LA CARLIEREKO ANDEREA
— Itzuliko al gara?
— Oraindik goiz da.
— Ikusten al dituzu hodeiok?
— Ez izan beldurrik; berez desagertuko dira, eta haizexka leunenaren laguntzarik gabe.
— Zuk uste?
— Maiz ikusi dut halakorik udan, eguraldi beroa denean. Atmosferaren behealdeak, euriak bere hezetasunaz gabetuta, zerua ezkutatzen dizun ganga iluna eratzen duen lurrin lodiaren parte bat hartuko du. Lurrin hori berdintsu banatuko da aire guztian zehar, eta banaketa edo konbinazio zehatz horregatik, nahi duzun bezala deitu, atmosfera garden eta argi bihurtuko da. Laborategietan egin ohi den lan berbera da, gure buruen gainetik handizka gertatzen dena. Ordu batzuk hartu, urdin-uneak hodei mehetuak zulatzen hasiko dira; hodeiak are gehiago mehetuko dira; urdin-uneak ugaritu eta zabalduko; laster ez duzu jakingo zer geratu zaion beldurtzen zintuen krespa beltzari, eta harrituta eta atseginez egongo zara airearen aratzagatik, zeruaren garbiagatik eta egunaren ederragatik.
— Egia da hori; izan ere, zu hizketan ari zinela, ni begira nengoen, eta bazirudien fenomeno hori zure esanetara gertatzen ari zela.
— Fenomeno hori aireak ura disolbatzea bezalako zerbait besterik ez da.
— Ur hotzez betetzen den edalontziaren kanpoaldea makesten duen lurrina bezala, prezipitazio modukoa besterik ez da.
— Eta atmosferan igeri dabiltzan edo zintzilik dauden baloi eskerga horiek ez dira soberan dagoen ura besterik, aire saturatuak disolbatu ezin duen ura.
— Kafe-kikara baten hondarrean geratzen diren azukre-puskak bezala geratzen dira han.
— Oso ondo.
— Beraz, agintzen didazu, itzuleran...
— Inoiz ikusi ez bezalako ganga izartua izango dugula.
— Paseatzen segitzen dugunez, esango al zenidake, hemen ibili ohi diren guztiak ezagunak dituzunez, nor den hor eserita dagoen pertsonaia ihar, luze, malenkoniatsu hori, hitzik egin ez duena, eta beste guztiak sakabanatu direnean saloian bakarrik utzi dutena?
— Oinazea benetan errespetatzen diodan gizon bat da.
— Eta nola du izena?
— Desroches zalduna.
— Zer Desroches, aita zikoitza hiltzean izugarrizko fortunaren jabe bihurturik, ospetsu bihurtu zena bere lazokeriagatik, bere limurkeriagatik eta hainbeste egoera aldatu dituelako?
— Horixe bera.
— Era guztietako aldaketak izan dituen ero hori, hurrenez hurren iduneko zuriz, jauregiko jantziz eta uniformez ikusi izan dutena?
— Bai, ero horixe.
— Nola aldatu den!
— Horren bizitza gertaera harrigarriz osatutako ehuna da. Patuaren apeten eta gizakien juzku arinen biktima zorigaitzekoenetako bat da bera. Eliza utzi eta magistraturan sartu zenean, familiak mila espantu egin zituen; eta jende tentel guztia, beti gurasoen alde jarri behar seme-alaben kontra, denak batera hasi ziren gaizki-esaka.
— Istilu gorriak sortu ziren bada tribunaletik erretiratu eta armadara sartu zenean ere.
— Hala ere, zer egin zuen? Kemena erakutsi. Gu denok barro egongo ginateke halakorik eginda, baina berari izan den pertsonarik eroenaren fama jarri zion; eta harritu egiten zara jendearen kalaka neurrigabeak gogaitzen banau, pazientzia galarazten badit, min ematen badit!
— Alafede, aitortzen dizut nik ere mundu guztiak bezala juzkatu dudala Desroches.
— Horrelaxe izaten da: ahoz aho, bata bestearen oihartzun irrigarri bihurtuta, gizon adeitsua gizon kaxkar itzultzen dugu, gizon argia ergel, zintzoa gaizto, ausarta burugabe, eta alderantziz. Ez, ez du merezi berriketari muturluze horien ez onespena, ez gaitzespena kontuan hartzea, haren bizitzako jokabideren bat dela eta. Adi, Jainkoarren!, eta hil zaitez lotsaz. Desroches oso gazterik sartu zen kontseilari parlamentuan; aldeko zirkunstantziek Ganbara Nagusira eraman zuten bizkor; Tournelleko Ganbarakoa ere izan zen tokatu zitzaionean, eta, beraz, epaileetako bat afera kriminal batean. Bere ondorioen arabera, gaizkilea azken supliziora kondenatu zuten. Exekuzioaren egunean, ohikoa da epaia erabaki dutenak udaletxean biltzea, zorigaitzekoaren azken asmoak jasotzeko, halakorik balitz; abagune hartan baziren. Negua zen. Desroches eta kidea sutondoan eserita zeuden gajoa etorria zela jakinarazi zietenean. Gizon hura, torturak lokatua, anda batzuetan etzanda ekarri zuten. Sartutakoan, jaiki, zerura begira jarri, eta oihu egin zuen: «Jainko handia! Zure epaia zuzena da». Horra hura andetan, Desrochesen oinetara. «Zuk kondenatu al nauzu, jauna?» esaten dio aurpegira gogor. «Egozten didaten krimenaren errudun naiz, bai, banaiz, aitortzen dut, baina zuk ez dakizu ezer». Gero, prozesu osoari berrekinez, argi baino argiago frogatu zuen ez zegoela ez sendotasunik frogetan, ez justiziarik epaian. Desroches, ikarak guztiz hartuta, jaiki, urratu bere epaile-jantziak, eta betiko egin zion uko gizakien biziaren gainean erabakitzeko betekizun arriskutsuari. Eta horra nori deitzen dioten ero! Bere burua ezagutzen duen gizon bati, apaiz-jantziak ohitura gaiztoez orbantzeko edo egunen batean errugabeen odolaz kutsatzeko beldur denari.
— Gauza horiek ez dira jakiten eta.
— Ezjakinean, isildu egin behar da.
— Baina isiltzeko, mesfidatu beharra dago.
— Eta zer eragozpen dago, bada, mesfidatzeko?
— Estimatzen diren hogei pertsonari sinetsi ez, eta ezagutzen ez den norbaiten alde jarri beharra.
— Aizu, jauna, kontua ongia segurtatzea denean, nik ez dizut horrenbesteko bermerik eskatzen; baina gaizkia!... Utz dezagun hori, kontakizuna eten didazu eta umore txarrez jarri nauzu. Hala ere, zerbaitetan aritu beharra zegoen. Armadako konpainia bat erosi eta beraren buru jarri zen.
— Alegia, hurkoak kondenatzeko lanbidea utzi eta inolako prozesurik gabe hiltzekoa hartu zuen.
— Ez dut ulertzen nola egin daitekeen bromarik horrelako kasu batean.
— Zer nahi duzu? Zu tristea zara, eta ni alaia.
— Historiaren segida jakin beharra dago jendearen kalakak zer balio duen ikusteko.
— Jakingo nuke, zuk hala nahi bazenu.
— Luze joko du.
— Hala hobe.
— Desrochesek 1745eko kanpaina egin zuen eta ondo aritu zen. Gerraren arriskuei ihes egin ondoren, berrehun mila fusilkadari alegia, zaldi urduri batengatik hanka hautsi zuen, neguko kuartela jarri nahi zuen landetxe batetik hamabi edo hamabost legoara; eta Jainkoak daki nola atondu zuen gure jende atseginak istripu hori.
— Izan ere, pertsonaia batzuek ohitura bihurtu dute barre egitea, eta ez dira ezertaz kexatzen.
— Hanka hautsitako gizon bat oso gauza atsegina da, noski! Ondo da, jaun barregile lotsagabeok, egizue barre, baina jakizue hobe zukeela Desrochesek kanoi-bala batek eraman izan balu, edo, sabela baioneta-kolpe batek zulatuta, gudu-zelaian geratu izan balitz. Istripu hura herrixka kaxkar batean gertatu zitzaion, presbiterioa edo gaztelua beste aterpe itxurazkorik ez zegoen lekuan. Gaztelura eraman zuten; La Carlièreko anderea zeritzan alargun gazte batena zen, inguru hauetako anderearena.
— Nork ez du La Carlièreko anderearen berri? Nork ez du senar zahar jeloskor batekiko zituen kunplimentu mugagabeen berri, guraso diru-goseek halakoari eskaini baitzioten alaba hamalau urteko adinean?
— Loturarik serioena hartu ohi den adin horretan, orduantxe apaintzen baitira musugorriak hautsez, eta orduantxe izaten kiribil ederrak. La Carlièreko andereak jokabide begiratu eta zintzoena izan zuen bere lehen senarrarekin.
— Sinesten dizut, esaten didazunez gero.
— Imajina daitekeen arreta guztiarekin hartu eta tratatu zuen Desroches zalduna. Bere aferak zituen zain hirian; baina aferak eta udazken gaizto bateko euri etengabeak eta guzti, inguru haietatik doan Marne ibaiaren urak hazi eta etxetik batelean izan ezik ez irteteko zorian jartzen zuelarik, luzatu egin zuen bere lurretako egonaldia Desroches erabat sendatu arte. Horra sendatua. Horra La Carlièreko anderearen ondoan, Parisera bidean zalgurdi batean, eta zalduna esker onez eta sentimendu eztiago batez bere ostalari gazte, aberats eta ederrari lotuta.
— Egia da izaki zerutiarra zela; inoiz ez zen ikuskizunetan agertzen denak aho zabalik utzi gabe.
— Han ikusi al zenuen?
— Hantxe.
— Zenbait urteko intimitateak iraun zuen bitartean, zaldun maiteminduak, ez baitzen arduragabea La Carlièreko anderearekiko, askotan proposatua zion ezkontzea, baina lehen senarraren tiraniapean jasan zituen nekeen oroitzapen zahartu gabeek, eta areago zaldunak hainbat eta hainbat amodio-menturaren bidez irabazia zuen kaskarin-ospeak, beldurtu egiten zuten La Carlièreko anderea, eta ez zuen sinesten halako gizonak alda daitezkeenik. Garai hartan auzitan sartua zen senarraren oinordekoekin.
— Ez al zen esamesarik izan auzi hori zela eta?
— Asko, eta kolore guztietakoak. Zuri uzten dizut pentsatzea ea Desroches, artean lagun asko baitzituen Magistraturan, lo geratu zen La Carlièreko anderearen interesei zegokienean.
— Eta esker oneko zela pentsatuko bagenu?
— Hura beti zegoen epaileen atean.
— Barregarria zera da, haustura guztiz sendatu eta gero ere, inoiz ez zituela bisitatzen hankan bortzegi bat jarri gabe: uste zuen bere eskaerak, bortzegi haren laguntzaz, indar gehiago zuela; egia da batzuetan hanka batean eta besteetan bestean jartzen zuela bortzegi hori, eta hainbat aldiz aipatu zela kontu hori.
— Eta izen bereko senide batekin ez nahasteko, Desroches Bortzegi deitzen ziotela. Hala ere, zuzenbide onaren eta zaldunaren bortzegi patetikoaren laguntzaz, La Carlièreko andereak irabazi egin zuen auzi hura.
— Eta Desroches anderea bihurtu zen tituluz.
— Zein bizkor zoazen! Ez dituzu maite xehetasun arruntak, eta ez dizkizut kontatuko. Ados zeuden, eta iaia ezkontzeko zirelarik, La Carlièreko anderea, oturuntza dotore baten ondoren, bi familiak eta zenbait lagunek osatutako jendetzaren aurrean, itxura itzaltsuz eta handikiro hitz eginez, honela zuzendu zitzaion zaldunari: «Desroches jauna, entzun, arren. Gaur egun gu libre gara bata eta bestea, bihar ez gara izango, eta ni zure zorionaren edo zoritxarraren arduradun bihurtuko naiz; baita zu ere nirearen. Gogoeta franko egina naiz horretaz; arren, zeuk ere serioski pentsa ezazu. Egun arte menderatu zaituen aldakortasunerako joera hori sentitzen baduzu, ni aski ez banintz zure desirak erabat eta osotara betetzeko, ez zeure burua behartu, zuregatik eta neuregatik eskatzen dizut. Kontu egizu ezen, zenbat eta gutxiago etsi neure burua baztergarri, hainbat eta biziago sentituko dudala irain bat. Asko ustekoa naiz oso. Ez dakit gorrotatzen, baina inork ez daki mesprezatzen nik baino hobeto, eta inoiz ez zait pasatzen mesprezioa. Bihar, aldarearen oinean, nirea, eta nirea bakarrik, izango zarela zin egingo duzu. Mia ezazu, galdegiozu zeure bihotzari oraindik garaia denean; kontu egizu nire bizia dagoela jokoan. Jauna, zauribera naiz, eta nire arimako zauria ez da ixten, odola dariola egoten da beti. Ez naiz kexatuko, zeren eta kexuak, lehenik nekagarria delarik, azkenean mingostu egiten baitu gaitza, eta errukiak desohoratu egiten baitu sentimendu hori eragiten duena bera. Nire oinazeari ateak itxi eta hil egingo naiz. Zaldun, zure esku uztera noa neure pertsona eta ondasunak, neure borondate eta fantasiak; zu izango zara mundu osoa niretzat, baina nik ere mundu osoa izan behar dut zuretzat, ez naiz laketuko gutxiagoz. Uste dut une honetan bakarra naizela zuretzat, eta zu ere halaxe zara niretzat; baina oso litekeena da zuk andre atseginago bat aurkitzea, eta nik hala irudituko zaidan gizonen bat. Merezimendu handiagoek, benetako edo ustezkoek, aldakortasuna justifikatuko balute, ez legoke ohitura onik. Nik ohitura onak ditut, izan nahi ditut, eta zuk ere izatea nahi dut. Imajina daitezkeen sakrifizio guztiak eginez neureganatu nahi zaitut, eta osorik neureganatu ere. Horra nire eskubideak, horra nire tituluak, ez ditut inoiz inola ere ukatuko. Dena egingo dut, ez bakarrik zu aldakorra izan ez zaitezen, baita gizon zentzuzkoen juzkura, zeure kontzientziaren juzkura, esker txarrekoetan azkena izan zaitezen. Onartzen dut zuk gauza bera aurpegiratzea, baldin eta ez badiet zure eginahalei, zure arretari, zure samurtasunari, zuk espero duzun baino hobeto erantzuten. Ikasia dut zertarako gauza naizen, emakume baten egitekoak ez errazten ez atsegin bihurtzen zituen senar baten ondoan. Ikus ezazu zeuk zeri izan behar diozun beldur. Hitz egidazu, zaldun, hitz egidazu garbi; edo zure emazte bihurtuko naiz, edo zure lagun izaten jarraituko dut; aukera ez da ankerra. Lagun, lagun gozo hori, arren eskatzen dizut, ez nazazu jar nire haurren aitari gorroto izateko, ihes egiteko tenorean, eta, agian, desesperantzaren gehiegiaz, haien laztan errugabeak errefusatzeko tenorean; nire bizitza osoan, maitasun berrituz, haiengan aurkitu ahal zaitzadala eta haien ama izateko ditxa izan dezadala. Emadazu emakume zuzen batek gizon adeitsu bati eska diezaiokeen konfiantza-seinalerik handiena; errefusa nazazu, errefusa nazazu, neure buruari prezio handiegia jartzen diodala uste baduzu. Iraindua sentitu gabe, lepoa inguratuko dizut besoez, eta gatibatu dituzun emakumeen amodioak eta eman dizkiezun maitakeriak sekula ez zizuten ekarriko zeure lañotasunetik eta nire esker onetik lortua dukezun musua bezain egiazkorik».
— Uste dut aditu dudala, aspaldi samar, hitzaldi horren parodia oso komiko bat.
— La Carlièreko anderearen lagun onen baten ahotik, beharbada?
— Alafede, oraintxe gogoratu naiz, asmatu duzu.
— Eta hori ez ote litzateke aski gizon bat basoan gorde dadin, sakratutzat ezer ez duen jendaila guztiagandik urrun? Ni hara joango naiz, azkenean hala izango da, ez dago gauza ziurragorik, joan egingo naiz. Bildutakoak, hasieran irribarre egiten bazuten ere, malko-jario zeuden azkenean. Desroches La Carlièreko anderearen belaunetara makurtu zen, protesta zintzo eta samurretan luzatu zen, ez zuen isildu iraganeko jokabidea larriagotu edo zuritu zezakeen ezer, ezagutu eta utziak zituen beste emakume batzuekin konparatu zuen La Carlièreko anderea alderatze bidezko eta lausenguzko hartatik emakumea konbentzitzeko, bere burua konbentzitzeko motiboak atera zituen, modako zegoen joera baten kontra, gaztaroko sukarraren kontra, ohitura orokorren —ezen ez bere ohituren— bizioaren kontra; ez zuen esan pentsatzen ez zuenik eta betetzeko asmoa ez zuen ezer. La Carlièreko anderea begira zegokion, adi, hitzetan, mugimenduetan barrendu nahiz, eta dena bere alde interpretatzen zuen.
— Zergatik ez, egia bazen?
— Emakumeak utzia zion esku bat, eta berak muin ematen zion, bihotzaren kontra estutzen zuen, berriz ere muin eman eta malkoz bustitzen zion. Mundu guztia zen gizonaren samurtasunaren partaide; emakume guztiek sentitzen zuten La Carlièreko andereak bezala, gizon guztiek zaldunak bezala.
— Zintzoa denaren eragina da hori, bildutako jendeak pentsamendu eta arima bakar bat besterik ez izatea. Nola estimatzen den, nola maitatzen den une horietan! Adibidez, zein ederra den gizateria antzerkian! Zergatik hain bizkor bereizi behar hau! Gizonak hain dira on eta zoriontsu zintzoak haien asmoak biltzen dituenean, elkartzen dituenean, bat egiten dituenean!
— Bat egiten gintuen zorion hartaz gozatzen ari ginelarik, La Carlièreko andereak, arima sutuaren mugimendu batek eramana, jaiki eta hauxe esan zion Desrochesi: «Zaldun, oraindik ez dizut sinesten, baina laster sinetsiko dizut».
— Kondesatxoak ezin hobeto antzezten zuen bere lehengusina ederraren bozkarioa..
— Askoz egokiago jokatuko du hark, sentitu baino. «Aldare aurrean zin egindakoek...». Barre egiten duzu?
— Alafede, barkamena eskatzen dizut, baina oraindik ere ikusten ari naiz kondesatxoa oin puntetan jarrita; eta bere tonu enfatikoa aditzen diot.
— Tira, gaiztoa zara, doilorra, beste jende hori guztia bezala, eta isildu egingo naiz.
— Hitz ematen dizut ez dudala barre egingo.
— Erne ibili.
— Ondo da, aldare aurrean zin egindakoek...
— «...hainbeste zin-hauste izan dituzte ondotik, non ez naizen batere fio bihar egingo dugun promes larriaz. Jainkoaren presentzia ez zaigu gure hurkoen juzkua bezain beldurgarri. Desroches jauna, hurbil zaitez, hona nire eskua; emadazu zurea, eta zin egidazu betiko leial eta samur izango zatzaizkidala. Kontu hartu, inguratzen gaituzuen gizonok: inoiz gerta baledi zuk niri kexu izateko motibo zilegizkorik ematea, utz iezadazu epaimahai honen aurrean sala zaitzadan, eta beraren suminera libra zaitzadan; onar ezazu nire esanetara bil daitezen, eta traidore, esker txarreko, gaizto, ustel, kaxkar dei diezazuten. Nire eta zure lagunak dira: onar ezazu nik zu gal zaitzadanean, zu horietako bakar bat ere gabe geratzea. Zuek, lagunok, zin egidazue bakarrik utziko duzuela". Berehala, oihu nahasiek durundi egin zuten saloian: «Hitz ematen dut», «onartzen dut», «onesten dut», «zin egiten dugu». Eta harrabots delizioso haren erdian, zaldunak, La Carlièreko anderea besoez inguratuta baitzeukan, bekokian ematen zion musu, begietan, masailetan. «Baina, zaldun!».
— «Baina andere, zeremonia burutua da, zure senarra nauzu, nire emaztea zaitut».
— Oihanetan hala izango da, noski; hemen baitezpadako urrats bat falta da. Hobeto itxaroteko, har ezazu nire potreta, egizu berarekin nahi duzuna. Ez al duzu zeurea enkargatu? Baldin baduzu, emadazu".
«Desrochesek bere potreta aurkeztu zion La Carlièreko andereari; hark eskuturrekoan ipini, eta handik aurrera egun hartan Desroches anderea dei zezaten eskatu zuen.
— Irrikatan nago jakiteko nola amaituko den hori guztia.
— Pazientzia pixka bat; luze joko duela agindu dizut, eta hitza bete behar dut. Baina... egia da: zure bidaia handian gertatu zen hura, eta erresumatik kanpo zinen.
«Bi urtetan, bi urte osotan, Desroches eta emaztea senar-emazterik elkartuenak, zoriontsuenak izan ziren. Ustea zen Desroches benetan zuzendua zela, eta hala zen, izan. Parrandako lagunek, aurreko eszenaren berri izan eta hartaz bromak eginak zirelarik, zioten apaizak zekarrela benetan zorigaitza, eta La Carlièreko andereak aurkitua zuela, bi mila urteren buruan, sakramentuaren madarikazioa saihesteko sekretua. Desrochesek haurra izan zuen La Carlièreko andereagandik; nik Desroches anderea deituko diot beste izenen bat erabiltzea komeni arte. Andereak berak eman nahi izan zion bularra. Denboraldi luze eta arriskutsua izan zen hori tenperamentu sutsu eta halako arauetara gutxi egin batentzat. Desroches anderea bere zereginetan ari zelarik...
— Senarra gizartera irten zen, eta egun batez bere bidean emakume liluratzaile horietako bat aurkitzeko zoritxarra izan zuen, maltzurra, besteengan berengan ezagutzen ez duten irizkidegoa ikusteaz sekretuki suminduta dauden horietako bat; asmo eta kontsolamendu bakartzat besteak berek duten miserian murgilaraztea duten emakume horietako bat.
— Hori zure historia da, ez harena. Desroches, ezagutzen baitzuen bere burua, ezagutzen baitzuen emaztea, errespetatzen baitzuen, beldur baitzion...
— Ia gauza bera da.
— Haren ondoan pasatzen zituen egunak; haurra —erotuta baitzegoen haurrarekin— amak bezainbat edukitzen zuen besoetan; amaren egiteko zintzo baina nekosoa ematzeko, zenbait lagunekin batera, etxeko dibertsio batzuekin entretenitzen zuen.
— Hori bai dela gauza ederra.
— Bai horixe. Lagun horietako bat gobernuarentzat lan egina zen. Ministerioak dirutza handia zor zion, ia bere fortuna osoa, eta alferrik eskatzen zuen itzul ziezaion. Desrochesi jakinarazi zion. Hau gogoratu zen behinola oso ondo egona zela emakume batekin, eta emakume hark bazuela ahala bere ezagunen bidez afera hari amaia emateko. Isildu egin zen, baina biharamunean emakume hura ikusi eta hitz egin zion. Emakumea poztu egin zen gizon dotore hura aurkitzean, eta pozik zerbitzatu zuen, samurkiro maitatua eta asmo anbiziotsuagoetara sakrifikatua baitzuen. Lehen elkarrizketa hari beste asko jarraitu zitzaizkion. Emakume hura xarmanta zen; okerrak egiten zituen, eta azalpenak emateko zuen era ez zen batere dudazkoa. Desroches zer egin jakin gabe egon zen denboraldi batean.
— Alafede, ez dakit zergatik.
— Baina, aldez gustuz, beste egitekorik ezaz edo ahuleziaz, aldez beldurrez, barne-zimiko txatxu batek...
— Emazteari axolako ez zitzaion dibertsio bategatik...
— Lagunaren babesleari bizitasuna geldotuko ez ote zion, eta negoziazioaren arrakasta etengo ez ote zuen, ahaztu egin zen une batez Desroches andereaz, eta azpijoko hartan lotu zen, eta gutunketa beharrezko eta jarraituan, bere sopikunak baitzuen interesik handiena isil-gordean edukitzeko. Gutxitan ikusten zuten elkar, baina sarritan idazten zioten elkarri. Ehun aldiz esanda nago maitaleei: «Ez idatzi ezer, gutunek galduko zaituztete: goiz edo berandu, zoriak bere norabidetik saihestuko du gutunen bat». Zoriak konbinatu egiten ditu kasu posible guztiak, eta ez zaio astirik falta aukera zorigaiztokoa sorrarazteko.
— Inork ez dizu sinetsi?
— Eta denak galdu dira, bai eta Desroches ere, bere aurretik izan diren beste ehun mila bezala, eta ondotik izango diren beste ehun mila bezala. Hark, gainetik eta alboetatik altzairuzko xaflatxoetan bildutako kutxatila batean gordetzen zituen bere gutunak. Hirian eta landan, kutxatila idazmahai batean egoten zen, giltzapean; bidaietan, berriz, Desrochesen kutxetako batean edo zalgurdiaren gainean joaten zen; kasu honetan gurdi-gainean zihoan. Abiatu dira, iritsi dira. Oina lurrean ezartzean, Desrochesek zerbitzari bati eman dio kutxatila bere gelara eraman dezan; hara joateko emaztearen gelatik pasatu behar, ordea, derrigor. Han, hautsi da heldulekua, erori da kutxatila, jaregin zaio tapa, eta horra gutun pila bat Desroches anderearen oinetan barreiatuta. Jasotzen ditu batzuk, eta senarraren gaiztakeriaz sinetsita geratzen da. Inoiz ez zuen gogoratu abagune hura hotzikararik gabe. Esaten zidan izerdi hotzak ihes egin ziola gorputzaren alde guztietatik, eta iruditu zitzaiola burdinazko atzapar batzuek bihotza ebaki eta erraietatik tira egiten ziotela. Zer egin? Gogoeta: geratzen zitzaizkion arrazoi eta indarrak bildu zituen: gutunen artean, esanguratsuenak aukeratu zituen; berriz ondo jarri kutxatilaren hondoa, eta agindu zion zerbitzariari jaunaren gelan ipintzeko, gertatu berria aipatu gabe, bertan behera kaleratua izan nahi ez bazuen. Emakumeak agindua zion Desrochesi inoiz ez ziola emango kexurik, eta hitzari eutsi zion. Hala ere, tristurak hartu zuen: batzuetan negar egiten zuen; etxean edo paseatzen, bakarrik nahi zuen; otorduak bere gelan izaten zituen; isilik egoten zen denbora guztian; nahi ezta egindako hasperen batzuek baizik ez zioten ihes egiten. Desroches samindu baina lasaiak lurrinei egozten zien egoera hura, naiz eta bularra ematen ari diren emakumeek ez izan halakorik. Oso denbora gutxian, emakumearen osasuna ahuldu egin zen, eta landatik alde egin eta hirira itzuli behar izan zuten. Bidaia zalgurdi banatan egitea lortu zuen senarrarengandik. Hona iritsitakoan, hainbeste erreserba eta trebezia jarri zuen bere jokaeran, non Desrochesek, gutunak falta zitzaizkiola ohartu gabe, ez baitzuen ikusi emaztearen destaina arinetan, haren hoztasunean, hasperenetan, malko eutsietan, bakarrik egoteko gogoan, berak uste zuen ondoezaren ohiko sintomak baino. Batzuetan haurrari bularra gehiago ez ematea aholkatzen zion; horixe zen, ordea, komeni zitzaion artean, beraren eta senarraren artean, gauzak argitzea saihesteko bide bakarra. Desroches, beraz, emaztearen ondoan bizi zen, erabat ezjakinean haren jokabidearen misterioaz. Goiz batez hura handi, noble, duin agertu zitzaionean, ezkontza-bezperan etxeko zeremonian aldean zituen jantzi eta apaingarri berberekin. Freskotasunean eta osasun-itxuran galdua zuena, barrutik jaten zuen pena sekretuak kendutako xarma, bere itxuraren taxu ederrak ordezkatzen zuen. Desroches beste emakume lagunari idazten ari zen emaztea gelan sartu zitzaionean. Biak asaldatu ziren, baina, biak baitziren abilak, eta disimulatzen interesatuta zeudenez, asaldura hura pasatu zen. «Oi, andere!» bota zuen Desrochesek hura ikustean, eta idatzia zuen papera oharkabean bezala zimurtuz, «zein eder zauden! Zer asmo duzu gaurko? —Nire asmoa, jauna, bi familiak biltzea da. Lagunak eta senideak daude gonbidatuta, eta espero dut zu ere etorriko zarela. —Bai noski. Zer ordutan nahi nauzu? —Zer ordutan nahi zaitudan? Bada... betiko orduan. —Haizemailea eta eskularruak dituzu, irtetekotan al zara? —Ondo baderitzozu. —Eta jakin al liteke nora zoazen? —Amarenera. —Arren, nire begirunea erakutsiozu. —Zure begirunea! —Bai, noski».
"Desroches anderea mahaira esertzeko orduan itzuli zen. Gonbidatuak iritsiak ziren, beraren zain zeuden. Hura agertu bezain laster, senarrak egindako hasperen bera; gizonek eta andreek inguratu egin zuten, denek batera esaka: «Begira, baina, zein ederra den!» Emakumeek ukitutxoak egiten zizkioten orrazkeran; gizonezkoek, tarte batera jarrita eta geldi-geldi mirespenez, egiten zuten beren artean: «Ez, ez Jainkoak ez naturak ez dute ezer egin, ezin izan dute ezer egin ikusgarriagorik, handiagorik, ederragorik, nobleagorik, beteginagorik. —Baina, andere nirea —esaten zion Desrochesek—, irudi luke ohartu ere ez zarela egiten nolako zirrara egin diguzun. Arren, ez irribarrerik egin, irribarre batek, hainbeste xarmari gaineratuta, zentzuna galaraziko liguke eta». Desroches andereak sumin-keinu arin batez erantzun zuen, burua beste aldera itzuli eta begietara eraman zuen musuzapia, hezetzen hasiak baitzitzaizkion. Emakumeek, gauza guztiez ohartzen baitira, galdezka ari ziren ahapeka: «Zer ote du baina? Badirudi negarguraz dagoela». Desrochesek, bai baitzekien zer ari ziren, kopetara eraman eskua eta keinu egiten zien, anderea pittin bat burutik egiten hasia zegoela, alegia.
— Hain zuzen, urrun nintzelarik, idatzi zidaten zurrumurrua zabaldu zela, Desroches andere ederra, aurrez La Carlière, erotu egin zela.
— Bazkaria zerbitzatu zuten. Aurpegi guztietan ikusten zen alaitasuna, salbu eta La Carlièreko anderearenean. Desrochesek trufa pixka bat egin zion aire duin hura zela eta. Ez zion kasurik egiten ez bere ez lagunen arrazoiari, haren irribarre baten arriskuaren beldur izateko: «Andere nirea, irribarretxo bat...». La Carlièreko andereak ez entzuna egin eta bere aire serioarekin jarraitu zuen. Emakumeek esan zuten aurpegiera guztiak zihoazkiola ondo, eta edozein aukera zezakeela. Amaitu da bazkaria; sartu dira saloira. Eratu da korroa. La Carlièreko anderea...
— Desroches anderea esan nahi duzu?
— Ez, jadanik ez diot horrela deitu nahi. La Carlièreko andereak txintxarria jo du; seinale bat egiten du; ekarri diote haurra. Hartu du ikaraz, erakutsi du bularra, ematen dio titia eta zaintzaileari itzultzen dio haurra, tristeki begiratu eta haurraren aurpegira erori zen malko batez busti ondoren. Malko hura xukatuz, honela esan zuen: «Ez da azkena izango». Baina ia ez zizkioten aditu hitz haiek, hain ahapeka esan zituen. Ikuskizun hark han ziren guztiak beratu zituen, eta erabateko isiltasuna ekarri zuen saloira. Orduan, La Carlièreko anderea jaiki eta, han ziren guztiei zuzenduz, segidako hau —edo antzeko zerbait— esan zuen: "Senideok, lagunok, hemen zineten denok nire fedea Desroches jaunagan eta berak berea nigan jarri genuen egunean. Zein baldintzatan hartu nuen haren eskua eta eman nion nirea, gogoan duzue zalantzarik gabe. Desroches jauna, hitz egizu. Leial izan al naiz agindutakoarekin? —Azken muturreraino. —Eta zuk, jauna, zuk iruzur egin didazu, traditu egin nauzu. —Nik, andere! —Zuk, jauna. —Zein zorigaiztokok, zein doilorrek... —Hemen ez da ni beste zorigaiztokorik, eta zu beste doilorrik. —Andere... emazte nirea... Jadanik ez naiz zurea... —Andere... Jauna, ez gezurrik eta harrokeriarik gehitu maltzurkeriari. Zenbat eta gehiago defendatu, orduan eta lotsa handiagoa izango duzu. Ez hartu lan hori.
«Hitzok esanda, gutunak atera zituen sakelatik, Desrochesi aurkeztu zizkion batzuk, eta besteak han zirenen artean banatu zituen. Hartu zituzten, baina ez zituzten irakurri. "Jaun-andreok, zioen La Carlièreko andereak, irakurri eta zeuek juzkatu. Ez zarete hemendik irtengo zuen epaia eman gabe". Gero, Desrochesi zuzenduz: "Zuk, jauna, ezagutuko duzu, noski, idazkera". Artean ere ezbaian ziren, baina La Carlièreko andereak behin eta berriz hala eskatuta, irakurri zituzten gutunak. Hala ere, Desrochesek, ikaraz, mugitu gabe, kristal baten kontra jarria zuen burua, han zeudenei bizkarra emanik, ez baitzen gai haiei begiratzeko. Lagun bat hartaz errukitu zen, eskutik hartu eta saloitik atera zuen.
— Eszena horren xehetasunak eman zizkidatenean, esan zidaten berak narras samar jokatu zuela, eta emazteak zintzo baina barregarri.
— Desrochesek alde egin izanak lasaitu egin zituen denak: denak zeuden ados, errudun zen; onartu egin zuten La Carlièreko anderearen haserrea, baldin eta urrunegi eramaten ez bazuen; beraren inguruan bildu ziren, estutu zuten, erregutu zioten, arrenka eskatu; Desroches atera zuen laguna sartu-irtenka zebilen, gertatzen zenaren berri ematen ziolarik. La Carlièreko andereak tinko iraun zuen artean azaldua ez zuen erabakian. Hitz berberez erantzuten zien esaten zitzaizkion guztiei: "Andereak, ez dut kritikatzen zuen barka-nahia"; gizonei: "Jaunak, hau ezin da; konfiantza galdua da, eta ez dago konponbiderik". Senarra ekarri zioten; hura hilda zegoen bizirik baino areago; emaztearen oinetara jauzi ez, erori egin zen, han geratu zen hitzik egin gabe. La Carlièreko andereak esan zion: "Jauna, jaiki zaitez". Hura jaiki eta emazteak erantsi zuen: "Senar gaiztoa zara; gizon jokatzen dakizun ala ez, oraintxe ikusiko dut. Ezin zaitut maite ez estimatu; alegia, ez gara elkarrekin bizitzeko eginak. Nire fortuna uzten dizut, ez dut eskatzen doi semea eta biok bizitzeko adina baizik. Ama jakinean dago, prestatua dit lekua berean, eta utziko didazu oraintxe bertan hara joaten. Eskatzen dizudan grazia bakarra, eskubidea baitut, eskandalurik ez egitea da, horrek ez bailuke nire asmorik aldatuko, eta ondorio bakarra zeuk nire kontra esandako epai ankerra bizkortzea besterik ez bailuke izango. Utzi haurra nirekin eraman dezadan eta amaren ondoan gera nadin, honek nire begiak edo nik beronenak itxi arte. Pena baduzu, zaude ziur nire oinazeak eta amaren adin handiak laster jarriko diotela amaia pena horri".
"Bien bitartean, negar batean zeuden denak; emakumeek eskuetatik heltzen zioten, gizonezkoak makurtuta zeuden. Baina La Carlièreko andereak, haurra besoetan zuela, aterantz egin zuenean, orduantxe aditu ziren zotinak eta garrasiak. Senarrak garrasi: "Emazte nirea! Emazte nirea! Entzun, arren; zuk ez dakizu". Gizonek garrasi, emakumeek garrasi: "Desroches anderea! Andere!". Senarrak garrasi: "Lagunak, joaten utziko al diozue? Geldiaraz ezazue, geldiaraz ezazue, arren! Entzun diezadala, hitz egin nahi diot". Besteek bera bultzatzen zutenez, hitzok esan zituen: "Ez, ez nuke jakingo, ez nintzateke ausartuko; nik hari eskua erantsi! Nik hura ukitu! Ez naiz nor".
«La Carlièreko andereak alde egin zuen. Ni haren amarenean nintzen heldu zenean, erabat jota egindako esfortzuagatik. Hiru zerbitzarik jaitsia zuten zalgurditik, eta burutik eta hanketatik helduta zeramaten; atzetik haurtzaina zetorren, heriotza bezain zurbil, haurra besotan lo. Ohean jarri zuten emakume zorigaitzekoa, eta han geratu zen denbora luzean; ama zahar errespetagarria, bien bitartean, begira zegokion, ahoa zabaltzen zuen, baina oihurik ez, haren inguruan zebilen arrapataka, alaba sorotsi nahi eta ezinean. Halako batean, etorri zen hura bere onera, eta lehen hitzak, betazalak altxatuz, hauek izan ziren: "Ez al nago hilda? Hain gauza gozoa da hilda egotea. Ama, jar zaitez hemen, nire ondoan, eta hil gaitezen biok. Baina, hiltzen bagara, nor arduratuko da haur gajo honetaz?". Orduan amaren bi esku lehor ikaratiak bere esku batean hartu, jarri beste eskua haurraren gainean, eta malko-jario hasi zen, zotinka, kexatu nahian, baina zotin indartsu batek eteten zizkion kexu eta negarrak. Hitz batzuk egin ahal izan zituenean, esan zuen: "Ba ote liteke hark nik adina sufritzea!".
«Bien bitartean, Desroches kontsolatzen ari ziren, eta konbentzitzen halako hutsegite arinagatiko erresuminak ezin zuela iraun, baina denbora pixka bat eman behar zitzaiola emakume burgoi, sentibera eta minduari, eta zeremoniaren ohiz kanpoko solemnitateak ohorea jartzen ziola jokoan, bortizki alde egitera behartuz. "Gure errua ere bada, zioten gizonek. —Bai horixe, zioten emakumeek; ikusi izan bagenu asto-laster izugarri hau jendearen eta kondesaren begiz, orain tristatzen gaituen ezer ez zen gertatuko. —Izan ere, arranditsu egiten diren gauzek kikildu egiten gaituzte, eta mirespen tentel batek har gaitzan uzten dugu, sorbaldak jaso eta barre egin beste beharrik ez genukeenean. —Ikusiko duzu, ikusiko duzu azken eszena honek sortuko duen eskandalua, eta nola astinduko gaituzten denek".
— Gure artean: kontua hartarakoxea baitzen.
— Egun hartatik aurrera, La Carlièreko andereak ezkongaitako izena hartu zuen berriro, eta ez zion inori utzi Desroches anderea dei ziezaion. Bere atea, denbora luzean mundu guztiari itxia, betiko itxi zion senarrari. Honek idatzi, eta hark gutunak erre ireki ere egin gabe. La Carlièreko andereak adierazi zien senide eta lagunei haren alde egin zezan lehena ez zuela berriz ikusiko. Apaizak ere sartu ziren, alferrik; handikiei dagokienez, errefusatu egin zuen haien bitartekotza, hain burgoi eta irmo non laster utzi baitzuten bakean.
— Zalantzarik gabe, haiek mutiria eta egundoko itxurontzia zela esan zuten.
— Eta beste denek berehala errepikatu zuten hori. Bien bitartean, emakumea malenkonian murgildu zen; osasuna pentsaezinezko bizkortasunez hondatu zitzaion. Hainbeste lagunek zekiten ustekabeko banaketaren eta hartarako arrazoi bitxiaren berri, non laster denen solasgaia izan baitzen. Orain hauxe eskatuko dizut, ahal baduzu begiak La Carlièreko andereagandik kendu eta jendeagan jartzea; juzkatzen gaituen, gure ohorea erabiltzen duen, zeruraino jaso edo lokatzatan herrestatzen gaituen jendaila ergel horretan, zein hainbat gehiago errespetatzen den zenbat eta indar eta bertute gutxiago ukan. Jeddearen esklabo, tiranoaren semeorde izan ahalko zarete; baina ez duzue sekula ikusiko Iduen laugarren eguna. Iritzi bat besterik ez zegoen La Carlièreko anderearen jokabideaz: "Giltzapean jarri beharreko zoroa zen. —Emateko eta segitzeko etsenplu ona! —Hori senarren hiru laurdenak beren emazteetatik bereiztea da. —Hiru laurdenak, diozu? Ehunetik bi ba al dira bada erabat fidel? —La Carlièreko anderea oso atsegina da, ezin ezetz esan; aldez aurretik jarriak zituen bere baldintzak, ados; oso ederra, bertutetsua, zintzoa da; erantsi horri zaldunak dena zor diola; baina horrez gainera senarra berari atxiki dakion bakarra izatea erresuma osoan, pretentsio hori gehiegizkoa da, barregarria". Eta honela jarraitzen zuten: "Desroches hain maiteminduta badago, zer dela eta ez du jotzen legeetara, eta zentzarazten anderea?". Pentsa ezazu zer esango zuketen, baldin eta Desrochesek edo lagunak azalpenak eman ahal izan balituzte; baina gauza guztiek zeramatzaten isiltasunera. Azken kalaka horiek alferrik esan zizkioten behin eta berriz zaldunari; Edozer egingo zukeen emaztea bereganatzeko, bortizkeria izan ezik. Bestalde, La Carlièreko anderea emakume beneratua zen; eta maiseatzen zuten ahots haien guztien artetik, baziren batzuk beraren alde hitz bat edo beste egiten zutenak, baina oso hitz herabetiak nolanahi ere, oso ahulak, oso gordeak; konbentzituak baino gehiago, kortesiazkoak.
— Egoerarik nahasienetan, kortesiaren alderdia etengabe hazten da iheslariekin.
— Halaxe da, bai.
— Irauten duen zorigaitzak gizon guztiekin adiskidetzen gaitu, eta emakume eder batek xarmak galtzeak, beste emakume guztiekin adiskidetzen du.
— Are hobeto. Hain zuzen, La Carlièreko anderea hezur hutsetan zegoenean, errukizko mintzagaia nahasi zen gaitzespenekin: "Adinaren brean itzaltzea, horrela zimeltzea, zer eta aldez aurretik jakinaren gainean jarrita zeukan gizon baten kausaz; ezagutu behar zuen, eta emakumeak beragatik egin zuen guztia ordaintzeko bide bakar bat besterik ez zuen gizonaren traizioaren kausaz: zeren eta, hau gure artean, Desroches berarekin ezkondu zenean, longaina eta ezpata besterik ez zuen Bretainiako kadete bat zen. —La Carlièreko andere gajoa! Dena den, oso tristea da guztia. —Baina zergatik ez bueltatu senarrarengana? —A! Zergatik? Nork bere izaera du, eta hobe halakorik gehiagotan ikusiko balitz; gure jaun eta jabeek bi aldiz pentsatu beharko lukete".
«Horrela dibertitzen ziren bitartean, alde eta kontra, josi edo bordatu bitartean, eta balantza ezari-ezarian La Carlièreko anderearen aldera makurtzen zelarik, Derroches oso egoera eskasean eroria zen izpirituz eta gorputzez, baina ez zen ageri; landara erretiratua zen, eta han, oinazez eta saminez, menpekotasunaren bide guztietatik alferrik eskatua zuen errukiaren zain zegoen. Bestetik, pobretasunaren eta ahuleziaren azken graduraino iritsirik, La Carlièreko andereak ugazama baten esku utzi behar izan zuen haurraren mantenua. Esne-aldaketak ondorio txarrak ekarriko ziola beldur zen, eta halaxe gertatu ere; haurra ahulduz joan zen egunetik egunera, eta hil egin zen. Orduan honelakoak esan ziren: "Ba al dakizu? La Carlièreko andere gajo horri haurra hil zaio. —Kontsolaezin egon behar du. —Kontsolaezin, diozu? Horrek duen pena ez dago esaterik. Ikusi dut, eta zein errukarria! Ezin du gehiago. —Eta Derroches? —Aipatu ere ez niri gero gizonak; tigreak dira horiek. Emakume hori pittin bat maiteko balu, landan egongo al zen bada bera? Ez al zen laster etorriko? Ez al zitzaiokeen kalean, elizan, atean bertan inguratuko? Benetan saiatuz gero, lortu egiten da ate bat irekitzea; han itxaron beharra dago, han lo egin, han hil". Desrochesek, ordea, eginak zituen horiek denak, baina inork jakin ez; Izan ere, kontua ez da jakitea, hitz egitea baino. Beraz, hitz egiten zen. "Haurra hil da. Nork daki ez ote zen aita bezalako munstroa izango? —Ama hiltzera doa. —Eta senarra, zer ari da bien bitartean? —Ederra galdera! Egunez, basoan ibiltzen da zakurren atzetik, eta gauez bera bezalako gizagalduekin ibiltzen da. —Ederki!".
«Beste gertaera bat: Desrochesek bere mailari zegozkion ohoreak lortuak zituen. Ezkondu zenean, La Carlièreko andereak armada uztea exijitu zion, eta erregimentua anaia kadeteari uztea.
— Desrochesek anaia kadetea al zuen bada?
— Ez, baina La Carlièreko andereak bai.
— Eta?
— Eta, gizon gazte hura lehen batailan hil zuten, eta hara non hasten diren alde guztietatik oihuka: "Zorigaitza sartu da etxe horretan Desrochesekin". Haiei kasu egitera, pentsa zitekeen ofizial gaztea hil zuen kolpea Desrochesen eskutik etorri zela. Eromena eta desarrazoia orokor bezain pentsaezinak ziren. La Carlièreko anderearen penak gertatu ahala, Desrochesen izaera belztuz zihoan, traizioa areago gaitzesten zen, eta erru gehiago edo gutxiago izan gabe, gero eta gorrotagarriago bihurtzen zen egunetik egunera. Uste al duzu hori dela dena? Ez, ez. La Carlièreko anderearen amak beteak zituen hirurogeita sel urteak. Pentsatzen dut bilobaren heriotza eta alaba oinazetan etengabe ikusi izana nahikoa zirela hari egunak laburtzeko; zahartuta zegoen, gaixorik zegoen. Ez dio axola: ahaztu ziren haren zahardadea eta gaixotasunak, eta haren heriotzaren ardura ere Desrochesi gaineratu zioten. Laster hasi ziren maiseatzen; eta donge bat izan zen, zeini La Carlièreko anderea ezin baitzitzaion hurbil pudore oro hondatu gabe; amaren, nebaren, semearen hiltzailea!
— Baina logika eder horren arabera, baldin eta La Carlièreko anderea hil balitz ere, batez ere gaixotasun luze eta mingarri baten ondotik, injustizia eta gorroto publikoari aurrerapen handiak egiten utzita, jendeak familia osoaren hiltzaile gorrotagarritzat hartuko zukeen.
— Horixe gertatu zen, eta horixe egin zuten.
— Tira!
— Sinesten ez badidazu, galdetu hemen direnetako edonori, eta ikusiko duzu zer azaltzen dizuten. Saloian bakarrik geratu da, sartu denean denek bizkarra eman diotelako.
— Zergatik, baina? Gizon bat gaiztoa dela jakinda ere, hori ez da arrazoia hari ez hitz egiteko.
— Afera berri samarra da, eta hemengo jende guztia hildakoaren senide edo lagunak dira. La Carlièreko anderea joan den Mendekoste ondoko bigarren jaian hil zen, eta badakizu non? Saint-Eustachen, meza nagusian, jende ugariren artean.
— Baina, hori da erokeria! Hil, ohean hil behar da. Nori bururatzen zaio elizan hiltzea? Emakume horrek erabakita zeukan azken-azkeneraino bitxia izatea.
— Bai, bitxia, horixe da hitza. Hobexeago zegoen; bezperan konfesatua zen; indarrez sentitzen zen sakramentua hartzera elizara joateko, etxean hartu ordez. Eraman zuten aulki batean. Entzun du meza, kexurik gabe eta ustez sufrimendurik gabe. Etorri da jaunartzeko unea; neskameek besoa emanda eraman dute jaunartzera; eman dio apaizak komunioa, makurtu da bere baitara biltzeko bezala, eta azken hatsa eman.
— Azken hatsa!
— Bai, modu bitxiz hil zen, zeuk esan bezala.
— Jainkoak daki zer harrabots sortuko zen!
— Utz dezagun hori, ondo jakina baita, eta segi dezagun.
— Alegia, emakumea ehun aldiz miresgarriago eta senarra ehun aldiz nardagarriago bihurtu zirela.
— Ez dago esan beharrik.
— Eta hori ez al da dena?
— Ez. Zoriak nahi izan zuen Desroches handik pasatzea La Carlièreko anderea elizatik etxera hilda zeramatenean.
— Irudi luke dena gizajo haren kontra zegoela.
— Hurbildu da, ezagutu du emaztea, hasi da oihuka. Jendea galdezka, ea nor den gizon hori. Jendearen erditik, ahots indiskretu batek (parrokiako apaiz batenak) dio: "Emakume horren hiltzailea!". Desrochesek, besoak bihurrituz, biloei tiraka, eransten du: "Bai, bai, neu naiz". Berehala, beraren inguruan biltzen dira denak, irainez betetzen dute, harriak biltzen dituzte, eta han bertan harrikatuko zuten, baldin eta pertsona on batzuek salbatu ez balute jendetza haserretuaren suminetik.
— Eta zer jokabide izan zuen emaztea gaixorik zegoen bitartean?
— Izan zitekeenik onena. La Carlièreko andereak engainatu egin zuen, gu denok bezala, ezkutatu egiten baitzien besteei —bere buruari ere bai agian— bere azken hurbila...
— Ulertzen dut, eta hala ere barbaro, gizatxar deitu zioten.
— Piztia gaiztoa, emakume jainkozko bati, emazte eta ongile izan zuenari, pixkanaka sastakaia bularrean sartu omen ziona, hiltzen utzi zuelarik kasurik egin gabe, interes eta sentiberatasun mendreenik ere erakutsi gabe.
— Eta hori guztia zergatik, eta ezkutatzen zioten gauza jakin ez zuelako.
— Emakumearen inguruan bizi zirenek ere ez jakin arren.
— Nahiz eta egunero ikusten zuten.
— Hain zuzen, eta horra zer den gure ekintza partikularren epai publikoa. Horra nola hoben arin bat...
— Ene! hain arina eze...
— ...larriagotuz doan haien begietara, aurreikustea edo galaraztea guztiz ezinezko zen gertaera-segida baten kariaz.
— Lehen arrazoiarekin batere zerikusirik ez zuten zirkunstantziengatik ere bai, hala nola La Carlièreko anderearen anaiaren heriotza, Desrochesen errejimendua hartu ondoren.
— Izan ere, onerako nahiz gaitzerako, aldez panegirista barregarriak dira, aldez zentsore zentzugabeak; gertaera da beti haien gorespenaren edo zentsuraren neurria. Lagun, entzun horiei, aspertzen ez bazaituzte, baina ez sinetsi fitsik ere, eta ez imitatu inoiz, beroriek bezain ergel izan nahi ez baduzu. Zer ari zara pentsatzen? Ametsetan ari zara.
— Tesia aldatuko dut: demagun La Carlièreko andereak jokabide normalagoa izan zuela. Aurkitu ditu gutunak; haserretu da. Egun batzuen ondoren, umore txarrak azalpen bat dakar, eta oheak adiskidetzea, ohi bezala. Aitzakiak eta guzti, protesta eta zin-egite berritu eta guzti, Desrochesen izaera arinak bigarren hanka-sartzea eragingo dio; beste haserrealdi bat, beste azalpen batzuk, beste adiskidetze bat, beste zin-egite, beste zinauste bat, eta horrela hogeita hamar bat urtean, ohi den bezala. Bien bitartean, Desroches gizon ongi ikasia da, ahalegin handiz, mugarik gabeko gogoz, irain ezdeus bat konpontzen duena.
— Ohi ez bezala.
— Banaketarik ez, eskandalurik ez; elkarrekin biziko ziren, gu bizi garen bezala; eta hilko ziren amaginarreba, eta ama, eta neba eta haurra, baina inork ez zukeen hitz erdi aterako.
— Edo zorigaitzeko batez errukitzeko baino ez zuten hitz egingo, zori txarrak eta desgraziek jotako gizajo batez.
— Egia da.
— Hortik ondorio hau ateratzen dut: ez zaudela urrun ehun mila buru eta beste hainbat mihi gaiztoko piztia doilor horri merezi duen mesprezio guztia erakusteko. Baina goiz edo berandu zentzuna itzultzen zaio, etorkizuneko diskurtsoak zuzendu egiten du orainaldiko kalaka.
— Beraz, zure ustez, noizbait auzia den bezala ikusiko dute, alegia La Carlièreko anderea salatu eta Desrochesi barkatuko diote?
— Ez dut uste une hori oso urrun denik. Lehenik, ez daudenak inoiz ez dutelako arrazoirik, eta ez da hildako bat baino ez dagoenagorik. Bigarrenik, hitz egiten delako, eztabaidatu egiten delako, istorio erabilienak behin eta berriz agertzen dira elkarrizketetan, eta partzialtasun gutxiagoz pentsatzen dira. Beharbada beste hamar bat urtez ikusiko dugu Desroches gizajo hori zuk ikusi bezala, bere bizitza zorigaitzekoa etxez etxe garraiatuz: jendea berriro hurbilduko zaio, galdetu egingo dio, entzun, eta hark ez du arrazoirik izango isilik egoteko, eta haren historiaren funtsa, lehen tentelkeria, deuseztatu egingo da.
— Horixe balio baitu.
— Uste dut gu biok nahikoa gazte garela La Carlièreko andere handi, bertutetsu, duina zurruntzat eta itxurati burgoitzat hartuko dutela ikusteko; izan ere, batzuek besteak bultzatzen dituzte, eta beren juzkuetan araurik ez dutenez, ez dute neurririk beren adierazpenetan.
— Baina zuk alaba bat bazenu ezkongai, emango al zenioke Desrochesi?
— Batere zalantzarik gabe, zeren eta zoriak emanarazi baitzion urrats labain horietako bat; ez zuk, ez nik, ez inork dauka esaterik hortik libre dagoela; zeren eta adiskidetasunak, zintzotasunak, ongi-egiteak, zirkunstantzia posible guztiek prestatua baitzuten hutsegitea eta aitzakia; zeren eta emazteagandik apartatu zenetik izan duen jokabidea akasgabea izan baita, eta, senar infidelak onesten ez baditut ere, ez ditut gehiegi preziatzen tasun eskas horri hainbesteko garrantzia ematen dioten emakumeak. Eta gainera neure ideiak ditut, justuak agian, bitxiak ziur asko, zenbait ekintzaz, nik gizonaren bizio baino gehiago gure legeria burugabeen ondorio —ohitura burugabeen iturri— ikusten ditudanak, eta erabat artifizial deituko nukeen galdukeria. Hori ez dago oso argi, baina argituko da beharbada noizbait. Eta itzul gaitezen etxera; hemendik aditzen ditut gure bizpahiru atso kalakariren garrasiak, zuri deika, eta gainera eguna badoa eta gaua badator agindu dizudan izar-segizio ugariarekin.
— Egia da».
© Denis Diderot
© itzulpenarena: Iņaki Iņurrieta