AURKEZPENA

 

        Liburu hau Franz Biberkopf izeneko bati buruz da, igeltsero eta garraio-langile izana Berlinen. Espetxetik irten berri da, han egon baita aurreko kontu batzuengatik, eta orain berriro Berlinen da eta zintzo jokatu nahi du.

        Hasieran lortzen du. Baina gero, diruz ongi samar doakion arren, zinezko borrokan nahasiko da zera arrotz batekin, aurrez ikusi ezina eta patua dirudiena.

        Zera hark hiru aldiz ekin eta burubidea hondatzen dio. Iruzur eta engainuaren bitartez harrapatzen du. Gizonak burua jasotzen du, eusten dio.

        Zera hark zital bultzatu eta jotzen du. Bera ozta-ozta altxatzen da, ia azken unean.

        Azkenean, zera hark sekulako gordintasun izugarriz torpedatzen du.

        Horrela akabatzen da gure gizona, bukaera arte tente egon dena. Amore ematen du, ez daki nola jarraitu eta harenak egin duela ematen du.

        Bere buruarekin erabat amaitu aurretik, ordea, begiak irekiko zaizkio, hemen agertzen ez dudan era batean. Argi eta garbi erakusten zaio non sortu den guztia. Hain zuzen ere bere baitan, orain dakusa, bere burubidean, arestian hutsaren hurrengoa iruditu arren orain bat-batean guztiz bestela baitirudi, inola ere ez soila eta ia begi-bistakoa, baizik eta harroa eta ezjakina, lotsagabea, baita koldarra eta ahuleziaz betea ere.

        Gauza beldurgarri hark, alegia bere bizitzak, zentzua hartzen du. Eskarmentu gogorra jasan du Franz Biberkopfek. Amaieran Alexanderplatzen dakusagu ostera gizona, oso aldatua, kaskar baina tente.

        Hau dena kontenplatzeak eta entzuteak mesede egingo die askori, Franz Biberkopfen antzera giza-larru batean bizi eta Franz Biberkopfena gertatzen zaienei, hau da, bizitzatik ogi puska bat baino gehiago itxaroten dutenei.

 

 

© Alfred Döblin

© itzulpenarena: Anton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia