HIRUGARREN LIBURUA

 

        Hemen hartzen du Franz Biberkopf zintzo, asmo onekoak, lehenbiziko kolpea. Engainatzen dute. Kolpeak ondorioak ditu...

        Biberkopfek zin egin du zintzo jokatu nahi duela, eta ikusi duzue zintzoa izan dela asteetan zehar, baina hori graziazko epe baten antzekoa izan da. Gerora, bizitzaren ustez hori ederregia da eta maltzurki egiten dio traba. Baina berak, Franz Biberkopfek, ez dio oso fina irizten bizitzaren jokaerari, eta, denbora askoan, nazkatua dago bere bizimodu zatar, petralarekin, intentzio on guztiak apurtzen dizkionarekin.

        Ez du ulertzen zergatik den bizitza horrelakoa. Luzaro ibili behar du, hori konprenitu arte.

 

 

Atzoko egunean, zaldi bikainen gainean

 

        Gabonak aurki direnez, Franzek aldaketa egin eta denetariko huskeriak saltzen ditu, goizean edo arratsaldean ordu batzuetan zapata-lokarriak, lehenbizi bakarrik, gero Otto Lüdersekin. Hark bi urte daramatza lanik gabe, emaztea arropa-garbitzailea da. Lina gizenak ekarri du, osaba du. Udako aste batzuetan Rüdersdorf mendazko gozokiak saltzen ibili zen, koskabiloa eta uniformea jantzita. Franz eta biak batera dabiltza kaleetan, sartzen dira etxeetan, jotzen dute ateetan, elkartzen dira ondoren.

        Egun batean, Franz Biberkopf tabernan sartzen da. Gizena ere han da. Franz oso umore onean dator. Sakatzen ditu eztarrian behera gizenaren ogitartekoak, eta oraindik ahokoa txikitzen ari dela, txerri-belarriak ilarrekin eskatzen ditu hirurentzat. Gizena ongi igurtzi, eta hark gorri-gorri alde egiten du txerri-belarriak janda. «Eskerrak joan den, Otto.» «Sartzea dik berean. Beti galtza-usainean dabilkik.»

        Franzek mahai gainean besoak zabaldu eta behetik begiratzen dio Lüdersi: «Hire ustez, Otto, zer pasatzen da?» «Zer?» «Bota ezak.» «Zer ordea?»

        Bi garagardo eta limonada bat. Bezero berri batek lokalaren erdian zintz egin, esku gainarekin sudurra pasatu eta eztul egiten du: «Kafea.» «Azukrerik?» Tabernaria basoak garbitzen ari da. «Ez, baina arin.»

        Kirol-txapel marroi bat daraman gazte batek lokala miatzen du, berotzen da berogailuan, aztertzen du Franzen mahaia, gero ondokoa: «Ikusi al duzue gizon bat beroki beltza daramana, lepo marroi, larruzkoarekin?» «Maiz etortzen al da hona?» «Bai.» Mahaiko zaharrak bere ondoko zurbilagana jiratu eta: «Larru marroia?» Besteak elkor: «Hemen sarri ikusten da larru marroia.» Ile-zuriak: «Nondik zatoz? Nork bidali zaitu?» «Hori berdin dio. Ez baldin baduzue ikusi.» «Hemen askok dute larruki marroia. Nork bidali zaituen jakin behar.» «Ez nago zuei nire kontuak esaten hasteko.» Zurbila urduri jartzen da: «Zuk berari galdetzen badiozu ea hemen holako inor izan den, berak ere eskubidea dauka zuri galdetzeko ea nork bidali zaituen.»

        Arrotza ondoko mahaira joan da: «Nahiz eta nik galdetu, ez zaio axola ni nor naizen.» «Bueno, zuk berari galdetzen badiozu, berak ere eskubidea dauka zuri galdetzeko. Zuk ere ez duzu zertan galdezka hasi.» «Ez dut berari nire kontuak zertan esan.» «Ba orduan berak ere ez du zuri zertan esan, hemen holako inor izan den.»

        Arrotza ateraino joan eta jiratzen da: «Eutsi zuen bizkortasun horri.» Jiratu, atea zabaldu eta badoa.

        Mahaiko biek: «Ezagutzen al duk? Nik behintzat ez.» «Ez duk hemengoa. Auskalo zer nahi duen.» «Bavariakoa zuan.» «Renaniakoa. Renaniakoa zuan.»

        Franzek barre-irudi egiten dio Lüders izoztu penagarriari: «Ezetz asmatu. Dirua ote daukat?» «Ba al daukak?»

        Franzek mahaian dauka ukabila, irekitzen du, barre-irudi harroa egiten du: «Zenbat?» Lüders, gixon penagarria, aurrera makurtu eta zurrupatzen du ahoko hortz zulatu bat: «Hamarreko bi, demontre.» Franzek mahai gainera botatzen ditu billeteak: «Zer iruditzen. Hamabost-hogei minutuko lana. Gehiago ez. Apustu, gehiago ezetz.» «Baina gizon.» «Ez duk ez, pentsatzen ari haizena, ez duk ezkutukoa, zikina. Garbi, Otto, itxuraz, taxuz, ulertzen.»

        Ahopean hasten dira, Otto Lüders ondoraino hurbiltzen zaio. Franzek andre baten atea jo du, Makko zapata-lokarriak, holakoak behar dituzu, zeuretzat, senarrarentzat, umetxoentzat, begiratu ziek, gero niri begiratu zidak, alarguna, oraindik itxura onekoa, korridorean aritu gaituk hizketan, orduan galdetu zioat ea ez ote lidakeen kafe bat emango, zer hotza aurten. Biok edan diagu kafea. Eta gero beste pixka bat. Franzek eskutik zehar haize eman, sudurretik barre egin, masaila igurtzi eta belaunarekin Otto jotzen du belaunean: «Harenean utzi ditiat nire zapi zahar guztiak. Antzeman al du ezer?» «Nork?» «Nork izango da, potzolak. Ezer ez daramadalako.» «Antzeman dezala, dena saldu duk, non izan da hori?»

        Eta Franzek txistu egiten du: «Joan behar diat berriro, baina segituan ez, Elsasser atzean, alarguna. Hogei marko, hi, hori bai pagotxa.» Hirurak arte aritzen dira jan eta edan, Ottok ere bost marko jaso, baina halere ez da alaitzen.

 

        Nor lerratzen da biharamunean zapata-lokarriak hartuta Rosenthaler Torretik? Otto Lüders. Zain dago Fabischeneko kantoian, ikusi arte Franz badoala Brunnenstrassen behera lauoinka. Orduan bera bizi-bizi Elsasseren behera. Bai, hauxe duk numeroa. Izan ote da Franz lehenago. Zer lasai doan jendea kaletik. Lehenbizi ezkaratzean geratuko nauk apur batean. Etortzen bada zera esango zioat, zer esan. Palpitazioak zeuzkaat. Egun guztia madarikatzen, eta dena alferrik, medikuak ez zidak ezer topatzen, baina nik bazeukaat zeozer. Hemen zapi zaharren artean hondatzen, gerra garaiko zatar berak. Banoak gora.

        Jotzen du atea: «Zapata-lokarriak, andrea? Ez, galdera bat egin nahi dizut. Aizu, entzun estreina.» Atea itxi nahi dio, baina berak tartean jartzen du oina: «Ez nator nigatik, nire laguna, badakizu, atzo etorri eta hemen utzi zuen generoa.» «Ai ene.» Zabaltzen dio atea, sartzen da Lüders, ixten du atea bizkor. «Zer pasatzen da, ai ene.» «Ezer ez, andereño. Zer ari zara dardarka.» Bera ere dardarka dago, bat-batean sartu da, orain aurrera egin behar, nahi duena gertatzea du, ongi aterako da. Fin aritu behar luke, ez du ahotsik topatzen, aho parean eta sudur azpian burdin sare bat dauka, masailetan barrena bekokiraino, masailak gogortzen bazaizkit akabo nauk. «Generoa eramatera nator.» Andre liraina lasterka doa gela barrura, paketearen bila, baina bera jada gelaren atean dago. Andreak orduan ezinean: «Tori paketea. Ai ene.» «Eskerrik asko. Baina zer ari zara dardarka, andrea. Oso epel dago hemen. Oso epel. Ez al zenidake niri ere kafe bat emango?» Bertan gera hadi, hitz egin eta hitz egin, hemendik irten gabe, haritza bezain sendo.

        Emakumea, argala, liraina, bere aurrean dago, eskuak bata bestearekin estutuz: «Beste ezer esan al dizu? Zer esan dizu?» «Nork, nire lagunak?»

        Hitz egin eta hitz egin, hitz egin ahala berotzen haiz, orain sudur azpian bakarrik ematen zidak sareak azkura. «O, besterik ez, zer esan behar zidan. Zer esan behar zidan kafeaz. Eta hemen dut generoa.» «Sukaldera noa unetxo batean.» Beldurra zeukak, axola zaidak ba niri bere kafea, hobea egiten diat neuk, igualekoa duk tabernakoa, ospa egin nahi dik, egon hadi, oraindik hemen gaudek. Ona duk barruan egotea, zer bixkor gainera. Baina Lüders beldur da, adi-adi dago zer entzungo atean, eskaileran, goian. Berriro sartzen da gelara. Izugarri gaizki egin dut gaur lo, umea eztul batean, gau osoan, eser gaitezen. Eta Lüders esertzen da belusezko sofa gorrian.

        Hementxe aritu zuan Franzekin, kafea egiten ari zaidak, kapela kenduko diat, hatzak izoztuta. «Tori kafea.» Beldurra zeukak, pottoka ttikia, saiatzeko gogoa ematen zidak. «Zuk ez duzu hartuko? Konpainia egiteko bada ere?» «Ez, ez, laster iritsiko da gela honetako maizterra.» Ni beldurtzea eta joatea nahi dik, zera edukiko dik maizterra, oherik ere ez zegok eta. «Hori duzu guztia? Ez kezkatu. Maizterra ez da goizez etxeratzen, bere zeregina izango du. Ba ez, nire lagunak ez dit besterik esan. Generoaren bila bakarrik etorri naiz» ­patxadan kizkurturik zurrupatzen du kafea­, «epel-epela, gaur hotz dugu, zer esan behar zidan ba. Alarguna zarela, egia da, ezta?» «Bai.» «Gizona zer, hil? Gerran erori?» «Lana daukat, sukaldean aritu beharra.» «Egidazu beste kafe bat. Norako presa duzu. Hurrena ikusten garenean ez gara hain gazte izango. Baduzu umerik?» «Zoaz behingoz, hartu dituzu zure gauzak, ez daukat astirik.» «Bueno, ez zaitez zakartu, oraindik poliziari ere deituko diozu, ez daukazu horren beharrik, banoa, kafea bukatzen behintzat utziko didazu. Zer eta astirik ez, aizu. Lehengoan bazeneukan ba. Bueno, on egin, ni ez naiz holakoa, banoa.»

        Bota buru gainera kapela, zutitu, sartu pakete txikia besazpian, abiatu ate aldera astiro, pasatu andrearen albotik, eta jiratzen da tupustean: «Ea hemengo xoxak.» Ezkerreko eskua luzaturik, hatz erakuslea eskean. Andreak ahoa tapatzen du, Lüders txikia ondo-ondoan dauka: «Ez gero garrasi egin. Zerean aritu ondoren pagatzen ote dun. Ikusten, den-dena zekinat. Lagunartean sekretu gutxi.» Hau duk zerrikeria, zerri zikin bat duk, soineko beltza jantzita, gustura emango niokek belarri-ixkinako bat, ez duk nire atsoa baino hobea. Andreak sutan dauka aurpegia, baina eskuin aldea bakarrik, ezker aldea elurra bezain zuri. Eskuan dauka poltsa, hantxe ari da haztaka, begiak zabal-zabal dituela, Lüders txikiari so. Eskuineko eskuarekin txanpon batzuk ematen dizkio. Itxura bitxia dauka. Lüdersen hatzak eskean segitzen du. Poltsa guztia iraultzen dio eskura. Lüders gela barrura itzuli, mahai ondora, eta atzaparra botatzen dio tapaki gorri bordatuari, neskak karranka egiten du, ez zaio soinurik ateratzen, ezin du ahoa gehiago zabaldu, geldi-geldi dago ate ondoan. Lüdersek sofako bi kuxinei atzaparra bota, gero sukaldera, mahaiaren tiraderak atera, hankaz goratzen ditu. Txatarra besterik ez, alde egin dezadan, igual hasiko zaidak garrasika. Lurrera erori duk, ni banoak.

        Korridorean zehar, atea astiro itxi, eskaileran behera, aldameneko etxera.

 

 

Gaur bularra aldez alde tirokatua

 

        Paradisua zoragarria zen. Urak arrainez irakiten, lurretik arbolak jaiotzen, animaliak jolasten, lurrekoak, itsasokoak eta txoriak.

        Zurrumurrua arbola batean. Sugea, sugea, sugea burua aterata, sugea bizi zen paradisuan, landako animalia guztiak baino erneagoa zen, eta mintzatzen hasi zen, Adam eta Evari mintzatzen.

        Badoa Franz Biberkopf astebeteren buruan lore-sorta bat zetazko paperean bilduta eskaileran gora lasai asko, bere gizenagan pentsatzen, bere buruari errietan, baina ez bene-benetan, gelditzen da, urrea balio dik neska horrek, utzi berriketak, Franz, hor konpon, negozioa duk, negozioa duk eta kito. Atea jo, aldez aurretik irribarre egin, zabal-zabal, kafe beroa, poxpolintxoa. Norbait zebilek barruan, bera duk. Bizkarra tentetu, lore-sorta agerian jarri, baina katea ixten dute, taupadaka dauka bihotza, ondo zeukaat gorbata, galdetzen du hark: «Nor da?» Berak barre txiki batekin: «Postaria.»

        Zirrikitu beltz txiki bat, haren begiak, berak fintasunez egiten dio gur, irribarrea zabal, erramuari eragiten. Krak. Atea ixten dio, danba. Rrrrrr, morroiloa. Demonio. Atea itxi dik. Basapiztia. Eta ni hemen. Hori eroa zegok. Ezagutu ote nau. Ate marroia, ateko ohola, eskaileran nagok, ondo zeukaat gorbata. Sinestea ere. Berriro deitu ala ez. Eskuetara begiratu, erramua, kale-kantoian erosi berria, marko batean, zetazko paper eta guzti. Jotzen du beste behin, bitan, denbora askoan. Ate ondoan egongo duk, erabat itxita, ez duk mugitzen, arnasari eusten ziok ni hemen utzita. Gainera nire zapata-lokarriak zeuzkak, genero guztia, agian hiru marko edo, hartzeko eskubidea zeukaat. Bazoak baten bat, bazoak hemendik, sukaldean zegok. Hori...

        Eskaileran behera. Gero atzera gora: berriro joko diat, ikus nazala, ez nindian ikusiko, beste norbait naizelakoan, eskale bat, asko zebiltzak. Baina ate aurrera heldu eta ez du jotzen. Ez du ezertxo ere sentitzen. Zain geratzen da, bertan zutik. Ez zidak beraz ireki nahi, seguru jakin nahi nian. Ez nauk gehiago etorriko hona saltzera, zer egin erramuari, marko eder bat kostatu zaidak, kaleko zangara botako diat. Bat-batean berriro jotzen du, agindu baliote bezala, lasai itxaroten du, hori duk, ezta ateraino arrimatu ere, bazekik ni naizela. Abisua utziko diat aldamenean, nire generoa eskuratu behar diat.

        Alboan jo eta inor ez. Bueno, abisua idatziko diagu. Badoa eskailera-buruko leihora, egunkari baten ertz zuria urratu eta idazten du arkatz txiki batekin: «Ez duzu atea irekitzen eta nire generoa nahi dut bueltan, utzi Klaussenen, Elsasser kantoian.»

        Alu zikina, baheki ni nor naizen, behin zer gertatu zitzaion bati nirekin, ez hidaken hau egingo. Ikusiko dun, bai. Aizkora hartu eta atea txikitu behar nikek. Poliki sartzen du abisua ate azpitik.

        Franz muturtuta dabil egun osoan. Biharamunean, Lüdersekin elkartu aurretik, tabernakoak eskutitz bat ematen dio. Neskarena. «Ez dute besterik laga?» «Ez, zer laga behar zuten?» «Pakete bat, generoarekin.» «Ez, mutiko batek ekarri du bart.» «Bila joan beharko ote dut.»

        ... Handik bi minutura Franz edaritegi ondora joan eta egurrezko aulki batera botatzen du bere burua, ezkerreko esku belaxkan dauka eskutitza, ezpainak estutu, begiak mahaian josi eta orduantxe Lüders penagarria sartzen da atetik, Franz ikusi, eserita ikusi, zer itxura dakar horrek, eta alde egiten du.

        Jabea mahaira hurbiltzen zaio: «Zergatik joan da Lüders ihesi, oraindik ez du bere generoa jaso.» Franzek eserita segitzen du. Oraindik holakorik. Hankak moztu zizkidatek. Oraindik holakorik. Inoiz ez zitzaidaan gertatu. Ezin nauk zutitu. Joan dadila Lüders korrika, hankak zeuzkak eta, bazeukak korrika egitea. Hori gizona, harrigarria.

        «Koñak bat nahi, Biberkopf? Etxekoren bat hil zaizu?» «Ez, ez.» Zer dio honek, ez diat ondo aditzen, goata zeukaat belarrietan. Tabernaria ez doa: «Zergatik alde egin du Lüdersek? Inork ez dio ezer egingo. Ezta norbait atzetik tiroka balu ere.» «Lüders? Zereginak edukiko ditu eta. Bai, koñak bat.» Zurrut batean edan eta berriro lausotzen zaizkio ideiak, demonio, hau duk hau eskutitza. «Tori, kartazala erori zaizu. Nahi al duzu goizeko egunkaria.» «Milesker.» Hausnarrean segitzen du: gustura jakingo nikek zer esan nahi duen eskutitz honek, zergatik jartzen dizkidan gauza horiek. Lüders zentzuzko gizona duk, gurasoa duk. Franz pentsatzen ari da nola gertatu ote den, pisua nabari du buruan, lotan balego bezala erortzen zaio aurrera, nekatua dagoela uste du tabernariak, baina zurbil, urrun eta huts egoteagatik da, bere baitan hankak ere irristatu, gero barru guztia erori eta jiratzen da ezkerrera, azpiraino, azpi-azpiraino.

        Franzek mahaiaren kontra dauzka bularra eta burua, besazpitik zeharka dakusa mahaiaren gaina, haize ematen dio egurrari, eusten dio buruari: «Iritsi al da potzola, Lina?» «Ez, hamabiak aldera etortzen da.» A bai, oraindik bederatziak dituk, ezer egin gabe nagok, Lüders ere joan duk.

        Zer egin orain? Eta zerbait isurtzen zaio barruan, eta ezpaina hozkatzen du: hori duk nire zigorra, ni askatu naitek, besteak oraindik patata-soroan ari dituk kartzela atzeko zabortegi handian, eta nik tranbia hartu behar diat, madarikatua, han bai ederki. Zutitzen da, kalera joan behar, hori bazter dezadan, berriro beldurrik ez, tente nagok hanken gainean, ez zegok inor gu adinakorik, ez zegok inor: «Potzola etortzen bada, esaiozu etxekoren bat hil zaidala. Heriotza baten berri, osaba edo. Ez naiz eguerdian etorriko, ez, ez dadila zain egon. Ea, zenbat da? « «Pitxer bat, betiko moduan.» «Tori.» «Eta paketea hemen utziko duzu?» «Zer pakete?» «Ederra harrapatu duzu, Biberkopf. Umekeria gutxi, jarri tente. Gordeko dizut paketea.» «Zer pakete?» «Tira, zoaz haizea hartzera.»

        Biberkopf kanpoan da. Tabernariak kristal atzetik begiratzen dio: «Igual ekarriko ditek laster berriro. Hori duk hori. Sasoi horretako gizona. Zeharo harrituko duk potzola.»

 

        Gizon txiki zurbil bat etxe aurrean dago, eskuineko besoa trebeska darama, eskua eskularru beltzean. Ordubete darama hantxe eguzkitan, gora igo gabe. Erietxetik dator. Bi alaba ditu, haiek dira zaharrenak, gero mutiko bat etorri zen, lau urte zituen, atzo hil zen erietxean. Hasieran eztarri handitua besterik ez zuen. Laster etxeratuko zutela esan zuen medikuak, baina iluntzea arte agertu ez eta orduan berehala esan zuen: erietxera, baliteke difteria izatea. Mutikoak lau aste pasatu bertan, oso ongi zegoen ja, eta orduan eskarlatina harrapatu zuen. Eta handik bi egunera, atzo joan zen, gutxiegitasun kardiakoa, esan zuen sendagile-buruak.

        Gizona etxearen ate aurrean dago, emazteak garrasi eta negar egingo du atzo bezala eta gau osoan eta aurpegira botako dio berak ez zuela umea atera hiru egun lehenago, hain ongi zegoela. Baina erizainek esan zutenez, artean baziloak zeuzkan lepoan, eta hori arriskutsua da, etxean umeak daudenean. Emazteak hasieran ez zuen sinetsi nahi, baina litekeena zen umeei zerbait gertatzea. Bertan dago zutik. Aldameneko etxe aurrean garrasika ari dira. Bat-batean oroitu da ezen erietxean galdetu ziotela, umea eraman zuenean, ea gazur-injekzio bat eman zioten. Ez, oraindik ezetz. Egun osoan egon zen medikua noiz etorriko, iluntzea arte, eta orduan hark: eraman dezatela bizkor.

        Eta gizona, gerran elbarritua, berehala abiatu eta zeharkatzen du galtzada, kalean gora kantoiraino, medikuagana, ez omen dago etxean. Baina bera oihuka hasten da, goiza da, medikuak etxean egon behar du. Kontsultako atea zabaltzen da. Jaun kaskasoil lodiak begiratu eta sarrarazten du. Gizona zutik dago, erietxekoa kontatzen dio, umea hil da, medikuak eskua ematen dio.

        «Zain eduki gaituzu, asteazken osoan, goizean hasi eta arratsaldeko seiak arte. Bi aldiz bidali dizugu abisua. Eta ez zara etorri.» «Baina gero bai.» Berriro hasten da gizona oihuka: «Ni ezindua naiz, gerran isuri dugu odola, eta orain zain edukitzen gaituzte, nahi duten guztia egiten digute.» «Tira, eseri eta lasai zaitez. Zure umea ez du difteriak eraman. Erietxean ohikoak dira horrelako kutsatzeak.» «Alde guztietatik zoritxarra», segitzen du oihuka. «Zain edukitzen gaituzte, gu kuliak gara, gure umeak izorra daitezela, gu izorratu gaituzten bezala.»

        Handik ordu erdira eskailera astiro jaitsi, eguzkitan ibili eta igotzen da. Emaztea sukaldean ari da jardunean. «Ondo, Paul?» «Ondo, amatxo.» Elkarri eskua eman eta burua makurtzen dute. «Oraindik ez duk ezer jan, Paul. Oraintxe jarriko diat zerbait.» «Medikuarenean izan naun, eta asteazkenean ez zela etorri esan zionat. Entzun behar izan ditin.» «Baina gure Paul txikia ez dik difteriak eraman.» «Berdin zion. Hori ere esan zionat. Baina segituan indizioa jarri baliote, ez zinan klinikara joan beharrik izango. Inola ere. Baina ez zunan etorri. Entzun behar izan ditin. Besteengan ere pentsatu beharra zegon, berriro holakorik gertatzen bada ere. Egunero pasatzen ditun holakoak, ez zegon jakiterik.» «Bueno, orain jan ezak. Zer esan dik medikuak?» «Gizon jatorra dun. Ez dun gazte-gaztea ere, lan handia zeukan eta latz saiatu behar din. Ondotxo zekinat hori. Baina zerbait pasatzen denean, pasatzen dun. Koñaka eman eta lasaitzeko esan zidan. Emaztea ere azaldu dun.» «Oihu handiak egin al dituk, Paul?» «Ez, bai zera, hasieran bakarrik, gero dena bake-bakean joan dun. Berak ere aitortu din: norbaitek esan behar zionan. Ez dun gizaseme txarra, baina norbaitek esan behar zionan.»

        Jaten ari dela, dardara batean dago. Emaztea negarrez ari da alboko gelan, gero elkarrekin hartzen dute kafea sutondoan. «Kafe-alea, Paul.» Katilua usaintzen du: «Ezagun din.»

 

 

Bihar hilobi hotzera, baina ez,
jakingo dugu geure burua menderatzen

 

        Franz Biberkopf desagertu da. Franzek eskutitza jasotako arratsaldean, Lina bisitan doakio. Berak egindako puntuzko jer-tse marroi bat utzi nahi dio ezkutuan. Baina hor duzue gizona etxean, salmentan aritu beharrean, eta batez ere orain gabonen atarian, ohean kizkurtuta, mahaia alboratu eta iratzargailua lardaskatzen, desmuntaturik. Hasieran Lina ikaratzen da, hura han dagoelako eta agian jertsea ikusi duelako, baina hark ia ez dio begiratzen ere, mahaiari eta bere erlojuari begira dago. Berari ongi iruditu eta arin ezkutatzen du jertsea ate ondoan. Nolanahi ere ez din ezer esaten, zer du honek, sekulako aitzurra zeukan, eta horiek keinuak egiten ditin, ezezaguna zegon, eta erloju zahar horrekin lardaskan, edanda egongo dun. «Erloju hori ondo zebilean, Franz.» «Ez, ez zebilenan ondo, utzidan, hotsa egiten din, ez din ondo jotzen, aurkituko dinat zer duen.» Eta lardaskan segitu, gero utzi eta hazkatzen ditu hortzak; berari begiratu ere egin gabe. Berak orduan hanka egiten du, apur bat beldurtuta, mozkorra egos dezala. Eta iluntzean itzuli eta gizona joana. Errenta ordaindu, gauzak bildu, dena hartu eta alde. Etxekoandreak zera bakarrik daki, ordaindu duela, eta polizia-txartelean «bidaia» idatzi behar duela. Ihesi joan da, ezta?

        Latzak dira ondorengo 24 orduak, Linak azkenean Gottlieb Meck topatzen duen arte, lagun diezaion. Hura ere etxez aldatua zen, eta Lina arratsalde osoan ibili zen lasterka lokal batetik bestera, azkenean hemen du. Hark ez daki ezer, zer gertatu behar zaio ba Franzi, gizon sendoa dun, eta bizkorra, eskubidea zeukan noizean behin alde egiteko. Okerren bat egin ote duen? Franzek behintzat ez. Agian sesioa izango zuten, Linak eta Franzek. Bai zera, zer dela eta, jertsea eta guzti eraman zioat. Meck hurrengo eguerdian doa etxekoandreagana, Linak ez du amore ematen. Bai, Biberkopfek korrika eta presaka utzi du etxea, bazuen zerbait arraroa, beti alai zegoen eta, baita goizean ere, kontu itsusiren bat izan da, hori ez diote burutik kenduko; dena hustu du, bere gauzetatik izpi bat ere ez du utzi, ikustazu. Orduan Meckek Linari diotso ez kezkatzeko, berak ikertuko duela kontu guztia. Pentsatzen jarri, bera ere saltzailea zenez berehala susmoa erne eta Lüdersengana doa. Umeekin dago etxe-zuloan; eta non da Franz? Bai, dio besteak zakar, bera ere bertan utzi du, eta gainera zorretan dago berarekin, Franzi ahaztu egin zaio kontuak garbitzea. Meckek ez dio hitzik ere sinesten, ordubetetik gora aritzen dira hitz egin eta hitz egin, ezin zaio txintik atera. Iluntzean harrapatzen dute, Meckek eta Linak, haren etxe aurreko lokalean. Eta asmatzen dute erdiz erdi.

        Lina malkoa dariola mintzo da. Lüdersek jakin behar duela eta jakin behar duela non den Franz, elkarrekin ibili zirela goiz hartan, Franzek esango ziola zerbait, hitz erdiren bat. «Ez, ez zidanan ezer esan.» «Zerbait pasatuko zitzaioan.» «Zer pasatu behar zaio? Hanka egin duela, horixe.» Ez, ez dik inongo okerrik egin, Linari ez zaiok hori buruan sartzen, ez dik ezer egin, su gainean jarriko likek eskua, poliziengana jo beharra zegok, galdetzera. «Hik zera uste dun, nonbait galdu dela eta denok bila hasi behar dugula.» Lüdersek barre egiten du. Zer pena txikiak, potzolak. «Zer egin genezake, zer egin genezake?» Azkenean Meckek, hantxe egon ondoren bere artean pentsatzen, nazkatu eta keinu bat egiten dio Lüdersi buruarekin. Bakarrik hitz egin nahi du Lüdersekin, ez dira batere zentzuz ari eta. Hala, irteten da Lüders ere. Zuri-zuri hizketan doaz Ramlerstrassen gora, Grenzstrasseraino.

        Eta han, ilunpe bizian, Meckek ustekabean ekiten dio Lüders txikiari. Berebiziko jipoia ematen dio. Lüders oihuka eta lurrean botata dagoela, Meckek zamarretik eskuzapi bat atera eta ahozuloan sartzen dio. Gero zutitzen utzi eta labana irekia erakusten dio. Biak daude arnaska. Orduan Meckek, bere onetik aterata, kontseilua ematen dio, bistatik joan eta hurrengo egunean Franz bilatzeko. «Berdin zaidak, adiskidea, nola aurkitzen duan. Ez baduk aurkitzen, hiru etorriko gatzaizkik. Eta aurkituko haugu, hi. Baita hire atsoagana joaten bahaiz ere.»

        Hurrengo gauean, Meckek keinu bat eginda, Lüders txikia zurbil eta isil irten eta tabernaren atzeko gelara joan ziren. Hasieran tabernariak ez zien gasa piztu. Zutik zeuden biak. Meckek galdetu zion: «Izan al haiz?» Besteak buruaz baietz. «Ikusten. Eta?» «Ezer ez.» «Zer esan du, nola froga dezakek han izan haizela.» «Zer uste huen, Meck, hik bezala zulatuko zidala hark ere burua. Ez, ondo prestatua joan nauk.» «Eta zer pasatu da?»

        Lüders gehiago hurbildu zen: «Entzuidak arretaz, Meck. Entzun nahi badidak behintzat: nahiz eta Franz hire laguna izan, ez hidaan atzo modu hartan hitz egin behar. Gutxigatik ez ninduan hil. Guk biok ez diagu ezer izan. Franzengatik ez.»

        Meckek adi-adi begiratzen zion, laster emango zioat beste bat, eta orduan sartzea ditek nahi duten guztiek. «Eroa zegok! Ez al haiz konturatu, Meck? Ez zeukak ondo goiko ganbara.» «Ez, uztak. Nire laguna duk, Jainkoaren izenean, balantzaka zeuzkaat hankak.» Orduan Lüders kontatzen hasi eta Meck esertzen da.

        Bostak eta seiak bitartean topatu zuen Franz; lehengo bizilekutik oso hurrean bizi zen, hiru etxe harago, bere kartoizko kaxa eta bota pare bat eskuan zituela ikusi zuten sartzen, eta zehar-etxearen goiko gela batean onartu zuten. Lüdersek atea jo, sartu, eta Franz ohean etzanda dago, oinetako botak zintzilik dituela. Lüders ezagutu du, bonbilla bat dago goian piztuta, hori Lüders duk, hemen duk arlote hori, zer nahi ote du. Lüdersek labana ireki bat dauka ezkerreko sakelan, eskua daukan tokian. Bestean dirua dauka, marko pare bat, mahai gainean utzi, honetaz eta hartaz hitz egin, batera eta bestera, hartua dauka ahotsa, buruko kurkuiluak erakusten dizkio, Meckek joak, belarriak handituta, haserrez eta amorruz negarrari emateko zorian dago.

        Biberkopf eseri da, batzuetan aurpegia erabat gogor, eta besteetan koxkor txikiak dardarka dituela aurpegian. Ate aldera seinalatu eta isilik dio: «Fuera!» Lüdersek han utzi ditu bere markoak, pentsatzen du Meckengan eta zelatan egongo direla, eta agiri bat eskatzen du, alegia bera han izan dela, edo Meckek berak igotzerik baleuka, edo Linak. Orduan Biberkopf erabat tentetu eta Lüders berehala baztertzen da aterantz, kisketan dauka eskua. Baina Biberkopf diagonalean atzeko konketara joan, hartu azpila eta ­zer iruditzen­ jaurtitzen du hango ura batetik bestera Lüdersen oinetaraino. Hautsa haiz eta hautsera itzuliko haiz. Lüdersek begiak zabaldu, alde batera egin eta kisketari eragiten dio. Biberkopfek hartzen du antoxina, ura zegoen han ere, oraindik asko zeukaagu, jo eta dena garbituko diagu, hautsa haiz. Botatzen dio ate ondokoari, lepoa eta ahoa zipriztinduz, ur izoztua. Lüders kanpora lerratzen da, joan da, atea itxita dago.

        Tabernaren atzeko gelan pozoitsu xuxurlatu zuen: «Eroa zegok, horra, hor daukak.» Meckek galdetu zuen: «Zer numero zen? Noren etxea da?»

        Ondoren ura isuri eta isuri aritu zen Biberkopf logelan. Eskuarekin gora zipriztintzen: dena garbitu, dena kanpora; orain leihoa zabaldu eta arnaska; guk ez diagu horrekin zerikusirik. (Ez etxeak erortzea, ez teilatuak irristatzea, hori atzean utzi diagu, Behin Eta Betiko.) Leihoan hoztu zenean solairuan josi zituen begiak. Lehortu beharra zeukan, tantaka joango zaiek behekoei buru gainera, mantxak geratuko dituk. Leihoa itxi eta zabal etzan zen ohean. (Hilda. Hautsa haiz eta hautsera itzuliko haiz.)

        Eskutxoak txalo, txalo, txalo, hankatxoak tra, tra, tra.

        Gauerako, Biberkopf ez zen han bizi. Meckek ez zuen jakiterik izan nora aldatu zen. Txarrean egoskortutako Lüders txikia tabernara eraman zuen, abere-tratulariengana. Haiek galdetuko zioten Lüdersi, ea zer pasatu zen eta zertan geratu zen tabernariak jasotako eskutitza. Lüders zorrotz geratu zen, eta haren zitalkeria ikusita joaten utzi zioten gizaixoari. Meckek berak esan zuen: «Horrek nahikoa kobratu dik.»

        Meckek bere artean oldozten zuen: Franz hori, edo Linak engainatu dik, edo Lüdersekin haserretu duk edo holako bat. Tratulariek esan zuten: «Elementu ederra Lüders hori, gezur hutsa duk kontatu duen guztia. Balitekek eroa egotea Biberkopf. Lehen ere ateraldi politak bota zitian lan-baimena zela eta, generorik ere ez zeukanean. Haserretzean ateratzen dituk holakoak.» Meckek berean segitzen zuen: «Horrekin behazuna bai, baina burua ez zaik nahasten. Buruarena beste kontu bat duk. Atleta bat duk, lan gogorretan aritua, lehen mailakoa altzariak garraiatzen, pianoak eta, holakoei ez zaiek burua nahasten.» «Holakoxeei nahasten zaiek ba burua. Sentiberak dituk. Buruak lan gutxiegi egiten ziek, eta hasten zaienean, pott.» «Bueno, eta ondo al zabiltzate zuek, abere-tratulariak, zuen auzi horiekin? Oso poliki ikusten zaituztet.» «Abere-tratulariak kasko gogorra dik. Bai horixe. Haserretzen hasiko balira, denek bukatuko liketek Herzbergeko zoroetxean. Gu ez gaituk sekula haserretzen. Generoa eskatu eta gero batere hartu ez edo pagatu nahi ez, hori maiz gertatzen zaiguk. Jendeak ez zeukak dirurik.» «Edo ez zeukatek beti eskura.» «Baita.»

        Tratulari bat bere txaleko zikinari begira dago: «Etxean platertxotik edaten diat kafea, goxoagoa duk, baina zikintzen haiz.» «Lepozapia jantzi beharko duk.» «Atsoa barrez hasteko. Ez, dardarizoa hasi zaidak eskuetan, beitu.»

        Meckek eta Linak ez dute topatzen Franz Biberkopf. Berlin erdia miatu eta ez dute gizona topatzen.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia