere. Inor ausartzen ez. Hori duk.» «Latza», gaineratu zuen Meckek, «eta gasa erabiliz?» Gazteak hausnartu zuen: «Saiatu egin behar. Saiatzeak ez dik kalterik.» Bistakoa zen.

        Mecken atzean adineko gizon bat eseri zen, ukondoak Mecken aulkian zituela, mozkote potolo bat, aurpegia guria eta karramarroa bezain gorria eta begi handi irtenak, hara-hona bizkor higitzen zirenak. Gizonek txoko bat egin zioten. Laster hasi zen marmarra, bera eta Mecken artean. Gizonak bota altu distiratsuak zeuzkan, lihozko beroki bat zeukan besoan eta abere-tratularia zirudien. Franz mahaian zehar hizketan ari zen Hoppegartendar gaztearekin, jatorra irudituta. Orduan Meckek sorbaldan ukitu zuen, buruaz keinu egin eta zutitu ziren, lasai barre egiten zuen tratulariarekin batera. Saihets batean kokatu ziren hirurak, burdinazko berogailuaren ondoan. Franzek pentsatu zuen bi abere-tratularien eta haien auziaren konturen bat zela. Alde batera geratu nahi zuen berehala. Baina huskeria baterako zen. Besterik gabe, motzak bostekoa eman nahi zion eta zer lan zuen galdetu. Franzek egunkari-zorroa astindu zuen. Agian, ea noizbait fruituekin aritu nahi zuen; berak Pums zuela izena, fruituekin zebilela, eta noizbait gurdiko saltzaileen beharra eduki zezakeela. Sorbaldei eraginez erantzun zion Franzek: «Zenbat irabazten den ikusi behar.» Hala, berriro eseri ziren. Franzek pentsatu zuen, di-da hitz egiten dik txikiak; arretaz erabili, hartu ondoren eragin.

        Lehengo elkarrizketa aurreratua zen, eta berriro Hoppegarten zen buru; Amerikan zeuden. Hoppegartendarrak belaun artean zeukan kapela: «Ezkontzen duk emakume batekin Amerikan eta ez dik ezeren susmorik. Eta beltza zuan. 'Zer', diotso, 'beltza haiz?' Ospa bidaltzen dik. Emakumeak epaimahaiaren aurrean biluzi behar izan zian. Bainu-jantzian. Hasieran ez zian nahi noski, baina txorakeriak uzteko. Zuri-zuria zeukaan azala. Mestizoa zuan eta. Gizonak berriz, beltza zela. Eta zergatik? Eskuko azazkalak zuriak ez baizik marroixkak zeuzkalako. Mestizoa zuan.» «Eta zer nahi zuen andreak? Dibortzioa?» «Ez, kalte-ordaina. Ezkondu zenean agian bere posizioa galdu zian. Inork ez dik andre dibortziaturik nahi. Emakume zoragarri, elurra bezain zuria zuan. Arbaso beltzak zitian, agian hamazazpigarren mendekoak. Kalte-ordaina.»

        Barran istilua zegoen. Etxekoandrea oihuka ari zitzaion txofer aztoratu bati. Haren erantzuna: «Nik ez nuke sekula jateko gauzekin jolastuko.» Fruitu-saltzaileak garrasi egin zuen: «Ixo!» Txoferra sutan jiratu, potoloa ikusi, haren irribarreak jota utzi, eta barran geratu zen muturtuta isilik.

        Meckek xuxurlatu zion Franzi: «Abere-tratulariak gaur ez zetozak. Dena taxutu ditek. Hurrengo saioa seguru zeukatek. Ikustak horikoa, bera duk hemen nagusi.»

        Horiko hura, Meckek seinalatu ziona, Franzek ilunabar osoosoa zeraman aztertzen. Hark sekulako indarrez erakartzen zuen. Argala, soinean beroki militar bat zuela ­komunista ote?­, aurpegi luze, mehe, horixka zeukan, eta nabarmenak ziren haren kopetako zimur lodiak. Ez zen hogeitamar urteak bete zaharra, baina sudurretik ahora ildo sakon bana zihoakion alde bakoitzean. Sudurra, Franzek zehatz eta sarri ikertu zuen, sudurra motza zen, kamutsa, tinko ezarria. Burua sendo zeukan kokatua ezkerreko eskuan, eta harekin pipa ketsuari eusten zion. Ile beltz eta tentea zeukan. Gero barra aldera joan zenean ­arrastaka zeramatzan hankak atzean, bazirudien oinak beti nonbait itsatsita geratzen zitzaizkiola­, Franzek ikusi zuen bota hori zarpail batzuk zeuzkala, eta haien goiko ertzetik ageri zirela galtzerdi lodi grisak. Biriketakoa ote dauka? Sanatorio batean sartu behar liketek, Beelitzen edo, honela ibiltzen uztea ere. Zertan ari ote da? Gizona igeri etorri zen, pipa ahoan zuela, esku batean katilu bat kafe, eta bestean limonada bat eztainuzko koilara luze batekin. Hala, berriro eseri zen mahaian, batean kafeari txurrut, bestean limoi-urari. Franzek harengan zeuzkan begiak josita. Zer begi tristeak dauzkan gizaixoak. Hori ere giltzapean egona izango duk; horra, ikusi, bera ere pentsatzen zegok, ni giltzapean egona izango naizela. Ba bai, motel, Tegelen, lau urte, orain badakik, eta zer?

        Gau hartan ez zen besterik gertatu. Baina Franz orain maizago joaten zen Prenzlauer Strassera eta beroki militar zaharreko gizon harengana biltzen zen. Mutil jatorra zen, baina ikaragarri hitz-motela, ez zuen berehalakoan botatzen, horregatik jartzen zituen halako begi handi erregutzaileak. Artean giltzaperatu gabea zela suertatu zen, behin bakarrik sartu zen politikan, gutxigatik ez zuen leherrarazi gas-lantegi bat, salatu zituzten, baina bera ez zuten atzeman. «Eta zer egiten duk orain?» «Fruituak saldu eta holakoak. Lagundu. Ezer ez dagoenean, langabezia kobratu.» Jendaila xelebrearekin egokitu zen Franz, harrigarria bazen ere gehienak fruitu-kontuan zebiltzan, eta ongi zihoakien, txiki karramarro-aurpegi hark hornitzen zituen, hura zuten handizkaria. Franz aparte mantentzen zen haiengandik, baina haiek ere bai beragandik. Ez zion tankera onik ematen. Bere artean honela zioen: hobe egunkariak saltzen ibiltzea.

 

 

Neska-tratuan jo eta ke

 

        Arratsalde batean, beroki militarrekoa, Reinhold zuen izena, besteetan baino gehiago hizketan edo totelka, bizkorrago eta aiseago ateratzen zitzaiolako, andreei buruz gaizki esaka ari zen. Franz barrez lehertzen zegoen, mutil hura grinatua zegoen andreekin. Gutxiena espero zuen harengandik; tanto horixe zeukak, hemen denek zuten tanto bat, batek hau, besteak hura, inor ez zen erabat naturala. Mutila maitemindua zegoen garagardotegi bateko gidari baten emaztearekin, hark senarra utzia zuen beragatik, eta oraingo gurutzea zen Reinholdek ez zuela jada ondoan nahi. Franz gustura ari zen sudurretik haizea parrastan botatzen, mutil hura zapart-egingarria zen: «Bidal ezak.» Hura totelka hasi zen, begiak izugarri zabalduz: «Oso zaila duk hori. Andreek ez ditek ezer ulertzen, ezta idatziz emanda ere.» «Eta? Eman al diok idatziz, Reinhold?» Toteldu, txistua bota eta bihurritu zen: «Mila aldiz esan zioat. Ez omen dik ulertzen. Zeharo erotu al naizen. Ez dik ulertzen. Ondoan jasan beharko diat, lehertzen naizen arte.» «Balitekek.» «Berak ere hala ziok.» Franz barrez ito beharrean zegoen, Reinhold haserretu zen. «Aizak, ez hadi hain txoroa izan.» Ez, hori Franzi ez zitzaion buruan sartzen, hain mutil azkarra, gas-lantegian dinamita jarri zuena, hantxe eseri eta hileta jotzen. «Har ezak heuretzat», toteldu zuen Reinholdek. Franzek mahaia jo zuen, pozez: «Eta zer egingo diat harekin?» «Ea hik bidaltzen duan.» Franz zoratzen zegoen: «Egingo diat mesede hori, fida hadi nizaz, baina... hiri oraindik pixoihalak jarriko dizkiate.» «Lehenbizi ikustak, eta gero esango didak.» Biak pozik geratu ziren.

        Hurrengo eguerdian agertu zen Fränze delakoa Franz Biberkopfen etxean. Izena Fränze zuela jakitean, berehala poztu zen; elkarrentzat aproposak, bera Franz izanik. Reinholden partetik oinetako sendo batzuk zekarzkion; hara Judasen saria, egin zuen Franzek barre berekiko, hamar xelin. Eta andreak berak zekarzkidak! Reinhold horrek ez dik lotsaren arrastorik. Baina odolkiak ordainetan, pentsatu zuen, eta gauean biak joan ziren Reinholdengana, hartan geratu zirenez ez zegoen etxean, eta orduan Fränze sutu eta saio lasaigarri bat egin zuten Franzen gelan. Biharamunean joan zitzaion gidariaren andrea Reinholdi, jada toteltzeari utzia: Ez, lanik ez hartzeko, ez zuela gehiago behar, beste bat aurkitu zuela. Reinholdek ea nor zen, baina besteak ez ziola esango. Eta andrea joan orduko, han agertzen da Reinholdenean Franz bota berriak jantzita, jada ez dauzka handiegiak, izan ere artilezko bi galtzerdi pare daramatza, eta elkarri besarkadak eta bizkarrekoak ematen dizkiote. «Egingo diat mesede horixe», baztertu zituen Franzek ohorezko erakutsi guztiak.

        Gidariaren emaztea Franzekin maitemindu zen zeharo, bihotz elastikoa zeukan, ordu arte ez bazekien ere. Haren gaitasun hark asko poztu zuen Franz, izan ere bera filantropoa zen eta ongi ezagutzen zuen lagun hurkoaren bihotza. Atseginez zekusan, nola egokitzen zuen hark bere burua. Bazekien zer-nolakoak ziren; andreak hasieran azpiko galtzez eta galtzerdi urratuez arduratzen dira. Baina hark goizetan berari botak garbitzeak, eta gainera Reinholdenak, algara-kontzertu bat eragiten zion goizero. Zergatik egiten zuen barre galdetu eta erantzuten zion: «Hain handiak direlako, batentzat handiegiak. Biok sartzen gaitun.» Behin saiatu ziren oinetako bera janzten, baina hori gehiegi zen, ezinezkoa.

        Orain Reinhold totelak, Franzen benetako lagunak, bazuen beste neska-lagun bat, izena Cilly zuen edo behintzat bere buruari hala deitzen zion. Franz Biberkopfi bost axola zitzaion, batzuetan ikusten zuen Cilly hura Prenzlauer Strassen. Susmo ilun bat erne zitzaion, ordea, handik lau astera-edo totelak Fränzeri buruz galdetu zionean, ea uxatu zuen. Franzek esan zion neska xelebrea zela, eta hasieran ez zuen ulertu. Orduan Reinholdek aipatu zion Franzek hitzemandakoa, alegia laster bidaliko zuela. Franzek berriz ezetz, oraindik goizegi zela. Udaberrian hartuko zuela andregai berria. Ikusia zeukala Fränzek ez zeukala udako arroparik, eta berak ezin ziola erosi; udan joan zedila. Reinholdek ozpintsu adierazi zion, Fränze orain ere nahiko zarpail jantzita zebilela, arropa hura ez zela negurako, sasoi artekoa zela, tenperatura hartarako ez. Orduan solas luze bat izan zuten tenperaturaz eta barometroaz eta espero zen eguraldiaz, egunkariak begiratu zituzten. Franzek gogor egin zuen, ezin dela sekula zehatz jakin nolako eguraldia egingo duen, baina Reinholdek izozte gogorrak iragarri zituen. Orduan ohartu zen Franz, Reinholdek zokoratu nahi zuela Cilly ere, erbi-larru faltsu bat ibiltzen zuena. Izan ere, beti ari zen hizketan erbi-larru faltsu eder hari buruz. «Zer egin behar dut nik beste honek eransten didan untxiki errearekin», pentsatu zuen Franzek. «Motel, hi haiz artaburua, bat daukadala ezin diat bien karga hartu, eta negozioa ere ez zegok loretan. Non eta ez naizen lapurretan hasten.» «Ez daukak biak hartu beharrik. Noiz esan diat hori. Gizonari ezin zaiok eskatu, bien karga hartzea. Hi ez haiz turkoa.» «Horixe esan nahi diat ba.» «Nik ere ezetz esan diat. Noiz esan diat bi hartzeko. Zergatik ez hiru. Ez, bota ezak hori kalera... ez daukak beste inor?» «Norengatik ari haiz?» Zer esan nahi ote du orain, honek beti haizea zeukak goiko ganbaran. «Fränze hori ondotik eramango dian beste norbait.» Gure Franzeken pozari eutsi ezinik zegoen, kolpea eman zion besoan: «Hi haiz azeria, motel, antzematen zaik eskola, arraioa, txapela erantzi beharra zeukaat. Katean egingo diagu negozioa, inflazioan bezala?» «Zergatik ez, emakume gehiegi zegok.» «Bai horixe gehiegi. Arraioa, Reinhold. Hi haiz aparejua, arnasarik gabe utzi nauk.» «Zer diostak orduan?» «Konforme, egina zegok tratua. Bilatuko diat norbait. Hire aldean mozolo hutsa nauk! Oraindik ez zaidak arnasa bueltatu.»

        Reinhold begira jarri zitzaion. Honi torloju bat falta zaiok. Erabateko inuzentea duk Franz Biberkopf hau. Benetan pentsatzen zian, bi emakume jartzea bere lepotik zintzilik.

        Eta hain zegoen Franz aztoratua negozio harekin, non segituan alde egin eta bisitan joan zen Ede txalkorraren zulora: beste bat zeukala eta ea bere neska nahi zuen, ondotik bota nahi zuela eta.

        Hari ederki zetorkion, lana uzteko gogoa zeukan, gainera gaixo-dirua zeukan eta bere burua apur bat zaintzeko modua, neskak erosketak egin zitzakeen eta kobratzera joan. Baina nirekin geratzea, esan zion berehala, hori ezta erotuta ere.

        Hurrengo eguerdian bertan, berriro kalera joan aurretik, Franzek gidariaren andreari huskeria txoro batengatik berebiziko iskanbila armatu zion. Andrea sutan. Franz gustura garrasika. Ordubetean konpondua zegoen dena: konkorrak andreari gauzak jasotzen lagundu, Franzek amorratuta alde egin, eta gidariaren andrea konkorraren etxera bildu zen, beste nora joanik ez zeukalako. Eta konkorra medikuagana joan, gaixo zegoela adierazi, eta gauean biak elkarrekin aritu ziren Franz Biberkopfengantik gaizki esaka.

        Baina Franzenean Cilly delakoa agertu zen. Zer duzu, ninia? Pupua hartu al duzu, non duzu mina, ai ene. «Larruzko lepoko bat ekartzera nator.» Franzek onespenez eusten dio lepokoari. Zer gauza fina. Nondik ateratzen ote ditu mutil horrek hain gauza politak. Azken aldiz botak zituan. Cillyk, ezjakinean, fidakor egin zuen marraka: «Zu nire Reinholden oso laguna zara?» «Bai horixe», egin zuen Franzek barre, «noizean behin janariak eta jantziak bidaltzen dizkit, soberan daukana. Azkenekoan botak bidali zizkidan. Botak bakarrik. Itxaron, ea zer deritzezun.» Ez baditu Fränze bilau ergel horrek eraman behintzat; non daude, hara, hantxe. «Begira, andereño, hauek bidali zizkidan azkenekoan. Zer iruditzen zaizkizu kanoi-zulo hauek? Hiru gizon ere sartzen dira. Sar ezazu zure hankatxoa.» Eta han doa, egiten du barre, oso txukun dago jantzia, haurtxo txikia, zer iruditzen, jateko modukoa, izugarri polita zegok bere beroki beltz larruz apainduarekin, eta Reinhold segapoto horrek zer eta ondotik bota, eta nondik bereganatzen ote ditu beti hain neska politak. Eta han dago, kanoi-zuloetan sartuta. Eta Franz aurreko bere egoeraz gogoratzen da, arropa eta andre berria hilero, eta hasten da oin bat sartzen, zapata erantzita, Cillyren botan. Hark garrasi egin arren Franzen oina barrura sartu, Cillyk ihesi joan nahi baina biak batera doaz txingoka. Cillyk berarekin eraman behar du. Orduan Franzek beste oina sartzen du mahai ondoko kanoiaren zuloan. Muturrez aurrera erortzear daude. Muturrez erortzen dira, garrasi-hotsa dago. Andereño, mendera ezazu zure fantasia, utziezu biei dibertitzen, kontsulta pribatua daukate orain, mutualistentzat gero hasten da, 5etatik 7etara.

        «Aizak, Reinhold zain zeukaat, Franz, ez iok ezer esan, mesedez, mesedez.» «Hori ateraldia, pottoka.» Eta gau osoan eduki zuen ondoan mainontzi txikia. Dena madarikatzen pasatzen dute gaua, eta neska oso jatorra da, oso arropa ederrak dauzka, berokia ia berria, dantza-zapata pare bat, berehala dakar dena, ene, hori dena oparitu al dizu Reinholdek, epetan erosiko du noski.

 

        Harriduraz eta atseginez elkartzen da Franz orain bere Reinholdekin. Franzen lana ez da erraza, kezkatuta egiten du amets hilaren bukaerarekin, Reinhold isila berriro hizketan hasiko den egunarekin. Arratsalde batean han dago Reinhold bere ondoan Alexanderplatzeko metroan, Landsberger Strasseren aurrean, eta galdetzen dio ea asmoren bat baduen gauerako. Kontxo, hilabetea ez duk oraindik amaitu, zer ba, eta gainera Franzen zain dago Cilly... baina Reinholdekin joatea, berehala heltzen dio aukera horri. Eta biak astiro doaz oinez ­nora uste duzu?­, Alexanderstrassen behera doaz Prinzenstrasse aldera. Franzek gogor egiten dio, jakin arte nora joan nahi duen Reinholdek. «Joango al gara Walterchenera? Gerriari eragitera?» Dresdener Strasseko Armada Salbatzailera joan nahi du! Haiei entzun nahi die. Hara. Ez da harritzekoa Reinholdekin. Holakoxe ideiak ditu. Eta orduan igaro zuen Franz Biberkopfek lehen aldiz gau bat Soldadu Salbatzaileekin. Oso bitxia izan zen, asko harritu zen.

        9 eta erdiak aldera, bekatarien jarlekura deitu zutenean, Reinhold oso arraro hasi zen jokatzen, zalaparta batean irten zen, atzetik norbait segika balu bezala, baina gizon, zer pasatzen zaik. Eskaileran gaizki esaka hasi zitzaion Franzi: «Kontuz gazte horiekin. Xehe-xehe egiten haute, batere arnasarik gabe utzi eta hik guztiari baietz esan arte.» «Motel, motel, ez duk oraindik jaio niri hori egingo didanik.» Reinholdek gaizki esaka jarraitu zuen Hackepeteren, Prinzenstrassen, eta gero berriro erretolika hasi eta zerbait agertu zen. «Emakumeak utzi nahi ditiat, Franz, ez diat hola segitu nahi.» «Ene, eta nik ja hurrengoaren poza neukaan.» «Zer uste duk, gustatzen zaidala hurrengo astean berriro higana etorri eta mesedez heuretzat hartzeko Trude, ile-horia? Ez, berez...» «Nigatik lasai, Reinhold, segi aurrera. Nirekin konta dezakek. Nigatik etortzea ditek beste hamar emakumek, denei emango zieagu babesa, Reinhold.» «Utz nazak bakean emakumeekin. Eta nik ez badut nahi, Franz?» Nork antzeman honi, bere onetik atera duk. «Ez baduk emakumerik nahi, erraza duk, utz itzak. Ordain ona emango zieagu. Orain daukaana halere hartuko diat, eta hik gero uztak.» 2 eta 2 lau dituk, kontatzen baldin badakik, ez al didak ulertu, ez itzak begiak hola zabaldu, hori duk begirazoa. Hala nahi baduk, har ezak azkenekoa ere. Eta orain zer, hau duk xelebrea, hor zekarrek bere kafea, limoi-ura, ezin dik pattarrik jasan, hankak koloka zeuzkak, eta gainera beti emakumeak. Reinholdek ez zuen ezer esan puska batean, eta isuri zikin hartatik hiru katilukada irentsi zituenean hasi zen berriro tar-tar.

        Esnea balio handiko elikagaia denik ez du inork benetan zalantzan jarriko, haurrentzat, batez ere haur txikientzat, bularrekoentzat, gaixoentzat guztiz gomendagarria da indargarri gisa, batik bat janari elikagarri gehiago ere hartzen direnean. Sendagile-buruek oso aintzat hartu arren, zoritxarrez gutxi estimatzen den gaixoentzako janaria, adibidez, ardikia da. Beraz, esnearen aurka ezer ez. Propaganda honi ez zaio noski forma trakets edo desbideraturik eman behar. Nolanahi ere, pentsatzen du Franzek: nik garagardoari eutsiko zioat; upel onekoa denean, garagardoak ez du aitzakiarik.

        Franzengana zuzentzen ditu Reinholdek begi-niniak ­zeharo jota zirudik, ez ahal da behintzat mainaka hasiko: «Bi aldiz izan nauk bertan, Franz, Armada Salbatzailean. Hango batekin ere hitz egin diat. Hari baietz esan, fin ibiliko naizela, eta gero hankaz gora joaten nauk.» «Baina zer duk?» «Badakik berehala nazkatzen naizela emakumeekin. Heuk ikusi duk. Lau astetan, akabo. Zergatik, ez zekiat. Ja gustatzen ez. Eta hori baino lehen, baten atzetik erotuta, ikusi behar nindukek, zeharo erotuta, segurtasunezko ziega batean itxita uzteko hobea, hainbesteraino. Eta gero: ezer ez, hura bidali beharra, ezin aurrean ikusi, dirua botako nikek hura ez ikustearren.» Harritua zegoen Franz: «Bueno, hi, agian benetan hago eroa. Egon hadi...» «Armada Salbatzailera joan ninduan, kontatu niean, eta hango batekin errezatu nian...» Gero eta harrituagoa zegoen Franz: «Errezatu?» «Motel, hola hagoenean eta nondik-nora jo ez dakianean.» Arraioa, arraioa. Hau duk hau, oraindik halakorik. «Lagundu zidaan, sei, zortzi aste, beste zerbaitetan pentsatzen duk, ahalegintzen haiz, aurrera egiten duk, aurrera.» «Hi, Reinhold, agian erietxera joan behar huke. Edo agian ez huen zalapartan hasi behar han goian salan. Aurreko bankuan lasai eserita egoteko modua heukaan. Ez daukak nigatik lotsatu beharrik.» «Ez, ez diat gehiago joan nahi, ez dik ezertarako balio, horiek denak berriketak dituk. Zer dela eta joan behar dut han aurrera arrastaka errezatzera, ez badut ezertan sinesten.» «Bai, hori ulertzen diat. Ez baduk sinesten, alferrik duk.» Eta Franzek bere laguna aztertu zuen, hura katilu hutsari goibel begira zegoela. «Laguntzerik banu, Reinhold, nik... nik ere ez zekiat. Buelta asko eman behar zizkioat buruan. Agian emakumetarako gogoa edo kendu behar litzaiake.» «Oraintxe oka egingo nikek Trude ile-horiaren aurrean. Baina bihar edo etzi, orduan ikusi behar nindukek, Nelly edo Guste edo dena delakoa arrimatzen bazait, orduan ikusi behar huke Reinhold. Belarriak gorri-gorri. Hura lortu arte bakerik ez, sos guztiak harrika bota behar baditut ere, huraxe lortu behar.» «Zer gustatzen zaik ba hainbeste?» «Ea nondik heltzen didaten galdetzen didak? Esango diat ba. Inondik ez. Horratx. Batek ­auskalo­, ilea mutilen eran moztu dik, edo txisteak kontatzen ditik. Zergatik gustatzen zaizkidan, Franz, ez zekiat. Emakumeak, galdeiek, harrituta geratzen dituk, zezena bezala begira jarri eta ez nauk ondotik joaten. Galdeiok Cillyri. Ezin eutsi, ezin.»

        Reinhold aztertzen darrai Franzek.

        Segaria da, izena du Herio, Jainko handiaren indarra dario. Gaur ahoa zorroztu, hala hobeki moztu, aurki hasiko da mozten, eta gu berriz hozten.

        Mutiko berezia. Franz irribarretsu dago. Reinhold ez dago batere irribarretsu.

        Segaria da, izena du Herio, Jainko handiaren indarra dario. Aurki hasiko da mozten.

        Franzek pentsatzen du: hiri astindu bat emango diagu. 10 zentimetro sartuko diagu kapela lepondoan. «Ederki, egingo diagu, Reinhold. Cillyri galdetuko zioat.»

 

 

Franzek neska-tratuan pentsatu eta
bat-batean ez du gehiago nahi,
beste zerbait nahi du

 

        «Cilly, ez hadi orain nire magalean eseri. Eta ez joka hasi. Hi haiz nire pottoka. Ezetz asmatu, norekin egon naizen.» «Ez diat jakin nahi.» «Laztana, kili-kili, norekin? Ba... Reinholdekin.» Txikia maltzurtzen da, zergatik ordea: «Reinhold, hara, eta zer kontatu dik?» «Ba gauza asko.» «Hara. Eta hik kontatzen utzi eta gainera sinetsi, ezta?» «Bai zera, Cillyken.» «Ba orduan banoak. Lehenbizi hiru ordu luze pasatu ditiat hire zain, eta gero berriketa horiek kontatzera hator nigana.» «Ezetz ba. Emakumea (hau burutik zegok), hik kontatu behar didan niri. Berak ez.» «Zer pasatzen da? Ez diat ezer ulertzen.» Eta orduan lehertu zen. Cilly, beltzaran txikia, indarrean hasi zen eta batzuetan ezin zuen hizketan jarraitu, lurruna husten eta kontu-kontari ari zela Franzek musuka jaten zuen, hain polita zegoelako, txoritxo distiratsua gerezia bezain gorria, eta orain negarrez hasi zen, gogoratu ahala. «Gizon hori, Reinhold hori ez duk ez maitale eta ez putazain, ezta gizon ere, baizik eta arlote hutsa. Txolarrea bezala zebilek kaletik, pik pik egin eta neskak harrapatuz. Gozoak esango lizkiakete hamaikatxok. Ez duk usteko ni bere lehenbizikoa edo zortzigarrena naizenik, ezta? Agian ehungarrena. Galdetzen badiok, berak ere ez zekik zenbat eduki dituen. Eta nola gainera. Beraz, Franz, kriminal hori salatzen baduk, emango diat, ez, nik ez zeukaat ezer, baina inspekziora joan haiteke eta saria kobratu. Ez zaiok antzematen, eserita dagoela, pentsakor, bere txikoria edaten, beti ur zikin hori. Eta halako batean hozka egiten dio neskaren bati.» «Hori dena kontatu zidan.» «Hasieran heure artean pentsatzen duk, zer nahi du mutil honek, hobe liken maindire artera joatea katua pasatzera. Baina han etortzen zaik gero berriro, itxura oneko mutila, baratxuria baino finago, horra, ahoa bete hortz geratzen haiz, zer pasatu zaio honi, estatua bat egin al diote atzotik gaurra? Eta han hasten duk hizketan eta bazekik dantzan...» «Zer, dantzan, Reinholdek?» «Bai hutsagainean. Non ezagutu nuen ba nik? Dantzalekuan, Chausseestrassen.» «Ba al daki bere burua non duen.» «Hagoen lekutik aterako hau. Eta andre ezkondua izan arren ez dik etsitzen, lortuko dik.» «Mutil fina.» Franz barre eta barre zegoen. Ez egin promesa, uztazu zina, denboraren ihesak nahasten du arima. Bihotz beroaren egarria, beti nahi jardun berria. Ez egin promesa, zeren egiarik eza... da gu bion neurria.

        «Eta hi berriz barreka. Hi ere horrelakoa al haiz?» «Bai zera, Cillyken, bera dun barregarria, eta beti lantuan ari zaidan, ezin dela emakumeengandik libratu.» Libratu, libratu, ni higandik ezin naun libratu. Franzek zamarra erantzi zuen. «Orain Trude hori zeukan, ile-horia, eta agian, zer iruditzen zain kentzen badiot?» Hori duk garrasi egitea! Bazekik honek garrasi egiten! Tigre basatiak bezala egiten dik garrasi. Kentzen dio Franzi zamarra atzaparka, botatzen dio lurrera, ez dinat merkealditan erosi, hurrengoan mila puska egingo diola, txikituko diola. «Hi, Franz, ederra sartu diate ziria. Zer pasatzen da Truderekin, esan ezak berriro.» Tigre basatiak bezala egiten dik garrasi. Hola segitzen badu garrasika poliziari deituko ziotek, zintzurra bihurritzen ari natzaiolakoan. Odola hotz, Franz. «Cilly, ez itzan arropak lurrera bota. Balio handiko zerak ditun eta gaur egun ez ditun errazak lortzen. Eman. Oraindik ez dinat hozka egin.» «Ez, baina benetan gizaixo samarra haiz, Franz.» «Baliteken ni gizaixoa izatea. Baina nire laguna baldin bada Reinhold, eta estu baldin badabil eta Dresdener Strassera ere joaten bada arrastaka Armada Salbatzailera errezatu nahian, atera itzan kontuak, gustua egin behar zionat, bere laguna baldin banaiz. Ez al nioke Trude kendu behar?» «Eta ni?» Hirekin, hirekin arrantzara joango ninduken. «Bueno, hitz egin beharra zeukanagu horretaz, kopatxo bat hartuz, hori erabaki bitartean. Non daude botak, altuak? Begira ezan.» «Utzidak bakean.» «Botak erakutsi nahi dizkinat, Cilly. Izan ere haiek ere, bai, haiek ere beragatik zeuzkanat. Hik... gogoratzen haiz, hik larruzko lepokoa ekarri hidanan. Ba zera. Hori baino lehen, botekin bidali zinan beste neska bat.» Lasai esan, zergatik ez, ezkutuan ibili gabe, dena agerian askoz hobeto.

        Esertzen da aulkian, Franzi begira. Gero negarrez hasten da, tutik esan gabe. «Hola izan dun. Bera holakoa dun. Lagundu zionat. Nire laguna dun. Eta ez dinat gezurrik esan nahi.» Nola begiratzen duen. Hori duk amorrua: «Zerri alu zikin bat haiz. Reinhold lotsagaldu bat baldin bada, hi okerragoa haiz... hi okerragoa haiz putazain okerrena baino.» «Ez dun hori egia.» «Ni gizona banintz...» «Eskerrak ez haizen gizona. Baina ez daukan zalapartan hasi beharrik, Cillyken. Den-dena kontatu dinat. Bitartean, hiri begira nengoela, pentsatzen egon naun. Ez zionat Trude kenduko, hi hemen geratuko haiz.» Franz zutitu, botak hartu eta armairu gainera botatzen ditu. Hola ez zegok segitzerik, ez diat parte hartuko, jendea izorratzen dik, ez diat parte hartuko. Zerbait egin beharra zegok. «Cilly, gaur hemen geratu, eta bihar goizean, Reinhold irtetean, Trudegana joan eta hitz egion. Lagunduko zionat, nitaz fida ziteken. Esaion, egon hadi, etortzeko, hona, biok hitz egingo zionagu.»

        Eta eguerdian Trude ile-horia Franz eta Cillyrekin elkartzen denean oso zurbil dago eta itxura tristea dauka, eta Cillyk aurpegira diotso, Reinhold kalte egiten ari zaiola eta bost axola zaiola beragatik. Dena egia. Trude negarrez ari denez, baina ez dakienez bi haiek zer nahi duten beragandik, esplikatzen dio Franzek: «Ez da lotsagaldu bat. Nire laguna da, ez dizuet utziko beragatik ezer esaten. Baina berak egiten duena animaliakeria da. Basakeria.» Ez uzteko ondotik bidaltzen, eta berak, Franzek, gainera... bueno, ikusiko dugu.

        Iluntzean, Reinhold badoa Franzen saltokira, berebiziko hotza egiten du, Franzek grog bero batera gonbidatzen utzi, Reinholden sarrera-hizketa lasai jasan, eta gero Reinholdek berehala heltzen dio Truderen arazoari, nazkatu dela harekin eta gaur bertan bidali behar duela.

        «Reinhold, orain ere edukiko duk besteren bat.» Badauka eta hala diotso. Orduan Franzek diotso ez duela bidaliko Cilly, hura ohituta dagoela berarekin eta emakume fina dela, eta berak, Reinholdek, apur bat mantsotu behar duela, gizon fin bati dagokion bezala, ezin duela horrela jarraitu. Reinholdek ez du ulertzen, lepokoagatik al den jakin nahi du, larruzko lepokoagatik. Trudek ere, auskalo, emango lioke zerbait, erloju bat edo, sakelako erloju bat zilarrezkoa edo larruzko txano belarridun bat, Franzek probetxu ona aterako lioke. Ez, alferrik ari haiz, uztak hitz-jarioa. Neuk eros zitzakeat. Franzek lagun bati bezala hitz egin nahi lioke Reinholdi. Eta gaur eta atzo pentsatu duena diotso. Reinholdek Truderi eutsi behar ziok, nahitaez. Ohitu beharra zeukak, dena ongi joango duk. Gizonak pertsona dituk, eta emakumeak ere bai, bestela puta bat eros zezakek hiru markotan, eta hura pozik, laster berriro lauoinka joanda. Baina emakumezkoak lehenbizi maitasun eta samurtasunez bilbil egin eta gero ospa bidali, bata bestearen atzetik, hori ez.

        Reinholdek bere eran entzuten du. Kafea astiro edaten eta burua joanda. Lasai diotso, Franzek ez badu Trude eraman nahi berdin diola. Lehen ere konpontzen zela Franz gabe. Eta badoa, betarik ez daukala eta.

 

        Gauean Franz esnatu eta ez du lo hartzen goiza arte. Izoztua dago gela. Cilly lo eta zurrungaka dauka ondoan. Zergatik ez dut lo hartzen? Merkatura zoazak barazki-gurdiak. Ez nikek zaldia izan nahi, gauez ibiltzea halako hotzarekin. Ukuiluan bai bero. Hau duk lo egitea. Honek bai lo egin. Nik ez. Hozminduta zeuzkaat behatzak, azkura zeukaat, kilimak. Zerbait dauka barrenean, bihotza ote da, birikak, arnasa, sentimenduak, hor dago eta zanpatzen du, jotzen du zerbaitek, baina zerk? Ez daki zerk. Behintzat, ezin du lo hartu.

        Txori bat bere arbolan dago jarrita, lo dagoela suge bat irristatzen da ondotik, zurrumurruak txoria esnatu, eta orain txoria lumak laztuta dago, ez du sugea sumatu. A! Segi arnasa hartzen, lasai bildu airea. Franz kizkurtzen da. Reinholden gorrotoa bizkar gainean dauka eta ekiten dio. Hark zurezko ateak zeharkatu eta iratzartzen du. Reinhold ere etzanda dago. Truderen aldamenean. Lozorroan dago, ametsetan norbait hiltzen du, ametsetan bere buruari arnasa ematen dio.

 

 

Albiste lokalak

 

        Berlinen gertatu zen, apirileko bigarren astean, eguraldia jada batzuetan udaberrikoa zenean eta, prentsak aho batez zioen moduan, Pazko eguraldi zoragarriak paseatzera gonbidatzen zuenean. Berlinen, ikasle errusiar batek, Alex Fränkelek, tiroz hil zuen andregaia, 22 urteko Vera Kaminskaya eskulangilea, bere pentsioan. Adin berdineko Tatiana Sanftleben hezitzailea, beren burua elkarrekin hiltzeko plana eginik, azken unean bere erabakiaz beldurtu eta ihesi joan zen, bere laguna Vera bizirik gabe lurrean ikustean. Poliziako batzuk errondan topatu, azken hilabeteko gertaera izugarri guztiak kontatu eta eraman zituen agenteak, Vera eta Alex hilzorian zeuden lekura. Poliziari hots egin eta homizidio-brigadak agenteak igorri zituen zoritxarraren lekura. Alex eta Vera ezkontzekoak ziren, baina egoera ekonomikoa zela-eta ez zen posible izan lotura gauzatzea.

        Bestalde, oraindik ez dira ikerketak amaitu Heerstrasseko tranbiaren hondamendiaren ardurei buruz. Aztergai dira, lekukoen eta Redlich gidariaren aitorpenak. Adituen txostenak ez dira oraindik zehaztu. Haiek jasotakoan aztertuko da, ea gidariaren errua izan zen, beranduegi balaztatzeagatik, edo zoritxarreko kasualitate batzuen segidak eragin zuen hondamendia.

        Burtsa lasai zebilen; kotizazio libreak sendo zeuden, ikusirik Reichsbankek argitaratzear zeukan txostena, izan ere oso irudi baikorra eskaintzekoa baitzen, billeteen zirkulazioa 400 milioi jaitsiz eta karterako letrena berriz 350 milioi. Apirilaren 18an 11ak aldera aditzen zen: I.G. Farb. 260 eta erditik 267ra, Siemens & Halske 297 eta erditik 299ra; Dessauer Gas 202tik 203ra, Waldhof Zelulosa 295. Petrolio alemanaren eskaria 134 eta erdian zegoen.

        Heerstrasseko tranbiaren ezbeharrera itzuliz, istripuan larri zauritutako pertsona guztiak sendatzeko bidean daude.

        Apirilaren 11an, bortxaz askatu zuten Moabitetik Braun erredaktorea. Western bateko irudi basatia izan zen, jazarpena abian jarri, eta epaitegi kriminaleko presidenteordeak oharra helarazi zion justizi aginte gorenari. Bitartean, aitortzen darraite lekukoek eta zerikusia duten funtzionarioek.

        Une honetan, Berlingo iritzi publikoari ezer gutxi axola zaio Amerikako auto-lantegi nagusietako baten nahia, alegia kapital handiko konpainia alemanen eskaintzak jasotzea, sei eta zortzi zilindroko autoen ordezkari bakar izateko ipar Alemanian.

        Jakingarri gisa, batez ere Steinplatz telefono-esparruko biztanleentzat: Hardenbergstrasseko Renaissance Theaterren handikiro eskainiko da 100. aldiz «Coeur-Bube» obra, komedia bizi bat, non umore atsegina eta zentzu sakonagoa batzen diren. Iragarkien bitartez daude gonbidatuak berlindarrak, obra hau are handiago egiten lagun dezaten. Baina noski, alderdi guztiak hartu behar dira kontuan: oro har, berlindar guztiak gonbidatu arren, hamaika gorabehera direla medio, ezinezkoa gerta dakieke dei horri jarraitzea. Lehenik, kanpoan egon daitezke, eta jakin ez obra hori dagoenik. Egon daitezke ere Berlinen, baina aukerarik izan ez, zutabeetan teatroaren berri irakurtzeko, gaixo daudelako ohean. Lau milioi biztanleko hiri batean asko samar dira. Halere, posible da jakinaraztea irratiz, arratsaldeko 6etako iragarki komertzialetan, alegia «Coeur-Bube», paristar komedia bizia, non umore atsegina eta zentzu sakonagoa batzen diren, 100. aldiz eskainiko dela Renaissance Theaterren. Hori jakinarazteak, ordea, baliteke gehienez ere jendearen samina eragitea, ezin direlako joan Hardenbergstrassera, ezin baitira inola ere bertaratu, benetan ohean baldin badaude. Informazio-iturri fidagarrien arabera, Renaissance Theaterren ez da ezer antolatu gaixoei oheak ipintzeko, anbulantziaz edo balihoaz.

        Ez da, ez, baztertzekoa ohar hau ere: egon litezke berlindarrak, eta badaude, noski, Renaissance Theaterreko iragarkia irakurri eta zalantza egiten dutenak egia ote den, ez egia ote den iragarkia han dagoela, baizik eta egia ote den eta zer garrantzi ote duen inprenta-letraz idatzitako edukiak. Baliteke haiek egoneza, gaitzespena eta nazka sentitzea, agian haserrea ere bai, irakurtzean «Coeur-Bube» komedia bizia dela, nor bizitzen du, zer bizitzen du, zerekin bizitzen du, nola bizituko nau ni, ez daukat inork bizitu beharrik. Baliteke haiek ezpaina okertzea, komedia honetan umore atsegina eta zentzu sakonagoa batzen direlako. Ez dute nahi umore atseginik, jarrera serioa dute bizitzan, beren gogoetak ilunak dira, baina jasoak, heriotza batzuk izan dituzte familian. Ez ditu engainatzen adierazpen hark ere, alegia zentzu sakonagoa eta umore fin tamalgarria elkartzen direla. Zeren eta, beren iritziz, ezin da inola ere umore finaren kaltea desegin, neutralizatu. Zentzu sakonagoak, bakarrik joan behar du beti. Umore fina deuseztatu beharra dago, Kartago hiria erromatarren esku deuseztatu zen bezala edo beste hiri batzuk beste era batzuetan, gogoratzen ez direnak. Zenbaitek ez du sinesten «Coeur-Bube» obrak bere baitan duen zentzu sakonagoa, zutabeek goraipatua. Zentzu sakonagoa: zergatik sakonagoa eta ez sakona? Sakonagoa sakona baino sakonagoa al da? Horrela ari dira eztabaidan.

        Bistan da: Berlin bezalako hiri handi batean jende askok zalantza, aitzakia eta esames asko ditu, eta baita iragarkiko hitzentzat ere, direktoreari poliki kostatuta jarriak. Ez dute ezertxo ere entzun nahi teatroaz. Gainera, nahiz eta ez gutxietsi eta nahiz eta teatroa gustatu, batik bat Hardenbergstrasseko Renaissance Theater, eta nahiz eta onartu obra honetan umore fina eta zentzu sakonagoa batzen direla, ez dute parte hartu nahi, gaur gauerako beste planen bat daukatelako. Beraz, barra-barra Hardenbergstrassera joango den jendetza, ondoko saletan «Coeur-Bube» obraren emanaldi paraleloak eragin lezakeena, asko bakanduko da.

        Itzulinguru jakingarri hau egin ondoren Berlinen 1928ko ekainean dauden ikuskizun publiko eta pribatuei buruz, berriro goaz Franz Biberkopf, Reinhold eta bere neska-izurrira. Segur aski, kontu hauetarako ere talde txiki batek bakarrik izango du interesa. Ez dugu aztertuko zergatik. Baina horrek ez dit galaraziko nire gizon txikiaren oinatzei segitzea Berlinen barrena, erdigunean eta ekialdean, iruditzen zaiona egiten du bakoitzak.

 

 

Franzek izugarrizko erabakia hartu du.
Ez da jabetzen, asunetan eseri dela

 

        Reinhold ez zebilen ongi, Franz Biberkopfekin izandako solasaren ostean. Reinholdek ez zuen dohainik, ordu arte behintzat, andreekin zakarra izateko, Franzen antzera. Beti lagundu behar zion norbaitek eta orain pott eginda zegoen. Atzetik zituen neskak, Trude, oraindik berarekin bizi zena, azkena, Cilly, eta azken aurrekoa, ahaztua zuen haren izena. Denak berari zelatan zeuden, edo larri kezkaturik (azken aukeratua), edo mendeku-gosez (azken-aurren aukeratua), edo maitasun-gosez (azken-bigarren aukeratua). Denetan berriena, artean horizontean zegoena, merkatu zentraleko Nelly izeneko bat, alarguna, berehala baztertu eta aldendu zen, bata bestearen atzetik Trude, Cilly eta, azkenean, zinpeko lekuko gisa, gizonezko bat, Franz Biberkopf izeneko bat, Reinholden laguna, etxean azaldu zirenean abisatzera. Bai, horixe egin zuen Franz Biberkopfek. «Frau Labschinsky ­izen hori zuen, nonbait, Nellyk­, ez dut hau egiten, zugana etortzea, nire laguna edo dena delakoaz gaizki aritzeko. Ez horixe. Ni ez naiz inola ere nahasten besteren trapu zikinetan. Baina zuzena denak, zuzen izaten jarraitu behar du. Emakume bat bestearen atzetik kalera botatzea, hori ez da itxura. Eta hori ez da benetako maitasuna ere.»

        Frau Labschinskyk higuinez eragin zien bularrei: beragatik behintzat Reinholdek ez zuen paparra harrotuko. Bera ez zen hasiberria gizon kontuan. Franzek jarraitu zuen: «Pozten naiz hori entzunda, aski dut horrekin. Zentzuz jokatuko duzu. Ondo egingo duzu, nik ere horixe nahi baitut. Emakumeek pena ematen dute, gu bezalaxe pertsonak dira haiek ere, eta Reinhold ere bai. Zeharo jota ari da geratzen. Horregatik ez du edaten garagardorik eta pattarrik, bakarrik kafe ahula, ttotta bat ere ezin jasan. Hobe du bere burua zaintzen hastea. Bihotz onekoa da.» «Hala da, bai», egin zuen negar Frau Labschinskyk. Franzek serio astindu zuen burua: «Eta horregatik egin behar dut, asko sufritu du baina ezin du hola segitu, eskua eskaini behar diogu.»

        Agurtzerakoan, Frau Labschinskyk bere atzapar gogorra eman zion Herr Biberkopfi: «Zutaz fidatzen naiz, Herr Biberkopf.» Bai, fida zitekeen. Reinhold ez zen etxez aldatu. Gizon egonkorra zen, baina zaila zen hari ezer igartzea. Hasierako epea baino hiru aste gehiago zeramatzan Truderekin, neska motzak egunero ematen zion Franzi txostena. Franz zoratzen zegoen: laster eroriko duk hurrengoa. Erne egon nadin. Eta bai jauna: eguerdi batean Trudek dardarka adierazten dio, Reinhold bi arratsaldetan irten dela dotore jantzita. Hurrengo eguerdirako bazekien nor zen: Rosa izeneko bat, botoi-zuloak egiten aritzen zena, hogeitamar urte bete berria, artean ez zekien abizenik, baina helbidea bai. Horratx, egin zuen Franzek irribarre.

        Baina patuaren botereekin ezin da egin betiko loturarik. Eta patua arin ibiltzen da. Jantz itzazu, ibili ezin bazara, Leiser oinetakoak. Leiser da plazako zapata-dendarik handiena. Eta ez baduzu ibili nahi, hartu autoa: N.S.U.k sei zilindrokoa eskaintzen dizu, proba dezazun. Franz Biberkopf ostegun hartantxe zihoan berriro ere bakarrik Prenzlauer Strassetik, bere lagun Mecki bisita egitekotan, aspaldi ez zuela ikusi eta, besterik gabe, eta gainera kontatu nahi zion Reinholdena eta emakumeena, eta Meck erabat harrituko zen ikusitakoan nola berak, Franzek, kate motxean jarri zuen halako idixkoa, eta nola aldarazi zuen, eta itxuraz ibiltzen ohitu behar dik eta ari duk ohitzen.

        Eta bai jauna, Franz egunkari-kutxarekin tabernara sartzean, nor dakusate nire begi-niniek? Meck. Beste birekin dago, eserita jaten. Hala, Franz berehala ondoan eseri eta jaten hasten da ere, eta beste biak joatean pitxerkada handi bana opatzen diote beren buruari, Franzek gonbidatuta, eta Franzek kontatzen dio gargaraka eta zurrutaka eta Meckek entzuten dio gargaraka eta zurrutaka eta harrituta eta pozik, a zer jendea dagoen munduan. Meckek ere isilean gordeko du, baina oso arazo xelebrea da. Franz loriatua dago eta kontatzen dio berak zer zerikusi izan duen kontu horretan, nola bidali duen Reinholden ondotik Nelly delakoa, berez Frau Labschinky, eta hasierako epea baino hiru aste gehiago geratu behar izan duela Truderekin, eta orain Rosa izeneko bat dagoela, botoi-zuloak egiten aritzen dena, baina botoi-zulo hau ere josiko zioagu. Eta hor dago Franz pitxerraren aurrean bapo, esne-mamitan. Goretsi, eztarriok, koruko gazteok, kantu bat dabil gure mahai bueltan, din-dan, kantu bat dabil gure mahai bueltan. Hiru bider hiru bederatzi, zerriak bezala zurrutean hasi, hiru bider hiru gehi bat hamar dut, egin berriz zurrut, bi, hiru, lau, sei, zazpi.

        Nor dago edarien barran, zurruten barran, kanten barran, nor ari da barre eta barre taberna-zulo kez betean? Zerri gizenen artean gizenena, von Pums jauna. Barrez ari da, berak barre egitea diotso, baina bere zerri-begiak bila dabiltza. Erratza hartu eta zuloa egin beharko luke lurrun artean, zerbait ikusi ahal izateko. Hirukote bat doakio. Beste gazte horiek dira, beti berarekin tratuan dabiltzanak, mutil apartak. Behi betizuak behi betizua bilatzen. Hobe urkabean gazte hil, zahartuta puru-puntak bilatzea baino. Buruari hazka ari dira laurak, denak batera marruka, taberna-zuloan bila. Erratza hartu beharko lukete, hemen ezer ikustekotan, haizegailuak ere balioko luke. Meckek kolpe bat eman Franzi eta: «Osatu gabe zeudek. Saltzaile gehiago behar ditiztek, Potolok ezin dik nahiko jende bildu.» «Nigana ere jo dik. Baina horretarakoxe nagok. Ni fruitutan? Genero asko edukiko dik, ezta?» «Auskalo horrek zer genero daukan. Fruituak esan bai. Ez duk komeni gehiegi galdetzea, Franz. Baina ez duk batere txarra horren ondoan ibiltzea, beti baduk hondarren bat. Zakur hutsa duk agurea, eta besteak ere bai.»

        Zortziak eta 23 minutu eta 17 segundoetan beste bat hurbiltzen da edarien barrara, zurruten barrara, beste bat, ­bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, etxea bete zapi­ nor ote? Ingalaterrako erregea, diozu. Ez, ez da Ingalaterrako erregea, segizio handi batekin zabaltzera doana Legebiltzarra, nazio ingelesak duen burujabetasun-zentzuaren sinboloa. Ez da. Nor da orduan? Nazioen ordezkariak ote, Parisen Kellogg Paktua sinatu zutenak, 50 argazkilariz inguraturik, ezin izan zen tintontzi egokia ekarri handiegia zelako, Sèvreseko joko batekin kontentatu behar izan zutenak? Ezta ere. Zera besterik ez da, oinak arrastaka dator, artilezko galtzerdi grisak zintzilik dituela, Reinhold, batere ikusgarria ez den pertsona, grisaxka jantzitako gazte grisaxka. Bostek batera hazkatzen dute burua, aztertzen dute lokala. Erratza hartu beharko lukete, hemen zerbait ikustez geroz, haizegailuak ere balioko luke. Franzek eta Meckek beren mahaitik gogotsu ikertzen dute boskotea, haiek zer egingo, denak batera mahai batean eserita.

        Handik ordu laurdenera Reinholdek katilu bat kafe eta freskagarri bat hartu eta zorrotz miatuko du taberna. Eta orduan nork egingo dio pareta ondotik irribarre eta keinu? Ez noski Luppe Dre.ak, Nürnbergeko alkateak, izan ere hark goiz hartan Düreren Jaialdia dela-eta ongietorri-hitzaldia eman behar izan baitu, haren ondoren hitz egin dute Barne Arazoetarako ministro den Keudell Dre.ak eta Bavierako kultura-ministroa den Goldenberger Dre.ak, haiek biak ere ezin izan dira etorri. Wrigley karameluekin hortzak sano, arnasa fresko eta txegoste hobea. Franz Biberkopf besterik ez da, irribarre zabal batekin. Arras pozten da, Reinhold etorri delako. Hura da bere hezigaia, bere dizipulua, orain bere laguna Meck zerbitza dezake. Begiraiok nola datorren. Hau sarean zeukaagu. Reinhold bere kafea eta freskagarria eskuan dituela hurreratu, berekin eseri, eztarria karraskatu artean marmar egin eta pixka bat toteltzen du. Franzek gogo eta jakinmin handiz zirikatuko luke, Meckek entzun dezan: «Zer berri etxean, Reinhold, itxuraz?» «Bueno, Trude han zegok eta, ohitzen.» Oso mantso esaten du, ur-hodi trabatu bat bezala tantaka. Franzen zoriona. Saltoka hastear dago, pozaren pozez. Berak lortu du. Ni bezalakorik ez zegok. Eta irribarretsu begiratzen dio bere lagun Mecki, mirespena ezkutatzen ez duenari. «Horra, Meck, guk bai mundua zuzendu eta marka guztiak hautsi, geu nagusi.» Franzek bizkarreko bat eman Reinholdi eta hark atzera egiten du: «Ikusten al duk, motel, saiatuz gero aurrera egiten duk bizitzan. Nik beti esaten dudana: saiatu eta heure buruari eusten badiok, heu nagusi.» Eta Franz pozaren pozez dago Reinholdengatik. Bekatari damutu bat hobe da 999 zintzo baino.

        «Eta zer dio Trudek, ez al da harritzen dena bake-bakean doalako? Eta hi zer, ez al hago pozik, andreekin hituen saltsa guztiak bukatuta? Reinhold, andreak onak dituk eta atseginak gerta zitezkek. Baina andreei buruz zer pentsatzen dudan galdetzen badidak, zera esango diat: ez gutxiegi eta ez gehiegi. Gehiegi badira arriskua zegok, ez arrimatu. Ondotxo zekiat nik hori.» Alegia Ida, Paradiesgarten, Treptow, espartinak, eta gero berriro Tegel. Txapeldun, menderatu duk, azpiratu duk, edan ezak. «Nik lagunduko diat, Reinhold, emakumeekin taxuz ibiltzen. Ez daukak joan beharrik Armada Salbatzailera, geu hobeto arduratuko gaituk. Ea ba, topa, Reinhold, hartuko duk pitxer bat.» Hark bere kafe-katiluarekin jo eta: «Hi zertaz arduratuko haiz, Franz, zergatik, nola?»

        Arraioa, gutxigatik ez zidak mingainak alde egin. «Zera bakarrik esan nahi diat, fidatzeko nirekin, pattarra edaten ohitu behar duk, kümmel arin bat.» Besteak lasai: «Medikuarena egin nahi al duk nirekin?» «Zergatik ez. Nik ondo ezagutzen diat hori dena. Badakik, Reinhold, nik lagundu nian Cillyrekin eta lehenago ere bai. Ez duk uste orain ere aldamenean izango nauala? Franz oraindik ere filantropoa duk. Bazekik nondik doan bidea.»

        Reinholdek gora so egin eta bere begi tristeekin begiratzen dio: «Badakik beraz.» Franzek begiradari eusten dio, ez du uzten bere poza zapuz dadin, nahi duenaz kontura dadila, mesede besterik ez ziok egingo, konturatzen bada besteek ez dutela uzten inork zapal ditzan. «Bai, Meckek berretsiko dik, esperientzia handia zeukaagu eta hori duk geure oinarria. Eta pattarra dela eta: Reinhold, edateko gauza haizenean, festa ospatuko diagu, nire kontura, neuk ordainduko ditiat direnak eta ez direnak.» Franz bular-harroari begira dago oraindik Reinhold, eta bera adi-adi aztertzen ari den Meck txikiari. Reinholdek begirada beheratu eta bere katilua miatzen du: «Ni etxeko gixon egin arte sendatu nahi al nauk?» «Topa, Reinhold, gora etxeko gixonak, hiru bider hiru bederatzi, zerriak bezala zurrutean hasi, kanta ezak, Reinhold, hasieran beti burruka, baina hasi gabe ezin buka.»

        Konpainia, geldi. Jarri ilaran. Jira eskuinera, aurrera. Reinhold bere kafe-katilutik irteten da. Pums, musu gorri guriduna, ondoan dauka, zerbait xuxurlatzen dio, Reinholdek sorbaldei eragiten die. Orduan Pumsek gandu itxiari haize eman eta alai egiten du karaka: «Lehenago ere galdetu nizun, Biberkopf, zer asmo duzu, zure paper tzar horiekin atzera eta aurrea ibiltzea? Zenbat irabazten da horretan, aleko bi pfennig, orduko bost pfennig, zenbat.» Eta orduan tirabira hasten da, Franzek fruitu- edo barazki-gurdi bat hartu behar du bere gain, Pumsek generoa emanda, irabaziak sekulakoak dira. Franzek nahi du eta ez du nahi, ez zaizkio gustatzen Pumsen adiskideak, hauek ziria sartuko zidatek. Reinhold totela isilik dago atzean. Franzek ea zer iruditzen zaion galdetzen dionean, ohartzen da denbora guztian berari so egon dela, eta orain berriro katiluari begira jartzen da. «Zer iruditzen, Reinhold.» Hark orduan totelka: «Bai, nik ere parte hartu nahi diat.» Eta Meckek esaten duenean, zergatik ez ordea, Franz, halere Franzek pentsatu nahi du, ez du esaten ez baietz ez ezetz, bihar edo etzi etorri eta hitz egingo du Pumsekin generoaz eta generoa jasotzeaz, kontuak egin eta berarentzat auzorik onena zein den.

        Joan dira denak, lokala ia hutsik dago, Pums joan da, Meck eta Biberkopf joan dira, tranbiako langile bat bakarrik geratzen da barran, tabernariarekin jardunean soldata-murrizketei buruz, gehiegizkoak direla eta. Reinhold totela oraindik bere txokoan dago. Hiru freskagarri-botila huts dauzka aurrean, edontzi bat erdi betea eta kafe-katilua. Ez doa etxera. Etxean Trude ile-horia dago lotan. Pentsatu eta hausnartzen du. Zutitu eta oinak arrastatzen ditu lokalean, artilezko galtzerdiak ageri zaizkio. Itxura penagarria dauka, zurbil, marra sakonak aho inguruan, zimur ikaragarriak bekokian. Beste katilu bat kafe eta limonada dakartza.

        Madarikatua, dio Jeremiasek, konfiantza gizakiagan duena, haragian oinarritzen dena eta bihotza Jaunagandik urruntzen. Basamortuko zuhaixkaren antzeko da, ez da ohartzen sasoi onaz. Lur idorretan landatua, biziezineko lur gazitan. Bedeinkatua, bedeinkatua, bedeinkatua konfiantza Jainkoagan duena eta euskarritzat Jauna duena. Ur ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da, errekara luzatzen ditu sustraiak. Ez da ohartzen sargoriaz, haren hostoak beti berde, lehorte-urtean ere lasai, ez dio uzten fruitua emateari. Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik, ustelduagorik; nork antzeman hari?

        Baso beltz sarriko urak, ur beltz izugarriak, zer isilik zaudeten. Izugarri lasai zaudete. Zuen gaina ez da harrotzen, basoan ekaitza denean eta pinuak makurtzen hasten direnean eta amaraunak urratzen direnean adar artean eta hauek berriz pitzatzen. Zuek beheko sakanean zaudete, ur beltzak, adarrak erortzen ari direla.

        Haizeak basoa inarrosten du, ekaitza ez da zuenganaino heltzen. Ez daukazue barrenean dragoirik, mamuten garaia joan da, han ez dago ezer beldurtzen duenik, landareak zuen baitan usteltzen dira, arrainak, barraskiloak mugitzen dira. Besterik ez. Baina nahiz eta hori horrela izan, nahiz eta zuek ura besterik ez izan, beldurgarriak zarete, ur beltzak, ur izugarri lasaiak.

 

 

Igandea, 1928ko apirilaren 8a

 

        «Ba al da elurrik, zurituko ote du berriro apirilean?» Franz Biberkopf bere gela kaxkarreko leiho ondoan zegoen eserita, ezkerreko besoa koxkan jarrita, eskuarekin buruari eutsiz. Arratsaldea zen, igandea, gela epel, atsegin. Cillyk eguerdian berogailua piztu eta orain atzeko ohean zegoen lotan bere katutxoarekin. «Ba al da elurrik? Zer giro grisa. Nahiago nuke.»

        Eta Franzek begiak ixtean, kanpai-hotsa entzun zuen. Isilik egon zen minutu batzuetan, entzuten: Bum, bim bim bum, bim bam, bumm bum bim. Azkenean burua eskutik jaso eta entzun zuen: bi kanpai lodi eta ozen bat. Bukatu zuten.

        Zergatik ari dira joka, galdetu zuen bere artean. Bat-batean ostera hasi ziren, oso gogor, bizi, hoska. Izugarrizko zarata. Gero, bukatu zuten. Ez non eta ez han, dena isilik.

        Franzek leihoko koxkatik eskua kendu eta gelara sartu zen. Cilly ohean zegoen eserita, eskuan ispilu txiki bat zuela, ileko urkilak ezpain artean, ahopean kantari ari zen alai, Franz agertu zenean. «Zer dugu gaur, Cilly, jaieguna?» Hura ilearekin ari zen. «Horixe, igandea.» «Ez, jaieguna?» «Agian katolikoa, ez zekiat.» «Eroaren moduan ari ditun kanpaiak joka.» «Non?» «Oraintxe.» «Ez diat ezer aditu. Hik zerbait aditu al duk, Franz?» «Jakina. Sekulako burrunba izan dun.» «Hik amets egin duk.» Nire beldurra. «Ez, ez dinat amets egin. Hor nengonan eserita.» «Erdi lotan.» «Ez.» Bereari eutsi zion, tinko, astiro mugitu zen, bere lekuan eseri zen mahaian. «Holako ametsik ez dun izaten. Argi entzun dinat.» Garagardoari zurrut egin zion. Ez zihoakion beldurra.

        Cilly zegoen aldera begiratu zuen, hark negar egiteko zorian ematen zuen: «Auskalo, Cillyken, norbaiti zerbait pasatu bazaio ere.» Eta egunkariaz galdetu zuen. Cillyren barreak. «Ez zegok, igandeetan ez duk izaten, gizon.»

        Goizeko egunkarian bilatu zuen, izenburuei begiratu zien: «Huskeriak. Ez, hori ez dun. Ez dun ezertxo ere pasatu.» «Kanpai-hotsa entzutea, Franz, elizara joango haizen seinale.» «Uf, ez niri beleak aipatu. Horiekin tratu gutxi. Baina xelebrea dun: zerbait aditu, arreta jarri eta ezer ez.» Pentsakor geratu zen, Cilly aldamenean zeukan, laztantzen. «Behera noan haizea hartzera, Cilly. Ordubetetxo bat. Zerbait pasatu den jakin nahi dinat. Iluntzean ateratzen diten Welt edo Montag Morgen, ikusi behar ditinat.» «Ene, Franz, hi beti burua hausten. Zera jarriko dik: zabor-kamioi batek istripua izan duela Prenzlauer Torren eta zabor guztia erori dela lurrera. Edo, egon hadi: egunkari-saltzaile bat kanbioak ematen hasi eta ustekabean ondo eman dituela.»

        Franzek barre egin zuen: «Bueno, banoan. Adio, Cillyken.»

        «Adio, Franzeken.»

        Ondoren Franzek lau solairuak astiro jaitsi eta ez zuen gehiago Cilly ikusi.

        Cilly bostak arte egon da ganberan zain. Ez zetorrela eta, kalera jaitsi eta galdezka ibili da Prenzlauer izkinarainoko tabernetan. Bakar batean ere ez zela sartu. Istorio txoro hura irakurri nahi zinan egunkarian, pentsatu zuen, ametsarena. Nonbaitera joango zunan ba. Prenzlauer izkinan, etxekoandreak esan zion: «Ez, hemen ez dun izan. Baina Herr Pumsek harengatik galdetu din. Nik Herr Biberkopf non bizi den esan zionat, hara joango zunan.» «Ez, nire etxera ez dun inor etorri.» «Ez zinan aurkituko.» «Bai.» «Edo ate aurrean topo egingo zitenan.»

        Han egon zen Cilly, arratsaldeak aurrera egin arte. Taberna betetzen zihoan. Ateari begira zegoen etengabe. Batean etxera lasterka joan eta berriro itzuli zen. Soilik Meck etorri zen, ordu laurdena pasatu zuen bera kontsolatzen eta dibertitzen. Esan zion: «Etorriko dun berriro; jateko orduak errespetatzen ditin. Ez hadi kezkatu, Cilly.» Baina hori esaten ari zela gogoratu zen, nola behin bere ondoan eserita egon zen Lina, hura ere Franzen bila ibilia beste hartan, Lüdersena gertatu zenean, zapata-lokarriena. Eta bera laguntzeko prest egon arren, Cilly berriro joan zen kale ilun, lohitsura; Meckek ez zion beldurrik sartu nahi, agian txorakeria zen guztia.

        Bat-batean Reinholden bila hasi zen Cilly, sutan; agian hark berriro Franzi beste atsoren bat erantsi, eta bera hor konpon. Reinholden gela itxita zegoen, ez zegoen inor, ezta Trude ere.

        Astiro itzuli zen tabernara, Prenzlauerko izkinara, behin eta berriro tabernara. Elurra ari zuen, baina berehala urtzen zen. Alexen, egunkari-saltzaileak hoska ari ziren, Montag Morgen, Welt am Montag. Saltzaile ezezagun bati izparringia erosi eta begira jarri zen. Zerbait pasatu ote zen, hark arrazoi ote zuen bazkalondoan. Bueno, tren-istripua Estatu Batuetan, Ohion, eta istiluak komunisten eta esvastikadunen artean, ez, Franz ez dun horretan sartzen, kalte handiko sutea Wilmersdorfen. Eta niri zer axola. Tietz erostetxe distiratsuaren ondotik igaro eta kalea zeharkatu zuen, Prenzlauer Strasse ilunerantz. Ez zeraman aterkirik, mela-mela eginda zihoan. Prenzlauer Strassen, gozoki-denda txikiaren aurrean, kaleko neska batzuk zeuden aterkiekin, bidea ixten. Kapela gabeko gizon lodi batek hitz egin zion atzetik, ezkaratz batetik aterata. Berak bizkor jarraitu zuen. Baina hurrengoari baietz esango zionat, zer uste du beste horrek. Sekula ez zidatenan halako azpikeria egin.

        10ak laurden gutxi ziren. Igande latza. Ordu hartan, Franz lurrean etzanda zegoen hiriko beste auzo batean, burua erretenean eta hankak espaloian.

 

        Franz eskaileran behera doa. Maila bat, beste maila bat, beste maila bat, maila bat, maila, maila, lau solairu, beti behera, behera, behera, beherago. Flakia daukak, buruan barra bat. Saldarik bai, Fräulein Stein, koilararik bai, Fräulein Stein... koilararik bai, Fräulein, saldarik bai, Fräulein Stein. Ez, hori ez duk niretzat egindakoa, nik bota ditiat izerdiak marizikin horrekin. Arnasa hartu beharra zegok. Baranda, ez zegok taxuzko argirik, urratua egin dezakek iltze batekin.

        2. solairuan atea zabaldu eta gizon bat astun jaisten da atzetik. Arnas hots hori duenak tripa galanta eduki behar dik, eta gainera beherakoan. Franz Biberkopf behean dago ate aurrean, aire gris eta leuna dago, laster hasiko du elurra. Eskailerako gizonak arnas hotsa egiten du bere ondoan, gizon txiki belaxka bat da, aurpegi zuri puztuarekin; feltrozko kapela berde bat darama. «Auspoa makal, nagusi?» «Bai, koipeagatik. Eta gora eta behera ibili beharragatik.» Elkarrekin doaz kaletik. Hasperenlariak arnaska: «Bosgarren aldia dut gaur lau solairu igo eta jaisten. Egin kontuak: hogei solairu, bakoitzean batez beste hogeita hamar maila, kiribila denean laburrago da baina gaitzago, beraz hogeita hamar maila, bost solairu ehun eta berrogeita hamar maila. Gora. Eta behera.» «Berez hirurehun. Beherakoan ere nekatzen zara, konturatu naiz.» «Egia, beherakoan ere bai.» «Nik beste lanbide bat bilatuko nuke.»

        Maluta mardulak goian-behean, jira eta bira, ederra da ikusteko. «Bai, iragarkiekin aritzen naiz, eta beharko aritu. Niretzat ez dago ez asterik eta ez jairik. Igandeetan are eta okerrago. Gehienek igandeetan jartzen dituzte iragarkiak, onena horixe delakoan.» «Bai, egunkaria irakurtzeko astia izaten delako. Jakina. Ni ere tartean nago.» «Zuk ere iragarkiak ipintzen dituzu?» «Ez, egunkariak saldu bakarrik. Oraintxe dut asmoa, bat irakurtzekoa.» «Ba nik irakurrita dauzkat denak. Hau da eguraldia. Inoiz ikusi al zenuen holakorik.» «Apirila, eta atzo halako eguraldi ederra. Ikusiko duzu, bihar berriro oskarbi. Apustu baietz.» Bestea arnasestuka da berriro, piztu dituzte kaleargiak, haietako baten ondoan agenda txiki, taparik gabeko bat atera, oso urrutitik eutsi eta irakurtzen du. Franzek diotso: «Bustiko zaizu.» Besteak aditu ez eta berriro jasotzen du liburua, bukatu duk hemengo hizketa, pentsatzen du Franzek, adio esango zioat. Orduan txikiak kapela berdearen azpitik begiratu eta: «Aizu, lagun, zu zertatik bizi zara?» «Zer esan nahi duzu? Egunkariak saltzetik, neure kontura egunkariak saltzetik.» «Hara. Eta bizimodua ateratzeko adina ematen dizu?» «Bueno, hortxe-hortxe.» Zer nahi ote du honek, hau duk xelebrea. «Bai. Zera, nik ere beti nahi izan dut hori, nola edo hala dirua neure kontura irabazi. Ederra izan behar du, nahi dena egiten da, eta trebea denak aurrera egiten du.» «Batzuetan ez. Baina nahikoa ibili zara, lagun. Gaur igandea-eta holako eguraldiarekin ia inor ez dabil.» «Egia, egia. Egunaren erdia batera eta bestera nabil. Eta inongo probetxurik ez, inongo probetxurik ez. Jendea diruz larri dabil azken aldian.» «Zu zertan aritzen zara, lagun, ez bada atrebentzia?» «Nik pentsio txiki bat daukat. Nik zera nahi nuen, neure kontura ibili, lan egin, neure dirua irabazi. Bueno, hiru urte dira pentsioa kobratzen dudala, ordu arte postan jardun nuen, eta orain batera eta bestera ibiltzen naiz. Zera: egunkaria irakurri eta ikustera joaten naiz, jendeak zer iragartzen duen.» «Altzariak eta?» «Denetik, bulegoko altzari erabiliak, Bechstein isats-pianoak, Pertsiako tapiz zaharrak, pianolak, zigilu-bildumak, txanponak, hildakoen arropak.» «Jende asko hiltzen da.» «Bai makina bat. Ba ni joan, ikusi eta erosten dut.» «Eta gero berriro saldu, noski.»

        Orduan asmatikoa isildu, bere berokian bil-bil egin eta elur bigunean zehar joan ziren. Halako batean, hurrengo kaleargian, asmatiko lodiak txartel-pakete bat sakelatik atera, atsekabeturik Franzi begiratu, eta haietako bi estutu zizkion eskuan: «Irakur itzazu, lagun.» Honela zioen txartelak: «Jaun-andrea. Zigilu-data. Tamalez, atzoko gure tratua hautsi beharrean naiz, gorabehera oker batzuengatik. Begirunez, Bernhard Kauer.» «Kauer duzu izena?» «Bai, fotokopiagailu batez dago egina. Erosi egin nuen, behin. Inoiz erosi dudan gauza bakarra. Neuk egiten ditut kopiak harekin. Berrogeita hamarreraino egin ditzaket ordubetean.» «Hara bestea. Aizu, eta zertarako erabiltzen duzu?» Hau ez zegok ondo goiko ganbaratik, gainera dardarizoa zeukak begietan. «Irakur ezazu: tratua hautsi, gorabehera oker batzuengatik. Nik erosi bai, baina ezin dut ordaindu. Ordaindu gabe, jendeak ez du ezer ematen. Ez da beren kulpa. Eta holaxe ibiltzen naiz, erosten eta tratua egiten eta pozik, eta jendea ere pozik, negozio polita egin dutelakoan, eta nik neure artean, hauxe duk pagotxa, oso gauza ederrak daude, txanpon-bilduma bikainak, badaukat nik zer kontatua, bat-batean sosik gabe dagoen jendea, eta orduan ni azaldu, dena ikusi, eta berehala kontatzen didate zer pasatu zaien, miseria gorria dago jendearen artean, pfennig pare bati atzaparra bota nahi, zure etxean ere erosi dut zerbait, jendeak premia handia dauka, arropa lehortzekoa eta izozkailu txiki bat, haien poza gainetik kentzen dutenean. Eta gero ni jaitsi, gustura erosiko nuke den-dena, baina behean sekulako kezkak sortzen zaizkit: diru izpirik ez, ezta izpirik ere.» «Baina izango duzu norbait, gauzak hartzen dizkizuna.» «Hori berdin dio. Horregatik erosi dut fotokopiagailua eta egiten ditut txartelak. Bost pfennig kostatzen zait txartel bakoitza, horiek ditut gastuak. Eta hala, kitto eta bakea.»

        Franzek zabal-zabal zeuzkan begiak: «Ahoa bete hortz utzi nauzu, lagun. Ez zara benetan ari.» «Gastuak... gutxitzen ditut batzuetan, irteeran txartela postontzira bota eta bost pfennig aurrezten ditut.» «Eta horretarako akitzen dituzu hankak eta ibiltzen zara arnaska?»

        Alexanderplatzen ziren.

        Iskanbila zegoen, hurreratu ziren. Txikiak amorraturik begiratu zion Franzi: «Hilean laurogeita bost markorekin bizi zarenean, orduan komeriak.» «Baina gizon, ardura zaitez salmentaz. Nahi baduzu, nire ezagunen artean galdetuko dut.» «Berriketak, nik ez dizut ezer eskatu, nik neure kasa egiten ditut negozioak, besterekin ez.» Iskanbilaren erdian ziren, hutsaren hurrengo sesio bat zen. Franzek gizontxoa bilatu zuen, joana zen, desagertua. Hola segituko ote du, pentsatu zuen Franzek, harri eta zur utzi naik. Baina non da nik nioen ezbeharra? Taberna txiki batean sartu, kümmel bat hartu eta Vorwärts eta Lokalanzeiger gainbegiratzen hasi zen, albiste lokalak. Hemen ere Mottenposten bezalatsu, zaldi-lasterketa handi bat Ingalaterran, Parisen ere bai; gogotik pagatu beharko zitean. Balitekek zerbait oso ona izatea ere, belarrietan holako hotsa duanean.

        Eta etxera itzultzear dago, buelta erdia emanda. Baina kalea zeharkatu eta ikusi beharra dauka, zer pasatzen den jendetza haren erdian. Bockwurst entsaladarekin! Aizu, gazte, bockwurst. Montag Morgen, Die Welt, Die Welt am Montag!

        Hara bi horiek; elkar joka ari dituk azken ordu erdian, arrazoirik gabe. Ene, hementxe geratuko nauk bihar arte. Aizu, zu inondik ere abonatua egongo zara, hola zabal-zabal jarrita zaudenerako. Ez, arkakusoa dena ezin zabal jarri. Alajaina, epelak ari zaiok ematen.

        Eta Franzek aurreraino bidea eginda, nor ari dira borrokan? Bi gazte, ezagunak ditu, Pumsen taldekoak. Hara besteak berriz. Da, luzeak giltza egin, da, eraisten du lurrera. Motel, horrek hi eraistea ere; exkaxa. Zer zabiltza bultzaka, aizu. Hara, txapelokerrak, txakurrak. Txapelokerrak, txapelokerrak, alde denok. Euritako txanoak jantzita, txapeloker bik bidea zabaltzen dute pila hartan. Danba, batek ingurukoak baztertuta zutitu, jendartean, ospa doa. Bestea, luzea, ez da segituan altxatzen, kolpea hartu du saihetsean, ederra gainera. Orduan Franz aurreraino doa bultzaka. Ez diat gizon hori bakarrik lagako, a zer jendilajea, inor ez laguntzeko. Eta Franzek besazpitik heldu eta han doaz jendartean. Txapelokerrak bila. «Zer pasatzen da hemen?» «Bi lagun, elkar joka.» «Sakabanatu, segi aurrera.» Horiek beti oihu egin bai, baina sekula garaiz iritsi ez. Bagoaz aurrera, agente jauna, zalapartarik ez alferrik.

        Franz eserita dago luzearekin, Prenzlauer Strasseko ezkaratz gaizki argitu batean; handik bi zenbakira dagoen etxetik irtengo da lau ordu barru-edo gizon lodi bat kapelarik gabe eta ekingo dio Cillyri; aurrera darrai, hurrengoari baietz esango dio, alu ederra Franz hori, azpikeria.

        Franzek, ezkaratzean eserita, Emil nagia astintzen du: «Altxa hadi, motel, eta goazen tabernara. Motel, motel, hainbeste jasango ahal duk. Garbitu hadi, heurekin daramak asfalto guztia.» Kalea gurutzatzen dute. «Itxurazkoa den lehenbiziko tabernan utziko haut, Emil, etxera joan behar diat, zain zeukaat andregaia.» Franzek bostekoa eman, eta orduan bestea berriro jiratzen da: «Zergatik ez didak mesede bat egiten, Franz. Generoa jaso behar diat gaur Pumsenetik. Azaldu hadi bere etxera, hiru pausora zegok, kale honetantxe. Joan hadi.» «Nola ba, motel, ez zeukaat astirik.» «Gaur ezin naizela joan esatea bakarrik, nire zain zegok. Bestela ezin dik ezer egin.»

        Franzek madarikazioa bota eta han doa, hau eguraldia, aurrera motel, etxera noak, ezin diat Cilly zain eduki. Tximino tzarra, nik nahikoa zeukaat neurearekin. Lasterka doa. Kaleargi baten ondoan gizon txiki bat dago, kuaderno bat irakurtzen. Baina nor da hori, ezagutzen diat. Hark begiratu eta berehala hasten zaio Franzi: «Hara, lagun. Zu zara arropa lehortzekoaren eta izozkailuaren etxekoa. Bai. Uztazu txartel hau bertan, gero etxera zoazenean, hartara zigilua aurreztuko dut.» Franzi txartela eskuan estutzen dio, gorabehera oker batzuengatik tratua hautsi beharra. Ondoren Franzek lasai darrai, Cillyri erakutsiko dio txartela, ez du presarik. Barregarria da beste erdiero hori, posta-xale ttattar hori, beti bilatzen eta erosten eta batere sosik ez, baina burua txoriz betea bai, familia oso bat bizi liteke holako oilo-loka puska batekin.

        «Agur, Pums jauna, arratsalde on. Harrituko zara, ni hona etortzeaz. Zer nahi duzu ba. Banindoan Alexen zehar eta Landsberger Strassen borroka. Neure artean, ikus dezadan. Eta nor ari ziren joka? E? Zure Emil, luzea, beste txiki batekin, ni bezala Franz izenekoa, ezagutuko duzu.» Pums jaunak orduan: Franz Biberkopfekin pentsatzen egon zela, eguerdian igarri ziela beste bi haiei zerbait. «Beraz, luzea ez dator. Orduan zure txanda, Biberkopf.» «Zertarako?» «Seietara doa. Bederatzietan generoa jaso behar dugu. Biberkopf, gaur igandea da, ez duzu noski beste zereginik izango, zure gastuak neure kontu, eta horretaz gain... zera, bost marko, orduko.» Franzek zalantza egiten du: «Bost marko.» «Bueno, oraintxe larri naiz, bi horiek kale egin didate.» «Txikia etorriko da oraindik.» «Kitto orduan, bost marko, zure gastuak, bueno, bost eta erdi, niri bost axola.»

        Franz bere artean barrez lehertzen dago, eskaileran behera doala Pumsen atzetik. Hau duk igandeko suertea, holako bat ez zaik maiz egokitzen, egia duk beraz kanpaiek zerbait esan nahi dutela, hau bai mauka, zera, igandean hamabost-hogei marko, eta zer gastu dauzkat ba. Eta pozik dago, lehengo posta-xalearen eskutitzak hots egiten dio sakelan, ezkaratz aurrean Pumsi adioka hasten da. Harritzen da hura: «Ez al gara ba hortan geratu, Biberkopf.» «Bai, bai, fida zaitez nitaz. Harantz joan behar dut, zera, ha-ha, andregaia daukat, Cilly, agian ezagutuko duzu Reinholdengandik, lehen harekin ibili zen. Ezin dut neska hori gela-zuloan sartuta eduki igande oso-osoan.» «Ez, Biberkopf, ezin dizut joaten utzi, gero dena izorratzen da eta ni pott eginda. Ez, emakume-kontuengatik behintzat ez, Biberkopf, ez dugu horrengatik negozioa hondatuko. Ez dizu ondotik alde egingo.» «Hori badakit, egia handia esan duzu, erabat fidatzekoa da. Baina horrexegatik. Ez dut bertan txori-izugarri utziko, ez ezer entzun, ez ezer ikusi, ez ezer jakin. Zer egin behar dut.» «Goazen, ikusiko dugu gero.»

        «Zer egin?» pentsatu zuen Franzek. Joan ziren. Berriro Prenzlauer Strasseko izkina. Han eta hemen kaleko neskak zeuden, Cillyk ikusiko dituen berberak, handik ordu batzuetara Franzen bila eta bila dabilela. Denbora aurrera doa, dena Franzen inguruan ari da pilatzen; laster auto batean egongo da eta egurtuko dute. Orain pentsatzen ari da, erdiero haren txartela nola bidali bizkor eta unetxo batean nola igo Cillyrengana bizkor, zain dago eta.

        Igotzen da Pumsekin Alte Schönhauser Strasseko etxe saihets batetik, han daukat bulegoa, dio Pumsek. Goian argia dago, gelak benetako bulegoa dirudi, telefonoa eta idazmakinekin. Emakume adindun, aurpegi-zorrotz bat sarri sartzen da Franz eta Pums dauden gelara: «Hau nire andrea, eta Herr Franz Biberkopf, gaur gurekin ariko da.» Ezer aditu ez balu bezala irteten da hura. Pums idazmahaian lanean ari den bitartean, zerbait egiaztatu nahian, Franz irakurtzen ari da aulki gainean dagoen Berliner Zeitung batean: Günther Plüschowen 3.000 Itsas Milia Intxaur Azal Batean, Oporretako eta Lineako Hegaldiak, Lania Aukerak, Piscator konpainia Lessing Theaterren. Piscatorrek berak zuzendurik. Zer da Piscator, zer da Lania? Zer da estalkia eta zer da edukia, beraz drama? Haur-ezkontza gehiago ez Indian, hilerria abere sarituentzat. Albiste laburrak: Bruno Walterrek urte-garai honetako bere azken kontzertua zuzenduko du igandean, apirilaren 15ean, Hiriko Operan. Programan ageri da Mozarten Sinfonia mi bemol nagusian, Gustav Mahlerrentzat Vienako monumentuaren funtserako izango dira irabaziak. Txofer ezkondua, 32 urtekoa, 2 A eta 3 B gidabaimenak dituena, negozio pribatuan edo kamioietan lan bila.

        Pums jauna purua pizteko pospolo bila dabil mahaian. Orduan emakume adindunak ate gorde bat zabaldu eta hiru gizon sartzen dira astiro. Pumsek ez ditu begiak altxatzen. Pumsen taldekoak dira, Franzek bostekoa ematen die. Andrea badoa berriro, orduan Pumsek keinu egiten dio Franzi: «Aizu, Biberkopf, ez al zenuen gutun bat bidali nahi? Ea, Klara, bidali zerorrek.» «Zer jatorra, Frau Pums, egingo zenidake mesede hori? Berez ez da eskutitza baizik txartela, eta gero nire andregaiari...» Eta zehatz diotso non bizi den, idatziz jartzen dio Pumsen gutunazal batean, eta Cillyri esateko ez kezkatzeko, hamarrak aldera etxeratuko dela, eta txartela ere bai...

        Hala, dena konpondu da, sekulako lasaitua hartu du. Piztia zahar flakoxtak gutun-azala sukaldean irakurri eta surtara botatzen du; orria zimurtu eta zakarretara. Gero sutondora bildu eta kafea edaten segitzen du, ezertan pentsatu gabe, eserita, edaten, bero dago. Eta Biberkopfek ezin dio pozari eutsi, agertzen denean bisera zabala eta jantzi militar lodi berde batekin... nor ote? Nork ditu halako ildo sakonak aurpegian? Nor joaten da arrastaka, hanka hankari erantsiz lokatz artetik atereaz bezala? Reinhold, noski. Hala, etxean bezala sentitzen da Franz. Ez zegok gaizki! Ni ere zuetakoa, Reinhold, gertatzen dena gertatzen dela. «Hi ere gutakoa, hala?» Reinholdek sudurretik hitz egin eta hankak arrastatzen ditu. «Erabaki ederra hartu duk.» Eta orduan Franz hasten zaio Alexeko borrokarena kontatzen, eta nola lagundu dion Emil luzeari. Adi-adi entzuten dute laurek, Pumsek idazten segitzen du, elkarri ukondoan jo eta marmarka hasten dira binaka. Beti ari da norbait Franzekin.

 

        8etan abiatzen dira. Denak daude bil-bil eginda, Franzek ere eskuratzen du beroki bat. Irribarretsu aipatzen du gustura hartuko lukeela berarentzat, eta arraioa, artilezko txanoa ere bai, arraioa. «Zergatik ez», diotse, «irabaz itzak.»

        Badoaz, kanpoan ilunpe bizia dago eta izugarrizko basa. «Zertara goaz?» galdetzen du Franzek kalean direnean. Orduan haiek: «Lehenbizi taxi bat edo beste lortu. Eta gero generoa, sagarrak eta ahal dugun guztia bilduko diagu.» Taxi ugariei uzten diete pasatzen, Metzer Strassen bi daude, hartu, sartu eta badoaz.

        Bi autoak bata bestearen atzetik doaz, ordu erdi batean bai, ilunpetan ez da ingurua ongi igartzen, agian Weissensee edo Friedrichsfelde. Mutilek orduan: zaharrak mandatu bat egin behar duela lehenbizi. Eta hala, etxe baten aurrean gelditzen dira, hiribide zabal bat da, Tempelhof agian, besteek ere ez omen dakite, erre eta erre ari dira.

        Reinhold auto berean dago, Biberkopfen ondoan. Zer ahots desberdina daukan orain Reinholdek! Ez du toteltzen, ozen hitz egiten du, irmo dago eserita, kapitain baten antzera; barre eta guzti egiten du, autoko besteak entzuten dauzka. Franzek haren bizkarrean dauka besoa: «Eta, hi, Reinhold (kapelaren azpiko lepondora xuxurlatzen dio), zer diostak? Ez al diat ondo konpondu emakumeena? E, hi?» «Bai, bai, oso ondo, oso ondo.» Reinholdek zartada jotzen dio belaunean; honek ematen ditik kolpeak, alajaina, horiek ukabilkadak! Franzek parrastan: «Gu ez gaituk emakume batengatik haserretuko, e hi? Ez duk oraindik halakorik jaio, e hi?»

        Sarritan, zaila da basamortuko bizitza.

        Gameluak bila eta bila eta ez dute topatzen, eta egun batean hezur zuriak topatzen dira.

        Orain bi autoak segidan doaz hirian barrena, Pums maleta batekin igo ostean. Bederatziak inguru direnean, Bülowplatzen gelditzen dira. Eta orain oinez doaz, aparte, beti binaka. Trenbidearen arku azpitik igarotzen dira. Franzek orduan: «Laster gaituk azokan.» «Bai; aurrena bildu eta gero eraman.»

        Bat-batean aurrekoak ez dira ageri, Kaiser-Wilhelm-Strassen dira, trenbide ondoan, eta orduan Franz eta laguna ere ezkaratz beltz ireki batean ezkutatzen dira. «Hemen duk», dio Franzen albokoak, «bota purua.» «Zer ba?» Besteak besoa estutu eta ahotik kentzen dio purua: «Neuk esan dudalako.» Patio ilunetik aurrera joan da, Franzek ezer egiterako. Hau duk komeria, hau duk komeria, ilunpetan utzi naitek, non sartu dira? Eta Franz patioan zehar itsumustuka dabilela, esku-argi batek distira egin eta itsutzen du, Pums da. «Aizu, aizu, baina zer ari zara? Zuk hemen ez daukazu zereginik, Biberkopf, zuk ataria zaindu. Zoaz atzera.» «Hara, zerbait jaso behar nuelakoan eta!» «Txorakeriak, zoaz atzera, ez al dizu inork esan?»

        Argia itzaltzen da, Franz itsumustuka itzultzen da. Dardara sentitzen du barruan, txistua irensten du: «Zer da hau ordea, non da jendea?» Aurreko ezkaratzean dagoela, bikote bat dator atzetik ­lapurreta, hilketa, osten ari dituk, etxeetan indarrez sartzen, joan nadin hemendik, joan nadin, izotzezko pista bat, txirrista bat, eta jirabiran ospa, uretatik Alexanderplatzeraino­ heltzen diote, bat Reinhold da, burdinazko atzapar batekin: «Ez al diate esan? Hi hemen egon, zaintzen.» «Nork, nork esan du hori?» «Utzi berriketak, larri gaituk eta. Kemenik ez ala; ez ezak itxura egin. Hi hemen egon eta txistu egin, zerbait pasatzen bada.» «Ni...» «Ixtak ahoa, motel», eta zartako bat ematen dio Franzi eskuineko besoan, makurraraziz.

        Franz bakar-bakarrik dago ezkaratz beltzean. Dardara batean dago. Zertan nago ni hemen? Ederra sartu zidatek. Zakur horrek jo egin naik. Lapurretan ari dituk atze horretan, auskalo zer, horiek fruitu-saltzaileak ez baizik lapurrak dituk. Zuhaitz beltzeko hiribide luzea, burdinazko sarrera, ateak ixtean preso guztiek etzan behar dute, udan libre dute ilundu arte jaikita egotea. Hau talde bat duk, Pums buru dela. Joan, ez joan, zer egin. Gezurra esan eta ekarri naitek; bilauak. Eta ni hemen, zelatan.

        Han zegoen Franz, dardarka, jo dioten besoa igurtzitzen. Presoek ez dute eritasunik ezkutatu behar, baina asmatu ere ez; horrek zigorra du. Herio-isila etxean; Bülowplatzetik autoen turutak. Atzeko patioan bazen hotsa eta zurrumurrua, aldian behin esku-argi baten distira, norbait esku-argi moteldu batekin sotora bizkor jaisten. Ez atzera eta ez aurrera utzi naitek, nahiago diat ogi lehorra eta patata egosia jan, bilau horientzat xelatan egon baino. Zenbait esku-argik distira egin zuten patioan, txartelen gizonaz oroitu zen Franz, xelebrea gizona, xelebrea gizona. Eta ez zen handik mugitzen, bertan sorginduta; Reinholdek jo zuenetik, hori da, hantxe josita zegoen. Nahi zuen, desiratzen zuen, baina alferrik zen, ezin libratu. Mundua burdinazkoa da, ezin ezer egin, harrizko alper baten antzera datorkizu, ez dago ezer egiterik, badator, hemen da, eta haiek barruan daude, tanke bat da, barruan deabruak adarrekin eta suzko begiekin, xehe-xehe egiten zaituzte, han daude, beren kate eta hortzekin mastrikatzen zaituzte. Eta hor dator, eta ezin ihes egin. Ñir-ñir egiten du ilunpetan; argitzen duenean ikusiko da dena, nola gelditu den, nolakoa izan den.

        Gustura alde egingo nikek, gustura alde egingo nikek, bilauak, zakurrak, ez diat holakorik nahi. Hankei tiratu zien, barregarria izango huke alde egiterik ez izatea. Mugitu zen. Masa batera bota banindute bezala, ezin ateratzeko moduan. Baina ari zen, ari zen. Zaila zen, baina ari zen. Ari nauk pixkanaka, egin dezatela lapurreta, ni banoak hemendik. Erantzi zuen berokia, itzuli zen patiora, astiro, beldurrez, gustura botako zien berokia aurpegira, ilunpera bota zuen berokia, atzeko etxe aldera. Berriro heldu ziren argiak, bi gizon lasterka igaro ziren ondotik, berokiekin, fardelkadak, kargaturik, ate aurrean zeuden bi autoak; pasaeran gizonetako batek berriro jo zuen Franz besoan, burdinazko zartakoa: «Dena ondo, ezta?» Reinhold zen. Gero beste bi gizon pasatu ziren saskiekin eta berriro beste bi, joan eta etorri, argirik gabe, Franzen aldamenetik, hortzak eta ukabilak bilduta zegoela. Eroen moduan jo eta ke zebiltzan patioan zehar, ezkaratzera sartu eta atera, ilunpetan, bestela beldurtuko ziren Franzekin. Izan ere ez baitzen Franz han zutik zegoena. Berokirik gabe, txanorik gabe, begi irtenak, eskuak sakeletan eta zelatan, aurpegiren bat ezagutuko ote, nor da hori, nor da hura, labanarik ez, egon hadi, agian zamarrean, motellak, zuek ez duzue ezagutzen Franz Biberkopf, ikusiko duzue heltzen badiozue. Orduan laurak bata bestearen atzetik kargaturik atera, mozkote txiki batek Franzi besotik heldu eta: «Goazen, Biberkopf, alde egin dezagun, egin diagu egitekoa.»

        Eta Franz besteekin batera auto handi batean zamaturik. Ondoan du Reinhold, gogor estutzen du Franz, beste Reinhold hura da. Barruan argirik gabe doaz. «Zergatik bultzatzen nauk», dio Franzek isilka; labanarik ez.

        «Ixtak ahoa, ixtak karobi-zulo hori, hi; inork txintik ez.» Aurreko autoa ziztuan doa; bigarren autoko txoferrak atzera begiratu eskuin aldera, azeleratu eta leiho irekitik garrasi egiten du atzerantz: «Norbait diagu atzetik.»

        Reinholdek burua ateratzen du leihotik: «Arin, arin, okertu.» Halere autoa atzetik. Reinholdek farola baten argitan dakusa Franzen aurpegia: irribarretsu dago, zorionezko aurpegi batekin. «Zeri egiten diok barre, inuzentea, erabat erotu al zaik?» «Nahi dudalako egiten diat barre, hiri zer axola zaik.» «Hik barre egitea?» Galtza-jario mukizua. Eta bat-batean Reinholdi burura datorkio, bide guztian otu ez zaiona: hau da Biberkopf, berari kale egin diona, berari emakumeak kentzen dizkiona, argi dago, zerri zikin lotsagabea, eta behin honixe esan nizkioan neure kontu guztiak. Bat-batean, Reinholdek ez du pentsatzen nondik-nora joan.

        Baso beltzeko urak, zer isilik zaudeten. Izugarri lasai zaudete. Zuen gaina ez da harrotzen, basoan ekaitza denean eta pinuak makurtzen hasten direnean eta amaraunak urratzen direnean adar artean eta hauek berriz pitzatzen. Ekaitza ez da zuenganaino heltzen.

        Beste zera hau, pentsatzen du Reinholdek, gozo-gozo zegok, eta pentsatuko dik atzeko autoak harrapatuko gaituela, eta ni hemen nagok, eta honek eman zizkidak halako lezioak, animalia honek, emakumeei buruz, eta nik orain neure buruari eutsi behar.

        Franzek berekiko barrez segitzen du, atzera begiratzen du autoko leiho txikitik kalera, bai, atzetik dute autoa, antzeman diete; egon hadi, hemen ditek zigorra, eta nahiz ni ere erori, ez zidatek adarrik joko, bilauak, alprojak, gaizkileak.

        Madarikatua, dio Jeremiasek, konfiantza gizakiagan duena. Basamortuko zuhaixkaren antzeko da. Lur idorretan landatua, biziezineko lur gazitan. Ez da ezer giza bihotza baino maltzurragorik, ustelduagorik; nork antzeman hari?

        Orduan Reinholdek keinu ezkutu bat egiten dio aurreko gizonari, autoan argia eta iluna txandakatzen dira, elkarri ehizan. Ezkutuan, Reinholdek eskua luzatu du Franzen atearen heldulekuraino. Airean sartzen dira hiribide zabal batean. Franzek atzera begira darrai. Ez non eta ez han, bularretik heldu eta aurrera arrastatzen dute. Tentetu nahi eta aurpegian jotzen du Reinhold. Baina hark izugarrizko indarra dauka. Haizeak marru egiten du autoaren barruan, gogotik sartzen da elurra. Ate irekirantz bultzatzen dute fardelen gainetik Franz, garrasika heltzen dio Reinholdi lepotik. Orduan saihetsetik makilakada bat jotzen diote besoan. Autoko bigarrenak bultzada bat ematen dio ezkerreko aldakan. Oihalezko fardeletan behera bultzatzen dute Franz ate irekitik; hankekin atxikitzen zaio ahal duen lekuari. Besoekin eusten dio estribuari.

        Orduan makila-ukaldi batek astintzen du lepondoan. Bera dagoen aldera makurturik, Reinholdek kalera botatzen du. Atea danba ixten da. Segika datorren autoa gizonaren gainetik igarotzen da orroka. Ehizak aurrera darrai, elurrezko zurrunbilo artean.

 

        Gure poza, eguzkia atera eta argi ederra datorrenean. Itzal bedi gasezko argia, elektrikoa. Jendea iratzargailuaren urrumarekin jaikitzen da, egun berri bat hasi da. Lehen apirilaren 11 bazen, orain 12 da, lehen igande zena, orain astelehen da. Urtea ez da aldatu, hila ere ez, baina aldaketa gertatu da. Munduak beste bira bat eman du. Eguzkia atera da. Ez da segurua, eguzki hori zer den. Astronomoek lan handiak hartzen dituzte argizagi horrekin. Hura omen da erdigunea gure planeta-sisteman, gure lurra ez baita planeta txiki bat besterik, eta zer gara berez gu? Eguzkia atera eta pozten garenean, hobe genuke tristatzea, izan ere zer gara, lurra baino 300.000 aldiz handiagoa da eguzkia, eta beste zenbat zenbakik eta zerok esaten ote dute gu zero bat edo deus ez garela, ezta deus ere. Ongi barregarria da poztea.

        Eta halere hura poza gurea, argi ederra etorri, zuri eta sendo, eta kaleetan zabaltzea, etxe barruetako kolore guztiak esnatzea, eta han egotea aurpegiak, hazpegiak. Atsegina da eskuekin formak haztatzea, baina erabateko zoriona da ikustea, koloreak ikustea, lineak. Eta pozten gara eta erakus dezakegu zer garen, zer egiten dugun, zer bizitzen dugun. Pozten gara apirileko epel pixkarekin ere, nola pozten diren loreak, hazteko modua dutelako. Okerrak, makurrak izan behar dute hainbeste zero dituzten zenbaki beldurgarri horiek.

        Jaiki, eguzki, ez gara beldurtzen. Berdin zaigu hainbeste kilometro, diametroa, zure bolumena. Eguzki bero, jaiki zaitez, argi bizi, jaiki zaitez. Ez zara handi, ez zara txiki, poza zara.

 

        Pozez jaitsi berria da Pariseko Ipar Espresetik, larruzko berokia daraman figura txiki hutsala, begi eskergaduna, bere Black eta China pekinesak besoan dituela. Fotografoak eta biradera-hotsa. Irribarre lasai batekin jasaten du Raquelek guztia, biziki pozten da kolonia espainolak emandako arrosa horiko sortarekin, marfila baita bere kolore kutuna. «Txoratzen nago Berlin ezagutzeko» esanda, emakume ospetsua bere autora igo eta alde egiten dio jendetza keinulariari goizeko hirian.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia