LAUGARREN LIBURUA

 

        Franz Biberkopfi ez zaio berez inongo nahigaberik gertatu. Ohiko irakurlea harrituta egongo da, galdezka: zer izan du? Baina Franz Biberkopf ez da ohiko irakurle bat. Bera jabetzen da bere printzipioak, guztiz sinplea bada ere, eduki behar duela akatsen bat nonbait. Ez daki non, baina baduela jakiteak berealdiko tristuran barneratzen du.

        Mozkortzen ikusiko duzue hemen gizona, eta ia amore ematen. Baina oraindik ez da hain gogorra, Franz Biberkopfentzat gauza okerragoak daude gordeta.

 

 

Jende mordoxka bat Alex inguruan

 

        Alexanderplatzen galtzada altxatzen ari dira, metrorako. Oholen gainetik joan behar da. Tranbiek plaza zeharkatu eta Alexanderstrassen gora doaz, Münzstrassen barrena, Rosenthaler Torraino. Kaleak ezker eta eskuin. Etxea etxearen ondoan. Jendez beteta, sototik hasi eta ganbararaino. Behean dendak daude.

        Tabernak, restauranteak, fruitu- eta barazki-dendak, janari-dendak eta berezitasunak, garraio-enpresak, barruen pintaketak, konfekzioa emakumeentzat, irinak, garajea, suaroa: autobonba txikiaren abantailak dira konstrukzio sinplea, erabilera erraza, pisu arina, tamaina txikia... Alemaniako herritarrok, ez da sekula herri bat lotsagarriago iruzurtu, ez da sekula nazio bat lotsagarriago, bidegabeago engainatu alemaniar herria baino. Gogoratzen al zarete nola hitzeman zigun Scheidemannek 1918ko azaroaren 9an Reichstageko leihotik bakea, askatasuna eta ogia? Eta zertan geratu da hitz hori!... Kanalizazioak, leiho-garbiketa, loa da botikarik onena, Steineren ohe paradisiakoa... Liburu-denda, gizaki modernoaren biblioteka, poeta eta pentsalari nagusien gure bildumak osatzen du gizaki modernoaren biblioteka. Europako bizitza intelektualaren ordezkari handiak... Maizterren aldeko legea paper zikin bat besterik ez da. Errentak etengabe ari dira igotzen. Erdiko klasea kale gorrian dago itota eta epaitegiko exekutorea franko irabazten. Gogor eskatzen ditugu 15.000 marko bitarteko kreditu publikoak enpresa txikientzat, enpresa txikien kontrako bahitze guztiak berehala debekatzea... Emakumeen nahia eta lana, erditzerako prest egotea da. Haurdun dagoenaren pentsamendu eta sentimendu guztiak jaiotzera doanarentzat dira. Horregatik da hain garrantzitsua haurdunak edari egokia aukeratzea. Malta gozatuzko Engelhardt garagardoa paregabea da dastatzeko, elikatzeko, liseritu eta freskatzeko... Babes itzazu zure haurra eta familia, bizitza-aseguru suitzar baten bizitza-aseguru batekin, Rentenanstalt Zürich... Zure bihotza saltoka! Zure bihotza saltoka dago pozez, Höffner altzari ospetsuekin janzten baduzu etxea. Zure ametsetako etxe goxoa gaindituko du errealitate imajinaezin batek. Urteak igaro arren, itxura bikaina mantentzen dute, eta beren sendotasun eta erabilgarritasunak behin eta berriro pozten zaitu...

        Zaintzaile-Agentziek den-dena begiratzen dute, inguruak, kanpoa, barrua, erlojuak, alarmak, Zaintze eta Begiratze Lanak Berlin Handi eta Aldirietan, Zainketa Prebentibo Alemana, Berlin Handiko Zainketa Prebentiboa eta Berlingo Jabeen Bazkuneko Zainketa-Arlo ohia, Enpresa Elkartua, Mendebaleko Zainketa Zentrala, Zainketa Elkartea, Sherlock Elkartea, Sherlock Holmesen lan bilduma osoa Conan Doylerena, Berlin eta auzo herrien Zainketa, Soinketa, Soinekoak, Soinekoen Garbiketa, Soineko Alokatzea Apolon, Adler Garbiketa, denetariko arropa zuria, gizon-emakumeentzako arropa finetan espezialduak.

        Denden gainean eta denden atzean, ordea, bizilekuak daude, atzerago patioak, ondoko eraikinak, zeharkako eraikinak, atzeko etxeak, baratzeko etxeak. Linienstrasse, hango etxean ezkutatu da Franz Biberkopf, Lüdersekin izandako istiluaren ondoren.

        Aurrean zapata-denda eder bat dago, lau erakusleiho distiratsu ditu, eta sei neska zerbitzatzen, alegia zer zerbitzatua dagoenean, 80na marko irabazten ditu bakoitzak, eta aurrera egin eta ilea zuritzen zaienean ehun marko. Zapata-denda handi ederraren jabea andre zahar bat da, dendako arduradunarekin ezkondu zenetik atzeko partean egiten du lo eta ez dabil ongi. Gizona oso egokia da, aurrera atera du denda, baina oraindik ez ditu 40 urte, eta hori da txarra, eta berandu etxeratzen denero han egoten da andre zaharra esna, lo hartu ezinik amorruarekin... Lehenbiziko pisuan abokatu jauna. Animalia heizagarrien artean al dago Sajonia-Altenburg dukerriko basauntxia? Defendatzaileak arrazoirik gabe inpugnatzen du entzutegiko adierazpena, alegia Sajonia-Altenburg dukerriko basauntxia animalia heizagarria dela. Zein animalia den heizagarri eta zein harrapa daitekeen libreki, Alemaniako land bakoitzak oso desberdin erabaki du. Lege-arau berezirik ezean, ohiturazko zuzenbidea erabili behar da. 54.2.24ko Ehiza-Lege proiektuan ez zen aipatzen basauntxia... Arratsaldeko seiak aldera neskame bat bulegora sartu, erraztatu eta itxarongelako linolioa hondartzen du. Abokatu jaunari ez zaio iristen xurgagailu bat erosteko adina, zeken arraioa, ezkondua ere ez dago, eta Frau Zieskek, bere buruari etxekoandre deitzen dionak, inork baino hobeto daki hori. Neskameak indartsu eskuilatu eta garbitzen du, izugarri iharra dago baina arina, bere bi haurrengatik lehertzen da. Koipearen garrantzia elikaduran, koipeak estaltzen ditu hezurren irtenguneak eta babesten du azpiko ehuna edozein presio eta kolpetik, biziki ihar daudenak horregatik kexatzen dira oinazpiko minaz ibiltzeko orduan. Baina ez da hori gertatzen neskame honekin.

        Löwenhund jaun abokatua bere idazmahaian dago eserita arratsaldeko zazpiak aldera, bi lanparen argitan lanean. Kasualitatez, telefonoa ez dabil. A larria 8.780-27 auzi kriminala dela eta, eranskinean doa Gross andrea akusatuak niri emandako boterea. Arren eskatzen dut harekin mintzatzeko baimena... Eugenie Gross andreari, Berlin. Gross andre agurgarria: aspalditik daukat zu berriro ikusteko asmoa. Lan gehiegi eta ondoez baten ondorioz, baina, ezin izan dut. Esperantza daukat datorren asteazkenean bisitatu ahalko zaitudala, eta arren, ordu arte izan ezazu pazientzia. Begirunez. Eskutitz, jiro eta pakete guztietan helbidearekin batera presoaren zenbakia erantsi. Helbidean, Berlin NW 52, Moabit 12 a ipini.

        ... Tollmann jaunari. Zure alabaren kasua dela eta, beste faktura bat bidali beharra dizut, hain zuzen ere 200 markokoa. Epeka ordain dezakezu. Bigarrenik: berriro aurkeztea... Abokatu jaun agurgarria, gustura bisitatuko nuke nire alaba gaixoa Moabiten, baina ez dakit norengana jo, eta arren eskatu nahi nizuke konpon dezazun ni hara joateko modua. Eta eskari bat ere egin dezazun, nik hari bi astetik behin paketetxo bat janari eman ahal izateko. Zure berrien zain nauzu, ahal dela aste honen bukaerarako edo hurrengoaren hasierarako. Tollmann andrea (Eugenie Grossen ama)... Löwenhund abokatua zutitu, purua ahoan duela, errezelen zirritutik Linienstrasse argitura begiratu eta pentsatzen du, deituko diot ala ez. Eritasun benereoak norberaren erru, Frankfurteko Entzutegia 1, C 5. Gizona ezkongai denean zilegi da sexu-harremanen onarpen morala hain zorrotz ez epaitzea, baina aitortu behar da ezen legearen ikuspegitik badagoela erru bat, eta ezkontzaz kanpoko harreman sexuala, Staubek dioen bezala, estrabagantzia bat da, bere arriskuak dituena, eta bere buruari estrabagantzia hori opa dionak arriskuak ere jasan behar ditu. Plancken iritziz ere, erabaki honen ildoan, ezkontzaz kanpoko harreman sexualetatik soldaduari sortu zaion eritasuna ere utzikeria nabarmen baten ondorioa da... Altxatzen du entzungailua, mesedez Neukölln, Bärwalden izenean dago orain numeroa.

        Bigarren solairuan: administratzailea eta bi bikote gizen, anaiak emaztea, arrebak senarra, gainera neskatila gaixo bat.

        Hirugarren solairuan 64 urteko gizon bat, ebanista burusoila. Alaba bizi-alargunak daramakio etxeko gobernua. Goizero zaratatsu jaisten ditu eskailerak, bihotza gaizki, laster hartuko du gaixo-agiria (esklerosi koronarioa eta miokardiokoa). Lehen arraunean ibiltzen zen, zer egin orain? Gauean egunkaria irakurri, pipa erre, eta alabak bitartean ezkaratzean gaizki esaka aritu behar du, noski. Emazte zena 45 urterekin hila, sutsua eta azkarra, inoiz ez zuen nahikoa, badakizue, halako batean kale egin, inori ezer esan ez, hurrengo urtean agian erretira izango zuen, joan zen beste horietako andre batengana, handik erietxera eta han bukatu zuen.

        Aldamenean tornulari bat, hogeita hamarren bat urtekoa, mutiko bat du, gela eta sukaldea, emaztea hila honek ere, tisia, berak ere eztul egiten du, mutikoa haurtzaindegian dago egunez, iluntzean gizona joaten da bila. Mutikoa lotara joandakoan, gizonak bere tisana prestatu, orduetan lardaskan ibili irratiarekin, irratizale-elkarteko burua baita, ezin du lo hartu zirkuitua bukatu arte.

        Gero zerbitzari bat andre batekin, gela eta sukaldea, oso txukun, gasezko lanpara kristalezko zintzilikarioekin. Zerbitzaria etxean egoten da eguerdiko ordu biak arte, lotan eta zitara jotzen, bitartean Löwenhund abokatua 1,2,3 epaitegietan toga beltza jantzita dabil korridoreetan, abokatu-salatik irten, abokatu-salara sartu, epaitegi-aretora sartu, epaitegi-aretotik irten, bukatu da saioa, akusatua errebeldian kondena dezatela. Zerbitzariaren andregaia erostetxe bateko zaintzailea da. Hark hala dio. Zerbitzaria ezkonduta zegoenean, andreak itxurarik gabe engainatzen zuen. Baina beti asmatzen zuen gizona goxatzen, honek alde egin zion arte. Lotoki bat errentan hartu, berriro emazteagana bildu, eta azkenean errudun deklaratu zuten epaiketan, ezer frogatu ezin eta emaztea abandonatu zuelako. Gero Hoppegartenen ezagutu zuen oraingoa, gizon bila zebilela. Lehenbizikoaren kalibre berdineko andrea, baina apur bat bizkorragoa. Zerbitzariak ez du ezer susmatzen andregaia aldian behin kanpora doanean enpresaren izenean, noiztik doaz kanpora zaintzaileak, bueno, konfiantzazko postu bat da. Baina orain zerbitzaria sofa gainean dago eserita, zapi busti bat dauka buruan, negarrez ari da, eta kasu egin behar dio andregaiak. Kalean zihoala labandu eta zerraldo erori da. Hala dio. Norbaitek joko zuen. Andregaia gaur ez doa kanpora enpresaren izenean. Zerbait antzeman ote dit, pena izango luken, baina hain dun jatorra inozo hau. Lotuko dinagu berriro kate motxean.

        Goi-goian tripa-saltzaile bat, han noski usain txarra dago eta umeen garrasi eta alkohol franko. Ondoan, azkenik, ofiziale okin bat eta emaztea, moldiztegi bateko markatzailea, obaritis daukana. Zer ematen die bizitzak? Bueno, lehenik batak bestea, joan den igandean antzerkia eta zinea, noizetik noizera lankideekin batzarra eta gizonaren gurasoei bisita. Besterik ez? Bueno, ez zaitez hasi jendea estutzen, jauna. Badute eguraldi ona ere, eguraldi txarra, mendira joatea, sutondoan esertzea, gosaria eta abar. Zer duzu zuk, kapitain jauna, jeneral jauna, jockey jauna? Ez ezazu ilusio faltsurik egin.

 

 

Biberkopf narkotizatua,
Franz ezkutatzen da,
Franzek ez du ezer ikusi nahi

 

        Franz Biberkopf, kontu izan ezak, zertan bukatuko da parranda hori! Egun guztian etxe-zuloan sartuta, edan eta lo...

        Nori axola zaio nik zer egiten dudan. Lo egin nahi badut, etzi arte egingo diat lo, hementxe bertan... Azazkalei hozka egin, intziri egin, burua astindu burko izerdituan, sudurretik haizea bota... Etzi arte egongo nauk etzanda, gogoak ematen badit. Andre horrek etxea berotuko balu. Alfer ederra, bere buruari begira bizi duk.

        Burua paretatik baztertzen du, lurrean ahia dago, putzua... Gonbitoak. Ni izango ninduan. Horiek gauzak zeuzkak gizonak sabelean. Puah. Amaraunak izkina grisean, ez ditek balio arratoiak harrapatzeko. Gustura edango nikek ura. Nori axola zaio. Gerriko mina zeukaat. Aurrera, Frau Schmidt. Goiko amaraun artean (soineko beltza, hortz luzeak). Hori duk sorgina (sabaitik dator). Puah! Etxean zergatik gelditzen naizen galdetu zidaan ergel batek. Lehenik esan nioan, aizu, ergela, zer dela eta galdetzen didazu zuk niri ezer, bigarrenik ni hemen geratzen banaiz 8etatik 12etara. Eta gainera ukuilu-zulo honetan. Txantxetan ari zela esan zidaan. Ez, hori ez duk txantxetan aritzea. Kaufmannek ere esan zian, hari galdetzea zeukak. Agian lortuko diat, otsailean joan eta, otsaila edo martxoan, martxoan ongi...

 

        ­ Naturan galdu al huen bihotza? Ez, ez nian han galdu bihotza. Zinez, bazirudian espiritu originalaren esentziak berarekin eraman nahi ninduela, ni Alpeetako erraldoien aurrean nengoenean edo itsaso orrolariaren hondartzan. Zerbait astintzen eta harrotzen zuan nire hezur-barrenetan. Nire bihotza hunkitu zuan, baina ez nian galdu, ez arranoaren habian, ez meatzariak mea ezkutua aztarrikatzen duen osinean...

        ­ Non ba?

        Kirolean galdu al huen bihotza? Gaztetako ibai oldartsuan? Politikaren iskanbilan?

        ­ Ez nian han galdu.

        ­ Ez al duk inon galdu?

        Beste horietakoa al haiz, bihotza galdu ez baizik berentzat gordetzen dutenak, garbi mantenduz eta momifikatuz?

        Bidea mundu metafisikora, hitzaldi irekiak. Santu Guztien Eguna: Heriotza al da guztiaren azkena? Astelehena, azaroak 21, iluntzeko 8etan: Badago gaur egun fededun izatea? Asteartea, azaroak 22: Aldatu al dezake gizakiak bere burua? Asteazkena, azaroak 23: Nor da zuzena Jainkoaren aurrean? Bereziki azpimarratzekoa, San Pablo oratorioaren moldaketa.

        Igandea, zortziak laurden gutxi.

        Egun on, Artzain jauna. Ni Franz Biberkopf naiz, aldizkako langilea. Altzari-garraioan ibilia naiz, orain lanik gabe nago. Zerbait galdetu nahi nizun. Ea zer egin daitekeen sabeleko minaren kontra. Bihotzerrea etortzen zait. Ai, berriro. Puah! Behazun zikin hori. Gehiegi edateagatik, noski. Utzidazu, barkatu kale erdian honela ekin badizut. Zure zereginak oztopatzen dizkizut. Baina zer egin behazun zikin honen kontra. Kristauek elkarri lagundu behar diote. Zu gizon zintzoa zara. Ni ez naiz zerura joango. Zergatik? Galdeiozu Schmidt andreari, hor goiko sabaitik behera datorrenari. Joan eta etorri, altxatzeko ari zait beti esaten. Baina inork ez dauka niri ezer esan beharrik. Gaizkileak baldin badaude, ordea, neuk hitz egin dezaket horretaz. Hitzeko gizona. Zin egin genion Karl Liebknechti, eskua eman genion Rosa Luxemburgi. Hiltzen naizenean paradisura joango naiz, eta nire aurrean makurtu eta esango dute: horra Franz Biberkopf, hitzeko gizona, alemana, aldizkako langilea, hitzeko gizona, haizeak goian darabil bandera beltz-zuri-gorria, baina berak bere barruan gorde du, ez da gaizkile bihurtu beste zenbait bezala, alemanak izan nahi eta beren herrikideak engainatzen. Labana bat baneuka, aldez alde sartuko nioke. Bai horixe. (Franz jiraka dabil ohean, bazterrak joka.) Orain hire txanda duk Artzainagana joateko, mutiko. Mutimutimutiko! Oraindik gustua hartzen diok, oraindik egin dezakek marru, hi. Hitzeko gizona, nik ez dut hori ukituko, Artzain jauna, berehalakoan, espetxean ez dago lekurik bilauentzat; ni espetxean egona naiz, ipi-apa guztiak ezagutzen ditut, primerako negozioa, genero aparta, horrek ez du bueltarik, han ez dago lekurik bilauentzat, batez ere hori bezalakoentzat, emaztearen aurrean ere lotsatzen ez denarentzat, lotsatu behar luke, eta gainera mundu guztiaren aurrean.

        2 gehi 2, 4, horrek ez du bueltarik.

        Hemen duzu gizon bat, barkatu galarazi badizut, baina hau tripako mina. Ikasiko dut neure burua menderatzen. Baso bat ur, Schmidt andrea. Zerri horrek denean sartu behar dik muturra.

 

 

Franz erretiran.
Franzek despedidako martxa
jotzen die juduei

 

        Franz Biberkopf, kobra bat bezain indartsu baina hankak kilikolo zituela, jaiki eta Münzstrassera joan zen juduengana. Ez zen zuzenean joan, itzuli handi bat egin zuen. Gizonak den-dena bukatu nahi du. Dena garbi utzi nahi du. Bagoazak berriro, Franz Biberkopf. Eguraldi lehorra, hotza baino freskagarria, nork nahi luke orain ezkaratz batean egon, saltzaile ibiltaria izan eta behatzak sumintzen eduki. Hitzeko gizona. Zortea da, gelatik irten eta andreen makakorroak ez aditzea. Hemen doa Franz Biberkopf, kalean aurrera. Ostatu guztiak hutsik. Zergatik? Arloteak oraindik lo. Tabernariak edan dezala bere zirina. Akzioak zirinetan. Guk ez diagu gogorik. Guk pattarra gogotik.

        Franz Biberkopfek, bere beroki militar berdea jantzita, lasai zabaltzen zuen bidea jendartean, emakume txikiak barazkiak, gazta eta sardinzarrak erosten ari zirela gurdietan. Tipulak, ari zen norbait oihukatzen.

        Ahal duena egiten du jendeak. Umeak dauzkate etxean, aho gosetuak, txori mokoak, ireki, itxi, ireki, itxi, bat, bi, bat bi, bat bi.

        Franz arinago hasi zen, gogor zapaldu zuen kale-kantoia. Hori da, airea. Lasaiago igaro zen erakusleiho handien ondotik. Zenbatean dira botak? Txarolezko zapatak, dantza-zapatak, oso apainak izan behar ditek, hankatxoan sartuta, poxpolin bat dantza-zapatekin. Lissarek inuxenteak, Bohemiakoak, Tegeleko sudurzulo handi hark, emazteari edo emazte itxurak egiten zituenari hamabostean behin ekarrarazten zizkioan zetazko galtzerdi luze eder batzuk, pare bat berria eta pare bat zaharra. Barrez lehertzekoa. Emazteari lapurreta eginarazi behar bazion ere, haiek gabe ezin etsi. Halako batean harrapatu zitean Lissarek hori, galtzerdi luzeak jantzita bere hanka zerrietan, zeharo exkaxa, bere hankei begira berotzen zuan eta belarriak gorritzen zitzaizkioan, barrez lehertzekoa. Erosi altzariak epeka, sukaldeko altzariak 12 hilabetetan ordaintzeko.

        Atseginez zihoan Biberkopf aurrera. Noizean behin bakarrik zeukan espaloira begiratu beharra. Frogatzen ari zen bere ibilera eta galtzada eder, sendo, segurua. Baina orduan begiak bizkor lerratu zitzaizkion fatxadetan gora, frogatu zituen fatxadak, segurtatu zuen geldirik zeudela eta ez zirela mugitzen, nahiz eta berez halako etxe batek leiho asko dauzkan eta erraz oker daitekeen aurrerantz. Hori teilatuetara zabal daiteke, teilatuak arrastaka eraman; balantza egin dezakete. Balantza egiten has daitezke, kulunkatzen, inarrosten. Teilatuak irristan joan daitezke, hondarra bezala zeharka behera, buru gainetik kapela bezala. Izan ere denak baitaude zeharka jarrita teilatuko zurajearen gainean, ilara guztia. Baina josita daude, ohol sendoak azpian eta brea, galipota. Rhinen ertzak zaindu tinko eta zintzo. Egun on, Biberkopf jauna, hemen gabiltza tente, bularra kanpora, bizkarra zuzen, adiskidea, Brunnenstrassen barrena. Jainkoak gizaki guztiak erruki ditu, gu hiritar alemanak gara, espetxeko zuzendariak zioen bezala.

        Larruzko txanoa daraman gizon bat, aurpegi zuri makalekoa, kokotseko erlakizten bat hazkatzen ari zen hatz txikerrarekin, beheko ezpaina zintzilik zeukala. Gizon bizkarzabal bat, galtza-barrenak zintzilik, haren ondoan zegoen saiheska, bien artean bidea itxiaz. Franz ingurutik joan zen. Txanoduna aztarrika ari zen eskuineko belarrian.

        Poza eman zion kaleko jendearen ibilera lasaiak, kotxezainak hustuketan, agintariak etxeak ikertzen, aditzen da trumoi antzeko oihu bat, beraz gu ere ibil gaitezkek hemen. Posterren kiosko bat izkinan, paper horian zegoen idatzita letra beltz erromatarrez: 'Bizi izan zara Rhin ederrean?', 'Erdiko aurrelarien Erregea'. Bost gizon zeuden zirkulu txiki batean asfalto gainean, mailuei eragiten, asfaltoa zirtzilatzen, artilezko jaka berdekoa ezaguna diagu, seguru, horrek lana zeukak, hori ere bazeukaagu egitea, beste batean, eskuinarekin hartu, gora altxatu, gogor heldu eta behera, danba. Geu gaituk langileak, proletarioak. Eskuin gora, ezker estutu, danba. Eskuin gora, ezker estutu, danba. Kontuz, Lanak, Stralauko Asfalto-Konpainia.

        Hara eta hona zebilen, tranbia kirrinkarien ondotik, ez jaitsi martxan doan bitartean! Itxaron! Bagoia gelditu arte. Poliziak zuzentzen du zirkulazioa, postari batek lehenbailehen pasatu nahi du. Nik ez zeukaat presarik, juduengana noak eta. Topatuko ditiat noizbait. Erabat zerritzen zaizkik botak, baina halere garbitu gabe zeudek, nork garbitu, Schmidt andreak, horrek ez dik ezer egiten (amaraunak goian, korroskada garratza, xurgatu zuen aho-sabaia, jiratu zuen burua dendetara: Gargoyle Mobilöl Bulkanizazio-Lantegia, garçon erako orrazkerak, olatuak atze urdinean, Pixavon, galipotazko produktu findua). Eta Lina potzolak oinetakoak garbitzea? Orduantxe bizitu zuen urratsa.

        Lüders faltsua, andrearen eskutitza, labana sartuko diat tripan. Aieneaiene, motel, uztak hori, mendera gaitezen, bilaua, ez zioagu inori ekingo, lehen ere egonak gaituk Tegelen. Beraz: Arropa Neurrira, Gizonentzako Konfekzioa, hori lehenik, eta gero Karrozeriak, Automobil-Osagaiak, inportanteak ere, bizkor gidatzeko, baina bizkorregi ez.

        Eskuineko hanka, ezkerreko hanka, eskuineko hanka, ezkerreko hanka, poliki aurrera, ez bultza, andereño. Nire ondoan: polizia saltsaren erdian. Zer da hori? Korrika eta makilaka. Huhuhu, huhuhu, oilarrak kukurruku. Franz kontent zegoen, aurpegi guztiek jatorragoak ematen zuten.

        Pozez barneratu zen kalean. Haize hotza zebilen, eta nahasten zituen, etxearen arabera, sotoko usain epela, barazkiak eta hegoaldeko fruituak, gasolina. Asfaltoak ez du usainik neguan.

        Juduenean, Franz ordubete osoan egon zen sofan eserita. Haiek hizketan, bera hizketan, bera harrituta, haiek harrituta ordubete oso-osoan. Zer zen harrigarria, sofan eserita zegoela eta haiek hizketan eta bera hizketan? Bera han eserita egotea hizketan eta haiek hizketan, eta batez ere bere buruarekin zegoen harrituta. Zergatik zegoen bere buruarekin harrituta? Bazekien eta ohartzen zen, kontulari batek kalkulu oker bat bezala antzematen zuen. Zerbait antzematen zuen.

        Erabakia zeukan; bere baitan topatutako erabakiarekin harrituta zegoen. Honela zioen erabakiak, haiei aurpegira begira zegoela, barrez, galdezka, erantzuten: Franz Biberkopf, hitz egin dezatela nahi duten guztia, sotanak zeramatzatek baina ez dituk artzainak, kaftan bat duk, Galiziakoak dituk, Lemberg ingurukoak omen, azkarrak dituk, baina niretzat ez ditek leziorik. Hemen nagok sofan eserita, eta ez diat horiekin traturik izango. Ahal nuena egin diat.

        Azkeneko hemen izan zenean, horietako batekin eseri zen tapizean. Otx, irristatzen haiz, gustura probatuko nikek. Baina gaur ez, hori garai batean zuan. Apatx eginda gaudek geldi-geldi, judu zahar horiei begira.

        Gizonak ezin du gehiago eman, ez da makina bat. 11. mandamentua: ez zaitez itsutu. Etxe ederra daukate anaiek, soila, gustu txarrekoa eta handikeriarik gabea. Horrekin ez dute lortuko Franz larritzea. Franzek badaki bere burua menderatzen. Bukatu da. Lolo, lolo zu eta ni, ni eta zu lolo, lolo. Bukatu da lan egitea. Gizonak ez du gehiago ematen. Hondarretan ponpa trabatzen denean, nahi adina eragiozu. Franzek pentsio gabeko erretiroa kobratzen du. Zer da hori, maltzurki pentsatu zuen, sofaren ertzari begira, pentsio gabeko erretiroa.

        «Eta zure sasoia daukanak, zure indarra, eskerrak eman behar dizkio Kreatzaileari. Zer gerta lekioke. Edan beharra al dauka? Bata ez bada, bestea egingo du. Azokara joan eta jartzen da saltokien aurrean zutik, geltokian zutik: zenbat uste duzue kendu zidala lehengoan holako gizon batek Landsbergetik bueltatu nintzenean joan den astean, egun bat egin nuen kanpoan, zenbat uste duzue kendu zidala. Bota ezak, Nachum, atea adinako gizona zuan, Goliat, Jainkoak guarda nazala. Berrogeita hamar pfennig. Ba bai, berrogeita hamar pfennig. Ondo entzun duzue, berrogeita hamar pfennig. Maletatxo bat hemendik izkinara eramateagatik. Ez nuen neuk eraman nahi, larunbata zen eta. Berrogeita hamar pfennig kendu zizkidan. Baina begira geratu nintzaion. Aizu, zuk ere nahi izanez gero... zera, badaukat zuretzat zerbait. Ez al da Feitel, labore-tratularia, aizak, hik ezagutzen duk Feitel.» «Feitel ez, haren anaia.» «Ba hori, laboreekin ibiltzen dena. Nor du anaia?» «Feitelen anaia. Esan diat.» «Berlingo jende guztia ezagutzen dudala uste al duk?» «Feitelen anaia. Horrek adina irabazten duenik...» Burua astindu zuen, mirespen etsituz. Bizar-gorriak besoa jaso eta burua makurtu zuen: «Hori da hori. Baina Czernowitzekoa.» Ahaztuta zeuden Franzekin. Buru-belarri ari ziren pentsatzen Feitelen anaiaren aberastasunean. Bizar-gorria aztoratua zebilen hara eta hona, haizea bota zuen sudurretik. Besteak urruma egiten zuen, plazerez gainezka, atzetik barre zitala eginez, azazkalekin kriskitin egiten: «Txo.» «Bikaina. Hori da hori.» «Familia hori urrezkoa duk. Bai horixe. Urrezkoa.» Bizar-gorria inguruan ibili eta hunkiturik eseri zen leihoan. Kanpoan gertatzen ari zenak mespretxuz bete zuen, bi gizon mahuka-hutsik ari ziren garbitzen auto bat, zaharra. Batek zintzilik zeuzkan tiranteak, pi perrailkada ur zeramatzaten arrastaka, patioa blai zegoen. Begirada pentsakorrez, urrearekin ametsetan, Franzi so zegoen: «Zer iruditzen zaizu?» Zer iruditu behar zaio, gizaixo bat duk, erdieroa, zer ulertu behar du holako koitadu batek Czernowitzeko Feitelen diruaz; oinetakoak garbitzen ere ez liokek utziko. Franzek begirada itzuli zion. Egun on, artzain jauna, etengabe tranbien errepika, baina gu ez gaituk atzo goizean jaioak, gizonak ezin du eman daukana baino gehiago. Bukatu da lan egitea, eta elur guztia erretzen bada ere ez dugu hatzik mugituko, planto.

        Sugea narrasean jaitsi zen zuhaitzetik. Madarikatua hi basapiztia guztien artean, sabel gainean arrastaka ibiliko haiz eta hautsa jango duk heure bizitzako egun guztietan. Elkarren etsai egingo zaituztet hi eta emakumea. Oinazez erdiko haiz, Eva. Adam, madarikatua lurra hire erruz, sasia eta laharra emango dizkik, basalandarez elikatu beharko duk.

        Ez dugu lan gehiago egingo, ez du merezi, eta elur guztia erretzen bada ere ez dugu hatzik mugituko.

        Hura zen Franz Biberkopfek eskuetan zeukan burdinazko palanka, harekin egon zen eserita eta harekin joan zen gero atetik. Bere ahoak zer edo zer zioen. Duda-mudan heldu zen haraino, hilabete batzuk lehenago askatu zuten Tegeleko espetxetik, hartu zuen tranbia, airean pasatu zen kaleetatik, etxeetatik, teilatuak irristatzen ziren, juduenean egon zen. Zutitu zen, goazen, Minnagana joan ninduan orduan, zertan ari naiz hemen, goazen Minnagana, dena ondo ikusi eta ea zer gertatu zen.

        Ospa egin zuen. Minnaren etxe aurrean ibili zen hara eta hona. Maritxu apatx harrian, herrian, urrian. Hor konpontzea zeukak. Usnaka ibili zen etxe inguruan. Hor konpontzea zeukak. Pozik bizi dadila bere gizon zahar horrekin. Aza eta arbi nituen janari, amak okela jarri balit, orduan ni kantu-kantari. Hemen katuek beste lekuetan bezalako kiratsa zeukatek. Joan da ihesi erbia, baita etxeko odolkia. Harantz-honantz ibili behar ote dut burmuina estutzen eta etxeari begira. Eta konpainia belauniko ari da kokoriko.

 

        Kokoriko. Kokoriko. Honela mintzatu zen Menelao. Eta nahi izan gabe, hainbeste tristatu zion Telemakori bihotza, ezen masailetan behera isuri zituen malkoak eta bi eskuekin estutu behar izan zuen purpurazko mantua begien kontra.

        Bitartean emakumeen geletatik irten zen Helena printzesa, jainkosa baten pare ederrean.

        Kokoriko. Oilo mota asko daude. Baina nire ohore eta kontzientziaren izenean galdetzen badidate zein den nahiago dudana, argi eta garbi diot: oilo erreak. Faisaiak ere oilo-jendea dira, eta honela dio Brehmen Basabizitzak: uroilo ipotxa ez da zingirako uroiloa bezalakoa, txikiagoa da, eta gainera udaberrian arra eta emea berdintsu janzten dira. Asiako ikerlariek ezagutzen dute monial edo monal delakoa, zientzialariek zilarrezko faisai esaten diotena. Zaila da bere nabartasun oparoa deskribatzea. Bere deia, txistu luze minbera, eguneko ordu guztietan aditzen da oihanean, baina batez ere argitu aurretik eta iluntze aldera.

        Hori dena, ordea, oso urruti gertatzen da, Sikkam eta Bhutan artean, Indian, liburutegiko jakinduria hutsal samarra da Berlinerako.

 

 

Zeren abereari bezala
gertatzen baitzaio gizakiari;
bata hil, eta bestea ere hil

 

        Berlingo hiltegia. Hiriaren ipar-sortaldean, Eldenaer Strassetik Thaerstrasse eta Landsberger Allee pasatu eta Cotheniusstrasse arte, eraztun-trenaren alboan luzatzen dira hiltegi eta eskorten etxeak, pabilioiak eta ukuiluak.

        Zabalean 47,88 hektarea hartzen ditu, 187,50 goldeen pare, Landsberger Allee atzeko eraikinak kontuan hartu gabe 27.083.492 marko irentsi ditu, horietatik 7.682.844 marko eskortek eta 19.410.648 marko hiltegiak.

        Eskortak, hiltegia eta haragi-merkatua osotasun ekonomiko zatiezin bat dira. Eskortak eta Hiltegia Diputazioak kudeatzen ditu, eta bertan aritzen dira bi magistratu, barrutiko ordezkari bat, 11 zinegotzi eta hiritarren 3 ordezkari. 258 langile ditu, horien artean albaitariak, ikuskariak, markatzaileak, albaitariordeak, ikuskariordeak, enplegatuak, langileak. 1900go urriaren 4ko zirkulazio-agindua, ebazpen orokorrak, abere-garraioari eta bazka-hornitzeari buruzko araudia. Zergen tarifa: merkatuko zergak, gordailuko zergak, hiltegiko zergak, txerri-merkatutik askak kentzeko zergak.

        Eldenaer Strassen zehar zutitzen dira horma gris zikinak, goian txarrantxa dutenak. Kanpoko arbolak soilduta daude, negua da, arbolek erroetara bidali dute sapa, udaberriaren zain. Hiltegiko orgak trosta lirainean heltzen dira, gurpil hori eta gorriak, zaldi arinak aurrean dituztela. Gurdi baten atzetik zaldi erkitu bat dator, espaloitik norbaitek «Emil» deitzen du, errekardaritzan ari dira ziztrin harengatik, 50 marko eta erronda bat gu zortziontzat, zaldia jiratzen da, dardar egin, hozkatzen du arbola bat, kotxezainak atzera tiratzen dio, 50 marko eta erronda bat, Otto, bestela bagoazak. Behekoak zapla ematen dio zaldiari: konforme.

        Administrazioaren eraikin horiak, obelisko bat gerran erorientzat. Eta eskuinean eta ezkerrean pabilioi luzeak kristalezko teilatuekin, horiek dira ukuiluak, itxarongelak. Kanpoan arbelak: Berlingo Hiltegi Handien Bazkunaren Jabegoa. Baimena behar da arbel honetan ezer iragartzeko, Zuzendaritza.

        Pabilioi luzeetan ateak daude, abereak sartzeko irekigune beltzak, zenbakiekin, 26, 27, 28. Azienda gorrien pabilioia, azienda beltzen pabilioia, hiltzeko lekuak: heriozko epaiketak abereentzat, aizkorak zintzilik, ez haiz hemendik bizirik irtengo. Kale baketsuak daude aldamenean, Strassmannstrasse, Liebigstrasse, Proskauer, parkeak, non jendea paseatzen den. Epelean bizi dira elkarren ondoan, norbait gaixotu eta eztarriko mina duenean laster etortzen da medikua.

        Baina bestaldean, 15 kilometroko luzera dute eraztun-trenaren errailek. Probintzietatik datoz abereak, azienda zuriak, beltzak, gorriak, Prusia sortaldetik, Pomeraniatik, Brandenburgetik, Prusia sartaldetik. Marraka eta marruka jaisten dira arranplatik. Txerriak kurrinka eta lurrean uxarka, ez dakite nora doazen, atzetik dituzte mutilak zotzekin. Ukuiluetan etzaten dira, elkarren ondoan, zuriak eta guri-guriak, zurrungan, lotan. Denbora askoan ibilarazi dituzte, gero bagoietan astindu, orain behean dardararik ez baina hotzak dira lauzak, esnatzen dira, estu-estu biltzen dira. Bata bestearen gainean daude. Hor borrokan ari dira bi, heian lekua dago, elkarri burukadak eman, heldu lepotik, belarrietatik, jira eta bira, arnaska, batzuetan isil-isilik geratzen dira, hortzak elkarri sartuta. Izuturik igotzen da bat besteen gainera, bigarrena ere atzetik doakio, hozka egin, azpikoak aztoratzen dira, biak erortzen dira, elkarri nondik ekingo.

        Lihozko mantala daraman gizon bat korridoretik doa, irekitzen da heia, makila batekin sartzen da abere artean, atea zabalik dago, bultzaka ari dira irteteko, makakorroka, hasten da kurrinka eta garrasi-hotsa. Eta orain denak korridoretik. Patioetan zehar, pabilioi artetik daramatzate abere zuri pottokoak, izter lodi alaiak, buztantxo kiribil alaiak, eta bizkarreko arrasto berde gorriak. Hori da argia, txerritxo maiteak, hori da lurra, usaindu, bilatu, zenbat minututan ote. Ez, arrazoi duzue, ezin da erlojuarekin lan egin, usaindu eta uxar egizue. Hiltzera zoazte, hor zaudete, ikusi hiltegia, txerri-hiltegia. Badaude etxe zaharrak, baina zuek modelo berri batera zoazte. Argia, adreilu gorriz egina, kanpotik sarrailategia dirudi, lantokia edo bulego-etxea edo marrazketa-gela. Ni bestaldetik noa, txerritxo maiteak, ni gizona bainaiz, horko ate horretatik noa, barruan elkartuko gara berriro.

        Atea bultzatu, dardarka zabaldu, mugitzen da hara eta hona. Puah, hau lurruna! Zer ari dira egosten. Bainuan bezala zaude lurrunetan, bainu errusiar-erromatar bat ari ote dira hartzen txerriak. Bazoaz eta ez dakizu nora, betaurrekoak lausotzen zaizkizu, agian biluzik joanez gero erreuma izerdituko duzu, koñak hutsa ez da aski, txapin-hotsa egiten da. Ez duzu ezer ikusten, lurruna itxiegia. Baina txilioak, arnasestuak, zartadak, gizon-oihuak, tresnak erortzen, tapa-hotsak. Hemen nonbait egongo dira txerriak, handik etorri dira, alboko atetik. Lurrun itxi zuri hau. Hor daude txerriak, batzuk zintzilik, hilda, moztu dituzte, jateko prest daude kasik. Hor gizon bat dago, txerrien bi zati zuriak hodi batekin bustitzen. Burdinazko kakoetan daude zintzilik, buruz behera, txerri batzuk osorik daude, goiko hankak makila trebes batekin zabalduak, abere hil batek ezin du ezer egin, hain gutxi alde egin. Txerri-hanka moztuak pila batean daude. Bi gizonek zerbait dakarte laino artetik, burdinazko barra batean abere ireki erraigabe bat. Goiko eraztuneraino altxatzen dute barra. Kide asko daude jada handik dilindan, beheko lauzei txoro begira.

        Laino artean zeharkatzen duzu sala. Harlauzek ildaskak dituzte, bustita daude, odolduta ere bai. Zutoin artean, abere zuri erraigabeak ilaran. Atzean egongo dira hiltokiak, aditzen dira zartak, hotsak, txilioak, garrasiak, makakorroak, kurrinkak. Han daude pertz lurruntsuak, upelak, handik dator lurruna. Gizonek abere hila ur irakinetan sartu, gardostu, zuri-zuri atera, gizon batek labana batekin karraskatzen dio azala, aberea zuriago utziaz, erabat leun. Erabat bigun eta zuri, bainu nekagarri baten ostean bezala lasaituta, ongi joan den operazio edo masaje baten ostean bezala daude txerriak ilaran, banku eta oholen gainean, ez dira mugitzen beren patxada asebetean eta beren alkandora zuri berriekin. Denak saiheska daude, batzuei bi titiburu-ilarak ikusten zaizkie, zenbat titi ditu txerriak, hauek bai abere emankorrak. Baina denek ebaki gorri zuzen bat dute hemen lepoan, justu erdigunean, oso susmagarria da.

        Berriro zarta-hotsa, ate bat ireki da atzean, irteten da lurruna, beste txerri talde bat dakarte, hortik zoazte korrika, ni aurreko ate irristalaritik sartu naiz, abere arrosa pottokoak, izter alaiak, buztan kiribil alaiak, bizkarrean arrasto nabarrak. Eta usnatzen dute heia berria. Lehengoa bezain hotza da, baina lurrean hezetasun bat dago, ezezaguna, lirdinga gorri bat. Huraxe igurtzitzen dute muturrarekin.

        Gizon gazte zurixka batek, ile itsatsi horikoak, puru bat dauka ahoan. Begiraiozue, hori da zuekin ariko den azken gizona! Ez ezazue gaitzetsi, bere lana besterik ez du egiten. Gorabehera administratibo bat dauka zuekin zuzentzeko. Botak, galtzak, alkandora eta tiranteak besterik ez darama, botak belauneraino. Hori du uniformea. Ahotik purua kendu, hormako apal batean utzi eta hartzen du izkinatik aizkora luze bat. Horrek adierazten du bere agintea, zuen aldean gorago dagoela, ikertzailearen ikurra bailitzan. Laster erakutsiko dizue. Zurezko kirten luze bat da gizon gazteak sorbalden parera altxatzen duena, beheko txerri txiki marrularien gainean, haiek lasai uxarka, usainka eta kurrinka ari direla. Gizona inguruan dabil, behera begira, bila eta bila. Auzi bat dago pertsona jakin bati buruz, eta pertsona hark zerikusia dauka x kasuan y-ren kontra. Zast! Hanken aurrean ihes egin dio batek, zast! beste bat. Gizona arina da, maila ona erakutsi du, aizkora ziztuan jaitsi da, jo du alde kamutsarekin multzoko buru bat, gero beste bat. Istant bat izan da. Zalaparta dabil behean. Ostikoak. Baztertzea. Ezjakintasuna. Hantxe. Zer egiten dute hankek, buruak. Baina hori ez du txerriak egiten, hankek egiten dute partikular gisa. Eta agertu dira egosketako bi gizon, beren txanda da, hiltokiko ataka bat altxatu, aberea arrastaka atera, labana luzea barra batean zorroztu eta jartzen dira belauniko, tak jo dute lepoa, zast ebaki luze bat, oso luzea lepoan, zaku bat bezala irekitzen dute aberea, ebakiak barru-barruraino, aberea dar-dar, astintzen, joka, joaten zaio kordea, orain kordea bakarrik, laster gehiago, marru egiten du, eta orain lepoko zainak irekitzen dizkiote. Erabat kordea joanda dago, orain metafisikan, teologian sartu gara, seme, jada ez zaude lurrean, hodei gainean gabiltza. Bizkor pazia zapala, odol beltz beroa dariola, apartsu, pazian burbuilak egiten, bizkor nahasi. Odola gatzatzen da gorputzean, odolbilduak sortu, zauriak ixten dira. Orain kanpoan dago eta halere gatzatu nahi du. Haur batek ama, ama garrasi egiten duenean bezala operazio-mahaian eta amaren arrastorik ez, eta ama ez dator, baina itotzekoa da maskarako eterra, eta garrasika segitzen du, gehiago ezin duen arte: ama. Ri, ra, eskuineko zainak, ezkerreko zainak. Bizkor nahasi. Hori da. Orain gutxitzen da dardara. Orain lasaitzen zara. Hau da fisiologia eta teologiaren bukaera, fisika hasten da.

        Gizon belaunikatua zutitzen da. Belaunetako mina dauka. Orain txerria gardostu, hustu, zatitu, pausoz pauso. Ugazaba, ongi jandakoa, piparekin dabil batera eta bestera laino artean, batzuetan urdail ireki bati begira. Ate kulunkariaren ondoko horman poster bat dago: Saalbauko abere-igorleen dantzaldia, Friedrichshain, Kermbach orkestra. Kanpoan boxeo-saioak ageri dira, Germania Aretoak, Chausseestrasse 110, Sarrerak 1,50 eta 10 marko bitartean. 4 kanporaketa.

 

        Abere-merkatuaren berri: 1.399 behi, 2.700 zekor, 4.654 ardi, 18.864 txerri. Merkatuko gorabeherak: behiak itxura ona normal, bestela lasai. Zekorrak normal, ardiak lasai, txerriak hasieran sendo, gero ahul, gurituak exkax.

        Pasadizoetan haizeak jotzen du, euria ari du. Behiak marruka, gizonek talde handi zaratatsu, adardun bat daramate. Abereak gogortzen dira, gelditzen dira, oker doaz, itaurlariak inguruan lasterka dabiltza makilekin. Istiluaren erdian zezen batek behi bat gainkatzen du, behia ezker-eskuin doa lasterka, zezena atzetik, sasoian igotzen zaio behin eta berriro.

        Zezen zuri handi bat daramate hiltokira. Hemen ez dago lurrunik, txerri ugarientzat bezalako heiarik ez. Bakarrik sartzen da atetik abere handi indartsua, zezena, itaurlarien artean. Bere aurrean zabaltzen da areto odoldua, denean zintzilik behi erdiak, laurdenak, hezur zatituak. Zezen handiak zabala du kopeta. Makilaka eta bultzaka daramate hiltzaileagana. Hark, zuzenago egon dadin, aizkoraren alde kamutsarekin beste kolpe txiki bat ematen dio atzeko hanka batean. Orain heltzen dio itaurlari batek lepo azpitik. Aberea geldirik dago, etsitzen du, izugarri erraz etsitzen du, ados eta konforme balego bezala, ikusiak ikusi eta ongi jakinik: hori da bere patua, eta ezin du ezer egin. Agian laztana iruditzen zaio itaurlariaren mugimendua, oso jatorra ematen du. Segitzen dio besoen mugimenduari, okertzen du lepoa alde batera, muturra gora.

        Baina atzean du hiltzailea, mailua goratuta. Ez atzera begiratu. Mailua, gizon indartsuak bi ukabilekin altxatuta, atzean dago, gainean, eta orduan: danba, behera. Gizon indartsu baten sasoia, burdin ziria bezala lepondoan. Eta une hartan, artean mailua altxatu gabe, gora saltatzen dute aberearen lau hankek, hegan bezala egiten du gorputz astun guztiak. Eta gero, hankarik gabe bezala, zapla erortzen da aberea, gorputz astuna lurrera, gogor luzatutako hanken gainera, egoten da horrela unetxo batean eta iraultzen da albora. Eskuinetik eta ezkerretik inguratzen du borreroak, ematen dizkio moteltzeko zartako errukior gehiago buruan, lokietan, egin lo, ez zara gehiago esnatuko. Orduan aldameneko besteak ahoko purua kendu, zintzatu, labana zorroztu, ezpataren erdia adinakoa, eta belaunikatzen da aberearen buru atzean, jada hanketako dardararik gabe. Ikarazko kolpe txikiak ematen ditu, hara-hona eragiten dio atzealdeari. Hiltzaileak lurra aztertzen du, ez du labana sartzen, pazia eskatzen du odolarentzat. Odola barruan dabil oraindik, lasai, bihotz indartsu baten taupadekin gutxi aztoratua. Bizkar-muina zanpatuta bai, baina odola oraindik lasai dabil zainetan, birikak arnasa hartzen, hesteak mugitzen. Orain labana sartuko dio eta odola barra-barra irtengo da, imajinatzen dut, besoa bezain lodi, odol beltz, eder, bozkariotsua. Gero festa alai guztia etxetik irtengo da, gonbidatuak kanpoan ariko dira dantzan, ardaila, eta akabo larre zoriontsuak, ukuilu beroa, bazka usaintsua, dena akabo, haizeak eramanda, zulo huts bat, ilunpea, mundu-ikuskera berri bat dator orain. Txo, bat-batean jaun bat azaldu da, etxea erosi duena, kale berri bat eraikitzera, abagune hobea, den-dena eraistera doa. Pazia handia dakarte, bultzatzen dute, abere indartsuak gora botatzen ditu atzeko hankak. Lepoan eztarri ondoan sartzen zaio labana, arretaz bilatzen ditu zainak, zain horiek azal gogorra dute, ongi daude babestuta. Eta orain zabaltzen da, beste bat, erreka, belztasun bero lurruntsua, gorri-beltz dario odola labanaren gainera, hiltzailearen beso gainera, odol bozkariotsua, odol beroa, badatoz gonbidatuak, horra transformazioa, eguzkitik etorri zen zure odola, zure gorputzean ezkutatu zen eguzkia, orain berriro ateratzen da. Abereak arnasaldi izugarri bat hartzen du, itolarri baten antzekoa, asaldura izugarri bat, hats-bahi, korroskada. Bai, zurajea behera dator. Saihetsak hain beldurgarri altxatzen direnez, gizon batek laguntzen dio abereari. Harri bat erortzera badoa, jo ezazu. Gizon batek aberearen gainera saltatu, gorputzaren gainera, bi hankekin, eragin, erraiak zapaldu, gora eta behera eragin, arinago atera behar du odolak kanpora, dena kanpora. Eta korroskadak handitzen dira, denbora askoan arnaska, arnasestuka, atzeko hankak arin astinduz babesteko. Hankak mantsotzen dira. Korroskada artean doa bizitza, ahitzen da arnasa. Atzealdea baldar jiratu eta iraultzen da. Hori da lurra, grabitatea. Gizonak gora eragiten dio. Bestea lepoa larrutzeko ari da prestatzen.

        Larre zoriontsuak, ukuilu bero sargoria.

 

        Harategi ongi argitua. Dendako eta erakusleihoko argiak batasun harmoniatsu bat eduki behar dute. Ahal dela, argi zuzena edo erdi zeharkakoa komeni da. Oro har, argi zuzena duten argigailuak dira egokienak, mahaia eta mozteko ohola behintzat ongi argituak egon daitezela. Egun-argi artifiziala, filtro urdinez lortua, ez da komeni harategietan, zeren kolore naturala okertuko ez dion argia eskatzen baitu beti haragiak.

        Txerri-hanka beteak. Hankak ongi garbitu, azala bertan gera dadin luzean erdibitu, gero itxi eta hari batekin lotu.

 

        Franz, bi aste daramatzak gela-zulo honetan sartuta. Laster botako hau etxekoandreak kalera. Ezin diok ordaindu eta hark ez dik musu-truk alokatzen. Fundamentuz hasten ez bahaiz, asilora joan beharko duk. Eta orduan zer, bai, zer. Ukuilu hau egurastu ez, bizargileagana joan ez, luzatzen ari zaik bizarra, aterako dituk 15 pfennig nonbaitetik.

 

 

Jobekin hizketa, heure esku zegok,
Job, heuk ez duk nahi

 

        Jobek dena galdu, pertsonak gal dezakeen guztia, ez gehiago eta ez gutxiago, eta azen baratzean zegoen.

        «Job, azen baratzean hago, zakur-etxolaren ondoan, doi-doi zakur zaindariak hozka egin ezin dian lekuan. Haren hortz karraska aditzen duk. Pauso-hots bat aski dik zaunka hasteko. Jiratzen bahaiz, zutitu nahi baduk, marmar egiten dik, ekiten dik, tiratzen ziok kateari, saltatzen dik, botatzen dik lerdea eta egiten dik haginka.

        «Job, hara hor jauregia, eta hara hor lehen hireak izandako lorategi eta soroak. Zakur zaindari hau ez huen ezagutzen ere, bota hauten azen baratzea ez huen ezagutzen ere, ezta goizero daramatzaten ahuntzak ere, hire ondoan belarrari pasaeran heldu eta txikitu eta masailak betetzen dituztenak. Heureak zituan.

        «Job, dena galdu duk orain. Mandioan kuzkurtzen uzten haute gauero. Beldurra ematen duk hire legen horrekin. Dotore ibiltzen hintzen hire ondasunetan zaldiz eta jendea ondo-ondora etortzen zitzaian. Orain sudur aurrean daukak zuresia, barraskiloek arrastaka igotzen dutena. Zizareak ere azter ditzakek. Horiek dituk, hire aurrean beldurtzen ez diren izaki bakarrak.

        «Hire begi ezkabiatsuak, oi zoritxar pila, oi lokazti bizia, noizean behin soilik zabaltzen dituk.

        «Zein duk oinazerik handiena, Job? Seme-alabak galdu izana, ezeren jabe ez izatea, gauean izoztea, zauri horiek zintzurrean, sudurrean? Zein, Job?»

        «Nork galdetzen du?»

        «Ahots bat besterik ez nauk.»

        «Ahotsa eztarritik etortzen duk.»

        «Pertsona naizela uste duk.»

        «Bai, eta horregatik ez haut ikusi nahi. Alde.»

        «Ahots bat besterik ez nauk, Job, zabal itzak begiak ahal duan guztia, ez nauk ikusiko.»

        «Ai, ametsetan ari nauk. Buruak, garunak, orain gainera erotu, gogoetak kenduko zizkidatek.»

        «Eta hala egiten badiate, pena al da?»

        «Ez diat nahi.»

        «Hik hainbeste sufrituarren, eta gogoetengatik sufritzen duk, ez dituk galdu nahi?»

        «Ez galdetu, alde.»

        «Ez dizkiat kenduko, ordea. Oinaze handiena zein duan, horixe jakin nahi diat.»

        «Hori ez zaiok inori axola.»

        «Heuri bakarrik?»

        «Bai, bai! Hiri ez!»

        Zakurra zaunka, marmarka, haginka. Handik pixka batera berriro dator ahotsa.

        «Hire semeengatik egiten al duk lantu?»

        «Inork ez zidak otoitz egin behar hiltzen naizenean. Pozoia nauk lurrarentzat. Ni igarotzean jendeak txistua bota behar dik. Job ahaztu beharra zegok.»

        «Hire alabengatik?»

        «Ai, alabak. Haiek ere hilda. Haiek bai ongi. Ereduzko emakumeak zituan. Bilobak ekarriko zizkidatean, baina errotik moztu ditiztek. Bata bestearen atzetik erori dituk, Jainkoak ileetatik hartu balitu bezala, altxatu eta lurrera bota, apurtzeko.»

        «Job, ezin dituk begiak zabaldu, itsatsita dauzkak, itsatsita. Lantuan ari haiz azen baratzean hagoelako, zakur-etxola besterik ez zaialako geratzen, eta gaixotasuna.»

        «Ahots, aizak, ahots, noren ahotsa haiz eta non ezkutatzen haiz?»

        «Ez zekiat zergatik ari haizen lantuan.»

        «Oi, oi.»

        «Hasperen egin eta heuk ere ez dakik, Job.»

        «Ez, ez zeukaat...»

        «Ez zeukaat?»

        «Ez zeukaat indarrik. Hori duk.»

        «Eduki nahi huke.»

        «Indarrik ez esperantza edukitzeko, desirarik ez. Ez zeukaat hortzik. Erkin nagok, lotsatua nagok.»

        «Hori heuk diok.»

        «Eta egia duk.»

        «Bai, badakik. Hori duk okerrena.»

        «Bekokian zeukaat idatzia. Halakoxe zirtzila nauk.»

        «Hori duk, Job, horrekin sufritzen duk gehien. Ahul ez izatea nahi huke, gogor egin nahi huke, edo areago, erabat zulatua egon, garunik gabe, gogoetarik gabe, erabat aberetua. Izan ezak desira bat.»

        «Hik niri hainbeste galdera eginda gero, ahots, orain uste diat galde dezakeala. Senda nazak! Ahal baduk. Satan edo Jainko edo aingeru edo pertsona izan, senda nazak.»

        «Edonork sendatzea onartuko huke?»

        «Senda nazak.»

        «Job, ongi pentsa ezak, ezin nauk ikusi. Begiak zabaltzen badituk, agian izutuko haiz nirekin. Agian garesti eta latz ordainaraziko diat.»

        «Ikusiko diagu, benetan ari den norbait bezala mintzo haiz.»

        «Baina Satan edo Gaizkina banaiz?»

        «Senda nazak.»

        «Satan nauk.»

        «Senda nazak.»

        Orduan ahotsa urrundu zen, gero eta ahulagoa egin zen. Zakurrak zaunka egin zuen. Job adi-adi zegoen larrituta: Joan duk, norbaitek sendatu behar naik edo bestela hil behar diat. Garrasi egin zuen. Gau garratza etorri zen. Berriro etorri zen ahotsa:

        «Eta Satan banaiz, nola egingo dituk nirekikoak.»

        Jobek oihukatu zuen: «Hik ez nauk sendatu nahi. Inork ez zidak lagundu nahi, ez Jainkoak, ez Satanek, ez inongo aingeruk, ez inork.»

        «Eta hik heuk?»

        «Zer dut nik!»

        «Hik ere ez duk nahi!»

        «Zer.»

        «Nork lagunduko dik, hik heuk nahi ez baduk!»

        «Ez, ez», toteldu zuen Jobek.

        Pareko ahotsak: «Jainkoak eta Satanek, aingeruek eta pertsonek, denek lagundu nahi diate, baina hik ez duk nahi... Jainkoak maitasunez, Satanek gero atzemateko, aingeruek eta pertsonek Jainkoaren eta Satanen laguntzaileak direlako, baina hik ez duk nahi.»

        «Ez, ez», toteldu zuen, oihukatu zuen Jobek eta lurreratu zen.

        Garrasika aritu zen gau osoan. Ahotsak etengabe zioen: «Jainkoak eta Satanek, aingeruek eta pertsonek lagundu nahi diate, heuk ez duk nahi.» Jobek etengabe: «Ez, ez.» Ahotsa itotzen saiatu zen, baina hura handiago, ozenago bihurtu zen, beti berea baino tonu bat gorago zegoen. Gau osoan. Egunsentian, Job ahuspez erori zen.

        Mutu geratu zen Job.

        Egun hartan sendatu zitzaizkion lehenbiziko zauriak.

 

 

Eta denek arnasa berdina dute,
eta pertsonak ez du abereak baino gehiago

 

        Abere-merkatuko berri: txerriak 11.543, behiak 2.016, zekorrak 1.920, ahariak 4.450.

        Baina zer ari da gizon hau zekor txiki polit horrekin? Sokatik darama barrura, pabilioi erraldoi horretan aritzen dira zezenak marruka, orain banku bateraino darama aberetxoa. Banku asko daude elkarren ondoan, bakoitzaren ondoan zurezko borra bat dago. Zekor goxoa bi besoekin altxatu, banku gainean ipini eta hantxe uzten du lasai. Abereari azpitik heldu eta ezkerreko eskuarekin eusten dio atzeko hanka batetik, ostikorik eman ez dezan. Orduan soka hartu, aberea ekartzeko erabili duena, eta estu lotzen du horman. Abereak pazientziaz jasaten du, orain hemen etzanda dago, ez daki zer gertatzen den, deseroso dago egur gainean, buruarekin makila bat jo eta ez daki zer den: baina borraren ertza da, lurrean dagoena eta laster zartakoa emango diona. Hori izango du azken harremana mundu honekin. Eta hain zuzen ere, gizonak, gizon zahar xumeak, hantxe bakar-bakarrik, gizon gozo eta ahots eztikoak ­abereari hitz egiten dio­, mazoa hartu, apur bat jaso, ez da indar handirik behar hain izaki samurrarentzat, eta zartakoa ematen dio garondoan. Lasai asko, aberea ekarri eta esan dionean bezala: zaude geldi, ematen dio zartakoa garondoan, amorrurik gabe, asaldura handirik gabe, tristurarik ere gabe, honela izaten da, abere zintzoa zara, badakizu honela behar duela izan.

        Eta zekorrak: prrr... rrr, erabat gogor, zurrun, hankak luzatuta. Zekorraren begi beltz belusatuak zeharo handitu dira bat-batean, bertan gelditzen dira, ingurua zuri dute, orain okertzen dira. Gizonak ezagutzen du hori, bai, horrela begiratzen dute abereek, baina gaur zeregin ugari dugu oraindik, jarraitu beharra daukagu, eta zekorraren azpian bilatzen du bankuan, han dauka labana, oinarekin zuzen jartzen du ontzia odolarentzat. Orduan ras, labanak alderik alde mozten du lepoa, eztarria, kartilago guztiak, aireak alde egiten du giharren saihetsetik, buruak ez dauka jada heldulekurik, burua alde batera erortzen da bankuaren kontra. Odolak zipriztintzen du, isuri lodi gorri beltz bat burbuilekin. Kito beraz. Baina lasai eta aurpegiera lehen bezain baketsu duela mozten du barreneraino, labanarekin bilatu eta haztatzen du barrena, eteten du bi ornoen tartea, oso ehun gazte, biguna da. Orduan eskuak aberetik kendu eta labanak bankua jotzen du. Eskuak perrail batean garbitu eta badoa.

        Eta orain aberea bakarrik dago, penagarri okertua, gizonak lotu duen bezala. Pabilioian zalaparta alaia dago denean, jendea lanean, garraioan, elkarri hoska. Burua izugarri dago larrutik moztuta zintzilik, mahaiaren bi hanken artean, odolez eta lerdez betea. Mihi urdina hortzen artean estututa. Eta beldurgarri, beldurgarri ari da oraindik arnaska eta itoka aberea bankuan. Burua dardarka dago, larru ertzetik zintzilik. Gorputza bankuaren gainean inarrosten da. Hankak ikaraz, ostikoka, ume-hanka mehe, hezurtsuak. Baina begiak erabat josita daude, itsu. Begi hilak dira. Abere hila da.

        Gizon zahar baketsua zutabe baten kontra dago bere agenda beltz txikiarekin, banku aldera begiratu eta kontuak ateratzen ditu. Garesti dago bizimodua, zaila da kalkulatzea, lehia gogorra dago.

 

 

Franzen leihoa zabalik dago,
gauza xelebreak ere gertatzen dira munduan

 

        Eguzkia atera eta jartzen da, egun argiak datoz, ume-kotxeak dabiltza kalean, 1928ko otsailean gara.

        Zurrutean sartzen da Franz Biberkopf otsailean, munduarekin nazkatuta, gogaituta. Zurrutean gastatzen du daukana, berdin zaio geroa. Zintzo jokatu nahi zuen, baina bilauak eta alprojak eta arloteak daude, horregatik ez du Franz Biberkopfek ezer ikusi eta entzun nahi munduaz, eta eskalea izan behar badu ere, zurrutean gastatzen du geratzen zaion azken pfenniga.

        Franz Biberkopf honela amorratua otsailean sartu, eta gau batean patioko zaratak esnatzen du. Atzeko aldean handizkako enpresa bat dago. Logaletuta behera begiratu, leihoa zabaldu eta hots egiten du patiora: «Ospa hemendik, inuxente artaburuak.» Gero etzaten da, beste ezertan pentsatu gabe, berehala joan dira.

        Handik astebetera berriro gertatzen da. Franzek duda egiten du, leihoa zapla ireki eta egur puska bat bota ez bota, orduan bururatzen zaio: ordu bata da, ea zein diren. Zer ari dira zera horiek goizeko ordu batean. Zeren bila dabiltza, etxekoak ote dira, azter dezagun.

        Eta egia, kontu handiz dihardute, hormaren ondotik doaz irristan, goian Franzek lepoa okertzen du, bat patioko atean dago, zelatan, horiek baditek axioren bat, sotoko ate handiari ekin ziotek. Hiru ari dituk. Norbaitek ikusiko dituen ez beldurtzea ere. Orain aditzen da kirrinka, atea zabalik dago, lortu dute, bat patioan geratzen da txoko batean, beste biak sotora jaisten dira. Erabat ilun dago, horretaz baliatzen dira.

        Franzek isilik ixten du leihoa. Aireak burua freskatu dio. Horixe egiten dik jendeak, egun osoan eta gauean ere bai, elkarri eztena sartu, loreontzi bat hartu eta patioaren kontra txikitzea merezi liketek. Zer arraio behar dute ni bizi naizen etxean. Ezta ezer ere.

        Dena bare dago, ilunpetan etzaten da ohean, berriro leiho aldera joan eta begiratu behar du: zer arraio dabiltza zera horiek nire etxean. Eta gero kandela bat piztu, pattarraren botila bilatu, eta eskuetan daukanean ez du zerbitzatzen. Tiro bat aditzen da, niretzat ala hiretzat.

        Baina eguerdian Franz patiora jaisten da. Jende mordo bat dago bilduta, Gerner zurgina ere bai, ezagutzen du Franzek, hizketan ari dira: «Orain ere egin ditek lapurreta.» Franzek ukondoaz jotzen du: «Ikusi diat jendilaje hori, ez ditiat salatuko, baina berriro etortzen badira ni bizi eta lo egin eta haiena ez den patio honetara, jaitsi eta, Biberkopf naizen bezala, banaka bildu beharko ditiztek haien hezurrak, baita hiru badira ere.» Zurginak Franzi heldu eta: «Zerbait baldin badakik, han zeudek ikertzaileak, joan hadi, zerbait irabaz dezakek.»

        «Ez aipatu. Nik ez diat sekula inor saldu. Egin dezatela lan bakarrik, horretarako pagatzen zietek eta.»

        Franzek hanka egiten du. Orduan bi ikertzaile etorri, Gerner oraindik han dagoela, harengana joan eta arren jakin nahi dute non bizi den Gerner, alegia bera. Nire sustoa. Hanketako babetaraino zuritzen da. Gero esaten du: «Zera, Gerner, zurgina, erakutsiko dizuet.» Eta ez du tutik esaten, bere etxean jo, emazteak ireki eta denak sartzen dira. Gerner da azkena, emazteari kolpe bat ematen dio saihetsean, hatza ezpain aurrean duela, hark ez daki zer pasatzen den, bera besteen artean nahasten da, eskuak galtzen sakelan, oraindik beste bi jaun daude bertan, asegurukoak, bere etxeko bazterrak miatzen. Hemengo hormek zer lodiera duten jakin nahi dute eta nolakoa den zorua, jotzen dituzte hormak eta neurtzen eta idazten dute. Larregi da handizkako enpresan zenbat aldiz sartu diren, lotsagaldu horiek horma zulatuz saiatu dira sartzen, alarma baitago atean eta eskaileran, ondotxo dakite. Bai, etsigarria da zer meheak diren hormak, eraikin osoa dago koloka, Pazko-arrautza handi bat bezala.

        Berriro doaz martxan patiora, Gerner beti haiekin, txori-izugarri gisa. Orain burdinazko bi ate berriak aztertzen dituzte sotoan, Gerner aldamenean dutela. Eta orduan, ustekabean, egiten du pauso bat atzera, lekua egin nahian, ustekabean zerbaitekin oztopo egin, zerbait erori, eta eskua bizkor botatzen duenean, botila bat da, paper gainera erori da, horregatik ez da ezer entzun. Hemen patioan botila bat baldin badago horiek utzi ditek, har dezagun, zergatik ez, jaun handi horiek ez ditek ezer galtzen. Eta makurtzen da, zapaten lokarria estutzeko bezala, eta heltzen dio botilari paper eta guzti. Eta honela eman zion Evak Adami sagarra, eta sagarra zuhaitzetik erori ez balitz, Eva ez zen iritsiko, eta sagarrak ez zuen Adamen ondoan bukatuko. Gero Gernerrek botila sartu zamar azpian eta hor doa patioan zehar, etxe-zulora andreagana.

        Zer iruditzen, atxoa? Zoratzen dago: «Nondik atera duk, August?» «Harrapatu, inor ez zegoela.» «Bai zera!» «Danziger Goldwasser, zer iruditzen!»

        Andrea zora-zora eginda, tuntun padera. Ixten ditu errezelak: «Hi, bazeudek gehiago, hortik hartu duk, ezta?» «Pareta ondoan zegonan, horiek hartuko zitenan bestela.» «Aizak, bueltaiek.» «Noiztik bueltatu behar da topatutako Goldwasser bat? Noiz opatu diogu geure buruari botila bat koñak, urte zail hauetan. Ez barre eginarazi, atxoa.»

        Azken batean berak ere berdin uste du, ez da horrelakoa andrea, botila bat, botilatxo bat, zer inporta zaio halako enpresa handiari, eta gainera, aizan, pentsatzen jarrita, ez dun enpresarena, lapurrena dun, eta haiei botako zienat harrika. Neure burua errudun egingo dinat. Eta bixitu eta txurrut egiten dute, eta beste txurrut bat, begiak zabaldu beharra dago munduan, ez du denak urrezkoa izan behar, zilarrak ere badu bere balioa.

        Larunbatean lapurrak etorri eta gauza bitxia gertatzen da. Patioan norbait isilka datorrela jabetu, hain zuzen ere pareta ondokoa jabetzen da, eta besteak esku-argi motelduekin zulotik atera, iratxoen antzera, eta han doaz abailan patioko aterantz. Baina Gerner geldirik dago bertan, eta besteak lauoinka, zakurren antzera, pareta gainetik ondoko orubera. Atzetik doakie Gerner lasterka, baina ihes egiten diote: «Ez txoroak izan, ez dizuet ezer egingo, ene, zer artaburuak.» Ikusten ditu paretan gora, haustear dauka bihotza, bik alde egin dute, mutilak, ez zaitezte erotu. Azken-azkenak, orduantxe pareta gainean zangalatrau, zuzentzen dio aurpegira esku-argi moteldua: «Zer behar duk?» Gutakoa ote da, izorratu ziguk gaurko lana. «Ni ere zuekin», diotso Gernerrek. Zer du honek. «Bai, ni ere zuekin, zergatik zoazte ihesi.»

        Handik pixka batera pareta gainekoa jaitsi, bakarrik, eta begiratzen dio zurginari, hau mozkorra zegok. Baina potoloa indarrean dago, zurgina edana dagoelako eta pattar-usaina daukalako. Gernerrek eskua luzatzen dio. «Bostekoa, motel. Ba hator?» «Tranpa bat da, ezta?» «Zer?» «Zer uste duk, sarean eroriko naizela?» Gerner iraindua sentitzen da, atsekabetua, besteak ez du aintzat hartzen, ihes egiten ez duen bitartean, ederra zuan Goldwasser hura, andreak ere latzak esango lizkioke, ene, bai latzak, esku-hutsik itzuliz gero. Gernerrek erregutzen dio: «Ez, zer dela eta, nahi baduk hi heu bakarrik sartu, hor bizi nauk.» «Nor haiz hi.» «Etxeko administratzailea, motel, niretzat ez al da sekula ezer.» Orduan lapurra pentsatzen jartzen da; horrek konbentzitzen du, hutsagainean legokek hau gugana biltzea; ez bada tranpa bat behintzat; bueno, errebolberra zeukaagu.

        Eta paretaren ondoan eskailera utzi eta Gernerrekin zeharkatzen du patioa, lekutan egongo dituk besteak, atzeman nautela pentsatuko ditek. Gernerrek behean jotzen du. «Zer ari haiz ate joka, motel, nor bizi da hemen?» Gernerrek harro: «Neu! Ikusten?» Eta kisketa jiratu eta irekitzen du hotsarekin: «Zer, bizi naiz ala ez?»

        Eta pizten du argia, han dago andrea sukaldeko atean, hotzikaraz. Gernerrek pozarren aurkezten ditu: «Nire andrea, eta hau nire kide bat, Guste.» Andrea hotzikaraz dago, ez dator agerira, bat-batean handikiro agurtzen du, irribarretsu, gizon egokia dun, oso itxura oneko gizon gaztea. Badator agerira, hor dago: «Baina Paul, nola utziko duk ba gizona horrela korridorean, aurrera, jauna, ken ezazu kapela.»

        Besteak ospa egin nahi du, baina bikoteak ez du etsitzen, harrituta dago, posible ote da, hain dituk finak, gaizki joango zaiek, erdi-maila apalari gaizki zoakiok, inflazioa dela eta. Andretxoa maitemindurik dauka begira, bera pontxearekin berotu eta gero hanka egiten du, ez du gauza oso argi ikusten.

        Halere gizon gazte hau, bere taldeak bidalita nonbait, hurrengo goizean gosalondoan Gernerrenera etorri, eta ganora osoz galdetzen du ea zerbait utzi zuen ahaztuta. Gerner ez dago, andrea bakarrik, ongietorri jatorra egiten dio, erabat umil eta apal, kopa bat ere eskaintzen dio, eta gizonak onartzen du.

        Zurginaren etxeko zoritxarra, lapurrak ez dira aste osoan azaltzen. Mila bider eztabaidatzen dute Paulek eta Gustek gazte haiek izutu ote dituzten, baina inork ez du bere burua errudun egiten. «Zakarregia izango hintzen, Paul, oso gordin hitz egiten duk batzuetan.» «Ez Guste, ez dun nigatik, higatik dun, zer aurpegi jarri hunan, apaiza bahintz bezala, horrek izutu ditin, ez ditun gure zale, izugarria dun, zer egin orain.»

        Guste negarrez dago; besterik ez bada bat baletor; beti berak entzun behar purrustada guztiak, eta ez da beragatik izan.

        Eta horra, ostirala da egun seinalatua. Ate-hotsa. Ez al da atea. Eta andreak ireki eta ezer ikusten ez badu ere, argia piztea ahaztu zaiolako presarekin, badaki nor den. Eta Luzea da, beti bezain goren, senarrarekin hitz egin nahi du, oso serio eta hotz dago. Andrea izututa: ea zerbait gertatu den. Lasaitzen du: «Ez, lan kontu bat besterik ez», eta gero aipatzen ditu bizilekuak eta ezerezetik ezin dela ezer atera eta abar. Esertzen dira egongelan, andrea pozik dago mutila han dagoelako, eta orain Paulek ezingo du esan berak uxatu duenik, eta orduan dio, berak beti hala esaten du, eta kontrakoa da egia, ezerezetik ezin dela ezer atera. Biek horri buruz luzaz eztabaidatu, eta argi dago biek dituztela eskura gurasoen, aitona-amonen eta denetariko senideen esanak, beti berdinak: ezerezetik ezin dela ezer atera, ezta inoiz ere, zin egin liteke horrela dela, hain da segurua, eta biak bat zetozen. Adibide bat bestearen atzetik aipatu zituzten, beren bizitzakoa, auzokoa, eta hartan buru-belarri ari zirela atea jo eta bi gizon sartu ziren, ikertzaileak omen, eta hiru aseguru-langile. Ikertzaile batek zuzenean hitz egin zion gonbidatuari: «Gerner jauna, zure laguntzaren beharrean gara, hor atzeko lapurreta horiek denak direla eta. Zuk zaintze-lan berezi batean parte hartzea nahi nuke. Enpresako jaunen eta aseguruaren gain, noski, gastu guztiak.» Hamar minutuz aritu, andreak dena entzuten duela, eta 12ak aldera alde egiten dute. Eta beste biak hain alai geratu zirenez, ordu bata aldera zerbait esanezina gertatu zen, deskripzio guztiak gainditu eta biak lotsarazi zituena. Izan ere andreak hogeita hamabost urte zituen eta besteak hogei, hogeita bat. Baina ez zen soilik adina ­eta mutilak 1,85 eta andreak 1,50 neurtzea­, baizik hura gertatu izana, baina horrela suertatu zen, bateko hizketa eta besteko urduritasuna eta iseka poliziei buruz, eta oro har ez zen txarra ere izan, ondorengo lotsa bakarrik, andrearentzat behintzat, baina joango zaio. Nolanahi ere, Gerner jaunak ordu 2ak aldera egoera eta goxotasun adierazezina aurkitu zituen, berak sekula pentsatu baino ederragoa. Segituan eseri zen haiekin.

        Elkarrekin egon ziren arratsaldeko 6ak arte, eta andreak bezain liluraturik entzun zituen gizonak Luzearen kontuak. Egia osoa ez izanarren, kategoriako mutilak ziren, eta harrituta zegoen, gaur egungo mutil gazte batek zer iritzi zentzuzkoak zeuzkan munduaz. Bera higatua zegoen, kiloka erortzen zitzaizkion ezkatak begietatik. Bai, mutilak alde egin zuenean eta biak 9ak aldera maindire artera joan zirenean, Gernerrek esan zuen ez zekiela nola elkartzen ziren berarekin hain gazte argiak... zerbait, hori aitortu beharra zeukan Gustek, zerbait eduki behar zuela berak, haiei eskaintzeko. Guste ere bat zetorren, eta aitonak nagiak atera zituen.

        Eta goizean goiz, jaiki aurretik, esan zion andreari: «Guste, berehalakoan joango naun ni gehiago etxegile baten txabolara lanera. Nik neure negozioa eduki dinat eta hori bukatu dun eta hori ez dun lana bere buruaren jabe zen gizon batentzat, eta gustura botako nindiketen, zaharra naizela eta. Eta zergatik ez dut ezer irabazi behar hor atzetik, enpresatik. Ikusten dun zer argiak diren mutil horiek. Gaur egun, argia ez denak erreka jotzen din. Nik hori uste dinat. Eta hik?» «Aspalditik ari nauk horixe esaten.» «Ikusten. Berriro esne-mamitan bizi nahi niken, eta ez hotzez akabatzen.» Andreak pozez besarkatu zuen, gizonak ordu arte eskaini ziona eta eskainiko zionagatik esker onez. «Ba al dakin zer egin behar genukeen, sorgina, guk biok?» Hanka atximurkatu eta andreak ai egin zuen. «Biok batera aritu, sorgina.» «Ez.» «Baietz ba. Ez esan, sorgina, hi gabe ere berdin denik.» «Baina zuek bost zarete, eta gizon indartsuak.» Oso indartsuak gainera. «Ni zelatan», segitzen du tar-tar, «ezin nauk aritu. Barizeak zeuzkaat. Eta lagundu, zertan lagundu behar dizuet?» «Beldurra daukan, Gustelchen.» «Beldurra, zer dela eta. Barizeak eduki eta has hadi korrika. Arinagoa duk azkonar-zakur bat. Eta harrapatzen banaute, hi ere zulora hoa, hire emaztea nauk eta.» «Bazekinat nire andrea haizela.» Senarrak hanka atximurkatu zion, xamurki. «Utziok, Paul. Martxan jartzen nauk.» «Zera, sorgina, erabat aldatuko haiz ukuilu honetatik aterata.» «Bai, hartuko nikek, lerdea hasten zaidak hori entzunda.» «Ikusiko dun, sorgina, orain artekoa huskeria izan dun, ken ezan guata belarrietatik. Bakarrik ariko naun.» «Hara! Eta besteak?» Zer sustoa.

        «Horixe bera, Guste. Bazter utziko ditinagu. Zera, lankidetzak ez ditun errenta, aspaldiko kontua dun. Zer, egia da ala ez. Neure kasa jardungo dinat. Izan ere ondo-ondoan gauden, behean bizi gaitun eta neure etxeko patioa dun. Egia da ala ez, Guste?» «Nik ezin diat horretan lagundu, Paul, barizeak zeuzkaat.» Baina pena handia zen. Eta sorginak gazi-gozo egin zuen baiezkoa ahoarekin, baina bere baitan, sentimenduak dauden lekuan, dio: ez, eta berriro ere: ez.

        Eta iluntzean, enpresa guztia ordu 2etan sototik irten eta Gerner eta bere andrea bertan itxita geratu ondoren, bederatziak direnean eta etxean ezeren mugimendurik ez eta gizonak lanean hasi nahi duenean, eta zaindaria etxearen ate aurrean ibiliko denean patruilatzen, zer gertatzen da? Sotoan ate-hotsa. Ate-hotsa. Ate-hotsa iruditu zaidak. Nor ote da. Ez zekiat, baina atea jo ditek. Orain ez zeukan inork zertan atea jo. Negozioa itxita zegon. Atea jo ditek. Berriro jo ditek. Biak isil-isil, ez zirkinik ez txintik. Berriro jotzen dute. Gernerrek bultzada bat ematen dio: «Atea jo diten.» «Bai.» «Zer ote da.» Harrigarria bada ere, andrea ez da beldur, eta dio: «Ez duk ezer izango, ez gaitiztek hilko.» Ez, horrek ez gaitin hilko, ezagutzen nain, ez nain hilko, bi hanka luze eta bibote txiki bat ditin, bera bada poztuko naun. Eta orduan gogoz jotzen dute, baina eztiro. Jainko santua, seinale bat dun. «Ezagutzen gaituen norbait dun. Gazteetako bat. Hasieratik pentsatu dinat, sorgina.» «Zergatik ez didak esan.»

        Eta aupa, Gerner eskaileran dago, nola ote dakite hemen gaudela, hau dun ustekabean harrapatzea, kanpokoak xuxurlatzen du: «Gerner, ireki.»

        Eta nahitaez dauka ireki beharra. Hau duk nazka zikina, zerrikeria hutsa, gustura botako nikek mundu osoa ipurdiz gora. Ireki beharra dauka, Luzea da, bera bakarrik, galaia, Gerner ez da ezertaz ohartzen, andreak saldu du, esker onekoa izan nahi du bere galaiarekin. Andrea pozez zoratzen dago hura jaistean, ezin du ezkutatu, senarrak bulldog bat ematen du, madarikatzen du: «Zeri egiten dion hik barre?» «Ba al dakik zer beldur pasatu dudan, etxeko norbait edo zaindaria zelakoan.» Lan egin eta partitu beharra, alferrik duk madarikatzea, hau zerrikeria.

        Saiatzen da Gerner bigarren aldiz eta uzten du sorgina alde batean, izan ere madarikatzen dago, zorte txarra ekartzen diolako... eta hor non jotzen duten berriro atea, oraingoan hiru dira, eta berak gonbidatu balitu bezala jokatzen dute, eta ezin gogor egin, bere etxean ere ezin agindu, elementu horiekin jai dago. Orduan esaten du Gernerrek bere artean, leher eginda eta sutan amorratzen: gaur hauekin ariko nauk, nola hasi hala buka, baina bihar akabo; zakur horiek berriro etortzen badira nik administratzen dudan etxera, eta nire arazoetan nahasten badira, ikusiko ditek txapelokerrekin. Zapaltzaile arraioak, txantajistak.

        Eta bi ordu osotan aritzen dira lan eta lan sotoan, Gernerren etxera garraiatzen dute gehiena, zakuak bete kafe, mahaspasa, azukre, sekulako garbiketa egiten dute, gero kutxak bete alkohol, hamaika pattar eta ardo klase, biltegi erdia daramate. Gerner amorratzen dago, hori dena partitu behar duelako. Atxoak goxatzen du: «Nik ezingo nian hainbeste eraman, nire barizeekin.» Bera erreta, besteak garraioan: «Hire barizeak, aspaldi erosi behar hitunan gomazko galtzerdi luzeak, beti merke-zurrean habilelako gertatu zain, behar ez denean merke-zurrean.» Baina Gusteren begiak bere Luzearentzat bakarrik dira, eta hura harro-harro dago beste gazteen aurrean, hau dena berari esker da, bejondeiola.

        Alde egin dutenean, animaliak bezala aritu ondoren lanean, Gernerrek bere etxeko atea itxi, barrutik morroiloari eman eta Gusterekin hasten da zurrutean, hori behintzat segurua du. Denetik dastatu behar du, onentxoenak bihar goizean emango dizkiete dendari batzuei eskupetik, eta pozten dira biak, Guste ere bai, izan ere gizon ona da, eta azken batean bere senarra eta lagunduko dio. Eta gaueko ordu 2etatik 5ak arte biak daude denetik dastatzen, baina arretaz, plan batekin, antolakuntza batekin. Gau honengatik zorion betean erortzen dira biak, okitzeraino arraildu dira, zakuen antzera jausi dira.

        Eguerdi aldera atea ireki behar. Deia, txirrina, hotsa. Baina Gernertarrek batere ez ireki. Nola irekiko dute hain edanda daudela. Baina besteek etsi ez, ateari danbaka, eta orduan Guste zerbaitez konturatu, zalapartan zutitu eta Paul astintzen du: «Paul, joka ari dituk, ireki beharra daukak.» Hura jartzen da eta: «Non», orduan andreak kanpora bultzatzen du, atea txikituko zigutek, postaria izango duk. Jaikitzen da Paul, galtzak bakarrik jantzi eta irekitzen du. Eta bere ondotik doaz martxan hiru gizon, talde oso bat, zer nahi dute, gauzen bila ote datoz mutilak, ez, hauek beste batzuk dituk. Zakurrak dira, ikertzaileak, eta kontu erraza daukate, harrituta daude, harrituta, nor eta administratzailea, lur guztia gainezka, korridorean, salan, zakuak, kutxak, botilak, lastoa, nahaste-borrastea. Komisarioak dio: «Nire bizitza osoan sekula ez nuen honelako urdekeriarik ikusi.»

        Eta zer dio Gernerrek? Zer esan behar du? Ez du hitzik ere esaten. Besterik gabe zakurrei begiratu, ondoezik dago, amorratu horiek, errebolber bat baneuka ez nindiketek bizirik aterako, amorratuak. Bizitza osoa txabola-zuloan egon behar, jauntxo jendeak niri dirua kentzen. Beste txurrut bat egiten utziko balidate. Baina alferrik da, jantzi beharra dauka. «Tiranteak lotzen behintzat utziko didazue.»

        Andrea tar-tar eta dar-dar: «Nik ez dakit ezer, komisario jauna, gu jende fina gara, ederra sartu digu baten batek, kutxak, gu seko lo geunden, konturatu zara, auzoren batek ziria sartu digu inondik ere, komisario jauna. Paul, zer da hau dena?» «Hori dena kuartelean kontatuko duzue.» Gerner tartean sartzen da: «Etxean sartu zaizkigun gauez, atzeko jende hori bera, eta horregatik joan behar dinagu kuartelera.» «Hori dena kontatuko duzue kuartelean edo inspekzioan.» «Ni ez noa inspekziora oinez.» «Autoan goaz.» «Ene, Guste, ez ditinat entzun etxera sartzen. Zerraldo egin dinat lo.» «Nik ere ez ditiat entzun, Paul.»

        Gustek bi eskutitz atera nahi ditu komodatik bizkor, Luzearenak dira, baina agente batek ikusi eta: «Ea erakutsi. Edo utzi berriro bertan. Etxe-miaketa gero izango da.»

        Andreak egoskor: «Aurrera, ez lotsatzea ere inoren etxera hola sartzea.» «Tira, goazen.»

        Andrea negarrez ari da, ez dio senarrari begiratzen, garrasi egiten du, istilua armatzen du, lurrera botatzen da, airean daramate. Gizona maldizioka hasi eta heltzen diote: «Andrea joka hasiko ote zarete orain.» Gaizkile alaenak, bilauak, txantajistak, haiek alde eta orain ni simaurretan.

 

 

Trakatan-trakatan, zalditxoa berriz trostan

 

        Franz Biberkopfek, eskuak sakeletan, berokia belarrietaraino, burua eta kapela sorbalden artean dituela, ez du parte hartu ezkaratzeko eta patioko solas horietan. Adi-adi egon da entzuten jendartean. Gero ikusi du, jendeak bi ilara egitean, nola zeramatzaten zurgina eta bere andre gizena ezkaratzetik kalera. Hor zoazak. Ni ere hola joan ninduan. Orduan ilunago zegoan. Ikusi, nola doazen aurrera begira. Lotsatuta. Bai, bai, aritu esamesaka. Badakizue zer sentitzen den. Kamuts alaenak, epelean kizkur-kizkur jarrita, besterena lapurtu eta inork atzeman ez. Horien lapurretak ez dituk jakiten. Ari dituk kaiola zabaltzen. Aupa barrura, barrura umeak, emaztetxoa ere bai, burutik zegok, arrazoi dik, arrazoi osoa dik. Egin dezatela barre. Jakin dezatela nola izaten den. Agur itsasontzi, tuut.

        Jendeak taldean segitzen zuen, Franz Biberkopf etxeko ate aurrean zegoen, berealdiko hotza egiten zuen. Ateari kanpotik begiratu, kaleaz bestaldera begiratu, zer egin dezake orain kristauak, zer egin. Lehenbizi hanka baten gainean eta gero bestearen gainean egon zen. Kristoren hotza, egundoko hotza. Ez nauk gora igoko. Zer egin.

        Hantxe zegoen, jiratu... eta ez zen ohartu, erabat esna zegoenik. Han maiseaketan ari zen talde harekin ez zeukan zerikusirik. Beste norabait noak bazterrak ikustera. Horiek bota egiten naitek. Eta badoa arin-arin, Elsasser Strassen behera, metroko hesien ondotik Rosenthaler Platz aldera, edonora.

        Gertatua zen, Franz Biberkopf irtena zen habiatik. Denen muturrekoak hartutako gizona, emakume biribil zoroxka, lapurreta, kaiola, denak berarekin zihoazen. Baina taberna bat agertu zenean, Platzeko ertza baino lehenago, hasi zen berriro. Eskuak beren kasa joan ziren sakeletara, eta botilarik ez betetzeko. Ezer ez. Botilarik ez. Ahaztu. Goian utzi. Zerrikeria harengatik. Iskanbila harekin, berokia jantzi, jaitsi eta botilan batere pentsatu ez. Madarikatua. Atzera joan? Orduan hasi zen bere baitan: ez bai, bai ez. Hainbeste bultzada, joan eta etorri, errieta, etsialdi, balantza, orduan zer, utzi bakean, sartu nahi diat, Franzek ez zuen halakorik aspaldian ezagutu. Sartu ez sartu, egarri nauk, horretarako aski duk ura, sartzen bahaiz zurruterako izango duk, motel, bai, egarri beldurgarria zeukaat, egarri latza, ikustekoa, Jauna, gustura egingo nikek zurrut, gera hadi hemen, ez hadi sartu ostatuan, bestela laster bukatuko duk muturrez behera, hi, eta bilduko haiz berriro hor goiko atxoagana. Eta orduan azaldu ziren berriro kaiola eta bi zurgindarrak, eta tuut, eskuinera, ez, ez hemen geratu, beste nonbait, segi aurrera, aurrera, ibili, beti ibili.

        Horrela iritsi da Franz sakelan 1,55 marko dituela Alexanderplatzeraino, haize hutsa irentsi eta lasterka. Orduan bere buruari gogor egin, eta nazka eman arren, jatetxe batean bazkaldu zuen, benetan bazkaldu ere, aste askoren ondoren lehenbiziko aldiz, haragi egosia patatekin. Ondoren txikiagoa zen egarria, azken 75 pfennigak igurtzi zituen hatzen artean. Joango al naiz Linagana, zer dela eta Linagana, ez zaidak gustatzen. Mingaina zakar eta garratz zeukan, eztarria sutan. Beste ur bat gasarekin klikatu behar diat.

        Eta orduan, irenste harekin, klikatze fresko atsegin harekin eta sodaren kilima haiekin, jakin zuen nora joan nahi zuen. Minnagana, xerra bidali zion, ez zituen mantalak onartu. Bai, hori da.

        Zuti gaitezen. Ispilu aurrean txukundu zen Franz Biberkopf. Baina batere loriatu ez zena, bere masail zurbil, maskal, pikortatsuak ikusita, Biberkopf izan zen. Hori duk bisajea. Kopetan arrastoak, nondik nora arrasto gorri horiek, txapelarenak, eta piperra, motel, hori duk sudur gorri lodia, baina ez dik nahitaez pattarrarena izan behar, gaur hotz egiten dik; begi irten zatar horiek ordea, behia ematen diat, nondik dauzkat nik zekor-begi horiek, eta zeharo itsatsita, mugitu ezin banitu bezala. Burutik behera lika isuri balidate bezala. Baina Minnarekin berdin ziok. Tximak berdindu. Holaxe. Banoak bere etxera. Pfennig pare bat emango zizkidak osteguna arte, eta gero gerokoak.

        Zuloa utzi eta kale hotzera. Jende pila handia. Jende pila ikaragarria Alexen, denek ditek zereginen bat. Beharrezkoa ditek. Franz Biberkopfek aurrea hartu zien, begiak ezker-eskuin. Zaldi zahar bat labandu denean bezala asfalto bustian, eta ematen diote ostiko bat urdailean botaren muturrarekin eta tentetzen da, eta abaila hartu eta eroaren pare egiten du lasterka. Franzek giharrak zeuzkan, atletismo-klub batean ibilia zen; orain lauhazka zihoan Alexanderstrassetik eta erreparatzen zion bere ibilerari, tinko, tinko, guardia egiten bezala. Besteak bezain zehatz eta mehatz martxan.

        Gaur eguerdiko eguraldiaren berri: iragarpenaren arabera, zertxobait goxatuko du. Hotz zakarrak segitzen du, jakina, baina barometroa gorantz doa. Eguzkiak berriro egiten du kirika lotsati. Datozen egunetan epelduko duela espero da.

        Eta bere NSU6 zilindroan doana, harena bai zoriona. Urrun, zurekin urrun joan nahi dut, ene kuttun.

        Eta haren etxera heldu eta Franz ate aurrean dagoela, txilin bat dago bertan. Eta kapela di-da erantzi, txilinari tiratu, eta nork zabaltzen du, nor izango da ba, erreberentzia egingo diagu, neska batek jaun bat badu, nor izango da ba, kili-kili. Tak. Gizon bat! Senarra! Karl! Sarrailagilea. Baina berdin ziok. Jar ezak nahi baduk muturra.

        «Hi al haiz? Zer behar duk?» «Lasai, utzidak sartzen, Karl, ez diat hozka egiten.» Eta jada barruan dago. Hemen gaudek. Hau duk kaikua, zer ikusi behar dugu oraindik.

        «Karl jaun agurgarria, hi sarrailagile aditua haiz eta ni noizbehinkako langile soila, baina ez ezak heure burua hola harrotu. Badaukak egun on esatea, nik egun on esanez gero.» «Baina zer behar duk, motel? Nik utzi al diat sartzen? Zer habil indarka?» «Bueno, hemen al dago hire andrea? Ba ote daukat egun onak ematea.» «Ez, ez zegok hemen. Hiretzat behintzat ez. Hiretzat ez zegok inor.» «Hara.» «Hori duk. Inor ez.» «Bueno... hi hemen hago, Karl.» «Ez, ni ere ez nagok hemen. Jertse baten bila igo nauk eta banoak berriro dendara.» «Negozioa dotore, beraz.» «Bai horixe.» «Orduan kalera bidaltzen nauk.» «Nik ez diat sartzen utzi. Baina zer galdu zaik hiri hemen, motel? Ez al haiz lotsatzen, hona etorri eta barregarri uzten nauk, etxeko guztiek ezagutzen haute eta.» «Ari daitezela gaizki esaka, Karl. Bost axola guri. Ez nikek beren etxeetan muturrik sartu nahi. Zera, Karl, ez hadi kezkatu horiengatik. Gaur nire etxetik horietako bat eraman ditek, txapelokerrek, zurgin aditua, eta gainera etxeko administratzailea. Pentsa. Bera eta emaztea. Eta mikak baino areago egin ditek lapurreta. Egin al dut nik lapurreta? Bai?» «Motel, ni behera noak. Alde. Zertan nago ni hemen, hirekin ezer egin gabe. Minnaren bistara azaltzen bahaiz, prest egon hadi, erratza hartu eta mila puska egingo hau.» Zer daki honek Minnari buruz. Kopeta erdian bi adar dauzkan senar honek esan nahi zidak zerbait niri. Zapart egin behar diat algaraka. Neska batek jaun bat badu, hura maite eta nahi du. Karl hurbildu eta: «Zertan segitzen duk hemen? Ez gaituk hire senideak, ezta inolatan ere. Eta itzalpetik irten berria baldin bahaiz, heuk ikusi zer egin.» «Ez diat ezertxo ere eskatu.» «Ez, eta Minnak ez dik ahaztu Ida, ahizpa beti ahizpa duk, eta guretzat hi betikoa haiz. Gurekin jai duk.» «Nik ez nian hil Ida. Edonori gertatzen zaiok, amorrazita dagoenean eskuak alde egitea.» «Ida hilda zegok, joan hadi etorri haizen bidetik. Gu jende zintzoa gaituk.»

        Zakurra, adarduna, mingain zikina, gustura esango niokek, aterako niokek andrea bizirik asko ohetik. «Azken minutua arte bete ditiat nire lau urteak eta ez haiz hi izango epailea baino gogorragoa.» «Zer epaile eta zer epaileondo. Joan hadi etorri haizen bidetik. Behin-betiko. Hau ja ez duk hire etxea. Behin-betiko.» Hara bestea, sarrailagile jauna, astindu behar naik oraindik.

        «Baina Karl, nik bakeak egin nahi ditiat zuekin, bete diat zigorra. To nire bostekoa.» «Ba ez diat onartuko.» «Horixe jakin nahi nian. (Jo eta heldu, hankekatik hartu eta paretaren kontra txikitu.) Orain bazekiat, idatzita bezain argi.» Kapela buru gainera botata, lehengo sasoi berdinarekin: «Ba egun on degiala, Karl, Karl jaun sarrailagilea. Eskumuinak Minnari, esaiok hemen izan naizela, nola zabiltzaten ikustera. Eta hi, zerrikilo, munduko inuxenterik exkaxena haiz. Sar ezak hori buruan eta begiraiok nire ukabilari, zerbait nahi eta nigana etortzen bahaiz. Hi bezalako simaur pila baten ondoan, erruki diat Minna.»

        Eta badoa. Badoa lasai. Eta badoa lasai eta astiro eskaileran behera. Ez duk atzetik etorriko, ez. Eta parean pattar bakar bat, bizigarri bero bat, klik. Etorriko ote da. Egongo nauk. Eta Franz oso pozik doa. Lortuko diat dirua beste non edo han. Eta haztatzen ditu giharrak, sendotuko nauk berriro.

 

        «Bidean geldiarazi eta lurrera bota nahi nauk. Baina nire eskua inor itotzeko gai duk, eta nire aurka ezin duk ezer. Hik niri isekaren bitartez ekin eta mespretxuz bete nahi nauk... ni ez, ni ez... ni oso indartsua nauk. Entzungor egiten zieat hire irainei. Hire hortzek ez ditek nire armadura zulatzen, immunizatua nagok sugegorrien aurka. Ez zekiat nondik duan niri ekiteko boterea. Baina gai nauk hiri aurre egiteko. Jainkoak parez pare jarri zizkidak nire etsaien lepondoak.»

        «Hitz egik. Zeinen ederki kantatzen duten txoriek, ipurtatsari alde egitean. Baina ipurtats asko zegok eta txoritxoak kantatu beharra zeukak! Oraindik ez duk begirik niretzat. Oraindik ez daukak, niri begiratzeko premiarik. Entzuten duk jendearen hitz-jarioa, kaleko istilua, tranbien ziztua. Hartu arnasa, entzun. Horren guztiaren artetik entzungo didak noizbait niri ere.»

        «Nori? Nor ari zait?»

        «Ez diat esango. Ikusiko duk. Sentituko duk. Arma ezak hire bihotza. Orduan hitz egingo diat. Hire begiek malkoa besterik ez ditek emango.»

        «Ari hadi nahi baduk ehun urtean horrela. Barregura ematen zidak.»

        «Ez barre egin. Ez barre egin.»

        «Ez nauk ezagutzen. Ez dakik ni nor naizen. Nor den Franz Biberkopf. Ez ziok ezeri beldurrik. Ukabilak zeuzkaat. Ikusi nire giharrak.»

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia