LEHENBIZIKO LIBURUA

 

        Hemen, hasieran, espetxetik irteten da Franz Biberkopf, aurreko bere ibilera zoroagatik han bukatu baitzuen. Zaila zaio berriro Berlinen bizitzen jartzea, baina azkenean lortu, eta, pozarren, aurrerantzean zintzo jokatuko duela zin egiten du.

 

 

41.ean hirira

 

        Tegeleko espetxe aurrean zegoen, libre. Atzo bertan patata-jorran aritu zen atzeko soroetan, ondoko guztiak bezalaxe presoz jantzita, orain udako zamar horia zeraman soinean, haiek jorraketan eta bera libre. Tranbia bati eta besteari pasatzen utziz, bizkarra paretaren kontra jarrita, han segitzen zuen. Ateko guarda aldamenetik igaro zitzaion pare bat aldiz, tranbia seinalatu zion, baina berak han segitzen zuen. Horra une beldurgarria (beldurgarria, Franz, zergatik beldurgarria?), akabo ziren lau urteak. Burdinazko ate beltz haiek, azken urtean gero eta ezinikusi handiagoa sortu zioten haiek (ezinikusia, zergatik ezinikusia), bere atzean itxi ziren. Kanpoan utzi zuten berriro. Barruan zeuden besteak, zura lantzen, bernizatzen, sailkatzen, eransten, oraindik beste bi urte, bost urte. Geltokian zegoen.

        Zigorraren hasiera da.

        Buruari eragin eta txistua irentsi zuen. Bere oina zapaldu zuen. Gero abiada hartu eta tranbiara igo zen. Jendartera. Aurrera. Lehenik, dentistarenean egotea bezala zen, hark kurrikekin zain bati heldu eta tiratzen duenean, mina handitu eta handitu, burua lehertzeko zorian. Burua jiratu zuen pareta gorrirantz, baina tranbiak errailen gainean ziztuan zeraman, eta bera izan zen espetxeari begira geratu zen bakarra. Tranbiak bihurgune bat hartzean tartekatu ziren loreak, etxeak. Kale biziak agertu ziren, Seestrasse, jendea igo eta jaitsi zen. Bere baitan garrasi egin zuen zerbaitek, izuturik: Kontuz, kontuz, hastera zoak. Sudur punta izoztuta zeukan, masailetan dardara. Zwölf Uhr Mittagszeitung, B. Z., Die neuste Illustrirte, Die Funkstunde neu. «Txartelak, mesedez.» Poliziakoek uniforme urdinak ditiztek orain. Inor ohartu gabe jaitsi zen tranbiatik, jendartean zegoen. Zer gertatzen zen? Ezer ez. Itxura egin ezak, zerri gosekila, ahalegin hadi, ukabilarekin muturra haustea nahi ez baduk. Hura jendearen zalaparta. Hango mugimendua. Nire kaskezurrak koipea falta dik, zeharo lehor zegok. Zer zen hura dena. Oinetako-dendak, kapela-dendak, lanpara goriak, tabernak. Jendeak oinetakoak behar ditik hainbeste ibiltzen bada, guk ere bagenian zapata-lantegia, zer uste duk hik. Ehunka beira argitsu, utziek distiratzen, ez haute ikaratuko, nahi baduk puska ditzakek, zer ikusten diek, garbitu berriak zeudek. Zoladura altxatzen ari ziren Rosenthaler Platzen, bera ere besteen artean joan zen oholen gainetik. Besteen artean nahasi eta dena igarotzen duk, ez haiz ezertaz jabetzen, motel. Erakusleihoetan panpinak zeuden, janzkiekin, berokiekin, gonekin, galtzerdi eta zapatekin. Kanpoan dena mugitzen zen, baina... han barruan... ez zegoen ezer! Han... ez zegoen... bizitzarik! Han, dena zen aurpegi alaia, irri egitea, banaka edo hirunaka itxarotea Aschinger aurreko errepide tartean, zigarroak erretzea, egunkarien orriak pasatzea. Dena zen kaleargiak bezala... eta... gero eta gogortuago. Dena bat eginda zegoen etxeekin, dena zuri, dena zura.

        Rosenthaler Strassen behera zihoala gogotik izutu zen, gizon bat eta emakume bat ikusi zituenean taberna txiki batean, leiho ondo-ondoan eserita: zintzurra bustitzen ari ziren garagardoz, eta zer axola, edaten ari ziren, sardexkak zeuzkaten eta haiekin haragi pusketak sartzen zituzten ahoan, gero berriro sardexkak atera eta ez zuten odolik botatzen. Ai, bihurritu zitzaion gorputza, ezin diat menderatu, nora joango naiz? Erantzuna: horra zigorra.

        Ezin zuen atzera egin, honaino etorri zen tranbian, espetxetik libratu zuten eta barruraino sartu behar zuen hemen, are sakonago.

        Bazekiat, egin zuen hasperen berekiko, hemen barruraino sartu behar dudala eta libratu nautela. Behartuta zeudean, betea nian zigorra, hori duk legea, burokratak bere lana egiten dik. Sartuko nauk barrura, baina nahiezik, ene, ezin diat.

        Rosenthaler Strassen zehar joan zen, Tietz saltegi handiaren albotik, eta eskuinera jo zuen Sophienstrasse meharrera. Kale hau ilunagoa duk, pentsatu zuen, leku iluna hobea izango duk. Presoak bakartuta, ziegan banaka edo ziegan taldeka edukitzen dituzte. Bakartuta dagoenean, presoa bereiz atxikitzen dute gau eta egun. Banaka dagoenean, presoa ziegan jartzen dute, baina besteekin daramate kanpoan ibiltzera, ikastera edo mezatara. Tranbiak iskanbilan eta txintxarri joka pasatzen ziren, etxe-aurreak bata bestearen atzetik lasterka zihoazen, etengabe. Eta teilatuak zeuden etxe-gainetan, esekirik etxe-gainetan, begiak gora aldera zihoazkion: ez ote dira teilatuak behera irristatuko, baina etxeak zuzen zeuden. Nora joango naiz, ene errukarria, oinak arrastatu zituen etxeen pareten ondoan, hura ez zen amaitzen. Ni zeharo inozoa nauk, apur bat tirriki-tarraka ibili, bost minutu, hamar minutu, gero koñak bat edan eta eseri. Kanpaia entzun orduko, ekin lanari. Bazkari-, paseo- eta eskola-orduan soilik dago gelditzea. Paseatzean, presoek besoak luze eraman behar dituzte, atzera-aurrera eraginez.

        Han etxe bat zegoen, begirada jaso zuen espaloitik, ate bat bultzatu zuen, eta bere bularretik ai triste elkor bat irten zen. Besoak antxumatu zituen, horratx, motel, hemen ez haiz izoztuko. Patioko atea zabaldu zen, norbait ondotik pasatu eta atzean jarri zitzaion. Berak hasperen egin zuen, on egiten zion hasperenak. Lehen aldiz bakartu zutenean beti horrela egiten zuen hasperen, eta pozten zen bere ahotsa entzuteaz, zerbait behintzat edukitzea, ez zegok dena galdua. Askok egiten zuten hori ziegetan, batzuek hasieran, beste batzuek geroago, bakardadea sentitzen zutenean. Orduan hasten ziren, zera gizatiarra zen, kontsolagarria. Han zegoen ezkaratzean, ez zuen aditzen kaleko zarata beldurgarria, inor zoratzeko etxeak ez zeuden han. Ahoa okertuta marmar egin eta kemena bildu zuen, eskuak sakeletan estuturik. Udako zamar horiko bere sorbaldak kuzkurtuta zeuzkan, babesteko.

        Preso ohiak ezezagun bat zeukan ondoan, begira. Hark galdetu zion: «Zer duzu, ondoezik zaude, mina daukazu?» Hura ikusi eta berehala isildu zuen marmarra. «Txarki al zaude, etxe honetan bizi al zara?» Bizar gorri ugariko judu bat zen, gizon txikia, soinean zamarra, buruan belusezko kapela beltza eta eskuan makila. «Ez, ni ez naiz hemen bizi.» Joan egin behar izan zuen ezkaratzetik, ezkaratzak nahiko mesede egin zion. Eta orain hasi ziren berriro kaleak, etxe-aurreak, erakusleihoak, irudiak presaka galtzekin edo galtzerdi argiekin, denak hain bizkor, hain arin, istantero bat. Eta erabakia harturik, berriro sartu zen ezkaratz batean, baina orduantxe zabal-zabal egin zituzten ateak, auto bati pasatzen uzteko. Orduan bizkor ondoko etxera, ezkaratz estu batera, eskailera-ondoan. Hona ezin zen autorik etorri. Baranda-izkinari heldu zion. Eta heltzen zion bitartean, bazekien ihes egin nahi ziola zigorrari (ai Franz, zer egingo duk, ezingo duk), horixe egingo zuen, bazekien non zegoen irteera bat. Eta isilik hasi zen berriro bere musikarekin, marmarra eta purrusta, eta ez nauk gehiago kalera itzuliko. Judu bizar-gorria berriro sartu zen etxean, hasieran ez zen barandakoaz ohartu. Xuxurla entzun zion. «Baina aizu, zer ari zara hemen? Ez zaude ondo?» Baranda-izkina askatu eta patiora joan zen. Ateari eusterakoan ikusi zuen, hura lehengo etxeko judua zela. «Alde hemendik! Zer nahi duzu nigandik?» «Tira, tira, ezer ez. Antsia eta intziri horiek adituta, normala da ondo zauden galdetzea.» Eta ate zirritutik harago, berriro etxe zahar haiek, jendea zalapartan, teilatuak irristan. Preso ohiak patioko atea zabaldu zuen, eta juduak atzetik: «Bueno, zer pasa liteke, gauza txar-txarrik ere ez. Hil edo antzekorik ez. Handia da Berlin. Mila bizi diren lekuan, biziko da beste bat ere.»

        Patio goibel, garai bat zen. Bera zaborrontziaren alboan zegoen. Eta bat-batean deiadarka hasi zen kantari, paretei kantari. Kapela erantzi zuen, organo-jotzaile batek bezala. Paretek oihartzun egin zuten. Ederra. Bere ahotsak belarriak bete zizkion. Ozen kantatzen zuen, espetxean sekula ezingo zukeen moduan. Eta zer zen hark kantatu eta paretek oihartzun egiten zutena? «Oihuen trumoi-hotsa.» Gerrarako zuzen eta irmo. Eta ondoren: «Tralaralarai», kanturen batekoa. Inork ez zion jaramonik egiten. Judua atean zeukan zain: «Ederki kantatu duzu. Oso ederki ere. Urrea irabaz zenezake horrelako ahotsarekin.» Juduak kaleraino jarraitu zion, besotik hartu eta isildu gabe eraman zuen, Gormannstrassetik abiatu ziren arte, judua eta gizaseme handi mardul hura, udako zamarra soinean eta ahoa estututa, txistuarekin behazuna botatzera balihoa bezala.

 

 

Oraindik ez han

 

        Gela batera eraman, non berogailu bat zegoen piztuta, eta sofan eserarazi zuen: «Hara ba, hemen zara. Lasai eser zaitez. Kapela jantzita egon edo kendu, nahi duzuna. Norbaiten bila noa, gustatuko zaizu. Ni ez naiz berez hemen bizi. Zu bezala, arrotza naiz ni ere. Horrela izaten da, arrotz batek beste bat dakar, gela bero badago behintzat.»

        Preso ohia bakarrik geratu zen. Oihuen trumoi-hotsa, ezpaten zarata eta itsas harrabotsa. Tranbian zihoan, leihotik begira, pareta gorriak ageri ziren zuhaitz artean, hostoen euri nabarra ari zuen. Begi aurrean zituen paretak, sofatik begiratzen zien, adi-adi begiratu ere. Zorte handia duk pareta hauen artean bizitzea, eguna nola hasten den eta nola jarraitzen duen jakitea. (Franz, ez haiz bada orain ere ezkutatuko, lau urte egin dituk ezkutatuta, kemena izan ezak, begira ezak ingurura, bukatu behar dik ezkutatze horrek.) Debekatua dago kantua, txistua eta istilua. Goizeko seinalea entzutean presoen betebeharrak: berehala jaiki, ohatzea egin, aurpegia garbitu, orraztu, arropa txukundu eta jantzi. Behar hainbat xaboi banatuko da. Bum, kanpaikada bat, jaiki, bum bost eta erdiak, bum sei eta erdiak, ateak ireki, bum bum, kanpora, gosaria, lan-saioa, atsedena, bum bum bum eguerdia, aizak, ez ezpaina okertu, hemen ez haute gizenduko, kantariek izena eman dezatela, kantarien bilera bostak eta berrogei, eztarria hartuta daukat, seiak ateak itxi, gabon, lortu diagu. Zorte handia pareta hauen artean bizitzea, krakaz bete naitek, gutxigatik ez nian hilketa egin, baina homizidio soila izan zuan, heriozko zauriak, ez zuan hainbesterako, exkax hutsa nengoan eginda, txatxua, erdi arlotea.

        Judu handi, zahar, ileluze bat, lepondoan txapel txiki beltz bat zuela, aspalditik zeukan aurrean eserita. Bazen Susa hirian Mardokeo zeritzan gizon bat, eta hark osabaren alaba hazi zuen, Ester, neska liraina gorputzez eta biziki ederra. Zaharrak begiak baztertu eta bizar-gorriaren aldera jiratu zuen burua: «Nondik atera duzu?» «Etxez etxe zebilen lasterka. Patioan tente jarri eta kantari hasi da.» «Kantari?» «Gerrako kantuak.» «Hotzez egongo da.» «Baliteke.» Zaharrak begiratu zion. Lehenbiziko festa-egunean juduak ez dira gorpuez arduratuko, bigarren festa-egunean israeldarrak ere ez, ezta urte berriko lehen bi egunetan ere. Eta nork sortu du rabinoen agindu hau: hegazti garbi baten sarraskia jan duena lohitu da; baina hestetik edo papotik jan duena ez da lohitu? Zaharrak bere esku luze horia zuzendu zuen, preso ohiaren eskua zamar gainean zegoen lekura: «Aizu, ez duzu zamarra erantzi nahi? Bero dago hemen. Gu zaharrak gara, urte osoan hotzez gaude, baina zuretzat gehiegi izango da.»

        Sofaren gainean zegoen, bere eskuari zeharka begira, patio batetik bestera ibilia zen kalez kale, ikustekoa duk non topatzen den zerbait munduan. Eta zutik jarri nahi izan zuen, ate aldera joan, bere begiek atea bilatu zuten gela ilunean. Eta zaharrak berriro sofaren aldera bultzatu zuen: «Gera zaitez, zer egin nahi duzu?» Kanpora joan nahi zuen. Zaharrak, baina, eskumuturretik heldu eta estutu egin zion, ongi estutu ere: «Ea nor den indartsuago, zu ala ni. Eser zaitez, behin esanez gero.» Zaharrak garrasi egin zuen: «Egoteko eserita. Nire esana entzun behar duzu, gazte. Menpera zaitez, egoskorra.» Eta Franzi sorbaldetatik heltzen zion bizar-gorriari: «Zoaz hemendik, zoaz. Nik ez dizut deitu. Jakingo dut zer egin berarekin.»

        Zer egin nahi zioten haiek. Berak kanpora irten nahi zuen, zutitzen saiatu zen, baina zaharrak behera eginarazi zion. Orduan garrasi egin zuen berak: «Zer ari zara niri egiten?» «Kexa zaitez, bai. Gehiago ere kexatuko zara.» «Aska nazazu. Kanpora irten behar dut.» «Zer, kalera? Edo patioetara?»

        Orduan zaharra aulkitik altxatu eta marmarrean ibili zen batera eta bestera: «Egin dezala garrasi, nahi hainbat. Egin dezala nahi duena. Baina nire etxean ez. Zabaliozu atea.» «Zer ba, besteetan ere nahiko garrasi izaten duzu hemen.» «Ez niri etxera jenderik ekarri, istilua sortzen duenik. Alabaren umeak gaixo daude, hor atzean daude ohean, badut nahiko istilu.» «Tira, tira, zer zoritxarra, ez nekien, barkaidazu.» Bizar-gorriak eskuetatik heldu zion gizonari: «Zatoz. Rabinoak beterik du etxea. Ilobak gaixo dauzka. Goazen beste nonbaitera.» Baina berak ez zuen zutitu nahi. «Goazen.» Beharko zutitu. Orduan berak xuxurlatu zuen: «Ez tiratu. Utz nazazu hemen.» «Etxea beterik du, entzun duzu.» «Utz nazazu hemen.»

        Begietan txinpartak zituela zegoen zaharra adi-adi begira gizon ezezagun, erregutzaile hari. Mintzatu zen Jeremias, saiatu gara Babilonia sendatzen, baina ez digu utzi. Utz dezagun, eta alde egin nork bere lurraldera. Eror bedi ezpata kaldearren gainera, Babiloniako biztanleen gainera. «Lasai badago, zuekin gera liteke. Ez badago lasai, joan egin beharko du.» «Ondo, ondo, ez dugu zaratarik egingo. Berarekin eseriko naiz, fida zaitez nirekin.» Zaharra, tutik esan gabe, bizkor irten zen.

 

 

Ikasbidea Zannowichen ereduarekin

 

        Han zegoen preso ohia berriro sofan eserita, udako bere zamar horiarekin. Hasperenka eta burua astinduz zebilen bizar-gorria atzera eta aurrera: «Tira, ez zaitez haserretu, zaharra horrenbeste muturtu dela eta. Kanpotik etorria zara?» «Bai, ni naiz, ni nintzen...» Pareta gorriak, pareta ederrak, ziegak, bihozminez begiratu zien, pareta gorrian zeukan bizkarra itsatsita, gizon argi batek eraiki zian, bera ez zen handik urruntzen. Eta panpina bat bezala irristatu zen sofatik tapizera, erortzerakoan alde batera bultzatu zuen mahaia. «Zer duzu?» egin zuen garrasi bizar-gorriak. Preso ohia tapizean kuzkurtu zen, kapela bere eskuen ondoan piririkatu zen, burua apaldu eta intziri egin zuen: «Zoru barrura, lur barrura, ilunpera.» Bizar-gorriak gogor tiratu zion: «Jainkoaren izenean. Besteren etxean zaude. Zaharra etortzen bada. Altxa zaitez.» Berak, ordea, ez zuen utzi altxa zezan, tapizari eutsi zion, intzirika. «Isil zaitez, jainkoaren izenean, zaharrak aditzen badu. Moldatuko gara biok.» «Ni ez nau inork hemendik aterako.» Satorra bezala.

        Eta ezin zuenez jaso, bizar-gorriak bere betondoko kizkurrak igurtzi, atea itxi eta tinko eseri zen lurrean, gizonaren ondoan. Belaunak goratu eta aurreko mahaiaren hankei begira jarri zen: «Ondo. Zaude bertan lasai. Ni ere eseriko naiz. Ez da batere goxoa, baina zergatik ez. Zuk ez duzu esango zer gertatzen zaizun, nik kontatuko dizut zerbait.» Preso ohiak antsia egin zuen, burua tapizean zuela. (Baina zergatik egiten du antsia eta intziri? Erabakitzeko ordua da, bide bat hartu beharra dago..., eta hik ez duk bakar bat ere ezagutzen, Franz. Lehengo simaurra ez duk nahi eta ziegan ez duk besterik egin, intziri eta ezkutatu eta fitsik ez pentsatu, fitsik ez pentsatu, Franz.) Bizar-gorria zakar mintzatu zen: «Ez da norberaren burua hain goian jarri behar. Besteei entzun behar zaie. Nork esan dizu zeure burua hain goian jartzeko. Jainkoak ez du inor eskutik uzten, baina badago jende gehiago ere. Ez duzu irakurri zer egin zuen Noek arkan, bere ontzian, uholde handia etorri zenean? Bakoitzetik pare bat. Jainkoak ez zuen inor ahaztu. Ezta buruko zorriak ere. Denak nahi eta maite zituen.» Bera zizpuruka zegoen behean. (Zizpuru egitea ez duk fitsik kostatzen, sagu gaixo batek ere bazekik zizpuru egiten.)

        Bizar-gorriak zizpuru egiten utzi eta masailak igurtzi zituen: «Gauza asko daude munduan, gauza asko konta daitezke gaztetan eta zahartzaroan. Oraintxe kontatuko dizut Zannowichen, Stefan Zannowichen istorioa. Ez zenuen inoiz entzungo. Hobeto zaudenean, tente zaitez. Burura igotzen da odola, ez da ona. Nire aita gizaixoak gauza asko kontatzen zizkigun, gure herrikoen moduan mundu asko ikusia zen, hirurogeita hamar urte egin zituen, ama zenaren ondoren hil zen, asko zekien, azkarra gizona. Gu zazpi aho goseti ginen, eta zer janik ez zegoenean istorioak kontatzen zizkigun. Halakoekin ase ez baina ahaztu bai.» Azpitik aditzen zen intziri-hots motela. (Gamelu gaixo batek ere bazekik intziri egiten.) «Tira, tira, badakigu, munduan ez da guztia urre, edertasun eta bozkario. Nor zen bada Zannowich, nor zuen aita, nor zituen gurasoak? Ba eskaleak, gutako gehienak bezala, errekardariak, merkatariak, tratulariak. Zannowich zaharra jatorriz Albaniakoa zen eta Veneziara joan zen. Bazekien zergatik joan Veneziara. Batzuk hiritik baserrira joaten dira, beste batzuk baserritik hirira. Baserria lasaiagoa da, jendea gauza bati jira eta bira ibiltzen da, orduetan egon zaitezke hizketan, eta zortea baduzu sos batzuk irabazten dituzu. Hirian ere zaila da, baina jendea elkarrengandik hurbilago dago eta ez dute astirik. Bata ez bada bestea. Inork ez du idirik, baizik eta zaldi bizkorrak, kotxeekin. Galdu eta irabazi. Hori bazekien Zannowich zaharrak. Zeukan guztia saldu zuen lehenbizi, eta gero kartak hartu eta jokoan hasi zen. Ez zen batere zintzoa. Etekina atera zuen, zeren hiriko jendeak ez baitu astirik eta jostatu nahi du. Hark jostarazi zituen. Diru franko kostatu zitzaien. Engainatzailea, jokalari maltzurra zen Zannowich zaharra, baina burua zuen. Nahiko lan izan zuen nekazari artean, baina hemen hobeto bizi zen. Aurrera egin zuen. Halako batean norbaitek pentsatu zuen arte txarkeria bat egin ziola. Ene, Zannowich zaharrak ez zuen halakorik espero. Makilakadak egon ziren, poliziakoak, eta azkenean Zannowich zaharrak hanka egin behar izan zuen, umeekin. Veneziako epaitegia atzetik zuen, eta epaitegiarekin, pentsatu zuen agureak, nahiago ez jostatu, ez naitek ulertzen, ez zuten harrapatu. Zaldiak eta dirua zeuzkan eta berriro Albanian kokatu zen eta ondasunak erosi zituen, herri oso bat, eta umeak goi-eskolara bidali zituen. Eta zahartu zenean, bakean eta estimatua hil zen. Hori izan zen Zannowich zaharraren bizitza. Nekazariek negar egin zuten beragatik, baina berak ezin izan zituen jasan, izan ere beti gogoan zeuzkan aspaldiko garai haiek, berak aurrean jartzen zizkienean bere pitxi-pitxiak, eraztunak, eskumuturrekoak, koralezko kateak, eta dena ongi jirabiratu eta eskuzkatu ondoren han joaten ziren, bera hantxe zutik utzita.

        «Badakizu, aita zuhaixkak semea zuhaitz nahi. Aita harriak semea mendi izan behar. Zannowich zaharrak semeei esan zien: Ni hemen Albanian errekardari ibili naizen bitartean, hogei urtetan, ez nauk ezertxo ere izan, eta zergatik? Ez neukalako behar den lekuan jarrita burua. Nik eskola handira bidaltzen zaituztet, Paduara, hartu zaldiak eta kotxeak, eta ikastez bukatzen duzuenean gogora zaitezte nitaz, zuen amarekin eta zuekin izandako kezkaz eta basoan gauez zuekin lo egiten nuen garaiaz, basurdeen antzera: neurea zuan kulpa guztia. Ezurte batek bezala lehortu ninditean nekazariek, eta erabat hondatuko ninduan, baina ni orduan jendartera joan eta ez ninduan galdu.»

        Bizar-gorria barrez ari zen bere kasa, buruari eragiten, gorputza kulunkatzen. Tapizean zeuden eserita: «Orain norbait sartzen bada, erdieroak garela pentsatuko du, sofa eduki eta lurrean eserita. Tira, norberak ikusiko du, zergatik ez, norberaren gustua baldin bada. Zannowichen semea Stefan oso hizlari ona zen gaztetatik, hogei urterekin ere. Bazekien arrazoiak ematen, jendearekikoa izaten, bazekien andreekin goxo eta gizonekin prestu jokatzen. Paduan, nobleek profesoreengandik ikasten dute, Stefanek nobleengandik ikasi zuen. Jatorrak ziren berarekin. Eta etxera itzuli zenean, Albaniara, aita, artean bizi zenez, asko poztu zen, ongietorri eman eta esan zuen: 'Ikustazue, hau bai munduko gizona. Ez da ni bezala hogei urtez tratuan ibiliko nekazariekin, aita baino hogei urte aurrerago doa.' Eta gaztetxoak bere zetazko mahukak igurtzi, bekaineko kizkur ederrak goratu eta musu eman zion aita zahar zoriontsuari: 'Berorri esker, aita, libratu naiz hogei urte txar horietatik.' 'Izan daitezela hire bizitzako onenak', esan zuen zaharrak, gaztetxoa laztandu eta ferekatuz.

        «Eta Zannowich gazteari mirari batean bezala zihoakion dena, baina ez zen inongo miraria. Bazter guztietatik hurreratzen zitzaion jendea. Bihotz guztien giltza zeukan. Montenegrora joan zen, irteera batean zaldun gisa, kotxeak eta zaldiak eta mirabeak ondoan zituela. Aita asko poztu zen semea handi ikusteaz ­aita zuhaixka, semea zuhaitz­ eta Montenegron konde eta printze deitu zioten. Ez zioten sinetsiko, esan balu: nire aitaren izena Zannowich da, Pastrowichen bizi gara herrixka batean, eta aita harro dago horrekin! Ez zioten sinetsiko, beraz Paduako noble gisa aurkeztu zen, eta itxura ere halakoa zeukan eta denak ezagutzen zituen. Berekiko barrez esan zuen Stefanek: hala nahi duzue eta torizue. Eta poloniar aberats gisa agertu zen jendaurrera, denek irizten zioten Warta baroia, eta haiek pozik eta bera pozik.»

        Preso ohiak bat-batean salto egin eta zutitu zen. Pikotxean jarri eta besteari goitik zelatan jarri zen. Ondoren begirada izoztu batekin esan zion: «Tximinoa.» Bizar-gorriak mespretxuz erantzun zion: «Ni tximinoa izango naiz, baina tximinoak jende askok baino gehiago daki.» Lurrean eserarazi zuen bestea berriro. (Damutu; antzeman zer gertatu den; antzeman zeren falta dagoen!)

        «Hizketan jarrai dezakegu. Asko ikas daiteke besteengandik. Zannowich gaztea bide horretatik zihoan eta hortik jarraitu zuen. Nik ez nuen ezagutu eta nire aitak ere ez, baina imajina daiteke nolakoa zen. Galdetzen badizut zuri, tximinoa deitu didazun horri ­ez da gutxietsi behar Jainkoaren animaliarik, haragia ematen digute, eta mesede handiak egiten dizkigute, pentsa ezazu zaldiak, zakurrak, txori kantariak, urteroko ferietan bakarrik ikusi ditut tximinoak, imintzioak egin behar dituzte kateari lotuta, patu latza da, gizonarena ez da hain latza­, zera galdetu nahi dizut, ezin dizut izenez deitu, ez didazu izena esan eta: nola egin dute Zannowichtarrek aurrera, gazte zein zahar? Zure ustez zentzua eduki dute, bizkorrak izan dira. Beste batzuk ere bizkorrak izan dira, baina haiek laurogei urtean baino urrutiago iritsi zen Stefan hogeian. Baina inportanteena begiak eta hankak dira. Mundua ikusi eta hara joaten jakitea.

        «Entzun ezazu ba zer egin zuen Stefan Zannowichek, jendea ikusi eta ondo baitzekien zer beldur gutxi eduki behar zaion jendeari. Ikusi nola xamurtzen dioten inori bidea, nola erakusten dioten kasik bidea itsuari. Haiek hala nahi zuten: zu Warta baroia zara. Ados, esan zuen berak, Warta baroia naiz. Hori gerora gutxi iruditu zitzaion, edo zitzaien. Baroi hutsa izan gabe, zergatik ez gehiago. Bazen gizon ospetsu bat Albanian, aspaldi hila, baina oraindik gurtzen dutena, herriak heroiak gurtzen dituen bezala, Skanderbeg izenekoa. Ahal izan balu, hala esango zukeen Zannowichek: bera zela Skanderbeg. Baina Skanderbeg hilik zegoenez zera esan zuen, ni Skanderbegen ondorengoa naiz, eta horrekin goratu zuen bere burua, Albaniako Castriota Printzea, berriro handi egingo du Albania, jarraitzaileak zain dauzka. Dirua eman zioten, Skanderbegen ondorengo bat bizi den bezala bizitzeko. Jendeari on egin zion. Antzokira joan eta gauza asmatuak entzuten dira, atseginez. Horregatik pagatzen da. Berdin pagatzen da gauza atseginak goizean ala arratsaldean gertatuta ere, eta norberak parte har badezake.»

        Eta berriro altxatu zen udako jaka horiko gizona, aurpegi hits, zimurra zeukan, bizar-gorriari goitik begiratu eta eztarria garbitu zuen, aldatua zeukan ahotsa: «Aizu, gixajo, burua joanda daukazu? Nahasia?» «Joanda, agian. Batean tximinoa naiz, bestean erdieroa.» «Aizu, zertan zaude hemen eserita niri berriketan?» «Nor dago lurrean eserita, zutitu nahiezik? Ni? Atzean sofa daukadala? Bueno, galarazten badizut isilduko naiz.»

        Orduan besteak, bitartean gelan barrena begira egonak, hankak luzatu eta bizkarra sofaren kontra zuela eseri zen, eskuak tapizean jarrita. «Horrela erosoago egongo zara.» «Behingoz buka ezazu zure jario hori.» «Nahi duzuna. Askotan kontatu dut istorio hori, niri berdin zait. Zuri berdin bazaizu.» Baina eten baten ostean, besteak berriro jiratu zuen burua harengana: «Segi ezazu istorioa lasai kontatzen.» «Ikusten. Kontu-kontari eta hizketan, aise joaten da denbora. Begiak zabaldu nahi nizkizun. Stefan Zannowich delakoak, lehen ere aipatu dizut, dirua jaso zuen, Alemaniara joateko adina bai. Ez zioten antzeman Montenegron. Harengandik ikasi behar dugu geure burua eta besteena ezagutzen. Habiako txorikumea bezain errugabea zen. Eta ikusi, ez zion batere beldurrik munduari: inongo jende handiena, inongo boteretsuena, beldurgarriena, denak bere lagun: Saxoniako Hauteslea, baita Prusiako Printze oinordea ere, gerora gerrako heroi handia izan zena eta Austriako Teresa enperatriza bere tronuan dardarka jarri zuena. Ez zuten Zannowich dardarka jarri. Eta behin Stefan Vienara iritsi eta atzetik zetorkion jendearekin topo egin zuenean, enperatrizak berak eskua jaso eta esan zuen: Uztazue mutikoa bakean!»

 

 

Kontua ustekabean nola osatzen den,
eta preso ohia indartzea lortzen den

 

        Besteak barre egin zuen, sofaren ondoan irrintzika: «Zu zara, zu, elementua. Zirku batean pailazoarena egiteko egokia.» Bizar-gorriak ere barre itoa egin zuen: «Ikusten? Baina ixo: zaharraren bilobak. Ez ote dugu hobe sofan esertzea. Zer iruditzen.» Besteak barre egin, kostata zutitu eta sofaren ertz batean eseri zen, bizar-gorria bestean. «Bigunagoa da, zamarra ez da hainbeste zimurtzen.» Udako jakadunak adi-adi begiratu zion bizar-gorriari ertzetik: «Aspaldian ez nintzen zu bezalako artaburu batekin gertatu.» Bizar-gorriak axolagabe: «Ez zenuen arretaz begiratuko eta, baina badaude. Zamarra zikindu duzu, hemen ez dituzte oinetakoak garbitzen.» Preso ohiak, hogeita hamar urte eskasekoak, begiak alai zeuzkan, aurpegia biziagoa zeukan: «Aizu, esaidazu, zertan aritzen zara zu? Ilargian bizi zara?» «Ondo, orain ilargiaz hitz egingo dugu.»

        Bosten bat minutu zeramatzan ate ondoan zutik gizon batek, bizar ilun kizkurrekoak. Orain mahai aldera joan eta aulki batean eseri zen. Gaztea zen, bestea bezala belusezko kapeladuna. Eskuarekin biribil bat egin airean eta zabaldu zuen bere ahots zolia: «Nor da hau? Zer ari haiz berarekin?» «Eta zer ari haiz hi hemen, Eliser? Ez diat ezagutzen, ez zidak izena esan.» «Kontu-kontari aritu haiz.» «Hiri zer axola.» Bizar-ilunak presoari: «Kontu-kontari aritu zaizu?» «Ez dik hitz egiten. Hor ibiltzen duk, patioetan kantari.» «Ba utziok joaten.» «Hiri ez zaik ardura, nik zer egiten dudan.» «Atetik entzun diat ordea, zer gertatu den. Zannowichen kontuak esan dizkiok. Hik besterik ez duk, kontuak esan eta kontuak esan.» Arrotzak, bizar-ilunari adi-adi begira, purrust egin zuen: «Baina zu nor zara, nondik zatoz? Zergatik sartzen zara honen gauzetan?» «Zannowichen kontuak esan dizkizu ala ez? Esan dizkizu. Nire koinatua Nachum beti hor dabil kontu-kontari, eta ez da ezertarako gauza.» «Ez diat sekula hire laguntzarik eskatu. Ez al duk ikusten hau ondoezik dagoela, zitala ez bestena.» «Gaizki dagoela eta zer. Jainkoak ez dik ezer agindu, bestea berriz, Jainkoa hau etorri zain egon duk. Jainkoak ezin izan dik bakarrik.» «Zitala.» «Aizu, ez honengana arrimatu. Esango zizun, bai, zer mundualdi ederra izan duten Zannowichek eta.» «Ez ote haiz behingoz joango?» «Faltsu alaena, ongile hori. Nirekin hitz egin nahi dik. Hire etxea al da hau? Orain ere esango hituen hire Zannowich horren kontuak, harengandik zenbat ikas daitekeen eta. Gure rabinoa izan behar huen. Janariz gizenduko hintugun.» «Ez zeukaat zuen mesedeen beharrik.» Bizar-ilunak berriro oihukatu zuen: «Eta guk ez diagu bizkarkin baten beharrik, beti hankapean. Kontatu al dizu nola bukatu zuen bere Zannowichek?» «Bilaua, zitala.» «Kontatu al dizu hori?» Preso nekatuak begia keinatu bizar-gorriari, hura bai baitzihoan ukabila goratuta ate aldera, eta atzetik marmar egin zion: «Aizu, ez joan, ez sutan jarri, utziozu berriketan.»

 

        Bizar-iluna kartsuki ari zitzaion hizketan, eskuei eraginez, atzera eta aurrera, mingaina klaskatuz eta burua astinduz, aldiero imintzio desberdina, batean arrotzari, bestean bizar-gorriari: «Honek jendea gixajotzen du. Esan diezazula zer bukaera izan zuen bere Zannowich Stefanek. Hori ez du kontatzen, zergatik ez du hori kontatzen, zergatik, galdetzen dut nik.» «Hi zitala haizelako, Eliser.» «Hi baino hobea halere. Bere Zannowich (bizar-ilunak nazkaz jaso zituen bi eskuak, begiak ikaragarri zabalduz) lapur baten antzera bota zuten Florenziatik. Zergatik? Antzeman ziotelako.» Bizar-gorria mehatxari jarri zitzaion aurrean, baina bizar-ilunak baztertu zuen: «Orain ni nauk hizketan. Gutunak idatzi zizkien printzeei, printzeak gutun asko jasotzen ditu, letragatik ezin da jakin zer-nolako jendearenak. Orduan bere buruari haize eman eta Bruselara joan zen Albaniako Printze gisa, eta goi politikan nahasi zen. Bere aingeru gaiztoak esan zion hori. Badoa gobernura, nor eta Zannowich Stefan, halako txoroxka, eta hitzematen ditu gerra baterako, auskalo noren kontra, ehun mila lagun edo berrehun mila, hori berdin da, gobernuak gutuntxo bat idazten dio, eskerrik asko, alegia ez duela afera ilunetan sartu nahi. Orduan aingeru gaiztoak esan zion ere Stefani: gutun hori hartu eta dirua eskaiek maileguan. Ministroaren gutun bat jaso duk, Albaniako Printze Jaun Txit Gorenari zuzendua. Utzi zioten dirua, eta hori izan zen iruzurgilearen azkena. Zenbat urtera iritsi zen? Hogeita hamar urtera, bere txarkeriak zirela-eta ezin izan zen gehiago zahartu. Ez zuen zorra kitatzerik izan, salatu zuten Bruselan, eta horretatik argitu zen kontua. Horra hire heroia, Nachum! Kontatu al diok zer azken gaiztoa izan zuen espetxean, bere buruari zainak moztu zizkionean? Eta hilda zegoela ­bizitza ederra, azken ederra, esan beharra dago­, etorri zen borreroa, urkatzailea, zakur eta zaldi eta katu hilentzako gurdi batekin, kargatu zuen bertan, Stefan Zannowich, eta bota zuen kanpoan urkabearen ondoan eta hiriko zaborra jaurti zion gainera.»

        Udako zamardun gizona aho zabalik zegoen: «Egia al da hori?» (Sagu gaixo batek ere bazekik intziri egiten.) Koinatuak oihukatutako hitz guztiak zenbatzen aritua zen bizar-gorria. Bizar-ilunaren aurpegi aurrean eduki zuen hatz erakuslea goratuta, hizpidearen zain bezala, eta orain bularrean ttaka jo eta txistua bota zuen haren aurreko lurrean, tu, tu: «To hiretzat. Haizen bezalakoa haizelako, koinatu.» Bizar-ilunak hankak astindu zituen leihora bidean: «Ea ba, orain hik hitz egin eta esan ezak ez dela egia.»

        Han ez zegoen jada paretarik. Gela txiki bat sabaian lanpara batekin, bi judu inguruan, bata bizar-iluna eta bestea bizar-gorria, belusezko kapela beltzak jantzita zituztela, sesioan. Bere lagunari segitu zion, bizar-gorriari: «Aizu, entzuidazu, aizu, egia al da gizon harena, atxilotu eta hil zutela?» Bizar-ilunak oihukatu zuen: «Hil? Nik esan al dut hil zutela? Berak hil zuen bere burua.» Bizar-gorriak: «Ba bere burua hilko zuen.» Preso ohiak: «Eta zer egin zuten orduan besteek?» Bizar-gorriak: «Nork, nork?» «Zera, izango ziren besteren batzuk ere, Stefan hori bezalakoak. Ez ziren denak ministroak izango, urkatzaile eta bankariak.» Bizar-gorriak eta ilunak begirada bat trukatu zioten elkarri. Bizar-gorriak: «Zer egin behar zuten ba? Begira egon eta kito.»

        Udako zamar horiko preso ohia, halako gizaseme puska, sofaren atzetik irten, kapela jaso, garbitu, mahai gainean jarri, gero zamarra zabaldu, txintik atera gabe, eta txalekoaren botoiak askatu zituen: «Hara, ikusi nire galtzak. Lehen honaino nengoen lodi, eta orain honela dauzkat, bi ukabil zahar bata bestearen gainean, urri jateagatik. Akabo. Tripazorroa pikutara. Honela galtzen da kristaua, ez delako beti itxuraz ibiltzen. Nik ez dut sinesten besteak askoz hobeak direnik. Ez, ez dut hori sinesten. Zoratu egin nahi dute inor.»

        Bizar-ilunak ahopean esan zion gorriari: «Hor daukak orain.» «Zer daukat?» «Zera, espetxeko bat.» «Eta zer.» Preso ohiak: «Zeure artean diozu: askatu eta berriro hor zaude, zaborrez leporaino, eta aurreko zabor berdina da. Ez da barre egitekoa.» Berriro lotu zituen txalekoaren botoiak: «Horra haiek ere zer egin zuten. Atera gizon hila zulotik, etorri beste zerrikumea zakurrentzako gurdiarekin eta harrika bota hildakoa, bere burua hil duena, basapiztia madarikatua, jo eta bertan garbitu behar zuten, nola irain daiteke horrela inor, dena dela ere.» Bizar-gorriak triste: «Zer nahi duzu esatea.» «Noizbait zerbait egin dugula eta ez ote gara ezertxo ere? Itzalean egon diren guztiak irten daitezke eguzkitara, nahiz eta edozein gauza egindakoak izan.» (Damutu! Airea behar dik kristauak! Kalera irten! Dena gainditzen duk horrela, dena bukatzen duk, beldurra eta dena.) «Zera bakarrik erakutsi nahi nizun: ez aintzakotzat hartzeko, nire koinatuak kontatzen dizun guztia. Ezin da beti zer-nahi-hura egin, batzuetan bestela izaten da.» «Hori ez da gizalegea, inor simaurretara jaurtitzea zakurra balitz bezala, eta gero zaborra bota gainera, eta hori da beraz hildako bati zor zaion gizalegea. Utikan. Baina orain adio esan behar dizuet. Ea bosteko hori. Zu on beharrez ari zara eta zu ere bai (eskua estutu zion bizar-gorriari.) Nire izena Biberkopf da, Franz. Oso jatorra izan zara, ni etxean hartzeaz. Pipia kantari patioan. Bueno, ondo bizi, dena amaitzen da noizbait.» Bi juduek eskua eman zioten, irribarrez. Bizar-gorriak luzaro heldu zion eskutik, alai: «Ondo zaude benetan? Asko poztuko naiz, noizbait astia eduki eta azaltzen bazara.» «Eskerrik asko, saiatuko naiz. Astia seguruago, dirua baino. Eta eskumuinak lehengo agureari ere. Hark bai indarra eskuan, zer da, harakina izandakoa? Ai, txukun dezagun tapiza bizkor, erabat oker dago eta. Ez, geuk egingo dugu, eta mahaia honela.» Lurrean jardun zuen, atzeraka egin zion irribarre bizar-gorriari: «Lurrean eseri eta kontu-kontari aritu gara. Eserleku polita, barkaidazu.»

        Ateraino lagundu zioten, bizar-gorriak kezkatua jarraitzen zuen: «Ibili ahalko zara bakarrik?» Bizar-ilunak saihetsean jo zuen: «Ez hitz egin.» Preso ohiak, bizkarra tente zihoala, buruari eragin zion, airea baztertu zuen bi besoekin (airea behar duk, airea, airea besterik ez): «Ez kezkatu. Lasai utz nazazue bakarrik joaten. Oinei eta begiei buruz hitz egin didazu. Oraindik badauzkat. Inork ez dizkit kendu. Egun on, jaunak.»

        Eta patio estu, trastez betean zehar joan zen, beste biak atzetik begira zituela eskaileratik. Aurpegian zeraman kapela gogorra, eta marmar egin zuen gasolina-putzu batean sartzean: «Pozoi zikina. Orain koñak bat. Aurrean jartzen denari muturrean emango zioat. Ea non dagoen koñak bat.»

 

 

Joera geldoa, gero nabarmen behera,
Hamburg motel, Londres ahulago

 

        Euria ari zuen. Ezkerrean, Münzstrassen, distira egiten zuten iragarkiek, zinemetakoek. Kantoian ezin izan zuen aurrera egin, hesi baten kontra zegoen jendea, behera joan behar zen, aireko oholen gainetik zihoazen tranbiaren errailak, orduantxe ari zen tranbia bat astiro pasatzen. Hara, metroa ari dituk eraikitzen, egon behar dik lana Berlinen. Beste zinema bat. 17 urtez beherako gaztetxoentzat debekatua. Poster erraldoian gizon gorrimin bat zegoen eskailera batean, eta neska gazte bikain batek hankak besarkatzen zizkion, eskaileran erdi etzanda, eta goiko gizonak pertxenta aurpegia zeukan. Behean idatzia zegoen: Gurasorik gabe, umezurtz baten patua 6 saiotan. Bai horixe, ikusi behar diat. Pianola danbaka ari zen. Sarrera, 60 pfennig.

        Gizon batek kutxakoari: «Andereño, ez al du merkeago sabelik gabeko erreserbista zahar batek?» «Ez, bost hilabetez beherako haurrek bakarrik, txupetedunek.» «Konforme. Adin hori dugu. Jaioberri totelak.» «Ea ba, berrogeita hamar, sartu.» Atzetik gazte argal bat zen narrasean, lepoan zapi batekin: «Andereño, barrura sartu nahi nuke, baina ordaindu gabe.» «Hara bestea. Amatxori esaiok pixontzian jartzeko.» «Ba al daukat sartzea?» «Non?» «Zineman.» «Hemen ez zegok zinemarik.» «Egongo ez da.» Atezainari hots egin zion leihatilakoak: «Max, hator hona. Hemen zinema bat ote dagoen jakin nahi likek honek. Ez zeukak dirurik. Erakutsiok hemen zer dagoen.» «Hemen zer dagoen, gazte? Ez zara oraindik ohartu? Hau arroztegia da, Münzstrasseko atala.» Argala kutxatik bazterrarazi eta ukabila erakutsi zion: «Nahi al duk oraintxe bertan kobratu.»

        Franz barrura sartu zen. Atsedena zen orduantxe. Areto luzea leporaino zegoen beteta, ehunetik 90 gizon txanodunak, ez ditek eranzten. Sabaiko hiru lanparak gorriz estalita daude. Aurrean piano hori bat, gainean paketeak. Etengabe zarataka ari da pianola. Orduan, ilundu eta hasten da filma. Neska antzarazain batek heziketa jaso behar du, filmaren erdian ezin da igarri zergatik. Eskuarekin garbitzen zuen sudurra, eskaileraren kontra azkuratzen zuen atzealdea, zinema osoak egiten zuen barre. Izugarri hunkitu zen Franz, inguruan irriak hasi zirenean. Gizakiak, jende librea, jolasean, inork ezin ziek ezer esan, izugarri ederra, eta denen erdian ni! Jarraitu zuen. Baroi dotoreak maitale bat zeukan, hamakan etzan eta hankak zutik gora luzatzen zituena. Galtzak zeramatzan. Hori duk arrazoia. Jendearen istilua antzarazain zikin harengatik, platera miazkatzen zuela. Berriro hegatu zen hanka lirainekoa. Bakarrik utzi zuen baroiak, hamakatik hankaz gora joan eta belarretara erori zen, luze-luze. Franzek pantailan josi zituen begiak, beste irudi bat zegoen, baina berak oraindik beste hura zekusan, hankaz gora joan eta zerraldo etzanda. Hozka egin zion mingainari, demontre, zer zen hura. Orduan beste batek, neska antzarazainaren maitaleak, emakume dotore hura besarkatu zuenean, Franzek beroa sentitu zuen bularreko azalean, berak besarkatuko balu bezala. Hori barneratu zitzaion eta ahulduta geratu zen.

        Neska puska ederra. (Ez duk dena haserrea eta beldurra. Utzi berriketak! Airea, gizon, neska bat!) Hartan pentsatu ez izana ere. Ziegako leihoan jarrita, burdin artetik patioa ikusten da. Batzuetan andreak igarotzen dira, bisitak edo haurrak edo neskameak Nagusiagana. Nola egoten diren leiho guztietan presoak begira, leiho guztiak hartuta, emakume bakoitza irensten. Zaintzaile bati behin bi asterako etorri zitzaion bisitan emaztea Eberswaldetik, lehenago gizona joaten zitzaion hamabostean behin, oraingoan taxuz aprobetxatu du andreak denbora, lanerakoan gizonak burua makurtzen du nekeagatik, ibiltzen ere lanak ditu.

 

        Franz kalean zegoen, euritan. Zer egin? Libre nagok. Emakume bat behar diat. Horixe behar diat, emakume bat. Hau duk gozamena, ederra duk kanpoan bizitzea. Tente ibiltzeko gauza izan behar. Malgukiak zeuzkan hanketan, ez zeukan zorurik azpian. Kaiser-Wilhelm-Strasseko kantoian, azokako gurdien atzean, bazegoen bat, berehala hurreratu zen harengana, bost axola nolakoa. Demontre, zergatik izozten ote zaizkit hankak. Harekin abiatu zen, beheko ezpaina hozkatu zuen, hotzikaraz, urruti bizi bahaiz ez noan. Bülowplatz zeharkatzea besterik ez zen, hesien ondotik, ezkaratz batean barrena, patiora, sei maila behera. Jiratu eta barre egin zuen: «Motel, ez hadi hain gosea izan, muturrez aurrera eroriko haiz nire gainera.» Sartu eta atea itxi orduko heldu zion. «Motel, utzidak lehenbizi aterkia uzten.» Berak, artean kapela kendu gabe, neska estutu, bultzatu, atximurkatu, eta eskuak igurtzi zituen haren zamarrean. Neskak haserre utzi zuen aterkia erortzen: «Uzteko, motel.» Berak hasperen egin zuen, barre-itxura batekin eta erdi zorabiatuta: «Zer dun, baina?» «Zarpak puskatuko dizkidak. Hik pagatuko al dizkidak. Ba orduan. Guri ez zigutek ezer erregalatzen.» Ez zionez joaten uzten: «Ez zaidak arnasa iristen, kaikua. Hi zeharo jota hago.» Lodia eta geldoa zen, txikia, lehenbizi hiru markoak eman behar izan zizkion, hark kontu handiz komodan sartu eta sakelan gorde zuen giltza. Berak beti begiak haren atzetik: «Makal antzean ibili naun azken urte hauetan, pottola. Tegel aldean, atera itzan kontuak.» «Non?» «Tegelen. Atera itzan kontuak.»

        Andre puztuak kar-kar egin zuen barre. Blusaren goiko botoiak askatu zituen. Baziren behin errege baten bi seme-alaba, elkar asko maite zutenak. Zakurrak lukainka, zanga gainetik haginka. Heldu zion andreak, estu-estu. Purra, purra, purra, ene oiloa, purra, purra, purra, ene oilarra.

        Laster zuen gizonak aurpegia izerditan, eta aiene egin zuen. «Zer ari haiz aieneka?» «Zer gizaixo dabil hor ondoan?» «Ez duk inongo gizaixoa, etxekoandrea duk.» «Zertan ari da?» «Zertan ariko da. Hor zeukak sukaldea.» «Hara. Ba geldi egotea din. Zer ibili behar dauka orain. Ezin dinat eraman.» «Ene, banoak, esango zioat.» Honek botatzen ditin izerdiak, poz ona hartu behar dinat alde egiten duenean, arlote arraioa, laster bidaliko dinat. Aldameneko atean jo zuen: «Frau Priese, egon zaitez minutu pare batean geldirik, jaun batekin hitz egin beharra daukat, garrantzizkoa da.» Bueno, lortu diagu, aberri maite, zaude lasai, hator bihotza, baina laster egin beharko duk hanka.

        Pentsatzen zegoen andrea, burua burkoan jarrita: zapata horiei zola-erdiak jarri behar zizkienat, Kittyren senargai berriak bi markoengatik egiten din, ez bazaio Kittyri gaizki iruditzen, ez zionat eskutik kenduko, marroiez ere tinta litzaken blusa marroia bezala, zeharo zarpaildua zeukanat, kafeontzia tapatzeko egokia, zintak lisarazi behar ditinat, berehala esango zionat Priese andreari, edukiko din oraindik sua, zer ari da ordea gaur prestatzen. Usaindu zuen. Sardina freskoak.

        Gizonaren buruan bertsoak zebiltzan, jirabiran, ulergaitz: zopa baldin baduzu, Fräulein Stein, pixka bat emaidazu, Fräulein Stein. Pasta baldin baduzu, Fräulein Stein, pasta emaidazu, Fräulein Stein. Erortzen nauk behera, erortzen nauk gora. Ozen egin zuen intziri: «Ez al naun gustukoa?» «Nola ez haut ba izango, hator nire bihotz handiaren albora.» Ohera jausi zen, purrustaka, hasperenka. Andreak lepoa igurtzi zuen: «Hau duk barrez lehertzea. Egon hadi geldi. Ez nazak amorrazi.» Barre egin, bere beso lodiak altxatu eta ohetik atera zituen hankak, galtzerdidunak: «Ezin zioat eutsi.»

        Alde kalera! Aire! Oraindik euria ari dik. Zer pasatzen da? Beste bat eskuratu behar diat. Lehenbizi lo-kuluxka bat. Franz, zer pasatzen zaik ordea?

        Potentzia sexuala gauzatzeko orduan elkartzen dira: 1. barruko sistema sekretorioa, 2. sistema nerbiosoa eta 3. aparatu genitala. Potentzian eragina duten guruinak: hipofisia, tiroidea, giltzurrungaineko guruinak, prostata, besikula seminalak eta epididimoa. Sistema honetan nagusi, barrabilak dira. Haiek prestatutako substantziak kargatzen du aparatu sexual guztia, garuneko cortexetik genitaletara. Zirrara erotikoak garuneko cortexaren tentsio erotikoa eragiten du, korrontea estimulu erotiko gisa doa garuneko cortexetik dienzefaloko konexio-zentrora. Ondoren estimulua bizkarmuinetik jaisten da. Baina baditu oztopoak: izan ere, garunetik irten aurretik, inhibizioen balaztak gainditu behar ditu, batik bat psikikoak diren inhibizioak, zerikusi handia baitute eskrupulu moralek, konfiantza faltak, umiliazioaren beldurrak, kutsatzeko eta ernaltzeko ikarak eta abarrek.

        Eta arratsean Elsasser Strassen behera. Zalantza gutxi, mutiko, nekearen aitzakiarik gabe. «Gozatu bat zenbatean, andereño?» Ederra beltza, gerri zabala, kutixi hutsa. Mutila duen neskak, harexek festak. «Grazia handia duk, laztana. Herentzia jaso duk?» «Noski. Txakur handi bat irabaziko dun.» «Zergatik ez.» Baina halere Franz beldur da.

        Eta ondoren gela barruan, loreak errezelen atzean, gelatxo garbia, gelatxo panpoxa, neskak gramofonoa ere badauka, kantatzen dio, zeta artifizialezko galtzerdiekin, blusarik gabe, begiak bikea bezain beltz: «Ni cabareteko kantaria nauk. Badakik non? Ondo datorkidan lekuan. Oraintxe bertan ez zeukaat kontraturik. Itxura oneko lokaletan sartu eta galdetzen diat. Eta gero nire saio berezia. Sekulako saioa egiten diat. Hi, ez kilikatu.» «Utzidan.» «Ez, kendu eskuak, horrek negozioa hondatzen zidak. Nire saio berezia, txintxo laztana, enkantea egiten diat lokalean, platera pasatu ez: hik niri dirua, nik hiri muxua. Zoratzekoa, ezta. Lokal publiko batean. Gutxienez berrogeita hamar pfennig. Horixe, ematen zizkidatek. Hemen sorbaldan. Nahi baduk bai.» Janzten du gizon-kapela bat, makakorro egin aurpegira eta astintzen ditu aldakak, besoak gerrian dituela: «Theodor, zer nahi huen bart gauean, niri irribarre egin hidanean? Theodor, zer asmo huen atzean, txerri-hankak eta xanpainera ni gonbidatzean?»

        Franzen magalean eserita, hartzen du zigarro bat mokoan, hari txalekotik ttaka kenduta, begiratzen dio xamur, igurtzitzen du goxo belarria harenean, xaramelatzen du: «Hik badakik zer den nostalgia? Nola urratzen duen nostalgiak bihotza? Inguru guztia zegok hutsik eta hotza.» Kantatzen du ahopean, ateratzen ditu nagiak kanapean. Botatzen du kea, igurtzitzen dio ilea, kantatzen du ahopean, egiten du barre.

        Franzen izerdiak bekokian! Beldurra, berriro ere. Eta bat-batean burua joaten zaio. Bum, kanpaiak, jaiki, 5ak eta 30, 6ak, zabaldu, bum bum, jaka bizkor eskuilatu, Nagusiaren inspekzioa baldin badugu ere, gaur ez zetorrek. Ni laster libratuko naitek. Pst, aizak, gaur gauean alde egin dik batek, Klosek, soka oraindik zintzilik zegok horman behera, polizia-zakurrak ditik atzetik. Hasperen egiten du, altxatzen zaio burua, ikusten du neska, haren kokotsa, haren lepoa. Nola atera ninteke espetxetik. Ez naitek libratzen. Oraindik ez nagok kanpoan. Neskak kezko eraztun urdinak ufatzen dizkio, burlati: «Hator, laztana, Mampe bat emango diat, hogeita hamar pfennig.» Berak etzanda darrai, den bezain luze: «Zertarako Mampe bat? Gixajotuta utzi naiten. Tegelen egon naun itzalean, eta zertarako. Lehenbizi prusiarrekin lubakietan eta gero Tegelen. Ni ja ez naun pertsona.» «To. Ez hadi hemen negarrez hasi. Tira, ireki mokotxo hori, gizon handiak edan dezan. Hemen umore ona zegok, gozatu egiten diagu, hemen beti barre, goiz eta ilunabarre.» «Eta gainera zaborra. Hobe lepoa moztea, zakur alaenak. Hobe simaurtegi batera bota banindute.» «To, gizon handi, beste Mampe bat. Begiak lauso badituk Mampe edantzak, hasiko dituk dantzak.»

        «Pentsatzea ere lehen ardiak bezala etortzen zitzaizkidala atzetik neskak, eta nik haiei ezta txistua bota ere, eta orain zer eta muturrez behera etzanda egon behar.» Neskak haren beste zigarro bat altxatzen du, lurrera erori direnetako bat: «Bai, poliziako bati esan behar hioke.» «Banoan.» Tiranteen bila dabil. Eta ez du tutik esaten eta ez dio neskari begiratzen, hura hitzontzia, erretzen eta barrez eta berari begira dago, oinarekin bizkor bultzatzen die zigarroei kanape azpira. Eta berak kapela hartu eta badoa eskaileran behera, 68.a Alexanderplatzera, eta hausnartzen du lokal batean garagardo baten aurrean.

        Testifortan, marka erregistratua 365695, terapeutiko sexuala dela onartu dute Dr. Magnus Hirschfeld Osasun Kontseilariak eta Dr. Bernhard Schapirok, Ikerketa Sexualen Institutua, Berlin. Inpotentziaren arrazoi nagusiak: A. kopuru urria, barruko guruin sekretorioak oker dabiltzalako; B. gehiegizko erresistentzia, inhibizio psikikoa oso handia delako, eta erekzio gunearen akidura. Inpotenteak ahalegin berriak noiz egin, kasuan kasuko bilakaera ikusita erabaki behar da. Sarri, atsedenaldi bat komeni da.

        Lepo jan, seko lo egin, eta hurrengo egunean kalean pentsatzen du: hartuko nikek hori, eta hartuko nikek hura, baina ez zaio inori hurreratzen. Eta erakusleihoan dagoen hori, ederra pottoka, guretzat aproposa, baina ez nauk arrimatzen. Eta kuzkurtzen da berriro tabernan eta ez dio bakar bati ere aurpegira begiratzen eta berriro lepo jan eta zurrut egiten du. Egun osoan ez diat besterik egingo, jan eta zurrut eta lo, eta bizitza akabo duk niretzat. Akabo, akabo.

 

 

Garaipena linea guztian!
Franz Biberkopfek zekorraren
xerra bat erosten du

 

        Eta asteazkenean, hirugarren egunean, janzten du zamarra. Norena da erru guztia? Idarena, noski. Norena ba. Saihets-hezurrak hautsi nizkioan urde hari, horregatik sartu ninditean zuloan. Orain hor zeukak nahi zuena, hilda zegok urdea, eta ni berriz hemen. Eta bere artean negarrari eman eta korrika doa kale hotzetan zehar. Nora? Berarekin bizi zen lekura, ahizparen etxera. Invalidenstrassetik Ackerstrassera, ezer ez balitz bezala barruraino, bigarren patioa. Ez duk egon espetxerik, ez duk egon solasik Dragonerstrasseko juduekin. Non da marizikin hori, dena bere kulpa duk. Kalean ezer ikusi ez, baina bai aurkitu. Aupegian dardara txiki bat, hatzetan dardara txiki bat, goazen barrura, zirrin zarran, zirrin zarran, zan zan.

        Klinklin. «Nor da?» «Ni.» «Nor?» «Ireki ezan, neska.» «Ene, hi haiz eta, Franz.» «Ireki ezan.» Zirrin zarran. Zan zan. Hari-izpi bat mingainean, txistua bota behar. Gizona korridorean dago, ahizpak atea ixten dio bizkarrean. «Zer behar duk hemen. Baten batek ikusi bahau eskaileran.» «Axola gutxi. Ikus nazatela. Egun on.» Ezkerrera jo eta jiratzen da gela barrura. Zirrin zarran. Hari-izpi zikina mingainean, ezin tragatu. Hatzarekin saiatzen da. Baina ez da ezer, sentsazio txatxu bat mingain puntan. Beraz hauxe duk gela, zurezko sofa, horman zintzilik Kaisarra, frantses galtzagorri batek ezpata ematen diola, etsi diat. «Zertara etorri haiz, Franz? Hiri erotu zaik.» «Esertzera noan.» Etsi diat, Kaisarrak ezpata luzatzen du, Kaisarrak itzuli beharra dio ezpata, horrelakoxea da mundua. «Motel, joaten ez bahaiz hoska hasiko nauk: lapurra.» «Zer ba?» Zirrin zarran, hainbeste ibili eta gero, hemen nagon, eserita nagon. «Askatu al haute?» «Bai, amaitu dinat.»

        Eta zeharka begiratu eta zutitzen da: «Askatu nautelako nagon hemen. Askatu naiten, baina nola.» Nola esan nahi du, baina hari-izpia mastekatzen du, apurtu da tronpeta, akabo, eta dardaratu eta ezin du negar egin eta eskura begiratzen dio. «Zer nahi duk ordea? Ondo al hago?»

        Badira mendiak milaka urtez zutik daudenak, zutik egon direnak, eta gainetik igaro dira armadak kanoiekin, badira uharteak, jendea bertan, leporaino beteta, dena tinko, negozio sendoak, bankuak, industria, dantza, taberna-zuloak, inportazioa, esportazioa, arazo soziala, eta egun batean hasten da: rrrrrr, rrrrrr, ez da gerraontziagatik, bakarrik saltatzen du... azpi-azpitik. Munduak jauzi egiten du, urretxindor, urretxindor, zer ederra zure kantua, barkuak hegan zerura, txoriak lurrera. «Franz, garrasi egingo diat, utzi. Karl laster duk etortzekoa, Karl noiznahi etorriko duk. Idarekin ere honelaxe hasi hintzen.»

        Zer balio du emakume batek lagunen artean? Londresko Dibortzio Epaitegiak baiezkoa eman zion Bacon kapitainaren dibortzio eskariari, bere kamarada Furber kapitainarekin adulterio egin zuelako emazteak, eta aitortu zion ere 750 libera esterlinako kalte-ordaina. Kapitainarentzat ezer gutxi balio zuen emazte desleialak, laster maitalearekin ezkontzekoa denak.

        O, badira mendiak milaka urtez lasai egon direnak, eta gainetik igaro dira armadak kanoiekin eta elefanteekin, zer egin daiteke bat-batean saltoka hasten badira, azpitik hasi delako: rrrrrr rumm. Ez dezagun horretaz ezer esan, utz dezagun horrela. Minnak ezin du eskua libratu, eta aurrez aurre dauzka Franzen begiak. Honelako gizonaren aurpegia errailez josita zegon, oraintxe zihoakion tren bat gainetik, ikusi kea, nola pasatzen den, Berlin-Hamburg-Altona espresa, 18:05etatik 21:35etara, hiru ordu 30 minutu, ez zegon ezer egiterik, honelako gizonaren besoak burdinazkoak ditun, burdinazkoak. Laguntza eskatuko dinat. Garrasi egin zuen. Tapizean zegoen etzanda. Haren masail zakarrak bereetan, haren ahoa berea zurrupatu nahian, bihurritzen da bera. «Franz, ene, erruki hadi, Franz.» Eta... bai, argi ikusi du.

        Orain jakin du, bera Idaren ahizpa da, Franzek honela begiratu ohi zion Idari. Hark Ida dauka besoetan, bera Ida da, horregatik itxi ditu hark begiak eta zoriontsu ematen du. Eta joanak dira borroka latzak eta zabarkeria, joana da espetxea! Hor dago Treptow, Paradiesgarten suziri bikainekin, han aurkitu zuen eta lagundu zion etxera Idari, jostun txikiari, txarro bat irabazi zuen dadotan, ezkaratzean giltza eskuan zeukala eman zion Franzek musu lehen aldiz, Ida hanka-puntetan jarri zen, espartinak zeramatzan, eta Franzi giltza erori zitzaion, ordutik ezin izan zen Idagandik apartatu. Horra Franz Biberkopf gizaixoa.

        Eta usaintzen du berriro, lepoan, azal bera da, lurrina, zorabiatzekoa da, zertan bukatuko du. Eta berak, ahizpak, zer sentsazio bitxia. Gizonaren aurpegitik datorkio, hura beraren gainean geldirik egotetik, amore eman beharra dauka, gogor egiten du baina transformazio antzeko bat gertatzen zaio, bere aurpegiko tentsioa badoa, bere besoek ezin dute hura baztertzen segitu, ahoa babesik gabe geratzen zaio. Gizonak ez du ezer esaten, ahizpak bere ahoa uzten uzten uzten, bainuan bezala beratzen da, egin ezak nirekin nahi duana, ura bezala desegiten da, ederki, hator, dena zekiat, nik ere maite haut.

        Magia, dardara. Urraburua diz-diz arrainontzian. Gelan dirdira, ez dago Ackerstrasserik, ez etxerik, ez grabitaterik, ez indar zentrifugorik. Desagertu, hondoratu, itzali da izpien desbiazioa eguzkiaren eremu dinamikoan, gasen teoria zinetikoa, transformazioa berotik energiara, bibrazio elektrikoak, indukzio-fenomenoak, metalen dentsitatea, likidoena, metaloide solidoena.

        Ahizpa lurrean zegoen etzanda, batera eta bestera mugitzen. Franzek barre egin eta nagiak atera zituen: «Ea, ito nazan, geldi egongo naun, ezetz lortu.» «Merezi huke.» Gizona zutitu zen arrastaka, egin zuen barre eta bihurritu zen pozik, zoriontsu, dohatsu. Zer jotzen dute tronpetek, aurrera husarrak, aleluia! Itzuli da Franz Biberkopf! Askatu dute Franz! Libre dago Franz Biberkopf! Galtzak goratu eta hanka batekin eta bestearekin zebilen txingoka. Aulki batean eseri zen ahizpa, negargura zeukan: «Senarrari esango zioat, Karli esango zioat, beste lau urtean eduki behar hinduten barruan.» «Esaion, Minna, beti egia esan.» «Hala egingo diat, banoak guardia baten bila ere.» «Minna, Minnaken, ez hadi holakoa izan, oso pozik nagon, berriro pertsona naun, Minnaken.» «Motel, hi zeharo eroa hago, hiri atzekoz aurrera jarri diate burua Tegelen.» «Ez al daukan edateko zerbait, eltzeko kafea edo.» «Eta nork pagatuko dit mantala, begira, dena tarratez beteta.» «Dena Franzek, dena Franzek! Franz berriro piztu dun, Franz berriro hemen dun!» «Hire kapela hartu eta alde egin ezak. Ikusten bahau eta ni begi bat belztuta. Eta ez hadi gehiago hemendik azaldu.» «Adio, Minna.»

        Baina biharamunean berriro etorri zen, pakete txiki batekin. Minnak ez zion atea zabaldu nahi, baina berak oina sartu zuen tartean. Barrutik xuxurlatu zion: «Bakea eman ezak, motel, lehen ere esan diat.» «Minna, mantalak ditun ordea.» «Zer mantal.» «Aukera ditzanan.» «Gorde itzak heuretzat mantal ostu hoiek.» «Ez ditinat ostu. Zabaldu atea.» «Motel, auzoek ikusiko haute, alde egin ezak.» «Zabaldu, Minna.»

        Zabaldu zion, berak orduan bota paketea gela barrura, Minna eskuan erratz kirten batekin zebilela, gelara sartu nahiezik, eta Franz gelan barrena saltoka. «Pozik nagon, Minna. Pozik nagon egun guztian. Gauean hirekin egin dinat amets.»

        Orduan paketea zabaldu mahai gainean, Minna hurreratu, oihala ukitu, hiru mantal aukeratu, baina tinko geratu zen, Franzek eskutik oratzean. Bildu zuen paketea, han zegoen berriro Minna erratzarekin, estutuz: «Bizkor, hanka hemendik.» Berak keinu egin zion atetik: «Ikusi arte, Minnaken.» Erratz kirtenarekin jota itxi zuen hark atea.

        Handik astebetera ate aurrean zen berriro: «Hire begiaz galdetzera natorren.» «Ederki zegok, hemen ez zaik ezer galdu.» Franz marduldua zegoen, neguko beroki urdin bat zeraman, kapela marroi bat: «Nola nabilen erakutsi nahi ninan, zer itxura daukadan.» «Ez zaidak inporta.» «Emango didan kafetxo bat.» Orduan pausoak etorri ziren eskaileran behera, umeen pilota bat joan zen piririka mailetan, andreak atea zabaldu zuen izututa, barrura tiratu zion. «Jarri hemen, Lumketarrak dituk, kito, badaukak joatea.» «Kafetxo bat. Ez daukan eltze txiki bat niretzat?» «Hik ez nauk horretarako behar. Edukiko duk beste norbait ondoan, itxura horrekin.» «Kafetxo bat.» «Hirekin ez duk giro.»

        Eta Minna sarrerako esekitokiaren ondoan zegoela eta Franz sukaldeko atetik erreguka begira, altxatu zuen Minnak mantal berri ederra, eragin zion buruari eta hasi zen negarrez: «Hirekin ez diat giro.» «Zer ba.» «Karlek ez zidak sinetsi begi belztuarena. Ea nola jo litekeen hola armairua. Erakusteko, alegia. Eta nik posible dela armairua jo eta begia belztea, atea zabalik baldin badago. Proba dezala. Baina ez zekiat zergatik, ez dik sinesten.» «Ez dinat ulertzen, Minna.» «Hemen ere ubelduak baitzeuzkaat, lepoan. Ez ninduan konturatu. Zer esan behar nuen, berak seinalatu, nik ispiluan begiratu eta ez jakin nondik ditudan.» «Ha, harramazka bat edo, zerbaiten ziztada. Ez utzi hankazpiratzen. Astindu ederra emango nionan nik.» «Ta hik berriz etortzen segitzen duk. Eta Lumketarrek honezkero ikusi haute.» «Ba ez dezatela burua harrotu.» «Hoa baina, Franz, eta ez hadi gehiago etorri, hirekin ez diat giro.» «Galdetu al din mantalengatik?» «Aspalditik ninduan mantalak erostekoa.» «Bueno, banoan ba, Minna.»

        Franzek lepotik heldu, eta berak utzi dio horretan. Handik pixka batera, Franzek indarrik gabe eutsi eta laztanka hasi zaio, eta Minnak harrituta begiratu dio: «Hoa ba, Franz.» Hark goxo bultzatu du gela aldera, Minnak gogor egin, baina pausoz pauso segitu dio: «Franz, berriro hola al gara?» «Zer ba, hire ondoan eseri nahi dinat gelan.»

        Pixka batean elkarren ondoan baketsu eseri eta hizketan aritu dira. Ondoren bere kasa abiatu da. Minnak ate ondoraino lagundu dio. «Ez hadi gehiago etorri», egin du negar eta ipini du burua haren sorbaldan. «Arraioa, Minna, nola uzten dun inor. Zergatik ez dut gehiago etorri behar. Bueno, ba ez naun gehiago etorriko.» Minnak eskutik heldu zion: «Ez, Franz, ez hadi gehiago etorri.» Orduan Franzek atea zabaldu du, Minnak, artean hari eskua emanda zegoela, gogor estutu zion. Heltzen segitu zion, Franz kanpoan zegoela ere. Orduan askatu zuen, itxi zuen atea isil eta bizkor. Franzek zekorraren bi xerra handi bidali zizkion kaletik.

 

 

Eta orain Franzek zin egiten dio
mundu osoari eta bere buruari,
zintzo biziko dela Berlinen,
diruarekin ala gabe

 

        Hanken gainean sendo zutik zegoela Berlinen ­bere altzari zaharrak diru bihurtu zituen, Tegeletik sos batzuk zeuzkan, etxekoandreak eta bere lagun Meckek zerbait aurreratu zioten­, beste zartako bikain bat jaso zuen. Gero jakin zen huskeria zela. Batere txarra izan ez zen goiz batean paper hori bat topatu zuen bere mahai gainean, ofiziala, inprimatua eta makinaz idatzia.

        Polizia-Burua, 5. Saila, erreferentzi zenbakia, arazo honetaz ezein eskari bazenu aipa ezazu, arren, goiko erreferentzi zenbakia. Aurrean ditudan txostenen arabera, kondena jaso zenuen inor mehatxatu, iraindu eta hiltzerainoko zauriak eragin zenituelako, eta beraz, herri-segurantzaren eta gizabidearen izenean, pertsona arriskutsua zara. Ondorioz, eta oinarritzat hartuz 1842ko abenduaren 31ko Legearen 2. atala, eta inon bizitzeko askatasunari buruz 1867ko azaroaren 1eko Legearen 3. atala, eta baita ere 1889ko ekainaren 12ko eta 1900eko ekainaren 13ko Legeek ematen didaten gaitasuna, erabaki dut, Landeko poliziaren izenean, zu erbesteratzea Berlin, Charlottenburg, Neukölln, Berlin-Schöneberg, Wilmersdorf, Lichtenberg, Stralautik, eta baita ere Berlin-Friedenau, Schmargendorf, Tempelhof, Britz, Treptow, Reinickendorf, Weissensee, Pankow eta Berlin-Tegel barrutitik, eta agintzen dizut, barruti hori abandona dezazun bi aste baino lehen, zeren eta epe hori igaro eta oraindik barruti horretan egon edo bertara itzultzen bazara, zure aurka ezarriko eta betearaziko baitut, 1883ko Q II E uztailaren 30eko Landen administrazio orokorrari buruz Legearen 132. ataleko 2. zenbakitik abiatuz, hasiera batean 100 markoko isuna, edo ondasunik ezean 10 eguneko atxilotzea. Jakizu, halaber, ezen Berlin inguruan hauetako hiri batean bizilekua hartzen baduzu, hau da, Potsdam, Spandau, Friedrichsfelde, Karlshorst, Friedrichshagen, Oberschöneweide eta Wuhlheide, Fichtenau, Rahnsdorf, Carow, Buch, Frohnau, Cöpenick, Lankwitz, Steglitz, Zehlendorf, Teltow, Dahlem, Wannsee, Klein-Glienicke, Nowawes, Neuendorf, Eiche, Bornim eta Bornstedt, handik egotziko zaituztela. B.I. 968 a inprimakia.

        Hezurretaraino sartu zitzaion. Bazegoen etxe eder bat tranbiaren ondoan, Grunerstrasse 1, Alexen, Presoentzat Arroztegia. Begiratzen diote Franzi, galdetzen diote bata eta bestea, idazten dute: Franz Biberkopf jauna geure zaintzapean jarri da, lanik egiten duzun ikertuko dugu, eta hilabetero daukazu hemen aurkeztu beharra. Horratx, kito, akabo, dena dotore.

        Beldurra ahazturik, Tegel eta horma gorria eta hasperenak eta beste guztia ahazturik... Utikan ezinak, bizitza berri bat hastera goaz, amaitu da lehengo zaharra, hemen da berriro Franz Biberkopf eta prusiarrak pozik dira eta garrasi egiten dute, hurra.

 

        Orduan, lau astetan haragi, patata eta garagardoz urdaila ederki bete eta berriro joan zen Dragonerstrasseko juduengana, eskerrak ematera. Nachum eta Eliser armonian ari ziren berriro. Ez zuten ezagutu, zeharo poxpolindua agertu baitzen, gizena eta pattar-usainarekin, eta, kapela aho aurrean jarrita errespetuarekin, xuxurlatuaz ea jaun zaharraren bilobak artean gaixo zeuden. Izkinako tabernan, hara gonbidatu baitzituen, galdetu zioten ea zer negoziotan zebilen. «Ni eta negozioak. Nik ez dut negoziorik egiten. Gu beti horrela.» «Eta nondik duzu dirua?» «Lehendik, jasotakoak, zeozer aurreztuta.» Nachum saihetsean jo, sudur-zuloak puztu eta begi maltzur bihurriak jarri zituen: «Gogoratzen al zarete Zannowichen kontuarekin. Hura bai gizona. Onetakoa. Gero garbitu egin zuten. Zenbat dakizuen. Nik ere nahi nuke printze itxura egin eta estudiatu. Ez, ez dugu estudiatuko. Beharbada ezkondu.» «Zorionak.» «Zuek ere etorri, izango da tripajana eta zurruta.»

        Nachum bizar-gorriak adi-adi begiratu zion, kokotsa igurtziz: «Beharbada entzun nahiko duzue beste kontu bat. Gizon batek behin pilota bat zeukan, zera, umeenak bezalakoa, baina gomazkoa ez, zeluloidezkoa, gardena, barruan perdigoi txikiekin. Halakoarekin umeek zarata egin eta elkarri botatzen diote. Hartu du gizonak pilota eta bota du, pentsatuaz: perdigoiak zeudek barruan, nik pilota bota eta ez duk biraka joango, nik nahi dudan lekuan geratuko duk. Baina bota du pilota eta ez da joan berak nahi bezala, punpa egin eta pittin bat piririka joan da, luzean bi esku edo.» «Utziok bakean, Nachum, hire kontuekin. Ez ditik behar.» Gizenak: «Zer pasatu zen pilotarekin, eta zergatik ari zarete berriro errietan? Hau da bikoa, alajaina, ezagutzen ditudanetik errietan.» «Den bezalakoa izaten utzi behar zaio jendeari. Errieta ona da gibelerako.» Bizar-gorriak: «Gauza bat esan behar dizut, nik zu kalean ikusi zaitut, patioan, eta kantari entzun dizut. Ederki kantatzen duzu. Gizon ona zara. Baina ez zaitez izan hain sutsua. Lasai hartu. Pazientzia izan ezazu mundu honetan. Auskalo nola ibiliko zaren eta zer daukan Jainkoak zuretzat gordeta. Zera, pilota ez da joaten bota eta nahi den bezala, gutxi gorabehera bai, baina beste pixka bat joaten da eta agian puska handi bat, auskalo, eta apur bat okertzen da.»

        Gizenak burua atzeratu, barre egin, besoak zabaldu eta lepotik heldu zion bizar-gorriari: «Zuk bai kontuak esan, ederki daki kontuak esaten. Franzek badu esperientzia. Franzek ezagutzen du bizitza. Franzek badaki, bera nor den.» «Zera bakarrik esan nahi dizut, lehengoan oso triste kantatu zenuela.» «Lehengoan, lehengoan. Joanak joan. Bete dut berriro txalekoa. Nire pilota ondo doa, aizue! Ni adinakoa nor! Adio, eta ezkontzen naizenean, ager zaitezte!»

 

        Horrela itzuli da Berlinera eta kalera Franz Biberkopf, igeltseroa eta gero altzari-garraiaria, itxura nazkagarriko gizon zakar traketsa, harekin adiskidetu zen sarrailagile familiako neskatila polit bat, gero hark puta bihurtu, sesio batean zauritu eta hartatik hil zen. Zin egin dio mundu osoari eta bere buruari, zintzo biziko dela. Eta dirua zeukan bitartean zintzo bizi izan zen. Baina gero dirua agortu zitzaion, eta une horrexen zain zegoen, denei erakusteko zer den gizon izatea.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia