BIGARREN LIBURUA

 

        Honenbestez, gure gizona ederki ekarri dugu Berlinera. Zin ere egin du, eta kontua da ez ote genukeen besterik gabe bukatu behar. Azkenak atsegina eta nahasketarik gabea dirudi, bukaera dirudi, eta laburra izatearen abantaila dauka.

        Baina ez da nolanahiko gizona, Franz Biberkopf hau. Ez diot jolaserako deitu honaino, baizik eta bizi dezan bere izaera gogor, zinezko, argigarria.

        Franz Biberkopfek larrua ongi zaildua dauka, orain Berlingo lurretan hankak tinko dituela hainbestean dago, eta zintzo ibili nahi duela badio, ba sinets dezagun, hala ibiliko da eta.

        Ikusiko duzue nola zintzo bizi den asteetan eta asteetan. Baina hori, nola edo hala, faborezko epe bat baino ez da.

 

 

        Paradisuan behin bi pertsona bizi ziren, Adam eta Eva. Han ipini zituen Jainkoak, animalien eta landareen eta zeruaren eta lurraren egileak. Eta Paradisua Eden lorategi zoragarria zen. Loreak eta zuhaitzak hazten ziren bertan, animaliak jolasean zebiltzan, inork ondokoa kaltetu gabe. Eguzkia sortu eta sartzen zen, ilargia beste hainbeste, poza besterik ez zegoen egun osoan Paradisuan.

        Has gaitezen beraz alai. Kanta eta dantza dezagun: eskutxoak txalo, txalo, txalo, hankatxoak tra, tra, tra, batean hona, bestean hara, jira eta buelta, berriz hasiera.

 

 

Franz Biberkopf Berlinen sartzen da

 

                Merkataritza eta industria

                Udal garbiketa eta garraioa

                Osasuna

                Herri-lanak

                Artea eta kultura

                Trafikoa

                Aurrezki-kutxa eta herriko bankua

                Gas-fabrikak

                Suhiltzaileak

                Finantzak eta zergak

 

        Proiektu publikoa, Spandauer Brücke 10eko eraikuntzan.

        Berlin-Erdi barrutiko sailarekin muga egiten duen Spandauer Brücke 10eko etxean arroseta bat jartzeko proiektua edonork ikusteko moduan dago, planoarekin batera. Bitarte honetan, bertan parte duen orok aurkez ditzake eragozpenak bere interesei begira. Barrutiko batzordeak ere eskubidea dauka eragozpenak aurkezteko. Eragozpen horiek idatziz helarazi beharko dira Berlin-Erdiko C 2 bulegora, Klosterstrasse 68, 76. gela, edo ahoz, aktetan ager dadin.

        Bottich jaunari, ehiza-eskubideen maizter denari, Polizia-Presidente jaunaren onespenez, noiznahi ken lekiokeen baimena eman diot, mendiko untxiak eta bestelako piztiak bota ditzan Faulen Seepark esparruan 1928ko egunotan: ezingo da ehizan aritu udan, apirilaren 1etik irailaren 30era 7ak arte, eta neguan urriaren 1etik martxoaren 31ra 8ak arte. Honenbestez, denen jakingarri izan bedi. Ehiza-ordu horietan delako esparruan sartzen denak arreta izan beza. Alkate Lehena, Ehiza-Arduraduna.

        ­ Albert Pangel larru-ontzaileak, ia 30 urteko funtzionario-lanaz harro egon daitekeenak, bere ohorezko kargua utzi du, bere adin handiagatik eta Batzordearen barrutitik kanpora hartu duelako bizilekua. Bitarte luze honetan etengabe izan da Ongizate-Batzordeko lehendakari, hau da, Ongizate-Arduradun. Barrutiko bulegoak Pangel jaunaren merezimenduak azpimarratu ditu, berari bidalitako esker onezko gutun baten bidez.

 

        Rosenthaler Platz gustura dago.

        Eguraldi aldakorra, goxoagoa, gradu bat zero azpitik. Alemanian presiogune apal bat zabaldu da, eta orain arte inguru guztian zegoen eguraldiarekin amaitu du. Presio-aldaketa txikien ondorioz presio apalak astiro zabalduko dira hegora, eta beraz eguraldiak haien eraginpean jarraituko du. Egunez behera egin lezake tenperaturak. Iragarpena Berlin eta ingururako.

        68. tranbiaren ibilbidea, Rosenthaler Platz, Wittenau, Nordbahnhof, Heilanstalt, Weddingplatz, Stettiner Bahnhof, Rosenthaler Platz, Alexanderplatz, Straussberger Platz, Bahnhof Frankfurter Allee, Lichtenberg, Herzberge eroetxea. Berlingo hiru garraio-enpresek ­tranbia, lurgaineko eta azpiko trena, autobusa­ tarifa berdina dute. Helduen txartelak 20 pfennig balio du, ikasleenak 10 pfennig. Merkeago dute 15 urte arteko umeek, aprendiz eta ikasleek, eskuarte gutxiko estudianteek, gerrako elbarriek, ibiltzeko ezin handia dutenek, barrutiko ongizate-sailaren agiria erakutsiz. Informa zaitez lineen sareaz. Neguko hilabeteetan ezingo da aurreko atea ireki ez igotzeko eta ez jaisteko, 39 eserleku, 5918, jaitsi nahi baduzu, garaiz adierazi, gidariak debekatua dauka bidaiariekin mintzatzea, tranbia dabilela igotzeak edo jaisteak hiltzeko arriskua dakar.

        Rosenthaler Platzen erdian, gizon batek bi pakete horiekin 41.etik behera salto egin, taxi huts batek pasaeran ukitu, guardiak begiekin segitu, tranbiako inspektore bat agertu, eta guardiak eta inspektoreak eskua ematen diote elkarri: hori eskapada paketedunak.

        Fruituzko pattarrak handizkako prezioan, Dr. Bergell, abokatu eta notarioa, Lukutate, elefanteen edabe indiarra gaztetzeko, Fromms Akt, gomazko esponja onena, zertarako behar dira hainbeste gomazko esponja.

        Plazatik irteten da Brunnenstrasse handia iparrerantz, ezkerretan dago AEG, Humboldthainen aurrean. AEG berebiziko enpresa da, 1928ko telefono-liburuaren arabera bertan daude: Argi- eta Energia-Instalazio Elektrikoak, Administrazio Zentrala, NW 40, Friedrich-Karl-Ufer 24, Barruko Zerbitzua, Kanpoko Zerbitzua, Iparra 4488, Zuzendaritza, Atezaintza, Balio Elektrikoen Bankua S.A., Tresna Argitzaileen Saila, Errusia Saila, Oberspree Metalgintza Saila, Treptow Aparatu-Fabrikak, Brunnenstrasse Fabrikak, Hennigsdorf Fabrikak, Isolagailu Fabrika, Rheinstrasse Fabrika, Oberspree Kablegintza, Wilhelminenhofstrasse Transformadore-Fabrika, Rummelsburger Chaussee, IM 87 Turbina-Fabrika, Huttenstrasse 1216.

        Invalidenstrasse ezkerrera bihurritzen da. Stettin geltokira doa, Baltikoko trenak heltzen diren lekura: kedarrez beteta zaude... bai, hemen hauts asko dago... Egun on, adio... Jauna, ezer eramatea nahi, 50 pfennig... Itxura ederra dakarzu... Laster joaten da belztasuna, baina... Nondik ote dauka jendeak bidaiatzeko hainbeste diru... Horko kale ilun bateko hotel txiki batean hil zuten atzo goizean beren burua bi maitalek, zerbitzari bat Dresdekoa eta emakume ezkondu bat, izen faltsuak zituzten emanak.

        Hegotik iristen da plazara Rosenthaler Strasse. Han aurrean Aschingerrek zer jana eta zer edana eskaintzen du, kontzertuak eta gozogintza. Arraina elikagarria da, batzuk asko pozten dira arraina dutenean, besteek berriz ezin dute arrainik ikusi, arraina jan eta lirain egongo zara, osasuntsu. Emakume-galtzerdiak, benetako zeta artifiziala, hona hemen idazluma bat urrezko punta bikaina duena.

        Elsasser Strasseko galtzada guztia hesitu dute, tarte txiki batean izan ezik. Hesiaren atzean ufaka ari da lurrun-makina bat. Becker-Fiebig, Eraikitze Lanak S.A., Berlin W 35. Zarata, bagonetak izkinaraino, han dago Commerz und Privatbank, Depositu Kutxa L., Balioen Zaintza, Aurrezki Kontuetan Ezarpenak. Bost gizon belauniko daude bankuaren aurrean, langileak, lurrean harri txikiak sartzen.

        Lothringer Strasseko geltokian lau pertsona igo dira oraintxe 4.ean, bi emakume adineko, gizon xume kezkatu bat eta gazte bat txanoarekin eta belarriak estaltzeko batekin. Bi emakumeak elkarrekin doaz, Frau Plück eta Frau Hoppe. Kortse bat erostekoak dira Frau Hopperentzat, zaharrenarentzat, joera baitauka zilborreko hernia izateko. Brunnenstrasseko ortopedarenean izan dira, orain senarren bila doaz, bazkaltzeko. Gizona Hasebruck kotxezaina da, burua hautsi beharrean dabil, berak nagusiari erositako lisaburdina elektriko zahar eta merke bat dela eta. Txarra eman zioten, nagusiak probatu zuen egun pare batean, gero ez zebilen gehiago, aldatu beharra dauka, besteek ez dute nahi, hirugarren aldiz doa, gaur beretik erantsi beharko du zerbait. Semea, Max Rüst, gerora iturgina izango da, beste 7 Rüsten aita, Hallis eta Ko. enpresan jardungo du, Instalazio- eta Teilatu-Lanak, Grünau, 52 urterekin Prusiako loterian sariaren laurdena irabazi, erretiroa hartu eta Hallis eta Ko. enpresarekin indemnizazio-auzi batean ari dela hilko da 55 urterekin. Honela agertuko da bere hil-mezuan: Irailaren 25an joan da bat-batean bihotzekoak jota nire senar maite mina, gure aita maite, seme, anaia, koinatu eta osaba Max Rüst, oraindik 55 urteen azkenera iritsi gabe. Gure atsekabearen berri, senide guztien izenean, Marie Rüstek. Testu hau izango du ehortzi ondorengo oharrak: Eskerrik asko! Jaso ditugun dolumin guztiekin ezinezkoa zaigunez banaka-banaka hastea, idatzi honen bitartez gure eskerrik beroena eman nahi diegu senide eta lagun guztiei, hala nola Kleiststrasse 4ko auzoei eta ezagun guztiei. Esker bereziak Deinen jaunaren kontsolamenduzko hitz sentituei... Max Rüstek 14 urte ditu egun, herri-eskola bukatu berria. Hitz egin ezina, gorreria, ikusmen ahula, adimen urria, hezikaitzak direnentzako orientazio-zentrotik igaro behar du, askotan izan da totela delako, baina orain hobeto dabil.

 

        Taberna txikia Rosenthaler Platzen.

        Aurrean billarrean dabiltza, atzeko kantoi batean bi gizon kea dariela eta tea edaten. Batek aurpegi erasana eta ile urdina dauka, kapusaia jantzita dago: «Bota ezazu behingoz. Baina geldi egon eta ez zaitez hainbeste mugitu.»

        «Gaur ez didazu billarrean jokaraziko. Dardara daukat eskuan.»

        Opil gogor bati hozka ari da, tea ukitu gabe.

        «Ez daukazu jokatu beharrik. Hemen ondo gaude.»

        «Beti kontu berdina. Oraingoan ondo irten da.»

        «Norentzat irten da ondo?»

        Besteak, gazteak, ile hori argikoak, aurpegia tinko, gorputza tinko duela:

        «Niretzat ere bai. Zer uste zenuen, haientzat bakarrik? Orain argi dago.»

        «Alegia bota zaituztela.»

        «Nik nagusiari aleman garbian hitz egin, eta bera purrustan hasi zait. Iluntzean bidali dit, hilaren hasieratik aurrera kalean egongo naizela dioen agiria.»

        «Zenbaitetan hobe da aleman garbian ez hitz egitea. Gizon horri frantses garbian hitz egin bazenio, ez zizun ulertuko eta oraindik barruan egongo zinen.»

        «Oraindik barruan nago, zer uste duzu zuk. Ikusiko dute. Bizitza erraztuko diedala uste dute. Egunero, eguerdiko ordu bietan zuzen, han azaldu eta garraztuko diet bizitza: hori nire kontu.»

        «Gizon, gizon. Ez al zaude ezkondua.»

        Besteak buruari eusten dio: «Hori da okerrena, oraindik ez diodala andreari esan, ezin diot esan.»

        «Agian konponduko da dena.»

        «Esperoan dago.»

        «Bigarrena?»

        «Bai.»

        Kapusaidunak berokia estutu, isekaz irribarre egin, eta baietz egiten du: «Bueno, hori ona da. Haurrek kemena ematen dute. Behar duzu orain.»

        Besteak gorputza aurreratuta: «Ez dut kemenik behar. Zertarako. Honaino nago zorrez. Betiko epeak. Ezin diot emazteari esan. Inori holako ostikoa ematea. Ni txukun ibiltzen nago ohituta, eta hori lantegi zerri bat da, goitik hasi eta beheraino. Nagusiak bere altzari-fabrika dauka, eta berari berdin-berdin zaio, nik oinetako-sekziorako eskaerak lortu ala ez. Hori da. Hutsaren hurrengoa naiz. Hor hasten da bulegoan galdetu eta galdetu: Irten al dira azkenean eskaintzak? Zer eskaintza? Sei bider galdetu diot, ea orduan zergatik nabilen ni bezeroen atzetik. Barregarri. Erabaki dezala, sekzioa kendu ala ez.»

        «Edan ezazu te pittin bat. Zu behintzat kendu zaitu.»

        Billar-mahaitik gizon bat mahuka-hutsik etorri eta sorbaldan jo du gaztea: «Partida bat?»

        Zaharrenak: «Sekulako muturrekoa eman diote.»

        «Billarra ona da muturrekoentzat.» Horrenbestez, badoa. Kapusaidunak te beroa irensten du; ederra da, te beroa azukrea eta ronarekin edanaz beste bati tar-tar aditzea. Gustura egoten da taberna-zulo honetan. «Ez al zara gaur etxera joango, Georg?»

        «Ez dut kemenik, ez dut kemenik. Zer esan behar diot. Ezingo diot aurpegira begiratu ere.»

        «Joan eta lasai begiratu aurpegira.»

        «Zuk ere badakizu ba zerbait.»

        Jartzen da zabal-zabal mahai gainean, kapusai ertzak hatzen artean dituela: «Edan ezazu, Georg, edo jan ezazu, eta ez hitz egin. Bai, badakit nik zerbait. Ezaguna zait gorabehera hori. Zu honaino iritsi aurretik, ni asko ikusia naiz.»

        «Nire egoeran jartzea besterik ez dago. Posizio honetako gizonari urdekeria hau egitea.»

        «Ni irakasle izana naiz. Gerra baino lehen. Gerra piztu zenean, orain bezalaxe nengoen. Gaur bezala zegoen taberna. Ez ninduten deitu. Ez dituzte behar ni bezalakoak, zera, ziztatzen direnak. Hobeto esan: deitu ninduten, eta pentsatu nuen neure artean, hau duk egurra. Jakina, xiringa kendu zidaten eta morfina ere bai. Eta lanera. Bi egunez jasan nuen, bukatu arte erreserbak, tantak, eta gero adieu Prusia, eta ni zoroetxera. Orduan utzi zidaten joaten. Bueno, zer ari nintzen esaten, gero eskolak ere egotzi ninduen, morfina, batzuetan joanda zaude, hasieran, orain ja ez, zoritxarrez. Bueno, eta andrea? Eta haurra? Adio, aberri maite. Aizu, George, badaukat nik zuri istorio erromantikoak kontatzea.» Edaten du ile-zuriak, bi eskuak basoan dituela, edaten du astiro, sakon, teari so: «Emaztea, haurra: badirudi hori besterik ez dela munduan. Ez naiz damutu, ez dut kulparik sentitzen; onartu behar dira gertaerak, eta baita zeure burua ere. Ez da itsutu behar norbere patuarekin. Ni halabeharraren aurkakoa naiz. Ni ez naiz grekoa, ni berlindarra naiz. Zergatik uzten diozu hozten te goxo horri? Botaiozu rona.» Gazteak baso gainean eskua jarri, baina besteak baztertu, sakelatik metalezko botila txiki bat atera eta zorroten bat botatzen dio. «Joan beharra daukat. Eskerrik asko. Oinez joanda baretu behar dut amorrua.» «Zaude hemen lasai, Georg, pixka bat edan, gero billarrean jokatu. Alde egizu nahasketatik. Horrela hasten da amaiera. Emaztea eta umea etxean aurkitu ez nituenean, gutun bat besterik ez, amarengana joan zela Mendebaldeko Prusiara eta abar, bizitzan huts egin zuela, halako gizon bat eta lotsa eta abar, ebaki bat egin nuen hemen, ezkerreko besoan, neure buruaz beste egitea zirudien. Beti saiatu behar da ikasten, Georg; nik proventzera eta guzti nekien, baina anatomia... Arteria eta tendoia nahasi nituen. Orain ere ez dakit askoz gehiago, baina hura dena alde batera geratu da. Zera: oinazea eta damua txorakeriak ziren, ni bizirik nengoen, emaztea ere bizirik zegoen, umea ere bai, ume gehiago ere agertu zitzaizkion, Mendebaldeko Prusian, bi edo, nire urrutiko eragina; denok bizi gara. Pozik nago Rosenthaler Platzekin, pozik nago Elsasser kantoiko guardiarekin, pozik nago billarrarekin. Etor dadila baten bat ni baino hobeto bizi dela esanez eta ez dakidala ezer emakumeez.»

        Ile-horia higuinez dauka begira: «Galdua zaude, Krause, eta zeuk ere badakizu. A zer etsenplua inorentzat. Hondamenaren erdian ikusten zaitut, Krause. Zeuk kontatuta dakit nolako goseak pasatzen dituzun zeure klase partikular horiekin. Ez diot inori opa bizimodu hori.» Ile-zuriak bukatu du basoa edatez, atzeratu da burdinazko aulkian, begirada zital bat bota gazteari, purrust egin eta lehertzen da barrez: «Ez, ez naiz inorentzat etsenplua, horretan arrazoi duzu. Ezta nahi ere. Zuretzat ez naiz etsenplua. Eulia, adibidez. Ikuspuntuak. Eulia joan mikroskopio azpira eta zaldia dirudi. Jar dadila eulia nire teleskopioaren azpian. Nor zara zu, zera, Georg jauna? Aurkez zaitez: XY enpresako ordezkari, oinetakoen saila. Ez, utzi bromak. Niri zure kezkak kontatzea, kezkak: alegia K kirtena, E exkaxa, handia gainera, Z zaborra. Eta zenbaki okerra markatu duzu, zenbaki okerra, jauna, zenbaki erabat okerra.»

 

        Neska gazte bat jaisten da 99.etik, Mariendorf, Lichtenrader Chaussee, Tempelhof, Hallesches Tor, Hedwigskirche, Rosenthaler Platz, Badstrasse, Seestrasse izkina Togostrasserekin, larunbatetik igandera gauez etengabeko zerbitzua Uferstrassetik Tempelhofera eta Friedrich-Karlstrassera, 15 minutuero. Iluntzeko 8ak dira, musika-karpeta bat darama besapean, aurpegiraino goratu du ardi-larruzko berokia, Brunnenstrasse-Weinbergsweg kantoian dabil hara eta hona. Larruz jantzitako gizon batek hitz egiten dio, berak dardara egin eta bizkor igarotzen da beste aldera. Kaleargi altuaren azpian dago, harantz begira. Gizon txiki, zahar, hezurrezko betaurrekoak daramatzan bat agertzen da harako hartan, bizkor doa harengana. Barre txikiak eginez doa harekin. Brunnenstrassen gora hartzen dute.

        «Gaur ezin naiz hain berandu etxeratu, egitan, ez. Hobe nuen batere ez etortzea. Baina ezin dizut deitu eta.» «Ez, besterik ezean bakarrik, larria baldin bada. Dena entzuten diten bulegoan. Higatik dun, umea.» «Bai, beldur naiz, baina ez da jakingo, ez diozu noski inori esango.» «Ez, noski.» «Aitak zerbait entzuten badu, eta amak, ai ene.» Gizon zaharrak pozez heltzen dio besotik. «Ez da jakingo. Inortxori ere ez zionat tutik esango. Asko ikasi dun eskolan?» «Chopin. Nokturnoak ari naiz jotzen. Musikazalea zara?» «Behar denean bai.» «Gustura joko nuke zuretzat, ahal banu. Baina ikara ematen didazu.» «Hara.» «Bai, beti eman didazu ikara, pixka bat, asko ez. Ez, askorik ez. Baina ez daukat zutaz ikaratu beharrik.» «Ezta batere. Esatea ere. Hiru hilabete ditun ezagutzen naunala.» «Aitari diot berez ikara. Jakiten bada.» «Neska, gauez pauso pare bat emateko gauza haiz. Ez haiz ja ninia.» «Horixe esaten diot beti amari. Eta ateratzen naiz.» «Nahi dugun tokira joango gaitun, milika.» «Ez niri milika deitu. Hori esan dizut, zera... pasaeran. Nora goaz gaur. Etxean egon behar dut bederatzietarako.» «Hemen gora. Heldu gaitun. Nire lagun bat bizi dun. Lasai igo gaitezken.» «Beldurra ematen dit. Ez gaitu inork ikusten? Zoaz zu aurretik. Bakarrik segituko dizut.»

        Goian elkarri barrez daude. Neska izkinan dago. Gizonak erantzi du berokia eta kapela, neskak uzten dio musika-karpeta eta kapela kentzen. Gero ateraino korrika joan eta itzaltzen du argia: «Baina gaur denbora gutxian, ez daukat astirik, etxera joan behar dut, ez naiz biluziko, ez minik egin.»

 

 

Franz Biberkopf bila doa,
dirua irabazi behar,
dirurik gabe ezin da bizi.
Frankfurteko eltze-azokaz

 

        Franz Biberkopf bere lagun Meckekin eseri zen mahai batean, non gizon iskanbilatsu batzuk zeuden eserita, eta bilera hasi zain jarri zen. Meckek argitu zion: «Hik ez duk langabezia kobratzen, Franz, fabrikara ere ez haiz joaten, eta hotzegi zegok lur-lanerako. Merkatari duk onena. Berlinen edo kanpoan. Aukeran daukak. Baina horrek jateko lain ematen dik.» Zerbitzariak hots egin zuen: «Kontuz buruak.» Garagardoa edan zuten. Une hartan pauso-hotsa entzun zuten goian, Herr Wünschel, lehen solairuko administratzailea, erietxera zihoan lasterka, emaztea zorabiatu zela eta. Meckek orduan berriro argitu zion: «Jainkoaren izenean, ikusi hemengo jendea. Zer itxura duten. Gosetuak dauden. Jende zintzoa den.» «Gottlieb, badakik niri ez zaizkidala gustatzen zintzotasunari buruzko bromak. Eskua bihotzean, itxurazko lanbidea al da?» «Ikusi jendea, nik ez diat ezer esaten, dotore askoak, ikus itzak.» «Bizimodu segurua, hori duk kontua, segurua.» «Izan litekeen seguruena. Tiranteak, galtzerdiak, galtzerdi motzak, mantalak, agian mantelinak. Zenbat saldu, hainbeste irabazi.»

        Tauladaren gainean txalkor bat hizketan ari zen Frankfurteko azokaz. Azokari buruz esaten diren guztiak gutxiegi dira. Leku txarrean dago azoka. Batez ere eltze-azoka. «Jaun andreak, lankide estimatuak, joan den igandean Franfurteko eltze-azokan parte hartu duena nirekin ados egongo da, ezin zaiola publikoari hori egin.» Gottliebek Franz jo zuen saihetsean: «Frankfurteko eltze-azokaz ari duk. Hi ez haiz hara joango.» «Berdin ziok, gizon ona duk, bazekik zer nahi duen.» «Frankfurteko Magazinplatzen izan zena, ez da hara itzuliko. Hori seguru baino seguruago. Zerrikeria bat zen, lokazti bat. Gainera, Frankfurteko udalak denbora erruz eduki zuen, hiru egun lehenagotik. Eta orduan esan zuen: guretzat Magazinplatz, ez betiko Marktplatz. Zergatik, zuek horixe aztertzea nahi nuke: Marktplatzen egiten delako asteko azoka, eta gu ere hara bagoaz, trafiko guztia nahasiko delako. Frankfurteko udalak halakorik egitea! Hori matraileko bat da. Aitzakia hori ematea. Asteko lau egun erditan azoka dago, eta zer eta guk joan behar? Zergatik guk geuk? Zergatik ez barazkien gizona eta gurinaren andrea? Zergatik ez du Frankfurtek azoka estali bat eraikitzen? Fruitu-, barazki- eta janari-saltzaileak ere gu bezain txarki tratatzen ditu udalak. Denok sufritu behar ditugu udalaren okerrak. Baina aski da. Magazinplatzeko irabaziak urriak izan dira, hutsa, ez zuen merezi. Ez da inor joan, hango euria eta zikinarekin. Han egondako lankide gehienek bildu dituzten sosekin, ez zeukaten beren gurdiak hartu eta plazatik joateko adina ere. Burbinbideko gastuak, postuak alokatzea, egonaldia alokatzea, haraino garraiatzea, handik garraiatzea. Horretaz gain, eta hau jende guztiaren aurrean utzi nahi nuke argi eta garbi, ez dago hitzez esaterik zer-nola dauden Frankfurteko komunak. Han izan denak ondo aski daki. Halako egoera higienikoa ez da itxura hiri handi batean, eta publikoak salatu beharra dauka hori, ahal duenero. Egoera horrek ezin ditu bisitariak erakarri Frankfurtera, eta kaltea saltzaileentzat da. Eta postuen estutasuna ere bai, sardinak bezala elkarri pega-pega eginda.»

        Eztabaidaren ondoren, non zuzendaritzari ere eraso zitzaion, ordu arte hain motel aritu zelako, aho batez onartu zen ondorengo erabakia:

        «Azokako saltzaileentzat matraileko bat izan da, azoka Magazinplatzera aldatzea. Emaitza ekonomikoa aurreko azoketan baino urriagoa izan da, nabarmen. Magazinplatz erabat desegokia da azokarako, ez dira inola ere hainbeste bisitari sartzen, garbitasun aldetik guztiz lotsagarria da Frankfurt an der Oder hirirako, eta gainera sua gertatu balitz saltzaileak beren gaiekin batera galduko ziren. Biltzar honek esperantza dauka hiriko udalak ostera Marktplatzera eramango duela azoka, horrela bakarrik bermatuko baita azokaren geroa. Aldi berean, biltzar honek arren eskatzen du postuen alokairua merkatzeko, oraingo egoeran ez baitira gai beren konpromisoak gertutik ere betetzeko, eta hiriko ongizate-sailarentzat karga bat izango lirateke.»

        Hizlariarekin itsutua zegoen Biberkopf. «Meck, hori duk hitz egitea, benetako plazagizon izatea.» «Zapaliok oineko behatza, eta ikusiko duk zer jasoko duan.» «Hik ez daukak hori jakiterik, Gottlieb. Badakik juduek nola bizkortu ninduten. Patioetan zehar nenbilean Rhinen Ertzak Zaintzen kantari, burua zeharo nahasita. Hartan, bi juduek atzaparra bota eta istorioak kontatu zizkidatean. Hitzak ere onak dituk, Gottlieb, esaten dena.» «Poloniar horren istorioa, Stefanena. Franz, hik oraindik txoriak dauzkak buruan.» Berak sorbaldak goratu zituen: «Gottlieb, txori bat gorabehera, nire lekuan jar hadi eta gero hitz egin ezak. Goiko gizon hori, txiki konkorduna, ona duk, baietz ba, paregabea.» «Hor konpon. Hobe huke negozioez arduratzen hasi, Franz.» «Baita hori ere, aurki, bata bestearen ondoren. Ez zieat negozioei muzin egiten.»

        Eta konkordunagana bidea egitea lortu zuen. Begirunez eskatu zion informazioa. «Zer nahi duzu?» «Informazioa eskatu nahi nizuke.» «Joan da eztabaidaren ordua. Bukatu da, akabo. Nahikoa dugu honenbestez.» Konkorduna garratza zen: «Zer nahi duzu, baina?» «Nik... Hemen asko mintzatu da Frankfurteko azokaz, eta arrazoi handiak bota dituzu, galantak, jauna. Nire partetik horixe esan nahi nizun. Bat nator zurekin.» «Pozten naiz, adiskidea. Atrebentzia ez bada, zer izen duzu?» «Franz Biberkopf. Poz handiz entzun dut zer arrazoi bota dituzun eta nola jarri dituzun Frankfurtekoak.» «Udala.» «Dotore. Jipoi ederra eman diezu. Ezingo dute txintik esan. Ez dira berehalakoan berriz eseriko.» Txikiak bere paperak bildu eta tauladatik sala ketsura jaitsi zen: «Ondo, oso ondo.» Eta Franz zoratzen zegoen, hari gurka. «Informazioa nahi zenuen? Elkartekoa zara?» «Ez, zoritxarrez.» «Berehala konponduko dizut hori. Zatoz gure mahaira.» Franz behean eseri zen, zuzendaritzaren mahaian, aurpegi gorrituen ondoan, edan zuen, diosal egin zuen, eman zioten txartel bat eskura. Hurrengo hilaren hasierarako agindu zien kuota. Bostekoak.

        Urrutitik egin zion keinu Mecki orriarekin: «Orain ja partaide nauk, bai jauna. Berlingo Biltzarrekoa. Irakur ezak, horra: Berlingo Biltzarra, Elkarte Nazionala, eta zer dio hor: Alemaniako Langile Ibiltari. Ederra gauza.» «Eta zer haiz, oihal-saltzaile? Hemen oihalak jartzen dik. Noiztik, Franz? Zer oihal dauzkak?» «Nik ez diat oihalik aipatu. Nik galtzerdiak eta mantalak esan diat. Bereari eutsi ziok, oihalak. Berdin ziok. Hilaren hasieran pagatu behar diat.» «Baina motel, igual ibiliko haiz-eta tratuan portzelanazko platerekin edo sukaldeko perrailekin edo agian abereekin, hemengo jaun hauek bezala: jaunak, ez al da zorakeria gizon honek oihalzale-agiria edukitzea eta beharbada behiekin jardutea?» «Ez dizkizut behiak gomendatzen. Behi kontua makal dabil. Hobe duzu abere xehea.» «Baina oraindik ez du ezertan jarduten eta. Egia. Jaunak, besterik ezean dago hementxe eserita. Berdin dio honi esatea, tira, Franz, jardun ezazu sagutegiekin edo igeltsuzko buruekin.» «Hala izan behar badu, Gottlieb, jateko lain ematen badu. Sagutegiak ez, drogeriek konpetentzia handia egiten ditek pozoiarekin, baina igeltsuzko buruak: zergatik ez igeltsuzko buruekin ibili herri txikietan?» «Hara, ikusten: mantalentzako agiria hartu eta igeltsuzko buruekin ibiltzeko.»

        «Gottlieb, bai zera, jaunak, arrazoi duzue, baina ez ezak arazoa horrela aldrebestu. Arazoa ondo agertu eta argitu behar da, konkordun txikiak Frankfurteko arazoa bezala, hik ez diok entzun ere egin.» «Ez daukadalako zerikusirik Frankfurtekin. Eta hemengo jaunek ere ez.» «Ondo, Gottlieb, ederki, jaunak, ez naiz ari ezer aurpegiratzen, baina neu behintzat, nire txikitasunetik entzuten egon naiz, eta ederra izan da nola azaldu duen guztia, lasai baina tinko, bere ahots ahularekin, gizon hori gaizki dago bularretik, eta nola guztiak bere ordena zeukan eta nola iritsi den ondoriora, dena argi, txukun asko, burutsu, komunekin ere zehatz aritu da, ez zaizkiola gustatu eta. Nik arazo bat izan nuen juduekin, hik badakik. Behin, jaunak, ni oso pattal nenbilela, bi juduk lagundu zidaten, istorioak kontatuz. Hitz egin zidaten, jatorrak dira, ez ninduten ezagutzen, eta gero poloniar batena-edo kontatu zidaten, eta istorio bat besterik ez zen baina oso egokia, nengoen egoeran oso jakingarria. Neure artean pentsatu nuen: koñak bat hartzea ere berdin izango zuan. Baina auskalo. Ondoren berriro sasoian nengoen, hanken gainean jartzeko.» Abere-tratulari batek kea bota eta barre-iduri egin zuen: «Baina hori baino lehen, harrikada handi batek eman zizun kaskarrean, ezta?» «Ez adarrik jo, jaunak. Gainera arrazoi duzu. Harrikada ona izan zen. Litekeena da zuei ere noizbait pasatzea, harri puskak buru gainera erortzea eta hanketako dardara edukitzea. Hori edozeini gerta lekioke, halako saltsa. Eta zer egin hanketako dardara daukazunean? Kalez kale ibili, Brunnenstrasse, Rosenthaler Tor, Alex. Baliteke zuei hori pasatzea, ibili eta ibili eta kaleen izenak ere ezin irakurri. Niri jende bizkorrak lagundu zidan, hitz egin eta kontuak esan zizkidaten, jende burutsua, eta horregatik diotsuet: ez itsutu diruarekin, edo koñakarekin edo kuotako pfennig txatxu horiekin. Kontua da burua eduki eta erabiltzea, eta inguruan zer gertatzen den jakitea, inork ipurdiz gora bota ez zaitzan. Horrela gaitzerdi. Hori da, jaunak. Hori da nire iritzia.»

        «Hori horrela, jauna, alegia lankide, edan dezagun. Gure elkarteari.» «Gure elkarteari topa, jaunak. Topa, Gottlieb.» Hura barre eta barre ari zen: «Motel, galdera bakarra zeukaat, nondik pagatu behar duk heure kuota datorren hilaren hasieran?» «Eta gainera, lankide gazte, orain agiria daukazunez eta gure elkartekoa zarenez, saia zaitez ea elkarteak laguntzen dizun irabazi polit bat biltzen.» Abere-tratulariak Gottliebekin batera ari ziren, lehertu beharrean barrez. Tratulari batek: «Zoaz agiriarekin Meiningenera, datorren astean azoka da eta. Ni eskuinean jarriko naiz, zu ezkerrean jarri, eta begira egongo naiz tratua nola doakizun. Pentsa, Albert, agiria zeukak, elkartekoa duk eta bere txokoan zegok. Nire ondoan hasten dituk garrasika: Vienako saltxitxak, Meiningeneko opilak, eta hau handik marruka: aizue aizue, lehenbiziko aldia, elkartekoa naiz, sekulako arrakasta izan dut Meiningeneko bizkotxo-azokan. Eta jendea barra-barra zoakiok. Jakob, Jakob, ni nauk burubako.» Ukabilka jo zuten mahaia, Biberkopfek ere bai. Kontuz sartu zuen papera bularreko sakelan: «Oinez ibili nahi duenak, oinetakoak erosten ditu. Nik ez dut esan negozio handiak egingo ditudanik. Baina goiko ganbara bere lekuan daukat.» Denak zutitu ziren.

 

        Meckek istilu gorria izan zuen kalean, lehengo bi abere-tratulariekin. Biek beren ikuspuntua defendatzen zuten, haietako baten auzia zela eta. Abereekin tratuan ibilia zen mugan, nahiz eta Berlinerako bakarrik eduki baimena. Lehiakide batek herrixka batean topatu eta jendarmeei salatu zien. Baina bi tratulariek, elkarrekin baitzihoazen, ongi taxutu zuten gauza: akusatuak epaitegian adierazi zuen besteari laguntzen besterik ez zebilela, dena bestearen izenean.

        Tratulariek zioten: «Ez zigutek sosik aterako. Hitzemango diagu. Orain epaile aurrean hitzeman beharra zegok. Nire laguntzaile zela hitzemango dik, askotan izan dela, hori hitzeman eta hor konpon.»

        Orduan Meck erabat bere onetik atera eta zamarretik heldu zien bi tratulariei: «Argi zegok, zuek eroak zaudete, tontoen herrian zuek alkate. Zin egitera zoazte hain kontu inozoan, zer eta beste arlote horri gustua eman eta ziria sar diezazuen. Egunkarian azaldu behar likek horrek, legeak horrelako zerbait babesten duela, hori ez duk batere zuzena, jaun monokulodunak. Justiziaz ari gaituk hizketan.»

        Bigarren abere-tratulariak gogorrean: «Nik zin egingo diat, zergatik ez? Hobe al da sakelak hustea, hiru instantzia eta arlote horri poza ematea? Inbidiaz erreta zegok. Nik pagatu, ezta ezta...»

        Meckek ukabilaz jo zuen bere kopeta: «Inuxente arraioa, ongi merezita daukak bizi haizen simaurtegia.»

        Haiengandik aldendu, Franzek besotik hartu Meck, eta paseoan abiatu ziren Brunnenstrassen barrena. Meckek mehatxu egin zien atzetik tratulariei: «Hori jendilajea. Kalte egiten zigutek. Herri osoari egiten ziotek kalte.» «Zer diok, Gottlieb?» «Exkax ustelak, epaimahaiari ukabilak erakutsi beharrean, exkax ustelak, herri osoa, tratulariak, langileak, direnak eta ez direnak.»

        Meck bertan gelditu eta Franzen aurrean jarri zen: «Franz, hitz egin beharra zeukaagu. Bestela ezin diat utzi nirekin etortzen. Ezta inola ere.» «Ea, hasi ba.» «Franz, hi nor haizen jakin behar diat. Begiraidak aurpegira. Esaidak bene-benetan, hik probatu duk hor Tegelen, badakik zer den zuzena eta zuzentasuna. Zuzena beti zuzena duk.» «Hori egia duk, Gottlieb.» «Orduan, Franz, eskua bihotzean: hi aldrebestu egin haute barru hartan, ezta?» «Lasai, motel. Sinetsidak: adarrak dauzkanak kanpoan uzten ditik. Liburuak irakurtzen eta takigrafia ikasten jarduten genian, xakean ere ibiltzen zituan, ni ere bai.» «Xakean ere badakik?» «Bueno, guk skatean segituko diagu, Gottlieb. Han hagoela ez daukak burmuin larregi pentsatzeko, garraiarion artean axola gehiago dik gihar eta hezurren indarrak, baina egun batean heure artean diok: zer arraio, ez hadi jendartean nahasi, har ezak heure bidea. Utikan jendea. Gottlieb, gu bezalakoek zertarako dute legea eta polizia eta politika? Bagenian tartean komunista bat, ni baino gizenago zegoan, hemeretzian Berlinen ibilia. Orduan ez zitean harrapatu, baina gero zentzatu zuan, alargun bat ezagutu eta haren negoziora bildu zuan. Bizkorra mutila, horra.» «Ta nolatan bukatu zuen zuenean?» «Saltsaren batean sartuko zuan. Han beti elkarrekin ibiltzen gintuan, eta mingaina gehiegi dantzatzen zuenak segurua zian berotu on bat. Hobe inorekin harremanik ez izatea. Heure burua hiltzea duk bestela. Bazterrean geratu. Fin jokatu eta heure bizkarra zaindu. Hori duk nire legea.»

        «A bai», esan zuen Meckek irmo begira: «Orduan hor konpon mari-anton, hori ustel hutsa izatea duk, hartara denok goazak pikutara.» «Ba hor konpon, hori ez duk gure ardura.» «Franz, hi ustel hutsa haiz, hori behintzat ez didak burutik kenduko. Damutuko zaik, Franz.»

 

        Invalidenstrassetik doa Franz Biberkopf, ondoan bere andregai berria duela, Lina poloniarra. Chausseestrasseko kantoian egunkari-kiosko bat dago ezkaratzean, eta han zenbait jende, berriketan.

        «Kontuz, ez gelditu espaloi erdian.» «Ez dago argazkiei begira egoterik ala.» «Erosi behingoz. Ez bidea oztopatu.» «Inuxentea.»

        Bidai agentziako eranskina. Gure ipar hotz honetara giro narrasa iristen denean, alegia neguko elurrak hasi eta maiatzeko lehen berdetasuna arte, zerbaitek ­antzinako joera batek­ hegoaldera bultzatzen gaitu, Alpeez bestaldeko Italiara. Zorionekoa, sena ibiltari horri eusten diona. «Ez jendeagatik larritu. Ikustazu zer basatiak bihurtu diren denak: Gizon batek neska bati tranbian eraso eta ia hiltzeraino egurtu du berrogeita hamar markoengatik.» «Nik ere egingo nuke horrengatik.» «Zer?» «Zuk ba al dakizu zer diren berrogeita hamar marko. Ez dakizu eta kito, zer eta berrogeita hamar marko. Gu bezalakoentzat diru pila da, sekulako pila, aizu. Noizbait ikasten duzunean berrogeita hamar marko zer diren, orduan segituko dut zurekin hizketan.»

        Marx kantzilerraren hitzaldi fatalista: nire aburuz, gertakizun guztiak Jainkoak aurrez ikusi ditu, asmo jakin batzuk dauzka herri bakoitzarentzat. Horren aurrean, giza-lana mugatua egongo da beti. Indar guztiarekin eta etengabe jardutea da gure aukera bakarra, geure usteei jarraituz, eta beraz leial eta prestu beteko dut orain onartzera noan kargua. Bukatzeko, jaun guztiz agurgarriok, denetan onena opa dizuet, arrakasta izan dezazuen Baviera ederraren aldeko zuen jardun neketsu eta saiatuan. Zorte ona izan ezazue aurrerantzean zeuon ahaleginetan. Hil aurreko zure bazkaria nolakoa izatea nahiko zenukeen, halaxe bizi zaitez.

        «Zer, bukatu duzu irakurtzez, jauna?» «Zer ba?» «Ez duzu nahi egunkaria kakotik kentzea? Gizon batek behin aulkia ere eskatu zidan, lasai irakurtzeko.» «Orduan zertarako esekitzen dituzu zure argazki horiek, zera...» «Nik nire argazkiekin zer egiten dudan, hori nire kontua da. Ez didazu zuk pagatzen kiosko hau. Ez daukat nik begiluzeen beharrik, bezero guztiak uxatzen dizkidate eta.»

        Bazoak, hobe likek oinetakoak garbitzea, horrek Fröbel Strasseko «Palme»enean egingo dik lo, tranbia hartu dik. Inondik ere txartel faltsua zeramak edo lurretik bat hartu eta hor ariko duk, saiatzen. Harrapatzen badute, benetakoa galdu duela esango dik. Muturluze arraioak, hara beste bi. Hurrengoan sarea jarriko diat. Gosaldu beharra zeukaat.

        Hemen dator Franz Biberkopf martxan, onddo-kapela jantzi eta Lina poloniar gizena besotik duela. «Lina, begiak ezker, ezkaratzera. Eguraldi hau ez da langabeentzat. Goazen argazkiak ikustera. Argazki ederrak, baina leku haizetsua da hau. Aizak, hi, negozioa ondo? Hemen izoztuta geratzen haiz.» «Ez da sauna bat.» «Lina, egongo al hintzateke hi holako leku batean?» «Goazen, oso keinu itsusiak egiten ditik eta.» «Andereño, pentsatzen jarrita, ederra litzateke ezkaratzean jarriko bazina egunkariak saltzen. Esku goxoko zerbitzua.»

        Haize-boladak egunkariak harrotzen ditu kakoen azpian. «Adiskidea, estalpe bat ipini behar duk hemen kanpoan.» «Inork ezer ikusi ez dezan.» «Ba orduan kristal bat.» «Goazen, Franz.» «Egon hadi, neska. Unetxo bat. Gizon honek orduak pasatzen ditin hemen eta haizeak ez din botatzen. Ez hadi hain lirdinga izan, Lina.» «Keinuka ari duk eta.» «Hau da nire aurpegiera, nire bisajea, andereño. Ez daukat besterik.» «Gizaixo hau beti zegon keinuka, Lina.»

        Franzek kapela atzeratu, egunkari-saltzaileari aurpegira begiratu eta barrez lehertu zen, Linari eskutik helduta. «Ez zekin besterik egiten, Lina. Amaren bularretik zetorkion. Ba al dakik, adiskidea, zer ematen duan keinuka? Ez, hola ez, lehen bezala keinu eginda. Zera, Lina. Amaren bularra hartzen ari dela, esnea garraztu zaiola.» «Kale egin duk. Ni biberoiarekin hazia nauk.» «Txorakeriak.» «Adiskidea, esaidak, zer irabazten da negozio honetan?» «Rote Fahne, milesker. Hi, libratu bidea. Kendu burua. Kutxa.» «Enbarazuan hago.»

        Tiratu zion Linak, eta nora gabe jaitsi ziren Chausseestrassetik Oranienburger Torraino. «Niretzat aproposa. Ni ez naiz hozbera. Baina ezkaratzean zain eta zain egotea.»

 

        Handik bi egunera epeldu du, Franzek zamarra saldu du, azpiko arropa beroa darama, Linak zeukan nonbaitetik, Rosenthaler Platzen dago, Fabisch Konfekzioen aurrean, Fabisch eta Ko., gizonentzako jantzigintza neurrira, lana txukun eta prezioak behe, gure produktuen zutabe. Gorbata-orratzak ari da Franz oihukatzen:

        «Baina mendebalean zergatik darama gizon dotoreak gorbata eta proletarioak ez? Jaun-andreak, hurbil zaitezte, Fräulein, zu ere bai, zure senarrarekin, gaztetxoek libre dute sartzea, gaztetxoek ez dute garestiago. Zergatik ez darama proletarioak gorbatarik? Ez dakielako korapiloa egiten. Hala, erosten du orratza baina erosi duena txarra da eta ezin harekin gorbatari eutsi. Hori iruzurra da, horrek herria sumintzen du, lehenez gain oraindik miseria handiagora botatzen du Alemania. Zergatik ez dira, esate baterako, beste gorbata-orratz handi horiek erabiltzen? Inork ez duelako lepoan zaborraren pala eraman nahi. Ez gizonek eta ez emakumeek, ezta bularreko haurrak ere, esaterik baleuka. Ez da barre egitekoa, jaun-andreak, ez barre egin, ez dakigu zer gertatzen den haurren garun txiki maitean. Ai ene, burutxo maitea, hain burutxo txikia eta ile kixkurrak, zer ederra, baina pentsioa pasatzea ez da txantxetakoa, komeriak izaten dira. Eros itzazue holako gorbatak Tietzen edo Wertheimen edo, ez badiezue juduei erosi nahi, beste nonbait. Ni ariarra naiz.» Altxatzen du kapela, ile horia, belarri gorri zabalak, begi biribil alaiak. «Erostetxe handiek ez dute ni bezalako baten beharrik ezer iragartzeko, ni gabe ere iraungo dute. Nik hemen dauzkadan gorbata hauetako bat erosi, eta gero pentsa ezazue goizetan nola jarri.

        «Jaun-andreak, gaur egun nork dauka denbora goizean gorbata lotzen hasteko, eta nork ez du nahiago minutu bat gehiagoan lo egon. Lo asko behar dugu denok, lan asko egin eta gutxi irabazten dugu eta. Gorbata-orratz honek loa errazten dizu. Konkurrentzia egiten die botikei, honelako orratza erosten duenak ez baitu behar ez lotarako pozoirik, ez oherako pontxerik, ez ezer. Sehaskari eragin gabe hartzen du lo, haurrak amaren bularrean bezala, bai baitaki goizean ez dela zalapartan ibiliko; komoda gainean dauka behar duena, xuxen-xuxen, eta lepoan jartzea besterik ez du izango. Makina bat zerrikeriatan gastatzen duzue dirua. Ikusi zenituzten lehengo urtean lapurrak, Krokodil aurrean saltxitxa beroak saltzen, eta atzean kristalezko kutxan zegoen Jolly, ahotik choucrouta zeriola. Denok ikusi zenuten hori ­gehiago hurrera zaitezte, nire ahotsa zaindu ahal izan dezadan, ez daukat ahotsa aseguratuta, lehenbiziko pagua oraindik egiteko daukat­, nola zegoen Jolly kristalezko kutxan, ikusi zenuten. Baina ez zenuten ikusi, nola pasatzen zioten txokolatea ezkutuan. Hemen benetako generoa erosiko duzue, ez da zeluloidea, kautxu bulkanizatua da, batek hogei pfennig, hiruk berrogeita hamar.

        «Kendu galtzadatik, gazte, bestela auto batek harrapatu eta nork bildu behar du gero zikinkeria? Azalduko dizuet nola egiten den gorbataren korapiloa, inork buruan mailukada jo gabe ere ikasiko duzue. Berehala ulertuko duzue. Hartzen dira hemen mutur batetik hogeita hamar edo hogeita hamabost zentimetro, gero gorbata tolestu, baina hola ez. Horrek zimitza ematen du hormaren kontra zanpatuta, zomorro tzar bat, gizon dotorea ez doa horrela. Gero nire tresna hartu. Denbora aurreratu behar da. Denbora urrea da. Joana da erromantizismoa eta ez da sekula itzuliko, hori denok kontuan hartzekoa da gaur egun. Ezin da egunero lepo inguruan gasaren hodia ipini, gauza egina eta txukuna behar da. Ikusi, hau da Gabonetako zuen oparia, zuen gustukoa, jaun-andreak, zuen onerako. Dawes planak zerbait utzi badizue kaskar azpiko burmuina da, eta horrek esan behar dizue, horixe niretzat aproposa, erosi eta eraman dezadan etxera, kontsolatuko nau.

        «Jaun-andreak, kontsolamendua behar dugu hemen gauden guztiok, eta ergelak garenez tabernan bilatzen dugu. Zentzua daukanak ez du halakorik egiten, diruagatik bada ere, zeren ukuilu horietan gaur egun ematen dizuten pattarra penagarria da, eta ona berriz garestia. Horregatik, tresna hauxe hartu, hemen txibista fin bat egin, badago zabal bat egitea, atzelari jendeak oinetakoetan eramaten dituztenak bezalakoak, parrandan dabiltzanean. Hemendik tiratu eta heltzen zaio mutturrari. Gizon alemanak benetako generoa erosten du, hemen dagoena bezalakoa.»

 

 

Atzelari jendeaz arduratzen da Lina

 

        Baina hori ez da aski Franz Biberkopfentzat. Jirabiraka dabiltza bere begi-barrenak. Lina jator eta enasarekin dago, jendearen emanari begira Alex eta Rosenthaler Platz artean, eta erabakitzen du egunkariak saltzen hastea. Zergatik? Horretaz hitz egin diote, Linak ere lagun lezake, bada zerbait. Batean hona, bestean hara, jira eta buelta, berriz hasiera.

        «Lina, nik ez zekinat hizketan, ni ez naun hizlaria. Oihuka ari naizenean ulertzen zidaten, baina okerrekoa. Ba al dakin zer den adimena?» «Ez», erne geratzen zaio Lina zain. «Begira Alexeko eta hemengo gazteei, ez zeukaten batere adimenik. Ezta kiosko bat daukatenek edo gurdi bati tiraka doazenek ere. Azkarrak ditun, mutiko azkarrak, sasoiko gazteak, ez daukan esan beharrik. Baina imajina ezan hizlari bat Reichstagen, Bismarck edo Bebel, oraingo hauek ez ditun ezer, neska, haiek bai adimena. Adimena, alegia burua, ez kaskezurra. Horien ganbara tzar guztiak batu eta halere igualekoa naun ni. Hizlaria izateko hizlari izan behar dun.» «Hi hala haiz, Franz.» «Bestea berriz, nor eta ni. Badakin nor den hizlaria? Ez didan sinetsiko, hire etxekoandrea.» «Schwenk hori?» «Ez, aurrekoa, gauzen bila joan nintzen lekukoa, Karlstrassen.» «Zirkukoa. Ez aipatu ere egin.»

        Franz misterioarekin makurtzen da: «Hura bai hizlaria, Lina, goitik hasi eta beheraino.» «Hori ateraldia. Ni ohean nengoela nire gelan sartu eta hasi ez zitzaidaan ba maleta kendu nahian, hileko errentaren trukean.» «Ondo, Lina, entzuidan, horretan ez zunan jatorra izan. Baina ni gora igo eta galdetu nionean ea zer pasatzen zen maletarekin, hasi zunan.» «Ondo ezagutzen ditiat haren berriketak. Halakoari, ez entzutea hobe. Franz, hark hiri ziria sartzea ere.» «Nola hasi zunan! Lina, legea, arauak, erretiroa jasotzen hasi zela gizona hil zitzaiolako, nazkante hura atake batek jota joan zela, gerrarekin batere zerikusirik gabe. Noiztik dauka zerikusia atake batek gerrarekin. Berak ere hala zionan. Baina lortu zinan, zuhur jokatuta. Harena bai burua, pottola. Nahi duen guztia lortzen din, hori sos batzuk irabaztea baino hobea dun. Horrela egiten dun aurrera. Horrela hartzen dun arnasa. Neska, oraindik harrituta nagon.» «Joaten al haiz oraindik harengana?» Franzek bi eskuekin ezetz egin eta: «Lina, joan hadi noizbait. Joaten haiz maleta baten bila, hamaiketarako han, hamabietan zer egina daukan, eta ordu bata laurden gutxiagotan oraindik han hago. Hitz egin eta hitz egin aritzen zain, eta hik oraindik maletarik ez, eta beharbada batere gabe hoa azkenean. Hark bai hitz egin.»

        Pentsatzen du mahai gainean, marrazten du hatzarekin garagardo-putzu batean: «Nonbaiten izena eman eta egunkariak saltzen jarriko naun. Ez dun edozein gauza.»

        Lina isilik eta apur bat iraindua geratzen da. Nahi duena egiten du Franzek. Eguerdi batean, Rosenthaler Platzen dagoela, Linak ogitartekoak ekarri eta Franzek hamabietan alde egiten du, Linari besazpian kutxa eta kartoia sartuta, informatzera doala eta egunkariei buruz.

 

        Gizon zahar batek, Oranienburger Strasseren aurreko Hackescher Markten, heziketa sexualean hastea gomendatzen dio. Orain eskari handia dago eta ongi omen doa. «Zer da heziketa sexuala?» galdetzen dio Franzek, igarri ezinik. Kaskazuriak bere erakusketa seinalatzen dio: «Ikusi eta ez didak galdetuko.» «Neska biluziak dituk, margotuta.» «Ez zeukaat besterik.» Elkarren ondoan erretzen dute, isilik. Zutitzen da Franz, aztertzen ditu irudiak goitik behera, botatzen du kea, besteak zeharka begiratzen diola. Franzen begiak harenean josten dira: «Aizak, adiskidea, gustura al hago neska hauekin, irudi hauekin eta? Alai Bizi. Zer eta neska biluzi bat margotzea katu txiki batekin. Zer egin behar du katu txiki batekin eskaileran. Pottoka susmagarria. Enbarazu egiten al diat, adiskidea?» Hark bere aulki tolesgarrian arnasa hartu etsiturik eta bere baitara biltzen da: bazeudek astoak mendia adinakoak, benetako gameluen antzekoak, egun argitan harantz-honantz Hackescher Markten ibili eta aurre-aurrean jartzen zaizkik, suerte txarra baldin baduk, eta hasten zaizkik tar-tar. Kaskazuria isilik dagoenez, Franzek aldizkari pare bat hartzen ditu kakoen azpitik: «Utzidak, hi. Zer izen du honek, Figaro. Eta honek, Ezkontza. Eta honek Ezkontza Ideala. Hau ez duk ezkontza. Emakume-Amodio. Aparte eros zitekek. Hola ondo informa haiteke. Dirua daukanak, ikaragarri garestia duk eta. Hau ez duk batere parte onekoa.» «Jakin al nezake zer ez den parte onekoa. Dena duk legezkoa. Ez zegok ezer debekatua. Baimena zeukaat saltzen dudanerako eta hemen ez zegok parte txarreko ezer. Holakoak nik ezta ukitu ere.» «Ba nik esango diat, nik esan nahi diat, irudiei begira egotea ez duk ona. Ondo asko zekiat nik hori. Horrek gizona usteltzen dik, bai jauna, hondatu. Irudiei begira hasi, eta gero bertan geratzen haiz, ez duk naturala.» «Ez diat ulertzen, zer esan nahi duk. Eta ez lerderik bota aldizkarien gainera, urrea balio ditek, eta ez azalak eskuztatu. Irakur ezak: Ezkongabeak. Denetik zegok, horientzat ale berezia ere bai.» «Ezkongabeak, hara, eta zergatik ez dute egon behar, ni ere ez nagok ezkonduta Lina poloniarrarekin.» «Ba begira hemen: ea ez den egia hemen dioena, adibide bat besterik ez duk: bi ezkongaien bizitza sexuala kontratu baten bitartez arautu nahi izatea, eta horren barruan ezkon-betebeharrak ezartzea legeak agindu bezala, izan litekeen esklabutza zatar eta umiliagarriena da. Eta?» «Zer?» «Egia ala gezurra.» «Ez zaidak sekula gertatu. Hori eskatzen duen andrea, bai zera, posible al da hori? Bada holakorik?» «Irakurri duk.» «Gogorra duk! Etortzea dik holako batek nigana.»

        Franzek txunditurik irakurri berriro esaldia, asaldatu eta seinalatzen dio kaskazuriari: «To, eta hemen segitzen dik: Horren adibide bat jarriko dut D'Annunzioren obratik, Plazera, erne, D'Annunzio dik izena zerri handi horrek, espainola edo italianoa edo amerikanoa. Gizonaren pentsamendua hain dago betea urrutiko maitearekin, ezen amodiozko gau batean dagoenean emakume batekin, bestearen ordezkoa dena, nahi gabe alde egiten baitio benetako maitearen izenak. Eta orduan istilu gorria. Bai zera, motel, nik ez nikek holakorik egingo.» «Erakutsidak lehenbizi non jartzen duen hori.» «Begira. Bestearen ordezkoa dena. Goma izan beharrean, kautxua. Janari finaren lekuan, arbia. Entzun al duk inoiz, ordezko lanak egiten andre bat, neska bat? Orduantxe bererik ez eta beste bat hartzen dik, berri horrek antzeman eta ez al da normala bere onetik ateratzea? Eta espainol horrek zer eta hori argitaratu. Ni tipografoa banintz, ez nikek hori argitaratuko.» «Hi, jaitsi zalditik. Ez pentsa, hik heure buru exkaxarekin ulertuko duanik zer esan nahi duen holako batek, idazle iaio batek, eta gainera espainola edo italianoa, Hackescher Markteko ardaila honetan.»

        Franzek irakurtzen jarraitzen du: «Hutsune eta isiltasun handi batez bete zitzaion barrena. Amorrua ematen dik. Hori ateraldia. Horrek ez dik ez buru eta ez hanka. Zer dela eta hutsunea eta isiltasuna. Ni ez nauk hori baino ezjakinago, eta hango neskak ez dituk izango besteak ez bezalakoak. Behin banian bat eta zerbait igarri zian, nire agendako helbideak edo, eta zer uste duk, igarri eta isilik geratu zela? Berehala! Halakoetan ezagutzen dituk emakumeak, motel. Aditu bahio! Haren makakorroak etxe guztian! Marru batean. Ez nioan esaterik izan, zer pasatzen zen. Hura berean, eztena sartu baliote bazala. Jendea ere etorri zuan. Nire lasaitasuna, handik alde egin nuenean!» «Baina motel, ez haiz jabetzen, bi gauza desberdin dituk.» «Zer bi gauza?» «Egunkaria hartzen didanak, erosi eta berarentzat dik. Barruan txorakeriak baldin badaude ere bost axola, argazkiak bakarrik interesatzen zaizkiok.» Franz Biberkopfen ezkerreko begia kontra agertu zen. «Hara Emakume-Amodio eta Elkarren Lagun, txorakeriak esaten ez baizik borrokan. Bai jauna, giza eskubideen alde.» «Zer arazo dute ba?» «175. artikulua, ez badakik ere.» Gaur bertan da konferentzia Landsberger Strassen, Alexanderpalaisen, hantxe entzungo luke Franzek, Alemanian egunero milioi bat pertsonak jasaten duen injustizia. Ilea laztekoa da. Aldizkari zahar mordo bat sartu zion zaharrak besazpian. Franzek hasperen egin eta besazpiko fardelari begiratu zion; bai, horixe, joango da. Zer egin behar dut nik han, baina halere joango nauk, ea negozioa egiten dudan aldizkari hauekin. Atzelariak; horretarako erantsi zizkidak, etxera eraman eta irakurtzeko. Pena ematen ditek gazte horiek, baina hor konpon daitezela.

        Burua zeharo nahasita joan zen, ez zion kontuari batere itxura onik hartzen, eta tutik esan gabe utzi zuen Lina bere zain. Egunkari-saltzaile zaharrak sala txikira bultzatu zuen, non ia denak gizonak ziren, gehienak oso gazteak, eta emakume pare bat, baina haiek ere bikotean. Ordubete osoan egon zen Franz tutik esan gabe, kapela aurrean jarri eta barre-irudi eginaz. Hamarrak jotakoan gehiago ezin eutsi eta ospa egin behar izan zuen, barregarria zen hango kontu guztia eta jendaila, hainbeste atzelari elkarren ondoan eta bera erdi-erdian, bizkor atera eta barrez joan zen Alexanderplatzeraino. Hizlariari entzun zion azkena Chemnitzekoa izan zen, poliziaren agindu bat zegoela-eta azaroaren 27koa. Homosexualek debekatua daukate kalean ibili eta komun publikoetan sartzea, eta harrapatuz gero 30 marko dute zigorra. Linaren bila joan zen Franz, baina etxekoandrearekin aterea zen. Lotarako etzan zen. Ametsetan barrez eta biraoka aritu zen, borroka egin zuen taxilari ergel batekin, etengabe jira eta bira zeramalako Rolandeko iturrian, Siegesallean. Guardia ere autoaren atzetik zetorren. Franzek azkenean beribiletik salto egin, eta orduan autoa eroa bezala ibili zen iturriaren eta beraren inguruan, joan eta joan gelditu gabe, eta bitartean guardiarekin zegoen Franz, biak zalantzan: zer egingo diogu, eroa dago eta.

        Hurrengo goizean Linaren zain dago tabernan, beti bezala, ondoan ditu aldizkariak. Kontatu nahi dio gazte horiek zenbat sufritzen duten, Chemnitz eta 30 markoen artikulua, berari berdin zaio hori dena, eta hor konpontzea daukate beren artikuluarekin, agian etorriko da Meck ere, abere-tratularien alde zerbait egiteko eskatuz. Ez, berak lasaitasuna nahi du, utz dezatela bakean.

        Linak berehala antzematen dio gaizki egin duela lo. Orduan Franzek zalantzati hurreratzen dizkio aldizkariak, argazkiak gora aldera. Linak ahora darama eskua, izuturik. Franz berriro hasten da adimenaz hizketan. Atzoko garagardo-istila bilatzen du mahaian, baina ez dago. Aldentzen zaio Lina: aldizkariko horiek bezalakoa ote da? Ezin du ulertu, orain arte ez da izan. Franz narraskerian ari da, hatz lehorrarekin arrastoak egiten egur zurian, orduan Linak hartu aldizkari-pila mahaitik, bota beheko bankura, geratzen da zutik menade baten antzera, elkarri begiak josita, Franzek azpitik begiratzen diola mutiko batek bezala, eta han doa Lina. Eta bertan geratzen da Franz aldizkariekin, badauka atzelariengan pentsatzea.

 

        Arratsalde batez burusoil bat paseatzen dabilela, Tiergartenen mutiko eder bat topatu, hark berehala besotik heldu, eta orduetan gustura ibili ondoren burusoilari gogoa pizten zaio, edo grina, edo irritsa, berebizikoa, bat-batekoa, gaztearekin goxoa izatekoa. Bera ezkondua da, lehenago ere sentitu izan du holako zerbait, baina beharrezkoa zaio orain, zoragarria da. «Hi haiz nire eguzki distira, hi haiz nire urrea.»

        Eta mutila hain da xamurra. Halakorik zenik ere. «Goazen hotel txiki batera. Emaizkidak bost marko edo hamar, sosik gabe nagok.» «Nahi duan guztia, eguzki nirea.» Poltsa guztia ematen dio. Halakorik zenik ere. Inongo ederrena.

        Baina gelako ateak zelata-zuloak dauzka. Etxeko jaunak zerbait ikusi, andreari hots egin, eta hark ere zerbait dakusa. Eta beren hotelean hori ez dutela ametitzen diote, ikusi dutela eta ez ukatzeko. Eta ez dutela sekula hori ametituko, eta ea ez den lotsatzen, mutil koxkorrak seduzitzea, salatu egingo dutela. Etxezaina eta neskame bat ere etorri eta barre-irudi egiten dute. Biharamunean burusoilak bi botila Asbach Uralt erosi eta abiatzen da negozio-bidaia batean Helgoland aldera, mozkortu eta bertan itotzeko. Mozkortu, barkura igo, baina bi egunerako amatxorenean da, ezer gertatu ez dela.

        Ez da ezertxo gertatzen hil guztian, urte guztian. Gauza bakarra: Amerikako osaba batengandik 3.000 dolar heredatu eta aiseago bizi da. Egun batean, bainuak hartzen dela, berarentzako zitazio bat izenpetu beharra du amatxok. Ireki, eta han aipatzen dira zelata-zuloak eta poltsa eta mutiko maitea. Eta burusoila atsedenetik etxeratzean, inguruko guztiak negarrez ari dira, amatxo, bi alaba nagusiak. Irakurtzen du zitazioa, ez da jada egia, Karlomagnoren garaiko burokrazia zaharra da, orain iritsi zaio, baina benetakoa da. «Epaile jauna, zer egin dut nik ordea? Ez dut inongo eskandalurik sortu. Gela batean sartu naiz, giltzapean. Nik zer kulpa dut, zelata-zuloak badituzte? Eta ez zen ezer ilegalik pasatu.» Mutikoak ere hala baieztatzen du. «Zer egin dut ba?» Burusoilak, larruz jantzita, negar egiten du: «Lapurreta egin al dut? Besteren etxean sartu al naiz? Ni mutiko maite baten bihotzean bakarrik sartu naiz. Esan nion: nire eguzki distira. Eta halaxe zen.»

        Libre uzten dute. Negar batean segitzen dute etxean.

        «Txirula Magikoa», dantza-aretoa, beheko solairuan dantza-areto amerikarra. Kasino orientala, festa pribatuetarako. Zer oparituko diot nire neska-lagunari Gabonetan? Trabestiok, urtetako frogen ondoren asmatu dut behin betiko erremedioa bizarrentzat, sustrai eta guzti. Gorputz guztiko ilea kentzeko. Horrekin batera aurkitu dut ere, benetako emakume-bularra nola lortu agudo asko. Botikarik gabe, arriskurik gabe, guztiz seguru. Horren froga: ni neu. Fronte guztian maitasuna libre...

        Gizakien hiri ilunei begira zegoen zeru izartsua. Gaueko patxada sakonean zegoen Kerkauen gaztelua. Baina emakume adats-horidun batek burkoan zeukan sartuta burua, lo hartu ezinik. Bihar, bihar abandonatuko zuen bere maiteak, maite minak. Zurrumurru bat joan (igaro) zen gau beltz (ilun), zeharkaezinean barrena: Gisa, geratu nirekin, geratu nirekin (ez alde egin, ez joan bidaian, ez erori, mesedez, eseri). Ez nazazu abandonatu. Baina isiltasun etsigarriak ez zuen ez belarririk ez bihotzik (ez oinik ez sudurrik). Eta harago, pareta bakar batzuen bestaldean, etzanda zegoen emakume zurbil argal bat, begiak zabal zituela. Bere adats ilun sendoak banatuta zeuden oheko zetan (ospetsuak dira Kerkauen gazteluko zetazko oheak). Dardarka zegoen, hotzikaraz. Izozturik bezala, hortzak elkar joka, puntu. Baina ez zen mugitzen, koma, ez zien tapakiei gora tiratzen, puntu. Geldirik zeuzkan esku argal, jelatuak (izozturik bezala, hotzikaraz, emakume zurbil argal bat begiak zabal zituela, zetazko ohe ospetsuak), puntu. Bere begi argiak ñir-ñir zebiltzan ilunpean, eta ezpainak ikaran, bi puntu, komatxoak, Lore, hiru puntu, hiru puntu, Lore, hiru puntu, komatxoak, komaxkak, komatxitoak oilategira.

 

        «Ez, ez, ez noak hirekin, Franz. Egin dituk nirekikoak. Ezkuta hadi nire aurretik.» «Tira, Lina, bueltatuko zionat zabor zikin hau.» Eta Franzek kapela erantzi eta komoda gainean ipini zuenean ­Linaren gelan zeuden­, eta hura konbentzitzeko saio batzuk egin, Linak hasieran eskua harramazkatu eta negar egin zuen, baina gero berarekin irten zen. Erdi bana hartu hala-holako aldizkari haiek eta hurreratu ziren gatazka-frontearen lerrora, Rosenthaler Strasse, Neue Schönhauser Strasse, Hackescher Markt.

        Gerralekuan, Lina bihoztun, enas, txiki, narras, negartiak bere aldetik eraso zuen, à la Prinz von Homburg: Ene osaba prestu Friedrich von der Mark! Natalie! Utzi, utzi! Oi Jainko jauna, galdua dago, berdin dio, berdin dio! Han joan zen lauoinka, zuzenean kaskazuriaren kioskorantz. Franz Biberkopfek, martiri prestuak, atzeko lerroan geratzea erabaki zuen. Atzean jarri zen, Schröder Inportazio Esportazio tabako-dendaren aurrean, eta handik egon zen begira, enbarazu apur bat egiten zion lainoak, tranbiek eta oinezkoek, ea zein zen borrokaren emaitza. Heroiek ekin zioten elkarri, esateko modua da. Beren ahuleziak eta akatsak aztertzen ari ziren. Cernowitzeko Lina Przyballa, Stanislaus Przyballa nekazariaren alaba legezko bakarrak ­garaia baino lehen eta aski hazi gabeko bi abortuen ondoren sortua, haiek ere Lina izatekoak­, piper eta gatzarekin bota zizkion aldizkariak. Kaleko trafikoaren istiluan galdu zen beste guztia. «Eltzekondo arraioa», egin zuen hasperen Franz martiriak harrituta, elbarri egoteaz pozik. Erreserba-indar gisa hurbildu zen gatazka-gunera. Ernst Kümmerlichen tabernaren aurrean barrez zeukan, heroi eta irabazle, Lina Przyballa andereñoa, narras baina zoriontsu, marruka: «Eman zizkioat, Franz!»

        Franzek bazekien. Lokal barruan, Lina di-da jarri zen, ustez Franzen bihotza zenaren kontra; baina artilezko alkandoraren azpian, areago zen bularrezurra eta ezkerreko birikaren goiko lobulua. Garaile esan zuen, lehenbiziko Gilka hustuaz: «Hartzea dik orain, simaur zikin hori lurretik.»

        Oi hilezkortasun, nire-nirea haiz, maite, hau da distira, Agur, Agur Homburgeko Printze, Fehrbellin guduko garaile, Agur! (Gorteko damak, ofizialak eta zuziak gazteluko arranplan.) «Beste Gilka bat.»

 

 

Hasenheide, Neue Welt,
bata ez bada bestea,
ez da bizitza berez dena
baino zailago egin behar

 

        Eta Lina Przyballa andereñoaren gelan dago Franz, barrez: «Hik ba al dakin, Lina, zer den jartzaile bat?» Ukondoaz ematen dio. Linak begi zabalik: «Zera, Fölsch andrea jartzailea duk, diskoak aukeratzen ditik Musikfritzen.» «Ez dinat hori esan nahi. Nik bultzatu eta ni hire gainean jartzen banaiz, hi jarrita hago eta ni naun jartzailea.» «Egon hadi horretan.» Garrasi egin zuen.

        Eta ea berriro, ea berriro, tralara, pozik, pozik, tralara. Eta ea berriro, ea berriro pozik, pozik.

        Eta altxatzen dira sofatik ­ez ahal zara gaixo egongo, jauna, bestela zoaz osaba medikuagana­ eta pozik doaz paseatzen Hasenheide aldera, Neue Weltera, non giro ederra dagoen, suak piztuta, aztal lirainen lehiaketa. Musikariak tiroldarrez zeuden jantzita antzeztokian. Goxo hasi zen: «Edan, edan, adiskidea, edan, Utzi kezkak etxean, Utikan pena utikan mina, Hori da bizitza atsegina, Utikan pena utikan mina, Hori da bizitza atsegina.»

        Eta hori hanketara igotzen zen, konpas bakoitzarekin, eta garagardo-pitxerren artean egiten zuten barre, kantatzen zuten, astintzen zituzten besoak konpasean: «Zurrut, zurrut, adiskidea, zurrut, Utzi kezkak etxean, Zurrut, zurrut, adiskidea, zurrut, Utzi kezkak etxean, Utikan pena utikan mina, Hori da bizitza atsegina.»

        Charlie Chaplin bera ere han zen, zerbait xuxurlatu zuen ipar-ekialdeko alemanieraz, goiko barandatik gerriari eragin, soinean galtza zabalak eta sekulako zapatak zituela, oso gaztea ez zen dama bati hankatik heldu eta harekin oldartu zen txirristan behera. Familia franko harrapaka ari ziren jaten mahai batean. 50 pfennigetan eros dezakezu makila luze bat paperezko borlak dauzkana, eta harekin nolanahiko harremanak egin, lepoa minbera da, belaunpea ere bai, gero hanka jaso eta jira. Nor dabil hemen? Sexu bietako herritarrak, eta militar mordoxka bat nor bere lagunarekin. Edan, edan, adiskidea, edan, utzi kezkak etxean.

        Sekulako kea dago, pipa, puru, zigarro-lainoak airera, areto eskerga guztia lainotuz. Kea, ingurua oso ketua duenean, goraka ihesi saiatzen da bere arintasunari esker, eta aurkitzen ditu zirrikituak, zuloak eta haizemaileak, berari laguntzeko prest. Kanpoan, ordea, kanpoan gau beltza dago, hotza. Orduan kea bere arintasunaz damutu eta gogor egiten dio bere joerari, baina ezin da atzera itzuli, zeren haizemaileak beti alde batera jiratzen baitira. Beranduegi. Fisikaren legeek inguratzen dute. Keak ez daki zer duen, kopetari heldu baina ez dauka, pentsatu nahi eta ezin. Haizeak, hotzak, gauak menderatzen du, eta ez da gehiago inon ageri.

        Mahai batean bikote bat dago eserita, oinezkoei begira. Jantzi nabarreko gizonak bere aurpegi biboteduna makurtuta dauka, neska mardul beltzaranaren bular eskurakoien gainean. Beren bihotz eztiek dardara egin eta beren sudurrek haize ematen dute, gizonak andrearen bularrera, andreak gizonaren lepondo likatsura.

        Aldamenean barrez dago soineko laukitu horiko neska bat. Bere aulkiaren bizkarrean dauka besoa galaiak. Neskak hortz irtenak ditu, monokulua, ezkerreko begi irekia itzalita bezala, barrez, kea dariola, buruari eragiten: «Gauza ederra galdetu didak.» Uhin horiko oilanda gazte bat ondoko mahaian esertzen da, alegia tapatzen du bere atzealde sendo baina ezkutuaz, lorategiko aulki apal baten burdinazko xafla. Sudurretik hitz egin eta pozik ari da ahopeka kantari, xerra bat eta hiru baso garagardoen ondorena. Tar-tar-tar ari da, jarri du burua mutilaren lepoan, Neuköllneko enpresa bateko bigarren muntatzailearen lepoan, aurtengo laugarren oilanda du hau, besteak berriz hamargarrena, edo hamaikagarrena, kontatuz gero bere lehengusu propioa, senargai ofiziala. Zabal-zabal dauzka begiak, izan ere Chaplin noiznahi eror daiteke goitik behera. Muntatzaileak bi eskuak luzatzen ditu txirrista aldera, han ere bada zerbait eta. Piper-opil gaziak eskatzen dituzte.

        36 urteko gizaseme batek, janari-denda txiki bateko jabekideak, erosten ditu hiru puztuki handi 50 pfennigetan bakoitza, askatzen ditu bata bestearen atzetik orkestraren aurreko korridorean, eta beste xarmarik ezean horrela lortzen du berari begira jartzea bakarrik edo binaka dabiltzan neskak, andreak, birjinak, alargunak, bizi-alargunak, desleial eta adulteriogileak, eta tratua erraztea. Tarteko korridorean 20 pfennig ordaintzen da pisuak jasotzea. Etorkizunari so: hatza ongi bustita, ukitu bi bihotzen arteko biribilean dagoen isuri kimikoa, igurtzi horrekin pare bat aldiz goiko orri hutsa eta agertuko da ezkongaiaren irudia. Txikitatik bide onetik zoaz. Zure bihotzak ez du ezagutzen faltsukeria, baina halere zorrotz igartzen diezu lagun txarren azpikeriei. Aurrerantzean ere fida zaitez zeure ibileraz, zeren zure izarra, jaio zinenetik argitzen zaituena, beti hor izango baituzu gidari eta erakutsiko dizu laguna ere, zure zoriona aseko duena. Kide hori, erabat fidatzekoa, zure antzekoa da izaeraz. Gorte egitea ez da izango sutsua, baina horrela luzeagoa izango da zure zorion isila haren ondoan.

        Arropaza-zaindegitik hurbil, alboko salan, banda bat ari zen jotzen goiko balkoitik. Bandakoek jaka gorriak zeramatzaten eta etengabe oihukatzen zuten edaririk gabe zeudela. Behean gizon mardul bat zegoen, longainez jantzita, itxura jatorrekoa. Paperezko txapel marradun berezi bat zeraman, eta kantatzen ari zela, paparrean paperezko krabelin bat jarri nahi baina ezinezkoa egiten zioten zortzi garagardok, bi pontxek eta lau koñakek. Ardailaren erditik ari zen goiko banda kantari, gero gizona balsean hasi zen atso zahar, txitxi guztiak zintzilik zeuzkan batekin, eta harekin ibili zen buelta handiak eginez, karrusel batean bezala. Dantzan ari zirela, atsoa are gehiago puztu zen, baina zentzuak hala aginduta hiru aulkitan eseri zen, jo eta bertan lehertu baino lehen.

        Franz Biberkopf eta longaineko gizonak topo egin zuten tarte batean, musikariak garagardo eske ari zirela balkoiaren azpian. Eta begi urdin bizi batek so egin zion Franzi, ilargi zuzen, zer bare zoazen, beste begia itsua zen, beren pitxer zuriak jaso eta elbarriak marru egin zuen: «Hi ere hoietako traidore bat haiz, besteak askan ari dituk jaten.» Txistua irentsi zuen: «Ez hain gogor so egin, so egidak, non egin huen soldadutza?»

        Topa egin zioten elkarri, bandaren touchéa, ez dugu zer edanik, ez dugu zer edanik. Aizue, ea bukatzen duzuen, umeak, patxadan, beti patxadan, topa, topa patxadari. «Alemana al haiz, aleman jatorra? Zer izen duk?» «Franz Biberkopf. Kankailu, honek ez naik ezagutzen.» Elbarriak xuxurla egin zuen, eskua ahoaren parean, korroskada egin zuen: «Alemana haiz, noski. Ez hadi joan gorriekin, bestela traidorea haiz. Traidorea dena, ez duk nire laguna.» Franz besarkatu zuen: «Poloniarrak, frantsesak, gure odola eman diogun aberria, horra nazioaren eskerra.» Orduan bere onera etorri, eta berriro puska batean zegoen atso zabalkotearekin dantzan jarraitu zuen, musika edozein izanik ere beti bals zaharrak. Balantza egin eta zerbaiten bila jardun zuen. Franzek deiadar egin zion: «Hemen.» Lina joan eta harekin egin zuen dantzan, besotik helduta agertu ziren Franzen aurrera tabernan: «Barkatu, norekin dut plazera, ohorea. Nola deritzu.» Edan, edan, adiskidea, edan, Utzi kezkak etxean, utikan pena Utikan mina, Hori da bizitza atsegina.

        Bi txerri-hanka, zezin muturra, andreak errefauak eskatu ditu, arropa-zaindegia, bai, non utzi dituzu gauzak, hemen bi arropa-zaindegi daude, ikerketapean preso daudenek eraman al dezakete ezkon-eraztuna? Nire ustetan ez. Itsas elkarteko festak laurak arte iraun zuen. Penagarriak dira hango errepideak, saltoarekin autoaren sabaia jotzen duk, igeri ibil zitekek hango zuloetan.

        Elbarria eta Franz elkar besarkatuta daude tabernan: «Badakik zer, hi, pentsioa gutxitu zidatek eta gorriengana joko diat. Goiaingeruak paradisutik bota gaitik suzko ezpata batez, eta orain ezin itzuli. Goian geundela, Hartmannsweilerkopfen, esan nioan nire kapitainari, hura ere ni bezala Stargardekoa.» «Storkow?» «Ez, Stargard. Krabelina galdu diat, ez, hemen zegok.» Inoiz itsasertzean musu eman duenak, olatu dantzariak zelatan dituenean, badaki zein diren munduko gauza ederrenak, amodioarekin aritu da jardunean.

 

        Franzek aldizkari nazionalistak saltzen ditu orain. Ez dauka ezer juduen aurka, baina ordenaren alde dago. Ordena egon behar du paradisuan, hori edonork konpreni dezake. Eta Altzairuzko Kaskoa ikusi du, gazteak, eta haien buruzagiak, ez da huskeria. Metroaren irteeran dago Potsdamer Platzen, Friedrich Strasseko arkupean, Bahnhof Alexanderplatzen azpian. Bat dator Neue Welteko elbarriarekin, andre gizenarekin zebilen begibakarrarekin.

        Alemaniako herriari, abenduko lehen igandean: Birrin itzazue irudi faltsuak eta zigortu sorgin loarazleak! Orduan iritsiko da eguna, zutituko da gatazka-zelaian egia, ezpata zuzen eta ezkutu gardena eskuan dituela, etsaia garaitzeko.

        «Hitz hauek idatzi bitartean ari dira epaitzen Reicheko Banderaren Zaldunak, 15 edo 20 aldiz gehiago izanik, beren programa bakezaleari jarraiki eta berezkoa duten adoreari jarraiki, nazionalsozialista bakar batzuei eraso, jipoitu eta Hirschmann gutarra basaki hil baitzuten. Akusatuen deklarazioetan ere, legeak gezurra esateko baimena ematen baitie eta alderdiak ere hala esateko agindu baitie segur aski, bistan da nahita jardun zutela hain garratz, horrela argi utziaz zer-nolako sistematan oinarritzen diren.»

        «Benetako federalismoa antisemitismoa da, judutasuna borrokatzea Bavierako autonomiaren alde borrokatzea da. Hasi baino askoz lehenagotik zeharo beteta zegoen Mathäser bankete-aretoa, eta etengabea zen jendearen emana. Zabaldu zen arte girotu zuen batzarra gure S.A. banda kementsuak, martxa eta aire alaiak bizkorki eskainiz. Zortzi eta erdietan zabaldu zuen batzarra gure Oberlehrerek agur bihozkoi batekin, eta gero gure Walter Ammeri eman zion hitza.»

        Elsasser Strassen adiskideak barrez lehertzen dira, bera eguerdian tabernan sartzen denean, besokoa badaezpada sakelan duela, baina kanpora ateratzen diote. Franzek baztertzen ditu.

        Sarrailagile gazte langabeari ekin, eta harrituta utzarazten dio garagardoa: «Barre egiten duk beraz nire kontu, Richard, baina zergatik? Ezkondua haizelako? Hik hogeita bat urte eta hire andreak hemezortzi ditik, eta zer dakik hik bizitzaz? Zakurraren putza. Baietz ba, Richard, neskez hasten bagara, hik semea daukak eta arrazoi izango duk hankagorri kontuan. Baina bestela? Esaidak.»

        Georg Dreske zorrotzailea, 39 urtekoa, kaleratua orain, Franzen besokoari eragiten dio. «Begira besoko honi, Orge, ez zeukak ezer, onartzekoa ez denik. Ni ere ibilia nauk kanpoan zalapartan, motel, hi bezalaxe, ni ere bai, baina horren ondoren zer. Eraztun gorria edo urrezkoa edo zuri-beltz-gorria eduki, puruak ez dik gustu hobea. Tabakoa duk kontua, gizon, goiko orriak, beheko orriak eta ondo bildua eta lehortua eta nongoa den. Hara. Esaiok, Orge, zer egin genuen guk.»

        Uzten du hark lasai aurreko barran besokoa, irensten du bere garagardoa, oso dudaka mintzatuz, batzuetan totelka, zintzurra sarri bustiz: «Nik hi ikusi, Franz, eta zera zioat neure artean, eta aspalditik ezagutzen haut Arras eta Kownotik, ederki sartu diatela ziria.» «Besokoagatik?» «Denagatik. Uztak. Eztaukak jendartean horrela ibili beharrik.»

        Zutitzen da Franz, baztertzen du Richard Werner sarrailagilea, alkandora berde ireki bat daramana, justu zerbait galdetzera zihoakiona: «Ez, ez, Richardchen, hi gizaixo bat haiz, hauek gizon kontuak dituk. Bozkatu dezakeala-eta ezin haiz inola ere Orge eta bion hizketan sartu.» Jartzen da pentsatzen zorrotzailearen ondoan barran, beste aldeko tabernaria mantal urdin handi bat jantzita koñaken apalaren parean adi-adi dagoela, esku mozkoteak harraskan sartuta: «Ea ba Orge, zer pasatu zen Arrasen?» «Zera pasatuko zuan! Heuk ere badakik. Eta zergatik alde egin huen. Eta orain besokoa. Motel, hola ibili baino lehenago urkatuko nindukek hire horrekin. Poliki sartu diate ziria.»

        Franz tinko dago, totelka eta burua astintzen dagoen zorrotzaileari gogor begira: «Jakin nahi diat nik Arraseko hori. Azter dezagun. Arrasen izana baldin bahaiz!» «Hi jota hago burutik, Franz, ez nian ezer esan behar, hi mozkorra hago.» Franz zain dago, pentsatzen, nik emango zioat ederra, ezulertua egiten dik, inor baino bizkorragoa balitz bezala. «Noski, Orge, Arrasen izan gintuan, Arthur Böse eta Bluhm eta teniente kaxkar harekin, zer izen zuen ba, izen xelebre bat.» «Ahaztu zaidak.» Hitz egin dezala, mozkorra zegok, besteak ere jabetu dituk. «Egon hadi, zer izen zuen txikiak, Bista edo Biskra, antzeko zerbait.» Hitz egitea dik, ez diat tutik esango, trabatu eta isilduko duk. «Bai, denak ezagutzen ditiagu. Baina ez diat hori esan nahi. Non izan ginen gero, Arrasen, dena bukatu zenean, 18aren ondoren, beste saltsa hasi zenean, hemen Berlinen eta Hallen eta Kielen eta...»

        Georg Dreskek irmoki egin zion uko, hori duk txorakeria, ni ez nagok berriketa horiek entzuten egoteko: «Ez, buka ezak, ni banoak. Kontaiok Richard txikiari. Etorri, Richard.» «Nola harrotzen den nire aurrean Baroi jauna. Orain baroiekin bakarrik zebilek. Berori gugana etortzea ere tabernara.» Begi argiak Dreskeren urdurietan: «Horixe esan nahi diat, zehatz-mehatz, Orge, non ginen Arrasen 18aren ondoren, artillerian edo infanterian edo antiaereoetan edo telegrafoetan edo zulatzaileetan edo dena delakoan. Non ginen bake-garaian?» Oraintxe jabetu nauk, egon hadi, mutiko, ez huke hori ukitu behar. «Lehenbizi nire pitxerra hustuko diat lasai asko, eta hi, Franz, hi non ibili hintzen, ihesi ala ihesi gabe, zutik ala eserita, begira heure paperetan, aldean baldin badauzkak. Saltzaileak beti berekin behar ditik paperak.» Orain ederki ulertu didak, alajaina, ez zaik ahaztuko. Begi lasaiak Dreskeren maltzurretan: «18tik lau urtera ni Berlinen ninduan. Aurreko gerra osoak ez zian hainbeste iraun, egia, batera eta bestera ibili ninduan, eta hi ere bai, eta Richard hau artean amaren magalean zegoan. Eta? Ezer antzeman al genuen Arrasekoaren ostean? Hik bai? Izan genian, bai, inflazioa, dirua, milioika, bilioika, baina ez haragirik, ez gurinik, lehen baino okerrago, denok antzeman genian hori, hik ere bai, Orge, eta zer geratu zen Arrasen, eskuko hatzekin konta zitekean. Ez zegoan ezer. Batera eta bestera ibili eta nekazariei patata lapurtzen geniean.»

        Iraultza? Kendu torlojua banderaren hagari, ezkutatu bandera hulezko zorroan eta sartu dena arroparen armairuan. Eskaizkiok amari txapinak eta erantzi gorbata gorria. Zuek mingainarekin egiten duzue iraultza, zuen errepublika... lan-istripu bat duk!

        Dreskek pentsatzen du: Gizon hau arriskutsua duk. Richard Wernerrek, gazte inuxente horrek, berriro zabaldu dik ahozuloa: «Hik hori nahi huen eta orain ere hori nahi huke, Franz, guk beste gerra bat egitea, hori bota nahi diguzue bizkar gainera. Pozik asko Frantziari erasotzea. Baina bistan geratu zaik ipurdia.» Franzek pentsatzen du: Hau duk tximinoa, mulatoa, beltzen paradisua, honek filmetatik bakarrik ezagutzen dik gerra, jo burutik behera eta pikutara.

        Jabeak eskuak lehortzen ditu mantal urdinean. Prospektu berde bat dago baso garbien aurrean, jabea gogor ari da arnaska, irakurri bitartean: Kehrwieder Kafe Txigortuak, eskuz aukeratuak, ez du berdinik! Herriaren Kafea (bigarren mailako ale txigortua). Kafe Huts Eho Gabea 2,29, Santosen garantiarekin, Santos Etxeko bikaina, nahasketa sendo eta ekonomikoa, Van Campina nahasketa sendo gustu garbikoa, Mexiko nahasketa aparta, plantazioko kafea modu onean, 3,75, gutxienez 36 libra, garraioa trenez. Erle bat, liztor bat, mandeuli bat jiraka dabil goiko sabaian berogailuaren hodian, naturaren mirari perfektua neguan. Haren leinukideak, espezie-, ohitura- eta genero-kideak hilda daude, hilda edo oraindik jaiotzeko; hau da mandeuli bakartiak jasaten duen izotzaldia, ez daki nondik-nora eta zergatik justu berak. Eguzki-distira, ordea, aurreko mahaia eta lurra isil-isilik estaltzen duena, bi multzotan zatitua Löwenbräu Patzenhofer iragarkiagatik, antzinakoa da, eta beste guztiak galkorra eta hutsala dirudi, hari begiratu ondoren. X miliatik etorri da honaino, y izarraren albotik igaro da, milioika urte dira eguzkiak distiratzen duela, Nabukodonosor baino askoz lehenagotik, Adam eta Eva baino lehenagotik, iktiosauroa baino lehenagotik, eta orain garagardotegi txikian jotzen du leihoko kristaletik barrena, zatitzen du Löwenbräu Patzenhofer latorrizko iragarkiak bi multzotan, zabaltzen da mahaian eta lurrean, aurreratzen da oharkabean. Zabaltzen da haien gainean, eta haiek badakite. Bixi, arin, lar arin, argi-arin, goiko zerutik nator.

        Bi animalia handi, koskortu, oihalez jantziak, bi pertsona, gizonak, Franz Biberkopf eta Georg Dreske, egunkari-saltzailea eta zorrotzaile kaleratua barran daude ordea, eusten diote beren buruari zutik, beheko gorputz-adar galtzadunen gainean, bermatzen diote egurrari besoekin, zamarren hodi loditan sartuak. Biak daude pentsatzen, aztertzen eta sentitzen, nork berea.

        «Hori duk ondo jakin eta ulertu behar duana, ez dela sekula Arras izan, Orge. Ez genian ezer zeratu, guk ez, esan dezagun lasai. Ezta zuek edo han izandakoek ere. Han ez zegoan diziplinarik, inork ez zian agintzen, beti bata bestearen kontra. Nik ihes egin nian lubakitik eta hik nirekin eta gero Ösek ere bai. Eta hemen etxean, lehertu zenean, nor joan zen ihesi? Den-denak. Ez zuan inortxo ere geratu, ikusi huen, gutxi batzuk, mila, to itzak opari.» Artaburu alaena beti tar-tar, gero zer eta zuloan erortzeko. «Saldu gintuztelako, Franz, 18an eta 19an, jauntxoek, eta Rosa garbitu zitean eta Karl Liebknecht. Jendea elkartu eta zerbait egin behar zuan. Ikustak Errusia, Lenin, haiek bai eutsi, hori duk batasuna. Itxaron beharra zegok.» Odola isuri behar da, odola isuri, odola isuri ibaika. «Niri berdin zaidak. Itxaronez zoak mundua pikutara, eta hi ere bai. Niri ez zidatek berriro adarra joko. Ikusi besterik ez zegok: ez zitean ezer zeratu, eta horrekin aski diat. Ez zuan ezertxo ere zeratu, Hartmannsweilerkopfeko gudua edo, beti aipatzen zidak beste elbarri horrek, goian zegoan, hik ez duk ezagutzen, hori ere ez azkenean. Eta horregatik...»

        Zutitzen da Franz, hartzen du bere besokoa barratik, sartzen du ziran, eramaten du ezkerreko besoa batera eta bestera zabalean, pixkanaka bere mahai aldera doala: «Horregatik zioat nik beti, konpreni ezak, Krause, eta hik ere kontuan hartu, Richard: zuen horretatik ez zetorrek ezer. Horrela behintzat ez. Ez zekiat besoko honetatik zerbait etorriko den. Nik ez diat halakorik esan, baina hori beste kontu bat duk. Bakea lurrean, esaten den bezala, eta kito, eta lan egin nahi duenak, lan egin dezala, gu ez gaudek ergelkerietarako.»

        Eta esertzen da leihoko koskan eta igurtzitzen du masaila, begiak kliskatzen ditu lokal argitsurantz, ateratzen du ile bat belarritik. Tranbia kirrinka doa kantoian, 9.a, Ostring, Hermannplatz, Wildenbruchplatz, Bahnhof Treptow, Warschauer Brücke, Baltenplatz, Kniprodestrasse, Schönhauser Alle, Stettiner Bahnhof, Hedwigkirche, Hallesches Tor, Hermannplatz. Jabea garagardoaren letoizko txorrotan dago, zurrupatu eta miazkatzen du beheko masailezurreko enpaste berria, farmazia gustua dauka, Emilie txikiak berriro joan behar du udan baserrira edo Zinnowitzera eskolako koloniarekin, orain ere flakatu da umea, bere begiek berriro egiten dute topo prospektu berdearekin, okertuta dago, zuzentzen du, estutasuna nabari du, ezin du ezer okertuta ikusi. Bismarck sardinzarrak saltsa finean, okela xamur hezurrik gabea, bil-bil egindako sardinzarrak saltsa finean, xamurrak eta marinatuak, sardinzarrak gelatinan, zati handiak, xamurrak, sardinzarrak erreta.

        Hitzak, uhin hotsdunak, uhin zaratatsuak, edukiz beteak, tabernaren alde batetik bestera kulunkatzen dira, Dreske totelaren eztarritik, lurrari begira irribarrez ari dela: «Ba orduan suerte handia izan, Franz, apaizak dioen bezala, hire bizimodu berrian. Hala, urtarrileko martxan Friedrichsfeldera goazenean, Karl eta Rosagana, ez haiz besteetan bezala etorriko.» Aritzea dik totelka, ni nire egunkariak saltzera noak.

        Bakarrik geratzen direnean, jabeak irribarre egiten dio Franzi. Hark patxadan luzatzen ditu hankak mahai azpian: «Zergatik uste duzu, Henschke, alde egin dutela? Besokoagatik? Indar berrien bila doaz!» Hau berriz ez duk isiltzen. Oraindik ostikoka botako ditek. Odola isuri behar da, odola isuri, odola isuri ibaika.

        Jabeak bere enpastea dastatzen du, leihotik hurbilago jarri behar diat karnaba, honelako txoritxoek ere argi pixka bat nahi izaten ditek. Franzek laguntzen dio, sartzen du iltze bat barraren atzean, jabeak beste paretatik dakar kaiola txoritxo zalapartariarekin: «Zer egun goibela. Etxeak altuegiak.» Franz aulki gainean dago, kaiola eseki, jaitsi, txistu egin, hatz erakuslea altxatu eta xuxurlatzen du: «Ez gero inor hurreratu. Ohituko da. Karnaba emea da.» Biak geratzen dira isilik, elkarri baiezkoa egin, gora begiratu eta irribarre egiten dute.

 

 

Franz taxuzko gizona da,
badaki bere buruari zer zor dion

 

        Franz iluntzean botatzen dute, bai, Henschkeenetik. Bederatzietan bakar-bakarrik agertu, txoriari begiratu, hegalpean zeukak burua, izkinan jarrita makila gainean, ez duk ba erortzen lo dagoela, eta ahopean diotso tabernariari: «Zer iruditzen txoritxoa, burrunba honekin lo, zer iruditzen, zoragarria da, nekatua egon behar du, hemengo ke zaharrak on egiten ote dio, hain birika txikiak edukita?» «Hemen ez du besterik ezagutu, beti dago kea tabernan, oraindik ez dago askorik.»

        Esertzen da orduan Franz: «Bueno, gaur ez dut erreko, kea ez ugaritzeko, eta gero leihoa zirrikituko dugu, haizerik sortu gabe.» Georg Dreske, Richard gaztea eta beste hiru esertzen dira aurreko mahai batean, aparte. Haietako bi, Franzek ez ditu ezagutzen. Ez dago beste inor lokalean. Franz sartu zenean handia zen istilua, hizketa eta irainak. Berak atea zabaldu eta berehala isildu dira, bi berriek sarri begiratzen dute Franz dagoen aldera, mahai gainean makurtu, gero berriro ozarki atzeratu eta topa egiten dute. Begi ederrak keinuka, baso beteak dirdirka, edan dezagun zangaka. Henschke, tabernari burusoila, lardaskan ari da txorrota eta harraskan, ez da besteetan bezala kanpora irteten, beti du zereginen bat.

        Orduan, bat-batean, ozenagoa bihurtzen da ondoko mahaiko elkarrizketa, etorri berrietako bat nagusitzen da. Kantari hasi nahi du, motela iruditzen zaio hemengo giroa, pianistarik ere ez dago; Henschkek hots egiten dio: «Norentzat, negozioak ez du hainbesterako ematen.» Franzek badaki zer kantatu nahi duten, «Internazionala» edo «Adiskidea, argitara, askatasunera», ez badute zerbait berria. Hasten dira. Internazionala ari dira kantatzen.

        Franz mastekatzen, pentsatzen: nigatik ari dituk. Ari daitezela, ez badute hainbeste erretzen. Kantari ari direla ez ditek erretzen, horrek kalte egiten ziok txoritxoari. Ezin du sinetsi, Georg Dreske zaharra umemoko horiekin esertzea eta beragana ez etortzea. Holako gizasemea, ezkondua, gizaseme prestua, hankagorri horiekin eseri eta horien karakak entzuten. Etorri berrietako batek hoska dio: «Eta, zer iruditu zaik kantua, motel?» «Ondo. Eztarri ona duzue.» «Gurekin kantatu nahi baduk.» «Orain nahiago diat jan. Bukatzen dudanean kantatuko diat zuekin, edo bakarrik.» «Ederki.»

        Hizketan darraite, Franzek patxadan jan eta edaten du, gogoratzen da Linaz eta txoria ez dela erortzen lotan, eta begiratzen du, ea nor ari den pipa erretzen. Gaur negozio polita egin du, baina zer hotza. Jaten ari dela, beti dauka norbait begira. Beldur dituk, kontrako eztarrira joango ote zaidan. Behin gizon batek ogitartean saltxitxa bat jan, eta urdailean zegoela, gogoratu eta berriro igo zuan ahozulora, alegia ez zeukala ziaperik, eta jaitsi zuan ostera. Horrela behar dik saltxitxak ogitartean. Amaitu eta garagardoa husten ari dela, hots egiten dio aurrekoak: «Eta, zer dugu, kantatuko diguk zeozer?» Hauek koru batekoak dituk, sarrera kobratu behar genikek, kantari ari direla ez ditek erretzen. Ez zeukaat presarik. Agindua zor. Eta Franz pentsatzen ari da, sudurra garbituz, berotan sartu eta jarioa hasten zaik, alferrik duk zintzatzea, pentsatzen ari da non ote dagoen Lina, eta hartu ote ditzaket beste saltxitxa pare bat, baina gehiegi ari nauk gizentzen, zer kantatu behar dut, hauek ez zekitek ezer bizitzaz, baina hitza hitz. Eta bat-batean burutik pasatzen zaio esaldi bat, lerro bat, olerki bat da, espetxean ikasia, sarri errezitatzen zuten, ziegaz ziega. Orduan bere baitara biltzen da, beroagatik burua apalduta, sutan eta gorritua, serio eta pentsakor. Eskua txarroan duela dio: «Bazekiat olerki bat, espetxekoa, preso batena, izena, egon, zer izen zuen, Dohms.»

        Izen hori zuen. Hura kalean da orain, baina olerki ederra da. Bakarrik dago mahaian, Henschke harraska atzean eta besteak entzuten, ez da inor sartzen, berogailua kirrinka ari da. Franzek, buruari eusten diola, olerki bat errezitatzen du, Dohmsek egina, eta han dago ziega, patioa, jasan ditzake, nor ote dago orain han; bera patioan dabil orain, hauek ezin ditek hori ere, zer dakite hauek bizitzaz.

        Honela dio: «Ez baduk nahi mundu honetan gizaixo bat izan, eduki itzak kontuak eginak, ez hazala emaginak atera argitara! Munduko negarra! Sinestak olerkaria, hark maiz hartu dik janaria, gogorra eta hoztua! Goethen Fausti ostua: Gizona munduan pozik, amaren sabelean soilik!... Aita Gobernuak menderatzen hau, jaioz gero egun ta gau. Laster dituk arauak, lege eta debekuak! Lehena: dirua bildu! Bigarrena: ahoa isildu! Hau bizimodu gogorra, den-dena duk zaborra. Eta hire ezinean jotzen duanean garagardo edo ardora, laster haiz mozkorra. Bitartean bazoazak urteak, urritzen zaizkik uleak, hartuta dauzkak giharrak, okelak motel eta iharrak; buruan kixkurtzen muinak, behera doazkik kemenak. Hara uste ez huena, hor duk hire udazkena, burua makurtu eta azkena. Emaidak hire hitza: zer da gizona, zer da bizitza? Schiller handiak zioena: 'Ez duk gauza ona.' Nire ustez oiloen eskailera, batean gora bestean behera.»

        Denak isilik daude. Handik pixka batera dio Franzek: «Bai, hark egin zian, Hannoverrekoa zuan, ez diat ahaztu. Ederra, ezta, gogoangarria, baina samina.»

        Beste aldetik: «Hori duk, gogoan izan ezak gobernua, aita gobernua, menderatzen hauena. Buruz ikasita, gizon, ez duk ezer aurreratzen.» Oraindik buruari heltzen dio Franzek, olerkiarekin segitzen du: «Bai, haiek ez ditek ostrarik eta kabiarrik, eta guk ere ez. Irabazi beharra zegok ogia, zaila izango duk gizaixo batentzat. Poztekoa duk, bi hanka edukitzea eta kalean egotea.» Beste aldekoak ekin eta ekin ari dira, ea behingoz esnatzen den: «Modu eta era askotara irabaz zitekek ogia. Errusian salatariak zeudean lehen, diru asko egin zutenak.» Beste berriak deiadar egiten du: «Hemen erabat bestelakoak dituk, goiko askan zeudek, langileak kapitalistei saldu eta dirua kobratzen.» «Ez dituk putak baino hobeak.» «Okerragoak.»

        Franzek bere olerkian pentsatzen du, eta zer ari ote diren han barruan mutikoak, berri asko egongo dituk, egunero iristen duk pila, haiek orduan hoska: «Ea ba! Non da gure kantua? Ez diagu musikarik, hitza jan duk.» Kantatuko zieat ba: hitzari eutsi. Lehenbizi freskatu.

        Eta Franzek hartzen du bere pitxer berria, ematen dio trago bat, zer kantatuko dut; une horretan bere burua dakusa patioan, paretari begira oihuka, zer gauzak etortzen diren burura, nola zen ba? Eta astiro eta baketsu kantatzen du, jarioan datorkio ahora: «Hura nuen kamarada, inoiz izan den onena. Danbor joka borrokara, bera eta biok batera, etsaia garaitzera. Etsaia garaitzera.» Isilunea. Bigarren estrofa kantatzen du: «Bala bat dator, nigana ala zugana; jo eta hil dute bertan, erori da nire aurrean, nire ispilu zena.» Eta azken bertsoa ozenki: «Estutu nahi dit eskua, kargatzen ari naizela. Ezin dizut eman eskua, zuretzat bedi zerua, bihotzez kamarada, bihotzez kamarada.»

        Argi eta ozen, bizkarra atzeratuta bukatu du, sendo eta irmo kantari. Aurrekoek azkenean gainditu dute harridura eta hasten dira marruka eta mahaia joka eta garrasika eta zalapartaka: «Bihotzez kamarada.» Baina kantari ari zela oroitu da Franz, berez zer kantatu nahi zuen. Orduan patioan zegoen, orain pozik dago oroitu delako, berdin dio non dagoen; orain kantuan ari da, bota beharra dauka, kantu harekin hasi behar du, han daude juduak, errietan ari dira, zer izen zuten ba poloniarrak eta jaun zahar dotoreak; samurtasuna, esker ona; ekiten dio lokalean: «Oihuen trumoi-hotsa, ezpaten zarata eta itsas harrabotsa: Rhinera, Rhinera, Rhin alemanera, denok zure esanera! Aberri maite, zaude lasai, aberri maite, zaude lasai. Rhinen ertzak zaindu tinko eta zintzo, Rhinen ertzak zaindu zintzo eta tinko!» Atzean utzi diagu hori dena, bazekiagu, eta orain hemen gaudek, eta bizitza ederra duk, ederra, dena ederra.

        Haiek isil-isilik daude, berrietako batek lasaitzen ditu, pasatzen uzten dute; Dreske makurtuta dago aulkian, buruari hazka, tabernaria barra atzetik irten, haizea bota eta esertzen da Franzen ondoko mahaian. Kantua bukatzean, Franzek denei diosal egin eta pitxerrari eragiten dio: «Topa», mahaia jo eta egiten du irribarre, dena ongi dago, ase sentitzen da, non ote da Lina, igurtzitzen du aurpegia, gizon mardula da, haragitsua, loditasuna duena. Inork ez du erantzuten. Isiltasuna.

        Altxatzen du batek hanka aulkiaren gainetik, lotzen du zamarra, estutzen du gerrikoa, luzea eta tentea da, berria, hastera doa saltsa, eta martxan doa Franzengana, honek hartu behar dik burukoa, ondoratzen bazaio. Salto egin eta zangalatrau esertzen da Franzen mahaian. Franzek hori ikusi eta zain geratzen da: «Aizak, hi, egongo dituk ba aulki gehiago tabernan.» Hark goitik seinalatzen du Franzen platera: «Zer jan duk?» «Egongo direla aulki gehiago tabernan, itsua al hago. Hik umetan kaskarreko handiren bat hartu huen, ezta?» «Ez gaituk horretaz ari. Zer jan duan jakin nahi diat.» «Gazta eta ogia, astapotroa. Oraindik bazegok hondar bat hiretzat, artaburua. Jaitsi mahaitik, batere edukaziorik baldin baduk.» «Nik ere usaintzen diat gazta dela. Baina nongoa.»

        Baina Franz belarriak gorrituta zutitu, beste mahaikoak ere bai, eta Franzek bere mahaiari heldu, irauli, eta platera, pitxerra eta ziape-ontziarekin batera bota du etorri berria lurrera. Platera puskatu da. Henschkek, horren esperoan, puskak zapaltzen ditu: «Utikan, hemen istilurik ez, nire tabernan ez duk borrokarik egongo, bakean ez dagoena, ospa hemendik.» Luzeak, berriro zutiturik, baztertzen du jabea: «Kendu, Henschke, hemen ez da borrokarik eta. Kontuak egiten ari gara. Zerbait hautsi duenak, pagatu beharra dauka.» Etsi diat, pentsatzen du Franzek, leihoaren kontra jarri da saretaren aurrean, banoak, heltzen ez badidate behintzat, hi, heltzen ez badidate behintzat; ni onez onean ari nauk, baina desgrazia bat egongo duk, ergel honek heltzen badit.

        Luzeak galtza-barrenak goratzen ditu, hasi duk. Franzek antzematen du zer datorren, zer egingo du orain Dreskek, hantxe dago zutik, begira-begira. «Orge, zer xankome da hau, nondik atera duk paseatzera daramaan mukizu hau?» Luzeak galtzak hazkatzen ditu, baietz erori, botoi berriak jarri behar dizkie. Luzeak iseka egiten du, tabernaria dagoen aldera: «Hizketan utzi behar zaie. Jardun dezatela faxistek. Libre dute zernahi esatea.» Eta Dreskek keinu egiten du atzetik, ezkerreko besoarekin: «Ez, Franz, nik ez zeukaat zerikusirik, ederra egin duk hire kontu eta kantekin, ez, ez zeukaat zerikusirik, hemen ez duk sekula holakorik gertatu.»

        Oihuen trumoi-hotsa, hori duk, patioko kantua, horri ekin nahi ziotek, horrekin sartu nahi ditek.

        «Faxista, basapiztia!» Luzeak marru egiten dio Franzi: «Emaidak besokoa! Bizkor!»

        Hastera zoak, bazetozkidak laurak, bizkarra leiho aldera geratuko nauk, har dezadan aulki bat. «Besokoa! Sakelatik aterako zioat! Zera horren besokoa nahi diat.» Besteak ondoan ditu. Franzek eskuetan du aulkia. Lehenbizi gogor heldu. Lehenbizi heldu. Eta gero astindu.

        Jabeak luzeari heldu atzetik eta erregutzen dio: «Alde egizu! Biberkopf, bizkor, alde egizu behingoz!» Hau bere lokalagatik larritu duk, aseguratu gabe edukiko ditik kristalak, hor konpontzea zeukak. «Jakina, Henschke, Berlinen taberna franko daude, ni Linaren zain nengoen. Baina zu hauen alde al zaude? Zergatik kaleratu egunero etortzen dena, bi horiek gaur etorri dira lehenbiziko aldiz.» Jabeak atzera eginarazi dio luzeari, beste berriak listukatzen du: «Faxista bat haizelako, besokoa daukak sakelan, esbastika.»

        «Egia. Esan zioat Orge Dreskeri. Eta zergatik. Zuek ez duzue ulertzen, eta horregatik ari zarete marruka.» «Ez, hi aritu haiz marruka, Rhinen Ertzak Zaintzen!» «Iskanbila hau sortuta, eta nire mahai gainean eserita, ez duk batere bakerik izango munduan. Horrela ez. Eta bakea egon behar dik, bizitzeko eta lan egiteko. Fabrikako langileak eta merkatariak eta denok, eta ordena egon dadin, bestela ez zegok lan egiterik ere. Eta zuek zertatik bizi nahi duzue, muturrandiak? Zuek hizketan mozkortzen zarete! Iskanbila sortzen besterik ez dakizue, eta aldamenekoak zitaltzen, haiek ere zitaldu eta zuei burukada on bat eman arte. Zuetako inork utziko al luke oinetako behatzak zapaltzen?»

        Bat-batean bera ere oihuka ari da, zer pasatu zaio ordea, eta jarioan doakio, erabat libre, odolezko ibai bat ageri zaio begietan: «Kriminalak, zuek ez dakizue zertan ari zareten, burua zerrautsez betea daukazue, mundu guztia hondatzen ari zarete, baina kontuz zuen txanda iristen denean, odolzaleak, bilauak.»

        Irakiten dauka barrena, bera Tegelen egona da, bizitza garratza da, zer bizimodu da hau, kantukoak badaki, nola gertatu zait niri, Ida, hobe horretan ez pentsatzea.

        Eta izuturik segitzen du oihuka, zerbait altxatu da, baztertzen du, zapaltzen du, oihuka aritu behar zaio, oihuka bota. Burrunba handia dago tabernan, aurreko mahaian dago Henschke, ez da ausartzen hurbiltzera, eta han dago bera, lehertu beharrean oihuka, nahasian, lerdea dariola: «Zuek eztaukazue ezer niri esateko, inor ez duk gauza nigana etorri eta zerbait esateko, ezta inortxo ere, guk gehiago zekiagu, horretarako egon gintuan lubakietan etzanda, orain zuek zirikatzen hasteko, zirikatzaileak, bakea behar diagu, bakea, idaztazue kopetaren erdian, bakea besterik ez (bai, hori duk, heldu gaituk horretara, egia galanta), eta orain etorri eta iraultza egin eta bakea ematen ez duenak, sokatik zintzilikatzea merezi du kale gorrian (zutoin beltzak, telegrafo-zutoinak, ilara oso bat Tegeleko errepidean, nik ondo zekiat), orduan sinetsiko ditek, dilindan daudenean. Orduan ibiliko zarete erne, kriminalak. (Bai, horrela egiten duk bakea, orduan gelditzen dituk, hori duk egia bakarra, geuk ere ezagutuko diagu.)»

        Amorratua, bertan josia dago Franz Biberkopf. Itsu-itsuan ari da makakorroka, begiak kristalduak, aurpegia urdina, puztua, lerdea dariola, sutan dauzka eskuak, ez dago bere onean. Hatzak itsatsiak dauzka aulkian, baina heldu besterik ez dio egiten. Laster hasiko da bere harekin jo eta ke.

        Kontuz, arrisku larria, hustu kalea, kargatu, sua, sua, sua.

        Bitartean gizonak, han zutik jarrita garrasika, bere burua aditzen du, urrutitik, bere burua dakusa. Etxeak, etxeak jausteko zorian berriro ere, bere gainera erori nahi dute teilatuek, ez duk posible, ez zidatek hori egingo, ez ditek lortuko kriminal horiek, bakea behar diagu.

        Eta burutik pasatzen zaio: bazetozkidak, zerbait egingo diat, norbaiti zintzurretik heldu, ez, ez, eraitsi, jipoitu, itxaron apur bat, apur bat. Eta ni munduan bakea dagoelakoan, ordena dagoelakoan. Ikaratzen da bere ilunpean: mundu honetan baduk zerbait ordenan ez dagoena, zer itxura beldurgarria aurreko horiek, aztiatzen du.

        Behin batean bi gizaki bizi ziren paradisuan, Adam eta Eva. Eta paradisu hura Eden lorategi ederra zen. Txoriak eta animaliak jolasten ziren han.

        Motel, hau eroa ez badago! Bertan daude, luzeak ere atzean sudurretik haizea bota eta keinu egiten dio Dreskeri; hobe diagu mahaian esertzea, hobe diagu beste zerbaitez hitz egitea. Bake horretan toteltzen du Dreskek: «Ea, joan hadi ba, Franz, badaukak aulkia uztea, nahikoa hitz egin duk.» Barrena baretzen zaio, hodeia igarotzen da. Igarotzen da. Jaunari eskerrak, igarotzen da. Joaten zaio aurpegiko gorritasuna, gutxitzen zaio.

        Besteak beren mahaian daude, luzea ere eserita, edaten. Egurraren industrialak beti sosen atzetik, Kruppek gosez hiltzen dauzka bere pentsionistak, milioi eta erdi langabe, bi astetan 226.000 gehiago.

        Erori da aulkia Franzen eskutik, bigundu zaio eskua, normaldu zaio ahotsa, oraindik apaldua dauka burua, ez dute gehiago xaxatzen: «Banoak. Ondo pasa. Bost axola zaidak, zuek zer pentsatzen duzuen.»

        Aditu eta ez diote erantzuten. Utzi ziztrin arbuiagarri ukatzaile horiei sobieten konstituzioa laidoztatzen, burgesiaren eta sozialista fanatikoen txaloekin. Horrela bizitu eta handituko da etena, Europako langile iraultzaileak eta separatisten eta besteen artean. Klase zapalduen masak geure alde daude.

        Franzek txapela hartzen du: «Pena ematen zidak, Orge, gu biok hola apartatzea, holako zerbaitengatik.» Eskua luzatzen dio, baina estutu gabe esertzen da Dreske. Odola isuri behar, odola isuri behar ibaika.

        «Ba orduan banoak. Zer zor diat, Henschke, basoa eta platera ere bai.»

        Berarentzat horixe da ordena. Portzelanazko katilu bat 14 umerentzat. Ongizate-dekretua, Hirtsiefer ministro zentrista: dekretu hau ez argitaratu. Hain urriak direnez neure esku jarritako baliabideak, bakar-bakarrik hartuko da aintzat seme-alaben kopurua handia denean, 12 edo, eta gainera ume horiek zuzen heztea sakrifizio nabaria denean egoera ekonomikoa ikusirik, baina halere modu eredugarrian gauzatzen denean.

        Batek marru egiten du Franzen atzean: «Agur gudari azkarra, patata eta sardinzarra.» Hobe likek ipurdiko ziapea garbituko balu. Lastima ez diodala atzaparra gainean jarri. Franzek jantzita dauka txapela. Hackescher Markt datorkio gogora, atzelariak, kaskazuriaren kioskoa, berak ez zuen nahi, zalantza egin eta badoa.

        Kanpoan dago, hotzetan. Tabernaren aurre-aurrean dago Lina, etorri berria. Poliki doa harengana. Gustura itzuli eta esango lieke denei zeharo eroak daudela. Zeharo eroak zeudek, mozkortzen ditiztek, ez dituk denak holakoak, ezta luzea ere, lotsagabea, zapla erori den hori. Ez zekitek zer egin hainbeste odolekin, bai, beroegia ditek odola, Tegelen egon balira edo zerbait ezagutu balute, orduan izango zitean argi bat, eguzkiarena adinakoa.

        Linari besotik helduta, inguruko kale ilunei begira jartzen da. Argi gehiago jarri behar litizketek. Zer nahi dute denek nigandik, lehenbizi atzelariak, hor konpon daitezela, orain gorriak. Zer axola zait niri hori dena, goza daitezela beren simaurretan. Ni behintzat bakean utz nazatela; ez zegok garagardo bat lasai edaterik. Gustura sartu eta zirtzilatuko niokek Henschkeri taberna. Berriro daude sutan eta taupaka Franzen begiak; kopeta eta sudurra puzten zaizkio. Baina joaten zaio, jartzen da Linaren kontra, harramazkatzen dio eskumuturra, hark irribarre egiten dio: «Nahi baduk lasai egidak, Franzeken, hire horietako harramazka polit bat.»

        «Goazen dantzara, Lina, ez gaitun sartuko ukuilu-zulo batean, ederki nazkatu naun, erre eta erre aritzen ditun, eta karnaba txiki bat zegon eta itota hil ziteken, baina berdin zien.» Eta argitzen dio zer arrazoi handia zuen berak arestian, eta Linak ere hala deritza. Igotzen dira tranbiara eta abiatzen dira Jannowitzbrücke aldera, Walterchen dantzalekura. Dagoen bezalaxe doa Franz, eta Linak ere ez dauka aldatzen hasi beharrik, hain dago ederra. Eta tranbian doazela, Lina gizenak patrikatik ateratzen du egunkari kaxkar bat, erabat zimurtua. Franzi ekarri dio, igandekari bat da, Bakearen Mezulari. Franzek aipatzen du berak ez duela egunkari hori saltzen, estutzen dio eskua, asko gustatzen zaio izena eta lehen orriko titulua: «Zoritxarretik zorionera.»

        Eskutxoak txalo, txalo, hankatxoak tra, arrain, txori, goiz eta gau, paradisu.

        Tranbia balantzaka doa, biek irakurtzen dute kotxeko argi urrian, buruak elkarren ondoan dituztela, Linak arkatzaz biribildutako olerkia: «Hobe da binaka», E. Fischerena: «Bakarrik ibiltzea, ibilera kaskarra, oinak estropezu, bihotzak bildurra: hobe da binaka. Erortzera bazoaz, nork helduko? Nekatu bazara, nork lagunduko? Hobe da binaka. Mundu zabaleko erromes isila, zure bidaide Jesus izan dadila; hobe da binaka. Hark badaki bidea, ezagutzen du zidorra, hura lagun bizkorra; hobe da binaka.»

        Oraindik egarri nauk, pentsatzen du Franzek irakurtzen ari dela, gutxitxo zituan bi baso, hizketa ugariak eztarria lehortzen dik. Eta orduan burura datorkio kantatu duena, gustura sentitzen da eta estutzen dio Linari besoa.

        Linak goizeko airea usaintzen du. Alexanderstrassetik Holzmarkstrassera bidean, Franzengana biltzen da goxo-goxo: ezkon-promesa noizko?

 

 

Franz Biberkopf honen luze-zabalak.
Antzinako heroiak adinakoa da

 

        Franz Biberkopf hau, lehenbizi igeltsero, gero altzari-garraiari eta abar, orain egunkari-saltzaile, ia kintal batera iristen da. Kobra suge baten indarra dauka eta berriro eman du izena atletismo-klub batean. Azpantar berdeak daramatza, oinetako iltzedunak eta zamarra. Ez diozue diru askorik topatuko, maiz etortzen zaio, beti kopuru txikitan, baina begirozu harengana ez hurreratu.

        Larritzen ote da aspaldi honetan Idagatik, kontzientziako kargengatik, amesgaiztoengatik, lokartu ezinagatik, oinazeengatik, edo gure berramonen garaiko furiengatik? Bai zera. Izan ere, egoera aldatu da. Gaizkile batek, bere garaian jainkoek madarikatutako gizon batek (nondik dakik hori, seme?), Orestesek, aldarean hil zuen Klitemnestra, zaila da izena esaten, bere ama. (Zer aldaretan diozu? Bila ezazu gauean zabalik dagoen eliza bat hemen.) Lehen esan dudana, ederki aldatu direla denborak. Horri, horri, basapiztiak, atso zima-luzeak sugeekin, zakurrak ere bai muturrekorik gabe, batere atsegina ez den tropa, hari ekin nahian, baina aldarean dagoenez ez dira hurbiltzen, antzinako irudia da, eta sail guztia inguruan dabil amorraturik jiraka, zakurrak beti tartean. Harparik gabe, kantuak dioen bezala, furiak dantzan, biktimaren inguruan kiribiltzen, zoramena, nahasmena, prestaketa eroetxerako.

        Franz Biberkopfi ez diote ekiten. Argi esan dezagun, on egin, edaten du Henschkeenean edo beste edonon, besokoa sakelan duela, pitxer bat bestearen atzetik eta tarteka Doornkaat bat, bihotza bizkortzeko. Diferentzia horixe du altzari-garraiari eta abar izandako Franz Biberkopf egunkari-saltzaileak, 1927aren bukaerako Berlin IEtarrak, antzinako Orestes ospetsuarekin. Nork ez du nahiago bietako baten larruazalean bizi.

        Franzek joka hil zuen andregaia, Ida, deitura berdin dio, hura gazte-loretan zegoela. Franz eta Idaren arteko sesio batean gertatu zen, haren ahizpa Minnaren etxean, eta, hasteko, andrearen organo hauek jasan zituzten kalte arinak: sudurraren puntak eta erdiko azalak, azpiko hezurrak eta kartilagoak, erietxera heldu arte ez zioten antzeman eta horrek gero zerikusia izan zuen epaitegiko autoetan, baita eskuineko eta ezkerreko sorbaldak ere, kontusio arinak ageri zituzten, ekimosi eta guzti. Baina gero eta biziagoa egin zen eztabaida. 'Akerra' eta 'putaneroa' hitzek izugarri sutu zuten Franz Biberkopfen ohore minbera, nahiz eta azken aldian erabat makal ibili, eta gainera beste arrazoi batzuk ere bazituen asaldatua egoteko. Dardarizoa zeukan giharretan. Esne-gainak irabiatzeko tresna txiki bat besterik ez zuen hartu eskuan, ordurako entrenatzen hasia baitzen eta bihurritua zeukan eskua. Eta tresna hau harturik, alanbrezko espiralduna, sekulako jirabira bikoitz bat emanez, bularrean jarri zion Idari, hizketa-lagunari. Idaren bularrak ez zuen sekula ukitu bakar bat ere jasan, bere gorputz txikiak ez bezala, ikusteko hain polita zenak... areago: berak mantendutako gizonak susmoa zeukan, eta ez zebilen oker, neskak berari ostikoa eman, eta agertu berria zen Breslautar bat hartu nahi zuela ondoan. Nolanahi ere, neskatila xarmantaren bularra ez zegoen prestatua esne-gainen tresnarekin bat egiteko. Lehenbiziko kolpea hartu orduko ai egin eta ez zuen gehiago esan arlote kakatsua, baizik gizon. Bigarren topo egitea esne-gainen tresnarekin, Franz mugitu gabe gertatu zen, Idak eskuin aldera jira laurden bat egin ostean. Hala, fitsik esan gabe, Idak modu berezian mokoa zabaldu, eta bi besoak goratu zituen.

        Aurreko segundoan emakumearen bularrean gertatu zenak, harreman zuzena dauka estatika, elastizitate, txokearen eta erresistentziaren legeekin. Inola ere ezin da ulertu, lege horiek ezagutu gabe. Har bitez kontuan ondoko formula hauek:

        Newtonen (niutonen) legea, hots: gorputz bat geldi egoten da, ez badu ezein indarrek aldarazten (alegia Idaren saihetsak). Niutonen bigarren legea mugimenduaz: mugimendu-aldaketa proportzionala da indar eragilearekin eta noranzko berdina du (indar eragilea Franz da, edo areago bere besoa eta ukabila, barrukoarekin). Formula honen bitartez erakusten da indar kantitatea:

 

f = c.lim ?v = c.a

?t

 

        Indarrak eragindako azelerazioa, alegia sortu den alterazio maila, formula honek adierazten du:

 

?v = 1  f.?t

c

 

        Beraz, honako hau da ondorioa: irabiatzeko tresnaren espirala kuzkurtu eta egurra agertzen da. Bestalde, inertziari eta erresistentziari dagokionez: 7. eta 8. saihets-hezurren haustura, atzeko galtzarbe ezkerrean.

        Azterketa eguneratu honekin, ez dago furien beharrik. Zehatz-mehatz jakin daiteke, Franzek egin zuena eta Idak jasan zuena. Ez dago ezer ezezagunik ekuazioan. Honela hasitako prozesuaren segida kontatzea besterik ez dago: Idak bertikaltasuna galdu, kolpearen eraginez horizontaltasunera igaro, aldi berean arnasa hartu ezin, min bizia, beldurra, eta orekaren nahaste fisiologikoa. Nahiz eta hura hainbeste ezagutu, Franzek lehoi batek bezala marruka txikituko zuen elbarri hura, orduantxe ttaka ahizpa etorri ez balitz ondoko gelatik. Haren deiadarrek uxatu zuten Franz, eta bere etxe ondoan harrapatu zuen iluntzean poliziak.

        «Horri, horri», xaxatzen dute furia zaharrek. Izugarria da, izugarria, jainkoek madarikatutako gizon bat ikustea aldarean, eskuetatik odola dariola. Haien zurrungak: lo al hago? Baztertu zuen logura. Jaiki, jaiki. Agamemnonek, aitak, urte asko zeramatzan Troiatik joanda. Troia erori zenean, suzko seinaleak egin zituzten, Idatik Athosen barrena, zuzi piztuak Citherongo basoraino.

        Zer zoragarria, bidez esanda, garrezko seinale hori Troiatik Greziaraino. Bai ederra dela suaren bide hori itsaso gainetik, hori da argia, bihotza, arima, zoriona, garrasia!

        Su gorri iluna, Gorgopis aintziraren gainetik gori-gori, eta zaindari batek ikusi, eta garrasi egin eta pozten da, eta hori da bizitza, eta piztu eta zabaltzen da albistea eta asaldura eta poza, dena batera, eta saltoka doa itsas golko baten gainera, lasterka bizian Arakneongo gainetara, betiko garrasi eta amorrua, gorigori dakusazuna: badator Agamemnon! Ezin gara konparatu antzezpen horrekin. Honetan ere gutxiago gara.

        Seinaleak igortzeko guk darabilguna esperimentu batzuen emaitza da, Heinrich Hertzen lana, Karlsruhen bizi eta gazte hil zena, eta Municheko Bilduma Grafikoko argazkian behintzat bizarduna. Harigabeko telegrafia darabilgu. Transmisore mekanikoen bidez, maiztasun handiko korronte alternoak egiten ditugu estazio handitan. Zirkuitu baten oszilazioen bitartez uhin elektrikoak sortzen ditugu. Oszilazioak esferen forman hedatzen dira. Eta gero kristalezko elektroi-hodi bat dago, eta mikrofono bat, haren xafla gehiago edo gutxiago mugitzen dela, eta horrela doinua lehenago makinan sartu bezalaxe irteten da berriro, eta hori harrigarria da, zorrotza, maltzurra. Ez da erraza horrekin mirestea; badabil eta kito.

        Zer desberdina den suzko zuzia, Agamemnonen itzulera seinalatzen!

        Sutan, garretan, noiznahi, nonahi esaten du, sentitzen du, eta bozkarioz betetzen ditu bazterrak: badator Agamemnon! Mila lagunek argi egiten dute nonahi: badator Agamemnon, eta orain hamar mila dira, itsas golkoaz bestalde ehun mila.

        Eta gero, gatozen harira, iristen da etxera. Aldatu dira gauzak. Erabat aldatu ere. Zuritik beltzera. Etxeratzean, emazteak bainura darama. Orduan erakusten du, zitalean ez duela berdinik. Uretan dagoen gizonari sarea bota, hura ezertarako gauza ez dela utziz, eta ekartzen du aizkora bat egurra mozteko bezala. Gizonak orduan: «Ai ene, jo nau!» Kanpoko jendeak: «Nor ari da hor garrasika?» «Ai ene, nireak egin du!» Antzinako piztiak bertan akabatzen du, begiak kliskatu gabe, eta oraindik ahozuloa zabaltzen du: «Neuk hil dut, sarea bota eta bi aldiz jo dut, bi hasperenekin luzatu da, eta orduan Hadesera bidali dut hirugarren kolpean.» Horren aurrean senatariak hunkitu, baina halere aurkitzen dute zeresan egokia: «Harritzen gara zure hitz ausartekin.» Emakume hau izan zen beraz, antzinako piztia hau, Agamemnonekin izandako ezkon-olgeta baten ondorioz haur bat izan zuena, jaiotakoan Orestes izena ipini ziotena. Geroago ama hil zuen plazeraren fruitu honek, eta ordutik oinazetzen dute furiek.

        Baina erabat bestelakoa da Franz Biberkopfen kasua. Bost asteren buruan zendu da bere Ida ere, Friedrichshain erietxean, saihets-hezurren haustura konplikazioekin, pleura urratua, birikako urratu txikiaren ondorioz enpiema, pleuresia, pneumonia, ene, ez zain sukarra jaisten, hori itxura daukanana, begira ezan ispiluan, ene, jota hago, hireak egin din, beste mundurako hobeto hago. Autopsia egin eta Landsberger Alleen ehortzi zuten, lur azpian hiru metrora. Franzi gorrotoa ziola hil zen, baina heriotzaren ostean ere ez zen Franzen amorru itsua baretu, Idari bisita egin baitzion Breslautarrak, lagun berriak. Han azpian dago, badira bost urte, buruz gora, egur oholak usteltzen eta bera zirinean desegiten, bera, garai batean Treptowen Paradiesgartenen Franzekin dantzatu zuena espartin zuriekin, maitatu eta han-hemenka jardun duena, geldi-geldi eta betiko ezkutatu da.

        Franzek, berriz, bere lau urteak konplitu ditu. Hura hil zuena hor dabil, bizitzen, irabazten, edaten, jaten, hazia ereiten, bizia zabaltzen. Idaren ahizpak ere ez dio ihes egin. Baina eroriko da. Ez dakit nor hil omen da. Baina oraindik badauka puska baterako. Badaki hori. Bitartean, tabernetan gosaltzen jarraituko du eta bere moduan goresten Alexanderplatz gaineko zerua: Noiztik jotzen du zure amamak turuta, eta Nire papagaiak ez du jaten arrautza egosirik.

        Eta non da orain Tegel espetxeko pareta gorria, hainbeste beldurtzen zuena, ezin zuen bizkarra handik kendu. Zaindaria zutik dago burdinazko ate beltz, Franzi halako nazka ematen zion hartan, atea bere erroetan dago oraindik, ez dio inori enbarazu egiten, ederki egurasten du giroa, gauez ixten dute, ate zintzo guztiak bezala. Orain, goizerdian, haren aurrean dago atezaina, pipa erretzen. Eguzkia dago, beti eguzki bera da, hura ikusita aise igartzen da noiz egongo den zeruko puntu jakin batean. Eguzkia egotea, hodeien esku dago. 41.etik oraintxe jaisten dira pertsona batzuk, loreak eta pakete txikiak daramatzate, seguraski sanatoriora doaz zuzenean, ezkerretara galtzadan behera, denak hotzez akabatzen. Arbolak ilara beltz batean daude. Han barruan segitzen dute presoek beren ziega-zuloetan, ari dira lantegietan, paseatzen dira lerro-lerro patioan zehar. Agindu zorrotza, atsedenean nahitaez jantzi zapatak, txapela eta lepoko zapia. Nagusia ziegetara bisitan: «Atzo gaueko zopa zer, ona?» «Bazegoen hobea eta ugariagoa ematea.» Entzun nahi ez eta gorrarena egiten du: «Zenbatero aldatzen dizkizue izarak.» Ondo asko daki.

        Bakartu duten batek idazten du: «Utzi eguzkiari sartzen! Oihu horrek zeharkatzen du gaur mundu osoa. Baina hemen, kartzelako pareten atzean, ez du oraindik oihartzunik. Ez al dugu merezi eguzkiaren argia? Presondegiak eraiki diren moduan, eguzkiak ez ditu urte guztian jotzen hegal batzuk, ipar-ekialdekoak. Eguzki izpi bakar bat ere ez da sartzen ziega haietan, bertako biztanleei diosal egitera. Urtea joan eta urtea etorri, eguzkiaren distira bizigarririk gabe jardun eta zimeltzen da jendea.» Batzorde bat da etortzekoa eraikina ikustera, zaindariak lasterka dabiltza ziegarik ziega.

        Beste batek: «Entzutegiko Fiskaltzari. Zigor Areto Goreneko Epaitegiak nire kontra eramandako auzian, bertako Presidenteak, Entzutegiko Buru den X. Dre.ak adierazi zidanez, ni atxiloturik nengoela, norbaitek hainbat gauza eraman zituen Elisabethstrasse 76.eko nire etxetik. Aktetan ageri da gertaera hori. Aktetan ageri denez, orduan nahitaez egon da ikerketa bat, poliziak edo fiskaltzak bultzatua. Atxiloturik nengoela inork ez zidan ezer adierazi nire gauzen lapurretaz, epaiketan jakin nuen arte. Arren eskatzen diot fiskaltzari, ikerketen emaitza jakinaraz diezadan, edo aktetan aipatzen den txostenaren kopia bat bidal diezadan, agian kalte-ordain bat eskatzeko, nire ugazabandrearen aldetik zabarkeria egon bada.»

        Eta Frau Minna berriz, Idaren ahizpa, ondo dabil, eskerrik asko, zer jatorra zaren. Orain 11k eta 20 dira, oraintxe dator Ackerstrasseko azokatik, udalaren eraikin horitik, Invalidenstrassera ere irteera bat daukanetik. Baina berak Ackerstrasseko irteera hautatzen du, hurbilago geratzen zaio eta. Azalorea eta txerriburua daramatza, baita apio pittin bat ere. Azokaren aurreko gurdi batetik platuxa guri eder bat ere erosten du, eta kamamila-zorro bat; auskalo, badaezpada behartuz gero.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia