HITZAURREA

 

        Alfred Döblin (1878-1957) berlindarra nabarmendu zen gehientsuen, XX. mende hasierako idazle espresionisten artean. Idazle ez ezik psikiatra ere izan zen Berlingo Alexanderplatz barrutian. Leku huraxe zen etorkinen, erbesteratuen, baztertuen eta sustrairik gabeen auzoa, eta eguneroko gaizkile-jendea bihurtu zuen bere liburuetarako lehengai.

        Sozialista eta aktibista politikoa, gizarteko injustizia salatu zuen. Batetik hori eta bestetik arbaso juduak zituenez, 1933tik 1945era erbestean bizi behar izan zuen, Frantzian eta Estatu Batuetan.

        Berlin Alexanderplatz, 1929an argitaratua, mende honetan Europa odolustu duten bi mundu-gerren artean dago girotua. Askok aipatu dute Berlin Alexanderplatz dela, literatura aleman modernoan, James Joyce-en Ulyssesen (1922) parekoa. Hark bezalatsu jo zuen esperimentazio formalaren ildotik: barne-bakarrizketaren bitartez gizakiaren subkontzientea arakatuaz, salto eginaz pertsonaia baten pentsamenduetatik beste batenetara. Horrek guztiak sekulako bizitasuna ematen dio kontaketari, irakurleari zenbaitetan bertigoa eragiteraino.

        Döblinek dioenez, aro berak antzeko emaitzak sor ditzake bi leku diferentetan, berdinak izan daitezkeelako munduaren ikuspegia edo gizarte-indarrak. Joyceren obran ez bezala, gainera, Berlin Alexanderplatzen ez da agertuko Dublingo erdi maila apalaren kale-bizitza triste onbera, baizik eta Berlingo kriminalen bizimodu gordina. Jende basati eta ankerra aurpegiratuko digu, baita bekozko ilunen eta orbainen azpian dagoen ezintasun eta inozentzia ere, baina sekula sentimentalismoan jausi gabe.

        Obra honen ardatza, gainera, Berlin bera dugu, hiri modernoa. Hiria dugu drama espresionistaren jokaleku tragikoa, bizi nahi eta ezin, suntsitzeko bidean doan zibilizazio batean. Gizakia erabat mendean hartu eta burua jaso ezinik utziko dute naturako, politikako eta gizarteko indarrek. Berlinen orduko egoera dekadentea ere halakoxea baitzen: neurriz gain hazi zen XIX. mendearen azken erdian, eta iraultza industrialak langile-masa bat sortu zuen, alienatuak, desorientatuak, bazterrean bizitzera kondenatuak.

        Hiriari aurrea emate hori bat dator, bestalde, orduko futurismoarekin, hau da, mugimenduaren artearekin: irakurtzen joan ahala, badirudi askotan deskripzio naturalistaren uholdeak garamatzala (kaleko zarata, makinen burrunba...). Hiriaren gaiak duen garrantziagatik ez ezik, eszena laburren collage eta kamera-antzeko muntaiengatik ere, Berlin Alexanderplatz honi harreman zuzena ikusi zaio John Dos Passos-en Manhattan Transferekin (1925). Ildo beretik darabiltza ikuspuntu franko, baita genero franko ere (narrazio epikoa, elkarrizketa dramatikoa, lirika...). Alfred Döblinek bere inguruko mundu enpirikoa islatuko du, modu objektiboan: horregatik, kontaeraren hari nagusian nahasiko ditu egunkarietako albiste eta iragarkiak, propaganda, presoen eskutitzak, hiltegietako estatistikak, albiste lokalak, soldaduen kantak, eguraldi-iragarpenak, burtsako txostenak, argitalpen ofizialak, hauteskunde-hitzaldiak, sexu-liburuxkak, soinu-efektuak... Muturreraino darama deskripzio naturalista, mosaiko absurdo eta groteskoa sortuaz.

 

Anton Garikano

 

 

© Antton Garikano

 

 

"Alfred Döblin / Berlin Alexanderplatz" orrialde nagusia